Arautegia

Inprimatu

34/2022 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoak Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren prestazio ez-kontributiboaren kudeaketa bere gain hartzeko hitzarmena ezartzeko erabakia argitaratzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 65
  • Hurrenkera-zk.: 1444
  • Xedapen-zk.: 34
  • Xedapen-data: 2022/03/22
  • Argitaratze-data: 2022/03/31

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du Akordio hori, eta dagokion publikotasuna emateko asmoz, honako hau

Jorge García Carreño jaunak eta Begoña Pérez de Eulate González andreak, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuko bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako Batzorde Mistoko idazkariak diren aldetik, honako hau

ZIURTATZEN DUTE:

Transferentzien Batzorde Mistoak, 2022ko martxoaren 16ko Osoko Bilkuran, hitzarmena ezartzeko akordioa egin zuen, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzeko bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazio ez-kontributiboaren kudeaketa; baldintza hauen arabera egin da akordioa:

Konstituzioaren 149.1.1 artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari, konstituzio-eskubideak egikaritzean eta konstituzio-eginbeharrak betetzean espainiar guztien berdintasuna bermatzen duten oinarrizko baldintzak arautzeko. Bestalde, Konstituzioaren 149.1.17 artikuluaren arabera, Estatuaren eskumen esklusibokoak dira Gizarte Segurantzaren oinarrizko legegintza eta araubide ekonomikoa, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoek haren zerbitzuak betearazi ahal izatea.

Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera ezartzen duen abenduaren 20ko 19/2021 Legearen bidez, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera sortu eta arautzen da, halakotzat jota bakarrik edo bizikidetza-unitate batean integratuta bizi diren pertsonen pobrezia-arriskua eta gizarte-bazterketako arriskua eragozteko prestazioa, kalteberatasun-egoeran daudenei ematen zaiena beren oinarrizko premiak estaltzeko behar beste baliabide ekonomikorik ez dutelako. Bestalde, 2022rako Estatuaren Aurrekontu Orokorren abenduaren 28ko 22/2021 Legearen bidez, 19/2021 Legearen bosgarren xedapen gehigarria aldatu zen, eta zera xedatu: foru-ogasunak egoteak espezifikotasuna sortzen duenez, prestazio honi dagokionez, foru-araubideko autonomia-erkidegoek beren gain hartuko dituzte, beren lurralde-eremuan, lege honetan Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari esleitzen zaizkion eginkizun eta zerbitzuak, bai eta, foru-ogasun horien finantzaketa-sistemari jarraikiz, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren Gizarte Segurantzako prestazio ekonomiko ez-kontributiboaren ordainketa ere, adosten diren baldintzen arabera.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartua berau 18. artikuluan xedatzen du, Gizarte Segurantzaren arloan, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokiola Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatu eta betearaztea salbu eta Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa mamitzen duten arauak eta Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa kudeatzea.

Orobat, 18. artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak, horretarako, lehen aipatu diren gaiekin lotutako zerbitzu guztiak antolatu eta kudeatu ahal izango ditu bere lurraldean, eta Gizarte Segurantzaren arloko erakunde, entitate eta fundazioak gainbegiratuko ditu, betiere Estatuak beretzat gordeta artikulu horretan jasota dauden eginkizun eta eskumenak betetzera bideratutako goi-ikuskaritza.

Azkenik, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bosgarren xedapen iragankorrean jasotzen denez, Transferentzien Batzorde Mistoak behar diren hitzarmenak ezarriko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoak Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa beregana dezan, betiere araubide horren batasuna eta elkartasun-printzipioa errespetatuta eta hitzarmenetan hura zuzen kudeatzeko jasoko diren prozedura, epe eta konpromisoak beteta.

Arau-aurreikuspen horietan oinarrituta, bi administrazioek akordio hau egin dute, zeinaren bidez ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoak bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazio ez-kontributiboaren kudeaketa bere gain hartzeko hitzarmena.

Lehenengoa. Xedea.

Estatuaren Administrazioko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Transferentzien Batzorde Mistoak erabaki du hitzarmena egitea (ikus eranskina), Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain har dezan bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazio ez-kontributiboaren kudeaketa, betiere Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren batasuna eta elkartasun-printzipioa errespetatuta eta hitzarmenean hura zuzen kudeatzeko jasoko diren prozedura, epe eta konpromisoak beteta.

Bigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoak bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazio ez-kontributiboaren kudeaketa bere gain hartzeko hitzarmena.

Eranskinean jasota dagoen hitzarmenak zehazten ditu Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen dituen eginkizunak, Estatuaren Administrazio Orokorrak beretzat gordetzen dituenak, Estatuaren Administrazio Orokorraren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren elkarrekiko betebeharrak eta baterako eginkizunak, eta Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarreraren Koordinazio eta Jarraipen Batzordearen erregulazioa.

Hitzarmenaren xedapen-zatian zehaztuko da zer araubideri jarraituko zaion hitzarmenaren indarraldiari, ondorioei, aldaketei eta eteteari dagokienez.

Hirugarrena. Eraginkortasuna.

Akordio honek eragina izango du Euskal Autonomia Erkidegoak bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazio ez-kontributiboaren kudeaketa bere gain hartzeko hitzarmena indarrean jartzen den egunetik aurrera.

Eta hala ager dadin, ziurtagiri hau ematen da, Madrilen, 2022ko martxoaren 16an. Batzorde Mistoaren idazkariak, Jorge García Carreño jauna eta Begoña Pérez de Eulate González andrea.

Konstituzioaren 149.1.1 artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari, konstituzio-eskubideak egikaritzean eta konstituzio-eginbeharrak betetzean espainiar guztien berdintasuna bermatzen duten oinarrizko baldintzak arautzeko. Bestalde, Konstituzioaren 149.1.17 artikuluaren arabera, Estatuaren eskumen esklusibokoak dira Gizarte Segurantzaren oinarrizko legegintza eta araubide ekonomikoa, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoek haren zerbitzuak betearazi ahal izatea.

Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera ezartzen duen abenduaren 20ko 19/2021 Legearen bidez, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera sortu eta arautzen da, halakotzat jota bakarrik edo bizikidetza-unitate batean integratuta bizi diren pertsonen pobrezia-arriskua eta gizarte-bazterketako arriskua eragozteko prestazioa, kalteberatasun-egoeran daudenei ematen zaiena beren oinarrizko premiak estaltzeko behar beste baliabide ekonomikorik ez dutelako. Bestalde, 2022rako Estatuaren Aurrekontu Orokorren abenduaren 28ko 22/2021 Legearen bidez, 19/2021 Legearen bosgarren xedapen gehigarria aldatu zen, eta zera xedatu: foru-ogasunak egoteak espezifikotasuna sortzen duenez, prestazio honi dagokionez, foru-araubideko autonomia-erkidegoek beren gain hartuko dituzte, beren lurralde-eremuan, lege honetan Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari esleitzen zaizkion eginkizun eta zerbitzuak, bai eta, foru-ogasun horien finantzaketa-sistemari jarraikiz, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren Gizarte Segurantzako prestazio ekonomiko ez-kontributiboaren ordainketa ere, adosten diren baldintzen arabera.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartua berau 18. artikuluan xedatzen du, Gizarte Segurantzaren arloan, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokiola Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatu eta betearaztea salbu eta Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa mamitzen duten arauak eta Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa kudeatzea.

Orobat, 18. artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak, horretarako, lehen aipatu diren gaiekin lotutako zerbitzu guztiak antolatu eta kudeatu ahal izango ditu bere lurraldean, eta Gizarte Segurantzaren arloko erakunde, entitate eta fundazioak gainbegiratuko ditu, betiere Estatuak beretzat gordeta artikulu horretan jasota dauden eginkizun eta eskumenak betetzera bideratutako goi-ikuskaritza.

Azkenik, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bosgarren xedapen iragankorrean jasotzen denez, Transferentzien Batzorde Mistoak behar diren hitzarmenak ezarriko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoak Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa beregana dezan, betiere araubide horren batasuna eta elkartasun-printzipioa errespetatuta eta hitzarmenetan hura zuzen kudeatzeko jasoko diren prozedura, epe eta konpromisoak beteta.

Arau-xedapen horiek oinarri hartuta, Estatuaren Administrazioko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Transferentzien Batzorde Mistoaren Osoko Bilkurak erabaki du hitzarmena egitea, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain har dezan bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazio ez-kontributiboaren kudeaketa; hitzarmenaren edukia eranskinean jasota dago, eta bi administrazioek onartu dute, bat etorrita, xedapen hauen arabera:

XEDAPEN-EDUKIA

Lehenengoa. Xedea.

Hitzarmen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzea bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazio ez-kontributiboaren kudeaketa, betiere Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren batasuna eta elkartasun-printzipioa errespetatuta eta prestazioa zuzen kudeatzeko beharrezkoak diren prozedura, epe eta konpromisoak beteta.

Bigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen dituen eginkizunak.

  1. Estatuak ezarritako oinarrizko erregulazioaren esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen ditu bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazio ez-kontributiboa kudeatzeko eginkizun hauek, baldin eta prestazioa Euskal Autonomia Erkidegoko egoiliarrek edozein dela ere haien nazionalitatea eskatzen badute autonomia-erkidego horren lurraldean:

  1. Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazio ez-kontributiborako eskubidea onartzeko administrazio-prozedurari buruz informatzea, eta hura hasi, instruitu eta ebaztea.

  2. Prestaziorako eskubidea aldatu, iraungi edo berrikusteko administrazio-prozedurak hasi, izapidetu eta ebaztea, kautela-neurriak hartu eta kentzea eta prozedurek irauten duten bitartean sor daitezkeen arazo intzidentalak ebaztea.

  3. Eskubide onartuari eusteko baldintzak betetzen direla gainbegiratu eta kontrolatzea, bidegabe jasotako prestazioak itzultzeko betebeharra deklaratzea eta zehatzeko ahala egikaritzea.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskudunek kontu-hartzailetza eginkizunak betetzea, Gizarte Segurantzaren eremuan erabiltzen diren modalitate eta baldintza berberetan.

  5. Prestazioaren onuradunei ordaintzeko eta hura antolatzeko aurrekontu- eta administrazio-kudeaketa egitea.

  6. Bidegabe jaso diren prestazioak itzultzeko kudeaketa-lanak egitea.

  7. Finantza-entitateekin harremanak izatea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren arau propioekin bat etorriz; harreman horien barnean sartzen da kontuak irekitzeko baimena ematea, eta kontuak esleitu eta ezereztea.

  8. Judizioko ordezkaritza- eta defentsa-eginkizunak betetzea, Estatuak ezarritako gidalerroei jarraituz, Gizarte Segurantzaren arauak irizpide berberekin interpretatu eta aplikatuko direla bermatzeko.

  9. Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak bizitzeko gutxieneko diru-sarrerari dagokionez esleituta dituen gainerako eginkizun betearazleak eta Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak apartatu honetako eginkizunak eta zerbitzuak zuzendu, antolatu, kontrolatu eta zaintzeari dagokionez esleituta dituenak.

  1. Eginkizun horiek guztiak garatzeko, Estatuak 3. apartatuaren 4. puntuaren babesean ezarritako irizpide arauemaile eta interpretaziozkoak aplikatuko dira.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean aurkeztutzat joko dira lurralde horretako egoiliarrek bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazio ez-kontributiboa jasotzeko aurkezten dituzten eskabide telematikoak.

  3. Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioaren onuraduna Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea erabakigarria izango da prestazioa kudeatzeko eginkizunak Euskal Autonomia Erkidegoak beregana ditzan.

    Hirugarrena. Estatuaren Administrazio Orokorrak beretzat gordetako eginkizunak.

    Eginkizun hauek Estatuaren Administrazio Orokorraren eremukoak izaten jarraituko dute:

  1. Gizarte Segurantzaren oinarrizko legegintzaren eta araubide ekonomikoaren gainean Estatuari dagozkion eginkizunak betetzea eta jarduketak egitea.

  2. Gizarte Prestazio Publikoen Erregistroa kudeatzea eta funtzionaraztea, gizarte-txartel digitalean integratu bitartean.

  3. Erregistroa administratu, kudeatu eta mantentzea, bai eta gizarte-txartel digitalari eta haren funtzionalitateei euskarria emango dien sistema informatikoa ere.

  4. Irizpide-batasuna bermatzea; horretarako, Estatuak irizpide arauemaile eta interpretaziozko homogeneoak finkatuko ditu, sistema eraginkorra eta efikaza izateko eta, horrenbestez, Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren batasuna eta elkartasun-printzipioa bermatzeko eta herritar guztiak berdintasunez tratatzeko Gizarte Segurantzarekiko dituzten eskubideak eta betebeharrak betetzeko orduan.

  5. Ondorengo finantza-kontrolaren modalitatean kontu-hartzailetzako eginkizunak betetzea, frogatzeko Euskal Autonomia Erkidegoaren egintzak bat datozela legezkotasun-, ekonomia- eta efizientzia-printzipioekin; horretarako, kudeaketa-prozeduren laginak hartuz, azterketak egingo dira aldian behin, egiaztatzeko erabili diren kudeaketa-estandarrak eta irizpide arauemaile eta interpretaziozkoak homogeneotasunez aplikatu direla. Euskal Autonomia Erkidegoak bere prozedurak egokituko ditu, dagozkien txostenetako gomendioei eta, hala badagokio, kanpoko beste kontrol-organo batzuen txostenetan jasotako gomendioei.

    Laugarrena. Estatuaren Administrazio Orokorraren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren elkarrekiko betebeharrak eta baterako eginkizunak.

    Gizarte Segurantzaren sistemaren berdintasun- eta batasun-printzipioak Estatuaren lurralde osoan bermatzeko, hargatik eragotzi gabe aurreko klausuletan ezarritakoa, bi administrazioek baterako eginkizun eta elkarrekiko betebehar hauek bete beharko dituzte:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoa denez eduki ekonomikoko gizarte-prestazio publikoak kudeatzearen arduraduna, beharrezkoak diren jarduketa guztiak egingo ditu, gizarte-txartel digitalaren sistema eta Gizarte Prestazio Publikoen Erregistroa eguneratzen direla bermatzeko, harik eta erregistro hori gizarte-txartel digitalean integratu arte, bi administrazioek informazioa trukatzeko ezarriko dituzten protokoloen bidez. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoak bultzatuko du eduki ekonomikoko gizarte-prestazio publikoak jasotzen dituzten herritarren errentaren eta ondarearen gaineko informazioa bidaltzea, bai eta garrantzitsua den bestelako informazio eguneratua ere, desgaitasunaren, mendekotasunaren, enplegu-eskaeraren eta familia ugariaren prestazioak jasotzeko eskatzen diren baldintzei buruzkoa, besteak beste.

      Euskal Autonomia Erkidegoak une oro izango du irispidea gizarte-txartel digitalaren informaziora eta haren funtzionalitate eta zerbitzuetara, erregelamendu bidez ezartzen diren balditzetan.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoak Gizarte Segurantzari hilean behin jakinaraziko dizkio bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazio ez-kontributiboaren titularrak identifikatzeko datuak, bai eta onuradunak, ezkontideak eta bizikidetza-unitateko beste kide batzuk identifikatzekoak ere, prestazioagatik ordaindu diren zenbatekoak eta prestazioaren ondore-eguna barne, bermatzeko Gizarte Prestazio Publikoen Erregistroa eta gizarte-txartel digitala eguneratuta egongo direla, araudi erregulatzailean eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean adierazitako baldintzetan (urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra).

    3. Euskal Autonomia Erkidegoak behar den informazioa emango du, kasuan kasuko pertsona bizirik dagoela kontrolatu ahal izateko.

    4. Estatuaren Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoak protokoloak adostuko dituzte, onuradunak lekualdatzen diren kasuetan Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari espedienteak bidaltzeko.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoak behar den informazioa bidaliko du, Estatuaren Administrazio Orokorrak abenduaren 20ko 19/2021 Legean jasotako ebaluazioak eta ezar daitezkeen ebaluazio gehigarriak egin ditzan.

    6. Euskal Autonomia Erkidegoak urteko jarraipen-txostena egingo du, eta han jasoko ditu kudeaketa-alderdien laburpena eta Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarreraren Koordinazio eta Jarraipen Batzordean adosten diren bestelako alderdiak hitzarmen honen seigarren klausulan ezartzen da batzorde hori.

    7. Estatuaren Administrazio Orokorrak, bere eskumenen eremuan, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren onuradunen alde egiteko inklusio-estrategiak bultzatuko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoarekin lankidetzan eta elkarlanean arituz. Horiek horrela, Euskal Autonomia Erkidegoak inklusio-ibilbideen urteko plana prestatuko du, urtean behin, EAEko Inklusio Planaren esparruan ezarritako metodologiaren arabera, gutxienez honako hauek jasota:

      Planaren helburuak.

      Onuradunak; alegia, plana egikaritu den urtearen aurreko abenduaren 31n bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen ari zirenak Euskal Autonomia Erkidegoan.

      Ezarritako helburuak lortzeko eta kasuan kasuko kolektiboen premia partikularrak asetzeko egingo diren jarduketak, barnean hartuta gizarte-zerbitzuetako, enpleguko, etxebizitzako, osasuneko edo hezkuntzako sistemen esku-hartzea, beharrezkoa den kasuetan.

      Euskal Autonomia Erkidegoan halako jarduketak egiteko ardura duten organismo eta erakundeei buruzko informazioa.

      Nola ebaluatuko den bizitzeko gutxieneko diru-sarrerak zer ekarpen egiten dion ezarritako helburuen lorpen-mailari eta helburu horiek berak lortzera bideratuta dauden beste neurri batzuen lorpen-mailari hala nola diru-sarrerak bermatzeko errenta edo inklusio-plan integratu eta pertsonalak, baldin eta bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren onuradunei eragiten badiete.

      Planaren edukia Estatuaren Administrazio Orokorrarekin lankidetzan arituta ezarriko da, Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarreraren Koordinazio eta Jarraipen Batzordearen barruan, eta planaren helburua izango da onuradunek inklusio-arloko emaitzak lortzea.

    8. Estatuaren Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoak hitzarmenak, akordioak edo bestelako lankidetza-tresnak egin ahal izango dituzte, haien arteko lankidetza-harremanak estutzeko, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazio ez-kontributiboaren kudeaketa efizienteagoa izateko eta bitarteko eta zerbitzu publikoak batera erabiltzeko, elkarrekiko laguntza eta informazio-trukea baliatuz.

      Zehazki, Gizarte Segurantzak erabili ohi dituen ordainketa-prozeduren antzekoak adostuko dituzte, funts publikoak behar bezala kudeatzen direla ziurtatzeko: hileko nominak, nomina ordainezinak, hildakoei buruzko datuen trukea eta ordaindutako prestazioen itzulketa.

    9. Euskal Autonomia Erkidegoak informazioa emango dio Estatuaren Administrazioari, bere gain hartutako eginkizunak betetzeari buruzko estatistika-datuak landu ahal izateko, hartara estatistika-koordinazioa eta -integrazioa bermatuz.

      Bosgarrena. Araubide finantzarioa.

      1. Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazio ez-kontributiboari lotutako eginkizunak eta zerbitzuak bere gain hartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoak ehuneko jakin bat izango du esleituta urtero; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onartzen duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legearekin bat etorriz kupoa kalkulatzeko erabiltzen den egozpen-indizeari dagokion ehunekoa, ekitaldi bakoitzean indarrean dauden Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren programako gastuen aurrekontu-kreditu guztiak hartuta.

        Hauek dira bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren programaren aurrekontu-kredituak 2022ko ekitaldirako:

        Gastuen aurrekontu-kredituak (2022ko ekitaldia)

        GIZARTE SEGURANTZAKO INSTITUTU NAZIONALA

        (Ikus .PDF)

      2. Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazio ez-kontributiboari lotutako eginkizun eta zerbitzuak bere gain hartzeagatik Euskal Autonomia Erkidegoari dagokion urteko zenbatekoa Estatuari ordaindu beharreko behin-behineko kupoa kalkulatzean konpentsatuko da, eta hirugarren alderdiek ordainduko dute, dagokion ekitaldiko maiatzean, irailean eta abenduan.

      3. Aurrekontu-ekitaldia likidatu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion baliabideak egokituko dira, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak, ekitaldiko behin betiko datuak kontuan hartuta, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren programa dela-eta onartu dituen betebeharren arabera; zenbateko hori erregularizatu egingo da, dagokion ekitaldia likidatzen den kupo-epean.

      4. Likidazioaren ondorioetarako, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioak informazioa helaraziko dio Euskal Autonomia Erkidegoari, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren aurrekontu-programako urteko aurrekontu-kredituen betebehar onartuei buruzkoa.

        Seigarrena. Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarreraren Koordinazio eta Jarraipen Batzordea.

      1. Lankidetzan aritzeko eta herritarrek bizitzeko gutxieneko diru-sarrera berdintasunez eskura eta balia dezaten bermatzeko, Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarreraren Koordinazio eta Jarraipen Batzordea sortzen da; osaera paritarioa izango du, eta zortzi kidez osatuta egongo da: horietatik lau Estatuaren Administrazio Orokorrak izendatuko ditu, eta beste lau, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak.

      2. Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

        1. Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazio ez-kontributiboaren eremuan lankidetza eta elkarlana sustatzea; zehazki, prestazioa izapidetzeari dagokionez eta prestazioak onartu eta ordaintzeko trukatu behar den informazioaren protokolo eta prozesu teknikoei dagokienez.

        2. Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren kudeaketari jarraipena egitea; horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoak urteko txostena aurkeztuko dio Batzordeari hurrengo lehen hiruhilekoan, eta han jasoko ditu kudeaketarekin zerikusia duten alderdi guztiak eta inklusio-ibilbideen urteko planaren ondorioak, laburtuta, eta Batzordean adostutako beste zenbait gai.

        3. Egon daitezkeen exekuzio- eta betetze-arazoei heltzea eta bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioa kudeatzean sor daitezkeen gatazkak eta desadostasunak konpontzea.

        4. Inklusio-ibilbideen urteko planari dagokionez administrazio bakoitzak egin behar dituen jarduketak zehaztea hitzarmenaren 4.g) apartatuan dago jasota plan hori.

      3. Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarreraren Koordinazio eta Jarraipen Batzordea urtean bitan bilduko da gutxienez, eta, horrez gainera, bi administrazioetako edozeinek eskatzen duenean.

        Zazpigarrena. Dokumentazioa eta espedienteak entregatzea.

      1. Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartutako eginkizunei buruzko dokumentazioa eta espedienteak entregatzeko, administrazioek informazioa bidaliko diote elkarri, bitarteko elektronikoak erabiliz.

      2. Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak herritarren eskura jarritako web-atariaren bidez grabatzen diren eskabide berriak astero bidaliko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoari.

      3. Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak 2020ko irailaren 1a baino lehen izapidetu eta ebatzi dituen eskabideen kasuan egun horretan jarri zen indarrean Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak eta LanbideEuskal Enplegu Zerbitzuak egindako hitzarmena, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioa administratiboki Euskal Autonomia Erkidegoan kudeatzeko, hilabeteko epea ezartzen da, hitzarmen hau indarrean jartzen den egunetik aurrera, dokumentazioa eta espedienteak entregatzeko kudeaketarekin hasteko. Indarrean dauden espedienteen eta dokumentazioaren entregari buruzko aurrerapen-txosten bat egingo da hilean behin, entregatze- eta harrera-akta egin arte, teknikoki jakiteko zein den izapidetze-prozesuaren bilakaera. Gehienez sei hilabeteko epea egongo da espediente guztiak eta haien dokumentazioa bidaltzeko, helburua izanik bidalketa-jarduketak eta -kudeaketak zuzenak izan direla egiaztatzea, prestazio onartuen datu-migrazioa baliozkotzea eta interesdunen nominak benetan ordaintzen direla ziurtatzea adierazitako espedienteak eta dokumentazioa Euskal Autonomia Erkidegoari entregatu eta bertan inplementatu arte.

        Zortzigarrena. Hitzarmena aldatzea.

      1. Estatuaren Administrazioko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Transferentzien Batzorde Mistoaren erabaki baten bidez aldatu ahal izango da hitzarmen hau; hala bada, erabaki horrek xedatuko ditu hitzarmenaren baldintza berriak. Aldaketa eraginkorra izango da Estatuaren Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoak sinatuko duten aldaketa-hitzarmena indarrean jartzen den egunetik aurrera.

      2. Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren eremu subjektiboari edo objektiboari dagokionez lege-aldaketaren bat gertatzen bada, egokitu egin beharko da hitzarmen hau, eta hori Transferentzien Batzorde Mistoan adostuko da, Koordinazio eta Jarraipen Batzordeari dei egin ondoren.

        Bederatzigarrena. Indarrean jartzea eta indarraldia.

      1. Alderdiek adostasuna ematen dutenean burutuko da hitzarmena, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera izango da eraginkorra, bi aldizkarietan egun berean argitaratuko baita.

      2. Orobat, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartutako eginkizunak beteko ditu, bai hitzarmena indarrean jarri baino lehen aurkeztu eta oraindik ebatzi ez diren bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioaren eskabideei dagokienez, bai Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak hitzarmena indarrean jarri baino lehen onartu dituen bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioei dagokienez.

      3. Hitzarmen hau mugagabea da.