Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2015eko urtarrilaren 9koa, HABEren zuzendari nagusiarena, HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegietako eta euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuetako ikasleen euskara-mailak Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren arabera egiaztatzeko, 2015. urteko ohiko gaitasun-proben deialdiak egiten dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: HABE
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 14
  • Hurrenkera-zk.: 319
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2015/01/09
  • Argitaratze-data: 2015/01/22

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Hezkuntza
  • Azpigaia: Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren 4. artikuluan jasotako agindua garatuz, Kulturako sailburuak, 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren bitartez, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean (HEOC) ezarritako euskararen gaitasun-mailak egiaztatzeko prozedura onartu zuen; hain zuzen ere, sailburu beraren 2000ko urtarrilaren 24ko eta 2006ko martxoaren 13ko Aginduen bidez onartutako mailak egiaztatzeko, lehen hiru mailak eta laugarrena, hurrenez hurren.

Aginduaren 11. artikuluak xedatzen du ikasleak duen gaitasun komunikatiboa mailaz maila ziurtagiri batez aitortua izateko, ezinbestekoa izango duela Curriculumean zehaztutako maila bakoitzari dagokion gaitasun-proba gainditzea, eta proba hori agindu beraren artikuluetan jasotako irizpideen arabera ebaluatuko dela.

Halaber, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagiriak baliokidetzeko eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko onartu zenak, euskararen jakite-mailak egiaztatzeko titulu eta ziurtagiriak lortzeko probekin lotutako ezagutzen azalpena eta bestelakoak jasotzen ditu modu orokorrean.

Azkenik, 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 9. artikuluak HABEren zuzendari nagusiari ematen dio ahalmena HEOCn ezarritako mailak egiaztatzeari begira ziurtagiriok lortzeko gaitasun-proben deialdiak egiteko, urterik urte.

Hori dela eta, honako hau

Lehenengoa. HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegietako eta euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuetako ikasleen euskara-mailak egiaztatzeko 2015. urteko ohiko gaitasun-proben deialdiak egitea, I. eta II. eranskinetan agertzen diren oinarri-arau eta irizpideen arabera.

Bigarrena. Ebazpen honen euskal eta erdal idazkien arteko edozein interpretazio-auziren aurrean, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, euskal idazkiari dagokion irakurketak izango du lehentasuna.

Hirugarrena. Interesatuei jakinaraztea ezen, ebazpen honen aurka, ez baitu bide administratiboa agortzen, gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren aurrean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Donostia, 2015eko urtarrilaren 9a.

HABEren zuzendari nagusia,

JOSEBA ERKIZIA ITOITZ.

  1. oinarria. Xedea.

    Oinarri hauen xedea da Kultura sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren bitartez onartu zen prozeduraren zehaztapenak egitea, HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegi eta euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuetako euskara-ikasleen komunikazio-gaitasunen mailak egiaztatzeko 2015. urteko ohiko deialdietan.

    Deialdiok HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean (HEOC) zedarritutako lehen, bigarren, hirugarren eta laugarren mailetako ikasleen gaitasun komunikatiboa egiaztatzeko egiten dira.

  2. oinarria. Deialdietarako oinarrizko esparrua.

    Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma eta hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzia Marko Bateratua izango dira azterketariaren hizkuntza-gaitasunaren neurketaren oinarri eta barruti, hurrenez hurren.

    Horrela, gaitasun-proba hauek Ebazpen honen II. eranskineko edukietara egokituko dira: ezaugarriak, antolamendu-modua, ebaluazio-irizpideak eta atalez ataleko kalifikazioak.

  3. oinarria. Gaitasun-proba hauetara aurkezteko azterketariak bete beharreko baldintzak.

    Azterketa-deialdi hauetara aurkezteko, azterketariak ondoren zehazten diren bi baldintza hauek bete beharko ditu:

    HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegi edo euskararen autoikaskuntza-zentro homologaturen batean matrikulatuta egotea 2014ko ekainaren 1etik aurrera hasitako ikastaro batean lehenengo, bigarren eta hirugarren mailan; eta 2013ko urriaren 1etik aurrera hasitako ikastaro batean laugarren mailan.

    Azterketariak 2013ko urriaren 1etik aurrera hasitako ikastaroetan, lau hizkuntza-trebetasunetan, dagokion mailaren atalasea iritsia izan beharko du euskaltegian edo autoikaskuntza-zentroan 2015eko martxoaren 26rako lehenengo deialdian eta irailaren 9rako bigarren deialdian. Ondorio horietarako, euskaltegiak Q87 aplikazioan sartu dituen datuak hartuko ditu kontuan HABEk.

    Dena dela, euskaltegian matrikulatuta egon eta, behar den datarako, ikasten ari den maila euskaltegian gainditu ez duen azterketariak beheragoko mailan aurkezteko aukera izango du; betiere, aurreko puntuan ezarritako epealdian, gutxienez, euskaltegiko curriculum-proiektuaren araberako urrats bat gainditu badu. Aukera hori izateko ere, epealdi horretan euskaltegiak Q87n sartutako datuak hartuko ditu kontuan HABEk.

  4. oinarria. Euskaltegien eta euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuen egitekoez.

    Deialdi bakoitzeko, euskaltegiak edo euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuak matrikulaturik dituen ikasleen datuak eta horien gaitasun-mailen gutxienekoak ziurtatuko dizkio HABEri, deialdiaren egutegian adierazitako egunetarako eta Q87 aplikazio informatikoaren mailaz mailako kodeetan, HABEren berariazko aplikazio informatikoaren prozedurei jarraiki:

    Lehen maila: 106 kodea.

    Bigarren maila: 109 edo 201 kodeak.

    Hirugarren maila: 112 edo 202 kodeak.

    Laugarren maila: 401 eta 411 kodeak.

  5. oinarria. 2015erako deialdiak.

    Ohiko bi deialdi izango dira 2015. urtean.

  6. oinarria. Deialdion egutegia.

    Oinarri hauek EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita hamar eguneko epean emango du argitara HABEk, www.habe.euskadi.eus atariaren bidez, 2015. urteko deialdietarako aurreikusitako datak eta lekuak.

    Era berean emango du jakitera HABEk bi deialdiok egituratzeko antolatu duen egutegia: matrikula egiteko epeak, onartuen zerrendak jakitera emateko egunak, irakurmena eta entzumena neurtzeko euskaltegiei jarritako egunak, idazmena eta mintzamena neurtzeko proben datak eta emaitzak jakinarazteko datak.

    HABEk egutegian aurreikusitako egunak alda ditzake deialdion kudeaketan gerta litezkeen gorabeheren arabera, azterketaldirako matrikula-epeak izan ezik.

    Egiaztatze-prozesuan matrikula egin eta gero, azterketari batek egiaztatze-proba egiteko egutegian ezarritako azterketa-data aldatu ahal izateko, inguruabar eragileak eman beharko dira, eta emandako egunean proba egitea galarazten dion arrazoiak ustekabekoa eta ezinbestekoa beharko du izan. Halaber, azaldutako karia dagokion txosten edo dokumentu zalantzagabeez frogatu beharko da, ezinbestez. HABEk gertaera hori berariaz ontzat emanez gero, proba egiteko eguna aldatzeko aukera eskainiko dio azterketariari. Horrelakoetan, data berriak egiaztatzegintzaren antolaketaren ardatzetara egokitu beharko du, ezinbestez.

    Azterketa-lekua aldatzeko eskabidea posta elektronikoz egingo da www.habe.euskadi.eus atarian finkatutako prozedurei jarraiki; eskari hori egiteko arrazoiak azalduz, eta betiere, deialdiaren egutegian ezarritako epeetan.

  7. oinarria. Matrikula egiteko izen-ematea eta ordainketa.

    Interneten bidez bideratuko da gaitasun-proba egiteko izen-ematea, www.habe.euskadi.eus atarian matrikula-inprimakia betez, horretarako ezarritako epe barruan.

    Matrikularen ordainketa ere epe horren barruan egin beharko da, interneten bidez edo, bestela, horretarako bidea ematen duten finantza-erakundeetan, izena ematean eskuratzen den matrikula-inprimakia erabiliz.

    Matrikulatze-prozesua epe barruan osatu dela ulertuko da izen-ematea eta matrikula-ordainketa matrikulatzeko emandako epe barruan eginak daudenean. Beraz, izen-ematea edo matrikularen ordainketa matrikula-epearen barruan ez egin izanak egiaztatze-prozesutik kanpo gelditzea ekarriko du.

    Arrazoiak arrazoi, behin matrikula-eskubideak ordainduz gero, ez da dirurik itzuliko, non eta oker bat izan eta maila bereko matrikula birritan egin ez den.

    Matrikula egitearekin batera, Oinarri hauetara bildutako irizpide eta jokabide guztiak bere egiten dituela onartu eta aditzera ematen du izena emana duen azterketariak.

  8. oinarria. Matrikula-ordaina.

    Matrikula 30 eurokoa izango da maila bakoitzeko, kopuru hori ezartzen baitu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren 2013ko irailaren 17ko berariazko Aginduak, 5. artikuluan, HABEk eskaini eta betetzen dituen jardueren prezio publikoak finkatzen dituenak.

    Gutxienekoak bete eta maila batera baino gehiagotara aurkeztu nahi duen azterketariak zenbat matrikula, hainbat matrikula-ordain egin beharko ditu. Matrikula bakoitza deialdi bakar baterako izango da. Halaber, 11. oinarriaren arabera, bigarren deialdian mintzamen-proba besterik egin behar ez duen azterketariak ere 30 euroko matrikula-tasa ordaindu beharko du maila bakoitzeko.

  9. oinarria. Onartuen zerrenda.

    Matrikula egiteko epea amaitu ondoren, HABEren zuzendari nagusiak ebatziko du gaitasun-probetan parte hartzeko onartuen zerrenda eta azterketari bakoitzak www.habe.euskadi.eus atarian ikusi ahal izango du norberari dagokion matrikula zertan den.

  10. oinarria. Berariazko egoerak.

    Kulturako sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 22. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, behar jakinak izan eta ziurtagiria lortu nahi duen ikaslearen kasuan, berdintasun-neurriak hartuko dituzte HABEk zein euskaltegiek, bakoitzak neurtzen dituen trebetasunen eremuetan, azterketari horren aukerak bermatzeko; betiere, azterketaren edukia indargabetzeke edota eskatu beharreko gaitasun-maila murrizteke.

    Gaitasun-proba berariazko behar horietara egokitu ahal izateko, azterketariak azterketaldirako matrikula egiteko garaian, HABEren lurralde-arduradunari egin beharko dio eskaera, eta, duen desgaitasuna agiri ofizialez zuritzeaz gain, eskatzen duen egokitzapena azalduko du (aulki, mahai edo ordenagailu berezia, entzungailuak, braille-sistema, etab.), kasuan kasuko antolaketa-moduaren arabera.

    Eskari hauen aurrean, HABEk zein euskaltegiak denbora nahiz baliabideak egokituko dizkiote behar bereziak dituen azterketariari, betiere 2006ko ekainaren 9ko ORDEN/PRE/1822/2006 Aginduari edota gaitasun-probok izan egunean indarrean egon daitekeen arautegiari jarraiki.

  11. oinarria. Gaitasun-proben ezaugarriak, antolamendu-modua, ebaluazio-irizpideak eta atalez ataleko kalifikazioa.

  1. Gaitasun-maila bakoitza neurtzeko prestatutako probek azterketariaren euskarazko gaitasun komunikatiboaren zenbatekoa eta nolakoa neurtuko dute: azterketariak euskaraz entzundakoa ulertzeko eta irakurritakoa bereganatzeko duen gaitasuna, batetik, eta euskaraz aditzera eman nahi dituen diskurtsoak ahoz zein idatziz egiteko duena, bestetik.

  2. HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumari jarraiki, Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuko Ebaluazio Atalak lau trebetasunak neurtzeko probak prestatuko ditu, mailaz mailako ebaluazio-irizpideak oinarri hartuz.

    HABEren Didaktika Zerbitzuak mintzamena eta idazmena neurtzeko probak aplikatuko ditu, horretarako berariaz ezarritako egun eta tokietan. Euskaltegiek, berriz, entzumena eta irakurmena neurtzekoak aplikatuko dituzte, beren ardurapean, mailaz maila, egutegian zehaztutako datetan. Horretarako, HABEren Programa Berezietarako Atalak entzumena eta irakurmena neurtzeko probak euskaltegiko zuzendariaren eskura jarriko ditu Interneten, egutegian aurreikusitako egunetan, proba bat eguneko eta mailako. Euskaltegiko zuzendariak izango du probak ikusi ahal izateko pasahitza eta bere ardurapekoa izango da, azterketariei jarri aurretik, probok isilpean gordetzea.

    Euskaltegi bakoitzak proba-eguna baino bost egun natural lehenago emango dizkio aditzera Lurralde Batzordeari entzumena eta irakurmena neurtzeko antolaketaren nondik norakoak (ordutegia, lekuak eta azterketarien zerrendak), batzorde horrek egokitzapen-beharrik ikusiko balu, hiru eguneko epean euskaltegiari jakinarazi eta egokitzapenak garaiz egin ahal izateko.

  3. Gaitasun-proba gainditutzat emateko, lau trebetasunetan gainditu beharko ditu azterketariak II. eranskinean zehaztutako gutxienekoak. Maila bakoitzeko probak 100 puntu izango ditu guztira, eta gainditzeko, gutxienez, 50 puntu lortu beharko ditu azterketariak.

    Ezinbesteko baldintza izango da entzumeneko eta irakurmeneko probak gainditzea idazmeneko proban parte hartzeko, eta azkeneko hau gainditzea mintzamen-probara aurkezteko.

    2015eko lehen deialdian idazmena neurtzeko proba gainditu eta mintzamenari dagokiona gainditzen ez dutenek, 7. eta 8. oinarrietan zehaztutakoaren arabera bigarren deialdian matrikulatzen badira, mintzameneko proba bakarrik egin beharko dute bigarren deialdi honetan dagokion maila egiaztatzeari begira. Gainditutako hiru trebetasunen emaitzak 2015eko bigarren deialdian bakarrik gordeko dira.

    Laugarren mailako proiektua euskaltegiak ontzat eman ondoren (Q87n, 411 kodearekin), hurrengo bi urteetako lau deialdietan baliatu ahal izango du azterketariak, laugarren maila egiaztatu ahal izateko. Deialdi horien ondoren, iraungi egingo zaio proiektuari euskaltegiak aitortutako balioa, eta, ondorioz, HABEk ofizioz baja emango dio Q87n.

  4. Deialdi honen eranskinera bildutako gaitasunen ebaluaziora bideratzeko jardunak, bestalde, gailu elektroniko mugikorrek (telefono zein ordenagailu, argazki-kamera, MP3 grabagailu, edo haririk gabeko entzungailu, irakurtresnadun ordulariak eta entzungai edo ikusgai diren edukietara sarbidea eskaintzen duten betaurrekoek...) eskain dezaketen edukietarako sarbiderik izan gabe daude aurreikusita eta Interneterako konexiorik gabe.

    Idazmen-probetan, irakurgarria izango da idazketa eta ulergarria kaligrafia. Mintzamenekoetan, argi ahoskatu eta zuzen ebakiko dira hitzak.

  1. oinarria. Gaitasun-proben zuzenketa-prozesua.

  1. Lau hizkuntza-trebetasunak neurtzeko azterketariek egindako probek Euskaltzaindiak indarrean dituen arauak beteko dituzte, eta, betiere, euskara-eredu landu eta jantzian emanak etorriko dira.

    Ahozkotasuna neurtzeko probetan, azterketariak bere euskalkia erabiltzeko gaitasuna eta jariotasuna erakuts dezake, betiere, egitekoaren testuinguruari hala badagokio. Honelakoetan, aztertzaileek azterketarion gaitasun- eta jariotasun-maila hori aintzat hartu eta balioetsiko dute azken emaitza jartzean.

  2. Gaitasun-probak norenak diren jakin gabe zuzenduko dituzte aztertzaileek zein tutoreek, zuzenketa izengabea bermatzeko. Irakasleak ezin izango du berak izandako ikasleen gaitasun-probarik zuzendu. Horrelakorik gertatuz gero, aztertzaileak berak egin beharko dio uko egoera horri azterketaldiaren antolaketa-garaian.

  3. Irakurmen- eta entzumen-proben zuzenketa.

    Gaitasun-probaren atal hauen zuzenketa izendatutako aztertzaileen artean egin eta emaitzak akta batera bilduko dituzte kalifikazio-proposamen gisa.

    Euskaltegi bakoitzak dagokion epaimahaiari bidaliko dizkio aktok, HABEk berariaz jarritako datutegiaren bitartez, deialdien egutegian horretarako ezarritako epe barruan.

    Azterketak euskaltegian edo autoikaskuntza zentroan gordeko dira.

  4. Idazmen-probaren zuzenketa.

    1. Idazmen-proba, gutxienez, bina aztertzailek zuzenduko dute, eta irizpen arrazoitua emango dute adostutako kalifikazio-fitxan. Zuzenketa-oharrak berariazko fitxa digital batera bilduko dira, bertan jarritako kalifikazioak azterketariak argi eta egoki ulertzeko moduan.

    2. Idazmen-proban eskatutako hitz-kopuruaren gutxienekoari dagokionez, aztertzaileak irizpideok beteko ditu eta ondoriozko kalifikazioa emango:

      Azterketariak eskatutako hitz-kopurua idatzi eta mailari dagozkion gutxienekoak betetzen baditu, 15-30 puntu bitartean emango zaizkio.

      Eskatutako hitz-kopurura iristeko % 10 baino gutxiago falta izan bazaio, baina mailari dagozkion gutxienekoak betetzen baditu, 15 puntu emango zaizkio, baldin eta azterketariak gutxienez ONGI kalifikazioa lortu badu atal guztietan, 2011ko urtarrilaren 19ko Kultura sailburuaren Aginduaren 7. artikuluan xedatutako irizpideen arabera eta Ebazpen honen II. eranskinera bildutako mailari dagozkion gutxienekoetan.

      Eskatutako hitz-kopurura iristeko % 10 baino gehiago falta bazaio, 5 puntu emango zaizkio.

    3. Aztertzaileak idazmen-proba zuzendu ondoren, jarraibide hauei lotuko zaizkie:

      Bi aztertzaileen kalifikazioak proba gainditzeko behar diren gutxienekoak baino handiagoak direnean, epaimahaiari bi aztertzaileek adosturiko emaitza proposatuko zaio, eta kalifikazio-fitxa bakarrean emango da irizpen arrazoitua.

      Bi aztertzaileen kalifikazioak proba gainditzeko behar diren gutxienekoetara iristen ez direnean, epaimahaiari bi aztertzaileek adosturiko emaitza proposatuko zaio, eta kalifikazio-fitxa bakarrean emango da irizpen arrazoitua.

      Gutxienekoak bete diren ala ez erabakitzean bi aztertzaileak bat ez badatoz edo tutorea ohartzen bada kalifikazio-proposamena ez dela egokitzen mailako irizpideetara, hirugarren zuzenketa bideratuko da tutorearen eskutik. Horrelakoetan, tutoreak ofizioz ebaluatuko ditu probak, aztertzaileei emango die horren berri, eta irizpen arrazoitu propioa proposatuko dio epaimahaiari.

    4. Idazmen-proba berariazko aplikazio informatikoen bidez banatuko zaie aztertzaile zein tutoreei euskarri digitalean.

  5. Mintzamen-probaren zuzenketa.

    1. Mintzamen-proba bina aztertzailek egin eta zuzenduko dute, eta kalifikazio-fitxa bakarrean emango dute irizpen arrazoitua. Zuzenketa-oharrak berariazko fitxa digital batera bilduko dira, bertan jarritako kalifikazioak azterketariak argi eta egoki ulertzeko moduan.

    2. Gutxienekoak bete diren ala ez erabakitzean bi aztertzaileak bat ez badatoz, bigarren zuzenketa bideratuko da tutorearen eskutik. Tutoreak irizpen propioa eman eta gero, jarritako emaitzen proposamena epaimahaiaren eskura jarriko du.

    3. Mintzamen-proba guztiak grabatu egingo dira, zuzenketa-prozesuaren euskarri eta ikerketa-helburu zein aztertzaileen trebakuntzarako.

      1. oinarria. Azterketen emaitzak onartzea.

        Epaimahai bakoitzak, euskaltegiek entzumen- era irakurmen-proben gainean egindako emaitza-proposamenen aktak ikusirik, alde batetik, eta aztertzaileek eta tutoreek idazmen- eta mintzamen-proben inguruan egindako balorazioak aztertuz, bestetik, proba bakoitzari dagokion emaitzak onartu eta emaitza orokorrak aitortuko ditu.

      2. oinarria. Gaitasun-proben emaitzak argitaratzea.

        HABEk azterketariaren esku jarriko ditu gaitasun-proben emaitzak www.habe.euskadi.eus atarian, mailaz maila eta trebetasunez trebetasun, egutegian zehaztutako datetan.

      3. oinarria. Ziurtagiriak.

        Gaitasun-proba gainditu eta mailaren bat egiaztatu duen azterketariak dagokion ziurtagiria eskuratzeko eskaria www.habe.euskadi.eus atariaren bitartez egin behar du. HABEren Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuak eskabidean eman helbidera igorriko dio dagokion ziurtagiria edo duplikatua, finantza-erakundeen bidez edo Internet erabiliz dagokion tasa ordaindua duela frogatu ondoren.

        Maila bakoitzeko agiria eskuratzeagatik, eskari-egunean indarrean dagoen tasa ordaindu beharko da, mailaren egiaztapena aurreko urteetan egin bada ere. Agirien eta duplikatuen tasen unean uneko zenbatekoak www.habe.euskadi.eus atariaren bidez jakinaraziko ditu HABEk.

      4. oinarria. Erreklamazioak eta gora jotzeak.

        Deialdi hauetako egiaztatze-prozesuko interesdunak uste badu prozeduran, puntuazioen zenbatzean edo emaitzetan errakuntzarik gertatu dela, erreklamazioa jar dezake; betiere, jarraian azaltzen diren datu zein agiriak aurkezten baditu:

        Erreklamatzailearen izen-deiturak eta jakinarazpenetarako helbidea.

        Nortasun-agiriaren zenbakia.

        Egiten duen eskaera edo erreklamazioa.

        Gertaera edo errakuntza hori izan dela erakusten duten agiriak edo frogak.

        Lurraldea, lekua, data eta egiaztatze-maila.

        Erreklamaziogilearen izenpea.

        Erreklamazioak hiru eguneko epean aurkeztu beharko dira, onartuei buruzko erabakia hartu edota proben emaitzak ezagutzera eman eta biharamunetik kontatzen hasita. Erreklamazioak, probak egin aurretik eta emaitza orokorrak onartu baino lehen ebatziko dira, hurrrenez hurren.

        Interesdunek, halaber, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute HABEren zuzendari nagusiaren aurrean, azterketen behin betiko emaitzak argitaratu eta hurrengo hilabetean, edo, horrela dagokionean, aurkatutako egintza gertatu den egunetik aurrera. Errekurtsoak ebazteko, HABEren zuzendari nagusiak lurralde-arduradunari, mailaz mailako Epaimahaiaren buruari edota Azterketa Batzordeko buruari eska liezaieke errekurtsoaren mamiari buruzko txostena; txosten hori, gehienez, hamar eguneko epean emango dute. Halaber, deialdi hauetan parte hartzen ez duen kanpoko adituren baten irizpena ere eska lezake.

        Erreklamazioak zein gorako errekurtsoak HABEren Donostiako Erregistro Nagusira igorriko dira, honako helbide honetara: Vitoria-Gasteiz kalea, 3-6.a. 20018 Donostia. Horretarako, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, 38. artikuluaren 4. paragrafoan ezarritako baliabideak erabili ahal izango dira.

        Edozein modutan, erreklamazioek zein gora jotzeko errekurtsoek ez dituzte etengo deialdi hauetan jasotako ohiko prozedurak eta egutegia.

      5. oinarria. Informazioa eta tramitazioa online.

        Deialdi hauetan aurreikusitako prozeduren ondoriozko argitaratze eta jakinarazpenak www.habe.euskadi.eus atariaren bidez egingo dira, azterketak berraztertzeko eskaerei, erreklamazioei eta Administrazioarekiko errekurtso eta gora jotzeen ebazpenei dagozkienak izan ezik.

        Era berean, azterketariak www.habe.euskadi.eus ataria erabiliz gauzatuko ditu oinarri hauetan horrela xedatutako izapideak.

      6. oinarria. Espedienteak ikusteaz.

        Idazmen-ataleko eta mintzamen-ataleko kalifikazio-orriak eta azterketariak egindako idazmen-proba ikusgai izango ditu azterketariak www.habe.euskadi.eus atarian, baita bere mintza-saioa entzungai ere.

      7. oinarria. Datu pertsonalen babesa.

        Egiaztatze-deialdi hauen kudeaketan horretarako sorturiko fitxategian tratatuko dira datu pertsonalak. HABEren zuzendaritza nagusia bera izango da fitxategiaren administrazio-organo arduraduna eta sartu, zuzendu, deuseztatu eta aurka egiteko eskubidea zuzendaritza horren aurrean gauzatu ahal izango da. Fitxategi horretan jasotako datuen helburuak honako hauek izango dira:

        Ebazpen honetan araututako prozeduren kudeaketa.

        Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratura emandako ziurtagiriak helaraztea, urriaren 16ko 222/2012 Dekretuak agintzen duen moduan.

        Horrela dagokionean, maila egiaztatu duten azterketarien informazioa ikasleei zuzendutako diru-laguntzen proposamena egiteko, horretarako deialdia onartzen bada.

        Datu pertsonalen babesari buruzko argibideak jasoko dituen klausula jasoko da egiaztatze-prozesuan parte hartzeko bete beharreko eskabide-orrian.

        Egiaztatze-deialdietan parte hartuko duten administrazio-langileek eta berariaz izendaturiko kideek deialdien kudeaketan ezagutzen dituzten datu pertsonalen gaineko sekretua zaindu beharra dute.

        Prozesuko faseen publizitateak publizitate-printzipioari eusteko gutxieneko datu pertsonalak izango ditu, eta erreklamatzeko epeak igaro arte bakarrik jasoko ditu. Informazio horrek datuok izaera pertsonala dutela ohartarazten duen klausula bat izango du, alegia, datu pertsonalok datuak babesteko arloan egungo legedia betetzen dutela eta euren helburu bakarra prozedura honen faseari publikotasuna eman eta, hala behar denean, parte-hartzaileei jakinaraztea dela adieraziz. Horretaz gain, informazio-paragrafo bat izango du; bertan, adieraziko da informazioa ez dela jendearen eskurako iturri eta ezingo direla ez osorik ez partez kopiatu, ez eta informazioa errekuperatzeko inongo sistemaren bidez transmititu eta erregistratu ere, ukituek eurek baimena eman ezean.

        Egiaztatze-prozesua amaitu ondoren, lau trebetasunak neurtzeko egin probak prestakuntza eta ikerketarako erabili ahal izango dira, betiere datu pertsonalak bereizi ondoren, indarrean dagoen legediak agintzen duen moduan.

      8. oinarria. Jarduerak isilpean gorde beharra.

        Aztertzaile, tutore, maila bakoitzeko epaimahaietako kide zein Azterketa batzordekideen betebeharra da isilpean gordetzea, egiaztatzegintzari lotutako ezein eragileri buruz, beren egitekoen jardunean jakindako gertaera, ezagututako dokumentu, izandako eztabaida eta emandako egoerak.

  1. maila

    Irakurmena:

    Emandako testua edo testuak irakurri ondoren, azterketariak zenbait egiteko burutu beharko ditu. Testuaren ulermen orokorra, xehea edota testutik informazioa ateratzea eskatuko zaio azterketariari. Erantzun okerrengatik ez zaio punturik kenduko. Zati honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko 10 puntu lortu beharko dira. Probaren iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta beti ere, 35 minutu ingurukoa.

    Idazmena:

    Azterketariari egoera bat emango zaio testuinguru jakin batean, eta, gutxienez, 140 hitzeko testu bat edo 100 inguruko bi testu idatzi beharko ditu. Testuak inprimaki, ohar, jakinarazpen, gutun informal, kontakizun labur... erakoak izan daitezke. Idatzien ebaluaziorako irizpide hauek hartuko dira kontuan: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egokitasuna; 2) koherentzia eta kohesioa; eta 3) hizkuntz baliabideen zuzentasuna eta aberastasuna. Ebazpen honen 12.4 oinarrian xedatutakoari jarraiki, zati honek 30 puntu izango ditu gehienez, eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko dira. Probaren iraupena 60 minutukoa izango da.

    Hitzak zenbatzeko, irizpideok erabiliko dira:

    Eskainitako izenburua ez da kontuan hartuko.

    Eskutitz zein inprimaki erako testuetan (ohar, e-posta, eskabide-orri...) hasierako agurretik hasi eta amaierako agurrean amaituko da kontatzen. Beraz, ez dira zenbatuko igorle zein hartzailearen datu hutsak (izen-abizenak, helbidea...). Datari dagokionez, lau hitz zenbatuko dira gehienez.

    Sortutako testuari erreparatuko zaio soilik. Beraz, proposaturiko egoera komunikatibotik hitzez hitz kopiatutako esaldiak ez dira kontuan hartuko.

    Horrez gain:

    Hitz-elkarketak: hitz bakar bezala zenbatuko dira, kontzeptuak berak adierazten duen bezala.

    Araua bete gabe idatzitako hitzak zuzen idatzita baleude bezala zenbatuko dira.

    Zenbakiak hitz bakar bezala zenbatuko dira.

    Entzumena:

    Azterketariak eguneroko bizitzako edo ohiko gaien inguruko testu grabatua entzungo du. Testu horren ulermena frogatzeko, azterketariak zenbait egiteko burutu beharko ditu. Entzungaia testu luze bat izan liteke edo zenbait testu labur. Grabazioak behin edo bitan entzungo dira, entzungai-motaren arabera, eta azterketariak denbora jakin bat izango du grabazioa entzun aurretik, galderak irakurtzeko. Testuko ideia nagusia jasotzen jakin beharko du, informazio garrantzitsua bereizten edota xehetasun batzuk nabarmentzen. Zati honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko, gutxienez, 10 lortu beharko dira. Probaren iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta beti ere, 25 minutu ingurukoa.

    Mintzamena:

    Azterketariak elkarrizketa bat izango du, aztertzaileekin edo beste azterketari batekin. Probak hiru atal izango ditu: a) aztertzaileen galderak, sarrera gisa, b) aurrez prestatutako gai baten azalpena eta c) gai batekin lotutako elkarrizketa, argazkiak oinarri hartuta. Mintzamena neurtzeko irizpideak hauek izango dira: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egoki jardun duen; 2) azalpenean zein elkarreraginean diskurtsoa koherentea, argia, jarioduna eta ongi ahoskatua den; eta 3) hizkuntz baliabideetan zuzentasuna eta aberastasuna adierazi duen. Gehienez, 30 puntu izango ditu atal honek, eta gainditzeko 15 puntu beharko dira. Azterketariak 10 minutu izango ditu gaia prestatzeko eta 10 minutu inguru proba egiteko.

    Antolaketa:

    Azterketak bi eremu ezberdinetan gauzatuko dira: trebetasun hartzaileak (irakurmena eta entzumena) euskaltegietan egingo dira, eta trebetasun sortzaileak (idazmena eta mintzamena) lurraldeka, barruti bateratuetan.

    Idazmena eta mintzamena neurtzeko probak bi egunetan egingo dira: batean idazmen-proba, eta bestean mintzamenarena.

    Kalifikazioak:

    1. mailako proben kalifikazioak honela emango dira:

    (Ikus .PDF)

    1. Ponderazioa:

      Idazmenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 10; koherentzia, % 25; kohesioa, % 15; aberastasuna, % 20; eta zuzentasuna, % 30.

      Mintzamenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, %10; koherentzia eta kohesioa, %20; jariotasuna, %25; aberastasuna, %20; eta zuzentasuna, %25.

    2. Emaitza: Irakurmena: Gai/Ez gai.

      Idazmena: Gai/Ez gai.

      Entzumena: Gai/Ez gai.

      Mintzamena: Gai/Ez gai.

      Guztira: Gai/Ez gai.

  2. maila

    Irakurmena:

    Emandako testua edo testuak irakurri ondoren, azterketariak zenbait egiteko burutu beharko ditu. Testuaren ulermen orokorra, xehea edota testutik informazioa ateratzea eskatuko zaio azterketariari. Erantzun okerrengatik ez zaio punturik kenduko. Zati honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko 10 puntu lortu beharko dira. Proba honen iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta beti ere, 45 minutu ingurukoa.

    Idazmena:

    Azterketariari egoera bat emango zaio testuinguru jakin batean, eta gutxienez 200 hitzeko testu bat edo 150 inguruko bi testu idatzi beharko ditu. Testuak inprimaki, ohar, jakinarazpen, gutun informal, kontakizun labur... erakoak izan daitezke. Idatzien ebaluaziorako irizpide hauek hartuko dira kontuan: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egokitasuna; 2) koherentzia eta kohesioa; eta 3) hizkuntz baliabideen zuzentasuna eta aberastasuna. Ebazpen honen 12.4 oinarrian xedatutakoari jarraiki, zati honek 30 puntu izango ditu gehienez, eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko dira. Probaren iraupena 75 minutukoa izango da.

    Hitzak zenbatzeko, irizpideok erabiliko dira:

    Eskainitako izenburua ez da kontuan hartuko.

    Eskutitz zein inprimaki erako testuetan (ohar, e-posta, eskabide-orri...) hasierako agurretik hasi eta amaierako agurrean amaituko da kontatzen. Beraz, ez dira zenbatuko igorle zein hartzailearen datu hutsak (izen-abizenak, helbidea...). Datari dagokionez, lau hitz zenbatuko dira gehienez.

    Sortutako testuari erreparatuko zaio soilik. Beraz, proposaturiko egoera komunikatibotik hitzez hitz kopiatutako esaldiak ez dira kontuan hartuko.

    Horrez gain:

    Hitz-elkarketak: hitz bakar bezala zenbatuko dira, kontzeptuak berak adierazten duen bezala.

    Araua bete gabe idatzitako hitzak zuzen idatzita baleude bezala zenbatuko dira.

    Zenbakiak hitz bakar bezala zenbatuko dira.

    Entzumena:

    Azterketariak eguneroko bizitzako edo ohiko gaien inguruko hainbat testu grabatuta entzungo ditu. Testu horien ulermena frogatzeko, azterketariak zenbait egiteko burutu beharko ditu. Entzungaia testu luze bat izan liteke edo zenbait testu labur. Grabazioak behin edo bitan entzungo dira, entzungai-motaren arabera, eta azterketariak denbora jakin bat izango du, grabazioa entzun aurretik, galderak irakurtzeko. Testuko ideia nagusia jasotzen jakin beharko du, informazio garrantzitsua bereizten edota xehetasun batzuk nabarmentzen. Jakin ere jakin beharko du hizlariaren jarrera bereizten eta testuari dagozkion ondorioak ateratzen. Zati honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko, 10 lortu beharko dira, gutxienez. Probaren iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta beti ere, 25 minutu ingurukoa.

    Mintzamena:

    Azterketariak elkarrizketa bat izango du, aztertzaileekin edo beste azterketari batekin. Probak hiru atal izango ditu: a) aztertzaileen galderak, sarrera gisa, b) azterketariak aurrez prestatutako gai baten azalpena, eta c) gai batekin lotutako elkarrizketa, argazkiak oinarri hartuta. Mintzamena neurtzeko irizpideak honako hauek izango dira: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egoki jardun duen; 2) azalpenean zein elkarreraginean diskurtsoa koherentea, argia, jarioduna eta ongi ahoskatua den; eta 3) hizkuntz baliabideetan zuzentasuna eta aberastasuna adierazi duen. Gehienez, 30 puntu izango ditu atal honek, eta, gainditzeko, 15 puntu beharko dira. Azterketariak 10 minutu izango ditu gaia prestatzeko eta 10 minutu inguru proba egiteko.

    Antolaketa:

    Azterketak bi eremu ezberdinetan gauzatuko dira: trebetasun hartzaileak (irakurmena eta entzumena) euskaltegietan egingo dira, eta trebetasun sortzaileak (idazmena eta mintzamena) lurraldeka, barruti bateratuetan.

    Idazmena eta mintzamena neurtzeko probak bi egunetan egingo dira: batean idazmen-proba, eta bestean mintzamenarena.

    Kalifikazioak:

    2. mailako proben kalifikazioak honela emango dira:

    (Ikus .PDF)

    1. Ponderazioa:

      Idazmenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 13; koherentzia, % 24; kohesioa, % 17; aberastasuna, % 20; eta zuzentasuna, % 26.

      Mintzamenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 10; koherentzia eta kohesioa, % 20; jariotasuna, % 25; aberastasuna, % 20; eta zuzentasuna, % 25.

    2. Emaitza: Irakurmena: Gai/Ez gai.

      Idazmena: Gai/Ez gai.

      Entzumena: Gai/Ez gai.

      Mintzamena: Gai/Ez gai.

      Guztira: Gai/Ez gai.

  3. maila

    Irakurmena:

    Emandako testuak irakurri ondoren, azterketariak zenbait egiteko burutu beharko ditu. Alde batetik, azterketariak frogatuko du ulertzen duela testuen esanahi orokorra, ideia nagusiak nahiz bigarren mailakoak edo xehetasunak, edota espresuki testuan adierazten ez diren ideiak, hala nola komunikazio-xedea, idazlearen jarrera, ikuspuntua edo iritzia, besteak beste. Ariketak honelakoak izan daitezke: aukera anitzeko galderak, erantzun laburrekoak, egia/gezurra erakoak, testu-zatiei dagozkien ideiak aukeratu, lotura egokiak egin, testua ordenatu, laburtu, ideiak edota paragrafoak lotu.

    Bestalde, zenbait testu azterketariaren sintaxiaren eta lexikoaren erabilera neurtzeko izango dira. Horretarako, hainbat ariketa-modu jarriko dira: azpimarratutako hitzen sinonimoak jarri emandako testuan, aukera anitzekoen bidez lexikoa aukeratu, hitz eratorri eta elkartuak erabiliz testuak berridatzi, aukera anitzen bidez egitura sintaktikoak osatu, proposatutako esaldien baliokideak eman edota egitura koherenteak sortu testua osatzeko.

    Guztira, 20 puntu izango dira, eta gainditzeko 10 puntu lortu beharko dira. Proba honen iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta beti ere, 60 minutu ingurukoa.

    Idazmena:

    Azterketariak, gutxienez, 300 hitzeko testu bat edo 180 hitzeko bi testu idatzi beharko ditu. Hainbat idatzi-mota gauza ditzake: iritzi-artikulua, gutuna, proposamena, laburpena, eskaera, informazio-orria... Eskatuko zaion egitekoaren egoera, gaia, testu-generoa, erabilera-esparrua, enuntziatzailearen eta hartzailearen rola eta xede komunikatiboa zehaztuko zaizkio. Idazlanaren ebaluaziorako kontuan hartuko da: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egokitasuna; 2) koherentzia eta kohesioa; eta 3) hizkuntz baliabideen zuzentasuna eta aberastasuna. Ebazpen honen 12.4 oinarrian xedatutakoari jarraikiz, zati honek 30 puntu izango ditu gehienez, eta, gainditzeko, 15 puntu lortu beharko dira, eta gainera, ezinbestekoa izango da zuzentasunean nahikoa izatea. Probaren iraupena 90 minutukoa izango da.

    Hitzak zenbatzeko, irizpideok erabiliko dira:

    Eskainitako izenburua ez da kontuan hartuko.

    Eskutitz zein inprimaki erako testuetan (ohar, e-posta, eskabide-orri...) hasierako agurretik hasi eta amaierako agurrean amaituko da kontatzen. Beraz, ez dira zenbatuko igorle zein hartzailearen datu hutsak (izen-abizenak, helbidea...). Datari dagokionez, lau hitz zenbatuko dira gehienez.

    Sortutako testuari erreparatuko zaio soilik. Beraz, proposaturiko egoera komunikatibotik hitzez hitz kopiatutako esaldiak ez dira kontuan hartuko.

    Horrez gain:

    Hitz-elkarketak: hitz bakar bezala zenbatuko dira, kontzeptuak berak adierazten duen bezala.

    Araua bete gabe idatzitako hitzak zuzen idatzita baleude bezala zenbatuko dira.

    Zenbakiak hitz bakar bezala zenbatuko dira.

    Entzumena:

    Azterketariak kultura orokorreko gaien inguruan grabatuta entzungo dituen testuen ulermena frogatu beharko du, egingo zaizkion zenbait galderari erantzunez. Grabazioak behin edo bitan entzungo dira entzungai-motaren arabera, eta azterketariak denbora jakin bat izango du grabazioa entzun aurretik galderak irakurtzeko. Testuko ideia nagusia, informazio garrantzitsua edota xehetasunak ulertu beharko ditu. Era berean, informazioa eta iritzia bereizi edo ondorioak ere atera beharko ditu. Hainbat egiteko-mota erabil daitezke: aukera anitzekoak, egia/gezurra erakoak, erantzun laburrekoak, esaldiak osatzekoak, taulak osatzekoak edo loturak egitekoak. Zati honek 20 puntu izango ditu denera, eta, gainditzeko, 10 puntu lortu beharko dira, gutxienez. Probaren iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta betiere, 25 minutu ingurukoa.

    Mintzamena:

    Azterketariak elkarrizketa bat izango du aztertzaileekin edo beste azterketari batekin. Atal honek bi ariketa izango ditu:

  1. Azterketariak aurrez prestatutako egiteko bat gauzatzea. Aztertzaileek gai bat eskainiko diote azterketariari presta dezan. Horretarako, testu-aipamenak, elementu grafikoak edo irudiak eman dakizkioke azterketariari egitekoa prestatzeko. Azterketariak 20 minutu izango ditu azaldu beharreko gaia prestatzeko, eta 5 minutuz hitz egitea eskatuko zaio aztertzaileen aurrean. Epaimahaiaren aurrean gaia garatzeko gidoiaz balia daiteke, baina ez da onartuko aldez aurretik prestatutako testurik irakurtzea. Tarteka, aztertzaileek gaiaren inguruan egin ditzaketen galderei ere erantzun beharko die azterketariak.

  2. Argazki edo beste elementu grafikoez baliatuz, bat-bateko elkarrizketa aztertzaileekin edo beste azterketari batekin. Bat-bateko elkarrizketak 10 minutu inguru iraungo ditu (azterketari bakoitzak 5 minutu).

    Bi ariketen kalifikazioak, gehienez, 30 puntu izango ditu, eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko ditu.

    Mintzamenaren ebaluaziorako kontuan hartuko da: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egoki jardun duen; 2) azalpenean zein elkarreraginean diskurtsoa koherentea, argia, jarioduna eta ongi ahoskatua den; eta 3) hizkuntz baliabideetan zuzentasuna eta aberastasuna adierazi duen.

    Antolaketa:

    Azterketak bi eremu ezberdinetan gauzatuko dira: trebetasun hartzaileak (irakurmena eta entzumena) euskaltegietan egingo dira, eta trebetasun sortzaileak (idazmena eta mintzamena) lurraldeka, barruti bateratuetan.

    Idazmena eta mintzamena neurtzeko probak bi egunetan egingo dira: batean idazmen-proba, eta bestean mintzamenarena.

    Kalifikazioak:

    3. mailako proben kalifikazioak honela emango dira:

    (Ikus .PDF)

    1. Ponderazioa:

      Idazmenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taula honen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 20; koherentzia, % 20; kohesioa, % 20; aberastasuna, % 20; eta zuzentasuna, % 20. Hala ere, proba gainditzeko, ezinbestekoa izango da zuzentasunean nahikoa izatea.

      Mintzamenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 20; koherentzia eta kohesioa, % 20; jariotasuna, % 20; aberastasuna, % 20; eta zuzentasuna, % 20. Hala ere, proba gainditzeko, ezinbestekoa izango da zuzentasunean nahikoa izatea.

    2. Emaitza: Irakurmena: Gai/Ez gai.

      Idazmena: Gai/Ez gai.

      Entzumena: Gai/Ez gai.

      Mintzamena: Gai/Ez gai.

      Guztira: Gai/Ez gai.

      1. maila

        Irakurmena:

        Emandako testua irakurriko du azterketariak. Ondoren, 50-70 hitzetan laburbilduko du irakurritakoa, aldagai nagusiak adieraziz: zer esaten duen nork, zertarako, norentzat... Irakurmena ebaluatzerakoan, kontuan izango da: a) zer neurritan egin duen azterketariak agindu zaiona eta b) zuzen eta egoki egin duen. Guztira, 20 puntu izango dira, eta, gainditzeko, 10 puntu lortu behar dira. Probaren iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta beti ere, 50 minutu ingurukoa.

        Idazmena:

        Azterketariak, gutxienez, 350 hitzeko testu bat idatziko du, ekintza komunikatibo jakin bat gauzatuz. Probaren enuntziatuak argi azalduko ditu ekintza komunikatiboaren zer-nolakoak: testu-generoa, erabilera-esparrua, enuntziatzailearen rola, hartzailearen rola eta xede edo asmo komunikatiboa. Idazmenaren proba ebaluatzerakoan kontuan hartuko da: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egokitasuna; 2) koherentzia eta kohesioa eta 3) hizkuntza-baliabideen zuzentasuna eta aberastasuna. Zati honek, gehienez, 30 puntu izango ditu; gainditzeko 15 puntu lortu behar dira eta ezinbestekoa izango da irizpide guztietan nahikoa izatea, betiere, ebazpen honen 12.4 oinarrian xedatutakoari jarraikiz. Proba honen iraupena 2 ordu eta 20 minutukoa izango da.

        Hitzak zenbatzeko, irizpideok erabiliko dira:

        Eskainitako izenburua ez da kontuan hartuko.

        Eskutitz zein inprimaki erako testuetan (ohar, e-posta, eskabide-orri...) hasierako agurretik hasi eta amaierako agurrean amaituko da kontatzen. Beraz, ez dira zenbatuko igorle zein hartzailearen datu hutsak (izen-abizenak, helbidea...). Datari dagokionez, lau hitz zenbatuko dira gehienez.

        Sortutako testuari erreparatuko zaio soilik. Beraz, proposaturiko egoera komunikatibotik hitzez hitz kopiatutako esaldiak ez dira kontuan hartuko.

        Horrez gain:

        Hitz-elkarketak: hitz bakar bezala zenbatuko dira, kontzeptuak berak adierazten duen bezala.

        Araua bete gabe idatzitako hitzak zuzen idatzita baleude bezala zenbatuko dira.

        Zenbakiak hitz bakar bezala zenbatuko dira.

        Entzumena:

        Emandako testua bitan entzun ondoren, azterketariak 50-70 hitzetan laburbilduko du entzundakoa, aldagai nagusiak adieraziz: zer esaten duen nork, zertarako, norentzat... Entzumena ebaluatzerakoan, kontuan hartu da: a) zer neurritan egin duen azterketariak agindu zaiona eta b) zuzen eta egoki egin duen. Zati honek 20 puntu izango ditu denera, eta, gainditzeko, gutxienez, 10 lortu beharko dira. Proba honen iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta beti ere, 40 minutu ingurukoa.

        Mintzamena:

        Idazmena neurtzeko proban jorratutako gaia izango du hizpide azterketariak, aztertzaileen aurrean, ordu-erdi lehenago adieraziko zaion ekintza komunikatiboa gauzatzeko. Ebaluatzerakoan kontuan hartuko da: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egoki jardun duen; 2) azalpenean zein elkarreraginean diskurtsoa koherentea, argia, jarioduna eta ongi ahoskatua den; eta 3) hizkuntza-baliabideetan zuzentasuna eta aberastasuna adierazi duen. Ariketak berak 10 minutu inguru iraungo du. Ariketaren kalifikazioak, gehienez, 30 puntu izango ditu; gainditzeko 15 puntu beharko ditu, eta ezinbestekoa izango da irizpide guztietan nahikoa izatea.

        Antolaketa:

        Azterketak bi eremu ezberdinetan gauzatuko dira: trebetasun hartzaileak (irakurmena eta entzumena) euskaltegietan egingo dira, eta trebetasun sortzaileak (idazmena eta mintzamena) lurraldeka, barruti bateratuetan.

        Idazmena eta mintzamena neurtzeko probak bi egunetan egingo dira, batean idazmen-proba eta bestean mintzamenarena.

        Kalifikazioak:

        4. mailako proben kalifikazioak honela emango dira:

        (Ikus .PDF)

        1. Ponderazioa:

          Idazmenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 20; koherentzia, % 20; kohesioa, % 20; aberastasuna, % 20; eta zuzentasuna, % 20. Hala ere, proba gainditzeko, ezinbestekoa izango da zuzentasunean nahikoa izatea.

          Mintzamenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 20; koherentzia eta kohesioa, % 20; jariotasuna, % 20; aberastasuna, % 20; eta zuzentasuna, % 20. Hala ere, proba gainditzeko, ezinbestekoa izango da zuzentasunean nahikoa izatea.

        2. Emaitza: Irakurmena: Gai/Ez gai.

          Idazmena: Gai/Ez gai.

          Entzumena: Gai/Ez gai.

          Mintzamena: Gai/Ez gai.

          Guztira: Gai/Ez gai.