Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2014ko otsailaren 12koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinen bidez argitaratzen baita zenbait diru-baliabide esleitzen dituen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakia. Diru-baliabide horien bidez, hain zuzen ere, 2014ko ekitaldian finantzatuko dira Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren IV. kapituluan ezarritako laguntzak.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 30
- Hurrenkera-zk.: 688
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2014/02/12
- Argitaratze-data: 2014/02/13
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gizarte Gaiak; Ogasun; Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa
Testu legala
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2014ko otsailaren 3ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, esleitu egin ditu zenbait diru-baliabide, zehazki, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren IV. kapituluan ezarritako laguntzak 2014an finantzatzera bideratuko direnak. Lanbideren Estatutuetako 10.2 artikuluaren p) atalean xedatutakoarekin bat etorriz (estatutu horiek maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onetsi ziren), Lanbideko zuzendari nagusiak eman behar du argitara erabaki hori.
Hori guztia kontuan izanik
Lehenengoa. Argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2014ko otsailaren 3ko bilkuran hartutako Erabakia, zeinen bidez zenbait diru-baliabide esleitzen baitira ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren IV. kapituluan ezarritako laguntzak 2014ko ekitaldian finantzatzeko (177/2010 Dekretua, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzkoa). Ebazpen honen eranskinean jasota dago erabaki horren testua.
Bigarrena. Ebazpen honen bidez jakinarazten den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Erabakiak ondorioak izango ditu ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Hirugarrena. Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2014ko otsailaren 12a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.
ERABAKIA, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2014ko OTSAILAren 3ko bilkuran hartua, zeinen bidez zenbait diru-baliabide esleitzen baitira Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren IV. kapituluan ezarritako laguntzak 2014ko ekitaldian finantzatzeko
Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren IV. kapituluaren xedea da langabezian inskribatuta dauden pertsonen kontratazioa sustatzeko laguntzak arautzea, hain zuzen ere pertsona horiek kooperatiba-sozietateetako besteren konturako langileak, langilea bazkideak edo lan-bazkideak ordezkatu ditzaten. Horretarako, kooperatiba-sozietateetako langileek egoera hauetakoren batean egon behar dute: seme-alabak edo mendetasun-egoeran edo oso osasun egoera larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi-murrizketa hartuta.
Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren 53.1 artikuluaren 4. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, urtero jakinaraziko da zein den dekretu horretan ezarritako laguntza-lerroa finantzatzeko esleitutako kredituen zenbateko osoa, edo, hala behar izanez gero, zein den zenbateko hori gehitzearen ondorioz sortutako zenbatekoa, betiere publikotasun-printzipio betetze aldera.
Euskal Autonomia Erkidegoaren 2014ko ekitaldirako Aurrekontua Orokorrak onartzeko 2013ko abenduaren 20ko 4/2013 Legea onartu denez gero, egoki da aipatu laguntza-lerroen estaldurarako baliabide-ekonomien zenbatekoa argitara ematea.
Bestalde, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitako Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari dagokio, gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan enpleguko, enplegurako prestakuntzako eta autoenpleguko eta enpresen sorkuntzako programak kudeatzeko eskumena, indarrean dagoen urriaren 13ko 3/2011 Legean ezarrita dagoenez. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, 2011ko urtarrilaren 1ean martxan jarri zenez geroztik, bere gain hartu du laneko legedia betearazteko arloan Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak kudeatzeko ardura, lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan; eta bere gain hartu du, halaber, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta, bereziki, Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzak enplegu-politika aktiboen arloan betetzen zituzten eginkizunen kudeaketa. Eginkizun horien artean dago 177/2010 Dekretuaren IV. kapituluan ezarritako laguntza-programaren kudeaketa.
Kudeaketa-organoa aldatu denez gero, eta publikotasun-printzipioa eta segurtasun juridikoarena betetze aldera, komeni da laguntzen onuradun izan daitezkeenei jakinaraztea diru-laguntzak kudeatzeko prozedurako zenbait alderdi aldatu egin direla eta ez datozela bat 177/2010 Dekretuan ezarritakoarekin.
Horregatik guztiagatik, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2014ko otsailaren 3ko bilkuran, honako erabaki hau hartu du:
ERABAKIA
Lehenengoa. 2.200.000 euro esleituko dira Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren IV. kapituluan ezarritako laguntzak 2014ko ekitaldian finantzatzeko. Esleipen hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari dagokion 41. sekzioko 3211-Enplegua programaren kontura egingo da.
Kopuru hori handitu egin daiteke, baldin eta indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontuetan aldaketak onartzen badira. Aldaketa horiek eginez gero, horren berri jakinaraziko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez.
Bigarrena. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntzen kudeaketari dagokionez, honako hauek jakinaraztea:
Erabaki honetan zehaztutako diru-laguntzak lortzeko eskabideak honelaxe aurkeztu beharko dira: eranskinean jasotako eredu ofizialaren bitartez, zeina honako helbide hauetan baitago eskuragarri: //www.lanbide.net; Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Zerbitzu Zentralak: Vitoria-Gasteizko Atxotegi kalea 1 (01009 pk); Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Lurralde Bulegoak; eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetan Zuzenean-ko Bulegoak.
Horretaz gain, eskaerak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Lan Aktibazio Zuzendaritzak hartuko du bere gain eskabideak kudeatzeko eta izapidetzeko ardura, eta Lanbide erakunde autonomoko zuzendari nagusiak izango du ebazteko eskumena.
Ebazteko epea, gehienez, sei hilabetekoa izango da, diru-laguntza eskaera aurkezten den egunetik aurrera, eta epe hori igarotakoan interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, eskaera administrazio-isiltasunaren bidez baietsi dela ulertuko da.
Zuzendari nagusiaren ebazpenak administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jartzeko aukera izango da organo horretan, jakinarazpenaren biharamunetik hasita hilabeteko epean, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, jakinarazpenaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.
Hirugarrena. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari agintzea erabaki hau argitara eman dezala, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
(Ikus .PDF)