Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

86/2010 EBAZPENA, azaroaren 12koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako Erabakia, «Lurraldearen Antolamendurako Jarraibideak aldatzeko prozedurari hasiera eman eta aldaketa horren izaera ez-funtsezkoaren inguruan iritzia ematekoa», argitaratzea xedatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 233
  • Hurrenkera-zk.: 5873
  • Xedapen-zk.: 86
  • Xedapen-data: 2010/11/12
  • Argitaratze-data: 2010/12/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita

Testu legala

Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko urriaren 26ko bilkuran honako erabaki hau hartu zuen: «Lurraldearen Antolamendurako Jarraibideak aldatzeko prozedurari hasiera ematea eta aldaketa horren izaera ez-funtsezkoaren inguruan iritzia ematea»; hori dela-eta, erabaki hori jakitera emateko, honako hau

Lurraldearen Antolamendurako Jarraibideen, Lurraldearen Zatiko Planen eta Lurraldearen Arloko Planen funtsezkoak ez diren aldaketak onartzeko prozedura arautzen duen irailaren 9ko 206/2003 Dekretuaren 3. artikuluan berariaz ezartzen denez, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluari dagokio Lurraldearen Antolamendurako Jarraibideen aldaketa bat formulatzeko aukeraren inguruko erabakia hartzea.

Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabakian, aldaketa justifikatzen duten arrazoiak emango dira, eta argitaratu egin beharko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta, gutxienez, autonomia-erkidegoan gehien hedatzen diren egunkarietako bitan.

Euskal Autonomia Erkidegoko LAA Lurraldearen Antolamendurako Jarraibideak 1997an onartu ziren (28/1997 Dekretua). Funtsezko edukiak lanketaren hasierako etapetan zehaztu ziren, 80ko hamarkadaren amaieran. LAAk planteatu ziren unean, lurraldearen eta arloen plangintzaren garapena oraindik oso hasiberria zen, eta lurralde mailako legeria ere bai.

Ekoizpen-sistemako aldaketa-aro bat zen, eta hirien eta ingurumenaren narriadura handia zen. Testuinguru horretan, LAAen edukiak eta diziplina jartzeko planteamendua funtsezko bi helbururen inguruan antolatu ziren:

Hirigintzaren, ingurumenaren eta azpiegitura-garapenaren erreferentziazko lurralde-eredu bat zehaztea, lurraldeko eta arloko prozesuak orientatzeko, une hartan garapen-prozesuei modu eraginkor eta jasangarrian aurre egiteko tresna juridiko eta plangintzazkorik ez zeukan lurralde batean.

Ekonomiaren eta jendartearen eraldaketa-prozesuei lagunduko dien lurralde-eredua bultzatzea, aurreko industria-eredua agortzeak eragindako krisi sakonaren unean.

Urte horietan zehar, erronka horiei aurre egiteko LAAk eraginkorrak direla frogatu da, eta lurraldeko nahiz arloko plangintza-tresnen garapen handiko etapa bat bultzatu dute.

Tresna horien guztien bidez, azken hamarkadan zehar, bilakaera handia egon da. Euskal Autonomia Erkidegoak «hiri-eraldatze handia» dei diezaiokegun aroa bizi izan du, gure ekonomia hirugarren sektorera bihurtzeko eta modernizatzeko prozesu bati loturik. Horrek garapen-fase berri bat sortu du, ingurumena modu esanguratsuan hobetzeko eta hirien berrikuntza sakona egiteko.

Gure lurraldearen osagaiak eta oinarrizko egitura, funtsean, ez dira aldatu. LAAetako lurralde-eredua honetan oinarritzen da: hiriburuen, hiri ertainen eta horien inguruko eremu funtzionalen nukleo anitzeko sisteman; lurraldearen erabileren arteko egokitasunean eta lurraldeak biztanleak hartzeko duen gaitasunean oinarritutako ingurune fisikoaren kudeaketan; eta eremu funtzionalak beren artean eta EAE kanpoko herriekin lotzen dituen harreman-sisteman. Eredu hori oraindik erreferentzia baliagarria da, lurralde-aldaketaren prozesuak kudeatzeko, eta, gainera, adostasun orokorra dago ereduaren erabilgarritasunaren eta eraginkortasunaren arloan.

Orain garatu eta bilakarazi egin behar dira, lurralde-eredu horretatik abiatuta, nagusitzen joan diren elementuak edo eguneratu beharra daukatenak. Alderdi horiek ondokoak dira: mugikortasun jasangarria, paisaia, lurraldea birziklatzea eta ekonomia sortzailerako guneak garatzea. Funtsean, ereduaren alderdi hauek indartzean datza: lurraldearen kalitatea, jasangarritasunaren funtsezko faktore gisa egiten duen ekarpena eta oreka eta lehiakortasuna lortzeko oinarrizko elementu gisa berrikuntza bultzatzeko eskaintzen dituen aukeren aprobetxamendua.

Era berean, Lurraldearen Antolamendurako Jarraibideen, Lurraldearen Zatiko Planen eta Lurraldearen Arloko Planen funtsezkoak ez diren aldaketak onartzeko prozedura arautzen duen irailaren 9ko 206/2003 Dekretuaren 2. artikuluan ezartzen denez, aldaketa formulatzeko ekimena bere gain hartuko duen organoak, hau da, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak, berariaz adierazi eta arrazoitu beharko du aldaketa ez dela funtsezkoa.

Hain zuzen ere, LAAk aldatzeko prozedura hasteko erabakia jasotzen duen Jaurlaritzaren Kontseiluaren akordioaren aurretik, berariaz adierazi eta arrazoitu beharko da aldaketa hori ez dela funtsezkoa. Kasu honetan, funtsezkoa ez izatearen oinarrian dagoena da plangintza-eredua ez dela aldatzen; erabat indarrean dagoela uste da, eta alderdi zehatz edo osagarri batzuk bakarrik aldatu behar direla.

Horrenbestez, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak proposaturik, gaia eztabaidatu ondoren, Jaurlaritzaren Kontseiluak honako hau erabaki du:

ERABAKIA

Lehenengoa. Otsailaren 11ko 28/1997 Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamendurako Jarraibideak aldatzeko prozedura hastea eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari aldaketa hori zuzendu eta prestatzeko agintzea.

Bigarrena. Irailaren 9ko 206/2003 Dekretuaren ondorioetarako, Erabaki honekin hasten den prozedurako aldaketa «funtsezkoa ez» dela zehaztea, ez delako eraldatzen indarrean dagoen plangintza-eredua eta alderdi zehatzak eta osagarriak bakarrik aldatzen direlako.

Hirugarrena. Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskal Autonomia Erkidegoan zabalkunde handiena duten egunkarietako bitan argitaratzeko agintzea.