Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2024ko uztailaren 3koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, Euskadin gaitutako turismo-gidariak egiaztatzeko bereizgarriaren eredu ofiziala onartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 139
  • Hurrenkera-zk.: 3458
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2024/07/03
  • Argitaratze-data: 2024/07/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Ekonomi jarduerak
  • Azpigaia: Merkataritza eta turismoa

Testu legala

Martxoaren 5eko 26/2024 Dekretuak (2024ko martxoaren 20ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 58. zk.) Euskadin turismo-gidariaren jarduera arautzen du, Turismoari buruzko uztailaren 28ko 13/2016 Legean ezarritakoaren arabera.

Dekretu horren 18. artikuluak ezartzen du gaitutako turismo-gidariei egiaztatze-bereizgarri bat emango zaiela, hauek jasoko dituena: datu pertsonalak eta profesionalak, erregistro-zenbakia, zer hizkuntzatarako gaituta dauden eta argazki bat. Era berean, ezartzen du turismo-gidariek ikusgai eramango dutela bereizgarri hori beren lanbide-jarduera gauzatu bitartean.

Martxoaren 5eko 26/2024 Dekretuaren 19.2 artikuluak eskubide gisa aitortzen die gaitutako turismo-gidariei Euskadin gaitutako turismo-gidari gisa identifikatzen dituen egiaztatze-bereizgarria lortzea eta erabiltzea.

Agindu honek identifikazio-bereizgarriaren zenbait alderdi arautzen ditu: ezaugarri teknikoak, bereizgarrian agertu behar diren gaitutako turismo-gidariaren datuak, bereizgarriaren indarraldia eta baliozkotasuna eta zer kasutan emango den kopia bat edo beste egiaztatze-bereizgarri bat, jakinarazitako datuak aldatu badira.

Horregatik guztiagatik, eta martxoaren 20ko 26/2024 Dekretuaren azken xedapenetako bigarrenarekin bat etorriz (Eusko Jaurlaritzan turismo-arloko eskumena duen saileko titularrari baimena ematen dio dekretu horren 18. artikuluan aurreikusitako identifikazio-eredu ofizialaren ezaugarriak eta diseinua arautzeko), honako hau

  1. Agindu honen xedea da gaitutako turismo-gidaria egiaztatzen duen bereizgarriaren eredu ofiziala onartzea. Eredu horrek agindu honen eranskinean agertzen den formatua izango du.

  1. Egiaztatze-bereizgarriak honako datu hauek jasoko ditu:

    1. Izena eta abizenak.

    2. Esleitutako erregistro-zenbakia, Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan jasotako zenbakiarekin bat datorrena.

    3. Egiaztatutako hizkuntzak, zeinu-hizkuntza barne, hala badagokio.

    4. Interesdunaren aurpegiaren koloretako argazkia, berriki ateratakoa.

    5. QR kodea, Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroko turismo-gidariaren erregistro-fitxara bideratzen duena.

  2. Argazkiko irudia identifikazio-datu gisa sartuko da Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzaren «Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroa» izeneko fitxategian.

  1. Egiaztatze-bereizgarria ofizioz emango du turismo-arloan eskumena duen zuzendaritzak, gaitutako turismo-gidariak kontsignatutako eta Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan inskribatutako datuen arabera.

  2. Bereizgarri horrek indarraldi mugagabea izango du, baldin eta hura emateko inguruabarrak aldatzen ez badira.

  3. Egiaztatze-bereizgarriaren kopia bat emango da, interesdunak hala eskatu ondoren, aurretik emandakoa galdu, hondatu edo suntsitzen bazaio edo ostu badiote.

    Kasu horietan, dagokion salaketa aurkeztu beharko da edo hondatutako egiaztagiria entregatu.

  4. Kopia egiteko eskaerarekin batera, interesdunak bere aurpegiaren koloretako argazki bat aurkeztu beharko du, berriki ateratakoa.

  1. Egiaztatze-bereizgarrian jasota dagoen daturen bat aldatzen bada, interesdunak bitarteko elektronikoen bidez jakinarazi beharko du, gehienez hilabeteko epean. Turismo-arloan eskumena duen zuzendaritzak ofizioz emango du turismo-gidari gaitua egiaztatzeko beste bereizgarri bat.

  2. Emandako datuak aldatu izanaren jakinarazpenarekin batera, interesdunak bere aurpegiaren koloretako argazki bat aurkeztu beharko du, berriki ateratakoa.

  3. Baldin eta gaikuntza galtzen bada martxoaren 5eko 26/2024 Dekretuaren 15. artikuluan jasotako kasuetako batengatik, gaitutako gidariak bereizgarria eman beharko dio Euskadiko turismo-administrazioari, gehienez ere hamar eguneko epean, gaikuntzaren ondorioak galdu direla xedatzen duen ebazpena irmoa den egunetik zenbatzen hasita.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 3a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.

Egiaztatze-bereizgarriaren ezaugarri teknikoak eta formatua.

  1. Euskadin gaitutako turismo-gidarien bereizgarriak 86 x 54 mm-ko piezak izango dira, PVCzkoak, eta bi aldeetatik inprimatuta egongo dira.

    Aldeetako batek turismo-gidaria euskaraz egiaztatuko du, eta besteak gaztelaniaz.

  2. Elementu hauek agertuko dira bertikalean bereizgarrian:

    1. Goiko aldean, ezkerrean, interesdunak aurkeztutako koloretako argazki, berriki ateratakoa (20,10 x 24,8 mm-koa).

    2. Argazkiaren eskuinaldean, gaitutako pertsonaren izena eta abizenak agertuko dira Clarendon URW medium, 7 pt letran idatzita, hiru lerrotan, letra xehez (izen-abizenen lehen letra izan ezik), urdinez eta letra lodiz, hondo zuriaren gainean.

    3. Izen-abizenen azpian eta argazkiaren eskuinaldean, esleitutako erregistro-zenbakia adieraziko da, Turismo Enpresa eta Jardueren Erregistroari dagokiona, ERREGISTRO ZENB (euskaraz) eta NUM. DE REGISTRO (gaztelaniaz) legendarekin. Arial Normal, 6pt letraz idatzita egongo da, urdinez, letra larriz eta hondo zuriaren gainean.

    4. Erregistro-zenbakiaren azpian eta argazkiaren eskuinaldean QR bat agertuko da (20 x 20 mm-koa), turismo-gidariaren Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroko erregistro-fitxara bideratzen duena.

    5. Argazkiaren azpian, turismo-gidariak egiaztatuta dituen hizkuntza-kodeak agertuko dira. Hizkuntza horiek bi letren bidez adieraziko dira, hizkuntzen izenak adierazteko UNE-ISO 639-1 Arauak emandako kodeen arabera. Clarendon URW, 10 pt letraz idatziko dira, letra larriz, urdinez eta lodiz, hondo zuriaren gainean, bakoitzaren artean barra bat jarrita.

      ISO arau horrek zeinu-hizkuntza jasotzen ez duenez, hizkuntza hori LS kodearekin adieraziko da.

    6. Egiaztatutako hizkuntzen azpian «Guía de turismo habilitada» legenda agertuko da gaztelaniazko bereizgarrian, eta «Gaitutako turismo-gidaria» euskarazko bereizgarrian, letra zuri xehez (lehenengoa izan ezik), hondo urdinaren gainean. Bloke hori 33 mm altu izango da.

    7. Aurreko legendaren azpian, bi lerrotan eta erdiratuta, «Euskadi Basque Country» marka adieraziko da, urdinez, hondo zuriaren gainean, «Euskadi Basque Country» turismo-marka erabiltzeko oinarrizko eskuliburuaren 3.2 atalean zehaztutako grafiarekin. Bloke hori 12 mm altu izango da.

  3. Egiaztatze-bereizgarriaren irudia.

    1. Euskarazko bereizgarria honelakoa izango da:

      (Ikus .PDF)

    2. Gaztelaniazko egiaztatze-bereizgarria honelakoa izango da:

      (Ikus .PDF)