Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko azaroaren 25ekoa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, zeinaren bidez argitara ematen baita ibilgailu motordunak alokatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek nola bete behar dituzten erregistro-betekizunak eta Ertzaintza informatzeko betekizunak.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Segurtasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 235
  • Hurrenkera-zk.: 5340
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/11/25
  • Argitaratze-data: 2022/12/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Industria; Hirigintza eta etxebizita; Herrizaingoa; Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak

Testu legala

Herritarren segurtasuna babesteari buruzko martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoaren 25.1 artikuluak ezartzen du herritarren segurtasunerako garrantzitsutzat jotzen diren jarduerak egiten dituzten pertsona fisikoek edo juridikoek dokumentu-erregistroaren eta informazioaren betekizunak bete beharko dituztela, aplikatu beharreko xedapenetan ezarritako moduan. Jarduera horien artean daude gidaririk gabeko ibilgailu motordunak alokatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoei aplikatu behar zaizkienak.

Erabili beharreko xedapenei dagokienean, Errege Dekretu honetan jasotakoak aipatu behar dira: 933/2021 Errege Dekretua, urriaren 26koa, zeinaren bidez ezartzen baita zer betebehar dituzten ostatu-jarduerak egiten eta motordun ibilgailuak alokatzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoek dokumentu-erregistroari eta informazioari dagokienez.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 17. artikuluan ezarritakoarekin bat, Euskal Autonomia Erkidegoak du bere lurraldean pertsonak eta ondasunak babesteko eta ordena publikoa eta herritarren segurtasuna zaintzeko eskumena. Hori dela eta, Ertzaintzak du herritarren segurtasunerako jarduera garrantzitsu horiek kontrolatzeko ahalmena.

Herrizaingoko sailburuaren 2012ko maiatzaren 18ko Aginduaren bidez, gidaririk gabeko ibilgailuen alokairuan diharduten establezimenduek Ertzaintzari eman beharreko erregistro- eta informazio-mailako betebeharrak nola gauzatu behar dituzten azaldu zen. Agindu horren bidez ezarri zen gidaririk gabeko turismo-ibilgailuen alokairuan diharduten establezimenduen titularrek, egunero, erregistratu eta jakinarazi behar dizkiotela Ertzaintzari egiten dituzten eragiketak.

Globalizazio- eta teknifikazio-prozesu batean murgilduta gaude eta Administrazio publikoak, gizartearen parte diren aldetik, ezin dira kanpoan geratu. Administrazio guztiek, bakoitzak bere mailan eta bere jarduketa-eremuan, beren jardueraren barruan informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak txertatu dituzte.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak ekarri zuen Administrazioaren eta administratuen arteko harremanetan, modu orokortuan, komunikazio elektronikoa sartzea; Administrazio Publikoen jarduera zuzendu behar duten efikazia- eta efizientzia-printzipioak egokiago betetzeko helburuarekin, baita herritarren eta enpresen bermeak indartzeko helburuarekin ere, zioen azalpenean berariaz aipatzen duen bezala.

Ildo horretan, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legeak behartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten instituzio eta enteak bitarteko elektronikoen erabilera ezartzera, zerbitzuak emateko, komunikazioetarako eta herritarrekin dauzkaten harremanetarako.

Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren jardueretan eta herritarrekiko nahiz beste administrazioekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzeko, ordenamendu juridikoak ezartzen dituen mugak bete beharko dira, hango printzipio orokorrei uneoro men eginez, eta, bestalde, herritarrek aitortuak dituzten eskubideen erabilera osoa errespetatu beharko da eta Legeak ezartzen dituen printzipioei jarraitu beharko zaie.

Agindu honen bidez argitara ematen da gidaririk gabeko ibilgailu motordunak alokatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek dauzkaten erregistro-betekizunak eta Ertzaintza informatzeko betekizunak nola bete behar dituzten.

Hori dela eta,

  1. Agindu honen bidez argitara ematen da gidaririk gabeko ibilgailu motordunak alokatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek nola bete behar dituzten herritarren segurtasuna babesteari buruzko araudiak ezartzen dizkien erregistro-betekizunak eta Ertzaintza informatzeko betekizunak.

  2. Agindu honen aplikazio-eremuak barne hartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan gauzatzen diren gidaririk gabeko ibilgailu motordunen alokairu-jarduera guztiak; modalitatea, titularraren pertsonalitatea edo antolaketa-eredua edozein direla ere.

  1. Agindu honen aplikazio-eremuaren barruan dauden ibilgailuen alokairu-jardueren titularrek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/ erregistratu eta alta eman behar diete agindu honen eranskinean zehazten diren identifikazio-datuei.

  2. Era berean, eragiketa bakoitza informatikoki erregistratu behar dute, eta informazio hori gorde eta Ertzaintzaren eskura jartzeko betebeharra daukate. Informazio hori hiru urtez gorde beharko da.

  3. Betebehar horren mende daudenak arduratu behar dira jasotako datuak nortasun-agiri ofizial onartuetan azaltzen direnekin bat datozela egiaztatzeaz.

  1. Betebehar horren mende daudenek, jardueran hasi aurretik, Ertzaintzari jakinarazi beharko dizkiote eranskineko 1 tartekian aipatzen diren datuak. Emandako datuetatik edozein aldatzen bada, beste jakinarazpen bat egin beharko da.

  2. Horrez gain, betebehar horren mende daudenek Ertzaintzari gauzatzen duten jarduerari buruzko datuak jakinarazi beharko dizkiote, eranskineko 2, 3, 4 eta 5 tartekietan agertzen direnak.

    Jakinarazpen hori berehala egin behar da eta, gehienez ere, 24 orduko epean, une hauetatik zenbatzen hasita, hurrenez hurren:

    1. Erreserba egin edo kontratua formalizatzen denetik edo, hala badagokio, deuseztatzen denetik.

    2. Kontratatutako zerbitzuak hasten direnetik.

  3. Artikulu honetan aurreikusten diren jakinarazpenak prozedura telematikoen bidez egin behar dira.

  1. Gidaririk gabeko ibilgailuen alokairu-jardueren titularrek erabiltzaileen datuak jasoko dituzte, horiek erregistratzeko eta jakinarazteko, legez hori egiteko betebeharra baitaukate.

  2. Gidaririk gabeko ibilgailuen alokairu-zerbitzuak erabiltzeko parteak zerbitzu horien erabiltzaileak sinatu behar ditu, ezartzen den sistema eta eredua erabiliz.

  3. Parteak eta orriak ibilgailuen alokairu-establezimenduak emango ditu eta parte eta orri horietako datuen zehaztasunaren erantzulea izango da, hau da, datu horiek erabiltzaileen identitatea egiaztatzen duten dokumentuekin bat etorri behar dute eta identitate-dokumentu horiek erabiltzaileek erakutsi edo aurkeztu behar dituzte.

Indargabeturik geratzen da Herrizaingoko sailburuaren 2012ko maiatzaren 18ko Agindua, gidaririk gabeko ibilgailuen alokairuan diharduten establezimenduek Ertzaintzari eman beharreko erregistro- eta informazio-mailako betebeharrak betetzeko modua garatzen duena.

Agindu hau 2023ko urtarrilaren 2an jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 25a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.