Segurtasun Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko apirilaren 26koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira Gaztelagun programaren etxebizitza-alokairurako laguntzak.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 87
  • Hurrenkera-zk.: 1931
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/04/26
  • Argitaratze-data: 2022/05/06

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Gaztelagun programa gazteen etxebizitza-beharrizanetara egokitutako konponbideak eskaintzeko sortu zen, gazteek etxebizitza duin eta egokia eskuratu ahal izateko formulak eta neurriak garatuz. 2019-2021 aldirako Gaztelagun programa, 2018-2020 aldirako Etxebizitzaren Gida Planeko 5.1 ardatza oinarri duena, 23 eta 35 urte arteko gazteei emantzipatzen laguntzeko sortu zen. Hala, ohiko etxebizitzaren errentaren zati bat ordaintzeko zuzeneko laguntzak ematen dira.

Urtebeteren ondoren, egiaztatu zen zenbait kolektibo egitasmoaren aplikazio-eremutik kanpo geratzen zirela; hortaz, aldaketak egitea erabaki zen. Hori horrela, 2019ko abenduaren 10eko Aginduaren bitartez, programaren zenbait artikulu aldatu ziren, gutxieneko adinaren (18 urtean ezarri zen) eta diru-sarreren betekizunei buruzkoak, besteak beste.

2021-2023 aldirako Etxebizitzaren Gida Plan berriaren lehen ardatza da EAEn alokairu eskuragarria sustatzea, eta, horren barruan, 1.2 estrategia da etxebizitza eskuragarria izateko aukera bermatzera bideratutako baliabideen eta prestazioen sistema garatzea. 1.2.2 ildo estrategikoaren xedea da gazteen emantzipazioa bultzatzea alokairuko etxebizitzen bitartez, eta, horretarako, 1.2.2.1 ekintzak Gaztelagun programa indartzen eta zabaltzen du, laguntza-programa iraunkor bihurtuz.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak uste du, beraz, programa hori finkatu eta egiturazko bihurtu behar dela.

Bestalde, 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak (Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 2021eko ekainaren 2ko Aginduaren bitartez onartu zuenak) 7. helburu estrategikoan aurreikusten du lana egin beharko dela gazteak emantzipatzen laguntzeko, etxebizitza eskuratu ahal izatea sustatuz eta baliabideak gehienbat alokairura bideratuz. Gaztelagun programa da helburu hori lortzeko proiektatzen den tresna, indarrean dagoen 2021-2023 aldirako Etxebizitzaren Gida Planean aurreikusitakoarekin bat.

Hasiera batean proiektu pilotua izan arren, agerikoa denez gazteen emantzipazioa erraztu behar dela nabarmen eta irmo, enpleguari eta etxebizitza eskuratu ahal izateari lotutako arazoak eragozpen zaizkielako, komeni da programa iraunkor eta egiturazko bihurtzea, xedapen arauemaile bat onartuz horretarako. Era horretara, lortuko da ohiko etxebizitza alokatzeko Gaztelagun programako zuzeneko laguntzak Sailaren dirulaguntza-politika egiturazko eta iraunkor baten parte izatea; betiere, Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen esparruan.

Kontuan izan behar da alokairuko etxebizitza funtsezko tresna dela etxebizitzarako eskubidearen agindu konstituzionalari erantzuteko; hortaz, alokairua sustatzearen aldeko apustua indartu behar da. Beharrizan handiagoko kolektiboen premiei erantzuteko alokairu-politikak eraginkorrak eta efizienteak badira, babes publikoko etxebizitzarako sarbidea eskaini behar zaie kolektibooi, edo, bestela, alokairua ordaintzeko laguntzak eman behar zaizkie.

Gaztelagun programa berriak hainbat aldaketa ditu, onuradunen kopurua handitzeko eta finkatzeko asmoz. Horrela, handitu egin dira zenbateko hauek: Bilbon, Donostian eta Gasteizen baimendutako hasierako gehieneko errenta (775 eurotik 800 eurora); laguntzak eskuratzeko urteko diru-sarrera gordinen muga, bai norbanakoentzat (18.000 eurotik 24.500 eurora), bai familia unitateentzat (24.000 eurotik 30.000 eurora), bai eta familia ugarientzat ere (28.000 eurotik 32.000 eurora); etxebizitza bakoitzeko laguntzaren gehieneko zenbatekoa ezartzeko balio duen errentaren ehunekoa (% 60); eta etxebizitza-prestazio ekonomikoaren gehienekoa (275 euro), Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen 11/2021 Legearen zazpigarren xedapen gehigarria oinarri hartuta.

Azkenik, laguntzak jasotzeko nahitaezko betekizunetako bat aldatu da; alegia, bizilekua benetan eta modu jarraituan Euskal Autonomia Erkidegoan eduki izanaren gutxieneko muga sei hilabetera murriztu da, laguntzak eskuratu ahal izatea errazteko eta gazteen mugikortasuna bultzatzeko.

Laburbilduz, gazteen emantzipazio-tasa handitu nahi da, efizientzia eta erabilgarritasun frogatuko laguntza-programa bat finkatuta, eta programa egiturazko eta iraunkor bihurtuko da.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak) eta urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 4. artikuluak (Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzekoak) ematen duten eskumena baliatuta, bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzeko den azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntza eta laguntzei aplika dakizkiekeen gainerako xedapenekin, honako hau

Agindu honen xedea da gazteei zuzendutako etxebizitza-alokairurako dirulaguntzen Gaztelagun programaren oinarriak arautzea.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako etxebizitza libre batengatik ordaintzen den hileko errentaren ehuneko jakin bat ordaintzeko laguntzak emango ditu Gaztelagun programak.

  2. Etxebizitzaren hasierako hileko errentak ezingo ditu honako prezio hauek gainditu: 800 euro, Bilbon, Donostian eta Gasteizen; 750 euro, Bilbao eta Donostiako metropolialdeetan eta 10.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan; eta 675 euro, gainerako udalerrietan.

    Alabaina, Gaztelagun programaren onuradun izaten jarraituko dute hasierakoaren ondorengo urteko kuotetan aipatutako zenbatekoetatik gorako errentak ordaintzen dituzten pertsonak, errentok Hiri Errentamenduen gaineko azaroaren 29ko 29/1994 Legearen 18. artikuluan xedatutakoaren arabera eguneratu badira.

  3. Laguntza urtebetez emango da, eman denetik aurrera, eta automatikoki luzatuko da urteroko bakoitzaren epemugan, baldin eta agindu honek indarrean jarraitzen badu, kreditu egoki nahikoa badago eta onuradunek aginduan ezarritako betekizunak betetzen badituzte.

  4. Laguntza honen ondorioetarako, gaztetzat hartuko dira 18-35 urte arteko pertsonak, biak barne.

  1. Aurrekontu-ekitaldi baten barruan emango diren Gaztelagun programako laguntzen kopuru osoak ez du gaindituko Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan adierazitako zenbatekoa. Halaber, indarrean dagoen legediaren araberako aurrekontu-aldaketak onartzen badira, laguntzen kopuru osoak ezin izango du eguneratutako kopurua gainditu. Beraz, zenbateko hori agortu ondoren, ez da dirulaguntza gehiago emango. Kreditua amaituz gero, etxebizitzaren arloko sailburu eskudunaren agindu bidez jakinaraziko da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

  2. Urtero, etxebizitzaren arloko sailburu eskudunaren agindu bidez jakinaraziko da ekitaldi bakoitzean Gaztelagun programaren dirulaguntzen gehieneko aurrekontu-zuzkidura. Dirulaguntzei agindu honetan aurreikusitako erregimena aplikatuko zaie.

  1. Pertsona fisikoek eskuratu ahalko dute dirulaguntza, banaka nahiz familia-unitate batean bilduta, baldin eta 5. artikuluan jasotako baldintzak betetzen badituzte.

  2. Agindu honen ondorioetarako, familia-unitateak dira ezkontza bidez elkartuta dauden pertsonak edo izatezko bikote erregistratuak, eta, hala badagokio, beren ardurapean dauden seme-alabak, bai eta guraso bakarreko unitateak eta beren ardurapeko seme-alabak ere.

  3. Familia-unitatea osatzen duten pertsona guztiek, seme-alaba adingabeek izan ezik, agindu honetan eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

  1. 18 eta 35 urte bitartean izatea.

  2. Laguntzaren eskaera-dataren aurretik bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan benetan eta modu jarraituan sei hilabetez eduki izana egiaztatzea.

  3. Etxebizitza baten jabari osoaren edo erabiltzeko eta gozatzeko eskubidearen titularra ez izatea, baldin eta egiaztatzen badu banantze- edo dibortzio-arrazoiengatik eskuragarri ez duela edo bere borondatearekin zerikusirik ez duen beste arrazoiren batengatik ezinezko duela bertan bizitzea.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako etxebizitza libre baten errentamendu-kontratuaren titularra izatea, norberaren izenean edo errentakide gisa, eta hori izatea beren ohiko etxebizitza.

  5. Inolako familia-loturarik ez edukitzea odolkidetasun edo ahaidetasunezko hirugarren mailaraino, etxebizitzaren errentatzailearekin edo haren bizikidetza unitateko kideren batekin.

  6. Errenta banku-transferentzia bidez ordaintzea.

  7. Honako diru-sarrera hauek egiaztatzea:

    Eskatzaile indibidualek urtean 24.500 euroko edo gutxiagoko eta 3.000 euro baino gehiagoko diru-sarrera gordinak dituztela egiaztatu beharko dute.

    Familia-unitate osoak urtean 30.000 euroko edo gutxiagoko eta 3.000 euro baino gehiagoko diru-sarrera gordinak dituztela egiaztatu beharko dute.

    Familia ugarien kasuan, urtean 32.000 euroko edo gutxiagoko eta 3.000 euro baino gehiagoko diru-sarrera gordinak dituztela egiaztatu beharko dute.

    Ezarritako gehieneko diru-sarrerak urtero eguneratuko dira, eskaera-dataren aurreko urteko abenduaren 31n indarrean zegoen urtetik urterako kontsumoko prezioen indizearen arabera, eta Alokabideren webgunean argitaratuko dira.

    Diru-sarrerak kalkulatzeko, kontuan hartu beharreko epealdia honako hau izango da: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egiteko epea amaitu ondoren, eskaera-dataren aurreko azken zergaldia edo, bestela, eskaera-dataren aurreko hamabi hilabeteak, onuragarriagoa bada. Diru-sarrera konputagarriak izango dira zerga-oinarriak, oinarri orokorra eta aurrezki-oinarria.

    Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzea.

Gaztelagun programaren alokairurako laguntza ezin izango da bateratu honako hauekin:

  1. Errentamenduko babes publikoko etxebizitza bat izatea.

  2. Errentamenduko etxebizitza pribatu bat izatea Merkatu Libreko Etxebizitzen Alokairurako Bitartekaritzako ASAP (Alokairu Segurua, Arrazoizko Prezioa) programaren bidez edo Etxebizitza Hutsen Bizigune Programaren bitartez.

  3. Diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE), bizitzeko gutxieneko diru-sarrera (BGDS) edo administrazio publikoen gizarteratze-politiketatik eratorritako beste edozein errenta jasotzea.

  4. Etxebizitzarako prestazio osagarria (EPO), etxebizitzarako prestazio ekonomikoa (EPE), udalak ematen dituen dirulaguntzak edo alokairuko gastuak ordaintzen laguntzen duten beste administrazio edo erakunde publiko batzuen edozein dirulaguntza jasotzea.

  5. Gizarte-larrialdietarako laguntzak (GLL) jasotzea, Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen 44. artikuluaren 2.a) apartatuan aipatutako alokairu-gastuei loturik daudenak.

  1. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoak ezingo du gainditu maizterrak hilean ordaintzen duen alokairuaren % 60, pertsona bakar bat bada nahiz familia-unitate bat bada.

  2. Pertsona edo familia-unitate onuradun bakoitzari ematen zaion laguntzaren zenbatekoak ezingo du, inola ere, etxebizitzarako prestazio ekonomikorako (EPE) ezarri den gehieneko muga gainditu.

Gaztelagun programaren alokairurako laguntzak kudeatzea Etxebizitzako lurralde-ordezkaritzari eta Erakunde Laguntzaileari dagokie, 9. eta 13. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

  1. Alokabide SA sozietate publikoa izendatzen da Gaztelagun programaren alokairurako laguntzak kudeatzeko Erakunde Laguntzaile, bi testu hauetan ezarritakoaren arabera: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 52. artikulua, 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutakoa, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

  2. Alokabide SA sozietateari dagozkio honako jarduketa hauek:

    Aurrez aurreko informazio, orientabide eta aholkularitza indibidualizatua ematea, interesdunek eskabideak behar bezala bete ahal izan ditzaten, behar den dokumentazioa erantsita.

    Eskabideak jasotzea eta baldintzak betetzen direla ziurtatzea.

    Etxebizitzako lurralde-ordezkariari eskaeren ebazpena eta ebazpenaren edozein aldaketa proposatzea.

    Laguntzak ordaintzea.

    Pertsona onuradunek eginbeharrak betetzen dituztela ziurtatzea.

  1. Interesa duten pertsonek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/servicios/gaztelagun), Zuzenean Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan eta Alokabide SA sozietate publikoaren egoitzan eskuragarri dagoen eredu ofizialaren arabera aurkeztu beharko dute eskabidea.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan aurkeztu daiteke eskabidea: https://www.euskadi.eus/servicios/gaztelagun

  3. Kasu horretan, eskaeraren osteko izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egingo dira, «Nire karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

  4. Ordezkaritza bidez jarduten den kasuetan, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

  5. Halaber, eskabidea aurrez aurre aurkez daiteke hemen:

    1. Zuzenean Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan, aldez aurretik hitzordua eskatuta (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean) edo aldez aurreko hitzorduak eskatzeko edo ezeztatzeko berariazko telefono-zenbakira deituta: 945 01 90 00.

    2. Erakunde laguntzailean (Alokabide Sozietate Publikoa SA), soil-soilik aldez aurretik hitzordua eskatuta, aldez aurreko hitzorduak eskatzeko edo ezeztatzeko telefono-zenbakira deituta: 945 56 90 20.

    3. EAEko erregistro osagarrietan, hau da, apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan) araututako edozein erregistrotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.

  6. Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta behar den dokumentazioa. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek ezartzen dutenari jarraituz.

  1. Baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskabidearekin batera honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

    1. Erantzukizunpeko adierazpen bat, errentamenduko babes publikoko etxebizitzarik ez duela eta 6. artikuluan aipatzen den errenta, prestazio edo dirulaguntza bateraezinik jasotzen ez duela esanez.

    2. Errentapeko etxebizitzan erroldatuta egotearen ziurtagiri eguneratua eta erroldatzearen antzinatasuna.

    3. Jabetza Erregistroaren Indizeen Zerbitzuak eginiko agiria, ziurtatzen duena eskatzailea ez dela etxebizitza baten titular.

    4. Diru-sarrerak egiaztatzeko agiriak:

      Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, eskaera-dataren aurreko azken zergaldiari dagokiona.

      Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenari, behar izanez gero, kontribuziorik gabeko prestazioen ziurtagiria erantsiko zaio.

      Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren kopia aurkezten ez duten pertsonek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

      Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak eginiko lan-bizitzaren agiria, data eguneratua duena.

      PFEZ atxikipenen ziurtagiri ofiziala (10T dokumentua).

      Ikerketarako beka edo dirulaguntzen kasuan, hori ziurtatzen duen agiria.

    5. Etxebizitzaren errentamendu-kontratuaren kopia. Agiri horretan, kontratugileen nortasuna, alokatutako finkaren identifikazioa, hitzartutako iraupena eta hasierako errenta adierazi beharko dira, kontratu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Hiri Finken Errentamendu Kontratuen Erregistroan inskribatuta egotearen kasuan izan ezik. Kasu horretan, inskripzio-ziurtagiriaren edo fidantza gordailutu izanaren frogagiriaren kopia aurkeztu beharko da.

      Maizterrak bat baino gehiago badira, eta kontratuan ez bada zehazten maizter bakoitzak ordaindu beharreko zenbatekoa, erantzukizunpeko adierazpen bat egin beharko da, kopuru horiek zehaztuz.

    6. Banku-transferentzia bidez errenta ordaindu izana ziurtatzen duen agiria. Dokumentu horretan adierazi beharko dira, gutxienez, agindu-emailearen datuak, onuraduna, ordaindutako errentaren hilabetea eta urtea, kontu-zenbakiak, zenbatekoa eta finantza-entitatearen baliozkotzea, eragiketa behar bezala egin dela modu frogagarrian bermatzen duena.

    7. Etxebizitzaren errentatzailearekin edo haren bizikidetza-unitateko kideren batekin odolkidetasun edo ahaidetasunezko hirugarren mailarainoko familia-loturarik ez egotearen erantzukizunpeko adierazpena.

    8. Hirugarrenen altaren dokumentua, behar bezala beteta.

    9. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen direla dioen erantzukizunpeko adierazpena, zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatearena izan ezik, hori egiaztatu egin beharko baita.

    10. Pertsona eskatzaileen egoera zibilari buruzko erantzukizunpeko adierazpena. Baterako errentamenduaren kasuan, zehaztu behar da zer harreman-mota dagoen alokairua partekatuko duten pertsonen artean.

  2. Laguntza familia-unitate batentzat eskatzen bada, 1. apartatuko a), b), c), d), g), i) eta j) letretan aurreikusitako dokumentuek familia-unitateko adin nagusiko pertsona guztiei egin beharko diete erreferentzia, eta familia-liburua aurkeztu beharko da.

  3. Familia ugariek ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

  4. Pertsona interesdunek 1. apartatuko a), b), c) eta d) letretan eta i) letrako salbuespenean eta 3. apartatuan aipatutako dokumentuak ez aurkezteko eskubidea dute, baldin eta ez badute eragozpenik jartzen etxebizitzaren arloko sail eskudunak edo Alokabide SA sozietateak, sare korporatiboen bidez edo datu-bitartekaritzako plataformak edo horretarako prestatutako beste sistema elektroniko batzuk baliatuz, gainerako administrazio publikoetan eskuragarri dauden dokumentuak elektronikoki kontsultatzeko edo eskuratzeko.

  1. Errentamendu-kontratua izenpetu aurretik laguntzaren behin-behineko aitorpena eskatu ahal izateko, 11. artikuluan aurreikusitako agiriak aurkeztu beharko dira, 1. apartatuko a), b), e), f) eta g) letretan aipatutakoak izan ezik.

  2. Eskabidea onartuz gero, pertsona interesdunak sei hilabeteko epea izango du falta diren dokumentuak aurkezteko, behin-behineko ebazpena jakinarazi den egunetik aurrera; besteak beste, fidantza ordaindu izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko du.

  3. Dokumentazioa aurkeztu ondoren, behin betiko ebazpena emango da.

  4. Agiriak ez badira epearen barruan aurkezten, behin-behineko aitorpena baliogabetu egingo da.

  1. Alokabide SAk eskabideak behar bezala beteta daudela egiaztatuko du, baita laguntza-eskabidea tramitatzeko behar diren dokumentuak aurkeztu direla ere.

  2. Eskabidea izapidetara onartzeko eskatzen diren agiri batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari hutsegitea konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta, halaber, jakinaraziko zaio, hori egiten ez badu, haren eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.

  3. Alokabide SAk, orobat, Gaztelagun programaren alokairurako laguntza lortzeko baldintzak betetzen direla egiaztatuko du eta ebazpen bat proposatuko dio Etxebizitzako lurralde-ordezkariari, ebazpen formala egin dezan.

  4. Ebazpena hiru hilabeteko epean jakinaraziko da, eskabidea egin zen egunetik aurrera, eta administrazioaren isiltasuna ezeslea izango da. Hala ere, akatsak zuzentzeko epea zabaldu balitz, aipatutako epea etenda geratuko litzateke pertsona eskatzaileak jakinarazpena jasotzen duenetik eskatutako agiri guztiak aurkezten diren arte.

  5. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute ebazpenaren aurka, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  6. Ebazpen baiesleen berri emango zaie onuradunak erroldatuta dauden udalei, onuradunek 5. artikuluan ezarritakoaren arabera bateraezinak diren laguntzak jasotzen badituzte, behar diren neurriak har ditzaten.

  7. Ematen diren dirulaguntzak ez dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko. Dena den, Eusko Jaurlaritzaren gardentasunaren atarian eta Alokabide SA sozietatearen webgunean hilean behin argitaratuko da dagokion epean emandako eta iraungitako laguntza kopurua eta zenbateko osoa, lurralde historikoaren eta pertsona onuradunaren sexuaren arabera bereizita.

  1. Alokairuaren dirulaguntza hilero ordainduko da hirugarrenen altaren dokumentuan agertzen den banku-kontuan.

  2. Laguntza eman den egunetik aurrera aginduko da ordainketa, eta sortu, berriz, eskatutako dokumentazioarekin batera eskabidea aurkezten, edo, hala badagokio, zuzentzen den egunaren hurrengo hilaren lehen egunean.

  3. Behin-behineko aitorpenen kasuetan, sortzapen-eguna 12.2 artikuluan aipatutako dokumentazioa entregatzen den egunaren hurrengo hilaren lehen eguna izango da.

Dirulaguntza jasotzen duten pertsonek betebehar hauek dituzte:

  1. Laguntzen zenbateko osoa alokairuko etxebizitzaren errenta ordaintzeko erabiltzea.

  2. Alokabide SAn, urtero, aurreko artikuluaren bigarren paragrafoan aipatutako sortzapen-datatik, banku-transferentzia bidez errenta ordaindu izana ziurtatzen duen agiria. Dokumentu horretan adierazi beharko dira, gutxienez, agindu-emailearen datuak, onuraduna, ordaindutako errentaren hilabetea eta urtea, kontu-zenbakiak, zenbatekoa eta finantza-entitatearen baliozkotzea, eragiketa behar bezala egin dela modu frogagarrian bermatzen duena.

  3. Urtero, laguntza ematen den egunetik aurrera, hauek aurkeztea:

    11.1 d) artikuluan aipatutako diru-sarreren egiaztagiriak, eskabidea aurkeztu ondorengo zergaldiei dagozkienak.

    Dokumentazioa aurkezteko epea hilabetekoa izango da, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egiteko epea amaitzen denetik aurrera.

    11.1 artikuluko a), b), c), i) eta j) apartatuetan jasotako gainerako betekizunak betetzen direla erakusten duten ziurtagiriak.

  4. Dirulaguntza emateko arrazoi izan ziren baldintzak aldatzen badira, Alokabide SAri jakinaraztea.

  5. Hala erabakiko balitz, bidegabeki kobratutako kopuruak itzultzea.

  6. Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak dirulaguntzaren destinoa fiskalizatzeko lanetan eskatutako informazio oro aurkeztea.

  7. Pertsona interesdunek 3. apartatuan adierazitako dokumentuak ez aurkezteko eskubidea dute, baldin eta ez badute eragozpenik jartzen etxebizitzaren arloko sail eskudunak edo Alokabide SA sozietateak gainerako administrazio publikoetan eskuragarri dauden dokumentuak elektronikoki kontsultatzeko edo eskuratzeko, sare korporatiboen bidez edo datu-bitartekaritzako plataformak edo horretarako prestatutako beste sistema elektroniko batzuk kontsultatuz.

  1. Etxebizitza, errentaren zenbatekoa, norberaren izenean ordaindutako zatia edo errentakideak aldatuz gero, laguntzari buruzko ebazpena ere aldatu egingo da, baldin eta onuradunek baldintzak betetzen jarraitzen badute eta egiaztagiriak aurkezten badituzte.

  2. Guraso bakarrekoak ez diren familia-unitateen kasuan, onuraduna hiltzen, banantzen edo dibortziatzen denean, laguntzari buruzko ebazpena aldatu egingo da, familia-unitateko gainerako pertsonek baldintzak betetzen badituzte.

Gaztelagun programaren alokairurako laguntzak honako arrazoi hauengatik azkenduko dira:

  1. Laguntza jasotzeko gehieneko adinera iristea (36 urte). Familia-unitateen kasuan, nahikoa izango da onuradunetako bat adin horretara iristea.

  2. Laguntza emateko arrazoi izan ziren baldintzak ez betetzea.

  3. Onuradunak uko egitea.

  4. Onuraduna hiltzea, banantzea edo dibortziatzea, 16.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan izan ezik.

  5. Emandako datuetan edo eskabideari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenetan iruzur egitea.

    15. artikuluan aurreikusitako betebeharrak ez betetzea.

Bidegabeki jasotako dirulaguntzak azkentzeko eta itzultzeko prozedura bi testu hauetan ezarritakoaren araberakoa izango da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikulua, 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutakoa, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

Zehapen-araubidea honako testu hauetan aurreikusitakoa da:

  1. Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legearen X. kapitulua, eta, zehazki, 84. artikuluko ñ) letra, falta astun gisa hartzen duena pertsona onuradunek etxebizitzaren edo birgaitzearen arloan jasotzen dituzten laguntzak haiek ematea eragin zuten xedeez bestelako batzuetara bideratzea.

  2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. titulua.

Agindu hau Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2018ko abenduaren 18ko Aginduaren babesean emandako laguntzei aplikatuko zaie agindu horrek etxebizitzaren alokairurako Gaztelagun programaren laguntzak arautzen eta deitzen ditu (2019ko abenduaren 10eko Aginduak aldatu zuen), laguntza horiek indarrean jarraitzen duten bitartean eta onuradunek hala eskatzen badute.

Eskaera agindu hau indarrean jarri eta ondorengo hiru hilabeteetan aurkeztu ahal izango da, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/servicios/gaztelagun), Zuzenean Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan eta Alokabide SA sozietate publikoaren egoitzan eskuragarri dagoen eredu ofizialaren arabera.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

2022ko abenduaren 31ra arte eskatutako Gaztelagun programako laguntzak finantzatzeko 2022 ekitaldian esleitutako kredituen zenbatekoa 7.593.359 eurokoa da, honela banatuta:

2022. urtea - 3.819.492 euro.

2023. urtea - 3.773.867 euro.

Pertsonako eta hileko laguntzaren gehieneko zenbatekoa 275 eurokoa da, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2022ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzeko abenduaren 23ko 11/2021 Legearen zazpigarren xedapen gehigarrian adierazitakoaren arabera.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 53.2 artikuluarekin bat, Alokabide SA sozietate publikoak ez du aurkeztu beharko bermerik laguntzak kudeatzeko aurreratuko zaizkion funts publikoen zenbatekoagatik.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 26a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.