Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2017ko urriaren 27koa, Osasuneko sailburuarena, Euskadiko osasun-zentroetako eta -zerbitzuetako pazienteen segurtasun-batzordeak garatzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Osasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 220
  • Hurrenkera-zk.: 5523
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2017/10/27
  • Argitaratze-data: 2017/11/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Sailak; Industria; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Osasun-sistemak eta jarduera klinikoaren inguruneak gero eta konplexuagoak direnez, osasun-lanbideetan jarduteko egoera berriak sortu dira; izan ere, prozesuen, teknologien eta giza interakzioen konbinazio konplexuaren ondorio da kontrako efektuen ehuneko handi bat. Horregatik, pazientearen segurtasuna lehentasuna ez ezik, asistentzia-kalitatearen funtsezko osagaia ere bada.

Osasun-sistemek ahalik eta gehien bermatu behar dute pazienteen segurtasuna, segurtasun-gertaerak izateko probabilitatea ahalik eta gehien murriztuta (kuasi-gertaerak, katerik gabeko segurtasun-gertaerak, kaltedun segurtasun-gertaerak edo kontrako gertaerak).

Maiatzaren 17ko 78/2016 Dekretuak (Euskadiko osasun-zentroetan eta -zerbitzuetan osasun-laguntza jasotzen duten pazienteen segurtasun-neurriei buruzkoa) 5. artikuluan zehazten ditu osasun-zentroetako eta -zerbitzuetako pazienteen segurtasun-batzordeen ezaugarriak. Aipatutako artikuluaren 4. puntuak adierazten du ezen Osasuneko sailburuaren aginduz zehaztuko direla osasun-zentro eta -zerbitzuen kasuak eta baldintzak, baldin eta haietan ez bada posible edo eraginkorra halako batzordeak eratzea.

Bestalde, pazienteen segurtasunean eskumena duen Osasun Sailaren zuzendaritzak osasun-zentroak eta -zerbitzuak taldekatzeko irizpideak ezarri ditu aipatutako dekretuaren 5. artikuluan aurreikusitako pazientearen Segurtasun Batzordeak eratzeko.

Maiatzaren 17ko 78/2016 Dekretuko (Euskadiko osasun-zentroetan eta -zerbitzuetan osasun-laguntza jasotzen duten pazienteen segurtasun-neurriei buruzkoa) aurreikuspenak garatzeko da, beraz, agindu hau.

Horrenbestez, honako hau

Hona hemen agindu honen xedea:

  1. Ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-zentroek eta -zerbitzuek zein kasu eta baldintzatan eratu ahal izango duten pazientearen segurtasun-batzorde bat baldin eta zentro eta zerbitzu horiek otsailaren 21eko 31/2006 Dekretuan (zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak baimentzen ditu) aurreikusitako baimen-araubidearen mende badaude; batzorde horrek zerbitzua hainbat zentrori emango die edo, maiatzaren 17ko 78/2016 Dekretuaren (Euskadiko osasun-zentroetan eta -zerbitzuetan osasun-laguntza jasotzen duten pazienteen segurtasun-neurriei buruzkoa) 5.4 artikulua garatuta, haien berariazkotasunetara egokitutako formulak aplikatuko ditu.

    Hori guztia 4. artikuluan deskribatzen diren pazienteen segurtasun-arloko Osasun Saileko zuzendaritza eskudunak osasun-zentro eta -zerbitzuak taldekatzeko ezarritako irizpideekin bat.

  2. Prozedura bat ezartzea aginte sanitarioaren aurrean egiaztatzeko osasun-zentro eta -zerbitzuetako pazientearen segurtasun-batzordeak eratu direla (aurrerantzean, segurtasun-batzordeak).

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-zentro eta -zerbitzu guztiek segurtasun-batzorde bat izan beharko dute, baldin eta otsailaren 21eko 31/2006 Dekretuan (zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak baimentzeari buruzkoa) aurreikusitako baimen-araubidearen mende badaude zentro eta zerbitzu horiek.

  2. Pazientearen segurtasun-batzordearen funtzioak eta eraketa maiatzaren 17ko 78/2016 Dekretuaren 5. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan ezarritakoak dira.

  3. Hainbat zentrori zerbitzua ematen dien edo agindu honetako 5. artikuluan ezartzen diren modalitateetako zerbitzuak ematen dituen segurtasun-batzorde bat eratu ahal izango dute, hurrengo artikuluan ezartzen diren segurtasun-batzorde propio bat eratzeko ezintasuna edo eraginkortasunik eza zehazten duten inguruabarrak dituztela egiaztatzen duten zentroek edo zerbitzuek.

  1. 78/2016 Dekretuaren 5.4 artikuluan ezarritakoa garatzeko, honako definizio hauek ezarri dira:

    1. Dimentsioa: agindu honen ondorioetarako plantilla eta, zehazki, pazientearen segurtasunerako kudeaketa-lanak egiteko gaitasuna duen pertsonala hartzen ditu barnean.

    2. Aniztasun baxua: Lurralde Historiko berean asistentzia-eskaintza bera duten lau zentro baino gutxiago egotea da.

    3. Prozeduren konplexutasuna: artikulu honen ondorioetarako kirurgia txiki anbulatorioa eta prozedura kirurgiko ez-anbulatorioak dituztenak dira.

  2. Segurtasun-batzorde propio bat eratzeko ezintasuna eragin dezaketen inguruabarrak hauek dira: Zentro edo zerbitzu batean 6 langile baino gutxiago izatea, 78/2016 Dekretuko 5. artikuluko 2. eta 3. zenbakietako betebeharrak betetzeko gaitasuna duen pertsonalik ez izatea, edo langile horien jarduera koordinaturik ez izatea.

  3. Hainbat pazienteri zerbitzua emateko segurtasun-batzorde bate eratzeko aukera emango luketen inguruabarrak hauek dira:

    1. Osasun-zentroa edo -zerbitzua beste zentro edo zerbitzu batzuekin baliabideak partekatzeko moduan egotea, korporazio, talde edo erakunde berekoa den kontuan izanda, eta korporazio, talde edo erakunde horrek 78/2016 Dekretuko 5. artikuluko 2. eta 3. zenbakietako betebeharrak betetzeko gaitasuna duen pertsonala izatea. Gaitasuna duen pertsonala duela ulertuko da, baldin eta (korporazioko, taldeko, etab.) langile guztien gutxienez 2k egiaztatzen badute gutxienez 20 orduko prestakuntza jaso dutela pazientearen segurtasunaren arloan (agindu honetako xedapen gehigarrian adierazitako edukiarekin).

    2. Osasun-zentro edo -zerbitzua asistentzia-eskaintza bera egiten duten edo eraikin berean dauden zentro edo zerbitzuekin ezagutza partekatzeko edo prozedura konplexuak lantzeko prest egotea, betiere egiaztatzen bada maiatzaren 17ko 78/2016 Dekretuaren 5. artikuluko 2. eta 3. zenbakietako betebeharrak betetzeko gaitasuna duen pertsonala izango dela. Gaitasuna duen pertsonala duela ulertuko da, baldin eta zentro bakoitzeko gutxienez batek egiaztatzen badu 20 orduko prestakuntza jaso duela pazientearen segurtasunaren arloan (agindu honetako xedapen gehigarrian adierazitako edukiarekin).

  4. Nolanahi ere, Osasun Saileko segurtasun-arloko zuzendaritza eskudunari dagokio zehaztea ea badauden pazientearen segurtasun-batzorde propio bat eratzeko ezintasuna edo eraginkortasunik eza zehazten duten inguruabarrak.

Aipatutako maiatzaren 17ko 78/2016 Dekretuaren 5.4 artikuluan adierazitako pazientearen segurtasun-batzorde bat eratzeko osasun-zentro eta -zerbitzuak taldekatzeko irizpideak honako hauek dira:

  1. Titulartasuna. Titulartasun bereko osasun-zentro eta -zerbitzuak, kontuan izan gabe horien kokapena edo egindako jarduera, betiere 78/2016 Dekretuaren 5.2 artikuluan ezarritako funtzionamenduaren eta funtzio-betetzearen efizientzia bermatzen bada.

  2. Titular desberdina duten zentroak lotzea. Beren artean nolabaiteko lotura duten osasun-zentro edo -zerbitzuak, esaterako zentro edo eraikin berean jarduerak egitea, hurbiltasun geografikoa edo jarduera bera garatzea, betiere 78/2016 Dekretuaren 5.2 artikuluan ezarritako funtzionamenduaren eta funtzio-betetzearen efizientzia bermatzen bada.

  3. Elkargo profesional batera atxikitzea. Osasun-zentroek, bereziki profesional kopuru txikia dutenak, elkargo edo elkargoen arteko batzorde bati atxikita egon daitezke baldin eta zentro horretako pertsonala elkargoko segurtasun-batzordea mende dagoen elkargo profesional batean elkargokidea bada edo elkargoko kide izateko alorrean asistentzia-eskaintza bat egiten badu.

  1. Pazientearen segurtasun-batzorde propioa eratu ahal izango du maiatzaren 17ko 78/2016 Dekretuaren 5.2 artikuluan ezarritako funtzioak era efizientean betetzeko prest dagoen edozein zentro edo zerbitzu sanitariok.

    2.3 artikuluan adierazitako osasun-zentro eta -zerbitzuek segurtasun-batzordeak eratu ahal izango dituzte modalitate hauek kontuan hartuta:

    1. Zentroen arteko segurtasun-batzordea. Titular baten mendeko osasun-zentro eta -zerbitzuek segurtasun-batzorde bat sortzea adostu ahal izango dute, kokapena, jarduera edo asistentzia-eskaintza edozein dela ere. Horretarako, egiaztatu beharko dute agindu honetako 4. artikuluaren a) irizpidea gauzatzen dela, eta prest daudela batzorde horren bidez maiatzaren 17ko 78/2016 Dekretuaren 5. artikuluan ezarritako funtzioak betetzeko.

    2. Segurtasun-batzorde mankomunatua. Osasun-zentro edo -zerbitzuek ez badute titular bera baina beren artean nolabaiteko lotura badute (esaterako, zentro edo eraikin berean jarduera garatzea, hurbiltasun geografikoa, jarduera bera garatzea eta asistentzia-eskaintza bera izatea) pazientearen segurtasun-batzorde mankomunatu bat eratu ahal izango dute. Horretarako, egiaztatu beharko dute 4. artikuluaren b) irizpidea gauzatzen dela, eta prest daudela batzorde horren bidez maiatzaren 17ko 78/2016 Dekretuaren 5. artikuluan ezarritako funtzioak betetzeko.

    3. Elkargoko segurtasun-batzordeko kide egitea. Zentroak elkargoko segurtasun-batzordearekin bat egin ahal izango du edo, hala badagokio, Lurralde Historikoko edo Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-zentro eta -zerbitzuak biltzen dituen elkargoen arteko batzorde batekin. Horretarako, egiaztatu beharko dute 4. artikuluaren c) irizpidea gauzatzen dela, eta prest daudela batzorde horren bidez maiatzaren 17ko 78/2016 Dekretuaren 5. artikuluan ezarritako funtzioak betetzeko.

  1. Zentro eta zerbitzuek Osasun Saileko segurtasunaren alorreko zuzendaritza eskudunari jakinaraziko diote dagokion modalitatean segurtasun-batzordeak eratu direla, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez. Jakinarazpen hori bitarteko elektronikoz egin beharko da, honako helbide elektronikoan jasotako formularioa betez:

    http://www.euskadi.eus/komunikazioa/pazientearen-segurtasun-batzordearen-eraketa-komunikazioa/web01-s2osa/eu/

    Formulario hori uneoro eguratatuta egongo da, eta honako hau adierazi beharko da:

    1. Agindu honetako 5. artikuluan ezarritako modalitateen arabera aukeratutako modalitatearen deskribapena, kasua bada, eta horren justifikazioa.

    2. Hainbat zentrori edo zerbitzuri zerbitzua emateko segurtasun-batzorde bat eratzeko zehazten diren inguruabarrak (agindu honen 3. artikuluan zehaztutakoak) betetzen direla egiaztatzea, kasua bada.

    3. Batzorde horren osaeraren deskribapena, 78/2016 Dekretuaren 5.3. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, kideak izendatuta. Batzordeak paritarioak izateko ahalegina egingo da, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearekin bat etorriz. Era berean, generoaren arloan prestakuntza duen pertsona baten partaidetza sustatuko da, bidezkoa bada.

  2. Jakinarazpena segurtasun-batzordea eratzeko epeak amaitu baino lehen egiaztatu beharko da. Era berean, batzordeko aldaketak jakinarazi beharko dira gertatzen direnean.

Agindu honen 3. artikuluan aipatzen den pertsonalaren gaitasuna ziurtatzeko gutxieneko prestakuntza egiaztatzeko, berariazko prestakuntzako ikastaro bat egin behar da, honako alderdi hauek garatuko dituen programa bat izango duena:

Pazientearen segurtasunari buruzko kontzeptu orokorrak ulertzea.

Pazientearen segurtasunarekin lotutako terminologia eta taxonomia interpretatzea.

Arriskuen kudeaketaren zikloa osatzen duten faseak eta elementuak identifikatzea.

Kontrako gertaerak jakinarazteko sistemak ezagutzea.

Osakidetzeko Segurtasun Estrategian jasotako ekintza-ildoak eta proiektuak ezagutzea, baldin eta garatzen duen berariazko jardueraren arabera osasun-zentroan aplikatzekoak badira, edo honako segurtasun-protokolo hauen artean 3 ezagutzea: pazienteen identifikazio zuzena, medikazio akatsen prebentzioa, segurtasun kirurgikoa, osasun-laguntzan hartutako infekzioen prebentzioa, erorketen prebentzioa, presio-ultzeren prebentzioa, segurtasun erradiologikoa.

  1. Agindu honen 5. artikuluan ezarritako modalitateen babespean eratutako segurtasun-batzordeak hura indarrean sartu eta hilabeteko epean eratu beharko dira, eta epe horretan egiaztatu beharko da hori Segurtasun Sailean pazienteen segurtasunaren arloan eskumena duen zuzendaritzan.

  2. Sei hilabeteko epean, 4. artikuluko c) letran aipatutako elkargo profesionalek Segurtasun Sailean pazienteen segurtasunaren arloan eskumena duen zuzendaritzari jakinarazi beharko diote Lurralde Historikoko bereko edo Euskal Autonomia Erkidegoko elkargoetako edo, hala badagokio, elkargoen arteko batzordeetako segurtasun-batzordeak (agindu honen 5.2 c artikuluan aipatutakoak) eratu direla, bai eta haien ezaugarriak ere, zentroek horiekin bat egiteko aukera izan dezaten, artikulu horretan adierazitakoarekin bat etorriz.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 27a.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.