Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2017ko martxoaren 14koa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena eta Hezkuntzako sailburuarena. Haren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoan ikastetxe baten eraldatze, fusio edo banatze batetik datozen titulartasun pribatuko lanbide-heziketako ikastetxe bateratuak baimentzeko prozedura ezarri da, baita baimen hori aldatzekoa eta iraungitzekoa ere.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila; Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 67
  • Hurrenkera-zk.: 1739
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2017/03/14
  • Argitaratze-data: 2017/04/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketako ikastetxe bateratuak arautzeko apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 2. artikuluak, Kualifikazio eta Prestakuntza Profesionaletako ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren testuinguruan, aipatzen du lanbide-heziketako ikastetxe bateratuak direla aipatutako dekretuan ezarritako baldintzak betetzeaz gain, Lanbide Kalifikazioen Katalogo Nazionalean jasotako prestakuntza-eskaintza guztiak ematen dituztenak. Prestakuntza-eskaintza horiek lanbide-heziketako tituluak eta profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratuta daude, baimendu zaizkien lanbide-arloei dagokienez, edo horretarako sortu edo baimendu direnei dagokienez.

Dekretu horrek berak, 3. artikuluan, adierazten du lanbide-heziketako ikastetxe bateratuek erdi-mailako eta goi-mailako lanbide-heziketako irakaskuntza eta enplegurako lanbide-heziketa emango dituztela, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak xedatutako gutxieneko lanbide-arloekin lotutakoak.

Apirilaren 1eko aipatutako 46/2014 Dekretuaren 7. artikuluan, lanbide-heziketako ikastetxe bateratuek bete behar dituzten baldintzak azaltzen dira: besteak beste, kalitatea kudeatzeko sistema edukitzearen baldintza oso ohikoa da Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeen tradizio luzean. Tradizio horri aurreko mendean hasi zen, eta kalitatea kudeatzeko sistema homologatuz hornitzean datza, zerbitzuak hobeto kudeatzeko.

Gainera, apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 8. artikuluak ezartzen du hezkuntzaren eta enpleguaren arloan eskumena duten sailek, batera emango duten agindu baten bidez, eta ikastetxe pribatuaren titularraren eskariz, lanbide-heziketako ikastetxe pribatu bateratuak baimen ditzaketela, dekretu honetan ezarritako baldintzen arabera.

Beraz, lanbide-heziketako ikastetxe bateratuak baimentzea proposatzen da. Lanbide-heziketako ikastetxe bateratuen baterako sarea ahalbidetuko da, eta, ikastetxe horien bidez, apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuan deskribatutako xedeak bermatu eta bultzatu ahal izango dira.

Hortaz, aipatutako araudian xedatutakoari jarraituz, titulartasun pribatuko lanbide-heziketako ikastetxe bateratuak baimentzeko prozeduran jarraitu beharreko izapidetze administratiboa zehaztu behar da, bai eta baimen horien aldaketak edo iraungitzeak ere. Hori guztia kontuan izanik,

Agindu honen xedea da titulartasun pribatuko lanbide-heziketako ikastetxe bateratuak baimentzeko administrazio-prozedura arautzea, bai eta baimenaren aldaketa eta iraungitzea ere. Ikastetxe horiek sortu dira hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa eta enplegurako lanbide-heziketa emateko indarreko baimena eta egiaztapena duten ikastetxeen eraldatze, fusio edo banatze batetik.

Apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuarekin bat eginez, baimena emateko, lanbide-heziketako ikastetxe bateratuak arautu behar dira, eta, aldi berean, honako betekizun hauek bete behar dira:

  1. Lanbide-heziketa ez diren hezkuntza-sistemako beste irakaskuntza mota batzuetarako baimenik ez edukitzea.

  2. Aldez aurretik hezkuntza-administrazioren baimena eta lan-arloko administrazioaren egiaztapena izatea; bai eta Lanbide Kalifikazioen Katalogo Nazionalean jasotako prestakuntza-eskaintza guztiak ematea. Eskaintza horiek, gutxienez, hiru lanbide-arlorekin lotutako lanbide-heziketako eta profesionaltasun-ziurtagiriko tituluei egokitu behar zaizkie, eta horietako bakoitzean, gutxienez, goi-mailako heziketa-ziklo bat egon behar da. Bestalde, lanbide-heziketako zein enplegurako lanbide-heziketako titulu horiek ematen, gutxienez, bost ikasturte osoko esperientzia izan behar da, baimen-eskaera aurkeztu den egunaren aurretik.

    Hala ere, salbuespen gisa eta behar bezala justifikatu bada, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen erakundeak proposatuta, baimena eman ahalko zaie hiru lanbide-arloko gutxieneko kopurua betetzen ez duten lanbide-heziketako ikastetxe bateratuei, baldin eta ematen dituzten lanbide-arloak edo dagokien produkzio-sektoreak bereziak badira.

  3. Eskaintza modular eta malgua izatea, lanbide-heziketako hainbat sistemara iristen dena, eta herritarren eskaeretara nahiz produkzio-sistemak eragindako beharretara egokitzen dena.

  4. Azken bost urteetan ibilbide aitortua eta nabarmena izatea jarduera hauetan parte hartzen: berrikuntza teknologikoan edo didaktikoan, inguruko produkzio-sistemarekin berrikuntzaren arloko loturak ezartzekoetan, kultura ekintzailea eta enpresa-sorkuntzakoa bultzatzekoetan, produkzio-prozesuak hobetu eta garatzekoetan, eta lanbide-heziketako sistemekin lotutako eskaintzak garatzekoetan.

    Aipatutako alorretan ibilbide aitortua eta nabarmena izateari buruzko eskaera hori betetzat joko da, honako egoera hauek bat egiten dutenean:

    1. Lanbide Heziketako Sailburuordetzarekin berrikuntza teknologikoko proiektuak egin izana azkeneko bost urteetatik hirutan, edo, aipatutako denbora-tartean, ikaskuntzetako berrikuntza teknologikoko proiektuetan era jarraituan eta iraunkorrean parte hartu izana.

    2. Inguruko produkzio-sistemarekin loturak egin izana, berrikuntza-arloari dagokionez, azken bost urteetatik hirutan.

    3. Produkzio-prozesuak hobetzen eta garatzen lagundu izana, azken bost urteetatik hirutan.

    4. Kultura ekintzailea eta enpresak sortzeko kultura sustatu izana, azken bost urteetatik hirutan, Eje, Ikasenpresa, Urratsbat edo antzeko proiektuetan, edo hezkuntza-administrazioak sustatutako edo babestutako berrikuntza kudeatzeko proiektuetan parte hartuz.

    5. Lanbide-heziketako sistemekin lotutako eskaintzak garatzeari dagokionez: azken bost urteetan, batez beste, urteko 1.000 orduko iraupeneko enplegurako prestakuntza-jarduerak eman izana, bai Hobetuzek edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egindako deialdietakoak bai enpresek eskatutakoak.

    6. Sistema normalizatua eta, ISO 9001 Nazioarteko Arauaren arabera, kalitate-kudeaketako ziurtagiria edukitzea. Arau hori lanbide-heziketako zerbitzu guztiak emateko bermeari dagokio. Bestela, ziurtagiri hori 1 urteko epean lortzeko konpromisoa hartu beharko da. Ziurtagiria horretarako eskumena duen erakunde batek eman beharko du, eta ziurtagiria ematen duen erakundeak ezarritako protokoloarekin bat datorren epean behar bezala berritu eta eguneratu beharko da.

      Halaber, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak sustatutako eta babestutako kudeaketa-, autoebaluazio- eta hobekuntza-eredua behar bezala ezarrita izan beharko du, ikastetxearen kudeaketa-mailaren iraunkortasuna eta etengabeko hobekuntza bermatzeko.

  5. Nahikoa irakasle, prestatzaile eta aditu profesional izatea, dagozkien funtzioak betetzeko. Profesional horiek hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa eta enplegurako lanbide-heziketa arautzen dituen araudian ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, bai eta baimendutako titulu eta profesionaltasun-ziurtagiri zehatzak arautzen dituen araudikoak ere.

  6. Administrazioko eta zerbitzuetako behar adina langile izatea, administrazio-kudeaketako zereginetarako eta zaintza- eta mantentze-zerbitzuetarako.

  7. Apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuko 5.b) eta 6.1.b) artikuluetan jasotako informazio-zerbitzurako eta lanbide-orientaziorako behar den azpiegitura izatea.

  8. Gainera, itunpeko ikastetxe pribatuen kasuan, honako hauek:

    1. Apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 14. artikuluan aipatutako gobernu-organoa eta parte-hartzeko organoa osatzeko konpromisoa.

    2. Apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 11. artikuluan jasota dauden proiektu funtzionala eta urteko plangintza eratzeko eta onesteko konpromisoa.

  9. Ikastetxeko titularraren ardura izango da instalazioek baldintza higienikoak, akustikoak, bizigarritasunekoak, segurtasunekoak eta pertsonentzako sarbide arruntetakoak betetzea; gainera haren arduran izango da desgaitasuna duten pertsonentzako aurreikusitako neurriak betetzea, indarreko legeriak eskatutakoak.

  10. Zerbitzuak bi hizkuntza ofizialetan ematen direla bermatuko da, irakaskuntzari zein administrazioari dagokienez, bai eta beste edozein zereginean ere, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean, abenduaren 22ko 6/2003 Legean eta pertsonen hizkuntza-eskubideak jasotzen dituen uztailaren 1eko 123/2008 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

  1. Eskaera eta dokumentazioa aurkezteko epea urte bakoitzeko iraileko lehen egun baliodunetik urte bakoitzeko apirileko azken egun baliodunera artekoa izango da. Eskaera epe horretatik kanpo aurkeztuz gero, prozedura izapidetzeko eskumena duen zuzendaritzak eskaera ez onartzeko ebazpena emango du, epez kanpo aurkezteagatik. Adierazpen horrek administrazio-bidea amaitutzat joko du.

  2. Eskaera eta dokumentazioa ikastetxeak baimentzeko zuzendaritza eskudunari igorriko zaio, hezkuntza alorreko eskumeneko sailekoa denari. Honela aurkeztu ahal izango da:

    1. Presentzialki: ahal izanez gero, helbide honetan:

      Eusko Jaurlaritza, hezkuntza alorreko eskumeneko Saila, Donostia kalea 1 01010 Vitoria-Gasteiz.

      Halaber, Zuzenean zerbitzuko herritarrentzako arreta-bulegoetan aurkeztu ahal izango da, Bizkaian (On Diego López de Haroko kale nagusia, 85, 48011 Bilbo), Gipuzkoan (Andia kalea 13 20003 Donostia) eta Araban (Ramiro de Maeztu kalea 10, behe solairua 01008, Vitoria-Gasteiz); baita apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan zehaztutako edozein bulegotan ere, EAEko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako erregistroak sortzeari, antolatzeari eta funtzionatzeari buruzko dekretuan, hain zuzen.

      Era berean, eskaerak posta-bulegoetan aurkez daitezke, eta han aurkezten badira, gutun-azal irekian eramango dira. Horrela, eskaeraren goiko aldean adierazi ahal izango da zer egunetan eta ordutan onartu diren postetxean.

    2. Elektronikoki: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Erregistro Elektronikoaren bidez.

  3. Eskaerak argibide hauek bilduko ditu:

    1. Baimena eskatzen duen pertsona fisiko edo juridikoa.

    2. Egindako prozesua, existitzen diren ikastetxeei dagokienez:

      Eraldatzea.

      Fusioa.

      Banatzea.

    3. Eragindako ikastetxeen izendapena eta titulartasuna.

    4. Bateratutako ikastetxeari proposatzen zaion izendapena.

    5. Ikastetxearen kokapena.

    6. Emango diren irakaskuntzak.

    7. Eskola-unitate eta -postu kopurua.

  4. Eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

    1. Titularra pertsona fisikoa bada:

      Nortasun Agiri Nazionalaren kopia, edo, nazionalitatea ez izatekotan, nortasun-agiri baliokidea; administrazioari pertsonaren nortasun-datuak zuzenean edo baliabide elektronikoen bidez lortzeko baimena ematen ez bazaio.

      Ordezkari baten bidez egingo balitz, herri-administrazioen administrazio-prozedura erkidea arautzen duen legean aurreikusitakoarekin bat eginez, ordezkaritza egiaztatzen duen dokumentua.

      Hezkuntzarako Eskubideari buruzko 8/1985 Lege Organikoko 21. artikuluak aipatzen duen egoeraren batean ez dagoela dioen adierazpena.

    2. Titularra pertsona juridikoa bada:

      Dagokion sozietatearen, fundazioaren edo erakundearen osaera-dokumentua, Merkataritza Erregistroan izena emanda dagoena, baldin eta aplikagarria den legeriak baldintza hori eskatzen badu. Hala ez bada, nortasun juridikoaren egiaztapena eta erakundearen jarduteko ahalmena frogatzeko agiri hauetako kopia kauto bat aurkeztu behar da: dagokion erregistro ofizialean inskribatutako eratze-eskritura edo -agiria, estatutuen agiria edo sortze-egintzaren agiria, jarduerari buruzko arauak zehazten dituena.

      Erlijio-erakunde baten kasuan, Justiziako Ministerioko Erlijio Erakundeen Erregistroan izena eman duela adierazten duen ziurtagiria eman beharko da.

      Erakundearen lege-ordezkariaren Nortasun Agiri Nazionala, edo, nazionalitatea ez badu, nortasun-agiri baliokidea; administrazioari pertsonaren nortasun-datuak zuzenean edo baliabide elektronikoen bidez lortzeko baimena ematen ez bazaio; baita ordezkaritza-gaitasuna egiaztatzeko dokumentua ere, Merkataritza Erregistroan behar bezala izena emanda, baldin eta baldintza hori eskatzen zaion sozietate bat bada.

      Erakundearen zuzendaritza-karguak betetzen dituzten pertsonek (edo erakundearen kapital sozialaren % 20ren edo gehiagoren titularrak direnek) Hezkuntzarako Eskubideari buruzko 8/1985 Lege Organikoaren 21. artikuluan ezarritako debekuak egin ez dituztela egiaztatzeko adierazpena aurkeztu beharko dute, erakundearen lege-ordezkariak izenpetuta.

    3. Baldintza guztiak betetzen direla adierazteko memoria, betetze horren oinarri diren elementuak eta egoerak xehetasunez deskribatuta.

    4. Lanbide-heziketako eta profesionaltasun-agirietako tituluak emateko araudiak eskatzen duen ekipamenduari dagokionez, eskuragarri dagoen ekipamenduaren zerrenda, eta, hori erabiltzeko, erabilgarritasuna edo jabegoa egiaztatzeko titulu juridikoa.

    5. Ikastetxeko instalazioen planoa.

    6. Langileen, prestatzaileen eta adituen zerrenda, baita haien titulazioak, egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna eta irakaskuntza-esleipena egiaztatzeko gainerako dokumentuak ere.

Kasu bakoitzean, hurrengo artikuluan zehazten diren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, zuzendaritza eskudunak idatziz jakinaraziko dizkio eskatzaileari zer datu eta agiri zuzendu behar dituen eskaera era egokian aurkezteko; eskatzaileak idazkia jaso duela espedientean adieraziko da eta, idazki horretan, hamar eguneko epea emango zaio eskatutako datuak edo agiriak aurkezteko. Hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta beste izapiderik gabe artxibatuko dela adieraziko zaio.

  1. Prozedura bideratzeko eskumena ikastetxeak baimentzeko zuzendaritza eskudunak izango du, hezkuntza alorrean eskumena duen sailekoak, hurrengo ataletan aipatzen diren txostenak eta ebazpena egiteko egokitzat jotzen diren txostenak egin ondoren.

  2. Prozedura bideratzean, pertsona interesdunari beharrezkotzat jotzen den informazio edo dokumentazio gehigarria eskatu ahalko zaio, eskatutako baldintzak benetan betetzen dituela egiaztatzeko.

  3. Ikastetxeak baimentzeko zuzendaritza eskudunak, hezkuntza alorrean eskumena duen sailekoak, 2. artikuluko honako zenbaki hauetan adierazten diren baldintzak betetzen direla egiaztatuko du: 1. zenbakian, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako tituluen ingurukoak; eta 5. artikuluan, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako tituluen ingurukoak.

  4. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko prestakuntza arloko zuzendaritza eskudunak 2. artikuluko honako zenbaki hauetan adierazitako baldintzak betetzen direla egiaztatutako du: 1. atalean, profesionaltasun-ziurtagirien inguruko baldintzak, 2. zenbakian eta 7. zenbakian, profesionaltasun-ziurtagirien inguruko baldintzak eta 10. zenbakian, profesionaltasun-ziurtagirien inguruko baldintzak.

  5. Lanbide-heziketan eskuduna den zuzendaritzak, hezkuntza alorrean eskumena duen sailekoak, egiaztatuko du 2. artikuluko 3. zenbakian ageri den baldintza betetzen dela eta, behar denean, artikulu horretako 1. zenbakian ageri den salbuespena betetzen dela.

  1. Baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten txostenak bidali ondoren eta entzunaldi-izapidearen ondoren, ikastetxeak baimentzeko eskumena duen zuzendaritzak, hala badagokio, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako eta enplegurako lanbide-heziketako eskumeneko sailen ebazpen-proposamena idatziko du.

  2. Ikastetxeak baimentzeko zuzendaritza eskudunaren txostenak aldaketa-proposamena bilduko du, edo, behar izanez gero, eragindako ikastetxeen indarreko baimenak indargabetzeko proposamena bilduko du.

  1. Baimentze-prozedura hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako eta enplegurako lanbide-heziketako eskumeneko sailek batera egindako agindu baten bidez ebatziko da. Agindu horrek administrazio-bidea amaitutzat joko du.

  2. Lanbide-heziketako ikastetxe bateratuaren funtzionamendua baimentzen duen aginduak, gutxienez, honako datu hauek bilduko ditu:

    Izendapen orokorra eta berariazkoa.

    Ikastetxearen kodea.

    Zentroaren titularra.

    Helbidea, udalerria eta lurralde historikoa.

    Baimentzen diren irakaskuntzak, hezkuntza-administrazioaren zein lanbide-administrazioaren berezko eskumen-alorrekoak.

    Hala badagokio, baimendutako eskola-unitateak edo -postuak.

  3. Baimen-agindu osoa pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta horren xedapen-zatia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

  4. Aginduak eskatutako baimena ukatuko balu, uko egitearen zergatia bilduko da eta eskatzaileari jakinaraziko zaio herri-administrazioen administrazio-prozedura erkidea arautzen duen legeak ezartzen duen moduan.

Lanbide-heziketako ikastetxe bateratuaren funtzionamendu-baimena ofizioz gordeko da ikastetxeak baimentzeko alorrean eskumena duen zuzendaritzaren Erregistroan, hezkuntza alorrean eskuduna den sailekoan, baita enplegurako lanbide-heziketaren alorrean eskuduna den Administrazioaren dagokion Erregistroan ere.

  1. Baimenak indarrean sartuko da eman eta hurrengo ikasturtearen hasieratik bertatik.

  2. Baimenak behartzen du lanbide-heziketako ikastetxe bateraturako araudi erregulatzaileak horrelako ikastetxeei ezartzen dizkien helburuak eta eginbeharrak betetzera.

  3. hezkuntza alorrean eskuduna den sailak emango du ikastetxe bateratua sortu duten ikastetxeen baimena aldatzeari edo, behar denean, berritzeari dagokiena.

  1. Hauek eragingo dute lanbide-heziketako ikastetxe bateratuaren baimena aldatzea: baimenean biltzen diren datuetako edozein aldatzeak edo instalazioak aldatzeak, aldaketa horrek baimena ematean kontuan hartu ziren espazioen dimentsioak aldarazten baditu edo espazio horien erabileran edo helburuan aldaketak eragiten baditu.

  2. Baimena aldatzeko eskaera baimena eskatzeko lekuan eta epean aurkeztuko da, eta entzunaldiaren ondoren bideratuko, informatuko eta ebatziko da; irekitze- eta funtzionamendu-baimena eman behar duen organo berberek emango dute. Hala ere, eskaerak aldatzea eskatzen dituen muturrak aldatzea justifikatzeko dokumentazioa baino ez du behar, eta mutur horien inguruko txostenak baino ez dira bidaliko.

  3. Aldaketa onartzen duen aginduak administrazio-bidea amaitutzat joko du eta dagokion erregistroan gordeko da.

  1. Lanbide-heziketako ikastetxe bateratuaren irekitze- edo funtzionamendu-baimena iraungi egiten da ikastetxearen jarduerak bertan behera gelditu direlako edo baimena berariaz kendu delako.

  2. Amaitze-prozedura ikastetxeko titularrak eskatuta hasiko da jarduerak bertan behera uzten badira, eta, ofizioz, kentzearen kasuan.

  3. Hezkuntza-itunak dituen ikastetxeen kasuan, baimena ez da iraungiko, itunpeko ikastetxearen titularrak eskatuta, itunaren iraungitze-data heldu arte, hezkuntza-administrazioaren eta interesdunaren artean akordioa lortu ezean.

  4. Prozedura entzun ondoren bideratuko, informatuko eta ebatziko da, hala badagokio, eta irekitze- eta funtzionamendu-baimena eman behar duten organoek egingo dute. Iraungitze-prozedura ebazten duen aginduak administrazio-bidea amaitutzat joko du.

  5. Baimena kentzearen ondoriozko iraungitzea entzunaldiaren ondoren egingo da, ikastetxeak horrelako ikastetxeei arauz eskatzen zaizkien baldintzak edo betebeharrak betetzen ez dituenean, erregimen akademikokoak barne.

    Errebokatze-prozedura hasi baino lehen, ikastetxeak baimentzeko zuzendaritza eskudunak (hezkuntza alorreko eskumeneko sailekoa) titularrari nabarmenduko dizkio bete ez dituen baldintzak edo betebeharrak, akatsak zuzendu ditzan. Ematen zaion epean egiten ez badu, kasuan kasuko espedientea irekiko da. Adierazitako epearen iraupena zuzendu beharreko akatsaren araberakoa izango da.

    Errebokatze-espedientea ikastetxeak baimentzeko zuzendaritza eskudunak irekiko du, hezkuntza alorreko eskumeneko sailekoak. Espedientearen izapideak egindakoan ikustaldia eta entzunaldia emango zaizkio ikastetxearen titularrari. Izapide hori bete ondoren, interesdunak egindako jarduerak eta emandako alegazioak aztertuta, prozeduraren ebazpen-proposamena egingo zaie hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako eta enplegurako lanbide-heziketako eskumeneko sailen titularrei.

  6. Baimena iraungiko da horren adierazpenaren hurrengo ikasturtea hasten denean, jarraian adieraziko den salbuespenarekin.

    Aginduan ezar daiteke iraungitzea mailakakoa izatea, ikastetxeko ikasleek hezkuntza-ibilbidean aldaketarik ez izateko.

  7. Iraungitze-prozedura ebazten duen agindua 7. artikuluan ezarritakoarekin bat eginez jakinarazi eta argitaratuko da, eta, iraungitzea adierazten bada, kasuan kasuko erregistroetan baja emango da.

8/2011 Errege Lege Dekretuaren 26. artikuluarekin eta I. eranskinarekin bat eginez, lanbide-heziketako ikastetxe bateratuen baimentzeko, aldatzeko edo iraungitzeko eskaerak hiru hilabeteko epean ebatziko dira. Aipatutako epean ez badago berariazko ebazpenik, eskaera onartu dela ulertu ahalko da.

  1. Ikastetxe pribatuek egun baimenduta dauden irakaskuntza-egiturak moldatu ahalko dituzte, lanbide-heziketako ikastetxe bateratuaren aitorpena eskatzeko helburuarekin. Horretarako, apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako Ikastetxe Bateratuak arautzen dituena, 3.3 artikuluan adierazitako baldintza bete behar du, eta lanbide-heziketakoak ez diren irakaskuntzek beste ikastetxe bat banatu behar dute.

  2. Era berean, banatzea egiten bada, eratutako ikastetxeko edo ikastetxeetako irakaskuntzetarako baimenaren eskaera-espedientean betetzat joko dira horietarako irakaskuntza-espazioen, ekipamenduen eta irakasleen berariazko baldintzak, baimena emateko baldintzak mantentzen badira. Ikastetxearen titularrari baldintza horiek mantentzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena eskatuko zaio, hori egiaztatzeko egin daitezkeen jarduerei kalterik egin gabe.

  3. Espazio komuntzat joko dira honako hauek: banatzeak eratutako bi ikastetxeak, ikastetxea kudeatzeko eta administratzeko espazioak, irakasleen gelak, batzarretarako gelak, liburutegia, komunak, eraikinaren sarbideak, korridoreak, eskailerak, igogailuak...

  4. Gainera, irisgarritasunaren eta arkitektura-oztopoak kentzearen araudia bete beharko dute, baita martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuarena, Eraikuntzaren Kode Teknikoa onartzen duena.

  5. Banatu den ikastetxeak eta lanbide-heziketako ikastetxe bateratu izateko aitorpena eskatu duen zentroak batxilergoa ez den mailetan irakasten badute (haur-hezkuntzako 1. eta 2. graduak, lehen hezkuntza eta DBH), irakatsi ahal izateko bereizitako eta erabilera esklusiboko espazioak izan behar dituzte, sarbideak eta zirkulazio horizontalak eta bertikalak barne.

  6. Irakaskuntzen banatzeak eratutako ikastetxeak itundu ahalko dira, indarreko araudiari jarraituz.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 14a.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.