Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2015eko urtarrilaren 12koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, zeinen bidez ezartzen baitira eraikuntza- eta eraispen-hondakinen balorizaziotik sortutako agregakin birziklatuak erabiltzeko baldintzak.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 22
  • Hurrenkera-zk.: 507
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2015/01/12
  • Argitaratze-data: 2015/02/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Ingurumena; Industria; Hirigintza eta etxebizita

Testu legala

2012ko irailaren 3an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ekainaren 26ko 112/2012 Dekretua, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituena.

Dekretu horretako bigarren xedapen gehigarriak aurreikusten du Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak ezarriko dituela eraikuntza- eta eraispen-hondakinen balorizazio-lanaren emaitza gisa lortutako agregakin birziklatuak eta eraikuntza-materialak erabiltzeko baldintzak.

Xedapen horrekin bat etorriz, agindu honek baldintza horiek arautuko ditu; nolanahi ere, eguneraketak egin ahal izango dira aginduan, arlo horretako aurrerapen teknikoek eragindako erabilera berriak eta materialak gehitzeko.

Horrenbestez eta Jaurlaritzaren legeari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluak eta apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuak, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak, ematen didaten eskumena betez,

Agindu honen helburua da eraikuntza- eta eraispen-hondakinen balorizaziotik sortutako agregakin birziklatuak Euskal Autonomia Erkidegoan erabiltzeko baldintzak ezartzea; hartara, baimendutako erabilerak, erabilera-baldintzak, eta agregakin birziklatuen ekoizpenaren irizpideak nahiz kontrol-maiztasunak arautuko dira.

Agindu honen aplikazio-eremua da planta mugikor eta finkoetako eraikuntza- eta eraispen-hondakinen balorizaziotik sortutako agregakin birziklatuen mota oro, baldin eta agindu honetan jasotako aplikazioetan erabiltzen badira.

Agindu honen ondorioetarako, kontzeptu hauek definitu behar dira:

  1. Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen (EEH) agregakin birziklatua: aldez aurretik eraikuntzan erabili den material inorganikoa tratatzean sortzen den agregakina.

  2. Hormigoizko agregakin birziklatua: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen agregakin birziklatua da, baldin eta pisuaren % 90etik gorakoak badira hormigoia, hormigoi-produktuak, morteroak, hormigoizko igeltserotzarako piezak, agregakinak, harri naturalak eta aglutinatzaile hidraulikoekin tratatutako materialak (UNE-EN 13242 eta UNE-EN 933-11 arauetan zehazten dira osagai horiek); halaber, beira ezin da pisuaren % 2tik gorakoa izan. Ezinbestez, horren % 50, gutxienez, hormigoia, hormigoi-produktuak, morteroak eta igeltserotzarako hormigoizko piezak izango dira.

  3. Agregakin birziklatu mistoa: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen agregakin birziklatua da, baldin eta pisuaren % 70etik gorakoak badira hormigoia, hormigoi-produktuak, morteroak, hormigoizko igeltserotzarako piezak, agregakinak, harri naturalak eta aglutinatzaile hidraulikoekin tratatutako materialak (UNE-EN 13242 eta UNE-EN 933-11 arauetan zehazten dira osagai horiek); halaber, beira ezin da pisuaren % 2tik gorakoa izan. Gainerako osagaiak buztinezko (adreiluak eta teilak) edo kaltzio silikatozko igeltserotzako material zeramikoak izango dira, hormigoi zelular ez flotatzailea.

  4. Aplikazio aglutinatua: agregakinarekin batera, elementu konglomeratzailea erabiltzen den aplikazioa, egokiro bete dezan zeregina.

  5. Gainazal zigilatua: urtean, 6 mm-tik beherako infiltrazioa ziurtatzen duen gainazala.

  6. Betelan lokalizatua: obra-unitate bat da, material granularrak zabaltzeko eta trinkotzeko, bai zangetako betelanetan, bai fabrika-obretako estradosean, bai zimenduan eta estribuen euskarrian ere, bai, halaber, beste eremu batzuetan ere baldin eta ezin bada erabili gainerako betelanetan erabiltzen diren makineria-ekipoak edo eraikitzean arreta handiagoz jardun behar bada azalera murriztua dutelako, egiturazko konpromisoak dituztelako edo beste edozein gorabehera dutelako.

Agregakin birziklatuen ekoizpenean ezingo dira erabili lurzorua kutsatzeko arriskua duten jardueretako industria-aurrietako eraikuntza- eta eraispen-hondakinak. Salbuespena izango da baldin eta ingurumen-organoak, lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeko arloetan dituen eskumenak gauzatuta, aurretiaz erabakia eman badu industria-aurriaren garbiketa- eta saneamendu-lanak zuzen egin direla ziurtatuta.

  1. Agregakin birziklatuek erabilera hauek izan ditzakete, agindu honen I. eta II. eranskinetan adierazitako teknika-, ingurumen- eta ekoizpen-baldintzen zein -kontrolen pean, eta gerora gerta daitezkeen aurrerapen teknikoetan eragin gabe:

    a. Aglutinatu gabeko aplikazioak.

    1. Material granular hautatu gisa errepideen eraikuntzan, zabalgune hobetuak, lubetak edo antzeko beste obra-unitate batzuk egiteko.

    2. Material granular hautatu gisa, gainazal zigilatuaren azpiko betelan lokalizatuetan.

    3. Material granular hautatu gisa industria- edo egoitza-eremuetako urbanizazio- proiektuetan, beti gainazal zigilatuaren azpian.

    4. Zagor gisa, errepideetako bide-zoruen geruza estrukturalak egiteko.

      b. Konglomeratzaile hidraulikoekin aglutinatutako aplikazioak.

    1. Material granular gisa aplikatzea, zementu-zorua egiteko errepideen bide-zoruen geruza estrukturalak eraikitzean, Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Sareko bide-zoruak dimentsionatzeko Arauaren dagozkion eranskinetan ezartzen denez (Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko azaroaren 13ko Aginduaren bidez onetsitako araua).

    2. Material granular gisa aplikatzea, legar-zorua egiteko errepideen bide-zoruen geruza estrukturalak eraikitzean, Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Sareko bide-zoruak dimentsionatzeko Arauaren dagozkion eranskinetan ezartzen denez (Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko azaroaren 13ko Aginduaren bidez onetsitako araua).

    3. Material granular gisa aplikatzea, morteroak, pozzolana-adreiluak eta zementua egiteko, kasuan-kasuan aplikatzekoa den arau teknikoan ezartzen den bezala.

    4. Material granular gisa aplikatzea, hormigoia egiteko egiturazkoa zein egiturazkoa ez dena, hormigoizko aurrefabrikatuak ere barne.

  2. Agregakin birziklatuak ezingo dira artikulu honetan baimendutakoak ez beste erabileretara bideratu. Salbuespena izango da ingurumen-organoak baimena ematea, eta, aurretik, interesdunak proposatutako helburua aproposa dela justifikatu beharko du.

Agregakin birziklatuen ekoizpenaren irizpideak eta kontrol-maiztasunak erreferentziako arau teknikoek ezarri dituzte, eta agindu honen II. eranskinean jasota daude.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko urtarrilaren 12a.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

  1. Ingurumen Baldintzak:

    Giza osasuna eta ekosistemak behar bezala babesten direla ziurtatzeko, agregakin birziklatuek honako ingurumen-estandar hauek bete beharko dituzte, erabileraren arabera.

    1. Aglutinatu gabeko aplikazioak:

    Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen agregakin birziklatuetan egon daitezkeen kutsatzaileen kontzentrazioak ez ditu gaindituko lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legean B ebaluaziorako ezarritako balio adierazgarriak. Agregakin birziklatuak zer lurzorutan erabiliko diren, erabilera horretara egokituko dira kasuan kasu balio horiek.

    BTEX konposatuaren eduki osoa 6 mg/kg-tik beherakoa izango da.

    Agregakin birziklatuetako TPHren kontzentrazioa, oro har, 50 mg/kg-tik beherakoa izango da, hala zehaztuta baitago urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak zerrendatu eta lurzoru kutsatuak izendatzeko irizpideak eta estandarrak ezartzekoan.

    Dena den, balioa 50 mg/kg-tik gorakoa bada baina 500 mg/kg-tik beherakoa, agregakin birziklatuak erabiltzeko, frakzioak aztertu beharko dira, hala alifatikoak nola aromatikoak, egiaztatuta gera dadin kontzentrazio horiek taula honetan jasotakoak baino txikiagoak direla:

    (Ikus .PDF)

    Era berean, eraikuntza eta eraispen-hondakinen balorizaziotik sortutako agregakin birziklatuekin EN 12457-4 arauak agindutako entsegua egin beharko da, eta ziurtatu emaitzak jarraian zehaztutako balioak baino txikiagoak direla:

    (Ikus .PDF)

    UNE EN ISO 17025 arauaren arabera akreditatutako laborategiek egingo dituzte eranskin honetan jasotako entseguak. Lagin bat aztertuko da agregakin birziklatuaren 2.000,00 m3-ko, eta laginketa UNE-EN 932-1:1997 arauari jarraikiz egingo da («Agregakinen propietate orokorrak zehazteko entseguak. 1. zatia: laginketa-metodoak»).

    2. Konglomeratzaile hidraulikoekin aglutinatutako aplikazioak:

    Ingurumenari dagokionez, baliozkotzat jotzen da eraikuntza- eta eraispen-hondakinen balorizaziotik sortutako agregakin birziklatuak erabiltzea agindu honetako 5. artikuluan zehaztutako konglomeratzaile hidraulikoekin aglutinatutako aplikazioak egitean.

  2. Baldintza Teknikoak:

    Agregakin birziklatuen ekoizleek eta erabiltzaileek berariaz ezagut ditzaten agindu honetako 5. artikuluan aipatutako erabilera bakoitza onartzeko atalase teknikoak, atal honetan egoera jakin bakoitzean aplikatu beharreko arau-esparrua jaso da:

    1. Aglutinatu gabeko aplikazioak:

    Lubetetan edo antzeko beste obra-unitate batzuetan eta zabalgune hobetuetan agregakin birziklatuak material granular hautatu gisa erabiltzeko mugek honako hauek izango dituzte oinarri: Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Sareko bide-zoruak dimentsionatzeko Arauaren «EEHtik sortutako agregakinak lubetetan eta zabalgune hobetuetan lurzoru hautatu gisa erabiltzeko Baldintza Teknikoen Plegua» eta haren agindu osagarriak.

    Urbanizazio-proiektuetan eta betelan lokalizatuetan agregakin birziklatuak material granular hautatu gisa erabiltzeko mugak bat etorriko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Sareko bide-zoruak dimentsionatzeko Arauaren «EEHtik sortutako agregakinak lubetetan eta zabalgune hobetuetan lurzoru hautatu gisa erabiltzeko Baldintza Teknikoen Pleguan» eta «Errepide-obretarako eta zubietarako Baldintza Tekniko Nagusien Pleguko (PG-3)» 332. artikuluan ezarritakoarekin.

    Agregakin birziklatuak zagor gisa erabiltzeko mugek honako hauek izango dituzte oinarri: Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Sareko bide-zoruak dimentsionatzeko Arauaren «EEHtik sortutako agregakinak lubetetan eta zabalgune hobetuetan lurzoru hautatu gisa erabiltzeko Baldintza Teknikoen Plegua» eta haren agindu osagarriak.

    2. Konglomeratzaile hidraulikoekin aglutinatutako aplikazioak:

    Zementu-zoruaren eta legar-zoruaren aplikazioetan agregakin birziklatuak material gisa erabiltzeko mugek bat etorri behar dute foru-mailako edo autonomia-erkidegoko mailako agindu zehatzetan ezarritako baldintzekin; halakorik egon ezean, bat etorriko dira «Errepide-obretarako eta zubietarako Baldintza Tekniko Nagusien Pleguko (PG-3)» 513. artikuluan ezarritako baldintzekin.

    Agregakin birziklatuak egitura-hormigoian erabiltzea onartzeko mugak bat etorriko dira Egitura Hormigoiaren Instrukzioko 15. eranskinean ezarritakoarekin (EHE-08 eta etorkizuneko berrikuspenak).

    Hormigoizko agregakin birziklatuak egiturazkoa EZ den hormigoian erabiltzeko mugak bat etorriko dira Egitura Hormigoiaren Instrukzioko 18. eranskinean ezarritakoarekin (EHE-08 eta etorkizuneko berrikuspenak).

    Morteroak egiteko agregakin birziklatuak erabiltzeko mugak bat etorriko dira dagokion CE marka arautzen duen arauan ezarritakoarekin.

    Puzolarri-adreiluak egiteko agregakin birziklatuak erabiltzeko mugak bat etorriko dira arau hauetan ezarritakoarekin:

    UNE 41410:2008 eta UNE-EN 771-1 2011.

    Agregakin birziklatuak egiturazkoa EZ den hormigoizko aplikazioetan erabiltzeko mugak ezartzeko, oinarri gisa har daitezke IHOBE-CEDEX-Garraioetako Sailak 2010ean argitaratutako «EEHtik datozen agregakin birziklatu mistoei buruzko arau-aurreko ikerketa» dokumentuko dagozkion ataletako gomendioak. Dokumentu hori honako web-helbide honetan deskarga daiteke: http://www.ihobe.net/Publicaciones/ficha.aspx?IdMenu=750e07f4-11a4-40da-840c-0590b91bc032&Cod=c6daed49-d51e-460f-bffa-b2f5f149c842&Tipo=

    (Ikus .PDF)