Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2014ko abenduaren 3koa, Ogasun eta Finantzetako eta Segurtasuneko sailburuena, Segurtasun Saileko eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Kontratazio Mahaiak sortu eta arautzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Ogasun eta Finantza Saila; Segurtasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 237
- Hurrenkera-zk.: 5306
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2014/12/03
- Argitaratze-data: 2014/12/12
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ogasun; Sailak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko kontratazio araubideari buruzko ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuak bere 4. artikuluan ezartzen du Sail eta, hala dagokionean, Erakunde Autonomo bakoitzean kontratazio mahai bakarra sortuko dela, eta Dekretuan bertan eta aplikagarriak zaizkion gainerako arauetan adierazitako jardun-eremua, osaera eta eginkizunak izango dituela.
Horrez gain, esaten du kasuan kasuko kontratazio mahaiak Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuak eta dagokion saileko edo Erakunde Autonomoa atxikita dagoen saileko buruak batera emandako aginduaren bidez sortuko direla eta beren atxikipen organikoa agindu horren bidez gauzatuko dela. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Segurtasun Sailak gai hori araututa dauka Herrizaingo Saileko eta Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Kontratazio Mahaiak sortu eta arautzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko eta Herrizaingoko sailburuen 2011ko ekainaren 6ko Aginduan. Horren bidez, Kontratazio Mahaiak eratu eta haien osaera zehaztu zen (2011ko ekainaren 10eko EHAA, 110. zk.).
Agindu hori onetsi eta gero, antolakuntza-aldaketak izan dira bai Sailean bai haren Erakunde Autonomoan.
Herrizaingo Saila zena Segurtasun Saila izatera pasatu da (20/2012 Dekretua, abenduaren 15ekoa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena). Segurtasun Sailaren egungo egituraketa, berriz, 194/2013 Dekretuak onetsi du, apirilaren 9koak, Segurtasun Sailaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzkoak.
Bestalde, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak Euskal Herriko Poliziaren Ikastegia zena ordezkatu du, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legean ezarritakoari jarraituz.
Beraz, beharrezkoa da Segurtasun Sailaren eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren kontratazio mahaien osaera egun duten antolakuntza egituraketara egokitzea. Kontratazio mahaien arauketa berriak batez ere mahaiburuei eragiten die, aurrerantzean dagokion kudeaketa-arloko arduradun teknikoak izango baitira mahai horietako mahaiburu.
Hori dela bide, Administrazio Kontratazioko Aholku Batzordeak txostena egin ondoren, hau,
Segurtasun Saileko kontratazio mahaia sortuko da Kudeaketa Ekonomikoaren eta Baliabide Orokorren Zuzendaritzari atxikita, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren kontratazio-araubideari buruzko ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuaren 7. eta 5. artikuluetan, hurrenez hurren, aurreikusitako eginkizunak betetzeko eta ezarritako jardun-eremuaren barruan, betiere kontratazioa Segurtasun Sailari dagokionean sortutako espedienteen arabera.
Kontratazio mahai hori honako kide hauek osatuko dute:
Mahaiburua: Ertzaintzaren garapenarekin, funtzionamenduarekin eta ezarpenarekin zerikusia duten kontratazio-espedienteetan, dagokion Alorreko edo Arloko burua, haren jardun-eremuaren arabera; gainerako espedienteetan, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketaren Arloko arduraduna.
Mahaikidea, kontratazioa sustatu edo eskatu duen organoaren izenean.
Mahaikide aholkulari juridikoa: teknikari bat, zuzenbidean lizentziatua dena, Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzari edo Kudeaketa Ekonomikoaren eta Baliabide Orokorren Zuzendaritzari atxikitakoa. Kontratazio mahaiko kideen izendapenaren ondorioz, pertsona berari mahaikide aholkulari juridikoaren eta idazkaritzaren eginkizunak egokituz gero, pertsona horrek berak bere gain hartuko ditu bi karguak, hitza eta botoa dituela.
Hiru mahaikide; horietako bat Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren izenean, beste bat Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren izenean eta hirugarrena Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza ordezkatuz, baina azken hau bakarrik ondasun eta zerbitzu informatikoei buruzko espedienteen kasuetan arituko da. Betiere titularrek izendatuko dituzte.
Idazkaria: kontratazioko arduraduna edo teknikaria, Kudeaketa Ekonomikoaren eta Baliabide Orokorren Zuzendaritzari atxikitakoa, hitzarekin baina botorik gabe.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako kontratazio mahaia sortuko da Erakunde Autonomoaren Zuzendaritzari atxikita; hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko kontratazio-araubideari buruzko ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuaren 7. eta 5. artikuluetan, hurrenez hurren, aurreikusitako eginkizunak betetzeko eta ezarritako jardun-eremuaren barruan, betiere kontratazioa Erakunde Autonomoari dagokionean sortutako espedienteen arabera.
Kontratazio mahai hori honako kide hauek osatuko dute:
Mahaiburua: Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Araubide Juridikoaren, Kudeaketa Ekonomikoaren eta Gai Orokorren Alorreko burua.
Mahaikidea kontratazio-organoaren ordezkaritzan, organoak berak izendatutakoa.
Mahaikide aholkulari juridikoa: teknikari bat, zuzenbidean lizentziatua dena, Erakunde Autonomoari atxikitakoa. Kontratazio mahaiko kideen izendapenaren ondorioz, pertsona berari mahaikide aholkulari juridikoaren eta idazkaritzaren eginkizunak egokituz gero, pertsona horrek berak bere gain hartuko ditu bi karguak, hitza eta botoa dituela.
Hiru mahaikide; horietako bat Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren izenean, beste bat Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren izenean eta hirugarrena Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza ordezkatuz, baina azken hori bakarrik ondasun eta zerbitzu informatikoei buruzko espedienteen kasuetan arituko da. Betiere titularrek izendatuko dituzte.
Idazkaria: kontratazioko arduraduna edo teknikaria, Erakunde Autonomoari atxikitakoa, hitzarekin baina botorik gabe.
Berariaz egin ez diren izendapenak eta Agindu honetan aurreikusita ez dauden ordezpenak; hain zuzen, Kontratazio Mahaiei loturik, ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuaren 6.2 artikuluko lehenengo paragrafoan eta 6.3 artikuluan aurreikusitakoez bestelako mahaikideei dagokienez, Segurtasuneko sailburuak edo, hala dagokionean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak erabakiko ditu, bakoitzak bere jardun-eremuan. Izendapen horiek izendatutako pertsonak ahalik eta gutxien txandakatuz egingo dira eta beren berri espedientean jasoko da.
Agindu hau aplikatuko da indarrean sartzen den egunetik hasitako espedienteetan; aribidean daudenek, ordea, hasiera eman zitzaienean indarrean zegoen araudiari jarraituko diote.
Indargabetuta geratu da Ekonomia eta Ogasuneko eta Herrizaingoko sailburuen 2011ko ekainaren 6ko Agindua, Herrizaingo Saileko eta Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Kontratazio Mahaiak sortu eta arautzeko dena.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2014ko abenduaren 3a.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Indargabetzen du: AGINDUA, 2011ko ekainaren 6koa, Ekonomia eta Ogasuneko eta Herrizaingoko sailburuena, Herrizaingo saileko eta Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Kontratazio Mahaiak sortzeari eta arautzeari buruzkoa.
- Ikus: EBAZPENA, 2020ko otsailaren 24koa, Kontrol Ekonomikoko Bulegoko zuzendariarena, zeinaren bidez izendatzen baitira bulego horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kontratazio-mahaietan eta bestelako kide anitzeko organoetan izango dituen ordezkariak.