Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2014ko irailaren 24koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinaren bitartez, batetik, 2014. urteari dagokionez, kudeaketa-, ordezte- eta aholkularitza-zerbitzuak ezartzeko laguntzerako deialdia egiten baita, eta, bestetik, argitara ematen baita nekazari gazteek jarduera hasteko laguntza osagarri nazionalaren guztizko zenbatekoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 188
- Hurrenkera-zk.: 4096
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2014/09/24
- Argitaratze-data: 2014/10/03
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza; Ekonomia
Testu legala
Nekazaritzarako egiturazko eta ingurumeneko laguntzei buruzko uztailaren 8ko 133/2008 Dekretuaren 12. artikuluaren bitartez, zera ezartzen da: EAEko nekazaritzako eta basogintzako ustiategiak ezartzeko edo kudeaketa-, ordezte- edo aholkularitza zerbitzuak egokitzeko laguntzak emango direla; betiere, nekazari eta basogin gazteentzat errazagoa izan dadin euren ustiategiak egokitu, hobetu eta kudeatzea, eta, bestetik, ustiategion errendimendu globala areagotzeko laguntasuna izan dezaten.
Halaber, 29. artikuluan xedatzen denez, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailbururen (egun, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua) agindu bidez, aipatu dekretuko 12. artikuluan aurreikusitako laguntzetarako deialdia egingo da. Deialdi horretan, ekitaldi bakoitzerako eskabideak aurkezteko epeak ezarriko dira, eta, bestalde, ekitaldi bakoitzari dagokionez ezagutzera emango da honako hau: Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren eta LGNEFen kargura emango diren laguntzen guztizko zenbatekoa.
Nekazari gazteak instalatzeko laguntzei dagokienez, uztailaren 8ko 133/2008 Dekretuko 10. artikuluan honako hau ezartzen da: dekretu horretako aurreko artikuluan aurreikusitako laguntzaz gain, nekazari gazteei laguntza osagarri nazionala eman ahal izango zaie, betiere bat etorriaz delako artikuluan aurreikusitako betekizun, irizpide eta prozedurekin.
Halaber, 27. artikuluan xedatzen denez, Nekazari Gazteentzako Bulegoaren ardura duen foru organoan aurkeztu beharko dira nekazari gazteak instalatzeko laguntza bi horien eskabideak, betiere foru aldundiek zehaztutako epean, lekuan eta eran, eta, bestalde, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuaren (egun, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua) agindu bidez argitara emango da: aipatu dekretuko 10. arabera aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren barruan emango diren laguntzen guztizko zenbatekoa; EAEko Aurrekontu Orokorren kargura izango dira laguntza horiek. Horiek horrela, honako hau
Lehenengoa. Xedea.
2014. urteari dagokionez honako laguntza hauetarako deialdia egitea da agindu honen helburua: Nekazaritzarako egiturazko eta ingurumeneko laguntzei buruzko uztailaren 8ko 133/2008 Dekretuaren 12. artikuluan aurreikusitako kudeaketa-, ordezte- eta aholkularitza-zerbitzuak ezartzeko diren laguntzak.
Agindu honen xedea honako hau ere bada: uztailaren 8ko 133/2008 Dekretuko 10. artikuluan aurreikusitako laguntzarako, hau da, nekazari gazteak instalatzeko laguntza nazional osagarrirako baliabideak argitara ematea.
Bigarrena. Kudeaketa-, ordezte- eta aholkularitza-zerbitzuak ezartzeko laguntza-eskabideak aurkezteko epea.
Kudeaketa-, ordezte- eta aholkularitza-zerbitzuak ezartzeko laguntza-eskabideak Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzan aurkezteko dira. Hilabeteko epea egongo da horretarako, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera
Agindu honen eranskin gisa datorren eskabide-ereduarekin bat etorriz aurkeztu beharko dira eskabideak. Eredu horretan, eskatzen den laguntzaren zenbatekoa zehaztuko da, eta bai aholkularitza-kontzeptuak banakaturik eta horietako bakoitzaren zenbatekoak ere.
Hirugarrena. Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
Kudeaketa-, ordezte- eta aholkularitza-zerbitzuak ezartzeko laguntza-eskabidearekin batera, honako dokumentuak aurkeztuko dira:
Nekazaritzako ustiategiei aholkularitza emateko entitate gisa onartuta dagoela egiaztatzen duen agiriaren kopia, edo
Basoen kudeaketa-plan iraunkorrak ezartzeko aholkularitzarako erakunde onetsi gisa Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundekoa dela egiaztatzen duen agiriaren kopia.
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beterik dituela egiaztatzen duten agiriak.
Jasotako beste diru-laguntza batzuen zerrenda, uztailaren 8ko 133/2008 Dekretuaren 7. artikuluan aurreikusitako bateragarritasun-irizpideak eta 12.5 artikuluan adierazitako mínimis erregimenaren mugak betetzen direla egiaztatzeko.
Nekazaritzako eta basogintzako ustiategien zerrenda, zeintzuekin eskabidea aurkeztu aurreko urtean zehar aholkularitza-zerbitzuak kontratatu baitira.
Ematen diren zerbitzu-motak.
Eskabidea aurkezten den urtean zehar egingo diren ondasun inbentariagarrietako inbertsioen, langile-gastuen eta diruz lagun daitezkeen prestakuntza-gastuen zerrenda, uztailaren 8ko 133/2008 Dekretuko 12.4 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.
Laugarrena. Prestakuntza-gastuak.
Ezagutza eta gaitasunetarako prestakuntzari lotutako laguntzetarako gastutzat honako hauek onartuko dira: aholkularitza-zerbitzuak emateko entitate aitortu direnek eskaini beharreko gaietako funtzioak burutzeko direnak, betiere Nekazaritzako ustiategien aholkularitza-entitateei buruzko abenduaren 26ko 272/2006 Dekretuaren 2. artikuluaren a) idatzi-zatitik h) idatzi-zatira ezarritakoak direlarik aholkularitza-zerbitzuok.
Diruz lagun daitezkeen prestakuntza-gastuen artean sartzen dira aholkularitza-entitateetako langileen jardunaldi, ikastaro, graduondoko titulazio eta antzekoetako inskripzio-gastuak, baita entitate horietako langileen prestakuntzara bideratutako gertakizunak antolatzeko gastuak ere. Diru-laguntza honen xede diren gastuen artean ez dira sartzen honako hauek: joan-etorriei, egonaldiei eta dietei dagozkienak.
Bosgarrena. Kudeaketa-, ordezte- eta aholkularitza-zerbitzuak ezartzeko laguntzetara bideratutako baliabideen guztizko kopurua.
2014ko aurrekontu-ekitaldian, kudeaketa-, ordezte- eta aholkularitza-zerbitzuak ezartzeko laguntzak finantzatzeko eman beharreko baliabideen guztizko kopurua 107.812,50 eurokoa izango da, gehienez ere; horietatik 38.812,50 euro LGENFren kargura izango dira, eta 69.000 euro, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura.
Era berean, gehienezko kopuru horretatik % 90 (97.031,25 euro) nekazaritzako ustiategiei kudeaketa-, ordezte- eta aholkularitza-zerbitzuak ematen dizkieten entitateentzat izango da, eta % 10 (10.781,25 euro), basogintzako ustiategiei kudeaketa-, ordezte- eta aholkularitza-zerbitzuak ematen dizkieten entitateentzat. Dena den, lerro edo entitate-mota horietako bakoitzarentzat guztiz erabiltzen ez diren soberakinak edo kopuruak beste lerro edo entitate-mota batentzat erabili ahal izango dira.
Seigarrena. Nekazari gazteak instalatzera bideratutako laguntza nazional osagarriaren guztizko zenbatekoa.
Euskal Autonomia Erkidegoaren 2014. urterako Aurrekontu Orokorretan hartarako ezarritako kontu-sailetik etorriko dira neurri hau finantzatzeko kredituak; kreditu horien guztizko zenbatekoa 705.000 eurokoa izango da; eta horietarik 470.000 euro 2014ko ekitaldiko kredituen kargura izango dira, eta 235.000 euro konpromiso-kreditu izango dira, 2015eko ekitaldiaren kargura.
Zazpigarrena. Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta berorren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke interesdunek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta biharamunean hasiko da epea.
Zortzigarrena. Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2014ko irailaren 24a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia
- Ikus: 133/2008 DEKRETUA, uztailaren 8koa, nekazaritzarako egiturazko eta ingurumeneko laguntzei buruzkoa.
- Ikus: EBAZPENA, 2015eko otsailaren 2koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariarena. Honen bitartez, jendaurrean jartzen da nekazari gazteak instalatzeko emandako laguntza nazional osagarriaren onuradun direnen zerrenda. Laguntza horiek, Nekazaritza sektorer
- Ikus: EBAZPENA, 2015eko urtarrilaren 30ekoa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita 2014an emandako diru-laguntza batzuen onuradunen zerrenda; zehazki, kudeaketa-, ordezkapen- eta aholkularitza-zerbitzuak ezartzeko l