Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2014ko uztailaren 30ekoa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita Industrialak ez diren Eraikinetako Suteen Aurkako Babes Instalazioen Egiaztagiri-eredua.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 159
- Hurrenkera-zk.: 3610
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2014/07/30
- Argitaratze-data: 2014/08/25
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
- Azpigaia: Industria; Hirigintza eta etxebizita; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Suteen Aurkako Babes Instalazioei buruzko Erregelamendua onartzen duen azaroaren 5eko 1942/1993 Errege Dekretuak (1993-12-14ko BOE) ezarri eta definitzen du nolako baldintzak bete behar dituzten suteen aurka babesteko erabiltzen diren tresna, ekipamendu eta sistemek eta haien instalazioak eta mantentzeak.
Industria-instalazioak jardunean jartzeko prozedura errazteko erregimena aplikatzean hartutako esperientziak erakusten duenez, beharrezkoa da argitzea zein diren dokumentu egokienak industrialak ez diren eraikinetan suteen aurkako babes-instalazioak jardunean jartzearen inguruko izapideak egiteko (urriaren 30eko 229/2012 Dekretuaren bidez arautu zen Industria-instalazioak jardunean jartzeko prozedura errazteko erregimena).
Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 12. artikuluarekin bat etorriz, egiaztagiriaren helburua da ziurtatzea instalazioek arauak betetzen dituztela. Horren haritik, beraz, egiaztagiri egoki batek araudiari buruzko alderdiak bildu beharko lituzke, eta araudia betetzen dela ziurtatu. Alde horretatik, egiaztagiri-eredu orientagarrian bildutako edukia jaso beharko luke egiaztagiri egoki horrek.
Bestalde, «Eraikuntzaren Kode Tekniko»ari dagokionez, eta, zehazki, DB-SI-4 Oinarrizko Dokumentua aintzat hartuta, arlo honetan eskumena duten agintaritzen, hau da, EAEko udalen eta Eusko Jaurlaritzaren, parte-hartzeak bermatu egin behar du arauak ez direla sobera ugarituko, ezta bikoiztuko ere, eta prozedura batean hainbat agintaritzek jarduteak ez duela ekarriko agintaritza bakar batek parte hartuta baino administrazio-karga handiagorik operatzailearentzat, betiere Merkatu Batasunari buruzko abenduaren 9ko 20/2013, Legean jasotako «Kargak arintzeko printzipio»arekin bat etorriz.
Halaber, zehaztu beharra dago, DB-SI-4 Oinarrizko Dokumentuak 1.1 paragrafoan adierazten duenari jarraituz, ezinbestean aurkeztu beharra dagoela, instalazioak jardunean jarri ahal izateko, azaroaren 5eko 1942/1993 Errege Dekretuaren 18. artikuluan aipatzen den enpresa instalatzailearen ziurtagiria, autonomia erkidegoko organo eskudunaren aurrean aurkeztu ere.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, adierazitako guztia aintzat hartuta, Industrialak ez diren Eraikinetan Suteen Aurkako Babes Instalazioak jardunean jartzeko izapidetze egokia ezartze aldera, eta urriaren 30eko 229/2012 Dekretua betez, agindu hau onartu du, helburu hartuta Industrialak ez diren Eraikinetako Suteen Aurkako Babes Instalazioen Egiaztagiri-eredua onartzea.
Bestelako ziurtatze-erak baztertu gabe, Industrialak ez diren Eraikinetako Suteen Aurkako Babes Instalazioen Egiaztagiria, horretarako gaitutako enpresa batek aurkeztua, nahiko izango da egiaztatzeko azaroaren 5eko 1942/1993 Errege Dekretuan ezarritako arauak betetzen direla (egiaztagiri-eredua ebazpen honen eranskinean dago).
Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuaren 3. artikuluak ematen dizkidan eskumenak baliatuz, honako hau
Onartzea Industrialak ez diren Eraikinetako Suteen Aurkako Babes Instalazioen Egiaztagiri-eredua. Agindu honen eranskinean dago jasota.
Egiaztagiri-eredua web gune honetan egongo da eskuragarri: http: //www.euskadi.net.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 30a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Indargabetutakoa: AGINDUA, 2023ko martxoaren 14koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zenbait alderdi garatzen dituena, 513/2017 Errege Dekretuaren bidez arautzen diren suteetatik babesteko instalazioen esparruan.
- Ikus: 229/2012 DEKRETUA, urriaren 30ekoa, industria-instalazioak abian jartzeko prozedura errazteko dena.