Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2013ko martxoaren 20koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuan araututako laguntzak iragarri eta 2013ko kanpainara egokitzeko dena. 13/2009 Dekretuaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan nekazaritzarako eta abeltzaintzarako «ordainketa bakarreko» erkidegoko laguntzen jardunbidea eta bestelako zuzeneko laguntzen jardunbidea garatu eta aplikatzen da.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 61
- Hurrenkera-zk.: 1552
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2013/03/20
- Argitaratze-data: 2013/03/27
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza
Testu legala
Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) erreforma eta «ordainketa bakarraren jardunbidea» Europako Kontseiluak ezarri zituen, 2003ko irailaren 29ko 1782/2003 (EE) Erregelamenduaren bidez. Politika hori berriki berraztertu da, hizkera arruntean «NBPren mediku-azterketa» izendatu denaren esparruan.
Mediku-azterketa horretan onartutako aldaketak Kontseiluaren 2009ko urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduan datoz; haren bidez, nekazaritza-politika bateratuaren esparruan nekazarientzako laguntza zuzenei aplikatzeko xedapen orokorrak eta laguntza zehatzak ezarri ziren, eta zenbait erregelamendu aldatu ziren: hain zuzen ere, 1290/2005 (EE) Erregelamendua, 247/2006 (EE) Erregelamendua eta 378/2007 (EE) Erregelamendua, bai eta 1782/2003 (EE) Erregelamendua indargabetu ere. Batzordearen 2009ko azaroaren 30eko 1122/2009 (EE) Erregelamenduak Kontseiluaren 73/2009 Erregelamendua garatzeko arauak ezarri zituen, kudeaketa eta kontrolaren gaineko baldintzei, modulazioari eta sistema integratuari dagokienez.
Kontseiluaren 2009ko urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamendua Espainian aplikatzea onartu zen Nekazaritzaren eta Landa Garapenaren Batzarrean, apirilaren 20an. Erabaki haren bidez, Ingurumeneko eta Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioa eta autonomia-erkidegoak ados jarri ziren Kontseiluaren 2009ko urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduak estatu kideei nolabait arautzeko tartea uzten dien alderdien inguruan. Erabaki hori abian jartzeko, azaroaren 13ko 1680/2009 Errege Dekretua argitaratu zen, nekazaritzan ordainketa bakarreko jardunbidea aplikatu eta 2010etik aurrera nekazaritzarako zenbait laguntza jardunbide horretan integratzekoa.
2012tik aurrera nekazaritzari eta abeltzaintzari ordainketa zuzenak egiteari buruzko urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuak urtarrilaren 11ko 2/2013 Errege Dekretuak aldatuak honako helburu hau dauka: Kontseiluaren 2009ko urtarrilaren 29ko 73/2009 (EE) Erregelamenduan ezarritako Batasunaren laguntza-jardunbideei 2012tik aurrera aplikatzekoa zaien oinarrizko araudia ezartzea. Errege dekretu horrek, halaber, apirilaren 3ko 486/2009 Errege Dekretua aldatu du, nekazaritza politika bateratuaren esparruan zuzeneko ordainketak jasotzen dituzten nekazariek uraren babes eta kudeaketari dagokienez bete beharreko legezko kudeaketa-betekizunak eta nekazaritza-baldintza egokiak ezartzen dituena.
Aurreko ekitaldien aldean, araudi honek nekazaritzaren arloan sartutako berrikuntza nagusiak dira Ordainketa Bakarrean integratu izana proteaginoso, hazi eta oskoldun fruituen alorreko laguntzak (nahiz eta sektore honetan estatuaren laguntza osagarri bat mantentzen den), eta laguntza berriak ezarri izana, Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduaren 68. artikulua aplikatuz, azukre-erremolatxaren kalitatea hobetzeko eta oskoldun fruituen espezie batzuetan nekazaritza- eta ingurumen-onura hobeak dakartzaten nekazaritza-jarduera espezifikoak bultzatzeko.
Abeltzaintzaren arloan, desagertu egin dira hilketa-saria eta Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduaren 69. artikuluko laguntzak, baina batzuk 68. artikulutik eratorriko laguntza gisa ematen dira (behi ume-hazleen eta kalitateko behi-haragiaren ordainketa gehigarria).
Euskal Autonomia Erkidegoan laguntza horiek guztiak arautzen ditu urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuak, Batasunaren ordainketa bakarreko laguntzak eta nekazaritza eta abeltzaintzarako zuzeneko beste laguntza batzuk EAEn garatu eta aplikatzeari buruzkoak. Dekretu horren azken xedapenetako lehenengoak ahalmena ematen dio Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuari, agindu bidez beharrezko diren xedapenak eman ditzan dekretu hori Europako araudietan egiten diren aldaketetara eta estatuaren oinarrizko legeetara egokitzeko.
Horren ondorioz, agindu honen xedea da 2013ko kanpainarako laguntzak iragartzea, eta, aldi berean, zuzenean aplikatzekoak diren arauzko aldaketak eta nahitaez bete beharreko estatuaren oinarrizko araudia txertatzea, urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuko azken xedapenetako lehenengoak ematen duen aukerari jarraikiz, honako hau
2013ko kanpainan, urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuan eta agindu honetan ezarritako laguntzak eskuratzeko eskabideak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari bidaliko zaizkio, 2013ko otsailaren 1etik apirilaren 30era bitartean, eta dagokion Eskualdeko Nekazaritza Bulegoan aurkeztuko dira.
Urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuaren 2. artikuluari (definizioak) honako paragrafo hau eransten zaio:
Larreak onartzeko koefizientea: erabat aprobetxatu ezin diren larreen kasuan dela emankorrak ez diren elementuak izateagatik, dela aldapa pikoak egoteagatik, dela agintari eskudunek zehaztutako bestelako ezaugarriak izateagatik, SIGPACen koefiziente bat ezarriko da, SIGPAC esparruen onarpen-ehunekoa adieraziko duena. Hartara, zuzeneko laguntzen ondorioetarako, SIGPAC halako esparru batean onargarria den gehinezko azalera honela kalkulatuko da: esparruaren azalera bider koefizientea. Koefizientearekin ados egon ezean, alegazio arrazoitu bat aurkeztu ahal izango zaio SIGPACi.
Urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuaren 6. artikuluan xedatutakoa alde batera utzita, 2013ko kanpainan, zuzeneko ordainketetan guztira 5.000 eurotik gora eman behar zaizkien nekazari guztiei % 10eko murrizketa aplikatuko zaie, 5.000 euro horietatik gorako zenbatekoen gainean.
1. paragrafoan azaltzen den murrizketaren ehunekoa lau puntu handituko da 300.000 eurotik gorako zuzeneko ordainketetan; igoera hori ez zaie aplikatuko lehenengo 300.000 euroei.
Urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuaren 2. eta 7. artikuluetan eta I. eranskinean xedatutakoa alde batera utzita, 2013ko kanpainan % 100ean integratuta daude ordainketa bakarraren jardunbidean honako laguntza hauek:
Belarkien laborantzako ekoizleentzako laguntza.
Proteaginosoetarako prima berezia.
Oskoldun fruituetarako laguntza.
Hazi-ekoizleentzako laguntza.
Olibadietarako laguntza.
Abereak hiltzeagatiko primak.
Ardi- eta ahuntz-abereen ekoizleentzako laguntza.
Horren ondorioz, 2013ko kanpainan, eraginik gabe geratzen dira urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuaren zenbait artikulutan aurreikusitako laguntza hauek:
belarki-ekoizleentzako ordainketa osagarriak (25-36 artikuluak, biak barne);
energiarako laboreetarako laguntzak (37. artikulua);
oskoldun fruituetarako laguntza (38. eta 39. artikuluak)
hazi-ekoizleentzako laguntza (40. eta 41. artikuluak)
olibadietarako laguntzak (42-45 artikuluak, biak barne);
abereak hiltzeagatiko primak (65-70 artikuluak, biak barne); eta
ardi- eta ahuntz-ekoizleentzako ordainketa osagarriak (74-78 artikuluak, biak barne).
Urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuaren 19. artikuluan xedatutakoa alde batera utzita, nekazariek laguntzarako eskubideen ordainketa justifikatzeko hektarea onargarriei dagozkien lursail deklaratuak edozein nekazaritza jardueratarako erabili ahalko dituzte, fruta eta barazkien eta gizakiek kontsumitzeko pataten produkzioa barne.
Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduak 68. artikuluko ii) hitz-tarteko a) idatzi-zatiko 1. atalean xedatzen duena betez, eta urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 57. eta 59. artikuluen bidez (biak barne) ezarritako azukre-erremolatxaren kalitaterako programa estatalaren esparruan, laguntza espezifiko bat emango zaie azukre-erremolatxaren ekoizleei, baldin eta artikulu horietako baldintzak betetzen badituzte eta elikagaien kalitatea ziurtatzeko sistema batean parte hartzen badute.
Programak bete egiten ditu Batzordearen urriaren 29ko 1120/2009 (EE) Erregelamenduaren xedapenak, 73/2009 (EE) Erregelamenduaren III. tituluan aurreikusitako ordainketa bakarrari buruzkoak.
Programaren aplikazio-eremua izango dira azukre-erremolatxa ekoizteko erabiltzen diren lur-azalerak, baldin eta urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 57. eta 59. artikuluetan (biak barne) ezarritako betekizunak konplitzen badituzte.
Kalitatearen aldeko laguntza jaso ahalko dute eskabide bakarra aurkezten duten azukre-erremolatxaren ekoizleek, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:
Europar Batasuneko Nekazaritza Espezieen eta Landareen Katalogo Bateratuan edo Estatu kideen Katalogo estatalean aipatutako azukre-erremolatxaren aldaerak ekoiztea.
Azukre-erremolatxaren ekoizleek azukrea egiteko baimena duten enpresetan entregatu beharko dute azukre-erremolatxa, Kontseiluaren urriaren 22ko 1234/2007 (EE) Erregelamenduko 57. artikuluaren arabera. Entregatutako azukre-erremolatxak gutxienez 14º-ko polarimetria izango du, eta % 23ra ez dira helduko koroa-lurra eta sustraiarekin batera datozen kanpoko elementuak. Kalitate-baldintza horiek neurtuko dira ekoizleak azukre-enpresari egindako entrega guztien gainean.
Azukre-erremolatxaren ekoizleek azukre-erremolatxa entregatzeko eta kuotako azukre bihurtzeko hornidura-kontratu bat eduki behar dute sinatuta azukre-enpresarekin.
Lagundutako azukre-erremolatxaren ekoizpenari kalitatea ziurtatzeko sistema bat ezarriko zaio, eta autonomia-erkidego bakoitzak hauetako edozein eratan egin dezake:
UNE/EN/45011 araua betez, Programak eskatutako baldintzak ziurtatzeko gai direla justifikatzen duten erakunde ziurtagiri-emaileak, pribatuak nahiz publikoak.
Gaitasun juridiko nahikoa duen kontrol-organo bat, Ziurtatze Sisteman eskatzen diren baldintzak betetzen direla ziurta dezakeena. Baliabide eta instalazio egokiak izango beharko ditu kontrol-organoak, kasuan kasuko egiaztatze-lanak egiteko. Autonomia Erkidegoak onartutako programaren arabera egingo dira kontrolak.
Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko da atal honetako baldintzak betetzen dituen kuotako azukre-erremolatxaren zenbat tona entregatu den baimendutako azukre-enpresetan.
Autonomia-erkidegoen datuak jaso ondoren, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuko 97. artikuluaren c idatzi-zatiaren 2. puntuaren arabera, hainbesteko laguntza finkatuko du azukre-erremolatxaren tona bakoitzeko, eta ez da aldatuko ezarritako baldintzak betetzen dituen ekoizpen osoan.
Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduak 68. artikuluko ii) hitz-tarteko a) idatzi- zatiko 1. atalean xedatzen duena betez, eta urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren bidez ezarritako lekaleen kalitate-programa estatalaren esparruan, ustiategi bakoitzeko laguntza espezifiko bat emango zaie Nekazaritza Ekologikoa edo «Gernikako Babarruna», «Tolosako Babarruna» eta «Arabako Babarrun Nabarra» kalitateko labelek edo bereizgarriek babestuta gizakiaren kontsumorako lekadunak ekoizten dituzten nekazariei.
Ustiategi bakoitzeko zenbat ordainduko den kalkulatzeko, eragiketa hau egingo da: hektarea bakoitzeko oinarrizko laguntzaren zenbatekoa bider laguntza kobratzeko zehaztutako hektarea-kopurua, gehi, hala badagokio, JDBrako eta AGBrako osagarriaren hektarea bakoitzeko zenbatekoa bider zehaztutako hektarea-kopurua (deitura horiekin erregistratuak edota erregistratzeko prozesuan daudenak), edota, hala badagokio, kalitateko gainerako deituretarako osagarriaren hektarea bakoitzeko zenbatekoa bider zehaztutako hektarea-kopurua (deitura horiekin erregistratuak edo erregistratzeko prozesuan daudenak). Ustiategi bakoitzeko gehieneko zenbatekoa 3.000 eurokoa izango da, urtean.
Ustiategi bakoitzeko ordainketaren onuradun izateko, aurreko idatzi-zatian zehaztu den moduan, hala eskatu beharko dute nekazariek, eskabide bakarrean, artikulu honetan ezarritakoa betetzen duen ustiategiaren eremurako. Horretarako, nekazari horiek 1. idatz-zatian zerrendatutako kalitate deituraren batean inskribatuta egon beharko dute edo inskribatzeko prozesuan, 2013ko otsailaren 1ean.
Ustiategi bakoitzeko ordainketaren onuradunek betekizun hauek izango dituzte nahitaez:
Ordainketa hori eskatu beharko dute, eskabide bakarrean, ezarritako moduan eta eran.
Artikulu honetako lehenengo idatzi-zatian jasotako kalitate-deituretakoren bati dagozkion lekadunekin erein beharko dute laguntzarako adierazitako eremu osoa. Onartuko dira ekoizpen sistema elkartuak, baldin eta kalitate bereiziko deituren gaineko baldintza-orriak hala exijitzen badu bere ekoizpen-metodoetan.
Hektarea bakoitzeko oinarrizko laguntza 100 eurokoa izango da. Estatuan, oinarrizko azaleren guztirakoa 10.000 hektareakoa izango da, eta hiru azpiazaleratan banatuko da:
Oinarrizko 1. azpiazalera: JDB, AGB: 4.000 hektarea.
Oinarrizko 2. azpiazalera: Nekazaritza ekologikoa: 5.500 hektarea.
Oinarrizko 3. azpiazalera: aurrekoetatik bereizitako beste kalitate-deitura batzuk: 500 hektarea.
Laguntzarako ezarritako azalera guztizko oinarrizko azalera baino handiagoa bada, modu linealean murriztuko da oinarrizko azpiazalerako zati bakoitza, gainezkatzearen araberako proportzioan; horretarako, beharrezkoa izanez gero, zehaztutako azalerak azpiazalerako zati batean dituen eskasiak orekatu egingo dira bestean dituen gainezkatzeekin. Bereziki orekatu egingo dira oinarrizko lehen azpiazalerako gainezkatzeak.
Aurreko paragrafoa aplikatzearen ondorioz, JDB eta AGB peko azaleren azalera linealaren murrizketa-faktorea nekazaritza ekologikorako lortutakoa baino handiagoa bada, berdindu egingo dira. Gauza bera egingo da nekazaritza ekologikorako azaleretarako murrizketa linealeko faktorea kalitate desberdinduko gainerako deituretarakoa baino handiagoa denean.
Diru-laguntza ordaindu ahal izateko, ekoizpen ekologikoa eta kalitate-bereizgarriak ziurtatzen dituzten erakundeetako arduradunek beharrezko den informazio guztia emango diote Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, 2013ko otsailaren 1a baino lehen, aurreko urte osoan beren ekoizpena erakunde horien ardurapeko kalitate-programen babesean merkaturatu duten ustiategien eta titularren inguruan.
Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduak 68. artikuluko ii) hitz-tarteko a) idatzi-zatiko 1. atalean xedatzen duena betez, eta urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuak ezarritako Tabakoaren Kalitatea Sustatzeko Programaren baitan, laguntza espezifiko bat emango zaie tabako gordina urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 46-53 artikuluetan, biak barne, xedatutakoaren arabera ekoizten duten nekazariei.
Arbendolondo, hurrondo, intxaurrondo, pistatxondo eta algarrobo sailak dituzten eta hurrengo atalean datozen baldintzak betetzen dituzten nekazariek azaleraren araberako laguntza estatal bat jaso ahalko dute, 2013an.
Estatuaren laguntza jaso ahal izateko, azalerek baldintza hauek bete behar dituzte:
Hektareako gutxieneko dentsitatea honako hau izatea espeziearen arabera: 80 zuhaitz arbendolondoaren kasuan; 150 zuhaitz hurrondoaren eta pistatxondoaren kasuan; 60 zuhaitz intxaurrondoaren kasuan eta 30 zuhaitz algarroboaren kasuan.
Kontseiluaren 2007ko urriaren 27ko 1234/2007 (EE) Erregelamenduaren 125 ter artikuluaren arabera, oskoldun fruituen kategoriaren baten barruan aitortuta dagoen ekoizle-erakunde edo -talde baten ekoizpen-baliabideen artean egotea.
Lursailaren gutxieneko azalera 0,1 hektareakoa izatea.
Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak azaleraren araberako laguntza bat emango du, gehienez 60,375 euro/ha eta urteko, betiere aurrekontuen mende. Espainian, gehienez 568.200 hektareako azalerek jaso dezakete laguntzarik.
Arabako Foru Aldundiak, bere funtsen kontura, azaleraren araberako laguntza bat emango du, gehienez 60,375 euro/ha eta urteko. Era horretan, estatuaren laguntza, gehienez, 120,75 euro/ha eta urteko izango da.
Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren laguntza autonomia-erkidego bakoitzari emango zaio, betiere aurrekontuaren mende, azaroaren 26ko 47/2003 Aurrekontu Lege Orokorraren 86. artikuluari jarraikiz.
Ondorio horietarako, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak autonomia-erkidegoei emango die beren laguntza ordaintzeko dirua. Horretarako, oinarritzat hartuko dira laguntza eskatu duten azalerak, aurreikusitako zenbatekoa eta aurreko transferentzietako soberakinak.
Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduak 68. artikuluko v) hitz-tarteko a) idatzi-zatiko 1. atalean xedatzen duena betez, eta urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuak ezarritako oskoldun fruituetan ingurumen-onurak dakartzaten nekazaritza-jarduera espezifikoak sustatzeko Programa Estatalaren barruan, laguntza espezifikoak emango zaizkie arbendolak, hurrak, intxaurrak eta algarrobak ekoizten dituzten nekazariei, urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 41-45 artikuluetan, biak barne, xedatutakoaren arabera.
Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduaren 68. artikuluko 1. paragrafoko b) idatzi-zatiak xedatzen duena betez, eta urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 64-66 artikuluei jarraikiz, laguntza espezifiko bat emango zaie behi ume-hazleak dituzten abeltzainei, beren ustiategien desabantaila espezifikoak orekatzeko: Horren ondorioz, urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuaren 62-64 artikuluak (biak barne) indarrik gabe geratuko dira 2013ko kanpainan, eta xedapen hauek hartuko dute haien lekua.
Urtarrilaren 20ko 13/2009ko Dekretuaren 61.1.a) artikuluan aipatutako behi ume-hazleen prima-eskubideak eduki edo ez eduki, ordainketa egingo zaie eskabidea aurkezten den egunaren biharamunetik hasita gutxienez ondoz ondoko 6 hilabetean behi ume-hazleak dituzten abeltzainei. Ez da onartuko diruz laguntzeko abereen % 40tik gorako txahal kopururik.
Ordainketak jasotzeko, abereen elikadurari dagokionez, urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren XI. eranskineko 2. puntuaren arabera, ustiategiaren abere-zamak ez du hektareako 1.5 UGM gaindituko, bazka-azaleraren aitorpenarekin bat eta XI. eranskinean xedatutakoaren arabera. Hala eta guztiz ere, ekoizleak abere-zamaz salbuetsiak geldituko dira, ustiategiko abere-kopuruak, hau da, zama zehazteko kontuan hartu behar den kopuruak, 15 UGM gainditzen ez duenean.
Ondorio horietarako, ustiategiaren bazkalekutzat hartuko da urte osoan behiak, ardiak eta ahuntzak hazteko lekua, landaketa bakarreko eta mistoko azalerak barne, Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduan aurreikusitako kudeaketa- eta kontrol-sistema integratuari jarraikiz. Ez dira azalera horretan sartuko:
a Eraikinak, basoak, uraskak eta bideak.
a Beste landaketetarako erabiltzen diren azalerak, baldin eta Batasunaren laguntzak jasotzen badituzte edo landaketa iraunkorrerako edo baratzerako erabiltzen badira.
a Zenbait belarkiren ekoizleentzako laguntza aplikatzen zaien azalerak, bazka lehortuen laguntza jasotzen dutenak edo lurrak kentzeko estatuko edo Batasuneko programa batean sartuta daudenak.
Urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuak 97. artikuluko 2. paragrafoko k) idatzi-zatian xedatzen duenaren arabera autonomia-erkidegoek emandako informazioa abiapuntutzat hartuta, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak behi ume-hazleak dituzten ustiategientzako mailaz mailako laguntzak zehaztuko ditu.
Ustiategiko abelburu kopuruaren araberako laguntzak emango dira:
Lehenbiziko 40 buruentzat, laguntza espezifiko osoa emango da.
41 abelburutik 70era, laguntza espezifikoaren 2/3 emango da.
71 abelburutik 100era, laguntza espezifikoaren 1/3 emango da.
Talde bakoitzean, lehenengo 100 buruengatik bakarrik emango dira laguntzak. Elkartutako ustiategiak direnean, eskabide-epea amaitzean dauden nekazaritza-profesionalen kopurua hartuko da kontuan. Ez dira kontuan hartuko laguntza espezifiko honengatik lehendik laguntza bat jasotzen duten bazkideak, nekazaritza-profesional izanda ere.
Titulartasun Partekatuko nekazaritza-ustiategiak baldin badira eta Titulartasun partekatuko nekazaritza-ustiategiei buruzko urriaren 4ko 35/2011 Legearen arabera inskribatuak badaude, titulartasun partekatuan dagoen titular bakoitza hartuko da kontuan.
Ustiategien titularra pertsona fisikoa denean, kontuan har daitezke haren lehen mailako senideak, nahiz odolkideak nahiz ezkontza-ahaideak, baldin eta nekazaritzaren profesionalak badira. Familien ustiategiak direnean, ez dira kontuan hartuko laguntza espezifiko honengatik lehendik laguntza bat jasotzen duten nekazaritza-profesionalak.
Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduaren 68. artikuluko 1. paragrafoko b) idatzi-zatiak xedatzen duena betez, eta urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 61-63 artikuluei jarraikiz, laguntza espezifiko bat emango zaie behi-aziendaren haragiaren ekoizleei, behi-aziendaren haragiaren kalitatea eta merkaturatzea hobetzeko. Horren ondorioz, 2013ko kanpainan indarrik gabe geratuko dira urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuaren 62-64 artikuluak (biak barne), eta xedapen hauek hartuko dute haien lekua.
Ordainketa espezifikoa behi-aziendaren haragia ekoizten duten abeltzainei emango zaie hiltzen dituzten buruengatik, eta ofizialki onartutako haragi-kalitatearen sistema hauetakoren batean sartuta badaude:
Europar Batasunaren esparrukoak:
Adierazpen geografiko babestuak.
Jatorri-deitura babestuak.
Abeltzaintza Ekologikoa.
Estatuaren esparrukoak:
Abeltzaintza Integratua.
Haragiaren hautazko etiketatzea, eskakizunak araudi orokorrekoak baino handiagoak badira. Kasu horretan, balio erantsia ematen duten elementu gisa hauetako bat dutenak bakarrik onartuko dira:
a Aberearen ezaugarriak: hemengo arrazetako abereak.
a Ekoizpenaren ezaugarriak: jardunbide estentsiboa edo amarekin gutxienez 5 hilabetean egon diren abereak gizendu eta hiltzea.
a Elikadura: okelaren kalitate organoleptikoa edo elikagarria hobetzeko asmoz pentsuan labore, bitamina, gantz-azido eta beste osagai batzuen gutxieneko portzentaje edo kopuru batzuk erantsi dituzten elikadura-sistemak.
a Ingurumena: ustiategian energia berriztagarriak erabiltzea, energia edo baliabideak (batez ere, ura) aurrezteko programak izatea, berotegi-efektuko gasen igorpena murriztea.
Dena dela, baldintza-agiriak abeltzaintzako ustiapenetik hasi behar du, balio erantsia ematen duten elementu guztiak betetzea ustiategian bertan egindako jardueren araberakoa izango delarik.
Baldintza-orri guztiek beteko dute abenduaren 12ko 1698/2003 Errege Dekretua, behi-aziendaren haragia etiketatzeko sistemei buruzko Batasuneko erregelamenduak aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena. Kontrol-erakunde independenteek balio erantsia ematen duten ezaugarriak betetzen direla egiaztatuko dute, auditoretzen bidez. Horretarako, behar beste irizpide tekniko aplikatuko dituzte ekoizpen osoaren ezaugarriak kontrolatzen direla ziurtatzeko.
Baldintza-orria kudeatzen duen erakundeak bere esku izan beharko du hildako abereen identifikazioari eta erregistroari buruzko informazio guztia, aukerako etiketatzeari buruzko baldintzen barruan, autonomia-erkidegoko organo kudeatzaileak eskatuz gero haren esku jartzeko, 97. artikuluaren 2. paragrafoko j) idatzi-zatiaren jakinarazpenean ezarritakoaren ondorioetarako.
Horrela, urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 97. artikuluaren 2. paragrafoko j) idatzi-zatian xedatutakoaren arabera autonomia-erkidegoek emandako informazioa abiapuntutzat hartuta, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, otsailaren 1a baino lehen, idatzi-zati honetako baldintzak betetzen dituzten aukerako etiketatzeen baldintzen zerrenda estatal bat egingo du.
Espainian gizendu eta hildako abereak bakarrik onartuko dira, Espainian ofizialki aitortutako behi-aziendaren haragiaren kalitate-sistemaren baten barruan.
Laguntza ordaindu ahal izateko, aukerako etiketatzearen baldintzen arduradunek, adierazpen geografiko babestuen kontseilu arautzaileek nahiz abeltzaintza ekologikoaren ekoizpena ziurtatzen duten erakundeek, aurreko urte osoan hildako abereen inguruko informazioa emango diote Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, ekoizleak eskabide bakarra aurkeztu duen urtean ez eta hurrengo urteko otsailaren 1a baino lehen, urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren X. eranskinaren arabera erakunde horien ardurapean dauden kalitate-programen babesean.
Urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuak 97. artikuluko 2. paragrafoko j) idatzi-zatian eta X. eranskinean xedatzen duenaren arabera autonomia-erkidegoek emandako informazioa abiapuntutzat hartuta, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak zehaztuko du abelburu bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa, era honetan: funtsen kopuru osoa zati 62. artikuluko baldintzak betetzen dituzten abelburuen kopurua (gehienez, 200 abelburu ustiategi bakoitzeko).
Gizendegi komunitarioak direnean, bazkide bakoitzari aplikatuko zaio ustiategi bakoitzeko 200 abelburuen muga hori. Gizendegi komunitarioko bazkide izatea justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztuko da. Arlo horretan, gizendegi komunitarioek baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatuko da:
Beren helburuen artean bazkideen behi ume-hazleen ustiategietan hazitako txahalak elkarrekin gizentzea egotea. Hori egiaztatze aldera, bazkide bakoitzeko 200 abelbururen muga murriztu egingo da ustiategiko behi ume-hazleetatik jaiotako txahal kopurura, 200 baino gutxiago badira.
Eskabideari abelburuak eransten dizkioten bazkide guztiek behi ume-hazleak eta prima-eskubideak edukitzea, eta urte zibil horretan behi ume-hazleen prima eskatuta edukitzea. Baldintza hori betetzen ez duten bazkideen abelburuak ez dira sartuko gizendegi komunitarioaren modulazio gehigarrian.
Gizendegi komunitario batek aurkeztutako eskabide batean agertzen den bazkide bakoitzak bere aldetik eska dezake kalitateko behi-aziendaren haragia ekoizteko laguntza espezifikoa ere. Dena dela, ekoizle bati emandako laguntza, banakako eskabidea eta gizendegi komunitarioaren eskabidea gehituta, inoiz ez da izango 200 abelburutik gorakoa. Horrelako kasuetan, ekoizleak banakako eskabidean adierazi beharko du laguntza espezifikoa eskatu duen gizendegi komunitario bateko bazkide dela, gizendegiaren IFZ emanez.
Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduaren arabera, eta urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren arabera, 2012tik aurrera nekazaritzari eta abeltzaintzari ordainketa zuzenak egiteari buruzkoa, 2013ko kanpainan indarrik gabe geratuko dira urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuaren 79-80 artikuluetan (biak barne) aurreikusitako esnekien alorreko ordainketa gehigarriak.
Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduak 68. artikuluko 1.a.ii) idatzi-zatian xedatzen duena betez, eta urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuko 67-68 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, laguntza espezifiko bat emango zaie beren esne edota okelaren ekoizpenaren zati bat kalitate-deitura baten babespean merkaturatzen duten ardi- eta ahuntz-ekoizleei.
Ondorio horietarako, kalitate-deituratzat joko dira ardi eta ahuntzen sektorean ofizialki onartutako kalitate-sistema hauek:
Europar Batasunaren esparrukoak:
Adierazpen geografiko babestuak.
Jatorri-deitura babestuak.
Espezialitate Tradizional Bermatuak.
Abeltzaintza ekologikoa.
Estatuaren esparrukoak:
Abeltzaintza Integratua.
Aukerako etiketatzeak jarraituko du Nekazaritza eta Abeltzaintzako Baliabideen Zuzendaritza Nagusiaren 2009ko irailaren 10eko Ebazpena, arkume- edo antxume-okelaren aukerako etiketatzearen gida onartzen duena, edo Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzak arau bidez aitortutako kalitatea ziurtatzeko edozein eskema.
Horrez gain, laguntza kobratzeko, urtarrilaren 20ko 13/2004 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazarien Elkarteei eta horien Batasunei buruzkoan, ezarritakoaren arabera erregistratutako multzoko eme hautagarrietatik jaiotako arkume edo antxumeak soilik hartu ahal izango dira kontuan.
Horrela, urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 97. artikuluaren 2. paragrafoko j) idatzi-zatian xedatutakoaren arabera autonomia-erkidegoek emandako informazioa abiapuntutzat hartuta, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, otsailaren 1a baino lehen, idatzi-zati honetako baldintzak betetzen dituzten aukerako etiketatzeen baldintzen zerrenda estatal bat egin eta jakinaraziko du.
Laguntza ordainduko da ardi edo ahuntz hautagarri bakoitzeko urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 2. artikuluaren arabera araudiari jarraituz identifikatuta eta erregistratuta badago, 2013ko urtarrilaren 1ean, atal honetako baldintzak betetzen dituzten ustiategietan.
Laguntza hauek eskuratu nahi dituzten abeltzainek, ustiategiko espezieak banatuz, 2012ko eme hautagarrien gutxienez % 25ek ekoitzitakoa merkaturatu beharko dute kalitate-programen barruan. Bai ardiak bai ahuntzak dauden ustiategietan, espezie bakoitzak baldintza hori betetzen duen ikusiko da. Espezie berarentzat hainbat ekoizpen-orientazio dituzten ustiategien kasuan, betekizun hori betetzat jotzeko, ustiategiko ekoizpen-orientazioetako batean lortu beharko da portzentaje hori. Nolanahi ere, espezie berean, ekoizpen-orientazio bakarrak jasoko du laguntza. Kalitate-deitura guztiei dagokienez, merkaturatutako gutxieneko portzentaje hori betetzen dela zenbatzen hasiko da erakunde emaileak lehenbiziko ziurtagiria luzatzen duen egunetik hasita, aginte eskudunak baimena eman ondoren. Dena dela, ziurtagiri hori berritzeko orduan, urte naturalean merkaturatutako kopurua hartuko da kontuan.
Gutxieneko portzentaje horiek ezartzeko, 2013an merkaturatutako esne-kantitatea edota arkume- nahiz antxume-kopurua umetarakoen kopurura bihurtzeko koefizienteak aplikatuko dira, urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren XIII. eranskinean xedatutakoaren arabera.
Abere hautagarri bakoitzeko laguntzen zenbatekoa honako hau izango da:
Europar Batasunaren esparruko kalitate-deituren kasuan: laguntzaren zenbateko osoa.
Estatuaren esparruko kalitate-deituren kasuan: laguntza osoaren % 80.
Ustiategi batean, kalitate-ekoizpenak aldi berean bi esparru horietako Europako eta estatuko deituren babesean merkaturatzen badira, bi esparru horietako bakoitzean laguntza jasoko duten abere-kopurua honela kalkulatuko da:
Europako esparruaren babesean merkaturatutako ekoizpena nahikoa baldin bada laguntza jasotzeko gutxieneko portzentajera iristeko alde batera utzita estatuaren esparruan izandako kalitate-ekoizpena, ordainketa jasotzeko eskubidea duten ustiategiko abere guztiengatik jasoko da laguntzaren zenbateko osoa.
Gutxieneko portzentajera iristeko Europako esparruaren kalitate-ekoizpena nahikoa izan ez, baina Europakoa eta estatukoa batuta nahikoa baldin bada, esparru horietako bakoitzean Europakoan eta estatukoan laguntza jasotzeko eskubidea duen abere-kopurua kalkulatzeko, esparru bakoitzean merkaturatutako ekoizpena hartuko da aintzat.
Laguntza ordaindu ahal izateko, aukerako etiketatze-orrien arduradunek, adierazpen geografiko babestuen kontseilu arautzaileek, jatorri-deitura babestuek nahiz abeltzaintza ekologiko eta integratuaren ekoizpena egiaztatzen duten erakundeek, beharrezko den informazioa emango diote Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, eskabide bakarra aurkeztu den urtean ez eta hurrengo urteko otsailaren 1a baino lehen, aurreko urte osoan beren ekoizpena urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren XII. eranskineko datuen arabera erakunde horien ardurapekoak diren kalitate-programa horien babesean merkaturatu duten ustiategien eta titularren inguruan.
Urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 97. artikuluaren 2. paragrafoari eta XII. eranskinari jarraituz autonomia-erkidegoek emandako informazioaren arabera, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak erabakiko du abelburu bakoitzeko laguntza espezifikoa, era honetan: guztira dauden funtsak zati 68. artikuluko baldintzak betetzen dituzten abelburuen kopurua.
Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduaren 68. artikuluko 1. paragrafoko b) idatzi-zatiak xedatzen duena betez, eta urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 70-72 artikuluei jarraikiz, laguntza espezifiko bat emango zaie elkartutako ardi-ustiategien titularrei, lehiakortasuna bultzatuz edo eskaintza ordenatuz edo ekoizpenaren balioa handituz jarduerari eutsi ahal izan diezaioten.
Laguntza ordainduko da ustiategian dauden ardi hautagarrien kopuruagatik urtarrilaren 20ko 13/2009 Errege Dekretuaren 2. artikuluaren arabera, araudiari jarraituz identifikatuta eta erregistratuta badaude, 2013ko urtarrilaren 1ean, eta ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Eskabide bakarra aurkezteko epea amaitu aurretik Nekazaritza Ustiategiak Modernizatzeko uztailaren 4ko 19/1995 Legearen 6. artikuluko a) eta b) idatzi-zatietan aipatutako elkarteren batean bildutako ardi-ustiategien titularrei emango zaizkie laguntzak; elkartutako ustiategietako titularrak umetarako 5.000 ardiren jabe izango dira, eta eskabidea aurkezteko epea amaitu aurretik, eginak eta estatutuetan jasoak izango dituzte honako helburu hauetakoren bat lortzeko jarduerak:
Arkumeak gizentzeko eta tipifikatzeko edota haragia, esnea edo esnekiak edota artilea elkarrekin merkaturatzeko azpiegiturak izatea.
Ekintza bateratuak egitea, ekoizpenaren trazabilitatea edota etiketatua hobetzeko.
Ohiko zerbitzuak eta ordezkatzekoak izatea (esate baterako, larratzeko, ilea mozteko...).
Ekoizpenean edota merkaturatzean ekintza bateratuak egitea, trebatzeko, hobekuntza teknologikoak egiteko eta berritzeko.
Ardi-ustiategi bateko titularrak laguntza-eskabide bakarra aurkez dezake, berak eskabidean adieraziko duen elkarte bati lotuta.
Eskatzaileak laguntza jasotzeko eskubidea izango du, baldin eta, elkarte bateko kide den aldetik, lehenago esandako eta elkarte horrek berak antolatutako jardueraren batean parte hartu badu 2013an.
Era berean, honako hauek izango dira elkarteen konpromisoak:
Lehen laguntza eskatu duten egunaz geroztiko hiru urteetan, hau da, laguntza eskaeraren urtean eta hurrengo bietan, jarduerari eta, gutxienez, elkarteko errolda adierazlearen % 90i eustea.
Elkarteko errolda adierazleari eusteko konpromisoen ondorioetarako, eskatzaileen abere hautagarriak bakarrik hartuko dira kontuan.
Elkartearen umetarako ardi hautagarrien errolda adierazlea, 2013ko urtarrilaren 1ekoa izango da.
Elkarteko kide diren ekoizleek banan-banako konpromisoa hartzea elkartean gutxienez 3 urtez egoteko eta bajaren berri gutxienez eguna baino 6 hilabete lehenago emateko.
Bazkide eskatzaile batek justifikaziorik gabe ematen badu baja, elkartean egoteko banan-banako konpromisoa bete gabekotzat joko da, gertatzen dena gertatzen dela elkartearen errolda adierazlearekin edo gutxienekoarekin. Horrelakoetan, eskatzaile horiei aurreko urteetan jasotako dirua itzultzeko eska dakieke eta, gainera, urteko laguntza espezifikoa ukatuko zaie, baldin eta beste elkarte bateko kide izateko eskabidea aurkeztu badute.
Horretaz gainera, bazkide eskatzaile baten bajaren ondorioz, elkartearen errolda adierazlea hasierako erroldatik % 90 baino gutxiagora jaitsi bada urte batetik bestera, edo gutxieneko errolda 5.000tik behera jaitsi bada, elkartearen bete gabeko konpromisotzat hartuko da eta kide guztiei eragingo die. Halakoetan, konpromisoari eutsi dioten bazkideei ez zaie eskatuko aurreko urteetan jasotako dirua itzultzerik.
Dena dela, kontuan hartuko da eskatzaile batek erretiroa hartu izana, egoera bereziak eta ezinbesteko kasuak.
Era honetan banatuko da abelburu bakoitzak jasoko duen dirua:
Urtarrilaren 21eko 61/2011 Errege Dekretuaren arabera, ardi- eta ahuntz-esnea edo -esnekiak erosten dituztenek egin beharreko deklarazioei buruzkoa, esnerik edo esnekirik merkaturatzen ez den ustiategietan, eme hautagarri bakoitzari laguntza osoa emango zaio.
Urtarrilaren 21eko 61/2011 Errege Dekretuaren arabera, edozein espezieren esnea edo esnekiak merkaturatzen diren ustiategietan, eme hautagarri bakoitzeko emango den zenbatekoa laguntza osoaren % 70 izango da.
Urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 97. artikuluaren 2. paragrafoaren n) idatzi-zatiari jarraituz autonomia-erkidegoek emandako informazioaren arabera, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak erabakiko du abelburu bakoitzeko laguntza espezifikoa, era honetan: guztira dauden funtsak zati atal honetako baldintzak betetzen dituzten abelburuen kopurua.
Elkarteek zerrenda batean idatziko dituzte bazkide eskatzaileen izen-deiturak eta NAN/IFZ, bai eta eme hautagarrien errolda eta ustiategien REGA kodea ere. Zerrenda hori izen soziala dagoen aginte eskudunari helaraziko zaio, eskabide bakarra aurkezteko epea amaitu aurretik.
Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduaren 68. artikuluko 1. paragrafoko b) idatzi-zatiak xedatzen duena betez, eta urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 73-75 artikuluei jarraikiz, laguntza espezifiko bat emango zaie eremu ahuleko ahuntz-ustiategien titularrei, kontuan hartuz 9.1.1 eranskina (Espainiako Eremu Ahulen Zerrenda, landa-garapenerako 2000-2006ko laguntza-neurriak, azaroaren 24ko C (2000) 3549 Erabakiz onartua eta otsailaren 22ko C (2006) 607 Erabakiz aldatua), bai eta zerrenda horren aldaketak ere (irailaren 20ko 1698/2005 (EE) Erregelamenduko 2. idatzi-zatiaren 90. artikulua).
Laguntza ordainduko da ahuntz hautagarri bakoitzeko urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 2. artikuluaren arabera, araudiari jarraituz identifikatuta eta erregistratuta badago, 2013ko urtarrilaren 1ean, atal honetako baldintzak betetzen dituzten ustiategietan.
10 ahuntz hautagarri edo gehiago dituzten ustiategiek bakarrik jasoko dute laguntza.
Laguntza horiek eremu ahuletan kokatutako ahuntz-ustiategiek eskuratu ahalko dituzte, urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 73. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Ustiategiaren ekoizpen-unitateak hainbat eremutan daudenean, ustiategia eremu ahulean dagoen jakiteko, ekoizpen-unitate bakoitzean dauden ahuntzen kopurua hartuko da kontuan, urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuaren 2. artikuluari jarraituz. Ustiategia eremu ahulekotzat hartuko da baldin eta artikulu honetako 1. paragrafoan ezarritakoaren arabera eremu ahulen batean dauden ekoizpen-unitatean edo unitateetan ustiategiko ahuntz guztien % 50 baino gehiago badaude.
Halakoetan, hautagarritzat hartuko diren ahuntz bakarrak izango dira, aurreko atala betetzeaz gain, eremu ahuleko ekoizpen-unitateetan daudenak.
Urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 97. artikuluaren 2. paragrafoaren n) idatzi-zatiari jarraituz autonomia-erkidegoek emandako informazioaren arabera, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak erabakiko du abelburu bakoitzeko laguntza espezifikoa, era honetan: guztira dauden funtsak zati atal honetako baldintzak betetzen dituzten abelburuen kopurua.
Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduaren 68. artikuluko 1. paragrafoaren b) idatzi-zatiak xedatzen duena betez, eta urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 73-75 artikuluei jarraikiz, laguntza espezifiko bat emango zaie esne-behien ustiategiei, kuoten erregimena kenduz joaten laguntzeko.
Laguntzak abere hautagarri bakoitzeko eta urteko emango dira. Abere hautagarriak esne oneko behiak izango dira, urriaren 29ko 1121/2009 (EE) Erregelamenduko IV. eranskinean zerrendatutako behi-arrazaren batekoak, 24 hilabetekoak edo gehiagokoak, eta eskabidea aurkeztu den urteko apirilaren 30ean ustiategian egon beharko dute, eta Abereen Banakako Identifikaziorako Erregistro Orokorrean inskribatuta, 728/2007 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.
Abereek urriaren 29ko 1121/2009 (EE) Erregelamenduaren IV. eranskinean adierazitako behi-arrazaren batekoak izan beharko dute, eta, horrez gain, EAEn hautagarriak izango dira suitzar arrea, Simmental eta Montbeliarde espezieko behiak, abeltzainek horretarako egiten dituzten eskaeren arabera.
Ondorioz, laguntza hori kobratzeko hautagarritzat har daitezkeen suitzar arrea, Simmental edo Fleckvieh eta Montbeliarde arrazako abereak esne onekotzat joko dira eta ez ume-hazletzat. Beraz, eskaera egiten den kanpainan behi ume-hazleentzat dauden laguntzak kobratzeko eskubidea galduko dute.
Foru-aldundiek adieraziko dute ustiategi bakoitzeko zenbat animalia hautagarrik betetzen dituzten hurrengo idatzi-zatian eremu ahul bakoitzerako eta modulazio tarte bakoitzerako ezarritako betekizunak.
Laguntza horiek urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuko 60. artikuluan ezarritakoa betetzen duten esne-behien ustiategiek eskuratu ahalko dituzte, izan Espainiako eremu ahuletakoak nahiz eremu ahuletatik kanpokoak.
Ustiategiaren ekoizpen-unitateak hainbat eremutan daudenean, ustiategia nolako eremutan dagoen jakiteko, eskabidea aurkezteko azken egunean ekoizpen-unitate bakoitzean dauden abere hautagarrien kopurua hartuko da kontuan. Abere hautagarri gehien dauden ekoizpen-unitatearen eremua hartuko da ustiategi osoaren eremutzat.
Hain zuzen ere, ustiategiaren eremu horretako ekoizpen-unitateetan hasiko dira zenbatzen laguntza jasoko duten abereak, urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 78. artikuluaren 2. puntuan ezarritako modulazioaren ondorioetarako. Ondoren, hurrengo eremuan edo eremuetan egingo da zenbaketa, abere hautagarri gehien dauden eremuetatik gutxien daudenetara.
Urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 76.2.a. artikuluaren arabera, adierazitako eremuetan dagoen eta esne-abereak elikatzeko bazkalekua duen ustiategiko abeltzainek laguntza osagarria jaso ahalko dute, baldin eta bazkaleku hori 0,40 hektareatik gorakoa bada eme hautagarri bakoitzeko, urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 77. artikuluko 1. idatzi-zatiaren arabera.
Laguntza honen ondorioetarako, bazkalekutzat joko dira 65. artikuluaren 2. idatzi-zatia betetzeaz gain SIGPAC sisteman larre edo lur goldagarri direnak, eta ustiategia kokatua dagoen udalerrian edo inguruko udalerriren batean daudenak.
Urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 97. artikuluko 2. paragrafoaren ñ) idatzi-zatiari jarraituz autonomia-erkidegoek emandako informazioaren arabera, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak erabakiko du abelburu bakoitzeko laguntza espezifikoa, era honetan: urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 76. artikuluko 2. paragrafoaren arabera guztira dauden funtsak zati atal honetako baldintzak betetzen dituzten abelburuen kopurua, eta hurrengo ataleko modulazioa kontuan hartuta.
Abere hautagarri bakoitzeko laguntzen zenbatekoa honako hau izango da:
lehenengo 40 abereentzat laguntzaren zenbateko osoa, eta zenbateko osoaren % 80 gainerakoentzat; ustiategi bakoitzean, gehienez ere, 100 abererentzat emango da laguntza.
Urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 76.2.a.) artikuluan adierazitako eremuetan dauden eta, eme hautagarri bakoitzeko, esne-abereentzako 0,40 hektareatik gorako bazkalekua duten ustiategien kasuan: lehenengo 40 abereentzat laguntza osagarriaren zenbateko osoa, eta zenbateko osoaren % 70 gainerakoentzat; ustiategi bakoitzean, 100 abererentzat emango da laguntza, gehienez ere.
Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduaren 68. artikuluko 1. paragrafoaren a) idatzi-zatiak xedatzen duena betez, eta urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 79-83 artikuluei jarraikiz, laguntza espezifiko bat emango zaie esne-behien ustiategiei, beren ekoizpena lerro hauetako batean merkaturatzen dutenei:
Urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 80. artikuluan bildutako kalitate-deituretako bat izatea.
Q letrako aukerako etiketatzeak Esnean eta esnekietan Q letraren erabilera arautzen duen martxoaren 31ko 405/2010 Errege Dekretuan ezarritakoa bete beharko du.
Kalitate-deituratzat hartuko dira esne-behien sektoreak ofizialki aitortutako kalitate-sistema hauek:
Europar Batasunaren esparrukoak:
Adierazpen geografiko babestuak.
Jatorri-deitura babestuak.
Espezialitate Tradizional Bermatuak.
Abeltzaintza ekologikoa.
Estatuaren esparrukoak:
Abeltzaintza integratua.
Kalitate-ziurtagiriak edo berme-markak, araudi orokorrean baino betekizun gehiago badituzte. Kasu horretan, balio erantsia ematen duten elementu gisa hauetako bat dutenak bakarrik onartuko dira:
a Ekoizpenaren ezaugarriak: jardunbide estentsiboko ekoizpena.
a Elikadura: esnearen kalitate organoleptikoa edo elikagarria hobetzeko asmoz pentsuan labore, bitamina, gantz-azido eta beste osagai batzuen gutxieneko portzentaje edo kopuru batzuk erantsi dituzten elikadura-sistemak.
a Ingurumena: ustiategian energia berriztagarriak erabiltzea, energia edo baliabideak (ura) aurrezteko programak izatea, berotegi-efektuko gasen igorpena murriztea.
a Esnearen garbitasun- eta osasun-kalitatea, nahitaezko lege-betekizunetatik haragokoa:
Horretan oinarritzen diren kalitate-ziurtagiriek esne-behi gordinaren kalitate higienikoa ere eskatu beharko dute, irizpide hauekin bateragarria:
Germenen koloniak 30 °C-an (ml bakoitzeko): 50000.
Zelula somatikoen kopurua (ml bakoitzeko): 350000.
Baldintza hori bete den ikusteko, esnearen tankeetako laginen batez besteko geometrikoak hartuko dira kontuan, abenduaren 21eko 1728/2007 Errege Dekretuaren arabera Q letraren datu-basean jasoak, edo aginte eskudunak baimendutako beste edozein erregistrotan jasoak.
Horrela, esnea eta esnekiak kalitate-sistema horien barruan merkaturatzen dituen ekoizleak, gainerako baldintzak betetzeaz gain, laguntza hau jaso ahal izateko, 2013. urtean bere ustiategian hartutako lagin guztiek lehen aipatutako irizpideak bete behar dituzte.
Urtarrilaren 23ko Errege Dekretuaren 80. artikuluko f) idatzi-zatian jasotako estatuaren esparruko kalitate-ziurtagiriek ofizialak izan behar dute, autonomiaren esparruko lege-arauaren bidez, eta arauaren barruan joango dira kalitate-sistemaren baldintzak eta betekizunak. Euskal Autonomia Erkidegoan, arau hori Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko apirilaren 20ko Aginduan biltzen da. Agindu horren bidez, «Euskal Esnea-Leche del Pais Vasco» bereizgarriaren kalitatea ziurtatzeko eskema onartzen da.
Eusko Jaurlaritzaren Elikadura Kalitatearen Zuzendaritza arduratuko da kalitate-ziurtagiriak ofizial egiteaz, eta ofizialtasun horrek estatu osorako balioko du.
Kontrol-erakunde independenteek egingo dute kanpoko kontrola, eta horien erakunde ziurtatzaileak izango dira abenduaren 28ko 2200/1995 Errege Dekretuan onartutako Industriaren Kalitaterako eta Segurtasunerako Azpiegituren Erregelamenduko II. kapituluaren 2. atalean arautuak, edo European Co-operation for Accreditation-en Elkar Aitortzeko Hitzarmena sinatu duen beste edozein erakunde ziurtatzaile, UNE-EN 45011 arauari jarraituz (nekazaritzako elikagaien erakunde ziurtatzaileek bete beharreko baldintzei buruzkoa), eta gutxienez urtebete izan behar dute.
Kontrol-erakunde independente horiek UNE-EN 45011 araua bete behar dute.
Nolanahi ere, kontrol-erakunde independenteak zer autonomia-erkidegotan duen egoitza soziala edo lanean non hasi behar duen, autonomia-erkidego horrexetako agintari eskudunek behin-behineko baimena eman ahalko diote erakunde horri, aldez aurreko ziurtagiririk gabe, honako baldintza hauekin:
UNE-EN 45011 araua betez ziurtaturik egotea nekazaritzako elikagaien arloan, gutxienez urtebete lehenagotik, eta kalitate-sistemaren ziurtagiria eskaturik edukitzea.
Behin-behineko baimena indarrean egongo da erakunde eskatzaileari jakinarazten zaion datatik aurrera 2 urtez gehienez, edo ziurtagiria lortu arte, epea laburragoa bada. Kontrol-erakunde independenteak ez balu ziurtagiria eskuratuko epe horretan, behin-behineko baimenak automatikoki galduko du indarra, eta pertsona fisiko edo juridiko berak ezingo du behin-behineko beste baimenik eskatu autonomia-erkidego berean edo beste batean. Dena dela, ziurtagiria lortu ez izana erakundearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik izan bada, epe hori 6 hilabete gehiago luzatu ahalko da.
Behin-behineko baimenak estatu osorako balio du, baina kontrol-erakunde independenteak lehenbizi aginte eskudunari adierazi behar dio bere esparruan lanean hastera doala, baldin eta aginte hori ez bada behin-behineko baimena eman zuena.
Kontrol-erakunde independenteek balio erantsia ematen duten ezaugarriak betetzen direla egiaztatuko dute, auditoretzen bidez. Horretarako, behar beste irizpide tekniko aplikatuko dituzte kalitate-ziurtagirien babespean dagoen ekoizpen osoaren ezaugarriak kontrolatzen direla ziurtatzeko.
Horrela, urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 97. artikuluaren 2. paragrafoko o) idatzi-zatian xedatutakoaren arabera autonomia-erkidegoek emandako informazioa abiapuntutzat hartuta, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, otsailaren 1a baino lehen, atal honetako baldintzak betetzen dituzten kalitate-ziurtagirien zerrenda estatal bat egingo du.
Abere hautagarri bakoitzeko eta urteko ordainduko da laguntza. Abere hautagarriak izateko, ardiak 24 hilabetekoak edo gehiagokoak izango dira, Abereen Banakako Identifikaziorako Erregistro Orokorrean inskribatuta egongo dira, 728/2007 Errege Dekretuan xedatzen denaren arabera, eta ustiategian kokatuak egon beharko dute eskabidea aurkeztu den azken egunean; ardi horien ekoizpenak urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 79.1 artikuluko lerroren baten babespean egon beharko du merkaturatua.
Urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 79.1 artikuluko bi lerroetako edozeinetan laguntzak eskatu nahi dituzten abeltzainek, 60. artikuluko xedapenak betetzeaz gain, kasu bakoitzeko baldintzen barruan merkaturatu beharko dituzte esnetarako emeen ekoizpenaren % 25, gutxienez. Merkaturatutako gutxieneko portzentaje hori betetzen dela zenbatzen hasiko da erakunde emaileak lehenbiziko ziurtagiria luzatzen duen egunetik hasita, aginte eskudunak baimena eman ondoren. Dena dela, ziurtagiri hori berritzeko orduan, urte naturalean merkaturatutako kopurua hartuko da kontuan.
Adierazpen geografiko babestuak, jatorri-deitura babestuak eta espezialitate tradizional bermatuak arautzen dituzten kontseiluetako arduradunek eta abeltzaintza ekologiko eta integratutako ekoizpena, kalitateko ziurtagirien eskemak eta Q letra arautzen dituzten kontseiluetako arduradunek beharrezko informazioa emango diote Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, eskabide bakarra aurkeztu den urtean ez eta hurrengo urteko otsailaren 1a baino lehen, urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuko XIV. eranskinean xedatutakoaren arabera.
Urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 80. artikuluaren f) idatzi-zatian aipatutako ziurtagiriei dagokionez, non kontrol-erakunde independenteak ez duen baldintzak betetzearen ziurtagiria ematen ustiapenaren mailan, baizik eta geroago, eta urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 79. artikuluko 1.b) idatzi-zatiaren Q letra etiketan jartzeari dagokionez, XIV. eranskinaren B) idatzi-zatian aipatutako merkaturatutako esne-kopuruak bat etorri behar du eskemaren arduradunak edo Q letraren erabiltzaileak merkaturatutako esne kopuruarekin.
Egiaztapen hori egin ahal izateko, kontrol-erakunde independenteak ziurtatu beharko du esnearen zer bolumen merkaturatu den aipatutako markarekin edo logotipoarekin. Kopuru hori idatziko da urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren XIV. eranskinaren c) idatzi-zatian, eta eranskin horretako B) idatzi-zatian ipinitako kopuruen batuketak ezingo du % 10etik gora gainditu C) idatzi-zatiko kopurua.
Ustiapen bakoitzean 2. paragrafoko baldintzak betetzen dituen eme hautagarrien kopurua jakiteko, 2013. urtean kalitate-deituren eta Q letraren barruan merkaturatutako kiloak zati Espainiaren batez besteko esne-errendimendua egingo da (urriaren 29ko 1121/2009 (EE) Erregelamenduan dator).
Dena dela, aginte eskudunak berak onartutako edozein dokumentu erabili ahalko du abeltzain bakoitzaren esne-abereen batez besteko errendimendua ziurtatzeko. Aginte eskudunak egiaztatzen baldin badu ustiategi bateko ekoizpen osoa kalitateko ekoizpen baterako edo batzuetarako dela, 24 hilabeteko edo gehiagoko eme guztiak Abereen Banakako Identifikaziorako Erregistro Orokorrean inskribatuak, 728/2007 Errege Dekretuan xedatzen denaren arabera, ustiategian kokatuak eskabidea aurkeztu den azken egunean, laguntza jasotzeko hautagarriak dira, esne-errendimenduaren kalkuluak egin gabe.
Urtarrilaren 23ko 202/2012 Errege Dekretuaren 97. artikuluaren 2. paragrafoaren o) idatzi-zatiari eta XlV. eranskinari jarraituz autonomia-erkidegoek emandako informazioaren arabera, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak erabakiko du abere hautagarri bakoitzeko laguntza, era honetan: guztira dauden funtsak zati laguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituzten abereen kopurua.
Abere hautagarri bakoitzeko laguntzen zenbatekoa honako hau izango da:
Europar Batasunaren esparruko kalitate-deituren kasuan: laguntzaren zenbateko osoa.
Gainerako kalitate-deituren eta Q letraren aukerako etiketatzeen kasuan: laguntza osoaren % 80.
Ustiategi batek aurreko a) eta b) idatzi-zatien barruan merkaturatzen badu bere ekoizpena, laguntzaren zenbatekoa kalkulatuko da idatzi-zati bakoitzeko abelburu hautagarriak zenbatuta.
Urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuaren 72. artikuluko 3. paragrafoa honela idatzita gelditzen da:
Aukerako etiketatze-orrien arduradunek, adierazpen geografiko babestuen kontseilu arautzaileek edo abeltzaintza ekologikoaren ekoizpena egiaztatzen duten erakundeek, eskabidea aurkeztu den urtean ez eta hurrengo urteko apirilaren 1a baino lehen, jardunbide hauetan ezarri diren laguntzak kudeatzeko beharrezko informazioa emango diote Eusko Jaurlaritzan elikaduraren kalitatearen eskumena duen zuzendaritzari, eta, ondoren, zuzendaritza horrek informazio hori helaraziko dio Eusko Jaurlaritzan nekazaritza eta abeltzaintzaren eskumena duen zuzendaritzari.
Urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuaren 84. artikulua (Eskaerak aldatzea) honela idatzita gelditzen da:
Eskabide bakarra aurkezteko epea bukatu ondoren, nekazariek maiatzaren 31ra arteko epea izango dute banakako partzelak edo ordainketa-eskubideak gehitzeko, betiere kasuan kasuko laguntza-erregimenean ezarritako baldintzak betetzen badira. Gainera, eskabide bakarrean deklaratutako partzelen erabilera edo laguntza-erregimena aldatu ahal izango dute, baldin eta eskabide bakarreko beste partzela batzuetan ere hala eskatu badute. Aldaketa horiek eragina baldin badute aurkeztu beharreko ziurtagiri edo kontraturen batean, horiek ere aldatu ahal izango dira.
13/2009 Dekretuaren V. paragrafoaren (Informazio eta dokumentazio gehigarria) XI. eranskinari (eskaera bakarrean adierazi beharreko gutxieneko informazioa) honako paragrafo hau eransten zaio:
1 bis. Bazkaleku komunen kasuan, entitate jabeak adierazi beharko du, partzela bakoitzagatik, bazkaleku kolektiboaren guztizko azalera egiaztatzen duen dokumentazioa, dagokion kanpainan bazkaleku hori erabiltzen duten azienda larrien guztizko kopurua, abeltzain guztien arteko banaketa, eta abere horiek bazkaleku kolektiboetan ematen duten denbora.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean. Dena dela, agindu honen bidez urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuak araututako ordainketa bakarreko Batasunaren laguntzen jardunbidean eta zuzeneko laguntzen beste jardunbide batzuetan egindako egokitzapenak 2013ko kanpainaren hasieratik (2013ko otsailaren 1etik) aplikatuko dira.
Vitoria-Gasteiz, 2013ko martxoaren 20a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.