Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2011ko maiatzaren 24koa, Kulturako sailburuarena, euskarazko zinpeko itzultzaile zein interprete lanetarako habilitazioa lortu dutenen erregistroa arautzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 108
- Hurrenkera-zk.: 3008
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/05/24
- Argitaratze-data: 2011/06/08
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak; Hezkuntza
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak; Funtzio publikoa
Testu legala
10/1982 Oinarrizko Legearen 12. artikuluaren haritik, otsailaren 29ko 38/2000 Dekretuak Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO) sortu eta arautu zuen. Harrezkero, IZO arduratu da euskararako eta euskaratik gaztelaniarako itzulpenen zehaztasuna eta baliokidetasun juridikoa ziurtatzeaz, dokumentuek itzulpen ofiziala behar zutenean. Eskariaren hazkundea ikusita, eta herritarrei zerbitzu hobea eta iristerrazagoa ziurtatzearren, Kultura Sailean komenigarritzat jo zen eginkizun hori profesional prestatu eta habilitatuek ere bete ahal izatea, hau da, euskarazko zinpeko itzultzaileak habilitatzea, eremu publikoan ez ezik eremu pribatuan ere jarduteko.
Horren guztiaren haritik, 2009ko maiatzaren 4ko EHAAn argitaratu zen Kultura sailburuaren 88/2009 Dekretua, apirilaren 21ekoa, zinpeko itzultzaile eta interpreteen habilitazioari buruzkoa. Dekretu horren xedea da, batetik, zinpeko itzultzaile eta interprete gisa aritu ahal izateko gaikuntza profesionala arautzea, bai euskaratik beste hizkuntzetarako eta bai beste hizkuntzetatik euskararako itzulpen eta interpretazio lanetan jarduteko, eta bestetik, lanbide honetarako gaituak daudenen erregistroa osatzea.
Aipatutako Dekretuaren 9. artikuluak xedatutakoaren arabera, «zinpeko itzultzaileen eta interpreteen erregistroa sortu eta arautuko du Eusko Jaurlaritzan hizkuntza politikaren eskumena duen saileko sailburuak agindu baten bidez».
88/2009 Dekretuaren arabera, itzulpen eta interpretazio lanetarako habilitazioa Dekretu horretan bertan araututako probak gaindituta lortuko da. Horrez gain, habilitazioaren jabe egingo dira Dekretuaren 7. artikuluko 2. xedapena kontuan hartuz izendatutako zinpeko itzultzaile nahiz interpreteak.
Agindu honetan, beraz, aipatutako erregistroa osatzeko aintzat hartu behar ditugun baldintzak eta berau arautzeko jarraibideak jasoko dira, beti ere zinpeko itzultzaile eta interpreteen habilitazioari buruzko apirilaren 21eko 88/2009 Dekretuak xedatutakoari jarraiki.
Horren ondorioz, honako hau
Agindu honen helburua da bai euskaratik beste hizkuntzetarako eta bai beste hizkuntzetatik euskararako zinpeko itzulpen nahiz interpretazio lanetarako habilitazioa lortu dutenen erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzea.
Erregistroan jasoko dira, bai euskaratik beste hizkuntzetarako eta bai beste hizkuntzetatik euskararako zinpeko itzultzaile nahiz interprete lanetarako habilitazioa lortu dutenen datuak, habilitazio zuzenaren bidez izan nahiz habilitazio horretarako berariaz deitutako proben bidez izan.
Bai euskaratik beste hizkuntzetarako eta bai beste hizkuntzetatik euskararako zinpeko itzultzaile nahiz interprete lanetarako habilitatutako pertsonak inskribatuko dira erregistroan.
Habilitazioa lortzen dutenen datuak horretarako berariaz sortutako inprimaki baten bidez jasoko dira, eta euskarri informatikoan erregistratuko dira. Inprimaki honen bitartez, habilitatutako pertsonen datuak jasotzeaz gain, datuak argitaratzeko baimena eskatuko zaie interesatuei, beti ere 5. artikuluaren 1. atalean jasotakoaren arabera.
Bai euskaratik beste hizkuntzetarako eta bai beste hizkuntzetatik euskararako zinpeko itzultzaile edota interprete lanetarako habilitazioa lortzen dutenen datu pertsonalekin fitxategia sortuko da.
Kultura Saileko Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza izango da artikulu honen bidez sortuko den fitxategiaren arduraduna.
Fitxategian zinpeko itzulpen eta interpretazio lanetarako habilitatutakoen datu hauek jasoko dira:
Erregistro-zenbakia.
Erregistratze-data.
Izena eta abizenak.
Sexua.
NAN zenbakia.
Harremanetarako datuak:
Helbidea, posta kodea, herria.
Telefono zenbakia(k).
posta helbidea.
Titulazioa.
Habilitazio-bidea (beti ere Kultura sailburuaren 88/2009 Dekretuak ezarritako baldintzen arabera):
Kanpo Arazoetako Ministerioak emandako habilitazioa.
Meritu bidezko habilitazioa.
Itzulpengintza eta Interpretazioko titulazioaren bidezko habilitazioa.
Proben bidezko habilitazioa.
Izendapenaren data.
Lortutako habilitazioa:
Zinpeko itzultzailea.
Zinpeko interpretea.
Hizkuntza-bikotea: sorburu-hizkuntza eta xede-hizkuntza.
Titulu honen babesean sortuko diren datu-fitxategietan oinarrizko maila duten segurtasun-neurriak ezarriko dira.
Artikulu honen babesean sor litezkeen datu-fitxategietako datuak eskuratu, zuzendu, ezabatu eta haien aurka egiteko eskubideak Kultura Saileko Zerbitzu Zuzendaritzaren aurrean baliatu ahal izango dira.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak fitxategi honetan jasotako zenbait datu argitaratuko ditu Eusko Jaurlaritzaren web gunean, beti ere interesatuaren baimenarekin, herritarrek zinpeko itzulpenak egiteko habilitazioa duten profesionalen berri izan dezaten.
Horrela, lan horretan aritzeko interesa adierazi dutenen eta beraien datuak argitaratzeko baimena eman dutenenen honako datu hauek argitaratuko dira:
Izena eta abizenak.
Izendapenaren data.
Lortutako habilitazioa.
Hizkuntza-bikotea.
Harremanetarako datuak.
Harremanetarako datuen kasuan, interesdunak erabakiko du zein datu argitaratuko den (helbidea, telefono zenbakia edota e-posta helbidea).
Erregistro zenbakia jasoko da bestelako datuekin batera zinpeko itzulpen eta interpretazioaren profesionalek beren jardueraren fideltasuna eta zehaztasuna ziurtatzeko erabiliko duten zigiluan, Agindu honen 6. artikuluan zehaztutakoari jarraiki.
Erregistroan jasotako datuetan oinarrituta, lortutako gaikuntza(k) egiaztatzen duten/dituzten ziurtagiriak egingo ditu Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, interesatuak hala eskatuta.
Zinpeko itzulpen eta interpretazioaren profesionalek sinadura eta zigiluarekin ziurtatu beharko dituzte beren jardueraren fideltasuna eta zehaztasuna;honetarako erabiliko duten formula izango da jatorrizko hizkuntza, tokia eta data adieraztea, honako eredu hauei hitzez hitz jarraituz:
Ziurtagiria.
(Izen-abizenak)(e)k, (hizkuntza)ko zinpeko itzultzaile/interprete naizen aldetik, honako hau ziurtatzen dut:
(Xedeko hizkuntza)(e)rako itzulpen hau (jatorrizko hizkuntza)z idatzitako jatorrizko agiriaren edukiarekin guztiz bat datorrela.
Eta horrela jasota gera dadin, ziurtagiri hau izenpetzen dut.
(Tokia eta eguna)
(Zigilua)
(Sinadura)
Zigilua.
Zigiluan datu hauek jasoko dira inolako eranskin eta ikur motarik gabe:
Zinpeko itzultzaile edo interpretearen izen-abizenak.
Erregistro zenbakia.
c) IFZ.
Habilitazioa zein hizkuntza eta modalitateetarako lortu duen.
Helbide eta telefonoa edo faxa edo helbide elektronikoa.
Agindu honen ondorioz herri administrazioarekin dituzten harremanetan, herritarrek euskara eta gaztelania, ahoz nahiz idatziz, erabiltzeko eta arreta hizkuntza berean jasotzeko duten eskubidea bermatuko da.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 24a.
Kulturako sailburua,
MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.