Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2010eko maiatzaren 4koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, barraskiloen ekoizpenerako Euskadiko nekazaritza ekoizpen ekologikoaren arau teknikoak argitaratzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 157
  • Hurrenkera-zk.: 3824
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/05/04
  • Argitaratze-data: 2010/08/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Industria; Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Kontseiluaren 2007ko ekainaren 28ko 834/2007 Erregelamenduak (EE), produktu ekologikoen ekoizpenari eta etiketatzeari buruzkoak, ekoizpen metodo ekologikoak modu iraunkorrean garatzeko oinarria ematen du 1. artikuluan, eta helburu eta printzipio erkide batzuk ezartzen ditu, produktu ekologikoak ekoizteko, prestatzeko eta banatzeko etapa guztien eta horien kontrolen gaineko arauak indartzeko, bai eta etiketatuan eta publizitatean ekoizpen ekologikoari erreferentzia egiten dioten oharrak idazteko ere.

  1. artikuluan, honako hau dio: «Araudia ekologikotzat merkaturatzen diren edo merkaturatuko diren nekazaritza produktu hauei aplikatuko zaie: a) nekazaritza produktu biziak edo eraldatu gabeak, b).».

    Barraskiloak edo horien animalia produktuak araudiaren ezarpen eremuaren barruan sartzen dira, zehazki Kontseiluaren 834/2007 (EE) Erregelamenduko 2. artikuluko a) idatz-zatiaren barruan. Horiek izendapen ekologikoaren babespean merkaturatu ahal izateko, aipaturiko araudian eta berorren ondoko aldaketetan ezarritako arau eta printzipio orokorren arabera haziak beharko dute izan animaliek.

    Geroago, 2008ko irailaren 5eko 889/2008 (EE) Erregelamendua argitaratu zen. Haren bidez, espezie batzuei aplikatu beharreko ekoizpen eta etiketatzeari nahiz kontrolari buruzko arau espezifikoak ezarri ziren; hauek dira espezie horiek: behiak, zaldiak, txerriak, ardiak, ahuntzak, eskortako hegaztiak eta erleak, 7. artikuluan xedatzen den moduan. Animalia espezie jakin batzuei aplikatu beharreko xedapenek, duten eboluzioagatik, denbora gehiago beharko dute; beraz, geroagoko prozedura batean aurkeztu beharko dira (araudi honetako 2. oinarrian adierazi den bezala). Horregatik, araudi honen ezarpen eremutik kanpo gelditzen dira, besteak beste, aipatutakoak ez beste abere espezieak. Beraz, barraskiloak kanpoan geratzen dira.

    Kontseiluaren ekainaren 28ko 834/2007 (EEE) Erregelamenduak 42. artikuluan ezartzen du animalia espezie jakin batzuen ekoizpenari aplikatzeko xedapenik ezartzen ez bada etiketatzeari eta kontrolari buruzko xedapenak aplikatuko direla. Gainera, arau nazionalak aplikatuko dira, edo, halakorik ezean, estatu kideek onetsitako eta aintzatetsitako arau pribatuak. Gaur arte ez da inolako arau teknikorik onetsi estatuan gisa honetako ekoizpenetarako.

    Autonomia erkidego honek erantzun egin behar die nekazaritza ekologikoaren araubidean erregistratuta dauden eta jarduera nagusia barraskilo hazkuntza duten eragileei. Hori horrela, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoari buruzko abenduaren 29ko 10/2006 Legeak 6. artikuluan xedatzen duenari jarraiki horretarako eskumena duen organoak, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak alegia, Barraskiloen Ekoizpen Ekologikorako Arau Teknikoa egin eta onetsi zuen, Kontseiluaren ekainaren 28ko 834/2007 (EEE) Araudian ezarritako arau eta printzipio orokorrekin bat etorriz.

    Arau teknikoetan, espeziearen ezaugarriei ondo egokitzen zaizkien xedapenak ezarri dira, alderdi hauen gainean: eraldaketa, animalien jatorria, elikadura, profilaxia eta albaitari zaintza, abeletxe eta instalazioetako hazkuntza eta mantentze arauak, kudeaketa zooteknikoaren metodoak, garraioa eta animalien eta animalia produktuen identifikazioa.

    Orobat, abenduaren 29ko 10/2006 Legeko 6.1.c) artikuluan xedatutakoa aplikatuz, 2009ko maiatzaren 20an, Euskadiko Nekazaritza eta Elikaduraren Kontseiluak proposatu zion Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari, nekazaritza arloan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Sailari, argitara zezala barraskilo hazkuntza arautzen duen araua, hau da, barraskiloen ekoizpenerako Euskadiko Nekazaritza Ekoizpen Ekologikoari buruzko Araudi Tekniko Espezifikoa.

    Gainera, arau tekniko honetan, arau eta araudi teknikoen arloan informazio prozedura bat ezartzen duen eta 98/48/EE Zuzentarauaren bidez aldatu zen 98/34/EE Zuzentarauak xedatzen duenaren ondorioetarako arau tekniko bat den neurrian, jakinarazpen prozedura aplikatu da, onartu aurretik, erkidegoko arau horretako 8. eta 9. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, araudi teknikoaren proiektua Batzordeari jakinarazi zitzaionetik onetsi zen arte ezarritako hiru hilabeteko epea errespetatuta. Prozedura horren helburua da gardentasuna eta kontrola bermatzea arau eta araudi horiei dagokienez, eta, modu horretan, estatu kideen artean bidegabeko oztopoak sortzeko arriskua murriztea.

    Horren arabera, hauxe

Agintzea argitara dadila agindu honen eranskinean datorren barraskiloen ekoizpenerako Euskadiko Nekazaritza Ekoizpen Ekologikorako arau tekniko bereziak.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko maiatzaren 4a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza,

Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

  1. Printzipio orokorrak.

  1. Barraskiloak edo haren animalia ekoizpenak izendapen ekologikoaren babespean merkaturatu ahal izateko, 834/2007 (EEE) Araudian eta berorren ondoko aldaketetan ezarritako arau eta printzipio orokorren arabera haziak beharko dute izan animaliek, arau tekniko hauek arautzen dituzten alderdietan izan ezik.

  2. Barraskilo hazkuntza, nekazaritza ekologikoaren esparruan, lurzoruari lotutako ekoizpen bat da. Modu horretan, lurzoru-landare, landare-animalia eta animalia-lurzoru harreman osagarriak ezarri eta gorde dira.

  3. Barraskilo ekologikoen hazkuntzan, Nekazaritza Ekologikoari buruzko Araudia betez hazi beharko dira ekoizpen unitate bereko animalia guztiak.

  4. Barraskiloak sortaka identifikatuko dira, eta sorta bakoitzean datu hauek adieraziko dira:

    Sorta zein parkeri edo parkeko zein azpisaili dagokion.

    Zein egunetan jarri den parkean.

    Barraskiloak zein egunetan bildu diren.

  1. Eraldaketa.

  1. Barraskilo hazkuntzari loturiko lurrak eraldatzea.

    Ekoizpen unitate bat ekologiko bihurtzean, animaliak bazkatzeko erabiltzen den unitateko azalera osoak bete beharko ditu nekazaritza ekologikoaren gaineko arauak. 889/2008 (EEE) Araudiak 37. eta 38. artikuluetan ezartzen dituen eraldaketa aldiak aplikatuko dira, hau da: erein baino bi urte lehenago gutxienez, eta, belardien kasuan, nekazaritza ekologikoko pentsu gisa ustiatu baino bi urte lehenago gutxienez. Halaber, eraldaketa aldia goizenik hasiko da ekoizleak 8. artikuluarekin bat etorriz bere jardueraren berri eman eta ustiategia 9. artikuluan ezarritako kontrol araubidearen pean jartzen duen egunean.

  2. Barraskiloen eraldaketa.

    Animaliak edo animalia produktuak izendapen ekologikoarekin saldu ahal izateko, animaliak gutxienez lau (4) hilabetean hazi beharko dira Nekazaritza Ekologikoei buruzko Araudien arabera.

  3. Animalien jatorria.

  1. Barraskilo kumeak hautatzean, kontuan hartuko dira animaliek ingurunera egokitzeko duten gaitasuna, haien bizindarra eta gaixotasunei aurre egiteko duten ahalmena. Soil-soilik Espainiako Elikadura Kodeko 3.13.17 idatz-zatian bildutako Helix generoko espezie hauek eta horien sinonimoak erabili ahalko dira: Helix gualteriana, Helix alonesis (H. candidissina, H. lactea, H. aspersus) eta Helix pomatia. Beste edozein genero edota espezie autoktono erabiltzeko, agintaritza eskudunaren baimena beharko da.

  2. Barraskiloek Nekazaritza Ekologikoari buruzko Arauak betetzen dituzten ekoizpen unitateetakoak izan beharko dute. Ekoizpen sistema hori animalien bizi osoan aplikatu beharko da.

  3. Abeletxe estentsibo edo erdi estentsiboetan modu konbentzionalean hazitako animaliak sartu ahalko dira, baldin eta jaiotze fasean ez badago ekoizpen ekologikoaren arauak betetzen dituen behar beste animaliarik. Animalia horiek 2.2 paragrafoan zehaztutako eraldaketa aldia pasatuko dute.

  4. Ekoizpen ekologikoko abeletxeetan ezingo da sartu abeletxe intentsiboetako alerik. Orobat, ez da onartuko basoan bildutako edo arauen kontrolik gabe inportatutako alerik.

  1. Elikadura.

  1. Elikaduraren helburua ekoizpenaren kalitatea bermatzea da eta ez albait gehien areagotzea, eta animalien elikadura eskakizunak garapenaren etapa guztietan beteko dira. Debeku da bazkatzera behartzea.

  2. Hazkuntza sistema nekazaritza ekologikoaren izendapena duten lurretan ereindako landareen erabileran oinarrituko da, eta % 100 nekazaritza ekologikoko lehengaiekin prestatutako pentsuak ere erabili ahalko dira.

    4.2 puntuan adierazitakoa gorabehera, ohiko elikagaiak neurriz erabiltzeko baimena ere emango da (soil-soilik 889/2008 (EEE) Erregelamenduko V. eranskineko zerrendan agertzen direnak), baldin eta abeltzainek frogatzen badute, estatu kideko agintaritza edo kontrol erakundea gogobetetzeko moduan, ezinezkoa zaiela ekoizpen erabat ekologikoetako elikagairik lortzea.

    Hamabi hilabetez barraskiloetarako onartuko den ohiko elikagaien portzentajea % 5 izango da gehienera ere, 2011ko abenduaren 31ra arte.

    Kopuru hori urtero kalkulatu beharko da, nekazaritza jatorriko elikagaietako gai lehorrekiko ehuneko gisa. Eguneko anoan gehienez ere onartuko den ohiko elikagaien portzentajea % 25 izango da, gai lehorren ehunekoarekiko kalkulatuta.

  1. Animalien elikadura beharrizanei erantzuteko, 889/2008 (EEE) Erregelamenduko V. eranskineko 3. atalean eta VI. eranskineko 1.1 atalean (nutrizio gehigarriak, bitaminak eta oligoelementuak) zerrendatutako produktuak soilik erabili ahalko dira barraskiloak bazkatzeko jatorri mineraleko lehengai gisa.

  2. Soil-soilik 834/2008 (EEE) Erregelamenduko VI. eranskineko 1.2 atalean (gehigarri zooteknikoak, entzimak eta mikroorganismoak), 1.3 atalean (gehigarri teknologikoak, kontserbagarriak, antioxidatzaileak, aglutinatzaileak, aglomeratzearen aurkakoak eta siloko gehigarriak), 2. atalean (animaliak bazkatzeko erabiltzen diren produktu jakin batzuk) eta 3. atalean (belar bolak ekoizteko substantziak) zerrendatutako produktuak erabili ahalko dira barraskiloak bazkatzeko, aurrez aipaturiko kategorien inguruan adierazi diren helburuekin.

  3. Debeku da animalia jatorriko lehengairik sartzea barraskiloen bazkan.

  1. Profilaxia eta albaitari zaintza.

  1. Barraskiloen ekoizpen ekologikoan gaixotasunik izan ez dadin, printzipio hauek hartuko dira oinarritzat:

    1. Ingurunearen baldintzetarako egokiak diren barraskilo espezieak hautatzea.

    2. Barraskiloak beren bizimodu naturalaren baldintzak behar beste errespetatuta haziko dira, eta ingurune higieniko egoki batean edukiko dira, gaixotasunei ondo aurre egiteko moduan eta infekziorik ez harrapatzeko moduan.

  2. Ustiategi ekologikoetan albaitaritzako sendagairik erabili behar izanez gero, printzipio hauek beteko dira:

    1. Ahal dela, produktu fitoterapeutikoak (esate baterako, landare aterakinak antibiotikoak izan ezik, landare esentziak eta abar), produktu homeopatikoak (hala nola landare, animalia eta mineraletako substantziak) eta oligoelementuak erabiliko dira, bai eta Nekazaritza Ekologikoari buruzko Arauetan ezarritako substantziak erabiltzen dituzten tratamendu alternatiboak ere.

    2. Debeku da sintesi kimikozko albaitaritzako sendagai alopatikoak edo antibiotikoak erabiltzea.

    3. Debeku da hazkuntza edo ekoizpena bizkortzeko substantziak erabiltzea (antibiotikoak, kokzidiostatikoak eta hazkuntza bizkortzen duten beste substantzia artifizial batzuk barne).

      1. Abeletxe eta instalazioetako hazkuntza eta mantentze arauak.

      1. Nekazaritza ekologikoaren esparruko barraskilo abeltzaintza albait gehien hurbilduko zaie barraskiloen bizimodu naturalaren baldintzei. Aire zabalean garatu beharko da, baina itzala ematen duen oihalezko egitura batez estalita egon ahalko da; animalia kopurua mugatua izango da. Ugaltze, hibernatze eta inkubazio aldietan izan ezik, debeku da barraskilo kumeak eraikin barruan soilik haztea.

      2. Kanpoko parkeek landarezko estalki bat izan beharko dute beti, janaria ez ezik itzala eta mikroklima aproposa duen higrometria egokitu bat eskaintzeko barraskiloei, eta nematodo eta bakterioen indizea prebenitzeko. Parkeetan ura banatzeko edozein sistemaren bidez zaindu ahalko da higrometria.

      3. Barraskiloek ez badute kanpoko parkeetan hibernatzen, hibernazio aldi naturalean egin beharko da, animalien eskualdeko negualdiaren arabera. Hibernazio aldia ez da izango lau (4) hilabetetik beherakoa.

      4. Eraikin barruan ugaltzeko baimena emango da, baldin eta kumeak ez badira bazkatzen kanpoko parkeetara pasa aurretik.

      5. Barraskiloak biltegiratzeko operazio oro (hibernazioa, ugaltzea, inkubazioa edo klima muturrekoa den kasuetan) gehienez ere metro kubiko bakoitzeko 100 kilogramo barraskilo metro kubikoko dentsitatea duen leku batean egin beharko da. Kontrol ekipamenduak erabili ahal izango dira, tenperatura konstantea izan dadin eta hibernazio baldintza naturaletara egokituta egon dadin.

      6. Barraskiloak ugaltzeko, biltegiratzeko eta hibernatzeko metodoak.

        Debekatuta daude landare osasunerako tratamenduak. Belarra kentzeko eta izurrien kontra borrokatzeko praktika mekanikoak soilik daude baimenduta.

        Barraskiloaren hazkuntza ekologikoan erabilitako materialek inolako tratamendu kimikorik hartu gabekoak izan beharko dute, eta ezingo dira izan Nekazaritza Ekologikoari buruzko Arauak betetzen ez dituzten jardueretan erabilitakoak.

        Ugaltzeko lokalak eta esparruak, hustu ondoren, karrakatze bidez edo 889/2008 (EEE) Erregelamendu aldatuko VII. eranskinean zerrendatutako produktuen laguntzaz garbitu eta desinfektatuko dira.

        Ugalketan, eguneroko garbiketa presiozko urarekin egingo da.

        Barraskiloak hazteko klima muturrekoa bada eta horrek animaliak arriskuan jar baditzake, eraikin barruan sartu ahalko dira berriro ere, behin-behineko eran. Aldi horretan ezingo dira bazkatu.

      7. Kanpoko parkeak.

        Parkeak edo parkeetako azpisailak sortak ondo bereizteko moduan eratuko dira. Horretarako, honako hauek erabili ahalko dira: sareak, panelak edo txapak (lurzoru barruan sartuak), itxitura elektrikoak dituzten ertzak (1,5 v) edo araudi orokorrak baimendutako edozein produktu natural (xaboi beltza, eguraldi txarretik babesteko eta lurzoruetara ez lerratzeko koipea).

        Kanpoko parkeek landare estalki trinko bat izango dute.

        Nahitaezkoa da gutxienez lau (4) hilabeteko hutsaldi sanitarioak izatea barraskilo sorta baten eta beste baten artean.

        Barraskiloentzako eta ondoko bilketarako babeslekuak tratatu gabeko material natural edo bizigabez egindakoak izango dira.

        Ekoizpen aldian, barraskilo harrapariengandik (karraskariak, intsektuak) babesteko neurriak mekanikoak edo borroka biologiko bidezkoak soilik izango dira.

        Debeku da ekoizpen aldian parkeetan ongarri edo medeagarriak erabiltzea. Soil-soilik 889/2008 (EEE) Erregelamenduko I. eranskinean ezarritako produktuak erabili ahalko dira, gehienez ere animaliak parkean jarri baino hogeita hamar (30) egun lehenago.

        Kanpoko parkeetako dentsitatea ez da izango metro koadro bakoitzeko 4 kilogramo barraskilo baino handiagoa.

        Parkearen azalera ez da izango 300 m² lurzorutik gorakoa.

        Ustiategiko kanpoko parkeen guztirako azalera 3.000 m² izango da gehienez.

      1. Kudeaketa zooteknikoaren metodoak, garraioa eta animalien eta animalia produktuen identifikazioa.

      1. Animaliak guztiz ertzean daudenean bilduko dira merkaturatzeko. Bilketa animaliak albait gutxien estresatzeko moduan egingo da.

      2. Hil aurretik, barraskiloak kanpoko parkeetatik kenduko dira, eta lehortzen utziko dira, baraurik, gutxienez bost (5) egunez.

      3. Barraskiloak edo horien produktuak prestatzeko edota egiteko, 889/2008 (EE) Erregelamenduko 3. kapituluan jasotako arau orokorrak bete beharko dira.

      4. Barraskiloak Garraioari buruzko Europako 1/05 (EE) Erregelamenduaren arabera garraiatuko dira.

      5. Barraskiloak ongi identifikatuta egongo dira ekoizpen, prestakuntza, garraio eta merkaturatze kate osoan, haien trazabilitatea bermatuta geratzeko moduan.