Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2008ko maiatzaren 23koa, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea izeneko zuzenbide pribatuko erakunde publikoan ekonomia, finantza eta kudeaketaren kontrol iraunkorra betetzeari dagokiona.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ogasun eta Herri Administrazio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 98
  • Hurrenkera-zk.: 3188
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2008/05/23
  • Argitaratze-data: 2008/05/26

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 17. artikuluak adierazten du, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun orokorrari dagozkion gaietan, Autonomia Erkidegoaren arlo horretako legerian zuzenbide pribatuko erakunde publikoei buruz xedatutakoari lotuko zaiola erakunde publiko hori eta, kontrol ekonomikoari dagokionez, bestalde, ekonomia, finantza eta kudeaketaren kontrol iraunkorra dela egingo den kontrol-mota, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia-kontrola eta kontabilitatea arautzen dituen ekainaren 30eko 14/1994 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

Horiek horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legearen 18. artikuluko 2 idatz-zatiaren 1. paragrafoak ezartzen duenez, ekonomia, finantza eta kudeaketaren kontrola kontrolaren menpekoarentzat denboraren eta/edo ekonomiaren aldetik esanguratsua den epealdia amaitu ondoren egingo da, izaeraren arabera. Halere, hala erabakitzen denean, ekonomia, finantza eta kudeaketaren kontrola etengabe egin ahal izango da, baita administrazioaren zerbitzu edo ataletan ere.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren barneko ekonomiaren kontrola eta kontabilitatea garatzen dituen urriaren 31ko 464/1995 Dekretuaren 12. artikuluak ezartzen du, ekainaren 30eko 14/1994 Legearen 18. artikuluko 2. idatz-zatiaren 1. paragrafoan jasotzen den etengabeko finantza-kontrola, euren aurrekontu-bolumena, jarduera ekonomikoak edo kudeaketa-ereduak bidezkotzat jotzen duteneko sail, erakunde, zerbitzu, baltzu eta izaiki publikoetan ezar daitezkeela eta egintza horretarako prozedura eta eragina Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak finkatuko dituela.

Kontrol mota hori etengabe eta jarraian egiten da ekitaldi guztietan eta hura garatzeko beharrezkoak diren jarduerak eta lanak egin beharko dira, oro har, kontrolatu beharreko jarduera edo egintzei dagokienez, denboraren hurbiltasun printzipiopean. Horretarako, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak kontrolaren xede den jardueraren informazio eguneratua eta zehatza jaso beharko du, Bulego horrek zehaztuko duen modu eta aldizkakotasunarekin, horren ezagutza osoa edukitzearren.

Bestalde, ekainaren 30eko 14/1994 Legearen 4. artikuluak Kontrol Ekonomikoko Bulegoari ematen dio arau horretan arautzen diren barneko kontrol ekonomikoaren eginkizunak betetzeko ardura eta ezartzen du, halaber, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren jarduera Kontrol Ekonomikoko Bulegoak zuzenean edo eskuordetutako organoek bete dezaketela baita Kontrol Ekonomikoko Bulegoak berari atxikitako langileen bitartez bete ditzan kontuhartzailetza kontrolaren eginkizunak kontuhartzaileen bitartez ere egingo direla.

Horrela, ekonomia eta finantza kontrola etengabe egiteko ordenamendu juridikoak eskaintzen dituen formulen artean, bidezkoa eta beharrezkoa gerta daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko alor publikoko erakunde jakin batek duen espezializazioa, aurrekontuaren bolumena, jarduera ekonomikoa edo kudeaketa eredua dela eta, aipatutako kontrol-eginkizunak kontuhartzaile batek erakundearen bulego propioetan bete ditzan. Kontuhartzaile hori horretarako berariaz izendatuta izango litzateke eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren plantillari atxikita, eragin guztietarako, egongo litzateke.

Hori dela eta, Jaurlaritzaren Kontseiluak Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea izeneko zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren eskura utzi ohi izan ditu Bilboko Hiri Trenbidearen baita ere Euskal Autonomia Erkidegoaren Tranbia-programaren proiektu eta lanak gauzatzeko eta horien jarraipen eta kontrola egiteko izaera materialeko, tekniko-juridikoko eta zerbitzuetako jarduerak. Jarduera horiek, Estatuko Administrazio Orokorraren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta Trenbide Azpiegituretarako Administratzailearen (ADIF) artean sinatutako lankidetzarako hitzarmenarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoarentzat garrantzi estrategiko handia dute baita aurrekontu-bolumen itzela ere. Arrazoi horiek dira, azken finean, ekonomia eta finantza etengabeko kontrola egitera aipatutako erakunde publiko horretan mugatzea gomendatzen dutenak.

Laburbilduz, Agindu honen bitartez Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea izeneko zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren ekonomia, finantza eta kudeaketaren kontrol iraunkorra betetzeko modua eta nondik-norakoak zehaztu nahi dira, erakunde publikoaren bulego propioetan kontrol iraunkor hori beteko duen Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontuhartzaile bat izendatuz.

Horregatik guztiagatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren barneko ekonomiaren kontrola eta kontabilitatea garatzen dituen urriaren 31ko 464/1995 Dekretuaren 12. artikuluak ematen dizkidan eskumenetaz baliaturik, honako hau

Agindu honen helburua Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea izeneko zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren ekonomia eta finantzaren kontrol iraunkorra betetzeko modua eta nondik-norakoak zehaztea da, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 17. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia-kontrola eta kontabilitatea arautzen dituen ekainaren 30eko 14/1994 Legean eta hura garatzeko den araudian ezarritakoari jarraituz.

Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia-kontrola eta kontabilitatea arautzen dituen ekainaren 30eko 14/1994 Legearen 18. artikuluan definituta dagoen ekonomia, finantza eta kudeaketaren kontrol iraunkorra, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea izeneko zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren esparruan, aipatutako lege horretan eta hura garatzeko araudian ezarritako xedapenen menpe egongo da, baina, kontrol hori betetzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren barneko ekonomiaren kontrola eta kontabilitatea garatzen dituen urriaren 31ko 464/1995 Dekretuaren 12. artikuluari jarraituz, Agindu honetan jasotakoari egokituko zaio.

Ekonomia, finantza eta kudeaketaren kontrol iraunkorra, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea izeneko zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren esparruan, Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren zuzendariak horretarako berariaz izendatutako kontuhartzaileak egingo du eta erakunde publikoaren beraren bulegoetan.

  1. – Kontuhartzaileak Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea izeneko zuzenbide pribatuko erakunde publikoan egin beharreko ekonomia, finantza eta kudeaketaren kontrolerako jarduerak izaera iraunkorraz beteko dira, horien hasiera Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren zuzendariak onartu behar ez duela.

  2. – Kontrol hori behar bezala betetzeko, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarean dagoen kontuhartzaileak une oro eska dezake erakunde publikoarekin lotutako jarduerari buruzko behar duen informazio eguneratu eta xehatua eta, hala dagokionean, beharrezkoak diren egiaztapen materialak egin. Aitzitik, erakundearen kontratu-jarduerari dagokionez, aztertzeari ekin beharko dio kontratuak esleitzen diren egunetik edo horietatik eratorritako eduki ekonomikoa duten egintzak burutzen direnetik hamabost eguneko epean.

  1. – Ekainaren 30eko 14/1994 Legearen 19.4 artikuluan ezarritakoaren eraginetarako, bere eginkizunak betetzean ematen dituen behin betiko txostenak eman aurretik, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarean dagoen kontuhartzaileak erakunde publikoaren gobernu-organoei behin-behineko txosten bat eman beharko die, erakundeak, txostena jasotzen duenetik hamabost eguneko epea baino lehen, egoki deritzen alegazioak aurkez ditzan.

  2. – Behin-behineko txostenak Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Zuzendaritzari ere jakinarazi beharko dizkio.

  3. – Ekainaren 30eko 14/1994 Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ekonomia, finantza eta kudeaketaren kontroleko behin betiko txostenak erakunde publikoaren gobernu-organoei ez ezik atxikita dagoen Sailaren titularrari ere bidali beharko zaizkie.

Agindu hau indarrean jartzen denetik hamar eguneko epean, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren zuzendariak, Bulegoaren menpeko langileen artean, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea izeneko erakunde publikoaren bulegoetan erakunde horren ekonomia, finantza eta kudeaketaren kontrol iraunkorraren eginkizunak beteko dituen kontuhartzailea izendatuko du.

Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren zuzendariari ahalmena ematen zaio Agindu hau eraginkor izateko beharrezkoak izan litezkeen alderdi osagarrien garapena egin dezan.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko maiatzaren 23a.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.