Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2007ko urriaren 1ekoa, Ogasun eta Herri Administrazio Sailburuarena, Laneko Jazarpen Moralaren eta Sexu-Jarzarpenarko kasuak ebazteko aldian jardungoren Ikerketa Batzordearen antolaketa eta funtzionamendurako araudia onartzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Ogasun eta Herri Administrazio Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 224
- Hurrenkera-zk.: 6368
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2007/10/09
- Argitaratze-data: 2007/11/21
Gaikako eremua
- Gaia: Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua; Gizarte gaiak eta emplegua; Osasun eta kontsumoa
- Azpigaia: Herrizaingoa; Funtzio publikoa; Lana eta enplegua; Sailak; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zerbitzuko langileen lan-baldintzak arautzen dituen hitzarmena onartzen duen azaroaren 29ko 398/2005 Dekretuak ezartzen duenez, Administrazio honek konpromisoa hartu du bere zerbitzura dauden langileen arrisku psikosozialak antzemateko prozedurak eta baita ere lan- zein sexu-jazarpeneko salaketak badira jarduteko prozedura bat martxan jartzeko, Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen esparruan.
Jarduteko prozedura hori Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen esparruan laneko jazarpen moral eta sexuala gertatzen den kasuetan hartu beharreko aurreikuspen-neurriak eta jarduteko prozedura arautzen dituen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2006ko urriaren 4ko Aginduan arautu zen. Agindu horren Bigarren Azken Xedapenak ezartzen du Ikerketa Batzordearen funtzionamenduaren barne-araudia sortuko dela.
Funtzionamendurako Araudia prestatu ondoren, eta Administrazio Orokorra eta bere erakunde autonomoen eremuko Segurtasun eta Osasuneko zentro arteko Lantaldeari kontsulta egin ostean, Lantalde horrek onespena eman eta gero, honako hau,
Jazarpen moral eta/edo sexu-jazarpeneko ustezko kasuak ikertzeko oinarri bezala, Ikerketa Batzordeak erabiliko ditu Administrazio Orokorra eta bere erakunde autonomoen eremuko Segurtasun eta Osasuneko zentro arteko Lantaldeak aldez aurretik eztabaidatu eta onartu dituen irizpide orokorrak.
Gatazkaren ebazpen-aldian, jazarpen moral eta/edo sexu-jazarpena egiteagatik, Administrazio honetako kide baten aurka zigor-espedienterik ireki behar dela erabakiko balitz, dagokion araudian ezartzen den kalifikazioa emango zaio.
Agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztirako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen esparruan laneko jazarpen moral eta sexuala gertatzen den kasuetan hartu beharreko aurreikuspen-neurriak eta jarduteko prozedura arautzen dituen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren urriaren 4ko Aginduan ezarritakoa beteko da.
Vitoria-Gasteiz, 2007ko urriaren 9a.
Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,
IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.
Ikerketa Batzordea eratu beharko da Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen esparruko langileren batek jazarpen moral eta/edo sexu-jazarpenarengatiko salaketa bat jartzen duen guztietan, Gatazkaren ebazpen-aldia delakoa hasi ondoren, Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen esparruan laneko jazarpen moral eta sexuala gertatzen den kasuetan hartu beharreko aurreikuspen-neurriak eta jarduteko prozedura arautzen dituen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2006ko urriaren 4ko Aginduaren 15. eta 16. artikuluek ezartzen dutenari jarraituz.
Ikerketa Batzordea eratutzat joko da Ikerketa Batzordeko kide eta idazkari titularrak izendatzen direnean, aipatutako 2006ko urriaren 4ko Aginduaren 17. eta 18. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Aipatutako 17. artikuluarekin ados, Funtzio Publikorako Zuzendaritzak ordezkari izenda dezake ikertzen ari den gaian eskarmentu handiko pertsona. Pertsona hori Euskal Autonomo Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Erakunde Autonomoen kidea izango da, dena den Funtzio Publikoaren Zuzendaritzaren kidea izatea ez da beharrezkoa.
Horrez gain, kide titular bakoitzeko ordezko bana izendatuko da.
Legean adierazitako abstentziorako zioren batean dauden Ikerketa Batzordeko kideek horren berri bi laneguneko epean emango diote Funtzio Publikoaren Zuzendaritzari edo, dagokionean, Sailburuordetzari eta horiek dagokiona ebatziko dute gehienez 3 laneguneko epean.
Abstentziorako zioak izango dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. artikuluan jasotakoak.
Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak edo, hala badagokio, Funtzio Publikoaren Sailburuordetzak alderdiei jakinaraziko die zeintzuk izan diren Ikerketa Batzordeko kideak izateko izendatuak, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2006ko urriaren 4ko Aginduaren 20. artikuluko 1 zenbakian ezarrita dagoenari jarraituz.
Ikerketa Batzordean titular eta ordezko bezala parte hartzeko izendatuak nortzuk direnen jakinarazpenarekin batera, alderdiei espedientean dagoen dokumentazio guztiaren kopia bidaliko zaie eta ohartaraziko zaie 5 laneguneko epea dutela alegazioak egiteko eta/edo Batzordeko kideren bat errefusatzea proposatzeko.
Errefusatzea idatziz proposatuko da eta hura oinarritzeko arrazoiak adieraziko dira. Errefusatzeko zioak izango dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 29. artikuluan jasotakoak.
Errefusatzeko idazkia Funtzio Publikoaren Zuzendaritzara bidaliko da eta hau errefusatutako kidearekin jarriko da harremanetan gehienez hiru laneguneko epean, honek alegatutako zioa dagoen ala ez adieraz dezan. Lehenengo kasua bada, berehala ordezkatzeko erabakiko da.
Errefusazioaren xede den kideak horren zioa ukatuko balu, Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak edo Sailburuordetzak, dagokionean, hiru laneguneko epean hartuko du erabakia, egoki deritzen txostenak eta egiaztapenak aztertu ondoren.
Ezin da errekurtsorik aurkeztu errefusatzearen gaineko ebazpenen aurka; hala ere, errefusatzea alega daiteke gatazkaren ebazpen-aldia amaitzen duen egintzaren aurka errekurtsoa egiterakoan.
Alegazioak egiteko edo, hala badagokio, Batzordeko kideren baten errefusatzea proposatzeko epea amaitu eta gero, Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak edo, dagokionean, Sailburuordetzak Batzordeko lehendakariari jasotako alegazioak, egon badira, bidaliko dizkio eta baita espedientean dagoen dokumentazio guztia ere.
Ikerketa Batzordea balio osoz eratzeko, hau da, bilerak egiteko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko, kide guztiak eta idazkaria egon behar dira edo, hala badagokio, horien ordezkoak.
Ikerketaren xede den gaiaren izaera kontuan hartuta, ordezkoek Ikerketa Batzordean parte hartuko dute haren titularrek ezinbesteko arrazoiengatik beraien jarduera bete ezin duten kasuetan.
Agindu honen ondorioetarako, ezinbesteko arrazoitzat hartuko dira saihestu ezta aurreikusi ere ezin daitezen gertaerak.
Lehendakariak ondorengo eginkizun hauek ditu esleituta:
Batzordearen jarduketak zuzentzea.
Batzordearen bilkuretarako dei egin eta horien buru izatea.
Eztabaidak zuzentzea neurrizko zuhurtasun irizpideen arabera. Irizpide horiei jarraituz, kideen parte-hartzeak eta horien iraupena erregulatuko ditu.
Batzordearen izenean ikerketan nola edo hala parte hartu behar duten instituzio, erakunde, entitate eta pertsona fisiko ala juridiko guztiengan jotzea, beharrezkoa denean.
Ikerketa burutuko du(t)en gaitasun eta ospe handiko pertsona(k) izendatzea, baldin eta Batzordearen baitan erabakitzen bada ikerketa burutuko duena Batzordez kanpoko bat izango dela.
Araudi hau bete eta betearaztea, honen interpretazioa Batzordeari proposatuz zalantza edo hutsegitea sortzen denean.
Idazkariak ondorengo eginkizun hauek ditu esleituta:
Batzordeari aurkeztu nahi zaizkion gai, txosten, proposamen edo dokumentu guztiak jaso, ordenatu eta horiek prestatzea.
Ikerketaren xedeari dagozkion dokumentu guztiak Batzordeko kideen eskura edukitzea, horiek azter ditzaten.
Batzordearen bilkuren aktak egitea.
Espedientean jasota dauden dokumentu guztiak antolatu eta zaintzea, Batzordearen kideen edo alderdien eskura jarriz horrela behar denean, eta baita dokumentuen sarrera eta irteera erregistroa egitea ere.
Beharrezkoak diren datu guztiak eskuratzea, Ikerketa Batzordeak Araudi honen 21. artikuluak aipatzen duen azken txostena presta dadin.
Lehendakariaren aginduz edo karguak berezkoak dituen kudeaketa eta koordinaketa egintza guztiak.
Ikerketa Batzordeak eginiko bilera guztietan akta bana egingo da, idazkariaren fedepean, eta bertan lehendakariaren oniritzia agertu beharko da.
Bileren aktetan honako hauek jasoko dira:
Bertaratutakoen izen-abizenak.
Bilera noiz eta non egin den.
Aztertutako gaiak eta eztabaidagai nagusiak.
Batzordeak erabakitako burutu beharreko egintzak eta dagozkien epeak.
Prozeduran parte hartzen duten alderdiek eska dezakete, Batzordeko lehendakariari zuzendutako idazki baten bitartez, Ikerketa Batzordearen edo ikerketaren instruktorearen aurrean egin beharreko egintza guztietan inork ordezka diezaietela baina bakarrik osasun arrazoiak direla eta.
Ordezkapena egiteko eskaera Gatazkaren Ebazpen-aldiko edozein momentutan egin daiteke. Eskaera hori idatziz egingo da eta ordezkapenaren beharra egiaztatzeko nahitaezko dokumentazioa erantsiko da.
Batzordeak ordezkapenaren beharra nahiko egiaztatuta ez dagoela iritziko balu, Ikerketa Batzordeak eskatzaileari osasun azterketa bat egiteko eska diezaioke. Azterketa hori Prebentzio Zerbitzuko Mediku Arloak egingo du, edo azken honek ezartzen duenak.
Nolanahi ere, Batzordeak ordezkapena bidezko ez dela iritziko balu ordezkapen hori arrazoiak emanda ezestuko du eta eskatzaileari horren berri emango dio.
Alderdia/k ordezkatzeko onartzen bada, ordezkatzeko ahalmena langileak prozeduran laguntzeko aukeratu duen pertsonari dagokio, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2006ko urriaren 4ko Aginduaren 24. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Lehendakariak Batzordeko kideei gutxienez 5 egun lehenago dei egingo die, dagoen dokumentazio guztiaren kopia bidaliko die azter dezaten eta lehenengo bilera egiteko eguna jarriko du.
Lehenengo bileran Batzordea formalki eratutzat joko da eta, ezinbestez, ondorengo hauei buruz erabakia hartuko da:
Ikerketari hasiera ez ematea, gertakariak ez direla laneko jazarpena uste baita. Erabaki hau aho batez hartuko da, arrazoitua izan beharko da eta idatziz jasoa eta behar bezala jakinaraziko zaie alderdiei.
Ikerketari hasiera ez ematea, ustezko jazarpen morala eta/edo sexu-jazarpenagatiko salaketaren oinarri diren gertakariak iragan urrunean edo erakundearen eremutik kanpo sortu direnean eta egoera horrek ikerketa egitea eragozten badu.
Ikerketarekin jarraitzea. Burutu beharreko jarduerak erabakiko dira eta ikerketaren lanak zeini emango zaizkion. Pertsona hori Batzordeko kide izan daiteke edo, beharrezkotzat jotzen diren kasuetan, beste pertsona bat izenda daiteke, bai Administraziokoa bertakoa bai horrez kanpokoa. Nolanahi ere, gaian jantzitako pertsonak eta ospe handikoak izan beharko dira.
Uztezko jazarriari eta/edo ustezko jazarleari osasun azterketa bat egin dezala/dezatela proposatzea. Osasun azterketa hori Prebentzio Zerbitzuko Mediku Arloak egingo du edo, horren ezean, arlo horrek izendatzen duen medikuak.
Prozeduran sartuta dauden alderdien osasun fisiko edo psikikoa babesteko premiazko antolaketa neurriren bat hartzeko beharra.
Aurreko zenbakiko a) eta b) ataletan aipatutako kasuan, Batzordeak gehienez 10 laneguneko epean Funtzio Publikoaren Sailburuordetzari txosten bat bidaliko dio non jazarpena ez dela egon irizteko dituen arrazoiak era arrazonatu batean adieraziko dizkion.
Funtzio Publikoaren Sailburuordetzak ikerketari hasiera ematerik ez dagoela adierazteko Ebazpen bat emango du, jazarpen moral edo/eta sexuala ez dagoela irizten baitu. Hala ere, eta beharrezkotzat jotzen duenean, arau-hauste arin, larri edo oso larriarengatik zigor-espediente bat irekitzeko eska dezake, Ikerketa Batzordeak prestatutako Txostenean jaso diren gertaerek edo hutsegiteek hala eskatuko balute; eta baita egoki deritzen aurre hartzeko edo antolaketarako neurri zuzentzaileak ere.
Agindu honen 12. artikuluko c) atalean aipatutako kasuan, ikerketari hasiera emango zaio eta ikerketa hori burutuko da Segurtasun eta Osasuneko zentro arteko Lantaldean onar daitezen ikerketarako irizpide orokorrei jarraituz, Agindu honen Lehenengo Xedapen Gehigarrian ezarritakoaren arabera.
Ikerketa Batzordeko lehendakariak ikerketaren instruktorea izendatuko du. Ikerketak, instruktorearen jarduketa hasten denetik, ezin du 5 hilabete baino gehiago iraun, baldin eta horretarako arrazoirik ez badago. Horrelakoetan, instruktoreak arrazoi horien berri emango dio Ikerketa Batzordeari.
Ikerketa Batzordeak alderdiei jakinaraziko dizkie nor izango den ikerketaren instruktorea eta horrek beteko dituen jarduerak. Bakarrik instruktorea Ikerketa Batzordeko kidea ez den kasuan, Agindu honen 11. artikuluko c) atalean ezarrita dagoen bezala, alderdiek hura errefusatzea proposa dezakete, 3 laneguneko epean.
Ikerketaren instruktorea errefusatzeko prozedura Agindu honen 5. artikuluan ezarritakoa izango da.
Alderdiek Ikerketa Batzordearekin edo Ikerketaren instruktorearekin egin beharreko bileretara prebentzioko edo sindikatuko ordezkari batekin, edo beharrezkotzat jotzen duen beste pertsona batekin, joaterik izango dute. Dena den, ezin izango da pertsona bat baino gehiagoarekin joan.
Ikerketa Batzordeko lehendakariak ikerketa egingo den Zuzendaritzaren zuzendariei beharrezko aurrerapenarekin jakinaraziko dizkie zeintzuk dira burutzeko asmoa dituen jarduerak, norekin elkarrizketatuko den eta baita ikerketa horretarako beharrezkoa duen informazioa ere.
Ikerketak hilabete bat baino gehiago iraungo balu, instruktoreak hilabeteroko aldizkako txosten bat egingo luke Batzordeari jakinarazteko. Batzordeak, txosten horien arabera, erabaki egingo du alderdiren batekin, lekukoekin edo adituekin elkarrizketa egiterik beharrezkoa den, jazarpen morala edo/eta sexuala gertatu den argitzera laguntza eman dezaketenak, edo alderdiekin biltzea beharrezkoa den.
Ikerketa Batzordeak ikerketa aldiaren edozein momentutan iritz dezake ustezko jazarriari edo jazarleari osasun azterketa egiteko proposatzea komenigarria dela, bere osasun fisiko edo psikikoa babesteko antolaketa-neurriren bat hartu behar den erabakitzeko.
Ikerketa Batzordeak egiteko proposa ditzan osasun azterketa guztiak borondatezkoak izango dira, Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 22. artikuluan jasotako kasuetan izan ezik.
Instruktoreak txosten bat egingo du non bere ikerketaren ondorioak ahalik eta era objektiboan jasoko dituen. Gainera, aipatutako txostenaz gain, Batzordearen eskura jarriko ditu instrukzioaren zehar bildu ahal izan dituen dokumentazio eta froga guztiak, horrek gorde eta zaindu ditzan.
Instruktoreak bere instrukzio-lana bukatu duenean, Batzordeak alderdiak bilera batera deitu behar ditu eta bilera hori elkarrekin edo banan-banan egin daiteke, eragindakoaren/eragindakoen osasuna babesteko egokitzat jotzen denaren arabera, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2006ko urriaren 4ko Aginduaren 23. artikuluak ezartzen duen bezala.
Batzordeak bilerara gonbidatu ahal izango ditu Batzordeko kide ez izan baina gaiarekin zerikusi zuzena duten pertsonak, dela egoeraren testigu izan direlako, dela gaian adituak direlako, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2006ko urriaren 4ko Aginduaren 23. artikuluko 2 zenbakiak ezartzen duenaren arabera.
Txosten horrek honako hauek jasoko ditu:
Gatazkan zerikusia dutenen identifikazioa, aitortu zuten lekukoak eta baita aurkeztutako gertakarien zerrenda ere.
Prozeduran parte hartu duten adituek atera dituzten ondorioak.
Batzordeak atera duen ondorioa, erakundean jazarpen moral edo/eta sexuala gertatu den ala ez erabakitzeari dagokionez.
Ikerketa aldiari amaiera eman ondoren, alderdiei jakinaraziko zaie eta espedientea ikusteko aukera emango ere, beharrezkotzat deritzeten alegazioak egin ditzaten 5 laneguneko epean.
Ikerketak amaitu eta hilabete bateko epean, Ikerketa Batzordeak txosten bat prestatuko du non, Batzordearen iritziz, jazarpena egon den ala ez adieraziko duen eta baita proposatuko neurriak ere. Neurri horien artean, arau-hauste arin, larri edo oso larriarengatik zigor-espediente bat irekitzeko eska dezake, frogatutako gertaeren arabera.
Ustezko jazarlea Funtzio Publikoaren Sailburuordetzaren titularra balitz, Ikerketa Batzordeak Ogasun eta Herri Administrazio Saileko titularrari bidaliko dio azken txostena, aurreko paragrafoan aipatzen dena, hain zuzen.
Funtzio Publikoaren Sailburuordetzak edo, hala badagokio, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak honako hauek erabaki ditzake:
– Administrazio honetako norbaitek beste bat edo batzuk jazarri duela/dituela ondorioztatu bada, arau-hauste oso larriarengatiko zigor-espediente bat irekitzea.
– Prozeduran zehar Administrazio honetako langileren batek zigorra eragiteko moduko jokabiderik izan badu, dagokion zigor-espedientea irekitzea.
– Administrazio honetako dagokion organoei eskatuko die langileek jasan zezaten lan-arriskua amaitzeko edo gutxitzeko beharrezkoak diren neurriak martxan jar ditzatela.
– Langile jazarriaren osasun fisiko edo/eta psikikoa bere onera eramateko beharrezkotzat jotzen dituen neurriak.
Gatazkaren Ebazpen-aldian sortu den dokumentazio guztia gatazkan zerikusia dutenen espediente pertsonalean artxibatuko da, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 34. artikuluan ezarritakoari jarraituz, Funtzio Publikoaren Zuzendaritzaren ardurapean dagoena, hain zuzen; osasunari buruzko datuak eta txosten medikua izan ezik, horiek Negoziazio Kolektiboko Zuzendaritzaren menpekoa den Prebentzio Zerbitzuko Mediku Arloak zaintzen duen dagokien historial medikuan artxibatuko baitira.
Ikerketa aldi honetan parte hartu duten pertsona guztien intimitaterako eskubidearen babesa une oro bermatuko da.
Ikerketa aldian pertsonei buruz sortutako informazioaren tratamendua, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Legean eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritzakoaren arabera arautuko da.
Gatazkaren Ebazpen-aldian parte hartu duten alderdi guztiek isiltasun betebeharra gorde beharko dute eskura izan duten informazio guztiari dagokionez, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean ezarritakoari jarraituz.
Hori egin ezean, isiltasun betebehar hori gorde ez dela jakiten duen edonork Funtzio Publikoaren Zuzendaritzari eska diezaioke dagokion zigor-espedientea martxan jar dezatela, Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen esparruan laneko jazarpen moral eta sexuala gertatzen den kasuetan hartu beharreko aurreikuspen-neurriak eta jarduteko prozedura arautzen dituen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2006ko urriaren 4ko Aginduaren 27. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (4)
- Ikus: AGINDUA, 2006ko urriaren 4koa, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen esparruan laneko jazarpen moral eta sexuala gertatzen den kasuetan hartu beharreko aurreikuspen-neurriak eta jarduteko proz
- Ikus: EBAZPENA, 2008ko apirilaren 1ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearena, 2007-2008 ikasturteko master ofizialak egiteko beketarako deialdirako guztizko zenbatekoa igotzeko baimena ematen duena.
- Zuzendutakoa: HUTSEN ZUZENKETA, ondoko aginduarena: "Agindua, 2007ko urriaren 1ekoa, Ogasun eta Herri Administrazio Sailburuarena, Laneko Jazarpen Moralaren eta Sexu-Jarzarpenarko kasuak ebazteko aldian jardungoren Ikerketa Batzordearen antolaketa eta funtzionamendurak
- Ikus: 398/2005 DEKRETUA, azaroaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zerbitzuko langileen lan-baldintzak arautzen dituen hitzarmena onartze duena.