Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2006ko urriaren 4koa, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen esparruan laneko jazarpen moral eta sexuala gertatzen den kasuetan hartu beharreko aurreikuspen-neurriak eta jarduteko prozedura arautzen dituena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Ogasun eta Herri Administrazio Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 245
- Hurrenkera-zk.: 6442
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2006/10/04
- Argitaratze-data: 2006/12/27
Gaikako eremua
- Gaia: Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua; Gizarte gaiak eta emplegua; Osasun eta kontsumoa
- Azpigaia: Herrizaingoa; Funtzio publikoa; Lana eta enplegua; Sailak
Testu legala
Lan-erakunde guztiek, herri-administrazioek barne, beren langileen lan-baldintzen hobekuntza bultzatu eta segurtasunaren eta osasunaren babes-maila igo behar dutela agintzen du Laneko Arriskuen Prebentziorako azaroaren 8ko 31/1995 Legeak. Hori guztia, ez bakarrik kalte edo gutxitze fisikoa eragin dezaketen arriskuen aurrean zaintza eta babesa emanez, baita langileen osasun psikikoaren kaltea sor dezaketen arriskuen aurrean ere.
Testuinguru honetan ematen da, hain zuzen ere, langileriaren arrisku psikosozialak antzemateko eta lan-jazarpenaren salaketak dauden kasuetan aritzeko prozedura abian jartzeko Administrazio honen konpromisoa. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen zerbitzuko langile funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen hitzarmena onartzen duen, azaroaren 29ko 398/2005 Dekretuan, islatuta dago konpromisoa. Hitzarmenaren arabera, prozedura horiek, aplikatu aurretik, aipatu esparruko zentroarteko Segurtasun eta Osasun Batzordeari kontsultatu beharrekoak izango dira.
Testu honek lan-jazarpeneko salaketak gertatzen diren kasuetan jarduteko prozedura jasotzen du. Zentroarteko Segurtasun eta Osasun Batzordearen kide guztien adostasuna jaso du edukiak, eta antolakuntzan aurreikuspena, segurtasuna eta lan-osasuna bateratzeko gogoaren adibide garbia da. Gainera, langile orok buru eta lankideen aldetik tratu duina eta errespetuzkoa izateko beharrari erantzuten dio.
Hasierako desadostasuna handiagotu eta iraunkor bihur ez dadin, pertsonarteko eta antolaketa-gatazkak azkar eta modu eraginkorrean konpontzea helburu duen bitartekaritza izeneko aurreatala finkatzen da prozeduran. Zentzu horretan, helburu hori lortzeko modurik eraginkorrena langileriaren kudeaketaz arduratzen diren organoak portaera-mota horien aurreikuspenean eta trataeran arduraraztea dela pentsatzen dugu.
Alabaina, lan-jazarpena, hau da, lan-giroko etengabeko erasoa, erasotuaren pertsona- edo lanbide-duintasunaren aurkako lan-arrisku larria dela jabetu behar da. Gainera, pertsonarteko gatazka arruntaren mugak gainditzen ditu batzuetan langilearen osasunean nekez konpontzen diren kalteak sor baititzake. Horregatik, batez ere erasotuen osasuna eta baita euren eskubideak ere babesteko, eta portaera jazarleei amaiera emateko beharrezko neurriak erabakitzea ahalbidetzeko —ikerketa zehatzaren ondoren— ikerketa-aldia izenekoa garatu da.
Bi aldien garapena xehetuta dago arau honetan eta, gainera, dagozkion urratsak burutzeko epe-muga zehatzak ezarri dira aldi bakoitzean. Epeok, bestetik, laburrak dira, langileen osasunaren kaltetan prozedura alferrik luza ez dadin.
Dena dela, pentsaera zientifiko gaurkotuenari, nazioarteko erakundeen orientabideei (LANEren gida eta hitzarmenei) eta erkidegoko zuzentarauei jarraiki, lan-jazarpena «laneko indarkeria» kontzeptu globalari eta irmoki amaiarazteari dagokien ideia dago prozedura guztiaren zuztarrean. Baina, gainera, ezin da saihestu lan-eremuko sexu-jazarpena, nahiz eta, kasu honetan, Gizon eta Emakumeen Berdintasunaren 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, aintzakotzat hartua izan den.
Amaitzeko, nabarmendu behar da langileen artean langileen eskubideen errespetuari buruzko informazioa eta hezkuntza sustatu nahi dituela Administrazioak. Zentzu horretan, ezinbestekotzat jotzen dira laneko oinarrizko printzipio eta eskubideei buruzko Lanaren Nazioarteko Erakundearen Adierazpena eta laneko arriskuen prebentzioari buruzko legeria.
– Administrazio honen lan-esparruan jazarpen moral edo sexuala izatera irits daitezkeen portaerak ematen diren kasuan jarraitu beharreko prozedura ezartzea da arau honen helburua.
– Zentzu honetan, gogoan izan behar da antolakuntzaren barruan gertatzen den jazarpen moral eta sexuala izaera psikosozialeko lan-arriskutzat joko dela eta, beraz, portaera horiek amai daitezen beharrezko neurri zuzentzaileak hartuko direla. Gainera, biktimen babes-neurriak erabakiko dira.
– Agindu honen xedapenak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako herri-langileei aplikatuko zaizkie.
– Aplikazio-eremutik kanpo geldituko dira:
Ertzaintza eta haren zerbitzu laguntzaileetako langileak.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko irakasle ez unibertsitarioak eta, halaber, sail horren menpeko gainerako taldeak.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren menpeko Prozesu Kudeaketa, Administrazio Izapidetza eta Laguntza Judizialeko Kidegoko langileak.
– Pertsona edo langile moduan birrintzeko helburuarekin, kontrako lan-giro edo -ingurua sortuz, lantokian pertsona batek edo pertsona-talde batek beste pertsona batekin edo batzuekin indarkeria psikologikoa erabiltzen duten egoera hura hartzen da laneko jazarpen moraltzat. Indarkeria horrek sistematikoa edo ohikoa behar du izan, hau da, prozesu baten txertatua, eta sekula ez da ekintza bakarra, ekintza hori oso larria eta eragin handikoa izan arren.
– Jazarpena laneko edo lanetik kanpoko arrazoiengatik eman daiteke, baina lantokian eman behar da.
– Honek, beste portaera batzuen artean, beldurtzea, sexu-jazarpena, eta adinean, ezintasunean, osasun-egoeran, familia-ezaugarrietan, sexuan, sexu-joeran, generoan, arrazan, kolorean, hizkuntzan, sinesmen edo iritzi politiko, sindikal edo bestelakoetan, nazio- edo gizarte-jatorrian, gutxiengoren batekin elkartzean, jabegoan, jaiotzan edo beste zerbaitetan oinarritutako erasoa, gizon eta emakumeen berdintasuna lanean ukitzen duena, barnean hartzen ditu.
Inguru beldurtzailea, areriotsua, apalgarria, umiliagarria edo erasotzailea sortzeko edo pertsonaren duintasuna birrintzeko asmoarekin edo efektuarekin izaten den edozein portaera ez desiratu —hitzezko, ez hitzezko edo fisiko—, bere sexuagatik pertsona baten aurka zuzendua, hartzen da laneko jazarpen sexistatzat. Jazarpen hori izaera sexualekoa denean jazarpen sexualtzat hartuko da.
eta 4. artikuluetan adierazitako portaerek erasandako langileari/ei izaera moral, psikiko edota fisikoko kalte-mehatxua edo kaltea sortzen diotenean/dietenean jarriko dira abian agindu honetan aurreikusitako prebentzio-neurriak eta prozedura.
– Giza harremanen eremuan eman daitezkeen pertsonarteko aldi bateko gatazkak, une zehatz baten gertatuak, lanaren antolaketan eta garapenean eragina dutenak baina gatazkan parte diren aldeak maila pertsonal edo profesionalean birrintzeko asmorik ez dutenak, laneko jazarpen moral kontzeptutik at geldituko dira.
– Bi langileren interesek bateraezinak diruditen gatazka-kasu hauetan, langile kudeaketa-organoek lidergo-funtzioa hartu beharko dute, eta lehertzear edo lehertuta dauden gatazkak ebazteko beharrezko urratsak emango dituzte.
– Laneko jazarpen moral eta sexuala aurreikusteko prestakuntza-plana jarriko da abian, 2. artikuluan aipatutako esparruko langileei eta arduradunei zuzendua.
– Lan-esparruko jazarpen moral eta sexualaren inguruan sor daitezkeen gatazkei modu egokian aurre egiteko, langile eta arduradunei tresna aproposak eman nahi dizkie prestakuntza-plan honek.
– Kapitulu honetan aditzera ematen den eran, Administrazio honetako langile bat bere lan-esparruan jazarpena jasaten ari dela pentsarazten duten burubideak, itxuran edo egiantzean oinarrituak, hartuko dira laneko jazarpen moral edo sexualaren susmotzat.
– Laneko jazarpen moral edo sexualaren susmo hori ematen bada, nahiz eta itxuraz jazarria den langileak Lan eta Gizarte Segurantza Ikuskaritzaren edo judizio-organo eskudunen parte-hartzea eskatu, ikerketa egingo da Administrazio barruan. Ikerketa honekin antolaketa-arazoak, hau da, agintearen erabilera zuzena, erakundearen estandar etiko eta moralen babesa eta langileen eskubideen zaintza, antzeman eta konponduko dituzten ondorioetara iritsi nahi da soilik. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko 2/1998 Legean, otsailaren 20koan, ezarritakoaren aurka joan gabe.
– Susmoa egongo dela ulertuko da dagokion ikerketa burutu ondoren, Administrazio honetan jazarpen moral edo sexuala egon dela dioen Funtzio Publikoaren Sailburuordetzaren ebazpena eman arte.
– Aldi honetan lortzea nahi dena da gatazka azkar, hitz eginda eta bitartekari baten laguntzarekin konpontzea. Bitartekariak gatazka konpontzeko jarraibideak ezarri eta proposamenak egingo ditu gatazka konpondu eta etorkizunean ez dadin berriro sortu horrelakorik.
– Erakundeak, bestalde, bitartekariari bere lana egiteko behar duen prestakuntza eta gai horretako adituen aholkularitza jasotzeko aukera emateko konpromisoa hartzen du.
– Aldi honi hasiera emango zaio agian jazarpena pairatu duenaren edo haren inguruan lan egin eta gertakarien berri duenaren idazkia jaso ondoren. Idazkian, idazkia egin duenaren ustez jazarpen moral edo sexualtzat hartzen diren gertakariak edo portaerak jasoko dira.
– Idazkia aurkezteko era:
Ustez jazarpena pairatu duen langilearen zuzendariari aurkeztuta.
Funtzio Publikoko zuzendariari aurkeztuta, baldin eta jazarpena langilearen zuzendari edo hierarkikoki langilea baino gorago dagoen batengatik badator. Jazarpen-susmoa Funtzio Publikoko zuzendariari badagokio, Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Zerbitzu zuzendariari aurkeztuko zaio idazkia.
– Zuzendariek beraiek ere, ofizioz, hasiera eman ahal izango diote aldi honi, langileen osasuna babesteko beharrezkoa dela uste dutenean.
– Idazkia aurkeztu zaion zuzendaria izango da bitartekari. Ustez jazarria izan denak eta jazarleak zuzendaritza berean ez dutenean lan egiten, kasuan kasuko bi alderdien zuzendariak izango dira bitartekari.
– Errealitatea benetan zein den jakiteko asmoz, bitartekotza prestatzeko beharrezkoak diren jarduera guztiak egingo dituzte bitartekariek.
– Arazoari irtenbidea ematen saiatzeko, bitartekariak bi alderdiak bilerara deituko ditu idatziz. Egon daitekeen jazarpenari buruz bitartekariaren esku leudekeen agirien kopia erantsiko zaio deialdiari.
– Epea luzatzea gomenda dezaketen eta idatziz alderdien ezagutzan jarri behar diren arrazoi oinarrituak egon ezik, bitartekaritza-bilera zuzendariak/ek idatzia jaso ondorengo hamar egun baliodunen barruan egingo da. Epea beste hamar egun baliodunetara luzatu ahal izango da.
– Ezinbesteko arrazoiarengatik edo Legeak aurreikusitako abstentzio eta errefusatze arrazoiren baten sartua/k egoteagatik 1. artikuluan aipatutako bitartekariak/ek ezin izango balu/te bitartekaritza-bilera burutu, jazarria izan daitekeen langilearen esparruko sailburuordea izango da erabakiko duena zein, saileko zuzendarien artean, arituko den bitartekari. Izendapen hau behar bezala jakinaraziko zaie ustezko jazarle eta jazarriari eta beren zuzendariari/ei.
Nahi izanez gero, alderdiak, prebentzioko ordezkariren batek lagunduta bertaratu ahal izango dira bilerara.
– Bitartekariak/ek, bitartekaritza-bileratik hamabost egun baliodunen barruan, idatziz jasoko ditu/zte:
Bitartekaritza-aldian burututako ekintzak.
Arazoari irtenbidea emateko eskainitako neurriak, bitartekaritza-agiria izenekoan.
– Bitartekaritza-agiria gehienez ere hurrengo bost egun baliodunen barruan helaraziko zaie alderdiei.
– Honako kasuetan emango zaio hasiera aldi honi:
Bitartekotza-aldia edo bitartekariak proposatutako neurriak onartzen ez dituztenean alderdiek.
Bitartekotza-aldia ezin izan denean gauzatu ezinbestean.
Bitartekotza-aldian proposatutako neurriak gatazka ez dutenean konpondu.
Agian jazarpena pairatu duenaren egoera fisikoa edo psikikoa dela-eta onena bitartekotzara ez agertzea denean. Kasu horietan Prebentzio Zerbitzuko medikuak jakinaren gainean jarriko dira.
– Aurreko artikuluan aipatutako kasuren bat emango balitz, gatazkaren ebazpen-aldi ofizialari emango zaio hasiera alderdietako edozeinek edo bitartekariek egindako idazki bidez.
– Idazkia Funtzio Publikoko zuzendariari bidaliko zaio, jazarpena berak egin izanaren susmoa dagoenean ezik. Kasu horretan, idazkia Funtzio Publikoko sailburuordeari zuzenduko zaio. Kasua bada, bitartekotzako eta egoki iritzitako agirien kopia erantsiko zaio idazkiari.
– Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak edo, hala badagokio, Funtzio Publikoaren Sailburuordetzak Ikerketa Batzordea osatuko du alderdietako edozeinek edo bitartekarien idazkia jasotzen denetik aurrera hamar egun balioduneko epean.
– Ondokoek osatuko dute Ikerketa Batzordea:
Funtzio Publikoko Zuzendaritza edo Funtzio Publikoko Sailburuordetzaren ordezkari bat. Lehendakari lanetan arituko da eta Funtzio Publikoko zuzendariak edo Funtzio Publikoko sailburuordeak izendatuko du, hurrenez hurren.
Prebentzio Zerbitzuko kide bat. Negoziazio Kolektiboko zuzendariak izendatuko du.
Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoen eremuko Prebentzioko edo Pertsonaleko ordezkari bat.
Idazkari bat. Funtzio Publikoko Zuzendaritzak edo Sailburuordetzak izendatuko du kide hau.
Prebentzioko edo Pertsonaleko hainbat ordezkari proposatuko dituzte aipatu eremuko sindikatuek Ikerketa Batzordea osatzeko, betiere Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen eremuko hauteskunde sindikaletan lortutako ordezkaritzaren arabera. Gehienez 10 lagunek osatzen duten zerrenda batean sartuko dira ordezkariok. Zerrenda horretan dauden izenen artetik eta alfabeto-hurrenkerari zorrotz jarraituz hartuko da batzordeko kide izango den prebentzioko edo pertsonaleko ordezkaria.
– Batzordeko idazkaria Batzordeko kideen artetik hartuko da edota Administrazioaren zerbitzura lanean ari den pertsona bat izango da eta zuzenbidean lizentziatua.
– Idazkaria Batzordeko kide ez denean, ez du boto-eskubiderik izango.
– Batzordearen jarduera ondokoa aintzat hartuta arautuko da:
Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen xedapenak, kide anitzeko organoen jardunbideari dagozkienak.
Agindu honetako xedapenak.
Jarduerako barne-araudian ezarritakoa.
– Ikerketa Batzordeko kide izango diren pertsonen izenak jakinaraziko dizkie alderdiei Funtzio Publikoko Zuzendaritzak edo, hala badagokio, Funtzio Publikoko Sailburuordetzak, Ikerketa Batzordea osatzen denetik aurrera 5 egun balioduneko epean. Orobat, espedientean dauden agiri guztien kopiak bidaliko dizkie.
– Jakinarazpena egiten den egunetik aurrera 5 egun balioduneko epea irekiko da alegazioak egiteko.
– Lehenengo bilera, nolanahi ere, 20. artikuluan ezartzen den alegazioak egiteko epea amaituta gero egingo da, eta bertan espedientean dagoen dokumentazioa aztertu ondoren ondokoa erabakiko da:
Ikerketa amaitutzat ematea, lanean jazarpenik ez dela egon iritzi delako. Erabaki hori aho batez hartuko da, arrazoitu egin beharko da, idatziz jaso eta alderdiei modu egokian jakinarazi.
Ikerketa jarraitzea.
– Ikerketa Batzordeak jazarpen moral edo sexualik egon den zehazteko ikerketa-aldiko jarduera egokiak burutuko ditu.
– Ikerketa burutzeko beharrezko diren irizpen-osagai guztiak eduki ahal izateko, agindu honen eremuko sailek eta erakunde autonomoek Ikerketa Batzordeari laguntza eman beharko diote honek eskatzen dienean.
– Ikerketaz gain, alderdiekin bilera egingo du Batzordeak, batera edo aparte.
– Batzordeko kide ez izan baina gaiarekin zerikusi zuzena duten pertsonak gonbidatu ahal izango ditu bilerara Batzordeak, dela egoeraren testigu izan direlako, dela gaian adituak direlako. Kasu honetan, deitu dituzten bilerara joango diren pertsonen izenak jakinaraziko zaizkie alderdiei.
Aurreko artikuluan aurreikusitako bilerara prebentzioko edo sindikatuko ordezkari batekin edo beharrezkotzat jotzen den beste edozein pertsonarekin bertaratu ahal izango dira alderdiak. Edonola ere, pertsona batek baino gehiagok ezingo die bilerara lagundu.
– Ikerketa amaitzen denetik aurrera hilabeteko epean gehienez ere Ikerketa Batzordeak txostena egingo du, non esango den Batzordearen ustez, jazarpenik egon den ala ez, eta emango arazoa konpontzeko proposatzen diren neurriak.
– Funtzio Publikoko sailburuordeari jakinaraziko dizkio txostenaren ondorioak Ikerketa Batzordeak. Funtzio Publikoko sailburuordeak, Ogasun eta Herri Administrazio Saileko egitura eta eginkizunak ezartzen dituen otsailaren 28ko 42/2006 Dekretuaren 15.1.g) eta h) artikuluen arabera, dagokion ebazpena emango du.
– Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko 8/1997 Legeko 15. artikuluaren arabera, sortu den lan-arriskua gutxitzeko edo amaitzeko beharrezko diren neurri zuzentzaileak proposatuko dira ebazpen horretan, eta Euskal Funtzio Publikoaren 6/1989 Legean ezarritakoaren arabera, kasuan kasu egiaztatutako egitateen araberako arau-hauste oso larria, larria edo arina egiteagatik zehapen-espedientea irekitzeko eskatu ahal izango da. Orobat, neurri zuzentzaileen aplikazioa nori dagokion zehaztuko da.
Proposatutako neurri zuzentzaileen eraginkortasuna kontrolatzea Prebentzio Zerbitzuari dagokio.
Administrazio honekin zerbitzu-lotura izan eta prozedura honetan aurreikusitako edozein alditan parte hartu duen pertsona orori isiltasun betebeharra eskatuko zaio, Euskal Funtzio Publikoaren 6/1989 Legean xedatutakoaren arabera. Araua ez bada betetzen, Funtzio Publikoko Zuzendaritzak ofizioz dagokion prozedurari ekingo dio.
– Prozedura honetan parte hartzen duten pertsonen intimitaterako eskubidearen babesa bermatuko da beti.
– Prozedura honetan sortutako datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak araututakoaren eta Titulartasun Publikoko Datu Pertsonalen Fitxategiak eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen arabera erabiliko dira.
Administrazioaren eremuan jazarpen morala pairatu duten langileen osasunaren behar bezalako babesa bermatzeko beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak hartuko ditu Administrazioak. Gainera, antolaketa aldetik eta psikologikoki behar duen laguntza emango dio erabat senda dadin.
Baldin eta lantokia partekatzen duten Administrazio honetako eta kanpoko enpresa bateko langileen artean jazarpen psikologikorik ematen bada, agindu honetan jasotako ikerketa-prozedura aplikatuko da. Lan-Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen arabera, eragindako enpresen eta Administrazioaren artean koordinatuta aplikatuko dira neurri zuzentzaileak.
Administrazio Orokorra eta bere erakunde autonomikoen eremuko zentroarteko Segurtasun eta Osasuneko Batzordeari eskatuko zaio funtzionamendu-araudi horri buruzko aholkua.
Vitoria-Gasteiz, 2006ko urriaren 4a.
Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,
IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Ikus: 398/2005 DEKRETUA, azaroaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zerbitzuko langileen lan-baldintzak arautzen dituen hitzarmena onartze duena.
- Ikus: AGINDUA, 2007ko urriaren 1ekoa, Ogasun eta Herri Administrazio Sailburuarena, Laneko Jazarpen Moralaren eta Sexu-Jarzarpenarko kasuak ebazteko aldian jardungoren Ikerketa Batzordearen antolaketa eta funtzionamendurako araudia onartzeko dena.