Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2006ko martxoaren 13koa, Kultura sailburuarena, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluaren laugarren mailari dagozkion eduki eta ebaluazio-irizpideak onartzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 63
  • Hurrenkera-zk.: 1700
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2006/03/13
  • Argitaratze-data: 2006/03/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza
  • Azpigaia: ---

Testu legala

HABEri dagokio, besteak beste, helduak alfabetatu eta euskalduntzeko kurrikuluak sortu, diseinatu eta ezartzea, irizpide soziolinguistikoak kontuan izanik eta plangintza egokien baitan; izan ere, eskumen hori ematen diote, batetik, azaroaren 25eko 29/1983 Legeak, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortu eta Euskaltegiak Arautzekoak (2, d artikuluak) eta, bestetik, otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak, HABEren arau organikoak onartzen dituenak (8. a artikuluak).

Horretan oinarrituz landu zuen HABEk "Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikulua" dokumentua, euskaltegiek azaldutako beharrak kontuan hartuz, HABEren Batzorde Akademikoaren aholkuak entzun ondoren eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak egindako proposamenari erantzunez. Horrela, 29/1983 Legearen 20. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Kultura sailburuaren 2000ko urtarrilaren 24ko Agindu bidez, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko kurrikulua onartu zen, erreferentzi marko obligaziozkoa izan dezaten HABEk diruz lagundutako euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentro homologatuek.

Oinarrizko kurrikuluak euskara-irakaskuntzaren helburu eta edukiak azaltzen ditu, hizkuntza irakaskuntzaren eta ikas-printzipioetan oinarrituta. Lau mailatan banatzen du euskalduntze-prozesua eta, planteamendu orokorra eta oinarriak zehaztu ondoren, maila bakoitzerako helburu orokorrak zehazten ditu. Era berean, lau mailetarako bideratzen ditu metodologia eta ebaluazioa. Alabaina, aipaturiko Aginduan lehen hiru mailen edukiak eta ebaluazio-irizpideak garatzen dira soilik, gerorako utziz laugarren mailari dagozkion edukiak eta ebaluazio-irizpideak.

Hain zuzen, HABEren Zuzendaritza Batzordeak 2006ko martxoaren 1ean hartutako erabakiz, euskalduntzearen 4. mailaren garapenerako egitaraua finkatu zuen, lehen fasean 4. maila arautuko duen Agindua onartzea aurreikusiz. Ondorioz, 2000ko urtarrilaren 24ko Agindu bidez garatu gabe utzitako euskalduntzearen laugarren mailako eduki eta ebaluazio-irizpideak zehaztea da Agindu honen helburua.

29/1983 Legearen 20. artikuluaren arabera, Hezkuntza eta Kultura Sailari dagokio, besteak beste, HABEren Zuzendaritza Batzordearen proposamenez, euskaltegietako irakaskuntzaren ordenamendu orokorra. Horren kariaz, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Erakunde Autonomo hau Kultura Sailari atxikita dagoenez,

Kurrikuluaren laugarren mailaren eduki eta ebaluazio-irizpide hauek izango dituzte HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentro homologatuek jardun didaktikoaren obligaziozko erreferentzi marko, 2000ko urtarrilaren 24ko Aginduan zehaztutako helburuak lortzearren eta kontuan izanik "Hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako erreferentzi markoa" ere.

1.– EDUKIAK.

1.– TESTUAK.

Era guztietako testu-generoak landuko dira euskalduntzearen laugarren mailan: gutun, artikulu, txosten, hitzaldi, ohar, albiste, kronika, agiri…; betiere kontuan izanik maila honi dagozkion helburuak (2000ko urtarrilaren 24ko Agindua: I. eranskina) eta Hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako erreferentzi markoa.

HEOK: laugarren maila:

"Kultura maila goreneko eta norbere espezialitateko gaien inguruan elkarrizketa mantendu eta iritziak eta azalpenak emateko gai da. Testu espezializatuak bere osotasunean jasoko ditu eta hizkuntza formal eta informalean egoerari egokituz arrakasta lortuko du. Era guztietako testuak zuzen, zehatz eta jator idazteko gai da. Euskalkietako berbaldiak eta idatzizko testuak ere ulertzeko gai da."

Europako markoa: C2 gaitasun orokorra:

"Irakurtzen eta entzuten duen ia guztia erraz ulertzen du. Badaki hainbat informazio iturritatik informazioa eta argudioak jasotzen eta berreraikitzen, eta entzun edo irakurritakoa era koherente eta laburrean biltzen.

Adierazteko jariotasun handia, zehaztasuna eta zuzentasuna ditu ezaugarriak. Esanahiaren ñabardura txikiak bereizten ditu, baita egoera konplexuenetan ere."

Eta, hain zuzen, helburu horien isla diren testuak erabiltzeko gai izango da euskara-ikaslea laugarren mailaren amaieran, ahoz nahiz idatziz, ulertuz nahiz ekoiztuz. Testu horiek erabiliz gauzatuko du komunikazioa edo ekintza komunikatiboa.

Testu esatean, testu "naturala" eta osoa esan nahi dugu, ahozkoa nahiz idatzia, luzea zein laburra. Testu horiek aztertuz atzeman ohi dira diskurtso-tipoak, testu-motak eta antzeko terminoz izendatzen diren entitate testualak. Entitate hauek abstrakzioak edo arketipoak dira; azterketa baten ondorengo. Horiek ere baliatzen jakin beharko du hizkuntz erabiltzaileak, jakinaren gainean ala oharkabean.

Euskalduntzearen laugarren mailako testu-genero asko landuak izango dira hirugarren mailan ere (Aginduaren I. eranskina: 3.1), baina bestelako izaera izango dute orain. Batetik, laugarren mailan ekoiztu egingo dira lehen ulermena lantzeko erabilitakoak; bestetik, bestelako konplexutasuna –zailtasuna– izango dute. Eta, gainera, kalitate handiagoa eskatuko zaie ikasleei testu horiek ekoiztean: zuzentasun eta egokitasun handiagoa. Hitz batean, nahiz eta testu-genero berak landu laugarren mailan, bestelako ekintza komunikatiboak eta bestelako kalitatez gauzatuko ditu euskara-ikasleak mailaren amaieran.

2.– BALIABIDE TESTUALAK.

Baliabide testualak 2000ko urtarrilaren 24ko Aginduan daude adierazita, I. eranskinean: funtsezkoenak 1.2. artikuluan (lehen mailari dagozkionak), eta gainerakoak 2.2. eta 3.2. artikuluetan (bigarren eta hirugarren mailei dagozkienak, hurrenez hurren). Baliabide testual horiek landuko dira laugarren mailan ere, baina maila honi dagozkion testuetan.

Baliabide testualek gauzatzen dute, batetik, maila guztietako testu-zatien arteko lotura lineala edo konexioa eta, bestetik, izen-kohesioz eta aditz-kohesioz ontzen den lotura konplexuagoa.

Garrantzizkoa da ikuspegi testualaz (ikuspegi komunikatiboaz eta ekintza-ikuspegiaz) lantzea baliabide horietako bakoitza, ikuspegi gramatikal zurruna gaindituz. Ikuspegi osoago horri esker, konexioa ez dute lokailuek soilik gauzatzen; lokailuek ez ezik, funtzio bera dute bai gainerako testu-markatzaileek, bai juntagailuek eta menderagailuek ere.

Era berean, ez dira bakarka landuko izen-kohesioa gauzatzen duten baliabideak (anaforek, kataforek, ordezkapen lexikalak, mugatzaileek…), baizik eta kate anaforikoak osatuz.

Orobat, arreta berezia jarriko zaio aditz-kohesioari, hau ere ikuspegi testualaz landuko delarik. Honela, dimentsio osoagoa hartuko dute aditzaren ohiko bi funtziok: denbora eta aspektua markatzeak.

3.– TESTUINGURUA.

Faktore asko atzeman daitezke ahozko nahiz idatzizko komunikazioaren testuingurua aztertzean: xedea, partaideen arteko harremana, komunikazio-era, komunikazio-kanala, gaia, hizkera, erabilera-esparruak…

Faktore horiek kontuan izanik garatu da, euskalduntzearen hiru lehen mailetan, euskara-ikaslearen gaitasun komunikatiboa (2000ko Agindua, I. eranskina: 1.3., 2.3., 3.3.).

Ildo beretik jarraituko da laugarren mailan ere, arreta bereziz kontuan hartuz horietako lau; hauetan laburbiltzen baitira, azken batean, gainerako guztiak. Faktore sozio-subjektiboak dira, testuetan ezinbesteko eragina –baina ez mekanikoa!– dutenak: erabilera-esparrua (esparru publikoa, esparru pribatua, hezkuntza, lana…), enuntziatzailearen rola (lagun, guraso, agintari, bezero, irakasle…), hartzailearen rola (lagun, agintari, menpeko, guraso…) eta enuntziatzailearen xedea (esplikatu, konbentzitu, kontatu, agindu…).

4.– ADIERAZPIDE LINGUISTIKOAK.

Lehen hiru mailetan landutako adierazpide linguistikoak oinarri hartuta (2000ko Agindua, I. eranskina: 1.4., 2.4., 3.4.), kontu handiz landuko dira honako hauek laugarren mailan, haien erabilera gero eta zuzen eta egokiagoa ziurtatuz:

Fonologiaren arloan, euskara batuaren ahoskera zaindua ez ezik, intonazioa ere landuko da, esanahira eta testuingurura egokituz.

Ortografia: idazkera erabat zuzena izango da eta arreta bereziz landuko dira, besteak beste, puntuazio-markak (puntuak, komak, puntu eta komak), maileguzko hitzak eta ortotipografiako hainbat zehaztasun: letrakera arrunta, letrakera etzana, letrakera lodia, kakotxak, barra, marratxoa, taketak, bibliografiaren aipua…

Deklinabideko kasu guztiak sakonduko dira.

Arreta bereziaz landuko da aditza, ikuspegi diskurtsibo-testualaz landu ere. Ikuspegi honen arabera, dimentsio osoagoa hartzen dute aditzaren ohiko hiru funtzioek –denborak, aspektuak eta modalizazioak–. Ondorioz, denbora ez ezik, denboratasuna ere landuko da; eta kontrastearen baitan txertatuko da aspektua; eta ikuspegi zabalagoaz erreparatuko zaio modalizazioari.

Hona hemen, adibidez, modalizazioa gauzatzen zenbait aditz-forma.

Modalizazio logikoa: "orain-geroa" (izango da...); uste izan, pentsatu...

Modalizazio pragmatikoa: "KE orain aspektugabea" (etor daiteke...), "KE alegiazko geroa" (etorriko litzateke...).

Modalizazio deontikoa: komeni izan; beharko izan; komenigarria da...

Sintaxiaren arloan, bereziki landuko dira testu-antolatzaileak eta hauen erabilera estrategikoa.

  1. – Testu-markatzaileak.

    Informazioaren egituratzaileak:

    Iruzkingileak: ba, horiek horrela…

    Ordenatzaileak: lehenik / bigarrenik; (alde) batetik/ bestetik…

    Zeharkariak: hau dela-eta, bide batez…

    Lokailuak:

    Emendiozkoak: ere, gainera, bestalde, halaber (orobat, berebat), behintzat, bederen, bederik, behinik behin…

    Hautakariak: bestela, osterantzean, gainontzean (gainerakoan, gaineratikoan, gainerakoz)….

    Aurkaritzakoak: ordea, berriz, ostera, aldiz, aitzitik, bizkitartean, bitartean, bien bitartean, (t)arte horretan, artean, alta, alabaina, alabadere, dena dela, dena den, hala ere (halere), hala eta guztiz ere, haatik / hargatik, horratik / horregatik, barren, badarik ere.

    Ondoriozkoak: beraz, bada, hortaz, orduan, honenbestez, horrenbestez, hainbestez, halatan, hala.

    Kausazkoak: zeren, zergatik, alabaina, bada, izan ere.

    Birformulatzaileak:

    Esplikatiboak: hau da, hots, alegia…

    Zuzentzaileak: hobeto esan, bestela esan…

    Urruntzaileak: nolanahi (ere)…

    Laburtzaileak: ondorioz, azken batean, azken finean…

    Operatzaile argudiozkoak:

    Indartzaileak: benetan, berez...

    Zehatzaileak: adibidez, esate baterako, esaterako, konparazione, kasu…

    Berbaldi-markatzaileak:

    Epistemikoak: noski, jakina, omen, ote, agi danean, antza, dirudienez, nonbait…

    Deontikoak: tira, ondo da…

    Besteratzaileak: aizu, aizue...

    Metadiskurtsiboak: zera, ba…

  2. – Adberbio-sintagmak, eta izen-sintagmak.

  3. – Juntagailuak (2000ko Agindua, I. eranskina: 3.4.).

  4. – Menderagailuak (2000ko Agindua, I. eranskina: 3.4.).

    Lexikoaren alorrean, hiztegi orokorraz gain espezializatua ere landuko da laugarren mailan, adiera orokorrak eta ñabardurazkoak bereiziz. Arretaz landuko da hitzen osaera, dela eratorpenez, dela hitz-elkarketaz. Era berean, ongi bereiziko dira hitz gomendatuak, zalantzazkoak eta baztertuak; baita neologismoak, mailegu onartuak eta baztertuak ere. Eta tentuz zainduko da erregistro eta maila desberdinetako hitzen erabilera, esamolde eta lokuzio, esaera zahar eta euskalkietako hitzenarekin batera.

    5.– ADIERAZPIDE TESTUALAK.

    Kultura sailburuaren 2000ko urtarrilaren 24ko Aginduak adierazpide testualez dioena jasoz (I. eranskina: 1.5., 2.5., 3.5.), laugarren mailan arreta bereziz landuko dira bai narrazioa, azalpena eta preskripzioa, bai horien erabilera estrategikoa, segun eta zer ekintza komunikatibo gauzatu nahi den, dena delako testuinguruan.

    Kontuan izango da adierazpide testual berariazkoak dituela horietako testu-tipo bakoitzak, eta adierazpide horiek ere aldatu egiten direla, egoera interaktiboan ala ez-interaktiboan gauzatu, eta modalizatzen diren neurrian.

    6. AZPITREBETASUNAK ETA ESTRATEGIAK.

    Kultura sailburuaren 2000ko urtarrilaren 24ko Aginduan daude adierazita, I. eranskinaren 1.6., 1.7. eta 1.8. artikuluetan. Izan ere, estrategia berak landuko dira funtsean maila guztietan, beti ere maila bakoitzari dagokion sakontasunaz.

    Baina badira zenbait estrategia komunikatibo garrantzia berezia dutenak laugarren mailan. Arreta handiz landu beharko dira hiru baliabide: puntuazio-markak, testu-antolatzaileak, hitz-ordena eta galdegaia. Aparteko garrantzia hartzen du horien erabilera estrategikoak.

    2.– LAUGARREN MAILARAKO EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.

Erraz ulertuko ditu kultura orokorraren mailan nahiz maila jasoan ahoz eginiko euskal hizketak, gaiaren inguruko informazio orokorra, xehea eta inferitua ere arazorik gabe jasoz. Eta gai izango da entzundakoa testuinguruan kokatzeko eta ondorioak ateratzeko.

Zuzentasuna:

Zuzentasun osoz erabiliko ditu bai alderdi morfosintaktikoari dagozkion formak eta egiturak, bai alderdi fonologikoari dagokionez euskal fonemak (fonemen ahoskera, hitz barneko aldaketak, hitz-kateak), bai intonazioa eta lexikoa, aldian aldiko estrategiak baliatuz.

Egokitasuna:

Ahozko adierazpenetan, ez du eragozpenik izango erregistro-mota aukeratu eta erabiltzeko, kontuan hartuz nori zuzentzen zaion, zertarako, gaiaren nolakoa...

Kultura orokorraren mailako nahiz maila jasoko edozein elkarrizketatan eta eztabaidatan parte hartu ahal izango du, eta horiek gidatzen eta jarraitzen badakiela frogatuko du: hasiera noiz eman, nola jarraitu, nola bukatu, gaiaz aldatzerakoan erantzuten, etab. Horretarako, adierazpen bakoitzari dagokion esapide, antolatzaile, kohesio-forma, eta abarrez baliatuko da.

Zerbait kontatu, azaldu eta argudiatzerakoan, ondo antolatu eta lotuko du diskurtsoa, era koherentean jardunez. Azalpen garbiak erabiliko ditu, testuingurura egokituak eta egitura logiko eta eraginkorrekoak.

Gai izango da maila honi dagozkion testu-generoak (elkarrizketa, hitzaldi, ohar…) ahoz sortzeko, testuinguruaren zer-nolakoak kontuan hartuz.

Erabateko jariotasuna izango du bai elkarreraginezko testuinguru ezagunetan (familiarteko, aisialdiko, lagunarteko... esparruetan), bai bestelakoetan ere. Gai izango da diskurtso luzeak eta azalpen egokiak egiteko, hitzak aukeratzeko eta jariotasun handiz baliatzeko.

Zailtasunik gabe adieraziko ditu esamolde idiomatikoak, hitzen ñabardura txikiak, konnotazioak edo zehaztasuna. Gai izango da ñabardurak transmititzeko, modalizatzaileak erabiltzeko, gauzak nabarmentzeko eta anbiguotasunak saihesteko. Baita esamoldeak eta lagunarteko hizkera erabiltzeko ere. Egoki moldatuko da baliabideak erabiltzen, zailtasunak konpontzeko inor konturatu gabe.

Badaki kultur orokorraren mailan nahiz maila jasoan sortzen diren testu-generoak bereizten, bai hauen ezaugarriak eta egitura atzematen, bai testuari konexioa, kohesioa eta koherentzia ematen dioten adierazpide linguistiko-testualak bereizten ere. Zailtasunak zailtasun, arazorik gabe jabetuko da ideia garrantzitsuenez nahiz azalekoez, unean uneko testuinguruan.

Arazorik gabe ulertuko ditu gai zehatzak eta abstraktuak dituzten testuak, baita egitura eta hizkera zaileko direnean ere (eskuliburu, artikulu espezializatu, literatur lanak…). Gai izango da hainbat iturritatik jasotako informazioa laburtzeko, eta ondorioak eta zeharkako aipamenak ulertzeko ere.

Zuzentasuna:

Alderdi morfosintaktikoan ez du aparteko arazorik izango, maila honi dagozkion testuak idazterakoan.

Lexiko aberatsa erabiliko du: gaiaren araberakoa.

Ondo gauzatuko ditu bai testuaren konexioa, testu-antolatzaileak behar bezala erabiliz, bai izen- nahiz aditz-kohesioa.

Ez du oztoporik izango ortografia eta puntuazio-marken erabileran.

Egokitasuna:

Ez du arazorik izango testu argiak eta egokiak sortzeko.

Estrategia komunikatiboak egoki erabiliz, ondo saihestuko ditu euskal prosa idazteak dituen zailtasunak, bai kultura orokorrari dagozkion gaietan, bai goi-mailakoari dagozkionetan, kasuan kasuko testuinguruan.

Ondo bereiziko ditu ideia garrantzitsuak, azalekoak eta xehetasunak, eta ondo gauzatuko bata bestearenganako loturak, testuingurua kontuan hartuz.

Berak idatzitako testuak erraz ulertuko dira lehen irakurraldian.

Gai izango da maila honi dagozkion testuak idazteko, eta hizkuntzaren eta hizkuntz baliabideen erabilera estrategiko ona adieraziko dute.

Gauzak zehatz eta argi, malgutasunez eta eraginkortasunez adieraziko ditu. Emozioak, umorea… adierazten jakingo du. Egitura logikoak eta eraginkorrak erabiliko ditu. Gai izango da gutun, txosten eta artikulu konplexuak eta argudiozkoak idazteko, eta idazlan profesionalak eta literatur testuak laburtzeko eta kritikatzeko ere.