Segurtasun Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2004ko abuztuaren 16koa, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, herri administrazioen kontratuen legedian jasotako zenbait prozeduren eta jarduketen izapidetze telematikoari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ogasun eta Herri Administrazio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 164
  • Hurrenkera-zk.: 4673
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2004/08/16
  • Argitaratze-data: 2004/08/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak

Testu legala

Administrazioa modernizatzeko, horren eraginkortasuna eta efikazia hobetzeko, eta Administrazioa herritarrengandik hurbilago egotea lortzeko jarduketen artean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari bereziki interesatzen zaio helburuok arautzea eta sustatzea edozein administrazioaren funtsezko jardunetako bati dagokionez: administrazio-kontratazioari dagokionez, alegia. Izan ere, arlo horretan teknika elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzen hazteak gehitu eta hobetu egiten du herritarrek prozeduretan daukaten parte-hartzea, bai eta administrazio-prozeduren kalitatea hobetu ere. Hortaz, ezinbestekoa eta atzeraezina da Herri Administrazioaren esparruan kontratazio elektronikoa abiaraztea.

Euskadi Informazio Gizartean Planak, "administrazioa on line" jarduera ildoan, dagoeneko abiatu zuen orain burutzen den bidea, "Eusko Jaurlaritzaren zuzkidura prozesuak arintzea eta bere kontratazio espedienteetarako sarbidea bideratzea" helburuarekin kontratazio elektronikoan berezko jarduna abiarazi baitzuen, eta horretarako hasierako bultzada eman zien hiru kontratazio-esparruri: "Erosketa Publikoen Atariari, Kontratazio espedienteen izapide telematikoari eta Enpresen Kalifikazioa eta Kontratisten Erregistroari".

Asmo handiagoekin abiatu zen fase berri batean, 2004ko apirilaren 7an, Jaurlaritzaren Kontratazioa proiektuaren edukiak onetsi zituen Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordeak. Proiektu horrek administrazio-kontratazioaren arlo guztiak informatizatzea du xede. Esan dezakegu proiektu global, modular eta progresiboa dela, herritarrari zerbitzua eskaintzeko eta herritar horri irekita dagoela, eta erabat digitala, berritzailea eta asmo handikoa, aintzatetsi eta baloratua dela.

Era berean, Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordeak, egun berean, kontratazioa proiektu horren ildo nagusiak onetsi zituen.

Gainera, herritarrek eguneroko bizitzan lagun dituzten baliabide telematikoak, zeinak erabiliz autonomia gehiago lortu den herritarroi eragiten dieten erabakiak exekutatzerakoan, bada, baliabideok inkorporatzea Administrazioak bere prozeduretan bete beharreko eginbeharra da, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen, azaroaren 26koaren, 45. artikuluak berresten duen bezala.

Europako erakundeak ere iritzi berekoak dira. Izan ere, administrazio-prozedurak, eta, bereziki, erosketa publikoen prozesuak teknologia berriei bizkor egokitzera premiatu dituzte herri botereak, egokitzapen horrek eraginkortasuna dakarrelako baliabideen kudeaketan, eta jarduketok garrantzitsuak direlako eskaintzaren merkatua baliabide telematikoen erabilpen masiboari egokitzeko, Europaren garapen ekonomiko eta sozialerako premisa gisa. Horrela, Europako Batzordearen "Europa 2005" ekimenak modu nahiko espresiboan azaltzen du kontratazio elektronikoa ezartzeari ematen zaion garrantzia, kide diren estatuek nahitaez ezarri beharreko proiektutzat jotzen baitu eta 2005. urtean Europako Parlamentuak horri buruzko legedia emango duela iragarri baitu. Parlamentuaren araudiaren zain egon gabe, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko martxoaren 31ko 2004/18/CE Zuzentarauak, obra, hornidura eta zerbitzuetarako kontratu publikoak esleitzeko prozedurak koordinatzeari buruzkoak, erosteko eta eskaintzak aurkezteko teknika elektronikoak erabiltzeko aukera emateaz gain, horiek erabiltzearen erabat alde agertzen da, kontratazio elektronikoak (Procurement ingelesez) "lehia zabaldu", "efikazia hobetu", eta "denbora eta dirua aurreztu" egiten duelako, eta, horrela, "lehia zabalaren bidez, funts publikoen erabilera egokia bermatzen" duelako. Orobat, etorkizun hurbilean soilik elektronikoak izango diren kontratazio elektronikoko mota bi izango direla aurreikusten du: erosteko sistema dinamikoak eta enkante elektronikoak.

Prozeduraren, administrazioaren ekintza inspiratzen duten printzipioak aplikatzeko bermeen, eta, bereziki, administrazio-kontratazioa sustatzen duten printzipioen segurtasuna eta errespetua dela eta, Administrazioak arlo honetan burutzen dituen ekintza guztiek oso modu berezian errespetatu behar dituzte printzipiook eta horiek garatzen dituzten arauak. Zentzu horretan, agindu honek aintzat hartzen ditu, une oro, ondokoetan araututakoa: azaroaren 26ko 30/1992 Legean, Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenean, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan, Datu Pertsonalak Babestekoan, abenduaren 19ko 59/2003 Legean, Sinadura elektronikokoan, 2004/18/CE Zuzentarauan, obra, hornidura eta zerbitzuetarako kontratu publikoak esleitzeko prozedurak koordinatzeari buruzkoan, eta Herri Administrazioen Kontratuen Legean (ekainaren 16ko 2/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako testu bategina).

Agindu honen helburua hirukoitza da: batetik, Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzaren 2003ko maiatzaren 13ko Ebazpenak arautzen duen Erregistro Telematikoaren funtzionamendu-eremua administrazio-kontratazioaren berezko jarduketetara zabaltzea, bestetik, lizitazio elektronikoa onartzen duten prozedurak abiatzeko aukera eskaintzea, eta, azkenik, administrazio-kontratazioaren prozedura jakin batzuetan jakinarazpen elektronikoa erabiltzea bultzatzea. Agindu honek berehala jartzen ditu martxan hiru helburuok Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren jardun-eremuan; prozedura soil bat ere arautzen dute helburuok, Jaurlaritzako beste sail batzuetara hedatzeko, hori baita nahi dena.

Oinarrizko tresna gisa sinadura elektroniko onartua aukeratu da, ziurtagiri elektronikoan oinarrituta dagoena, eta, horrela, Administrazioan erabiltzea bultzatzen da. Xedapen orokorren kapituluan beste zenbait alderdi ere arautzen dira, hirugarrenek (batez ere lizitatzaileek) izapide telematikoak egitea, Administrazioak izapideok jasotzea eta izapideoi buruz egiten diren kontsultak. Era berean, nabarmentzekoa da, baliabide telematikoak erabiltzearen aldeko benetako apustua den neurrian, baliabide telematikoei lehentasuna ematen zaiela paperean egindakoen aurretik, baina horrek ez dakar inola ere paperezkoen legezkotasuna eta onargarritasuna kaltetzerik.

Kontratazio elektronikoko erregistro telematikoari buruzkoa den kapituluan, erregistro hori entitate jardulearen Erregistro Orokorraren erregistro osagarri bezala eratzen da, azaroaren 26ko 30/1992 Legean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenean, horretarako jasotako betebehar guztiak betetzen direla bermatuz. Beraz, idazkiak eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan onartuko direla aurreikusten da; hortaz, egun erregistro ez telematikoekin dauden aukerak baino gehiago izango dira.

Lizitazio elektronikoari dagokionez, garrantzitsua da azaltzea agindu honetan jasotako forma eta jarduteko betekizunak erabat egokitzen zaizkiola kontratazioko zuzentarau berrian eskaintza elektronikoak jasotzeko baldintzak definitzen dituen eranskinari. Bestalde, artearen egoera deritzonak eta sinadura elektronikoak gaur egun zabalkunde urria izateak, batez ere hirugarrenen sinadura duten agiriak modu fidagarrian egiaztatzeari dagokionez, mugatu egiten dute egun prozedura hori erabiltzeko dauden aukerak. Horregatik, une bakoitzean lizitazio elektronikoaren erabilera egoera gehiagotara zabaltzeko modu soila jasotzen da aginduan. Halaber, beste alde zail batzuk ere arautzen dira, inolako zalantzarik gabe beharrezkoak direnak, hain zuzen ere, agiri informatikoen formatuei (izan ere, hainbeste formatu egoteak ez du horiek guztiak onartzeko aukerarik ematen), birus informatikoak agertzeko aukerei eta biruson eraginak txikienak izan daitezen erabili beharreko estrategiari buruzkoak. Azkenik, arauketa honen bidez Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 45.4 artikuluak jasotako legezko errekerimendua bete nahi da: batetik, administrazioak aldez aurretik ontzat eman behar izatea bere ahalak burutzeko erabiliko dituen programa eta aplikazio elektroniko, informatiko eta telematikoak, kasu honetan, lizitazio elektronikoa posible egiten duen programa informatikoa, eta, bestetik, jakitera eman behar izatea programen eta aplikazioen ezaugarriak.

Azkenik, administrazio-kontratazioaren prozedura ezberdinetarako garatzen da jakinarazpen elektronikoa, eta hori erabilera komuneko zerbitzutzat jotzen da, 108/2004 Dekretuan, ekainaren 8koan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak Interneten duen presentzia-eredua arautzeari buruzkoan jasotzen den gisara.

Azaldutakoagatik,

7/2001 Dekretuak, uztailaren 16koak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak Ogasun eta Herri Administrazio Sailari kontratazioaren arloan ematen dion eskumena ikusita.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Kontratazioko Aholku Batzordeak emandako txostena ikusita,

  1. – Agindu honen helburua da:

    1. Kontratazio Elektronikoko Erregistro Telematikoa sortu eta arautzea.

    2. Lizitazio elektronikorako prozedura arautzea eta hori kudeatzeko aplikazio informatikoa onartzea, P90 aplikaziokodearekin. Aplikazioaren ezaugarriak agindu honetako I. eranskinean agertzen dira.

    3. Jakinarazpen eta helbide elektronikoaren zerbitzua (P91 kodea) onartzea, eta horren erabilera arautzea euskarri informatikoaren laguntzarekin kudeatzen diren administrazio-kontratazioko lau prozeduratan. Ondokoak kudeatzea: administrazio-kontratazioko espedienteak (L29 kodea), lizitazio elektronikoa (P90 kodea), Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratisten Erregistro Ofizialean izena eman, izen-ematea aldatu edo baja ematea (K60 kodea), eta izena eman, izen-ematea aldatu edo baja ematea (K68 kodea).

  2. – Agindu honetan ezarritakoak ez du aldatzen administraziojarduketei ezargarria zaien araubide juridikoa, izapide telematikoaren berezko berezitasunetan izan ezik.

  1. – Adierazi diren prozedurak eta aplikazioak Ogasun eta Herri Administrazio Sailak erabiliko ditu, bai eta horri atxikitako HAEE-Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea eta EUSTAT-Euskal Estatistika Erakundea izeneko erakunde autonomoek ere.

  2. – Aurrekoez batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren gainontzeko sailek, horien erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko ente publikoek ere erabili ahal izango dituzte. Horretarako, beren borondatez onartu behar dute horiek erabiltzea, eta sail interesatuak eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailak elkarrekin baimena eman behar dizkie.

  1. – Baliabide telematikoak agindu honetan jasotzen diren izapideetan erabiltzeak identifikazioa eta organo eskudunak eskumen hori erabiltzeko aukera izatea bermatuko ditu eta baita ere emandako agiriak kautoak direla eta osorik eta egoera onean daudela ere, agindu honetan zein hura garatzeko den araudian ezarritakoaren arabera.

  2. – Izapide telematikoan sinadura elektroniko onartua erabiliko da.

  3. – Aurreko idatz-zatian ezarritakoari uko egin gabe, 10. artikuluan aurreikusten den aurkezpen-agiriari dagokionez, organo partehartzailearen identifikazioa ziurtagiri elektroniko batek sortutako sinadura aurreratu baten bidez egiteko aukera izango da. Ziurtagiri elektroniko hori agindu hau garatzean zehaztuko diren ezaugarriak dituen aplikazioan ezarriko da. Horrela sortu den sinadurak sinadura eransten zaien administrazio-agirien egiazkotasuna eta osotasuna bermatuko du.

  4. – Aplikazio informatikoa erabiltzerakoan, honako hauek bermatu beharko dira:

    1. Horiek erabiltzea eta horietan jasotako datu eta informazioetara jotzea baimendutako pertsonei mugatzen zaiela.

    2. Datuak eta informazioak aldatu edo galtzeari eta komunikazioak interzeptatzea prebenitzea.

    3. Prozesu informatikoak baimenik gabeko manipulazioetatik babestea.

  1. – Izapidetze telematikoa egin nahi dutenek ziurtagiri elektroniko onartua eduki beharko dute, Agindu hau aplikatzerakoan hori buruz ezartzen denari jarraituz. Onartutako ziurtagiriak, eta horien ezaugarriak, ondorengo idatz-zatian adierazten den atarian emango dira argitara.

  2. – Izapidetzeak burutzeko, interesdunak Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazio osorako den Atarian, euskadi.net delakoan, sartu beharko dira edota bertan jasotako berariazko edukira zuzenean jo www.contratacion.info helbidearen bidez.

Agindu honetan onartzen diren aplikazio informatikoek aukera eskainiko diete interesdunei eurek egin dituzten izapideak modu telematikoan kontsultatzeko. Kontsulta 4. artikuluko 2. paragrafoan adierazten den web helbidean egingo da, eta bertara jotzeko ezinbestekoa izango da sinadura elektroniko onartua izatea, dagokion ziurtagiri elektronikoan oinarritutakoa.

  1. – Teknika elektroniko, informatiko edo telematikoen bidez sortu diren agiriak izaera horretako euskarrietan gordeko dira, agiria sortu zeneko formatu berean, edo agiriok erreproduzitzeko behar den informazioaren identitatea eta osotasuna bermatzen duen beste edozein formatutan.

  2. – Agiriak gordetzeko erabiltzen diren baliabideek edo euskarriek segurtasun-neurriak izan behar dituzte, agirien osotasuna, egiazkotasuna, kalitatea, babesa, zaintza eta gordetzea bermatuko dutenak, eta, bereziki, pertsona erabiltzaileak identifikatzea eta sarreren kontrola bermatuko dutenak.

  3. – Euskarriotan gordeko diren agiriak dagokion administrazio-espedientearen parte izango dira, espedientearen parte diren gainontzeko jarduketekin batera, agiriok sortzeko erabili den euskarria, fisikoa edo telematikoa, aintzat hartu gabe.

Administrazio-espedienteak izapidetzerakoan, agiriak, idazkiak edo komunikazioak formatu elektroniko, informatiko edo telematikoan sinatuta jasotzen badira, eta, aldi berean, paperean jasotzen badira, bertsio elektroniko, informatiko edo telematikoa soilik hartuko da kontuan.

Agindu honen eremuan, Administrazioak teknika elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzen baditu, erabilera horrek antolamendu juridikoak ezartzen dituen mugak izango ditu, eta, bereziki, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan, Datu Pertsonalak Babestekoan, xedatutakoa betetzen dela bermatuko du.

  1. – Kontratazio Elektronikoko Erregistro Telematikoa sortzen da, agindu honek jasotzen dituen prozeduretan sinadura elektroniko onartuaren bidez eman edo jasotzen diren eskabide, idazki eta komunikazioak hartu eta emateko.

  2. – Arrazoi teknikoak direlaeta zerbitzua eteten bada, etetea ahalik eta aurrerapen handienarekin jakinarazi behar zaie Erregistroak izan ditzakeen erabiltzaileei. Aldiz, etetea ez balego programatuta, posiblea den guztietan, Erregistrora jotzen duenean etenda dagoela adierazten dion mezua ikusi behar du erabiltzaileak.

  1. – Interesdunak izapideak burutzen dituenean, sistemak pantailan agerraraziko ditu zein diren aurkeztu diren agiriaren datuak, nork aurkeztu duen azalduko da, Erregistro Telematikoaren barruan zein hurrenkera-zenbaki duen bai eta eguna eta ordua ere.

  2. – Berresteko mezuak aurkezpen-agiriaren balioa izango du, interesdunak inprimatu eta informatikoki artxibatu ahal izateko moduan konfiguratuko da eta erregistroaren identitatea bermatuko du.

  3. – Interesdunak ez balu berresteko mezua jasoko, edo transmisioan akatsa edo gabezia izan dela adierazten duen mezua jasoko balu, harrera burutu ez dela esan nahi du, hortaz, aurkezpena edo izapidetzea beste une batean edo beste baliabide batzuk erabilita egin behar da.

  1. – Epeak zenbatzeko orduan, idazki edo komunikazio baten aurkezpenak indarrean dagoen araudiaren arabera izango ditu eraginak.

  2. – Epea betetzat joko da transmisioa epe horren barruan hasten bada eta arrakastarekin burutzen bada.

  1. – Kontratazio-espedienteetan lizitazio elektronikoko prozedura erabili ahal izango da, horrela baimentzen badu kontratazio organoak eta administrazio-klausula berezien agirian jasota badago.

  2. – Lizitazio elektronikoa erabiltzeko aukera aldatu egin daiteke, hain zuzen ere ondokoen arabera: une bakoitzean operatibo dagoen lizitazio elektronikoaren euskarri den aplikazioaren ezaugarri tekniko eta funtzionalen, kontratazio mahaiek antolaketan duten egoeraren, sinadura elektronikoko teknikak erabiltzeak gizartean daukan zabalkundearen, eta, bereziki, hirugarrenen sinadura duten agiriak kontratazio-prozeduran aurkezteko aukeren arabera. Lizitazio elektronikorako jartzen den web orrian jakinaraziko da zein diren kontratazio-espedienteek elektronikoki lizitatu ahal izateko une bakoitzean bete behar dituzten ezaugarriak.

  3. – Kontratazio-espedientearen berariazko klausula administratiboaren pleguak jaso behar du, gainera, lizitazio elektronikoa egiteko agiriak lortu eta beharrezko izapideak egin daitezkeeneko web orriaren erreferentzia. Agiri hori Agindu honetan eta berau garatzeko xedapenetan ezarritakoaren menpe egongo da.

  1. – 4. artikuluko 1. paragrafoan jasotako ziurtagiriaz gain, lizitazio elektronikoa egin nahi duten interesdunak Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratisten Erregistro Ofizialean alta emanda egon behar dira eta indarrean dagoen ziurtagiria izan behar dute, eta Erregistroak jasota izan behar du zein den lizitatzaileak indarrean duen sailkapena.

  2. – Lizitazio elektronikoa egiten duten interesdunek ez dute Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratisten Erregistro Ofizialean inskribatuta egotearen ziurtagiririk aurkeztu behar. Ziurtagiria badagoela, indarrean dagoela eta horren edukia ofizioz egiaztatuko da aplikazio informatikoaren bidez.

  3. – Lizitazio elektronikoko prozeduraren onarpena adierazia izan behar da, eta lizitatzailearen adostasuna dakar Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratisten Erregistro Ofizialean berari buruz dauden datuak lortzeko, baina ondorio bakarrarekin, alegia, datuok lizitazio elektronikoetarako egiaztatzea.

  4. – Lizitazio elektronikoa egiten duen lizitatzaileari edozein unetan eska diezaioke organo eskudunak paperean aurkez ditzala edozein agiriren egiaztagiriak edo espedienteko administrazio-klausula berezien agirian exijitutako betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko.

  1. – Lizitazio elektronikoko prozedurak bermatuko du lizitatzaileek bidalitako eskaintzak eman eta erregistratzen direnean ezinezkoa izatea horien edukia ezagutzea, horretarako egokia den unean eta horretarako legez baimenduta dauden funtzionarioen eta agintarien aldetik izan ezik.

  2. – Ondorio horretarako, sistemak bermatuko du eskaintzak zifratuta eta zatikatuta bidaltzen zaizkiola espedientea izapidetzen duen unitateari. Kontratazio mahaiko kideek dituzten klabe publikoekin zifratuko dira eskaintzak. Klabeok lizitazio-iragarkian edo lizitatzeko gonbidapenean argitaratuko dira, dagokion espedientearen barruan. Berrosatu eta deszifratzeko, berriz, legeak exijitzen duen mahaiko kideen quorumak hartu behar du parte eskaintzak irekitzeko ekitaldian, bakoitzak bere sinadura elektroniko onartuaren ziurtagiriarekin.

  3. – Proposamenen irekiera publikoa izan behar duten kontratazio-prozeduretan, ekitaldi horretara bertaratutakoen aurrean deszifratu eta berrosatuko dira eskaintzak.

  4. – Administrazioak ahalbideratuko du, erabilgarri diren baliabide teknikoen arabera, prozeduran interesdunak direnek irekiera publikoko ekitaldiotara modu birtualean jotzeko modua izan dezaten.

  1. – Artikulu honetan adierazten diren formatuetan bidalitako agiri informatikoak soilik irakurri eta izapidetuko dira.

  2. – Onartzen diren formatuak hauek dira: .doc, .xls, .ppt, .pdf, .rtf, .sxw, .abw, .jpg, .bmp, .tiff, .zip eta .7z.

  3. – Hurrengo artikuluan aipatzen den birusen agerpenak bidalitako eskaintzen operatibitatean izan dezakeen eragina ahalik eta txikiena izan dadin, eskaintzak ondoko formatuetan bidaltzea gomendatzen da: .pdf, .rtf, .sxw, .jpg eta .tiff.

  1. – Eskaintzak birusik gabe bidali behar dira, eskaintzak irakurtzea eragotzi ez dezaten edo ezinezkoa izan ez dadin, eta lizitatzaileen erantzukizuna da horrelakorik gerta ez dadin zaintzea.

  2. – Edonola ere, eskaintza batean birusak egote hutsak ez du eskaintza baztertzea ekarriko, beti ere eskaintzaren edukira jotzeko aukera badago.

  3. – Birusek izan dezaketen eragina ahalik eta txikiena izan dadin ondoko neurriak hartuko dira:

    1. Aurreko artikuluko 3. paragrafoan jasotakoa.

    2. Lizitazio elektronikoko aplikazioak probako lizitaziorako atal bat izango du, non lizitatzaileak sistemaren fidagarritasuna eta bidaliko dituen agirietan birusik dagoen aztertu ahal izango dituen.

    3. Kontratazio mahaiak kasu bakoitzean komenigarriena den erabakia hartu ahal izan dezan eta beste lizitatzaileei kalterik ez eragitearren, lehenengo eta behin modu telematikoan bidali diren eskaintzak irekiko dira beti. Gainera, eskaintza telematiko guztiak ireki arte ez dira publiko egingo eskaintzok. Ondoren, paperean bidali diren eskaintzak irekiko dira.

Lizitazio batean modu telematikoan parte hartzeko aukera iragarri arren, kontratazio mahaiak, edo, bestela, kontratazio-organoak telematikaren bidez eskaintzak aurkezteko aukera aldi baterako eraginik gabe utzi dezake, arazo teknikoak direla eta, lizitazioa ezin denean modu honetan egin.

Honelakoetan, eta teknikaren aldetik posible balitz, egoeraren berri berariaz emango da, lizitazio elektronikoko web orrian jarriko den mezu baten bidez.

  1. – Agindu honek aipatzen dituen prozeduretan erabiliko da jakinarazpen elektronikoa, eta beti bermatuko du administrazio-egintzak jakinarazteko ezartzen dituen betekizunak betetzen direla.

    Azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 59.3. artikuluan interesdunak edo bere ordezkariak jakinarazpena errefusatzeari buruz xedatzen denaren ondorioetarako, datu-basean grabatuko da zein egun eta ordutan daukan interesdunak jakinarazpena eskuragarri dagokion helbide elektronikoan, bai eta, beharrezkoa bada, interesdunak zein egun eta ordutan jo duen jakinarazpenaren edukira ere.

  2. – Jakinarazpen elektronikoa erabili ahal izateko, beharrezkoa da interesdunak berariaz adierazi edo onartu izatea hori izan dadila jakinarazpenerako lehenesten den bidea. Hori adierazi edo onartzeko, horretarako emango zaion helbide elektroniko bat identifikatu edo onartu behar du.

    Onarpen hori orokorra izan daiteke, hau da, 1. artikuluan jasotako prozeduretako bat edo batzuetako espediente guztietarako, baina bai eta espediente zehatz baterakoa ere.

    Halaber, interesdunak, edozein unetan, onarpena atzera bota ahal izango du, jakinarazpenak ez dakizkion gehiago modu elektronikoan egin, eta hori nahi izanez gero, organo eskudunari jakinarazi behar dio.

  1. – Aurreko artikuluko 2. paragrafoan adierazten diren helbide elektronikoan egingo dira jakinarazpenak.

  2. – Prozedura gauzatutzat edo errefusatutzat joko da interesdunak onartzea edo errefusatzea modu elektronikoan sinatzen duen unean. Nolanahi ere, jakinarazpena errefusatutzat joko da baldin eta jasota badago jakinarazpen hori helbide elektronikoan hartu dela, baina hamar egun natural igaro direla jakinarazpenaren edukira jo gabe; ofizioz edo interesdunak eskatuta jakinarazpenaren edukira jotzea, teknikoki edo materialki, ezinezkoa dela frogatzen den kasuan izan ezik.

    Jakinarazpena onartu edo errefusatu aurretik bertako datuak egiaztatu ahal izan ditzan, helbide elektronikora jo ondoren, egingo den jakinarazpenaren edukiari buruzko informaziorik garrantzitsuena aurkeztuko zaio interesdunari.

  3. – Interesdunak, eta horrek berariaz baimentzen dituenek, jakinarazpenera jo ahal izateko, aurretiaz identifikatu behar dira sinadura elektroniko onartuaren ziurtagiriaren bidez.

  4. – Jakinarazpeneko sistema elektronikoak egiaztatu egingo du zein egun eta ordutan hartzen diren jakinarazpen elektronikoak interesdunari esleitu zaion helbidean, jakinarazpenera jo den edo errefusatu egin den, eta jakinarazpenera jotzea ezinezko bihurtzen duen zerbitzu-etenik gertatu den.

Interesdunak hala eskatuz gero, aplikazioek komunikazio elektroniko bat bidaliko diote interesdunak berak adierazitako posta elektronikoko helbide pribatura, bere helbide elektronikoan jakinarazpen bat duela ezagutarazteko.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

108/2004 Dekretuaren Lehenengo Xedapen Gehigarriari jarraituz, oraingo atariak dekretu horretan jasotakoarekin bat etorri arte, agindu honen 4. artikuluan aurreikusitako sarbidea www.ej-gv.es helbidetik egingo da.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko abuztuaren 16a.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELADARRAIN.

Aplikazio honek izaera sektoriala du, halere, sail guztiek erabili dezakete.

Horren ezaugarri teknikoak honako hauek dira:

Eusko Jaurlaritzak Lizitazio Elektronikorako erabiltzen duen aplikazioa J2EE teknologian eta 3 geruzetako arkitektura teknikoan oinarrituta dago, eta SSL protokoloa duen Web zerbitzari segurua, BEA Weblogic 8.1 aplikazioetarako zerbitzaria eta Oracle 8i datu-basearen zerbitzaria ditu. Guzti horiek Sun Solaris 2.8 Unix sistema eragile baten pean daude. Sarbiderako segurtasuna, LDAP protokoloa oinarria duen XLNetS, 1 bertsioa delakoak eta IZENPE, S.A. sozietatearen gako publikoaren azpiegiturak —PKI— erabiltzen duen X.509v3 (oinarri 64) ziurtagiri digitala duen sinadura elektroniko onartuak kontrolatzen dute.

Sistemarekin lotu nahi diren ordenagailu pertsonal guztiek IZENPE, S.A. erakundearen sinadurak egiaztatzeko softwarea daraman Web nabigaziorako programa bezero bat, —IZoft— konfiguratuta, eduki beharko dute. Eskaintzen bortxa-ezintasuna ziurtatzeko, "applet" sinatu bat deskargatu eta exekutatu egiten da. Delako "applet" hori SecretS_DLL.dll liburutegian oinarrituta dago eta eskaintzak zatitu, zifratu eta bidali egiten ditu eta baita horien ondorengo deszifratze eta berrosatzea ere.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.