Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2002ko abenduaren 30ekoa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, lehentasunez babes ofizialeko etxebizitzak sustatzera bideratutako lurzoru-ondare publikoak osatzeko lurzorua kostubidez eskuratzeari dagozkion lurzoruaren eta urbanizazioaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 249
  • Hurrenkera-zk.: 7435
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2002/12/30
  • Argitaratze-data: 2002/12/31

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Ekonomia

Testu legala

Abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuak, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoak, 42. artikuluan babespeko jarduntzat hartzen du, etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko gaiari dagokionez, administrazio publikoaren mendekoak izango diren lurzoru-ondare publikoak osatzeko lurzorua kostubidez eskuratzea, betiere lehentasunez babes ofizialeko etxebizitzak sustatzera bideratuta.

Halaber, 42. artikuluan ezartzen denez, jardun horren araudia etxebizitza-arloan eskumenak dituen sailburuaren aginduz garatuko da.

Une honetan, beharrezkoa da babespeko etxebizitzak eraikitzeko udalen lurzoru-ondareen inguruko jardunak sustatzea, ondare horiek eratuta sortuko den lur-erreserba zeharo mesedegarria izango baita epe ertainean egungo eskaria hobeto asetzeko eta udalerrien hirigintza-garapen ordenatua lortzeko.

Horri jarraiki eta otsailaren 12ko 40/2002 Dekretuak, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak, xedatutakoaren arabera,

Agindu honen xedea da abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuak, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoak, 42.1.e, 43.1.b eta 45.3. artikuluetan ezarritakoa garatzea. Artikulu horiek udalen lurzoru-ondareak osatzeko lurzorua kostubidez eskuratzeari buruzkoak dira, betiere lehentasunez babes ofizialeko etxebizitzak sustatzera bideratuta.

Babes ofizialeko etxebizitzak sustatzea lehentasunezko xede duen lurzoruari dagokionez, finantza daitezkeen jarduntzat joko da udalen lurzoru-ondareak osatzeko lurzorua kostubidez eskuratzea, betiere Lurzoru Ondare Publikoen ekainaren 29ko 20/1998 Legean adierazitako xedeak betetzen badira.

  1. – Aurreko artikuluan adierazitako jardun finantzagarrien onuradunak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko udalak izan daitezke, baita udaletako hirigintza-sozietateak ere, dagokion udal interesdunak baimena emanez gero.

  2. – Onuradunei diru-laguntza eta laguntza horiek emateko eta, hala egokituz gero, ordaintzeko, baldintza hau bete beharko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ematen dituen izaera bereko laguntza edo diru-laguntza publikoei dagokienez, baldin eta itzultze edo zehapen prozeduraren bat artean izapideetan badago, amaitu egin beharko da.

  1. – Jardunaren xede den lurzorua Lurzoru Ondare Publikoen ekainaren 29ko 20/1998 Legearen 14. artikuluan adierazitakoaren arabera formalizatutako erreserbako lurren mugaketan barne hartzeko modukoa eta gerora urbanizatzeko prozesuan sartzeko egokia izan beharko da.

  2. – Ondasun higiezin horiek onuradunak edozein titulu juridikoren bitartez eskuratu ahal izango ditu, baita nahitaezko desjabetze bidez ere, eta hirigintza-erregimenari eta balorazioei buruz aplikatzekoa den araudian adierazitakoa zorrotz betez tasatuko dira. Hortaz, eskuratze-kostua ezin izango da inolaz ere handiagoa izan.

  3. – Hala eta guztiz ere, onuradunak bere aldeko erosketa-aukerak baldin baditu, adierazitako mugaketa ez da izapidetu beharko.

  4. Nolanahi ere, Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritzak, bere zerbitzu teknikoen txostenaren bidez, lurzorua urbanizatzeko prozesuan sartzeko legezko aukera materiala adieraziko du. Alderdi hau egiaztatutzat joko da mugaketa horrek jatorria dagokion Lurraldearen Zatiko Planean edo babespeko etxebizitzetarako bizitegi-lurzoruaren Lurraldearen Arloko Planean jasotako zehaztapenetan duenean.

  1. – Jardunaren xede den lurzoru-erreserbaren erabilera nagusia babes ofizialeko etxebizitzen sustapena izango da.

  2. – Indarrean dagoen mugaketaren nahiz udaleko hiri-plangintzaren aldaketaren ondorio den kasuetan izan ezik (kasu horretan ezinbestekoa litzateke agindu honen 6. artikuluan aipatutako hitzarmenak egoera fisiko berrira egokitzea), ezin izango da handitu babespeko lurzoruaren guztizko azalera.

Agindu honen babespean, bi laguntza-mota hauek jaso daitezke: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak erabat edo zati batean mailegu kualifikatuak eta obra-ziurtagirien deskontuko eragiketak sorostea, eta, bestetik, zuzeneko diru-laguntzak ematea.

  1. Interes-tasen sorospena:

    1. – Eman beharreko finantzaketa lankidetza-hitzarmen baten bidez zehaztuko da. Hitzarmen hori onuradunak eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak sinatuko dute. Hitzarmen hori formalizatu ondoren, onuradunak kreditu-erakundera jo ahal izango du, finantzaketa formalizatzeko.

    2. – Onuradunek mailegu kualifikatuak eskatu ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioarekin lankidetza-hitzarmenak sinatu dituzten kreditu-erakundeetan. Mailegu horiek ondoko ezaugarriak izango dituzte:

      1. Mailegu kualifikatuaren gehienezko zenbatekoak ezin izango du gainditu babes daitekeen jardunaren aurrekontuaren guztizko kostua, proiektuaren bideragarritasun tekniko eta finantzarioari buruzko txostenean jasotakoa.

      2. Amortizaziorako aldien eta, hala badagokio, gabealdiaren arteko batura gehienez ere hamabi urtekoa izango da.

        Hipoteka-mailegua aldez aurretik mugaeguneratuko da eta jasotako laguntza guztiak eta horiei legez dagozkien interesak itzuli beharko dira mailegu-hartzaileak kostubidezko tituluaren bidez eskualdatzen badu finantzaketaren helburu den lurzorua aipatutako epe horiek amaitu baino lehen.

        Hala ere, ez da aldez aurretik mugaeguneratuko, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eskualdatzea baimendu ondoren, lurzoruaren eskuratzailea maileguan eta sorospenean subrogatzen denean, horretarako sinatutako lankidetza-hitzarmen berriaren arabera.

        Halaber, emandako mailegua aldez aurretik mugaeguneratuko da mailegu-hartzaileak, bere kabuz edo beste sustatzaileren batekin hitzartuta, egindako etxebizitzen sustapenerako beste mailegu bat lortzen duenean.

      3. Maileguek kreditu-erakunde mailegu-emaileek beharrezko irizten dituzten bermeak izango dituzte.

      4. Kreditu-erakundeekin sinatutako finantza-hitzarmenari jarraiki administrazio-baimenean zehaztutako interes-tasa berariaz mota horretarako finkatutakoa izango da. Interes-tasa hori Eusko Jaurlaritzak berariazko dekretuen bidez ezarriko du.

      5. Mailegua eskuratzeko zatiak mailegu-hartzaileak finkatutakoak izango dira eta kreditu-erakundeak igorriko ditu inbertsioaren garapenaren arabera.

      6. Kapitalaren amortizazioa eta kreditu-erakundeen interesak bilduko dituzten kuotak konstanteak izango dira eta sei hilabetean behin sortuko dira, horiek ordaintzeko era edozein delarik ere.

        1. – Sorotsitako interes-tasa, beti efektibotzat joko dena, urteko interes-tasa efektiboaren %3koa izango da maileguaren bizitzako lehen lau urteetan. Bosgarren urtetik aurrera eten egingo da sorospena.

  2. Zuzeneko diru-laguntzak:

    1. – Agindu honen babespean, onuradunak gehienez ere 2. artikuluan adierazten den aurreikusitako kostuaren %25eko diru-laguntza jaso dezake, agindu honen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera.

    2. – Diru-laguntza hauek eskuratu ahal izateko, babespeko etxebizitzen sustapena azalera-eskubidean egin behako da.

    3. – Diru-laguntzaren ezaugarriak zehazteko, sustatzaile onuradunarekin lankidetza-hitzarmena izenpetuko da; bertan, diru-laguntzaren zenbatekoa eta araudi honetan aurreikusitako alde bien berariazko konpromisoak jasoko dira.

Onuradunak lurrak erosteko aukeren titularra izan beharko du edo lurzoruaren jabetza lortzea ahalbidetuko dion beste edozein titulu eduki.

Desjabetzearen bidez eskuratzen denean, ezinbestekoa izango da udaleko alkateak udalaren lurzoru-ondarerako erreserbako lurrak mugatzeko prozedura hasteko erabakia hartu izana.

  1. – Eskaerak Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritzara zuzendu beharko dira. Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Erregistro Orokorrean aurkez daitezke edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak zehaztutako moduetakoren batean aurkeztuko dira.

  2. – Eskaerarekin batera, 7. artikuluko baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriez gain, ondokoak ere aurkeztu beharko dira:

    1. Lurzoru urbanizagarri programatu gabea edo sektorizatu gabea edo bere babes bereziaren arabera urbanizatzeko prozesuan sartzeko baztertu gabeko lurzoru urbanizaezina dela baieztatuko duen udal-ziurtagiria, betiere urbanizatu eta eraikitzeko prozesuan sartzen denean lehentasunez babespeko etxebizitzak eraikitzera zuzentzen bada.

    2. Egin nahi den babespeko jardunaren ezaugarriak jasotzen dituen txostena, agindu honen 2. artikuluan aurreikusitako irizpideen arabera banakatuta.

    3. Jardunaren bideragarritasun teknikoa eta hirigintzakoa justifikatzen duen txostena. Bertan honakoak adieraziko dira: lurzorua eskuratzeko kostuak eta urbanizatzeko balioespenarenak, eskuratze, urbanizatze eta eraikitzearen aldian aldiko programazio xehatua, babes ofizialeko etxebizitzen eta aurreikusitako lurzoruaren gainerako erabileren salmenta-prezioa eta eragiketaren finantza-garapena.

    4. Lurrak erosteko aukerak bere izenean edo lurzoruaren jabetza lortzea ahalbidetuko dion beste edozein titulu.

    5. Mugaketa-prozedura hastea erabaki eta jendaurrean jartzen duen Alkatetzaren Dekretua.

    6. Horrez gain, lurren jabetza eskuratzen duen eskatzaileak honako konpromiso hau izenpetu beharko du:

      • Lurzoru Ondare Publikoen ekainaren 29ko 20/1998 Legearen 14. artikuluan adierazitakoari jarraiki, udalaren lurzoru-ondarerako erreserbako lurrak mugatzeko proiektua behin betiko onartzea Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren eta onuradunaren arteko lankidetza-hitzarmena izenpetzen denetik hasi eta sei hilabeteko epean.

      • Udalbatzak aurreko proiektuari behin betiko onarpena emateko erabakia hartzen duenetik hasi eta hiru hilabeteko epean lurrak eskuratzen hastea.

      • Adierazitako lurrak legez ahal bezain laster sartzea urbanizatzeko prozesuan.

      • Eskuratutako lurren gaineko lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideak, Jabetza Erregistroan inskribatu beharko direnak, Euskal Autonomia Erkidegoaren edo eskubideak lagako dizkion erakunde publikoaren alde ematea, ondoren adierazitako eran:

        1. Lehentasunez erosteko eskubidea, hamar urtetan indarrean egongo dena. Eskubide hori hirurogei egun naturaleko epean erabili ahal izango da, saltzaileak aurreko paragrafoan aipatutako lehentasunez erosteko eskubidearen titularrari etxebizitza saltzeko edo ordainketan emateko erabakia, eskainitako prezioa, eskualdatzearen funtsezko baldintzak eta lurra eskuratu nahi duenaren izena, helbidea eta egoera bilduko dituen jakinarazpen frogagarria helarazten dionetik hasita.

        2. Atzera eskuratzeko eskubidea, hamar urteko epekoa, Kode Zibilaren 1.507 artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoari jarraiki, aurreko paragrafoan aurreikusitako jakinarazpena egin ez denean, bertan eskatutako edozein baldintza bete ez denean edo eskualdatzearen benetako balioa txikiagoa denean edo horren gainerako baldintzak kostu gutxiagokoak direnean.

    7. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoren bati eraikiko diren babespeko etxebizitzen sustapenak kokatuko diren lursailei dagokien azalera-eskubidea dohainik emateko konpromisoa, edo, udalak berak bere esku gordetzea azalera-eskubide hori. Lurren hirigintza-kudeaketa aurreko hori oztopatzen duen izapide batean egonez gero, sustapenak hasi aurretik emateko konpromisoa. Hala, onuradunak azalera-eskubidea gordeko du, eskubide horrek abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuak, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoak, 11.4. artikuluan adierazitako ezaugarriak dituela.

  3. – Zuzeneko diru-laguntza eskatzen bada, diru-laguntza horren gaineko berme errealaren formalizazioa aurkeztu beharko da, Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezarritako zenbatekoan, kasuetan eta moduetan. Dekretu hori Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzeari buruzkoa da.

    Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren baimena beharrezkoa izango da ezarritako bermea baliogabetzeko, betiere ezarritako programazioa eta arau honen 4, 7 eta 9. artikuluek ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete direla egiaztatu ondoren.

  4. – Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritzak antzemango balu aurkeztutako eskaeran zerbait falta dela edo gaizki adierazita dagoela, edo aurkeztu beharreko agiriren bat falta dela, eskatzaileari jakinaraziko lioke, 10 eguneko epea emango lioke arazoa konpontzeko edo falta dena aurkezteko eta adieraziko lioke, hala egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko litzateke, Ebazpena —Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritako moduan idatzi beharrekoa— eman ondoren.

  1. – Agindu honetan araututako erregimenaren bidez laguntzak eskatzen direnetik eman arte ahalik eta denbora gutxien igarotzea nahi da; hori dela-eta, espedienteak osatzen diren hurrenkeran esleituko dira, lehiaketa-sistemarik erabili gabe.

  2. – Aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren barruan eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ezin izango du gainditu dagokion esleipena edo hau eguneratzearen ondoriozkoa, indarrean dagoen legeria aplikagarriari jarraiki aurrekontu-aldaketak onartzen direnean. Hortaz, ez da laguntza berririk emango zenbateko hori agortu ondoren. Kreditua agortu izana Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren agindu bidez.

  3. – Urteko deialdian laguntza hauetarako esleitutako kreditua agortuz gero, diru-laguntzak emateari uko egingo zaio eta Agindu honek ez du baliorik izango beste laguntzarik emateko. Kasu horretan, Etxebizitza sailburuordeak administrazio-ebazpena emango du. Bertan, kreditua noiz agortu den adieraziko du. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

  4. – Hala ere, araudi honetan bildutako arautzeari jarraiki baiezkoa jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten eta baliabide ekonomikorik ez izateagatik soilik ezesten diren diru-laguntza lortzeko eskaerak hurrengo ekitaldian ebatzi ahal izango dira, betiere eskatzaileak Lurralde Ordezkaritzara idazki bat bidaltzen badu eta bertan eskaera baldintza berberetan mantentzeko asmoa adierazten badu.

  5. – Urtero, ekitaldi bakoitzeko lehen hiru hilabeteen barruan eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren agindu bidez, diru-laguntzen lerro honetara zuzendutako laguntzak finantzatzeko esleitutako kredituen zenbatekoa argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

  1. – Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritzari dagokio Agindu honetan ezarritako laguntzak kudeatzea.

  2. – Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritzak txostena egin ondoren, Etxebizitza sailburuordeak, eskaera aurkezten denetik hasi eta gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskatu diren laguntzak esleitu edo ukatzeko ebazpena emango du.

    Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuari, ebazpena jakinarazi den egunetik hasi eta hilabeteko epean.

  3. – Laguntza hauek esleitzeko ebazpenak eta ebazpen horien aldaketak Eusko Jaurlaritzako Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

  4. – Ebazpena emateko epea amaitu, eta interesdunari ez bazaio horren berri eman, laguntza-eskaera ukatu egin dela ulertu beharko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 44.1. artikuluak ezarritakoaren arabera. Hala ere, Lege horrek berariaz agintzen dio Administrazioari ebazpena eman behar duela.

  1. – Agindu honen babespean emango diren laguntzak honela ordainduko dira:

    1. Interes tasak sorostekoak:

      Laguntza hauek zuzenean ordainduko dizkio onuradunak finantzatutako mailegu-eragiketa edo banku-deskontua berarekin formalizatu duen kreditu erakundeari, finantza-erakunde mailegu-emaileek aurkeztu beharko dituzten interesen sorospenen sei hileko likidazioen bitartez, etxebizitza eta lurzoruaren arloan babes daitezkeen jardunetarako EAEn lanean diharduten finantza-erakundeekin izenpetutako finantza-hitzarmenean indarrean dagoen prozeduraren arabera.

    2. Diru-laguntzak ematekoak:

      Diru-laguntza hauek zuzenean ordainduko zaizkio onuradunari, Lurzoru eta Hirigintza zuzendariaren ebazpenen bidez, emandako laguntza osoa igorpen bakar batean ordainduz, onuradunak lurzoruaren titulartasunaz gain, agindu honen 8.2. artikuluan adierazitako lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea egiaztatzen duen erregistroaren ziurtagiria aurkeztu ondoren.

      Ordainketa horren zenbatekoa honela kalkulatuko da: aurkeztutako ziurtagirien bidez egiaztatutako gastuagatik emango den portzentajea izango da laguntza emateko kontuan hartu den aurrekontua dela-eta emandako diru-laguntzaren portzentaje bera.

  1. – Agindu honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak izango dira xede berarekin eman daitezkeen bestelako laguntzekin.

  2. – Bestelako diru-laguntzarik jasoz gero, diru-laguntza guztien zenbateko osoak ezin izango du diruz lagundutako jardunen kostua gainditu. Bestela, bidezko izapideak egin ondoren, emandako diru-laguntza dagokion kopuruan gutxituko litzateke.

  1. – Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek, betiere, ondoko betebeharrak bete beharko dituzte:

    1. Emandako laguntza onartzea. Diru-laguntza eman izana iragartzen duen jakinarazpena jasotzen duten egunetik hasi eta hilabeteko epean erakunde onuradunek artikuluetan adierazitako hitzarmena izenpetzen ez badute, diru-laguntzari uko egin diotela ulertuko da.

    2. Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.

    3. Euren funtzioen jardunean Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen duten informazioa ematea, deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzen inguruan.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza aldatzeak eta, hala badagokio, beste edozein erakunde publiko zein pribatuk emandako bestelako laguntzak aldi berean jasotzeak laguntza emateko ebazpena ere aldatzea ekar dezake berekin, baldin eta haren xedea betetzat hartzen bada. Horretarako, Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritzak aldaketa egiteko bidezko ebazpena emango du eta bertan, hala badagokio, emandako diru-laguntzen zenbatekoak doitu egingo dira.

4, 6, 7, 8 eta 9. artikuluetan adierazitako baldintzak eta eskakizunak betetzen ez badira, eta administrazio-izapideak eginda, eten egingo da emandako sorospena eta, horrez gain, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak sorospen edo diru-laguntza gisa une horretara arte ordaindutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, ordaindu zirenetik sortutako interesekin batera.

Ondorioak berdinak izango dira hasieran ezarritako programazioa Euskal Autonomia Erkidegoaren baimenik gabe aldatzen denean edo programazio hori betetzerakoan atzeratzeak (justifikatutako arrazoiak daudenean izan ezik) agindu honen 8.2.f) artikuluan lurzorua eskuratzeko eta urbanizatzeko ezarritako epeak betetzea ezinezkoa izango dela erakusten duenean.

Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka, interesatuek Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuari berraztertzeko hautazko errekurtsoa aurkez diezaiokete, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta hilabeteko epean, edota Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Agindu hau indarrean sartzen denean, indarrik gabe geratuko dira Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2002ko ekainaren 3ko Agindua, lurzoruaren eta urbanizazioaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa, eta agindu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten xedapen guztiak, horien babespean sortutako egoerei aplikatzen jarraitu ahal izatearen kaltetan izan gabe.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko abenduaren 30a.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVIN.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.