Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2000ko abenduaren 26koa, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuarena, etxebizitza erosteko finantza-neurriei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 249
  • Hurrenkera-zk.: 5921
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2000/12/26
  • Argitaratze-data: 2000/12/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Ekonomia

Testu legala

Abenduaren 26ko 306/2000 Dekretuak, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoak, 16. artikuluan jarduketa babestu gisa hartzen du, etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko gaiari dagokionez, babes ofizialeko etxebizitza edo eskuratzailearen bizileku ohiko eta iraunkor izango den beste etxebizitzaren bat erostea. Bestalde, Dekretu horretako 17. artikuluak eta ondorengoek adierazten dituzte babes daitezkeen jarduketak egiteko finantza-neurrien motak, finantziazio kualifikatuan eta zuzeneko dirulaguntzetan dautzanak.

Halaber 16. artikuluan ezartzen da jarduketa horren araudia Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren aginduz garatuko dela.

Horri jarraiki eta uztailaren 28ko 160/2000 Dekretuaren, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren egitura organikoa ezartzen duenaren, 4 artikuluak eta abenduaren 26ko 306/2000 Dekretuaren, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoaren, lehen azken xedapenak xedatutakoaren arabera,

Agindu honen xedea da abenduaren 26ko 306/2000 Dekretuaren, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoaren, 16.1.b) artikulua garatzea. Artikulu hori babes ofizialeko etxebizitzak eta erabilitako etxebizitza libreak, eskuratzailearen bizitoki ohiko eta iraunkor izatera bideratutakoak, eskuratzeari buruz ari da.

  1. – Jarduketa babestuak:

    1. Babes ofizialeko etxebizitza erostea.

    2. Erabilitako etxebizitza librea erostea.

  2. – Finantziazio kualifikatua lortzeko baldintza orokorrak:

    1. Etxebizitzaren eskuratzailea pertsona fisikoa izatea.

    2. Finantziazio kualifikatua etxebizitza bakar bat kostubidezko tituluaren bidez erosteko bakarrik lortu ahal izango da. Horretarako egiaztatu egin beharko da onuradun izan daitekeenak ez duela administrazio-erabaki bidez onartutako finantziaziorik beste etxebizitza bat erosteko.

    3. Etxebizitza eskuratzailearen bizileku ohiko eta iraunkor izango denean bakarrik emango da.

    4. Etxebizitzarik ez izateko egoerak babes ofizialeko etxebizitzaren onuradun izateko eskatzen direnak izango dira.

    5. Dagokion eskritura publikoan eskaeran edo salerosketako kontratu pribatuan emandakoekin bat ez datozen funtsezko datuak adierazten badira, onartutako finantza-neurriak baliogabetu egingo dira.

  3. – Babes ofizialeko etxebizitzetarako berariazko baldintzak.

    1. Finantziazio kualifikatua ez da hedatuko lokal komertzialetara eta artisauen lantegietara, ezta nekazari, abeltzain eta arrantzaleen etxordeetara ere.

    2. Gutxieneko eta gehienezko diru-sarrera ponderatuak babes ofizialeko etxebizitza baten onuradun izateko eskatzen diren berdinak izango dira.

      Babes ofizialeko etxebizitzen bigarren eta ondorengo transmisioetan kontuan hartu beharreko zergaldia zehazteko data eskaera aurkezten den dataren aurreko azken zergaldia izango da, Pertsona Fisikoen gaineko Zergaren aitorpena egiteko epea amaitu ondoren.

  4. – Erabilitako etxebizitza librerako berariazko baldintzak

    1. Eskaera baino lehenagoko azken 10 urteetan etxebizitza sozial edo itundutako etxebizitzaren baten esleipendun edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak etxebizitza erosteko ematen dituen laguntzen onuradun izan ez diren eskuratzaileei bakarrik emango zaie.

    2. Gutxieneko diru-sarrerek etxebizitzaren prezioaren 1/10 edo gehiagokoak izan behar dute eta gehienezko diru-sarrerek, berriz, 5.500.000 PTA (33.055,67 Euro)baino gutxiagokoak.

      Zergaldia mugatzen duen data eskaera aurkezteko data baino lehenagoko azkena izango da.

    3. Etxebizitzen eta horiei lotutako etxordeen tasazio-balioek nahiz salmenta-prezioek ezingo dituzte honako zenbateko hauek gainditu:

      • Lurralde historikoetako hiriburuetan 240.000 PTA./m.2 (1.442,43 Euro) erabilgarria.

      • Eranskinean adierazitako udalerrietan: 220.000 PTA./m.2 (1.322,23 Euro) erabilgarria.

      • Gainerako udalerrietan: 175.000 PTA./m.2 (1.051,77 Euro) erabilgarria.

      • Etxordeek: 75.000 PTA./m.2 erabilgarria.

        Tasazio-balio hori dagokion lurralde-ordezkaritzako zerbitzu teknikoek zehaztuko dute. Eskatzaileak finantza-entitateetako tasazio-zerbitzuek edo berariaz horretarako sortutako entitate espezializatuek egindako tasazio-txostena aurkeztu beharko du, martxoaren 17ko 685/1982 Errege Dekretuari, martxoaren 25eko 2/1981 Legea, hipoteka-merkatua arautzen duena, garatzen duenari, jarraiki.

    4. 308/2000 Dekretuak, ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoak, bere eranskinean jasotako bizigarritasun-baldintzak betetzen ez dituzten erabilitako etxebizitza libreetarako finantziazio kualifikatua emateari dagokionez, eskuratzaileak birgaitzeko proiektua aurkeztu beharko du, gehienez ere urtebeteko epean, salerosketaren kontratua bisatzen denetik hasita. Proiektu hori ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko ematen diren finantza-neurrien bidez babestu ahal izango da.

      Birgaitzeko proiektu hori adierazitako epean aurkezten ez bada edo bi urteko epean, kontratua bisatzen denetik hasita, obren azken egiaztagiria aurkezten ez bada, jasotako onura ekonomiko guztiak itzuli beharko dira, interes eta guzti, indarrean dagoen legezko interes-tasaren arabera.

    5. Horri dagokionez erabilitako etxebizitzatzat joko da transmititzaile gisa sustatzailea ez den pertsona duena edo sustatzailea izan arren transmisioa eraikuntza bukatu eta etenik gabe erabili dutenean bi urteko epean jabeak, gozameneko eskubide errealen titularrek edo erosteko aukerarik gabeko errentariek, betiere eskuratzailea aipatutako epe horretan etxebizitza erabili duena ez denean.

    6. Ez da onartuko hirigintzari dagokionez antolamenduaren kanpokotzat jotzen diren etxebizitzen finantziazioa, lurzoru eta hiri antolamenduari buruz indarrean dagoen legedian xedatutakoari jarraiki.

    7. Azalera erabilgarriei dagokienez:

      • Etxebizitza: ezin du izan 90 m.2 erabilgarri baino gehiagokoa. Hala ere, Birgaitze Integratuko Areetako etxebizitzak direnean zenbateko hori 120 m.2 artekoa izan liteke.

      • Trastelekuak: Trastelekuen, erabilitako etxebizitzei erantsitakoen, gehienezko azalera konputagarria horiei lotutako etxebizitzaren azaleraren %15ekoa izango da.

      • Garajeak: Garajeen, erabilitako etxebizitzei erantsitakoen, gehienezko azalera konputagarria 30 metro karratukoa izango da. Hala ere, banakako sarbide eta erabilerako garajeen kasuan berorren gehienezko azalera konputagarriak ezingo du 20 metro karratu baino gehiagokoa izan.

  1. – Maileguaren ezaugarriak

    1. Gehienezko zenbatekoa etxebizitzaren salmenta-prezioaren %80koa izango da.

      Eskatzailea beste etxebizitzaren bateko titular denean, mailegu kualifikatuaren gehienezko zenbatekoa ondoren adierazitakoa izango da, etxebizitzaren premiaren inguruko Aginduan ezarritakoari jarraiki:

      1. – Eskatutako finantza-neurrien bidez erosi nahi diren etxebizitzaren eta, hala badagokio, etxordeen prezioaren eta aurri-egoeran dagoela aitortutako etxebizitzaren tasazio-balioaren arteko kenduraren %80.

      2. – Eskatutako finantza-neurrien bidez erosi nahi diren etxebizitzaren eta, hala badagokio, etxordeen prezioaren eta desjabetzapen-espedientean adostutako balio justuaren zenbatekoaren arteko kenduraren %80.

      3. – Eskatutako finantza-neurrien bidez erosi nahi diren etxebizitzaren eta, hala badagokio, etxordeen prezioaren eta gutxieneko bizigarritasun-baldintzak betetzen ez dituen etxebizitzaren tasazio-balioaren arteko kenduraren %80.

      4. – Etxebizitzaren salmenta-prezioaren %80, banatze-prozesuaren edo dibortzioaren ostean eta eskatzaileak beste etxebizitzarik ez duenean, epai bidez familiaren etxebizitza beste ezkontideari eman zaionean bi urte baino gehiagoko aldi baterako.

      5. – Erosten diren etxebizitzaren eta, hala badagokio, etxordeen zatiaren salmenta-prezioaren %80, eskatzaileak titularkide den etxebizitzaren jabari osoa erosteko finantza-neurriak eskatzen dituenean.

      6. – Eskatutako finantza-neurrien bidez erosi nahi diren etxebizitzaren eta, hala badagokio, etxordeen prezioaren eta jada finantza-neurriak eskatzen dituenaren jabetzakoa den etxebizitzaren salmenta-prezioaren zenbatekoaren arteko kenduraren %80, eskatzailearen bizikidetzako unitateko kideren batek mugikortasun urri iraunkorra duen minusbaliatua dela egiaztatzen duenean.

    2. Amortizazio-epea 20 urtekoa izango da, aukerako gabeziako 2 urte barne.

    3. Mailegua hipoteka bidez bermatuko da eta, hala badagokio, kreditu-establezimenduek mailegariari bermeak eskatu ahal izango dizkiote.

    4. Garajeen eta trastelekuen azalera erabilgarria aintzat izango da mailegu kualifikatuaren gehienezko zenbatekoa zehazterakoan.

      Erregistroaren arabera babes ofizialeko etxebizitzari eta erabilitako etxebizitza libreari lotutako etxordeen kasuan, m.2 erabilgarriko maileguaren gehienezko zenbatekoa etxordearen salmenta-prezioaren %60koa izango da.

      Babes ofizialeko etxebizitzari lotutakoak ez diren etxordeen kasuan, berriz, mailegua etxordeen salmenta-prezioaren %30ekoa izango da.

      Ez dute finantziazio kualifikaturik jasoko garajeak edo/eta trastelekuak erosten dituztenek, eraikin, eraikuntza-unitate edo sustapen berean babes ofizialeko etxebizitza erosten ez badute.

    5. Etxebizitzak eta etxordeak erosteko maileguen zenbatekoak ezingo du inoiz izan etxebizitzaren eta etxordeen tasazio-balio errealaren %80 baino gehiagokoa, martxoaren 25eko 2/1981 Legean aurreikusitakoari dagokionez.

  2. – Subrogazioa edo mailegu zuzena

  1. – Sustatzaileari ordaindu beharreko mailegu kualifikatuaren hipoteka-kargaren subrogazioaren bidez edo zuzenean eman ahal izango zaio mailegua eskuratzaileari.

  2. – Eskuratzaileari subrogazio bidez mailegua ematen zaionean, eraikuntza amaitu ondoren dagokion salerosketa edo esleipenaren eskritura publikoaren bidez eskuratzea formalizatzen denean, eten egingo da gabezialdia eta aldi horri dagozkion interesen ordainketa.

    Eskrituraren bidez, eskuratzaileak etxebizitzaren jabetza lortuko du hipotekatik eratorritako erantzukizunekin. Data horretatik aurrera hasi beharko du hipoteka-kreditua amortizatzen. Horretarako eskrituraren berri emango zaio kreditu-establezimenduari, berorren lehen kopiaren, sustatzaileak ordainduko duenaren, bidez.

    Hipoteka Legearen 118. artikuluan xedatutakoari jarraiki, eskuratzaileak hipoteka-erantzukizun horretan ez ezik horrekin bermatutako betebehar pertsonalean ere subrogatuko dela hitzartzen bada, horretan subrogatuko da, kreditu-establezimenduak bere oniritzia ematen badu berariaz edo tazituki.

  3. – Mailegu kualifikatuak zuzenean emateko ezinbestekoa izango da ondorengo berariazko baldintzak betetzea:

    1. Salerosketaren kontratua edo esleipenaren agiria behar bezala formalizatzea, behar bezala bisatuta, etxebizitzaren eskuratzailearen eta sustatzaile/saltzailearen artean, eskritura publiko bidez.

    2. Sustatzaileak/saltzaileak etxebizitza bererako kreditu kualifikatua jaso duenean, hori eskatzaileari mailegua eman baino lehen baliogabetzea.

    3. Salerosketaren edo esleipenaren kontratua lortzetik eta babes ofizialeko etxebizitzen behin betiko kalifikaziotik 6 hilabete ez igarotzea kreditu-establezimenduan mailegu kualifikatuaren eskaeraren izapideak egin arte. Mailegu hori guztira eta gehienez ere urte bateko epean formalizatu beharko da.

  1. – Itzuli beharrik gabeko dirulaguntzaren onuradun izateko aurretiko baldintza:

    Tasazio-balioak eta salmenta-prezioak ondoko zenbatekoak baino gehiagokoak izatea:

    Lurralde historikoetako hiriburuetan: 190.000 PTA/m.2 (1.141, 92 Euro/m.2) erabilgarria.

    Eranskinean barne hartutako udalerrietan: 180.000 PTA/m.2 (1.081,82 Euro/m.2) erabilgarria.

    Gainerako udalerrietan: 160.000 PTA/m.2 (961,62 Euro/m.2) erabilgarria.

  2. – Eskatzaileak itzuli beharrik ez duen dirulaguntzaren onuradun izan daitezke, etxebizitza ez denean osorik edo zati batean inter vivos transmititzen 10 urteko epean, eskritura publikoa formalizatzen den egunetik hasita.

    Dirulaguntza horren zenbatekoa tasazio-balioaren %4koa izango da, salmenta-prezioa txikiagoa denean izan ezik, kasu horretan azken horren arabera kalkulatuko baita.

    Birgaitze Integratuko Areetako etxebizitzak direnean ehuneko hori %5era igoko da.

    Edozein kasutan, zenbateko horrek ezingo ditu gainditu ondorengo gehienezko mugak, diru-sarreren arabera:

    DIRU-SARRERAK DIRULAGUNTZAREN MUGA BIAetako ETXEBIZITZEN DIRULAGUNTZEN MUGA

    <5.500.000 (33.055,67 Euro) 500.000 (3.005,06 Euro) 600.000 (3.606, 07 Euro)

    <4.500.000 (27.045,54 Euro) 650.000 (3.906,58 Euro) 750.000 (4.507, 59 Euro)

    < 3.500.000 (21.035,42 Euro) 800.000 (4.808,10 Euro) 900.000 (5.409, 11 Euro)

    < 2.500.000 (15.025,30 Euro) 1.000.000 (6.010,12 Euro) 1.100.000 (6.611,14 Euro)

    Etxebizitza bat eskuratzeko artikulu honetan aurreikusitako laguntza jaso denean etxebizitza hori ezingo da transmititu 10 urteko epean, salerosketako eskritura publikoa formalizatzen den egunetik hasita, administrazioari laguntza legez dagokion interesarekin batera itzuli gabe. Horri dagokionez ez da transmisiotzat joko etxebizitza osoa titularkideetako bati esleitzea ezkontza-banatzeen edo dibortzioen kasuan.

  1. – Eskuratzaileei finantza-neurriak emateko espedienteari eredu ofizialaren arabera ordezkaritzan aurkeztutako eskaerarekin ekingo zaio. Eskaerarekin batera bertan adierazitako agiriak aurkeztu beharko dira. Eskaera salerosketaren eskritura publikoa formalizatu baino lehen aurkeztu beharko da.

    Edozein modutan egindako eskariaren inguruko erabakia hartzeko erakunde organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiria eskatu ahal izango da.

  2. – Eskaerarekin batera salerosketaren kontratuak edo esleipenaren agiriak aurkeztu beharko dira dagozkion lurralde-ordezkaritzak bisa ditzan.

    Lagapenaren agirietan berariaz eta nahitaezko klausula gisa adieraziko da etxebizitzaren eskuratzaileak eta bizikidetzako unitateko kideek beren gain hartzen dutela hori bizileku ohiko eta iraunkor gisa erabiltzeko eta prest dagoenetik hasita hiru hilabeteko epean bertan bizitzeko konpromisoa. Bertan bizi direla egiaztatu beharko dute udal-ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiri hori aipatutako hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko da dagokion organo eskumendunean, salerosketaren kontratua edo esleipenaren agiri bisatzeko.

    Betebehar hori ez bada betetzen Eusko Jaurlaritzari itzuli beharko zaizkio jasotako laguntza guztiak.

  3. – Ez dira izapideak egiteko onartuko interesdun berek eta etxebizitza berei dagokienean aurkeztutako bigarren edo ondorengo finantza-neurrien eskaerak.

  4. – Dagokion lurralde-ordezkariaren administrazio-erabakiaren bidez onartu edo ukatuko da finantziazio kualifikatua eta modu berean zehaztuko da emandako maileguaren gehienezko zenbatekoa.

    Eskaera aurkeztu eta hiru hilabeteko epean lurralde-ordezkaritzaren berariazko erabakirik ez bada, ez dela onartu ulertuko da.

  5. – Administratiboki onartutako finantziazio kualifikatua lortzeko, aurretiaz formalizatu beharko da eskritura publikoa. Hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin berariazko finantza-hitzarmena sinatu duten kreditu-establezimenduen bidez egingo da.

  6. – Babestutako finantziazioaren onuradun den eskuratzaileak dagokion eskritura publikoa 3 hilabeteko epean aurkeztu beharko du lurralde-ordezkaritzan, ondorengo datetatik hasita:

    • babestutako finantziazioa onartzen denetik, erabilitako etxebizitzen eta babes ofizialeko etxebizitzen bigarren edo ondorengo transmisioen kasuan.

    • behin betiko kalifikazioa ematen denetik, babes ofizialeko etxebizitzen lehen transmisioen kasuan.

  7. – Finantza neurriak emateko erabakia lankidetza-hitzarmena sinatu duten kreditu-establezimenduetakoren batean aurkeztu beharko da gehienezko 3 hilabeteko epean, aurreko idatz-zatian adierazitako datetatik hasita.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean eta indarrean sartu ondoren aurkeztutako eskaeretan izango da aplikagarri.

Vitoria-Gasteizen, 2000ko abenduaren 26an.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburua,

FRANCISCO JOSÉ ORMAZABAL ZAMAKONA.

Azalera erabilgarriko metro karratuaren gehienezko salmenta-prezioa 220.000,-PTA.koa (1.322,23 Euro) eta gutxienezko prezioa 180.000,.PTA.koa (1.081,82 Euro) duten udalerriak

ARABA BIZKAIA GIPUZKOA

Amurrio Abanto y Ciérvana- Abanto Zierbena Arrasate/Mondragón

Llodio Alonsotegi Astigarraga

Arrankudiaga Andoain

Arrigorriaga Azkoitia

Balmaseda Azpeitia

Barakaldo Beasain

Barrika Bergara

Basauri Eibar

Berango Errenteria

Bermeo Hernani

Derio Hondarribia

Durango Ibarra

Erandio Irun

Etxebarri, Anteiglesia de San Esteban- Etxebarri Donestebeko Elizatea Lasarte-Oria

Galdakao Lezo

Gernika-Lumo Oiartzun

Getxo Ordizia

Gorliz Pasaia

Igorre Tolosa

Larrabetzu Urnieta

Leioa Urretxu

Lemoiz Usurbil

Lezama Zarautz

Loiu Zumaia

Markina-Xemein Zumarraga

Mungia

Muzkiz

Orduña

Ortuella

Plentzia

Portugalete

Santurtzi

Sestao

Sondika

Sopelana

Ugao-Miraballes

Urdúliz

Valle de Trapaga-Trapagaran

Zalla

Zamudio

Zaratamo

Zeberio

Zierbena

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.