Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2000ko abenduaren 26koa, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuarena, esleipen-prozedurari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 249
  • Hurrenkera-zk.: 5920
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2000/12/26
  • Argitaratze-data: 2000/12/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Hirigintza eta etxebizita

Testu legala

Abenduaren 26ko 306/2000 Dekretuak, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoak, bere 8. artikuluan ezartzen du babes ofizialeko etxebizitza batzuk Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren aginduaren bidez garatuko den arauzko esleipen-prozeduraren bidez esleituko direla.

Horri jarraiki eta uztailaren 28ko 160/2000 Dekretuaren, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren egitura organikoa ezartzen duenaren, 4 artikuluak eta abenduaren 26ko 306/2000 Dekretuaren, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoaren, lehen azken xedapenak xedatutakoaren arabera,

Xedapen honen xedea da abenduaren 26ko 306/2000 Dekretuaren, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren inguruko finantza-neurriei buruzkoaren, 8.1 artikulua garatzea. Artikulu horrek ondoren zerrendatuko diren babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedura arautzen du.

  1. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak zuzenean sustatutakoak.

  2. Itundutako sustapeneko babes ofizialeko etxebizitzak.

  3. Sozietate publiko edo pribatuek, zuzenean nahiz zeharka aipatutako sailaren partaidetza dutenek, sustatutakoak.

  4. Laguntzak jasotzeko helburuarekin hitzarmen bidez sustatuko direnak.

  5. Gainerakoak, indarrean dagoen araudiak hala ezartzen duenean edo horretarako hitzarmena sinatu denean.

Aurreko idatz-zatian deskribatutako etxebizitzaren bat eskuratzeko interesa dutenek Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak duen etxebizitza-eskatzaileen erregistroan eman beharko dute izena.

  1. – Urtero Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak izena emateko epe bat irekiko du berariazko agindu bidez, etxebizitzaren bat eskuratu nahi dutenek eta oraindik eskatzaileen erregistroan izena eman ez dutenek beren eskaera aurkezteko aukera izan dezaten. Agindu horretan adieraziko da horretarako epea eta lekua.

  2. – Izena emateko urteroko deialdian, aldi berean, honakoak zehaztuko dira gutxienez: hurrengo ekitaldian zozketatiko diren sustapenak eta, horrenbestez, indarrean dauden eskaeren bidez eskuratu ahal izango direnak, baita etxebizitzak zein udalerritan sustatuko diren eta horien gutxi gorabeherako zenbatekoa zein izango den ere.

    Horrezaz gain, deialdi horretan Agindu honetan aurreikusitako prozeduraren laburpena hartuko da barne. Horri dagokionez, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren lurralde-ordezkaritzetako iragarki-tauletan argitaratzeak banakako jakinarazpenak ordeztuko ditu, azaroaren 25eko 30/1992 Legearen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoaren, 59.5 artikuluak aurreikusitakoari jarraiki.

  1. – Nahitaezko erreserbak

    Agindu honen 2. artikuluko kasuei dagokienez, sustapen bakoitzean esleitu beharreko etxebizitzen guztizkoaren kupo hauek erreserbatuko dira:

    1. Etxebizitza egokituen gutxieneko erreserba bat. Etxebizitza horiek hainbat motatakoak izango dira, mugikortasun urri iraunkorra duten minusbaliatuei bideratutakoak. Erreserba horren proportzioa abenduaren 4ko 20/1997 Legearen, Irisgarritasuna Sustatzekoaren, 9. artikuluak ezarritakoaren araberakoa izango da.

      Mugikortasun urri iraunkorra duten minusbaliatutzat joko dira 2000ko abenduaren 26ko Aginduan, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuarenean, etxebizitzaren premiaren inguruko egoerei buruzkoan, halakotzat deskribatutakoak.

      Erreserba horretako kideak honako baremoen arabera sailkatuko dira:

      1. – Gurpil-aulkira mugatuta daudenak.

      2. – Noraezean ibiltzeko nahitaez bi makila behar dituztenak.

      3. – Abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren, minusbaliotasunaren maila onartzeko, aitortzeko eta kalifikatzeko prozesura arautzen duenaren, 3. eranskineko d) eta f) arteko idatz-zatietan 12 puntu edo gehiago lortzen dituztenak.

        Eskatzailea aldi berean baremo horietako bat baino gehiagotan har badaiteke barne aipatutako ordenaren arabera jokatuko da.

    2. 35 urte baino gutxiagoko bizikideek osatutako unitateetara bideratutako etxebizitzen erreserba, ezarritako proportzioaren araberakoa.

    3. Beren kargura adin txikiko seme-alabak dituzten guraso bakarreko familietara bideratutako etxebizitzen erreserba, ezarritako proportzioaren araberakoa.

      Erreserba horiek ezin direnean zehaztu urteko aginduaren datan, ondoren zehaztuko dira, zozketak egin baino lehen, sailburuaren aginduaren bidez.

  2. – Nahitaezkoa ez den erreserba

    Halaber, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren zuzeneko sustapenen kasuan, sustapen bakoitzaren guztizko etxebizitza-kopuruaren %50 arte erreserbatu ahal izango da sustapenaren lurralde historikoko foru-aldundiari nahiz sustapenaren udalerriko udalari besterentzeko, arau honetan ezarritako baldintza, eskakizun eta xedeen arabera.

  3. – Aurreko zenbakietan zehaztutako erreserbetarako etxebizitzak esleitu gabe gelditzen badira eskaerarik ez dagoelako, kupo orokorrean esleitzeko etxebizitzen multzora pasako dira.

    Eskaerarik ez dagoelako esleitu gabe gelditzen diren kupo orokorreko etxebizitzak artikulu honen 1 b) eta c) idatz-zatietan adierazitako kupoetara pasako dira, kupo horietako bakoitzerako erreserbatutako etxebizitzen kopuruarekiko proportzioan.

  4. – Eskatzaileek aldi berean artikulu honetako lehenengo idatz-zatian adierazitako hainbat kupotan parte hartzeko baldintzak betetzen badituzte, horietako bakar batean hartuko dira barne, ondoren zehaztutako irizpideen arabera:

    1. Lehenik eta behin, baldintza guztiak betez gero, artikulu honetako 1a) idatz-zatian adierazitako erreserban hartuko dira barne.

    2. Aldi berean aipatutako lehen idatz-zatiko b) eta c) paragrafoetan bildutako erreserbetan barne hartzeko baldintzak betetzen badituzte, erreserbatutako etxebizitza gehien dauden kupoan hartuko dira barne, eta bi kupoetan erreserbatutako etxebizitzen kopurua berdina bada, artikulu honetako lehenengo idatz-zatiko c) paragrafoan jasotako erreserban hartuko dira barne.

  5. – 1.a) erreserbako kideen kopurua kupo horri egokitutako etxebizitzen kopurua baino handiagoa bada, ondorengo arauen arabera jokatuko da:

    • Lehentasuna artikulu honen 1.a) idatz-zatian ezarritako ordenaren araberakoa izango da.

    • Baremo bakoitzaren barruan esleipendunak zozketa bidez hautatuko dira.

  1. – Sailak zuzenean sustatutako etxebizitza sozialak eta horiei lotutako etxordeak sustapenaren lurralde historikoko foru-aldundiari edo sustapenaren kokaleku den udalerriko udalari besterendu ahal izango zaizkio, ondoren alokairu edo prekario gisa okupatzeko edo erabiltzeko, hala badagokio. Salbuespen gisa, onuradunik ez dagoela egiaztatzen denean edo antzeko egoeraren batean, behar bezala justifikatutakoetan, Finantza Plangintza eta Kudeaketarako zuzendariak besterendutako etxebizitzen ondorengo transmisioa baimendu ahal izango du.

  2. – Besterentzeko baldintzak:

    1. Etxebizitzen eta etxordeen azalera erabilgarriaren metro karratuko prezioa sustapen publikoko etxebizitza sozial eta etxordeetarako ezarritako gehienezko prezioa izango da, 2000ko abenduaren 26ko Aginduak, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuarenak, babes ofizialeko etxebizitzen gehienezko prezioak ezartzeari buruzkoak, xedatutakoari jarraiki.

    2. Prezioa eskudirutan ordainduko da eskritura publikoa egiteko unean.

    3. Besterendurako etxebizitzak erabiltzeko erregimena honakoa izango da:

      • Udalek eskuratutakoen kasuan, dagokion udalak hautatutako onuradunei alokatuko zaizkie.

      • Foru-aldundien kasuan, dagokion foru-aldundiak hautatutako onuradunei alokatuko edo prekarioan lagako zaizkie.

  3. – Besterendurako etxebizitzak honako baldintzak betetzen dituzten pertsona naturalek bete beharko dituzte:

    1. Etxebizitza eskatzen duen bizikidetzako unitatearen urteko diru-sarrera haztatua 1.500.000 PTAkoa (9.015,18 euro) edo gutxiagokoa izatea alokairuaren kasuan eta 1.000.000 PTA (6.010,12 euro) baino gutxiagokoa prekarioaren kasuan.

    2. Etxebizitza eskatzen duen bizikidetzako unitateak babes ofizialeko etxebizitza baten onuradun izateko oro har ezarritako etxebizitzaren premia izateko egoeretakoren bat egiaztatzea.

      Horiez gain, ondorengo baldintzak bete beharko dira foru-aldundiei besterendutako etxebizitzen kasuan:

    3. Gizarte-bazterketa jasaten duten taldeetako kide izatea.

    4. Gizarte-laguntzako eskumena duen foru-erakundeak ezarritako beste edozein baldintza osagarri betetzea.

  4. – Besterendutako etxebizitzen prekarioko lagapena esleipenaren oinarrian dauden baldintza pertsonal, sozial eta ekonomikoek dirauten bitartean luzatuko da.

    Edonola ere, gizarte-laguntzako eskumena duen foru-erakundeak urtero egiaztatuko ditu egoera horiek.

    Prekario izateko baldintzak amaitzen direnean, prekaristari alokairu-erregimenean esleituko zaio etxebizitza, betiere artikulu honetako 3. idatz-zatian adierazitako baldintzak betetzen badira.

  5. – Besterendutako etxebizitza sozialen onuradunak hautatzeko eta izendatzeko prozedura horiek eskuratutako udalbatzak edo foru-aldundiak dagokion araudian ezarritakoa izango da. Horrelakorik ezean eta bateragarri bada, xedapen honetan eta berori garatzen duten arauetan ezarritakoa izango da.

  6. – Udalei besterendutako etxebizitza sozialen eta horiei lotutako etxordeen azalera erabilgarriaren metro karratuko hasierako gehienezko errenta alokairu-kontratua egiteko unean indarrean dagoen salmenta-prezioaren 100 4koa izango da.

    Hasierako errenta horiek urtero eguneratuko dira abenduaren 26ko 306/2000 Dekretuan, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoan, ezarritako irizpideei jarraiki.

  7. – Besterentzeko prozedura:

    1. Udalak edo foru-aldundiak dagokion lurralde-ordezkaritzara bidali beharko du, Agindu honen 4.1 artikuluan adierazitako izena emateko epean, etxebizitzen kopuru jakin bat eskuratzeko eskaera justifikatua, dagokion akordioaren ziurtagiria lagun izango duena.

    2. Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuak, aurkeztutako eskaera eta justifikaziorako agiriak ikusita, Agindua emango du, hala badagokio, besterendu beharreko etxebizitzak, salmenta-prezioa eta besterentzeko baldintzak zehaztuz. Lurralde-ordezkari eskumendunak kontratuak edo salerosketako eskritura publikoak egiletsiko ditu.

      Udalei eta foru-aldundiei besterendutako etxebizitzen xedea bermatzeko helburu bakarrarekin, bi erakundeen artean formalizatu beharreko salerosketako eskritura publikoetan baldintza suntsitzailea ezarriko da. Baldintza hori, edozein tituluren bidez, etxebizitzak alokairuan edo prekarioan lagatzeko eskakizuna ez betetzearen ingurukoa izango da.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren aginduaren bidez esleipen-prozeduratik edo esleitzeko gutxieneko baldintzak betetzen dituztenetatik kanpo utzi ahal izango dira berariazko etxebizitza-premiak asetzera bideratutako etxebizitzak.

  1. – Eskaerak Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak edo entitate laguntzaileek eskainitako eredu ofizialean zehaztutako epean egingo dira. Horri kasuan kasu eskatutako agiriak gehituko zaizkio.

    Izena emateko epea amaitu ondoren aurkeztutako eskaerak ez dira onartuko. Eskatzaile horiek geroko deialdietan parte hartzeko interesa badute, eskaera berria egin beharko dute horretarako ezarritako epean.

    Etxebizitzak zozketa bidez esleituko dira deialdi bakoitzean ezartzen den data baino lehen erregistroan izena emandako eskatzaileen artean.

  2. – Aurkeztutako eskaerak lau deialdiko eperako izango dira baliozkoak. Lau deialdi horiek amaitu ondoren automatikoki emango zaie baja. Baja hori ez da eragozpen izango ondoren beste eskaera bat aurkeztu ahal izateko.

    Eskaera aurkeztu ondoren seme-alabaren bat izanez, legez bananduz, dibortziatuz edo heriotzaren bat izanez gero, jakinarazi egin beharko zaio Sailari eskaera hori alda dezan.

  3. – Pertsonako edo bizikidetzako unitateko eskaera bana onartuko da eta pertsona batek ezingo du bizikidetzako bi unitate edo gehiagotako kide izan aldi berean. Eskatzaile nahiz bizikidetzako unitateko kide gisa erregistroan izena emandako pertsona batek ondoren beste eskaera baten bidez bizikidetzako beste unitate batean izena eman nahi badu, azken aurkeztutako eskaeraren arabera geldituko da izena emanda erregistroan. Hori jakinarazi egingo zaio bizikidetzako hasierako unitateari.

    Abenduaren 26ko 306/2000 Dekretuak, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoak, bere 7. artikuluan xedatutakoari jarraiki, bizikidetzako unitate eskatzaileak bi ezkontideak edo kideak hartu beharko ditu barne, hurrenez hurren, senar-emazte edo izatezko bikote direnean. Eskaera egiteko unean legez bananduta dauden senar-emazteek izandako seme-alabei dagokienez, seme-alaben zaintza beregain duen ezkontidearen bizikidetzako unitatean bakarrik hartu ahal izango dira barne.

  4. – Izena emateko epe amaitu ondoren, bizikidetzako unitateen aldaketak honako kasuetan bakarrik onartuko dira:

    1. Seme-alabaren bat jaio denean, ezkontza, legezko banatze edo dibortzio berriren bat gertatu denean edo heriotzen bat izan denean. Kasu horietan dagokion aldaketa egingo da, aurrez interesdunari jakinarazi ondoren. Bizikidetzako unitate berrian sortutako egoera hartuko da aintzat dagokion eskaera onartzeko edo baztertzeko.

    2. Gainerako kasuetan, aldaketa horiek bestela bazter utziko liratekeen eskaeren onarpena ez dakartenean eta kasuan kasu esleitutako etxebizitzaren mota (logelen kopuruarengatik nahiz etxebizitza egokitzeagatik) aldatzea ez dakartenean. Aldaketak berekin dakarrenean sustapen bereko hautaketa-prozesuan parte hartuko duen beste eskaera bateko eskatzaile-titular gisa izena emandako kide berri bat barne hartzea, aldaketa hori ez da onartuko, nahiz eta aldaketarik ez eragin, ez onartzeko/baztertzeko egoeran, ez esleitu beharreko etxebizitzaren motan.

      Edonola ere, aurreko bi idatz-zatietan aurreikusitako aldaketek eragindako egoerak dagokion zozketa egin ondoren egiaztatuko dira, aldaketa eta komunikazioa edozein unetan gauzatzen delarik ere.

      Bizikidetzako unitatearen aldaketek eskaeraren alderdi guztiak aldatzea eragingo dute.

  5. – Eskatzaileek ez badituzte zuzentzen beren eskaeraren inguruko erabakia hartzeko funtsezko datuak horretarako ezarritako epean, eskaerak artxibatu egingo dira Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren aginduz.

Izena emateko epea amaitu arte aurkeztutako eskaerak aztertu ondoren, dagokion lurralde-ordezkaritzako iragarki-taulan jarriko da jendaurrean zuzenketaren bat behar duten eskaeren zerrenda. Bertan adieraziko dira osatu beharreko atalak edo gehitu beharreko agiriak. 10 laneguneko epea izango da adierazitako zuzenketak egin ahal izateko.

  1. – Izena emateko epea amaitu arte aurkeztutako eskaerak aztertu ondoren, beharrezko zuzenketak egin ondoren, administrazioaren kabuz dagozkion egiaztapenak egin ondoren eta, hala badagokio, sailburuaren aginduz esleitu beharreko sustapen bakoitzeko behin betiko erreserbak eta etxebizitzen eta etxordeen kopurua zehaztu ondoren, lurralde-ordezkariak deitutako etxebizitzen sustapen bakoitzeko onartu eta baztertutakoen zerrendak onartuko ditu.

    Zerrenda horiek dagozkien Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren lurralde-ordezkaritzetan egongo dira ikusgai hilabeteko epean. Zerrenden onarpena eta horiek jendaurrean jarriko direla dagokion lurralde historikoko hedapen handieneko egunkarian iragarriko da.

  2. – Onartu eta baztertuen zerrendek honakoak adieraziko dituzte:

    1. Eskatzaileen izena eta nortasun-agiri nazionala.

    2. Bizikidetzako unitatearen osaketa.

    3. Eskaera zein erreserba edo kupotan sailkatu den (kupo orokorrean edo Agindu honetako 5. artikuluan adierazitako kupoetan). Horrezaz gain, mugikortasun urri iraunkorra duten minusbaliatuen kupoaren kasuan, eskaera Agindu honetako 5.1.a) artikuluko zein baremotan hartu den barne adieraziko da.

    4. Baztertzeko arrazoia/k, hala badagokio.

  3. – Onartuen zerrenda prestatzeko honela jokatuko da:

    Lehenik eta behin Agindu honetako 5. artikuluko 1 a) idatz-zatian adierazitako erreserbari dagokion zerrenda egingo da. Ondoren, 5. artikuluko 1 b) eta c) idatz-zatietan adierazitzako erreserbei dagozkien zerrendak egingo dira. Eta, hirugarrenik, kupo orokorrari dagokiona. Lehenengo hiru zerrendetan dagozkien erreserbetako onuradun izateko baldintzak, artikulu horretan adierazitakoak, betetzen dituzten eskatzaileak bakarrik hartuko dira barne, agindu honetako 5. eta 6. artikuluetan adierazitako irizpideei jarraiki. Gainerako eskaerak kupo orokorrari dagokion zerrendan hartuko dira barne.

  4. – Etxebizitzak esleitzeko espedienteetan, eskaera aurkeztu eta hiru hilabeteko epean berariazko erabakirik ez bada, ezetsitzat joko da.

  5. – Zerrendak onartzeko erabakiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari hilabeteko epean, zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

  1. – Aurkeztutako errekurtsoak ebatzi ondoren eta zozketarako zenbakiak zoriz esleitu ostean, zozketa egingo da zerrenda bakoitzeko esleipendunak hautatzeko. Zozketa hori notarioaren aurrean egingo da, sustapen bakoitzeko babes ofizialeko etxebizitzen behin-behineko kalifikazioa eman ostean. Zozketako zenbakiak kasu bakoitzerako ezarritako egunean jarriko dira jendaurrean.

    Eskaerak etxebizitzak baino gehiago direnean, gainerako eskaerek sustapen bakoitzeko itxaronzerrenda osatuko dute. Itxaronzerrenda horiek sustapen bakoitzeko etxebizitza guztiak esleitu arte egongo dira indarrean.

  2. – Ondoren, dagokion lurralde-ordezkaritzak etxebizitzak esleituko dizkie hautatutakoen zerrendetako kideei. Esleipen hori zozketa bidez egingo da, familiaren osaketa programari eta etxebizitzaren azalerari egokitzen zaion kontuan izanik.

  3. – Ondoren, lurralde-ordezkariak ebazpen bidez onartuko du hautatutakoen zerrenda, zozketaren emaitzaren arabera. Zerrenda horiek dagokien lurralde-ordezkaritzako iragarki-taulan jarriko dira jendaurrean. Lurralde-ordezkariaren erabakiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren aurrean.

  1. – 8.4 artikuluan aurreikusitako egiaztapenak egin ondoren, dagokion lurralde-ordezkariak hautatutako bakoitzari jakinaraziko dio esleitu zaion etxebizitza. 15 eguneko epea emango die esleipena onartzeko beharrezko agiriak aurkezteko Sailak zuzenean sustatutako etxebizitzen kasuan edo kontratua sinatzeko, gainerako kasuetan.

    Etxebizitzak alokairu-erregimenean sustatutakoak direnean, kontratua sinatzeko 15 eguneko epea etxebizitzen behin betiko kalifikazioa ematen den egunetik hasita zenbatuko da.

    Horrezaz gain, sustatzaileari jakinaraziko zaizkio hautatutakoen zerrenda eta esleitutako etxebizitzak.

  2. – Sailak zuzenean sustatutako etxebizitzen kasuan hautatutakoei eskatuko zaie hamabost eguneko epe horretan horretarako adierazitako kontuan sartzeko Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokion zenbatekoa, jabetza edo azalera-eskubideko erregimenean esleitutakoen kasuan. Alokairu-erregimeneko esleipenen kasuan, horretarako eskatutako fidantzaren zenbatekoa eskatuko zaie.

  3. – Aipatutako epe horretan, hurrenez hurren, agiriak aurkezten ez badira edo kontratua sinatzen ez bada, esleitutako etxebizitzari uko egiten zaiola ulertuko da. Horren ostean lurralde-ordezkariak ahalmena izango du hutsik gelditu den etxebizitzarako beste esleipendun bat izendatzeko, dagokion itxaronzerrendari jarraiki.

  4. – Eskaera bera urteko deialdi bereko sustapen bat baino gehiagotan hautatu bada, 15 eguneko epea izango da eskatzaileek etxebizitza aukera dezaten. Eskatzaileak ez badu bere aukeraren berri ematen, etxebizitza guztiei uko egiten diela ulertuko da eta dagokion lurralde-ordezkariak ahalmena izango du hutsik gelditu diren etxebizitzak esleitzeko itxaronzerrenden arabera.

  5. – Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren lurralde-ordezkaritzek berriz egiaztatuko dute etxebizitzarik ez izateko baldintza betetzen dutela, esleitutako etxebizitzei behin betiko kalifikazioa eman aurretik.

    Dagokion lurralde-ordezkariaren erabakiaren bidez eraginik gabe utziko da une horretan baldintza hori betetzen ez duten edo aurretiaz betetzen ez zuten bizikidetzako unitateei egindako esleipena. Erabaki horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari.

    Aurreko idatz-zatian xedatutako ondorioetarako, esleitutako etxebizitzei dagokienez sinatutako salerosketako kontratuek nahitaez izan beharko dute baldintza suntsitzailea izango duen klausula. Hori etxebizitzarik ez izateko baldintza betetzearen ingurukoa izango da. Eskritura publikoak formalizatu baino lehen baldintza hori ez bada betetzen, sustatzaileak ahalmena izango du kontratua deuseztatzeko inolako erantzukizun eta zigorrik gabe.

  1. – Onuradunek esleitutako etxebizitza onartu eta aurreko artikuluan adierazitako zenbatekoa edo finantza sartu ondoren, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren lurralde-ordezkaritzak etxebizitza jakin baten esleipendun direla adieraziko duen administrazio-agiria luzatuko du horien izenean.

  2. – Obraren behin-behineko onarpena egin ondoren eta betiere etxebizitza horietan bizi daitekeenean, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren lurralde-ordezkaritzak esleipena formalizatuko du, eskritura publikoak emanez, jabetzako erregimenean edo azalera-eskubidean esleituz gero, edo kontratua formalizatuz, alokairuen kasuan.

  3. – Transmisioaren eraginkortasuna berariaz izango da giltzak ematen direnetik hasi eta hilabeteko epean esleitutako etxebizitzetan bizitzeko baldintza etenarazlearen menpekoa. Epe horretan zehar eta etxebizitzetan bizitzen hasi aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak babes ofizialeko etxebizitzen inguruko legeriak aurreikusten dituen neurriak eta legeek berariaz onartzen dizkioten eskubideak aplikatu ahal izango ditu.

  4. – Etxebizitzak etorkizunean bizikidetzako unitate izango diren edo kide berriak izango dituzten unitateei esleituz gero, eskatzaileek bizikidetzako nukleo iraunkorra eratzeko konpromisoa formalizatu beharko dute sei hilabeteko gehienezko epean, etxebizitza entregatzen den egunetik hasita. Sinatu beharrekoeskritura edo kontratuetan hitzartuko da berariazko baldintza etenarazle gisa hartutako konpromisoa ez betetzea.

  5. – Aurreko bi paragrafo bildutako baldintzak betetzen ez badira, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren lurralde-ordezkaritzek etxebizitza itxaronzerrendako kideen artean esleituko dute, interesdunen entzunaldiaren eta kontratuaren suntsiarazpenaren ondoren.

  6. – Esleipendunaren aldeko salerosketa ez da Jabetzaren Erregistroan jasoko aurrez adierazitako baldintza etenarazleak betetzen diren arte.

    Hala ere, interesdunak aurreneurrizko idaztoharra egin ahal izango du esleipendunaren titulua aurkeztuz. Idaztohar hori erregistro bihurtuko da baldintza etenarazlea betetzen dela egiaztatzen denean, horretarako sustapenaren entitate titularrak luzatutako ziurtagiriaren bidez.

  1. – Agindu honetan ezarritako prozedurari jarraiki etxebizitza bat esleituz gero, esleipendunei automatikoki emango zaie baja etxebizitza-eskatzaileen erregistroan. Ondorio horietarako, esleipentzat joko da kontratua sinatzea edo dagokion BEZ ordaintzea, Sailak zuzenean sustatutako etxebizitza sozialen kasuan.

  2. – Beste administrazio batzuek eskatuta jarraitutako hautaketa-prozeduretan hautatutakoei esleipendun-izaera emango zaie eta beste sustapen batzuetarako horiek etxebizitza badutela (horren esleipenaren araberako erabilera-erregimenean) ulertuko da. Nolanahi ere, ez zaie baja emango aplikazioan esleipen hori formalizatzen ez duten artean.

  3. – Halaber, eskatzaileari baja emango zaio erregistroan interesdunak hala eskatzen badu. Eskaera hori bajaren eragina izango duen pertsonak sinatu beharko du, heriotzaren kasuan izan ezik.

    ALDI BATERAKO XEDAPENAK

    Bakarra.– Agindu hau indarrean sartu baino lehenago aurkeztutako eskaerek ere, beste arrazoi batzuk direla eta bajan ez daudenek, lau deialdiko balioa izango dute. Deialdi horiek honela zenbatuko dira:

    1. 1997an aurkeztutako eskaerak 2001eko deialdia arte (azken hori barne) egongo dira indarrean.

    2. 1998an aurkeztutako eskaerak 2002ko deialdia arte (azken hori barne) egongo dira indarrean.

    3. 1999an aurkeztutako eskaerak 2003ko deialdia arte (azken hori barne) egongo dira indarrean.

    4. 2000n aurkeztutako eskaerak 2004ko deialdia arte (azken hori barne) egongo dira indarrean.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2000ko abenduaren 26a.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza

eta Ingurugiro sailburua,

FRANCISCO JOSÉ ORMAZABAL ZAMAKONA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.