Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2000ko abenduaren 26koa, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuarena, babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko finantza-premiei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 249
  • Hurrenkera-zk.: 5918
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2000/12/26
  • Argitaratze-data: 2000/12/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Hirigintza eta etxebizita; Ekonomia

Testu legala

Abenduaren 26ko 306/2000 Dekretuak, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoak, 16. artikuluan jarduketa babestu gisa hartzen du, etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko gaiari dagokionean, babes ofizialeko kalifikatutako eraikuntza berriko etxebizitzak alokairuan, salmentan edo erabilera propioan lagatzeko sustatzea. Bestalde, Dekretu horretako 17. artikuluak eta ondorengoek adierazten dituzte babes daitezkeen jarduketak egiteko finantza-neurrien motak, finantziazio kualifikatuan eta zuzeneko dirulaguntzetan dautzanak.

Halaber 16. artikuluan ezartzen da jarduketa horren araudia Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren aginduz garatuko dela.

Horri jarraiki eta uztailaren 28ko 160/2000 Dekretuaren, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren egitura organikoa ezartzen duenaren, 4 artikuluak eta abenduaren 26ko 306/2000 Dekretuaren, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoaren, lehen azken xedapenak xedatutakoaren arabera,

Agindu honen objektua da abenduaren 26ko 306/2000 Dekretuaren, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoaren, 1.a) eta 1.e) artikuluak garatzea. Artikulu horiek honako gai hauei buruz ari dira:

  • Babes ofizial bezala kalifikatutako eraikuntza berriko etxebizitzak alokairuan, salmentan edo erabilera propioan lagatzeko sustatzea.

  • Hori lurzorua berehala eraikitzeko urbanizatzea, hala badagokio, aurrez hori kostubidez eskuratzea barne, baita lurzorua kostubidez eskuratzea ere, administrazio publikoaren menpeko izango diren lurzoruaren ondare publikoak osatzeko, betiere lehentasunez babes ofizialeko etxebizitzak sustatzera bideratuta.

  1. – Mailegu kualifikatuak.

    1. Gehienezko zenbatekoa:

      1. – Etxebizitzak salmentan edo erabilera propioan lagatzeko sustatzen direnean, finantziazio kualifikatua etxebizitzen salmenta-prezioaren %80koa izango da. Etxordeei dagokienez, finantziazio kualifikatua horien salmenta-prezioaren %60koa izango da, kalifikazio-eskaeran eta, ondoren, erregistroari begira babes ofizialeko etxebizitzei lotuta daudenean. Alabaina, %30ekoa izango da kalifikazio-eskaeran etxebizitzari lotuta ez daudenean. Kasu horretan finantziazioa, gehienez ere, eraikinak, eraikuntza-unitateak edo dagokien sustapenak dituen etxebizitzen kopuruaren adina etxordeetara hedatuko da.

      2. – Alokairuan lagatzeko sustapenen kasuan finantziazio kualifikatua etxebizitzen eta etxordeen salmenta-prezioaren %100ekoa izango da.

    2. Amortizazio-epea 20 urtekoa izango da eta aukerako gabeziako 3 urte osagarri izango dira.

    3. Mailegua hipoteka bidez bermatuko da eta, hala badagokio, kreditu-establezimenduek mailegariari bermeak eskatu ahal izango dizkiote.

    4. Sustatzaileek emandako maileguaren guztizkoaren %100 eskuratu ahal izango dute inbertsioaren garapenaren eta obrak egikaritzeko erritmoaren arabera.

    5. Sustatzaileek gehienez ere 6 hilabeteko epea izango dute mailegua formalizatzeko kalifikazioa egiten denetik (aurretiaz banku-deskontua hautatu dutenean izan ezik) eta maileguaren lehen zatia gehienezko 6 hilabeteko epean eskuratu beharko dute, formalizatzen denetik hasita.

    6. Gabezialdia salerosketaren edo esleipenaren eskritura publikoa egiten den egunean edo, banakako autosustapenaren kasuetan edo alokatzera bideratutako etxebizitzen sustapenaren kasuan, behin betiko kalifikazioa ematen den egunean amaituko da.

  2. – Banku-deskontua.

    Aurreko idatz-zatietan adierazitako sustatzaileentzako maileguez gain, kreditu-establezimenduek eta babes ofizialeko etxebizitzen sustatzaileek eraikitzaileek deskonturako aurkezten dituzten obra-egiaztagiriei dagozkien banku-deskontuko eragiketak adostu ahal izango dituzte, obraren esleipendun izan diren eraikitzaileen onurarako. Baldintzak kreditu-establezimenduekin adostutako hitzarmenaren araberakoak izango dira.

    Horri dagokionez, honakoak joko dira banku-deskontuko eragiketatzat: kreditu-entitateak eraikitzaileari obra-egiaztagiri baten zenbatekoa aurreratzea bere kobrantza-eskubidea lagatzearen bidez.

    Eragiketa hori dela eta sortutako interesak sustatzaileak ordaindu beharko ditu eta ordaintzeko modua kreditu-establezimenduekin adostutako hitzarmenean finkatutakoaren araberakoa izango da.

    Deskontu-lerroaren gehienezko zenbatekoa hipoteka-maileguaren kasuan ezarritako bera izango da eta iraupena gehienez ere 3 urtekoa izango da, formalizatzen denetik hasita.

    Eraikuntza-obrak amaitzen direnean formalizatuko da sustatzailearen eta kreditu-entitatearen arteko hipoteka-mailegua. Hipoteka-mailegu horrek ere artikulu honetako 1. Idatz-zatian aipatutako baldintza eta mugak izango ditu. Alabaina, salbuespen hauek izango ditu:

    • Gehienezko epea: 23 urtekoa, deskontu-eragiketa formalizatzen den datatik hasita.

    • Gehienezko gabezia: 3 urtekoa, deskontu-eragiketa formalizatzen den datatik hasita.

    • Mailegu kualifikatuaren interes-tasa: Mailegua onartzen den unean deskontu-operazioan indarrean dagoena, deskontu-operazioan ezarritako epemugei eta aldakortasunari eutsiz.

      Deskontu-eragiketa eta sustatzailearen mailegua elkarrekin gauzatzen diren kasuan, bietan ezarritako zenbatekoen baturak, maileguan sustatzaileari egindako amortizazioak kenduta, ezingo du gainditu legez ezarritako finantziazio-zenbatekoaren gehienezkoa.

  1. – Sorotsitako interes-tasa honakoa izango da:

    1. Alokairuan lagatzeko sustapena:

      • Erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzak: %2, birgaitzearen bidezko sustapenaren kasuan izan ezik, horrelakoetan %1,5 izango baita.

      • Etxebizitza sozialak: %0.

    2. Salmentan lagatzeko sustapena: Birgaitzearen bidezko sustapenaren kasuan bakarrik: %2.

  2. – Hedatzea.

    Sorospen hori, mailegu kualifikatuen kasuan, gabezialdian nahiz amortizazioan zehar hedatuko da eta obra-egiaztagirien deskontu-lerroen kasuan indarrean dagoen aldi osoan hedatuko da, betiere etxebizitzen helmugari eusten zaion eta araudian ezarritako baldintzak betetzen diren bitartean.

    Aurreko zenbakietan ezarritako baldintzak egiaztatzen ez direnean, maileguen amortizazioa administrazioak emandako eta baimendutako interes-tasen araberakoa izango da, kasuan kasu, kreditu-establezimenduekin adostutako hitzarmenari jarraiki.

  1. – Eman daitezkeen dirulaguntzak ondokoen ingurukoak izango dira:

    1. Lurzorua eskuratzea eta urbanizatzea: etxebizitza sozialen alokairuko sustapenerako eta erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen itundutako sustapenerako, lortzeko eta erabiltzeko erregimena edozein delarik ere: kostu horien %100 arte, kontzeptu horiei dagokienean sustatzaileak egindako gastuak konpentsatzeko eta babes ofizialeko etxebizitzen gaiari dagokionean indarrean dagoen legeriak ezarritako mugen barruan. Edozein kasutan, dirulaguntza hori bateragarria izango da lehentasunez babes ofizialeko etxebizitzak sustatzera bideratutako lurzoruan egingo diren babes daitezkeen jarduketen finantziazioari buruzko autonomia- eta foru-araudian ezarritako laguntza ekonomikoekin. Alabaina, zenbatekoa murriztu egingo da araudi horren arabera emandako mailegu kualifikatuaren pareko zenbatekoaren arabera.

      Itundutako sustapenen kasuan, lurzoruari dagokion dirulaguntza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren jabetzako lurren lagapenarekin ordeztuko da, kostubidezko tituluaren arabera azalera-eskubidea eratzearen bidez, indarrean dagoen urbanizazio-araudian ezarritako baldintzei jarraiki.

    2. Laguntza teknikoa: etxebizitza sozialen alokairuko sustapenerako eta erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen sustapenerako, lortzeko eta erabiltzeko erregimena edozein delarik ere: laguntza teknikoaren gehienezko kostuaren %100 arte. Laguntza teknikotzat joko dira eraikuntza-proiektuaren eta urbanizazio-proiektuaren idazketa eta obra-zuzendaritza eta –ikuskaritza.

      Dirulaguntza hori gauzazko ekarpenekin ordeztu ahal izango da, araudian ezarritakoaren eta sinatutako hitzarmenaren arabera.

    3. Sustapen-gastuak: etxebizitza sozialen alokairuko sustapenerako, sustapenaren guztizko gastuaren %10 arte, abalen gastu, finantza-gastu eta sustapenaren inguruko gainerako gastuetarako.

    4. Alokatzeko pizgarriak:

      • Erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzak: etxebizitzak salmentara bideratu izan balira behin-behineko kalifikazioan agertu behar zukeen gehienezko salmenta-prezioaren %10 (birgaitzearen bidezko sustapenaren kasuan %15).

      • Etxebizitza sozialak: etxebizitzak salmentara bideratu izan balira behin-behineko kalifikazioan agertu behar zukeen gehienezko salmenta-prezioaren %15 (birgaitzearen bidezko sustapenaren kasuan %20).

  2. – Sustatzailearentzako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

    1. Lurzoruari dagokion dirulaguntza erregistro-ziurtagiria aurkezten denean ordainduko da. Ziurtagiri horrek sustatzaileak lurzoruaren titulartasuna duela adierazi beharko du.

    2. Sustapenaren urbanizazio-kostuari dagokion dirulaguntza, berriz, obra-egiaztagiria aurkezten denean ordainduko da.

    3. Ordainsari teknikoei dagokien dirulaguntza, aldiz, berorren kostua egiaztatzen denean ordainduko da. Horretarako dagozkion ordainsarien minutak aurkeztu beharko dira.

      Itundutako etxebizitzen kasuan Sail honetako Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzak aurretiaz onartu beharko du proiektua, deialdian eta hitzarmenean adierazitako epean.

    4. Sustapen-gastuei dagokien dirulaguntza sustatzaileak eskatu ondoren ordainduko da, gastuak justifikatu ostean betiere.

    5. Alokairuari dagokion dirulaguntza, ostera, gutxienez alokairu-kontratuen %40 bisatzeko aurkezten direnean ordainduko da, betiere aurkeztutako kontratuen kopuruaren arabera.

      Dirulaguntzen eskaera guztiak dagokion lurralde-ordezkaritzan aurkeztuko dira. Ordezkaritza horrek, dagokion txostena egin ondoren, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko Finantza Plangintza eta Kudeaketarako Zuzendaritzara bidaliko ditu bertan onar ditzaten.

  3. – Edozein kasutan, edozein dirulaguntza ordaintzeko, beharrezkoa izango da aurretiaz babes ofizialeko behin-behineko kalifikazioa lortzea.

    Promozioaren guztizko kostu balioetsiaren arabera kalkulatuko diren dirulaguntzen kopurua (alokairurako pizgarri gisa emandako dirulaguntzak alde batera utzita) proportzioan murriztuko da obraren azken kostua txikiagoa denean. Horretarako, Sailean aurkeztu beharko da sustapenaren obren zuzendari fakultatiboaren azken ziurtagiria, nahitaez adieraziko duena sustapenaren guztizko kostua.

  4. – Maileguaren guztizko zenbatekoa ez da inoiz izango sustapenaren gehienezko kostuaren eta sustatzaileari emandako dirulaguntzen arteko kendura baino handiagoa (alokairurako pizgarri gisa emandako dirulaguntzak alde batera utzita).

  1. – Zuzeneko dirulaguntzak emango diren kasu guztietan ezinbestekoa izango da hitzarmen bat sinatzea horiek zehazteko eta etxebizitzak esleitzeko prozedura Sailak ezarritakoari lotzeko, lehiaketa publiko bidez itundutako sustapenen kasuan izan ezik.

  2. – Alokairuko sustapena denean, sustatzaileak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

    1. Alokairu-kontratuek 5 urteko iraupena izango dute gutxienez.

    2. Urtero, azkeneko hiru hilekoan, txostena aurkeztu beharko du dagokion lurralde-ordezkaritzan. Txosten horretan zehaztuko da etxebizitzen egoera. Horrekin batera aurkeztu beharko da alokairu-kontratuen kopia.

  3. – Alokatzera bideratutako babes ofizialeko etxebizitzak sustatzen diren kasuan, behin-behineko kalifikazioa eman eta handik 10 urtera aldatu ahal izango da erabilera. Hala ez bada, zuzeneko dirulaguntzak eta horien interesak itzuli egin beharko dira.

  1. – Behin-behineko kalifikazioek babes ofizialeko etxebizitzen sustatzaileek mailegu kualifikatuak lortzea ahalbidetuko dute.

  2. – Zuzeneko dirulaguntzak lortzeko ezinbestekoa da horretarako eskaera aurkeztea, sustapenaren azterketa ekonomikoarekin batera eta Finantza Plangintza eta Kudeaketarako Zuzendaritzak eska ditzakeen gainerako agiriak, izan ere bera baita dirulaguntzak emateko eskuduna.

    Zuzeneko dirulaguntzen eskariek ez badute berariazko ebazpenik 3 hilabetetan, eskariak aurkeztu direnetik, ez onartutzat edukiko dira.

    Ondoren lankidetza-hitzarmena sinatuko da (lehiaketa bidez itundutako sustapenetan izan ezik). Bertan honako alderdi hauek bilduko dira:

    1. Sustapenaren titularra.

    2. Eraikinak zein lurzoruren gainean eraikiko diren. Halaber, urbanizazio-ezaugarriak eta, hala badagokio, lurzorua lagatzeko erregimena zehaztuko dira.

    3. Sustatu beharreko etxebizitzen, ekipamenduen eta urbanizazioaren ezaugarriak eta motak.

    4. Jarduketa-egutegia.

    5. Sinatzaile bakoitzak sustapenari egindako ekarpenak.

    6. Etxebizitzak erabiltzeko erregimena.

    7. Sustapena finantzatzeko neurriak.

    8. Berariaz adieraziko da etxebizitzak esleitzeko hautaketa-prozedura Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak egingo duela indarrean dagoen araudiaren arabera.

      Etxebizitzak ondoren hirugarren batek alokatzeko besterentzeko sustatzen diren kasuetan, alokairu babesturako erosteko ezarritako baldintzen arabera, hitzarmenean honako zehaztapenak egingo dira, aurrerago adierazitakoez gain:

    9. Kasu honetan f) idatz-zatian dioena bete beharrean berariaz adierazi beharko da zein izango den etxebizitzak erabiltzeko erregimena: jabetza, aldi baterakoa, alokairu babestura bideratzeko saldu arte.

    10. Alokairu babestura bideratzeko hirugarren bati saltzeko konpromisoa.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean eta indarrean sartu ondoren aurkeztutako eskaeretan izango da aplikagarri.

Vitoria-Gasteiz, 2000ko abenduaren 26a.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburua,

FRANCISCO JOSÉ ORMAZABAL ZAMAKONA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.