Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 1994ko irailaren 6koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, elizako agintariek Euskal Autonomi Elkarterako ezarri duten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako erlijio katolikoa alorraren kurrikuloa argitaratzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitateak eta Ikerketa
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 182
  • Hurrenkera-zk.: 3448
  • Xedapen-zk.: 348
  • Xedapen-data: 1994/09/06
  • Argitaratze-data: 1994/09/23

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Erregeren ekainaren 14ko 1007/1991 Dekretuz ezarri ziren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako nahitaezko irakaskuntzak; irakaskuntzok, hezkuntzako administrazioek euren lurralde eremuetarako zehaztu behar duten kurrikuloa osatuko dute. Euskal Autonomi Elkarteari dagokionez, ekainaren 21eko 213/1994 Dekretuz (abuztuaren 17ko EHAA) finkatu ziren. Dekretu horretako 9. atalaren 3. idazatian ezartzen denez, elizan eskuduntza duen agintariak jarriko du erlijio katolikoa alorraren kurrikuloa. Ondorioz, elizan eskuduntza duen agintariak erlijio katolikoaren kurrikuloa bidali ondoren eta ekainaren 21eko 213/1994 Dekretuko azken xedapenetatik lehenengoak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari ematen dion baimenaren arabera, honako hauXEDATU DUT:Atal bakarra.- Euskal Autonomi Elkarteko elizan eskuduntza duen agintariak ezarritako kurrikuloa argitaratzea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako erlijio katolikoa alorrari buruzkoa izan eta agindu honen eraskin lez azaltzen dena hain zuzen ere. AZKEN XEDAPENA Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hartuko du indarra agindu honek. Vitoria-Gasteiz, 1994ko irailak 6. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua, FERNANDO BUESA BLANCO. DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZAMAILA ERLIJIO KATOLIKOA 1. SARRERA Erlijio arloak ahalbideratzen duena, gizabizitzaren azken esanahiaren ingurura biltzen diren errealitate horien ezagupena da. Izan ere, giza jakinduriaren hesparru nabarmen bat bada, narrazioen bitartez mundu-ikuspegi orokor baten irudiak jasotzen dituena; hainbat zeinu, sinbolo eta errito edo ohikune esangarriren gordailu dena; bai sinismen aitorpenen eta bai jokabiderako arrazoien berri ematen duena; areago oraindik, gaur bertako hainbat erakunde edo instituzio eta, berdin ere, hainbat ertigintza ikusgarri barne hartzen dituena. Bizitzaren eguneroko martxan gizonak beti ere traszendentziarako joera erakusten duela onartuz, aipaturiko esparru hori berea egiten duen ezagupen arloak, zera hartzen du eginkizuntzat: norberaren nahiz guztion sakoneko galderei erlijioak bideratzen dizkien erantzun eskeintzak aurkeztea. Horretan datza arlo honen berezitasuna. Gizabizitzaren sakoneko galderak eta kezkak pertsona guztioi ezinbestean dagozkigula, inolaz ere ukatu ezingo dugun gauza da. Halaz ere, bizitzaren esanahiari buruzko azken galdekizun horiek sortzen duten kezka ez da beti berdina izaten. Dakigunez, urteak aurrera egiten duen neurrian, gero eta sakonago sentitzen ditugu. Eskolako heziketa maila eta adinen kasuan, begien bistan dago galdera eta kezka horiek duten garrantzia adinaren araberakoa dela. Ondorioz, kontu haundiz aztertu beharko ditugu ikasleengan, bai ezagupenaren eboluzio maila desberdinak, bai moralaren arloko garapenarenak ere, eta bereziki erlijiotasunaren beraren garapenaldiak. Nolanahi ere, azken esanahi baten beharra uste baino maizago azaltzen da eskolako neska-mutilen bizikizunetan, batez ere Bigarren Hezkuntza mailako ikasleengan. Hona hemen hauetako bizikizun batzu: konfidantza, beldurra, maitasuna, gaitzespena, itxaropena, adiskidetasuna, poza, errua, barkamena, oinazea, zoria, erantzunkizuna, kezka, porrot egitea, jolasa, harridura, bizitzaren sorburua edo hasiera argitu nahia, heriotza, dantza, jaia, liturgi ospakizuna, otoitza... Bestetik berriz, bada hainbat gizarte egoera, erantzukizunezko jokabidea eskatzen duena. Jokabide hori argitzeak lana ematen digu helduei eta, zer esanik ez, gizarteratzebidean aurrera doazen gazteei. Hona ikasleek ere gure inguruan eta gizarte zabalean bizi dituzketen egoerak: bortizkeria, haserrea, zuzentasuna, adiskidetzea, gerra, bakea, aurrerakuntza, etorkizuna eta, laburbilduz, gizarte osoaren bilakabide zalantzagarria: inoiz ez bezalako aukerak ematen dituen aldi berean, bai gizonarentzat eta bai inguruarentzat ere konponezinak izango liratekeen kalteak sortzen baititu. Esandakoak kontutan harturik, «Erlijio Katolikoa» izeneko arlo konfesional honen ekarpen berezia, honako hau dela esan daiteke: aipatutako giza galdera horiek kristau mezuarekin harreman bizian jartzea, mezu horren barne muina beti ere argi eta garbi adierazia beharko duelarik izan eta azken esanahi baten gisa azaldua eta eskeinia. Hezkuntza sistemaren xede gorenak gogoan izanik, zera izango litzateke Erlijio Katolikoaren irakaskuntzak duen helburu nagusia: kristautasuna ulergarri egitea eta honen ezagupen esanguratsu eta funtzionala eraikitzen laguntzea, ikasleek honela fedea eta kultura elkarrekin uztartzeko gauza izan daitezen. Aipatu berria dugun asmo nagusi hori eskolaren zereginetatik sortzen da zuzenzuzenean. Ondorioz, gizatasun osoko heziketa integralaren ikuspegitik (LOGSE 1 art.,1.a), nahiz ikasleak erlijio askatasunean hezitzeko agindua kontutan izanik (LOGSE 1 art.,1.b), zera esan daiteke: Erlijio Irakaskuntza, berez, eskolari dagokiola benetan!. Ondorioz, askatasuna bera ere barne duen eskeintza hau deneiuori zuzen dakieke, ez bakarrik kristau atxikimenduzko gaztetxo eta gazteei, baizik eta edozein ikasleri ere, eta bereziki Erlijio Katolikoaren irakaskuntza eskatuko duten gurasoen semealabei. Hezkuntza sistema barruan zer ikasi erabakitzeko orduan, hiritarren gizarte partizipazioa eta gizarte hobekuntza bideratzen duten ezagupen-arloak garrantzi berezia erakutsi dute. Euskal Autonomi Elkarteari dagokionez, agerian dago intentzio jakin batek izan duela eragina: euskal gizartearen eraikuntza integrazio sozialarekin uztartu beharrak. Aipaturiko iturburu soziologikoaren ikuspegitik, erlijio arloa kezka eta eginkizun horiei tratamendu zabala zuzenean ematen dien eremu bezala agertzen zaigu. Honekin batera, gure Herriaren eta Europa osoaren bilakabidean ere, erlijiotasuna gaur arte sustrai eta bultzagarri ukaezina izan denez gero, gure kultur ondarearen ezagupena behar bezala ziurtatzerakoan, aipagarria da erlijio arloaren eskeintzak duen garrantzia. Arlo honetan biltzen diren ezagupen, prozedura, jarrera eta balioak, Bibliaren tradizioan dute beren sorburua eta, aldi berean, eliz elkarteak mendeetan zehar gaurdaino eginik duen biblia-interpretapen bizian. Kristau fedea, bestetik, bere itxaropenaren arrazoibideak azaldu nahiean, hasiera-hasieratik saiatu da sineste horren arrazoimenezko alderdiak argitzen eta ulergarri egiten. Etengabeko gogoeta sakon honen ondorio dugun Elizaren ekoizpen teologikoa, metodo guztiz kontrolagarriez landua, hori dugu izan, erlijio arloaren iturburu epistemologikoa, batipat Bigarren Hezkuntza maialarako proposatzen diren edukinei dagokionez. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagokionean, iturri psikologikoak ikasleen garabidea kontutan izatea eskatzen du, batipat neska-mutilek «operazio konkretuen» mailatik «eragiketa formalen» mailarako iraganbidea dela hemen arrazoi. Aintzakotzat hartzekoak dira, aldi berean, gaztetxo eta gazteek adin tarte honetan pixkanaka ematen dituzten eboluziozko pausoak: norbere barruan biltzeko gaitasunaz jabetzea, eta areago oraindik, norberetasun autonomo eta libre bat lortzea, batetik interes zehatz eta sentimendu berriez hornitua eta bestetik gizartera, lanbideetara eta bizitzari esanahi betea eskeini dakiokeen erlijiotasunera irekia dagoena. Aurreko etapan, pentsamendua ezinbestean begien aurrean dagoenarekin eta egintza konkretuekin estuestu loturik bazegoen ere, oraingoan ideia eta kontzeptu orokorragoak nahiz dedukziobideak erabiltzea gero eta posibleago izango du. Guzti hori kontuan izan beharko da, Erlijio Irakaskuntzaren didaktika maila honetan bideratzeko orduan. Iturri pedagogikoak ikasketa esanguratsuen eraikuntza ziurtatu beharra eskatzen du. Erlijio irakasleek, etapa desberdinetako kurrikuloak bata bestearekin parekatzerakoan, garbi ikus dukete hauen mailaketa progresiboki eratua izan dela. Nabari zaien jarraipenezko progresioak ikastetxe eta ikasgeletarako hartu beharko diren erabakiak jasotzeko marko egoki bat osatu nahi dute. Era horretan, eta ikasleen garapen-maila desberdinak aintzakotzat hartzen dituztela, irakasleek gaztetxoen erlijio pentsamenduaren eraikuntza ziklo bietan ahalik eta egokien programatzeko beta izango dute. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzamaila honetako edukiek erlijioak berezko dituen «hizkuntza» ezagunen egitura mantentzen dute, hau da bibliarena, kultoarena,moralarena eta arrazoizko irakaspen edo dotrinarena. Etapa honetan, erlijioezagupenak argumentazioz oinarritzeko, gogoeta bidez aztertzeko eta aldagai guztiak miatzeko beharrizan eta ahalmenarekin ados legokeen sistematizazio maila apala bainan argia. «Kulturarekin elkar hizketan ari den fedea» izeneko blokeak, beste alor batzuk eskaintzen dituzten jakinbideetan fedea ere txertatzeko aukera ematen du. Multzo historikoak etapa honetan «Gizarte zientziak, Geografia eta Historia» izeneko arloan ikasiko diren hainbat gaiekin harreman estua duela, ezingo da ukatu. Edukin multzo oso batek beste erlijioei zor zaien begirunea agertu nahi luke. Arloaren ikuspegi konfesionalak ez du eragozpen izan behar, erlijiozko errealitate osoa kontutan hartu ahal izateko. Azken finean ordea, erlijiotasuna zer den ulertu ahal izango da gizabizitzari traszendentziarako joera ezagutzen zaion neurrian eta gizonaren azken galderei leku egin eta entzutea ematen zaien heinean. Horrengatik ere, ezinbestekoa zen erlijio sentikortasunaren inguruan, ezagutza, prozedura eta balio bereziak barne hartzen dituen multzo berri bat osatzea. Ondorioz, etapa hau egituratuko duten edukin blokeak honako hauek izango dira: 1. GIZAKIA MUNDUAN 2. BILA GABILTZAN HARTAZ ERLIJIOEK DIOTENA 3. MISTERIO EZKUTUAREN AGERTZEA JESUKRISTORENGAN 4. FEDEDUNEN ELKARTEA HISTORIAN ZEHAR 5. GURE JOKABIDEAK GIDATZEN DITUEN FEDEA 6. LITURGIAN OSPATZEN DEN FEDEA 7. ARGIBIDEAK EMATEN DITUEN FEDEA 8. KULTURAREKIN ELKAR HIZKETAN ARI DEN FEDEA Erlijio-arloak, bere bereak dituen edukinen tratamenduaren bitartez bere Errealitatea eta inguru fisikoa «Jainkoak egina dela» baloratzeak, hala nola ondare kulturalaren barruan dauden osakin erlijioso kontaezin guztien identifikazioak, ingurunearen zaintza eta hobekuntzan aktiboki laguntzen aportazioa bideratzen du gizarteak proposatutako gaitasun jakin horiek lortuak izan ahal daitezen. Era horretan arlo honek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren helburu orokorrei ekarpen espezifikoa egiten die. Pertsonaren Biziari -Jainkoaren dohain bezala azalduzerlijioakematen dion oinarriketa, hala nola pertsonari kristau mezuak ematen dion balioa, erabat lagungarri gertatzen dira nork bere nortasuna aintzat hartuz oso-osorik garatzeko eta norberak bere buruaren irudi baikorrago eta zehatzago bat eraiki ahal izateko. Justizia, elkartasun eta bakeari buruzko kristau jarrerak sustatzeak, besteekiko harreman orekatu eta konstruktiboak ezarri beharra dakarte, lagun urkoa maitasunez onartzeko bideak irekiz eta diskriminazio mota guztiak gaitzetsiz. Gizona, mundua eta historiari buruz kristautasunak duen ulerkera aztertzeak, bide ematen du epai eta irizpide pertsonalak izateko eta autonomiaz eta ekimenez aritzeko, norbere iritziekin bat ez datozenekin ere elkarrizketa bideak irekiz. Errealitateak eta inguruneak begirunea eta miresmena merezi duten sorkuntza lez duten baloreak, eta kultur ondarearengan erlijio inguruko gorabeherek duten eraginak, ingurunea zaintzea eta hobetzea dakarte, era berean kultur ondarea onartzeko eta apreziatzeko bideak eskeintzen dituela. Bibliaren ulermenerako irizpideen ezagupen zehatz eta funtzionala, ahozko eta idatzizko mezuak jabetasunez interpretatzea eta ekoiztea eskatzen duen helburu ezagun baten mailako eginkizun bat da. Azkenik, kristau mezuaren funtsezko edukien sintesi edo laburbilduma egoki bat lortzeak, gure gizartearen ordenamenduan tipifikaturik dagoen erlijio askatasuna erantzunkizunez betetzeko behar diren arrazoizko oinarriak eskaintzen ditu. 2. HELBURU OROKORRAK Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza mailan Erlijio Katolikoaren irakaskuntzak ikasleei ondorengo gaitasun hauek garatzen laguntzea izango du helburu: 1. Entzuten jakitea, pertsonen nahiz gertakizunen aurrean adi egotea eta norberaren edo besteen bizikizunen sakonaz konturatu ahal izateko, isiltasuna aintzat hartzea. Aldi berean, azken esanahiari buruzko giza galdekizunei leku egitea. 2. Munduari, gizabizitzari eta historiari buruz kristau fedeak, beste erlijioek baita ideologia garrantzitsuenek ere eskeintzen dituzten ikuspegiak aztertzea eta elkarrengandik bereiztea. Horrekin batera, hauetako ulerkera bakoitzak aldietan zehar gaur arte izan duen eragina balioztatzea, kristau ikuspegiaren bereizgarriak izendatzea eta egiazko elkarrizketaren giroan arrazoibide horiek aditzera emateko gauza izatea. 3. Historian zehar, gizakion elkarbizitzarako guztiz garrantzitsuak diren arloetan erlijioek bideratu izan dituzten ekarpenak kontutan hartzea. (adibidez: norberatasunaren eraikuntza, gizabidezko portabidearen argiketa, gaitzaren eta oinazearen gainditzea, gizartearen elkartasuna, izaerak orokorrean duen esanahiaren agerkundea,gizakontrakoak diren egoera guztien aurkako jarrera eta ekintza...) Bide batez erlijioak aintzat hartzea, Jainkoaren guztion salbamenerako asmoak eraginak direlako, eta nahi salbagarri honen burutzapena Jesukristo bera denez, kristau fedea preziatzea, kristautasunaren egintzak eta mugapenak gogoan izanik. 4. Kristau mezuaren barne muinaz jabetzea, mezu honen eduki nagusiak Jesukristoren bizitza, heriotza eta biztueratik antolatuz. Aldi berean, salbamen kondairako gai eta gertakizun nagusienak barne dituen ikuspegi orokor laburbiltzailea ziurtatzea, Idazteuna eliz fedearen liburua denez preziatzea eta irakurtzerakoan Bibliari dagozkion ulerkeraprintzipiooinarrizkoenak erabiltzea. 5. Eliza unibertsalak hasieratik gaur arte izan dituen une eta bilakaera garrantzitsuenak ezagutzea, eta horrela bere eliz kontzientzia, eginkizuna eta izatea aurkitzea. Horrekin batera, Elizak Euskal Herrian urratutako bidea ezagutzea, Eliza honek garai bakoitzean egindakoak balioztatzea eta gaur bertan ere hemen duen eraginkortasuna eta jarduna aztertzea. 6. Elizaren izanaz (ez bakarrik izenaz!) jabetzea, Jainkoaren guztionganako maitasunaren ezaugarri baita eta gizadi osoaren elkartasun eragile; honekin batera bere egintzamaila oinarrizkoenak aztertzea: fedearen testigantza, itxaropenaren ospakizuna eta guztionganako, batez ere behartsuenganako, maitasuna. Aldi berean, Eliza etengabe biziberritzeko beharra duen elkarte gisa ulertzea, Jainko Erreinuaren ernamuin eta kimu delarik ere, «Erresuma berriaren» irrikan bizi baita eta honen burutzapenaren itxaropenean. 7. Eskuko zaigunaz haruntzako errealitatearekin ditugun harremanak adierazten dituzten sentipenak, sinesmenak eta erabakiak azaltzen jakitea, bakarka bezala elkartean ere. Berdin ere, eliz liturgiaren ospakizunmaila eta sakramentuen eraginkortasuna behar bezala ezagutu eta aintzakotzat hartzea, eta egiazko erlijiotasunak gizaldietan zehar izan dituen adierazpen era desberdinak norbereganatzen jakitea. 8. Norbere buruaren jabe izanez jardun, norberetasunaren alderdi onak eta mugapenak ezagutzea eta onartzea, eta nortasun librea eta orekatua, egiazko harremanak izateko gai dena, lortzen ahalegintzea. Horregatik ere, kristautasunak giza duintasuna eta norberaren balio ordezka ezina oinarritzerakoan ematen dituen arrazoiak estimatzea. 9. Pertsona eta talde desberdinekin harremanak izatea, kristau jatorriko motibazioak elkarren arteko lan eta ekintzen bultzagile bihurtuz, eta areago oraindik, elkarlaguntzaren, istiluazterketa zuzenaren eta adiskidetzerako joeraren eragile. Aldi berean, kristau mezuak elkarbizitza zuzenbidean, tolerantzian, solidaritzan eta pakean moldatzeko bidera ditzazkeen ekarpen bereziak aintzakotzat hartzea. 10. Kristaulegezko diren jokamoldeei bide ematen dieten motibazioak eta inguruan sumatzen diren beste balio eta jokamoldeak elkarrekin konparatu, eta norbanakoarenak nahiz gizartearenak diren egoera eta gertaerei buruz iritzi pentsatuak ematea. Honen jarraipenean, aske eta erantzukizunez erabakiak hartzea eta erabakitakoaren arabera jokatzea. 11. Euskal gizartean gehien bizi diren kezkak behar bezala jasoaz, giza duintasuna biztu nahiz babestu beharraren aurrean (pertsonen eta herrien hazkuntza indartu beharraren aurrean), sentibera izatea. Honekin batera, kristau mezuak gizonaren nondik norakoaz diona kontutan harturik, bizitzeko denon eskubidea ekintza bidez errespetatzea, bizia hondatzera daraman oro arbuiatzea eta giza eskubideen gauzatze betea bultzatzea. 12. Norberarengan gizadiari eta izadi osoari buruzko estimazioa sortzea, hortarako mundu, historia eta gizakia osatzen dituen ikuspegi kristaua lagungarri dela. Aldi berean, zientzien autonomia errespetatu, eta den guztiaren egiaz galde egiterakoan, zientzien esanak erlijioaren ikuspegiekin uztartzeko gai izatea. 13. Ingurunea errespetatzea, baita ondare kulturala, artistikoa eta erlijiosoa ere, eta gizakiaren atsegina, hazkuntza eta garapenerako iturri gisa aintzakotzat hartzea. Honen jarraipenean, ondare hori guztia gorde eta aberasteko erantzukizuna belaunaldi gisa beren gain hartzea, hortarako gidari delarik kristautasunak natura eta kulturari deritzana. 3. EDUKINAK 1. MULTZOA: GIZAKIA MUNDUAN A) Edukin kontzeptualak 1. Gizabidearen hainbat ikuspegi eta egitasmo aldietan zehar - Aintzinateko humanismo klasikoa, Errenazimendu aldikoa, Ilustrazio garaiko giza irudia, Erromantizismoak moldatutako giza modeloa, gizabideak azken aldietan izan dituen ulerkera berriak: marxismoarena, existentziaren pentsalariena, hutsa eta esanahirik ezaren aldarrikatzaileena, postmoderniarena...; gure nondik norakoa ulergarri egiteko orduan, gizabanakoaren interesa edo gizartearena edota zoriaren indar erabakiorra ardatz nagusi hartzen dituzten ikuspegiak... 2. Gizaki guztiok ezinbestean ditugun kezkak - Hil beharrak bizitzari egiten dion galdera, bakoitzaren askatasuna, giza duintasuna, norberatasuna, zorion egarria, egiazko beharrak eta hain beharrezko ez direnak, bizitzako ziurtasunak eta ilunak, erantzun betea jasotzen ez dituzten galderak, gizabatasun betearen bidean gizonezkoa eta emakumezkoa elkarren osagai izatea, kulturaz natura moldatu beharra, traszendentziarakojoera gero eta haruntzagokoa, bizitzaren zentzu edo esanahi betearen itxaropena... 3. «Giza neurriko bizikultura» baten ezaugarriak - Elkar ulertzea eta arrazoimenezko konponbideak bilatzea helburu hartzen duen kultura - Liskarbideak alde batera uzten eta gatazkak gainditzen dakien kultura - Bizijakinduriaren kultura 4. Kristau fedearen eta azken esanahi bat eskatzen duten hainbat esperientzi eta galdekizunen arteko harremanak - Biziaren sorburua, gizabizitza egitasmo jator baten hildotik eraman beharra, bakoitza egiazki nor den erabaki beharra, osasunaren ederra eta iheskortasuna, bizitzan gertatzen diren ezbeharrak, heriotzaren itzala, itxaropenaren ausardia, maitasunaren geroa, bizipoza, gainetik kendu ezinezko errua, erantzukizunaren seriotasuna, konfidantzarik gabe ezin bizi izana, frakaso mingarria, biziaren betea dastatu nahia, jaia eta festa... - Gogorkeriaren nagusitasuna, haserreak galdutako elkarbizitzaren garraztasuna, zuzenbidea gizartebizitzaren oinarri, etsai direnen adiskidetzea, bakea, aurrerabideak, gizartearen etorkizun baliobikoa: batetik inoiz ez izandako erreztasunak dituena, bestetik berriz ezinbestekoak omen diren giza kostu haundiak... B) Prozedurazko edukinak 1. Jakingarriak biltzeko - Inguruan sumatzen diren arazoei buruz berriak zuzenean bildu, hortarako bizitza ongi ezagutzen duten eta eskura dauzkagun gizonemakumeekin elkar hizketa eginez. Berri emaile izan zakizkiguke besteren artean: etxekoandrea, edadeko pertsona, bertako apaiza, gizabidea helburu duten hainbat erakundeetako laguntzaileak, etab. 2. Bildutakoa lantzeko - Ezinbestean ajola zaizkigun kezkak azaltzen dituzten literatur testu garrantzizkoak aztertu. - Giza bizitzaren ahalak eta ezinak agerian jartzen dituzten hainbat ederlan soseguz hausnartu (adib.: Oteizaren apostoluak, Picassoren Gernika, Rodinek egindako pentsalaria, etab.) - Biziegoeraz jabetzeko eta bai gure egokiera, hutsune edo geroko utzita dauzkagun arazo horiek argi ikusteko, sakonera barneratu. 3. Landutakoak aditzera emateko - Azalpen modu desberdinak erabiliaz, giza arazo kezkagarrien berri eman: idatziz, argazkiak eginez, margotuz, otsgrabazio magnetikoa erabiliz, filmak argituz, etab. C) Jarrerazko edukinak 1. Estimagarriaz konturatzeko - Hausnar arazteko ariketen bidez, bihotz barruan bilduz eta adiadi egoteko gaitasuna indartuz, isiltasunaren mesedea eta elkarri entzutearen ongia ezagutzeko bidean jarri. - Barru barrutik igotzen zaizkigun susmur isilak edota inguruko egoeretatik etortzen zaizkigun garrasi otsak entzun, gure erantzuna jaso eta gure erantzukizuna astindu nahi duten deialdiak baitira. 2. Estimagarri dena balioztatzeko - Giza neurriko bizikultura eta elkarbizitza benetakoa gogoko izan. - Biziaz nahiz elkarbizitzaz pozteko eta aldaezinak bere horretan onartzeko edo gisaz eramateko aldietan zehar eskeini zaizkigun irakaspenak gogoz jaso eta ezagutzen saiatu. - Elkar hizketa estimatu, giza harreman modu gorena denez eta egiazko erlijiotasunaren maila berekoa. 3. Baliozko dena norbereganatzeko - Bizitzan sortzen zaizkigun kezka horiei aurre egiteko kemena izan, arinkerietara ihes egin gabe eta pentsatzeko nekeari eutsiz. - Neurria gogoko izan eta bizibide duina eramaten jakin, egiazkoak diren beharkizunak betetzen saiatuz. 2. MULTZOA: BILA GABILTZAN HARTAZ ERLIJIOEK DIOTENA A) Edukin kontzeptualak 1.Erlijio nagusienen barne muinezko esperientzia (indar izkutu batena, jainkotasunarena, aita bihotza duen norbaitena...) - Hinduismoa eta Budismoa. - Islam, Vatikano II.k estimazioz aipatu duen erlijio hori. - Judutar erlijioa, estuestu lotuta baitago honekin Itun Berriko herria. - Taoismoa, Txina aldeko erlijioak eta hauek agertzen dituzten berezitasunak. - Erlijioen sortzaile izan direnen bizibideak, hauen esperientzia garrantzitsuenak; erlijio bakoitzaren sorrerabaldintzak,bai lekuko eta bai aldikoak; erlijio bakoitzak dituen liburu sakratuak; munduaz haruntzakoa nolabait ere ulergarri egiteko erlijio bakoitzak ematen dituen argibideak; erlijio horiek aldietan zehar izan duten eragina eta gaurregun duten zabalkundea... 2. Erlijioek historian zehar bete dituzten eginkizun guztiz beharrezkoak gizabiderako nahiz elkarbizitzarako - Gizabanakoaren nahiz gizartearen nortasuna eraikitzerakoan; jardunbideak argitzerakoan; nekez eraman daitezkeen gaitzak eta oinazeak modu baikorrean gainditzen laguntzerakoan; gizartea elkartasunean biltzerakoan; errealitearen sakoneko ikuspen orobateratzaile eta zentzuzkoa sortzerakoan; gizaneurriko ez diren hainbat gertaera eta antolamenduen aurka protesta bizia egiterakoan... 3. Erlijiotasuna, hain gizamailako den portaera berezi hori - Sagaratuaren esparrua, «misterioa» edo beste era batera esateko: errealitatearen azken egia izkutua; misterioaren bitartekotasunak; erlijio jarreraren egitura, adierazpenak, egintzak; erlijiotasun mota desberdinak; Erlijioak eta sektak. - Erlijio kontzeptua, erlijioaren sorrerari eta eginkizunei buruzko iritziak; erlijioaren eta erlijioen egiaren arazoa zertan dagoen. - Erlijioak jasan duen kritika; erlijioa, moderniaren erasoak berak ezabatu ezin izan duen fenomeno iraunkorra; erlijioaren bidea gaurreguneko gizarte ezberdinetan. 4. Euskal Herriko aintzinako erlijioaren aztarnak eta hortatik tradiziozko mundu-ikuspegi herrikoiak orain gutxi arte jaso duena; euskal gizabidearen oinarri izan den sentimendua (Barandiaranek aipatu zuen «besteren baitako izatea»), eta kristautasunak uste honi eman dion eusgarria. B) Prozedurazko edukinak 1. Jakingarriak biltzeko - Erlijio nagusiei buruzko iritzi sendoak osatu ahal izateko, datu fidagarriak bildu. - Inguruan ditugun erlijioen, beste kristau elizen (konfesioen) edo antzeko taldeen berriak jaso: otoitz lekuak ere badituzten talde islamiarrak badira gure artean, berdin ere eliza ebanjelikoaren elkarteak, Europako ekialdetik etorritako famili ortodoxoak, etab. 2. Bildutakoa lantzeko - Erlijio nagusien sorrera ulergarri egiten duten historia mailako arrazoiak eta gizarte prozesubideak aztertu. - Erlijio bakoitzaren osagarri berezkoak izendatu eta erlijio desberdinen arteko berezitasunak erakutsi. 3. Landutakoak aditzera emateko - Mapak edo bestelako adierazbide grafikoak erabiliz, erlijioek gaur duten zabalkundea erakutsi. C) Jarrerazko edukinak 1. Estimagarriaz konturatzeko - Beste erlijioek ere gizonari buruz zer esaten duten jakin nahi izan: gure nondik norakoaz, bizibetearen irrika biziaz, gaitza dugun galdekizun ilun horretaz,azken etorkizunaz, etab. - Inguruan ditugun beste erlijiotako pertsona eta familiak kontutan hartu: guregana etortzeko izan dituzten arrazoiak ezagutu, gure artean dauzkaten lege eta lan arazoetaz jabetu, beraiena duten bizi antolamendua errespetatu, otoitz eta elkartze lekuak non dituzten jakin, etab. 2. Estimagarri dena balioztatzeko - Erlijioek bete dituzten gizartemailako eginkizunak (oraindik orain ere betetzen dituztela kontutan harturik) balio haundikoak direla ezagutu: Norberaren nahiz gizartearen nortasuna eraiki ahal izateko mezuak eskura jarri, jardunbidea erabakitzeko argibideak eman, estutasunak gainditzen lagundu, gizartea batasunean biltzeko deia zabaldu, izadi eta gizadi osoaren ikuspegi zentzuzkoa agertu, zuzentasunik gabeko egoerak gizaneurriko egiteko bultzadak eman... - Erlijio nagusiak sortu dituzten fundatzaileak estimatu, guztiz gorena izan baita haien esperientzia, gizatasuna eta jakinduria. - Vatikano II.k («Nostra aetate» izeneko agirian) azaldutakoari jarraituz eta erlijioen arteko ekumenismo berriak eraginda, kristautasunaren barne muinetik beste erlijio guztiak gogoz preziatu. (Erlijioen arteko «ekumenismo berria» delakoak zera adierazi nahi du bereziki: erlijio ordezkariek azken denboran elkarrekin egindako otoitzak sortu duen errespetuzko eta elkar estimaziozko giroa Jainkoa onartzen duten guztien artean.) 3. Baliozko dena norbereganatzeko - Bestelakoei, norberaren erlijio edo bizikulturakoak ez direlako egiten zaizkien diskriminazio eta gutxiespenak inolaz ere ez onartu eta iritzi okerrak zuzentzen saiatu. - Beste kristau elizetakoei, nahiz beste erlijiotako edota bestelako taldeetakoei, abegi ona egin, denok denokin bat egiten gaituen gogoa, batzuk besteengandik urrutiratzen gaituena baino indartsuago eta baliotsuago dela adieraziz. 3. MULTZOA: MISTERIO EZKUTUAREN AGERTZEA JESUKRISTORENGAN A) Edukin kontzeptualak 1.Agerkunde edo Errebelazioaren inguruko ezagupen oinarrizkoak - Errebelazioa, Jainkoaren beretiko adierazpena eta emaitza denez, historian zeharreko gertakizunetan agertua eta Jesukristorengan burutua. Agerkundea, apostoluen predikuaren bidez «tradizio» bihurtua, guztioi adierazia, eskeinia eta emana: Idazteuna, tradizio honen egiazko gauzatzea. - Jainkoaren Hitza, artzaiekin batera elkartea osatzen duten sinestun guztiei emana. ElizIrakaslegoaren eginkizuna, Jainkoaren Hitza entzun eta haren esana zuzen aztertzearen eta gaurkotzearen zerbitzutan. - Errebelazioaren gaia landu ahal izateko abiaburuak: eguneroko bizikizunen sakonetik argiketa edo agerkunderik nondik etorriko zaion adi dagoen gizona; sinismena eta arrazoimenaren arteko elkarkidetza, ulermenaren bidea bilatzen duen fedea, fedearen bila abiatzen den arrazionaltasuna; eliza, errebelazioaren gordailu aldietan zehar; Idazteunaren inspirazioa eta egia, idazteunen esanahi edo «zentzu» ezberdinak, bi Testamentu edo Itunen arteko batasuna. 2. Itun Zaharra - Gertakizunak: Israelgo erlijio esperientziaren unerik nagusienak (hasiera hasierako patriarkak edo lehengurasoak, irteera edo exodoa, Canaango lurraldeaz jabetzea, erregeen aldia, erbestaldian garbitutako sinismena, profeten eragina, itzulera eta diaspora, geroaren itxaropen eskatologikoa...) - Literatur ikuspegiak: Literatur jenero edo mota nagusienak (narratiba, historia, profeten esanak eta igarpenak, jakinduriazko literatura, kultoarena eta otoitzarena, moralarena eta zuzenbidearena...) Eskutan dugun Biblia testuaren idazleek erabili omen zituzten idazkiak edo «iturriak»: Yabetarra (Y), Elohimdarra (E), Apaizena (P)... 3. Itun Berria - Gertakizunak: Jesusen garaia, gainean zen Jainko Erreinuaren irrika biziak jotako aldi berezia; Jesusen erlijio esperientzia eta esperientzi honen zabalkuntza bere garaikideei; Jesusen nekaldia eta heriotza, bere jardunak hartu zuen bidearen jarraipenean; Jesusen heriotza ondoren bere ikasleek izandako esperientzia; Bazkoaldiko Elkartea eta gizatalde honek handik aurrera izan zuen garapena. - Literatur ikuspegiak: Itun Berriko idazki nagusienak, bildumak, literatur jenero edo motak: ebanjelioak, gutunak, parabolak, nekaldi kontakizunak, bazkoaldiko kontakizunak, haurtzaroko kontakizunak, irakaspenak, eztabaidak, hitzaldiak... 4. Bibliaren nondik norakoa ulertu ahal izateko oinarrizkoak diren gaiak - Jainkoa eta bere agerkundea. Jainkoa, munduaren sortzaile eta egilea. Munduaren egi izkutua, Jainkoak egina denez; kreazio berria; elkarrekin adiskidetze orokor eta behin betirakoa, espero dugun izadi eta gizadiaren azken burutzapena. - Kristau itxaropenaren barne muina den Jesusen heriotza eta piztuera: gertakizun salbagarri honen ulerbideak, Itun Berriak gertakizun honi eskeintzen dizkion ulerkera desberdinak, gizaldietan zehar gaur arte emanak izan diren argibideak. Elizaren fedea, Jesus bera dugula «Kristo» (guztion salbamenaren egile eta ekarle egiazkoa eta bakarra) aldarrikatzen duen Elizaren fedea. - Salbamena aldarrikatzen edo otsegiten duen elkartea: Jainkoaren Herri, Eliza... B) Prozedurazko edukinak 1. Jakingarriak biltzeko - Beti ere mezu edo agerkunde fidagarririk nondik etorriko zai gaudela dioten agiriak jaso. Eguneroko hizketak eta pasadizoak nahikoak ez balira, literatur arlora jo edo artegintzara edota hainbat idazki biografikoetara. 2. Bildutakoa lantzeko - Itun Zaharreko eta Berriko testuak aztertzeko orduan, hermeneutikaren (hau da, Biblia nola ulertu gai duen jakintzaren) arloan ezagunak diren hainbat irizpide oinarrizko erabili: literatur jenero desberdinen intentzioak bereiztu, tradizioen historiaz jabetu, testu bakoitzaren sorrera baldintzatu duen kultur giroa nahiz eliz egoera izendatu, etab. - Lekuan lekuko curriculum egitasmoak aurrera eramateko bizigarri eta bultzagile izan daitezkeen Biblia testu edo pasarteak aztertu eta denon artean eztabaidatu. - Idazki osoak ere (Jonasen liburua, Filemoni egindako gutuna eta antzekoak), nahiz gairen bati tratamendu betea ematen dioten pasarte luzetxoak (Bazko kontakizunak, Jesusen haurtzaroko kontakizunak, etab.) irakurri eta hauen mezuak gaurkotu. 3. Landutakoak aditzera emateko - Biblian garrantzizko diren gaiei buruz laburbilduma diakronikoak osatu eta galdekizun horiei aldietan zehar eman zaizkien erantzunak balioztatu. Horrelako gaiak izan daitezke: munduaren sorrera, gizadiari egindako agintzaria, herri bati eskeinitako ituna, askapena eta exodoa, gizonezkoa eta emakumezkoa Idazteunean, Jainkoaren erreinua, mesias edo salbamen ekarlea, heriotzaren ezinbestekoa ere gainditu nahi lukeen itxaropena, etab. C) Jarrerazko edukinak 1. Estimagarriaz konturatzeko - Idazteunaren balioaz jabetu, giza esperientzia indartsuenak biltzen dituelako eta esanahi haundiko hitzen eta irudien bidez maixukiro aditzera ematen dituelako. 2. Estimagarri dena balioztatzeko - Idazteuneko testuak ulertu nahiean belaunaldiz belaunaldi egin den lana preziatu, izan ere, etengabeko ariketa hau dela medio Biblia inoiz idatzi den libururik aztertuena izatera heldu baita. - Bibliako kontakizunek zuzentzen dizkiguten deialdiei abegi ona egin, hain gizatiar diren kontaera horietan geuren bideak eta biografiak ispilaturik ikusteko eskeintza egiten baitzaigu. - Geuron bizibiderako kide eta lagun suertatu zaizkigun Bibliako hainbat pasarte, gai edo testu laburrei estimazioa erakutsi. 3. Baliozko dena norbereganatzeko - Agerkundeari, Jainkoaren beretiko azalpen eta emaitza denez, erantzun ematera prestatu: bizitzari zailtasunak barne direlarik ere- uste onez eta itxaropentsu aurre egiten diogularik, eskerronezko jarrera indartuz, otoitzean gure barneko egia adieraziz, etab. 4. MULTZOA: FEDEDUNEN ELKARTEA HISTORIAN ZEHAR A) Edukin kontzeptualak 1. Gertakizun, aldi eta aldaketa nagusiak, gizaldietan zehar Elizak egindako bidean - Elizaren sorrera Aintzinateko munduan, Elizaren zabaltzea erromatar inperioaren garaian, Elizaren ekarpena Europako gizarte eraikuntza mailan, Mendebaldeko monakotza, erlijioso elkarte edo ordena nagusiak... - Biziberritze eta erreformabidean etengabe ari den Eliza, Elizan izandako gatazkak, eztabaidak, desbideraketak, heresiak, zismak, mendebaldeko kristautasunaren zatikaketa XVI. mendean, Trentoko Kontzilioa, erreforma katolikoa, Elizaren misio zabalkundea garai hartako mundu berrian... - Eliza Ilustrazioaren garaian, Eliza eta iraultza burges eta marxistak, I. eta II. Vatikanoa, Eliza Mundu Gerrate bietan eta Gerra Hotzaren garaian, Elizaren hitza eta egintza Iparra nagusi eta Hegoa morroi bihurtzen dituen gatazka zabalean, Eliza Ekialde eta Mendebaldearen arteko tiranduran, Eliza hirugarren milaurtekoaren atarian... 2. Elizaren bidea Euskal Herrian - Aintzinateko erlijiotasunaren ondarrak, erromatar kulturaren etorrera, kristautasunaren sarrera, Erdi Aroko eliza eta Trentoko kontzilioaren ondorengoa: erreforma katolikoa, misiolariak, santu eta idazleak... - Eliza integrismoaren eta foruen garaian, Eliza eta Euskal naziotasunaren garapena gaur arte, Eliza industri gizarteak eta industri ondokoak sorrarazi dituzten kuestio sozialen aurrean (II Errepublika, Guda Zibila, frankismoaren garaia, Demokrazi aldia, Europear Batasuna...) - Euskal gizartearen lorpen eta ezinak bere egiten dituen gure egunotako Eliza, Elizak gaurregun gizartean hartzen duen lekua; Eliza, hizkuntza eta kultura ezberdineko gizarteak sortzen dituen egokiera eta eztabaiden artean, Eliza sozioekonomia mailako nahiz politika mailako galdera larri eta eginkizunei aurre eginez, Euskal Herriko elizbarrutien egitasmoak eta egintzak, Elizbarrutien arteko elkarlana kristau fedetik gizartearen zerbitzutan jardu nahirik... 3. Elizaren historiatik hartutako gizonemakume eredugarrien egintzak edota bestelako gertakari garrantzitsuak, kristau elkartearen izana eta eginkizuna garbi azaltzen dutenak edo lagungarri izan zaizkigukeenak, gure egunotako arazoak ulertzeko edo gainditzeko. - adib.: Lehen Elizaren indar ebanjelizatzailea, san Agustin eta giza bihotzaren urduritasuna, san Benitoren tradizioak gaur arte zaindutako programa: «otoitz egin eta lanari ekin», Loiolako san Inazioren eragina erreforma katolikoaren bidea urratzeko orduan, izpiritubide edo izpiritualitatea eta mistika, industri aroko gizartegiroa eta kristau izpirituzko langilemugimenduak, Teilhard de Chardinek eskeinitako historigarapenaren ikuspegia izadi eta gizadiaren adiskidetasun betearen bidean, Vaticano II.k garaiko aldien zeinuak ulertu nahirik egin zuen lana, erabakiak eskuetan dauzkan «lehen mundutik» kanpo gelditzen diren hainbat lurraldeetan kristautasunak agertzen duen askapenerako indarra... 4. Kristau elkartearen historiak agertzen duena: Elizaren nortasuna eta eginkizunak - Kristau elkartea Testamentu Berriko idazkietan: «Jainkoaren Eliza», «Kristoren Gorputza», «Jainkoaren eta Espiritu Santuaren jauretxe»; Maria, «Elizaren Ama» eta Elizaren eredu, Elizaren «misteriozko» izaera, Eliza «Jainkoaren Herri», gizatalde mugatua denez «artalde txiki» bainan aldi berean «batasunaren, salbamenaren eta itxaropenaren ernamuin» (Vatikano II, Elizari buruzko Konstituzioa) gizadi osoarentzat. - Elizaren oinarrizko eginkizunak: fedearen aldarrikapena testigantzaren bidez («martiría»),Jainkoaren egintza salbagarrien ospakizun itxaropentsua («leiturgía») eta guztionganako, batez ere behartsuenenganako, maitasuna («diakonía»). - Elizaren antolakuntza: Apostoluen taldea Pedroren inguruan bildua, apostoluen ministeritzaren historian zeharreko jarraipena Gotzainen taldean Aita Santua batutzaile eta buru delarik, apaiz eta diakonoen ministeritza, laikoak edo sekularrak eta hauen zeregina munduaren «santutze» edo gizatarkuntzan. - Santutasunerako bokazio edo dei unibertsala Elizan, ebanjelioko onbidea bizitzerakoan erlijioelkarteek aditzera ematen duten egiagarritasuna, Eliza Jainko Erreinuaren ernamuin eta kimu bainan aldi berean Erresuma berria noiz burutuko den irrikaz zai bizi den elkartea. B) Prozedurazko edukinak 1. Jakingarriak biltzeko - Elizaren historiako pertsonak, gertakariak edo garrantzi haundiko uneak beren horietan ulertzeko beharrezkoak liratekeen datuak bildu. 2. Bildutakoa lantzeko - Biografiaren bat, egintzaren bat edo elizgertakariren bat bideratzen edo sortzen lagundu duten arrazoiak eta motibazioak izendatu eta izan dituzten ondorioak aditzera eman. 3. Landutakoak aditzera emateko - Elizaren historiatik hartutako biografiak edo gaiak adierazpide desberdinen bitartez birbiztu, gelakoen aurrean antzeztu, eztabaida emankorren nondik norakoan argitu, ahoz nahiz idatziz txukun deskribatu.. C) Jarrerazko edukinak 1. Estimagarriaz konturatzeko - Gizarte multzo bat ere den Eliza honek historian zehar utzitako arrastoa ezagutu nahia azaldu, kontutan hartzekoa baita bi mila urteko ibilaldi luzea egina duela, kultur erabat desberdinak bidelagun izan dituelarik. 2. Estimagarri dena balioztatzeko - Mendelbaldeko nahiz Euskal Herriko gizartea, politika eta kultura egituratzeko bidean Elizak izan duen eskua eta gizabiderako eragin altxatzailea onartu. - Ebanjelioak sortutako itxaropenez eguneroko bizitza nola moldatu serio asko saiatzen diren gizonemakumeak (lehengoak ahaztu gabe!) preziatu, «zintzoen eta pekatarien elkarte» den Elizako kide direla jakinik. 3. Baliozko dena norbereganatzeko - Gizabidea dutela helburu, gaur bertan Elizaren bizi indarra agerian jartzen duten kristau egitasmo eta ekimenetan parte hartzera prestatu. 5. MULTZOA: GURE JOKABIDEAK GIDATZEN DITUEN FEDEA A) Edukin kontzeptualak 1. Jesukristo, kristau moralaren oinarri »Kristoren jarraipena», kristauaren jardunbidea laburbiltzen duen egitasmoa. 2. Kristau antropologiaren funtsezko arazoak pertsonaren kristau ikuspegia, askatasuna, bekatua eta Jainkoaren beretiko emaitza (dohain hutsezkoa!), bihotzberrikuntza, bizitzaren osoa biltzen duen oinarrizko aukeraketa... - Hiritar etika, legeak eta kristau morala: elkarrekin dituzten harremanak, elkarrengandik bereizten dituzten ikuspegiak. 3. Pertsonaren Morala: gai nagusiak eta gaurreguneko arazoak - Bizitzari, eta honen sorrera eta amaierari dagozkionak (ad.: norberatasuna eta besteenganako harremanak, heziketa, formazioa, gizatasun osoaren lantzea, bioetika, gizamailako ugalketaren kontrolbideak, eutanasia...) - Pertsonen arteko harremanei, maitasunari eta sexualitateari dagozkionak (ad.: egiatasuna hitzetan nahiz komunikabideetan, giza harreman sakonenak erantzukizunez nola landu, dilemak, sexu jokabide bestelakoak, maitasunaren benetako egia...) - Jabetzari dagozkionak (ad.: norberak berea gizartearekiko erantzukizunez erabili beharra, norberaren jabetza pribatua eta ondasun guztien xedaketa orokorra, zergak...) 4. Gizarte Morala: gai garrantzitsuenak - Kristau fedea eta demokrazia Bakoitzarenak eta gizartearenak diren eskubideak, kristau fedea eta politikazko aukera ezberdinak, Eliza eta Estatuaren arteko harremanak moldatzeko irizpideak... - Kristau fedea eta ekonomiaren antolakuntza Elkarkidetasuna makroekonomian, ondasunen eta bizitzako aukeren banaketa zuzena, etika ekonomikoa, guztion ongia eta berau errespetatu eta lortu beharra, lanaren banatzea (ad.: langabeziak jotako egoerak, ekonomiazko beherakadak sortzen dituzten galdekizunak, migrazio mugimenduak...) - Kristau fedea eta nazioen arteko antolamendua Nazioarteko gerrak eta bakea, nazioen arteko elkarkidetasuna bai ekonomia eta bai politika mailan (ad.: makroproduzioaren kontrola, nazioen arteko zuzenbidea...) 5. Kristau fedea eta Euskal Herriaren eraikuntza - Eraikuntzabidea aurrera bultzatzen duen gizarte dinamikarekin zerikusia duten kristau ikuspegiak (ad.: euskal nortasuna eta elkarkidetasuna, gizartezko adostasuna bideratzeko baldintzak, jarrera baketzailea eta demokraziazko elkarbizitza, justiziazko harremanen ezarketa, banakako nahiz taldeko giza eskubideen indartzea, pobrezia eta bide bazterrean gelditutakoak...) 6. Norberaren bizitzan eta gizarte mailan erantzukizunez jarduteko argibide diren kristau eredu argiak (ad.: Martin Luther King, Maximilian Kolbe, Kalkutako Teresa, l'abbé Pierre, Taizeko Roger, Inazio Ellacuria...) B) Prozedurazko edukinak 1. Jakingarriak biltzeko - Eguneroko bizitzako hainbat galdera eta kezkari buruz jakingarriak bildu (ad.: gaztediak agertzen dituen arazoak, sexualitatea, kontsumoa, etorkizun beltza ikusten dutenen kezkak, kaleko nahiz gizarteko gogorkeria, etab.) - Euskal gizartearen proiektu zabala tajutzeko orduan egiten diren proposamen ezberdinei buruz informazio fidagarria bilatu. - Etika mailan aipagarriak diren pertsonen eta ekimenen inguruko berriak bilatu. 2. Bildutakoa lantzeko - Jasotako informazioa zehazki aztertu inolako errazkerietan erori gabe. - Norberaren bidean eta gizartearen elkarbizitzan sortzen diren dilema moralak eztabaidatzeko orduan, kristau motibazio eta ikuspegiak erabiltzen jakin. 3. Landutakoak aditzera emateko - Kristau jokabidearen arau, printzipio edo ereduak aurrean ditugularik, norbere irizpide edo jardueraren arrazoiak agertu. C) Jarrerazko edukinak 1. Estimagarriaz konturatzeko - Gaztediaren eguneroko martxa eta gizartearen elkarbizitza iluntzen dituzten galdekizunak sentitu. - Benetako gizatasunagatik eta guztion ongiaren zerbitzutan bizitzeagatik aipagarri gertatu diren pertsona eta biografien berriak gogoz hartu. 2. Estimagarri dena balioztatzeko - »Aztertuz, erabakiz eta eginez» ematen diren pausoak estimatu, etika eta moralaren ikuspegitik zuzen jokatzeko bidea osatzen dutelako. - Galdekizunak argitzea helburu duten eztabaidatan, parte hartzeko gaitasuna eta gogoa erakutsi. 3. Baliozko dena norbereganatzeko - Bakoitzaren egi apurrak areagotzen dituen benetako elkarrizketan, edozein motatako indarkeriaz hustuta, parte hartu. - Denon arteko elkarrizketan ezarriak izan diren gelarako nahiz talderako arauak direla bide, elkarkidetasun zuzenaren poza zer den jakin. - Norberaren nahiz gizartearen gatazkak lantzeko eta gainditzeko kristau motibazio egiazkoek ematen duten laguntza estimatzen jakin. - Guztion ongia errespetatzeko eta indartzeko eginkizuna gogoz onartu eta horrela gizartearekiko eta inguruarekiko estimua azaldu. 6. MULTZOA: LITURGIAN OSPATZEN DEN FEDEA A) Edukin kontzeptualak 1. Norberaren otoitza eta eliz elkartearen otoitza - Otoitzak suposatzen dituen gaitasun batzu (Bizikizunak adierazteko eta besteei agertzeko gauza izan, isiltasunean adi egoteko gai izan, etab), otoitz egiteko bideak: Bibliako esaldiak erabiliz, olerki eta kontakizunetaz baliatuz, sentimenduak abesten indartuz, adierazpide ezagunak (gorputzezkoa, plastikoa, irudizkoa, musikazkoa...) landuz. - Elizaren liturgiazko elkarte otoitza. 2. Igandea eta liturgi urtea - Igandea, Jaun berpiztua gurekin dugula ospatzen duen eguna, kristau jaietan nagusiena. Liturgi urtea, salbamen kondairaren oroimen osoa. Liturgi aldi bakoitzak duen esanahia. Liturgi urtearen barne antolakuntza. 3. Sakramentuak, Kristoren egintza bera eta Elizaren egi izkutua sinboloen eskutik hurbiltzen eta aurkezten dizkiguten zeinuak - Eliza, «sakramentu miresgarri» eta beste zazpien sortzaile, Bazko gertaeratik jaioa eta kristau biltzarraren elkartasunean gauzatzen dena. - Sakramentuen artean Bataioak eta Eukaristiak duten garrantzia. Sakramentuek Bazko misterioarekin duten lotura eta giza bizitzako une nagusiekin nahiz erabaki guztiz sakonekin duten zerikusia. 4. Sakramentuen garrantzia ulertzeko ikuspegiak: - Adierazpen mailan (gizabizitza ordezkatzen duten sinboloak); - Birgogoratze mailan (oroimenezko «anamnesis» delakoan, hain zuzen ere) salbamenezko egintza berritu egiten zaigu, garai batean gertaturikoak «gaur» bertan ere erakusten du bere indar salbagarria); - Moral mailan (giza jardunak sakramentuen eraginez hartzen duen bultzada eta norabidea); - Balio profetikoaren mailan (sakramentu bakoitzean gauzatzen zaiguna, bere betea gero izango duen salbamenaren aurrerapen bat bait dugu) 5. Kristau kultoa - Liturgia, eliz dinamikaren eginkizun nagusietako bat. Sinismena hitzez eta egitez aldarrikatzearekin («martiría» edo testigantzarekin) liturgiak duen harremana; fedea gizaneurriko mundu baten bila lana egitearekin (hau da, «diakonía» izeneko mailarekin) liturgiak duen lotura. Liturgiako zeinuen egitura. - Liturgiaren gizamailako garrantzia (iraganean gertatutakoaren gogoratze, gaurkoratze eta, aldi berean, etorkizunean burutuko denaren aurrerapen eta agintzari denez); Liturgiaren teologi mailako balioa (salbamenezko gertakizuna bera, oroimena eginez ospatzen dena). B) Prozedurazko edukinak 1. Jakingarriak biltzeko - Ikerketa egin, hartutako sakramentuak (Bataioa, Jaunartzea, Sendotza) noiz eta non hartuak izan ziren jakiteko, noren eskutik, zenolako famili eta gizarte giroan, etab. - Ospakizunetan (ezkontzak direla, bataioak edo bestelakoak) gogoz parte hartu eta sakramentuetako ekintza bereziak, egileak, zeinuak eta hitzak deskribatu. 2. Bildutakoa lantzeko - Liturgikizunen bihotz eta muin diren ohikunetako testuok arretaz aztertu, sakramentu bakoitzean ospatzen denaz garbi jabetzeko. - Sakramentu bakoitzeko zeinu eta sinboloak zer adierazten duten zehazki argitu. 3. Landutakoa aditzera emateko - Sakramentu bakoitzak pertsonari egiten dion zentzu eskeintza agertu. (Kontutan hartu zein diren sakramentuen ekarpenak, bizi aldi ezberdinak gizalegez betetzeko edo norbere biografiaren gidari diren erabakiak indartzeko) - Gure bizikizunak zaizkigula abiapuntu (egoerak, unkitu gaitzakeen hainbat gertakizun, etab.) Jainko esaten diogun guztiz fidagarri den Horrekiko harremana azaltzen duten adierazpenak (konfidantzakoak, esker onekoak, eskaerak...) landu, agerbide ezberdinak erabiliz: hitza, idazketa, margolaritza, musika, etab. - Liturgi urtearen barne antolakuntza eta esanahia (salbamen historiaren oroitzapena) ulergarri egiten dituen laburbildumak osatu. C) Jarrerazko edukinak 1. Estimagarriaz konturatzeko - Barruko bakea eta elkarlaguntzarako indar eragilea Jainkoarekiko harreman bizian aurkitu duten hainbat pertsona estimagarrien esperientzia isilak, jakin minez ezagutzeko nahia agertu. - Elizaren liturgian gogoratzen den misterio izkutura hurbiltzen gaituzten lekuak, sinboloak, ohikuneak eta gainontzeko elkarte ospakizunak begirunez kontutan hartu. 2. Estimagarri dena balioztatzeko - Sakramentuak estimatu, egintza sinbolikoen bidez norberaren bizibideko ordu garrantzitsuei edo une erabakiorrei zentzurik eskeintzen dietelako. - Igandea eta Liturgi Urtea aintzakotzat hartu, fedearen ospakizun baititugu baita itxaropenaren bultzagile ere, norberatasuna elkarbizitza zuzenarekin batera eraikitzeko ahalegin guztietan. 3. Baliozko dena norbereganatzeko - Kristau itxaropenaren liturgi ospakizunak berarekin dakartzan ondorioei (adiskidetasuna berregiteari, elkarkidetzari, leialtasunari, elkarteak eskatzen duen zerbitzuari...) abegi ona egin. - Norberak bere buruarekin (eta besteekin bezela izadiarekin ere, edota hainbat pasadizo eta egoera kezkagarriekin) dituen harremanak otoitz giroan indartu eta sendotu egin daitezkeela... inoiz gertatu zaiolako jakin. 7. MULTZOA: ARGIBIDEAK EMATEN DITUEN FEDEA A) Edukin kontzeptualak 1. Eliz fedearen barnemuinezko diren irakaspenak - Jainkoa sinistu, hau da, bihotz barruko atxikimenduz Jesusen azken konfidantzazko Hura, bere eta guguztion Aita ona, baieztatu. - Jesukristo sinistu, hau da, herioaz gaindiko bizibetean gaur bizi den Jaun berbiztua, guztion salbatzailea, aditzera eman. - Espiritu Santua sinistu, hau da, pozez ezagutu Jesusen bidea indartu zuen bizi arnas Harek gure aldietan ere eraginkor diharduela, kristau elkartearen barruan baita gogo oneko gizon eta emakume guztiengan ere. - Jainko hirubakarra sinistu, hau da, giza historia osoaren sorburu eta azken helburu edo burutzapen dugun maitasun elkarte betea. 2. Fedezko jarrerari dagozkion galderak - Fedearen arrazionaltasuna, kristau fedeko edukien sinesgarritasuna, Jainko Hitzaren zerbitzutan Eliz Magisteritzak duen eginkizuna, eta hau bera gauzatzeko modu zehatzak, teologiaren eginkizuna eta honek Eliz Magisteritzarekin duen arremana, dogmen zentzua eta dogma nagusien esanahia... 3. Eliz fedearen edukinari dagozkion jakin beharrak - Jainkoaren izatea eta ateismoak, fedeko Kristo eta historiako Jesus, Sakramentuen bitartekotza Jainkoarekiko harremanetarako, Jainkoaren onberatasuna eta justizia, behin betirako salbamena eta guztion adiskidetzea espero duen kristau itxaropena... 4. Kristau erlijioaren azterketari buruzko arazoak - Kristau fedearen iturriak (Agerkunde edo errebelazioa, Idazteuna, Elizaren Magisteritza, sinestunen esperientzia, teologoen azterketa...), elizaren fedekoa den egiaren edo baieztapen bakoitzaren garrantzia balioztatu ahal izateko irizpideak, kristau mezua aztertzen duten zientzia nagusiak... B) Prozedurazko edukinak 1. Jakingarriak biltzeko - Fedearentzat barnemuinezko diren jakingarriak bildu, hortarako «kredoa» gaur ulerraraztea helburu duten kristautasunerako sarreraidazkiak eta bestelako iturriak erabiliz. 2. Bildutakoa lantzeko - Gaurreguneko «sasijainkoak» aurkitu eta gure haienganako jarrera aztertu. (Deitura hau erabiltzeko orduan gorengo balioari edo goi mailako errealitateari legokion konfidantza osoa jasotzen duen hainbat ideia, programa edo pertsona ditugu gogoan. Lehenbizi norberaren barrura begiratzeak, bainan baita gizartearen joerara zuzendu beharreko begiradak ere ikus ahal izango du, horrelakoak bai ote diren gure artean.) - Kristau tradizioarenak ez diren irudiak azken zentzuari buruz (komunikabideetan eskeintzen direnak, argitalpenetan azaltzen direnak, iritzietan isladatzen direnak, etabar) aztertu eta Jesusek «Aita maite» (Abba) deitzen zuen bere azken konfidantzako Haren irudiarekin konparatu. - Kristau fedeko gai nagusiren bati buruz, monografia tankerako lan laburrak egin. 3. Landutakoak aditzera emateko - Elizak bere «kredoan» aditzera ematen dituen sinesgaiak bakoitzak bere modura esaten saiatu eta norbere esperientziazko hitzetan azaldu. - Kristau fedea onartzen ez duten bestelako iritziekin elkar hizketa irekia bezain serioa bideratu nahirik antolatu daitezkeen gelako eztabaidatan parte hartu. C) Jarrerazko edukinak 1. Estimagarriaz konturatzeko - Sakoneko giza galderei kristau fedeak eskeintzen dizkien erantzunak behar bezala ezagutu nahia azaldu. - Erlijioaren iraupen indar hori zertan dagoen jakin nahi, moderniaren kritika jaso eta gero ere hor baitirau zutik, bere giza balioa deskalifikazio guztiak baino sendoagoa izango balitz bezala. 2. Estimagarri dena balioztatzeko - Kristau fedeak aldarrikatzen duen ikuspegi baiezkor eta itxaropenez betetako hori estimatu, giza ongia eta giza hutsegiteak batean biltzeko gauza denez eta bakoitzaren premiak guztion eskaerekin (gizadiarenak ere izadiari zor zaienekin) uztartzeko ere. - Teologiak gaur kristau fedea ulergarri egitearren eta era egokian herriratzearren egiten duen lana preziatu. - Erlijioz eta fedez helduak izanik, beren itxaropenaren arrazoiak azaltzeko gauza diren pertsonak gogoz estimatu. 3. Baliozko dena norbereganatzeko - Erlijiozko jakinduriak lantzera eta aztertzera jarri. - Ikuspegi ezberdineko gizartean, «ezinbestean dagokigunari» (Tillich) buruz iritzi sendo bat oinarritzeko erantzukizuna azaldu. 8. MULTZOA: KULTURAREKIN ELKAR HIZKETAN ARI DEN FEDEA A) Edukin kontzeptualak 1. Kristau sinestun baten ustea kinkan jarri dezaketen giza zientzietako ikuspegiak - ad.: Jainkoagandik espero dugun salbamena eta gizonak inoren laguntzarik gabe (?) lortu behar omen duen emanzipazioa; arrazionaltasun funtzionala, arrazoimenezko zabaltasunaren neurri murritza; sozializazio edo gizarteratze bideak eta gizabanakoaren nortasunbidea; gizarteko egintzetan esku hartzea ukatu egiten duen jarrera berria... 2. Kristau sinestunaren ikuspegiak kuestionatzen dituzten natur zientzietako gai nagusiak - ad.: gizakiaren eta bizitzaren eboluziozko bilakaera, materiaren egitura, unibertsoaren helburu edo xedea, gaizkia nolabait ulertu beharra, giza autonomia eta biologiazko determinismoa, giza genoma zientziaren esku... 3. Kristautasunak gizabizitzari eskeintzen dion esnahaiaren azalpenak mundu guztiko eta gure Euskal Herriko kulturan. - gaiak: artegintza, literatura, musika, biziari eta gizarteari buruzko ikuspegi orokorrak... 4. Gure gizarteak dituen arazoen inguruko gogoetak: Euskal Herriko Elizaren jarrerak, ideologia edo bestelako ikuspegietatik sortzen direnak, elkarren arteko konparaketa... - arloak: hizkuntza eta kultura ezbedinen arteko gatazka maila, gizarte ikuspegi eta ekonomia antolakuntzabide ezberdinen arteko eztabaida maila, herri bakar baten politika egiturari buruzko planteamendu kontrajarrien arteko gatazka maila... B) Prozedurazko edukinak 1. Jakingarriak biltzeko - Fedea eta kultura arteko arazoak behar bezala planteatu, esperimentuen ondorio diren zientziazko azterketabideak batetik, eta bestetik esperientziaren argipen izan nahi duten interpretabideak (erlijio ikuspegiarenak), elkarrengandik garbi bereiztuz. - Kristau sena eta jatorria garbi azaltzen duten inguruko kultur egintza baliotsuenak bildu eta ezagutu. 2. Bildutakoak lantzeko - Kultur ikuspegiak erlijiotasunaren ikuspegiekin harremanetan jartzen dituzten gai konkretuak aztertu baita jakintza fedearekin uztartzea zaila dela agertzen duten bestelako gaiak ere, kasu bietan arazoei itxurazko tratamendua emateko gaitasuna azalduz. - Mundu zabaleko eta gure Euskal Herriko kultur ondare erlijiozkoak erakusten dituen egintza baliotsuak deskribatu. 3. Landutakoak aditzera emateko - Eliza eta gizartea, fedea eta kultura, erlijiozko tradizioa eta eguneko jakintza gero eta berriagoak kontutan harturik, tirandura horietatik sortzen diren gai biziak argitzen saiatu, eztabaidatan parte hartuz edo lantxo idatziak burutuz. - Fede eta zientziaren arteko gai jakinei buruz norberaren iritzia aditzera eman, arrazoibideak behar bezala azalduz. C) Jarrerazko edukinak 1. Estimagarriaz konturatzeko - Zientziek eskeintzen dituzten argibideen berri jaso nahi izan, baita itxuraz erlijiozko ikuspegiak zalantzan jartzen dituztenak ere. - Ikuspegi ezberdinak elkarrekin osatuz pentsatu, gai bat bera elkarri uko egiten ez dioten alderdi ezberdinetatik begiratzeko lehen ariketak eginez. 2. Estimagarri dena balioztatzeko - Bizi aurrerapena eta giza garapena areagotzen harrigarriak lortu dituztelako, zientziak kristau fede egiazkoaren eraginez estimatu. - Zientziek ekarritakoen eta fedezko ikuspegien artean elkar hizketa kritiko bezain eraikitzailea aintzat hartu. 3. Baliozko dena norbereganatzeko - Zientzietako ondorioek behar baino gutxiago oinarritutako erlijio ikuspegiak koloka uzten dituztela onartu. - Zientziek egin ahal dezaketen guztia, gizalegez ere eta erantzukizunez egingarri izan behar duela iritzi. - Zientzi ikuspegiak eta mundu ikuspegi erlijiozkoa bata bestearekin uztartzen eraginkor saiatu. - Kultur eta erlijio ondareak duen edertasuna atseginezonartzen jakin eta giza aberastasun hori gordetzen eta areagotzen saiatu. 4. EBALUAKETARAKO IRIZPIDEAKI. Erlijio mailako sentikortasuna 1. Norberaren nahiz besteren bizitzan garrantzizko diren galderei leku egin. Espero den sentikortasun onaren adierazgarriak honako hauek izan daitezke: testu esangarriak irakurri eta geldiro aztertu, entzundakoak edota ikusitakoak gogoan irauli, norberaren barruan sortzen direnak entzuten jakin, artegintzak begien aurrean jartzen dizkigun gaien inguruan gogoeta egin...II. Erlijioei zor zaien begirunea 2. Ezinbestekoa zaigun galdera jakinen batetaz erlijio nagusienek (eta berdin traszendentzia kanpoan uzten duten humanismoek ere) eskeintzen dituzten erantzunbideak aztertu eta elkarrekin konparatu. Hauetako gai batzu: lagun baten gaixotasun larria edo heriotza, errugabeei egindako kalte konponezina, bizitzaren esanahiaz kezkaturik bizitzea, norberatasunaren lorpenak ematen dituen lanak, maitasun mugatua areagotzen duen elkarkidetza unibertsalaren beharra, etab. 3. Bai gizonari eta bai gizarteari erlijioak (eta erlijioek) ekarri dizkieteen mesedeak eta egin liezazkieketeen kalteak tajuz eta gisaz eztabaidatzeko gauza izan. Gaitasun hau azaltzeko bideak izan daitezke, besteak beste: gelako eztabaidatan modu eraginkorrean parte hartu, gaiari buruzko lanen bat idatzi, adierazpen grafikoak moldatu, etab.III. Kristau agerkundea 4. Bibliaren ulerbide ezagunenak erabiliz Idazteunetik hartutako hainbat pasarteren azterketa egin (adibidez.: testu baten literatur jeneroaz jabetu, literatur formak aztertu, tradizioaren bilakabideari jarraitu, testu bat bere garaiko gizarte eta kultur egoeran nola sortu zen ezagutu...) Testu erabilienak behar bezala ulertzeko orduan, eginkizun hau ezinbestekoa da. Gogoan izan, besteak beste: munduaren sorrerari buruzko kontakizunak, salmoak, profeten iragarpenak, Bibliako hainbat gizon haundiren haurtzaroko kontakizunak, Jesusen parabolak... 5. Eskema edo mapa kontzeptualak egituratuz garrantzizko gairen baten inguruan Bibliak diona bildu. (Gai batzu aukeran: agindu lurra, saria eta zigorra Idazteunaren ikuspegitik, Jainkoaren gizonekiko elkargoa, askapena, tenplu edo jauretxea...) Irizpide honen bidez ziurtatu nahiko litzatekeena, zera da: batetik, Biblia fedezko garabide baten dokumentazioa dela ulertzea; bestetik, salbamen kondairako aldi ezberdinetan zehar gai bakoitzaren argiketak esperientzi berrien eraginez aurrera egiten duela jabetzea. 6. Bizitzako nahiz elkarbizitzako ondoeza erabat gainditu nahia azaltzen duten hainbat adierazpen aztertuz,«salbamen» kontzeptua norbereganatzen hasi.Ondorioz, Jesukristoren garrantziaz jabetu, Bera baita guztiontzat -Elizaren aldarrikapena lekuko- betirako salbamenaren ekarlea. Diogun salbamen irrika hori hainbat adierazpenetan sumatu daiteke gaur, hala nola hainbat abestietan, literatur testuetan, pertsona edo ideal jakin batzuren inguruan biltzen diren mugimenduetan, biziaren hutsa besterik ikusten ez dutenen etsipenean... 7. Jesusek bizi izan zuen eta bere inguruan zabaldu zuen esperientziaren berri ahoz edo idatziz eman, laburbilduz, bainan argi eta garbi.Aipatutako esperientziaren hildotik garbiago azaldu daitezke bai Jesusek heriotza onartzeraino egin zuen bidea eta bai lehen orduko lekukoek «piztuera» irudiaz baliaturik aditzera eman zuten gertakizun harrigarri hura ere. 8. Jesus Nazaretarraren egitasmoa, mezua eta bizitza, Israel, bere Herriaren historiari itsatsi. Berdin ere, Jesus nekaldira eta heriotzara eraman zuten gertakizunak bere bizialdiko egoeren testuinguruan ulertu. 9. Giza bizitza inguratzen duen misterio ezkutua (Jainkoa) nolabait ulertzeko eta (hurbilketa besterik izango ez diren!) hitzetan adierazteko, kristautasunaren barnemuinetik esan daitezkeenak bildu. Zazpigarren irizpideak eskatzen duena kontutan harturik, ez luke oso zaila izan behar Jainko irudi kristau bat egituratzen saiatzeak. IV. Historia 10. Kristau elkartearen lehen hedatze garaitik hasita, Elizaren historiako aldi garrantzitsuenak garbi izendatu. Bestetik berriz, aldi horiek «Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia» arloan ikasgai diren gertakizun, aldaketa eta tarte nagusiekin harremanetan jarri. 11. Elizarentzat garrantzitsu izan den aldiren baten berri idatziz eman. Adibidez: Eliza erromatarren inperio garaian, erlijioso ordenak Europako kulturgintzaren eta batasunaren bultzagile Erdi Aroan, Erreforma garaia, Errenazimendu garaiko misio zabalkuntza, Eliza Iraultza garaietan, Eliza Guda Zibilaren eta frankismoaren garaian... 12. Eskema diakronikoak azalduz Elizaren historiako gai jakinen batek aldietan zehar izan duen bilakabidea azaldu. Adibidez: kristau elkarteak historian zehar gaur arte sufritutako jazarpenak, Eliz berrikuntzarako mugimenduak lehen eta orain... 13. Euskal Herriak sortutako elizgizon eta emakume ospetsuak ezagutu eta hauen itzalaren arrazoiak azaldu. Adibidez: Loiolako san Inazio, Xabierko san Frantzisko, Doniztiriko Mixel Garikoitz deuna... Era berean Euskal Herriko Elizak sortu dituen ekimen aipagarriak aurkezteko gauza izan. Adibidez: Elizbarrutietako Misioak Egoamerikan eta Afrikan... 14. Elizak Euskal Herrian bizi duen egoeraz informazio fidagarriak bilduz, barnean dukeen indarra (elkarte maila) eta kanpora zabaltzen duen egintza (ebanjelizatze maila) ezagutu eta balioztatu. Elizaren berri izateko Parrokia eta Elizbarrutia kontutan hartu. Informazioa eskuratzeko bideak berriz, era guztietakoak izan daitezke: idazkiak edo grafikoak aztertu, elkar hizketak bideratu, Elizaren erakundeetara joan eta ikusi...V. Moral maila 15. Gazteek sentitzen dituzten arazo eta problemei buruz gelan antola daitezkeen eztabaidatan parte hartzeko gauza izan. (Gaiak aukeran: gaztediaren egoera gaur, sexualitatearen esanahia, salerosketaren mendeko bizikera, gogorkeriak jotako gizartea, etab) Lortzea espero den gaitasun honen ezaugarriak hauetxek ditugu, besteak beste: kristau moralaren ikuspegien berri izan, informazio zehatzak erabili, norberaren iritzia garbiki oinarritu eta azaldu, bestelako iritziei entzutea eman, lehia biziari eustearekin batera tolerantzia erakutsi... 16. Lanbanaketa tekniko eta sozialak gaurko gizartearen bilakaera zenbateraino erabakitzen duen ezagutu, zehaztu eta balioztatu. Ikuspuntu honetatik gaurreguneko arazo sozioekonomiko batzu aztertu eta Elizaren irakaspen soziala osatzen duten printzipioen argitan baloratu. 17. Euskal gizartearen egituratzeari buruz informazio fidagarriak bildu, bildutako proposamenak garbi deskribatu eta kristau ikuspegi etikoak kontutan harturik, aztertu. 18. Etika mailan eredugarri zaizkigun hainbat gizon-emakumeen egintzak hitzez hala idatziz azaldu eta batez ere jarrera horien sustraietan dauden kristau motibazioak aztertu eta argitu. VI. Liturgia 19. Benetazko bizi egoerak kontutan izanik eta otoitzarako baldintzak eta giroa zainduz, eguneroko gauzetaz gaindi bilatzen dugun konfiantzako Harekin harremanetan jartzeko hitzak eta adierazpenak bildu. Hortarako, Idazteunetik edota Eliz tradiziotik testu aproposak aukeratzeko eta, era berean, otoitz pertsonalak moldatzeko gauza izan. Aipatu daitezkeen biziegoerak: eskerrona azaltzera dei egiten duten gertakizunak, ezinbesteko denarekin topo egitea, ederrak edo ongiak ikutua egotea... 20. Sakramentu bakoitzeko sinboloen bitartez bideratzen den eragin salbagarriak zernolatan argitzen dituen bizitzako une garrantzitsuenak eta nola inguratzen dituen zentzu eskeintza eginez gure erabaki serioenak, azaldu eta aditzera eman. 21. Sakramentu bakoitzeko «liturgi zeinuek» dituzten esanahi teologiko desberdinak zehaztu: noizbait gertatutakoaren oroimen bizia, gertakizun salbagarri haren gaurkoratzea, bizikera berri hori eguneroko egintzetan egi bihurtzera deia, azken salbamen betearen aurrerapena... 22. Fedearen ospakizun maila («liturgia») sinismenak berez dituen beste alderdiekin bat egin, hau da, egintzen bidezko sinismen aldarrikapenarekin («martiria» delakoarekin) eta gizatasuna kristau mezuaren eraginez areagotze lanarekin («diakonia» izena ematen diogunarekin). Honela, kristau elkartearen sustrai beretik sortzen diren eginkizun desberdinak ikuspegi orokor batean bilduak agertuko lirateke. VII. Eliz federaren irakaspena 23. Erlijio irakaskuntzaren bidez ikasitakoari esker, norberak bere Jainko irudia garbiago (irudi hori kutsatu dezaketen bestelako osagarriez hustuago) osatzen dakiela erakutsi. Modu berean, sinismenak norengana jotzen duen ere, aditzera eman: - Jesusentzat erabat fidagarria zen Harengana... - Jesusek «Aita on» deitzen zion Harengana... - gutako bakoitza eta gu guztiok Berarekin adiskidetu asmoz historiaren bideetatik etengabe gizakiongana hurbiltzen ari den Aitarengana... 24. Kristau fedearen bereizgarririk nabarmenena zertan dagoen garbi adierazi. Kontutan hartu beharko litzateke, kristau Eliza ez dela soilik noizbaiteko gizon eredugarri baten (kasu honetan, Jesus Nazaretekoaren) oroimena oraindik orain ere bizirik gordetzen duen elkarte bat. Fede honen benetako bereizgarria, aldiz, zera dela: kristau elkarteak «Kristo» berpiztuarekin duen harreman bizi hori, gaur bizirik dagoen Jaun Biztuarekin duen harreman estu hori, Jauna dela aitortzen duen Honi egiten dion gurtza, Honen hitzari ematen dion entzutea...eta Honi buruz zabaltzen duen aldarrikapena, Bera dela, izan, guztion salbamenaren ekarle eta eusle bakarra. 25. «Espiritu» hitza (Espiritu Santua, Jainkoarena, Jesusena) Bibliako testu eta kontakizunek ulerrarazten duten modura erabili. Ondorioz, Elizak sinesten duena ulertu. Laburbilduz hau esan daiteke, gutxi gora behera: Jesusen bidea eta jarduna indartu zituen hats bizi Harek, ondoren Elizaren sorrera eta lehen zabalkuntza harrigarria bultzatu zuen Arnas berak, gaur eguneko kristau elkartean ere eraginkor irauten duela, ez ordea Elizan bakarrik, gogo oneko gizonemakume guztien asmo eta egintzetan baizik. (Hain erraza ez den «espiritu» kontzeptua eraikitzen laguntzerakoan irakasleak lan fina egin beharko duela, esan gabe doa. 26. Aitaren, Semearen eta Espiritu Santuaren maitasunezko elkar hartze beteak (hau dugu, izan ere, kristau tradizioaren Jainko irudia) giza harremanak moldatzeko eta gizarte bizitza egituratzeko ematen duenaz zerbait esateko gauza izan. Abiapuntuzko izan daitezke Liturgian ospatzen eta Kredoan esaten ditugunak: Gizona, Jaungoikoaren irudiko egina; gizartearen eta honen prozesubidearen azken helburua: Hirubatasunaren bizi betera betirako biltzea... VIII. Fedea eta kultura 27. Fedearen eta Giza Zientzien nahiz Natur Zientzienarteko hainbat arazo eztabaidagarriei buruz, sendo oinarritutako iritziak osatu. Adibidez: gizonaren eta biziaren eboluziozko sorrera, unibertsoaren helburua eta xedea, gaizkia nondik sortua den, norberaren burujabetza nolaz lortu, etab. 28. Gure kultur ondarearen hainbat adierazpenetan (artegintzak, literaturak, herri ohiturek edo musikak ager ditzaketen gaiak) kristau mezuaren ikutua ezagutzen jakin. Aldi berean, kultur ondare hori mantentzen eta zabaltzen saiatu.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.