Ogasun eta Finantza Saila

Arautegia

Inprimatu

5/2024 LEGEA, azaroaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legea aldatzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 233
  • Hurrenkera-zk.: 5467
  • Xedapen-zk.: 5
  • Xedapen-data: 2024/11/21
  • Argitaratze-data: 2024/11/29

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ogasun; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Sailak

Testu legala

Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela 5/2024 Legea, azaroaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legea aldatzekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten entitateen aurrekontuetako diru-sarreren eta gastuen egoera-orriak onartzeaz gain, itunpeko ikastetxeen gastuei aurre egiteko ekonomia-modulua zehazten du ekitaldirako, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 117. artikuluan xedatutakoaren arabera; izan ere, lege horrek aurrekontu orokorretara jotzen du eskola-unitate bakoitzeko ekonomia-moduluaren zenbatekoa ezartzeko, itunpeko ikastetxe horiek mantentzeko funts publikoen zenbateko globala banatze aldera.

Ildo horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legearen 25. artikuluak (lege horren IV. eranskinak osatua) ekitaldi horretarako itunpeko ikastetxeen gastuei aurre egiteko ekonomia-modulua zehazten du.

2024ko lehen seihilekoan, Hezkuntza Sailak akordioak sinatu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuak ordezkatzen dituzten enpresaburuen elkarteekin, gizarte-ekimenekoak zein ikastolak izan. Akordio horietan, Hezkuntzari buruzko Legearen helburuak eta ildo estrategikoak benetan garatzen direla bermatzeko, beste neurri batzuen artean, itunpeko ikastetxe pribatuetako langileen eta Hezkuntza Sailaren titulartasuneko ikastetxeetako langileen ordainsariak parekatzea erabaki da.

Hezkuntza Sailak itunpeko ikastetxe pribatuetako ordezkariekin sinatutako akordioen arabera, parekatze-prozesua 2023ko ekitaldian hasten da, eta horrek ordainsarien aldaketa dakar, ekitaldi honetarako ezarritako modulu ekonomikoetako langile-gastuen osagaietarako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituena.

Azken batean, lege honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legearen 25. artikulua aldatzea, honako salbuespen hau sartzeko: itunpeko ikastetxeetako langileen ordainsarietan aldaketak asumitzea, baldin eta aldaketa horiek gainditu egiten badituzte modulu ekonomikoetako langile-gastuen osagaientzat ezarritako zenbatekoak, eta aldaketa horien helburua bada itunpeko ikastetxe pribatuetako langileen eta ikastetxe publikoen sareko langileen ordainsariak pixkanaka parekatzea.

Parekatze-prozesu hori betetzeko behar diren kreditu gehigarriak, 2024ko ekitaldiari dagokionez, diruzaintzako gerakinen kontura finantzatuko dira.

Beste lerrokada bat gehitzen zaio lege horren 25. artikuluaren 5. apartatuari, eta honela geratzen da idatzita 25.5 artikulua:

  1. Ezein kasutan ez da onartuko itunpeko ikastetxeetako langileen ordainsarietan aldaketarik egitea, baldin eta ordainsari-aldaketa horien ondorioz gainditzen badira artikulu honetan aipatzen diren modulu ekonomikoetako langileria-gastuen osagaietarako finkatzen diren zenbatekoak.

    Salbuespen izango dira unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako langileen lansariekin mailaz maila parekatzeko Hezkuntza Sailaren eta itunpeko irakaskuntzaren sektorearen artean formalizatzen diren akordioetatik eratorritako lansari-gehikuntzak. Ondorio horietarako, baimena ematen zaio hezkuntza-arloan eskumena duen sailari ordaintzeko parekatze-akordio horien ondoriozko lansari-aldeak, hezkuntza-itunetara bideratutako aurrekontu-zuzkiduren kargura, dagokion ikastetxearen titularrari ordainketa bakarrean. Nolanahi ere, ordainketa hori 2024ko abenduaren 31 baino lehen egingo da.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Finantzaketa.

Lege hau aplikatzeko behar diren kreditu gehigarriak diruzaintzako gerakinen kontura finantzatuko dira.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Baimena.

Ogasun eta Finantza Sailari baimena ematen zaio sarreren eta gastuen egoera-orriak lege honetan ezarritako xedapenetara egokitzeko behar diren aurrekontu-aldaketak egin ditzan.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 26a.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.