Arautegia

Inprimatu

4/2024 LEGEA, otsailaren 15ekoa, pertsona transak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 44
  • Hurrenkera-zk.: 1068
  • Xedapen-zk.: 4
  • Xedapen-data: 2024/02/15
  • Argitaratze-data: 2024/02/29

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa; Justizia

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela pertsona transak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko otsailaren 15eko 4/2024 Legea.

Pertsona transak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko lege honek ordeztu egiten du 14/2012 Legea, ekainaren 28koa, transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa, helburua izanik, batetik, pertsona transek beren izateagatik edo egoera pertsonal zein sozialagatik jasaten dituzten diskriminazio guztiak gainditzeko bidean lagundu eta aurrera egitea, eta, bestetik, kolektibo horren berezitasunei erantzutea.

Nahiz eta ez den hainbeste denbora igaro transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko ekainaren 28ko 14/2012 Legearen onespenaren eta arau honen artean, tarte horretan gero eta gehiago barneratu da trans errealitateen gaia agenda politikoetan, presente baitago adituek eta nazioarteko erakundeek emandako agirietan, gomendioetan eta adierazpenetan, eta horien artean nabarmendu behar da trans errealitateen despatologizazioa, arauan 2019an sartutako gaia, aipatu 14/2012 Legea bera aldatuta. Hala, aurrerapen horien muntak beharrezkoa egin du arau juridiko berri bat ezartzea, pertsona transen eskubideak eta eskubide horiek gauzatzeko garatu beharreko neurriak indartu eta haietan sakontzeko.

Arau honek gai garrantzitsuak biltzen ditu pertsona transek euskal administrazio publikoengandik arreta integrala eta hezkuntzan, osasunean, arlo juridikoan eta beste arlo batzuetan dituzten beharrizanei egokitua jasotzeko duten eskubidea erabat bermatzeko, gainerako herritarren baldintza berberetan, bai eta pertsona horien pertzepzio sozial eta instituzionalari modu negatiboan eragiten dioten estereotipoak gainditzen laguntzeko eta gizarte bidezkoagoa, askeagoa, eta pertsona transen tratu- eta aukera-berdintasunean eta aniztasuna balio erantsi gisa onartzean oinarritua lortzeko helburuz neurri zehatzak ezartzeko ere.

Nabarmendu behar da berariaz sartu direla trans eta transgenero terminoak; izan ere, ulertzen da trans, transexual eta transgenero terminoak sinonimo gisa erabil daitezkeela edo ñabardura desberdinak izan ditzaketela. Ñabardura horiek, nolanahi ere, termino bat edo bestea beretzat erabiltzea erabakitzen duten pertsonek termino horiei buruz egiten duten definizioaren araberakoak dira. Era berean, pertsona intersexualak ere sartu dira, errealitate horrek babes berezia behar duelako.

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuarenak, 9.2 artikuluan ezartzen du euskal aginte publikoek herritarren oinarrizko eskubideen eta betebeharren erabilera egokia zaindu eta bermatuko dutela, gizabanakoen eta gizataldeen askatasuna eta berdintasuna zinezkoak eta benetakoak izan daitezen baldintzak eragitera eta oztopoak desagerraraztera bideratutako neurri oro hartuko dutela, eta herritar guztien partaidetza bideratuko dutela Euskal Herriko politika-, ekonomia-, kultura- eta gizarte-arloetako bizitzan.

Hori horrela, Euskal Autonomia Erkidegoak baditu eskumenak, Autonomia Estatutuaren I. tituluan jasoak, pertsona transen egoerari eragiten dioten hainbat gaitan, hala nola adingabekoen babes eta tutoretzarako erakunde eta establezimenduen antolaketa, araubidea eta jarduera (10.14 artikulua), barne-osasuna (18.1 artikulua), eta, batez ere, gizarte-laguntza (10.12 artikulua). Beharrezkoa da, beraz, berariaz aipatzea, zuzenbide positiboan, giza nortasunaren garapen askean bereizkeriarik ez egiteko printzipioaren aplikazioari, eta, zehazki, genero-identitateari, Euskal Autonomia Erkidegoko ordenamendu juridikoa interpretatzean eta aplikatzean inor ez dadin diskriminatu trans izateagatik.

Lege honek, guztira, zortzi kapitulu, berrogeita bi artikulu, hiru xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen ditu.

  1. kapituluan arauaren xedea, aplikazio-eremua eta xede dituen kolektiboen definizioa biltzen dira. Hala, aurreko arauak ez bezala, berariaz jasotzen dira, pertsona transexualak ez ezik, pertsona transgeneroak eta intersexualak ere.

  2. kapituluan trans arloko politika publiko baterako oinarriak ezartzen dira, eta honako hauek arautzen dira: euskal administrazio publikoek pertsona transekiko izan beharreko tratamendua, eta Euskal Administrazioko langileei prestakuntza emateko betebeharra; trans mugimenduaren memoria aintzatestea eta balioestea; transfobiari aurre egiteko garatu eta aplikatu beharreko neurriak, eta pertsona transen administrazio-agiriei dagokienez hartu beharreko neurriak. Aipatzekoa da, duen garrantziagatik, kapitulu honetan orobat eskatzen zaiela euskal administrazio publikoei berma diezaietela pertsona adingabe transexualei beren garapen integrala eta nortasunaren garapen askea bultzatzeko beharrezkoak diren babesa eta arreta.

  3. kapituluaren idazketak garapen luzea egiten du bai Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren arretari dagokionez, bai pertsona transek jasotzeko eskubidea duten osasun-prestazioei dagokienez; Transexualitatearen Arretarako Unitate Espezializatua erregelamendu-mailatik lege-mailara pasatzen da; oinarriak ezartzen ditu pertsona transen arretarako osasun-gidaren lege-garapena egiteko; osasun-prestazioen aurreikuspen zabala jasotzen du eta pertsona transen eskubideak kodetzen ditu. Aldi berean, artikulu berri batean jasotzen du berariaz debekatzen direla genitalen aldaketa eta mutilazioa, bai eta pertsona intersexualengan kaltegarriak diren beste prozedura mediko batzuk ere.

  4. kapituluan, bestalde, familia-eremuko neurriak aipatzen dira, eta familia-aniztasunaren babesa, sexu-identitateagatiko diskriminaziorik eza eta eremu horretan indarkeriaren aurrean laguntzeko eta babesteko neurriak sustatzen dira.

  5. kapituluan, lan-arloko diskriminazioaren aurkako neurrietan sakontzen da; besteak beste, ekintza positiboko neurriak hartzea eta ekitatea eta diskriminaziorik eza sustatzea enpleguaren arloan, eta trans errealitateak sartzea enpresen gizarte-erantzukizunaren eremuan. Orobat aurreikusten da lan-arloko diskriminazioaren aurkako plan bat garatzea erregelamendu bidez, eta laneko jazarpenaren aurkako mekanismoak ezartzea.

    Bestalde, VI. kapituluan, hezkuntza-sisteman trans errealitatea artatzeko neurriak arautzen dira, barne hartuta eskola-eremuan trans errealitatea artatzeko protokolo bat, trans errealitateak hezkuntza-planetan eta -edukietan sartzea, eta prestakuntza- eta dibulgazio-ekintzak garatzea.

  1. kapituluan kulturaren, aisialdiaren eta kirolaren arloko neurriak arautzen dira, kultura inklusiboa sustatzearen ikuspegitik eta kirolean, aisialdian eta denbora librean ekitatez eta sexu-diskriminaziorik gabe parte hartzearen ikuspegitik.

  2. kapitulua segurtasunaren, justiziaren eta larrialdien arloko neurriei buruzkoa da. Besteak beste, alde batetik ezartzen da ezen, Eusko Jaurlaritzak, bere eskumenen esparruan, zaindu egin behar duela gorroto-delituen biktima diren pertsona transei arreta emateko beharrezko neurriak hartzen direla Ertzaintzan eta Euskal Autonomia Erkidegoko udaltzaingoetan, eta, bestetik, beharrezko neurriak hartu behar direla pertsona transen tratu eta egonaldi egokiak bermatzeko poliziaren egoitzetan, epaitegietan eta askatasunaz gabetzeko beste eremu batzuetan.

    Azkenik, hiru xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen sartu dira. Xedapen gehigarriei dagokienez, lehenengo bietan ezartzen da, batetik, zer epe ematen zaion Gobernuari osasun-gida eratu behar duen batzordea abian jartzeko, eta, bestetik, noiz jarriko diren indarrean trans arloan lehen mailako arreta emateko zerbitzuak eta Transexualitatearen Arretarako Unitate Espezializatua. Azken xedapen gehigarria arau honen ebaluazioari eta berrikuspenari buruzkoa da, eta eskumen hori gizarte-politiken arloan eskuduna den Eusko Jaurlaritzako sailari dagokiola ezartzen da. Azkenik, azken xedapenetan gaitasuna ematen zaio Jaurlaritzari legea garatzeko, eta ezartzen da araua indarrean jarriko dela Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Lege honen xedea da pertsona transei eta intersexualei bermatzea euskal administrazio publikoetatik arreta integrala eta hezkuntzako, osasuneko, arlo juridikoko eta bestelako beharrizanetara egokitua jasotzeko eskubidea, gainerako herritarrek jasotzen duten baldintza beretan, bai eta babesa ematea ere, beren askatasuna erabil dezaten, oro har, bizitza sozialeko eremuetan eta, bereziki, zerbitzu publikoetan.

Lege honen xedea izango da, halaber, pertsona horien pertzepzio sozial eta instituzionalean eragin negatiboa duten estereotipoak gainditzen laguntzea, eta neurri zehatzak ezartzea gizarte bidezkoagoa, askeagoa eta pertsona transen eta intersexualen tratu- eta aukera-berdintasunean eta aniztasuna balio erantsi gisa onartzean oinarritua lortzeko.

Lege hau Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan benetan bizi diren eta, hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera, transexualak, transgeneroak edo intersexualak diren pertsona guztiei aplikatuko zaie.

Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrak, foru-aldundiek eta udalek, bai eta erakunde horiei lotutako edo haien mendeko zuzenbide publikoko edo pribatuko edozein entitatek ere, legea betetzen dela bermatuko dute, eta legea betearazteko baldintzak sustatuko dituzte, bakoitzak bere eskumenen esparruan.

Transexualitatearen nozioak adierazten du pertsona bati, jaiotzean, genitalen arabera suposatu zitzaion sexua ez datorrela bat pertsona horrek sentitzen duen eta berea dela badakien sexuarekin. Transexualitatea, beraz, pertsonak libreki adierazten duena entzunez baino ezin da ezagutu, eta, sexu-identitatea bezala, ezin da diagnostikatu. Ez da gaixotasun bat, nahasmendu bat edo anomalia bat, giza aniztasunaren parte baizik.

Trans, transexual eta transgenero terminoak sinonimo gisa erabil daitezke, edo ñabardura desberdinak izan ditzakete; ñabardura horiek, nolanahi ere, termino bat edo bestea beretzat erabiltzea erabakitzen duten pertsonek termino horiei buruz egiten duten definizioaren araberakoak dira. Termino horien definizioak asko eta askotarikoak izanik, nolanahi ere, jaiotzean beren genitalen arabera egindako gizon edo emakume kategorizazioa baztertzen duten pertsonei buruzkoak dira.

Horrenbestez, lege honen ondorioetarako, pertsona transexual edo pertsona transgenero izaera sexu- edo genero-identitatearen autodeterminazio askerako eskubideak zuzenduko du. Eskubide hori ezin izango da mugatu, murriztu, zaildu edo baztertu, eta arauak beti interpretatu eta aplikatu beharko dira eskubide hori askatasunez eta osorik baliatzearen alde.

Pertsona transek lege honetan ezarritakoari heldu ahal izango diote diagnostiko edo txosten psikiatriko edo psikologikorik edo medikuntza-tratamendurik behar izan gabe, eta hori gauzatzeko baldintza bakarra izango da erregistroko aldaketa eskatu izana edo, horren ordez, administrazio-agiriak aldatzeko eskatu izana.

Lege honen ondorioetarako, intersexualitatea da pertsona batzuen izaera zeinetan jaiotzatiko ezaugarri biologikoak, anatomikoak edo fisiologikoak, anatomia sexuala, ugalketa-organoak edo patroi kromosomikoa ez datozen bat gizartean gorputz maskulinoei edo femeninoei buruz ezarrita dauden nozioekin.

  1. Euskal administrazio publikoek beren jardunean, parte hartzen duten kasu guztietan, aintzat hartuko dute pertsona bakoitza bere sexu- edo genero-identitatea kontuan hartuta tratatu behar dela, bere sentitzen duen sexuaren edo generoaren arabera.

  2. Pertsona transexual adingabeek entzunak izateko eskubidea dute. Euskal administrazio publikoek bermatu egingo diete pertsona transexual adingabeei beren garapen integrala eta nortasunaren garapen askea sustatzeko beharrezko babesa eta arreta, jarduera eraginkorren bidez, beren familia- eta gizarte-integrazioa bermatzeko, Administrazioaren programa koordinatuen esparruan. Euskal administrazio publikoen esku-hartze orok adingabearen interes gorena kontuan hartzeko eta sufrimendu- eta babesgabetasun-egoerak saihesteko irizpide gidaria izan beharko du buru.

  3. Adin nagusiko diren pertsona transek gainerako pertsonen prestazio sozial, sanitario eta soziosanitario berberak jasotzeko eskubidea dute, hau da, beren beharretara egokitutakoak. Pertsona transak adinekoak direnean, arreta soziosanitario integrala jasotzeko eskubidea izango dute, gainerakoek bezala, autonomia pertsonala eta zahartze aktiboa sustatzeko. Pertsona trans instituzionalizatuen kasuan, egoitza-zentroko edo erakundeko langileek edo gainerako egoiliarrek identifikatzen dituztenean, haien sexu- edo genero-identitatea errespetatu beharko da, espedientean jasotako izena eta sexua edozein direla ere. Era berean, haien sexu-identitatearen arabera sartuko dira sexua aintzat hartuta bereizita dauden gune eta instalazioetara, gainerako pertsonak bezala.

Euskal administrazio publikoek sexu- eta genero-identitateari buruzko sentsibilizazio eta jardun egokiak bermatuko dituen prestakuntza emango diete lege honetan aipatutako eremu guztietan zerbitzuak ematen dituzten euskal administrazio publikoetako langileei.

Euskal administrazio publikoak pertsona transen eta trans mugimenduaren memoria berreskuratzeaz eta zabaltzeaz arduratuko dira. Horretarako, haiek oroitzeko egun bat ezarri ahal izango da, bai eta aitortza eta oroimenerako guneak sortu ere, toki-administrazioekin koordinatuta eta pertsona transen alde lan egiten duten elkarte eta erakundeekin elkarlanean.

Euskal administrazio publikoek, pertsona transen eskubideen arloan lan egiten duten elkarteekin eta adingabe transexualen familien elkarteekin lehentasunezko lankidetza izanik:

  1. Euskadin pertsona transak ikusarazten lagunduko dute, kanpainak eta ekintza positiboak babestuz eta eginez, sexu- edo genero-identitatearen arloan aniztasunaren balio positiboa sustatzeko, diskriminazio berezia jasaten duten biztanle-sektoreei erreparatuta batez ere.

    Kolektibo zaurgarrienak hartuko dira kontuan bereziki: nerabeak, haurrak, gazteak, hirugarren adineko pertsonak, dibertsitate funtzionala duten pertsonak, etorkinak, asilo- edo nazioarteko babes-eskatzaileak eta abar; eta pertsona horien trans izaeraren ondorioz haien bizitzaren edo ongizatearen aurka egin dezaketen egoerak prebenitzeko lan egingo da. Bereziki, neurri espezifikoak hartuko dira adingabeei, nerabeei eta gazteei, dibertsitate funtzionala duten pertsonei eta hirugarren adinekoei laguntza eta babesa emateko, haien sexu- edo genero-identitateagatik familia- edo bizikidetza-eremuan presioa edo tratu txar psikologikoa jasaten duten kasuetan.

  2. Sistematikoki, politika proaktiboa diseinatu, ezarri eta ebaluatuko dute, pertsona transek behar dituzten laguntzei dagokienez. Politika horrek bideragarria izateko beharrezko tresna eta egiturak izango ditu, eta transbertsala izango da.

  3. Trebatzeko, sentsibilizatzeko eta beste helburu batzuetarako programak garatu eta ezarriko dituzte, sexu- edo genero-identitatearen ondorioz sortzen diren diskriminazio-jarrerei, aurreiritziei eta estereotipo nagusiei aurre egiteko, era horretara lagunduz pertsonek elkar ezagutu, elkarrekin harremana izan eta euren burua onets dezaten, bai eta autoestimua eta duintasuna sustatuz ere.

  4. Sentsibilizazio-kanpainak abiaraziko dituzte herritar guztientzat, sexu- edo genero-identitatearekin loturiko indarkeriaren azpian dauden aurreiritziak desagerrarazteko eta pertsona transen sexu- edo genero-identitatea errespeta dadin sustatzeko.

  5. Pertsona adingabeei begira, sexu- edo genero-identitatea eta -aniztasuna errespetatzen duten informazio-materialen eta bestelakoen ekoizpena eta zabalkundea sustatuko dute. Bereziki, zainduko dute adingabeei zuzendutako mezuetan komunikabideek berdintasuna, elkartasuna, aniztasuna eta besteekiko errespetua sustatzen dituztela eta, era berean, saihesten dituztela pertsona transekiko indarkeria-irudiak, pertsonen arteko harremanetako esplotazio-irudiak edo tratu iraingarri edo sexista edo diskriminatzailea islatzen duten irudiak.

  6. Ziurtatuko dute titulartasun publikoko nahiz pribatuko hedabideen ekoizpena eta antolamendua pluralista eta ez-baztertzailea izango dela, sexu- edo genero-identitatearekin zerikusia duten gaiei dagokienez.

  7. Pertsona transen eskubideak sustatu eta babesten dituzten elkarte, talde eta erakundeen aitortza eta akreditatzea babestuko dute.

  8. Euskadiko unibertsitateetako esparru akademiko guztietan trans arloari buruzko prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa jasotzea eta sustatzea bultzatuko dute, eta lankidetza-hitzarmenak egingo dituzte honako xede hauekin:

    1. Ikerketa eta sakontze teorikoa sustatzea, pertsona transen sexu- edo genero-identitatea ukatzen duten teoriak eta ideologiak zabal daitezen saihesteko.

    2. Pertsona transen errealitateari buruzko azterlan soziologikoak eta bestelakoak prestatzea.

    3. Pertsona transen prestakuntzarako eta enplegurako planak egiteko orientabidea eta laguntza ematea.

    4. Prestakuntza-planak egitea osasun-arloko eta trans errealitateekin harremana duten beste ezagutza-arlo batzuetako profesionalentzat.

      1. Gizartean parte hartzea eta jolas- eta kirol-arloan gehiago integratzea bultzatuko dute.

        1. Neurriak eta jarduerak bultzatuko dituzte ohiko bizilekutik kanporatuak izan diren edo tratu txarrak edo presio psikologikoa direla-eta handik beren borondatez alde egin duten pertsona transei laguntzeko. Pertsona, gainera, adingabea bada, gizarte-zerbitzuek beharrezko izapideak egingo dituzte agintaritza eskudunaren aurrean, adingabea hartzeko eta haren zaintza eta jagoletzari buruzko neurri egokiak hartzeko arduradunek adingabea abandonatzen dutenean edo hari tratu txarrak ematen dizkiotenean, eta haren sexu-identitatearekiko erabateko errespetua eta bizi-baldintza osoak bermatuko dituzte.

        2. Enpleguari eta gizarte-zerbitzuei buruzko araudi espezifikoak horri buruz xedatzen duenari kalterik egin gabe, Eusko Jaurlaritzak jarduteko esparru-programa bat prestatuko du, gizartean zailtasunak dituzten edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsona transak gizarteratzeko eta haiei gizarte-arreta emateko.

        3. Dibertsitate funtzionala duten pertsona transen eskubideak babesteko eta erabat errespetatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte. Dibertsitate funtzionala duten pertsonei arreta emateko zentro eta zerbitzuek, publikoek zein pribatuek, pertsona transek diskriminaziorik ez izateko duten eskubidearen errespetua benetakoa eta eraginkorra izan dadin zainduko dute. Gizarte-zerbitzuek aniztasunaren onarpena sustatuko dute beren zerbitzuen erabiltzaileen artean.

        1. Behar diren neurriak hartuko dituzte, adingabeentzako zentroetan, tutoretzapeko etxebizitzetan, desgaitasuna duten pertsonentzako arreta-zentroetan, hirugarren adinekoen egoitzetan edo pertsona bereziki zaurgarriak hartzen dituen beste edozein baliabidetan, pertsona transek sexuaren arabera bereizitako guneak edo ekipamenduak erabili ahal izan ditzaten beren sexua kontuan hartuta.

        2. Babes berezia emango diete tradizioagatik edo kulturagatik sexu- edo genero-identitatea dela-eta diskriminazio-maila handiagoa izan dezaketen kolektiboetako pertsonei.

        1. Bermatuko dute emakumezkoaren sexu-identitatea duen eta genero-indarkeriaren, sexu-erasoaren edo salerosketaren biktima den pertsona orok eskura izango dituela, berdintasun-baldintzetan, dauden laguntza-baliabideak, bere legezko dokumentazioan islatzen dena gorabehera.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan, pertsona transek honako zerbitzu hauek izango dituzte:

    1. Informazio-, orientazio- eta aholkularitza-zerbitzuak, legala barne, trans errealitateei, bai eta haien senideei eta hurbilekoei ere, beren trans izaerari berariaz lotutako laguntza-premiei dagokienez.

    2. Kolektibo horren eskubideen defentsa sustatzeko eta gizartean, kulturan, lanean, hezkuntzan edo beste edozein arlotan jasaten duen diskriminazioaren aurka borrokatzeko zerbitzuak.

    3. Arreta egokia jasotzea euskal administrazio publikoen aldetik, bai eta pertsona transei zuzendutako programak aipatu administrazioek diruz lagunduta gauzatzen dituzten entitate edo enpresen aldetik ere.

  2. Erantzukizun publikoko zerbitzuen kudeaketari buruzko araudiaren esparruan, pertsona transen eta adingabe transexualen familien elkarteen lehentasunezko parte-hartzea sustatuko da zerbitzu horien kudeaketan, eta, hala badagokio, sexu- edo genero-identitatearen arloan jarduten duten erakundeena. Gizon eta emakume transek zerbitzu horien kudeaketan parte-hartze orekatua izatea sustatuko da.

  3. Arreta berezia eskainiko zaio langileen prestakuntzari udal-laguntzaren eremuan; besteak beste, diskriminazio-, indarkeria- edo marjinazio-kasuak hautemateko lehen instantziako zerbitzuetan.

  1. Euskal administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, behar diren neurri guztiak hartu beharko dituzte administrazio-agiriak, lege honetan jasotako arlo guztietan, pertsona transen sexu- eta genero-identitatearekin bat etor daitezen.

    Era berean, zerbitzu eta prestazio publikoak eskuratzeko bidean, bermatu beharko da pertsona transak beren sexu- edo genero-identitatearen arabera izendatu eta tratatu ahal izango direla.

  2. Euskal administrazio publikoek, edozein prozeduratan, lege honen onuradunen datuen konfidentzialtasuna errespetatzen dela zaindu behar dute.

  3. Erregelamendu bidez ezarriko da pertsona transek, Estatuko Administrazioaren mendeko agiriak aldatzen ez diren bitartean, administrazio-agiri egokiak izateko aukera, prozesu horretan integrazio hobea lortzeko, sufrimendu- edo diskriminazio-egoerak saihestuz.

    Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren etorkin transen kasuan, aurreko paragrafoan aipatutako administrazio-agiriak indarrean daudela ulertuko da jatorrizko herrialdean erregistro-aldaketa egiteko aukera izan arte. Asilo edo nazioarteko babesaren eskatzaileen kasuan, jatorrizko herrialdeko agiriekin egon litezkeen arazoak gehitu beharko zaizkio erregelamendu bidez garatuko den administrazio-agiri egokiak jasotzeko eskubideari, besteak beste koordinazioan sakonduz eta behar espezifikoak identifikatuz.

  4. Aurreko paragrafoan aipatutako agiriak ematen direnean, eta, zehazki, pertsona transak bere sentitzen duen sexua islatzen duen nortasun-agiri nazionala ematen denean, Administrazioaren artxibo, datu-base eta gainerako fitxategietan pertsonaren lehengo identifikazioa edo haren trans errealitatea ezagutarazten duen edozein datu eguneratzeko beharrezko administrazio-tresnak baliatuko dituzte, era koordinatuan, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek, toki-administrazioek eta Euskal Autonomia Erkidegoko beste edozein erakunde publikok; ezabatuko ez diren erreferentzia bakarrak izango dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak arreta ematen dion pertsona horren historial medikorako beharrezkoak direnak.

  5. Eusko Jaurlaritzak erakunde pribatuen edo Estatuko fitxategietan behar diren aldaketak egiteko behar den aholkularitza emango du.

  1. Pertsona orok du osasun fisiko eta mental ahalik eta onena izateko eskubidea, sexu- edo genero-identitatea dela-eta inolako diskriminaziorik egin gabe.

  2. Euskal osasun-sistema publikoak eta finantzaketa publikoarekin itundutako osasun-zerbitzua eskaintzen duten enpresek edo entitateek kontuan izan behar dituzte pertsona transen beharrizan espezifikoak, osasun-arreta berdintasun-baldintza objektiboetan jasotzeko eskubidea bermatze aldera.

  1. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak bermatuko du osasun-politikak pertsona transak errespetatzen dituela eta ez duela pertsona horien errealitatea patologia gisa tratatzen, ez zuzenean ez zeharka. Sustapen-, prebentzio- eta arreta-zerbitzu eta -programa espezifikoak ere jasoko ditu, haiei eta haien familia eta bikotekideei aukera emateko beren beharrizan partikularrak aitortu eta kontuan hartuko dituen osasun-arreta osoa eta eraginkorra izateko eskubidea baliatzeko.

  2. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak, osasun publikoaren prestazioen esparruan, lege honetan garatutako zerbitzuak, tratamendu hormonalak eta ebakuntza kirurgikoak emango ditu.

  3. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren barruan, transexualitatearen arloan espezializatutako unitate bat egongo da, zehazten diren mediku- eta erizaintza-arretako profesionalek osatua.

  4. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak, odola, hezur-muina, ehunak eta organoak ematearen esparruan, pertsona transen eskubide eta betebeharren berdintasuna bermatuko du, eta oinarri zientifiko frogatua duten izaera medikoko bazterketa-irizpideak soilik hartuko ditu aintzat.

  5. Osasun-arloan eskuduna den sailak osasun-erakunde publiko eta pribatuen zentroen artean sustatuko du osasun-praktika edo terapia psikologiko zilegi eta errespetuzkoak ezartzea, eta inola ere ez abertsiboak, sexu-identitateari dagokionez.

  1. Erregelamendu bidez ezarriko da pertsona transen arretarako osasun-gida bat. Gida hori pertsona transen elkarteekin eta adingabe transexualen familien elkarteekin lankidetzan prestatu eta eguneratuko da lehentasunez, eta pertsona transek eskura dituzten zerbitzu, jarduketa eta tratamendu mediko eta kirurgiko guztiak jaso beharko ditu, lege honetan xedatutakoaren arabera.

  2. Aipatutako osasun-gidak honako ildo hauek jaso beharko ditu gutxienez:

    1. Pertsona transexualei aitortuko zaie eskubidea dutela beren berariazko beharrizan eta helburuetarako egokienak diren tratamenduak jasotzeko, bai eta beren garapen pertsonala erraztuko duen osasun-arloko arreta integrala jasotzeko ere.

    2. Pertsona transexualek bermatuta izango dute eragiten dieten tratamenduen formulazioan parte hartzeko eskubidea, betiere haien autonomia aitortzetik abiatuta, sexu- edo genero-identitateagatiko diskriminaziorik gabe eta errespetu osoz.

    3. Bermatuko da terapia hormonalak, ebakuntza kirurgikoak eta gainerako prozedura osagarriak une egokian eta erabiltzailearen premiei erantzunez emango direla.

  3. Pertsona transexualen osasun-arreta, direla pertsona helduak zein adingabeak, direla nazionalak nahiz migratzaileak, eta dela arreta publikoa zein pribatua, askatasunez adierazitako sexu-identitatea aitortua izateko eskubideak arautuko du. Pertsonak bere garapen fisiko, mental eta sozialean lagungarri zaion osasun-arreta modu osasuntsu eta osoan jaso ahal izan beharko du, batez ere pubertaroaren etapan, pertsona adingabeen kasuan. Eskubide hori ezin izango da mugatu, murriztu, zaildu edo baztertu, eta arauak beti interpretatu eta aplikatu beharko dira eskubide hori askatasunez eta osorik baliatzearen alde.

  4. Osasun-arreta ikuspegi despatologizatzailean oinarrituko da, hau da, trans bizipena ez dela gaixotasun, nahasmendu edo anomalia bat, baizik eta gizakien sexu-aniztasunaren parte. Osasun-arloko profesionalek pertsona transak bere sexu-identitatea garatzeko behar duen laguntza emango dute.

  5. Pertsona transen osasun-arretarako, Euskadiko osasun-sistemako pertsona guztiei arreta emateko juridikoki ezarritako gehieneko itxaronaldiak errespetatuko dira, kasu bakoitzean arretaren premia edo tratamenduen geroraezintasuna kontuan hartuta.

  6. Hormona-tratamendua edo tratamendu plastiko-kirurgikoak aldez aurretik egin izana ezin izango da baldintza gisa jarri bestelako tratamendu osagarriak jasotzeko.

Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 10. artikuluan jasotako eskubideen titularrak dira pertsona transak, bai eta hura garatzeko araudian jasotako eskubideena ere. Bereziki, ondoko eskubide hauek dituzte ospitale eta erietxe publiko zein pribatuetan:

  1. Beren sexu- edo genero-identitatearen araberako tratua jasotzea; identitate horri dagozkion geletan edo zentroetan ingresatuak izatea, sexuaren araberako areto desberdinak badaude, eta, azken batean, beren sexu- edo genero-identitateari dagokion tratua jasotzea.

  2. Esperientzia nahikoa duten profesionalen arreta jasotzea, nola tratamenduari dagokion espezialitate zehatzean hala transexualitatearen arloan oro har.

  3. Eragiten dieten tratamenduen inguruan informazioa jasotzea eta kontsultatuak izatea.

  4. Zalantzarik badute, bigarren iritzi bat eskatzea beste mediku bati, tratamendua edo ebakuntza kirurgikoa egin aurretik, une bakoitzean indarrean dagoen bigarren iritzirako eskubidearen erregulazioa kontuan hartuta.

  5. Hurbileko arreta jasotzea, behar ez diren joan-etorriak eta gastuak jasan gabe, bai eta tratamendurako arreta espezializatuko dagozkion zentroetara borondatez bideratzeko eskatzea ere.

  6. Pribatutasuna izatea kontsulta eta elkarrizketa guztietan, eta konfidentzialtasuna bere datu pertsonal administratibo eta kliniko guztien tratamenduan. Horretarako, bermatuko da osasun-laguntzarako identifikazio-agiriak emango direla pertsonak bere sexu-identitatearen araberako izen hautatuarekin.

  7. Osasun-historialean ordura arteko tratamenduari buruz jasotako informazio guztia idatziz jasotzea, beste herrialde batera joanez gero tratamenduari jarraipena ematea errazteko.

  8. Lege honetan bermatutako tratamendu edo esku-hartzeren bat Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak egin ezin badu, pertsona transexualek eskubidea izango dute tratamendu horietarako zerbitzua eskaintzen duten eta kalitate-estandar egokiak eskaintzen dituzten ospitale publiko edo pribatuetara bideratuak izateko.

  1. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak, bere eskumenen barruan, betiere bere zerbitzu-zorroan sartuko ditu eta pertsona transei emango dizkie honako zerbitzu, baliabide material eta jarduketa mediko hauek:

    1. Tratamendu hormonaletarako irispidea, jarraitutasuna bermatuta.

    2. Toraxa maskulinizatzeko eta bularrak handitzeko ebakuntza kirurgikoak, baita genitalak berreraikitzeko edota gonadak erauzteko ebakuntza kirurgikoak ere.

    3. Tiroplastiako ebakuntzak, hala behar duten emakume transexualentzat.

    4. Ezaugarri sexualak aldatzeko ebakuntza kirurgikoak ezin izango dira inoiz ebakuntza estetiko gisa sailkatu.

    5. Zakil eta barrabiletako protesi kirurgikoak edo ez-kirurgikoak, horiek gabe jaio diren gizonentzat, Eusko Jaurlaritzan osasun-arloko eskumena duen sailak Material Ortoprotesikoaren Katalogo Orokorrean sartuko dituenak.

    6. Kamiseta konpresoreak, bularrak garatu dituzten gizonentzat.

    7. Bularretako protesiak, bularrak garatu ez dituzten emakumeentzat.

    8. Ahotsaren tonua eta tinbrea modulatzen ikasteko arreta foniatrikoa.

    9. Laguntza psikologiko edo psikiatriko egokia, erabiltzaileak edo senideek hala eskatzen badute. Laguntza hori Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko gainerako erabiltzaileentzat aurreikusitako bera izango da, eta osasun-laguntza espezializatua emateko ez da baldintza izango aldez aurretik azterketa psikologikoa edo psikiatrikoa egitea. Arreta hori pertsona trans horren senide eta gertukoentzat ere izango da.

    10. Interesdunak eskatuta, txosten medikoak egitea, interesdunak egoki iritzitako ondorioetarako.

    11. Aldizkako jarraipen eta laguntza mediko egokiak, erabiltzaile bakoitzaren egoera pertsonalera egokituak.

      Emateko modu desberdinak dituzten tratamendu medikoak gauzatzeko, lehentasuna emango zaio beti eskatzailearentzat egokiena den formatuari.

      Berariaz debekatuta dago terapia abertsiboak erabiltzea, bai eta pertsona transaren nortasuna edo borondatea deuseztatzeko saiakera den beste edozein prozedura erabiltzea ere; orobat dago debekatuta beste edozein irain edo tratu diskriminatzaile, umiliagarri edo duintasun pertsonalaren aurkako ere.

  2. Pertsona transexual adingabeek, gainera, eskubide hauek izango dituzte:

    1. Pubertaroaren hasieran hormonak blokeatzeko tratamendua jasotzea, nahi ez diren bigarren mailako sexu-ezaugarriak garatzea saihesteko. Egoera hori zehazteko, datu objektiboak erabiliko dira, hala nola neurtzea estradiol- eta testosterona-maila, gonaden heldutasuna edo hazkunde-abiadura.

    2. Tratamendu hormonal gurutzatua, nahi diren bigarren mailako sexu-ezaugarriak garatzen laguntzeko, pubertaroko une egokian, haien gorputz-garapena beren adineko pertsonenarekin bat etor dadin.

  3. Artikulu honetan eskaintzen diren zerbitzuak ezagutza zientifikoaren aurrerapenera egokituta eguneratuko dira, eta osasun-arloan eskumena duen saila arduratuko da zerbitzu horiek eguneratzeaz.

    Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak bermatuko du badaudela zerbitzu eta tratamendu horietara bideratzeko bide egokiak, azkarrak eta eraginkorrak, pertsona transexual bakoitzaren eskaerak eta beharrak zehaztu ahal izateko.

Lehen mailako arretako sarearen barruan, pertsona transen osasunaren arreta- eta sustapen-zerbitzuak ezarriko dira, trans errealitatearekin lotutako osasun-premiei arreta emateko prozesu osoaren hurbileko jarraipena bermatzeko. Gutxienez trans arloan lehen mailako arreta emateko zerbitzu bat ezarriko da lurralde historiko bakoitzean.

Erregelamendu bidez garatuko dira edo osasun-gidan sartuko dira lehen mailako arretako unitate horien funtzio guztiak, baita horien osaera ere. Garapen horren helburua izango da pertsona transei lege honetan ezarritako zerbitzu, tratamendu eta jarduketa mediko guztiak ematea, konplexutasun edo espezializazio handikoak izateagatik unitate espezializatuak eman behar dituenak izan ezik.

Erreferentziako eta esku-hartzeko unitatea izango da espezializazio edo konplexutasun nabarmenagatik trans arloan lehen mailako arreta emateko zerbitzuek eman ezin dituzten zerbitzu edo tratamendu aurreratuetan, bereziki prozedura kirurgiko espezifikoei dagokien guztian.

  1. Transexualitateari lehen mailako arreta emateko zerbitzuek edo Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lehen mailako arretako edozein medikuk bideratu ahal izango dute unitate honetara.

  2. Transexualitatearen Arretarako Unitate Espezializatuaren funtzio guztiak erregelamendu bidez garatuko dira edo osasun-gidan sartuko dira, baita haren osaera ere. Garapen horren helburua izango da pertsona transexualei lege honetan ezarritako zerbitzu, esku-hartze, tratamendu eta jarduketa mediko guztiak ematea.

Osasun-arloko profesionalek, sexologoek eta pertsona transexualen eta haien familien elkarteetako ordezkariek batera parte hartuta, osasun-gidan protokolo ginekologiko espezifiko bat garatuko da bulba duten gizonentzat, eta protokolo urologiko espezifiko bat prostata duten emakumeentzat.

  1. Bermatu egingo da ezaugarri intersexualak dituzten pertsona guztien adingabe zein helduen gorputz-osotasuna.

  2. Debekatuta dago, oro har, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezarrita dauden eremu pribatuko osasun-zerbitzu guztietan, medikoki beharrezkoa ez den genitalen aldaketa edo kirurgia estetiko oro egitea, bai eta beste edozein prozedura mediko kaltegarri ere, bai pertsona helduei dagokienez, bai jaioberriei dagokienez, pertsonaren sexu-identitatea edo genero-identitatea zein den identifikatzen ez denean.

  3. Baimendutako salbuespen bakarra izango da pertsonen bizitza edo osasunerako benetako arriskua saihesteko ezinbestekoak diren esku-hartzeak, arrazoi egiaztagarri, frogagarri eta klinikoki justifikatuengatik saihetsezinak direnean.

  4. Adingabe intersexualen genitalen aldaketaren eta bestelako prozedura medikoen protokoloak eta praktikak Bioetika Batzordearen irizpide eta gomendioetara egokituko dira, haurrak eta nerabeak babesteko legedi orokorraren aurreikuspenen esparruan, eta, zehazki, Haur eta Nerabeen otsailaren 15eko 2/2024 Legearen esparruan.

  5. Oro har, sexu- edo genero-identitatea esleitzearekin zerikusia duten erabaki guztiak, bizia arriskuan izateagatik ezinbestekotzat jotzen direnak izan ezik, atzeratu egingo dira, eragindako pertsonak zuzenean kontzienteki hartu ahal izan arte eta horiei buruz zuzeneko adostasuna eman ahal izan arte.

  6. Erreparazioa eta laguntza emango zaie genitalen aldaketa edo mutilazioaren biktimei, baldin eta horren ondorioz kalte fisiko edo psikologiko bat gertatu bada, eta ikertu egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoan iraganean pertsona adingabe edo heldu intersexualei egindako aipatu tratamendu medikoen gorabeherak.

  1. Eusko Jaurlaritzak pertsona transexual adingabeei beren nortasunaren garapen askea eta beren garapen integrala sustatzeko beharrezko babesa eta arreta bermatuko die, jarduera eraginkorren bidez, haien familia- eta gizarte-integrazioa bermatzeko, Administrazioaren programa koordinatuen esparruan.

  2. Pertsona transexual adingabeek eskubide osoa dute beren egoerari buruzko zerbitzu eta tratamendu mediko egokiak jasotzeko, batez ere terapia hormonala. Ematen zaien osasun-arreta, adingabeak diren aldetik, honako lege hauetan xedatutakoaren arabera emango da: 2/2024 Legea, otsailaren 15ekoa, Haur eta Nerabeena, eta 41/2002 Oinarrizko Legea, azaroaren 14koa, pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubideak eta betebeharrak arautzen dituena.

  3. Pertsona transexual adingabeek eskubidea dute entzunak izateko eta erabakiak hartzen parte hartzeko, beren sexu-identitateari buruz aplikatzen zaien neurri orori dagokionez.

  4. Euskal Osasun Administrazioaren esku-hartze oro adingabearen interes gorenari arreta emateko irizpidearen arabera arautuko da, eta haren helburua izango da nortasunaren garapen askea bermatzea haren sexu-identitatearen arabera, eta sufrimendu- eta babesgabetasun-egoerak saihestea.

  5. Adingabeen Fiskaltzak eta euskal erakunde publikoek adingabeen babesaren arloan dituzten eskumenei kalterik egin gabe, lege honetan, pertsona transexual adingabeen babesa haien legezko ordezkarien bitartez gauzatuko da, edo, indarrean dagoen araudiaren arabera, adingabeak babesteko gizarte-zerbitzuen bidez, legezko ordezkariek edo tutoreek sexu-identitatea ukatzeagatik sufrimendu- eta babesgabetasun-egoerak daudela ikusten denean.

  1. Laguntza bidezko ugalketako teknikak erabiltzeko aukera bermatuko zaie hala nahi duten eta haurdun gelditzeko gaitasuna duten pertsona guztiei, edozein dela ere haien sexu-identitatea, bai eta pertsona transen bikotekideei ere.

  2. Trans pertsonei gonada-ehuna eta ugalketa-zelulak izozteko aukera eskainiko zaie, etorkizunean berreskuratzeko, betiere klinikoki bideragarria bada, kontuan izan gabe trans pertsonak lehendik hasia zuen edo ez edozein tratamendu hormonal.

  1. Pertsona transexualen osasun-arloko arretaren jarraipenean sartuko da, halaber, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak estatistikak sortzea egiten diren tratamenduen, terapien eta ebakuntzen emaitzei buruz. Estatistika horietan zehaztuko dira erabilitako teknikak, izandako arazoak eta erreklamazioak, bai eta asistentziaren kalitatearen balorazioa ere.

  2. Aurreko datuak estatistika-helburuetarako biltzean, konfidentzialtasun-, gardentasun-, espezialitate- eta proportzionaltasun-printzipioak beteko dira. Estatistikako konfidentzialtasunak erabiltzaileen datu pertsonalak inola ere ez zabaltzera behartzen ditu euskal administrazio publikoak.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Administrazioak neurri egokiak ezarriko ditu, lankidetza estuan dagozkion profesionalen elkarteekin, Euskadiko unibertsitateekin eta pertsona transen eta beren familien elkarteekin, profesionalek trans arloari buruzko prestakuntza espezifikoa jasotzeko duten eskubidea bermatzeko, bai eta pertsona transek gai horretan esperientzia nahikoa eta frogatua duten profesionalen arreta jasotzeko duten eskubidea bermatzeko ere.

  2. Osasun-arloan eskumena duen sailak bermatuko du osasun-langileek transexualitateari buruzko prestakuntza egokia, jarraitua eta eguneratua izatea. Bereziki garrantzitsua da trans arloan lehen mailako arreta emateko zerbitzuak eta transexualitatearen arretarako unitate espezializatuak osatzen dituzten profesionalen berariazko prestakuntza sexologikoa. Era berean, pediatriako profesionalen prestakuntza sustatuko da, egoera lehenbailehen identifikatzeko eta haurtzaroan transexualitateari behar bezala lagun egiteko.

  3. Sustatuko da azterlanak egitea eta trans arloko osasun-politika espezifikoak ikertzea eta garatzea, lankidetza estuan kasuan kasuko profesionalen elkarteekin, pertsona transen elkarteekin eta adingabe transexualen familien elkarteekin, eta Euskadiko unibertsitateekin.

Kapitulu honetan aurreikusitako tratamenduetarako, baimen aldez aurretik informatua beharko da, lege-gaitasuna duen pertsona batek emana edo, ordezkari bidezko baimena izanez gero, indarrean dagoen legerian horretarako aurreikusitakoaren arabera.

Pertsona adingabeei dagokienez:

  1. Indarrean dagoen araudian aurreikusitakoaren arabera, pertsona adingabeak berak emango du baimena, adingabe emantzipatuen edo 16 urtetik gorakoen kasuan.

  2. Pertsona adingabea ez bada gai intelektualki eta emozionalki tratamendu horien irismena ulertzeko edo 16 urtetik beherakoa bada, adingabearen legezko ordezkariak emango du baimena, adingabearen iritzia entzun ondoren, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  3. Gurasoek edo tutoreek uko egiten badiote transexualitatearekin lotutako tratamenduak baimentzeari edo prebentzioz garapen hormonalaren inhibizio-tratamendua ezartzeari, eta egiaztatzen bada horrek pertsona transexual adingabeari kalte edo sufrimendu larria eragin diezaiokeela, gizarte-zerbitzuak ohartaraziko dira, baina hori ez da eragozpen izango agintaritza judizialaren aurrean salaketa jartzeko, beharrezkoa joko balitz. Betiere adingabearen interes gorenaren irizpidea hartuko da kontuan beste edozein interes legitimoren aurrean, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoan eta, bereziki, haren 2. eta 11.2.l) artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

  1. Lege honek babes juridikoa ematen du pertsona bat edo biak trans diren izatezko edo zuzenbidezko elkartzeekiko edozein diskriminazio motaren aurrean.

  2. Pertsona trans bat edo gehiago dituen familia batean bizi diren haur guztien errespetua eta babesa sustatuko da.

  1. Indarreko araudiarekin bat etorriz, bermatuko da, adopzio eta familia-harrerako prozesuetan egokitasuna baloratzean, sexu-identitateagatiko diskriminaziorik ez egotea.

  2. Familia-harreran dauden adingabe transexualen edo transgeneroen kasuan, haien sexu- edo genero-identitatea errespetatuko dela bermatuko da, familia naturalak edo harrera-familiak hala eskatuta, edo gizarte-zerbitzuek, aurrekoetako batek identitate hori errespetatzen ez badu.

  1. Sexu- edo genero-identitatea ez onartzeak eragindako indarkeria familia-indarkeria gisa aitortuko da, eta laguntzeko eta babesteko neurriak hartuko dira familia-esparruan edozein kideren sexu- edo genero-identitateagatik gauzatzen den edozein indarkeria motaren aurka. Guraso-ahala edo tutoretza esleituta duten pertsonek adingabearen sexu- edo genero-identitatea errespetatzeari uko egitea arrisku-egoeratzat hartuko da, eta gizarte-zerbitzuen esku-hartzea ezarriko da, Haur eta Nerabeen otsailaren 15eko 2/2024 Legean aurreikusitako ondorioetarako, salbu eta, inguruabarrak direla-eta, indarkeria edo tratu txar psikiko gisa kalifikatzen bada; kasu horretan, astungarri gisa agertuko da.

  2. Neurriak hartuko dira bikotekideetako bat edo biak pertsona transak diren bikoteetan indarkeriaren biktimei arreta eta laguntza emateko, jazarpena jasan duen pertsonak jazarlearen aurrean babesa izan dezan, eta, horrela, biktimaren independentzia fisikoa eta ekonomikoa erraztuko da.

Euskal administrazio publikoek, haiei atxikitako organismo publikoek eta haien mendeko entitateek ziurtatuko dute langileen kontratazioan eta sustapen-politiketan ez dela diskriminaziorik egingo sexu- edo genero-identitatea dela-eta.

Euskal administrazio publikoek ekintza positiboko plan eta neurri egokiak prestatu eta aplikatuko dituzte, jada indarrean dauden enplegagarritasun-mekanismoak erabilita, pertsona transen kontratazioa eta enplegua sustatzeko.

  1. Ezin izango da inor diskriminatu bere sexu- edo genero-identitatean oinarrituta lan-merkatura sartzean.

  2. Ezin izango zaio inori inolako diskriminaziorik egin bere sexu- edo genero-identitateagatik lan-arloan, ez nagusien edo lankideen aldetik, ez tratamenduari, ordainsariari edo lanbide-kategoriari dagokionez ere.

  3. Inola ere ezingo dira ukatu, sexu- edo genero-identitateagatik, laneratzeko edo ahalduntzeko laguntzak, dirulaguntzak edo prestazioak.

  1. Enpresaren gizarte-erantzukizuneko Eusko Jaurlaritzaren estrategiak ekitatea eta sexu- eta genero-identitateagatiko diskriminaziorik eza sustatzeko neurriak jasoko ditu.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, gizarte-gaietan eskumena duen sailaren bidez, jakitera emango ditu pertsona transen inklusioaren arloan eta sexu- edo genero-identitateagatiko diskriminaziorik eza eta ekitatea sustatu eta bermatzearen arloan enpresek egindako jardunbide egokiak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan lanaren eta funtzio publikoaren arloan eskumena duten sailek erregelamendu bidez garatuko dute lan-arlo publiko zein pribatuko diskriminazioaren aurkako plan bat, ekitatezko eta diskriminaziorik ez izateko neurriak jasoko dituena, bai eta pertsona transen eskubideen zabalkunderako eta horiei buruzko informazioa emateko neurriak ere. Orobat jaso ahal izango dira klausula-proposamenak, lan-hitzarmenak negoziatzen, egiten eta onartzen parte hartzen duten eragileek kontuan hartu beharrekoak. Plan hori egiteko, pertsona transen elkarteek eta sindikatu- eta enpresa-erakunde esanguratsuenek parte hartuko dute.

Eusko Jaurlaritzak laneko jazarpena eta sexu- edo genero-identitateagatiko diskriminazioa detektatzeko eta kasu horietan esku hartzeko mekanismoak ezarriko ditu. Lantokietan jokabide horiek prebenitzeko, eta, hala badagokio, zuzentzeko eta ezabatzeko neurriak ezarriko dira.

Era berean, lan-ikuskaritzako eta lan-arriskuen prebentzioko arduradunei prestakuntza espezifikoa ematea sustatuko du, sektore publikoan zein pribatuan, pertsona transek jasan ditzaketen diskriminazioekin lotutako edukietan eta sexu- edo genero-identitateari buruzko aniztasunaren ezagutzan.

Ulertuko da sexu- edo genero-identitateagatiko lan-jazarpena jasota dagoela sexu-jazarpenari eta/edo generoagatiko jazarpenari aurre egiteko enpresen eta Administrazio publikoaren jardute-protokoloetan.

Eusko Jaurlaritzak honako hauek bermatuko ditu:

  1. Erregistroan aldaketa egitera heldu ez diren pertsona transen pribatutasuna mantentzeko, langileei buruzko zerrenda publikoak ikusgai jartzen direnean, izen hautatua jasoko da, eta saihestu egingo da izen hori ohi ez bezala agertzea, betiere pertsonen sexu- edo genero-identitatea errespetatuz.

  2. Arreta, babesa eta laguntza emango zaie, bere jardun-eremuan, sexu- edo genero-identitateagatik diskriminazioa jasan lezaketen Administrazioko eta haren mendeko organismoetako enplegatu publiko guztiei.

Eusko Jaurlaritzak bermatuko du hezkuntzako metodo, curriculum eta baliabideek laguntzen dutela sexu- edo genero-identitateen aniztasuna areago ulertzen eta errespetatzen, ikasleek eta haien guraso eta senitartekoek ildo horretan izan ditzaketen behar bereziak kontuan izanda.

  1. Eusko Jaurlaritzak zainduko du hezkuntza-sistema errespetuzko gunea izatea, sexu- edo genero-identitateagatiko presio, eraso edo diskriminaziorik gabekoa, eta printzipio horiek eraginkorrak izateko neurriak garatuko ditu, inplikatutako eragileekin lankidetzan. Gainera, pertsona transen intimitaterako eskubidea errespetatu eta errespetaraziko du une oro.

  2. Edozein eratako diskriminazioak gainditu ahal izateko, zuzendaritza-taldeak bermatuko du ikastetxeko bizitza, funtzionamendua eta bizikidetza antolatzen duten dokumentu guztiek aipamena egiten dieten pertsonen sexu- edo genero-identitatea errespetatzen dutela.

  3. Zuzendaritza-taldeak arreta eta babesa bermatuko die ikastetxeko instalazioetan edo hezkuntza-ingurune fisikoan edo birtualean diskriminatuak izan litezkeen hezkuntza-komunitateko pertsona transei.

    Jarduketa horrek ikastetxearen esku dauden estrategia pedagogiko eta psikopedagogiko guztiak barne hartuko ditu, eta bizikidetza-planean eta hezkuntza-proiektuan diskriminaziorik ez izatera bideratutako ekintzak txertatuko ditu, bai eta prebentzioko eta esku hartzeko neurriak ere, egon daitezkeen eskubide-urraketako edo indarkeriako kasuei erantzuteko, dela indarkeria fisikoa, dela ahozkoa edo dela beste edozein eratakoa (sare sozialak, mezuak eta abar).

    Antolamendu- eta funtzionamendu-erregelamenduak, eta, hala badagokio, barne-araubideko erregelamenduak, arautuko du bizikidetzarako desegokiak edo larriki kaltegarriak edo bizikidetzaren aurkakoak diren jokabide horien katalogazioa, bai eta kasu bakoitzean abiarazi beharreko diziplina-neurriak ere, eskola-komunitateko kideen eskubideak eta eginbeharrak arautzen dituen araudiarekin bat etorriz.

  4. Hezkuntza-arloko eskumena duen sailak bultzatuko du hezkuntza-orientazioko eta orientazio psikopedagogikoko taldeek sexu-identitateari, genero-adierazpenari eta sexu- eta familia-aniztasunari buruzko prestakuntza egokia izatea, behar duten ikasleei eta familiei laguntza psikopedagogikoa eman ahal izateko.

  5. Hezkidetza da Euskal Hezkuntza Sistemaren ardatzetako bat. Ikasle guztiek dute hezkidetzan oinarrituriko hezkuntza jasotzeko eskubidea, hots, genero-estereotiporik gabeko didaktikan oinarrituriko hezkuntza jasotzekoa, bai eta sexu-genero sistemaz hausnarketa kritikoa egiteko eskubidea ere. Horren baitan, zeharkakotasunez landuko dira hezkuntza afektiboa eta sexuala. Hori horrela, Euskal Hezkuntza Sistemako ikastetxeek hezkidetza-proiektuak izango dituzte.

  1. Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak, ikastetxeetako zuzendaritzekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoekin batera, oinarrizko helburu izango du pertsona transei beren errealizazio pertsonala eta soziala ahalbidetuko dien hezkuntza bermatzea. Horretarako, beharrezkoak diren araugintzako, administrazioko eta bestelako neurri guztiak hartuko dituzte bidezko tratua bermatzeko, sexu- edo genero-identitateagatiko diskriminaziorik gabe, hezkuntza-sistemarekin harremana duen edozein pertsonari, besteak beste, ikasleei, irakasleei eta beste langileei.

  2. Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak gizarte-bazterkeria eta indarkeria mota guztien aurkako babes egokia bermatuko die ikasle, irakasle eta beste langile transei, eskola-eremuan jazarpena eta zirikatzea barne. Horretarako, jarduteko protokolo bat txertatuko da ikastetxeko bizikidetza-planaren esparruan, sexu- edo genero-identitateagatiko aurreiritziak eta diskriminazioa dakarten jarrera eta portaera transfobikoen aurrean, edo errealitate hori lehendik dauden gai erlazionatuen protokoloen barruan sartuko da.

  3. Hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte-zerbitzuen arloen arteko koordinazioa ahalbidetuko da, diskriminazio-egoerak edo ikasle, irakasle eta beste langile transen sexu- edo genero-identitatearen kontrako eraso diren egoerak azkar hautematen direla eta esku hartzen dela bermatzeko.

  4. Pertsona transak dauden ikastetxeetan, hango hezkuntza-komunitateari prestakuntza eta aholkularitza emateko eskumena duen sailak prestakuntza eta aholkularitza egokiak erraztuko ditu, hezkuntza-komunitate osoari zuzendutako prestakuntza-plan integral baten bidez. Plan horretan, irakasleak eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak, gurasoen komunitatea eta ikasleak sartuko dira.

    Prestakuntza- eta aholkularitza-lan hori profesionalek emango dute, haur eta gazteen transexualitatearen errealitateei buruzko ezagutza espezifikoa izanik, pertsona transen eta adingabe transexualen familien elkarteekin lankidetzan.

    Eskola-eremuko lanketa hori osasun- eta gizarte-arloetatik egiten ari diren gainerako laguntza-jarduketekin koordinatuko da; eremu horietako guztietako profesionalek lankidetzan jardun ahal izango dute eta elkarri lagundu ahal izango diote beren jarduketetan, betiere pertsona transen intimitatea errespetatuz eta jarduketa horietan erabilitako datuak babesteko baimen-baldintzak betez.

    Bereziki, ikastetxeentzako protokoloaren barruan, ikasle transei eta haien familiei laguntzeko neurri egokiak hartuko dira, helburu hauekin:

    1. Sexu- eta genero-identitatearekiko errespetua bermatzea, bai eta identitate hori ikusarazi ala ez erabakitzeko eskubidea ere. Pertsona transak bere agirietan agertzen denaz bestelako izen bat erabiltzea erabakitzen badu, ikastetxean egiten diren irakaskuntzako eta eskolaz kanpoko jarduera guztietan izen hori erabiltzeko eskubidea errespetatuko da, eta ikastetxeko irakasleek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek nahiz gainerako ikasleek izen hori erabili beharko dute.

      Egokitu egingo dira jendaurreko administrazio-agiriak eta ikasleei, irakasleei eta ikastetxeko gainerako langileei zuzendutakoak; barne harturik, besteak beste, klase-zerrendak, kalifikazioen informazio-buletina, ikasle-txartela, tutoretzen ordutegiak edo hauteskunde sindikaletarako hauteskunde-erroldak. Agiri horietan izen hautatua agertuko da, eta saihestu egingo da izen hori ikastetxeko gainerako ikasle, irakasle edo langileen izenak agertzen diren moduaz bestela agertzea. Era berean, ikasleen, irakasleen eta ikastetxeko gainerako langileen izen hautatua eta sexu- edo genero-identitatea jasoko dira Eusko Jaurlaritzan hezkuntza-arloko eskumena duen sailaren eskola-informazioa kudeatzeko datu-baseetan eta sistema informatikoan.

      Erregistroko agiriak zuzendutakoan, titulazioa emateko izapideak izen eta sexu horrekin bat etorriz egingo dira, historia akademikoan jasotako izena eta sexua edozein direla ere.

    2. Ikasle, irakasle eta beste langile transen irudi fisikoa errespetatzea eta errespetaraztea, bai eta janzkeraren hautu askea ere. Zentroan derrigorrezkoa bada sexuen arabera bereizitako uniforme bat janztea, adierazitako sexu- edo genero-identitatearekin bat datorrena janzteko eskubidea aitortuko da.

    3. Ikasle, irakasle eta beste langile transei beren sexuari dagozkion instalazioetarako sarbidea eta erabilera bermatuko zaie, baldin eta ikastetxean sexuaren arabera bereizitako instalazioak badaude, hala nola komunak eta aldagelak.

    4. Sexuaren arabera bereizitako jarduerak eginez gero, pertsona bakoitzaren sexu-identitatea errespetatuko da.

    5. Neurri horiek hartzeko ez da inolako txostenik erakutsi beharko.

    6. Une oro errespetatu eta errespetaraziko da pertsona transen intimitaterako eskubidea, azpiegiturek intimitate hori ahalbidetzen duten elementuak izan ditzaten erraztuz.

    7. Zuzendaritzak, emantzipatu gabeko pertsona adingabearen legezko ordezkariren bat aurreko neurriak hartzearen aurka badago, dagokion oinarrizko gizarte-zerbitzuari jakinaraziko dio adingabe transexualaren edota transgeneroaren kasuari heltzeko planteamenduan dagoen desadostasun hori, eta, nolanahi ere, adingabearen interes gorena gailenduko da beste edozein interes legitimoren aurrean, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

    8. Laguntza psikopedagogikoa bermatuko da, hezkuntza-orientazioko eta orientazio psikopedagogikoko lantaldeen aholkularitzarekin, hala behar den egoeretan.

    9. Hezkuntza-planaren esparruan, hezkuntza-arloan eskumena duen sailak eta ikastetxeek hausnarketa bultzatuko dute espazioen bereizketaz, gune mistoak sortzeko aukerez, janzkeraz eta eragina izan dezaketen gainerako elementuez, pertsona ez-bitarren eskubideak errespetatuko direla bermatzeko.

  1. Hezkuntza Administrazioak sexu-identitatea edota genero-identitatea hezkuntza-eremu guztietan errespetatua izan dadin zaindu behar du, eta hezkuntza-metodologiak, -curriculumek eta -baliabideek sexu- edo genero-identitateen aniztasunarekiko ulermena eta errespetua areagotzeko balio dutela bermatuko du.

    Ikastetxe bakoitzean nahitaezkoa izango da bizikidetza-plan bat, zeinak orientatuko baititu harrera-protokoloak, tutoretza-ekintzako planak, hezkuntza-orientazioko planak eta hezkidetza-proiektuak. Horien baitan, sexu- edo genero-identitatean oinarrituta pertsonen errespetuaren eta diskriminaziorik ezaren kultura sustatzeko hainbat jarduketa garatuko dira ikasturte bakoitzean.

    Beharrezko neurriak hartuko dira, sexu- edo genero-identitatean oinarrituta, errekonozimendurik eza, diskriminazioa edo indarkeria fisikoa edo psikologikoa dakarten hezkuntza-edukiak eraldatzeko, eta, horrela, inklusiorako eta aniztasunerako eskola bat bermatuko da, bai irakaskuntza publikoan, bai pribatuan. Erabilitako hezkuntza-materialaren edukiek, edozein formatutan, eta erabiltzen den hizkuntzak sexu- edo genero-identitaterako eskubidea errespetatzea eta babestea sustatuko dute.

  2. Orientazioarekin eta tutoretzarekin lotutako hezkuntza-edukien barruan, bermatu egingo da euskal ikasleek pertsona transen kolektiboarekiko bizikidetza-, errespetu- eta ekitate-balioak sustatuko dituen prestakuntza jasotzea, familia-eredu desberdinetarako hurbilpen bat ematen duena eta sexu-identitatearen ondoriozko errealitate desberdinak azaltzen dituena.

  3. Berdintasuna, aniztasuna eta askatasuna printzipiotzat izango dituzte Euskal Hezkuntza Zerbitzua osatzen duten ikastetxe guztiek, eta esplizituki landuko dira curriculumean zein zeharkakotasunez. Ildo horretan, pertsona transen eta trans mugimenduaren oroimenerako espazio bat eskainiko da.

  1. Irakasleen eta ikastetxeetan lan egiten duten gainerako langileen prestakuntzan trans errealitatea sartzen dela bermatuko da, sexu- eta genero-aniztasuneko egitate gisa ulertzeko, eta hura detektatzeko, ez estigmatizatzeko eta laguntzeko tresnak ahalbidetuz.

  2. Hezkuntza-arloan eskuduna den sailak pertsona transen errealitatea txertatuko du Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleen prestakuntzako zeharkako edukietan, bidezkoa den gaietan. Irakaskuntza-maila guztietan eta beste prestakuntza-eremu batzuetan dauden informazio-, dibulgazio- eta prestakuntza-edukiak berrikusiko ditu, eta, horretarako, entzunaldia emango die trans elkarteei eta adingabe transexualen familiei.

  1. Euskadiko unibertsitateek pertsona transen eskubideak bermatu beharko dituzte, eta, horretarako, edozein ikastetxek dituen neurri berberak ezarri beharko dituzte, hezkuntza-arloari buruzko aurreko artikuluetan zehazten den bezala.

  2. Helburu horrekin, pertsona transen elkarteekin lankidetzan, sexu- edo genero-identitateagatik ez baztertzeko protokoloa egingo da.

  3. Euskadiko unibertsitateek beren gradu eta masterretako ikasketa-planetan eduki espezifikoak eta egokiak sartuko dituzte, trans errealitateari heltzeko behar den prestakuntza bermatzeko. Prestakuntza hori gradu edo master bakoitzaren beharren arabera aplikatuko da.

Eusko Jaurlaritzaren titulartasuneko liburutegi guztiek funts bibliografiko bat izan beharko dute trans arloko gaiei buruz. Funts bibliografiko hori herritar guztien eskura egongo da, eta horren jarraipena eta eguneratzea egingo da.

Txartel edo identifikazio-agiri bat behar duten liburutegi eta kultura-zentro publiko guztietan, agiri horrek pertsona transen izena eta sexua jasoko ditu, Erregistro Zibilean horiek zuzendu dituzten ala ez kontuan hartu gabe.

  1. Eusko Jaurlaritzak sustatu eta zaindu egingo du kirol-jardueran, jarduera fisikoan eta aisialdiko eta denbora libreko jardueretan parte hartzea ekitatez egin dadin, sexu-identitateagatiko diskriminaziorik gabe. Euskal administrazio publikoek antolatzen dituzten kirol-ekitaldi eta -lehiaketetan, pertsona transexualak kontuan hartuko dira beren sexu-identitatea aintzat hartuta ondorio guztietarako. Jarduera horietan identifikazio-agiri edo karnet bat behar izanez gero, edozein kirol-federazioren txartela barne, berdin jokatuko da.

  2. Kirol-, kultura- eta aisialdi-jarduerak kudeatzen edo ematen dituzten profesionalek parte-hartzaile transexualaren izen hautatua erabiliko dute. Jarduera guztietan izen hori erabiltzeko eskubidea errespetatuko da. Parte hartzen duten pertsona transen irudia errespetatu eta errespetaraziko da. Sexuaren arabera bereizitako jarduerak egiten badira, sexu-identitatea hartuko da kontuan. Kirol-, kultura- eta aisialdi-jarduerak sexuaren arabera bereizita egiteko instalazioak badaude, hala nola komunak eta aldagelak, beren sexuari dagozkion instalazioetarako sarbidea eta erabilera bermatuko zaie parte-hartzaile transexualei.

  3. Neurriak hartuko dira aisialdiko eta denbora libreko eta kirol-didaktikako profesionalen prestakuntza egokia bermatzeko, trans errealitatea eta kolektiboaren errespetua eta babesa txertatuz sexu- edo genero-identitateagatiko edozein diskriminazioren aurrean. Horretarako, kirolaren eta aisialdi eta denbora librearen kudeaketaren eta gazteriaren arloan ordezkaritza duten entitate publiko edo pribatuekin beharrezko harremana ezarriko da.

  4. Kirol inklusiboa eta segregaziorik gabea sustatuko da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren kirol-ekitaldietan adierazpen transfobiko oro desagerraraziko da.

  1. Eusko Jaurlaritzak, bere eskumenen esparruan, gorroto-delituen biktima diren pertsona transei laguntzeko beharrezko neurriak hartzen direla zainduko du Ertzaintzan eta Euskal Autonomia Erkidegoko udaltzaingoetan.

  2. Eusko Jaurlaritzak, bere eskumenen esparruan, interesdun gisa jardungo du zigor-arloko zenbait auzitan, baldin eta, duten garrantzi handiagatik, eta bereziki gorroto-delituen arloan, justifikatuta badago pertsona transen interes kolektiboak eta interesak defendatzeko pertsonatzea.

  3. Pertsona transek polizia-bulegoetan, bulego judizialetan eta askatasunaz gabetzeko beste esparru batzuetan tratu eta egonaldi egokia izango dutela bermatzeko neurri egokiak ezarriko dira, bai eta pertsonaren sexu-identitatea errespetatzen duten identifikazio- eta miaketa-arauak ezartzea ere.

  4. Eusko Jaurlaritzak aukera eta erraztasunak emango dizkie atxilotu eta preso transei, bai polizia-agintaritzaren aldetik, bai espetxe-agintaritzaren aldetik, jarraitzen ari diren edozein tratamendu mediko edo hormonal jarraitzeko, bai eta tratamendu horri ekiteko ere, hala eskatzen badute.

  5. Bermatu egingo da sexu-identitateari buruzko aniztasuna eta pertsona transen babeserako araudi zibila, administratiboa eta penala lantzen direla segurtasun- eta justizia-langileen hasierako eta etengabeko prestakuntzan, hala nola udaltzaingoetan, Ertzaintzan, Justizia Administrazioko pertsonalean eta espetxe-pertsonalean, besteak beste.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Osasun-gida.

    Gehienez ere sei hilabeteko epean, adituen batzorde bat jarriko da abian, pertsona transen elkarteekin eta adingabe transexualen familiekin lankidetzan, pertsona transen arretarako osasun-gida eratzeko, lege honen 12. artikuluan xedatzen den moduan.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Trans arloan lehen mailako arreta emateko zerbitzuak eta Transexualitatearen Arretarako Unitate Espezializatua.

    Lege hau indarrean sartu eta gehienez ere sei hilabeteko epean jarriko dira abian, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren barruan, trans arloan lehen mailako arreta emateko zerbitzuak eta Transexualitatearen Arretarako Unitate Espezializatua, lege honen 15. eta 16. artikuluetan zehazten den bezala.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Legearen ebaluazioa eta berrikuspena.

    Eusko Jaurlaritzan gizarte-politikez arduratzen den sailak aldian behin ebaluatuko du lege honen betetzea, garapena eta aplikazioa eta, hala badagokio, berrikustearen egokitasuna. Ebaluazio horren maiztasuna eta metodologia lege-garapen bidez ezarriko dira.

Indargabetuta geratzen dira 14/2012 Legea, ekainaren 28koa, transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa; eta 9/2019 Legea, ekainaren 27koa, transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko ekainaren 28ko 14/2012 Legea aldatzekoa, bai eta lege honen aurka doan maila bereko edo beheragoko beste edozein arau ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Erregelamendu bidezko garapena.

Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio lege hau aplikatzeko eta garatzeko beharrezkoak diren erregelamendu-mailako xedapen guztiak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 21a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.