Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

1/2024 LEGEA, otsailaren 8koa, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketarena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 38
  • Hurrenkera-zk.: 901
  • Xedapen-zk.: 1
  • Xedapen-data: 2024/02/08
  • Argitaratze-data: 2024/02/21

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Industria; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren otsailaren 8ko 1/2024 Legea.

Gaur egun gure planetak jasaten duen klima-aldaketa da espezie gisa aurre egin behar diogun erronka nagusia. Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldeak (IPCC) txosten berezi bat egin zuen 2018. urtean industriaurreko mailekiko 1,5 ºC-ko berotze globalak planetan eragingo lituzkeen inpaktuei buruz eta, ondorioz, munduan berotegi-efektuko gasen emisioek bete beharko lituzketen ibilbideei buruz, eta txosten horretan baieztatu zuten klima-aldaketaren inpaktua oso azkar areagotzen ari dela eta XXI. mendean 1,5 ºC-ko eta 2 ºC-ko berotze globala gainditu egingo dela, baldin eta hurrengo hamarkadetan CO2-aren eta berotegi-efektuko bestelako gasen emisioak argiro gutxitzen ez badira. Ohartuta tenperatura 2 ºC igo ala 1,5 ºC igo nabarmen aldatzen direla igoeraren inpaktuak, txostenaren arabera, tenperatura 1,5 ºC baino gehiago ez igoarazteko moduan izateko, munduko CO2 emisio garbiak % 45 murriztu beharko lirateke 2030ean, 2010. urtearekin alderatuta; 2050 inguruan, berriz, zeroko balioa izan beharko lukete, eta, mendean aurrera egin ahala, neutraltasuna lortu beharko litzateke berotegi-efektuko gainerako gasetan.

2023. urtean IPCCren ebaluazioaren inguruan argitaratu den seigarren txostenaren laburpenak azpimarratzen du klima-aldaketak planeta guztiari eragiten diola, eta bizkortzen eta areagotzen ari dela. Inolako zalantzarik gabe ezartzen du aldaketa klimatikoa hainbat giza jardueraren ondorioz atmosferan berotegi-efektuko gasak metatzearen ondorio dela, batez ere erregai fosilak (petrolioa, ikatza eta gas naturala) erretzearen eta baso-soiltzearen ondoriozkoak. Are gehiago, aldaketa klimatikoa da biodibertsitateari edo nitrogenoaren eta fosforoaren zikloei ere eragiten dien krisi ekologiko handiago baten agerpenik premiazkoena eta agerikoena, Lur planetan giza bizitza garatzeko ezinbestekoak diren beste fenomeno biogeologiko batzuen artean. Txostenak adierazten du ekosistemetan izandako efektuak lehenago nabarmentzen direla, zabalduago daudela eta aurretik antzemandakoak baina larritasun handiagoko ondorioak dituztela. Gainera, berotze globalak tenperaturen igoera handiagoak eta muturrekoagoak eragingo dituela, hezetasun, euri eta horiei lotutako uholdeetako baldintza arriskutsuak, zikloi tropikalak, baso-suteak eta itsasoaren mailako muturreko gertakariak aipatzen du. Ildo beretik, Estatu Batuetako Ozeano eta Atmosferaren Administrazio Nazionalak (NOAA) emandako datuek baieztatu dute itsaso eta ozeanoen batez besteko tenperatura inoiz baina altuagoa dela eta errekorra gainditu duela erregistro ofizialak daudenetik, 21,1 ºC-koa zen 2023ko apirilean.

IPCCren txostenak azpimarratzen du premiazkoa dela neurri anbiziotsuak hartzea sektore eta eskala guztietan, izan ere, 2030. urtera arte munduko isuriak erdira murrizteko beharrezko baliabideak baditugu eta, horretaz baliatuz, oraindik, jasangarria eta bizigarria den etorkizun bat berma dezakegu. Ekarpenik esanguratsuenak eguzki-energia eta energia eolikotik, basoen eta bestelako ekosistemen babes eta leheneratzetik, klima errespetatzen duten elikadura-sistemetatik eta eraginkortasun energetikoaren forma ezberdinetatik etorriko dira. Txostenak ondorioztatzen du egokitzapen-neurriek erresilientzia eragin dezaketela modu efektiboan, baina finantzaketa handiagoa behar dela irtenbideak areagotzeko. Irtenbide horiek, txostenaren arabera, bizitza errealean ezarri behar dira, ez ereduetan bakarrik, eta muga teknologiko, ekonomiko, instituzional, ingurune-ekologiko eta soziokulturalak gainditu behar ditu. Klima-aldaketaren eta krisi ekologikoaren ondorio okerrenak saihesteak berekin dakar eredu bat garatzea, zeinak planetako biztanle guztientzat bizitza duina eta jasangarria ziurtatuko duen, etorkizuneko belaunaldiei ingurumen egokiaz eta gizarte-ongizate bidezko eta ekitatiboaz gozatzeko aukera hipotekatu gabe.

Eraldaketa hau, IPCCren arabera, ez da posible izango ekitate eta justizia-sozialik gabe. Horretarako, ekintza klimatikoa politika makroekonomikoetan txertatu behar da, horiek ahalbidetu dezaten emisio gutxiko garapen jasangarria, enplegua sortuko duena, babes sozialeko neurriekin eta finantzaketara iristeko neurriekin. Eraldaketa azkarra izan dadin, eta irismen handikoa sistema eta sektore guztietan, beharrezkoak izango dira lege eta politika sendoak eta nazioarteko kooperaziokoak.

Pariseko COP21 izenarekin ezagutzen den Klima Aldaketaren Nazio Batuen Konferentzian, 2015eko abenduan, akordio historiko bat hartu zen klima-aldaketaren aurka borrokatzeko, klima-aldaketak eragindako efektu kaltegarrietara egokitzearen garrantzia nabarmendu zen, baita beharrezko ekintzak eta inbertsioak areagotzeko eta bizkortzeko beharra ere, etorkizuna jasangarria, klimarekiko erresilientea eta karbono-emisio gutxikoa izan dadin. Pariseko Akordioaren helburu nagusia munduko erantzuna indartzea izan zen klima-aldaketaren mehatxuaren aurrean, munduko tenperaturaren igoera 2 gradu zentigradutik askoz beherago mantenduz, industrializazioaren aurretik zegoen tenperatura kontuan izanik, eta ahaleginekin jarraitzea tenperaturaren igoera 1,5 gradurantz gehiago murrizteko. Akordio hori sinatutako alderdiek berretsi behar dute zehaztutako kontribuzio nazional (NDC) deiturikoen bitartez, hau da, aldizka berritu beharko diren murrizketa-konpromisoen bitartez. Urte batzuk beranduago, 2021eko azaroan, Glasgow-eko COP26-an, 190 herrialde baina gehiagoren arteko akordioa lortu zen, horrek Pariseko Akordioa osatzea eta bere helburuak bizirik mantentzea ahalbidetu zuen, berotze globalaren mugatzeari mesede eginez. Urtebete beranduago, 2022ko azaroan, Sharm el Sheij-eko COP27-an hainbat neurri hartu ziren konpromiso hori berresteko eta herrialdeen ekintza indartzeko berotegi-efektuko gasen emisioak gutxitze aldera eta klima-aldaketaren halabeharrezko ondorioetara egokitze aldera, nahiz eta aurrerapauso handiena justizia klimatikoaren arloan eman, Galera eta Kalteen Funtsa sortzea erabaki baitzen. 2023ko abenduan Dubain egindako azken COP28-ak, lehen aldiz, energia fosilak atzean uzteko eta energia berriztagarrien ezarpena bizkortzeko erabakia hartu du hamarkada kritiko honetan, bai eta klima-egokitzapenaren finantzaketaren alde egitea eta Galera eta Kalteen Funtsari baliabide ekonomikoak ematea ere.

Europako Batzordeak, Europako Itun Berdea izeneko 2019ko abenduaren 11ko Jakinarazpenean, estrategia berri bat ezarri zuen Europar Batasuneko gizartea eraldatzeko, ekitatiboa eta oparoa izan dadin, zeinak ekonomia modernoa, baliabideen erabileran efizientea eta lehiakorra izango baitu, zeinean ez baita berotegi-efektuko gasen emisio garbirik egongo 2050erako eta hazkunde ekonomikoa baliabideen erabilera trinkotik bananduta garatuko baita. Itun horren bitartez, Europar Batasunaren kapital naturala eta ekosistemen zerbitzuak babestu, mantendu eta hobetzeaz gain, herritarren osasuna eta ongizatea babestu nahi da ingurumen-arrisku eta -efektuen aurrean. Era berean, trantsizio horrek bidezkoa eta integratzailea izan behar du, inor atzean utzi gabe.

Europar Batasunak 2030ean CO2 emisioak % 55 gutxitzeko, 1990ekin alderatuta, eta 2050ean berotegi-efektuko gasen emisioen neutraltasuna lortzeko helburu loteslea hartu zuen, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/1119 (EB) Erregelamenduaren bidez; izan ere, 2021eko ekainaren 30eko 2021/1119 (EB) Erregelamenduaren bidez klima-neutraltasuna lortzeko esparrua ezartzen da eta 401/2009 (EE) eta 2018/1999 (EB) Erregelamenduak aldatzen dira. Halaber, xedatu du Estatu kideek eta Europar Batasunak klima-aldaketaren aurrean egokitzeko gaitasuna handitu, erresilientzia indartu eta zaurgarritasuna murriztu behar dutela.

2020ko abenduan, Parisko Akordioarekiko ekarpena eguneratu zuen Europar Batasunak, eta 1990ekin alderatuta emisioak % 55 murrizteko konpromisoa ezarri zuen. Hori betetzeko, Europako Batzordeak Fit for 55 izeneko neurri multzoa aurkeztu zuen 2021eko uztailean. Agiri horretan, 11 legegintza-testu baino gehiago biltzen dira, eta zenbait neurri ezartzen dira, elkarri lotuta eta elkarren osagarri, EBren helburua lortzeko, alegia, 2030erako emisioetan % 55eko murrizte garbia lortzeko. Neurrion artean, hauek nabarmendu behar dira: karbonoa mugan doitzeko mekanismoari buruzko erregelamendu-proposamen bat, inportazioek eragindako karbono-ihesari aurre egiteko, Emisio Eskubideen Merkataritza Araubidea ezartzen duen Zuzentaraua berrikusteko proposamena, eta energia-efizientziari, energia berriztagarriei eta energiaren fiskalitateari buruzko zuzentarauen berrikuspenak.

Estatuan, Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren maiatzaren 20ko 7/2021 Legeak lege honen esparrua osatzen du Europako legediarekin batera. Estatuko legeak 2050. urterako lortu nahi du beranduenez emisio-neutraltasuna. Horretarako, 2030ean, Espainiako ekonomia osoaren emisioak gutxienez % 23 murriztu beharko dira 1990ekoekin alderatuta. Lege honek ezarritako helburuak koherenteak dira Euskal Autonomia Erkidegoak helburu horiek lortzeko egin behar duen ahaleginarekin.

Halaber, 2050ean Espainiako Ekonomia Modernoa, Lehiakorra eta Klimatikoki Neutroa izateko Epe Luzeko Estrategiak (2050 ELE) bide bat erakusten du beranduenez 2050ean Espainiako berotegi-efektuko gasen emisioak 1990ekin alderatuta % 90 murriztu ahal izateko. Emisioen gainerako % 10a karbono-hustulekuek jasoko dute, eta horrekin klima-neutraltasuna lortuko litzateke.

Epe ertainean, Estatuan Energia eta Klimaren 2021-2030 Plan Nazional Integratuak (PNIEC) ezartzen ditu 2030erako helburuak: energia berriztagarrien sartzea % 42koa izatea; efizientzia energetikoa hobetzea, energia primarioaren kontsumoa % 39,5 murriztuta; eta berotegi-efektuko gasen emisioak % 23 murriztea 1990ekoekin alderatuta. Gaur egun, helburu horiek gorantz berrikusten ari dira.

Bestalde, Klima Aldaketara Egokitzeko 2021-2030 urteetako Plan Nazionalaren helburu nagusia klima-aldaketaren eraginekiko ekintza koordinatua eta koherentea sustatzea da, horrela klima-aldaketatik datozen egungo eta etorkizuneko kalteak saihestu edo murrizteko eta ekonomia eta gizarte erresilienteagoak eraikitzeko.

Eskualdeek eta toki-erakundeek klima-aldaketa arintzeko neurrien % 70 baino gehiago hartzen dituzte eta egokitzapen-neurrien % 90eraino, eta EBko legeria guztiaren % 70 baino gehiago aplikatzen dute; horretarako, gastu publikoaren heren bat eta inbertsio publikoaren bi heren bideratzen dira. Bestalde, dei egiten zaie enpresei, herritarrei eta sektore ekonomiko guztiei, lehen sektoreari ere bai, laguntza eman dezaten eta jardunbideak molda ditzaten, ezarri diren helburuak lortu ahal izateko. Hortaz, klima-neutraltasuna lehenbailehen lortzeko helbururantz jarraitu behar da, eta lortuko bada, eskualdeen eta toki-erakundeen laguntza eta lankidetzarekin izango da.

Euskadin, epe luzeko egungo ikuspegitik, energia-sistemak duen erronka eredu energetiko gero eta jasangarriagorantz aurrera egitea da, emisioak gutxitzeari, hornidurak bermatzeari eta lehiakortasunari dagokienez. Epe ertainean, indarrean dagoen Euskadiko 2030erako Energia Estrategiak (3E2030) garatu beharreko jarduketak zehazten ditu, 2030era arte, energia-eskaria kontrolatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko, bertako baliabide berriztagarrien ustiapena handitzeko eta erregai fosilen kontsumoa murrizteko. Plangintza hori lotuta dago, beste helburu batzuen artean, ekonomiaren deskarbonizazioarekin, garapen teknologikoarekin eta EAEko industriak nazioarteko merkatuan duen kokatzearekin.

Aldaketa klimatikoari buruzko esparru estrategikoaren azken eguneraketa 2015ean zehaztu zen, Klima 2050-Klima Aldaketaren Euskal Estrategia onestearekin, zeinak helburu bikoitza uztartzen du: alde batetik, berotegi-efektuko gasen emisioak % 40 gutxitzea 2030erako eta % 80 gutxitzea 2050 urterako, 2005 erreferentziatzat hartuta, eta, bestetik klima-aldaketaren eraginetara egokitzea. Klima-larrialdiaren gaur egungo testuinguruan, helburu horiek gorantz berrikusi behar dira.

2019ko uztailean, Euskadik bat egin zuen mundu osoko erakunde politiko, sozial eta akademikoekin, klima-larrialdiaren deklarazio formalaren bidez. Horren helburua da politika publikoak azkartzea lurraldea eta gizartea karbonoan neutroak eta erresilienteagoak izan daitezela. Era berean, Eusko Legebiltzarrak eta lurralde historikoetako batzar nagusiek ere konpromisoa hartu dute behar diren ekimenak sustatu, bultzatu eta adosteko klima-larrialdiaren aurrean anbizioz eta urgentziaz ekite aldera.

Euskadik 2019ko abenduaren 11ko Europako Hitzarmen Berdearekin bat egin zuen Basque Green Deal (BGD) delakoaren bitartez, etorkizun jasangarriagoa lortzeko eta krisialditik inor atzean utzi gabe ateratzeko. Basque Green Dealek emisioak murrizteko eta energia berriztagarria sortzeko helburuak jasotzen ditu, baina ez da eremu horietara mugatzen, ekonomia eredu gisa jaiotzen baita, industria eta teknologia ardatz nagusiak izanda. Horregatik, zientzia, teknologia, ekonomia zirkularra, industria, trantsizio energetikoa edo elikadura katea helburu berean lerrokatzen dira: garapen bidezko eta jasangarria.

2021eko urriaren 26an, Eusko Jaurlaritzak 2021-2024 Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Plana onetsi zuen. Plan horren xedeak hauek dira: berotegi-efektuko gasen emisioak % 30 murriztea 2005. urtearekin alderatuta, energia berriztagarrien kuota energiaren azken kontsumoaren % 20 izatea eta EAEren lurraldearen erresilientzia bermatzea klima-aldaketaren aurrean.

Euskadik ibilbide luzea du energiari eta klima-aldaketari buruzko politiketan. Industriak EAEko ekonomian duen garrantzia dela eta, industria-politika ezinbesteko tresna da trantsizioan, industria berritzailea eta aldaketaren motorra izan dadin. Horregatik, Administrazioak, industria-klusterren eta energia-enpresa nagusiekin laguntzarekin, Basque Net Zero Industrial Super Cluster delakoa jarri du abian, industriaren deskarbonizazioa eta energia-efizientzia azkartzea bilatzeko, aldi berean, garapen teknologikoan eta berrikuntzan oinarritutako merkatu-aukerak aprobetxatzea bideratuz. Euskadik bat egin du World Economic Forum (WEF) garatzen ari den programarekin, industria-trantsizioa bultzatzeko 2050ean zero emisio garbi lortzeko helburuarekin.

Gaur egun, Euskadik kanpoko energia-mendekotasun handia du, energia-kontsumo osoaren % 90 inguru. Petrolioaren eratorriak dira energia-iturri erabiliena, ondoren gas naturala dago, eta energiaren azken kontsumoan erregai fosilen portzentajea % 83,9 izan zen 2022an.

2022ko azken energia-kontsumoaren egiturari erreparatzen badiogu, energia-eskari handiena garraio-sektorekoa da, kontsumoaren % 44,6, eta, ondoren, industriakoa, kontsumoaren % 35,3. Bizitegi-sektoreak energiaren % 11,4 kontsumitu zuen, eta zerbitzuen sektoreak, berriz, kontsumitutako energiaren % 8,1. Bestalde, lehen sektoreak guztizkoaren % 0,6 baino ez zuen kontsumitu.

1990-2022 aldian, EAEko energia-eskariaren egitura nabarmen aldatu da: gas naturalak eta energia berriztagarriek matrize energetikoan duten parte-hartzea handitu egin da, petrolioaren eratorrien kaltetan, eta ikatza ia desagertu egin da. Amaierako kontsumo energetiko sektorialari dagokionez, industria-sektorearen gutxitzea kontsumoan duen partizipazioaren gutxitzean islatzen da, % 62tik % 35era igaro baita, besteak beste, efizientzia energetikoan izandako aurrerapenei esker; garraio sektoreari dagokionez, kontsumoa handitu egin da, % 22tik % 44ra igarota; eta eraikinetan areagotu egiten da, % 14etik % 20ra, batez ere zerbitzuen sektorearen handitzeak bultzatuta. Datu horiekin, lehentasunezkoa da garraioaren sektorean ekitea, gaur egun Euskadin energia gehien kontsumitzen duen sektorea delako, bai eta berotegi-efektuko gasen isurle handiena ere. Hala, xedea da kontsumoak gutxitzea eta erregai fosilak atzean uztea da, pertsonen zein salgaien garraioan.

Euskadin, euskal politika energetikoak ingurumen-aldagaia txertatzen du, 1990etik, ondoz ondoko estrategia energetikoen diseinu eta garapenean, berotegi-efektuko gasen emisioak eta atmosferako kutsatzaileak murrizteko helburuak ezarriz. Euskadin 2016-2030 aldirako indarrean dagoen energia-estrategiari lotutako helburuen artean, azpimarratzekoak dira 2030ean energiaren eskaria % 17 murriztea joera-agertokiari dagokionez, energiaren intentsitatea % 33 hobetzea, energiaren amaierako kontsumoan energia berriztagarrien erabilera % 13tik % 21era igarotzea, 2015 urtea erreferentziatzat hartuta, petroliotik eratorritakoak % 18 murriztea, eta energia-jatorria duten CO2 emisioak 3 Mt apaltzen laguntzea.

Trantsizio energetikoak aldaketa sakona eragingo du energiaren sektorean. Azken helburua energia-matrize dibertsifikatua, berriztagarria eta deskarbonizatua lortzea da, energia-hornidura segurua ekarriko duena arrazoizko kostuan. Horretarako, kontsumoak murriztu behar dira aurrezpen eta efizientzia energetikoko neurrien bidez, energia berriztagarriak ezarri behar dira eta lehen sektorean, eraikuntzan, industrian eta garraioan eraldaketa garrantzitsua egin behar da.

Klima-neutraltasuna lortzeko energia-trantsizioa egitea eragile instituzional, sozial eta ekonomiko guztiei dagokie. Azken batean, gizarte osoa hartzen du erantzunkide. Sistema energetikoak baliabide energetiko banatuen aprobetxamenduan oinarrituta egon behar du, eta, horren barruan, aldizkako energia-iturri berriztagarrien aldizkako osagarri, energia nahikoa biltegiratzeko sistemak erabili beharko dira, sare energetiko adimendunak garatu eta eskariaren kudeaketan jarrera aktiboa hartu. Gizarte osoak trantsizioan zeregin aktiboa izan dezala sustatuko da, bai kontsumoak murriztearen ikuspegitik, bai sorkuntzaren ikuspegitik. Horrela, lehentasunezkoa da autokontsumoa orokortzea, banakakoa zein kolektiboa, partikularrena zein enpresena, baita energia-komunitateak hedatzea ere.

Deskarbonizazioa lortzeko, beharrezkoa izango da elektrizitatearen azken kontsumoaren ehunekoa handitzea eta sare energetikoen interkonexio eta integrazio handiagoa. Beharrezkoa izango da energia-politika egonkortuak, hala nola, energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarriak, beste batzuekin uztartzea, energia-ereduan aurrerapen teknologikoak txertatu ahal izateko eta sektore guztietan pertsona eta enpresa kontsumitzaileak egokitzen laguntzeko.

Ezinbestekoa da proaktiboak izatea energia-irtenbide berriak garatzean, iturri berrriak zein bektore energetikoak garatzeko orduan, deskarbonizazioan aurrera egiteko eta Euskal administrazio publikoak erreferente bihurtzeko jarduera-sektoreen eta herritarren aurrean, trantsizio energetikoari dagokionez. Halaber, lehentasunezkoa da EAEko industria arlo energetikoan nazioarteko erreferente teknologiko bihurtzea. Horretarako, berrikuntza-jarduerak erraztu eta sustatuko dira balio-kate osoan, eta EAEko zientzia- eta teknologia-sistemaren balioa azpimarratuko da. Era berean, ekonomia zirkularreko estrategiak, bizitza-zikloaren ikuspegia txertatuta, funtsezkoak izango dira deskarbonizazioaren helburua lortzeko.

Ihobe sozietate publikoak argitaratutako berotegi-efektuko gasen azken inbentarioaren arabera, Euskadin berotegi-efektuko gasen isurketak, 17,6 milioi tona CO2 baliokide izan ziren 2021ean, batez beste, 8 tona biztanle bakoitzeko, Europar Batasuneko batezbestekoa baino apur bat handiagoa. 1990. urtearekin alderatuta, % 15 murriztu dira isurketak, eta 2005. urtearekin alderatuta, % 31 murriztu dira.

Isurketak sektoreka aztertuta, energiaren eraldaketa % 31 da, industria % 20, garraioa % 35, bizitegi-sektorea % 5, zerbitzuak % 2, nekazaritza % 3 eta hondakinak % 4. Datu horiek gida gisa erabili behar dira klima-aldaketari aurre egiteko legezko neurriak ezartzeko orduan, arintzeari dagokionez. Horregatik, premiazkoa da arreta energia-sorkuntzan eta garraioan jartzea.

Industriatik eratorritako isurketak % 36 murriztu ziren, eta sektore energetikoarenak % 49, erreferentzia-urtea 2005 bada, eta % 52 eta % 31, hurrenez hurren, 1990 hartzen badugu oinarritzat. Hala ere, garraioaren isurketak % 9 igo ziren aldi horretan; % 119, 1990ekoekin alderatuta. Lurraren erabileren, lurraren erabileren aldaketaren eta basogintzaren sektorean CO2 xurgapen garbia egon da aztertutako urte guztietan, eta batez beste 1.922 kt CO2 eq/urte finkatu dira, 415 eta 2.930 kt CO2 eq/urte artean. Bestalde, BPGdeko unitate bat ekoizteko sortutako isurketak % 30 jaitsi dira 2005etik, eta % 35, berriz, 1990etik. Horrek esan nahi du EAEko ekonomia zenbateraino banandu den sortutako isurketetatik.

Nazio Batuetako Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldearen 2018ko Txosten Bereziak proposatutako murrizketa-helburuari dagokionez, Euskadiko emisioak % 19 jaitsi ziren 2010. urtearekin alderatuta, eta tenperatura globala 2 ºC-tik behera mugatzeari dagokion 2010-2030 aldiko murrizketa-bidearen azpitik geratu ziren, baina 1,5 ºC-tik gora; beraz, ahalegin handiagoa egin behar da bide horri heltzeko.

Klima-aldaketaren ondorioz Euskadin espero diren aldaketa nagusiei dagokienez, honako hauek aurreikusten dira: tenperaturak oro har igotzea, prezipitazio-erregimena aldatzea, uraren tenperatura berotzea, itsas maila igotzea eta fauna eta florako hainbat espezie aldaketetara ez egokitzeko arriskua, horien artean, gaur egun finkatuta dauden laboreak. Gertatzear diren aldaketa horien tamaina eta garrantzia kontuan hartuta, beharrezkoa da lege hau onestea, EAEko lurralde-ordenamendu juridikoan klima-aldaketaren aldagaia gehitu dadin eta, modu horretan, trantsizio energetikorako oinarri egokiak ezar daitezen. Bestalde, nahiz eta trantsizio hori osorik egin eta berotegi-efektuko gasen emisioak murriztu, ebidentzia zientifikoak adierazten du klima-aldaketa bertan dugula eta ondorio saihetsezinak eragingo dituela hamarkada luzez; horregatik, gizarte osoa egokitzeko ahalegina egin behar da eta, bereziki, sistema instituzional eta ekonomikoa egokitzeko ahalegina, epe ertain eta luzean ondorioak eta kostuak arintzeko eta lurraldearen erresilientzia hobetzeko.

Erronka horri eman beharreko erantzunak esparru juridiko bat behar du, esparru horren barruan estrategiak, ekintza-planak eta tresnak zehaztu eta abian jartzeko, 2050erako berotegi-efektuko gasen emisioen neutraltasuna lor dadin, 2030ean eta 2040an tarteko helburuak ezarrita, eta gure lurraldea klima-aldaketaren aurrean erresilienteagoa izan dadin, eta, horretarako, erakunde arteko koordinazio-mekanismoak eta -organoak aktibatu behar dira trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren arloan.

Halaber, Europako Itun Berdearekin lerrokaturik, trantsizio energetikoak eta klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko politikek ekoizpen-sektoreen eta sektore publikoaren eraldaketa digitalaren eskutik etorri behar dute, esparru horietan bietan egindako aurrerapenak optimizatzeko. Horrenbestez, administrazio publikoek aprobetxatu behar dituzte bi trantsizio horiek, trantsizio berdeak eta trantsizio digitalak, eskaintzen dituzten aukerak, helburu klimatiko eta energetikoak betetzeko, teknologiak eta digitalizazioak eskainitako aurrerapenak txertatuz.

Gizarte jasangarria lortzeko aldaketa-prozesua tamaina handiko erronka da ingurumen, energia eta gizartearen esparruetan. Hiru hamarkadaren buruan, errotik aldatu beharko da EAEko energia-sistema, eta erabateko eraldaketa beharko da EAEko ekonomiaren oinarrietan eta horren produktu eta zerbitzuen ekoizpen- eta kontsumo-prozesuetan; azkenik, gizarte-usadio eta ohiturak ere egokitu beharko dira.

Trantsizio esanguratsu horri esker, arriskuak arrisku, gizarte-, ingurumen-, ekonomia- eta enpresa-, aukera nabarmenak sortuko dira, eta hainbat eragilek aukera horiek baliatu ahal izango dituzte, ekonomia berri baten oinarriak finkatzeko, eta epe ertain eta luzean bideragarriak izango diren enpresekin, testuinguru berrian aberastasuna eta enplegua sortuz eta gizartearen ongizate- eta kohesio estandar altuak sustatuz.

Azpiegiturak, gaitasunak, ekoizpen-prozesuak eta prozesu logistikoak, kontsumo moduak eta enpresek eta instituzioek eskainitako produktuak eta zerbitzuak egokitu beharko dira karbono-aztarna txikiagoa sortzeko, eta, modu horretan, eskuragarri dauden baliabide mugatuen erabileran hobetzeko ekoizpenari eta efizientziari dagokienez, EAEko enpresak tokiko, Estatuko eta Europako merkatuetan lehiatu eta kokatu ahal izateko. Horretarako, beharrezkoa izango da enpresa-estrategia berriak eta negozio-eredu berritzaileak ezartzea jasangarritasun sozial eta ekonomikoan oinarrituta.

Gainera, trantsizio energetikoa lortzeko, inbertsio publiko eta pribatu handiak egin beharko dira hurrengo hamarkadetan, energia-efizientzian, kontsumoen elektrifikazioan, energia berriztagarrietan, biltegiratze-sistemetan, hidrogeno berriztagarrian, sare energetiko digitaletan eta horiei lotutako beste teknologietan. Inbertsio horiek gure lurraldean etekin ekonomikoa sortzeko, trantsizio energetikoko estrategiak garapen teknologiko eta industrialeko estrategiekin osatu eta babestu behar dira, zeinek energia- eta ingurumen-inbertsioak garapen-aukeratzat baliatzea ahalbidetuko duten instituzio publikoentzat eta enpresa-sektoreentzat, bai eta horiei lotutako balio-kateentzat ere, produktu eta zerbitzu lehiakorrak garatuz, negozio eredu berriak identifikatuz eta enpresen arteko lankidetzaz, aukera horiei ekiteko.

Eraldaketa hori guztia egitean, gainera, energia-teknologien eta irtenbide desberdinen arteko oreka lortu beharko da, naturan oinarritutako irtenbideak ere barnean direla, era horretan eskuragarri dauden baliabideak modu efizientean esleitu ahal izateko, azken xedea kontuan hartuta, hau da, 2030. urteari begira nabarmenki murriztea berotegi-efektuko gasen emisioak, Europako helburuekin bat, eta lehenbailehen zero emisio garbiko ekonomia lortzea.

Ildo horretan, EAEko zientzia- eta teknologia-sistemaren indarrak eta eragile publiko eta pribatuen berrikuntza arloko lankidetzaren paper dinamizatzaileak, klusterrak dinamizatzeko erakundeek eta erakunde zientifiko eta teknologikoek zeregin azpimarragarria izango dute. Industria sare indartsua, ahalmen teknologikoa, kapital fisikoa eta giza kapitala sektore energetikoan eta beste balio-kate egonkortu batzuetan pilaturik, hala nola, potentzia-elektronikan, biltegiratzean edo digitalizazio-zerbitzuen sektorean, ardatza izan behar dute egitear dagoen eraldaketari eragiteko.

Lege honetan ezarritako helburuak betetzeko, euskal administrazio publikoak zuzenean engaiatuko dira eta honako hauek sustatuko dituzte: energia-aurrezpena eta energia-efizientzia, energia berriztagarrien ezarpena, eskala eta modalitate desberdinetan, trantsizioa bultzatzen duten irtenbide eta jardunbide zirkularrak hartzea, batez ere, deszentralizazioan, hurbiltasunean eta eskuragarri dauden baliabideen aprobetxamendu optimoan oinarrituta. Elikadura osasuntsuak eta gertukoak, testuinguru horretan, zeregin erabakigarria izan behar du, Europar Batasunaren estrategiekin bat etorriz.

Prozesu hori guztia trantsizio bidezkoaren irizpidea betez gauzatu beharko da, kontuan hartuta haren kostuen eta kargen banaketa ekitatiboa, inor atzean utzi gabe, arreta berezia eskainita sektore ekonomiko, lurralde eta biztanleria zaurgarrienei eta pertsonen genero-, adin- edo disfuntzio-aldagaia integratuta, modu horretan trantsizioa ez dadin bidegabekerien eta desparekotasunen kausa bihurtu.

Lege honi esker, modu efizientean egokituko dira Euskadiko errealitatera bai araudi-esparrua bai nazioarteko konpromisoak, eta zero emisio garbiko ekonomia eta lurralde erresilientea lortzeko trantsiziorako erabil daitezkeen estrategiak eta tresnak konfiguratuko dira plangintza baten eta ibilbide-orri baten esparruan, zeinak bat etorriko diren EAEko errealitate sozioekonomikoarekin eta datozen urteetako erronka eta aukerekin.

Horregatik guztiarengatik, lege hau lagungarria izango da trantsizio energetiko eta klimatikoa gauzatzeko erronka globalari erantzuna emateko, aldi berean EAEko ekonomiaren lehiakortasunaren oinarriak mantenduta eta hobetuta, trantsizio teknologiko-digitala eta soziala oinarri izanda.

Lege honen babes legala EAEko Autonomia Estatutuaren 11.1.a) eta 11.2.c) artikuluetan jasota dago, izan ere, haien arabera Euskal Autonomia Erkidegoak legegintza-garapeneko eta bere lurraldean betearazteko eskumenak ditu, hurrenez hurren, ingurumen eta ekologiaren arloan eta araubide energetikoan. Legeak 75 artikulu ditu, sei kapitulutan egituratuta, zortzi xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat eta bederatzi azken xedapen.

  1. kapitulua xedapen orokorrei buruzkoa da, eta bertan legearen xedea eta helburuak azaltzen dira.

  2. kapitulua gobernantzari buruzkoa da, eta bertan arautzen dira Euskal administrazio publikoek trantsizio energetikoarekin eta klima-aldaketarekin lotuta dituzten eskumenak eta funtzioak, eta koordinazio-, lankidetza- eta partaidetza-organoen funtzioak egikaritzeko diseinua egiten da, arreta berezia jarrita Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Euskadiko Bulegoan, laguntza eta sustapenerako kide anitzeko órgano teknikoa den heinean.

  3. kapituluan, legearen helburuak betetzeko plangintza-tresnak jasotzen dira: Epe Luzeko Ibilbide Orria, trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren estrategiak eta toki-erakundeek eta lurralde historikoek klimaren eta energiaren arloan eratzen dituzten planak.

  4. kapitulua bi ataletan banatuta dago, eta atal horietan arautzen dira trantsizio energetikoa, batetik, eta neutraltasuna sustatzeko bestelako politika sektorialak, bestetik.

  5. kapitulua EAEko lurraldearen eta gizartearen erresilientzia bermatzeko neurriei buruzkoa da.

  6. kapituluan lege honen xedapenak betetzen laguntzeko zeharkako tresnak diseinatzen dira. Bi atal ditu: lehenengoa ikerketa, hezkuntza, sentsibilizazioa eta lehiakortasuna sustatzeari buruzkoa da; bigarrenak energia berriztagarrien kanona sortzen du eta horren diru-sarreren helburua ezartzen du.

    Lehen xedapen gehigarriak Gobernu Kontseiluak Epe Luzeko Ibilbide Orria eta lehendabiziko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Estrategia onartzeko duen epea ezartzen du.

    Bigarren xedapen gehigarriak lurralde historikoetako eta toki-erakundeetako klima- eta energia-planak onartzeko epea ezartzen du.

    Hirugarren xedapen gehigarriak aurrekontu arloko jarraibideak onartzeko epea ezartzen du, legearen helburuak betetzeko aurrekontu-partidak identifikatu eta sortzeko.

    Laugarren xedapen gehigarriak Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Euskadiko Bulegoaren funtzionamendu-erregelamendua onartzeko epea ezartzen du.

    Bosgarren eta seigarren xedapen gehigarriek aukera ezartzen dute energiaren arloko helburu eta betebehar sektorialak eta legean ezarritako helburu kuantitatiboak berrikusi ahal izateko, onartuko diren plangintza- edo araugintza-tresnen bidez.

    Zazpigarren xedapen gehigarriak hidrokarburoen ustiapenean eta erauzketan desinbertsioa antolatzeko plan bat onartzea aurreikusten du.

    Zoztzigarren xedapen gehigarriak epea ezartzen du Eusko Jaurlaritzan energiaren arloan eskumena duen sailak EAEko Autokontsumoko Ibilbide Orria onetsi dezan.

    Xedapen iragankorrak energia eta klima estrategia sektorialeko eta Energia Trantsizioko eta Klima Aldaketako 2021-2024 Planaren indarraldia jasotzen du.

    Azken xedapenetako lehenak Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legea aldatzen du, energia-jarduketen planen izena lege honetara egokitzeko, hau da, klima- eta energia-planak.

    Azken xedapenetako bigarrenak Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legea aldatzen du, Ingurumeneko Aholku Kontseiluak garatu beharreko eginkizunei dagokienez.

    Azken xedapenetako hirugarrenak ekainaren 23ko 1/2006 Legea, Uraren Legea, aldatzen du: alde batetik, Uraren Euskal Agentziako Administrazio Kontseiluari agentziaren langile-plantilla onartzeko funtzioa esleitzen dio, eta, bestetik, lege horretan aurreikusitako arau-hausteengatik zehatzeko ahalaren erabilera berrantolatzen du.

    Azken xedapenetako laugarrenak aldaketa zehatz batzuk egiten ditu Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legean, araua errazago aplikatu ahal izan dadin.

    Azken xedapenetako bosgarrenak Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legea aldatzen du, klima-aldaketa arintzearen eta klima-aldaketara egokitzearen arloko jarduketak ingurumena babestearekin lotutako ekintzei ekiteko urteko aurrekontu-partidan sartzeko. Era berean, abenduaren 9ko 10/2021 Legea aldatzen da, arau-hauste astun gisa tipifikatzen diren egitate jakin batzuk lege horren zehapen-araubidean sartzeko.

    Azken xedapenetako seigarrenak aurreikusten du lege honetan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, Euskal Administrazio Publikoen zehatzeko ahalari buruzko martxoaren 16ko 1/2023 Legean ezarritako irizpideen arabera zehatuko dela, eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritako zehapen-araubidearen arabera.

    Azken xedapenetatik zazpigarrenak Gobernu Kontseiluari ahalmena ematen dio lege hau erregelamendu bidez garatzeko.

    Amaitzeko, azken xedapenetako zortzigarrenak lege honetan jasotako energia berriztagarrien kanona indarrean jartzeko data ezartzen du, eta azken xedapenetako bederatzigarrenak lege osoa indarrean jartzeko data.

  1. Lege honek, Europako zein Espainiako legediak xedatutakoaren arloan, esparru juridiko egonkor bat ezartzea du xede, beranduenez 2050. urtean lor dadin Euskadin klima-neutraltasuna.

    Aurreko paragrafoan jasotakoari kalterik egin gabe, 2045ean neutraltasun hori lortzeko behar diren ahaleginak egin beharko dira, lege honetan jasotako deskarbonizazio-jarduketa guztien bidez, jarduera horiei eusteko finantzaketa-mekanismoekin batera.

    Helburu horiek lortzeko, jarduera sozioproduktiboa deskarbonizatuko da, ekonomia zirkularrerako trantsizioa egingo da eta klima-aldaketarako egokitzapena egingo da, enplegu duina sortuko duen eta desparekotasunak murriztuko dituen garapen eredu bat ezartzea bilatuz.

    Lege honen xedea da, halaber, lurraldearen erresilientzia areagotzea klima-aldaketaren aurrean, eta trantsizio energetikoak eskaintzen dituen aukera sozialak, enpresarialak eta ekonomikoak aprobetxatzea.

  2. Ildo beretik, Europako mailan hartutako konpromisoekin bat etortzeko, 2030erako berotegi-efektuko gasak % 45 murrizteko tarteko helburu bat ezarri da, 2005eko erreferentzia-urtearekin alderatuta, hau da, 1990eko emisioekin alderatuta % 33ko murrizketaren baliokidea.

  3. Lege honen helburuak dira hauek:

    1. Nazioarteko konpromisoak betetzen laguntzea berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteari eta klima-aldaketaren efektuetara egokitzeko neurriak ezartzeari dagokienez.

    2. Trantsizio energetikoaren prozesua honako hauek ardatz hartuta garatzea: energia-aurrezpena eta -efizientzia, energia berriztagarrien aprobetxamendua eta egungo eredua deskarbonizatzeko aukera ematen duten energien erabilera, betiere horniduraren segurtasuna eta lehiakortasuna bermatuta.

    3. Deskarbonizazio-prozesua bultzatzea, EAEko sektore sozioekonomiko guztietan trantsizio energetikoa erabiliz, garapen ekonomikoa, enpleguaren kalitatea eta gizartearen ongizatea indartuz, garapen-eredu jasangarri eta inklusibo baten esparruan.

    4. Lurraldearen egokitzapen-gaitasuna areagotzea, erresilientzia indartzeko eta klima-aldaketarekiko zaurgarritasuna murrizteko.

    5. Energia-trantsizioaren prozesuaren aukerak baliatzea, EAEko industriaren lehiakortasuna bultzatzeko, teknologia- eta industria-garapena oinarri hartuta.

    6. Gizartean, instituzioetan eta enpresetan berrikuntza sustatzea, trantsizio energetikoarekin eta klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko arloekin lotuta, eta ekonomia zirkularragoa lortzeko.

    7. Aldaketa sustatzea digitalizazioa bultzatuz eta irtenbide teknologiko berritzaileak hartuz, trantsizio-energiak erabiliz, beharrezkoa izanez gero, eta kontsumitzaileak energia-sistemaren barruan eragile nagusitzat hartuz.

    8. Gizartearen gaikuntza eta harmonizazioa bultzatzea finantzaketaren, fiskalitatearen eta ikerketaren arloetan, besteak beste, modu horretan justizia soziala eta bidezko trantsizioa bermatzeko.

    9. Energiaren demokratizazioa sustatzea, herritarren sarbidea eta informaziorako eskubidea erraztuz.

    10. Lege honen xedearekin lotutako hezkuntza, ikerketa eta informazioaren hedapena bultzatzea.

  4. Lege honen xedea eta helburuak trantsizio bidezko eta jasangarri baten bidez gauzatuko dira, gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspegitik; trantsizio horrek ekitatea eta elkartasuna bermatuko ditu, eta genero-ikuspegia txertatuko du trantsizio energetikoari eta klima-aldaketari buruzko hausnarketa- eta erabaki-guneetan.

  1. Lege hau printzipio hauetan oinarrituta dago:

    1. Trantsizio energetikoa egiteko, emisioak murrizteko eta klima-aldaketara egokitzeko prozesua plangintza publikoan integratzea, sektore- eta lurralde-politiken bidez, klima-aldaketan ekintza aurre-hartzaile eta prebentiboaren ikuspegia edukita.

    2. Administrazio publikoaren jarduna eredugarria eta koordinatua izatea, Euskadiren energia-eraldaketa lortzeko; horretarako, trantsizio energetikoa oinarritzat hartuko da, karbono-neutraltasuna duen eta klima-aldaketarekiko erresilientea den gizartea lortzeko.

    3. Energiaren eta klima-aldaketaren arloan jardutea, giza garapen jasangarria lortzeko konpromisoarekin, lurralde-, enpresa- eta industria-lehiakortasuna sustatuz jasangarritasunaren helburu orokorraren inguruan.

    4. Erantzukizun partekatua eragile publiko eta pribatu guztien artean, trantsizio energetikoa egiteko, inpaktua arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko ekintzak garatu daitezen.

    5. Industria-eraldaketa bultzatzea eta enpresa-aukera berriak sortzea.

    6. Ezagutza txertatzea trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren arloan erabakiak hartzeko irizpide gisa.

    7. Kliman aurreikusitako aldaketen araberako praktika berriak aztertzea, ebaluatzea, definitzea eta zabaltzea jarduera-sektore desberdinetan.

    8. Muturreko gertakarien eta horien ondorioen aurrean erresilientzia handitzeko zuhurtzia eta prestakuntza.

    9. Energia eta klima-aldaketaren arloan ekitea, pertsona guztientzako justizia-baldintzak bermatzen dituen benetako ekitatea bultzatzeko.

    10. Euskadi energiaren eta klima-aldaketaren foroetan egotea, karbono-neutraltasuneko eta klima-aldaketara egokitutako ekonomia neutroa lortzeko trantsizioa sustatzea helburu hartuta.

    11. Herritarren parte-hartze publikoa, informazioa eta hezkuntza, trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren prozesuarekin lotuta; gardentasuna bermatuko da, informazio egiazkoa jaso ahal izateko, eta modu eskuragarrian, parte-hartze hori errazte aldera.

    12. Emakumeen eta gizonen berdintasuna, generoen ikuspegia eta gazteen ikuspegia txertatuta trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren arloko politika eta jarduketetan, erabakigune eta plangintza-prozesuetan emakumeen parte-hartzea bermatuz. Emakumeen papera sustatuko da klima- eta energia-politikekin lotutako zientzia eta ikerketaren munduan.

    1. Ingurumena, pertsonen osasuna eta segurtasuna eta herritarren bizi-kalitatea, enplegua eta ongizatea babestea, arreta berezia jarrita segmentu zaurgarrienetan.

    2. Enpresen eta landa-munduaren lehiakortasun ekonomikoa babestea, trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren ondorioak direla eta.

    1. Berrikuntza teknologikoa eta soziala, maila guztietako administrazio publikoen, eragile sozioekonomiko, teknologiko eta zientifikoen eta herritarren arteko lankidetza eta elkarlana sustatuko dituena, ezagutza zientifiko aurreratuenean oinarrituta, irtenbideak bilatzeko.

  2. Lege honen printzipioek legearen aplikazio-eremuan dauden eragile publiko eta pribatu guztientzako jardunbide-lerroak ematen dituzte, baita legea bera interpretatzeko irizpideak ere.

Lege honen ondorioetarako, honela ulertuko dira kontzeptu hauek:

  1. CO2-a xurgatzea: hustuleku biologikoek atmosferatik karbono dioxidoa (CO2) bahitzea.

  2. Klima-aldaketara egokitzea: doikuntza giza sistemetan edo natura-sistemetan aurreikusten diren edo gertatzen ari diren klima-estimuluei edo haien eraginei erantzuteko, kalteak leuntze edo alderdi onuragarriei etekina ateratze aldera.

  3. Klima-aldaketa: zuzenean edo zeharka gizakien jarduerarekin lotuta kliman gertatzen den aldaketa; munduko atmosferaren osaera aldatzen du eta alderagarri diren denbora-tarteetan behatutako klimaren aldagarritasun naturalari gehitzen zaio.

  4. Energia-komunitateak: energiaren arlorean modu guztiz boluntario eta irekian parte hartzeko entitate juridikoak dira, zeinetan kontrol eraginkorra kideak diren pertsona fisikoek, ETE-ek edo toki-agintaritzek baitute.

  5. Ekonomia zirkularra: jasangarritasun-maila handiena lortzeko, baliabideak efizientziaz erabiltzen dituen ekonomia, produktu eta zerbitzuen balio-bizitza luzatuta eta «gutxiagorekin gehiago» lortuta, material eta produktuen ekodiseinuaz, hondakin-sorkuntzaren prebentzio eta minimizazioaz, berrerabileraz, birmanufakturaz, konponketaz eta birziklapenaz.

  6. Karbono-neutraltasuneko ekonomia: zero emisioko emaitza garbiaren baliokidea da karbono-neutraltasuna. Oreka hori lortzeko, modu gradualean utzi behar zaio erregai fosilak erabiltzeari (petrolioa, ikatza, gas naturala eta abar), horiek baitira berotze globalaren eragile nagusiak, baita beste emisio-iturri batzuk erabiltzeari ere, eta, horrekin batera, gainerako emisioak konpentsatu behar dira.

  7. Berotegi-efektua: lurrazaleko tenperatura igotzea, erradiazio infragorria disipatzeko zailtasuna dagoelako atmosferan dauden gas eta substantzia jakin batzuk direla eta, hain zuen, berotegi-efektuko gasak izenekoak.

  8. Energia-efizientzia: zerbitzuak, ondasunak edo energia ekoizteko lortutako emaitzen eta horretarako erabilitako energia-baliabideen arteko erlazioa.

  9. Emisioak: gasak eta gasen aitzindariak atmosferara askatzea, zuzenean edo zeharka giza jardueraren mende dauden iturrietatik.

  10. Iturri berriztagarrietatik lortzen den energia: energia modu agorrezin eta mugagabean sortzen duten iturri naturaletatik lortutako energia. Energia-iturri berriztagarriak dira, besteak beste, biomasa, eguzki-energia, haize-energia, energia minihidraulikoa eta itsas energia.

  11. Berotegi-efektuko gasak (BEG): atmosferako osagai gaseosoak, bai jatorri naturalekoak, bai giza jardueretatik sortutakoak, zeinek berotegi-efektua eragiten baitute erradiazio infragorria xurgatzean eta berriro isurtzean. Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Konbentzioaren arabera, hauek jotzen dira gaur egun klima-aldaketaren eragiletzat: karbono dioxidoa (CO2), metano gasa (CH4), oxido nitrosoa (N2O), sufre hexafluoruroa (SF6), nitrogeno trifluoruroa (NF3), perfluorokarbonoak (PFC) eta hidrofluorokarbonoak (HFC).

  12. Azpiegitura berde-urdina: beste ingurumen-elementu batzuekin estrategikoki planifikatutako naturagune eta gune erdi-naturalen sarea, kalitate handiko ur-masak ere barnean hartzen dituena, ekosistemen zerbitzuak emateko eta landa- zein hiri-kokaguneen natura-ondarea babesteko diseinatua eta kudeatua.

  1. Gobernantza klimatikoa: gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-sistema klima-aldaketaren arriskuak prebenitzera, arintzera eta horretara egokitzera bideratzeko mekanismo eta neurrien multzoa.

  2. Karbono-aztarna: erakunde, ekitaldi edo jarduera bati edo produktu edo zerbitzu baten bizi-zikloari lotutako berotegi-efektuko gas-emisioen guztizkoa, klima-aldaketan zer-nolako ekarpena egiten duen ebaluatzeko kuantifikatua. CO2-ko tona baliokidetan adierazten da.

  1. Azpiegitura kritikoak: azpiegitura estrategikoak, zeinen funtzionamendua ezinbestekoa den; ez dute soluzio alternatiborik eta, ondorioz, funtsezko zerbitzuetan eragin larria izango luke horiek asaldatzeak edo suntsitzeak.

  2. Klima-aldaketa arintzea: gizakiaren esku-hartzea berotegi-efektuko gasen iturriak murrizteko edo gas horien hustulekuak hobetzeko.

  3. Klima-neutraltasuna: berotegi-efektuko gasen emisio garbiak orekatuta dauden egoera, non emisio horiek planetaren xurgapen naturalaren bidez ezabatzen direnen parekoak edo txikiagoak baitira.

  4. Klima-proiekzioak: etorkizuneko klimaren irudikapen sinesgarria eta askotan sinplifikatua, berotegi-efektuko gasen emisioen gaineko zenbait suposiziori buruzko proiekzioetan oinarritua, hau da, erlazio klimatologikoen multzo bat, sendoki eratuta, gizakiak eragindako klima-aldaketaren ondorio potentzialak ikertzeko eraikia, bilakaera demografikoaren, ekonomiaren, teknologiaren, gizartearen eta ingurumenaren bilakaerari buruzko hipotesiak txertatuta.

  5. Erresilientzia: sistema batek duen gaitasuna arriskuaren efektuen aurrean eusteko, xurgatzeko eta suspertzeko modu egoki eta efizientean, funtsezko egitura, funtzio eta identitate oinarrizkoak kontserbatuta edo berrezarrita.

  6. Klima-arriskua: gertaera klimatologikoen inpaktuen eraginpean egoteagatik arlo sozioekonomikoan eta ekosistemetan galera larriak izateko probabilitatea, zaurgarritasun-egoeran izanda eta horren ondorioak murrizteko edo ondorioei erantzuteko gaitasun nahikorik eduki gabe. Klima-arriskuaren kudeaketa ezinbesteko faktorea da gizakien segurtasuna, ongizatea, bizi-kalitatea eta garapen jasangarria bermatzeko eta areagotzeko.

  7. Zerbitzu ekosistemikoak: Ekosistemen funtzionamendutik edo erregulaziotik eratorritako onura zuzen eta zeharkakoen multzoa, ukiezinak barne.

  8. Karbono-hustulekua: berotegi-efektuko gasak, aerosolak edo horien aitzindariak atmosferatik xurgatzen eta finkatzen dituen prozesu, jarduera edo mekanismo oro, naturala izan zein artifiziala izan.

  9. Trantsizio energetikoa: ekoizpen- eta kontsumo-sistemak eta sistema soziopolitikoak aldatzeko prozesua, gizartearen eta ekonomiaren eredu deskarbonizatua lortzeko. Prozesu horretan, erregai fosilen (petrolioa, gas naturala, ikatza, eta abar) erabilera murrizten joango da, eta azken helburua izango da erregai fosilak energia berriztagarriko iturri alternatiboez edo emisiorik gabeko beste iturri batzuez erabat ordeztea.

  10. Trantsizio bidezkoa: klima-aldaketari lotutako gizarte- eta energia-eraldaketako eredua, zeinak kontuan hartzen baitu beraren kostuen eta kargen birbanaketa ekitatiboa, enpleguaren mailak eta kalitatea aintzakotzat izanda.

  11. Zaurgarritasuna: aditzera ematen du zenbateraino hondatu edo kaltetu lezakeen klima-aldaketak sistema bat, kontuan hartuta kaltearekiko zer-nolako sentikortasuna edo suszeptibilitatea duen sistemak eta zer gaitasun duen baldintza berriei erantzuteko eta horietara egokitzeko.

  1. Lege honetan zehazten zaizkien funtzioak beteko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio orokorrak eta haren organismo autonomoek, zuzenbide pribatuko ente publikoek, sozietate publikoek, sektore publikoko fundazioek eta partzuergoek eta lurralde historikoetako eta tokiko administrazioek, bat etorrita legearen edukiarekin eta irismenarekin, eta, halaber, kasuan-kasuan ukitutako eremu edo sektore bakoitzerako EAEko zein Espainiako gainerako araudi aplikagarrian ezarritako eskumen- eta funtzio-banaketarekin.

  2. Euskal administrazio publikoek, beren eskumenen barruan, trantsizio energetikoa eta klima-aldaketa integratuko dituzte kudeaketa-eremu guztietan, erantzunkidetasuna sustatzeko helburuarekin, lege honen xedea betetzea sustatuko dute garatzen dituzten politika sektorialen, planen eta programen bitartez.

  3. Euskal administrazio publikoek herritarren eta eragile sozial eta ekonomikoen parte-hartzea bultzatuko dute, klima-aldaketaren eta energia trantsizioaren arloko plangintzako tresnen jarraipenean eta inplementazioan.

  4. Euskal administrazio publikoek eta gainerako sektore publikoak Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 5. artikuluan edo lege horren ordezko arauan jasotako printzipioen arabera beteko dituzte lege honetan esleitutako eskumenak eta funtzioak.

  5. Euskal administrazio publikoek emakume eta gizonen presentzia orekatua bermatuko dute lege honetan aurreikusitako gobernantza-organoakj osatzeko izendapenetan, bat etorrita Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan edo haren ordezko arauan ezarritakoarekin.

  1. Lege honen helburuak lortzeko, jasangarritasun energetikoaren batzordeak edo antzeko ezaugarriak eta zereginak dituzten entitateak arduratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren, lurralde historikoetako administrazioen eta toki-administrazioen arteko barne-koordinazioaz, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legearen 9. artikuluan ezarritakoa beteta.

  2. Lege honen xedearekin eta helburuekin koherentzian, legea indarrean jartzen den unean existitzen diren jasangarritasun energetikoaren batzordeak aurrerantzean trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren batzorde deituko dira.

  3. Lurralde historikoetako eta toki-administrazioetako trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren batzordeen zereginak, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legean aurreikusitakoez gain, honako hauek izango dira:

    1. Beren eskumenen arloan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren, lurralde historikoetako administrazioen eta toki-administrazioen jarduketa barrutik koordinatzea, barnean hartuta administrazio horiei lotuta dauden edo haien mendekoak diren entitateen jarduketa, trantsizio energetikoari eta klima-aldaketari dagokionez.

    2. Lurralde historikoen eta toki-administrazioen eskumenekoak diren eta lege honetan aurreikusita dauden plangintza-tresnak onetsi aurretik nahitaezko txostenak egitea, eta helburuak betetzen diren edo ez ebaluatzea.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Batzordeak zeregin hauek beteko ditu, gutxienez, trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren arloan:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren jarduna koordinatzea, horri lotuta dauden edo horren mendekoak diren entitateena barne, trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren arloan.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio orokorraren eskumenekoak diren eta lege honetan aurreikusita dauden plangintza-tresnak onetsi aurretik nahitaezko txostena egitea, eta helburuak betetzen diren ebaluatzea.

    3. Lege honen helburuekin lotutako erregelamendu-proiektuen proposamenak eta bestelako tresnak aztertzea, eztabaidatzea eta horiei buruzko txostenak egitea.

    4. Gobernu Kontseilura eramatea trantsizio energetikoari, inpaktua arintzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko proposamenak.

    5. Urtero proposatzea aurrekontuen zer zati bideratu beharko duen Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzak trantsizio energetikorako eta klima-aldaketarako, lege honen helburuak betetze aldera.

    6. Koordinazioa bermatzea, modu harmonizatuan jaso ahal izateko adierazleak edukitzeko informazioa, eta jarraipen eraginkorra egiteko trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren plangintza-tresnen gainean.

  5. Erregelamendu bidez zehaztuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Batzordearen osaera, gizon eta emakumeen ordezkaritza orekatua bermatuta.

  1. Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Euskadiko Bulegoa sortzen da, Eusko Jaurlaritzan energiaren eta klima-aldaketaren arloan eskuduna den sailari atxikitako kide anitzeko organo tekniko gisa jardun dezan. Bulegoak hurrengo apartatuan adierazitako zereginak garatuko ditu, eta, horretarako, energiaren eta klima-aldaketaren arloan eskuduna den saileko bitarteko teknikoak eta giza baliabideak izango ditu eskuragarri, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko energia, klima-aldaketa, ur eta industriaren arloetako entitateen bitartez, albo batera utzi gabe beste erakunde publiko batzuekin koordinatzeko aukera.

  2. Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Euskadiko Bulegoak zeregin hauek beteko ditu:

    1. Lege honetan aurreikusitako plangintza-tresnetan ezarritako helburuen eta jarduketen jarraipena.

    2. Trantsizio energetikoaren prozesuaren jarraipena, bereziki, prozesu honekin lotutako energia- eta sektore-adierazle nagusiena.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko berotegi-efektuko gasen inbentarioa eta berotegi-efektuko gasen emisioen proiekzioak egitea.

    4. Informazioa biltzeko metodo bat ezartzea, eta adierazle kuantitatibo eta kualitatiboen jarraipena egitea arlo hauetan: klima-aldaketaren inpaktuak arintzeko eta aldaketara egokitzeko prozesua, gobernantza eta inpaktu sozioekonomikoa.

    5. EAEko klima-agertokiak ezartzea, agertoki horiek erreferentziatzat har daitezen lege honetan aurreikusitako plangintza-tresnak egiteko; agertokiok arlo honi buruz egiten diren ezagutza-aurrerapenen arabera eguneratuko dira.

    6. Giltzarri diren adierazleak identifikatzea, eta datu historikoen serieak eskuratzea, haien bidez bilakaera eta joerak interpretatu eta proiekzioak egin ahal izateko lurraldearen eta bertan garatzen diren jardueren gaineko arriskuak murrizteko erabaki eraginkorragoak hartze aldera.

    7. Euskal Autonomia Erkidegoan klima-aldaketaren ondoriozko zaurgarritasunaren eta arriskuen ebaluazioa egitea, egokitzapenerako lehentasunezko ekintza-eremuak identifikatzeko.

    8. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren testu arau-emaileak eta aurrekontuak ebaluatzea trantsizio energetikoaren eta klimatikoaren eta horietan kontuan hartu beharreko neurrien ikuspegitik.

    9. Informazio, prestakuntza eta komunikaziorako bideak ezartzea eragile ekonomiko eta sozialekin, lege honetan aurreikusitako plangintza-tresnen edukiekin lotuta.

    10. Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sarera atxikitako zentroekin eta ikerketan espezializatutako gainerako erakundeekin komunikazio-bide eta lan-lerro iraunkorrak ezartzea.

    11. Dibulgazio-jarduerak sustatzea, komunikabideen eta sare sozialen bitartez energiaren eta klima-aldaketaren arloan herritarrei informazio gardena, arduratsua, inklusiboa eta ez-sexista helarazteko.

    12. Eusko Jaurlaritzako sailen, lurralde historikoen eta tokiko administrazioen arteko koordinazioa babestea eta zeharkako jarduketak bultzatzea, deskarbonizaziora, egokitzapenera eta klima-aldaketarekiko erresilientziara bideratuta.

    1. Energiaren eta klima-aldaketaren gaineko politiken eta berrikuntza-politiken arteko harremanaren jarraipena egitea, oro har, bereziki kontuan hartuta EnergiBasque, energiaren arloan garapen teknologikoa eta industriala lortzeko estrategia, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana.

    2. Trantsizio energetikoa eta klima-aldaketa behatzeko EAEko sistema kudeatzea, informazio propioa eta beste erakunde batzuek sortutakoa integratzeko eta, horrekin batera, Euskadiko trantsizio energetikoari, inpaktuei, zaurgarritasunari eta klima-aldaketaren arriskuei buruzko ezagutza gehitzeko erabakiak hartzeko prozesuetan.

    1. Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren Batzorde Zientifikoari laguntza administratiboa ematea.

    2. Trantsizio Energetiko eta Klima Aldaketaren Herritarren Batzarrari laguntza iraunkorra ematea.

    3. Eta lege honetako helburuak lortzeko esleitzen zaizkion beste zeregin guztiak.

  3. Erregelamendu bidez zehaztuko dira Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Euskadiko Bulegoaren osaera, kideak izendatzeko prozedura, zeinean emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bermatuko baita, eta antolamenduko eta funtzionamenduko oinarrizko arauak.

  1. Trantsizio Energetiko eta Klima Aldaketaren arloko Batzorde Zientifikoa sortzen da, arlo horretako politikak eta neurriak ebaluatzeko eta gomendioak egiteko, araudiak barne.

  2. Batzorde Zientifikoaren eginkizun nagusia urteko txosten bat egitea izango da. Txosten hori Eusko Legebiltzarrera bidaliko da, dagokion batzordera. Urteko txostena egiteko, Batzorde Zientifikoak honako hauek egin beharko ditu:

    1. Klimari buruz gertatzen ari diren eta EAEko lurraldean eta gizartean eragina duten edo izan dezaketen azken aurrerapen zientifikoen jarraipena egitea. Bereziki, Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldearen (IPCC) txostenak hartuko dira kontuan.

    2. Ezagutza zientifikoa ikertu, aztertu eta ematea, klima-aldaketari lotutako arriskuak identifikatu ahal izateko, jarduketa-planak ezartzeko eta neurriak aurreikusteko.

    3. Ezagutza trukatzeko foro zientifikoetan parte hartzea, eta klima-aldaketaren arloko beste batzorde eta lantalde batzuekin lankidetzan aritzea.

    4. Datu zientifikoetan oinarrituta, klimaren bilakaera orokorra kontuan hartzea, bereziki Euskadin, bai eta horren ondorioak ere. Landutako informazio guztia herritarrentzat eskuragarri egongo da.

    5. Klima-aldaketari eta horrek maila globalean eta tokikoan dituen ondorioei buruzko kontzientziazioa eta sentsibilizazioa, modu dibulgatiboan.

    6. Azterketan karbono-aurrekontuen kontzeptua sartzea, urteko isurketen geldikina identifikatzera bideratuta, lege honetan ezarritako helburu klimatiko orokorrak lortzeko.

  3. Trantsizio Energetiko eta Klima Aldaketaren arloko Batzorde Zientifikoak, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Euskadiko Bulegora funtzionalki atxikita, autonomia organiko eta independentzia funtzional osoz jarduten du bere jarduera garatzean. Bere kideek ezin izango dute inongo entitate publiko edo pribaturen jarraibiderik eskatu edo onartu, eta independentzia osoz jardungo dute edozein enpresa- edo merkataritza-interesen aurrean. Balizko interes-gatazken deklarazioa sinatuko dute urtero; deklarazio hori erregelamendu bidez arautuko da eta publikoa izango da.

  4. Trantsizio Energetiko eta Klima Aldaketaren arloko Batzorde Zientifikoak lantalde-izaera dauka, eta bere erabakiek ez dute eragin zuzenik hirugarrenen aurrean. Nolanahi ere, klima-eremuan eragina duen politika publiko orok, Batzorde Zientifikoaren urteko txostenarekin bat ez badator, berariazko atal bat jaso beharko du, eta, bertan, berariaz justifikatu beharko ditu arrazoi sozialak, ekonomikoak, ingurumenekoak edo beste edozein, Batzorde Zientifikoak ezarritako gomendioetatik aldentzea justifikatzen dutenak.

  1. Trantsizio Energetiko eta Klima Aldaketaren arloko Batzorde Zientifikoa sei kidek osatzen dute, talde parlamentarioek ordezkaritzaren araberako modu proportzionalean proposatuta eta trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren arloan eskumena duen saileko titularrak izendatuta, trantsizio energetikoarekin eta klima-aldaketarekin lotutako zientzia edo diziplinetan hamar urtetik gora modu profesionalean jardun duten eta trantsizio energetikoarekin eta klima-aldaketaren arloan ezagutza eman dezaketen adituen artean. Izendapena lau urterako izango da, eta behin bakarrik berritu ahal izango da.

  2. Trantsizio Energetiko eta Klima Aldaketaren arloko Batzorde Zientifikoko kideak izendatzean, emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bermatuko da, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.10 artikuluan ezarritakoaren arabera, zeinaren bidez onetsi baitzen 1/2023 emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina. Era berean, izendapenak kontuan hartuko du Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetan gaitasuna izatea.

  1. Trantsizio Energetiko eta Klima Aldaketaren arloko Batzorde Zientifikoaren funtzionamendua bere barne-arauek gidatzen dute. Batzordeak barne-funtzionamenduko arauak onartu behar ditu, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legeak ezarritakoaren arabera, eta erabakiak adostasunez hartuko ditu.

  2. Batzordearen eginkizunak betetzeko, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Euskadiko Bulegoa arduratuko da administrazio-laguntza emateaz.

  3. Batzordearen jarduerak, aplikatu beharreko araudiaren arabera, dagozkien aurrekontu-transferentzien bidez finantzatuko dira, aurrekontu-baliabideen arabera.

    Zerbitzu-arrazoiengatiko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuaren V. kapituluaren arabera arautuko da batzordeko kideek dietak jasotzea.

  4. Trantsizio Energetiko eta Klima Aldaketaren arloko Batzorde Zientifikoaren txostenak eta ebaluazioak herritarren eskura jarri behar dira trantsizio energetiko eta klima-aldaketaren arloan eskuduna den sailaren web-atari instituzionalean.

  1. Euskal administrazio publikoek, beren eskumenen arloan, herritarren parte-hartze aktiboa sustatuko dute, eta modu eraginkorrean bermatuko dute emakumeen eta gizonen berdintasunaren helburua eta, bereziki, gazteen parte-hartzea.

  2. Trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren arloko politika diseinatzeko eta haren jarraipena egiteko parte-hartze publikoa gauzatzeko, lege honetan aurreikusitakoaz gain, Ingurumeneko Aholku Kontseilua baliatuko da. Hala, aholku-kontseilua izango da euskal administrazio publikoen eta gizarte, ekonomia eta ezagutzaren ordezkaritza-sektoreen arteko harremanerako eta partaidetzarako organoa.

  3. Ingurumeneko Aholku Kontseiluak zeregin hauek izango ditu trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren arloan:

    1. Lege honetan aurreikusitako xedeen eta plangintza-tresnen betetze-mailaren bilakaera aztertzea.

    2. Jarduketa-proposamenak egitea politika energetikoen eta klimatikoen arloan.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legean edo haren ordezko arauan zehaztutako tresna eta bideen bitartez sustatu ahal izango dute parte-hartze publiko hori.

  5. Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek bidea emango dute parte-hartze publikoko prozesuetan lortutako informazioa eta ondorioak trukatzeko eta zabaltzeko.

  6. Euskadiko Gizarte Elkarrizketarako Mahaiaren helburuen esparruan, ordezkaritza handieneko gizarte-eragileen parte-hartzea sustatuko da, lege honen helburuak betetzen laguntzeko, gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspegitiko trantsizio bidezko eta jasangarriaren bidez.

  1. Eusko Jaurlaritzak trantsizio energetikoari eta klima-aldaketari buruzko gizarte-itun bat ezartzea sustatuko du, lege honen helburuak eta bertan aurreikusitako plangintza-tresnak garatzen laguntzeko.

  2. Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Euskal Itun Soziala onartzeko, Eusko Jaurlaritzak parte hartzeko prozesu bat diseinatu eta bultzatuko du, autonomia- zein eskualde-mailako deliberazio-prozesuen bidez. Prozesu horietan hainbat eragile politiko, sozial eta ekonomiko sartuko dira. Lege hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epean diseinatuko da prozesu hori.

  1. Trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren arloan herritarren parte-hartzea bultzatzeko, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Herritarren Batzarra eratuko du.

  2. Batzarra hausnarketa eta ezagutza kolektiboa sortzeko foroa izango da, eta herritarrei aukera emango die informazioa jasotzeko, eztabaidatzeko eta adostasunak lortzeko klima neutraltasunera lehenbailehen iristeko eta Euskal Autonomia Erkidegoa erresilienteago bihurtzeko behar diren transformazio handien konponbideei buruz, ikuspegi bidezko eta solidarioan.

  3. Dekretu bidez arautuko da Euskadiko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Herritarren Batzarraren osaera, antolamendua eta funtzionamendua, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 19. artikuluan edo lege horren ordezko arauan ezarritako esparruan.

  4. Batzarraren osaerak berdintasun-printzipioa errespetatu beharko du, eta hori zozketa geruzatu baten bidez bermatuko da, funtsezko aldagai soziodemografikoei dagokienez, hala nola, sexua, errenta edo lanbide-kualifikazioa.

    Bere funtzionamendua honako printzipio hauek arautuko dute: ordezkagarritasuna, inpartzialtasuna, independentzia, gardentasuna eta informaziorako sarbidea.

  5. Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Herritarren Batzarraren txostenak Eusko Legebiltzarrean trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren arloan eskumena duen batzordeari aurkeztu beharko zaizkio.

  6. Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Euskadiko Bulegoak Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Herritarren Batzarraren laguntza-organo iraunkor gisa jardungo du, eztabaida-estandarrak betetzen direla ezartzeko eta bermatzeko, eta batzarrean egiten diren parte-hartze prozesuetan jarraipen eta ebaluazioa egiteko. Eginkizun horiek betetzean, bulegoak herritarren partaidetzarako gune horren funtzionamenduarekiko independentziaz eta inpartzialtasunaz jardungo duela bermatuko du.

  1. Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseiluaren bidez gauzatuko da trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren arloan erakundeen artean egin beharreko koordinazioa.

  2. Aurreko apartatuan aurreikusitako helburuak betetzeko, Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseiluari dagokio zeregin hauek betetzea:

    1. Trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren arloan txostenak, irizpenak eta proposamenak egitea.

    2. Lege honetan aurreikusitako xedeen eta plangintza-tresnen betetze-mailaren bilakaera aztertzea, 19.1 artikuluan aurreikusitako jarraipen-txostenean oinarrituta.

    3. Koordinazio-neurriak proposatzea, trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren jarduketak eraginkorrak izan daitezen.

    4. Legez edo erregelamenduz esleitutako gainerako zereginak betetzea.

  3. Lehendakariaren dekretu bidez, trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren arloko bi pertsona izendatuko dira, hurrenez hurren, trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren arloan eskuduna den sailaren ordezkari izan daitezen Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseiluan.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek elkarlanean jardungo dute beste autonomia-erkidegoekin, eskualdeekin eta mugaz haraindiko erakundeekin, trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren gaineko ekimenak sustatzeko.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak herrialdeen eta eskualdeen arteko lankidetza eta elkarlana indartuko ditu lehentasuntzat jotako eremuetan hainbat arlo jorratzeko, hala nola, arintze-moduak, klima-aldaketarako egokitzapena, teknologien garapena eta transferentzia edo gaikuntza.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak nazioarteko sareekin beharrezkoa den lankidetza sustatuko du, eta parte-hartze aktiboa trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren arloko esperientziak partekatzeko foroetan.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen lankidetza- eta elkartasun-jarduerek zeharkakotasunez txertatu beharko dituzte klima-aldaketa eta bidezko energia-trantsizioa, ikuspegi ekosozialaz gain, ingurumen-erronka globalak kontuan hartuta, horien inpaktuak betez ere planetako lurralde pobretuei eragiten badie.

  1. Trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren arloko plangintza honako tresnen bitartez gauzatuko da:

    1. Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Epe Luzeko Ibilbide Orria.

    2. Trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren estrategiak.

    3. Lurralde historikoen eta toki-erakundeen klima- eta energia-planak.

  2. Administrazio bakoitzaren eskumenen barnean, planetan jasoko dira emisioak murrizteko trantsizio energetikoko ekimenak, egokitzapen-neurriak eta ekonomia eta enplegua bultzatzeko garapen teknologikoko jarduketak, modu horretan klimaren arloko helburuak egokiro uztar daitezen trantsizio energetikoaren estrategiarekin eta sektore ekonomiko deberdinen jardueren gaineko politika industrialarekin.

  3. Trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren plangintzak neurriak, tresnak, araudi-garapenak, finantzaketa-mekanismoak eta laguntza- eta zerga-programak txertatuko ditu, bereziki kaltetutako eskualdeei, sektore ekonomiko edo industrialei edo biztanleria-segmentu jakinei euskarria emateko, energia- eta klima-trantsizio bidezkoa eta inklusiboa lortzeko helburuarekin, arlo sozial, ekonomiko eta ingurumenekoan.

    Plangintzak pobrezia energetikoaren aurka borrokatzeko neurriak jaso beharko ditu, pertsona guztiek beren etxeetan bizi-baldintza duinak izateko behar duten energia eskuratu ahal izan dezaten.

  4. Plangintzaren diseinuak, gauzatzeak, jarraipenak eta ebaluazioak herritarren eta eragile sozial eta ekonomikoen parte-hartzea bermatuko du. Halaber, erabakiak hartzean emakumeen parte-hartzea bermatuko da, genero-ikuspegia txertatuz eta honako helburu hauek lortzen lagunduko duten ekintzak sustatuz:

    1. Eredu sozial eta ekonomikoa eraldatzea, bizitzaren jasangarritasuna sustatuz, klima-aldaketa arintzeari dagokionez.

    2. Klima-aldaketara egokitzeak genero-ikuspegia txerta dezala eta zaurgarritasun-egoeran dauden pertsona guztiengana irits dadila sustatzea.

    3. Administrazioan zeharkakotasuna bultzatzea, genero-ikuspegia eta klima-aldaketaren aurkako borrokaren ikuspegia ezartzeko eta bidezko trantsizio energetikoa lortzeko.

  1. Lege honen xedea betetzeko, eraldaketa-prozesuan erritmo egoki bat ezarri beharko da, bat etorrita nazioarteko, Europako eta Estatuko gidalerroekin eta, aldi berean, Euskadiko testuinguru sozioekonomikora egokituta.

  2. Eusko Jaurlaritzak, energiaren eta klima-aldaketaren arloko sail eskudunak proposatuta, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Epe Luzeko Ibilbide Orria onetsiko du, artikulu honetako 1. apartatuan aurreikusitako xedeak betetzeko, EAEko Administrazio orokorreko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Batzordeak, Tokiko Politiken Euskal Kontseiluak, Ingurumeneko Aholku Kontseiluak eta Batzorde Zientifikoak txostena egin ondoren.

  3. Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Epe Luzeko Ibilbide Orria dagoen ebidentzia zientifiko eta teknologikoaren arabera egingo da, eta klima-neutraltasuna, lurraldearen erresilientzia eta bidezko trantsizioa lortzeko bidea definituko du, Euskadiko testuinguru sozioekonomikoa kontuan hartuta. Edukian kontuan hartu beharreko alderdien artean, honako hauek hartuko dira aintzat: arintze- eta energia-jarraibideak eta -helburuak, egokitzapen-sektoreak eta -estrategiak, eragindako kolektiboak eta bidezko trantsizioko neurriak, teknologia- eta enpresa-garapenerako aukerak eta inbertsioak. Epe Luzeko Ibilbide Orriak Autokontsumoaren Ibilbide Orria izango du.

  4. Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Epe Luzeko Ibilbide Orria berrikusi eta, hala dagokionean, eguneratu egin beharko da, lortzen diren aurrerapen teknologikoekin bat egiteko, eta 17.3 artikuluan xedatutako plangintza-aldiekin bat eta nazioartean hartzen diren konpromisoekin bat etortzeko. Ibilbide-orriaren berrikuspen eta eguneratzeetan, artikulu honen bigarren apartatuan adierazitako organoen txostenak kontuan izan beharko dira, eta Batzorde Zientifikoaren gomendioak aintzat hartu.

  1. Trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren estrategiek lege honen helburuak betetzeko planen, estrategien eta politika sektorialen esparru integratua eta transbertsala osatzen dute, eta Euskal Autonomia Erkidegoko trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren politikaren tresna orokorra ere badira.

  2. Eusko Jaurlaritzak Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren 2030erako Estrategia eta trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren ondorengo estrategiak onetsiko ditu, energiaren eta klima-aldaketaren arloan eskuduna den sailak proposatuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Batzordeak, Tokiko Politiken Euskal Kontseiluak eta Ingurumeneko Aholku Kontseiluak txostena egin ondoren.

  3. Klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren estrategiak gehienez ere hamar urtean behin egingo dira, eta bost urtean behin ebaluatu, Epe Luzeko Ibilbide Orria eta ezagutza zientifikoaren aurrerapenetan eta legeriaren bilakaeran oinarrituta. Horrez gain, helburu kuantitatiboak eta sektorialak proposatuko dituzte, bai eta horiek lortzeko beharrezkoak diren jarduketak, tresnak eta baliabideak ere.

  4. Trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren estrategien oinarrizko edukia hauxe izango da, gutxienez:

    1. Jarduketa-esparruak.

    2. Egoeraren diagnosia eta joerak.

    3. Helburuak, lerroak eta neurriak, estrategia-jomugarako hauek aintzat hartuta: emisio-arintzea, energia-efizientzia eta energia berriztagarriak, klima-aldaketarekiko egokitzapena, energiaren eta klima-aldaketaren gaineko garapen teknologiko industriala eta bidezko trantsizioa.

    4. Energiaren eta klima-aldaketaren arloko tresna transbertsalak, honako gai hauekin lotuta:

      1. Bidezko trantsiziorako mekanismoak.

      2. Ekonomia-, finantza- eta zerga-mekanismoak.

      3. Tresna arau-emaile berriak.

      4. Ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-lerroak.

    5. Jasangarritasunaren aldeko komunikazio-, partaidetza- eta hezkuntza-arloetako jarduketa-ildoak.

    6. Nazioarteko lankidetza sustatzeko gidalerroak.

    7. Inbertsioak eta beharrezkoak diren bestelako baliabideak.

    8. Estrategiaren ebaluazio-, jarraipen- eta inplementazio-sistema.

    9. Epe Luzeko Ibilbide Orriaren berrikuspena.

  5. Neurrien helburua izango da ekoizpen-prozesuak eta enpresa-jarduerak dibertsifikatzen eta birmoldatzen laguntzea, merkatuan lehiakorrak diren eta karbono-aztarna baxua duten jardueretarantz, enplegu duina babestera eta klima-aldaketaren efektuekin zaurgarrienak diren biztanleria-sektoreak babestera.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetako eta toki-erakundeetako administrazio guztiek energiari, klima-aldaketa arintzeari eta horretara egokitzeari lotutako jarduketak txertatu beharko dituzte beren eskumeneko sektore- eta lurralde-plangintzetan. Horretarako, kontuan hartuko dituzte beren kontsumo energetikoaren ezaugarriak, berotegi-efektuko gasen emisioak, karbono-hustulekuak eta klima-aldaketaren gainean eragiten dieten arriskuak.

  2. Lurralde historikoek eta 5.000 biztanle baino gehiago dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek, beren eskumenen esparruan, klima- eta energia-planak onartu beharko dituzte; plan horietan, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legean xedatutakoa jaso beharko dute, eta klimaren aldagaia txertatu beharko dute, klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko ikuspegitik, lege honen xede eta edukiarekin lerrokatuta.

    Plan horiek ekarpenak egingo dizkiete trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren Euskadiko estrategien helburuei, eta berrikusi egin beharko dira, gutxienez helburuok aldatzen direnean. 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriek banan-banan edo eskualdeka egin ahalko dituzte klima- eta energia-planak.

    Aipatutako arau-testuan ezarritakoaz gain, plan horiek honako eduki hau izango dute gutxienez:

    1. Berotegi-efektuko gasen emisioak aztertzea eta ebaluatzea.

    2. Elementu kalteberak identifikatzea eta ezaugarritzea.

    3. Klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko helburuak eta estrategiak, hirigintza-plangintzan eta udal-ordenantzetan egin daitezkeen aldaketa egokiak barne.

    4. Sentsibilizazio- eta prestakuntza-ekintzak.

    5. Planaren ebaluazioa eta jarraipena egiteko arauak. 5.000 biztanletik gorako udalerrietako udalen kasuan, bi urtean behin, beren planen betetze-mailari buruzko txosten bat egin eta onartu behar dute.

    6. Mugikortasun-plan bat egitea nahitaezkoa denean, Euskadiko mugikortasun jasangarriaren azaroaren 9ko 11/2023 Legearen arabera, plan hori tokiko planekin koordinatuko da.

  3. Eusko Jaurlaritzan energiaren eta klima-aldaketaren arloan eskuduna den sailak jarraibideen gida bat egingo du, eta gida horretan zehaztuko da zer tresna, metodologia eta baliabide erabili ahal izango dituzten EAEko udalerriek klima- eta energia-planak egiteko.

  1. Eusko Jaurlaritzan energiaren eta klima-aldaketaren arloan eskuduna den sailak, trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren estrategia bakoitza onartu eta bost urtera, ebaluazio-, jarraipen eta inplementazio-txostena egingo du helburuen, programen, jarduketen eta adierazleen betetze-mailari buruz, eta, hala dagokionean, horiek betetzeko gomendioak eta neurri berriak proposatuko ditu.

  2. Trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren estrategien aldi bakoitzaren indarraldia bukatu ondoren, energiaren eta klima-aldaketaren arloan eskuduna den Eusko Jaurlaritzako sailak ezarritako helburuen, jarduketen eta adierazleen betetze-mailaren azken txostena idatziko du, eta, hala dagokionean, hurrengo plangintza-aldirako gomendioak emango ditu.

  3. Jarraipen-, ebaluazio- eta inplementazio-txostenetan eta gomendioetan, horietan, EAEko gainerako administrazio publikoek egiten dituzten ekarpenak jaso beharko dira, eta herritar guztien eskura jarri.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren euskal estatistika-planek energia-trantsizioari eta klima-aldaketari buruzko adierazle eta datu-serie nagusiei buruzko informazioa jasoko dute.

1. ATALA

TRANTSIZIO ENERGETIKOA

Klima-neutraltasunerako trantsizio energetikoa otsailaren 21eko 4/2019 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzkoak, ezarritako helburu eta printzipioekin eta Europar Batasunetik datozen gidalerro, helburu eta betebeharrak aintzat hartuta gauzatuko da, gidalerro hauei jarraikiz:

  1. Enpresek, etxeek, euskal administrazio publikoek eta gainerako kontsumitzaileek sektoreka ezartzen diren betebeharrak bete beharko dituzte, energia-efizientziari eta ekoizpen elektriko eta termikorako energia berriztagarriei eta mugikortasun jasangarriari dagokienez.

  2. Energia berriztagarrien hedapen azkar eta ordenatua bultzatuko da, biltegiratze ahalmenaren nahikotasuna bermatuz, sektore guztien beharrak asetzeko.

  3. Euskal administrazio publikoek energia biltegiratzearekin lotutako proiektuak sustatu eta bultzatuko dituzte. Halaber, sorkuntza berriztagarriko proiektuak lagunduko dituzte, bereziki alderdi kualitatibo bereizgarriak dituztenak, hala nola, teknologia berritzaileak, sistema digitalak, lurraldean integratzea, tokiko enplegua sortzea, ingurumen-inpaktuak murriztea edo bizi-zikloan jasangarritasuna hobetzea.

  4. Euskal administrazio publikoek teknologia eta energia-bektore berriak erabiltzea bultzatuko dute, betiere iturri berriztagarrietatik etorriz gero eta Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Batzorde Zientifikoaren aldeko txostena edukiz gero.

  5. Energia garraiatzeko eta banatzeko sareak sare adimendun eta planifikatu bihurtzea sustatuko da, efizientzia eta horniduraren efizienzia eta segurtasuna hobetzeko eta produktu eta zerbitzu berriei leku emateko.

  6. Jendarte osoak trantsizio energetikoan zeregin aktiboa izan dezala sustatuko da, autokontsumoaren bidez, komunitate energetikoen bidez edo instalazio berriztagarrien instalazioetan eta biltegiratzean parte hartuz.

  7. Euskal administrazio publikoek finantzaketa-tresnak sortuko dituzte, jarduera ekonomikoko sektore guztietan energia-efizientziako proiektuak sustatzen laguntzeko, eta energia berriztagarriak eta garraio efizientea eta jasangarria ezartzen.

  8. Euskal administrazio publikoek arreta berezia jarriko dute despopulazio-arriskua duten eremu geografikoetan, gizarte- eta lurralde-kohesioaren printzipioak kontuan hartuz. Horretarako, kooperatibak edo kontsumo-taldeak eta hurbileko ekoizleen taldeak bultzatuko dituzte, besteak beste, karbono gutxiko ekonomia sustatzeko, zero kilometroko kontsumoarekin.

  9. Karbono gehien eragiten duten erregaiak ordeztea zenbait erabileratan, besteak beste, garraio astunean eta itsas garraioan, eta horien ordez energia berriztagarriak edo trantsiziokoak ezarriko dira, modu horretan deskarbonizazio-prozesuan aurrera egiteko.

Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan energiaren azken kontsumoan, gutxienez, % 12 aurreztuko da 2030. urtean, eta % 37ko aurrezpena 2050. urtean, 2021. urtea erreferentziatzat hartuta.

Artikulu honetan ezarritako helburuak gutxienekoak izango dira, eta gorantz berrikusi ahal izango dira, Europar Batasuneko edo Estatuko erakundeek ezarritako helburuekin bat etorriz.

  1. EAEko Administrazio orokorrak energia-efizientzia eta eskariaren kudeaketa sustatu eta erraztuko ditu energia-kontsumitzaileen sektore eta ekoizpen-sektore guztietan.

  2. Euskal administrazio publikoek neurriak proposatuko dituzte lege honetan ezarritako helburuak betetzen direla ziurtatzeko, bai eta kontsumitzaileen sektore publiko edo pribatuek bete beharreko araugintza-, ekonomia- eta zerga-neurri alternatiboak, edo informazio eta komunikaziokoak ere.

  3. Aurrezte- eta efizientzia-neurri espezifikoak erregelamendu bidez ezarriko dira, eta lege honetan ezarritako planetan eta estrategietan, neurri sektorial zehatzak txartatuko dira eta, hala dagokionean, horien nahitaezkotasuna, bai eta garatu beharreko jarduketak finantzatzeko mekanismoak. Planek eta estrategiek, besteak beste, garrantzi berezia eman beharko diote energia-kontsumoa murrizteari, honako hauen bidez:

    1. Gertutasuneko produktuen kontsumoa eta ekonomia zirkularra sustatzea.

    2. Ekoizpen-prozesuetako soberazko energia termikoa aprobetxatzea.

    3. Motorrik gabeko mugikortasuna sustatzea.

    4. Energia-beharrak minimizatuko dituen hirigintza-diseinua.

    5. Energiaren erabilera efizientean heztea.

    6. Instalazio termikoen efizientzia sustatzea eta eraikuntzaren, birgaitzearen eta hiri-berroneratzearen sektorean energia-efizientzia sustatzea.

    7. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen titulartasunekoak diren azpiegitura eta ekipamendu handien proiektuetan, energia-efizientziari buruzko hainbat aukera ebaluatzea.

    8. Argiteria publikoa pixkanaka egokitzea, energia-kontsumo efizientea eta argi-kutsadura murriztea ahalbidetzeko.

  4. Produktibitatea eta zerbitzu-prestazioa handitzen dituzten enpresa-estrategiak eta negozio-eredu berritzaileak sustatuko dira, energia-efizientzia materialen eta denboraren erabilerarekin uztartzen duten heinean.

  5. Energia-efizientzia hobetzeko ekimenak eta proiektuak sustatuko dituzten mekanismoak abian jartzea bultzatuko da.

Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan energia berriztagarriek azken energia-kontsumoan gutxienez % 32ko partaidetza izan beharko dute 2030ean.

Artikulu honetan ezarritako helburua gutxienekoa izango da, eta gorantz berrikusi ahal izango da, Europar Batasuneko edo Estatuko erakundeek ezarritako helburuekin bat etorriz.

  1. Euskal administrazio publikoek energia berriztagarrien partizipazio-helburuak betetzea bultzatuko dute azken energia-kontsumoan. Horretarako hedapen ordenatu eta planifikatua bermatuko dute, zeina bat etorriko den lurraldeko ingurumen-balioen kontserbazioarekin.

  2. Euskal administrazio publikoek sustatuko dute, ahal den neurrian, proiektatutako energia-kontsumo berriztagarriak lortzeko behar diren energia berriztagarriak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan instalatzea, energia berriztagarrien hedapen endogenoari lotutako aukera sozioekonomikoak aprobetxatzeko eta egungo kanpoko energia-mendetasuna murrizteko, hau da, subiranotasun energetikoa handitzeko.

  3. Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala da energia berriztagarrien, termikoen zein elektrikoen, garapen ordenatua bermatzeko tresna. Horretarako, aintzat hartuko ditu ingurumen-irizpideak eta natura-ondarea kontserbatzekoak, teknikoak, ekonomikoak eta soziolaboralak, prozesuari lotutako eragile guztiek proiektuen izapidetzea eta ezarpena bermeekin kudeatu ahal izan dezaten.

  4. Lurraldeari dagokionez, euskal administrazio publikoek antolamenduko tresna arau-emaileak onetsiko dituzte energia berriztagarrien erabilera sustatzeko, itsasoko energiak barne, industria- eta gizarte-garapen orekatuarekin bateragarriak eta lurraldeari zein ingurumenari begira modu jasangarrian ezarrita, natura-ondarea errespetatuz.

  5. Administrazio publikotik instalazio berriztagarriak sustatzeko, finantzaketa-mekanismoak ezarriko dira, aldeko erregulazioa garatuko da eta lurralde-interes estrategikoko proiektu berritzaileetan parte hartuko da, ekimen pribatuarekin batera edo zuzenean, inbertsio propioekin. Horrela teknologiak erakutsi eta esperimentatuko dira, merkatuan irtenbide berritzaileak sartzea baliozkotu eta bizkortu ahal izateko.

  6. Euskal administrazio publikoek herritarren energia-komunitateen eta energia berriztagarrien komunitateen garapena sustatuko dute, sorkuntza kontsumo-puntuetara hurbiltzeko eta energia-sistemaren demokratizazio handiagoa lortzeko, arreta berezia jarriz eremu ahulenetan eta herritarrek teknologia berriztagarrien proiektuetan parte har dezatela sustatzeko.

  7. Euskal administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, energia elektriko eta termiko berriztagarria biltegiratzeko sistemak garatzea eta ezartzea bultzatuko dute, baita autokontsumoa eta ibilgailu elektrikoaren erabilera ere.

  8. EAEko ekonomiaren deskarbonizazio-prozesuan aurrera egiteko, jatorri berriztagarriko erregai alternatiboak sortzea bultzatuko da, haien ezaugarri teknikoak, ingurumen-eragina eta inpaktu ekonomikoa kontuan hartuta.

  9. Erregelamendu bidez ezarriko dira azpiegitura, ekipamendu eta instalazio publiko eta pribatuetan energia berriztagarrien erabilera progresiboa sustatzeko beharrezko neurriak, bai eta, hala badagokio, horien nahitaezkotasuna ere.

  1. Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko eredu energetikoaren aldaketaren bultzatzaile gisa, sistema energetiko demokratiko, sozial eta bidezkoa sustatuko du, une oro lurraldearen kudeaketa integrala EAEko energia-beharretara bideratutako energia-iturri berriztagarrien dibertsifikazioarekin uztarturik.

  2. Eusko Jaurlaritzak, Energiaren Euskal Erakundearen eta horri atxikitako sozietate publikoen bitartez, partaidetza publikoa sustatuko du formula desberdinetan energia berriztagarriak garatzeko proiektuan, teknologia eta eskala desberdinetan, lankidetza publiko-publikoa, publiko-komunitarioa, publiko-pribatua edo horien arteko edozein konbinaziotan.

  3. Eusko Jaurlaritzan energiaren arloan eskumena duen sailak energia berriztagarrien instalazioak ezartzea sustatuko du, baita energia biltegiratzeko sistemak ere eta horietarako finantzaketa-mekanismoak eta laguntzak. Era berean, sinplifikazio administratiboa bultzatuko du energia berriztagarrien instalazioak izapidetzeko.

  1. Euskal administrazio publikoek jabari publikoko ondasunen gaineko emakidak eman ahal izango dituzte, edo azalera-eskubideak aitortu bere titulartasuneko ondare-ondasunen gainean, energia berriztagarrien komunitateen alde edo legez eratutako herritarren komunitate energetikoen alde, energia berriztagarriak sortzeko proiektuak garatzeko helburuarekin edo energia biltegiratzeko edo komunitate horien definizioan zehaztutako xedea bilatzen duten beste ekimenetarako.

  2. Helburu horretarako jabari publikoko emakidak, bai eta azalera-eskubidea ere, entitate mota horrentzat gordetako lehiaketa publiko bitartez eman ahal izango dira, edo doako lagapen zuzenaren bitartez, eta honako alderdi hauek ezarri beharko dira, nahitaez, oinarrietan:

    1. Zein ondasunen gainean eratzen den zehazki emakida edo azalera-eskubidea.

    2. Emakidaren edo azalera-eskubidearen gehienezko iraupena, eta izan ditzakeen luzapenak, aplikagarri zaion ondare publikoaren araudiak ezartzen duen gehienezko denbora kontuan izanik.

    3. Ordaindu beharreko urteroko kanona edo sortutako energia aprobetxatzeko lankidetza-mekanismoa, halakorik izanez gero.

    4. Sorkuntza berriztagarriko gutxieneko potentzia edo biltegiratzekoa eta bere oinarrizko ezaugarriak.

    5. Instalazioak abian jartzeko gehieneko denbora.

    6. Emakida egin duen Administrazio publikoak egikarituko dituen lankidetza- eta fiskalizazio-mekanismoak.

    7. Emakida amaitzean edo ebaztean, nola egingo den itzulketa emakida egin duen Administrazio publikoaren alde.

    8. Emakidaren hutsaltze- eta itzultze-eskubidea, bai eta azalera-eskubidea ebaztea ere, instalazioaren mantentzean, segurtasunean edo gutxiegi erabiltzeagatik ez-betetze larriko kasuak daudenean.

  1. Euskal administrazio publikoek energia berriztagarrien proiektuen garapena bultzatu eta erraztu beharko dute, era horretako jardueretan herritarren parte-hartzea sustatuz. Tratamendu berezia emango zaie garapen ekonomiko txikiagoa edo biztanleriaren jaitsiera duten eremu geografikoei, Euskadi kohesionatzeko, bai lurralde mailan, bai gizarte mailan.

  2. Aurreko apartatuari jarraikiz, bereziki sustatuko da tokiko herritarren parte-hartzea herritarren energia-komunitateek, energia berriztagarrien komunitateek edo beste partaidetza-eskema batzuek sustatzen dituzten proiektuetan, ordenamendu juridikoan jasotzen diren moduan.

  3. Lege hau indarrean jartzen denetik aurrera, energia-komunitateek sustatzen ez dituzten eta hura garatzeko gaitzen duen administrazio-baimena lortzeko prozedura hasi ez duten energia berriztagarrien proiektuetarako, proiektuok nork sustatu dituen alde batera utzita, gutxienez proiektuaren potentzia osoaren % 20 eskaini beharko zaie herritarrei eta industria eta saltokiei, lehentasunez aprobetxamendu berriztagarriko instalazioa kokatuta dagoen udalerrian edo udalerri mugakideetan edo dagokien eskualdean.

    Aurreko paragrafoan ezarritako erreserba eguzki-energia fotovoltaikoko eta energia eolikoko proiektuei baino ez zaie aplikatuko, baldin eta, banaka edo batera, kokapen bakoitzeko 5 MW-etik gorako potentzia badute.

    Eskaintza egiaztatzeko sistema erregelamendu bidez garatuko da, lege hau indarrean jartzen denetik gehienez urtebeteko epean.

Euskal Administrazio publikoak partaidetza izanez gero, akordioak sustatuko ditu 5 MW baina gehiagoko sorkuntza berriztagarriko proiektuetan, EAEko enpresek energia elektrikoa eros dezaten.

Euskal administrazio publikoek energia fosilak erabiltzen dituzten eta beren jabetzako eraikinetan dauden ekipamenduen ordez jatorri berriztagarriko energiak erabiltzen dituzten beste batzuk jarriko dituzte modu progresiboan, erregelamendu bidez ezartzen diren epe eta baldintzetan.

Eraikuntzaren sektorean energia berriztagarrien erabilera sustatzeko, erregelamendu bidez ezarriko dira energia horiek in situ edo eraikinen inguruetan ekoiztea errazteko neurriak.

  1. Euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, mugikortasun jasangarriagoa sustatuko dute, eta, horretarako, sustatuko dituzte oinezkoen eta txirrindularien mugikortasun aktiboa, garraio publikoa eta efizienteagoak diren eta gutxiago kutsatzen duten garraio moduak, aintzakotzat hartuta aurrezpen-irizpideak, energia-efizientziako irizpideak eta produktuaren, ondasunaren edo zerbitzuaren kostu eta balio-bizitzako irizpideak, eta, horrekin batera, garraioaren deskarbonizazioa bultzatzen duten energia alternatiboen erabilera ere sustatuko dute.

  2. Euskal administrazio publikoek mugikortasun jasangarriko planak egin eta garatuko dituzte, Euskadiko mugikortasun jasangarriaren azaroaren 9ko 11/2023 Legearen arabera, eta lege honetan ezarritako printzipioak jasoko dituzte plan horietan, emisioak murrizteko helburuak zehaztuta.

  3. Euskal administrazio publikoek garraio eredu efiziente eta jasangarriagoak garatzea bultzatuko dute. Horien ezaugarriak izango dira teknologia garbiko ibilgailuak erabiltzea, multimodalitatea, intermodalitatea eta uztartzea mugikortasun alternatiboko formak eta herritarren beharrei erantzuten dieten mugikortasun-zerbitzuak. Halaber, emisio gutxiago sortzen dituzten garraio moduak sustatuko dituzte, kudeaketa-sistemak hobetuko dituzte eta bultzatuko dituzte garraio publikoaren erabilera, gidatze efizientea, trakzio- eta motor-sistemetako teknologia berriak, energia alternatiboen erabilera eta teknologia digitalak.

  4. Euskal administrazio publikoek garraio jasangarria sustatzen jarraituko dute, ibilgailuak berrituz eta parke mugikorrean energia alternatiboak modu progresiboan txertatuz, trafikoaren emisioak urrunetik neurtzeko teknologiak erabiliz, politika publikoen plangintza bidezkoagoa eta eraginkorragoa egin ahal izateko, eta ibilgailu partekatuaren sistemak ere sustatuko dituzte.

  5. Karga eta hornidurako azpiegiturak hedatzea bultzatuko da, eta mugikortasunaren konektagarritasuna eta digitalizazioa modu progresiboan ezartzea.

  6. Euskal administrazio publikoek modu aktiboan jokatuko dute garraio-sektorean sortzen diren aldaketetan, bai teknologiari begira, bai eskaintzaren eta eskaeraren aldaketei begira. Halaber, bidea emango dute negozio-eredu berriak txertatzeko mugikortasunaren balio-kateko eremu eta katebegi guztietan.

  7. Portuak abiaburu eta helmuga dituzten trenbide-azpiegiturak garatzea bultzatuko da, ekonomiaren lehiakortasuna hobetzeko eta pertsonen eta salgaien garraioaren deskarbonizazioa errazteko.

  8. Garraio lehiakor eta jasangarria lortzeko behar diren politikak definitu eta koordinatuko dira, Euskadi arlo honetan erreferente izan dadin Europan.

  9. Pertsonentzako garraio publikoaren sare koordinatua eta integratua eta azpiegitura logistiko multimodalen sarea garatzea sustatuko da, eta garraio modu jasangarrienak erabiltzea sustatuko da, bereziki, trenbide-sistemari dagokionez.

  10. Euskal administrazio publikoek garraioaren erabilera efizientea sustatuko dute, eta gizartea kontzientziatuko dute garraio jasangarriaren beharraz, gizartearen, ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspegietatik.

  11. Kolektibo zaurgarrienei zuzendutako garraio-alternatibak garatzeko neurriak bultzatuko dira.

  12. Bizikletaren erabilera sustatuko da, azpiegitura espezifikoak instalatuz eta bizikleta partekatuko sistema publikoak ezarriz.

    2. ATALA

    NEUTRALTASUNA SUSTATZEN DUTEN BESTE SEKTORE- ETA LURRALDE-POLITIKA BATZUK

  1. Euskal administrazio publikoek, beren eskumenen barruan, bizi-zikloaren ikuspegia aintzat hartu beharko dute ekonomia zirkularraren arloan ezartzen dituzten neurrietan, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea sustatzeko eta hau izango dute helburutzat:

    1. Klimatikoki neutroa den ekonomia lortzeko eraldatze-prozesuari estu lotutako jarduera, industria eta merkatu berrien garapena sustatzea, produktuen balioari eustera, haien balio-bizitza luzatzera, erabilera optimizatuko ereduak garatzera edota bizialdiaren amaierara iritsitakoan lehengo balioa berreskuratzera bideratuta.

    2. Industria-jarduerei laguntzea, ekonomia zirkularra sar dezaten haien prozesuetan.

    3. Lehengaien ordez, hondakinak baliatuta sortutako azpiproduktuak edo bigarren mailako lehengaiak erabil daitezen sustatzea, horrela ekonomia zirkularra bultzatzeko.

    4. Hondakin-sorreraren murrizketa eta hondakinen kudeaketaren eta balorizazioaren optimizazioa sustatzea.

    5. Hiri-hondakinen gaikako bilketa handitzea, bereziki, materia organikoarena eta plastikozko ontziena.

    6. Zabortegietan utzitako hondakin biodegradagarriak murriztea.

    7. Hondakinen bilketa- eta garraio-prozesuan bertan berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko bide ematen duten ereduak ezar daitezen bultzatzea.

    8. Hondakinak eta hondakin-urak kudeatzeko instalazioetan berotegi-efektuko gasen emisioak gutxitzeko eta biogasa aprobetxatzeko neurriak ezartzea.

    9. Proiektu jasangarriak, zirkularrak eta karbono-neutraltasuna dutenak lehenestea finantzaketa-lerroetan eta beharrezko izapidetzeetan.

  2. Hondakinak kudeatzeko eta ura tratatzeko instalazioek beren karbono-aztarna kalkulatu eta plan bat egin beharko dute aztarna minimizatzeko, aztarna zero edo negatiboa izan dadin, teknikoki eta ekonomikoki bideragarria izanez gero. Erregelamendu bidez ezarriko da zer instalaziok duten betebehar hori, zein den karbono-aztarnaren kalkuluaren irismena, planak, gutxienez, zer eduki jasoko duen, zer epe egongo den plana idazteko eta zer maiztasunekin eguneratuko den.

  1. Euskal administrazio publikoek, beren eskumenen arloan, industria-jardueren eremuan berotegi-efektuko gasen emisioen murrizketa progresiboa bultzatuko dute, ezartzen dituzten plangintza eta neurrien bidez, eta helburu hauek izango dituzte:

    1. Energia-efizientzia eta zirkulartasuna, elektrifikazioa, hidrogeno berdea eta deskarbonizazioa bultzatzen duten energia-iturri alternatiboak sustatzea, egungo industria-sarea eraldatzeko.

    2. Trantsizio energetikoaren eta klimatikoaren aukerak baliatzea, balio erantsi handiko industria- eta ekonomia-jarduera berria sortzeko.

    3. Prozesuetan ekonomia zirkularra txertatzea, energia-kontsumoa gutxitzeko, lehengai gutxiago erabiltzeko eta karbono-aztarna murrizteko.

    4. Ingurumen-ziurtagiriak sustatzea, zehazki: karbono-aztarnaren gainekoa, antolakundeentzat, eta ingurumen-aztarnaren gainekoa produktu eta zerbitzuentzat.

    5. Degradatutako lurzoruak industria-erabileretarako berreskuratzea eta berroneratzea.

    6. Sektorea bultzatzea, babes-programen bidez, emisioak murriztu ditzan haren jardueran.

    7. Ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntza sustatzea industria-garapeneko arlo eta balio-kateetan, trantsizio energetikorako eta klimatikorako irtenbideak emateko.

  2. Industria-garapen berriak eraldatzean, berrantolatzean, sustatzean eta sortzean trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren ikuspuntua txertatu beharko da: zehazki, balio-bizitzan sor ditzaketen berotegi-efektuko gasen emisioak, zuzenekoak zein zeharkakoak, eta emisio horiek murrizteko edo konpentsatzeko neurriak.

  3. Euskal administrazio publikoek ekonomiaren deskarbonizazioan aurrera egiteko ezagutza indartzea bermatuko dute industria-sektoreetan.

  4. Euskal administrazio publikoek epe luzeko jarduketako plan sektorialak egitea bultzatuko dute.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoaren dauden industria-instalazioek beren karbono-aztarna kalkulatu eta plan bat egin beharko dute aztarna minimizatzeko, aztarna zero edo negatiboa izan dadin, teknikoki eta ekonomikoki bideragarria izanez gero. Erregelamendu bidez ezarriko da zer instalaziok duten betebehar hori, zein den karbono-aztarnaren kalkuluaren irismena, planak gutxienez zer eduki jasoko duen, eta zer epe egongo den plana idazteko eta zer maiztasunekin eguneratuko den.

  1. Euskal administrazio publikoek beren eskumenen barruan hartutako neurriek eta plangintzek berotegi-efektuko gasen emisioen murrizketa progresiboa sustatuko dute merkataritzako, turismoko eta beste zerbitzu batzuetako jardueren arloan, eta hau izango dute helburutzat:

    1. Energia-efizientzia sustatzea eta energia berriztagarriak erabiltzea eta ezartzea.

    2. Ingurumen-ziurtagiriak sustatzea.

    3. Sektorea bultzatzea, jardueran emisioak murrizten laguntzen duten babes-programen bitartez.

    4. Tokiko eta hurbileko merkataritza sustatzea.

  2. Merkataritzako, turismoko eta beste zerbitzu batzuetako garapen berriak birgaitzean, berrantolatzean, sustatzean eta sortzean trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren ikuspuntua txertatu beharko da, zehazki, bizitza erabilgarrian sor ditzaketen berotegi-efektuko gasen emisioak eta horiek murrizteko edo konpentsatzeko neurriak.

  3. Euskal administrazio publikoek bermatuko dute turismo jasangarriko eredua sustatzeko neurriak txertatzen direla. Beste ekintza batzuen artean, turismo-jarduera eta -establezimenduetarako ingurumen-ziurtagirien erabilera bultzatuko da.

  4. Euskal administrazio publikoek ekonomiaren deskarbonizazioan aurrera egiteko ezagutza indartzea bermatuko dute merkataritza, turismo eta beste zerbitzu batzuen sektoreetan.

  5. Merkataritzako eta turismoko establezimenduek eta zerbitzuen sektorearen gainerako azpisektoreek beren karbono-aztarna kalkulatu eta plan bat egin beharko dute aztarna minimizatzeko, aztarna zero edo negatiboa izan dadin, teknikoki eta ekonomikoki bideragarria izanez gero. Erregelamendu bidez ezarriko da zer instalaziok duten betebehar hori, zein den karbono-aztarnaren kalkuluaren irismena, planak gutxienez zer eduki jasoko duen, eta zer epe egongo den plana idazteko eta zer maiztasunekin eguneratuko den.

  1. Euskal administrazio publikoek beren eskumenen barruan hartutako neurriek eta plangintzek berotegi-efektuko gasen emisioen murrizketa progresiboa eta hustuleku-gaitasuna handitzea sustatuko dute nekazaritza-, abeltzaintza-, basogintza- eta arrantza-jardueretan, eta hau izango dute helburutzat:

    1. Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren arloetan erabiltzen diren makinetan energia-efizientzia eta energia berriztagarrien erabilera eta ezarpena sustatzea.

    2. Helburu hauek betetzen dituzten ekoizpen-sistemak sustatzea: baliabide naturalak eta ekosistemetako zerbitzuak babestea, karbonoa finkatzeko gaitasuna sustatzea, emisioak eta ur-kontsumoa murriztea, ekonomia zirkularra bultzatzea, lurzoruaren emankortasunari eustea eta ekoizpen osasuntsu eta jasangarriak bermatzea.

    3. Lurzoruaren degradazioa, batez ere, higadura saihesten duten nekazaritza- eta basogintza-jardunbideak erabiltzea, aldi berean, lurzoruaren materia organikoa kontserbatzen laguntzeko.

    4. Ongarri kimikoak zentzuz erabiltzea, eta, ahal den heinean, horien ordez, ustiapenetik bertatik edo ingurutik edo hondakin organikoetatik datozen jatorri organikoko ongarriak erabiltzea.

    5. Karbono-bahiketa indartzea, materia organikoa, landare-estaldurak eta basoberritzeak hobeto kudeatuz, ekosistemak leheneratuz eta kontserbazio-laborantzaren bitartez.

    6. Lurzoruaren karbono organikoaren bilakaera kontrolatzea, hura handitzeko neurriak ezartzeko tresna gisa.

    7. Degradatutako lurzoruak berreskuratzea, lurzoru horiek basoberritzeko, berriz ere naturalizatzeko edo lurzoruko karbono-edukia handitzen laguntzen duten beste erabilera batzuetarako.

    8. Nekazaritzako eta abeltzaintzako produktu ekologikoak eta hurbileko produktuen kontsumoa sustatzea eta nekazaritza- eta abeltzaintza-ekoizpeneko sistema estentsiboak bultzatzea.

    9. Honako hauek ahalbidetuko dituen basogintza-kudeaketa sustatzea: basoetako sute-arriskua murriztea, baso-biomasa baliatzea eta nekazaritza- eta baso- eta larre-mosaikoak leheneratzea, fisiologikoki baldintza klimatikoetara hobeto egokitutako tokiko espezieetatik abiatuta eta baso-baliabideak sustatzea, hala zurgintzakoak nola zurgintzakoak ez direnak.

    10. Zura modu jasangarrian erabil dadila sustatzea, bereziki etxebizitzetan eta altzari publikoetan, eta baso-biomasa energia-iturritzat erabil dadila.

    11. Mindak, simaurrak eta nekazaritzako eta arrantzako hondakinak zuzen kudea daitezela sustatzea, teknika erabilgarri onenak baliatuta, energia eskuratzea barne hartuta eta ekonomia zirkularra sustatuta.

    12. Nekazaritzako elikagaien sektoreak sortutako soberakinak, materia organikoa, azpiproduktuak eta hondakinak zuzen kudea daitezela sustatzea.

    1. Sektorea bultzatzea, bere jardueran berotegi-efektuko emisioak murriztea errazten duten babes-programen bitartez.

    2. Ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntza sustatzea sektorea garatzeko arloetan, trantsizio energetikorako eta klimatikorako irtenbideak emateko.

  2. Abeltzaintza-ustiapenek eta nekazaritza-, basogintza- eta arrantza-jarduerek beren karbono-aztarna kalkulatu eta plan bat egin beharko dute aztarna minimizatzeko, aztarna zero edo negatiboa izan dadin, teknikoki eta ekonomikoki bideragarria izanez gero. Erregelamendu bidez ezarriko da zer instalaziok duten betebehar hori, zein den karbono-aztarnaren kalkuluaren irismena, planak gutxienez zer eduki jasoko duen, zer epe egongo den plana idazteko eta zer maiztasunekin eguneratuko den.

  3. Eusko Jaurlaritza, bere eskumenen esparruan, behar diren administrazio- eta sustapen-neurriak hartuko ditu 2030. urtean Europako Itun Berdean ezarritako helburua lortzeko «Baserritik Mahaira» estrategiaren esparruan, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-lurren % 25, gutxienez, nekazaritza ekologikoarekin maneiatzeko. Abeltzaintza ekologikoa eta hurbileko merkatuak ere sustatuko dira.

Euskal administrazio publikoek, beren eskumenen barruan, ingurune naturala eta biodibertsitatea babesteko eta kudeatzeko arloetan emisioak murrizte aldera eta berotegi-efektuko gasak ezabatze aldera garatzen dituzten jarduketak natura-ondarearen kudeaketaren bitartez gauzatuko dira, sektoreko eragileen eskutik, eta honako hauek lortzeko izango dira:

  1. Sistema naturalak kudeatzeko eta kontserbatzeko politikak har daitezela sustatzea, bat etorrita Europar Batasunak biodibertsitatea kontserbatzeko eta hobetzeko eta epe luzean CO2-aren hustulekuak bultzatzeko ezarri dituen eskakizunekin.

  2. Politika efizienteak hartzea hainbat sektoretan, besteak beste, nekazaritzan, lurraldearen antolamendu eta plangintzan, eraikuntzan eta azpiegituretan, arrantza-kudeaketan, baso-kudeaketan edo turismoan. Horien helburua izango da ekintzak eta jardunbide onak saritzea, elkarrekin sistema naturalak eta biodibertsitatea kontserbatzen eta emisioak murrizten laguntzen duten heinean.

  3. Biodibertsitaterako onuragarriak diren arintze-jarduketak planifikatzea eta egitea.

  4. Behar den ezagutza-oinarria sortzea, elkarrekin hobeto uztartzeko, alde batetik, biodibertsitateari eta klima-aldaketari aplikatutako ikerketa-proiektuak eta, bestetik, murrizketako, egokitzapeneko eta biodibertsitatearen kontserbazioko helburuak.

  5. Lurzoruak lehen mailako karbono-hustulekutzat babesten direla bermatzea.

  6. Klima-aldaketako irizpideak txertatzea biodibertsitatea kontserbatzeko politika eta neurrietan, eta biodibertsitatea kontserbatzeko irizpideak txertatzea klima-aldaketaren aurka borrokatzeko politika eta neurrietan.

Euskal administrazio publikoek, beren eskumenen barruan, karbono-hustulekuen kudeaketari lotutako jarduketak garatu beharko dituzte, honako hauek lortzeko:

  1. Baso-habitatak, larreak eta belardiak, hezeguneak, itsas belardiak eta beste habitat batzuk garatzen eta leheneratzen laguntzea, klima-aldaketarekiko erresilientzia hobetzeko karbono-hustuleku gisa duten gaitasuna handituta, eta hiriguneak ere baliatuta, bereziki ingurumen-sentikortasun handiko guneak, eta, horretarako, bertako espezieen tokiko barietateak lehenetsita.

  2. Lurzoruko karbonoaren bilakaera monitorizatzea, kopuru hori handitzeko askotariko neurriak ezarrita, hala nola, nekazaritza-praktika jasangarriak.

  3. Suteak prebenitzeko programak hobetzea.

  4. Plangintza-tresnetan klima-aldaketa kontuan hartzen duten ekosistema naturalak kontserbatzeko eta leheneratzeko jarraibideak sartzea, azpiegitura berde-urdinarekin eta antzeko tresnekin.

  5. Hirietan, hiriguneetan eta hirietako eraikuntzetan karbono-hustulekuak sustatzea, eta horietan espezie autoktonoak erabil daitezen eta lurzorua artifizializatu ez dadila bultzatzea, azpiegitura berde-urdina sustatuta. Hiriguneetan zona berdeen azalera handitzea, eta konektore ekologikoak ezartzea hiri-periferiako zonekin eta landa-eremuekin lotzeko.

Euskal administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, berotegi-efektuko gasen emisioak minimizatzeko lurraldearen antolamenduaren eta hirigintza-plangintzaren arloetan burutuko dituzten plangintzek eta neurriek honakoak bultzatuko dituzte:

  1. Hiri-egitura konpaktuak eta erabilera mistokoak.

  2. Eskuragarri dauden azpiegiturak eta baliabideak aprobetxatzea, eta naturan eta material jasangarrien erabileran oinarritutako irtenbideak ematen dituen azpiegitura berdea sustatzea.

  3. Energia berriztagarrien garapena ahalbidetzea.

  4. Lurzoruaren okupazioa arrazionalizatzea eta degradatutako espazioak berrerabiltzea, energiaren, uraren eta hondakinen zein lurzoruen kudeaketaren erabilera jasangarria indartuz.

  5. Lurzoruak berroneratu daitezen eta eraikinak birgaitu daitezen exijitzea.

  6. Hirigintza-plangintzak diseinatzean irizpideak txertatzeko betebeharra honako hauei dagokienez: euri-urak berrerabiltzea eta iragaztea, energia-efizientzia, energia berriztagarriak erabiltzea eta energetikoki jasangarriak diren eraikinak sustatzea.

  7. Lurraldearen antolamenduaren araberako mugikortasun jasangarriko ereduak ezartzea, zeinetan kontuan hartuko baitira energia-efizientzia, mugikortasun-moduetan sozialki efizienteak eta bidezkoak diren alternatibak eta salgaien garraioa.

  8. Hiri- eta landa-espazioak integratzea, garraio-sistema jasangarriagoen bidez; horretarako, ardatz izango dira garraio-zerbitzuen multimodalitatea, estaldura zabala eta eskuragarritasuna.

  9. Hirigintza-araudia egokitzea eraikitako parkearen birgaitze energetikorako oztopoak ahalik eta gutxien izan daitezen.

  1. Euskal administrazio publikoek, indarrean dagoen araudian ezarritako helburuak betetzen direla bermatzeko, eta beren eskumenen barruan, honako hauek sustatuko dituzte eraikinak eraikitzeko eta birgaitzeko arloan:

    1. Auditoretzak egitea, eraikinetan energia zentzu eta efizientzia gehiagorekin erabiltzeko jarduketa-aukera tekniko-ekonomiko alternatibo desberdinak identifikatu eta aztertu ahal izateko; energia berriztagarrien erabileraren bidez deskarbonizatu ahal duten instalazioak ezartzea, eta eraikuntza efizienteagoa eta jasangarriagoa errazteko inbertsioak egitea, kasu bakoitzean aztertuta onura ekonomiko, ingurumeneko eta sozial esanguratsuenak.

    2. Eraikita dauden eraikinak eta haien instalazioak, publikoak zein pribatuak, berritzea eta birgaitzea, horien energia-kontsumoa eta karbono-aztarna murrizteko.

    3. Eraikuntza- eta birgaitze-materialak erabiltzeko orduan, horien bizi-zikloaren analisia eta karbono-aztarna kontuan hartzea, onartutako arauekin, estandarrekin edo ziurtapen-sistemekin bat.

    4. Eraikuntzan zura erabil dadila sustatzea.

    5. Eraikin berriak sustatzeko orduan, berariaz zaintzea ahalik eta kalifikazio energetiko handiena izan dezatela eta estandar jasangarrienekin bat etor daitezela gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-irizpideak aintzat hartuta.

    6. Lege honen helburuak lortzeko behar diren finantzaketa-tresnak eta -mekanismoak bultzatzea.

  2. Euskal administrazio publikoek etxebizitza-parkearen birgaitze energetikoa sustatzeko politika aktiboak bultzatuko dituzte, horretarako:

    1. Alokairu-araubideko etxebizitzetan duten parke publikoa energia-aurrezpena eta -efizientzia xede hartuta birgaituko dute, energia-efizientziako ahalik eta ziurtagiri altuena lortzeko.

    2. Etxebizitza publikoen jabeekin lankidetzan arituko dira eskuragarri dauden mekanismoen bitartez, lege hau betearazteko.

  3. Euskal administrazio publikoek neurriak sustatuko dituzte inbertsio-beharren inpaktua eta energiaren kostuaren hazkunde handiaren inpaktua arintzeko, besteak beste, etxebizitzetako energia-efizientziarako laguntzak eta kolektibo zaurgarrienentzako kalefakziorako.

Euskal administrazio publikoen titulartasuneko azpiegitura eta ekipamendu handien proiektuetan, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legeko V. tituluan aurrekusita, planen eta proiektuen ingurumen-inpaktuaren esparruan, balorazio bat egin beharko da zehazteko zer aukera dauden erregai fosilen eta uraren kontsumoa murrizteko eta, bereziki, balio-bizitza osoan berotegi-efektuko gasen emisio zuzenak eta zeharkakoak murrizteko eta balio-bizitza osoko kontsumo energetikoaren kostuak gutxitzeko.

Lurralde-eredua eta gizartea klima-aldaketara egokituta egon daitezen eta erresilienteak izan daitezen, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek hurrengo artikuluetan ezarritako neurriak hartuko dituzte, kapitulu honetan jasotako sektore- eta lurralde-politika publikoen multzoan txertatuta.

  1. Horniduraren eta komunikazioen oinarrizko zerbitzuak bermatzeko, eta, halaber, larrialdi-egoeretan azpiegitura kritikoak eta bestelako azpiegitura sentikorrak abian izateko eta azpiegiturek klima-aldaketaren efektuen aurrean duten erresilientzia handitzeko, euskal administrazio publikoek, beren eskumenen eta erantzukizunen barruan, zenbait ekintza gauzatu beharko dituzte xede hauek lortzeko:

    1. Azpiegitura kritikoak eta sentikor guztiak identifikatzea, existitzen diren diseinu- eta protokolo-parametroak eguneratzea azpiegituraren klima-arriskuari buruzko analisia eginda, eta arriskua murrizteko ezarri beharreko neurriak identifikatzea, dokumentu batean jasota gera daitezen, arriskuen ebaluazioa, alternatiben analisi edo egokitzapen-planaren formarekin.

    2. Epe luzean jarduketa-esparru estrategikoak aurrez eta modu ordenatuan eduki ahal izateko plan sektorialak egitea, sareen eta azpiegitura-zibersegurtasunaren diseinua barne, elementu kritikoen erredundantziaren bidez.

    3. Azpiegiturak indartzea, muturreko gertakari meteorologikoen aurrean azpiegiturek duten erantzun-gaitasuna hobetzeko, haien diseinua berrikuntza eginez eta gertakari kritikoen aurrean epe laburrean erantzuteko planak ezarriz.

  2. Azpiegitura kritiko eta sentikorrek klima-aldaketaren ondoriozko arriskuak minimizatzeko plan bat egin beharko dute, eta arrisku horiek murrizteko behar diren neurriak prestatu. Erregelamendu bidez ezarriko da zer instalaziok duten betebehar hori, planak gutxienez zer eduki jasoko duen, zer epe egongo den plana idazteko eta zer maiztasunekin eguneratuko den.

  1. Lurralde- eta hirigintza-plangintza eta -kudeaketak eta hiri-inguruneetako esku-hartzeek, klima-aldaketaren ondorioetara egokitze aldera, helburu hauek izango dituzte:

    1. Lurralde-antolamenduko eta hirigintza-plangintzako tresnetan txertatzea zaurgarritasunaren eta klima-arriskuaren analisia eta klima-aldaketara egokitzea.

    2. Klima-aldaketaren aurrean erresilientzia duen hiri-azpiegitura konpaktua eta erabilera mistokoa bultzatzea.

    3. Hirigintza eta eraikuntza arloetan klima-aldaketara egokitzeko tokian tokiko eredu berriak garatzea, lurzoruaren iragazkortasuna eta hirietako gune berdeak sustatuz.

    4. Hirigintza-plangintzak diseinatzean honako hauek txertatzeko betebeharra: bero-boladak saihesteko irizpideak, euri-urak erregulatzeko, berrerabiltzeko eta iragazteko sistemak, hiri-azpiegitura berdea, uholde-arriskuak minimizatzeko neurriak eta egokitzapen-eraikinen sustapena. Zehazki, hiriguneetan, hirigintza-plangintzarekin bateragarri egin beharko da uholdeak prebenitzeko arazo hidraulikoaren konponbidea.

    5. Hiria berroneratzeko esku-hartzeak baliatzea egokitzapen-neurriak txertatzeko, printzipio bioklimatikoak ezarriz hiri- eta arkitektura-diseinuan.

    6. Azpiegitura berdea eta naturan oinarritutako irtenbideak sustatzea, ekosistemak eta gizartearentzako zerbitzuak berroneratzeko mekanismo gisa, lurraldeen eta hiriguneen erresilientzia eta herritarren osasuna mantentzeko eta hobetzeko.

    7. Lurzoruaren artifizializazioa mugatzea, okupazioa arrazionalizatuz, eta degradatutako guneak berrerabiltzea, energiaren eta uraren erabilera jasangarria bultzatuta eta hondakinen, lurzoruen eta biodibertsitatearen kudeaketa jasangarria eginda.

  2. Klima-aldaketara egokitzea lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren arloko plangintza- eta kudeaketa-tresnetan integratzea errazteko, erreferentzia gisa hartu beharko da Eusko Jaurlaritzaren atarian geoerreferentziatutako informazioa, klima-aldaketaren arloan eskumena duen sailak emandako datu klimatikoak eskualdeka eta eguneratuta jasotzen dituena.

Itsas ingurunea eta itsasbazterrekoa planifikatzeko eta kudeatzeko orduan, klima-aldaketaren efektuekiko erresilientzia handitzea izango da helburua, honako hauek lortzeko:

  1. Klima-aldaketak itsasbazterraren eta jabari publiko hidraulikoko eremuaren erresilientzian sortzen dituen arrisku nagusiak identifikatzea, ebaluatzea eta horien jarraipena egitea.

  2. Klima-aldaketaren inpaktua minimizatzea kostaldeko eremuetan eta, bereziki, ingurune naturalean, urbanizatutako zonetan eta turismoaren sektorean.

  3. Itsas mailaren igoerak eta itsasoarekin lotutako bestelako gertaera meteorologikoek ondasunetan, herritarrengan eta tokiko jarduera ekonomikoan duten inpaktua kalkulatzea.

  4. Uholde-eremuetako ebakuazio-protokoloak egokitzea eta modernizatzea ingurune guztietan, eta muturreko gertakari meteorologikoen aurreko alerta goiztiarreko sistemak garatzea eta indartzea.

  5. Urbanizatu gabeko eremuak uhaldien aurreko egokitzapen- eta erresilientzia-zona gisa kontserbatzea, bai itsas ingurunean bai ingurune kontinentalean.

  6. Presioa minimizatzea ingurune urtarrean, kontinentalean zein itsasokoan, eta haren biodibertsitatean, ingurune horretako erresilientzia eta klima-aldaketara egokitzeko gaitasuna babestuz eta sustatuz.

Plangintza eta kudeaketa hidrologikoan klima-aldaketaren arriskuak jorratzeko, honakoak egin beharko dira:

  1. Beste politika sektorial batzuetan ere baliabide hidrikoen kudeaketa txertatzea, ura modu arduratsuago eta jasangarriagoan erabiltzeko eta lehorteen edo uholdeen aurrean erantzuteko gaitasuna handitzeko.

  2. Uraren plangintzan eta kudeaketan klima-aldaketak eragiten dituen arrisku nagusiak identifikatzea, ebaluatzea eta horien jarraipena egitea, honako hauek barnean hartuta: emarien eta eskuragarri dauden baliabideen gaineko inpaktuak, ur-premien gaineko inpaktuak eta ur-masen eta horiekin lotutako eremu babestuen egoeraren gaineko inpaktuak, bai eta ur-goraldiek herritarrengan, ondasunetan eta tokiko jarduera ekonomikoan dituzten inpaktuak ere.

  3. Klima-aldaketaren aurrean egokitzeko eta erresilientzia handitzeko irizpideak txertatzea, horrela neurriak identifikatzeko, ebaluatzeko eta aukeratzeko, bereziki, uraren erabilera efikazari buruzko irizpideak txertatzea, kontrolatu gabeko kontsumoak murrizteko irizpideak barne, eta eskaria kudeatzeko planak garatzea.

  4. Ekosistemen eta gizarteari ematen dizkieten zerbitzuen leheneratze progresiboa eta integrala lortzeko neurriak aplikatzea, uraren zikloa kudeatzeko.

  5. Plan hidrologikoak eta Uholde eta Lehorte Arriskuen Kudeaketa Plana eguneratzea sektore-araudiaren arabera, zaurgarritasunak eta arriskuak detektatuta eta klima-aldaketaren eta muturreko gertakarien inpaktuak murrizteko inbertituz.

Klima-aldaketaren arriskuen aurrean ondare naturala babesteko, euskal administrazio publikoek, beren eskumen-eremuen barruan, honako helburuak lortzeko jarduketak gauzatuko dituzte:

  1. Ekosistemen dibertsitatea, erresilientzia eta kontserbazio-egoera ona bermatzea, konektibitate ekologikoa handitzea, zerbitzu ekosistemikoak zaintzea eta sustatzea eta egungo presioak murriztea.

  2. Klima-aldaketak lurzoruan, landare-estalkian eta uretan sortzen dituen efektuak saihestea edo minimizatzea, eta, hala dagokionean, aurreko baldintzetara leheneratzea.

  3. Azpiegitura berdea sustatzea, klima-aldaketaren inpaktua murrizteko naturagune babestuen ondoko eremuetan.

  4. Itsas eremuaren eta eremu kontinentalaren arteko trantsizio-eremuetan eta ibai-inguruneetan dauden ekosistemen azalera babestea, leheneratzea eta handitzea, eta beste irtenbide natural batzuk klima-aldaketaren inpaktuaren aurrean.

  5. Naturaguneek klima-aldaketekiko duten erresilientzia handitzea eta espazio horiek baliatzea landa eta hiri-periferiako zonen erresilientzia hobetzeko.

  6. Klima-aldaketa natura-ondarea kudeatzeko tresnetan txertatzea.

Euskal administrazio publikoek, beren eskumenen eremuan, honako helburuak lortzeko jarduketak egingo dituzte lehenengo sektorearen zaurgarritasunari eta arriskuari lotuta:

  1. Nekazaritza, abeltzaintza, arrantza, akuikultura eta basogintzaren arloan eremu zaurgarrienak identifikatzea, eta eremu horiek egokitzeko ikerketa sustatzea, eta egokiro baliatzea sektorerako aukerak, bai eta espazio degradatuak edo aldez aurretik beste erabilera batzuetan erabilitakoak berroneratzeko eta berrerabiltzeko alternatibak ere.

  2. Higadura minimizatzen, lurzoruaren materia organikoa gordetzen eta tokiko ekoizpena areagotzen duten laborantza-jardunbide onenak erabil daitezen sustatzea.

  3. Sektorearen ezagutza handitzea, klima-aldaketara egokitzean eta natura-ondarea kontserbatzean aurrera egiteko.

  4. Sistema naturalak kudeatzea eta kontserbatzea, horien kontserbazio-egoera hobetzeko eta erresilientzia sustatzeko.

  5. Landa-ingurunearen erresilientzia areagotzea, eta ekosistemen zerbitzuak hornitzeko laguntza.

Larrialdiko egoeretan industria, merkataritza eta turismoko jarduerak eta zerbitzuen sektoreko gainerako jarduerak garatzen direla bermatzeko eta klima-aldaketaren efektuen aurrean duten erresilientzia areagotzeko, aldi berean aldaketa horren ondoriozko aukerak detektatuta, Euskal administrazio publikoek honako hauek lortzeko ekintzak gauzatu beharko dituzte:

  1. Sektore zaurgarrienak identifikatzea, horiek egokitzeko ikerketa sustatzea eta sortzen diren aukerak baliatzea.

  2. Sektoreen ezagutza handitzea, klima-aldaketara egokitzean aurrera egiteko.

  3. Plan sektorialak egin daitezela bultzatzea, haien bidez aurrez eta modu ordenatuan eskura izan daitezen epe luzeko jarduketen esparru estrategikoak.

Klima-aldaketak osasun publikoan sortzen dituen efektuei buruzko ezagutza hobetzea sustatuko dute euskal administrazio publikoek, eta mekanismoak garatuko dituzte klima-aldaketaren efektuek biztanleen osasunean sor ditzaketen arriskuak prebenitzeko eta horien aurrean babesteko, arrisku emergenteak barne.

Euskal administrazio publikoek egokitu eta eguneratu egingo dituzte larrialdi, babes zibil eta segurtasunaren arloetako prebentzio eta analisi, arreta, erantzun eta jarraipenenerako sistemak, baita kontingentzia-planak ere, horietan klimaren aldagaia txertatzeko eta, horrela, klima-aldaketaren inpaktuei aurre egin ahal izateko, muturreko gertakariak ere barnean hartuta.

1. ATALA

IKERKETA, HEZKUNTZA, LEHIAKORTASUNA ETA ZEHARKAKO BESTE TRESNA BATZUK SUSTATZEA

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen diren plan, programa eta proiektuak ingurumen-ebaluazioko prozeduretan klima-aldaketaren gaineko efektuak identifikatzeko, azaltzeko eta ebaluatzeko orduan, arlo horretan aplikatu beharreko araudian ezarritakoa beteko da, eta klima-aldaketaren arloan unean-unean eskuragarri dauden informazio eta teknika eguneratuenak erabiliko dira.

  2. Bereziki kontuan hartuko dira plan, programa eta proiektuok gauzatzean sor ditzaketen edota haien balio-bizitzan sortzen diren berotegi-efektuko gasen emisioak, emisio horiek murriztu edo konpentsatzeko neurriak eta ingurune horretako klima-arriskuaren areagotzea minimizatzeko behar diren egokitze-neurriak.

  1. Euskal administrazio publikoek, beren eskumenen barruan, trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren arloko ezagutza, gaitasunak eta hezkuntza sustatzeko ekintzak bultzatuko dituzte, aurrerapausoak egiteko karbono-neutraltasuna lortze aldera eta klima-aldaketara egokitze aldera, baita gizarte erresiliente bat garatzeko ere.

  2. Helburu horiek lortzeko, hezkuntzaren arloan eta ingurumen, energia eta klima-aldaketaren arloan, bai eta lege honen aplikazio esparruan eragina duten sektoreko beste arlo batzuetan ere, eskudunak diren euskal administrazio publikoek beren jarduketak koordinatuko dituzte helburu horiek plangintza-tresnetan txertatzeko, eta kontuan izango dute gizarte-eragileen, enpresen, elkarteen eta hezkuntza arautuko eta ez-arautuko zentroen ikuspegia.

  3. Eusko Jaurlaritzan hezkuntza-arloan eta ingurumen, energia eta klima-aldaketaren arloan eskudunak diren sailek hezkuntza formaleko eta informaleko prestakuntza-ibilbideetan klima-aldaketa nola jorratzen den berrikusiko dute energiaren eta klima-aldaketaren arloan aurrera egiteko gaikuntza sustatu dadin, eta irakasleen prestakuntza bultzatuko dute.

  4. Euskal administrazio publikoek beren zerbitzura dauden langile guztiei zuzendutako prestakuntza jarraitua sustatuko dute lege honen xede diren arloetan eragiten duten heinean.

  5. Biztanleria-segmentu jakinei dagokienez, bidezko trantsizio bermatzeko, pertsonen gaitasunak eguneratzea eta garatzea sustatuko duten ekintzak jarriko dira abian.

  1. Euskal administrazio publikoek, beren eskumenen barruan, ikerketaren, garapen teknologikoaren eta berrikuntzaren arloko ekintzak sustatuko dituzte, trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren prozesua, karbono-neutraltasunerantz aurrera egitea, klima-aldaketara egokitzea eta lurraldearen erresilientzia bultzatzeko.

  2. Euskal administrazio publikoek, beren eskumenen barruan, lehentasunez babestuko dituzte teknologia eta proiektu berritzaileak, honako hauek ahalbidetzeko: lege honen helburuak betetzea, egungo indarguneak eta gaitasunak garatzea, negozio-aukera berriak baliatzea eta, laburbilduz, enpresa, industria eta lurraldearen lehiakortasuna hobetzeko.

  3. Euskal administrazio publikoek, beren eskumenen barruan, energia-efizientzia, energia berriztagarriak, karbonoa atzitzeko, biltegiratzeko eta erabiltzeko sistemak eta ekonomia zirkularra babestuko dituzte Euskadin, bai eta EAEko industria punta-puntakoa izaten laguntzen duten teknologiak ere.

  4. Trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren arloko ikerketa, garapen teknologikoa eta ezagutzaren transferentzia lehentasunezkotzat jotzen dira zientzia, teknologia eta berrikuntzaren estrategietan; hala, neurriak sustatuko dira eragile zientifiko eta teknologikoen eta ekimen publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza indartzeko.

  5. Ikerketa, garapena eta berrikuntza programa sektorialetan txertatu behar dira, misioen bidezko ikuspegiarekin, erronkei erantzuteko norabide argi, neurgarri eta tenporalarekin, sektore arteko gorako orientazioarekin eta oinarritzat hartuta teknologia berriak, irtenbide jasangarriak eta berrikuntza disruptiboa.

  6. Trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren arloko ikerketaren eta ezagutzaren transferentziaren garrantzia Euskal Autonomia Erkidegoko I+G+B estrategiara eramango da.

  7. Kontuan hartuko da emakumeek eta gizonek eremu horretan duten egoera eta posizio desberdina, eta emakume ikertzaileen lana indartuko da, bai eta ikerketa-taldeetan parte hartzea eta ikertzaile nagusi gisa duten rola ere, ekintza positiboak hartuz.

  1. Euskal administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, inplikatutako eragile ekonomiko eta sozialen, herritarren eta administrazio publikoen esku jarriko dute trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren arloko plangintzaren jarraipenari eta garapenari buruzko informazioa, eta haien parte-hartzea eta erantzunkidetasuna sustatuko dituzte.

  2. Energiari eta klima-aldaketari buruzko informazioa publikoki eskuratzeko eskubidea gauzatzean, komunikazio inklusiboa eta ez-sexista dela ziurtatu beharko da. Horrez gain, arrakala digitala ere kontuan hartu beharko da, informazioa herritar guztiengana ere iristen dela ziurtatzeko, hainbat komunikazio-kanal erabilita, eta desgaitasunen bat duten pertsonentzako informazioaren irisgarritasuna bermatzeko.

  3. Euskal administrazio publikoek trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren arloan herritarrak sentsibilizatzeko ekintzak gauzatuko dituzte. Ildo horretan, herritarrak informatu eta sentsibilizatuko dituzte klima-aldaketaren ondorioez eta trantsizio energetikoari heltzeko beharraz, horretarako komunikazio-kanpainak eginez.

  1. Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren gaineko Ekimenen Euskadiko Erregistroa sortzen da, Eusko Jaurlaritzako energiaren eta klima-aldaketaren arloko sail eskudunari atxikita. Jarduera publiko eta pribatuen titularrak erregistroan doan inskribatuko dira, publikoki jasota gera dadin klima-ekintzari lotuta zer konpromiso hartzen dituzten beren jardueretan, lehenengo sektoreko jarduerak ere barnean direla.

  2. Erregistro horretako atal batean nahitaez inskribatu beharko dira erregelamenduz ezarritako jarduerak, eta beste atal batzuk egongo dira, klima-ekintzaren arloan konpromisoak borondatez hartzen dituzten erakundeek horien berri eman dezaten.

  3. Erregistroak atal hauek izango ditu gutxienez:

    1. Karbono-aztarnaren kalkulua eta murrizketa, erakundeen karbono-aztarna nahitaez inskribatzeko eta berotegi-efektuko gasen emisioen murrizketari buruzko informazioa emateko.

    2. Karbono-aztarnaren kalkulua eta murrizketa, digitala barne, erakundeen karbono-aztarna modu boluntarioan inskribatzeko eta berotegi-efektuko gasen emisioen murrizketari buruzko informazioa emateko. Atal honetan, osagarri modura, erakundearen ingurumen-aztarna ere erregistratu ahal izango da.

    3. Erregistroan modu boluntarioan inskribatu daitezkeen proiektu energetikoak, berotegi-efektuko gasen emisioak arintzeari buruzkoak. Aurrezpen energetikoari, energia berriztagarriak txertatzeari edo erregai fosilak ordezteari buruzko informazioa ere jasoko dute.

    4. Modu boluntarioan inskribatzekoak diren industria-proiektuak, eraldaketa energetikora edo ekoizpen-prozesuak birmoldatzekoak, deskarbonizaziora bideratuta.

    5. Trantsizio energetikoko prozesua bultzatzea ahalbidetzen duten azpiegitura energetikoen proiektuak.

    6. Karbono dioxidoa xurgatzeari buruzko proiektuak, lurzoruaren erabilera edo haren kudeaketa aldatuz karbono dioxidoa xurgatzen dela egiaztatzen duten proiektuak inskribatzeko; bateragarriak izan behar dute biodibertsitatearen kontserbazioarekin eta erregelamendu bidez ezarritako beste alderdi batzuekin.

    7. Karbono-aztarnaren konpentsazioa, karbono dioxidoa xurgatzeko proiektuen edo erregelamenduz ezartzen diren beste proiektu batzuen atalean inskribatutako erakundeek xurgatze bidez karbono-aztarna konpentsatzeko egiten dituzten ekintzak inskribatzeko.

    8. Klima-aldaketara egokitzeko ekintzak, zaurgarritasunari eta klima-arriskuari buruzko analisia inskribatzeko eta klima-aldaketara egokitzeko garatutako ekintzei buruz informatzeko.

  4. Erregelamenduz ezarriko dira erregistro horren funtzionamendua eta edukia eta bertan inskribatzeko baldintzak. Bestalde, erregistro hori publikoa izango da, bat etorrita ingurumenaren arloan informazioa eskuratzeko, partaidetza publikorako eta justiziarako sarbiderako eskubideak zehazten dituen araudiarekin eta albo batera utzi gabe legeak datu pertsonalak babesteari buruz xedatzen duena.

  5. Kontratazio-organoek aukera izango dute kontratazio-prozeduraren barruan ezarritako ingurumen-arloko kontsiderazioen artean jasotzeko artikulu honetan arautzen den erregistroan inskribatzeari buruzko kontsiderazioak, bat etorrita Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legean edo haren ordezko arauan ezarritakoarekin.

  1. Euskal administrazio publikoek ekonomiaren digitalizazioa bultzatzeko ekintzak hartuko dituzte lege honetan aurreikusitako klima-neutraltasuneko xedeak lortzeko.

  2. Ekintza horien artean honako hauek egongo dira, besteak beste:

    1. Muturreko meteorologia-gertakariak aurreikusteko gaitasuna hobetzea, klima-aldaketa ebaluatzea eta hondamendi naturalak eta ingurumenekoak kudeatzea.

    2. Energia-efizientzia eta errendimendua sustatzea, informazioaren eta komunikazioaren teknologien sektorean ekonomia zirkularra ardatz hartuta, gailu digitalak berrerabiliz eta horen osagaiak berreskuratuz.

    3. Digitalizazioaren eta teknologia berritzaileen erabilera sustatzea emisioak neurtzeko, efizientzia energetikoa bultzatzeko, airearen kalitatea hobetzeko, ekosistemak babesteko eta gizarteko eta ekonomiako sektore guztietan emisioak murriztea lortzeko.

    4. Kontsumitzaileei eta industriari informazioa ematea produktuen jatorriari, konposizioari, bizi-zikloaren azken kudeaketari eta birziklapenari buruz.

    5. Datu-zentroetan eta informazioaren eta komunikazioaren teknologietako azpiegituretan energia-efizientzia handiagoa sustatzea, eta hondar-energia berrerabiltzea eta energia berriztagarrien iturriak baliatzea.

    6. Garraio automatizatua eta konektatua babestea, mugikortasuna hobetzeko.

    7. Digitalizazioa bultzatzea, eragile eta sektoreen karbono-aztarna kalkulatzeko beharrezko tresna gisa.

    8. Teknologia digitalak eta datuen partekatzea bultzatzea, energia-azpiegituren eta -aktiboen diseinua, monitorizazioa eta operazio optimizatua errazteko energia-efizientzian, kontsumoen elektrifikazioan, energia berriztagarrietan, biltegiratze-sistemetan eta hidrogeno berriztagarria eta karbono gutxikoa ekoiztean.

  1. Euskal administrazio publikoen eta sektore publikoko gainerako entitateen kontratazio-organoek lizitazioen xede diren produktuen, zerbitzuen eta horniduren karbono-aztarna jasotzeko betebeharra ezarriko dute kontratuen administrazio-klausulen eta preskripzio tekniko partikularren agirietan.

    Ondorio horietarako, erakunde lizitatzaileek, karbono-aztarnaren datua dutela justifikatzeko, lege honetan aurreikusitako Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren gaineko Ekimenen Euskadiko Erregistroko inskripzioaren indarraldia baliatu ahal izango dute egiaztagarritzat, edo, bestela, ingurumen-kudeaketako neurri baliokideen beste frogabide batzuk erabili ahal izango dituzte.

  2. Aurreko apartatuan ezarritakoa nahitaezkoa izango da Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren gaineko Ekimenen Euskadiko Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua onesten dituen erregelamendu-arauan finkatzen den epean.

  1. Euskal administrazio publiko eskudunek teknika eta teknologia egokiak sustatu eta bultzatuko dituzte, jarduera ekonomikoen ekoizpen-prozesuetan txertatuta lagungarri gerta daitezen dena delako produktuaren edo prozesuaren ziklo osoan energia-kontsumoa kontrolatu ahal izateko eta berotegi-efektuko gasen emisioak kuantifikatzeko moduan murriztu ahal izateko.

    Horretarako, aldian-aldian teknologia garbien zerrenda bat onetsi eta eguneratuko da, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 85. artikuluan edo haren ordezko arauan aurreikusitako moduan.

  2. Energia-hobekuntzarako edo ingurumena babesteko proiektuak edo jarduketak egiteko dirulaguntzak eta bestelako laguntzak emateko arauetan edo oinarri arautzaileetan, ekoizpen-prozesuei buruzko balorazio-irizpideak ezarri ahal izango dira, horien bidez zehazteko ea ekoizpen-prozesuek bide ematen duten hain kutsagarriak ez diren energiak modu progresiboan sartzeko, berotegi-efektuko gasak murrizteko edo efektu murriztaile edo egokitzaile bera duten ekipamendu-ondasunak eskuratzeko.

  1. Euskal administrazio publikoek, trantsizio energetikoaren eta klimatikoaren prozesuan, lankidetzan eta koordinazioan arituko dira, batetik, zaurgarritasuna areagotzen edo berotegi-efektuko gasen emisioa handitzen duten jardueren gaineko karga jakin batzuk ezartzea ebaluatzeko, eta, bestetik, fiskalki sustatzeko berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten, gutxitzen edo xurgatzen edo klima-aldaketara egokitzen laguntzen duten jarduketak, teknikoki eta ekonomikoki posible den heinean.

  2. Trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren arloko fiskalitateak helburu hauek izan behar ditu, besteak beste:

    1. Energia berriztagarriak sustatzea.

    2. Sareen deszentralizazioa eta autokontsumo energetikoa.

    3. Energetikoki efizienteak diren eraikinak eta etxebizitzak.

    4. Mugikortasun jasangarria.

    5. Ura aurreztea.

    6. Biodibertsitatea hobetzeko edo biodibertsitatea ez galtzeko jarduketak.

    7. Osasunaren gaineko inpaktuak murriztea.

    8. Ekipamendu efizienteenak.

    9. Ekoizpen-prozesuak aldatzea, berotegi-efektuko gasen emisioak eta bestelako agente kutsatzaileak murrizteko eta klima-aldaketara hobeto egokitzeko.

    10. Ekonomia zirkularreko ereduak bultzatzea, deskarbonizazioa lortzeko.

    11. Basogintza- eta nekazaritza-kudeaketa jasangarria.

    12. Hondakinen sorkuntzan prebenitzea eta hondakinen balorizazioa.

    1. Arrantza, akuikultura eta itsaski-bilketa jasangarriak bultzatzea.

    2. Sektore ekonomikoak eta sistema naturalak egokitzea eta horien zaurgarritasuna murriztea.

  3. Era berean, euskal administrazio publiko guztiek, beren zerga-eskumenen barruan, ingurumen-kalteak eragiten dituzten jarduketen gaineko kargak ezarri ahal izango dituzte, bai eta hobariak emateko pizgarrien eta zerga-neurrien mekanismoak ere, energia-efizientzian eta energia berriztagarrien ekoizpenean eta kontsumoan eta zero emisioko ibilgailuak erosi eta erabiltzean egindako inbertsioak direla eta, eta lehentasuna izango dute aurrezpen handiena, sektoreen deskarbonizazioa eta klima-aldaketara egokitzea lortzen duten erabilerek.

  1. Lege-proiektuetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek sustatzen edo onartzen dituzten xedapen orokorrak egiteko prozeduretan eta plangintza-jardueran, klima-ikuspegia txertatu beharko da, lege honetan eta trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren arloko plangintza estrategikoan adierazitako helburuekin bat etorriz.

  2. Araugintzako edo plangintzako edozein ekimen izapidetzeko ardura duen organoak klima-inpaktuaren ebaluazio bat txertatu beharko du nahitaez, klima-aldaketa arintzean eta klima-aldaketara egokitzean proiektuak duen eragina aztertzekoa.

  1. Energiari eta klimari buruzko ikuspegia txertatu beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren legearen proiektuan, aurrekontuen % 2,5 ekintza klimatikorako neurrietara bideratuz. EAEko gainerako administrazio publikoek beren aurrekontu publikoetan, bereziki diseinu-fasean, energiari eta klimari buruzko ikuspegia txerta dadin sustatuko dute.

  2. Aurrekontuetan, trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren arloan eragin positiboa duten jarduerak identifikatuko dira, arintzekoak zein egokitzekoak, ezartzen diren gidalerroen arabera.

    Aurreko apartatuan aurreikusitako ondorioetarako, gauzatze-, jarraipen- eta ebaluazio-gidalerroak ezarri beharko dira, baita egoki diren gaikuntza-prozesuak ere.

  3. Bost urtean behin, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren inpaktua eta ekarpena aztertu beharko da, isuriak murrizteari, kalteberatasuna eta arriskuak gutxitzeari, energia-politikari, adierazle sozioekonomikoei eta lehiakortasunari dagokienez. Azterketa hori Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Euskadiko Bulegoak egingo du.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren urteko aurrekontuetan, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 86. artikuluaren lehenengo paragrafoan xedatutakoaren arabera sortzen den aurrekontu-partida Europako Klimarako Gizarte Funtsetik datozen baliabide ekonomikoez hornitu ahal izango da, klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko, baita bidezko trantsizioa sustatzeko politikak eta ekintzak gauzatzeko tresna gisa erabiltzeko helburuarekin.

  2. Eusko Jaurlaritzak erregelamendu bidez ezarriko ditu, lege hau indarrean jarri eta gehienez ere urtebeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Funts Klimatikoa hornitzeko, kudeatzeko, antolatzeko eta banatzeko irizpideak.

  3. Klimaren Gizarte Funtsaren baliabide ekonomikoak honako hauetara bideratuko dira:

    1. Energia eredu berri bateranzko trantsizioaren eta klima-aldaketa arintzearen eta horretara egokitzearen eremuetan jarduketak egitea, ekosistemak monitorizatzea eta leheneratzea barne.

    2. Bidezko trantsizio-neurriak hartzea, energia-ongizaterik ezarekin eta energia-trantsizioaren ondoriozko eraldaketa sozioproduktiboak eragindako sektoreen konpentsazioarekin eta klima-aldaketaren aurkako borrokarekin lotutako neurriei dagokienez.

  1. Euskal administrazio publikoek administrazio-prozeduren sinplifikazioa, arintzea eta gardentasuna sustatuko dituzte lege honetan ezarritako helburuei laguntzen dieten proiektuak garatzeko, beren eskumenak kaltetu gabe.

  2. Euskal administrazio publiko guztiak modu efizientean koordinatuko dira dagozkien administrazio-izapidetzeei lotutako betebeharrak betetzeko.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 33. artikuluan ezarritakoaren esparruan, eta energia berriztagarriak sustatzeko, lehentasunezko eta presazko inbertsiotzat hartuko dira, plangintzaren, administrazio-izapideen eta laguntza publikoak esleitzearen ondorioetarako, Eusko Jaurlaritzan energiaren arloko eskumena duen sailak halakotzat jotzen dituen jarduketa hauek:

  1. Energiaren erregulazioa edo biltegiratzea aurreikusten dutenak.

  2. Esperimentalak.

  3. Parke eolikoak berrindartzea aurreikusten dutenak.

  4. Energia berriztagarrien instalazioak hibridatzekoak.

  5. Sortzekoak jabetza publikoan gauzatuta, sortzekoak, baldin eta eragindako toki-erakundeen, irabazi-asmorik gabeko erakundeen edo instalazioa kokatu nahi den udalerrian edo haren mugakide diren udalerrietan bizi diren pertsonen gutxienez % 20ren partaidetza ekonomikoa badute.

  6. Energia berriztagarrien komunitateena, herritarren energia-komunitateena eta tokiko partaidetza duten sorkuntza berriztagarriko proiektuena, lege honen 24.6 artikuluan ezarritakoaren arabera.

  7. Gas-sisteman gas berriztagarria sortzekoa eta injektatzekoa.

  8. Basogintzako biomasa eta nekazaritzako azpiproduktuak erabilera termikoetarako aprobetxatzeko enpresa txikien edo kooperatiben proiektuak.

  9. Tokiko energia-komunitateen eta herritarren energia-komunitateen proiektuak. Tokiko erakundeek Jasangarritasun Energetikoaren Funtsetik finantzaketa biguna lortu ahal izango dute energia berriztagarrien proiektuetarako.

  10. Guztizko energia-kontsumoaren murrizketan oinarrituta kalkulatutako nekazaritza-ekoizpena desintentsifikazioan laguntzen duten proiektuak.

  11. Erregai fosilak erabiltzearen alternatiba desberdinak eta iraunkorrak garatzen dituzten edo karbono-hustulekuak handitzen laguntzen duten erakunde publikoek bultzatutako proiektuak.

  12. Ekonomia zirkularreko eta jarduera ekonomikoko proiektuak ekoizpen- eta banaketa-ziklo laburretan.

  1. Hondakinak jatorrian bereizteko, ontziak berrerabiltzeko eta materialak berreskuratzeko proiektuak.

  2. Minizentral hidraulikoak berreskuratzea, hobetzea edo indartzea aurreikusten dutenak.

  1. Eraikinetan edo hiri-egituretan integratutako sorkuntza-instalazio esperimentalak edo berritzaileak.

    2. ATALA

    ENERGIA BERRIZTAGARRIEN KANONA

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko lurzoru urbanizaezinean energia berriztagarrien instalazioak ezartzea energia berriztagarrien kanon batez zergapetuko da, ingurune naturalean eta lurraldean eragin dezaketen afekzio eta inpaktu kaltegarriak direla eta. Kanona kanonaren helburuari buruzko 73. artikuluan aurreikusitako jarduketak garatzeko bideratuko da.

  2. Atal honen ondorioetarako, energia berriztagarriko instalaziotzat hartuko dira energia elektrikoa sortzeko parke eolikoak eta eguzki-fotovoltaikoak.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko lurzoru urbanizaezinean energia berriztagarrien instalazioak ezartzeagatiko kanona zerga zuzena, aldizkakoa eta izaera estrafiskalekoa eta benetakoa da, konpentsazio-izaerakoa eta lurzoru urbanizaezinean energia berriztagarriko instalazioak zergapetzen ditu.

  4. Kanonak lege hau indarrean jarri aurretik Euskal Autonomia Erkidegoan ezarritako energia berriztagarriko instalazioei eragiten die, bai eta lege hau indarrean jarri ondoren ezartzen direnei ere, ustiapenean egon ala ez.

Zerga-egitatea da Euskal Autonomia Erkidegoko lurzoru urbanizaezinean energia berriztagarrien instalazioak ezartzearen ondorioz ingurune naturalean eta lurraldean ikusizko eta ingurumen-afekzio eta -inpaktu kaltegarriak sortzea.

  1. Kanonetik salbuetsita egongo dira autokontsumo elektrikoko instalazioak, energia elektrikoaren autokontsumoa arautzen duen indarreko araudiaren arabera definituta, eta 5 MW-etik beherako potentzia sortzen dutenak, salbu eta pertsona fisiko edo juridikoaren edo erakunde beraren beste instalazio batzuekin lotuta edo lotutako beste pertsona edo erakunde batzuekin lotuta dauden instalazio horiek sareari, ebakuazio-linea beraren bidez, 5 MW-eko edo gehiagoko potentzia ematen badiote.

  2. Ondorio horietarako, lotutako pertsona edo erakundetzat hartuko dira zerga-araudian ezarritakoak.

  1. Abenduaren 17ko Tributuen 58/2003 Lege Orokorraren 35.4 artikuluko pertsona fisiko edo juridikoek edo entitateek ordaindu beharko dute kanona, baldin eta, edozein tituluren pean, zerga-egitatea sortzen duten parke eolikoak edo eguzki-parke fotovoltaikoak ustiatzen badituzte, nahiz eta horiek instalatzeko administrazio-baimenaren titularrak ez izan. Kontrako frogarik ezean, parke eoliko edo eguzki-parke fotovoltaiko baten ustiapena hura instalatzeko dagokion administrazio-baimenaren titular gisa agertzen den pertsonak edo erakundeak egiten duela ulertuko da.

  2. Ustiapena eteten bada, zergaren zerga-egitatea sortzen duten energia berriztagarrien instalazioen titular diren pertsona fisiko edo juridikoak edo erakundeak izango dira kanonaren zergadun.

  3. Kanonaren zergadunak dira, erantzule solidario gisa, honako hauek:

    1. Parke eoliko edo eguzki-parke fotovoltaiko bat instalatzeko administrazio-baimenen titularrak diren pertsonak edo erakundeak, ustiapena egiten duena baimenaren titularra den pertsona edo erakundearekin bat ez datorrenean.

    2. Instalazio eoliko edo eguzki-instalazio fotovoltaikoen pertsona edo erakunde titularrak, titulartasun hori ez bada ustiapenaren pertsona edo erakunde titularrarena, ezta administrazio-baimenaren pertsona edo erakunde titularrarena ere.

  1. Kanonaren zergaldia urte naturalarekin bat etorriko da, eta urte bakoitzeko lehen egunean sortuko da.

  2. Instalazio berrien kasuan, zerbitzuan jartzen den egunean sortuko da zerga, eta zergaldia sortzapenetik dagokion urte naturaleko azken egunaren arteko aldia izango da.

  3. Zerga-kuota zehazten duten elementuak aldatzen dituzten instalazioen kasuan, zergaldi berri bat irekiko da aldaketak zerbitzuan jartzen diren egunetik eta dagokion urte naturaleko azken egunaren arte.

  4. Instalazioak behin betiko desegitearen kasuan, zergaldia sortzen denetik parke eolikoa edo eguzki-parke fotovoltaikoa desegiten den egunera arteko aldia izango da.

  1. Kanona aplikatzeari dagokionez, zergadunak behartuta daude tributua kuantifikatzeko beharrezkoak diren datuak, ezaugarriak eta inguruabarrak hasieran aitortzera, bai eta aldez aurretik aitortutako datuetan egindako aldaketak ere, erregelamendu bidez zehaztutako moduan, epeetan eta lekuan.

    Era berean, baja-deklarazioa aurkeztu beharko dute parke eolikoa edo eguzki-parke fotovoltaikoa desegiten bada.

    Administrazioak parke eolikoen eta eguzki-parke fotovoltaikoen erregistro bat izango du. Erregistro horren egitura, edukia eta konfigurazio- eta mantentze-prozedurak erregelamendu bidez zehaztuko dira.

  2. Zergadunak behartuta daude kanonaren autolikidazioa aurkeztera, dagokion zerga-zorra zehaztuta, eta haren zenbatekoa erregelamendu bidez ezarritako moduan, epeetan eta lekuan ordainduko dute.

  3. Kanona kudeatzen duten organoek, egoki iritziz gero, ofizioz behin-behineko likidazioa egin ahal izango diete zergadunei.

  1. Eguzki-parke fotovoltaikoei aplikatu beharreko kanonaren zerga-oinarria instalazioak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldearen barruan eragindako azalera izango da, besteak beste, egiturak eta panelak, sartzeko bideak eta egitura-errenkaden eta panelen arteko bideak, hala badagokio, ustiatzeko administrazio-baimenak ezartzen duenarekin bat etorriz.

  2. Parke eolikoei aplikatu beharreko kanonaren zerga-oinarria Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean kokatutako parke eoliko bakoitzean instalatutako aerosorgailuen kopurua eta horien potentzia izango da, ustiatzeko administrazio-baimenak ezartzen duenaren arabera.

  3. Kanona kudeatzen duten organoek zeharkako zenbatespenaren bidez kalkulatu ahal izango dute zerga-oinarria, abenduaren 17ko Tributuen 58/2003 Lege Orokorrean aurreikusitako kasuetan.

    Zerga-oinarriaren zeharkako zenbatespena egiteko, eskura dauden datu eta aurrekari garrantzitsuak erabili ahal izango dira, bai eta zerga-egitatea parametro arrunten arabera zeharka egiaztatzen duten elementu eta kasu antzekoetan edo baliokideetan dauden datu edo aurrekarien arabera zergadunek dituzten magnitude, indize edo datuak ere.

  1. Eguzki-parke fotovoltaikoen kasuan, kuota osoa kalkulatzeko, 700 euroko karga-tasa aplikatuko da eragindako azalera-hektarea bakoitzeko.

  2. Parke eolikoen kasuan, zerga-oinarriari aire-sorgailuko tarifa hauek aplikatzearen emaitza izango da kuota osoa, hargatik eragotzi gabe 67. artikuluan salbuespenei buruz ezarritakoa:

    (Ikus .PDF)

  3. Instalazioak ustiatzen diren lehen urtean eta desegiten diren urtean, karga-tasak edo tarifak zergaldiko egun-kopuruaren arabera hainbanatuko dira.

  4. Zerga-kuota zehazten duten elementuak aldatzen diren instalazioen kasuan, kuota osoa zergaldi bakoitzaren arabera kalkulatuko da, zergaldiari dagokion egun kopuruarekiko modu proportzionalean.

Kanonetik eratorritako diru-sarrerak, kudeaketa-kostuak kenduta, ingurumena kontserbatu, birjarri eta leheneratzeko erabiliko dira, energia berriztagarrien instalazioek eragiten dieten Euskal Autonomia Erkidegoko eremuetan, erregelamenduz ezarritakoaren arabera.

Era berean, diru-sarrera horiek erabiliko dira Euskal Autonomia Erkidegoan energiaren zentzuzko erabilera bultzatzeko eta sustatzeko jarduerak ezartzeko, energia-baliabide berriztagarrien aprobetxamenduan efizientzia areagotzeko, lurraldea klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko, natura-ondarea kontserbatzeko eta natura-baliabideak jolaserako eta hezkuntzarako erabiltzeko.

  1. Tributuen arloko zehatzeko ahala administrazio arloko printzipio arautzaileen eta Tributuen Lege Orokorrean jasotako berezitasunen arabera gauzatuko da, eta lege horretan jasotako xedapen orokorrak aplikatuko dira.

  2. Zerga-arloko arau-hausteen eta zehapenen sailkapena eta zerga-arloko zehapen-prozedura abenduaren 17ko 58/2003 Tributuen Lege Orokorrean eta hura garatzen eta osatzen duten gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera arautuko dira.

Kanona kudeatzea dekretuz zehazten den organoari dagokio, Eusko Jaurlaritzan energiaren eta klima-aldaketaren arloan eta ogasunaren arloan eskumena duten sailek batera proposatuta.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Epe Luzeko Ibilbide Orria eta lehenengo Estrategia.

Lege hau indarrean jarri eta gehienez ere 15 hilabeteko epean onetsiko ditu Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Epe Luzeko Ibilbide Orria eta Lehenengo Estrategia, zeinak lege honen 16. eta 17. artikuluetan arautzen baitira.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Lurralde historikoetako eta toki-erakundeen klima- eta energia-planak.

Lege hau indarrean jarri eta bi urteen barruan onartuko dira lurralde historikoetako eta toki-erakundeetako klima- eta energia-planak, zeinak lege honen 18. artikuluan zehazten baitira.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Aurrekontuen arloko gidalerroak.

Lege honetan adierazitako helburuak lortzeko, ezartzen da ezen, legea indarrean jarri eta 18 hilabeteko epean, legea betetzeko bideratuko diren aurrekontu-partidak identifikatzeko eta sortzeko gidalerroak landuko dituztela Eusko Jaurlaritzan energiaren eta klima-aldaketaren arloan eskumena duen sailak eta aurrekontuen arloan eskumena duen sailak.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Euskadiko Bulegoaren funtzionamendu-erregelamendua onartzea.

Eusko Jaurlaritzak lege hau indarrean jarri eta gehienez ere urtebeteko epean onartuko du Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Euskadiko Bulegoaren funtzionamendu-erregelamendua.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Energiaren arloko helburu eta betebehar sektorialak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legean ezarritako helburu eta betebehar sektorialak gorantz berrikusi ahal izango dira, onartuko diren plangintza- edo araugintza-tresnen bidez.

SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Helburuen berrikuspena.

Lege honen 1, 21 eta 23. artikuluetan ezarritako helburu kuantitatiboak gorantz berrikusi ahal izango dira, onartuko diren plangintza- edo araugintza-tresnen bidez.

ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Desinbertsioa hidrokarburoen ustiapenean eta erauzketan.

Energia arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak desinbertsio plan bat egingo du, lege hau indarrean jarri eta urtebeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak eta sektore publikoa osatzen duten entitateek, lehenbailehen eta nolanahi ere 2030. urtea baino lehen, zuzenean edo zeharka, erregai fosilak esploratu, ustiatu, findu edo prozesatzera bideratutako edozein sozietate, enpresa, ekimen edo proiektutan parte hartzeari utz diezaioten, erregai fosilak erretzen elektrizitatea sortzeko jarduerak barne.

Lehen aipatutako desinbertsioen ondorioz aktiboak besterentzetik lortutako baliabide ekonomikoak, bereziki, baimenak eta emakidak, ekipamenduak eta instalazioak, energia-baliabide potentzialen eta kokalekuaren beste erabilera alternatibo batzuk Energiaren Euskal Erakundera itzuliko dira. Baliabide ekonomiko horiek, batez ere, energia berriztagarrien proiektuak edo trantsizio energetikoari lotutako beste jarduera batzuk sustatzeko edo garatzeko bideratuko dira.

ZORTZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Autokontsumoaren Ibilbide Orria.

Energiaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak, trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren esparru estrategikoa berritzearen esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Autokontsumoaren Ibilbide Orria onetsiko du, legea indarrean jarri eta 15 hilabeteko epean.

Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren lehenengo Estrategia onetsi arte indarrean jarraituko dute energiaren eta klimaren estrategia sektorialek, baita Eusko Jaurlaritzak 2021eko urriaren 26an onetsitako Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketarako 2021-2024 Planak ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legea aldatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legea aldatzen da, honela:

Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legearen 14.3 artikuluan aurreikusitako energia-jarduketen planak klima- eta energia-planak deituko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legea aldatzea.

Beste idazkera bat ematen zaio Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 11.2 artikuluari, eta honela geratzen da idatzita:

  1. Ingurumenerako Aholku Kontseiluari dagozkio honako funtzio hauek:

    1. Berak aintzakotzat hartu beharreko eta ingurumenarekin zerikusia duten planetan eta programetan ingurumen-politikarekin lotutako gaiei buruzko aholkularitza eta txostenak ematea.

    2. Ingurumenaren zaintzarekin zerikusia duten lege-aurreproiektuei eta xedapen orokorren proiektuei buruzko txostenak egitea.

    3. Ingurumeneko Esparru Programaren eta hura garatzeko plan espezifikoen txostenak egitea.

    4. Ingurumen-politikak enplegu-sorkuntzarekin, garapen jasangarriarekin, ekimen ekonomiko publiko eta pribatuaren koordinazioarekin eta ingurumen-gaietan herritarren parte-hartzearekin, hezkuntzarekin eta sentsibilizazioarekin uztartzeko neurriak eta txostenak proposatzea eta ematea.

    5. Kontseiluan ordezkaritza duten erakundeek ingurumenaren arloan aurrera eramandako esku-hartze guztien jarraipen-lanak egitea.

    6. Unibertsitateek eta ikerketa-zentroek ingurumen-politikan parte har dezaten bultzatzea.

    7. Natua-ondarearen naturagune babestuak planifikatzeko eta kudeatzeko tresnei buruzko txostenak egitea, horiek eratzeko edo aldatzeko fasean, lege honetako zehaztapenen arabera.

    8. Lurraldearen kudeaketan erantzukizuna duten administrazioen arteko koordinazioa sustatzea eta babestea, natura-ondarea hobeto babesteko.

    9. Hezkuntza sustatzea natura-ondarearen kontserbaziorako, ikerketa zientifikorako eta haren dibulgazio eta hedapenerako.

    10. Naturaguneetan eragin nabarmena izan dezakeen edozein plan edo proiekturen gainean txostena egitea, gune horien kudeaketarekin zuzeneko harremana izan ez arren edo gune horien kudeaketarako beharrezkoa izan ez arren.

    11. Aztertzea nola ari diren betetzen Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren otsailaren 8ko 1/2024 Legean aurreikusitako helburuak eta plangintza-tresnak.

    12. Jarduketa-proposamenak egitea politika energetikoen eta klimatikoen arloan.

    1. Legez edo erregelamenduz esleitutako gainerako zereginak betetzea.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legea aldatzea.

Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legea aldatzen da, honela:

  1. Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 12. artikuluaren h) letra ezabatzen da.

  2. Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 12. artikuluaren i) letra ezabatzen da.

  3. Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 13. artikuluari j) letra gehitzen zaio, honako testu honekin:

    1. Agentziaren langileen plantilla onartzea.

  4. Beste idazkera bat ematen zaio Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 59.1 artikuluari, eta honela geratzen da idatzita:

    1. Lege honetan izendatzen diren Uraren Euskal Agentziako organo eskudunek erabiliko dute lege honetan arauturik dagoen zehatzeko ahala. Arau-hauste arin edo astunen kasuan, zuzendari nagusiak baliatuko du ahal hori, 15.d) artikuluan xedatutakoaren arabera; arau hauste oso astunengatik isunak jartzea, berriz, Gobernu Kontseiluaren eginkizuna izango da beren-beregi, bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko gaietan aplikatzekoa den zehapen-prozedurari buruzko arauekin.

    AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA. Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legea aldatzea.

    Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legea aldatzen da, honela:

  1. Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 58. artikulua honela idatzita geratzen da:

    1. Eusko Jaurlaritzan natura-ondarearen arloan eskumena duen sailak egingo ditu Batasunaren garrantzizko lekuen (BGL) proposamenak eta hegaztientzako babes bereziko eremuen (HBBE) izendapena, honako prozedura honi jarraikiz:

      1. Eskumena duen sailburuaren agindu bidez egingo dira Batasunaren garrantzizko leku (BGL) berriei buruzko hasierako proposamena, hegaztientzako babes bereziko eremuen (HBBE) izendapenarena eta lehendik daudenak aldatzeari buruzkoa. Lekuak hautatzeko, araudi hauetan ezarritako irizpideak hartuko dira oinarritzat: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko azaroaren 30eko 2009/147/EB Zuzentaraua, hegazti basatien kontserbazioari buruzkoa, Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko habitat naturalak eta basoko fauna eta flora kontserbatzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauaren III. eranskina (habitatei buruzko zuzentaraua), eta dagokion informazio zientifikoa.

      2. Hasierako proposamenak datuen formulario normalizatuko informazioa izan beharko du, Europako Batzordearen datu-base ofizialaren arabera, eta bi hilabetez foru-aldundien txostenak, jendaurreko informazioaren izapide orokorra eta sektore sozial interesdunen eta ukitutako administrazio publikoen entzunaldia egingo zaizkio. Izapide hori ezarritako epearen barruan amaitzen denean, Ingurumenerako Aholku Kontseiluak txostena egingo du.

      3. Batasunaren garrantzizko lekuen (BGL) kasuan, Eusko Jaurlaritzan natura-ondarearen arloan eskumena duen sailburuaren agindu bidez onetsiko da proposamena behin betiko, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Datuen formulario normalizatuko informazioa izan beharko du, Europako Batzordearen datu-base ofizialaren eta Batasunaren garrantzizko lekuei aplikatzeko araubide prebentiboaren arabera.

    2. Kontserbazio bereziko eremuen (KBE) eta hegaztientzako babes bereziko eremuen (HBBE) izendapena, haien kontserbazio-helburuak eta -neurriak barne, Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez xedatuko da, Eusko Jaurlaritzan natura-ondarearen arloan eskumena duen sailak proposatuta eta Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legean ezarritakoaren arabera.

    3. Kontserbazio bereziko eremu (KBE) izendatzeko dekretuak eta, orobat, KBE eta HBBE eremuetako kontserbazio-helburuak eta -neurriak onartzekoak eduki hau jaso behar dute, gutxienez:

      1. Natura 2000 gunearen behin betiko lurralde-mugak ezartzen dituen kartografia.

      2. Izendapena justifikatzen duten eta Batasunaren intereseko habitat naturalen eta animalia- eta landare-espezieen zerrenda, lehentasunekoak barne, horien guztien kontserbazio-egoeraren balorizazio batekin.

      3. Gunearen kontserbazio-helburuak.

      4. Lekuaren osotasuna bermatzeko eta habitat naturalen, espezieen habitaten eta flora eta fauna basatien narriadura saihesteko behar diren araudiak, horiek izan baitira lekua izendatzeko eta lekua kontserbatzeko arrazoiak, bai eta horiek egoera onean kontserbatzea lortzeko eta mantentzeko behar direnak ere.

      5. Ondoren habitat eta espezieak kontserbatzeko jarduerak garatzeko jarraibideak edo irizpideak.

      6. Egoki denean, kartografia espazioaren zonakatzearekin.

      7. Habitaten eta espezieen kontserbazio-egoeraren jarraipena eta ebaluazioa egiteko programa.

  2. Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 70. artikuluaren bigarren apartatua honela idatzita geratzen da:

    1. Espezie bat katalogatu ondoren, kudeaketa-plan bat onartuko da, natura-ondarearen arloan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako sailburuaren aginduz eta foru-organo eskudunekin lankidetzan. Kudeaketa-plan hori foru-organoekin koordinatuta egingo da, zeinak plana aplikatzeko organo eskudunak izango baitira, eta planaren helburua izango da espezie horrek dituen mehatxuak ezabatzea, horren iraupena bermatzea, populazioen berreskurapena eta kontserbazioa sustatzea eta haien habitatak babestea eta mantentzea, kontserbazio-egoera onuragarri bat lortzeko.

    AZKEN XEDAPENETAKO BOSGARRENA. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legea aldatzea.

    Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legea aldatzen da, honela:

  1. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 86. artikuluaren lehen apartatua honela idatzita geratuko da:

    1. Zerga arloan eskumena duten euskal administrazio publikoek lege honen helburuak betetzen laguntzeko fiskalitate ekologikoaren eta ingurumenaren arloko politika ekonomikorako beste tresna batzuen erabilera sustatuko dute, aldez aurretik ingurumenaren arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailari kontsulta egin ondoren. Ildo horretatik, erabaki ahal izango dute beren urteko aurrekontuetan kontu-sail bat ezartzea, lortutako diru-bilketaren baliokidea, ingurumenaren babesarekin, klima-aldaketa arintzearekin eta horretara egokitzearekin loturiko jarduerak aurrera eramateko erabili ahal izateko.

  2. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021eko Legearen 106. artikuluko hirugarren apartatuan, arau-hauste astun moduan tipifikatu ahal izango diren ekintza hauek gehitzen dira:

    1. Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren otsailaren 8ko 1/2024 Legeak ezarritako kasuetan, karbono-aztarna kalkulatzeko eta hori minimizatzeko plana egiteko betebeharra ez betetzea.

    2. Zehaztasunik eza, faltsukeria eta omisioa karbono-aztarna kalkulatzeko funtsezkoak diren datuetan, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren otsailaren 8ko 1/2024 Legeak ezarritako kasuetan.

    3. Zehaztasunik eza, faltsukeria eta omisioa klima-aldaketak dituen eraginak identifikatu, deskribatu eta ebaluatzeko funtsezko datuetan, plan, programa eta proiektuetako ingurumen-ebaluazioko prozeduretan.

    4. Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren gaineko Ekimenen Euskadiko Erregistroan izena emateko betebeharra ez betetzea, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren otsailaren 8ko 1/2024 Legeak ezartzen dituen kasuetan.

    5. Zehaztasunik eza, faltsukeria eta omisioa Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren gaineko Ekimenen Euskadiko Erregistroan izena ematean, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren otsailaren 8ko 1/2024 Legeak ezartzen dituen kasuetan.

    AZKEN XEDAPENETAKO SEIGARRENA. Zehapen-araubidea.

    Lege honetan alderdiei ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, Euskal Administrazio Publikoen zehatzeko ahalari buruzko martxoaren 16ko 1/2023 Legean ezarritako irizpideen arabera eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritako zehapen-araubidearen arabera zehatuko da.

    AZKEN XEDAPENETAKO ZAZPIGARRENA. Erregelamendu-garapena.

    Gobernu Kontseiluari ahalmena ematen zaio lege hau garatzeko eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan, dekretu bidez eta Eusko Jaurlaritzan energiaren eta klima-aldaketaren arloan eskumena duen sailaren eskariz.

    AZKEN XEDAPENETAKO ZORTZIGARRENA. Energia berriztagarrien kanona.

    Lege honetan ezarritako energia berriztagarrien kanona 2025eko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean.

    AZKEN XEDAPENETAKO BEDERATZIGARRENA. Indarrean jartzea.

    Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

    Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

    Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 14a.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.