Arautegia

Inprimatu

2/2023 LEGEA, martxoaren 30ekoa, Euskadiko jarduera fisikoaren eta kirolarena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 73
  • Hurrenkera-zk.: 1837
  • Xedapen-zk.: 2
  • Xedapen-data: 2023/03/30
  • Argitaratze-data: 2023/04/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak Euskadiko jarduera fisikoaren eta kirolaren martxoaren 30eko 2/2023 Legea onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Euskal Autonomia Erkidegoak, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Autonomia Estatutuaren 10.36 artikuluaren arabera, kirolaren arloko eskumen esklusiboa du. Lege hau, lehentasunezko eskumen-titulu horren babesean ez ezik, beste eskumen-titulu batzuen babesean ere egituratu da, hala nola, hirigintzari, garraioari, hezkuntzari, kulturari, gizarte-zerbitzuei, lanbideei eta osasunari lotutako eskumen-tituluen babesean. Izan ere, jarduera fisikoaren eta kirolaren sustapena, lege honen funtsezko helburuetako bat dena, zeharkako eginkizuna da, eta botere publikoen hainbat jarduketa-esparru hartzen ditu eraginpean.

Kirol-arloko eskumen horren babesean, Legebiltzar honek Soin-Kulturaren eta Kirolaren otsailaren 19ko 5/1988 Legea onartu zuen hasiera batean, eta lege horrek lehiaketako kirol federatua zuen ardatz nagusi. Geroago, lege hori Euskadiko kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legeak ordeztu zuen, zeinaren bidez, erregulazioaren ardatza kirol antolatuaz edo lehiaketako kirolaz bestelako kirol-adierazpen batzuetara zabaldu nahi izan zen, bai eta jarduera fisikoa eta kirola aisialdirako sustatu ere.

Euskal kirol-sistemako agente publiko eta pribatuek orain arte indarrean zegoen kirolaren esparru juridikoa berrikusteko prozesuan sistema horrekiko gogobetetze-maila handia agertu badute ere, 14/1998 Legea indarrean jarri zenetik bi hamarkada joan direnean bidezkotzat jo da kirolean izandako eraldaketak islatuko dituen esparru juridiko berri bat sortzea, kontuan hartuta gure gizartearen bilakaera, ebidentzia zientifikoan oinarrituriko esku-hartzeen ezagutzan izandako garapena, kirolaren fenomenoak bizi izan dituen eraldaketak eta jarduera fisikoaren eta kirolaren kontzeptuaren bilakaera. Egungo kirol-errealitatea 1998koarekiko desberdina da, arazo eta behar berriak ditu, eta horrek botere publikoak bultzatzen ditu lege-esparru hura eguneratzera, nazioarteko erakundeek aipatzen dituzten kirolaren dimentsio desberdinak kontuan hartuta. Adierazgarria da, adibidez, 2030 Agenda, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2015eko irailaren 25eko Ebazpenaren bidez onartua, zeinak kirola garapen jasangarria errazteko tresna garrantzitsutzat jotzen baitu, bai eta garapena eta bakea gauzatzen gero eta gehiago laguntzen duen elementutzat ere, tolerantzia eta errespetua sustatuz. Halaber, kirolak emakumeen, gazteen eta komunitateen ahalduntzea ere bideratzen du, eta tresna eraginkorra da osasunaren, hezkuntzaren eta gizarteratzearen arloko helburuak lortzeko.

Euskal jarduera fisiko eta kirolerako araubide juridiko berri honetan, protagonismo berezia dute jarduera fisikoaren eta kirolaren sustapenak, kirol inklusiboagoa lortzeko helburuak, gobernantza oneko ereduak txertatzeak, desberdinkeriak desagerrarazteak, eskola-adinean jarduera fisikoa eta kirola bultzatzeak, emakumeen kirolaren sustapenak, kirol-erakundeetan organo paritarioak osatzeko betebeharrak, administrazio publikoek obesitateari eta sedentarismoari aurre egiteko lanean betetzen duten zeregina argitzeak eta kirol federatuaren egiturak birdimentsionatu eta arrazionalizatzeak.

Osasunari, aisiari edo ongizateari lotutako arrazoiak direla-eta herritarrek kirol-erakundeetatik kanpo egiten duten jarduera fisikoa garrantzia hartu du eta lehiaketako kirol federatuak, ordea, indarra galdu du kirol-jarduera orokorrean. Horrek agerian utzi du orain arte bi errealitate horiei eskainitako legegintza-arreta asimetrikoa dela. Horiek horrela, lege hau bat dator Osasunaren Mundu Erakundeak adierazitako kezkarekin, izan ere, egiaztatu da jarduera fisikoaren falta hilkortasunaren laugarren arrisku-faktore garrantzitsuena dela, ondorio sozial nabarmenak dituela eta, gainera, kostu sanitario handiak dakartzala estatuentzat. Halaber, bereziki kezkagarria da gaur egun haurren sedentarismo- eta obesitate-maila altua, aisialdian gailu elektronikoak erabiltzeko adikzioagatik, joan-etorrien garraio-joera berriengatik, elikadura-ohitura eskasengatik eta antzeko beste arrazoi batzuengatik.

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, jarduera fisiko erregularra lotuta dago kardiopatiak, istripu baskularrak, diabetesa eta minbizia izateko arrisku txikiagoarekin, eta osasun mental eta bizi-kalitate hobearekin. Era berean, ezin da ahaztu jarduera fisiko erregularra lagungarria dela ikasketetan eta lanean errendimendu hobea lortzeko. Hori dela eta, gobernu-maila guztiek paradigma-aldaketa bat lortu behar dute, gizarte aktiboagoa sortzeko eta jarduera fisiko erregularrak dakartzan askotariko onurak behar bezala transmititzeko.

Euskadin egindako azterlanek agerian utzi dute bertako herritarrek egiten duten jarduera fisikoa kuantitatiboki mailarik onenak dituzten herrialdeetan egiten denaren antzekoa dela, hala ere, lege berri honek urrundu egin behar du autoatseginkeriatik, zuzendu beharreko hutsune batzuk baitaude: gizonen eta emakumeen jarduera fisikoaren arteko desberdinkeria nabarmena, derrigorrezko hezkuntzaren ondoko goi-mailako ikasketak hastean jarduera fisikoa uzteko joera, lantokietarako edo ikastetxeetarako joan-etorri aktiboen maila txikia eta gizarte-kolektiborik ahulenen kirol-jardunaren maila txikia. Hori guztia dela-eta, beste era batean ekin behar zaio kirolaren fenomenoari.

Orain arteko kirol-arloko esparru juridikoaren balioa egiaztatuta dagoen neurrian kirol-sistemako agente direnekin, hots, kirol-klubekin, kirol-federazioekin, udalerriekin, foru-aldundiekin, prestakuntza-zentroekin, profesionalen elkargoekin, kirol-zerbitzuetako enpresekin eta abarrekin, ez baitu gatazka esanguratsurik sortu aplikazio-aldian, lege berri hau, funtsean, haren oinarrien gainean eraikitzen da.

Lehentasunezko lan-ardatzetako bat jarduera fisikoaren eta kirolaren alderdi guztietan benetako berdintasun erreala lortzea dela kontuan hartuta, genero-ikuspegia eta sexu- eta genero-dibertsitatearen ikuspegia txertatu dira zeharka legean, arlo honetako politika publiko guztietan jarraitu beharreko printzipio gisa.

Legearen I. titulua legearen aplikazio-esparruari, helburuei eta printzipio orokorrei buruzkoa da, eta aurreko lege-testua errespetatzen du funtsean. Sartu diren aldaketen artean, azpimarratu beharra dago lege-testu berriak jarduera fisikoaren eta kirolaren sustapena eta askotariko gizarte-arloetan eskumenak dituzten administrazio publikoen zeharkako parte hartzearen beharra. Jarduera fisiko eta kirol-jarduera handiagoko euskal gizarte aktiboago bat lortzeko erantzukizuna, kirol-administrazioarena ez ezik, gobernu ezberdinena ere bada.

  1. tituluak jarduera fisikoaren eta kirolaren eskumen-banaketa egituratzen du aurreko legearen jarraibideetatik abiatuta, hau da, Autonomia-Elkarte Osorako Erakundeen eta bertako Kondaira-Lurraldeetako Foruzko Ihardutze-Erakundeen Arteko Harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legea (Autonomia Erkidegoko Erakunde Komunen eta Lurralde Historikoetako Foru Organoen arteko Harremanei buruzko izen gaurkotuarekin ezagutzen dena). Jarduera fisikoaren eta kirolaren sustapenerako lege honen bidez ezartzen diren politikak garatzeko erakunde bakoitzak duen eskumena zehazten da. Legeak udalerria hartzen du eremu honetako sustapenaren ardatz nagusitzat, herritarrengandik hurbilen dagoen administrazio publikoa baita, eta kirol-arloko ekipamendu, gune eta zerbitzu gehienen titularra, baina ahaztu gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta foru-aldundietako administrazio publikoekin partekatutako erantzukizuna dela.

    Jarduera fisikoaren eta kirolaren administrazio-egituraketari buruzko titulu honetan, Kirolaren Euskal Kontseiluaren eraldaketa azpimarratu beharra dago. Izan ere, legearen eduki berrietara egokitutako izen berria hartzeaz gain, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Kontseilua, organikoki sendotu egiten da legean, 14/1998 Legean aurreikusitako batzorde independente guztiak biltzen baititu bere baitan.

  2. titulua lege honen berritasun nagusietako bat da 14/1998 Legearekin alderatuta, jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko neurri multzo bat biltzen baitu, legearen izenburuari berari eta helburuei jarraikiz. Horiek lege-testuaren hasieran egoteak, lehen tituluari eta eskumenei buruzko tituluaren ondoren, garbi islatzen du lege honetan jarduera fisikoaren eta kirolaren sustapenari eman nahi zaion garrantzi handia, izan ere, legearen zutabeetako bat da eta pertsonen bizi-kalitate hobea lortzeko, gaixotasunei aurrea hartzeko, garapen pertsonalerako eta ongizate indibidual eta kolektiborako egiten duen ekarpen handiari lotuta dago. Legearen helburu nagusienetariko bat da euskal gizarte aktiboago bat lortzea, eta horrexegatik jasotzen da Jarduera Fisikoaren Euskal Agentziaren Zerbitzua.

    Lege honek jarduera fisikoaren sustapenaren esparruan biltzen dituen aurreikuspen batzuk Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legean oinarrituta daude. Lege horrek Euskadiko osasun-arloko erakunde-esparrua zaintzeko funtzioa esleitzen dio Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari, zeinak esparru hori politika sektorial guztietan kontuan hartzen dela zaintzeko bidezkoak diren neurriak hartuko baitu bai eta osasun-arloko ekintzak osatuko dituzten diziplina anitzeko ekintza positiboen diseinua bultzatu ere. Hori dela-eta, III. tituluak zeregin erabakigarria esleitzen die osasunaren, hezkuntzaren eta kirolaren arloko administrazioei elkarrekin, jarduera fisikoaren eta kirolaren sustapenaren bidez, osasunaren babesa bermatzeko. Ildo horretan, adibidez, udalerrietan osasun-zentroekin koordinatuta jarduera fisikoaren inguruko orientazio-zerbitzuak progresiboki ezartzeko aukera finantzatuko da.

  3. tituluak ere berritasunak dakartza, xedapen ugari biltzen baititu jarduera fisikoan eta kirolean gobernantza egokia bermatzeko eta kirol-erakundeek eta Euskadin antolatzen diren jarduerek gardentasunaren, kudeaketaren eraginkortasun eta efizientziaren, parte-hartze demokratikoaren, berdintasun eraginkorraren, gizarte-inklusioaren eta abarren printzipioei jarrai diezaieten sustatzeko. Ikuspuntu sistematikotik, titulu hau ere legearen lehen zatian kokatu da, bi arrazoi nagusirengatik: bere zeharkako izaeragatik eta euskal kirol-sisteman gobernantza onaren estandarrak igotzeko apustu garbia egiten delako. Herrialde bateko kirol-sistemaren maila, kiroleko emaitzen arabera ez ezik, bere gobernantza onaren kalitatearen arabera ere neurtu behar da. Jarduera fisikoak eta kirolak, gaitasun atletikoen eta lehiaketetan lortutako emaitzen dimentsioaz gain, lege honek alde batera utzi nahi ez duen gizarte- eta hezkuntza-dimentsio bat ere badute.

    Kiroleko gobernantza onaren esparruan, kirolaren eremuan bi hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzeko herritarrek duten eskubidea eta kirolarien eta gainerako parte-hartzaileen hizkuntza-eskubideak bermatu nahi dira lege honen bidez, kirol-jarduera ofizialaren esparruan bereziki, botere publikoen erantzukizuna baita herritarrek euskara erabiltzeko duten eskubidea bermatzea eta gure hizkuntzaren ezagutza eta erabilera babestea eta bultzatzea, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak ezartzen duenari jarraikiz.

  4. tituluan euskal kiroleko elkarteen egitura arautzen da antolakuntza-segmentuen arabera, horretarako, Lisboako Itunean aitortutako kirolaren berariazko izaeratik abiatzen da, baina kiroleko erakunde pribatuek arauak egiteko duten ahala antolamendu juridiko publikora egokitu behar dela gogoan izanda. Lehiaketazko kirolak ezin ditu alde batera utzi botere publikoetatik datozen arauak. Legearen berritasun nagusia da federazio-sistema funtsean birdimentsionatzea. Aurreko legearen zioen azalpenean, berariaz onartzen zen federazio-egitura berregituratzeko beharra (dimentsio desegokia baitzuen); eta, 14/1998 Legearen bidez, irtenbide bat eman nahi izan zitzaion federazioen atomizazio kezkagarriari. Izan ere, kirol-federazio gehiegi zegoen, eta batzuen ezarpena ia hutsala izanda ere beren kostuak onartezinak ziren altxor publikorako. Hori dela eta, 14/1998 Legean kirol-federazioak sortzeko baldintza berriak ezarri ziren, eta kirol-federazio gisa jarraitzeko dimentsio egokirik ez zuten kirol-federazioei emandako aitorpena errebokatzeko mekanismo batez hornitu ziren babes-eskumenak dituzten administrazio publikoak.

    Bi hamarkada hauetako esperientziak agerian utzi du, ordea, neurri horiek ez dutela emaitza onik eman eta, gainera, gatazka ugari sortu dira lurralde-federazioen eta euskal federazioen artean, hauteskunde- zein eskumen-kontuak eta kontu ekonomikoak direla-eta. Horrenbestez, legeak federazio-egitura arrazionalizatu eta birdimentsionatzearen alde egin du. Horrek abantaila ugari ekar dezake berekin, adibidez, egungo gatazka asko saihesten lagun dezake, giza baliabideak zein baliabide materialak optimizatuko dira, era horretan federazioak erakunde sendoagoak izango dira eta erronka berriak beren gain hartzeko ahalmen handiagoa izango dute.

    Esparru juridiko berriarekin, federazioen hauteskunde-sistema ere nabarmen sinplifikatuko da. Orain arte, euskal federazioen hauteskunde-prozesuak lurralde-federazioen hauteskunde-prozesuetan oinarrituta egiten ziren, eta federazio horien gatazkek hauteskunde-sistema baldintzatzen zuten, euskal federazioen batzar nagusiak lurralde-federazioen batzar nagusietatik abiatuta osatzen baitziren. Lege berriarekin, kirol-federazioen batzar nagusiak kirol-erakundeetako ordezkariek baino ez dituzte osatuko, errealitateak agerian utzi baitu kirol-federazioek bigarren mailako elkarte gisa dihardutela, kirol-erakundeen elkarte gisa. Horrela, lege berriarekin, kirol-klubak eta kirol-elkarteak kirol federatuaren erabakigune bihurtuko dira. Horren truke, pertsona fisikoen estamentuen presentzia areagotu egingo da kirol-federazioen administrazio-organoetan.

    Era berean, ezin da alde batera utzi lege berriak desgaitasuna edo dibertsitate funtzionala duten pertsonei eskaintzen dien arreta. Pertsona horiek talde kaltebera eta ugaria osatzen dute, eta kirol-sistemak, egindako aurrerapen ukaezina gorabehera, ez die oraindik erabateko inklusioa erraztu. Legearen bidez, kirol inklusiboa lortzeko eta jarduera fisikoaren eta kirolaren esparruan kolektibo horren oinarrizko eskubideen errespetua bermatzeko oztopoak desagerrarazi nahi dira.

  5. titulua kirol-lehiaketei eta lizentziei buruzkoa da eta ez du eraldaketa handirik izan. Berrikuntzen artean azpimarra daiteke, ordea, azterketa medikoen nahitaezkotasunari baldintzak ezarri zaizkio. Legeak berariaz gaitzen du Eusko Jaurlaritza beharrezkotzat hartzen den kasuetan nahitaezkotasun hori erregelamenduz ezartzeko, baina saihesten du nahitaezkotasun hori lizentzia mota orotara zabaltzea. Era berean, ezin da ahaztu legeak kirol-ekitaldien leihatila bakarra sortzeko oinarriak ezartzen dituela. Leihatila hori kirol-ekitaldien antolatzaileek behar dituzten komunikazio, adierazpen, baimen eta lizentzia guztien inguruko informaziogunea eta izapidetze elektroniko integraleko gunea izango da, eta kirol-ekitaldien antolaketa erraztea eta jarduera horiek garatzeko ingurune lagungarriago eta gardenago bat sortzea du helburu.

  6. tituluak zenbait eduki ditu. Lehenik eta behin, eskola-adineko jarduera fisikoa eta kirola lantzen du eta berritasun esanguratsu bat dakar. Aurreko legean, kirolaren segmentu horrek nahitaezko eskolatze-aldian zeuden ikasleak biltzen zituen, hau da, 6-16 urtekoak. Orain, berriz, 0-6 urtekoak ere sartuko dira, eta babes berezia eskainiko zaie osasunaren esparruan, erakunde publiko eskudunen eta esparru horri lotutako agenteen arteko adostasunaren ondorioz. Testu artikulatu berriak zehazten ditu eskola-adineko etapak eta etapa bakoitzaren ezaugarriak. Kirolean eta jarduera fisikoaren edozein arrazoirengatik agertzen den indarkeria, intolerantzia eta diskriminazioaren aurkako borroka ez da zehapen-arauen zeregin esklusiboa. Aitzitik, portaera horiek kirol-sistemaren oinarritik hasita desagerrarazi behar dira, eta beharrezkoak diren errespetua, tolerantzia eta joko garbia helarazi behar dira hastapen-adin horietan egiten den jarduera fisikoan eta kirolean.

    14/1998 Legean bezala, arreta berezia eskaintzen zaio unibertsitate-esparruan egiten den jarduera fisikoari eta kirolari, unibertsitateen autonomia errespetatuta. Berritasun nagusia da legearen titulu horretan lanbide-heziketako zentroak sartu izana. Hezkuntza-sektore hori ez zen kontuan hartzen aurreko lege-testuan.

  7. titulua kirol-teknikarien prestakuntzari, ikerketari eta berrikuntzari buruzkoa da. Orain arte indarrean zegoen legearekin alderatuta, titulazioen eskakizuna desagertu egin da, arlo hori kirol-lanbideetan sartzeko eta jarduteko lege berriak arautzen baitu. Tituluak Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Eskolaren zeregina berrantolatzen du, eta kirol-taldeen koordinazioan sailen arteko lidergoa esleitzen zaio.

  8. tituluak kirolarien laguntza eta babesa arautzen ditu eta goi-mailako kirola arautzen duen titulutik bereizi da. Berritasunik esanguratsuena da lege honetatik aurrera osasun-sistema publikoak emango duela, bere kontura, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren kirol-jardunari lotutako osasun-laguntza. Estatuko eta nazioarteko kirol-lehiaketetako parte-hartzeari lotutako osasun-laguntza baino ez da salbuetsita egongo.

    Goi-mailako kirola X. tituluan lantzen da. Erregulazioak orain arte indarrean zegoen araudia hartzen du oinarri, aldaketa gutxirekin. Alde batetik, gobernu-instantzia guztien eskumenak argitu nahi dira titulu horretan eta Eusko Jaurlaritzari ematen zaio protagonismorik handiena. Legeak berariaz aitortzen du Basque Team Fundazioak egun betetzen duen zeregina, hots, goi-mailako kirolaren programa batzuei laguntza eman eta horiek kudeatzea.

    Bestetik, ahalik eta arau-mailarik handiena eman nahi izan zaio emakume kirolariek haurdunaldian eta ama izatean behar duten babesari, eta ondorio negatiboak galarazi nahi izan dira, hala nola, lehiatu ez izanagatik laguntzak eta dirulaguntzak galtzea. Horiek horrela, kirolariek goi-mailako kirolari gisa dituzten eskubideak gordeko dituzte haurdunaldia igaro eta ama izan ondoren.

    Legeak, XI. tituluaren bidez, jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko ekipamenduen eta zerbitzuen esparrua lantzen du. Gaur egun beharrezkotzat hartzen ez diren xedapen batzuk kendu egin dira beste arau-tresna batzuetan araututa daudelako, kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamenduen eraikuntza-baldintzei lotutako alderdiei buruzkoak bereziki. Halaber, ikuspegi berriak txertatu dira ekipamendu horien plangintzan.

  1. tituluak, jarduera fisikoari eta kirolari lotutako beste alderdi batzuk gaineratzen dizkio aurreko legegintza-tratamenduak indarkeriaren fenomenoaren prebentzioan ezarritakoari, hala nola edozein arrazoirengatik agertutako intolerantzia eta diskriminazioa. Prebentzioari buruzko titulu hori osatu egiten da fenomeno horiek kirol-arloko diziplina-ikuspegitik eta administrazio-arloko zehapen-ikuspegitik lantzen dituzten legearen tituluekin.

    Lege berri honen XIII. titulua kirol-arloko diziplina-araubideari buruzkoa da. Azpimarratu beharreko berritasunen artean, honako hauek ditugu: arau-hauste berrien tipifikazioa, ohiko eta ezohiko prozedurak argitzea, arau-hausteen egiletzaren definizioa hobetzea eta diziplina-erantzukizuna aldatzen duten inguruabarren araubidea, izan ere, erantzukizun hori erantzukizun ia-objektibo gisa konfiguratzen da, doloa edo errua dagoelako iuris tantum presuntzioarekin. Arau-hausteen tipifikazioari dagokionez, nabarmendu beharra dago jarduera fisikoan eta kirolean edozein arrazoirengatik agertutako indarkeria, intolerantzia eta diskriminazioko ekintzei lotutako arau-hauste berri batzuk txertatu direla bai eta kirol-arloko ustelkeriari, partidetan egindako iruzurrei, apustuei eta abarri lotutako arau-hausteak ere tipifikatu direla.

  1. tituluan jasota dagoen administrazio-arloko zehapen-araubideari dagokionez, arau-hausteen tipifikazioaren arloan kirolaren eta jarduera fisikoaren arloko diziplina-araubidean sartutakoen antzeko doikuntzak egin dira. Halaber, zehatzeko administrazio-ahala une bakoitzean zein administrazio publikok baliatu behar duen argitu nahi izan da. Bestalde, kirol-ikuskapenaren araubidea ere argitu da.

    Kirol-arloko justiziari buruzko XV. tituluari dagokionez, azpimarratu beharra dago kirol-gatazka batzuen administrazio-izaera eta izaera pribatua bereizteko egin den ahalegina, aurkaratze jurisdikzionaleko araubidea desberdina dela argitzeko helburuarekin. Bestalde, Kirol Justiziako Euskal Batzordea osatzeko baldintzak eta funtzionamendu-araubidea sinplifikatu egin dira.

    Xedapen gehigarriek, iragankorrek, indargabetzaileek eta azken xedapenek legearen eraginkortasun egokirako beharrezkoak diren hainbat aurreikuspen biltzen dituzte.

  1. Lege honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan kalitatezko jarduera fisikoaren eta kirolaren araubide juridikoa eta sustapena arautzea bizitza aktiboaren kultura eraikitzeko, eta, orobat, hori guztia garatzeko beharrezkoak diren baliabideak bermatzea.

  2. Lege honen ondorioetarako, kiroltzat joko da jarduera fisiko oro, baldin eta helburu badu, parte-hartze antolatuaren edo bestelakoaren bidez, osasuna sustatzea, forma fisikoa eta psikikoa adieraztea edo hobetzea, gizarte-harremanak garatzea edo maila guztietako lehiaketetan emaitzak lortzea.

  3. Lege honen ondorioetarako, jarduera fisikotzat joko da muskulu eskeletikoek egiten duten eta energia-gastua dakarren gorputz-mugimendu oro.

  4. Lege honen eremutik kanpo geratzen dira e-sportak edo joko elektronikoak eta antzeko jarduerak arautzea.

  5. Lege hau Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan aplikatuko da. Era berean, kirol-, gizarte- eta kultura-arloko harremanak daudela kontuan izanda, Euskal Autonomia Erkidegoko botere publiko eta kirol-erakundeak Nafarroako eta Iparraldeko botere publiko eta kirol-erakundeekin lankidetzan aritu ahal izango dira, lege honetan araututako jarduera fisikoak eta kirol-jarduerak garatzeko.

  1. Jarduera fisikoa eta kirola interes publikoko gizarte-jarduerak dira, eta pertsonen prestakuntzan eta garapen integralean, pertsonen osasunaren eta bizi-kalitatearen mantentzean edo hobekuntzan eta ongizate indibidual eta sozialean laguntzen dute.

  2. Pertsona guztiei aitortzen zaie jarduera fisikoa eta kirola askatasun osoz eta borondatez egiteko eskubidea, eta botere publikoek eskubide hori benetan gauzatzeko baliabide egokiak ezartzeko betebeharra izango dute.

  3. Euskal botere publikoek, beren eskumenen esparruan, jarduera fisikoa eta kirola egiteko eskubidea benetan gauzatzeko politika bat ezarriko dute, honako printzipio gidari hauei jarraikiz:

    1. Jarduera fisikoaren eta kirolaren benetako presentzia hezkuntza-sisteman eta lan- eta familia-esparruan, bizi-ohitura osasungarriak sustatuz eta sedentarismoaren eta obesitatearen aurka jardunez.

    2. Programa bereziak onartu eta gauzatzea jarduera fisikoa eta kirola gizarte-sektore guztietara zabaltzeko, bereziki, egoerarik ahulenean daudenetara.

    3. Oztopo guztiak kentzea pertsona guztiak jarduera fisikoan eta kirolean, benetan, berdintasun-baldintzetan edo ekitatez aritzeko.

    4. Jarduera fisikoa eta kirola sustatzea edonolako desgaitasuna duten herritarrengan.

    5. Baldintzak sustatzea emakumeak kirol-jardunaren maila guztietan eta diskriminaziorik gabe erabat integratzea errazteko.

    6. Jarduera fisikoa eta kirola baliatzea euskararen erabilera sustatzeko tresna gisa.

    7. Jarduera fisikoa eta kirola sustatzea aisialdirako aukera, osasun-ohitura eta adikzioei aurrea hartzeko tresna gisa eta horretan laguntzen duten ekintzak babestea.

    8. Jarduera fisikoaren eta kirolaren bitartez osasuna bere dimentsio guztietan sustatzea eta babestea, arreta berezia jarrita kirolarien eta, bereziki, goi-errendimenduko kirolarien osasun mental eta psikologikoan.

    9. Programak bultzatzea derrigorrezko hezkuntzaren ondoko goi-mailako ikasketak hastean edo lan-merkatuan sartzean kirol-jarduna uzteko joerari aurre egiteko.

    10. Lehiaketazko kirola antolatzea eta sustatzea.

    11. Jarduera fisikoaren eta kirolaren arloan ikerketa zientifikoa eta berrikuntza bultzatzea, haien kalitatea hobetze aldera, euskal kirol-sistema modernizatzeko, ezagutza transferitzeko eta hobetzeko tresna gisa.

    12. Jarduera fisikoa eta kirola bultzatzea lurraldea egituratzen laguntzen duten elementutzat hartuta.

    1. Jarduera fisikoa eta kirola bultzatzea Euskadiko garapen ekonomiko eta sozialaren eragile gisa.

    2. Kirola hainbat balio sustatzen lagun dezakeen baliabidetzat hartzea, hala nola hobekuntza pertsonala, talde-lana, elkartasuna, laguntasuna, joko garbia, tolerantzia, ekitatea edo berdintasuna.

    1. Kirol-teknikarien prestakuntza antolatu eta bultzatzea, ikastetxe publiko eta pribatuen eta kirol-federazioen parte-hartzearekin.

    2. Kirolarientzako osasun-arreta espezializatuko sistema bat antolatu eta bultzatzea.

    3. Kirolerako eta jarduera fisikorako instalazioen segurtasun eta higienearen arloko prebentzio- eta kontrol-sistema bat antolatu eta bultzatzea, desgaitasuna duten pertsonei irisgarritasuna bermatuz.

    4. Beharrezkoak diren neurriak hartzea kirolariak babesteko helburu politiko, ekonomiko edo bestelakoekin egindako abusuzko esplotazio guztietatik.

    5. Dagozkion neurriak hartzea jarduera fisikoan eta kirolean indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta intolerantzia desagerrarazteko, batik bat LGTBIfobia eta kolektibo hori osatzen duten pertsonenganako arbuiatze-, estigmatizatze- edo baztertze-jarrera oro.

    6. Kirol-asoziazionismoa antolatzea eta sustatzea, eta kiroleko erakunde-egitura pribatuak aitortzea eta babestea.

    7. Haurren eta nerabeen interes gorena bermatzea, eta haurren eskubideak sustatu eta babestea.

      Lege honen eremu eta xedeari dagokienez, euskal administrazio publikoek zainduko dute haurren eta nerabeen interes gorena aplikatzen dela haiei eragiten dieten politika eta erabakietan, bai eta haurren oinarrizko eskubideen erabilera, errespetua eta sustapena bermatzeko hartzen diren neurri eta xedapenetan ere. Hala, arreta berezia jarriko da haiei eragiten dieten esparruetako eta politiketako erabakietan haur eta nerabeek parte hartzeko duten eskubidean, aisialdirako eta kirolerako eskubidean haien ongizatearen eta osasunaren funtsezko ardatz den aldetik, bai eta indarkeria mota guztietatik babestuta egoteko eta arreta integrala jasotzeko eskubidean ere.

    8. Kirol-arloko boluntarioak babestea eta laguntzea.

    9. Kiroleko erakunde-egitura pribatuen profesionalizazioa bultzatzea.

    10. Goi-mailako kirola antolatzea eta sustatzea kirol-federazioen parte-hartzearekin.

    11. Neurriak hartzea kirol-ekitaldietan parte hartzen dutenei arriskuen estaldura egokia bermatzeko.

    12. Lankidetza arduratsua bermatzea kirol-arloan administrazio publikoen artean eta haien eta kirol-federazioen eta/edo beste edozein kirol-erakunderen artean.

      aa) Natura-ingurunea jarduera fisikorako eta kirolerako behar bezala balia dadin sustatzea, ingurumenaren babesarekiko modu bateragarrian.

      bb) Animalien osasuna eta ongizatea babestea animaliek parte hartzen duten kirol-jardueretan.

      cc) Kirolerako eta jarduera fisikorako instalazioen sarerik onena planifikatu eta sustatzea.

      dd) Jarduera fisikoaren eta kirolaren hastapenak ezartzea, lehentasuna emanez ikasle guztien interesak eta premiak asetzeari eta programek hezkuntza-orientazioa izateari.

      ee) Oinarrizko lehiaketazko kirola antolatzea eta sustatzea, euskal kirolaren maila guztiak garatzeko eragile gisa.

      ff) Lehiaketazko euskal kirola Estatuan eta nazioartean babestea.

      gg) Bertako kirol-modalitateak babestea, sustatzea eta kirol-ondare gisa aitortzea.

      hh) Kirola kultura osatzen duen elementu gisa eta gizarte-kohesiorako elementu gisa aitortzea.

      1. Ideia olinpikoak eta paralinpikoak aitortzea eta babestea.

        jj) Neurriak hartzea jarduera fisikoan eta kirolean dopina desagerrarazteko, bai eta pertsonaren osasunaren, duintasunaren eta integritatearen kontrako kiroleko beste edozein jardunbide ere.

        kk) Neurriak hartzea jarduera fisikoaren eta kirolaren babesletza eta mezenasgo pribatua sustatzeko jarduketa publikoaren osagarri gisa, bereziki, emakumeen kirolean, kirol egokituan eta kirolean euskara sustatzeko programetan.

      1. Unibertsitateetan eta lanbide-heziketako zentroetan jarduera fisikoa eta kirola antolatzea eta sustatzea.

        mm) Espetxeetako presoentzako jarduera fisiko eta kiroleko programak sustatzea, haien gizarteratzea lortze aldera.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunek baliatuko dituzte, Autonomia Estatutuari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion eta lege honetan edo ordenamendu juridikoaren gainerakoan lurralde historikoetako foru-organoei, udalerriei eta gainerako toki-erakundeei esleitzen ez zaizkien eskumen guztiak jarduera fisikoaren eta kirolaren arloan.

  2. Zehazki, honako eskumen hauek dagozkie Autonomia Erkidegoko erakunde komunei:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroa arautzea eta kudeatzea.

    2. Kirol-arloko diziplina-araubidea arautzea.

    3. Goi-mailako kirola antolatzea eta babestea.

    4. Euskadiko kirol-federazioak onartzea, haiei laguntzea, finantzatzea, esku-hartzea eta kontrolatzea beren funtzio publikoak betetzen dituztela bermatzeko, betiere beren jarduera pribatua kaltetu gabe.

    5. Kirol-gaitasuna egiaztatzeko osasun-azterketak arautzea.

    6. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Kontseilua arautzea eta antolatzea.

    7. Kirol Justiziako Euskal Batzordea arautzea eta antolatzea.

    8. Kirol-federazioen, kirol-kluben eta gainerako kirol-erakundeen araubidea arautzea.

    9. Kirol-kluben onura publikoaren deklarazioak arautzea.

    10. Kirol-lizentzien araubidea arautzea.

    11. Eskolako jarduera fisikoaren eta kirolaren oinarriak eta printzipio orokorrak arautzea, bai eta haien kirol-arloko diziplina-araubidea eta lehiaketak ere.

    12. Administrazio publikoek kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamenduen erroldak egiteko irizpide uniformeak onartzea.

    1. Kirol-erakundeen zuzendaritza-kideentzako estatutu bat onartzea.

    2. Autonomia Erkidegoko kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamenduen errolda onartzea eta eguneratzea.

    1. Ingurune naturalean egiten diren kirol-jarduera arriskutsuen antolaketa arautzea.

    2. Indarkeriaren prebentzioa, kontrola eta errepresioa arautzea.

    3. Kirol-modalitate eta -azpimodalitate berriak aitortzeko irizpideak eta baldintzak onartzea.

    4. Jarduera bat kirol-modalitate edo -azpimodalitate gisa kalifikatzea.

    5. Kirolariaren osasun-txartela arautzea.

    6. Unibertsitate arteko kirol-jarduerak antolatu eta koordinatzea.

    7. Kirol-ekitaldien antolaketa arautzea.

    8. Jarduera fisikoa sustatzeko politika publikoak arautzea eta, hala badagokio, gauzatzea.

    9. Orientazio-zerbitzuak definitu eta bultzatzea jarduera fisikoa sustatzeko, eta estrategia diseinatzea jarduera fisikoaren eragile sustatzaileak bultzatzeko.

Lurralde historikoetako foru-organoei, beren lurralde-eremuan, honako eskumen hauek dagozkie:

  1. Eskola-adineko jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko Autonomia Erkidegoko araudia garatzea eta udal-administrazioarekin koordinatuta hura gauzatzea.

  2. Pertsona guztientzako jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko kirol-politika onartzea eta udal-administrazioarekin koordinatuta hura gauzatzea.

  3. Kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamenduen lurralde-plan sektorialak onartzea.

  4. Dagokion lurralde historikoko kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamenduen errolda onartzea eta eguneratzea.

  5. Kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamenduen eraikuntza, zabalkuntza eta erreforma finantzatzeko planak onartzea eta gauzatzea.

  6. Goi-mailako kirolera iristeko aukerak dituzten etorkizun handiko kirolariei laguntza teknikoa eta ekonomikoa ematea.

  7. Laguntza tekniko eta ekonomikoa ematea egoitza lurralde historikoan duten kirol-klubei eta gainerako kirol-elkarteei eta, horretarako, dagozkion dirulaguntzak ematea eta jarduera dirulaguntzaren helburuarekin bat datorrela kontrolatzea.

  8. Lurralde historikoko kirol-federazioak onartzea, haiei laguntzea, finantzatzea, haietan esku hartzea eta kontrolatzea beren funtzio publikoak betetzen dituztela bermatzeko, betiere beren jarduera pribatua kaltetu gabe.

  9. Udaleko kirol-zerbitzuak koordinatzea, zerbitzu horiei laguntzea eta zerbitzu horien kudeaketa mankomunatua bultzatzea.

  10. Lege honetan esleitzen zaizkien eta legea garatzeko arauen arabera dagozkien gainerako eskumenak eta eginkizunak baliatzea, baita Autonomia-Elkarte Osorako Erakundeen eta bertako Kondaira-Lurraldeetako Foruzko Ihardutze-Erakundeen Arteko Harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 12. artikuluan zehaztutakoaren arabera eskualdatu edo eskuordetu dakizkiekeenak ere.

    Horretarako, lankidetza-hitzarmenak sinatu ahalko dituzte elkarrekin, betiere, helburuak, kirol-programak, aurrekontuak eta eskuordeturiko funtzio publikoei zuzenean loturiko gainerako alderdiak zehazteko. Hitzarmen horiek izaera juridikoa eta administratiboa izango dute.

Udalerriei, beren lurralde-eremuan, honako eskumen hauek dagozkie:

  1. Lurralde historikoetako foru-organoek onartzen dituzten eskola-adineko jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko programak gauzatzea, foru-organoekin koordinatuta eta tokiko ezaugarrietara egokituta, udal-eremuko heziketa-zentroekin eta kirol-eragileekin lankidetzan.

  2. Udaleko kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamenduak eraiki, handitu eta hobetzea, bai eta haiek kudeatu eta mantentzea ere.

  3. Pertsona guztientzako jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko lurralde historikoetako foru-organoek onartutako eta finantzatutako programak gauzatzea.

  4. Udalerriko kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamenduen errolda onartzea eta eguneratzea.

  5. Lege honen, gainerako lege-xedapenen eta legea garatzeko arauen arabera esleituta dituzten eskumen eta funtzio guztiak baliatzea, bai eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen III. tituluan ezarritakoaren arabera beren gain har ditzaketen edo eskuordetu daitezkeen eskumen eta funtzio guztiak ere.

  1. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Kontseilua Euskal Autonomia Erkidegoko organo gorena da jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko politikari lotutako gaietan, administrazio publikoei aholkularitza emateko, kontsulta eta jarraipena egiteko eta eztabaida sektoriala gauzatzeko. Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailari atxikiko zaio.

  2. Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko ordezkariek osatuko dute Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Kontseilua, batik bat kirol-, hezkuntza- eta osasun-arlokoek, eta, orobat, Euskadiko foru- eta udal-administrazioetako eta euskal kirol-federazioetako ordezkariek. Halaber, Kontseiluko kide izango dira jarduera fisikoaren eta kirolaren esparruan ospe handia duten pertsonak, esparru horretan eskumena duen Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailaren titularrak izendatuta.

  3. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Kontseiluaren osaera, izendapen-sistema, funtzionamendu-araubidea eta funtzioak erregelamenduz ezarriko dira. Nolanahi ere, nahitaezkoa izango da Kontseiluaren esku-hartzea kirolarekin lotutako xedapen orokorren proiektuak egiteko prozesuetan.

  4. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Kontseiluaren barruan eratuko dira lege honetan aurreikusten diren azpibatzorde guztiak, bai eta osoko bilkurak erabakitzen dituenak ere. Halaber, erakunde arteko koordinazio-mahai bat eratuko da, arlo berberak eragindako administrazio publikoen jarduketen koordinazioa bermatze aldera, emaitza komun bat lortzeko helburuarekin, eraginkortasunez eta efizientziaz, hutsunerik eta bikoiztasunik gabe.

  5. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Kontseiluak eginkizun hauek izango ditu:

    1. Euskal Autonomia Erkidegorako kirol-politika orokorraren gidalerroak proposatzea, eta botere publikoen kirol-politiken lankidetza, koordinazioa eta egituraketa bermatzeko neurriak proposatzea.

    2. Jarduera fisikoarekin eta kirolarekin lotutako xedapen orokorren proiektuei buruzko informazioa ematea.

    3. Kirol-modalitate eta -azpimodalitateen kalifikazioari buruzko informazioa ematea.

    4. Euskal kirol-federazioak eratzeko eta errebokatzeko prozesu guztiei buruzko informazioa ematea.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-politikari eragiten dioten eta kirol-arloko administrazio publikoek bere ardurapean jartzen duten beste edozein gairi buruz informatzea.

    6. Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-politikari eragiten dioten gaietan, herri-administrazioetako organoei iradokizunak eta jarduera-proposamenak zuzentzea.

    7. Kontseiluaren jarduera, Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-egoera eta dagozkion gomendioak jasoko dituen urteko memoria onartzea.

    8. Euskal Autonomia Erkidegoko politika orokorreko gidalerroak proposatzea Jarduera Fisikoaren Euskal Agentziaren Zerbitzuarekin lankidetza estuan arituz, bizitza aktiboa eta osasungarria sustatzeko.

    9. Beste edozein eginkizun, betiere organo horren esku-hartzea nahitaezkoa bada beste xedapen batzuen arabera.

  1. Jarduera Fisikoaren Euskal Agentziaren Zerbitzua Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailari atxikita dagoen zerbitzu bat da.

  2. Hona hemen agentzia horren funtzioak:

    1. Jarduera fisikoa sustatzeko politikak planifikatzea eta koordinatzea Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren barruan.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko bizitza aktibo eta osasungarriaren plana diseinatzea, ondoren Legebiltzarrari jakinarazteko.

    3. Euskadin jarduera fisikoa sustatzeko plan publikoak koordinatzea eta bultzatzea, tokiko autonomia erabat errespetatuz.

    4. Ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-jarduerak sustatu eta garatzea, ezagutza sortzeko eta datuak eta ebidentzia zientifikoak lortzeko, herritarren artean jarduera fisikoa sustatzeko eragile publiko eta pribatuek garatu beharreko politikak diseinatze aldera.

    5. Euskadiko jarduera fisikoaren eta kirolaren egoeraren eta bilakaeraren ikuspegi orokor eta etengabe bat ematea.

    6. Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-zerbitzu publikoak erabiltzeko kirol-txartel bakarraren sorkuntza eta abiaraztea bultzatzea.

    7. Euskal Autonomia Erkidegoko herritar guztien eta kolektibo bereziki ahulen bizitza aktiboa eta osasungarria sustatu eta garatzeko orientazio-zerbitzuen hedapena bultzatzea.

    8. Balizko joerak aurreikustea eta herritarren jarduera fisikoaren eta kirolaren jardun handiagoa eta hobea sustatzera bideratutako neurriak proposatzea.

    9. Jasotzen dituen funts publiko eta pribatuen beste edozein transferentzia kudeatzea. Euskadiko beste administrazio publiko batek Eusko Jaurlaritzarekin jarduera fisikoa sustatzeko baliabide ekonomiko batzuen transferentzia erregularra adosten badu, ekarpen hori agentziak kudeatuko du, hitzarmen bidez adierazten diren baldintzen arabera.

    10. Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak eta erakundeak jarduera fisikoa sustatzeko politikaren plangintzan aholkatzea.

    11. Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailek jarduera fisikoa sustatzearekin lotuta egindako jardueren koherentzia bermatzea, lege honetan adierazitako printzipioen eta helburuen esparruan.

    12. Autonomia Erkidegoko biztanleriaren jarduera fisikoaren maila eta jarduera fisikoaren garapena baldintzatzen duten elementuen bilakaera ebaluatzea.

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra ordezkatzea jarduera fisikoaren sustapenari lotutako kanpoko proiektuetan.

    2. Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailei eta Euskadiko beste administrazio publiko batzuei babesa eta laguntza eskaintzea jarduera fisikoaren sustapenari lotutako ekimenak garatzeko.

    1. Gizarte-eragileekiko elkarrizketari eustea.

    2. Jarduera fisikoaren esparruan sentsibilizatzera eta heztera zuzendutako jarduketak bultzatzea eta gauzatzea.

    3. Zerbitzuaren helburuak lortzen lagunduko duten ekimen publikoak edo pribatuak babestea eta sustatzea.

    4. Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerakoak.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko bizitza aktibo eta osasungarriaren plana da Jarduera Fisikoaren Euskal Agentziaren Zerbitzuaren tresna nagusia sistema planifikatu eta programatzeko, bizitza aktibo eta osasungarriaren oinarrizko helburuak ezartzen baititu, bai eta bere indarraldian dauden baliabideekin artatu beharreko lehentasunak definitu ere. Plan horrek zehaztapen hauek izango ditu, gutxienez:

    1. Biztanleriaren jarduera fisikoaren eta kirol-jardueraren mailak eta beharrak.

    2. Bizitza aktiboaren baldintzak eta jarduera fisikorako sarbidea ebaluatzeko adierazleak.

    3. Gizarteko kolektiboen jarduera fisikoaren eta kirol-jardueraren politikak eta lehentasunak, pertsona ahulenak, adinekoak, emakumeak, adingabeak eta desgaitasunen bat dutenak artatu eta lehenesteko.

    4. Gidalerroak sistemako prestazioak definituko dituen zerbitzu-zorroari buruz eta plana eta irizpide estrategikoak garatzeko beharrezkoak diren baliabide finantzarioei, giza baliabideei eta jenerotan eman beharreko baliabideei buruz.

    5. Sistemaren kalitate eta kudeaketa-helburuen ebaluazio-adierazleak.

Basque Team Fundazioa euskal sektore publikoko erakundea izango da bere estatutuetan ezarritako xede eta helburuak garatzeaz eta, batez ere, Joko Olinpikoetan eta Joko Paralinpikoetan Euskadiko kirolarien, kirol-teknikarien eta kirol-epaileen prestaketa, parte-hartzea eta ordezkaritza sustatzeaz eta goi-mailako kirola bultzatzeaz arduratuko dena, hargatik eragotzi gabe beste erakunde batzuek esku hartzeko aukera.

Administrazio publikoek jarduera fisikoa sustatuko dute jarduera hori ahalik eta jende kopururik handienera iritsi ahal izan dadin, eta sustapen hori honako helburu hauek lortzera bideratuko da:

  1. Pertsonen bizi-kalitatea hobetzea.

  2. Ongizate fisikoaren zein mentalaren hobekuntza.

  3. Bizi-estilo osasungarriei eta adikzioen prebentzioari lotutako ohiturak hartzea.

  4. Autoestimua eta autonomia pertsonala hobetzea.

  5. Baterako jardunaren bidezko sozializazioa, integrazioa eta inklusioa, desgaitasun motaren bat duten pertsonen kasuan bereziki.

  6. Adinekoen gaitasun funtzionala, kognitiboa eta psikoafektiboa mantentzea.

  7. Sedentarismoak eragindako patologiei lotutako osasun- eta farmazia-gastua murriztea.

  8. Lotutako lanbideen eta enpresa-jardueren bitartez enplegua eta aberastasun ekonomikoa sortzea.

  9. Pertsonaren garapen integralean laguntzea, bereziki haurtzaroan, nerabezaroan eta gaztaroan.

  1. Administrazio publikoek, aurreko artikuluan ezarritako helburuak lortzeko, honako neurri hauek hartuko dituzte, beren eskumenen esparruan, beren aurrekontu-baliabideen arabera, eta genero-ikuspegia eta euskararen erabilera txertatuta:

    1. Jarduera fisikoaren esparruko jardunbide egokiei buruzko komunikazio-kanpainak egitea, horrek pertsonen ongizaterako dakartzan onura ugarien inguruan sentsibilizatzeko eta onura horiek ezagutarazteko.

    2. Joan-etorriak oinez, bizikletaz edo beste baliabide gurpildun batzuetan egiteko aukera sustatzeko kanpainak egitea.

    3. Zenbait gune publikotan herritar guztiek parte hartzeko aldizkako jarduerak antolatzea.

    4. Osasunaren, hezkuntzaren, kirolaren, gizarte-zerbitzuen eta interesekoak izan daitezkeen beste edozein esparrutako profesionalen prestakuntza sendotzea, gizarte aktiboago baten aldeko sentsibilizazioa eta ezagutzak areagotzeko.

    5. Kirol-asoziazionismoa bultzatzea, lehiaketa ofizialetatik kanpo egiten den jarduera fisikoaren sustapenean protagonismo handiagoa har dezan.

    6. Emakumeek jarduera fisikoa egin dezaten sustatzeko kanpainak bultzatzea.

    7. Kulturaren arlo jakin batzuei lotutako jarduera fisikoa bultzatzea.

  2. Hurrengo artikuluetan zehaztutako neurri bereziei lotutako eskumenak dituzten administrazio publikoek desgaitasunaren sektoreko erakundeen aholkularitza eta lankidetza izateko mekanismoak jarriko dituzte abian, beren aurrekontu-baliabideen arabera, aipatutako neurriak hobeto ezartzeko.

  1. Administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, jarduera fisikoa sustatuko dute gizarteratzeko eta gizarte-kohesiorako faktore gisa, arreta berezia eskainiz desgaitasuna duten pertsonei, haurrei, nerabeei, gazteei eta gizarte-talderik ahulenei edo gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan daudenei, bereziki, langabeei, etorkinei eta gizarte-eremu ahuletan bizi diren pertsonei. Zentzu horretan, kolektibo horiei zuzendutako programak prestatuko dira.

  2. Horretarako, kirol-arloko eskumenak eta gizarte-talde horiei lotutako eskumen sektorialak dituzten administrazio publikoek talde horien integrazioan eta haien ongizatearen hobekuntzan eraginkortasunez lagunduko duten jarduketak egiteko lankidetza-mekanismoak ezarriko dituzte beren aurrekontu-baliabideen arabera.

  3. Kirol-federazioek babes berezia eman beharko diete administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten atzerriko kirolari adingabeei, jarduera fisikoaren eta kirol-jardunaren bidez gizartean txerta daitezen ahalbidetzeko.

  4. Administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan eta beren aurrekontu-baliabideen arabera, atzerritarrek jarduera fisikoa egiteko aukera sustatuko dute, gizartean txertatzeko bide gisa, eta haren eraginkortasuna zainduko dute, kirol-erakundeetan egon daitezkeen oztopoak kenduz.

  1. Ikastetxe publikoek zein pribatuek, beren autonomian babestuta, jarduera fisikoa ikasleen ohitura bihurtzeko neurri egokiak hartuko dituzte. Horretarako, ikastetxe bakoitzaren hezkuntza-proiektuan eguneroko jarduera fisikoa sustatzeko ekintza egokiak txertatuko dira, bizitza aktibo, osasungarri eta autonomo baterako garapen egokia bermatzeko moduko baldintzetan. Era berean, eskola-adineko jarduera fisikoko eta kiroleko jardueren programa ikastetxe bakoitzak urtero onartzen duen planean jasoko da.

  2. Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak Gorputz Hezkuntzako irakasgaiaren ordu kopurua gehitzeko bidezkoak diren xedapenak hartuko ditu, Osasunaren Mundu Erakundearen gidalerroei jarraituz.

  3. Ikastetxeek, beren autonomian babestuta eta derrigorrezko irakaskuntzaren barruan, honako hauek lortzeko neurri egokiak hartuko dituzte:

    1. Ikasleen jarduera fisikoa sustatzea, eskola-ordutegiaren barruan telefono mugikorrak edo beste gailu elektroniko batzuk ikasgelatik kanpo erabiltzeko aukera mugatuz, hezkuntza-arrazoiengatik edo beste edozein premia-arrazoirengatik erabilera hori beharrezkoa denean izan ezik.

    2. Ikasleen, irakasleen eta gainerako langileen joan-etorri aktiboak sustatzea, joan-etorri aktiboak egiteko beste baliabide batzuk eta bizikletak aparkatzeko instalazioen ezarpena bultzatuz.

    3. Segurtasun-baldintza egokiak sustatzea, bereziki argiztapen-baldintzak, ikastetxeetarako oinezkoen sarbideetan, ikastetxeetako kolektibo guztien joan-etorri aktiboak bultzatzeko, betiere, toki-erakundeekin lankidetzan.

    4. Ikasleak, irakasleak eta gainerako langileak jarduera fisikoaren orientazioko zerbitzu publikoetara deribatzeko aukera sustatzea.

    5. Desgaitasunen bat duten ikasleek ikastetxeek antolatutako kirol-jarduera fisikoetan behar bezala parte hartu ahal izateko beharrezkoak diren zerbitzu osagarriak ezar daitezen sustatzea.

    6. Bizitza aktiboaren eta osasungarriaren kultura bultzatzea eta eraikitzea, ikastetxeko eskola-orduetan irizpide metodologikoak kontuan har daitezen hezkuntza-alor guztietan, jarduera fisikoa sartzeko eta ikasleen sedentarismoari aurre egiteko.

Garraioaren, errepideen eta bide-segurtasunaren arloan eskumena duten administrazio publikoek honako neurri hauek hartuko dituzte, beren aurrekontu-baliabideen arabera:

  1. Pertsonen mugikortasun aktiboa bultzatuko duten garraio intermodaleko estrategiak onartzea eta gauzatzea.

  2. Garraio-zerbitzuak hobetzea, joan-etorriak bizikletaz edo beste baliabide aktibo batzuetan egiteko aukera ahalbidetzeko eta sustatzeko.

  3. Neurriak ezartzea bide-segurtasuna eta oinezkoen, txirrindularien eta beste baliabide gurpildun batzuk erabiltzen dituzten pertsonen segurtasuna hobetzeko.

  4. Oinezkoentzako eta bizikleten erabiltzaileentzako guneetan ibilgailu motordunen joan-etorrietarako mugak ezartzea, desgaitasuna duten pertsonen kasuan izan ezik.

  5. Lurralde historikoetako foru-organoek onartutako bizikleta-bideen lurraldeko plan sektorialen garapenean parte-hartze aktiboa izatea, lege honetan aurreikusitako helburuak lortzeko.

Hirigintzaren arloan eskumenak dituzten administrazio publikoek neurriak hartuko dituzte, beren aurrekontu-baliabideen arabera, honako hauek lortzeko:

  1. Udalerri guztietan mugikortasuna, malgutasuna eta tonifikazio muskularra hobetzera zuzendutako ariketa fisiko sinpleak egiteko ekipamendu espezifikoa duten parke osasungarriak edo sarbide libreko guneak daudela bermatzea.

  2. Pertsona guztiek beren landa- edo hiri-inguruneetan gune seguruetarako sarbide ekitatiboa izateko eskubidea babestuko duten ingurune fisikoak sortu eta mantentzea.

  3. Joan-etorriak oinez, bizikletaz edo beste baliabide aktibo batzuetan egiteko aukera sustatuko duten hiri-plangintzako politikak txertatzea.

  4. Auzoetan, herrietan eta hirietan kirola egiteko gune ireki, seguru eta egokituak sustatu eta ahalbidetzea, haurrek eta nerabeek jolastu eta jarduera fisikoa eta kirola egin ahal izateko.

  1. Jarduera fisikoaren eta kirolaren jarduna eskuragarri izateko oztopoak desagerrarazte aldera, administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, kirol-ekipamenduen eskaintza publiko bateratua, koordinatua eta pertsonen premietara eta egoeretara egokitua egiteko beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte, eta, zehazki, herritarrei administrazio publiko guztien kirolerako eta jarduera fisikorako instalazioak erabiltzeko aukera emango dien kirol-txartel bakarra jarriko dute abian. Horretarako, desgaitasuna duten pertsonek jarduera fisikoa egiteko behar dituzten zerbitzu osagarriak ezarriko dituzte kirol-ekipamenduetan. Kirol-arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak, lurralde historikoetako foru-organoekin batera, kirol-txartel bakarraren sorkuntza eta abiaraztea bultzatu eta koordinatu beharko du Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan; horretarako, udalerriak borondatez atxikiko dira.

  2. Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak ikastetxe publiko eta pribatuetako kirol-guneak eskola-ordutegitik kanpo doan erabiltzeko eta bertan jarduera fisikoa eta kirola egiteko aukera bermatu eta sustatuko du.

  1. Kirolaren eta gizarte-zerbitzuen arloan eskumenak dituzten administrazio publikoek honako neurri hauek hartuko dituzte, beren eskumenen esparruan eta beren aurrekontu-baliabideen arabera:

    1. Adinekoen jarduera fisikoa sustatzea, zahartze aktiboaren aldeko kultura bultzatuz eta adinekoen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten ohitura osasungarriak sortuz.

    2. Sentsibilizazio-kanpainen bidez laguntzea adinekoen kolektiboari jarduera fisikoa egiteko beharrezkoa den informazioa emateko.

    3. Adinekoen autoestimuaren, osasunaren eta ongizatearen hobekuntza bultzatuko duten kirol-jarduera fisikoko belaunaldi arteko programen diseinua eta gauzatzea sustatzea.

    4. Desgaitasuna duten pertsonek jarduera fisikoa egiteko aukera sustatzea eta erabateko integrazioa lortzeko oztopo guztiak desagerraraztea.

    5. Adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen prestaketa fisikoaz arduratzen diren pertsonen trebakuntza espezifikorako neurri egokiak bultzatzea, kontuan hartuta jarduera fisikoak desgaitasuna duten pertsonen osasunean eta bizi-kalitatean izan ditzakeen ondorioak.

  2. Kirolaren eta gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duten administrazio publikoek egoera kaltegarrian edo bazterkeria-arriskuan dauden pertsonei zuzendutako jarduerak antolatzeko baterako programak sortuko dituzte, beren eskumenen esparruan eta beren aurrekontu-baliabideen arabera.

Kirolaren eta lanaren arloan eskumenak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek lan-esparruan jarduera fisikoa sustatzeko programak ezartzeko baterako neurriak hartuko dituzte, beren eskumenen esparruan eta beren aurrekontu-baliabideen arabera, langileen osasuna eta ongizatea hobetzeko osagarri gisa.

  1. Osasunaren eta kirolaren arloan eskumenak dituzten Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailek elkarrekin sustatuko dute jarduera fisikoko orientazio-zerbitzuen sorkuntza lehen mailako arretako zerbitzuek identifikatuko dituzten pazienteentzat ez-aktibo direlako edo osasun-arrazoien ondorioz premia bereziak dituztelako.

  2. Sail horiek guztiek baterako neurriak hartuko dituzte jarduera fisikoaren bidez osasuna sustatzeko. Horretarako, jarduera fisikoaren jardunaren onurei eta kontuan hartu beharreko neurriei buruzko informazioa eta gomendio espezifikoak zabalduko dituzte, eta jardun hori sustatuko dute patologia jakin batzuen prebentziora eta tratamendura bideratutako programen bidez.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek eta gainerako botere esleitzaileek, jarduera fisikoaren eta kirolaren babesletzari eta mezenasgoari buruzko klausula sozialak txertatuko dituzte administrazio-kontratuak esleitzeko prozeduren administrazio-klausula partikularren agirietan, sektore publikoko kontratazioari buruzko araudi erregulatzailearekin bat etorrita. Klausula horietan, gizonek eta emakumeek jarduera fisikoaren eta kirolaren esparruan dituzten egoera eta premia desberdinak hartu beharko dira kontuan.

  1. Jarduera fisikoko eta kiroleko gobernantza onak bermatu beharko ditu integritatea, gardentasuna, berdintasuna, ekitatea, gizarte-inklusioa eta gobernantza onaren kontzeptuari lotutako beste edozein balio.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, jarduera fisikoan eta kirolean gobernantza oneko gutxieneko estandar batzuk eta jarduera fisikoaren eta kirolaren berariazko helburuak betetzearen baldintzapean jarriko dituzte jarduera fisikoaren eta kirolaren finantzaketa publikoa eta kirol-ekitaldi berezietarako hautagaitzen babesa.

  3. Halaber, kudeaketa eraginkorraren eta parte-hartze demokratikoaren printzipioak aintzat hartu beharko dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, eta kirol-erakundeek prebentzio-neurriak hartuko dituzte kirol-lehiaketen integritatearen aurkako jardunbide oro desagerrarazteko.

  1. Gardentasunaren arloko legegintza orokorraren arabera bidezkoak diren betebeharrei kalterik egin gabe, kirol-federazioek, Euskal Kirol Federazioen Batasunak eta araudiz zehaztutako kirol-erakunde guztiek honako informazio hau emango dute argitara beren webguneetan:

    1. Batzar nagusiak onartutako aurrekontua.

    2. Aurreko ekitaldiko aurrekontuaren likidazioa.

    3. Kontu-auditoretzari buruzko txostena, nahitaezkoa denean.

    4. Jasotako dirulaguntza publikoen zerrenda: dirulaguntza eman duen erakundea, zenbatekoa eta helburua adieraziz.

    5. Emandako laguntzen zerrenda: zenbatekoa, helburua eta onuradunak adieraziz.

    6. Erakunde-egitura: gobernu-organoak, administrazio-organoak eta ordezkaritza-organoak osatzen dituzten pertsonak identifikatuz.

    7. Egoitza fisikoa, jendeari arreta eskaintzeko ordutegia, telefono-zenbakia eta helbide elektronikoa.

    8. Gobernu-, administrazio- eta ordezkaritza-organoak osatzen dituzten pertsonen identifikazioa eta horiek jaso dituzten ordainsariak, konpentsazioak edo dietak.

    9. Batzar nagusien eta administrazio-organoen aktetan jasotako erabakien laburpena.

    10. Izenpetutako hitzarmenen zerrenda.

    11. Estatutuak, erregelamenduak, gobernantza onaren kodeak eta gainerako xedapen orokorrak eta zirkularrak.

    12. Onartzen diren gobernantza onaren kodeen betetze-mailari buruzko txostenak.

  2. Batzar nagusien eta administrazio-organoaren aktei buruzko informazioa emateko betebeharretik salbuetsi ahal izango dira hirugarrenekiko gatazkak edo bereziki babestu beharreko datu pertsonalak eraginpean hartzeagatik edo antzeko arrazoiengatik erreserba behar duten edukiak.

  3. Informazioa era seguruan, argi eta doan argitaratu beharko da dagokion webgunean. Edukiak erraz aurkitzeko moduan argitaratu beharko dira.

  4. Informazioa argitaratu eta eguneratzeko ardura erakundeko lehendakariarena izango da.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, herritarrei jarduera fisikoa eta kirola egiteko aukera ematean honako printzipio hauek aplikatzera bideratuko dute beren gobernu-ekintza: tratu-berdintasuna, ekitatea, aniztasunaren errespetua, genero-ikuspegia txertatzea, sexuaren araberako rol eta estereotipoak desagerraraztea, eta emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua kirol-erakundeen kudeaketa- eta zuzendaritza-organoetan.

  2. Benetako berdintasun eraginkorra lortze aldera, botere publikoek sustatuko dute emakumeek jarduera fisikoa eta kirola egiteko aukera, bizitzako etapa guztietara zuzendutako eta maila guztietako programa espezifikoak garatuz, eta, orobat, kudeaketa- eta erabaki-esparruetan parte hartzeko aukera.

  3. Administrazio publikoen laguntza-deialdietan, berdintasunaren eta ekitatearen printzipioen erabateko errespetua baloratuko da, bai eta sentsibilizazio-politiken integrazioa ere, sexu-orientazioaren eta genero-nortasunaren aniztasunari dagokionez, erakunde eskatzaileen antolamenduan eta funtzionamenduan.

  4. Administrazio publikoek edo haiei lotutako zuzenbide publikoko zein mendeko erakundeek zati batean edo osorik antolatu, finantzatu, diruz lagundu edo babestutako kirol-lehiaketa profesional eta ez-profesional guztiek berdintasun- eta ekitate-printzipioa errespetatu beharko dute sariak ematean. Sari ekonomikoak daudenean, horien zenbatekoa berdina izan beharko da, kategoria beraren barruan, emakumeentzat zein gizonentzat.

  5. Administrazio publikoek sustatuko dute instalazio edo gune publikoetan kirol-jarduerak antolatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek bi sexuetarako kirol-programak antolatuko dituztela, mistoak izan zein ez, justifikatutako arrazoiak daudenean izan ezik.

  6. Kirol-federazioen eta kirol-jarduerak antolatzen dituzten gainerako erakundeen araudietan, berdintasunaren eta ekitatearen printzipioa errespetatu beharko da, eta debekatuta egongo da lehiaketa-oreka edo aukera-berdintasuna zaintzeko beharrezkoa ez den sexuagatiko diskriminazio oro.

  7. Lege honen babesean jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko garatutako programa guztiek genero-inpaktua ebaluatu beharko dute ezinbestez, nagusiki emakumeen eta gizonen artean dauden desberdinkeriak zuzentzeko helburuz.

  8. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek eta kirol-erakundeek neurri egokiak hartuko dituzte kirol-jardun inklusiboa bermatzeko eta sexu-identitatearen gaia behar bezala lantzeko.

  9. Administrazio publikoek eta kirol-erakundeek bermatuko dute lesbiana, gay, transexual eta intersexualen eskubidea jarduera fisikoa eta kirola egitean sexu-orientazioagatik, genero-identitateagatik, genero-adierazpenagatik, sexu-garapenagatik edo antzeko zirkunstantziengatik diskriminaziorik ez jasateko. Horretarako:

    1. Beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte jarduera fisikoak eta kirol-jarduerak aurreiritzi, xaxatze, indarkeria edo intolerantzia oro eragozteko edo zailtzeko baldintzetan egingo direla bermatzeko.

    2. Jarduera fisikoan eta kirolean LGTBIfobiaren aurkako protokoloak onartzea eta inplementatzea sustatuko dute.

  10. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek haurdunaldiagatik, amatasunagatik eta antzeko arrazoiengatik emakume kirolarien eskubideak diskriminatzen dituzten jardunbideak identifikatzeko, prebenitzeko eta zehatzeko politikak garatuko dituzte.

  11. Kirol-federazioek eta Euskal Kirol Federazioen Batasunak berdintasun-batzorde bat eratu beharko dute beren baitan. Batzorde horrek, besteak beste, esparru horretan bere baitan gertatutako gorabeherak kudeatuko ditu, eta beren politiketan genero-ikuspegia txertatzen eta emakumeen aurkako indarkeria mota oro desagerrarazten lagunduko die elkartutako erakundeei.

  1. Kirol-federazioek eta Euskal Kirol Federazioen Batasunak kirol inklusiboaren batzorde bat osatuko dute beren baitan. Batzorde horretako partaide izango dira, nahitaez kirol egokituaren arloko pertsonak, eta desgaitasuna eta desgaitasuna duten kirolariak kirolaren esparruan erabat txertatzeko aukera bermatzeko beharrezkoak diren politikak sustatuko ditu, haien erabateko integrazioa eta inklusioa eragozten duten oztopoak desagerraraziko ditu, eta elkartutako erakundeei helburu hori lortzen lagunduko die.

  2. Administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, interes orokorrekotzat hartuko dituzte desgaitasuna duten pertsonen kirol inklusiboa eta hura sustatzen duten programak. Era berean, baliabide eta finantzazio publikoa bideratuko da programa horiek garatzera.

  3. Lege honetan jasotako kirol-erakundeek eta Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-lehiaketen antolatzaileek desgaitasuna duten pertsonen kirol-jarduna sustatu eta bultzatuko dute, baita kirol inklusiboko jarduerak egitea ere.

  4. Administrazio publikoek, kirol-erakundeekin lankidetzan, ikusgaitasun handiagoa emango diete komunikabideetan kirol inklusiboari eta desgaitasuna duten pertsonen kirolari.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, herritarrek jarduera fisikoa eta kirola egitean euskara erabil dezaten sustatzera bideratuko dute beren gobernu-ekintza.

  1. Animaliek aktiboki parte hartzen duten edozein kirol-azpimodalitate erregulatzen duten araudietan, lehiaketetan albaitari profesional bat egoteko betebeharra aurreikusiko da, parte hartzen duten animalien osasun-egoera egokia dela kontrolatzeko eta, behar izanez gero, animalia horiei laguntza emateko.

  2. Administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, animaliekiko errespetuaren eta haien babesaren gizarte-balioaz kontzientziatzen eta sentsibilizatzen laguntzen duten kirol-jarduerak eta -lehiaketak sustatuko dituzte.

  3. Animaliak kirol-proba bat egiteko ezinbestekoak direnean, proba horretan parte hartzen duten animalien egoera kirolarien egoerarekin parekagarria izango da, tratu eta dopinari dagokienez.

Lege honen ondorioetarako, kirol-erakundetzat hartuko dira kirol-klubak, kirol-elkarteak, kapitaleko kirol-sozietateak, kirol-federazioak eta Euskal Kirol Federazioen Batasuna.

Kirol-klub, kirol-elkarte eta kirol-federazio izenak lege honetan izen horiekin araututako erakundeek baino ez dituzte erabiliko. Debekatuta dago nahasbide izan daitekeen izen berdin edo antzeko oro erabiltzea.

  1. Lege honen ondorioetarako, kirol-klubtzat hartuko dira pertsona fisikoek edo juridikoek osatzen dituzten eta kirol-modalitate bat edo gehiago sustatzeko edo egiteko helburua duten irabazi asmorik gabeko eta nortasun juridikodun elkarte pribatuak, lehiaketa ofizialetan parte hartzen duten ala ez kontuan hartu gabe.

  2. Kirol-klubek, eraketari, inskripzioari, azkentzeari, antolamenduari eta funtzionamenduari lotutako alderdi guztietan, lege honen arauei eta legea garatzen duten xedapenei, beren estatutu eta erregelamenduei eta beren organoek balio osoz hartutako erabakiei jarraituko diete.

  3. Klubei, hala badagokie, atxikita dauden kirol-federazioen estatutuak eta erregelamenduak aplikatuko zaizkie.

  4. Kirol-kluben estatutuek erregelamenduz finkatzen diren alderdiak arautu beharko dituzte, beren barne-egitura eta funtzionamendu-araubidea printzipio demokratikoei eta ordezkaritza-printzipioei jarraikiz osatuko dituzte, eta ordezkaritza- eta administrazio-organo guztien hautaketa bazkide guztien boto aske, zuzen, berdin eta sekretu bidez egitea xedatuko dute.

  5. Kirol-klubek nortasun juridikoa izango dute eratzen direnetik, eta erregistroan inskribatzeak lege honen ondorioetarako ofizialki aitortzen direla baino ez du adieraziko.

  1. Pertsona juridikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan sartu ahal izateko, kirol-jarduerak egin beharko dituzte beren helburu nagusiaren osagarri gisa, lehiaketa ofizialetan parte hartzen duten ala ez kontuan hartu gabe. Horretarako, nortasun juridikorik gabeko kirol-elkarteak eratu ahal izango dituzte beren baitan.

  2. Kirol-elkarteek, eraketari, inskripzioari, azkentzeari, antolamenduari eta funtzionamenduari lotutako alderdi guztietan, lege honen arauei eta legea garatzen duten xedapenei, erakunde nagusien mendeko gisa dituzten arauei eta haien organoek balio osoz hartutako erabakiei jarraituko diete.

  3. Kirol-elkarteei, hala badagokie, atxikita dauden kirol-federazioen estatutuak eta erregelamenduak aplikatuko zaizkie.

  1. Estatuko kirol-legeriak berariaz aitortzen dituen eta egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten kirol-sozietate anonimoek eta kapitaleko beste edozein kirol-sozietatek aipatutako Estatuko legeriari jarraituko diote.

  2. Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan duten eta lege honen eta bere erregelamenduzko xedapenen ondoriozko onura espezifikoak baliatu nahi dituzten kapitaleko kirol-sozietateek Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatu beharko dira.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoan finkatuta dauden eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzen diren kapitaleko kirol-sozietateak kirol-klubtzat hartuko dira kirol-federazioetan inskribatzeari eta parte-hartzeari dagokionez, haien estatutuetan eta aplikatzekoa den gainerako federazio-araudian jasotako eskubide eta betebehar berberekin.

  4. Inskribatzeko prozedura eta baldintzak erregelamenduz finkatuko dira.

  1. Lege honen ondorioetarako, kirol-federaziotzat hartuko dira beren lurralde-eremuan kirol-modalitate bera sustatzen edo egiten duten kirolari, teknikari, arbitro edo epaile, elkarte eta taldeak biltzen dituzten irabazi asmotik gabeko eta nortasun juridikodun erakunde pribatuak.

  2. Kirol-federazioek lege honi, legea garatzen duten xedapenei, haien estatutu eta erregelamenduei eta haien organoek balio osoz hartutako erabakiei jarraituko diete.

  3. Kirol-federazioek, berezko dituzten eskudantziez gain, administrazio-funtzio publikoak beteko dituzte eskuordetzan. Kasu horretan, Administrazio publikoaren agente laguntzaile gisa jardungo dute.

  1. Euskal kirol-federazioak dira, oro har eta lurralde-federazioak dituzten modalitateak salbuetsita, Euskal Autonomia Erkidegoan beren kirol-modalitateko kirol-jarduera eta kirol-lehiaketa ofizialak bultzatzen, kalifikatzen, baimentzen eta antolatzen dituzten erakunde bakarrak.

  2. Lurralde-federazioak dauden modalitateetan, federazio horiek dira beren kirol-modalitateari dagozkion lurralde-eremuko kirol-jarduera eta -lehiaketa ofizialak bultzatzen, kalifikatzen, baimentzen eta antolatzen dituztenak.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko nahiz lurraldeetako kirol-federazioek beren estatutu eta erregelamendu propioen bidez arautuko dute beren egitura eta funtzionamendu-araubidea, demokraziaren, ordezkagarritasunaren, euskararen sustapenaren, genero-ikuspegia txertatzearen eta desgaitasuna duten pertsonen inklusioaren printzipioei jarraikiz.

  4. Euskal kirol-federazioek Autonomia Erkidegoaren lurralde-antolamendura egokituko dute beren antolamendu eta funtzionamendu-araubidea. Lurralde-federazioak dauden modalitateetan, federazio horiek euskal federazioetan integratu beharko dira.

  5. Kirol-modalitate jakin batean lurralde-federaziorik ez badago, lurralde historikoetako foru-organoek eta Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak adostasunez finkatuko dituzte euskal federazioak finantzatzeko irizpideak.

  6. Kirol-modalitate bakoitzeko euskal federazioa euskal kirol federatuaren ordezkari bakarra izango da Estatuko eta nazioarteko esparruan. Kirol-federazioek sustatu eta bideratu beharko dute beren kirol-selekzioek Estatuko eta nazioarteko kirol-jardueretan eta kirol-lehiaketetan, ofizialak barne, parte hartzeko aukera.

  7. Kirol-federazioek, halaber, aisialdiko kirol-jardueraren sustapena hartuko dute beren gain, lurralde historikoetako foru-organoekin eta udalerriekin lankidetzan.

  8. Euskal kirol-federazioek lehiaketarako euskal esparru bat garatu ahal izango dute kirol-arloan eskumena duen Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko zuzendaritzarekin lankidetzan.

  1. Kirol-federazioen estatutuek honako alderdi hauek arautu beharko dituzte gutxienez:

    1. Izena eta helburuak.

    2. Egoitza soziala.

    3. Kirol-modalitatea eta kirol-azpimodalitateak.

    4. Egitura organikoa.

    5. Federazio-organoetako titularrak aukeratzeko eta kargugabetzeko sistema.

    6. Lurralde-antolamenduko araubidea, euskal federazioen kasuan.

    7. Funtzionamendu-araubidea oro har, eta kide anitzeko organoen erabakiak, bereziki.

    8. Ekonomia- eta finantza-araubidea.

    9. Dokumentu-araubidea.

    10. Kirol-arloko diziplina-araubidea.

    11. Azkentzeko eta desegiteko araubidea.

    12. Estatutuak eta erregelamenduak onartzeko eta aldatzeko prozedura.

  2. Kirol-federazioen gobernu, administrazio eta ordezkaritzako ezinbesteko organoak izango dira batzar nagusia, zuzendaritza-batzordea, lehendakaritza eta estatutuetan aurreikusitako beste edozein organo.

  3. Batzar nagusia kirol-federazioen gobernu-organo gorena izango da. Bertan, kirol-klubak, kirol-elkarteak eta kapitaleko kirol-sozietateak baino ez dira ordezkatuta egongo. Kirol-federazioen estatutuek adierazitako erakunde horien boto-haztapen bat ezarriko dute, federazio-lizentzien kopurua, kirol- eta lehiaketa-esparruko benetako jarduera eta hala badagokio erregelamendu bidez arautu beharreko beste datu objektibo batzuk kontuan hartuta. Horretarako, eskola-adineko kirol-lizentziak aintzat hartuko dira.

    Era berean, parte-hartzea banakakoa bakarrik den kirol-modalitateetan eta, gainera, kirol-lizentziak klubetatik kanpora dauden kirolariei zuzenean ematen zaizkienean, kirolarien estamentuak osatu ahal izango du batzar nagusia, erregelamendu bidez zehazten den moduan.

  4. Zuzendaritza-batzordea administrazio-organoa izango da, batzar nagusiak hautatu beharko du zerrenda itxien bidez eta federazio-estamentu guztietako ordezkariak bildu beharko ditu. Ezin izango dira aldi berean bete kirol-modalitate bereko euskal federazio bateko eta lurralde-federazio bateko zuzendari-karguak, lurralde-federazio bateko lehendakarien kasuan izan ezik.

  5. Lehendakaritza federazioaren organo betearazlea eta ordezkaritzakoa izango da, haren lege-ordezkaritza izango du, administrazio- eta gobernu-organoen buru izango da eta haien erabakiak betearaziko ditu. Hautaketa boto aske eta sekretu bidez egingo da, baita boto haztatua bidezkoa denean ere. Ezin izango da, inola ere, aldi berean federazio bateko eta kirol-klub, kirol-elkarte edo kapitaleko kirol-sozietate bateko lehendakaria izan.

  6. Kirol-federazioen organoak hautatzeko hauteskunde-prozesuak beren hauteskunde-erregelamenduari jarraikiz egingo dira, dagozkion epeen barruan eta, hala badagokio, Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak horretarako duen araudiaren arabera.

  1. Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak, Euskal Autonomia Erkidegoan kirola antolatzeko beharrari dagozkion interes publikoko arrazoiak direla tarteko, kirol-modalitate berri bat eta haren barrukotzat hartu beharreko azpimodalitateak kalifikatzeko irizpideak eta baldintzak finkatuko ditu. Halaber, aurrez kirol-modalitatetzat hartu zen baina halakotzat hartzea eragin zuten baldintzak betetzen ez dituen kirol-jardueraren kasuan, kirol-modalitatearen kalifikazioa errebokatu ahal izango du.

  2. Nolanahi ere, kirol-modalitate eta kirol-azpimodalitate berriak aitortzeko, beharrezkoa izango da jarduera fisiko esanguratsu bat izatea. Irizpide horrek ez du eraginik izango lege hau indarrean jarri aurretik kirol-modalitateei emandako aitorpen ofizialean, modalitate horiek jarduera fisiko esanguratsuaren baldintza betetzen ez badute ere.

  3. Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen saileko sailburuari dagokio jarduera bat kirol-modalitate gisa kalifikatzea eta modalitate hori osatzen duten azpimodalitateak zehaztea, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Kontseiluaren eta foru-aldundien txostena jaso ondoren.

Kirol-modalitate jakin batean euskal federaziorik ez badago, Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak kirol-modalitate bereko lurralde-federazio bat, Euskal Kirol Federazioen Batasuna edo beste edozein kirol-erakunde gaitu ahal izango du, gehienez ere bi urterako eta behin edo gehiagotan, euskal federazioen berezko funtzio publikoak bere gain har ditzan.

  1. Kirol-federazio bat onartzeko arrazoiak honako hauek izan daitezke:

    1. Sortu berria izatea.

    2. Beste batetik bereiztea.

    3. Lehendik zeuden bik edo gehiagok bat egitea.

  2. Euskal kirol-federazioak eratzeko, Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen administrazioaren onarpena beharko da. Onarpen hori honako irizpide hauen arabera eman edo ezetsiko da:

    1. Jardueraren interes publikoa.

    2. Jardueraren ezarpen-maila nahikoa.

    3. Kirol-modalitatea ofizialki aitortuta egotea.

    4. Federazio berriaren bideragarritasun ekonomikoa.

    5. Federazio berriaren antolamendu-ahalmena.

  3. Euskal kirol-federazio bat eratzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

    1. Sortze-akta eta estatutuak erregelamenduz ezarritako baldintzetan aurkeztea.

    2. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Kontseiluaren txostena.

    3. Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak onarpena ematea.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzea.

  4. Lurraldeko kirol-federazio bat eratu ahal izango da, soilik, aurrez azkendu eta birfundatzen bada. Nolanahi ere, honako baldintza hauek bete beharko dira hura eratu ahal izateko:

    1. Sortze-akta eta estatutuak erregelamenduz ezarritako baldintzetan aurkeztea.

    2. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Kontseiluaren txostena.

    3. Dagokion foru-aldundiak onarpena ematea.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzea.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan, euskal federazio bakarra aitortu ahal izango da kirol-modalitate bakoitzeko. Halaber, lege honek baimentzen dituen modalitateetan, lurralde-federazio bakarra aitortu ahal izango da lurralde historiko bakoitzean kirol-modalitate bakoitzeko. Era beran, kirol-azpimodalitate bakoitza kirol-modalitate bakar batean sartuta egon ahal izango da.

  2. Arau orokor horretatik salbuetsita daude desgaitasuna duten kirolariak biltzen dituzten kirol anitzeko federazioak.

  3. Kirol-arloan eskumena duten Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko zuzendaritzak eta lurralde historikoetako foru-organoek desgaitasuna duten kirolariak dagokion kirol-modalitateko kirol-federazioetan pixkanaka integratzea eta haien inklusio progresiboa bultzatuko dituzte, desgaitasun motaren bat duten pertsonek kirol-lehiaketa ofizialetan parte hartzeko aukera gauzatu dadin modalitateari edo azpimodalitateari dagokion federazioaren esparruan.

  4. Kirol-federazioek desgaitasuna duten pertsonen kirol-federazioetan bildutako kirol egokituaren modalitateak benetan integratu beharko dituzte nahitaez, integrazio hori Estatuan eta nazioartean dagozkion kirol-federazioen esparruan egin bada. Integrazio hori jatorriko eta helburuko federazioen batzar nagusiek berretsi beharreko akordio baten bitartez gauzatuko da.

    Era berean, desgaitasuna duten kirolariak dagokion kirol-modalitateko kirol-federazioetan sartu aurretik, inklusio-protokoloa onartu beharko da, Kirol Egokituaren Euskal Federazioak egindako proposamena oinarri hartuta.

  5. Integrazio horretan ziurtatuko da desgaitasuna duten pertsonen kiroleko ordezkariek presentzia haztatua dutela dagokion kirol-federazioko kide anitzeko organoetan.

  6. Aurreko paragrafoetan aurreikusitako integrazioa gauzatzen ez den bitartean, desgaitasuna duten pertsonentzako kirol-federazioek beren estatutuetan jasota dauden kirol-modalitate eta -azpimodalitateak garatuko dituzte, hargatik eragotzi gabe gainerako kirol-federazioekin lizentziak elkarri aitortzeko sistemak ezartzeko aukera.

  1. Kirol-federazioek honako administrazio-funtzio publiko hauek beteko dituzte:

    1. Lehiaketa ofizialak kalifikatzea, antolatzea eta baimentzea.

    2. Federazio-lizentziak ematea, ukatzea, ezereztea eta antzekoak egitea.

    3. Federazioen hauteskunde-prozesuak kontrolatzea.

    4. Kirol-arloko diziplina-ahala baliatzea.

    5. Kirol Justiziako Euskal Batzordearen ebazpenak betearaztea.

    6. Administrazio publikoarekin batera parte hartzea eta elkarlanean aritzea kirol-programak garatzen, batez ere goi-mailako kirolarientzako programetan, etorkizun handiko kirolarientzako programetan eta eskola-adineko jarduera fisikoko eta kiroleko programetan.

    7. Beren estatutuak eta lege hau garatzeko xedapenetan zehazten diren erregelamenduak onartzea.

    8. Euskal kirolaren ordezkaritza antolatzea Estatuko eta nazioarteko lehiaketetan.

    9. Erregelamendu bidez eskuordetu daitekeen beste edozein funtzio publiko.

  2. Kirol-arloan eskumena duten administrazio publikoek beharrezkoak diren finantzaketa eta baliabideak eman beharko dizkiete kirol-federazioei aurreko atalean zerrendatutako funtzio publikoak eta lege honen ondoriozko betebehar guztiak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

  3. Kirol-federazioek ezin izango dituzte ezein kasutan eskuordetu beren esku utzitako funtzio publikoak administrazio eskudunak hala baimendu gabe.

  4. Lurralde-federazioek eta euskal federazioek beren funtzioak beteko dituzte, hurrenez hurren, kirol-arloko eskumena duten lurralde historikoetako foru-organoekin eta Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailarekin lankidetzan.

  5. Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailaren eta lurralde historikoetako foru-organoen kontroletik kanpo geratuko da administrazio-funtzio publikoak betetzeko egiten den eta lege honetan aurreikusitakoaren arabera Kirol Justiziako Euskal Batzordeak kontrola dezakeen federazio-jarduera.

  6. Honako federazio-jarduera hauek, betiere, pribatuak izango dira:

    1. Federazio-organoek federazioaren antolamenduaren inguruan har ditzaketen erabakiak eta neurriak.

    2. Lehiaketaren antolaketari, inskripzioei, jaitsierei, igoerei eta haien ondoriozko gainerako gorabeherak, diziplina-gaiak izan ezik.

    3. Federazioaren barruko antolamendu-funtzionamenduaren inguruan sor daitezkeen gatazkak, hargatik eragotzi gabe hauteskunde-prozesuen kontrolari buruz aurreikusitakoa.

    4. Mota orotako kirol-lehiaketen ustiapen ekonomikoaren inguruan sor daitezkeen gatazkak.

    5. Lehiaketen antolaketa materialaren inguruan federazioek pertsona fisiko eta juridikoekin egiten dituzten hitzarmen eta kontratuak.

  1. Pertsona fisikoak eta juridikoak kirol-federazioetan sartzeko, dagokion federazio-lizentzia emango da.

  2. Pertsona fisikoak eta juridikoak kirol-federazioetan sartuta egotea ezinbesteko baldintza izango da lehiaketa federatu ofizialetan parte hartzeko.

  3. Kirol-modalitate bakoitzeko federazio-lizentzia bakarra egongo da Euskal Autonomia Erkidegoan eta, lurralde-federazioa baldin badago, lizentziaren titularrak dagokion modalitateko lurralde-federazioari eta euskal federazioari atxikita egongo dira.

Euskal federazioak goragoko eremuko kirol-federazioetan sartu ahal izango dira. Nolanahi ere, eta parte-hartze hori bermatzeko, beti errespetatuko da Euskal Autonomia Erkidegoan federatutako pertsona fisiko edo juridikoen eskubidea, nahi izanez gero, goragoko lurralde-eremuko kirol-federazioetan sartzeko, euskal federazioek erabakitzen badute federazio horietan ez sartzea.

  1. Euskadiko eta lurraldeetako kirol-federazioen esku utzitako funtzio publikoak benetan betetzen direla bermatzeko, Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak eta kirol-arloko eskumena duten lurralde historikoetako foru-organoek, beren eskumenen esparruan, honako jarduketa hauek egin ahal izango dituzte, betiere, inolako zehapen-izaerarik gabeko jarduketak badira:

    1. Federazioen liburu eta dokumentuak ikuskatzea.

    2. Kide anitzeko organoei dei egitea eskuordetutako funtzio publikoekin zuzenean edo zeharka lotutako gai guztiak eztabaidatzeko eta ebazteko, aurretik dei egin ez bazaie.

    3. Kautelaz eta modu arrazoituan, kide anitzeko organoetako lehendakaria eta gainerako kideak kargutik kentzea, baldin eta kide horien aurka diziplina-espediente bat hasten bada eskuordetutako funtzio publikoekin zuzenean edo zeharka lotutako administrazioko eta diziplinako ustezko arau-hauste astunen edo oso astunen ondorioz.

    4. Kautelaz eta modu arrazoituan, gobernu-organoetako lehendakaria eta gainerako kideak kargutik kentzea, baldin eta eskuordetutako funtzio publikoak betetzeari uzten badiote.

    5. Kontabilitatearen eta kudeaketaren auditoretzak edo beste fiskalizazio mota batzuk egin daitezela eskatzea.

    6. Lege honetan araututako beste kirol-erakunde batzuk administrazio-funtzio publiko jakin batzuk betetzeko behin-behinean gaitzea, baldin eta funtzio publiko horien garapena bermatzeko aparteko premia larria badago.

    7. Eskuordetutako funtzio publikoak behar bezala betetzen direla bermatzeko beharrezkoak diren kautelazko beste edozein neurri hartzea.

  2. Kirol-federazioen kide anitzeko organoetako lehendakaria eta gainerako kideak kargutik kentzen diren kasuan, kirol-arloan eskumena duten Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailak eta lurralde historikoetako dagozkion foru-organoek behin-behinean kontu-hartzaileak izendatu ahal izango dituzte.

  1. Kirol-federazioek gobernantza onaren kode bat onartu beharko dute eta, bertan jasoko dira integritatearen, gardentasunaren, berdintasunaren, ekitatearen eta gizarte-inklusioaren balioak eta gobernantza onaren kontzeptuari lotuta dagoen beste edozein balio. Kode horretan, bereziki, beharrezkoa izango da:

    1. Federazioek egiten dituzten transakzio ekonomiko guztien kudeaketari eta kontrolari lotutako arauak biltzea, aipatutako federazioak nagusiki laguntza publikoen bidez finantzatuta dauden ala ez kontuan hartu gabe.

    2. Federazio-organoen osaeraren eta funtzionamenduaren arloko jarduketak hobetzeko irizpideak ezartzea.

    3. Interes-gatazkak aurreikustea eta identifikatzea.

    4. Edozein motatako legez kanpoko ekintzak prebenitzea.

    5. Jarduera garatzeko egitura garden eta antolatu bat ezartzea.

    6. Genero-ikuspegia txertatzea.

    7. Kirol egokiturako egitura eta programa espezifikoak sartzea.

  2. Kode hori onartzea eta betetzea kontuan hartu beharreko lehentasunezko irizpide bat izango da kirol-arloan eskumena duen Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailak kirol-federazioei eman diezazkiekeen laguntza publikoetan.

  3. Gobernantza onaren kodean honako gutxieneko eduki hauek arautuko dira:

    1. Federazioan kargu bat betetzeagatik jasotzen diren datu eta informazio guztiak sekretuan gordetzea; datu eta informazio horiek ezin izango dira norberaren, hirugarren pertsonen edo lotutako erakundeen onurarako erabili.

    2. Federazioaren ondarea behar ez bezala erabiltzeko debekua eta federazioko kargu jakin bat baliatuta ondare-abantailak lortzeko debekua.

    3. Federazioko kide izateagatik ezagutzen diren negozio-aukerak norberaren onurarako baliatzeko debekua.

    4. Legearen, estatutuen eta erregelamenduen edota federazioaren interesaren kontrako erabakiei aurka egiteko betebeharra.

    5. Dagozkion kontabilitate-idazpenak federazioko kideen esku jartzea, betiere horretarako eskaera arauz ezarritako bidetik egiten bada.

    6. Batzarreko kideekin, zuzendaritzako langileekin, teknikariekin eta administrazioko langileekin kontratuak izenpetzeko debekua, kontratu horien suntsiarazpen-klausuletan aurreikusten diren kalteordainak indarreko lan-legeriak nahitaezko gisa ezarritakoak baino handiagoak badira.

    7. Aldizka dokumentatzea federazioak bere organoetako kideekin edo haiei lotutako hirugarrenekin egiten dituen transakzio ekonomikoen bolumena.

    8. Administrazio-organoetako kideek, agintaldi bakoitzaren hasieran eta amaieran, federazioan enplegatutako senideei buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkezteko betebeharra.

    9. Eragiketak baimentzeko sistema bat ezartzea, bertan zehaztuz nork baimendu behar duen eragiketa bakoitza eta zein eragiketek behar duten baimena, eragiketaren zenbatekoa edo izaera kontuan hartuta.

    10. Beren interes partikularrekoa izan daitekeen edozein gairi buruzko eztabaidetan eta bozketetan parte hartzeko debekua.

  4. Garrantzi ekonomiko handieneko kirol-federazioek, halaber, honako betebehar hauek izango dituzte:

    1. Federazioek aurkeztu behar duten memoria ekonomikoan, federazioaren gobernu-, administrazio- eta ordezkaritza-organoetako kideei beren funtzioak betetzean sortutako gastuak ordaintzeko edota erakundeari egindako zerbitzuen lansari gisa dirutan edo gauzatan emandako ordainsariei buruzko informazioa emateko betebeharra.

    2. Federazioko zuzendaritzako langileek eta kargudunek federazioarekin merkataritza-loturak edo lotura profesionalak dituzten hornitzaileekin edo erakundeekin dituzten kontratu-harremanei, merkataritza-harremanei edo familia-harremanei buruzko informazioa emateko betebeharra.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko gardentasun publikoari buruzko legerian aurreikusitako publizitate aktiboko betebeharrak betetzea administrazio-zuzenbideari lotutako funtzioen inguruko arloetan; horretarako, dagokion gardentasun-ataria izan beharko dute beren web-orrian.

    4. Obren, horniduren eta zerbitzuen kontratazioan, prozeduren publizitate, konkurrentzia eta gardentasunaren, hautagaien arteko diskriminaziorik ezaren eta tratu-berdintasunaren, eta lehia askearen printzipioei jarraitzea.

  5. Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak finkatuko du zein federazio hartu behar diren garrantzi ekonomikoko federaziotzat.

  6. Eusko Jaurlaritzak kirol-federazioen ordezkaritza- eta administrazio-organoen agintaldien muga ezarri beharko du erregelamenduz, federazio-erakundeak berritzeko prozesua bermatze aldera.

  7. Gobernantza onaren kodeen aplikazioaren jarraipena hirugarren pertsona independenteen edota kirol-erakundearekin edo haren administrazio-organoko kideekin familia-loturarik, lotura ekonomikorik, lotura profesionalik edo antzekorik ez duten pertsonez osatutako barne-organo bati esleituko zaio. Haiek landutako txostenak web-orrian argitaratuko dira.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-federazioen hizkuntza ofizialak euskara eta gaztelania dira.

  2. Kirol-federazioek bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dituzte honako dokumentu hauetan gutxienez:

    1. Federazio-lizentzietan.

    2. Ematen dituzten txartel, agiri eta antzeko dokumentuetan.

    3. Estatutu, erregelamendu eta zirkularretan.

    4. Lehiaketak iragartzen dituzten karteletan.

    5. Federazio-organoen deialdietan.

    6. Gobernu- eta administrazio-organoen bilkuren aktetan.

  3. Ziurtagiriak interesdunak aukeratzen duen hizkuntza ofizialean egin beharko dira.

  4. Kirol-federazioek hizkuntza-normalizazioko planak landu, onartu eta gauzatu beharko dituzte aldian behin, federazioaren barne-jardueretan nahiz herritarrei zuzendutako jardueretan euskararen erabilera normala pixkanaka bermatzeko. Betebehar hori betetzen ez badute, dirulaguntzak jasotzeko gaitasunik gabe geratu ahal izango dira federazioak, dagokion deialdiaren arauek hala ezartzen badute.

  5. Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko organo eskudunek eta lurralde historikoetako foru-organoek kirol-federazioen barruan hizkuntza-normalizazio egokia lortzeko beharrezkoak diren baliabideak eta laguntza tekniko egokia eman beharko dizkiete kirol-federazioei.

  1. Euskal kirol-federazioen estatutuak, erregelamenduak eta haien aldaketak, behin administratiboki onartu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatuko dira, dagokion kirol-federazioaren webgunean eta Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari dagokion zuzendaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira, eta ez dute ondoriorik izango osorik argitaratu arte.

  2. Lurralde-federazioen estatutu eta erregelamenduek publizitate-baldintza berdinak bete beharko dituzte, baina publizitatea, federazioaren egoitza elektronikoan ez ezik, lurralde historikoko foru-organoaren egoitza elektronikoan ere argitaratu beharko da.

  1. Kirol-arloan eskumena duten Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak eta lurralde historikoetako foru-organoek federazioetako zuzendaritzako langileen etengabeko prestakuntza eta doako aholkularitza teknikoa sustatuko dituzte beren funtzioak behar bezala bete ditzaten.

  2. Federazioetako zuzendaritzako langileei ordaindu ahal izango zaie. Nolanahi ere, ordainsari hori ezin izango da ordaindu dirulaguntza publikoen kontura eta agintaldia amaitzean bukatuko da.

  1. Kirol-federazioek kirol-arloan eskumena duen Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailak erregelamenduz finkatutako kontabilitateko printzipioak eta arauak aplikatuko dituzte, eta kontu-auditoretzak egin beharko zaizkie.

  2. Kirol-federazioek ezin izango dute aurrekontu defizitariorik onartu, kirol-arloan eskumena duen Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailak edo lurralde historikoko foru-organo eskudunak hura baimentzen duten salbuespenezko kasuetan izan ezik.

  3. Kirol-federazioek ezin izango dute urte anitzeko gasturik konprometitu dagokion administrazio-baimenik gabe, gastu horiek erregelamenduz ezartzen den ehunekoa baino handiagoak badira eta lehendakariaren agintaldia gainditzen badute.

  4. Kirol-federazioek industria-, merkataritza- edo lanbide-jarduerak egin ahal izango dituzte, baina errendimendu ekonomikoak kirol-helburu propioetara zuzendu beharko dituzte.

  1. Kirol-federazioak dira beren kirol-lehiaketen ustiapen ekonomikorako eskubideen titular bakarrak eta ez dute parte-hartzaileen baimen edo adostasun indibidual eta espresurik behar. Horretarako, kirol-federazioek komenigarritzat jotzen dituzten akordioak egin ahal izango dituzte hirugarren pertsonekin eta probak antolatzen dituztenekin.

  2. Pertsona fisiko eta juridikoak lehiaketa federatuetan inskribatzeak berekin dakar automatikoki irudiaren publizitate-eskubideen lagapena, kirol-federazioei lehiaketa horiek ekonomikoki ustiatzeko aukera ahalbidetzeko beharrezkoak diren baldintzetan.

  1. Kirol-federazioak onura publikoko erakundeak dira.

  2. Onura publikoaren deklarazioak berekin ekarriko du:

    1. Erakundearen izenaren ondoren «onura publikoko» kalifikazioa erabiltzeko eskubidea.

    2. Kirolerako ekipamenduen arloko laguntzak jasotzeko eta dirulaguntza-programetan sartzeko lehentasuna.

    3. Lurralde historikoetako foru-organoek onura publikoko elkarteen alde erabaki ditzaketen zerga-onurak.

    4. Beste xedapen batzuek ezartzen dituzten beste onura batzuk.

    5. Kirolari lotutako xedapen orokorrak prestatzeko garaian entzunak izateko eskubidea.

  1. Tutoretzako administrazio publikoak kirol-federazioei beren betebeharrak betetzea eragozten dien egoera ekonomiko bat detektatzen duenean baina bideragarria dela ondorioztatzen duenean, egoera horren arrazoiak bilduko dituen txosten xehatu bat egin eta bideragarritasun-plan bat onartuko du. Plan hori eragindako erakundeak berak proposatu ahal izango du. Hori guztia, kalterik egin gabe, hala badagokio, lege honen 42. artikuluan jasotako esku-hartzeko neurriak edo konkurtso-legerian xedatutakoak aplikatzeari.

  2. Bideragarritasun-planak kirol-federazioa behartuko du hura osorik betetzera.

  3. Bideragarritasun-plana justifikaziorik gabe betetzen ez bada, tutoretzako administrazio publikoak ahalmena izango du:

    1. Dagokion federazioko gobernu-organoak ordezteko.

    2. Aldi batez beste administrazio bat izendatzeko.

    3. Bere gain hartzeko federazioak kirol-jardueraren jarraitutasuna ziurtatzeko finkatutako programei lotutako ordainketak eta betebeharrak.

    4. Bideragarritasun-plana betetzeko beharrezkoak diren kudeaketa-neurriak hartzeko.

    5. Bideragarritasun-plana aldatzeko, hura bete ezina dela ikusten denean.

  4. Bideragarritasun-plana bete ezin denean eta, ondorioz, federazioa bideraezina denean, Administrazio publikoak hura errebokatzea erabakiko du.

  1. Kirol-federazioak batzar nagusiaren erabakiz edo ebazpen judizial bidez desegingo dira.

  2. Kirol-federazio bat desegiten denean, haren ondare garbia, horrelakorik badago, antzeko jarduerak egiteko erabiliko da. Euskal federazioen etorkizuna kirol-arloan eskumena duen Administrazio orokorreko sailak finkatuko du, eta lurralde-federazioen etorkizuna, berriz, lurralde historikoetako dagozkion foru-organoek.

  1. Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailaren zuzendaritzak euskal federazioen aitorpena errebokatu ahal izango du lege honetan federazioak ofizialki aitortzeko ezarritako baldintzak une jakin batean betetzen ez badira. Euskal federazioen aitorpena errebokatzeko, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Kontseiluaren txostena beharko da. Era berean, lurralde historikoetako dagozkion foru-organoek lurralde-federazioen aitorpena errebokatu ahal izango dute, eta horretarako ere, adierazitako txostena beharko da.

  2. Kirol-federazioen aitorpena errebokatzeak berekin ekarriko du:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroko inskripzioa ofizioz ezereztea.

    2. Lege honek emandako eskubide eta funtzio guztien titulartasuna galtzea.

    3. Desegiteko betebeharra.

  3. Kirol-federazioa desegiteko betebeharra betetzen ez bada, erantzukizun pertsonalak eskatuko dira, hargatik eragotzi gabe dagokion administrazio-organoak desegite judiziala eskatzeko duen eskubidea.

  1. Euskal Kirol Federazioen Batasuna euskal kirol-federazioez osatuta dagoen eta nortasun juridikoa duen elkarte-oinarriko eta irabazi-asmorik gabeko erakundea da. Bere helburua da euskal kirol federatua hobetzeko eta garatzeko oinarri komunak bilatzea, kirol-helburuak babestea eta hobeto betetzea, eta aipatutako kirol-federazioentzat administrazio-egitura edo laguntza teknikoko egitura komunak ezartzea. Halaber, bere eskumenen esparruan, Euskadiko kirol-administrazioa aholkatzeko funtzioa bete ahal izango du, hargatik eragotzi gabe kirol-federazio bakoitzak bere kirol-esparruan duen aholkularitza-ahalmen espezifikoa.

  2. Euskal Kirol Federazioen Batasuna euskal kirol-federazio guztiak ordezkatuko dituen erakundea izango da, hargatik eragotzi gabe kirol-federazio bakoitzak bere kirol-esparruan duen ordezkagarritasun espezifikoa.

  3. Federazioen lurralde-elkarteak lurralde historiko bakoitzeko kirol-federazioen multzoa ordezkatzen duten erakundeak izango dira, kalterik egin gabe lurraldeko kirol-federazio bakoitzak bere kirol-modalitate edo -eremuan duen ordezkagarritasun espezifikoari.

  1. Euskal Kirol Federazioen Batasunak euskal federazioei emango die euskal selekzioak Estatuko eta nazioarteko lehiaketetan, ofizialak barne, parte hartzeko aukera sustatu eta bultzatu ahal izateko beharrezkoa den babes eta estaldura.

  2. Euskal federazioei dagokie beren selekzioak ordezkatuko dituzten kirolariak hautatzea beren eskumeneko kirol-modalitateetan.

  3. Selekzio horietan sartzen diren kirolariek baimena eman beharko diete kirol-federazioei beren irudia publizitate-helburuekin erabiltzeko kirol-ekipamenduen bitartez. Erabilera hori, nolanahi ere, kirolaria hautatua izan den selekzioaren kirol-lehiaketetan egotera edo parte hartzera mugatuko da.

  1. Euskal Kirol Federazioen Batasunak lege honen arauei, legea garatzen duten xedapenei, bere estatutu eta erregelamenduei eta bere organoek balio osoz hartutako erabakiei jarraituko die eraketari, inskripzioari, azkentzeari, antolamenduari eta funtzionamenduari lotutako alderdi guztietan.

  2. Euskal Kirol Federazioen Batasunaren estatutuek erregelamenduz finkatzen diren alderdiak arautu beharko dituzte, beren barne-egitura eta funtzionamendu-araubidea printzipio demokratikoei eta ordezkaritza-printzipioei jarraikiz osatuko dituzte, eta ordezkaritza- eta administrazio-organo guztien hautaketa batasuneko kide diren kirol-federazio guztien boto aske, zuzen, berdin eta sekretu bidez egitea xedatuko dute.

  3. Euskal Kirol Federazioen Batasunaren estatutuak Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak onartu beharko ditu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatu beharko dira. Halaber, elkartearen egoitza elektronikoan argitaratuko dira, bai eta kirol-arloko eskumena duen Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrarenean ere, eta ez dute ondoriorik izango osorik argitaratu arte.

Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroa Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailari organikoki atxikitako zerbitzua da, eta egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten kirol-erakundeak inskribatzea du helburu.

Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroa publikoa da, eta pertsona orok du hura kontsultatzeko eskubidea. Publizitatea erregelamenduz finkatutako baliabideen bitartez egingo da.

Honako egintza hauek inskribatu beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan:

  1. Kirol-klub, kirol-elkarte eta kirol-federazioen eraketa.

  2. Euskal Kirol Federazioen Batasunaren eraketa.

  3. Estatutuen onarpena eta aldaketa.

  4. Federazioen erregelamenduen onarpena eta aldaketa.

  5. Kirol-erakundeen ordezkaritza- eta administrazio-organoetako kide hautetsien izendapena eta kargu-uztea.

  6. Kirol-erakundeen desegitea eta likidazioa.

  7. Kirol-federazioen aitorpena errebokatzea.

  8. Oro har, beste xedapen batzuen arabera inskribatu beharreko egintzak.

  1. Kirol-erakunde bat Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzeak berekin ekarriko du haren aitorpen ofiziala lege honen ondorioetarako, eta hori ezinbesteko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren kirol-programa espezifikoetarako laguntza publikoak lortu ahal izateko, kirol-lehiaketa ofizialetan parte hartzeko eta kirol-legerian jasotako gainerako onurak baliatzeko.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroak inskribatutako erakundeen izena babestuko du, inork izan ez dezan izen berdina edo antzekoa erabiltzeko aukera.

  3. Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak beharrezkoa den aholkularitza teknikoa eta laguntza eskainiko die kirol-erakundeak sortzeko edozein proiekturi ekiten diotenei hala eskatzen badute.

Erregelamendu bidez finkatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroaren egitura, funtzioak eta funtzionamendu-araubidea, baita informazioa beste erregistro batzuekin elkartrukatzeko sistema ere.

  1. Lege honen ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoan egingo diren kirol-lehiaketak honela sailkatuko dira:

    1. Lehiaketa ofizialak, lehiaketa ez-ofizialak eta lehiaketa mistoak edo konposatuak.

    2. Kirol federatuko, eskola-kiroleko eta unibertsitate-kiroleko lehiaketa ofizialak.

  2. Lege honen ondorioetarako, federazioek dagokion urteko egutegian aurrez horrela kalifikatutakoak hartuko dira lehiaketa ofizial federatutzat. Lehiaketa horietan, lege honen babesean emandako lizentzia duten kirolariek eta kirol-erakundeek baino ezin izango dute parte hartu dagokion titulu ofiziala lortzeko.

  3. Lehiaketa misto edo konposatuetan, lizentzia duten eta dagokion titulu ofiziala lortzeko eskubidea duten kirolariek eta lizentziarik ez duten eta titulu ofiziala lortzeko norgehiagokan lehiatzen ez diren kirolariek parte hartzen dute.

  4. Ofizialak ez diren jarduera edo lehiaketetan ez da beharrezkoa izango kirol-federazioen baimena, nahiz eta federazio-lizentzia duten kirolariek parte hartu. Kirol-federazioek ez dute eskumenik beren kirol-modalitateari dagozkion beren lurralde-eremuko lehiaketa edo jarduera guztien gainean.

    Era berean, lehiaketa ofiziala ez denean, horren berri eman beharko da publizitatean eta komunikazioetan.

  1. Kirol-federazioei dagozkie lehiaketa ofizial federatuak antolatu, kalifikatu eta baimentzeko funtzioak. Federazio horiek beren funtzioak koordinatu beharko dituzte, eta autonomia erkidegoko eta beheragoko lurralde-eremuko kirol-lehiaketen piramide-egitura bermatuko dute.

  2. Lehiaketa ofizial federatu horien antolaketa materiala ez da administrazio-funtzio publiko bat, eta edozein pertsona fisiko edo juridikori, publiko edo pribaturi eskuordetu ahal izango zaio.

  3. Lurralde-eremuko eskola-lehiaketa ofizialak antolatu, kalifikatu eta baimentzeko funtzioak lurralde historikoetako foru-organoei dagozkie, eta Autonomia Erkidegoko eskola-lehiaketei lotutakoak, berriz, Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailari.

  4. Unibertsitate-lehiaketa ofizialak antolatu, kalifikatu eta baimentzeko funtzioak unibertsitate bakoitzari dagozkio. Unibertsitate arteko lehiaketetan, funtzio horiek Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak beteko ditu, Unibertsitate Kirolaren Euskal Azpibatzordearen laguntzaz.

  5. Aurreko ataletan aipatutako erakundeak izango dira dagozkion titulu ofizialak emateko ahalmena duten bakarrak.

  1. Kirol-lehiaketak zuzentzeko ahalmena kirol-modalitateetan aurreikusitako arbitro- eta epaile-kategoriei dagokie.

  2. Organo horiek kirol-lehiaketak zuzentzeko ahalmen hori baliatuta hartzen dituzten erabakiak zuzentzat hartuko dira, eta haien aktek egiazkotasun-presuntzioa izango dute eta lehiaketak behar bezala egiteko beharrezkoak diren baliabide dokumentalak izango dira. Izaera bera izango dute organo horiek, ofizioz edo diziplina-organoek eskatuta, aktak zabaltzeko edo argitzeko izenpetzen dituztenak.

  3. Era berean, ordezkari informatzaileen eta kirol-lehiaketako edozein ofizialen aktak egiazkotzat hartuko dira kirol-arloko diziplina-ahala baliatzeko garaian, betiere kargu eta funtzio horiek dagokion kirol-erakundearen araudian berariaz jasota badaude.

  1. Diziplina-organoek kirol-lehiaketen emaitzak aldatu ahal izango dituzte egindako diziplinazko arau-haustearen izaera dela-eta beharrezkoa denean, batez ere lehiaketaren emaitzak aurrez ezartzera bideratutako ekintzen edo ez-egiteen kasuan. Halakotzat hartuko dira jokalari-zerrendan bidegabeki osatzea, identitatea ordeztea, lizentzia lortzeko datuak faltsutzea eta antzeko ekintzak.

  2. Diziplina-organoek debekatuta izango dute probak edo partidak berriz arbitratzea eta arbitroen erabakiak berrikustea, erabaki horien diziplina-ondorioak izan ezik.

  1. Kirol-erakundeek, kirolariek, teknikariek, arbitroek eta epaileek, zuzendariek eta kirol-federazioetako, kirol-klubetako, kirol-elkarteetako eta beste kirol-erakunde batzuetako beste edozein pertsonak debekatuta izango dituzte honako hauek:

    1. Pertsonalki edo beren erakundeen bitartez parte hartzen duten probekin, partidekin edo lehiaketekin zuzenean edo zeharka lotuta dauden apustuak egitea.

    2. Apustu horietan iragarle zein aholkulari gisa edo antzeko baldintzetan parte hartzea.

    3. Apustu horiek sustatzen, negoziatzen, antolatzen edo zuzentzen dituzten enpresetan interesak edo eskubideak edukitzea eta enpresa horiekin lan- zein merkataritza-lotura edo antzeko lotura bat izatea.

  2. Kirol-federazioak eta kirol-lehiaketak antolatzen dituzten gainerako erakundeak behartuta daude lehiaketen osotasuna bermatzeko neurriak hartzera. Erakunde horiek liga erregularren azken jardunaldietako ordutegiak bateratzeko betebeharra izango dute eta erregelamendu bidez debekatu beharko dute hirugarren pertsonei edo erakundeei emaitza positiboak lortzeko pizgarriak emateko aukera.

  1. Kirol-klub edo -elkarte bat bere egoitza sozialari dagokionaz bestelako lurralde historiko mugakide batean tradizioz lehiatu izan den kasuetan, lehiaketa-jarduera egin duen lurraldeari dagokion lehiaketan inskribatzen jarraitu ahal izango du.

  2. Lege hau indarrean sartzen denean beren egoitza sozialaz bestelako lurralde historiko bateko kirol-federazioari lehen aldiz atxiki nahi zaizkion klub eta elkarteek beren egoitza sozialari dagokion kirol-federazioaren eta inskribatu nahi duten kirol-federazioaren baimena izan beharko dute kirol-modalitate horretako lurralde-federaziorik baldin bada, eta hala ez bada, euskal federazioak emandako baimena.

  1. Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak kirol-ekitaldiak antolatzeko leihatila bakarra sortzea sustatuko du, ekitaldi horiek Euskal Autonomia Erkidegoan antolatzeko eta gauzatzeko lana errazte aldera. Leihatila bakar hori antolatzaileek behar dituzten komunikazioen, erantzukizunpeko adierazpenen, administrazio-baimenen edo kontratazioen inguruko informazioa, aholkularitza eta izapidetze elektronikoa kudeatzeko bulego zentralizatua izango da.

  2. Kirol-ekitaldien leihatila bakarra ezartzeak ez du inolako aldaketarik eragingo administrazio-organoen eskumenetan.

  3. Aipatutako leihatila bakarra garatzeko, kirol-ekitaldiak egiteko ezinbesteko oinarrizko irizpideak ziurtatu eta batze aldera, Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen zuzendaritzak ekitaldiak antolatzeko zerbitzuak ematen dituzten erakundeen eta pertsonen datu-base bat egingo du, bai eta protokolo bat ere, izapideak errazteko eta ingurumen-, inklusio-, genero- eta hizkuntza-arloko irizpideak bermatzen direla ziurtatzeko.

  1. Lege honetan aurreikusitako kirol-lehiaketa ofizialetan parte hartzeko beharrezkoa izango da lizentzia edukitzea, garapen-xedapenetan ezartzen diren baldintzei jarraikiz.

  2. Kirol-federazioek, halaber, aisialdi-txartel edo zerbitzu-txartel ez-ofizialak, borondatezko harpidetzakoak, eman ahal izango dituzte. Txartel horiek ez dute emango ezein lehiaketa ofizialetan parte hartzeko eskubiderik, eta ez dute berekin ekarriko dagokion kirol-federazioan sartzea. Txartel horiek lehiaketa ez-ofizialetan parte hartzeko eta zerbitzu jakin batzuk lortzeko aukera baino ez dute emango.

  1. Eusko Jaurlaritzak erregelamenduz finkatuko du dagokion lizentzia eman edo berritu aurretik mediku-azterketak egiteko betebeharra, kirolarien osasunerako arriskuak hobeto prebenitzeko beharrezkotzat hartzen den kirol-modalitate edo -azpimodalitateetan.

  2. Mediku-azterketa horien helburua kirol-jardueran kirolarien osasuna babestea da. Hori dela-eta, azterketak diseinatzeko eta kirol-modalitate bakoitzean aplikatzeko garaian, honako hauek hartuko dira kontuan:

    1. Egingo den kirol-modalitatearen ezaugarriak.

    2. Dagokion kirol-modalitatean aritzeko beharrezkoa den esfortzua eta gainerako gaitasun fisikoak.

    3. Kirol-modalitatea praktikatzen den ingurunearen baldintzak.

    4. Emakumeen eta gizonen, adingabeen eta desgaitasuna duten pertsonen premia espezifikoak.

  3. Erregelamendu bidez finkatuko dira lizentzia horiek izapidetzeko eta emateko baldintza ekonomikoak eta prozedura-baldintzak.

  4. Lizentziak arau batzuen arabera emango dira, eta ezin izango dira lizentziak ukatu eskatzaileak lizentzia lortzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzen dituenean.

  5. Federazio-, eskola- edo unibertsitate-lizentziak ematean, bermatu egingo da ez dagoela inolako diskriminaziorik. Dena dela, lehiaketen arauetan berdintasun-printzipioa hutsaldu dezakeen lehiaketa-abantaila oro saihesteko neurriak txertatu ahal izango dira. Neurri horiek beharrezkoak, arrazoizkoak eta proportzionatuak izango dira.

  6. Lizentzia eskatu eta erregelamenduz finkatutako epea igaro ondoren berariazko ebazpenik eman ez bada, emanda dagoela ulertuko da.

  1. Federazio-, eskola- eta unibertsitate-lizentziek aseguru bat ekarriko dute berekin. Aseguru horrek honako arrisku hauen estaldura bermatuko du:

    1. Erantzukizun zibila.

    2. Galera anatomiko edo funtzionalen edota heriotzaren kasuetarako kalte-ordaina.

  2. Lizentzien titularrek lege honetan araututako kirol-lehiaketetan parte hartzearen edo horien entrenamenduen ondorioz jasotako osasun-laguntza dagokion osasun-sistema publikoaren ohiko prestazioa da, baldin eta ez badute beste aseguru baten bidez estalitako osasun-kontingentzietarako prestaziorik.

  3. Kirolari horiek Estatuko edo nazioarteko lehiaketa ofizialetan parte hartzeari lotutako osasun-laguntzaren aseguramendua dagokion Estatuko edo nazioarteko araudian ezarritakoa izango da.

  1. Euskal federazioak eta lurralde-federazioak dira, hurrenez hurren, Euskal Autonomia Erkidegoan federazio-lizentziak emateko eta izapidetzeko eskumena duten erakundeak.

  2. Kirolari federatuek lurralde-selekzioen zein euskal selekzioen deialdietara joateko betebeharra izango dute kirol-lehiaketetan parte hartzeko edo lehiaketa horiek prestatzeko.

  3. Eskola-lizentziak federazio-lizentzien baliokideak izango dira erregelamenduz finkatzen diren ondorioetarako.

  4. Kirol-arloan eskumena duten lurralde historikoetako foru-organoek eskola-ikasleei federazio-lizentziak ematea baimendu ahalko dute.

Lege honen ondorioetarako, eskola-adineko jarduera fisiko eta kiroltzat hartzen da 16 urtera bitarteko ikasleek eskola-orduetatik kanpo egiten duten jarduera antolatua.

  1. Eskola-adineko jarduera fisikoa eta kirola nagusiki kirol anitzekoa izango da eta ez soilik lehiaketara bideratua, era horretan, ikasle guztiek jarduera fisikoa eta kirola beren borondatearen, gaitasun fisikoaren eta adinaren arabera ezagutu eta egingo dutela bermatuz.

  2. Eskola-adineko jarduera fisikoko eta kiroleko etapak hiru izango dira eta honako funtzio eta ezaugarri hauek izango dituzte:

    1. Haur Hezkuntzako etapa: jaiotzetik 6 urtera bitarteko haurren etapa. Etapa honetan jarduera fisikoa eta jolas librea bermatuko da, jarduera ludiko-motorrak egiteko aukera izan dezaten garapen oso eta orekatua lortzeko eta gorputza mugitzeaz gozatzeko.

    2. Lehen Hezkuntzako etapa: oro har, 6 eta 12 urte arteko ikasleen etapa. Etapa honetan jarduera fisiko ludikoa eta kirol anitzekoa bermatuko da. Adin-tarte honetan lehiaketak eta entrenamenduak egin ahal izango dira jarduera antolatuetan, baina horiek osagarriak izango dira beti, eta ez dira izango eskola-adineko jarduera fisikoaren eta kirolaren ordezkoak.

    3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapa: 12 eta 16 urte bitarteko ikasleen etapa. Etapa honetan kirolean parte hartzeko, errendimendu-kirolean hasteko eta kiroleko talentuak eta promesak identifikatzeko ibilbideei dagozkien jarduerak partekatu ahal izango dira.

      Administrazio publikoek kirol federatuaren antolaketatik kanpo geratzen diren hezkuntza-etapa honetako biztanleei arreta emango diete, haien premiekin bat datozen programak garatuz eta tokiko kirol-jarduera fisikoak sustatzen dituzten taldeak bultzatuz.

      Eskola-adineko jarduera fisikoaren eta kirolaren hasierako etapa, nagusiki, haurren ikastetxearen testuinguruan garatuko da, haien egoera pertsonal eta soziala edozein dela ere, betiere beraien interes gorena babeste aldera. Ikastetxeak izango dira kirol-hastapenaren ardatz nagusia eta izaera hezitzailea izango du.

  3. Eskola-adineko kirolean foru-aldundiek emandako eskola-lizentzia beharko da foru-programetako eskola-kiroleko jardueretan parte hartzeko, eta lizentzia federatua foru-aldundiek baimendutako kirol federatuko jardueretarako.

Eusko Jaurlaritzari dagokio eskola-adineko jarduera fisikoaren eta kirolaren oinarri eta printzipio orokorrak arautzea, eta arautze horren helburua izango da eredua ahal bezainbat homogeneizatzea hiru lurralde historikoetan.

  1. Eskola-adineko jarduera fisikoko eta kiroleko programak lurralde historikoetako foru-organoek onartuko dituzte urtero, eta bideratuta egongo dira prestakuntza integralera, nortasunaren garapen orekatura eta geroago jarduera fisikoa eta kirola egiten jarraitzea ahalbidetuko duten baldintza fisikoak eta osasun-baldintzak lortzera.

  2. Eskola-adineko jarduera fisikoko eta kiroleko programek desgaitasuna duten ikasleen integrazioa eta inklusioa bermatu beharko dute beren ikaskideekiko, programa horien ahalik eta eduki gehienetan. Hori ezinezkoa denean zerbitzu osagarririk ez dagoelako edo antzeko beste arrazoi batzuk direla tarteko, desgaitasuna duten pertsonen kolektiboentzako jarduera espezifikoak aurreikusi beharko dira programa horietan.

  3. Eskola-adineko jarduera fisikoko eta kiroleko programen aurretik, genero-inpaktuaren ebaluazioa egin beharko da, nesken eta mutilen arteko desberdinkeria oro, generoari lotutako estereotipoak, azpimodalitate batzuen maskulinizazioa edo feminizazioa eta antzeko alderdiak behar bezala lantzeko. Programek, halaber, ekitatea bermatu beharko dute zailtasun ekonomiko eta sozialak dituzten kolektiboetako haurrei programetako jarduerak egiteko aukera ematean. Horretarako, teknikariek berdintasun-arloan gutxieneko trebakuntza dutela bermatuko da.

  4. Eskola-adineko jarduera fisikoko eta kiroleko programetan, jarduera horietan eskola-jazarpena prebenitzeko neurri espezifikoak jaso beharko dira, eta behar bezala aurreikusi beharko da sexu-orientazioagatiko, sexu- edo genero-identitate edo -adierazpenagatiko edo sexu-ezaugarriengatiko diskriminazioaren ondoriozko problematika.

  5. Adin-tarte txikienetan, eskola-kiroleko programek lehia-jarduerak saihestuko dituzte, eta haien edukietan haurrentzako psikomotrizitate-jarduerak txertatzen saiatuko dira.

  6. 16 urtetik beherako ikasleen kirol-lehiaketak, oro har, eskola-adineko jarduera fisikoko eta kiroleko urteko programetan jasotakoak izango dira. Hala eta guztiz ere, erregelamenduz ezarriko diren baldintzak betetzen badira, lurralde historikoetako foru-organoek baimenduko dute 16 urtetik beherako ikasleei zuzendutako jarduera fisikoko eta kiroleko urteko programetan jasota ez dauden kirol-lehiaketak antolatzeko, ikasle horiek lehiaketa federatuetan parte hartzeko eta kirol-modalitate batzuetan teknifikazio-unitateak garatzeko aukera.

  7. Lurralde historikoetako foru-organoek ondorengoak egin ahal izango dituzte:

    1. Kategoria bakoitzaren parte hartzeko lurralde-eremuak onartu, erakunde komunek ezarritako oinarrietan zehaztutako gehieneko lurralde-eremuak baino eremu txikiagoetarako, ikasleek mugitu eta lekualdatu beharrik izan ez dezaten eta lege honetan ezarritako hezkuntza-xedeak babesteko helburuak bermatu daitezen.

    2. Kirolari adingabeen derrigorrezko parte-hartzea ezarri ibilbide eta kategoria batzuetan, kirolari adingabeen interes gorena kontuan izanda, bizi diren udalerriko edo eskualdeko kirol-erakundeen bidez.

    3. Aurreko muga horiei salbuespenak ezarri kirol-modalitate edo -azpimodalitate gutxituak badaude edo ikasleak bizi diren gertueneko inguru geografikoan jarduera garatzea galarazten duten ezohiko baldintzak badaude.

  8. Eskola-adineko jarduera fisikoko eta kiroleko programek euskararen erabilera sustatu beharko dute ikasleen kirol-jardunaren esparruan.

  9. Eskola-adineko jarduera fisikoko eta kiroleko programek ohiko jarduera fisikoak eta kirol-jarduerak barne hartu beharko dituzte, adingabe guztien inklusioa ahalbidetzeko, tokian tokiko kolektiboari egokituriko jarduera, jolas eta kiroletan.

  1. Eskola-adineko jarduera fisikoaren eta kirolaren antolaketa ikastetxeen bitartez egituratuko da nagusiki, eskola-adineko jarduera fisikoaren eta kirolaren oinarrizko egitura izango baitira. Hori guztia, kalterik egin gabe zenbait ibilbide eta jardueratan kirol-klub eta -elkarteen eta guraso-elkarteen parte-hartze eta lankidetzari.

  2. Kirol-federazioak izango dira, funtsean, programa horiek antolatzeko eta gauzatzeko beharrezkoa den laguntza teknikoaz eta lankidetzaz arduratuko diren erakundeak hala eskatzen zaienean.

  3. Udalerriak, beren eskumenen esparruan, ikastetxe eta lurralde historikoetako foru-organoekin lankidetzan arituko dira eskola-adineko jarduera fisikoko eta kiroleko programak gauzatzeko. Horretarako, funtsean, udaleko kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamenduen erabilera lagako dute, ikasleek beren instalazioetan egindako kirol-jarduerak kontrolatuko dituzte eta programak toki-mailan egituratuko dituzte, hori guztia foru-organoekin adostutako baldintzetan.

  1. Beren autonomiaren esparruan, unibertsitate publikoei zein pribatuei dagokie beren unibertsitate-eremuan jarduera fisikoa eta kirola antolatzea eta sustatzea, egokitzat hartzen dituzten irizpideei jarraikiz eta erakunde-egiturak baliatuz.

  2. Autonomia horri kalterik egin gabe, Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak Autonomia Erkidegoan kokatutako unibertsitateen artean egiten diren lehiaketako kirol-jarduerak koordinatzeko beharrezkoak diren gidalerroak zehaztuko ditu. Horretarako, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Kontseiluaren barruan Unibertsitate Kirolaren Euskal Azpibatzorde bat egongo da, aholkularitza, kontsulta, jarraipen eta eztabaidarako organoa izango dena.

  1. Jarduera fisikoko eta kiroleko unibertsitate-programek desgaitasuna duten unibertsitateko ikasleen integrazioa eta inklusioa sustatu beharko dituzte. Hori ezinezkoa baldin bada, zerbitzu osagarririk ez dagoelako edo antzeko beste arrazoiak direla-eta, programa horietan desgaitasuna duten pertsonen kolektiboentzako jarduera espezifikoak aurreikusiko dira.

  2. Unibertsitateko jarduera fisikoko eta kiroleko programak onartu aurretik, genero-inpaktuaren ebaluazio bat egin beharko da, behar bezala lantzeko unibertsitateko ikasleen arteko desberdinkeria oro, generoari lotutako estereotipoak, azpimodalitate batzuen maskulinizazioa edo feminizazioa eta antzeko alderdiak. Programek, halaber, jardueretan jazarpena prebenitzeko neurri espezifikoak jaso beharko dituzte, eta behar bezala jaso beharko dute sexu-identitateari lotutako problematika.

  3. Jarduera fisikoko eta kiroleko programek euskararen erabilera sustatu beharko dute unibertsitateko ikasleen kirol-jardunaren esparruan.

  1. Administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, unibertsitateekin lankidetzan jardungo dute unibertsitate-esparruan jarduera fisikoa eta kirola sustatzera zuzendutako programetan.

  2. Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak bereziki lagundu beharko du unibertsitate arteko programetan.

  1. Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikastetxeei dagokie beren esparruan jarduera fisikoa eta kirola sustatzea, egokitzat hartzen dituzten irizpideei jarraituz eta erakunde-egiturak baliatuz.

  2. Administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikastetxeekin lankidetzan jardungo dute esparru horretan jarduera fisikoa eta kirola sustatzera zuzendutako programetan.

  1. Lanbide Heziketaren eta Batxilergoaren esparruan jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko onartzen diren programek desgaitasuna duten pertsonen integrazioa eta inklusioa sustatu beharko dituzte. Hori ezinezkoa baldin bada, zerbitzu osagarririk ez dagoelako edo antzeko beste arrazoiak direla-eta, desgaitasuna duten pertsonen kolektiboentzako jarduera espezifikoak aurreikusiko dira.

  2. Lanbide Heziketaren eta Batxilergoaren esparruan jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko onartzen diren programek genero-inpaktuaren ebaluazio bat izan beharko dute, behar bezala lantzeko ikasleen arteko desberdinkeria oro, generoari lotutako estereotipoak, azpimodalitate batzuen maskulinizazioa edo feminizazioa eta antzeko alderdiak. Programek, halaber, jardueretan jazarpenari aurrea hartzeko neurri espezifikoak jaso beharko dituzte, eta behar bezala jaso beharko dute sexu-identitateari lotutako problematika.

  3. Jarduera fisikoko eta kiroleko programek kirol-jardunean euskararen erabilera sustatu beharko dute, Lanbide Heziketaren eta Batxilergoaren esparruan.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legean ezarritakoari kalterik egin gabe, kirolaren, osasunaren, hezkuntzaren, teknologiaren eta garapen ekonomikoaren arloan eskumena duten Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailek jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzien esparruko ikerketa- eta berrikuntza-jarduketak bultzatzeko, garatzeko eta gauzatzeko aukera sustatuko dute, lankidetza-formulak ezarriz beste administrazio publiko batzuekin, unibertsitateekin, Lanbide Heziketako ikastetxeekin, profesionalen elkargoekin, kirol-federazioekin eta kirol-arloko hainbat erakunde eta agenterekin.

  2. Sail horiek, halaber, Euskal Herriko berezko kultura fisikoan txertatuta dauden jarduera fisikoen eta kirolen esparruko ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatuko dute.

  1. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Eskola Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailari atxikita dagoen administrazio-zerbitzu bat da, eta honako funtzio hauek ditu esleituta:

    1. Jarduera fisikoari eta kirolari lotutako prestakuntzen arloko sail arteko koordinazioa egitea, araubide bereziko kirol-irakaskuntzena izan ezik. Sail arteko koordinazio horretan sartzen dira aldi iragankorreko kirol-prestakuntzak deiturikoak.

    2. Teknikarien, arbitroen eta epaileen eta zuzendarien prestakuntza-programak planifikatzea eta koordinatzea, araubide bereziko kirol-irakaskuntzei eta hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako heziketa-zikloei dagozkien programak izan ezik.

    3. Kirol-erakundeen kirol-kudeaketa aurreratuko prestakuntza sustatzea.

    4. Jarduera fisikoaren eta kirolaren esparruko prestakuntza-ekintzei buruzko informazioa osatuko, sistematizatuko eta eguneratuko duen plataforma elektroniko bat sortzea eta kudeatzea.

    5. Jarduera fisikoaren eta kirolaren esparruari buruzko dokumentazio-zerbitzu bat antolatzea.

    6. Etengabeko prestakuntzako eta kirol-teknifikazioko ikastaroak, mintegiak, hitzaldiak eta gainerako programak antolatzea edo egitea, hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako heziketa-zikloei dagozkien programak izan ezik.

    7. Kirol-federazioei eta beste zentro batzuei beren prestakuntza-programen inguruko aholkularitza eskaintzea.

    8. Kirol-federazioek eta gainerako prestakuntza-zentro publiko eta pribatuek prestakuntza-programetan generoaren eta sexu-aniztasunaren ikuspegia, bere adierazpen guztietan, eta desgaitasuna duten pertsonen kirolaren ikuspegia txerta ditzaten sustatzea, bai eta kirolaren integritateari, joko garbiari, errespetuari, inklusioari eta antzeko balioei lotutako edukiak ere.

    9. Prestakuntza- eta informazio-programak sustatzea kirol federatuaren, eskola-adineko kirolaren eta unibertsitate-kirolaren arloan, bai eta lehiarik gabeko beste kirol-adierazpen batzuen arloan ere. Programa horien eskaintzan, euskarari emango zaio lehentasuna, batez ere 18 urtetik beherakoentzako programetan.

    10. Erregelamendu bidez esleitzen zaizkion beste guztiak.

  2. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Eskola sektore publikoko gainerako prestakuntza-zentroekin koordinatu beharko da bere giza baliabideak eta baliabide materialak optimizatzeko.

  3. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Eskolaren antolamendua, eskumenak eta funtzionamendua erregelamenduz finkatuko dira.

  1. Lege honen ondorioetarako, kirol-boluntariotza izango da herritarrek irabazi-asmorik gabeko erakundeek garatutako boluntariotza-ekintzetan era antolatuan parte hartzea Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera fisikoaren eta kirolaren eremuan boluntariotza-ekintzako programak ezarriz, betiere, boluntariotzaren arloko xedapen orokorretan xedatutakoaren esparruan. Kirol-boluntariotzatzat joko da lege honetan araututako kirol-erakundeetako administrazio-organoetako eta organo teknikoetako kide izatea, hargatik eragotzi gabe indarreko legerian ezarritako gainerako baldintzak betetzea.

  2. Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak kirol-boluntariotza sustatu eta bultzatuko du beste administrazio publiko batzuekin, bereziki, toki-erakundeekin, unibertsitateekin, kirol-erakundeekin eta jarduera fisikoaren eta kirolaren esparruan boluntariotza-ekintzako programak garatzen dituzten eta Euskal Autonomia Erkidegoan kirol-boluntariotzan laguntzea, parte hartzea eta boluntariotza hori zabaltzea helburu duten beste batzuekin.

  1. Kirolariari eusteko eskubidea, nahitaezko luzapen-eskubidea eta antzekoak ezingo dira erabili kirolariak 18 urte bete arte, euskal lehiaketa ofizialetarako lizentzia federatuei dagokienez. Federazio-lizentziak urtebetekoak izango dira printzipioz, honako salbuespen hauek egongo diren arren:

    1. Kirolari profesional adingabeek sinatutako lan-kontratuak egotea. Horrelakoetan lan-kontratu horren iraupen bera izan dezakete lizentziek ere.

    2. Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen zuzendaritzak 16 urte edo gehiagoko kirolarien eta horien kluben artean iraupen handiagoko konpromisoa egoteko aukera aurreikusten duten federazio-araudiak onartzea.

  2. Administrazio publikoek eta kirol-federazioek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte kirol-elkarteak oinarrizko kirolean lan garrantzitsua egitera sustatzeko. Halaber, babes-neurriak hartu beharko dira, elkarte horiek oinarrizko kirola sustatzeko egin beharreko lana neurriz gainekoa izan ez dadin.

  3. Administrazioak organo eskudunekin izapidetuko ditu adingabeen eskubideak babesteko beharrezko ikuskaritza eta ekimenak.

Botere publikoek, dagokien eskumen-esparruan, dagozkion arauak eta erabakiak hartuko dituzte edozein kirol-jardueratan parte hartzen duten pertsonen, hirugarrenen eta erakundeen segurtasun egokia eta arriskuen estaldura bermatzeko.

Kirol-zentroak ustiatzeko, kirol-jarduerak antolatzeko eta kirol-zerbitzuak emateko, ezinbestekoa izango da erantzukizun zibileko aseguru-kontratu bat egitea, erabiltzaileei, parte-hartzaileei eta beste edozeini instalazioen egoeraren edo bertan egindako jardueraren ondorioz eragin dakizkiekeen kalteei erantzuteko. Poliza horien gutxieneko estaldurak erregelamenduz finkatuko dira, instalazioen eta jardueren ezaugarrien arabera.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren kirol-jardun askeari lotutako osasun-laguntza osasun-sistema publikoak emango du bere kontura. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko esparruko lehiaketetan parte hartzen dutenen osasun-laguntza osasun-sistema publikoaren kontura emango da.

  2. Osasun-sistema publikoaren kontura emandako laguntza horretatik kanpo geratuko dira honako hauek:

    1. Kirol-medikuntzako zerbitzu espezializatuak eta, bereziki, dopinaren aurkako kontrolaren plangintza, kudeaketa eta betearazpenaren, lesioen prebentzioaren eta kirolaren ergonomiaren arlokoak.

    2. Estatuko eta nazioarteko kirol-lehiaketetan parte hartzeari lotutako osasun-laguntza.

    3. Mediku-azterketak egitea eta kirola egiteko gaitasunari eta egokitasunari buruzko txostenak eta ziurtagiriak ematea.

    4. Maila desberdinetako kirolariak prestatzeko prozesuei lotutako plangintza, kontrol eta jarraipen medikoa.

    5. Kirolarien errehabilitazioa eta errekuperazio funtzionala kirol-lesioen ondoren, osasun-sistema publikoaren osasun-prestazioetatik kanpo geratzen direnean.

    6. Desgaitasuna duten kirolarien balorazio funtzionala edozein kirol-modalitatetan.

Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak, lurralde historikoetako foru-organoek eta udalerriek, kirol-jarduera jakin batzuk antolatzea debekatu ahal izango dute, zeinek bere eskumeneko lurralde-eremuan, pertsonen osasuna babesteko beharrari dagokion interes publikoari lotutako arrazoiak direla-eta.

Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoek, beren eskumenen esparruan eta beren aurrekontu-baliabideen arabera, jarduera fisikoaren eta kirolaren eremuko medikuntzaren, erizaintzaren, fisioterapiaren, psikologiaren, nutrizioaren eta podologiaren arloetako ikerketa eta espezializazioa sustatuko dute, honako helburu hauekin:

  1. Kirola egiteko gaitasun fisikoa eta psikologikoa behar bezala kontrolatzea, pertsonen osasuna babesteko.

  2. Pertsonei kirol-jarduerak egiteko orientazioa ematea.

  3. Kirolean ari direnei lotutako arrazoiengatik edo kanpoko arrazoiengatik gerta daitezkeen kirol-istripuak prebenitzea.

  4. Kirolarien errendimendua hobetzea.

Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailari honako funtzio hauek esleitu zaizkio:

  1. Goi-mailako kirolariei osasun-kontrolak egitea.

  2. Jarduera fisikoaren eta kirolaren eremuko medikuntzari, erizaintzari, fisioterapiari, psikologiari, nutrizioari eta podologiari buruzko ikerketa.

  3. Erakunde publiko eta pribatuei zenbait motatako kirol-programak egiteko aholkularitza tekniko-sanitarioa eta medikoa ematea, goi-mailako kirolari dagokionez bereziki.

  4. Jarduera fisikoaren eta kirolaren eremuko medikuntza, erizaintza, fisioterapia, psikologia, nutrizio eta podologiarekin lotutako irakaskuntza-jardueretan laguntzea, kirol-teknikarien prestakuntzaren esparruan batez ere.

  5. Eusko Jaurlaritzak erregelamenduz esleitzen dion beste edozein funtzio.

Mediku-azterketen datuak eta kirolarien osasunari buruzko beste informazio batzuk kirolariaren osasun-txartelean txertatuko dira erregelamenduz ezarritako baldintzetan.

Goi-mailako kirola interes publikokotzat hartuko da, funtsezko faktorea baita Euskal Autonomia Erkidegoko kirolaren garapenean, oinarrizko kirola sustatzeko eragingarri gisa duen garrantziagatik eta Estatuko eta nazioarteko kirol-lehiaketa ofizialetan betetzen duen ordezkaritza-funtzioagatik.

  1. Eusko Jaurlaritzak antolatuko du goi-mailako kirola Euskal Autonomia Erkidegoan, Basque Team Fundazioaren laguntza teknikoarekin.

  2. Eusko Jaurlaritzak, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Kontseiluaren txostena jaso ondoren eta dagozkion federazioen parte-hartzearekin, irizpideak eta baldintzak ezarriko ditu goi-mailako kirol-klubak, kirolariak, arbitroak, epaileak eta teknikariak eta, hala badagokio, goi-errendimendukoak ere, kalifikatu ahal izateko. Azken horiek goi-mailako kirolaren barruan mailarik baxuena izango dute.

  3. Goi-mailako kirolaren sustapena administrazio publikoek partekatzen duten erantzukizuna da, lanaren, funtzio publikoaren, hezkuntzaren eta kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamenduen arloetan eta lotutako beste arlo batzuetan dituzten eskumenen esparruan.

  1. Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak goi-mailako kirola babesteko onartzen dituen programek profesionalak ez diren kirolariei emango diete lehentasunezko arreta, eta beren funtsezko helburua izango da goi-mailako kalifikazioa merezi duten kirol-klub, kirolari, arbitro eta epaile eta teknikariei beren kirol-prestakuntzarako baliabide egokiak ematea eta haien erabateko gizarte- eta lanbide-integrazioa erraztuko duten zientzia-, hezkuntza- eta osasun-arloko laguntza ematea eta bestelako neurriak hartzea.

  2. Programa horiek lurralde historikoetako foru-organoek etorkizun handiko kirolariei laguntzeko onartzen dituzten planekin osatuko dira. Lege honen ondorioetarako, etorkizun handiko kirolaritzat hartuko dira Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak onartutako goi-mailako kirolarien zerrendan egon gabe ere, maila horretara iristeko oinarridun espektatibak dituzten kirolariak.

  3. Lege honen ondorioetarako, talentudun kirolaritzat hartuko dira beren kirol-ibilbideagatik edo beren kirol-emaitzengatik goi-mailako lehiaketara iristeko bereziki hurbil dauden etorkizun handiko kirolariak. Lurralde historikoetako foru-organoek eta Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak elkarrekin lankidetzan jardungo dute talentudun kirolari horiek goi-mailako kirolariek jasotzen dituzten prestazio batzuk lortu ahal izan ditzaten.

  4. Goi-mailako emakume kirolariek goi-mailako kirolari gisa dituzten eskubideak gordeko dituzte haurdunaldian eta ama izan ondoren, erregelamenduz ezarritako baldintzetan.

Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak goi-mailako kirolariak aholkatu, ebaluatu eta erabat kontrolatzeko zerbitzuak emango ditu, erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan.

Goi-mailako kirolariak prestatzeko, Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak, zuzenean edo erakunde publiko eta pribatuekin egindako hitzarmenen bitartez, goi-mailako kirol-zentroen sorkuntza eta funtzionamendua bultzatuko du. Kirol-zentroek, kirol-federazioen laguntzarekin, teknifikazio-programak eta entrenamendu-plan bereziak egingo dituzte. Programa horiek Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak baimendu beharko ditu.

Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak nagusiki goi-mailako kirolera zuzendutako kirol-ekipamenduen arloko premiei eta lehentasunei erantzuteko plan bat landu beharko du lau urtean behin.

Goi-mailako kirolariaren kalifikazioak honako onura hauek lortzeko aukera emango du:

  1. Laguntza ekonomikoak jasotzea.

  2. Goi-mailako kirol-zentroetako kirol-programetan sartzea.

  3. Kalifikazio hori administrazio publikoetan kirol-jarduerari lotutako lanpostuak eskuratzeko meritu ebaluagarritzat hartzea.

  4. Unibertsitate-ikasketak edo unibertsitateaz kanpoko ikasketak egiteko plaza kopuru gehigarri bat gordetzea, betiere beharrezkoak diren baldintza akademikoak betetzen badira.

  5. Ikasketak eta kirol-jarduera bateragarri egiteko neurri akademiko bereziak hartzea.

  6. Kirol-teknikarien tituluak lortzera bideratutako ikasketak egin ahal izateko probetarako erregelamenduz finkatzen diren baldintzetatik salbuetsita geratzea.

  7. Eusko Jaurlaritzak erakunde publiko edo pribatuekin kirolariak laneratzeko izenpetzen dituen hitzarmenen ondoriozko onura guztiak.

  8. Eusko Jaurlaritzak erregelamendu bidez ezartzen dituen onura guztiak.

    100. artikulua. Goi-mailako kirolarien estatutua.

    Eusko Jaurlaritzak, kirol-federazioen eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Kontseiluaren aholkularitzarekin, goi-mailako kirolarientzako estatutu bat onartuko du.

    101. artikulua. Enplegu-baldintzak.

    1. Botere publikoek goi-mailako kirolariei beren entrenamenduarekin eta lehiaketa ofizialetako parte-hartzearekin bateragarriak izango diren enplegu-baldintza batzuk ematera bideratutako xedapenak eta erabakiak hartzea bultzatuko dute.

    2. Administrazio publiko guztiek meritu ebaluagarritzat hartuko dute goi-mailako kirolariaren kalifikazioa, dagokion kirol-jarduerari lotutako plazak lortzeko hautespen-probetan zein jarduera horri lotutako lanpostuak betetzeko lehiaketetan, betiere meritu espezifikoen balorazioa aurreikusita badago.

    3. Administrazio publikoek beharrezko neurriak bultzatuko dituzte kirolari profesional ohiek kirolaz kanpoko lan-bizitza berreskura dezaten.

102. artikulua. Plangintza.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan, kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamenduen plangintza lurralde-antolamenduko eta hiri-antolamenduko dagozkion tresnen bitartez egingo da. Plangintza hori egitean, arreta berezia eskainiko zaie kirol-arloko irizpide teknikoei.

  2. Adierazitako tresnak lantzean, honako printzipio hauek hartuko dira kontuan:

    1. Aisialdi- eta kirol-eremuak eta kirol-gune ez-konbentzionalak sortzea eta mantentzea bermatuko da, herritar guztiei kirola egitea ahalbidetzeko.

    2. Lehentasuna emango zaio herritarrek jarduera fisikoa egin ahal izateko guneak sortzeari eta kirol anitzeko ekipamenduak aurreikusteari.

    3. Inbertsioak azpiegitura-defizitik handieneko eremuetara bideratuko dira eremu funtzional gisa lurralde-oreka bat lortzeko. Ildo horretan, biztanlegune handiei zerbitzuak emateko moduko udalaz gaindiko kirol-azpiegiturak bultzatu beharko dituzte.

    4. Kirolerako eta jarduera fisikorako instalazioak ikastetxeei hertsiki lotuta dimentsionatu eta kokatuko dira.

    5. Genero-ikuspegia eta kirolerako eta jarduera fisikorako espazio seguruak bermatuko dira, bereziki emakumeentzat.

      103. artikulua. Ikastetxeetako kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamenduak.

      1. Hezkuntza-administrazioak sustatuko du, zentro pribatuekin eta udalerriekin lankidetzan eta zentro publikoetako dagozkien barne-organoen parte-hartzearekin, ikastetxeetako eta unibertsitateetako kiroleko eta jarduera fisikoko ekipamenduak kirol anitzekoak izatea, eta eskola-orduetan zein ordu horietatik kanpo erabiltzeko aukera bermatuko duten giza baliabideak eta beharrezkoak diren zerbitzu osagarriak edukitzea.

      2. Hezkuntza-administrazioak sustatuko du unibertsitateek izatea unibertsitate-komunitateak jarduera fisikoa eta kirola egiteko beharrezkoak diren kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamendu eta zerbitzu osagarriak.

        104. artikulua. Kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamenduen arloko politika publikoak.

      1. Eusko Jaurlaritzari dagokio Autonomia Erkidegoaren intereseko kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamenduen arloko kirol-politikaren esparru orokorra zehaztea.

      2. Lurralde-plan partzialak edo lurralde-plan sektorialak izango dira kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamenduen lurralde-ezarpenaz arduratu beharko duten lurralde-antolamenduko tresnak.

      3. Administrazio publikoek kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamenduen jasangarritasuna eta iraunkortasuna sustatuko dute.

        105. artikulua. Kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamenduak eta desgaitasuna duten pertsonak.

        Kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamenduek, irisgarritasun-arloko araudia betetzeaz gain, desgaitasuna duten kirolariek behar bezala erabiltzeko diseinatuta eta hornituta egon beharko dute.

        106. artikulua. Kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamenduen lurralde-plan sektoriala.

      1. Lurralde historikoetako foru-organoek, lurralde historiko bakoitzaren premien eta berezitasunen arabera, eskumena izango dute lurralde antolamenduaren gidalerroak garatuz kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamenduen lurralde-plan sektorialak onartzeko, honako helburu hauekin:

        1. Dagokion lurralde historikoko udalerri eta eskualde guztiak banan-banan aztertu ondoren, oinarrizko kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamenduen mapa bat taxutzea.

        2. Oinarrizko kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamendua lortu ondoren, kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamenduen sare egoki bat edukitzeko prozesua osatzea.

        3. Eremu bakoitzeko ekipamenduen eraikuntza sustatzea eta jarduera fisikoko eta kiroleko zerbitzuen kudeaketa mankomunatua bultzatzea.

        4. Euskal Autonomia Erkidegoko bizikleta-bideen sarea eraiki eta artikulatzea.

      2. Halaber, foru-organo horiek eskumena izango dute plan horiek burutzeko beharrezkoak diren finantzaketa-planak onartzeko.

        107. artikulua. Kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamenduen udal-planak.

        Udalerriek kirolerako eta jarduera fisikorako instalazioen arloko plangintza-tresnak egokitu beharko dituzte bat etor daitezen kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamenduen lurralde-plan sektorialetan jasotako gidalerroekin.

        108. artikulua. Ingurune naturaleko kirol-jarduera arriskutsuak.

        Eusko Jaurlaritzak betekizunak eta baldintzak ezarriko ditu, erregelamendu bidez, ingurune naturalean abenturazko kirol-jarduerak edo kirol-jarduera arriskutsuak antolatzeko.

        109. artikulua. Kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamenduen erroldak.

      1. Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak, lurralde historikoetako foru-organoek eta udalerriek beren lurralde-eremuetako kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamendu publiko eta pribatuen errolda bat egin beharko dute, eta gutxienez bost urtean behin eguneratu, Eusko Jaurlaritzak erregelamendu bidez onartuko dituen irizpide komun batzuei jarraikiz.

      2. Lurralde historikoetako foru-organoek lurralde historiko bakoitzeko datuen eguneratzea koordinatuko dute udalerriekin, Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak horretarako onartzen duen plataforma elektronikoaren bidez.

      3. Kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamendu horien titularrak diren erakunde publiko eta pribatuek dagokion errolda egiteko eta eguneratzeko eskatzen dizkieten datu guztiak eman beharko dituzte horretarako antolatutako plataforma elektronikoen bitartez.

        110. artikulua. Segurtasun-neurriak eta osasuna babesteko neurriak.

      1. Kirol-ekitaldien antolatzaileek eta kirolerako eta jarduera fisikorako instalazioen jabeek beharrezkoak diren segurtasun-neurriak bermatu beharko dituzte kirol-eremuetan, ikuskizun publikoen eta aisialdiko jardueren arloan arauz ezarritakoari jarraikiz. Aurrekoa gorabehera, kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamendu eta kirol-ekitaldi bereziak erregelamendu bidez tratatu ahal izango dira, euren berezitasunetara egokituta.

      2. Kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamenduen titularrak diren administrazio publikoek eta kirol-ekitaldien antolatzaileek kirolarien eta kirol-ikuskizunetan parte hartzen duen edo ikuskizun horietara joaten den edonoren osasunerako kaltegarriak diren zarata-mailak eragiten dituzten objektuak mugatzeko beharrezkoak diren xedapenak hartuko dituzte.

111. artikulua. Jarduera fisikoan eta kirolean edozein arrazoirengatik agertutako indarkeria, intolerantzia eta diskriminazioaren debekua.

Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek, beren eskumenen esparruan, bermatuko dute debekatuko direla edozein arrazoirengatik agertutako indarkeria, intolerantzia edo diskriminazioa eragiten duten ekintzak, zuzenekoak edo zeharkakoak, eta/edo gorrotora bultzatzen dutenak lege honen esparru eta eremuan, hots, jarduera fisiko eta kirolarenean. Gainera, arreta berezia jarriko diete prebentzioari eta haurrak zein zaurgarri gisa identifikatutako kolektiboak eta taldeak indarkeriatik babesteari. Hala, berariaz debekatuta egongo dira Kirol ikuskizunetan egon daitekeen indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta intolerantziaren aurkako uztailaren 11ko 19/2007 Legearen 1 eta 2. artikuluen arabera kiroleko indarkeria gisa definitutako ekintzak.

112. artikulua. Jarduera fisikoan eta kirolean edozein arrazoirengatik agertutako indarkeria, intolerantzia eta diskriminazioaren kontrako azpibatzordea.

  1. Azpibatzorde bat egongo da jarduera fisikoan eta kirolean edozein arrazoirengatik ager daitekeen indarkeria, intolerantzia eta diskriminazioaren kontra jarduteko, eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Kontseiluaren mende egongo da organikoki.

  2. Azpibatzordearen funtzioak honako hauek izango dira:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoan egindako jarduera fisikoan eta kirol-lehiaketetan edozein arrazoirengatik agertutako indarkeria, intolerantzia eta diskriminazioari buruzko datuak bildu eta argitaratzea.

    2. Jarduera fisikoan eta kirolean edozein arrazoirengatik agertutako indarkeria, intolerantzia eta diskriminazioaren zergatiei eta ondorioei buruzko txostenak eta azterlanak egitea.

    3. Prebentzio-ekintzak sustatzea, emakumeen aurkako indarkeriaren esparruan eta sexu-jazarpenaren edo sexuan oinarritutako jazarpenaren esparruan bereziki.

    4. Gomendioak prestatzea kirol-arloko klub, elkarte eta federazioetarako, kirol-lehiaketak antolatzen dituzten gainerako erakundeetarako edo pertsonentzako eta kirolerako eta jarduera fisikorako instalazioen titularrentzako.

    5. Informazioa ematea kirol-lehiaketen, kirol-diziplinaren eta kirolerako eta jarduera fisikorako instalazioen arloko xedapen-proiektuei buruz.

    6. Jardunbide egokien kode bat prestatzea, kirol-erakundeetarako eta kirol-arloan esku hartzen duten gainerako eragileentzako oinarri izan dadin.

    7. Jarduera fisikoan eta kirolean edozein arrazoirengatik agertutako indarkeria, intolerantzia eta diskriminazioa desagerrarazten lagunduko duten beste edozein funtzio.

  3. Azpibatzordea osatuko dute arlo horretan eskumenak dituzten administrazio publikoak eta kirol-erakundeak ordezkatzen dituzten pertsonek, eta jarduera fisikoan eta kirolean edozein arrazoirengatik agertutako indarkeria, intolerantzia eta diskriminazioaren prebentzioan ospe handia duten pertsonek.

    113. artikulua. Helburuak eta neurriak jarduera fisikoan eta kirolean edozein arrazoirengatik agertutako indarkeria, intolerantzia eta diskriminazioa prebenitzeko.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoaren eta kirolaren esparruan esku hartzen duten pertsona eta erakunde guztiek errespetuaren, tolerantziaren eta joko garbiaren balioak eta jarduera fisikoari lotutako gainerako balio positibo guztiak sustatu beharko dituzte, eta aktiboki inplikatuko dira edozein arrazoirengatik agertutako indarkeria, intolerantzia eta diskriminazioa desagerrarazteko eta aurreko artikuluan aurreikusitako kodea betetzeko lanean.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, bereziki kirolaren, segurtasunaren eta berdintasunaren arloan eskumena duten sailen bitartez, jarduera fisikoan eta kirolean edozein arrazoirengatik ager daitekeen indarkeria, intolerantzia eta diskriminazioa mota oro prebenitzeko eta hari aurre egiteko politika aktiboa garatuko du.

  3. Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak honako neurri hauek har ditzake prebentzioaren esparruan:

    1. Kirol-legea, joko garbia, errespetua, genero-berdintasuna eta gizarte-integrazioa sustatuko dituzten publizitate-kanpainak egitea, gazteentzat bereziki.

    2. Joko garbia eta kirolarekin lotutako eta legearen titulu honetan bildutako gainerako balio positiboak bultzatuko dituzten sarietarako deialdiak egitea.

    3. Aurkariak diren kirolarien edo zaleen arteko bizikidetza- eta senidetze-ekintzak bultzatzea, proben edo partiden aurretik giro positiboa sortzeko elkarrekin egindako jardueren edota keinu sinbolikoen bidez.

    4. Teknikariak prestatzeko programetan, balioetan oinarritutako prestakuntzarekin eta edozein arrazoirengatik ager daitekeen indarkeria, intolerantzia eta diskriminazio mota ororen aurkako borrokarekin zuzenean lotuta dauden edukiak txertatzea.

    5. Kirol-erakundeei laguntza ekonomikoak emateko irizpide gisa kontuan hartzea indarkeriari, xenofobiari eta ezaugarri edo inguruabar pertsonalak, sozialak eta generoari edo sexu-identitateari lotutakoak direla-eta sortutako beste edozein diskriminazio motari aurre egiteko kanpaina eta neurrien ezarpena eta garapena.

    6. Prebentziozko neurriak hartzea jarduera fisikoan eta kirolean LGTBIfobia eta kolektibo hori osatzen duten pertsonenganako arbuiatze-, estigmatizatze- edo baztertze-jarrera oro desagerrarazteko.

      114. artikulua. Haurren eta nerabeen babes integrala jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko indarkeria mota guztien aurka.

      1. Euskal administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, jarduteko protokoloak arautuko dituzte. Protokolo horietan jasoko dira kirolaren eta jarduera fisikoaren eremuan ingurune segurua eraikitzeko jarduketak, eta protokolo horiek jarraitu beharko dira kirolaren, jarduera fisikoaren eta aisialdiaren esparruan haurren eta nerabeen aurka gerta daitezkeen indarkeria-egoerak prebenitzeko, garaiz detektatzeko eta horietan esku hartzeko.

        Protokolo horiek kirola, jarduera fisikoa eta aisialdi-jarduerak egiten dituzten zentro guztietan aplikatu beharko dira, horien titulartasuna edozein dela ere, eta, betiere, errendimendu handiko eta kirol-teknifikazioko zentroen sarean, kirol-federazioetan eta udal-eskoletan.

      2. Adingabeekin kirola eta jarduera fisikoa egin ohi dituzten erakundeek betebehar hauek izango dituzte:

        1. Artikulu honetan aipatzen diren jarduketa-protokoloak aplikatzea.

        2. Babes-ordezkariaren figura izendatzea, zeinarengana adingabeek jo ahal izango baitute beren kezkak adierazteko. Ordezkari hori arduratuko da ezarritako protokoloak zabaltzeaz eta betetzeaz, bai eta dagozkion komunikazioak abiarazteaz ere, haurren edo nerabeen aurkako indarkeria-egoera bat detektatzen den kasuetan.

      3. Beren kargua, lanbidea, ogibidea edo jarduera dela-eta, haurrei edo nerabeei laguntza, zaintza, irakaskuntza edo babesa eman behar dieten pertsonek, eginkizun horiek betetzean, haur edo nerabe horien aurkako indarkeria-egoeraren baten berri izan badute edo egoera horren zantzuak hauteman badituzte, berehala eman beharko diete horren berri gizarte-zerbitzu eskudunei. Gainera, indarkeria horren ondorioz haurraren edo nerabearen osasuna edo segurtasuna mehatxatuta egon badaiteke, berehala jakinarazi beharko diete Segurtasun Indar eta Kidegoei eta/edo Fiskaltzari.

        Edonola ere, aurreko paragrafoan aipatzen diren pertsonek biktimari behar duen berehalako arreta eman beharko diote, eta agintari eskudunei eskura duten informazio guztia eman eta lankidetza handiena eskaini beharko diete.

        Horretarako, administrazio publiko eskudunek mekanismo egokiak ezarriko dituzte indarkeriaren biktima diren adingabeen kasuen susmoak jakinarazteko. Mekanismo horiek bermatuko dute komunikazioa egin duten pertsonen konfidentzialtasuna, babesa eta segurtasuna, bai eta indarkeria-egoera baten berri ematen duten haur eta nerabeen babes eta segurtasun berezia ere.

      4. Artikulu honetan arautzen ez diren gai guztietarako, haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurka erabat babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren eta Haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legearen xedapenak aplikatuko dira, edo horiek garatzen dituzten arauak.

115. artikulua. Aplikazio-eremua.

  1. Kirol-arloko diziplina-araubideak barne hartzen ditu joko-, lehiaketa- eta kirol-arauen hausteak.

  2. Jokoa edo lehiaketa egiten den bitartean haren garapen normala kaltetzen, eragozten edo nahasten duten ekintzak edo ez-egiteak izango dira joko- edo lehiaketa-arauen hausteak.

  3. Arau horietan xedatutakoaren aurkako gainerako ekintzak edo ez-egiteak izango dira kirol-arau orokorren arau-hausteak.

  4. Kirol-klubek beren kideen gainean duten diziplina-ahalak bere arau propioei jarraituko die, izaera pribatua du eta ezin izango da haren aurkako errekurtsorik jarri kirol-federazioetan eta Kirol Justiziako Euskal Batzordean.

  5. Estatuko eta nazioarteko kirol-lehiaketetan egindako arau-hausteen kasuan, Estatuko eta nazioarteko diziplina-arauei jarraituko zaie, hurrenez hurren.

  6. Kirol-arloko diziplina-araubidea gorabehera, erantzukizun zibilak, penalak edo beste mota batekoak bere arau propioei jarraituko diete.

    116. artikulua. Diziplina-ahala.

  1. Kirol-arloko diziplina-ahala organo jakin batzuei esleitzen zaien ahalmena da, beren kirol-diziplinaren menpe dauden pertsonak ikertzeko eta, hala badagokio, zehatzeko.

  2. Honako hauei dagokie kirol-arloko diziplina-ahala baliatzea:

    1. Kirol-federazioei, federatutako pertsona fisiko edo juridikoen, federazioetako zuzendarien eta lotura bereziko harreman bat duten gainerako pertsona guztien gainean.

    2. Eskola-kirolaren eta unibertsitate-kirolaren esparruan eskumena duten organoei, haietan parte hartzen dutenen gainean.

    3. Kirol Justiziako Euskal Batzordeari, aurreko pertsona eta erakunde horien gainean.

  3. Probak edo partidak zuzentzeko ahalmena baliatzea, arbitroei edo epaileei esleitzen zaiena eta kirol-modalitate bakoitzeko arau teknikoak aplikatzearen bidez burutzen dena, ez da kirol-arloko diziplina-ahalaren baliatzetzat hartuko.

    117. artikulua. Diziplina-prozedura motak. Ordezko araubidea.

  1. Diziplina-erantzukizunak prozedura arruntaren eta prozedura bereziaren bidez argituko dira.

  2. Diziplina-ahala baliatzean, lege honetan jasotako bermeez gain, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren III. kapituluan jasotako printzipioak errespetatuko dira.

    118. artikulua. Prozedura arrunta.

  1. Prozedura arrunta lehentasunaren eta sumariotasunaren printzipioetan oinarrituta dago, eta lehiaketen garapen normala bermatzeko diziplina-organoen berehalako esku-hartzea beharrezkoa denean aplikatuko da. Prozedura hori, zehazki, jokatzean edo jokoaren ondorioz egin diren eta arbitroaren aktan, haren eranskinetan edo federazio-txosten ofizialetan agertzen diren arau-hauste guztiak epaitzeko eta, hala badagokio, zehatzeko aplikatuko da, betiere, partidak edo probak amaitu ondoren, epe laburrean, parte-hartzaileei haien beri ematen bazaie edo haien eskura jartzen badira.

  2. Prozedura arruntak ez du behar hasteko erabaki formalik, eta interesdunei entzuteko betebeharra betetzeko izapide laburtu bat jasoko du. Entzunaldi-izapide hori automatikoa da, eta ez da beharrezkoa diziplina-organoak aurrez errekerimendua egitea.

    119. artikulua. Prozedura berezia.

  1. Prozedura berezia aurreko artikuluaren barnean hartu gabeko kasu guztietan aplikatuko da.

  2. Espediente berezia ebazteko, sei hilabeteko epea egongo da, eta hori igaro ondoren iraungi egingo da.

  3. Kirol-arloko diziplina-ahala administrazio-prozedura bereziaren bidez baliatzean, instrukzio-fasea eta zehapen-fasea bereizi beharko dira betiere, eta organo desberdinak arduratuko dira fase horietaz.

    120. artikulua. Prozedura berezian espedienteari hasiera ematea. Kautelazko neurriak.

  1. Prozedura berezian, espedientea, betiere, ofizioz hasiko da organo eskudunak erabakita.

  2. Espedientea hastea norberaren ekimenez, Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailaren komunikazioaren ondorioz, beste administrazio-organo batzuen eskaera arrazoitu bidez edota salaketa bidez erabaki ahal izango da.

  3. Espedientea norberaren ekimenez hasi dela ulertuko da espedientea hasteko eskumena esleituta duen organoak prozeduraren xede diren inguruabarrak, jokabideak edo egitateak zuzenean edo zeharka ezagutzearen ondorioz jarduten duenean.

  4. Espedientea eskaera arrazoituaren bidez hasi dela ulertuko da prozedura hasteko eskumenik ez duen eta ustekabean edota ikuskapen-, miaketa- edo ikerketako-funtzioak esleituta izateagatik prozeduraren xede diren zirkunstantzien, jokabideen edo egitateen berri izan duen edozein organok prozedura hasteko proposamena egiten duenean.

  5. Espedientea salaketa bidez hasi dela ulertuko da edozein pertsonak, betebehar bat betetzean edo ez, diziplina-organo bati administrazio-prozedura bat ofizioz hastea justifika lezakeen egitate jakin baten berri ematen dionean.

  6. Salaketetan adierazi beharko dira haiek aurkezten dituen pertsonaren edo pertsonen identitatea eta diziplina-organoari jakinarazten zaizkion egitateen azalpena. Egitate horiek diziplinazko arau-haustea izan daitezkeenean, haiek gertatu ziren data jaso beharko da eta, ahal denean, ustez erantzukizuna duen pertsonaren edo pertsonen identifikazioa ere.

  7. Salaketa bat aurkezteak ez dio, berez, interesdunaren izaera ematen pertsona edo erakunde salatzaileari kirol-arloko diziplina-prozeduran.

  8. Diziplina-espedientea hasteko eskumena duten organoek emango den ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko eta ondasunen eta pertsonen segurtasuna bermatzeko dagozkion kautelazko neurriak erabaki ahal izango dituzte behar bezala arrazoituta. Neurri horiek ez dute zehapen-izaerarik izango eta honako hauek izan daitezke:

    1. Lizentziak etetea.

    2. Fidantzak jartzea.

    3. Zerbitzuak, jarduerak edo baimenak aldi baterako etetea.

    4. Kirolerako eta jarduera fisikorako instalazioak aldi baterako ixtea.

    5. Kirol-erakundeetako karguak etetea.

      121. artikulua. Eskola-kirolaren eta unibertsitate-kirolaren eremuko diziplina-xedapenak.

      Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-federazioek diziplina-erregelamenduak onartuko dituzte, eskola-kirolaren eta unibertsitate-kirolaren esparruan. Erregelamendu horietan honako alderdi hauen erregulazioa jaso beharko da:

    1. Arau-hausteen tipifikazioa, haien larritasunaren arabera mailakatuta.

    2. Zehapen-sistema, arau-hauslearen erantzukizuna arindu edo larriagotuko duten inguruabarrak eta diziplina-erantzukizuna azkentzeko baldintzak.

    3. Honako hauek bermatuko dituzten zenbait arau: egitate berengatik zehapen bikoitzik ez ezartzea, zehapenen proportzionaltasuna, arauen atzeraeragina erruztatuaren aldekoak direnean, eta egin aurretik tipifikatu gabe zeuden arau-hausteengatik zehatzeko debekua.

    4. Zehapenak ezartzeko diziplina-prozedurak.

    5. Emandako ebazpenen aurkako errekurtso-sistema.

      122. artikulua. Arau-hausteen motak eta tipifikazioa.

      1. Kirol-arloko diziplinazko arau-hausteak oso astunak, astunak eta arinak izan daitezke.

      2. Titulu honetan deskribatutako arau-hausteez gain, erakundeen erregelamenduek, lege honetan ezarritako printzipio eta irizpide orokorrei jarraikiz, arau-hauste oso astunak, astunak eta arinak izango diren jokabideak tipifikatu ahal izango dituzte, kirol eta erakunde bakoitzaren berezitasunen arabera.

      3. Lege hau garatzen duten erregelamenduzko xedapenek, halaber, zehaztapenak edo mailakatzeak sartu ahal izango dituzte lege honetan ezarrita dauden arau-hausteen koadroan. Zehaztapen eta mailakatze horiek ez dute arau-hauste berririk sortuko, ez dituzte aldatuko legean jasotzen diren arau-hausteen izaera edo mugak, eta jokabideak hobeto identifikatzen lagunduko dute.

        123. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

        Betiere arau-hauste oso astuntzat hartuko dira honako hauek:

        1. Edozein arrazoirengatik jazarpena edo diskriminazioa dakarten portaerak, edo jarduera fisikoetan eta kirol-jardueretan aritzeko eta parte hartzeko aukera eragozten edo larriki zailtzen dutenak, edota kirolerako eta jarduera fisikorako instalazioak erabiltzeko aukera eragozten edo larriki zailtzen dutenak.

        2. Kirolerako eta jarduera fisikorako instalazioetan edo haietarako sarbideetan desordena publikoetan indarkeriaz parte hartzea, pertsonei edo ondasunei arrisku larriak eragin diezazkiekeenean.

        3. Jarduera fisikoaren eta kirolaren esparruan indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta intolerantziazko ekintzak eta emakumeen duintasunaren aurkako ekintzak antolatu, bultzatu, ahalbidetu, estali, defendatu edo sustatzea eta haietan parte hartzea.

        4. Aurreko letran deskribatutako emaitza duten kantuak abestea.

        5. Kirolerako eta jarduera fisikorako instalazioetan ideologia totalitarioak, terrorismoa, indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta intolerantziazko portaerak bultzatzen, sustatzen edo goraipatzen dituzten pankartak, sinboloak, ikurrak edo hitzak erakustea edota emakumeen duintasunaren aurkako jokabideak.

        6. Aurreko letran adierazitako ekintzak saihesteko arauak, jarraibideak edo neurriak borondatez eta ezagueraz ez betetzea.

        7. Kirol-lehiaketak egiten diren instalazioetan parte-hartzaileei edo ikusleei arrisku larria eragin diezaiekeen edozein arma edo objektu mota, bengalak, petardoak edo adierazitako arriskua dakarren beste edozein elementu sartzea, eramatea edo erabiltzea.

        8. Jarduera fisikoan eta kirolean indarkeriara, arrazakeriara, xenofobiara edo intolerantziara larriki bultzatzen duten adierazpen eta ekintzak, bai eta emakumeen duintasunaren aurkakoak ere.

        9. Kirol-organoen eskudantziak edo eskumenak legez kontra usurpatzea.

        10. Kirol-erakundeetako gobernu-, administrazio-, hauteskunde- edo diziplina-organoetako kideen betebeharren ez-betetze oso larria.

        11. Kirolerako eta jarduera fisikorako instalazioen segurtasunari eta higieneari lotutako kirol-arauak ez betetzea, instalazio horietara joaten direnentzat oso arrisku larria dakarrenean.

        12. Kirol-erakundeen estatutuetako eta erregelamenduetako arauak eta erabakiak behin eta berriz eta nabarmenki ez betetzea.

        1. Kirol-kargu bat betetzeagatik ezagutzen diren datu eta informazioen konfidentzialtasuna gordetzeko betebeharra edo sekretuak urratzea.

        2. Segurtasunari eta arriskuen estaldurari buruzko arauak betetzen ez dituzten kirol-jarduerak edo jarduera fisikoenak antolatzea, jarduera egiteak hirugarrenentzat arrisku oso larriak dakartzanean.

        1. Kirol-jardueretan osasun-arloko profesionalak edo baliabideak egoteko betebeharra ez betetzea.

        2. Arbitroak eta epaileak, kirolariak, teknikariak, kirol-agintariak eta kirol-ekitaldietan esku hartzen duten beste pertsona batzuk erasotzea, larderiatzea edo derrigortzea.

        3. Aurreko letretan adierazi ez diren eta bereziki larriak diren kirol-esparruko indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta intolerantziako ekintzak, bai eta emakumeen duintasunaren aurkakoak ere.

        4. Autoritate-abusua eta arauek kirol-organoei esleitzen dizkieten eskumenak edo ahalmenak baliatzean agertutako edozein gehiegikeria.

        5. Partida, proba edo lehiaketa bat egitea eragozten duten edo hura aldi baterako edo behin betiko etetera behartzen duten protesta edo jarduketa kolektiboak edo kirol-legearen kontrako portaera oro.

        6. Kirol Justiziako Euskal Batzordearen eta beste kirol-organo batzuen ebazpenak ez betetzea.

        7. Justifikatutako arrazoirik gabe kirol-lizentziak ez ematea edo atzeratzea, betiere tartean fede txarra badago.

        8. Kirol-esparruko duintasunaren edo begirunearen aurkakoak diren ekintza nabariak eta publikoak egitea, bereziki larriak direnean.

        9. Jokoaren edo lehiaketaren emaitza aurrez ezartzera bideratutako ekintzak edo ez-egiteak.

        10. Proben edo lehiaketen emaitzaren iruzurrezko aldaketak, proba edo lehiaketa horiek egin aurretik akordio, larderia, prezio edo iruzurrezko beste edozein baliabideren bidez emaitzan eragitera bideratuta dauden edo helburu hori duten jokabideak barne hartuta.

        11. Kirol-ekipamenduko materiala arau teknikoen aurka manipulatzea edo aldatzea, proben emaitza alda daitekeenean edo pertsonen integritatea arriskuan jartzen denean.

        12. Kirol-lehiaketa batzuei lotuta egonik, lehiaketa horien inguruko apustuetan parte hartzea eta lehiaketa horietan iragarle-zerbitzuak edo antzekoak egitea.

          aa) Kirol-erakundeen organoek ondarea administratu eta kudeatzeko arauak ez betetzea, ondarean kalte larria eragiten denean.

          bb) Erregelamenduzko baldintzak ez betetzeagatik kirolarien bidegabeko zerrenda egitea, aurrez pentsatua egiten denean.

          cc) Kirolarien, teknikarien edota kirol-lehiaketetan parte hartzen duen beste edozein pertsonaren identitatea ordeztea.

          dd) Justifikaziorik gabe probetan, partidetan edo lehiaketetan ez agertzea eta lehiaketa, proba edo partida uztea, bereziki larria denean.

          ee) Arbitroaren ordainsariak behin eta berriz ez ordaintzea.

          ff) Arbitroaren aktak asmo gaiztoz idaztea, aldatzea edo manipulatzea.

          gg) Kirolariak, taldeak edo kirol-lehiaketetan parte hartzen duen beste edozein pertsona inskribatzeko datuak edo dokumentuak faltsutzea.

          hh) Diziplina-organoei laguntzeko betebeharraren ez-betetze larria.

          1. Arau-hauste astunengatik edo oso astunengatik ezarritako zehapenak urratzea.

            jj) Arau-hauste astunak behin eta berriz egitea.

            kk) Kautelazko neurriak ez-betetzea.

          1. Kirol-federazioen estatutuetan edo erregelamenduetan izaera horrekin ezartzen direnak.

            mm) Kirol-arbitroek edo epaileek kirol-lehiaketetan parte hartzen duten pertsona edo talde batzuen alde nahita agertutako alderdikeria.

            124. artikulua. Arau-hauste astunak.

            Betiere arau-hauste astuntzat hartuko dira honako hauek:

            1. 123. artikuluan tipifikatutako jokabideak burutzea, baldin eta ez badira betetzen artikulu horretan arau-hauste oso astuntzat hartzeko eskatzen diren baldintza eta inguruabarrak, hala nola, larritasun edo larritasun berezikoak, kalte larrikoak, arriskukoak, errepikapenekoak, aurrez pentsatutakoak edo fede txarrekoak.

            2. Arau-hauste arin batengatik ezarritako zehapenak urratzea.

            3. Gobernu-, administrazio-, diziplina- edo hauteskunde-organoetako kideek dagokien jardunean ez jardutea edo beren funtzioak alde batera uztea, betebeharren ez-betetze oso larria ez denean.

            4. Justifikaziorik gabe euskal kirol-federazioen selekzioen deialdietara ez joatea.

            5. Deitutako kirolariak aurreko letran adierazitako selekzioen esanetara ez jartzea.

            6. Justifikatutako arrazoirik gabe kirol-lizentziak ez izapidetzea, ez ematea edo atzeratzea.

            7. Jokoaren, probaren edo lehiaketaren garapen normala oztopatzen duen protesta, ekitaldia etetea eragiten ez duenean.

            8. Arbitroak edo epaileak, teknikariak, kirol-agintariak, kirolariak edo ikusleak iraintzea eta laidoztatzea, eta pertsona horiekiko indarkeria arinez jokatzea.

            9. Arbitroen edo epaileen eta teknikarien berezko jarduerak beharrezkoa den titulaziorik edo baimenik gabe egitea.

            10. Arau-hauste arinak behin baino gehiagotan egitea.

            11. Ofizial izendatutako kirol-arloko jarduera, proba edo lehiaketak antolatzea dagokion kirol-baimenik gabe.

            12. Betetzen den funtzioarekin edo egiten den kirol-jarduerarekin bateraezintzat jotzen diren jarduera publiko edo pribatuak egitea.

            1. Kirol-lehiaketa egiteko beharrezkoa den duintasunaren edo begirunearen aurkako jarduketa nabaria eta publikoa, arau-hauste oso astuna ez denean.

            2. Kirolerako eta jarduera fisikorako instalazioen segurtasunari eta higieneari lotutako kirol-arauak ez betetzea, instalazio horietara joaten direnentzat arrisku larririk ez dakarrenean.

            1. Kirol-lehiaketetako megafonia ofizialaren erabilerari buruzko arauak ez betetzea, helburua talde edo kirolari aurkariaren jarduketan eragin negatiboa izatea bada eta, betiere, arau-hauste oso astuna edo arina ez bada.

            2. Maskoten edo animazio-taldeen jarduketa, horren asmoa proben edo partiden garapena eragoztea edo ikusleak portaera desegokiak egitera bultzatzea denean.

            3. Probak edo partidak egitean ordena asalda daitekeela aurreikusten denean, segurtasuneko indar eta kidegoei joateko ez eskatzea.

            4. Zelaira, kantxara edo proba edo partida egiten den lekura objektuak jaurtitzea, arau-hauste oso astuna edo arina ez denean.

            5. Partidetako ofizialen mahaien eta talde aurkarien aulkien atzean musika-banda edo -taldeak, animazio-taldeak eta antzeko beste edozein talde kokatzea, helburu bakarra denean haien kirol-jardunean eragin negatiboa izatea.

            6. Kirol-erakundeen estatutuetako eta erregelamenduetako arauak eta erabakiak ez betetzea.

            7. Kirol-erakundeen organoek federazioaren ondarea administratu eta kudeatzeko arauak ez betetzea, ondarean kalte larria eragiten denean.

            8. Segurtasunari eta arriskuen estaldurari buruzko arauak betetzen ez dituzten kirol-jarduerak antolatzea, jarduera egiteak hirugarren pertsonentzat edo erakundeentzat arriskurik ez dakarrenean.

            9. Kirol-taldeak kirolariari eusteko eskubidearen arloko debekuak ez betetzea, edota nahitaezko luzapena ezartzeko edo prestakuntzagatik ordaina jasotzeko zein antzeko alderdiei lotutako debekuak ez betetzea.

            10. Kirol-kargu bat betetzean sekretuak gordetzeko betebeharra edo konfidentzialtasun-betebeharra urratzea.

            11. Erregelamenduzko baldintzak ez betetzeagatik kirolarien bidegabeko zerrenda egitea, zabarkeriaren ondorioz egiten denean.

            12. Justifikaziorik gabe probetan, partidetan edo lehiaketetan ez agertzea eta lehiaketa, proba edo partida uztea, bereziki larria ez denean.

              aa) Justifikaziorik gabe probetan, partidetan edo lehiaketetan berandu agertzea, haiek egitea eragozten ez denean.

              bb) Partiden antolaketaren berezko betebeharrak ez betetzea, eta orobat joko-eremuen baldintzei, baliabide teknikoei, aldagelei eta erregelamenduz ezarritako gainerako baldintzei buruzko xedapenak ez betetzea, arau-hauste arina edo oso astuna ez denean.

              cc) Hirugarren pertsona edo erakundeei kirol-emaitza positiboak lortzeko pizgarriak agintzea edo ematea.

              dd) Arbitroaren ordainsariak ez ordaintzea.

              ee) Arbitro-aktak zabarkeriaz idaztea, era osatugabean edo oker beteta.

              ff) Partidetako ordezkarien betebeharren ez-betetze larria.

              gg) Lizentzien bikoiztasuna, berariaz debekatuta dagoenean.

              hh) Kantxen, pisten edo jokalekuen baldintzak asmo gaiztoz aldatzea edota ezinbesteko arrazoiengatik edo ezusteko kasuetan leku horietan agertutako hutsuneak nahita edo zabarkeriaren ondorioz ez zuzentzea, horrek proba edo partida etetea dakarrenean.

          2. Kirol-jantzietan erregelamenduz debekatuta dauden mezuak txertatzea.

            jj) Ikusleak probokatzeko ekintzak egitea, oso larriak ez direnean.

            kk) Lege honek ezartzen dituen gobernantza onaren arloko betebeharrak ez betetzea.

          1. Kirol-federazioen estatutuetan edo erregelamenduetan izaera horrekin ezartzen direnak.

            mm) Arbitroek edo epaileek kirol-lehiaketak egitean emandako aginduak behin eta berriz ez betetzea.

            nn) Lege honetan federazio-, eskola- edo unibertsitate-lizentziak izapidetzearen eta ematearen arloan ezarritako betebeharrak edo baldintzak ez betetzea.

            125. artikulua. Arau-hauste arinak.

            Betiere arau-hauste arintzat hartuko dira honako hauek:

            1. Aurreko artikuluan deskribatutako jokabideak, betiere erabilitako baliabideak, emaitzak, asmoa eta antzeko beste inguruabar oro kontuan hartuta, larritasun txikiagoa badute.

            2. Arbitro edo epaileei, teknikariei, kirol-agintariei, kirolariei edo ikusleei gauzak esatea edo keinuak egitea, portaera txarra edo begirunerik eza adierazten dutenean.

            3. Jarrera pasiboa hartzea beren eginkizunak betetzen ari diren arbitro edo epaile eta gainerako kirol-agintariek emandako agindu edo jarraibideak betetzean.

            4. Hauteskunde- edo diziplina-organoetako kideek dagokien jardunean ez jardutea edo beren funtzioak alde batera uztea, ez-betetze arina denean.

            5. Joko-eremuen baldintzei, baliabide teknikoei, aldagelei eta erregelamenduz ezarritako gainerako baldintzei buruzko xedapenak ez betetzea, arau-hauste astuna ez denean.

            6. Probak edo partidak egitean kirol-jantziak arautzen dituzten xedapenak ez betetzea.

            7. Probak edo partidak egiteko ordutegi eta egun ofizialak eta lekuak aldatzea kirol-erakunde eskudunaren baimenik gabe.

            8. Kirol-federazioen estatutuetan edo erregelamenduetan izaera horrekin ezartzen direnak.

              126. artikulua. Zehapenak.

              1. Arau-hauste oso astunak egiteagatik, honako zehapen hauek aplikatu ahal izango dira:

                1. Lizentzia etetea urtebetetik bost urtera bitartean, gehienez ere.

                2. Lizentzia behin betiko kentzea.

                  6.001 eurotik 60.000 eurora bitarteko isuna.

                1. Kirolerako eta jarduera fisikorako instalazioa, gutxienez, hiru partidarako eta, gehienez ere, bi denboraldirako ixtea.

                2. Karguak eta funtzioak betetzeko desgaitzea urtebetetik bost urtera bitartean, gehienez ere.

                3. Kategoria bat edo gehiago jaistea.

                4. Jokotik, probatik edo lehiaketatik behin betiko kanporatzea.

                5. Jokotik, probatik edo lehiaketatik aldi baterako kanporatzea.

                6. Probak edo lehiaketak egiten direnean kirolerako eta jarduera fisikorako instalazioetarako sarrera debekatzea urtebetetik bost urtera bitartean, gehienez ere.

                7. Jokoak, probak edo lehiaketak ateak itxita egitea.

                8. Jardunaldi edo proba baten baino gehiagoren baliokide diren puntuak, partidak edo postuak galtzea.

              2. Arau-hauste astunak egiteagatik, honako zehapen hauek aplikatu ahal izango dira:

                1. Lizentzia etetea hilabetetik urtebetera bitartean, gehienez ere.

                2. 601 eurotik 6.000 eurora bitarteko isuna.

                3. Kirolerako eta jarduera fisikorako instalazioa bi partidarako ixtea, gehienez ere.

                4. Karguak eta funtzioak betetzeko desgaitzea urtebetez, gehienez ere.

                5. Jokotik, probatik edo lehiaketatik behin betiko kanporatzea.

                6. Jokotik, probatik edo lehiaketatik aldi baterako kanporatzea.

                7. Probak edo lehiaketak egiten direnean kirolerako eta jarduera fisikorako instalazioetarako sarrera debekatzea urtebetez, gehienez ere.

                8. Jokoak, probak edo lehiaketak ateak itxita egitea.

                9. Jardunaldi edo proba baten baliokide diren puntuak, partidak edo postuak galtzea.

                10. Kargu-hartze pribatua.

                11. Kargu-hartze publikoa.

              3. Arau-hauste arinak egiteagatik, honako zehapen hauek aplikatu ahal izango dira:

                1. Lizentzia etetea hilabetez, gehienez ere.

                2. 600 eurora bitarteko isuna.

                3. Jokotik, probatik edo lehiaketatik aldi baterako kanporatzea.

                4. Kargu-hartze pribatua.

                5. Kargu-hartze publikoa.

              4. Beren jardueragatik ordainsariak jasotzen dituzten pertsona fisikoei baino ezin izango zaie isun ekonomikoko zehapena jarri.

              5. Dagokion diziplina-espedientearen bitartez ezarritako zehapenak berehala bete beharrekoak izango dira, kalterik egin gabe dagozkion errekurtsoak ebatzi behar dituzten federazio-organoek, administrazio-organoek edo jurisdikzio-organoek zehapena kautelaz eteteko dituzten ahalmenei.

              6. Lege hau garatzen duten erregelamenduzko xedapenek mailakatzeak sartu ahal izango dituzte lege honetan ezarrita dauden zehapenen koadroan. Mailakatze horiek ez dute zehapen berririk sortuko, eta dagozkion zehapenak era zehatzagoan finkatzen lagunduko dute.

              7. Adingabeen kasuan eta zehapenaren hezkuntza-helburua kontuan hartuta, zehapenen ordezko neurriak ezarri ahal izango dira, adina eta inguruabar pertsonalak kontuan hartuta.

                127. artikulua. Erantzuleak.

              1. Pertsona fisikoek edo juridikoek lege honetan aurreikusitako arau-hausteak egiteagatik duten erantzukizuna subjektiboa izango da eta doloz edo erruz ezarri ahal izango da.

              2. Arau-hausteen erantzule izango dira, soilik, arau-haustea burutu duten pertsonak.

                Egileak dira legean tipifikatutako gertakaria beren kasa, beste norbaitekin batera edo beste norbaitez baliatuz burutzen duten pertsona fisiko edo juridikoak.

                Halaber, egiletzat hartuko dira egintzen bidez jokaera arau-hauslea gauzatzen laguntzen duten pertsonak, baldin egintza horiek ezinbestekoak badira jokaera gauzatzeko.

              3. 14 urtetik beherakoak ez dira erantzule izango, kirol-diziplinaren arloko xedapen espezifikorik ezean.

                128. artikulua. Erantzukizuna aldatzen duten inguruabarrak.

              1. Diziplina-erantzukizuna aldatzen duten inguruabarrak aringarriak eta astungarriak izan daitezke.

              2. Inguruabar aringarriak dira:

                1. Arau-haustea egin aurretik probokazio nahikoa gertatu izana.

                2. Berez damutu izana.

                3. Errudunak arau-haustearen ondorioak onbideratu edo arindu, biktima asebetetzea edo egitateak borondatez aitortu izana.

              3. Inguruabar astungarriak dira:

                1. Arau-haustea behin eta berriz egitea, berrerortzea izan gabe.

                2. Berrerortzea, arau-hausleari azken urtean izaera bereko arau-hauste batengatik zehapen bat ezarri zaionean.

                3. Legez kontra lortutako prezio edo onura.

                4. Aldez aurretik ohartarazi izana.

                5. Arau-haustea egitea edozein diskriminazio motarengatik.

              4. Kirol-arloko diziplina-ahala baliatzean, diziplina-organoek bidezkotzat hartzen duten mailan ezarri ahal izango dute zehapena, honako irizpide hauek kontuan hartuta:

                1. Egitateen izaera.

                2. Erantzulearen nortasuna.

                3. Arau-haustearen ondorioak edo eragindako kalteen izaera.

                4. Erruduntasun-maila edo intentzionalitatea egotea.

                5. Zehatutako pertsona fisiko edo juridikoaren jardueraren bolumen ekonomikoa.

                6. Arau-haustean esku hartu duten pertsonen kopuru handiago edo txikiagoa.

                7. Ekintzak edo ez-egiteak berriz egitea edo egiten jarraitzea.

                8. Arau-hausleak diziplina-organoekin agertutako lankidetza-maila.

                9. Inguruabar astungarriak edo aringarriak agertzea.

                  129. artikulua. Erantzukizuna azkentzeko arrazoiak.

                  1. Kirol-arloko diziplina-erantzukizuna honako kasu hauetan azkenduko da:

                    1. Zehapena betetzean.

                    2. Arau-haustea preskribatzean.

                    3. Zehapena preskribatzean.

                    4. Erruztatutako edo zehatutako pertsona hiltzean.

                    5. Erruztatutako edo zehatutako kirol-erakundea azkentzean.

                    6. Zehapena barkatzean.

                  2. Pertsona federatuaren izaera galtzea ez da izango diziplina-erantzukizuna azkentzeko arrazoia, horrek, zenbait kasutan, ezarritako zehapenen eraginkortasunean eragina izan badezake ere.

                    130. artikulua. Arau-hausteen eta zehapenen preskripzioa.

                  1. Arau-hausteak hiru urteko, urtebeteko edo hilabeteko epean preskribatuko dira, arau-hauste oso astunak, astunak edo arinak diren kontuan hartuta, eta preskripzio-epea arau-haustea egiten den egunetik aurrera hasiko da zenbatzen. Jarduera jarraitu baten ondoriozko arau-hausteetan, zenbatzen hasteko eguna jarduera amaitzen den eguna edo arau-haustea burutzen duen azken ekintzaren eguna izango da.

                  2. Preskripzio-epea etengo da diziplina-prozedura hasiko dela jakinarazten denean. Prozedura hori hilabetetik gorako epe batean geldi badago eta arrazoia prozedura horri lotutako pertsona edo erakunde erantzuleari egotzi ezin bazaio, epeak aurrera egingo du berriz.

                  3. Zehapenak hiru urteko, urtebeteko edo hilabeteko epean preskribatuko dira, zehapena eragin duten arau-hausteak oso astunak, astunak edo arinak diren kontuan hartuta, eta preskripzio-epea zehapena ezarri zuen ebazpena irmo bilakatu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da zenbatzen, edota betetze hori hasi bada, hura urratzen denetik aurrera.

                    131. artikulua. Zehapenen publizitatea.

                  1. Kirol-erakundeek diziplina-zehapenak ezartzen dituzten ebazpenak argitaratu ahal izango dituzte dagokion web-orrian.

                  2. Argitalpenak honako muga hauek errespetatu beharko ditu:

                    1. Publizitatea zehapenetara mugatuko da zehapen exekutiboak direnean.

                    2. Argitalpenak soilik jasoko ditu arau-hauslearen identifikazioa, kirol-taldea, urratutako agindua eta ezarritako zehapena.

                    3. Argitalpena ezin izango da mantendu zehapenaren iraupen-epea amaitu ondoren.

                    4. Argitalpenak ez du barne hartuko hamalau urtetik beherakoei eragiten dieten zehapenik, lehiaketaren izaera kontuan hartuta argitaratzea bidezkoa dela baloratzen denean izan ezik.

                    5. Informazio hori lehiaketan parte hartzen duten pertsonek baino ez dute izango eskuragarri.

                    6. Argitaratutako informazioa bilaketa-motorren bidez atzeman edo indexatu ezin izateko neurri teknikoak hartu beharko dira.

                    7. Betiere ohartarazi beharko da dagokion web-orrian argitaratutako informazioa ezin izango dela geroago tratatu kirol-arloko diziplina-helburuez bestelako helburuekin.

                      132. artikulua. Diziplina-erantzukizunak eta erantzukizun penalak aldi berean agertzea.

                      1. Kirol-arloko diziplina-organoek, ofizioz edo interesdunak eskatuta, delitu izan daitezkeen egitateen berri eman beharko diote Fiskaltzari. Kasu horretan, kirol-arloko diziplina-organoek erabakiko dute, inguruabarrak kontuan hartuta, prozedura etetea dagokion ebazpen judiziala eman arte.

                      2. Halaber, diziplina-organoak diziplina-prozeduraren izapidetzea etengo du, inguruabarrak kontuan hartuta, egitate berberak auzibidean daudela jakiten duenean, hargatik eragotzi gabe geroago, hala badagokio, izapidetzeari berriz ekiteko aukera.

                      3. Bi kasu horietan, kirol-arloko diziplina-prozedura etetea erabakitzen denean, kirol-arloko diziplina-organoek ere beharrezkoak diren kautelazko neurriak hartu ahal izango dituzte.

                        133. artikulua. Diziplina-erantzukizunak eta administrazio-erantzukizunak aldi berean agertzea.

                      1. Egitate berberak lege honen XIV. tituluan araututako administrazio-erantzukizunez gain diziplina-erantzukizunak sortzen baditu, kirol-arloko diziplina-organoek, ofizioz edo alde batek eskatuta, administrazio-organo eskudunari jakinarazi beharko diote, hargatik eragotzi gabe diziplina-prozedura izapidetzea.

                      2. Kirol-arloko diziplina-organoek administrazio-erantzukizuna baino sortzen ez duten egitateen berri dutenean, administrazio-organo eskudunei helaraziko dizkiete aurrekariak.

134. artikulua. Funtzioak.

Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak jarduera fisikoaren eta kirolaren ikuskapeneko funtzioak beteko ditu eta legezko eta erregelamenduzko xedapenak betetzen direla kontrolatuko du. Eskumen hori gorabehera, lurralde historikoetako foru-organoek eta udalerriek kirol-ikuskapenaren arloko eskumena dute, zeinek bere esparruan.

135. artikulua. Ikuskatzeko eskumena.

Kirolerako eta jarduera fisikorako instalazioen ikuskapena, printzipioz, lizentziak edo baimenak emateko eskumena duen administrazioak egingo du.

136. artikulua. Gaitutako pertsonak.

Funtzio horiek beteko dituzte bakoitzean beharrezkoa den espezializazio teknikoa duten eta, aldi berean, Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak, lurralde historikoetako foru-organoek edo udalerriek ikuskatzeko gaitzen dituzten pertsonek. Une oro bermatuko da ikuskatua izaten ari den pertsonak berak hautatutako hizkuntzan arreta jasotzeko duen eskubidea.

137. artikulua. Ahalmenak.

  1. Beren funtzioak betetzean, ikuskatzaileak, behar bezala akreditatuta, agintaritzako agenteak izango dira, eta indarrean dagoen araudiak agintaritzako agenteei ematen dizkien babesa eta ahalmenak izango dituzte.

  2. Beren funtzioak hobeto betetzeko beharrezkotzat jotzen dutenean, ikuskatzaileek beste erakunde batzuen mendeko pertsonen eta zerbitzuen esku-hartzea eskatu ahal izango dute.

  3. Lege honek aipatzen dituen helburuetako bat lortzeko kautelazko neurriak berehala hartu behar direnean, balizko egintza ez-zilegiak egiaztatzen dituzten funtzionarioek neurri horiek ezarri ahal izango dituzte, interesdunei entzunaldirik eman gabe, euren berariazko ikuskapen-eginkizuna betez. Funtzionario horiek ikuskatze-lanaren ondoren bete beharreko aktan adierazi beharko dute zein kautelazko neurri hartu dituzten, bai eta neurriok hartzeko arrazoi eta helburu zehatzak zein izan diren ere.

    Apartatu honek arautzen dituen kautelazko neurriak ezartzen direnean, berehala abiarazi beharko da dagokion zehapen-prozedura; hala, abiarazteko egintza horretan bertan, zehatzeko eskumena daukan organo titularrak neurri horiek errebokatu, mantendu edo aldatuko dituen adieraziko du, arrazoituta.

    138. artikulua. Jarduera fisikoaren eta kirolaren ikuskaritzarekiko betebeharrak.

    Jarduera fisiko eta kiroleko zentroetako langile edo erakunde titularrek eta esparru honetan zerbitzuak ematen dituen edozein pertsonak eta erakundek baimena eman beharko diete ikuskatzaileei beren lokaletan sartzeko eta dokumentuak eta ondasunak kontrolatu eta aztertzeko, eta ikuskapenean beharrezkoa den laguntza eskaini beharko dute.

    139. artikulua. Aholkularitza eta laguntza teknikoa.

    Jarduera fisikoaren eta kirolaren ikuskaritzak, halaber, kirolerako eta jarduera fisikorako zentroak irekitzeko edo funtzionatzeko baldintzei eta lege honetan araututako arlo guztiei buruzko aholkularitza hartuko du bere gain, legea behar bezala betetzen dela bermatzeko.

140. artikulua. Aplikazio-eremua.

Kapitulu honetako xedapenak Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan gertatzen diren ekintzei edo ez-egiteei aplikatuko zaizkie, kirol-lehiaketaren edo jardueraren izaera edo mota edozein izanik ere.

141. artikulua. Arau-hauste administratiboak eta haien erantzuleak.

  1. Kirol-arloko arau-hauste administratiboak dira kapitulu honetan tipifikatutako ekintza edo ez-egiteak, eta arau-hauste horiek doloz edo erruz egiten dituzten pertsona fisikoak eta juridikoak izango dira erantzuleak.

  2. Kirol-arloko eta jarduera fisikoko arau-hauste administratiboak oso astunak, astunak eta arinak izan daitezke.

  3. Lege hau garatzen duten erregelamenduzko xedapenek, halaber, zehaztapenak edo mailakatzeak sartu ahal izango dituzte lege honetan ezarrita dauden arau-hausteen koadroan. Zehaztapen eta mailakatze horiek ez dute arau-hauste berririk sortuko, ez dituzte aldatuko legean jasotzen diren arau-hausteen izaera edo mugak, eta jokabideak hobeto identifikatzen lagunduko dute.

  4. Arau-hauste bat egitearen ondoriozko administrazio-erantzukizunak bateragarriak izango dira pertsona edo erakunde arau-hausleari aldatu duen egoera jatorrian zegoen moduan uzteko egin beharrekoa egiteko eskaerarekin eta eragindako kalte-galeren ordainketarekin; kalte-ordain hori finkatu eta eskatuko du zehatzeko ahala baliatu behar duen organoak. Kalte-ordaina ordaintzen ez bada horretarako eta zenbatekoaren arabera finkatzen den epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 101. artikuluan aurreikusitako moduan jardungo da.

    142. artikulu. Arau-hauste oso astunak.

    Honako hauek hartuko dira arau-hauste oso astuntzat:

    1. Edozein arrazoirengatik jazarpena edo diskriminazioa dakarten portaerak eta jarduera fisikoetan eta kirol-jardueretan aritzeko eta parte hartzeko aukera eragozten edo larriki zailtzen dutenak edota kirolerako eta jarduera fisikorako instalazioak erabiltzeko aukera eragozten edo larriki zailtzen dutenak.

    2. Jarduera fisikoari eta kirolari lotutako jarduerak egitea eta zerbitzuak ematea pertsonen osasuna eta segurtasuna larriki kaltetzeko baldintzetan.

    3. Kirolerako eta jarduera fisikorako instalazioetan edo haietarako sarbideetan desordena publikoetan indarkeriaz parte hartzea, horrek pertsonei edo ondasunei arrisku larriak eragin diezazkiekeenean.

    4. Jarduera fisikoan eta kirolean edozein arrazoirengatik agertutako indarkeria, intolerantzia edo diskriminazio ekintzak eta emakumeen duintasunaren aurkako ekintzak antolatu, bultzatu, erraztu, estali, defendatu edo sustatzea eta haietan parte hartzea.

    5. Aurreko letran deskribatutako emaitza duten kantuak abestea.

    6. Kirolerako eta jarduera fisikorako instalazioetan edozein arrazoirengatik indarkeria, intolerantzia edo diskriminazio portaerak bultzatzen edo sustatzen dituzten edota emakumeen duintasunaren aurkako portaerak bultzatzen edo sustatzen dituzten pankartak, sinboloak, ikurrak edo hitzak erakustea.

    7. Aurreko letran adierazitako ekintzak saihesteko arauak, instrukzioak edo neurriak borondatez eta ezagueraz ez betetzea.

    8. Jarduera fisikoen eta kirol-jardueren antolaketaren eta kirolerako eta jarduera fisikorako instalazioen arloko segurtasun- eta higiene-arauak ez betetzea, pertsonentzat edo ondasunetarako arrisku larria dakarrenean.

    9. Osasun-arloko profesionalak edo baliabideak egoteko betebeharra ez betetzea.

    10. Kirol-lehiaketak egiten diren instalazioetan parte-hartzaileei edo ikusleei arrisku larria eragin diezaiekeen edozein arma edo objektu mota, bengalak, petardoak edo adierazitako arriskua dakarren beste edozein elementu sartzea, eramatea edo erabiltzea.

    11. Kirol-federazio baten aitorpen ofiziala errebokatu ondoren federazio hori desegiteari lotutako betebeharrak ez betetzea.

    12. Jarduera fisikoan eta kirolean edozein arrazoirengatik indarkeria, intolerantzia edo diskriminaziora larriki bultzatzen duten adierazpen eta ekintzak burutzea, bai eta emakumeen duintasunaren kontrakoak ere.

    1. Arbitroak edo epaileak, kirolariak, teknikariak, kirol-agintariak eta kirol-ekitaldietan esku hartzen duten beste pertsona batzuk erasotzea, larderiatzea edo derrigortzea.

    2. Sexu-jazarpena, sexuan edo sexu-identitatean oinarritutako jazarpena.

    1. Partida, proba edo lehiaketa bat egitea eragozten duten edo hura aldi baterako edo behin betiko etetera behartzen duten protesta edo jarduketa kolektiboak edo kirol-legearen kontrako portaera oro.

    2. Proben edo lehiaketen emaitzaren iruzurrezko aldaketak, proba edo lehiaketa horiek egin aurretik akordio, larderia, prezio edo iruzurrezko beste edozein baliabideren bidez emaitzan eragitera bideratuta dauden edo helburu hori duten jokabideak barnean hartuta.

    3. Kirol-materiala edo kirol-ekipamendua arau teknikoen aurka manipulatzen edo aldatzen parte hartzea kirol bakoitzaren arau teknikoen kontra, xedea denean partiden, proben edo lehiaketen emaitzak aurrez ezartzea.

    4. Jarduera fisikoa eta kirola egiteko beharrezkoa den duintasunaren edo begirunearen aurkako ekintzak egitea, bereziki larriak direnean.

    5. Administrazio publikoek lege hau edo garatzen duten xedapenak betetzeko egindako errekerimenduen ez-betetze errepikatu edo larriak.

    6. Ikuskapen-funtzioa betetzea oztopatzea edo betetzea eragozten duen erresistentzia.

    7. Administrazio publikoek kirol-arloan bete beharreko ikuskapen-funtzioa oztopatzea edo harekiko erresistentzia errepikatua edo larria.

    8. Lanbide-betebeharrak ez betetzea, horren ondorioz pertsonen osasun edo integritate fisiko edo psikikorako kalte larria eragiten denean.

    9. Falta astunak behin eta berriz egitea.

    10. Arau-hauste astunengatik edo oso astunengatik ezarritako zehapenak urratzea.

    11. Kautelazko neurriak ez-betetzea.

    12. Kirol-arloko lanbideak arautzen dituzten legeek eskatzen duten lanbide-kualifikaziorik izan gabe zerbitzu profesionalak ematea, edo profesionalak kontratatzean nahitaezko lanbide-kualifikazioa ez eskatzea.

      143. artikulua. Arau-hauste astunak.

      Honako hauek hartuko dira arau-hauste astuntzat:

    1. Kirolerako eta jarduera fisikorako instalazioetan, kirol-altzarietan edo kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamenduetan kalteak doloz egitea, arau-hauste penala ez denean.

    2. Aurreko artikuluan deskribatutako jokabideak burutzea, arrisku larriaren, arriskuaren edo kalte garrantzitsuaren inguruabarrik ez dagoenean.

    3. Ardurarik eza jarduera fisikoan eta kirolean edozein arrazoirengatik indarkeria, intolerantzia edo diskriminazioko ekintzak eta emakumeen duintasunaren aurkako ekintzak galarazteko betebeharrak betetzeko garaian.

    4. Pasibotasuna aurreko letran adierazitako ekintzen prebentzioan eta errepresioan.

    5. Jarduera fisikoa eta kirola egiteko beharrezkoa den duintasunaren edo begirunearen aurkako ekintzak egitea, bereziki larriak ez direnean.

    6. Arbitroak edo epaileak, teknikariak, kirol-agintariak, kirolariak edo kirol-jardueretan esku hartzen duen beste edozein pertsona iraintzea eta laidoztatzea, eta pertsona horiekiko indarkeria arinez jokatzea.

    7. Zelaira, kantxara edo proba egiten den lekura objektuak jaurtitzea, arau-hauste oso astuna ez denean.

    8. Ikusleak probokatzeko ekintzak egitea.

    9. Ardurarik eza lege honetan aurreikusitako gobernantza onaren kodea onartzeko betebeharra betetzean.

    10. Segurtasunari eta arriskuen estaldurari buruzko arauak betetzen ez dituzten kirol-jarduerak antolatzea, jarduera egiteak hirugarrenentzat arriskurik ez dakarrenean.

    11. Lege honetan kirol-taldeak kirolariari eusteko eskubidearen arloko debekuak ez betetzea, edota nahitaezko luzapena ezartzeko edo prestakuntzagatik ordaina jasotzeko zein antzeko alderdiei lotutako debekuak ez betetzean parte hartzea.

    12. Hirugarren pertsona edo erakundeei kirol-emaitza positiboak lortzeko pizgarriak agintzea edo ematea.

    1. Lege honetan edo hura garatzen duten xedapenetan ezarritako arriskuen aseguramendurik eza.

    2. Ikuskapen-funtzioa betetzea zailtzen duen oztopatzea edo erresistentzia.

    1. Administrazio publikoek kirol-arloan bete beharreko ikuskapen-funtzioa oztopatzea edo harekiko erresistentzia, arau-hauste oso astuna ez denean.

    2. Arriskuak aseguratzea erregelamenduz ezarritako gutxieneko edukiak era nabarmenean bete gabe.

    3. Lege honetan landutako arloetan edozein baliabideren bidez iruzur egiten duen edo nahastera bultza dezakeen publizitate oro.

    4. Lege honetan bildutako kirolarien eskubideen gutxiespen oro, arau-hauste oso astuna ez denean.

    5. Kirol-federazioen berezko izenak erabiltzea edo haien berezko jarduerak egitea.

    6. Kirol-arloan eskumena duten administrazioen irudi korporatiboa behar ez bezala erabiltzea, kirol-jardueren izaera ofiziala simulatzeko.

    7. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak edo lurralde historikoetako foru-organoek baimendu gabeko eskola-arloko kirol-jarduerak antolatzea edo haietan parte hartzea.

    8. Ofizial izendatutako jarduerak, probak edo lehiaketak dagokien baimenik gabe antolatzea.

    9. Arau-hauste arinak behin eta berriz egitea.

    10. Arau-hauste arin batengatik ezarritako zehapenak urratzea.

    11. Lege honetan ezarritako gardentasun-betebeharren ez-betetze larria.

      144. artikulua. Arau-hauste arinak.

      Honako hauek izango dira arau-hauste arinak:

    1. Aurreko artikuluan deskribatutako jokabideak, betiere, astuntasun txikiagoa badute erabilitako baliabideak, sortutako emaitzak, asmoa eta antzeko beste inguruabar oro kontuan hartuta.

    2. Ikusleenganako, kirolarienganako eta kirolerako eta jarduera fisikorako instalazioen erabiltzaileenganako errespeturik eza, ordena publikoaren nahasmendurik ez dakarrenean.

    3. Arretarik eza edo utzikeria kirolerako eta jarduera fisikorako instalazioak, altzariak edo ekipamenduak kontserbatu eta zaintzean.

    4. Lege honetan ezarritako gardentasun-betebeharren ez-betetze arina.

    5. Arbitroekiko edo epaileekiko, teknikariekiko, kirol-agintariekiko, kirolariekiko edo kirol-jardueretan esku hartzen duen beste edozein pertsonarekiko begirunerik eza erakusten duten ekintzak edo adierazpenak egitea.

    6. Kirol-lehiaketak egitean arbitroei edo epaileei behin eta berriz protesta egitea.

    7. Ikuskapen-lanean ez laguntzea, betiere arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatu ez bada.

    8. Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroari lotutako betebeharrak ez betetzea.

      145. artikulua. Ondorioak.

      Arau-hauste administratibo orok honako ondorio hauek ekarri ahal izango ditu:

    1. Zehapenak ezartzea, hargatik eragotzi gabe beste edozein motatako erantzukizunak.

    2. Eragindako kalte-galerak ordaintzeko betebeharra.

    3. Urratutako ordena juridikoa berrezartzeko beharrezkoak diren neurri guztiak hartzea eta arau-hausteak eragindako ondorioak deuseztatzea.

      146. artikulua. Zehapenak.

      1. Aurreko artikuluetan deskribatutako arau-hausteak egiteak honako zehapen hauek ekarri ahal izango ditu:

        1. Isun ekonomikoa.

        2. Jarduera etetea.

        3. Administrazio-baimena errebokatzea.

        4. Kirolerako eta jarduera fisikorako instalazioak ixtea.

        5. Dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko eskubidea galtzea.

        6. Kirolerako eta jarduera fisikorako instalazioetan sartzeko debekua.

        7. Kirol-jarduerak antolatzeko gaitasuna galtzea.

      2. Arau-hauste arinek 1.000 eurora bitarteko isuna jaso ahal izango dute, astunek 1.001 eurotik 10.000 eurora bitarteko isuna eta oso astunek 10.001 eurotik 100.000 eurora bitarteko isuna.

        b), d), e), f) eta g) letretan adierazitako zehapen osagarriak, gehienez ere, lau urterako ezarri ahal izango dira arau-hauste oso astunengatik.

        b), d), e), f) eta g) letretan adierazitako zehapen osagarriak, gehienez ere, bi urterako ezarri ahal izango dira arau-hauste astunengatik.

  5. Zehapenen eta sortu ahal izan diren erantzukizunen zenbatekoak administrazioko premiamendu-bidea erabiliz eskatu ahal izango dira.

  6. Adingabeen kasuan eta zehapenaren hezkuntza-helburua kontuan hartuta, zehapenen ordezko neurriak ezarri ahal izango dira, adina eta inguruabar pertsonalak kontuan hartuta.

    147. artikulua. Erantzukizuna aldatzen duten inguruabarrak.

  1. Administrazio-erantzukizuna aldatzen duten inguruabarrak aringarriak eta astungarriak izan daitezke.

  2. Inguruabar aringarriak honako hauek dira:

    1. Arau-haustea egin aurretik probokazio nahikoa gertatu izana.

    2. Berez damutu izana.

    3. Errudunak arau-haustearen ondorioak onbideratu edo arindu, biktima asebetetzea edo egitateak borondatez aitortu izana.

  3. Inguruabar astungarriak honako hauek dira:

    1. Arau-haustea behin eta berriz egitea, berrerortzea izan gabe.

    2. Berrerortzea, arau-hausleari azken urtean izaera bereko arau-hauste batengatik zehapen bat ezarri zaionean.

    3. Lortutako prezioa edo legez kontrako onura.

    4. Aldez aurretik ohartarazi izana.

    5. Arau-haustea arrazakeriagatik edota beste edozein diskriminazio motarengatik egitea.

  4. Gainera, zehapenak ezartzean, honako inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

    1. Egitateen izaera.

    2. Erantzulearen nortasuna.

    3. Arau-haustearen ondorioak edo eragindako kalteen izaera.

    4. Erruduntasun-maila edo intentzionalitatea egotea.

    5. Zehatutako pertsona fisiko edo juridikoaren jardueraren bolumen ekonomikoa.

    6. Arau-haustean esku hartu duten pertsonen kopuru handiago edo txikiagoa.

    7. Ekintzak edo ez-egiteak berriz egitea edo egiten jarraitzea.

    8. Arau-hausleak diziplina-organoekin agertutako lankidetza-maila.

      148. artikulua. Zehapenen bateragarritasuna.

      1. Ezein kasutan ez da zehapen bikoitzik ezarriko egitate berberengatik eta babestutako interes berberen arabera.

      2. Titulu honetan aurreikusitako arau-hausteen ondoriozko zehapenak ezartzeak ez du eragotziko, hala badagokio eta zehapen bakoitzaren oinarria zein den kontuan hartuta, kirol-arloko diziplina-erantzukizunak argitzea.

        149. artikulua. Preskripzioa.

      1. Arau-hauste oso astunak hiru urtean preskribatuko dira, astunak urtebetean eta arinak sei hilabetean, eta preskripzio-epea arau-haustea egiten den egunetik aurrera hasiko da zenbatzen. Jarduera jarraitu baten ondoriozko arau-hausteetan, zenbatzen hasteko eguna jarduera amaitzen den eguna edo arau-haustea burutzen duen azken ekintzaren eguna izango da.

      2. Preskripzio-epea etengo da zehapen-prozedura hasiko dela jakinarazten denean. Prozedura hori hilabetetik gorako epe batean geldi badago eta arrazoia prozedura horri lotutako pertsona edo erakundeari egotzi ezin bazaio, epeak aurrera egingo du berriz.

      3. Arau-hauste oso astunen ondoriozko zehapenak hiru urtean preskribatuko dira, astunen ondoriozkoak urtebetean eta arinen ondoriozkoak sei hilabetean.

        150. artikulua. Kautelazko neurriak.

      1. Zehapen-espedientea hasteko eskumena duten organoek edozein unetan erabaki ditzakete, pertsona eta erakunde interesdunei bost eguneko epe arruntean entzun ondoren eta arrazoitutako erabakiaren bidez, eman daitekeen ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko eta ondasunen eta pertsonen segurtasuna bermatzeko kautelazko neurri egokiak.

      2. Neurri horiek ez dute zehapen-izaerarik izango, eta honako hauek izan daitezke:

        1. Fidantzak jartzea.

        2. Zerbitzuak, jarduerak edo baimenak aldi baterako etetea.

        3. Kirolerako eta jarduera fisikorako instalazioak aldi baterako ixtea.

        4. Kirol-erakundeetako karguak etetea.

          151. artikulua. Zehatzeko ahala.

          1. Zehatzeko ahala Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari, lurralde historikoetako foru-organoei eta udalerriei dagokie, hurrenez hurren, beren eskumenen esparruan.

          2. Hautsitzat jotzen den araua eman duen administrazio publikoari dagokio zehatzeko ahala, dela autonomia-erkidegoko mailako erakundea, foru-mailakoa edo udal-mailakoa.

          3. Baimena behar duten kirol-jardueren kasu zehatzetan, administrazio publiko eskuduna izango da dagokion baimena eman duena edo eman beharko zukeena.

152. artikulua. Administrazio-gatazkak.

Lege honen administrazio-funtzio publikoei lotutako gatazkak ebatziko dira lege honetan aurreikusitako administrazio-errekurtsoen bidez eta, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean hurrenez hurren aurreikusitako administrazio-errekurtsoen eta jurisdikzio-errekurtsoen bidez.

153. artikulua. Gatazka pribatuak.

  1. Kirol-federazioen antolamenduari eta funtzionamenduari lotutako gatazkak pribatuak izango dira.

  2. Kirol-federazioek beren estatutu- eta erregelamendu-arauetan ezarri beharko dituzte gatazka pribatuak ebazteko judizioz kanpoko sistema pribatuak, hau da, titulu honetako III. kapituluan aurreikusitako arbitraje eta bitartekaritza.

154. artikulua. Izaera.

  1. Kirol Justiziako Euskal Batzordea Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-justiziaren arloko administrazio-organo gorena da.

  2. Kirol Justiziako Euskal Batzordea Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailari atxikita dago organikoki, harekiko erabateko independentziaz jardungo du eta bere eskumeneko gaiei buruz erabakiko du azken administrazio-auzialdian.

    155. artikulua. Eskumenak.

    Kirol Justiziako Euskal Batzordearen eskumenak honako hauek dira:

    1. Kirol-arloko diziplina-ahalaren titularrak diren kirol-organoen erabakien aurka jarritako errekurtsoak aztertzea eta ebaztea.

    2. Kirol-federazioen hauteskunde-batzordeen erabakien aurka jarritako errekurtsoak aztertzea eta ebaztea.

    3. Federazioek lehiaketa ofizialen kalifikazioari eta baimenari buruz hartutako erabakien aurkako errekurtso oro aztertzea eta ebaztea.

    4. Federazio-lizentziak emateari, ukatzeari, ezerezteari, eteteari eta antzeko ekintzei lotutako errekurtso oro aztertzea eta ebaztea.

    5. Federazioen artean beren administrazio-funtzioak betetzean sor daitezkeen gatazkak aztertzea eta ebaztea.

    6. Aurreko arloen inguruan, batzordeak ofizioz, edo kirol-arloan eskumena duen Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailak eskatuta, lantzeari egoki derizkion gai guztiak aztertzea eta ebaztea.

      156. artikulua. Izapidetzea eta ebazpenak.

      1. Kirol Justiziako Euskal Batzordeak bideratzen dituen espedienteak izapidetu eta ebazteko prozedurak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraituko dio ordezko izaeraz.

      2. Kirol Justiziako Euskal Batzordearen ebazpenek amaiera emango diote administrazio-bideari, eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioan baino ezin izango da haien aurkako errekurtsoa jarri.

      3. Kirol Justiziako Euskal Batzordearen ebazpenak, hasiera batean, kirol-ekitaldiaren titularra den erakundeak betearaziko ditu, eta erakunde hori arduratuko da benetan betearazten direla ziurtatzeaz. Titularrak egin ezean, batzordeak berak betearaziko ditu ebazpenak.

        157. artikulua. Osaera.

      1. Kirol Justiziako Euskal Batzordea sei kide titularrek osatuko dute, Zuzenbidean lizentziadunak edo gradudunak eta, haiek izendatze aldera, kirol-arloko lege-gaietan duten esperientzia edo prestakuntza espezifikoa baloratuko da. Kide horiek Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak izendatuko ditu. Kide titularrez gain, sailak ordezko bi kide izendatuko ditu.

      2. Batzordeko kideei indarrean dagoen legerian aurreikusitako abstentzio- edo errekusatze-arrazoiak aplikatuko zaizkie.

      3. Kirol Justiziako Euskal Batzordeko kideek lehendakari bat eta lehendakariorde bat aukeratu beharko dituzte hura osatzen duten kideen artetik. Batzordeko idazkaria Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak izendatuko du bere funtzionarioen artean.

      4. Batzordeko kideen karguek ez dute ordainsaririk jasoko, eta bertaratzeak direla-eta bidezkoak diren dietak jasotzeko eskubidea baino ez dute sortuko.

      5. Nolanahi ere, batzordea osatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren lehen xedapen gehigarrian eta Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legean osaera orekatuari buruz ezarritako irizpideari jarraituko zaio.

        158. artikulua. Erregelamendu bidezko garapena.

        Lege hau garatzen duten erregelamenduzko xedapenek zehaztuko dituzte Kirol Justiziako Euskal Batzordearen osaera eta funtzionamendua.

159. artikulua. Estatutuen edo erregelamenduen aurreikuspenak.

  1. Kirol-federazioen estatutuetako edo erregelamenduetako arauek kideen artean planteatzen diren desadostasunak auzibidetik kanpo ebazteko arbitraje- eta bitartekaritza-formulak aurreikusi eta arautu beharko dituzte, hurrenez hurren. Formula horien aplikazioa arbitrajeari buruzko legeria orokorraren eta auzi zibil eta merkataritzako auzietako bitartekaritzari buruzko legeriaren zehaztasunen, baldintzen eta ondorioen arabera egiaztatuko da.

  2. Arau horietan, honako alderdi hauek jaso beharko dira:

    1. Arbitrajearen eta bitartekaritzaren xede izan daitezkeen gaien zerrenda.

    2. Eraginpean hartutako pertsonek formula horiek onartzeko moduak.

    3. Formula horiek aplikatzeko prozedura.

    4. Arbitrajeaz edo bitartekaritzaz arduratzen diren organoak edo pertsonak eta haiek izendatzeko prozedura.

    5. Arbitrajea egiten den kasuetan laudoak betearazteko formulak.

      160. artikulua. Borondatez eskumendean jartzea.

      Zuzenbideko edo ekitateko arbitraje-sistemen eta bitartekaritza-prozesu baten eskumendean jartzea, nolanahi ere, borondatezkoa izango da, eta debekatuta geratuko da arbitroak edo epaileak, teknikariak, kirolariak eta gainerako pertsonak edo kirol-erakundeak beren gatazkak arbitraje- edo bitartekaritza-formulen bidez ebaztera behartzen dituen arau edo erabaki oro.

      161. artikulua. Arbitrajearen sustapena.

      Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoek arbitraje-funtzioak beteko dituzten erakundeen sorkuntza sustatu beharko dute, eta baita arbitrajearen kultura ere zabaldu kirol-mugimenduko kideen artean, kirolaren esparruan agertzen diren gatazkak ebazteko formula egoki gisa.

      162. artikulua. Bitartekaritzaren sustapena.

      Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoek bitartekaritza-prozedura sustatu beharko dute, kirol-arloko gatazkak konpontzeko formula alternatibo egoki gisa, eta neurriak onartu beharko dituzte kirol-arloko agenteek bitartekaritzara jo dezaten auzi zibilen eta merkataritzakoen bitartekaritzari buruzko Estatuko legeek ezarritako moduan eta baldintzetan.

      LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Euskal federazio-sistemaren berrantolamendua.

      1. Kirol-federazioen berregituraketa 2028ko hauteskunde-prozesuaren aurretik egingo da.

      2. Eusko Jaurlaritzak, lurralde historikoetako foru-organoen laguntzaz, gutxieneko dimentsioa zehaztuko du, bereziki kirolarien eta kirol-kluben edo kirol-elkarteen lizentzien kopurua, bai eta finkatu ere federazio-sistemari gaur egun dagoen bezala eusteko beharrezkoak diren gainerako baldintzak kirol-modalitate bakoitzean.

      3. Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio dagokion dekretu bidez, eta lurralde historikoetako foru-organoen laguntzaz, ezar ditzan berregituraketa hori gauzatzeko beharrezkoak diren neurri ekonomiko, ondare-neurri edo bestelako neurri guztiak.

        BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Bertako kirol-azpimodalitateak Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-ondare immaterial deklaratzeko espedientea hastea.

        Euskal kultura-ondarearen arloan indarrean dagoen legerian xedatutakoari jarraikiz, Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kultura-arloko eskumena duen sailak azterlan bat egingo du bi urteko epean, bola-jokoaren, herri-kirolen, euskal pilotaren eta arraunketaren azpimodalitateak Euskal Herriko kultura-ondare immaterialaren babes-kategoriakotzat deklaratzeko administrazio-espediente bat hasteko aukera ebaluatze aldera.

        HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Kontseilua.

        Lege hau indarrean sartzen denetik aurrera, indarreko araudiak Kirolaren Euskal Kontseilua aipatzen duen guztietan Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Kontseilua aipatzen duela ulertuko da.

        LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Eskola.

        Lege hau indarrean sartzen denetik aurrera, indarreko araudiak Kirolaren Euskal Eskola aipatzen duen guztietan Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Eskola aipatzen duela ulertuko da.

        BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Gobernantza onaren kodea.

        Gobernantza onaren kodea bere egin beharko dute, euskal kirol-federazioek ez ezik, kirol-arloan eskumena duen Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailak kudeatutako laguntzak jasotzen dituzten kirol-erakundeek eta bestelako organizazioek, erregelamenduz ezartzen diren zenbateko ekonomikoak gainditzen direnean.

        SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Kirol-kluben onura publikoaren deklarazioa.

      1. Lege honetan aurreikusitako kirol-klubek onura publikoaren deklarazioa jaso ahal izango dute Eusko Jaurlaritzak hala erabakita, dagokion foru-aldundiak txostena eman ondoren, betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte:

        1. Euskadiren interes orokorrean laguntzea.

        2. Bazkideen kopurua mugatua ez izatea, gaitasun fisikoari eta kirol-instalazioen edukierari lotutako arrazoien kasuan izan ezik.

        3. Bazkideen kuotek erregelamenduz finkatzen diren zenbatekoak ez gainditzea.

        4. Erregelamenduz ezarritako hizkuntza-normalizazioko baldintzak betetzea.

      2. Onura publikoaren deklarazioak lege honetan ezarritako onurak ekarriko ditu.

        ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Eskola-adineko jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lankidetza-hitzarmenak.

        Euskal eskola publikoko ikastetxeek, kirol-elkarteek eta gainerako erakunde publiko edo pribatuek elkarren artean egiten dituzten eskolako jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lankidetza-hitzarmenak zabaldu ahal izateko, aipatutako ikastetxeetako zuzendariak baimenduta egongo dira lankidetza-hitzarmen horiek izenpetzeko, Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean hezkuntza-arloko eskumena duen sailak, hala badagokio, erregelamenduz finkatzen dituen mugak eta baldintzak betez.

        ZORTZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Jarduera fisikoaren eta kirolaren esparruan sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko planak.

      1. Kirol-federazioek jarduera fisikoaren eta kirolaren esparruan sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko planak landu, onartu eta gauzatu beharko dituzte bi urteko gehieneko epean.

      2. Dirulaguntza publikoak urtero jasotzen dituzten kirol-klubak dagokien federazioaren planari atxiki beharko zaizkio.

        BEDERATZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Ikuskapen-plan orokorra.

        Lege honetan bildutako xedapenak eraginkortasunez betetzen direla bermatzeko, Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak ikuskapen-plan orokor bat onartuko du lege hau indarrean sartzen denetik urtebeteko epean. Plan horretan, egin beharreko ikuskapenen helburu orokorrak, lehentasunak eta egutegia finkatuko dira, gutxienez.

        HAMARGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Udalerrietan kirol-arloko elkarte-sarea sendotzeko plana.

      1. Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak lurralde historikoetako foru-organoekin eta udalerriekin koordinatuko du Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietako kirol-arloko elkarte-sarea sendotzeko plana landu eta gauzatzeko zeregina.

      2. Plan horren helburu nagusiak honako hauek izango dira:

        1. Modalitate bakarreko kirol-klub txiki asko biltzen dituen eta gutxieneko lege-betebeharrak eta kirol-sustapeneko helburuak behar bezala betetzeko giza baliabiderik eta baliabide materialik ez duen elkarte-sarearen atomizazioaren arazoa konpontzea.

        2. Udalerrietako elkarte-egitura berriz dimentsionatzea egitura sendo eta profesionalizatuagoak izango dituzten kirol anitzeko klubak sustatuz; egitura horiek giza baliabideak eta baliabide materialak partekatzeko eta jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko erronkei aurre egiteko aukera emango dute.

          HAMAIKAGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Jarduera fisikoaren eta kirolaren industria sustatzeko plana.

          1. Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailak, garapen ekonomikoaren eta berrikuntzaren arloan eskumena duten sailekin batera, jarduera fisikoaren eta kirolaren industria sustatzeko plan bat landuko dute, berrikuntza teknologikoaren esparruan bereziki.

          2. Plan horren helburu nagusiak honako hauek izango dira:

            1. Kirol-industriarako kluster baten sorkuntza sustatzea, industria hori jarduera fisikoaren eta kirolaren industriako enpresa eragileen, unibertsitateen, ikerketa-zentroen, kirol-arloan eskumena duten euskal administrazio publikoen eta euskal kirol-sistemako eragileen arteko lankidetzaren bideratzailea baita.

            2. Jarduera fisikoaren eta kirolaren arloan espezializazio adimendunaren enpresa-estrategiak, RIS3, sustatzea.

              HAMABIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Hizkuntza ofizialen erabilera.

              1. Bermatzen da Jarduera Fisikoaren Euskal Agentziaren Zerbitzuarekin, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Kontseiluarekin eta arau honetan aurreikusitako gainerako organoekin harremana duten pertsonek aukeratzen duten hizkuntza ofiziala erabiltzeko eskubidea benetan baliatu ahal izango dutela, eta organo horiek aukeratutako hizkuntzan arreta emateko betebeharra izango dutela. Horretarako, behar diren neurriak hartuko dituzte, bereziki, dagozkien organoetako kide izateko izendatuko diren pertsonek bi hizkuntzak behar bezala ezagutzen dituztela baloratzea.

              2. Halaber, organo horiek bi hizkuntzak erabiliko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko beste edozein administrazio publikorekiko harremanetan.

                HAMAHIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Kirol-teknikariei buruzko aipamenak.

                Lege honetan ageri diren kirol-teknikariei buruzko aipamenek barne hartzen dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzko ekainaren 30eko 8/2022 Legean araututako kirol-arloko profesionalak.

                HAMALAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Kirol-erakundeek erabakiak hartzea.

              1. Estatutuek aurreikusi ez arren, lege honek arautzen dituen kirol-erakundeetako kide anitzeko organoen bilkurek ez dute aurrez aurrekoak izan beharko, justifikatutako arrazoiak baldin badaude; bideokonferentzia, posta elektronikoa eta antzeko beste komunikabide tekniko batzuk erabiliz egin ahal izango dira, baldin eta bilkuren benetakotasuna eta informazio- eta boto-eskubideak bermatzen badira.

              2. Dagokion kirol-erakundearen estatutuetan besterik xedatu ezean, ulertuko da bilkurak kirol-erakundearen egoitza sozialean egiten direla, eta erabakia hartzen dela emandako baliozko botoetatik azkena jasotzen den egunean.

                HAMABOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Kirol lehiaketetan edozein arrazoirengatik agertutako indarkeria, intolerantzia edo diskriminazioa prebenitzeko segurtasun-neurriak.

                Lege honen aplikazio-eremuan sartzen diren kirol-lehiaketei, legean xedatu ez diren alderdietan, jendaurreko ikuskizunen eta aisialdiko jardueren arloan indarrean dauden xedapenek eskatzen dituzten segurtasun-neurriak aplikatuko zaizkie.

                HAMASEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Kiroleko dopinaren eta kirolean eta jarduera fisikoan edozein arrazoirengatik indarkeria, intolerantzia edo diskriminazioa prebenitzearen arloko arau-hausteen eta zehapen administratiboen araubidea.

                Lege honetan xedatzen ez denerako, kiroleko dopinaren eta kirolean eta jarduera fisikoan edozein arrazoirengatik indarkeria, intolerantzia edo diskriminazioa prebenitzearen arloko arau-hausteen eta zehapenen araubidea une bakoitzean gai horiek arautzen dituzten legeetan ezarritakoa izango da. Nolanahi ere, egitate batzuk lege honen eta aipatutako araudi bereziaren arabera kalifikatu eta zehatu daitezkeenean, bigarrena aplikatuko da, espezialitate-printzipioa kontuan hartuta.

                HAMAZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroa.

                Lege hau indarrean sartzen denetik bi urteko epean Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroaren egitura indartuko da baliabideak areagotuz, funtzionamendu egokia bermatu dadin.

                HEMEZORTZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Inklusiorako protokoloa.

                Lege hau indarrean sartzen denetik, gehienez ere, bi urteko epean, euskal kirol-federazio bakoitzak protokolo bat egingo du, Kirol Egokituaren Euskal Federazioarekin lankidetzan, desgaitasuna duten kirolariak eta horien taldeak kirol-federazio arruntetan sar daitezen.

                HEMERETZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamenduen plan sektorialak.

                Lege hau indarrean sartzen denetik bi urteko epean, lurralde historikoetako foru-organoek kirolerako eta jarduera fisikorako ekipamenduen plan sektorialak egiten hastea aztertuko dute, lege honen 106. artikuluan aurreikusitako helburuak beteko direla bermatzeko.

                HOGEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Bizitza aktibo eta osasungarrirako plana.

                Legea indarrean sartzen denetik eta legealdi bakoitzaren hasieran, Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kirol-arloko eskumena duen saileko titularrak Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko du Jarduera Fisikoaren Euskal Agentziaren Zerbitzuak egindako Euskadiko bizitza aktibo eta osasungarrirako plana, eztabaidatu dadin.

                HOGEITA BATGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Lehiaketa federatuetan kirolarien parte-hartzea arautzea.

                Legea indarrean sartu eta bi urteko epean, Eusko Jaurlaritzak lan egingo du irizpide orokorrak zehazteko euskal federazioek beren lehiaketa federatuetan kirolarien parte-hartzea arautu dezaten, kirolari bakoitzak askatasunez sentitzen duen generoa errespetatuz, baina berdintasun-printzipioa indargabetzen duen lehiakortasun-abantaila oro saihestuz.

                LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA. Kirol-federazioen estatutuak egokitzea.

                Kirol-federazioek lege honetara egokitu beharko dituzte beren estatutu eta erregelamenduak, lege hau indarrean sartzen denetik bi urteko epean, gehienez ere.

                BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Aurreko kirol-legeria garatzeko xedapenak.

                Lege honen erregelamenduzko garapenari buruzko aurreikuspenak gauzatu arte, indarren dauden erregelamendu-arauak aplikatzen jarraituko da, legearen kontrakoak ez badira.

                HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Diziplina- eta zehapen-espedienteak.

                Lege hau indarrean sartu aurretik hasitako diziplina- eta zehapen-espedienteak aurreko araudi substantiboari jarraikiz izapidetuko dira, hargatik eragotzi gabe lege honen xedapenak aplikatzeko aukera, baldin eta espedientepean dagoen pertsonari mesedegarriagoak bazaizkio.

                LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Jarduera Fisikoaren Euskal Agentziaren Zerbitzuaren izen berria.

                Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren 9.2.e artikuluan aurreikusita dagoen egungo Jarduera Fisikoaren Zerbitzuari, lege hau indarrean jartzen denetik aurrera, Jarduera Fisikoaren Euskal Agentziaren Zerbitzua esango zaio.

                BOSGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Ekonomian eta gizartean izango duen eraginari buruzko azterlana.

                Lege hau indarrean sartu eta bigarren urtetik aurrera, azterlan bat egingo da legea betetzeak ekonomian eta gizartean izango duen eraginari buruz.

Erabat indargabetuta geratuko da Euskadiko kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legea, bai eta lege honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Zehapenen zenbatekoa eguneratzea.

Eusko Jaurlaritzari dagokio diruzko zehapenen zenbatekoa eguneratzea, urteko kontsumoko prezioen indizeari jarraikiz.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Legearen garapena.

Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio lege hau garatzeko beharrezko xedapenak emateko.

2.b) artikuluan aurreikusten den babeseko ordezkariaren figura lege hau indarrean sartu eta urtebeteko epean garatu beharko da.

Edonola ere, garatzeko xedapenak eman beharko dira lege hau indarrean sartu eta, gehienez ere, lau urteko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Indarrean jartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 4a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.