Segurtasun Saila

Arautegia

Inprimatu

7/2022 LEGEA, ekainaren 30ekoa, Landa-Ingurunearen Garapenarena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 137
  • Hurrenkera-zk.: 3227
  • Xedapen-zk.: 7
  • Xedapen-data: 2022/06/30
  • Argitaratze-data: 2022/07/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Ekonomia; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Eusko Legebiltzarrak 7/2022 Legea, ekainaren 30ekoa, Landa-Ingurunearen Garapenarena onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Landa-garapenaren xedea honako hau da: landa-ingurunearen garapen jasangarria, adimentsua eta integratzailea lortzea. Ondorioz, landa-garapenak askotariko gaiak biltzen ditu bere baitan, eta inplikatutako lurralde- eta funtzio-eremu guztietan zeharkako neurriak eta politikak ezartzeko beharra dakar.

Landa-garapenari buruzko eskumen-titulu espezifikorik ez dago ez Konstituzioan, ez Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoan (EHAE); ez eta azaroaren 25eko 27/1983 Legean (LHL) ere, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foru Organoen arteko Harremanei buruzkoan. Nolanahi ere, landa-garapenaren barruan askotariko gaiak sartzen direnez, EHAEk hartzen ditu bere gain landa-garapenaren lurralde- eta funtzio-eremuetako gai gehienak; eta, bereziki, Euskadiko jarduera ekonomikoaren sustapen, garapen ekonomiko eta plangintzaren arloko eskumenak (10. artikuluan jasota daude).

Zehazki, EHAEko 10. artikuluaren arabera, gure autonomia-erkidegoak eskumen esklusiboa du landa-garapenarekin zerikusia duten gaietan: nekazaritza eta abeltzaintza, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat; mendiak, baso-ustiapenak eta -zerbitzuak, abelbideak eta larreak; barne-uretako arrantza, itsaski-bilketa eta arrain-hazkuntza, ehiza eta ibai eta aintziretako arrantza; gizarte-laguntza; kultura; historia-, arte-, monumentu-, arkeologia- eta zientzia-ondarea; Euskal Herriko ekonomiaren sustapena, garapena eta plangintza, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat; industria; lurraldearen eta itsasbazterraren antolamendua, hirigintza eta etxebizitza; turismoa eta kirolak, aisia eta olgeta; komunitatearen garapena; emakumeen egoera; haur, gazte eta adinekoen aldeko politika.

Apirilaren 8ko 10/1998 Legeak, Landa Ingurunearen Garapenerakoak, sorburu du 1992-1996 epealdiko Euskal Baserrialdeko Plangintzatik abiatuta 1992an taxututako Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapeneko Estrategia. 1992ko estrategia hura, berriz, 1997-2000 Euskal Landa Ingurunea Garatzeko Jarduera Planak indartu eta osatu zuen. Plan horren barruan Euskal Landa Ingurunea Garatzeko Gizarte Ituna prestatu eta sinatu zen, 1998an; 2004an itun hori berritu zen. Bada, itun harekin «eszenaratu» zen landa-ingurunearekiko inplikazioaren lehen maila, bai eta gizarte osoak euskal landa-ingurunearen iraunarazpen eta garapenarekin hartu beharreko erantzunkidetasuna ere, eta hala lortu zen eragile ekonomiko eta sozial publiko nahiz pribatu ugarik bat egitea.

Gainera, legea sortu zen unean, landa-garapena Nekazaritza Politika Erkidean (NPE) txertatzen hasi zen, eta prozesu horren buruan 2000 Agenda (NPEren erreforma, 1999) onartu zen. Une hartan, landa-garapena NPEren bigarren zutabe gisa ezarri zen.

Orduz geroztik, bai estrategia hori, bai bere eragileak eta bere tresna nagusiak ia-ia ez dira batere aldatu funtsean, eta ekintza politikoaren ardura, une oro, Eusko Jaurlaritzan eta foru-aldundietan nekazaritza-arloko eskumenak ondoz ondo izan dituzten sailena izan da.

Orokorrean, estrategia arrakastatsua izan dela esan daiteke, bizi-kalitatea hobetzea, indarberritze ekonomikoa, natura- eta kultura-ondarearen babesa eta, horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuetan populazioa oro har mantentzea lortzen lagundu baitu. Hala ere, aldi horretan izan dira aldaketa garrantzitsuak eta joera berriak, landa-ingurunean eta hiri-ingurunearekiko interakzioan eragina dutenak. Horri dagokionez, honako hau nabarmendu daiteke:

Alde batetik, eraldaketa sozioekonomikoak; besteak beste, honako hauek:

  1. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiei (IKT) eta teknologia berriei lotutako globalizazio-prozesua.

  2. Familia-egituran gertatutako aldaketak.

  3. Nekazaritza-sektoreak landa-ingurunean garrantzia galtzea eta, horrekin kontrajarrita, beste sektore ekonomiko batzuk oso erritmo azkarrean haztea, besteak beste, turismoa, ostalaritza-gastronomia, energia, aisia, nekazaritzako elikagaien industria...

  4. Landa-udalerrien hirigintza garatzea eta biztanleria-fluxu berriak.

  5. Lurralde osoan azpiegitura eta ekipamendu asko garatu izana, bereziki, banda zabala hedatzea, horri esker landa-eremuen konektagarritasuna hobetu baita.

  6. Lurzoruaren artifizializazioa eta gunearen erabilera berriak: nekazaritza-azalera erabilgarria txikitzea eta baso-azalera zuhaizduna handitzea; horrek areagotzen du sektorean lanean hasi nahi dutenek lurra eskuratzeko dituzten zailtasunak.

  7. Natura 2000 Sarea ezarri eta natura-ingurunea kontserbatzeko eta kudeatzeko politikak hedatzea.

  8. Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektoriala onestea eta Lurralde Antolamendurako Gidalerroak (LAG) berraztertzeari ekitea, berrazterketa hori indarrean dagoela.

  9. Ekoizpenaren eta kontsumoaren joera berriak: tokiko merkatuen garrantzi handiagoa, ekonomia zirkularra, lankidetza-ekonomia, produktu ekologikoak eta abar.

  10. Arlo publikoak zein pribatuak babesa ematea, etengabe eta gero eta gehiago, gizartean berrikuntzak eta ekintzailetzak duten zereginari.

  11. COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioak, agerian jarri baitute landa-eremuetako bizi-kalitatea, bai eta gune horiek telelanerako eta urrutiko prestakuntzarako ematen dituzten aukerak ere; aukera horiek, berriz, digitalizazioa bizkortzearen ondorioz etorri dira.

  12. Jaiotza-tasaren jaitsierak, ama izateko eta emantzipatzeko adinaren atzerapenak eta bizitza luzeagoa izateak eragindako erronka demografikoa, biztanleria zahartu egin dutelako. Horri gehitu behar zaio migrazioaren dimentsioak erronka demografikoan duen eragina.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren sektore tradizionaletan sartzeko egin beharreko inbertsio handiek asko zailtzen dute aktibo berriak familia-erreleboa ez den beste bide batetik sartzea.

  2. Nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerak ez dira lanbide-aukera edo enplegu-aukera erakargarri gisa ikusten.

    Eta, beste aldetik, ikuspegi politikoko aldaketak Europar Batasunaren esparruan; besteak beste, honako hauek:

  1. Europar Batasunak (EB) NBEren Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak aintzat hartzea, klima-aldaketarekin lotuta dauden alderdiei garrantzi berezia emanda.

  2. NPEren bigarren zutabea sendotzea eta landa-garapeneko programen inguruan egituratzea (2000-2006 eta 2007-2013 epealdietako LGPak eta 2014-2020 epealdikoa).

  3. LEADER ikuspegia ekimen arrakastatsu gisa finkatzea ikuspegi hori 1991n abiarazi zen, Europar Batasunaren LEADER I ekimenarekin (1991-1994), zeina gaur egunera arte 2014-2020 epealdiko Landa Garapeneko Programaren barruan egon baita, partaidetzazko toki-garapenaren estrategien (PTGE) bitartez egituratuta.

  4. EBn Europa 2020 estrategia ezartzea, honako hauen inguruan egituratuta: hiru paradigma (hazkunde adimentsua, jasangarria eta inklusiboa), hamaika helburu tematiko eta estrategia horretatik sortzen diren garapenerako lehentasun berriak.

  5. EBren ingurumen- eta klima-politika berria.

  6. Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legea (ETEL) onestea.

  7. Ikuspuntu sinergikoa apurka onartzea Europako lurralde-kohesioari buruz, sektore anitzeko eta funts anitzeko tratamendu bat helburu dela.

  8. Kanpoko testuinguruek, Europakoek nahiz mundu osokoek, gero eta eragin handiagoa izatea; bide horretatik, sareko lanak eta lankidetzak gero eta garrantzi handiagoa dute.

  9. Landa-ingurunearen eta hiri-ingurunearen arteko arrakala gainditzea helburu duten ikuspegiak agertzea, bereziki, teknologia berriek eta testuinguru «adimendunak» («smart»), «herri adimendunak» («smart villages») garatzeak eta, orokorrean, «lurralde adimendun» baterantz aurrera egiteak eskura jartzen dituzten aukeretan oinarritutakoak.

    Halaber, legean jasotako planteamenduetako batzuek ez dute funtzionatu aurreikusi bezala; hala gertatu da Landaberri, Landaraba, Landagipuzkoa eta Landabizkaia organoek eta Landa Garapeneko Kontseilu Aholku-emaileak izan behar zuten zereginarekin eta, orokorrean, nekazaritza-sektoreaz kanpoko sail eta sare publiko batzuen inplikazioarekin; era berean, landa-garapeneko elkarteen bilakaera heterogeneoa izan da.

    Aldaketa eta errealitate horiek guztiak kontuan hartuta, justifikatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoan landa-garapeneko estrategia berri bat sustatu beharra. Estrategia berri horren barruan honako alderdi hauek jaso beharko dira, besteak beste:

    1. Landatartasunaren kontzeptua barnean hartuko duen eta EBk bultzatzen duen Lurralde Kohesioko Politikarekin bat datorren lurralde-garapenaren kontzeptu baterantz joko duen ikuspegia.

    1. Lurraldean indarrean dauden politika publikoen koordinazio, integrazio eta elkarrekintza handiagoa.

    1. Nekazaritza-, abeltzaintza- eta basogintza-sektoreetako jarduera ekonomikoei bultzada etengabea eta espezifikoa ematea, landa-eremuei datxezkien berezko jarduerak baitira.

    1. Gobernantza aurreratu berria ezartzea; gobernantza berri horrek zeharka jardungo du landa-ingurunean, eta paradigma berri horiei egokituko zaie.

    1. Indarrean dauden tresnak (finantza-arlokoak, antolakuntza-arlokoak, plangintzakoak, zonakatzekoak eta araugintzakoak) garatu edo eraldatzea, eta estrategia berri horretarako tresna berriak sortzea, besteak beste, lege hau, helburu estrategikoak, orokorrak eta sektorialak birdefinitzea.

      Estrategia horrek xede du euskal landa-ingurunea herrialdearen ekonomia-, gizarte- eta lurralde-arloko garapen eta kohesiorako funtsezko eragile bihurtzea; hala, landa-ingurunea lurraldearen gainerakoan berdintasunez txertatuko da bizi-kalitateari, berrikuntzari, modernotasunari eta ekintzailetzari dagokienez, eta horrekin batera, herrialdearen ikuspuntu integratuagoa lortzen lagunduko da. Horretan guztian, baina, oso kontuan hartu behar da nekazaritza-jarduerak rol estrategikoa duela Euskadiko lurralde- zein ingurumen-kudeaketan, baita ekonomia-arloan eta elikagaien eta oinarrizko produktuen hornitzaile eta landa-garapenaren oinarri gisa ere.

      Landa-garapeneko estrategia berri hori ezartzeko, beraz, landa-garapenaren lege berri bat behar da, estrategia horrek aldarrikatzen duen guztia arlo juridikoan txertatu ahal izateko.

      Horren haritik, hemen aurkezten den landa-garapenaren lege berriak, lurralde-kohesioaren ikuspegi horretatik, helburu estrategikoak eta sektorialak birdefinitzen ditu, landa-ingurunearen gobernantza-eredua berregituratzen du eta plangintzako, kudeaketako eta finantzaketako tresna berriak barnean hartzen ditu; horietako batzuk EBk sustatzen dituen tresnak dira.

      Lurralde-kohesioaren ikuspegi horrek, gainera, lurralde batzuetan eta besteetan landaguneak dauzkan egoera diferenteak kontuan hartzen ditu, egoera horiek guztiak ez direlako berdinak, eta landagunearen garapena ezin delako modu uniformean planteatu. Hala ere, legearen bidez landa-eremu zabalen eta elkarren artean konektatuen garapena sustatu nahi da; horretarako, politika koordinatuak aplikatuko dira, sektoriala ez baizik eta integrala den logika batek gidatuak, eta administrazio publikoetako sail batzuen eta besteen arteko lankidetza bultzatuko da.

      Lege berri honen bidez, laburbilduta, NPEren «bigarren zutabearekin» eta LEADER ekimenarekin bat datozen lehengo landa-garapeneko politiken horizontea zabaldu nahi da, uste baita landa-lurraldeen kohesioaren helburuaren baitan kontuan hartu behar direla nekazaritza- eta baso-jarduera jasangarriak landa-ingurunean eta lurraldean dauzkan eraginak eta, hori ez ezik, landa-ingurunearen eta hiri-ingurunearen arteko trukeak sustatu ahal izateko elementu guztiak ere. Horretarako, azpiegituretan eta ekipamenduetan aproposak diren baldintzak sortu behar dira, politiken eta planen ikuspegi integratzailea sendotu behar da, eta aipatu diren koordinaziorako, plangintzarako eta finantzaketarako tresna berriak egokitu eta sustatu behar dira, etorkizunean herrialde kohesionatua izatea lortu ahal izateko.

      Halaber, legeak EAEko landa-eremuetan politika sektorialak aplikatzean kontuan hartu beharreko gobernantza ezartzen du, eta erakundeen arteko lankidetzarako mekanismoak ere ezartzen ditu, ekintza publikoa koordinatua, koherentea eta efikaza izan dadin lortzeko.

      Lege berria lau kapitulutan antolatzen da:

    1. kapituluak legearen xedapen orokorrak garatzen ditu, bereziki xedea, printzipioak eta lortu nahi diren helburuak.

      1. artikuluak lege honen xedea jasotzen du: euskal landa-ingurunearen garapen jasangarrirako jarduketak gidatuko dituen arau-esparrua antolatu eta ezartzea, eta hori guztia landa-ingurunea lurraldeko gainerakoarekiko berdintasunean egon dadin, ingurune hori funtsezko eragilea baita herrialde osoaren garapen eta kohesiorako, ekonomiari, gizarteari eta lurraldeari dagokienez.

      2. artikuluan legea aplikatzeko definizioak ezartzen dira; hala, baterako terminologia bat erabiliz, legea modu argiago eta seguruago batean aplikatuko da.

      3. artikuluan landa-garapeneko politikek eta jarduketek bete beharko dituzten printzipioak ezartzen dira. Printzipio horiek esparru honetan politikak eta jarduketak gidatu behar dituzten balioak dira, eta horien artean nabarmentzekoak dira landa-ingurunearen eta hiri-ingurunearen arteko aukera-berdintasuna, emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuna, landa-eremuko emakumeen ahalduntzearen sustapena, euskal landa-ingurunearen paisaiaren eta biodibertsitatearen zainketa, baita kultura-identitatearen ere, eta landa-eremu guztietan euskararen erabilerari eman beharreko bultzada.

      4. , 5. eta 6. artikuluetan landa-garapeneko politikek lortu behar dituzten helburuak ezartzen dira. Legeak helburu estrategiko orokorrak eta sektorialak bereizten ditu, eta helburu horien hierarkizazio eta egituraketa egokia ezartzen du. Helburu horiek lagungarriak izan beharko dute landa-ingurunearen ikuspuntu orohartzaile baten fokua jartzeko eta, bide horretatik, politika sektorialak modu malgu batean aplikatu ahal izateko ekonomia-arloan, populazio-arloan edo erabiltzaileen arloan eskatu beharreko parametroei dagokienez. Kontuan hartu behar da helburu horiek guztiak lurraldeko, eskualdeko eta tokiko planak prestatzeko gida eta parametro bihurtuko direla, plan horiek baitira lege honen bidez ezartzen den landa-garapeneko estrategia berriaren nukleoa.

    2. kapituluan euskal landagunearen zonakatze berriaren oinarria proposatzen da, baita tokiko proiektu eta ekimenak bultzatu beharreko politika instituzionalekin lerrokatzeko aurreikusitako plangintza-tresna nagusiak ere.

      Orokorrean, gure landagunea modu estuan bilbatuta dago hiri-gunearekin, baina bata eta bestea argi eta garbi desberdinak dira. Hala ere, EAEko landagunea zonakatzea erabat garrantzitsua da landa-eremuen ezaugarriak eta beharrizanak identifikatzeko, geroago definituko diren garapen-eremuei dagokienez, eta modu horretan landa-garapeneko berariazko politikak nahiz politiken barruan esparru horietako bakoitzari eman beharreko laguntzen programak diseinatu eta aplikatzeko. Legeak landa-eremuen karakterizazioa gerorako uzten du, geroko erregelamendu-garapen baterako.

      Euskal landa-inguruneko plangintza-tresnak lege honetan landa-garapeneko politikako elementu gako bihurtzen dira, landa-eremuak garatzeko egin beharreko jarduketak tresna horien inguruan egituratuko baitira.

      Lurralde-garapenerako planak zehazten diren garapen-eremu bakoitzerako landa-eremuen diagnostikoa ezartzeko beharrari erantzuten diote, eremu horiei lotuta legean ezarritako helburu orokorrei dagokienez, eta helburu sektorialak, jarduketa-ardatzak eta ardatz horien garapenean parte hartzen duten eragile instituzionalak argi eta garbi adierazteko beharrari. Lurralde-garapeneko planek lurralde-antolamenduko tresnei men egin beharko diete, zeinek bere jarduketako gune geografikoari dagozkion tresnei.

      Lurralde-garapeneko programak landa-ingurunearen lurralde-garapeneko ekintza politiko-instituzional eta sektore anitzekoaren ibilbide-orri gisa erabiliko dira; eta landa-garapeneko eskualdeko programak nahiz, hala badagokio, toki-garapeneko estrategiak prestatzeko eta bateratzeko gidak izango dira.

      Landa-garapeneko eskualdeko programetan, eskualde-eremu bakoitzean ezarri behar diren jarduera-lerro eta proiektu nagusien zehaztasun- eta lehentasun-maila azpimarratzen da, behetik goranzko ikuspegiari («bottom-up») eutsiz, hala horien prestaketan nola garapenean, eta, betiere, kasu bakoitzean eragina duten lurralde-garapeneko programen gidalerroak betez.

      Halaber, borondatez ezartzen dira EAEn landa-eremuak dituzten udalerri eta kontzejuetarako tokiko garapen-planak (TGP), beharrizanei eta bultzatu beharreko proiektuei buruzko gogoeta eta plangintzarako tresna bat eskura eduki dezaten. Tresna horren bidez, egin beharreko jarduketen programazio xehatua errazago egingo dute, eta kasuan kasuko udalerrira egokitua, betiere, eragiten dieten landa-garapeneko eskualdeko programei jarraikiz.

    3. kapituluan garatzen da euskal landa-eremuetan sustatu beharreko jarduketen gobernantza, eta alde horretatik bi kategoria diferente ezartzen dira: ikuspegi instituzionala daukan gobernantza eta ikuspegi publiko-pribatua daukana.

      Gobernantza instituzionala Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta toki-erakundeek, zeinek beren eskumenen barruan, egiten dituzten jarduketa estrategikoei buruzkoa da. Gobernantza instituzionalaren maila horretan, legearen asmoa da politika instituzional eta sektorialak zaintzeari lotzen zaion ikuspegian (landa-lentean) eragina izatea, ikuspegi hori landa-garapeneko politiketan aurreikusitako helburu eta jarduketen arabera egokitzeari dagokionez. Ikuspegi hori EBko herrialde batzuetan ezarrita dago jada.

      Horregatik, legeak xedatzen duenez, EAEko Administrazio orokorrak zein foru-administrazioek sustatutako plan, programa eta ekimen instituzionalak onartu aurretik, instituzio sustatzaileari dagokion landa-garapeneko sailak txostena egin beharko du, baldin eta plan, programa eta ekimen horiek lege honetan aurreikusitako landa-eremuei eragiten dieten helburu orokor edo sektorialekin zerikusia badute.

      Landa-garapeneko politika eta jarduketen kontrola, jarraipena eta ebaluazioa egiteko, gaur egun dauden tresnak baino arinagoak eta sinpleagoak diren kontrol- eta jarraipen-mekanismoen alde egiten da; horretarako, jarduketa eta eginkizun berriak egin behar dituzte landa-garapeneko zuzendaritza eskudunek, alegia, Euskadiko Administrazio orokorreko eta foru-administrazioko eta toki-erakundeen Administrazioko instituzioetako bakoitzean, instituzio bakoitzaren eskumen-esparruak zainduta.

      Maila horretan gobernantzaren koherentzia, efikazia eta koordinazioa bermatzeko, legean berebiziko zeregina ematen zaio Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapen Politikako Batzordeari, abenduaren 23ko 17/2008 Legearen, Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikakoaren bidez sortu zen horri; hain zuzen ere, lege honen bidez batzorde hori aldatu egiten da, landa-garapenaren arloan legeak ematen dizkion eginkizun berriak barnean har ditzan. Hala, batzorde horrek funtsezko zeregina izango du lehenago aipatu diren plangintza-tresnen aldeko txostenen prestaketan eta gainbegiratze-txostenen onarpenean.

      Toki-ikuspegiko gobernantzari dagokionez, arau berriak egungo eredua hobetzea proposatzen du, lankidetza publiko-pribatuaren formula berri baten bidez, bereziki landa-garapeneko erakundeen, Eusko Jaurlaritzaren eta foru-aldundien arteko harremanetan. Formula berri horrek ahalbidetuko du lehenengoek eraginkortasun handiagoz jardutea lege honetako helburuak betetzeko.

      Alde horretatik, gobernantzako egitura homogeneoagoa lortu nahi da, egitura efizienteagoa, pisu eta eduki handiagokoa, eskualdeetan nahiz eskualdeetatik harago agertuko dena, eta bidea emango duena proiektuen sorkuntza-lanean izaera hurbilari eusteko eta, aldi berean, lurraldean jarduten duten gainerako egitura eta erakundeekin sinergia sendoak ezartzeko.

      Horregatik, bat etorriz landa-garapeneko elkarteek Administrazio publikoaren agente laguntzaile gisa duten funtsezko zereginarekin, legearen helburuak lortze aldera, bereziki, landa-garapeneko eskualdeko programak kudeatzeko, nabarmen indartu dira aurreko legean aurreikusitako lankidetza-hitzarmenak.

      Horrekin batera, kudeaketa-zerbitzu berri bat sortzen da Hazi Fundazioaren barruan: Lurralde. Hitzarmenak sinatzen dituzten landa-garapeneko elkarteekin koordinatuko da zerbitzua, 14.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, eta landa-garapeneko jarduketen koherentzia bermatu eta indartuko du.

      Tokiko gobernantza publiko-pribatuaren barruan, Landa Garapenaren Euskal Sarea sortzen da. Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean landa-garapenaren arloko eskumena duen sailari atxikita dago, eta helburu hauek izango ditu: landa-garapenean parte hartzen duten entitate eta eragileen arteko lotura, koordinazioa eta lankidetza sustatzea.

      Azkenik, IV. kapituluak landa-garapeneko jarduketak finantzatzeko arau eta printzipio jakin batzuk ezartzen ditu. Arau horiek lurralde-kohesioko ikuspegi batetik abiatzen dira; xede horrekin, EAEn operatiboak diren programetatik Europako Egitura eta Inbertsio Funtsei lotuta dauden horien baterako partaidetza ezartzen da finantza-esparru horretan. Halaber, landa-eremu edo -gune jakin batzuetan funts anitzeko ikuspegia aplikatzeko aukera sustatzen du, eta zabalik uzten, hori komenigarria eta posiblea denean.

  1. Lege honen xedea da euskal landa-ingurunearen garapen jasangarrirako jarduketak orientatuko dituen arau-esparrua antolatu eta ezartzea, eta hori guztia landa-ingurunea lurraldeko gainerakoarekiko berdintasunean egon dadin, ingurune hori funtsezko eragilea baita herrialdearen garapen eta kohesiorako, ekonomiari, gizarteari eta lurraldeari dagokienez. Horretarako, ezinbestekoa izango da nekazaritza-, abeltzaintza- eta basogintza-jarduerak kontuan hartzea. Jarduera horiek sustatzea, landa-eremuko biztanleria eta lurraldea mantentzeko eta garatzeko oinarrizko tresna izango da.

  2. Halaber, lege honen xedea da EAEko landa-eremuetan politika sektorialak aplikatzean kontuan hartu beharreko gobernantza ezartzea, eta erakundeen arteko lankidetzarako mekanismoak ere bai, lurralde-garapenaren arloan ekintza publikoa koordinatua eta osagarria izan dadin legeak ezarritako helburuak lortzeko.

Lege honen xederako, honela ulertzen dira honako hauek:

  1. Landa-garapena: landa-eremuetan aplikatutako lurralde-garapeneko prozesua, honako xede hau duena: euskal landa-ingurunearen jasangarritasuna eta funtzio-aniztasuna zaintzea, biztanleen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzea eta EAEren ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioa bideratzea.

  2. Lurralde-garapena: lurralde bat alderdi sozioekonomikoan eraikitzeko prozesu jasangarria, ikuspegi integral batean oinarritzen dena. Prozesu horretan elkarreraginean aritzen dira inguruneko elementu fisikoak, prozesu ekonomikoak eta herritarren gainerako ekimen indibidual zein kolektiboak, eta ekintza politikoak bultzatzen dituen politika sektorial instituzionalak ere bai. Prozesu horrek gizartearen kohesio handiagoa lortzea du xede eta, horretarako, landa-eremuaren eta hiri-eremuaren arteko oreka zuzena ziurtatzen du eta hazkunde ekonomiko handiagoa eta hobea sortzen du.

  3. Partaidetzazko toki-garapenaren estrategia (PTGE): eragiketen multzo koherentea, toki-ekintzako talde batek diseinatu eta praktikan jarritakoa. Eragiketa horiek xede dute tokiko eremuaren helburu eta beharrizanak betetzea, eta laguntza ematen dute hazkunde adimentsu, jasangarri eta integratzailerako Europar Batasunaren estrategia burutzen.

  4. Toki Ekintzako Taldea (TET): toki ekintzako taldeak irabazteko asmorik gabeko elkarteak dira, lurralde-izaera nabarmenekoak, tokiko interes sozioekonomiko publiko eta pribatuen ordezkariek osatuak (elkarteak, enpresak, tokiko administrazio publikoak eta gizarte zibileko beste talde batzuk). Talde horien helburua da partaidetzazko toki-garapenaren estrategiak ezartzea, zeinek bere lurraldean, behetik goranzko ikuspegi batetik (LEADER ikuspegi parte-hartzailea).

  5. Landa-garapeneko elkartea (LGE): zuzenbide pribatuko erakundea da, elkarteen legeriaren babesean eratua. Jarduketa-eremu geografikoko toki-entitateek eta ordezkaritza handiena duten eragile sozioekonomiko eta sektorialek parte osatzen dute. Lankidetza publiko-pribatuko tresnak dira. Lurraldearen garapen jasangarrian laguntzen duten tokiko, eskualdeko eta eskualdez gaindiko ekimenak bultzatzeko eta babesteko paper gakoa izango dute. Gobernantzaren eskualdeko ikuspegia betetzeari lotuta daudenez, legean aurreikusita dagoen bezala, eragile laguntzaile gisa onartuko ditu Administrazio publikoak.

  6. Landa-ingurunea: EAEko landa-eremuak nahiz eremu horietako biztanleria barnean hartzen dituen esparru sozioekonomikoa.

  7. Nekazaritza-, abeltzaintza- eta basogintza-sektorearen funtzio-aniztasuna: nekazaritza-, abeltzaintza- eta basogintza-sektoreak gizarteari egindako ekarpenen multzoa. Merkatuetara bideratutako elikagai eta lehengaiez gain, beste ondasun eta zerbitzu publiko edo kanpo-efektu batzuk ere badira, merkatuek ordaintzen ez dituztenak. Nekazaritza- eta basogintza-sektoreak sortutako ondasun publiko edo kanpo-efektu positiboen artean honako hauek nabarmendu ahal dira:

    1. Landagunea (EAEren % 85) kudeatzea.

    1. Paisaia babestea, kudeatzea eta antolatzea.

    1. Ingurumen-funtzioa eta natura-ingurunea kontserbatzekoa: laguntza ematea ura finkatzen, lurzoruaren higadura saihesten, CO2 finkatzen, biodibertsitatea mantentzen, ekosistemak babesten eta abar.

    1. Lurraldearen eta bere landa-eremuaren arteko identifikazio soziala: gastronomia, tradizioak, paisaia, kulturaren sostengua (besteak beste euskara kontserbatzea).

    1. Klima-aldaketari egokitzeko eta bere eraginak leuntzeko laguntza ematea.

    1. Biztanleria landa-eremuan finkatzea.

  8. Landa-eremua: legearen aplikazio-eremu geografikoa, zeinaren parametrizazioa 7. artikuluan aurreikusitako erregelamendu-garapenean arautuko den.

Landa-garapenak helburu izan beharko du landa-ingurunearen jasangarritasuna eta funtzio-aniztasuna lortzea, lurralde-ikuspegi justu, orekatu eta jasangarri batetik; horretarako, landa-garapenaren ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-arloetako dimentsioetan hainbat printzipio txertatuko ditu, besteak beste, landa-eremuaren eta hiri-eremuaren arteko eta emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna, landa-eremuko emakumeen ahalduntzea, biodibertsitatea mantentzea, paisaiaren eta euskal landa-ingurunearen kultura-identitatearen zainketa, eta landa-eremu guztietan euskararen erabilerari eman beharreko bultzada.

Landa-garapeneko politikak bitarteko izango dira honako helburu estrategiko hauek lortzeko:

  1. EAEko landa-espazioa sustatzea eta babestea, bereziki nekazaritza-jarduerak okupatutakoa eta mendi-eremuak, EAEko lurraldea egituratzen duen eta lurraldearen paisaia bereizgarriena osatzen duen funtsezko elementu gisa.

  2. Erakundeen arteko beharrezko koordinazioa bermatzea EAEko landa-eremuen jarduera ekonomikoa sustatu eta dibertsifikatzeko, herrialdearen ekonomia jasangarria gara dadin laguntza emateko eta landa-eremu horietan biztanleria eta zerbitzuak ezarri daitezen, betiere landa-ingurunean funtsezkoa den lehen sektoreko jarduera errespetatuz.

  3. EAEko landa-biztanleen ongizate-maila hiri-biztanleen ongizate-mailarekiko parekatzea, bai eta landa-ingurunearen despopulatzeari eta zahartzeari buelta ematea ere, funtsezko faktorea baita Euskadiko gizartearen eta lurraldearen kohesiorako.

    Helburu horiek NBEren Garapen Jasangarriko Helburuekin eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko 2015eko Parisko Hitzarmenarekin bat etorriz bultzatuko dira.

Landa-garapeneko politikek honako helburu orokor hauek izango dituzte:

  1. Euskal landagunea zaintzeko.

    1. Euskal landagunearen lurralde-antolamendua behar bezala egitea, ikuspegi integrala, sistemikoa eta sektore anitzekoa edukiko duen lurralde-garapeneko eredu jasangarri orekatu baten arabera, ingurunea despopulatzea eta uztea saihestuz, indarrean dauden lurraldearen antolamenduko tresnekin bat.

    2. Nekazaritza- eta basogintza-sektorearen jasangarritasuna eta funtzio-aniztasuna, euskal landagunearen kudeatzaile nagusia, aberastasun- eta enplegu-iturria eta euskal gizartearentzako oinarrizko ondasunen hornitzailea delako, lurraldearekiko errespetua duen nekazaritzan oinarritutako ekoizpen ereduen alde eginez.

    3. Natura-ondarea eta paisaia zaintzea, ikuspegi integral batetik. Ikuspegi horrek uztartu egingo ditu ingurumen-babesari, -kontserbazioari eta -leheneratzeari buruzko araudien betetzea baliabideen aprobetxamendu jasangarriarekin, garapen sozioekonomikoarekin eta gizarteak naturaguneez gozatzearekin, horietan bizi direnen bizimodua eta jarduerak errespetatuz.

    4. Energia sortzeko iturriak deszentralizatzea eta landa-ingurunea energiaz hornitzeko instalazio txikiak bultzatzea. Horiek bateragarriak izango dira ingurumena eta lurraldea zaintzearekin eta mantentzearekin.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuetan jarduera ekonomikoa sustatu eta dibertsifikatzeko.

    1. Euskal landa-ingurunean ekintzailetza eta barne-ekintzailetza sustatzea; xede horrekin, enpresa-dinamismo endogenoa indartzea eta berrikuntzari lotutako ekintzailetza-agertoki berriak aurreikustea, bereziki lurralde adimendunaren («smart territory») testuinguru digitaletan, baita landa-eremuko balio-kate berriei lotutakoak ere, balio-kate horiek onura sozial argiak ekarriko baitituzte bioteknologiaren, ekonomia sozialaren eta ekonomia zirkularraren arlotik, eta lanpostu egonkorrak eta kalitatezkoak sortuko baitituzte.

    2. Ekonomia dibertsifikatzea eta enpresak sortzea euskal landa-ingurunea, nekazaritza-jardueraz gain, hazkunderako indar handia duten nitxo ekonomikoetan: turismo jasangarria, osasuna eta ongizatea, elikagai-industria, gastronomia eta jatetxe-arloa, abenturako aisialdia, energia berriztagarriak, artisautzaren merkataritza eta abar. Balio erantsi handiko jarduera ekonomikoak sustatzea, hau da, materia eta energia globalen hornidura-kateetatik eratorritako inpaktuekiko erresilienteak direnak, landa-erakundeei aberastasuna sortzen dietenak eta ingurumen- eta klima-helburuak betetzen laguntzen dutenak.

  3. EAEko landa-biztanleen ongizate-maila hobetzeko eta biztanleria horren zahartzeari eta despopulazioari buelta emateko.

    1. Landa-inguruneko biztanleei bizi-kalitate ona bermatzeko beharrezkoak diren azpiegitura, zerbitzu eta ekipamendu publikoak hobetzea, haietarako sarbidea bermatuz aukera-berdintasunean hiri-inguruneko biztanleekin.

    2. IKTak erabiltzea, landa-eremuetako biztanleen bizi-kalitatea eta lana hobetzeko nahiz landa-ingurunearen isolamendua arintzeko bidea den aldetik.

    3. Landa-ingurunean etxebizitzarako irispidea izatea, eremu bakoitzaren ezaugarri sozioekonomikoak eta paisaia- eta ingurumen-arloko ezaugarriak errespetatzen dituen hirigintza batean oinarrituta.

    4. Landa-ingurunearen natura-, kultura- eta identitate-ondare materiala nahiz immateriala babestea. Hain zuzen ere, nahitaezkoa da ondare hori kontserbatzea, indartzea eta balioan jartzea, etorkizuneko belaunaldiei begira.

    5. Berrikuntza landa-ingurunean txertatzea, eraldaketa sozial, diziplina anitzeko eta sistemikoaren ardatza delakoan.

    6. Landa-ingurunean despopulazioaren aurka borrokatzea, zerbitzu espezifikoak emanez, bereziki hezkuntzan eta osasunean, seme-alabak dituzten familiak finkatzen eta jaiotza-tasa handitzen laguntzeko.

  1. Instituzio eta erakunde eskudunek, koordinatuta, horien jardueran artikulu honetan ezarritako helburu sektorialak lortzea izango dute xede, eta kontuan hartuko dute arau honen 7. artikuluaren arabera gerora erregelamendu-garapen bidez ezarriko den landa-eremuen karakterizazioa.

  2. Helburu horiek lagungarriak izan beharko dute landa-ingurunea nahiz landa-ingurunearen arazoak eta funtzionaltasuna ikuspegi orohartzaile batetik ikusteko; bide horretatik, diskriminazio positiboa eta haztapen malgua ahalbidetu beharko dituzte politika sektorialak modu malgu batean aplikatzerakoan, populazio-arloan edo erabiltzaileen arloan irizpide ekonomikoak edo gutxieneko atalaseak erabiltzeari dagokionez.

  3. Honako hauek dira helburu sektorialak:

    1. Lurralde-antolamenduaren arloan.

      1. Bidea ematea Lurralde Antolamenduko Gidalerroak (LAG), lurralde-plan partzialak (LPP), lurralde-plan sektorialak (LPS) eta hiri antolamenduko plan orokorrak (HAPO) onartzeko edo berrikusteko prozesuak landagunea zaintzeko lagungarriak izan daitezen, eta 9. artikuluan aurreikusten diren lurralde-garapeneko programetan (LuGP) jasotako beharrizan eta estrategiak kontuan har daitezen horiek idaztean.

      2. Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialean eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikakoaren abenduaren 23ko 17/2008 Legeko II. titulutik sortutako araudian jasotzen diren tresnak, nekazaritza-lurrak babestekoak, garatzea eta aplikatzea, tresnok funtsezkoak baitira nekazaritza-lurrak bertan behera uztea eragozteko eta haren artifizializazioa saihesteko, elikagaien hornidurarekiko betetzen duten funtzioa babestua.

      3. Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen barruan adieraztea eta adostea landagunea kontserbatzeari dagokionez antolamendurako edozein tresnatan kontuan hartu beharko diren irizpideak.

    2. Nekazaritzaren, basogintzaren eta elikaduraren arloan.

      1. Nekazaritza sektorearen lehiakortasuna handitzea, eta horretarako produktuen berezitasunerako pizgarriak ematea kalitatean, ingurumen-jasangarritasunean eta elikadura-segurtasunean oinarrituta; ekoizpen naturala eta ekologikoa sustatzea; sektorea egituratzen laguntzea asoziazionismoaren eta kooperatibismoaren bidez, eta merkataritza-sustapena egitea sektorearen produktibitatea nahiz ekoizpen-kostuak optimizatzeko, arreta berezia eskainita garapen endogenoko jarduketei eta merkaturik hurbilenetan egin beharreko sustapenari. Lehentasunezko arreta eskainiko zaie familia-ustiategiei, bereziki horien titularra emakumea edo nekazari gaztea denean.

      2. Baso-kudeaketa jasangarria eta orekatua bultzatzea, baso autoktonoak eta jarduera tradizionalaren osagarri izango diren aukera-nitxo berriak sustatuz eta enplegu egonkorrak, seguruak eta kalitatezkoak sortuz eta mantenduz, horretarako bitartekoak ezarrita.

      3. Euskadiko Gastronomia eta Elikadura Planarekin koordinatuta, nekazaritzako elikagaien industriaren garapena indartzea, bereziki lehen sektorearen eragile den horren garapena, eta elikaduraren balio-katean integrazio bertikala egiteko prozesuak ere bai; horren haritik, balio-kate horretan garrantzi handiagoa emango zaie ekoizleei, gastronomia-ondarea errebalorizatzeko eta balio erantsi handiagoa sortzeko bitartekoak baitira.

      4. Nekazari-errentari eusten laguntzea, Nekazaritza Politika Erkidearen finantza-baliabideak optimizatuz eta behar bezala kudeatuz.

      5. Belaunaldi-aldaketa bultzatzea sektorean, familia-nekazaritzarekin batera, eta emakumezko nekazariei protagonismo handiagoa ematea, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legean xedatutakoarekin bat.

      6. Erraztea eta ikuskatzea lehen sektoreak ekoizpen-kostuak baino prezio handiagoak jasotzen dituela bere produktuen truke, horrela ezartzen baitute Estatuko araudiak (Elikadura Katearen Legea) eta Europakoak, sektore bideragarri eta lehiakorrari eusteko helburuarekin.

      7. Euskal nekazaritza-ekologiako ondarea mantentzea eta bultzatzea.

      8. Lehen sektoreko produktuak azken kontsumitzaileari zuzenean saltzea sustatzea, banaketa- eta merkaturatze-kanalak sustatuz.

      9. Europar Batasunaren Baserritik Mahaira estrategia babestea eta hori garatzen laguntzea.

      10. Kontratazio publiko arduratsuko baldintza-agiriak sustatzea, gizarte- eta ingurumen-irizpideak lehenesteko helburuarekin.

    3. Natura-ondarearen eta ingurumenaren kontserbazioaren arloan.

      1. Iraunarazteko eta leheneratzeko lanetan laguntzea ekosistemetan eta ekosistemen zerbitzuetan, bereziki Natura 2000 Sareko gune eta habitatetan, bai eta abian jartzen diren ekintza-planetan katalogatutako paisaietan ere. Horretarako, kudeaketako plan eta tresnak bateragarri egingo dira basogintza- eta abeltzaintza-arloko eta ekonomia arloko jarduera tradizionalekin; jarduera ekonomiko berriak garatzean, berriz, kontuan hartu beharko da gune horiek kontserbatu behar direla eta euskal herritarrek espazio horietaz gozatzea.

      2. Naturagune babestuek eta, bereziki, Natura 2000 Sareak sorrarazten dituzten aukerez eta kanpo-efektuez baliatzea landa-eremuetako jarduera ekonomikoa dibertsifikatu eta sustatzeko.

      3. Euskadiko 2030erako Biodibertsitate Estrategia eta Europar Batasuneko 2030erako Biodibertsitateari buruzko Estrategia garatzen laguntzea.

      4. Ingurumena babesten laguntzea, ingurumenaren hondaketari aurrea hartuz eta kaltea jasan duen lekuetan leheneratzeko bidea emanez, uraren, lurzoru emankorraren, biomasaren, biodibertsitatearen eta paisaiaren kudeaketa iraunkorraren bitartez, giza jardueren eta lurraldearen kontserbazioaren arteko oreka bilatuz.

      5. Klima-aldaketaren arloko EAEko helburuek Europar Batasunaren helburu klimatikoekin lerrokatzea.

      6. Neurri jasangarriak sustatzea ekosistemen zerbitzuak eta nekazaritzako eta basogintzako jarduerak ingurumenaren arloan ekarritako beste kanpo-efektu positibo batzuk bultzatzen laguntzeko, eta horren aintzatespen soziala erraztea.

    4. Landa-inguruneko sare ekonomikoaren dibertsifikazioaren eta enplegu-sorreraren arloan.

      1. Kalitatezko enplegu egonkorra sortzen sustatzea eta laguntzea, landa-eremuetako biztanleek aukera berdinak izan ditzaten. Horretarako, arreta berezia jarriko da emakumeentzako, gazteentzako eta enplegua lortzeko zailtasunak dituzten beste kolektibo batzuentzako programa espezifikoen garapenean.

      2. Ekintzailetzari eta landa-ingurunean eragina duten enpresen sorrerari laguntzen dioten funts, programa eta jarduketa instituzionalak koordinatzea, kalitatezko enplegu egonkorra sortzeko eta mantentzeko.

      3. Lanaren antolaketarako eredu berriak garatzen laguntzea. Horretarako, oinarri hartuko da ekonomia soziala, solidarioa eta lankidetzakoa. Horien garapenaren bidez, kalitatezko enplegua lortzeko eta belaunaldien arteko erreleboa eta emakumeen parte-hartzea bultzatzeko, informazioaren teknologia berriek, berrikuntza teknologikoek, bioekonomiak, digitalizazioak, 4.0 industriak, 4.0 nekazaritzak eta 4.0 abeltzaintzak eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatuko dira.

      4. Euskal landa-ingurunean enpresa txiki eta ertainak eta mikroenpresak atzitzeko eta egonkortzeko tresnak eta ekipamenduak bideratzea; horretarako oinarrizko zerbitzuak txertatzea, hala nola finantza-, aseguru-, aholkularitza- eta kudeaketa-zerbitzuak, enpresa-bilbeari testuinguru trinkoa eta fidagarria ziurtatzeko eta, hala, testuinguru horretatik abiatuta lan egiteko.

      5. Landa-ingurunean guneak gaitu eta dinamizatzea, gune fisiko nahiz birtualak, non ekintzaileek beren ekintzailetza-prozesua garatu ahalko duten, arlo publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana sustatuz eta gune horien sareko kudeaketa bultzatuz.

      6. Landa-turismo jasangarria sustatzea, bai eta jarduera horri lotutako jarduera ekonomikoak ere, hala nola, gastronomia, merkataritza, tokiko merkatuei lotutako ekipamenduen modernizazioa, nekazaritza-turismoak, kanpinak, landetxeak eta ostatu-eskaintzako beste modalitate batzuk. Horretarako, landako ostatu-establezimenduen garapena bultzatuko da, masifikazioa saihesteko eta jarduera tradizionalak eta natura-ingurunea errespetatzeko helburuarekin.

      7. Ekosistemak eta ekosistemen zerbitzuak iraunarazteari eta leheneratzeari lotutako jarduera ekonomiko jasangarriak bultzatzea, eta biztanleriaren osasuna eta ongizatea hobetzen laguntzen dutenak ere bai.

      8. Prestakuntza-programak garatzea, ekintzailetza eta barne-ekintzailetza sustatzeko eta landa-ingurunean enpresa-dinamismoa indartzeko.

      9. Emakumeen presentzia handiagoa sustatzea landa-inguruneko enpresa, kooperatiba, elkarte eta, oro har, erakundeen erabaki-organoetan, ingurune horretan emakumearen ahalduntzea indartzeko.

      10. Landa-ingurunean lehen mailako jarduera dibertsifikatzen eta jarduera berriak garatzen laguntzea.

      11. Landa-ingurunean lehendik dauden jarduerak indartzea, horien modernizazioa bultzatzea eta jarduera berriak ezartzea ahalbidetuko duen politika fiskala garatzea.

    5. Landa-nukleoetako eta landa-entitateetako oinarrizko azpiegituren arloan.

      1. Energia berriztagarri eta jasangarriei lotutako azpiegituren garapena indartzea, bereziki baso-biomasa erabiltzen duten azpiegiturena, helburu hirukoitz batekin: Euskadiren energia-nahikotasuna handituko duten energia-forma garbiak sortzea; ekonomiaren garapenerako nitxo berriak inplementatzea, eta baso-azalera handien kudeaketa ziurtatzea, hala arrisku naturalak saihestuz eta lurraldearen iraunarazpenean lagunduz, eta iturri berriztagarri eta jasangarrietatik sortutako energiaren autosorkuntza eta autokontsumoa erraztea, bai landa-guneetan, bai nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan.

      2. Kalitatezko oinarrizko azpiegituren sare bat bultzatzea, zeinak bermatuko baitu landa-inguruneko biztanleriak ur-, saneamendu-, telekomunikazio- eta elektrizitate-hornidura zerbitzuak eskura ditzan.

      3. Landa-eremuetako mugikortasuna erraztea eta, horretarako, errepide- eta bide-sarea eta garraio publikoa hobetzea, eta landa-eremuetako biztanleriaren egoerari eta beharrizanei egokitzen zaizkien sistema alternatiboak sustatzea, mugikortasun jasangarria bultzatuz.

      4. Landa-entitate, -udalerri eta -eremuetan ibai-arroak atontzeko eta leheneratzeko proiektuetan laguntza ematea.

      5. Lantegiak, eraldaketa-zentro txikiak, hiltegiak eta antzeko azpiegiturak sustatzea, ekoizpen-eredu jasangarriagoak bultzatzeko, etorkizunean elikadura-autosufizientzia handitzeko eta 0 km-ko elikagai seguru, osasungarri eta kalitatezkoen hornitzaile izateko.

    6. Etxebizitzaren arloan.

      1. Kalitatezko etxebizitza-politika bat bultzatzea, landa-ingurunearen beharrei eta aukerei egokituta, ingurune hori ohiko bizileku gisa erakargarri bihurtuko duena, espekulazioa saihestuko duena eta landa-inguruneko gazteei bidea emango diena etxebizitza eskuratzeko.

      2. Landa-inguruneko biztanleria mantentzea eta handitzea. Xede horrekin saihestuko da biztanleriak eremu horiek uztea eta populazio-dentsitate handiagoko beste batera joatea; gutxieneko biztanleriari bide emango zaio, iraunarazteko eta zerbitzu berriak abian jartzeko, bereziki osasun- eta hezkuntza-zentroak, eta populazio berria kokatzea erraztuko da, modu ordenatuan.

      3. Ondare higiezina hobetzen eta kontserbatzen laguntzea, eta hala, ondare horren nortasun kulturala zaintzea.

    7. Hezkuntzaren, kirolaren eta kulturaren arloan.

      1. Behar diren zerbitzuak ezartzea landa-eremuko biztanleriak hezkuntza-eskaintza behar bezala eskura dezan bultzatzea, biztanleria horren berezitasunak kontuan hartuko dituzten irizpide eta baremoak erabiliz, bereziki derrigorrezko irakaskuntzari dagokionez, urrunen dauden eta tamaina txikiena daukaten biztanleguneetan.

      2. Irakaskuntzaren kalitatea sustatzea, euskal landa-ingurunearen eta, batik bat, lehenengo sektorearen berezitasunei egokitzen zaizkien hezkuntza-arloko eredu, teknika eta jarraibide berritzaileetara joz; eredu, teknika eta jarraibide horiek, era berean, landa-eremuetako biztanleek ezagutzeko eta baloratzeko modukoak izango dira, eta lehentasun gisa eremu horietako emakumeen eta gazteen prestakuntza eta gaikuntza bultzatuko dute.

      3. Landa-eremuetako biztanleen unibertsitateko, lanbideko eta lanerako prestakuntza sustatzea, biztanle horien beharrizan zehatzei egokitutako prestakuntza garatuz.

      4. Hezkuntza-, kirol- eta kultura-ekipamenduak orokorrean antolatzeko bidea ematea, eta horretarako, balio eta funtzio anitzeko ekipamenduak sustatzea, eta dauden desorekak zuzentzea.

      5. Landa-eremuko kulturaren eta ondarearen ezagutza, zabalkundea eta balioa sustatzea, gizarteak orokorrean landa-ingurunean dauden prozesu eta balioen berririk ez daukala-eta, egoera hori gainditzeko modua delakoan.

      6. Landa-eremuetako natura-, historia-, kultura- eta paisaia-ondarea berreskuratzea, kontserbatzea, garatzea eta zabaltzea, euskararen erabilera eta sustapena zeharka bultzatuz.

    8. Osasunaren eta gizarte-ongizatearen arloan.

    9. Osasun-baliabideak urrunen dauden eta tamaina txikiena daukaten landa-guneetako biztanleengana modu progresiboan hurbilduko dituen osasun-eskaintza sustatzea, bereziki lehen mailako arretan, pertsona nagusiei eta behar bereziak dituztenei artatze egoki bat eskainiz.

      1. Landa-eremuko biztanleriaren beharrizanei erantzuteko bereziki diseinatutako farmazia-eskaintza sustatzea.

      2. Landa-entitate eta -udalerrietan jarduten duten Euskal Osasun Sistemako profesionalei eta zentroei bitarteko eta teknologia modernoak eskura jartzea; bereziki, telemedikuntza.

      3. Gizarte-ongizateko ekipamenduen garapenean laguntzea, talderik kalteberenei arreta berezia emanda.

      1. IKTen arloan.

      1. Telekomunikazio-azpiegituren hedapena bultzatzea eta horretarako bidea ematea, modu berean Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde osoan, eta bereziki azken teknologiako banda zabala hedatzea, landa-eremuko eragileek globalizazioan sartzeko eta parte hartzeko aukera izan dezaten, hala saihestuko baita hiriko lurraldearen eta landa-eremuko lurraldearen arteko arrakala digitala.

      2. Landa-ingurunean zerbitzuak diseinatzeko eta garatzeko sistema berriak ikertu eta bultzatzea, IKTak nahiz lurraldean banda zabalak daukan hedapena baliatuz, eta ordezko konponbideen bilaketan proaktiboak izanez.

        4.0 nekazaritza eta 4.0 abeltzaintza sustatuko dira, akademiarekin eta tokiko enpresekin elkarlanean. Teknologia digitalak landa-ingurunearen garapenean nekazaritza- eta abeltzaintza-sektorea sendotzeko eta hobetzeko erabiliko dira, sektorean beharrezko den sarea sortuz eta baliabide digitalak zein horien erabilerarako beharrezko prestakuntza helburu horren eskura jarriz.

    10. Berrikuntzaren arloan.

      1. Landa-eremuetako eragileen arteko lankidetza bultzatzea, ikerkuntzako eta berrikuntzako ekintzek benetako beharrizanak bete ditzaten.

      2. Gaikuntzarako, prestakuntzarako eta trebetasunen garapenerako tresnak eskura jartzea, landa-inguruneko eragileek berrikuntza baliatu ahal izan dezaten eta berrikuntza-prozesuetan gaitasun proaktiboa eduki dezaten. Horrekin batera, prestakuntza hori euskaraz jasotzeko eskubidea bermatuko da.

      3. Ezagutzaren sozializazioa sustatzea, akademiaren, ikerketaren eta aholkularitzaren esparruetatik nekazaritza-elikaduraren sektorera transferitzen dela ziurtatuz, baita esparru akademikoari nekazaritza-sektorearen behar zehatzak helaraztea ere. Horrez gain, ezagutzaren trukea erraztea azken erabiltzaileen eta elikaduraren balio-kateko mailen artean.

      4. Euskal landa-ingurunean berrikuntza sozialaren eredu jakin bat garatzea; eredu horren oinarriak dira eragile anitzeko ikuspegiak, baterako sorkuntza, herritarren zientzia eta arlo publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlan-formula berrien aldeko apustua.

      5. Talentua landa-eremuetara erakartzeko bide egokiak prestatzea, ekintzailetza bultzatuz eta enpresa berritzaileei inguru horietan kokatzeko erraztasunak emanez.

      6. Gastronomia eta elikaduraren balio-katearen digitalizazio integrala sustatzea, lurralde adimendunaren euskal estrategiarekin bat etorriz.

  1. Landa-eremuak identifikatuko dira, biztanleriarekin, nekazaritza-jarduerarekin eta biztanleria-dentsitatearekin lotutako parametroetan oinarrituta, besteak beste.

  2. Landa-eremuen kategorizazioa egingo da, honako hauen arabera:

    1. Arau honetan jasotako helburuekin lotutako garapen-eremuak ezartzea.

    1. Besteak beste, irizpide eta parametro demografikoak, geografikoak, ekonomikoak eta zerbitzu eta komunikabideetarako irisgarritasunekoak identifikatzea, landa-eremuen karakterizazioa errazteko ezarritako eremu bakoitzerako.

    1. Landa-eremuen kalteberatasun-maila desberdinak definitzea aipatutako eremu bakoitzerako.

  3. Garapen-eremu bakoitzerako landa-eremuen katalogazioa eta parametrizazioa erregelamendu bidez arautuko da geroago, erregelamendu hori lege hau onartu eta urtebete igaro baino lehen onetsiko da.

Politika instituzionalen bidez bultzatu eta babestu behar diren jarduketak oinarrizko bi programazio-tresnaren inguruan egituratuko dira. Lurralde-garapeneko programak (LuGP) eta landa-garapeneko eskualdeko programak (LGEP) dira tresna horiek.

  1. Landa-eremuen garapen sozioekonomikoa xede duten politikak, helburu orokorrak, helburu sektorialak eta jarduketa-ardatzak lurralde-garapeneko programen (LuGP) itxurapean agertuko dira.

  2. Ezartzen diren garapen-eremu bakoitzerako lurralde-garapenerako programa bat egingo da.

  3. Lurralde-garapeneko programetan honako hau jasoko da:

    7.2 artikuluan aipatutako landa-eremuen katalogazioa eta dagokien garapen-eremurako eta indarrean egongo den denbora-tartea mugatzea. Lurralde-garapeneko programen indarraldiak EBko egiturazko funtsak eraentzen dituzten urte anitzeko finantza esparruen indarraldiekin bat etorriko dira.

    1. Landagunearen egoeraren diagnostikoa, garapen-eremu bakoitzari lotutako helburu orokorrei eta sektorialei dagokienez, lege honen 5. eta 6. artikuluetan xedatuta; helburu horietako bakoitzerako ezarriko dira gehien nabarmentzen diren gabeziak, beharrizanak eta garapen sozioekonomikorako aukerak. Diagnostiko horretan zehaztuko dira garapen-eremu bakoitzari lotutako eragile sektorial nagusiak.

    2. Lortu beharreko helburu sektorial nagusien zehaztapena, 6. artikuluan agertzen direnen barruan, bultzatu beharreko jarduketa-ardatzak, 3.A) puntuan aipatutako katalogazioaren araberako lehentasuna eta zona-ikuspegia adierazita, eta lurralde historiko bakoitzari eragiten dioten berezitasunak, helburuak lortzen parte hartu behar duten eragile instituzional nagusiak azalduta.

    3. Lurralde-garapeneko programaren esparruan bultzatu beharreko jarduketei finantza-laguntza emateko aukeren azterketa, Europako Egitura eta Inbertsio Funtsei edo EBn dauden finantza-tresnei lotutako funts anitzeko ikuspegi batetik jorratuta, 19. artikuluan xedatuta dagoenaren arabera.

    4. Jarraipen-adierazleetan oinarritutako ebaluazio-sistema bat, programaren indarraldia amaitutakoan programa horrek izan duen eragina baloratzeko bidea emango duena. Ebaluazio hori entitate espezializatu independente batek edo euskal administrazioko entitate espezializatu batek egingo du.

    5. Genero-ikuspegia sartzea, arau honen 3. artikuluan ezarrita dagoenaren arabera. eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako martxoaren 3ko 1/2022 Legeko 23. artikuluaren arabera.

    6. Diruz lagundu daitezkeen lerroak, daudenak edo egon litezkeenak, aplikatzeari eta erabiltzeari dagokionez egin daitezkeen gomendioen zerrenda: xede horrekin azalduko da zein irizpide erabil daitezkeen jarduketa-ardatz bakoitzean bultzatu beharreko proiektuak baloratzeko, lehenesteko eta hautatzeko.

  4. Lurralde garapeneko-programen helburu sektorialek eta jarduketa-ardatzek lurralde-antolamenduko tresnetan azaltzen direnekin bat etorri beharko dute, zein bere jarduketako esparru geografikoan indarrean daudenekin, bai eta EBko landa-garapeneko politikaren ildo estrategikoekin ere.

  5. Lurralde-garapeneko programak Nekazaritza, Elikagaigintza eta Landa Garapen Politikako Batzordeak proposatuta egingo dira. Programa horiek egiteko prozesuan parte hartu eta lankidetzan aritu beharko dute Eusko Jaurlaritzako kasuan kasuko sailek, hiru foru-aldundiek eta udalerriek, Eudelen bitartez ordezkatuta; eta Hazi Fundazioaren kudeaketa-zerbitzuaren laguntza jasoko dute, alegia, Lurralde zerbitzuarena, eta landa-garapeneko elkarteena.

  6. Lurralde-garapeneko programek Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapen Politikako Batzordearen aldeko txostena izan beharko dute, aldez aurretik Euskadiko Nekazaritza, Elikagaigintza eta Landa Garapeneko Kontseiluari eta zuzen afektatutako toki-erakundeei kontsulta eginda, eta Gobernu Kontseiluaren eta eragindako lurraldeetako foru-aldundietako organo eskudunen erabakiz onartu beharko dira; bestalde, euskal administrazioaren bitarteko informatiko ofizialetan argitaratuko dira.

  7. Nolanahi ere, lurralde-garapeneko programetan barne hartzen badira erakunde jakinen eskumen esklusibokoak diren arloetako helburu eta jarduketa-ardatzak, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foru Organoen arteko Harremanei buruzko 27/1983 Legearen arabera, edo toki-erakundeek eskumenak dituzten gaietan, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen arabera, haietatik eratorritako neurri edo jarduketak onartzeko ezinbestekoa izango da administrazio horietako bakoitzak ezarrita dituen prozeduretan xedatutakoa betetzea.

  8. Lurralde-garapeneko programak erreferentziatzat hartuko dira landa garapeneko eskualdeko programak (LGEP), tokiko garapen-planak (TGP) eta, hala badagokio, partaidetzazko toki-garapenaren estrategiak (PTGE) egiteko.

  1. Lurralde-garapeneko programetan azaltzen diren helburu orokorrak, helburu sektorialak eta lehentasunezko jarduketa-ardatzak landa-garapeneko eskualdeko programen (LGEP) bitartez agerrarazi eta betearaziko dira. Programa horiek Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapen Politikako Batzordeak irizpide geografikoen arabera zehazten dituen eskualdeetan aplikatuko dira, foru-aldundien babesa izanda.

  2. Landa-garapeneko eskualdeko programek jasoko dituzte, eskualdeko jarduera-eremu bakoitzerako eta metodologia komun baten pean, eragindako lurralde garapeneko programetatik eratorritako helburu sektorial espezifikoak eta ezarri beharreko jarduera-ildoak, lehentasun-maila adierazita. Horrez gain, gobernantzaren eta finantzen aldetik egon daitezkeen ondorioak ere jasoko dituzte; bai eta adierazitako helburu eta jarduketa-ildo bakoitzerako erabili beharreko laguntza-tresnak ere. Halaber, landa-garapeneko eskualdeko programek programa bakoitzaren ebaluaziorako jarraipen- eta eragin-adierazleak izango dituzte, eta genero-ikuspegia sartuko da arau honen 3. artikuluan xedatuta dagoenaren arabera eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako martxoaren 3ko 1/2022 Legeko 23. artikuluaren arabera.

  3. Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapen Politikako Batzordeak eskatuta egingo dira landa-garapeneko eskualdeko programak, foru-aldundien babesa izanda. Dagozkien landa-garapeneko elkarteek egingo dituzte, ekainaren 25eko 158/2002 Dekretuak edo haren ordezko arauak ezarritakoaren arabera Hazi Fundazioaren Lurralde kudeaketa-zerbitzuarekiko lankidetzan.

  4. Eusko Jaurlaritzan landa-garapenaren arloko eskumena duen saileko titularraren eta eragindako lurraldeetako foru-aldundietako organo eskudunen agindu bidez onartuko dira landa-garapeneko eskualdeko programak, aurrez Euskadiko Nekazaritza, Elikagaigintza eta Landa Garapeneko Kontseiluari kontsulta eginda eta Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapen Politikako Batzordeak aldeko txostena eman ondoren. Onetsi eta gero eragindako toki-erakundeei jakinaraziko zaie, jakinaren gainean egon daitezen.

    Bestalde, landa-garapeneko eskualdeko programek toki-erakundeen eskumenekoak diren gaiei eragiten badiete, dagokien toki-erakundeek onartu beharko dute landa-garapeneko eskualdeko programak beren erakundean aplikatzea, bai eta haietatik sortzen diren proiektuak edo programak gauzatzea ere.

  5. Landa-garapeneko eskualdeko programak aplikatzeko denbora-eremua eta lurralde garapeneko programak aplikatzekoa berbera izango da; hala ere, aplikatzen hasten direnetik hiru urte igarotakoan, euskal administrazioko entitate independente batek programa bakoitzaren tarteko ebaluazioa egingo du. Ebaluazio horretatik baliteke programetan aldaketak sortzea, baldin eta entitate ebaluatzaileak hala gomendatzen badu, eta Eusko Jaurlaritzan eta hiru foru-aldundietan landa-garapenaren arloko eskumena daukaten sailek egokitzat jotzen badute, Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapen Politikako Batzordeak erabakia hartu ondoren.

  6. Behetik gorako parte-hartzea ahalbidetzeko diseinatutako metodologia bat baliatuko da («bottom-up»), eskualdean ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren arloan ordezkaritza handiena duten eragileek parte har dezaten. Metodologia hori Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapen Politikako Batzordeak adostu eta baliozkotuko du, aldez aurretik Euskadiko Nekazaritza, Elikagaigintza eta Landa Garapeneko Kontseiluari kontsulta eginda, eta herritarrek parte hartzean euskara erabiltzeko duten eskubidea bermatuko du.

  7. Landa-garapeneko eskualdeko programetan jasotako jarduera-ildoen ondorioz gauzatu beharreko ekintzak eta haien lehentasun-maila urteko kudeaketa-planetan zehaztuko dira.

  8. Arlo horretako eskumena duen instituzioari dagokio landa-garapeneko eskualdeko programak egikaritzea, bat etorriz Lurralde Historikoen Legean eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legean ezarritakoarekin.

  1. Landa-eremuak dituzten udalek, bai eta landa-kontzejuek ere, borondatez, berariazko planak prestatu ahalko dituzte. Plan horietan, lege honen 4. artikuluan aurreikusitako helburu estrategiko bakoitzerako, udalaren jarduketa-esparruan aztertu beharreko beharrizan eta proiektu nagusien multzo egituratua jasoko da.

  2. Plan hori egiteko prozesuan, parte-hartzeko prozesu bat diseinatu eta garatuko da, eskualdean ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren arloan ordezkaritza handiena duten eragileak inplikatzeko, besteak beste, landa-garapeneko elkarteak.

  3. Tokiko garapen-planek (TGP) horien esparru geografikoari eragiten dioten lurralde-garapeneko programekin eta landa-garapeneko eskualdeko programekin bat etorri beharko dute, plangintza egiteko gutxienez bi urteko epemuga eduki beharko dute, eta dagokien gobernu-organoek onartu beharko dituzte. Horrez gain, Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapen Politikako Batzordeak baliozkotu beharko ditu; batzorde horrek, hain zuzen, planak egiteko metodologia balioetsiko du, Euskadiko Nekazaritza, Elikagaigintza eta Landa Garapeneko Kontseiluari kontsulta egin ondoren.

Gobernantza bi jarduketa-ikuspegiren pean egituratuko da, eta ikuspegi horietan hainbat eragilek parte hartuko du; hona hemen ikuspegi horiek:

  1. Ikuspegi instituzionala. Horren bidez koordinatuko, sustatuko, gauzatuko eta gainbegiratuko dira Eusko Jaurlaritzatik, foru-aldundietatik eta toki-erakundeetatik beren eskumenen esparruan prestatutako sektoreko jarduketa estrategiko nagusiak, lurralde-garapeneko programetan ezarritako lehentasunezko jarduketa-ardatzen eta sektoreko helburuen arabera.

  2. Tokiko ikuspegi publiko-pribatua. Horren bidez proposatuko eta bultzatuko dira lurzoruari buruzko jarduketak eta proiektuak, landa-garapeneko eskualdeko programa bakoitzean ezarritako helburu sektorialei lotuak; halaber, proiektuen hautaketa kudeatuko da, eta proiektuok abian jartzeko finantza-tresnarik efikazenak identifikatuko dira.

  1. Eusko Jaurlaritzan landa-garapenaren arloan eskumena duen sailak koordinatuko du ikuspegi instituzionalerako gobernantza, Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapen Politikako Batzordearen bitartez; eta landa-garapenaren arloan eskumena duten Eusko Jaurlaritzako zein foru-aldundietako sailetatik zein dagozkion toki-erakundeetatik bultzatuko da.

  2. Halaber, gobernantzaren esparru horretatik abiatuta zehaztuko dira lege honen 19.4 artikuluan ezarritako funts anitzeko ikuspegia, bidezkoa denean, aplikatzeari buruz hartu beharreko erabakiak, bai lurralde garapeneko planen programen esparruan edo landa garapeneko eskualdeko programen esparruan erabiltzeko.

  3. EAEko Administrazio orokorrak zein foru-administrazioek sustatutako plan, programa eta ekimen instituzionalak onartu aurretik, instituzio sustatzailean landa-garapenaren arloko eskumena duen sailak txosten loteslea egin beharko du, erregelamenduz ezartzen den prozeduraren eta artikulu honetan xedatuta dagoenaren arabera, baldin eta plan, programa eta ekimen horiek lege honetan aurreikusitako landa-eremuei eragiten dieten helburu orokor edo sektorialekin zerikusia badute.

  4. Artikulu honetan xedatutakoa betetzeko, artikulu honetako lehen apartatuan aipatutako administrazioetako bakoitzean landa-garapenaren arloan eskumena duten zuzendaritzek edo unitateek honako eginkizun eta jarduketa hauek bete beharko dituzte:

    1. Aurreko apartatuan ezarritako nahitaezko txostenak egitea.

    2. Artikulu honetako 5. zenbakian adierazitako gomendioen eta txosten lotesleen betetze-mailaren jarraipena egitea.

    3. Lege honetako 19. artikuluan ezarritako finantza-xedapenen betetze-maila gainbegiratzea, EBren egitura-funtsen programa operatibo instituzionalekin lotuta.

    4. Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapen Politikako Batzordeak agintzen dizkion beste eginkizun guztiak.

  5. Zuzendaritza edo unitate horiek, hala badagokio, Lurralderen laguntza teknikoa izango dute, alegia, Hazi Fundazioaren kudeaketa-zerbitzuaren laguntza. Erregelamenduz ezarriko dira honako hauek administrazio bakoitzaren barruan: antolaketa, erabakiak hartzeko eta txostenak izapidetzeko prozedurak, txostenekiko desadostasunak gertatuz gero sor daitezkeen kasuistikak, eta apartatu honetan agindutako eginkizunei buruz sor daitezkeen beste gai batzuk.

  6. Txostenak gehienez bi hilabeteko epean egingo dira eta, nahitaez, Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapen Politikako Batzordeari igorriko zaizkio, onar ditzan.

  7. Behin onartuta, txostenak lotesleak izango dira ezartzen diren landa-eremu guztietan. Txosten horietan aztertuko da planak, programak eta ekimen instituzionalak lurralde-garapeneko programetara egokitzen diren, horien jarduketari dagokion lurralde-esparruan; xede horrekin gainbegiratuko da ea plan, programa eta ekimen instituzional horietan kontuan hartu diren lurralde-garapeneko programa bakoitzerako definitutako landa-eremuaren beharrizan, lehentasun, helburu sektorial eta jarduketa-ardatzak, eta bidezkoa denean aldatu edo berrikusi behar diren edukiak azalduko dira. Geroago, eragindako instituzioari eta sailei igorriko zaizkie txostenak.

  8. EAEko landa-eremu batean, dela lurralde-garapeneko programen esparru geografikoan, dela landa-garapeneko eskualdeko programen esparru geografikoan Europako Egitura eta Inbertsio Funtsei edo EBn dauden finantza-tresnei lotutako funts anitzeko ikuspegi bat aplikatzeko erabakia, 19.4 artikuluan xedatuta dagoenaren arabera, Gobernu Kontseiluaren erabakiz hartuko da, Eusko Jaurlaritzan landa-garapenaren arloko eskumena duen saileko sailburuak hala proposatuta, Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapen Politikako Batzordeak erabakia hartu ondoren.

  1. Tokiko gobernantza publiko-pribatua Hazi Fundazioak koordinatuko du; horretarako, erakunde horretan lurralde-garapena xede izango duen kudeaketa-zerbitzu berria sortuko da, Lurralde izenekoa.

  2. Lurraldek beharrezkoa den egitura teknikoa eta administratiboa izango du 15. artikuluan esleitzen zaizkion funtzioak eraginkortasunez egiteko.

  3. Antolaketaren eta kudeaketaren arloan, Lurralde bi lurralde-esparrutan egituratuko da:

    1. Eskualde-esparrua. Ezartzen diren eskualdeetako eremu geografikoetan.

    2. Eskualdez gaindiko esparrua.

  4. Gobernantzaren eskualdeko ikuspegia landa-garapeneko elkarteetan (LGE) oinarrituta artikulatuko da; elkarte horiek, borondatez eta Lurralde zerbitzuarekin koordinatuta, Administrazio publikoaren erakunde laguntzaile gisa aitortuko dira.

  5. Lotura hori gauzatzeko, elkarteek urte anitzeko lankidetza-hitzarmen bat sinatuko dute Eusko Jaurlaritzan landa-garapenaren arloko eskumena duen sailarekin, bai eta landa-garapenerako elkartearen eremuko lurralde historikoari lotutako foru-aldundiko sail eskudunarekin ere.

  6. Lankidetza-hitzarmenaren helburu nagusia tokiko gobernantzaren egungo eredua indartzea izango da; hala, landa-garapeneko elkarteen funtzionamendu integratua eta eraginkorra ahalbidetuko da, gobernantza instituzionalaren ikuspegiarekin bat datorrena.

  7. Hitzarmen horrek bertan jasotako funtzioak eta jarduketak behar bezala gauzatzearekin lotutako antolakuntza-, finantza- eta kudeaketa-alderdiak arautuko ditu. Jarduketa horien artean daude, besteak beste, landa-garapeneko eskualdeko programak egitearekin eta kudeatzearekin zerikusia dutenak, baita urteko kudeaketa-planak egitearekin lotutakoak ere.

  8. Bestalde, hitzarmena sinatzeko, landa-garapeneko elkarteek honako hauek jaso beharko dituzte beren estatutu-xedeetan:

    1. Lege honetan jasotako helburu orokorrak eta sektorialak.

    2. Dagokion eremu geografikoan ordezkaritza handiena duten eragile sozioekonomiko eta sektorialekin integratzea edo lankidetzan aritzea. Honako hauek hartuko dira halakotzat, gutxienez:

      1. Udalak, kontzejuak, kuadrillak eta bestelako toki-erakundeak.

      1. Eskualdean dauden sektore ekonomiko nagusietako eta gizarte-, kultura- eta ingurumen-arloko ordezkariak.

      1. Ekintzailetzari, ekonomiaren garapenari edo berrikuntzari laguntzeko entitateak.

      1. Elkartegintza-sare publiko-pribatuko entitateak, bereziki nekazaritzako lanbide-erakundeetakoak eta landa-inguruneko emakumeen elkarteetakoak.

  9. Lankidetza-hitzarmena sinatzen duten landa-garapeneko elkarteek beren estatutuetan jasotako gainerako eginkizunak betetzen jarraitu ahal izango dute, betiere dagokion hitzarmenean adostutakoaren aurkakoak ez badira.

  10. Erregelamenduz ezarriko dira lankidetza-hitzarmenek jaso beharreko gutxieneko edukiei, iraupenari eta ondorioei buruzko xedapenak garatzeko administrazio-prozedurak, bai eta kudeaketa-planak ez betetzeak edo landa-garapeneko elkarteek hitzarmena bertan behera uzteak ekar ditzakeen ondorioak ere. Nolanahi ere, haiek egikaritu eta garatzeko urteko zuzkidura ekonomikoak EAEko aurrekontu orokorren legeek xedatutakoaren araberakoak izan beharko dira.

  11. Eusko Jaurlaritzarekin eta foru aldundiekin sinatutako lankidetza-hitzarmenetik kanpo geratzen diren arloetan, lurralde historiko bakoitzean eta EAEn sortutako landa-garapeneko elkarteen federazioek landa-garapeneko elkarteak koordinatzeko eginkizuna izango dute, udalerriz edo eskualdez gaindiko interesa duten ideiak, proiektuak eta ekimenak bateratuz. Horretarako, eta beharrezkoak diren proiektuak garatzeko, administrazioekin hitzarmenak egin ahal izango dituzte federazioek.

  1. Eskualdez gaindiko esparruan, Lurralderen eginkizunak honako hauek dira:

    1. Lurralde-garapeneko programak prestatzen laguntzea, programa horien berri izatea eta horien zabalkundea egitea, eta horrez gain programa horiek kontuan hartzea landa-garapeneko eskualdeko programak prestatzeko.

    2. Landa-garapeneko eskualdeko programak egiteko metodologia diseinatzea.

    3. Lege honen 13.3 artikuluan aurreikusitako plan, programa eta ekimen instituzionalen berri izatea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoan, Estatuan eta EBn proiektu sektorialei finantzaketa-babesa emateko laguntza instituzionalen lerro nagusien berri ere.

    4. Lurralde-garapeneko programak eta landa-garapeneko eskualdeko programak sustatzen eta garatzen diharduten eragile sektorial, elkarte, entitate eta antolakundeekin koordinatzea eta beraiekin batera sinergia eta proiektuak bilatzea.

    5. Zeharkako proiektuetan, proiektu pilotuetan, berariazko proiektuetan edo esparru sektorial batean espezializatzeko proiektuetan, barnekoetan zein Europako eta nazioarteko eremuetako proiektuetan, mintzakide eta partaide izatea.

    6. Lurralde-garapenari lotutako arau-proposamen, joera, foro eta proiektu berritzaileen jarraipena egitea, halakoek Europan zein nazioartean elkartrukea eta zeharkako elkarlana egiteko bokazioa badaukate.

    7. Lege honen 16. artikuluaren bidez sortutako Landa Garapenaren Euskal Sarearen bileretan parte hartzea, eta Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapen Politikako Batzordearen mintzakide izatea.

    8. Lege honen 13.4 artikuluan aurreikusitako jarduketak eta eginkizunak gauzatzeko laguntza teknikoa ematea.

    9. Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapen Politikako Batzordearen Idazkaritza Teknikoari laguntzea, azken xedapenetatik lehenengoan ezarritakoaren arabera.

    10. Eratzen diren toki-ekintzako taldeekin lankidetzan aritzea.

    11. Adierazle-sistema bat ezartzea, Eusko Jaurlaritzarekin, foru-aldundiekin, Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapenerako Politikako Batzordearekin eta Landa Garapenerako Euskal Sarearekin partekatuta, eta Eustat, UPV/EHU eta eskualdean ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren arloan ordezkaritza handiena duten eragileak.

    12. Adierazle-sistema horren bidez landa-garapeneko eskualdeko programak (LGEP) eta tokiko garapen-programak (TGP) ebaluatzea.

  2. Eskualdeko esparruan, Lurralderen funtzioak honako hauek dira:

    1. Landa-garapeneko elkarteak dinamizatzea eta koordinatzea, lege honen 14.4 artikuluaren arabera.

    2. Landa-garapeneko eskualdeko programak egiteko, dagozkion landa-garapeneko elkarteekin lankidetzan aritzea, bai eta indarraldia amaitu ondoren horien ebaluazioa egitea ere, eskualdeen eta toki-erakundeen arteko oreka bermatzeko helburuarekin.

    3. Landa-garapeneko eskualdeko programetan aurreikusitako helburu sektorial zehatzak eta jarduketa-ildoak bultzatzea eta zabaltzea, bai eta garatu beharreko proiektuak ere.

    4. Urteko kudeaketa-planak bultzatzea eta haien jarraipena egitea.

    5. Landa-garapeneko eskualdeko programekin nahiz urteko kudeaketa-planekin bat datozen proiektuak atzitzea, eta proiektuen kudeaketan aholkua ematea, bideratzea eta bitartekari-lana egitea, proiektuok egituratu eta finantzatzeko.

    6. Urteko kudeaketa-planetan jasotako proiektu edo jarduketa jakin batzuk gauzatzea, hala badagokio, 10.8 artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

    7. Sustatzaile diren pertsona eta entitateei aholkua ematea eta pertsona eta entitate horiek bideratzea eta haiei laguntza ematea, urteko kudeaketa-planetan aurreikusitako proiektu eta jarduketei buruz.

    8. Ekintzailetza sustatu eta bideratzea.

  3. Zehazki, landa-garapenean eskumena duten Eusko Jaurlaritzaren sailek eta foru-aldundiek deitutako laguntzetan, aholkularitza horrek proiektua landu, laguntza-lerroetan txertatu eta administrazio-gaietarako laguntza emango du, besteak beste.

  4. Lurraldek urteko memoria bat egingo du, bi lan-eremuetan bultzatutako jarduera eta proiektu nagusien berri emateko. Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapen Politikako Batzordeak baliozkotuko du memoria hori.

  1. Halaber, tokiko gobernantza publiko-pribatuaren barruan, Landa Garapenaren Euskal Sarea sortu da. Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean landa-garapenaren arloko eskumena duen sailari atxikita dago, honako helburu honekin: landa-garapenean parte hartzen duten entitate eta eragileen arteko lotura, koordinazioa eta lankidetza sustatzea.

  2. Sare horretan sartuko dira Eusko Jaurlaritzako, foru-aldundietako, Eudeleko eta Arabako Kontzejuen Elkarteko (ACOA-AKE) kargudun instituzionalak nahiz teknikariak, bai eta kuadrillak, Lurralde, landa-garapeneko elkarteak eta toki-ekintzako taldeak ere, eta, orokorrean, erreferentziako beste erakunde sektorialak eta landa-garapeneko eskualdeko programen hedapenean parte hartzen duten gainerako eragileak. Sare ireki gisa eratzen da, aztertu beharreko gaien arabera egokiak diren entitate eta eragileak apurka biltzeko.

  3. Hauek izango dira sarearen eginkizunak, besteak beste:

    1. Ezagutzaren antena izatea landa-garapenaren arloko Europako esparruari dagokionez.

    2. Esperientzia eta proiektu berritzaileak ezagutzera eman eta konpartitzea, Euskadikoak nahiz Europako beste landa-eremu batzuetakoak, eskualde batzuentzat aukera-inputa direlakoan.

    3. Denen beharrizanen identifikazioa eta beharrizan horiei ikusmolde orokor batetik ekiteko planteamenduak partekatzea.

    4. Foro bat garatzea gai zehatzei ekiteko, hainbat xede kontuan hartuta: proiektuak garatzea, partaideen artean harremana izatea, informazio esanguratsua txertatzea, prestakuntza-ikastaroak egitea eta abar.

  4. Sarearen egitura, osaera eta eginkizunak erregelamenduz garatuko dira.

Batasuneko araudiaren arabera LEADER ikuspegirako sortzen diren toki-ekintzako taldeek beren partaidetzazko toki-garapenaren estrategiak lerrokatu beharko dituzte: landa-garapeneko eskualdeko programekin, jarduketa-esparrua eskualdea bada, edo lurralde-garapeneko programekin, jarduketa-esparrua eskualdez gaindikoa bada.

  1. Landa-garapeneko eskualdeko programetan sustatu eta inplementatu beharreko jarduketak esparru sektorial bakoitzean aurreikusitako laguntza instituzionalen programen bidez finantzatuko dira, une bakoitzean eta instituzio bakoitzean indarrean dauden administrazio-prozeduren eta finantza-kontroleko prozeduren arabera.

  2. Eusko Jaurlaritzan eta hiru foru-aldundietan landa-garapenaren arloko eskumena duten sailetako dirulaguntza-ildo edo finantza-tresnak eskuratu nahi badira, eskualde bakoitzeko urteko kudeaketa-planetan aurreikusitako proiektu edo jarduketa pribatu edo publiko oro landa-garapeneko elkarteen bitartez edo Hazi Fundazioaren Lurralde zerbitzuaren bitartez bideratu ahalko da eta, behar denean, horien aholkuak ere jasoko ditu.

  3. Landa-garapenaren kudeaketari lotutako euskal instituzioek bultzatuko dute Euskadiko landa-eremuetan inplementatzen diren ekimenei laguntzeko finantza-tresnak abian jar daitezela. Finantza-tresna horiek arlo honetako Batasuneko xedapenekin bat etorri beharko dute.

  4. Landa-garapenean eskumena duten Eusko Jaurlaritzako edo foru-aldundietako sailekin lotutako laguntzen planek eskualdeko landa-garapeneko programetan edo tokiko garapen-planetan trakzio-izaera duten proiektuak hobetsiko dituzte.

  5. Urtero, landa-garapenean eskumena duten Eusko Jaurlaritzako edo foru-aldundietako sailek kudeatutako diruz lagundu daitezkeen laguntzen lerroetarako funts eskuragarriak, LEADER ikuspegitik kanpo daudenak, plangintza-tresnetan zehazten diren estrategiak eta lehentasunak eta Euskadiko landa-eremuen karakterizazioa kontuan hartuta banatuko dira.

  6. Landa-garapenaren arloan eskumena duten euskal erakunde publikoek finantza-tresna propioak bermatuko dituzte, lege honetan jasotako plangintza-tresnak garatzeko beharrezkoak diren egiturak mantentzetik haratago, landa-garapeneko eskualdeetako programetan jasotako proiektu zehatzak garatzeko helburuarekin.

  1. EAEn Europako Egitura eta Inbertsio Funtsak edo, hala badagokio, EBren beste finantza-tresna batzuk egituratzeari lotutako programa eragile instituzional guztiek, beren finantza-baliabideen zati bat erabili beharko dute lurralde-garapeneko programetan jasotako jarduketa-ardatzetako batean gutxienez laguntza emateko.

  2. Lege honen 13.4 artikuluan ezarritako unitate eskudunei dagokie aurreko manua betetzen dela egiaztatzea.

  3. Jaurlaritzan programen kudeaketako agintaritza gisa edo Estatuaren kudeaketa-ordezkaritza gisa eskumena duen saila arduratuko da funts instituzional horien programa eragileak kudeatzeaz.

  4. Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, funts anitzeko ikuspegi bat aplikatu ahalko zaie EAEko landa-eremu guztiei edo haien zati bati, Batasuneko legeriak partaidetzazko toki-garapenaren estrategien, lurralde-inbertsio integratuen (LII), lankidetza-proiektuen edo ikuspegi hori ahalbidetzen duen beste edozein finantza-bitartekoren arloan zein aukera ematen dituen kontuan hartuta.

  5. EAEko landa-eremu jakin baterako funts anitzeko ikuspegi bat aplikatzeko proposamena Eusko Jaurlaritzan landa-garapenaren arloko eskumena duen sailak egin beharko du. Proposamen horretan jaso beharko da funts bakoitzaren finantza-esleipena eta, onartuz gero, 13.8 artikuluan xedatuta dagoenaren arabera, funtsen egituraketa eta kudeaketa.

Landa-garapeneko elkarteen berariazko araudiari buruzko 158/2002 Dekretuaren arabera aitortutako landa-garapeneko elkarteek aitorpen horri eutsiko diote, bai eta arau horren arabera eman edo hitzartutako eginkizunei ere, araua lege honetan xedatutakora egokitzeko aldatzen edo ordezten ez den bitartean.

Indargabetuta geratzen dira maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, lege honetan ezarritakoaz bestelakorik dioten edozertan, eta bereziki 10/1998 Legea, apirilaren 8koa, Landa Ingurunearen Garapenerakoa, eta 95/1998 Dekretua, ekainaren 2koa, Landaberriren eta Landa Garapenerako Kontseilu Aholkulariaren antolamendu eta funtzionamenduari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Abenduaren 23ko 17/2008 Legea, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikakoa, aldatzea.

Bat. Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legeko 92. artikulua honela idatzita gelditzen da:

  1. Euskadiko Nekazaritza, Elikagaigintza eta Landa Garapeneko Kontseilua eratzen da, Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean nekazaritzako eta elikagaigintzako gaietan eta landa-garapeneko gaietan eskumena daukan sailari atxikia. Koordinatzeko, kontsultatzeko eta aholkularitza teknikoa emateko helburua izango du, euskal nekazaritza-administrazioen eta sektoreko eragile adierazgarrienen artean, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-politikak eta landa-garapenerako politikak diseinatzeko nahiz dagozkion beste gaiak lantzeko helburuz. Halaber, kontseilu aholku-emaileak eratu ahal izango dira lurralde historiko bakoitzean.

  2. Euskadiko Nekazaritza, Elikagaigintza eta Landa Garapeneko Kontseiluaren eta, hala badagokio, eratzen diren lurralde-kontseiluen ordezkaritza eta eginkizunak erregelamenduz ezarriko dira.

  3. Lehendakariak izendatuko ditu Nekazaritza, Elikagaigintza eta Landa Garapeneko Kontseiluko kideak, ordezkatuta dauden erakundeen proposamenak kontuan hartuta.

  4. Gaiaren berezitasuna dela-eta Nekazaritza, Elikagaigintza eta Landa Garapeneko Kontseilutik kanpoko bestelako erakundeetako edo esparruetako ordezkarien parte-hartzea beharrezkoa bada, lehendakariak bileratara etor daitezen dei egingo die, Kontseiluak eskatzen badio, aurrez kide gehienek hala adostu dutelako. Kanpoko ordezkariok kideen eskubide eta betebehar berberak izango dituzte, baina gai jakin horretan besterik ez.

Bi. Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legeko 93. artikulua, honela idatzita gelditzen da:

  1. Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapen Politikako Batzordea eratu da. Honako kide hauek izango ditu, gutxienez: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan nekazaritza- eta elikagaigintza-gaietan eta landa-garapeneko gaietan eskumena daukan saileko titularra, lehendakari-lanetan; sail bereko bi ordezkari, zuzendari-kargua daukatenak, gutxienez, eta foru-aldundi bakoitzeko ordezkari bat, diputatu kargua daukana, gutxienez, nekazaritza- eta elikagaigintza-gaietan eta landa-garapeneko gaietan.

  2. Batzorde horrek Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-politikak diseinatuko ditu, nekazaritza eta elikagaigintzako ekintza-plan eta -programak proposatuko ditu, landa-garapeneko politikak sustatu eta baliozkotuko ditu eta intereseko gaiak ere eztabaidatuko ditu.

  3. Hala ere, batzordeak aztertu beharreko gaiak landa-garapenaren arlokoak badira eta tokiko erakundeei badagozkie, Eudeleko hiru ordezkari ere sartuko dira batzorde horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko bakoitzeko bat, bai eta Arabako Kontzejuen Elkarteko (ACOA-AKE) ordezkari bat ere.

  4. Batzordean parte hartu ahal izango dute, halaber, hura osatzen duten erakundeetako sailetako beste ordezkari batzuek, eztabaidatzen diren gaien eta politika sektorialen arabera.

  5. Gainera, batzordeko edozein kidek proposatuz gero, behar adina lagun joan daitezke bileretara, batzordean eztabaidatzekoak diren gai jakin batzuetan daukaten ezagutza espezifikoa eta eskumena kontuan hartuta.

  6. Batzordeak Idazkaritza Tekniko bat izango du, artikulu honen 1. apartatuan aipatutako Eusko Jaurlaritzako eta foru-aldundietako sailetako teknikariek osatua, legeak esleitzen dizkion eginkizunetan laguntzeko.

Hiru. Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legeko 94. artikulua, honela idatzita gelditzen da:

Arauz zehaztuko dira Euskadiko Nekazaritza, Elikagaigintza eta Landa Garapeneko Kontseiluaren eta Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapen Politikako Batzordearen osaera, eginkizunak eta barne-araubidea, bai eta Idazkaritza Teknikoarena ere.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen aldaketa.

Bat. Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeko 221. artikulua aldatzen da, 10. puntu berri bat sortuz, honako testu honekin:

  1. Dena delako jarduera Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen aplikazio-eremuan badago, kapitulu honetako 219. artikuluan aipatutako lizentziaren xede diren jarduketei dagokienez, xedapen horren 10. artikuluan jarduera-lizentziei buruz agintzen dena bete beharko da.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Ehizaren 2/2011 Legea, martxoaren 17koa, aldatzea.

Aldatu egiten da Ehizaren martxoaren 17ko 2/2011 Legeko 36 artikuluko 3. apartatua, eta honela idatzita geratuko da:

Debekatuta dago honako ekintza hauetako edozein egitea hezeguneetan, hezeguneetatik 100 metro baino gutxiagora edo ibai-ibilguetatik 100 metro baino gutxiagora:

  1. Beruna duen munizioa jaurtitzea.

  2. Era horretako edozein munizio garraiatzea tiroan aritu bitartean edo tiroan aritzera joatean, lehen aipatutako eremuetan.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA. Erregelamendu bidezko garapena.

  1. Gobernu Kontseiluak onespena eman beharko die lege hau aplikatu eta garatzeko legean bertan jasotako xedapenei; nolanahi, lurralde historikoek ez dute galduko dagozkien erregelamendu-garapeneko eskumenak.

  2. Ahalmena ematen zaio landa-garapenean eskumena duen saileko titularrari lege honen eduki tekniko hutsak egokitzeko eta, hala badagokio, Europako araudiaren zein Estatuko oinarrizko legediaren aldaketetara egokitzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

    AZKEN XEDAPENETAKO BOSGARRENA. Indarrean jartzea.

    Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

    Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

    Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 5a.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.