Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Arautegia

Inprimatu

11/2021 LEGEA, abenduaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 261
  • Hurrenkera-zk.: 6445
  • Xedapen-zk.: 11
  • Xedapen-data: 2021/12/23
  • Argitaratze-data: 2021/12/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak 11/2021 Legea, abenduaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei

  1. Onartu egiten dira Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urteko Aurrekontu Orokorrak, betiere lege honek ezartzen duen eran eta moduan.

  2. Eusko Legebiltzarraren aurrekontua ere lege honen barruan sartzen da, hala ezartzen baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zenean), 25.2.a artikuluan.

  3. Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren aurrekontua ere lege honen barruan sartzen da, hala ezartzen baita otsailaren 5eko 1/1988 Legearen 24. artikuluan.

  4. Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren aurrekontua ere onartzen da eta lege honen barruan sartzen da, hala ezartzen baita Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen 13. artikuluan.

  5. Lege hau aplikatzekoa izango zaie lege honen beronen onarpenaz geroztik sortzen diren entitateei eta dagozkien aurrekontuei.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aurrekontuan jasotako gastuen kopurua 13.107.800.000 eurokoa da ordainketa-kredituetarako. Konpromiso-kredituei dagokienez, bestalde, 1.900.189.516 eurokoa; azken kreditu horiek 2022az geroztik izango duten urtekako aurrekontu-banaketa I. eranskinean zehazten da.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aurrekontuan jasotako diru-sarreren kopurua 13.107.800.000 eurokoa da. Bereziki, diruzaintzako gerakin berekiei dagozkien 250.000.000 euro sartu dira.

  3. Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 90.etik 93.era bitarteko artikuluek xedatutakoari jarraituz, Euskal Autonomia Erkidegoak Euskal Herriko Unibertsitaterako bereizten duen aurrekontu-zuzkidura 340.016.579 eurokoa da, honela banatuta:

    Ekarpen arrunta: 282.060.404 euro gastu arruntetarako eta 1.800.000 euro kapital-eragiketetarako.

    Programa-kontratuak finantzatzeko ekarpen gehigarria: 33.880.316 euro.

    Inbertsiorako urte anitzeko plana finantzatzeko kredituak: 3.500.000 euro.

    Banakako ordainsari-osagarriak finantzatzeko kredituak: 18.775.859 euro.

  1. Organismo autonomoen aurrekontuetako gastuen egoera-orrietan ordainketa-kredituak eta konpromiso-kredituak onartzen dira ondorengo taulan zehazten diren zenbatekoekin; konpromiso-kredituak 2022az geroztik izango duten urtekako aurrekontu-banaketa lege honen I. eranskinean zehazten da:

    (Ikus .PDF)

  2. Aipatutako organismo autonomoen diru-sarrerei dagokienez, organismo horietako bakoitzerako izendatutako ordainketa-kredituen guztizko zenbateko bera jasotzen da diru-sarreren egoera-orrietan ere. Bereziki, ondoren zehazten diren kopuruak sartu dira, diruzaintzako gerakin berekiei dagozkienak, organismo horietako bakoitzaren diru-sarreren egoera-orrian:

    (Ikus .PDF)

Zuzenbide pribatuko ente publikoen aurrekontuetan, ondorengo taulan zehazten diren zenbatekoak dituzten zuzkidurak onartzen dira, eta diru-baliabideak zenbateko berekoak izango dira. Gerorako konpromisoen egoera, bestalde, ondoren zehazten diren zenbatekoetara iristen da; konpromiso horiek 2022az geroztik izango duten urtekako aurrekontu-banaketa lege honen I. eranskinean zehazten da.

(Ikus .PDF)

  1. Sozietate publikoen aurrekontuetan, guztira, 1.110.803.205 euroko zuzkidurak onartzen dira, eta gerorako konpromisoen egoerari dagokionez, 446.649.444 euro; konpromiso horiek 2022az geroztik izango duten urtekako aurrekontu-banaketa lege honen l. eranskinean zehazten da.

  2. Sozietate publiko horientzat aurreikusitako diru-baliabideek sozietate bakoitzerako onartutako zuzkiduren guztizko zenbateko bera izango dute.

  3. Sozietate bakoitzaren aurrekontuan aurreikusitako zuzkiduren eta diru-baliabideen zenbatekoak II. eranskinean zehazten dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioen aurrekontuetan, ondorengo taulan zehazten diren zenbatekoko zuzkidurak onartzen dira, eta diru-baliabideak zenbateko berekoak izango dira. Gerorako konpromisoen egoera, bestalde, ondoren zehazten diren zenbatekoetara iristen da; konpromiso horiek 2022az geroztik izango duten urtekako aurrekontu-banaketa lege honen I. eranskinean zehazten da.

(Ikus .PDF)

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoen aurrekontuetako gastuen egoera-orrietan ordainketa-kredituak onartzen dira ondorengo paragrafoetan zehazten diren zenbatekoekin:

    Haurreskolak partzuergoa: 65.700.000 euro.

    Basque Research and Technology Alliance euskal partzuergo zientifiko-teknologikoa: 1.599.000 euro.

  2. Aipatutako partzuergoen aurrekontuen diru-sarreren egoera-orriak partzuergo horietako bakoitzerako izendatutako ordainketa-kredituez guztizko zenbateko bera dira.

Euskal Irrati-Telebista Herri Erakunde Publikoa sortzeko maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen 44. artikuluaren arabera, onartzen da Euskal Irrati-Telebista ente publikoaren eta irratiko eta telebistako zerbitzu publikoak kudeatzeko sozietate publikoaren aurrekontu bateratua. Zuzkidurak 176.174.724 eurokoak izango dira eta, aurreikusitakoaren arabera, diru-baliabideak zenbateko berekoak izango dira.

  1. 2022ko ekonomia-ekitaldian zehar, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edo, hala dagokionean, Finantzen Euskal Institutuak 400.000.000 euro erabili ahal izango dituzte, gehienez, edozein motatako eragiketetarako bermeak emateko.

  2. 2022ko ekonomia-ekitaldian zehar, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edo, hala dagokionean, Finantzen Euskal Institutuak birfidantzatu ahal izango dituzte elkarren bermerako sozietateek euskal enpresei emandako abalak, eta bermatu Luzaro KFE sozietateak euskal enpresei emandako maileguak, abal eta maileguok laguntza-tresna baitira enpresek berezko funtsak edo finantzaketa lortzeko, betiere entitate horiekin izenpetutako hitzarmenen esparruan.

    Birfidantzamendu-eragiketa horiek, era berean, finantza-estaldura eman ahal izango diete banakako enpresari eta profesional autonomoentzako eta enpresa txiki eta ertainentzako urte anitzeko zernahi finantza-lerrori, zirkulatzailearen beharrari erantzuteko, epe laburreko zorra berritzeko, epe laburreko zorra epe ertain eta luzerako zor gisa egokitzeko eta, hala dagokionean, inbertsio-planak azeleratzea eragiten duten finantza-arloko jarduketak gauzatzeko, baldin eta plan horiek 2022. urtean zehar gertatzen badira euskal enpresei finantzaketa eskuratzen laguntza emateko programen bidez.

    Zenbaki honetan aipatzen den birfidantzamenduaren gehienezko zuzkidura 600.000.000 eurokoa da.

  3. Orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edo, hala dagokionean, Finantzen Euskal Institutuak bermatu ahal izango dute Europako Inbertsio Bankuak edo Europako Inbertsio Funtsak edo beste finantza-erakunde batzuek Luzaro KFEri edo entitate laguntzaileei emandako finantzaketa, baldin eta azken hartzaileak euskal enpresak badira, betiere entitate horiekin izenpetutako hitzarmenen esparruan.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak formalizatutako zorpetzea, edozein agiri motatan gauzatzen dela ere, muga honekin gehitu ahal izango da: ekitaldiaren amaierako saldoak gainditu ahal izango du ekitaldiaren hasieran dagokion saldoa, baina ez 683.221.989 eurotik gora.

  2. Zuzenbide pribatuko entitateek formalizatutako kanpo-zorpetzea ere, edozein agiri-motatan gauzatzen dela ere, gehitu ahal izango da, muga honekin: ekitaldiaren amaierako saldoak gainditu ahal izango du ekitaldiaren hasieran dagokion saldoa, baina ez 125.000.000 eurotik gora.

  3. Zenbateko horiei ez zaizkie egotziko diruzaintzako aldi baterako premiei aurre egiteko kreditu-eragiketak, urtebeterako edo gutxiagorako badira.

  1. Maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginaren 24, 25 eta 26. artikuluetan ezarritakoaren aurka jo gabe, 2022ko ekitaldian zabalgarriak izango dira, nahitaez aitortu behar diren obligazioen zenbatekoraino, lege honen III. eranskinean azaltzen diren kredituak, zein sartuta baitaude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren, haren organismo autonomo administratiboen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoen aurrekontuetan.

  2. Zabalgarritzat jotzen diren kredituen eta aipatzen diren gainerako kredituen gehikuntzek honako finantzabideak izango dituzte:

    1. Xede batera atxikitako eskubideen benetako bilketaren araberako gehikuntzak finantzatzeko, hasieran aurreikusitako diru-sarrerez gain jasotako diru-sarreren soberakinak izango dira oinarri.

    2. Lurralde historikoek Estatuari ordaindu behar dioten kupoa neurri berean gutxiagotzea ekartzen duten gehikuntzak finantzatzeko, lurralde historikoek berek finantzatuko dituzte, gutxitu den zenbateko berean, betiere 2022rako ezarritako ekarpen-koefizienteen arabera.

    3. Finantza-modu zehatzik ez dutenak finantzatzeko, Gobernu Kontseiluak erabakiko du nola egin, betiere Ekonomia eta Ogasun Sailak proposatu ondoren.

  3. Horrez gain, Gobernu Kontseiluak diruzaintzako gerakinen kontura zabaldu ahal izango ditu «Zenbait sailen gastuak» sekzioko gastuen egoera-orrian azaltzen diren kreditu zabalgarriak, baita, hala badagokio, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak onartutako finantza-laguntza emateko plan eta programetatik sortutako finantza-premiak ere.

2022ko ekitaldian, Ekonomia eta Ogasun Sailak, beharrezko diren aldaketak eginez, aurreko urteetan sortutako konpromiso-kredituen zenbatekoa egokitu ahal izango du, baldin eta kredituok finantza-eragiketak edo arriskuen estaldura-eragiketak gauzatzearekin zerikusia duten elkarlanerako hitzarmen eta kontratuei badagozkie eta eragiketon urteko zenbatekoa interes-tasaren edo antzeko beste adierazleen bilakaeraren araberakoa bada.

  1. Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 20. eta 21. artikuluetan xedaturikoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta organismo autonomo administratiboetako behin-behineko langile, funtzionario eta langile lan-kontratudunen plantillak onartzen dira, taldeka, kidegoka, eskalaka eta kategoriaka sailkatuta, eta hasiera batean aurrekontu hauen «Langileriari buruzko eranskinean» xedaturikoaren araberako aurrekontu-programa eta -sekzioei atxikita.

  2. Maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginaren 22. artikuluan xedaturikoaren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta organismo autonomo administratiboen aurrekontu-plantillari dagokion muga funtzionarioen, langile lan-kontratudun finkoen eta behin-behineko langileen plaza guztien kopuru osoari dagokiola ulertuko da, entitate horien guztien multzo osoa kontuan hartuta.

  3. Orokorrean, aurrekontu-plantillak langile-zuzkidura berriak sortuz aldatzen badira, behar beste zuzkidura amortizatu egin beharko dira horren ondorioz, urteko kostu gordina handiagoa izan ez dadin.

  4. Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, Gobernu Kontseiluak, Ekonomia eta Ogasun Sailaren proposamenez, langile-zuzkidura berriak sortzeko baimena eman ahal izango du lanpostuen zerrendak honako arrazoi hauengatik aldatzen badira: eskumenen transferentziak benetan gauzatzen direlako, organo eta zerbitzu berriak sortzen direlako, kanporatutako edo azpikontrataturiko zerbitzuen kudeaketa zuzena egiten delako, egiturazko lanpostu edo plazak finkatzen direlako, lege-mailako arauak aldarrikatzen direlako, edo Jaurlaritzak koiunturakoak ez diren planak, programak eta jarduera garrantzitsuak onartzen dituelako. Horretarako, finantzazio egokia beharko da beti, bai eta funtzio publikoaren arloan eskumena duen organoaren aldez aurreko aldeko txostena ere, non adieraziko baita ezinezkoa dela premia berriei aurre egitea lanpostuak berratxikita, langileak berrizendatuta edo giza baliabideak arrazionalizatzeko eta antolatzeko bestelako baliabideak erabilita.

  5. Halaber, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko ente publikoko administrazio-kontseiluak lanpostu funtzional berriak onartu ahal izango ditu ente publikoaren langileen plantilletan, zerbitzuak irekitzearen edo berrantolatzearen ondorioz. Horretarako, finantzazio egokia beharko da beti. Plantilla horiek Gobernu Kontseiluak, Osasun Sailaren proposamenez, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 26. artikuluari jarraituz, erabakitako gehienezko langile kopurura egokitu beharko dira.

  6. Ekonomia eta Ogasun Sailari baimena ematen zaio langileen gastuen kredituetan beharrezkoak diren aurrekontu-aldaketak egiteko, gastuen kredituak artikulu honetan xedaturikoaren arabera onartzen diren plantilla-aldaketetara egokitze aldera.

  7. Artikulu honek aipatzen dituen arauekin bat etorriz baimendu beharko da zuzenbide pribatuko ente publiko, sozietate publiko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergo eta fundazioen langile-zuzkiduretan 2022ko urtarrilaren 1ean indarrean dauden zuzkiduren gainetik egiten den edozein aldaketa, baldin eta entitate horien aurrekontua lege honen aplikazio-eremuan sartuta badago.

  1. 2022ko ekitaldian zehar, maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginak arautuko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko, haren organismo autonomo administratiboetako eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoetako aurrekontu orokorretako kreditu-transferentzien araubidea, ondorengo artikuluetan adierazten diren berezitasunen aurka jo gabe.

  2. Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginaren 86.etik 90.era bitarteko artikuluetan xedatutakoa gorabehera maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onartu zuen testu hori, eta finantzen aldetik posible bada, Ekonomia eta Ogasun Sailak, sail eskatzaileak proposatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuan sartu ahal izango ditu 2021eko ekitaldiko gerakinak, honako kreditu hauei dagozkienak.

    Dirulaguntzak enpresei ingurumena babesteko-4421 programa.

    Ikertu, garatu eta berritzeko (I+G+B) laguntza-programa-5411 programa.

    Erein laguntza-programa-7111 programa.

    Leader laguntza-programa-7111 programa.

    Lehiatu Berria laguntza-programa-7113 programa.

  3. Aipatutako testu bateginaren 90.1 artikuluan ezarritako denbora-eskakizunaren ondorioetarako, aurreko paragrafoan adierazitakoaren arabera erantsitako kredituak gehienez ere beste bi ekitalditan gauzatu beharko dira.

Maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginaren 66.3 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, eta 2022. ekitaldirako bakarrik, sekzio bakoitzerako, izaera loteslea izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko, haren organismo autonomo administratiboetako eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoetako aurrekontuen I. kapituluko 122, 123, 131, 132, 161 eta 162. kontzeptuen barruan dauden gastuek, kontzeptuaren mailan, eta 16101 azpikontzeptuaren barruan dauden gastuek, azpikontzeptuaren mailan.

  1. Maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginean 66.3 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, eta 2022. ekitaldirako bakarrik, izaera mugatzailea eta loteslea edukiko dute kapituluaren mailan sekzio eta programa bakoitzerako, haien sailkapen ekonomikoari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko, haren organismo autonomo administratiboetako eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoetako aurrekontuetako II. kapituluan funtzionamendu-gastuak, gastuen egoera-orrietan sartuta dauden ordainketa-kredituek, salbu eta aurrekontuaren gastuen xehetasunetan gastu erreserbatu gisa sailkatutakoek. Hori horrela, ez da kreditu-transferentziarik beharko kapituluaz beheragoko mailan.

  2. Aurreko paragrafoan ezarritakoa hori izanik ere, izaera loteslea izango dute kontzeptuaren mailan «Osasun Finantzaketa eta Kontratazioa» 4112 programako 250 kontzeptuan bildutako gastuek.

  1. Maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginaren 66.3 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, eta 2022. ekitaldirako bakarrik, izaera mugatzailea eta loteslea izango dute artikuluaren mailan sekzio eta programa bakoitzerako, haien sailkapen ekonomikoari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko, haren organismo autonomo administratiboetako eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoetako aurrekontuetako IV. eta VII. kapituluetan gastu arruntetarako transferentziak eta dirulaguntzak, eta kapital-eragiketetarako transferentzia eta dirulaguntzak, hurrenez hurren, gastuen egoera-orrietan sartuta dauden ordainketa-kredituek.

  2. Aurreko paragrafoan ezarritakoa hori izanik ere, izaera loteslea izango dute kapitulu, sekzio, zerbitzu eta programaren mailan «Nekazaritza eta Landaren eta Itsasertzaren Garapena» 7111 programako ordainketa-kredituek.

  3. Era berean, izaera loteslea izango dute kapitulu, sekzio eta programaren mailan «Enplegua», 3211; «Prestakuntza», 3231, eta «Gizarteratzea», 3121 programetako ordainketa-kredituek.

  1. Zuzenbide pribatuko ente publikoen, sozietate publikoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioen aurrekontuetan aldaketak sortzen badira eta Jaurlaritzak onartutako garrantzizko edozein plan, programa eta jarduerak sortutakoak badira, Ekonomia eta Ogasun Sailak emango du aldaketa horiek egiteko baimena.

  2. Gobernu Kontseiluak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak proposatuta, aurreko zenbakian aipatutako sektore publikoko entitateen aurrekontu-aldaketak baimendu ahal izango ditu, baldin eta aldaketa horien jatorria beste administrazio edo entitate publiko batzuetatik funtsak jasotzean badago eta funts horien xedea Euskal Autonomia Erkidegoaren betearazpen-eskumenekoak diren arloetako jarduketak modu baldintzatuan finantzatzea bada. Era berean, jarduketa horien ondorioak hurrengo ekitaldietara luzatzen badira, Gobernu Kontseiluak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak proposatuta, geroko konpromisoen egoera-orria gehitu ahal izango du konpromiso berriak onartuz edo baimendutakoen diru-zenbatekoa handituz.

  3. Maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginaren 98. artikuluan xedaturikoaren ondorioetarako, Gobernu Kontseiluari egokituko zaio Finantzen Euskal Institutuaren aurrekontuetan aldaketak baimentzea bai aldaketa horiek Europako Inbertsio Bankuak, Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekonomikoa sustatzeko finantzaketa-lerroak ezartze aldera, emandako finantzaketatik eratorritakoak direnean, bai Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko beste entitate batzuek, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legearen bosgarren xedapen gehigarrian xedatutako finantza-tresnan aplikatze aldera edo jasangarritasun energetikoko ekintzak eta proiektuak sustatzeko neurriak finantzatzen aplikatze aldera, emandako finantzaketatik eratorritakoak direnean.

  1. Sektore publikoko langileen gastuei buruz eman daitezkeen oinarrizko xedapenak eragotzi gabe, 2022. urtean, lan-kontratudunak ez diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko, organismo autonomoetako, zuzenbide pribatuko ente publikoetako eta sektore publikoko partzuergoetako langileen urteko guztizko ordainsariek ezin izango dute % 2tik gorako gehikuntza orokorrik izan 2021eko abenduaren 31n indarrean dauden ordainsarien aldean. Ordainsari horiek, betiere, homogeneotasunaren arabera kalkulatuko dira, erkaketaren bi aldietarako, bai langileen kopuruari eta antzinatasunari dagokienez, bai lanaldi-araubideari dagokionez.

  2. Lan-kontratudunak ez diren langileak honako hauek dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko, organismo autonomoetako, zuzenbide pribatuko ente publikoetako eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoetako karrerako eta bitarteko funtzionarioak, bai eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko estatutupeko langileak ere.

  3. Justizia Administrazioko langileen lansariez bezainbatean, langile horiei dagokien berariazko araudia aplikatuko da.

    1. paragrafoan zehaztutakoa gorabehera, lansari osagarriak berariaz eta salbuespenez egokitu ahal izango dira baldin eta ezinbestekoak badira lanpostuaren edukian izandako eraldaketengatik, programa bakoitzari atxikitako langile kopuruan izandako aldaketengatik edo programa horiei ezarritako helburuen betetze-mailarengatik. Era berean, 1. paragrafoan zehaztutakoa gorabehera, lanpostuak antolatzeko eta sailkatzeko sistemak aplikatu ahal izango dira, eta sistema horiek aplikatzekoak izango zaizkie transferentzien bitartez euskal administrazio publikoetan sartzen diren edo sartuak diren langileei ere; era berean, sektoreetako berezitasun batzuk egokitu ahal izango dira, ordainsari-kontzeptuak ordainsarien egitura berriaren arabera periodifikatzeagatik, berregituratzeagatik edo egokitzeagatik.

  1. Aurreko paragrafoetan ezarritakoarekin bat etorriz, lan-araubidekoak ez diren langileek jaso beharreko oinarrizko lansariak izango dira aurrekontu-ekitaldian zehar indarrean daudenak administrazio publikoetako funtzionarioen oinarrizko lansarien araubidea erregulatzen duten arauei jarraituz.

  2. Aparteko ordainsariak (urtean bi izango dira, bata ekainean eta bestea abenduan) jasoko dira artikulu honen 5. paragrafoak zehaztutako soldataren eta hirurtekoaren kopuruen arabera, eta hileko bati dagokion destino-osagarriaren eta berariazko osagarriaren edo baliokidea den kontzeptuaren arabera, betiere, paragrafo hau aplikatu ahal zaien kolektiboen ordainsari-araubideak dioena kontuan hartuta.

  3. Ordainsari osagarriek ezin izango dute % 2tik gorako gehikuntza orokorrik izan 2021eko abenduaren 31n indarrean dauden ordainsarien aldean, hargatik eragotzi gabe programa bakoitzari atxikitako langile kopuruaren aldaketaren ondorioz, programari ezarritako helburuen betetze-mailaren ondorioz eta programa aplikatzearen banakako emaitzen ondorioz egin daitezkeen aldaketak.

  4. Behin 2022ko ekitaldirako administrazio publikoetako funtzionarioen oinarrizko ordainsariak zehaztuta, Gobernu Kontseiluak destino-osagarriaren urteko zenbatekoa zehaztuko du, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 79.1.a artikuluan araututakoaren arabera, bai eta gainerako ordainsari osagarriena ere, aurreko apartatuetan xedatutako irizpideekin bat etorriz.

  5. Sektore publikoko langileen gastuei buruz eman daitezkeen oinarrizko xedapenak eragotzi gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko, organismo autonomoetako, zuzenbide pribatuko ente publikoetako, sozietate publikoetako eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoetako langile lan-kontratudunen soldata-masak, 2022ko urtarrilaren 1ean, ezin izango du % 2tik gorako gehikuntzarik izan 2021ean ezarritakoaren aldean, hargatik eragotzi gabe lanpostuaren edukian izandako aldaketetatik, programa bakoitzari esleitutako langile kopuruan izandako aldaketetatik, programari ezarritako helburuen betetze-mailetatik edo lana antolatzeko sistemen edo sailkapenaren aldaketetatik eratorritako gehikuntzak.

    Artikulu honen ondorioetarako, lan-kontratudun langileen soldata-masa esaten denean hau adierazi nahi da: kasuan kasuko langileek 2021ean zehar irabazitako soldatapeko ordainsariak geroratuak barne eta soldataz kanpokoak. Hala ere, badira zenbait salbuespen:

    1. Gizarte Segurantzako prestazioak eta kalte-ordainak.

    2. Enplegu-emaileak Gizarte Segurantzako sistemari ordaindu beharreko kotizazioak.

    3. Leku-aldatzeei edo kaleratzeei dagozkien kalte-ordainak.

    4. Langileak egindako gastuengatiko kalte-ordainak.

      Gizarte-ekintzako gastuak ezin izango dira handitu, oro har, 2021ekoekin alderatuta.

  6. Aurreko paragrafoan jasotakoa, hortaz, 2022ko soldata-masari dagokion goi-muga da; soldata-masa hori, gero, negoziazio kolektiboaren bidez ezarri eta emango zaie banakakoei.

  7. Soldata-masaren aldaketak homogeneotasunaren arabera kalkulatuko dira erkaketaren bi aldietarako, bai langileen kopuruari eta antzinatasunari dagokienez, bai lanaldi motari, lanari eta gainerako lan-baldintzei dagokienez.

  8. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko, organismo autonomoetako, sektore publikoko partzuergoetako eta zuzenbide pribatuko ente publikoetako enplegatu publikoei eta orobat sektore publikoaren mendeko sozietate publiko eta fundazio publikoetakoei dagozkien akordio, hitzarmen edo itunak etenda geratuko dira beren aplikazioan artikulu honetako aurreikuspenak betetze aldera, baldin eta haien aplikaziotik aurreko paragrafoetan zehaztutakotik gorako lansari-gehikuntzak eratortzen badira 2022ko ekitaldirako, eta, hortaz, artikulu honen aurka doazen klausulak aplikaezin bihurtuko dira.

    Etenda geratuko da, halaber, borondatezko erretiroarekiko sariak, primak, kalte-ordainak eta edozein eratako diru-prestazioak, izena edozein dela ere, arautzen dituzten artikuluen eta klausulen aplikazioa.

    Etete horrek eragina izango du ondorio-data 2022ko urtarrilaren 1aren eta 2022ko abenduaren 31ren artean daukaten enplegatu publikoen borondatezko erretiroetan.

  9. Sektore publikoko langileen gastuei buruz eman daitezkeen oinarrizko xedapenak eragotzi gabe, lehendakariaren, sailburuen, goi-kargudunen eta berdinduen 2022ko ekitaldirako ordainsariek ezin izango dute % 2tik gorako gehikuntzarik izan 2021eko abenduaren 31n indarrean dauden ordainsarien aldean, antzinatasuna dela-eta egokitu dakiekeen gehikuntza eragotzi gabe.

  10. Sektore publikoko langileen gastuei buruz eman daitezkeen oinarrizko xedapenak eragotzi gabe, behin-behineko langileen lansariek ezin izango dute % 2tik gorako gehikuntzarik izan 2021eko abenduaren 31n indarrean dauden ordainsarien aldean, antzinatasuna dela-eta egokitu dakiekeen gehikuntza eragotzi gabe eta betiere haien ordainsariak erreferentziatuta dauden kategoriari dagokion diru kopuru osoa errespetatuta.

  11. Osagarri pertsonalek, osagarri iragankorrek eta zerbitzuagatiko kalte-ordainek arau berariazkoak izango dituzte. Kalte-ordain horiek ez dute % 2tik gorako gehikuntzarik eduki ahal izango beren banakako zenbatekoetan, 2021eko abenduaren 31n indarrean daudenen aldean, eragotzi gabe sektore publikoaren zerbitzuko langileen gastuei buruz eman daitezkeen oinarrizko xedapenak.

  1. Gobernu Kontseiluak, 19.8 artikuluan xedaturiko baldintzetan, kategoria-maila bakoitzari dagokion destino-osagarriaren urteko zenbatekoa zehaztuko du, uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 115.1.a artikuluan araututakoaren arabera.

  2. Halaber, Gobernu Kontseiluak zehaztuko du Ertzaintzak guztira jaso beharreko ordainsarien multzo osoa, 19. artikuluan ezarritako edukia eta irizpideak aplikatuta.

  1. Gobernu Kontseiluak onartuko ditu, Ekonomia eta Ogasun, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailek aldeko txostena egin ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko, organismo autonomoetako eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoetako funtzionarioei eta estatutupeko langileei, bai eta langile lan-kontratudunei ere, eragiten dieten lan-baldintzei buruzko akordioak, hitzarmen kolektiboak, soldaten berrikuspenak edo lehendik izenpetuta zeuden hitzarmenei oso-osoan edo zati batean atxikitzeko akordioak edo horietara zabaltzeko akordioak. Zuzenbide pribatuko ente publikoen, sozietate publikoen edo Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioen mende dauden langileei eragiten dietenean, aipatutako sailen aldeko txostena beharko dute entitate bakoitzaren gobernu- eta administrazio-organo eskudunek izenpetu aurretik.

  2. Aurreko paragrafoan zehaztutako ondorioetarako, dagokion akordio-proiektua bidaliko zaie Ekonomia eta Ogasun Sailari eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari, eta, proiektuarekin batera, 2021. urteko guztizko soldata-masaren eta ordainsarien kuantifikazio zifratua, eta 2022. urterako aurreikusitako guztizko soldata-masarena eta lansariena, bai eta proiektu horretan jasotako alderdi ekonomiko guztien balorazioa ere, hori guztia 2022ko ekitaldirako lansariak gehitzeko baldintzak betetzen direla egiaztatze aldera. Aipatutako sail horiek, aipatutako dokumentazioa jaso eta hurrengo egunetik aurrera eta gehienez 15 eguneko epearen barruan, dagokien txostena egingo dute. Txosten horretan, alderdi ekonomikoei dagokienez, gastu publikoaren arloan ondorioak dakartzaten gaiak jasoko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango urriaren 19ko 2/2017 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko Legearen testu bateginean ezarritako kontrol ekonomikoa gauzatzeko.

  3. Erabat deusezak izango dira alor honetan txostenaren izapidea egin gabe edo aurkako txosten baten kontra hartzen diren erabakiak, bai eta hurrengo ekitaldietarako soldata-gehikuntzak dakartzaten akordio, hitzarmen edo itunak ere baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren etorkizuneko legeek finkatzen dutenaren kontrakoak badira.

  1. Sektore publikoko langileen gastuei buruz eman daitezkeen oinarrizko xedapenak eragotzi gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbide pribatuko ente publikoetako, sozietate publikoetako eta sektore publikoko fundazio eta partzuergoetako zuzendaritza-kideen ordainsariek ezin izango dute % 2tik gorako gehikuntzarik izan 2021eko abenduaren 31n indarrean dauden ordainsarien aldean, antzinatasuna dela-eta egokitu dakiekeen gehikuntza eta haien ordainsariak erreferentziatuta dauden kategoriaren gehikuntza eragotzi gabe.

  2. Artikulu honetan aipatzen diren zuzendaritza-kideek kontzeptu guztietan jasoko dituzten lansarien urteko gehieneko zenbatekoak, bermatu gabeko kopuruko pizgarriak barne, ezin izango dira Eusko Jaurlaritzako sailburu batek urtean jasotzen dituen lansari osoak baino handiagoak izan.

  3. Goi Kargudunen Lansariei buruzko urriaren 28ko 14/1988 Legearen 4.2 artikuluan agintzen dena betetzeko, pizgarriak ebaluatzeko eta emateko irizpideak zehazterakoan, kontuan hartuko da zenbateraino bete diren entitate bakoitzaren urteko aurrekontuak eta ekonomia-urte bakoitzean aurrekontuekin batera doan urteko memorian jasotako helburu kualitatiboak, eta urteko kudeaketa-plana efikaziaz bete den, betiere kargu publikodunen betebeharrei eta eskubideei buruzko azaroaren 15eko 156/2016 Dekretuak zehaztutakoaren arabera. Pizgarriak ezartzeko, entitatea atxikita dagoen saileko titularrak eman beharko du onespena, agindu bidez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak txostena egin ondoren.

  4. Entitate bakoitzeko gobernu- eta administrazio-organo eskudunek erabaki ahal izango dute zein modu eta alditan ordainduko diren pizgarri horiek.

  1. Indarrean dauden arau espezifikoetan xedatutakoarekin bat etorriz bidezkoak diren kasuetan eta kopuruen arabera ordainduko dira pentsioak eta bestelako eskubide pasiboak.

  2. Eskatutako gabealdiak bete dituzten langileek, maiatzaren 13ko 1/1986 Legegintzako Dekretua aplikatzearen ondorioz, hartzeko pasiboengatik sortutako pentsioek ezin izango dute % 2tik gorako gehikuntzarik izan 2021eko abenduaren 31n indarrean dauden ordainsarien aldean, sektore publikoko langileen gastuei buruz eman daitezkeen oinarrizko xedapenak eragotzi gabe.

2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, aldi batez eta partzialki etengo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, haren organismo autonomoek, zuzenbide pribatuko ente publikoek, sozietate publikoek, eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoek sindikatuekin sinatutako akordio, hitzarmen edo itun guztiak, lege honetan lansariei buruz ezarritako neurriak behar bezala aplikatzeko behar den eran.

  1. Lege honen IV. eranskinean finkatzen dira hezkuntza-maila bakoitzaren moduluko osagaiak eta dagozkien zenbatekoak.

    IV. eranskinean zehaztutako modulu ekonomikoak gehieneko muga ekonomikoak dira modulua osatzen duten kontzeptu guztietarako.

  1. Hala ere, ordainketa eskuordetua daukaten mailetan, irakasle bakoitzaren benetako antzinatasuna kontuan hartuta ordainduko da inoren kontura diharduten langileen eta kooperatibisten antzinatasuna.

    Era berean, ordainketa eskuordetuaren sisteman sartutako talde osoarentzako Gizarte Segurantzarako kotizazioa Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean urtero zehazten diren kotizazio-tasen arabera egingo da.

  2. Baldin eta, 2022. urteko ekitaldi ekonomikorako, Hezkuntza Sailaren mendeko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako langileen ordainsariak aldatzen badira, IV. eranskinean finkatzen diren modulu ekonomikoak ere automatikoki aldatutzat hartuko dira, honako zenbateko honetan: hezkuntza-itunen langileria-gastuen osagaiei Hezkuntza Sailaren mendeko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako langileentzat ezartzen den ordainsari-aldaketaren portzentajea aplikatzearen ondoriozko zenbatekoa. Dena dela, modulu horiek aplikatzean ezin izango dira gainditu itunpeko ikastetxeetako langileentzat sektorean indarrean dauden akordioek ezarritako ordainsariak.

  3. Ezein kasutan ez da onartuko itunpeko ikastetxeetako langileen ordainsarietan aldaketarik egitea, baldin eta ordainsari-aldaketa horien ondorioz gainditzen badira artikulu honetan aipatzen diren modulu ekonomikoetako langileria-gastuen osagaietarako finkatzen diren zenbatekoak.

  4. Ahalmena ematen zaio Gobernu Kontseiluari aldatzeko, Hezkuntza Sailak proposatuta, itun-aldi berriaren ondorioz itunpeko ikastetxeak mantentzeko modulu ekonomikoen egitura, definizioa eta zenbatekoa, sektorea osatzen duten antolakundeei entzun ondoren, eta hezkuntza-itunetara bideratutako aurrekontu-zuzkiduren mugarekin.

    Aldaketa horrek honako alderdi hauek hartuko ditu kontuan, besteak beste: hezkuntza-premia bereziak eta hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleak eskolatzea; egoera ekonomiko txarrean bizi diren ikasleak artatzeko betebeharra; hezkuntza-sistemarako interes pedagogikoa duten esperientziak sustatzea; ikastetxeen antolaketa- eta funtzionamendu-egitura berriak, eta hezkuntza-eskaera berriei erantzuteko premia.

    Edonola ere, aldaketa horrek 2022ko irailaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

  1. Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planetik eratorritako funtsak banatzearen ondorioz bai transferentzien bidez, bai mailegu itzulgarrien bidez 2022ko ekitaldian lor daitezkeen diru-sarrera handiagoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aurrekontuko diru-sarreren egoera-orrian txertatuko dira.

  2. Diru-sarrera horiek kasuan kasuko ordainketa-kredituak eta, hala badagokio, konpromiso-kredituak sortuko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aurrekontuko gastuen egoera-orrian edo organismo autonomoen edo Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoen gastuen egoera-orrietan, eta atxikita geratuko dira Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari lotutako jarduketa eta proiektuen finantzaketa espezifikoari, bat etorriz finantza-konpromisoak formalizatzeko akordio, hitzarmen, ebazpen edo tresna juridikoetan ezarritakoarekin.

  3. Horrela sortutako kredituak Ekonomia eta Ogasun Sailak bideratu ahal izango ditu, funtsen lurralde-banaketarako eskumena duten Estatuko edo Europako organoen hasierako erabakiak jasotzen diren unetik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokion zenbatekoan, eta ez zaio aplikatuko maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginaren 83. artikuluan xedatutakoa. Era berean, kreditua sortu eta aurrekontuan bideratu ondoren, kreditu hori erabilgarri egongo da gastu-baimenak eta -xedapenak eta horiek sorrarazten dituzten negozio juridikoak izapidetzeko, baina gastu-xedapenen eta haien ondoriozko negozio juridikoen eraginkortasuna eten ahal izango da, kasuan-kasuan ekarpen-konpromiso irmoak egiaztatzen dituzten behin betiko akordioak, hitzarmenak, ebazpenak edo tresna juridikoak izenpetu edo onartu arte.

  1. Aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera sortutako kredituak Ekonomia eta Ogasun Sailak gaituko ditu dagokion aurrekontu-ataleko, organismo autonomoaren aurrekontuko edo dagokion sektore publikoko partzuergoaren aurrekontuko 1228 programan, «Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa». Programa horren zuzkidura Estatuko Administrazioaren edo Europar Batasunaren transferentzien edo ekarpenen kontura finantzatuko da. Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari lotutako funtsetatik eratorriko dira aipatutako transferentziak eta ekarpenak.

  2. Programa horren aurrekontu-zuzkiduretan sartuko dira, Ekonomia eta Ogasun Sailak zehaztutako sailkapen organiko eta ekonomikoarekin, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari lotutako jarduketak eta proiektuak finantzatzera bideratutako ordainketa-kredituak eta, hala badagokio, kasuan kasuko konpromiso-kredituak.

  3. Programa hori funts propioekin hornitu ahal izango da, betiere Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari lotutako jarduketak eta proiektuak kofinantzatzea edo osatzea helburu badute.

    28 artikulua. Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari lotutako jarduketak eta proiektuak, baldin eta foru-aldundien eskumenekoak badira.

  1. Foru-aldundiei transferituko zaizkie Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planetik eratorritako funtsak banatzearen ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoak Estatuko Administraziotik lor ditzakeen diru-sarrerak, baldin eta diru-sarrera horien legezko erabilera lurralde historikoetako foru-organoek, Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen eta lurralde historikoetako foru-organoen arteko eskumen-mugaketaren arabera, egikaritu behar dituzten proiektuok edo ekintza-lerroak finantzatzea bada. Transferentzia hori Gobernu Kontseiluak zehazten duen lurralde-banaketaren arabera egingo da, Ekonomia eta Ogasun Sailak eta gaiaren arabera eskumena duen sailak proposatuta, aldez aurretik banaketa hori foru-aldundiekin edo, hala badagokio, kasuan kasuko erakundearteko organoen barruan adostu ondoren.

  2. Funts horien transferentzia dagokion ministerio-sailari jakinaraziko zaio, entitate erabakitzailea den aldetik, bai eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren agintaritza arduradunari ere.

  3. Funts horien transferentziatik eratorritako erakunde-konpromisoek, sarrerakoak zein gastukoak, aurrekontu-izaera izango dute, eta 95. atalean jasota geratuko dira.

  4. Transferitutako diru-sarrerak Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari lotutako jarduketen eta proiektuen finantzaketa espezifikoari lotuta geratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoarekiko finantza-konpromisoak formalizatzeko akordio, hitzarmen, ebazpen edo tresna juridikoetan xedatutakoaren arabera.

  5. Foru-aldundiek, beren eskumenen esparruan, dagozkien azpiproiektuak egikaritzea egokituko zaien entitateak diren aldetik, beren gain hartuko dituzte Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa erregulatzen duen araudiak entitate betearazleei esleitzen dizkien konpromiso eta betebehar guztiak.

  1. Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari lotutako ordainketa-kredituak zabaldu ahal izango dira ekitaldian zehar. Kreditu-zabaltzeak Ekonomia eta Ogasun Sailak erabakitzen duen moduan finantzatuko dira. Horrez gain, Ekonomia eta Ogasun Sailak kreditu orokorraren edo diruzaintzako gerakinen kontura ere egin ahal izango du zabaltze hori.

  2. Ekonomia eta Ogasun Sailak konpromiso-kredituen egoera-orria gehitu dezake, kreditu berriak onartuz edo haien zenbatekoa handituz, eta gerorako konpromisoen egoera-orria ere gehitu dezake, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari lotutako jarduketak eta proiektuak finantzatzeko.

  1. Maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginaren V. tituluko II. kapituluan jasotako mugak ez zaizkie aplikatuko Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari lotutako jarduketak eta proiektuak behar bezala gauzatzeko beharrezkoak diren kreditu-transferentziei.

  2. Halaber, maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginaren 98. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, Ekonomia eta Ogasun Sailak baimenduko ditu zuzenbide pribatuko ente publikoen, sozietate publikoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioen aurrekontuetako aldaketak, baldin eta Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari lotutako jarduketak eta proiektuak finantzatzeko badira.

  3. 2021eko ekitaldiaren amaieran 1228 programan, «Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa», sartuta dauden aurrekontu-kredituetan dauden gerakinak 2022ko aurrekontu orokorretan txertatuko dira automatikoki, gastu berberetan aplikatzeko, Ekonomia eta Ogasun Sailak xedatutakoaren arabera. Kreditu horiei ez zaie aplikatuko Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategineko 90.1 artikuluan ezarritako denbora-eskakizuna (maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen aipatu testua). Kreditu-txertaketak diruzaintzako geldikinen kargura finantzatuko dira, Ekonomia eta Ogasun Sailak erabakitzen duen moduan.

  4. Diru-sarrerarik izanez gero Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari lotutako aurrekontu-kredituen kontura 2022ko ekitaldian nahiz aurrekoetan egindako ordainketak itzuli izanagatik, kreditu horiek berriz ere ordainketak egin ziren unean zeuden bezalaxe jarri beharko dira, betiere dagokion araudi erregulatzaileak hori ahalbidetzen badu eta Ekonomia eta Ogasun Sailak baimena ematen badu.

  5. Ekonomia eta Ogasun Sailak soberazkotzat jo ahal izango ditu hasieran 2022ko ekitaldirako onartutako aurrekontuan sartutako kredituak, baldin eta kreditu horiek bat badatoz geroago Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari lotutako funtsekin finantzatutako jarduketa eta proiektuekin. Ekonomia eta Ogasun Sailak soberazko kreditu horiek aplikatu ahal izango ditu beste ordainketa-kreditu batzuen zuzkiduren gabeziei erantzuteko, bereziki inbertsio-proiektuak egiteko eta kreditu zabalgarriak finantzatzeko.

  6. Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari lotutako funtsekin finantza daitezkeen jarduketak eta proiektuak dagoeneko hasi edo gauzatu badira funts horiek sortu ez dituzten kredituen kargura, Ekonomia eta Ogasun Sailak kreditu horiek birjarri ahal izango ditu dagokien atalean, betiere ekonomia eta gizartea suspertzera eta erresilientzia bultzatzera bideratutako jarduketak eta proiektuak edo inbertsio-proiektuak finantzatzeko.

  1. Gobernu Kontseiluak, Ekonomia eta Ogasun Sailak proposatuta, eta bat etorriz Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren araudi erregulatzailean ezarritakoarekin, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planetik eratorritako funtsen kudeaketari aplikatu beharreko irizpideak finkatu ahal izango ditu, bai eta plan horri lotutako jarduketa eta proiektuetan egindako gastuen aurrekontu-exekuzioari aplikatu beharrekoak ere, ekimen horretan aurreikusitako helburuak lortzen direla bermatzeko.

  2. Jarduketa eta proiektu horiek gauzatzearekin lotutako gastu-baimenek memoria espezifiko bat izan beharko dute, jarduketa edo proiektu bakoitzerako gastu-zenbatespenak kuantifikatu eta justifikatuko dituena, eta Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planean aurreikusitako helburuak betetzen zer neurritan laguntzen duten azalduko duena.

  1. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak eta Ekonomia eta Ogasun Sailak proposatuta, Gobernu Kontseiluak espezialitateak ezarri ahal izango ditu Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari lotutako jarduketak eta proiektuak izapidetzean. Ondorio horietarako, baldin eta Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari lotutako funtsetatik eratorritako Estatuko Administrazioaren edo Europar Batasunaren transferentziak eta ekarpenak bideratzeko hitzarmen-proiektuak edo beste tresna juridiko batzuk badira, nahikoa izango da, izapidetzean, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiaren eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren txostena.

  2. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 33. artikuluari jarraituz, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari lotutako jarduketak eta proiektuak sustatzeko izapidetu behar diren administrazio-prozedurei presako izapidetzea aplikatuko zaie, eta, beraz, erdira murriztuko dira prozedura arrunterako ezarritako epeak, salbu eta eskabideak eta errekurtsoak aurkezteari dagozkionak.

  3. Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari lotutako jarduketa eta proiektuen esparruan ematen diren laguntza eta dirulaguntza publikoen kasuan, dirulaguntzaren ordainketa aurreratuak egin ahal izango dira justifikazioa egin aurretik, baldin eta beharrezkoa bada dirulaguntzari edo laguntzari atxikitako jarduketak gauzatu ahal izateko, eta ez da eskatuko bermea eratzea.

Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari lotutako jarduketak eta proiektuak gauzatzeko eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko sailetako eta sektore publikoko entitateetako organoek, bat etorriz berreskuratze- eta erresilientzia-mekanismoaren araudi erregulatzailearekin eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak emandako jarraibideekin, behar den informazioa eman beharko dute mugarri eta helburuak zenbateraino bete diren jakin ahal izateko, alde batetik, eta, bestetik, jarduketa eta proiektuen aurrekontu- eta kontabilitate-betearazpena behar bezala justifikatu eta ziurtatu ahal izateko.

Jaurlaritzak, hiru hilean behin, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari lotutako funtsen kargura finantzatutako partidei dagozkien kredituen exekuzio-maila eta berariazko xedea jakinaraziko dizkio Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari, lege honen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2022ko ekitaldian zehar, foru-aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aurrekontuan izendatutako kredituei eusteko egin beharreko ekarpenak 11.003.878.898 eurokoak izango dira, urriaren 7ko 4/2021 Legearen bidez onartutako metodologiarekin bat etorriz.

Aurreko artikuluan zehaztatutako zenbatekoari ondoko ehunekoak ezarriz ateratzen da lurralde historiko bakoitzak egin beharreko ekarpena. Hona ehunekook:

ARABA: % 16,16

BIZKAIA: % 50,39

GIPUZKOA: % 33,45

Oinarriaren ehuneko jakin bat finkatuta ez izateagatik edo oinarria moneta-unitateetan emana ez egoteagatik finkoak diren tasak eta izaera publiko ez-tributarioko ondare-prestazioak (tarifak) igo egingo dira: 2021. urtean eskatzen ziren zenbatekoei, hain zuzen ere, bat koma zero hamabost (1,015) koefizientea aplikatzetik ondorioztatzen den kopururaino.

Lehen aipatutako koefizientea aplikatu ondoren, bi hamartarreko tasak eta tarifak txikiagora biribilduko dira hirugarren hamartarra bostetik beherakoa bada, eta handiagora osterantzean.

Lau edo sei hamartarreko tasen eta tarifen kasuan, txikiagora biribilduko dira bosgarren edo zazpigarren hamartarra, hurrenez hurren, bost baino txikiagoa bada; bestela, handiagora biribilduko dira.

Aurreko paragrafoetan aurreikusitakotik salbuesten dira lege honetan berariaz eguneratzen diren tasak eta tarifak.

  1. Maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginaren 113.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko dute 5.000.000 eurotik gorako gastuek, egitekoa den gastuari dagokion kredituaren izaera edozein izanik ere, salbu eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan sartutako entitateetarako transferentziak direnean, edo Euskal Autonomia Erkidegoaren bitarteko propio pertsonifikatutzat hartzen diren entitateekiko enkarguak direnean, edo aurrekontuetan jasotako dirulaguntza izendunak direnean, kasu horietan ez baita baimen hori beharko.

  2. Organismo autonomoetako aurrekontuen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoetako aurrekontuen kontura egiten diren gastuek atxikita dauden saileko sailburuaren baimena beharko dute 1.000.000 euro baino gehiago direnean, edo, aurreko paragrafoaren kasuan, Gobernu Kontseiluarena.

  1. Kontratazioaren arloan, Gobernu Kontseiluari egokituko zaio aurreko artikuluko 1. paragrafoan adierazitako zenbatekoaren gainetik dagoen aurrekontua duten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren, organismo autonomoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoen kontratuak eta esparru-akordioak baimentzea. Kasu horretan, kontratu eta esparru-akordioak baimentzearekin batera, gastua ere baimenduko da, baita pleguetan aurreikusitako aldaketei eta luzapenei dagokiena ere.

  2. Esparru-akordioak baimentzearekin batera, baimenduko dira akordio horietatik eratorri eta aurreko artikuluko 1. paragrafoan azaldutako zenbatekoaren gainetik dauden kontratuak ere.

  1. Jaurlaritzak, maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginak eskatutako informazioaz gainera, eragiketa hauen berri emango dio Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari hiru hilean behin:

    1. Zuzenbide pribatuko ente publikoen, sozietate publikoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioen aurrekontuak zenbateraino bete diren, bai eta entitate haien egoera-balantzea, galeren eta irabazien kontua, eta esku-diru fluxuen egoera.

    2. Aldi horretan emandako bermeen zerrenda, eta bermeen onuradunek bete beharrekoa bete izan ez dutelako aurre egin behar izan dien bermeei buruzko informazioa.

  2. Aurreko zenbakian aipatzen den informazioa hiruhileko natural bakoitzaren muga-egunean itxiko da eta aipatutako muga-egunaren hurrengo bigarren hileko 15a baino lehen igorriko da Legebiltzarrera.

Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari zenbait eragiketaren berri emango dio, eragiketa horiek gertatzen diren hilaren hurrengoan. Hona hemen eragiketok:

  1. Egindako zorpetze-eragiketak.

  2. Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten entitateei emandako urtebeterako edo gutxiagorako kreditu eta aurrerakinak.

  3. Itundutako zergetan foru-aldundi bakoitzak izandako diru-sarrerak, zergaka sailkatuak eta zehaztuak.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Etxebizitza- eta lurzoru-arloko finantza-neurriak.

    Babes ofizialeko etxebizitzen araubideari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko araudian agindutakoa betetze aldera, deskontuen bidez 2022. urtean zehar egingo dituen finantza-eragiketen zenbatekoak ezin izango du 54.652.000 eurotik gora egin.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Sustapenerako neurriak.

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailek eta Administrazio instituzionaleko zuzenbide pribatuko ente publikoek zenbait egitasmo finantzatzeko laguntzak eman ahal izango dituzte, mailegu eta aurrerakin itzulgarri modura, ekonomia bultzatzeko, ikus-entzunezko produkzio-sektoreak sustatzeko, jasangarritasun energetikoaren alorreko ekintzak eta proiektuak sustatzeko, bai eta ikerketa, garapen eta berrikuntza sustatzeko ere.

      Kontuan hartu beharreko arauetan jartzen duen moduan eman beharko dira laguntza horiek. Eta maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginean ezarritakoa gorabehera, hartarako eskumena duen organoak gastu-konpromisoak hartu ahal izango ditu halako laguntzak eman ahal izateko baldin eta konpromiso horiek berekin dakarten finantzaketa-kostua eta aurreikusitakoaren arabera Administrazioak aurre egin beharreko arriskua dagozkien aurrekontu-kredituek babestuta badaude.

    2. Laguntzen finantzaketa-kudeaketa Finantzen Euskal Institutuaren bidez egingo da edo, dagokionean, aplikatu beharreko arauetan zehaztutako kaudimen- eta eraginkortasun-baldintzak betetzen dituzten pertsona juridikoen bidez, eta arau horietan eta entitate horiekiko elkarlanerako akordioetan xedatzen den moduan. Entitate horiek, halaber, entitate laguntzaile gisa jardun ahal izango dute, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean 52. artikuluan eta hura garatzen duten arauetan ezarritakoaren ondorioetarako.

    3. Xedapen gehigarri honen eraginez aurrekontuetako gastuen eta sarreren egoera-orrietan egin beharreko egokitzapen teknikoak egiteko baimena ematen zaio Ekonomia eta Ogasun Sailari.

      HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Zenbait ondare-sarreraren araubidea.

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateek merkataritza-sozietate batzuetako partaidetzak besterendu ondoren horiek eskuratzea eragin zuen xede estrategikoa jada betea dutela irizten delako lortzen dituzten aurreikusi gabeko diru-sarrera eta finantza-baliabideak beste finantza-eragiketa batzuk egiteko aplikatu ahal izango dira, eta eragiketok Finantzen Euskal Institutuaren bidez egin ahal izango dira.

      Ondorio horietarako, baimena ematen zaio Jaurlaritzari, 2022ko ekitaldian eta aurrekontu- eta ondare-araubideari buruzko indarreko lege-xedapenetako baldintzetan, bidezko ondare-eragiketak egitea izan dezan eta eragiketa horietatik lortutako funtsak aurreko paragrafoan azaldutako jardueretara aplikatzea izan dezan.

    2. Xedapen honetan aurreikusitakoa betetzeko garatzen diren jarduerak, dena dela, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren finantza-politikaren zerbitzuan ezar daitezkeen gastu arloko baliabide, tresna eta beste ekimen batzuk arrazionalizatzeko eta optimizatzeko Ekonomia eta Ogasun Sailak ezartzen dituen jarraibideei atxiki beharko zaizkie.

      LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Azpiegituretako proiektuak onura publikoko deklaratzea.

    1. Euskal Autonomia Erkidegoak irratiaren, telebistaren eta, oro har, gizarte-komunikabideen arloan dituen eskumenez baliatzeko beharrezko diren azpiegitura-proiektuak onartzeak, bai eta babes zibileko eta segurtasun publikoko zerbitzuen arloan dituenez baliatzeko beharrezko direnak onartzeak ere, inbertsioetarako kredituen kontura finantzatutako proiektuak baldin badira, berekin ekarriko dituzte kasuan kasuko onura publikoko deklarazioa eta ondasunen urgentziazko okupazioaren beharra nahiz ondasun horiei dagozkien eskubideak eskuratu beharra, nahitaezko desjabetzeari, aldi baterako okupazioari edo zortasunak ezarri edo aldatzeari ekin ahal izateko.

    2. Onura publikoko deklarazioak erreferentzia egingo die proiektuaren zuinketan eta ondoren onartu daitezkeen aldaketetan bilduta dauden ondasun eta eskubideei ere.

    3. Ondorio horietarako, azpiegituretako proiektuek eta proiektu horien aldaketek azaldu beharko dute azpiegituren definizioa eta zehaztu beharko dituzte azpiegiturak egiteko okupatzea edo eskuratzea beharrezko irizten diren lursailak, eraikuntzak eta beste ondasun edo eskubideak.

      BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Sektore publikoko kontratuak aldatzea.

    1. Sektore publikoko kontratuen legeriak xedatutakoaren ondorioetarako, 2022ko aurrekontu-ekitaldi honetan zehar kontratu administratiboetan egindako edozein aldaketa interes publikoko arrazoiengatik egiten dela ulertuko da, baldin eta haren xedea bada aurrekontu-egonkortasunaren helburua lortzea.

    2. Administrazio-klausulen agiriek erantsi beharko dituzte sektore publikoko kontratuen legerian, aurrekontu-egonkortasuneko neurriak aplikatzearen ondorioz kontratuak aldatu beharrari begira, ezartzen diren arretak.

      SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Diru Sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko maiatzaren 25eko 147/2010 Dekretuan ezarritako prestazioen zenbatekoa.

      2022ko ekitaldian, diru-sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoa, edozein modalitatetan, eta orobat guraso bakarreko bizikidetza-unitateentzako hileko subsidio osagarriaren zenbatekoa 2021eko ekitaldian aplikatutakoak izango dira % 3ko portzentajean gehituta.

      ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria.

    1. 2022ko ekitaldian zehar, etxebizitza-alokairurako edo ohiko bizitokirako gastuak estaltzea xede duen etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriaren gehieneko zenbatekoa, hilean, 275 eurokoa izango da, errentamendu, azpierrentamendu, baterako errentamendu, ostatu-emate edo logela-alokairuaren modalitateetan, eta ez da gehikuntzarako aukerarik izango inolako gorabehera dela eta.

    2. Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legean etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarrirako xedatutako araubidea indarrean egongo da Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 9. artikuluan xedatutako erregelamenduzko xedapenak, modu subsidiarioan prestazio ekonomikoen sistema bat ezartzeari buruzkoak, indarrean sartu arte. Araubidea zein prestazioa emateko prozedura horiek ezarriko zaizkie, aldi baterako, Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen laugarren xedapen iragankorrean xedatutakoarekin bat etorriz prestazio ekonomiko baten onuradun izan daitezkeen pertsonei.

    3. Aurreko paragrafoan aipatutako erregelamenduzko xedapenak indarrean jartzen direnetik, ez da aitortuko Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko abenduren 23ko 18/2008 Legearen araberako etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarri gehiagorik.

    4. Aurrekoa gorabehera, eutsi egingo zaio etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriak jasotzeko eskubidearen aitormenari, bat etorriz Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearekin, betiere aipaturiko erregelamenduzko xedapenak indarrean jarri aurretik aitortua bada, harik eta lege horren 43. artikuluan aurreikusitako arrazoiengatik eskubidea azkentzen den arte. Prestazio horien kudeaketa eta ordainketa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari dagokio.

    5. Edozein modutan, 2022ko ekitaldian, etxebizitzarako prestazio ekonomiko horren zenbatekoa 275 eurokoa izango da hilean.

    6. Etxebizitzaren arloan eskumena duen sailak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoak alokairurako prestazioen bi sistemen arteko eskualdaketa ordenatu bat antolatuko dute, bi sistemen alokairurako prestazioen onuradunen eskubideak bermatuko dituena, berme juridiko osoz eta lotutako prestazioen eskubideak eta betebeharrak bateratuta.

      ZORTZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Funtzionarioen nahitaezko erretiroa.

    1. Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 38.1 artikuluko lehenengo lerroaldean ezartzen den nahitaezko lege-adina edozein dela ere, Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartutako funtzionarioen nahitaezko erretirorako adina beti izango da araubide hori erregulatzen duten arauek, adinagatiko koefiziente murriztailerik ez duen kotizaziopeko modalitatean erretiro-pentsiorako irispidea izateko, ezartzen dutena.

    2. Etenda mantentzen da 2022ko ekitaldian Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 38.1 artikuluko bigarren paragrafoan zerbitzu aktiboan luzapena eskatzeko aukerari buruz jasotzen den xedapenaren aplikazioa.

      Hala ere, eragindako langileak, 65 urte betetzen dituenean, gizarte-aurreikuspeneko araubide bakoitza arautzen duten arauekin bat etorrita, ez baditu egiaztatzen egoera bakoitzari dagokion erretiro-pentsio osoa sortzeko beharrezko diren zerbitzu- edo kotizazio-urteak, zerbitzu aktiboan irautea eskatu ahal izango dio bere erretiroa erabakitzeko eskumena duen organoari. Interesduna zerbitzu aktiborako gai izan beharko da, eta 70 urte bete arte egon ahal izango du bertan gehienez.

      Inola ere ezin izango zaio zerbitzu aktiboa luzatu gehieneko erretiro-pentsioaren onuradun izateko baldintzak betetzen dituen interesdunari (urtero ezartzen da gehieneko hori aurrekontuen legerian), nahiz eta luzapen horrek eskubidea sortu pentsioa ehuneko osagarrien bitartez handitzeko.

      Nolanahi ere, zerbitzu aktiboan egoteko luzapenak Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren nahitaezko eta lotesle izaerako txostena beharko du, baimen berezia eman baino lehen.

      BEDERATZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Euskal administrazio publikoetako enplegatuen prestakuntzarako kredituen kudeaketa.

      Euskal administrazio publikoetako enplegatuen enplegurako prestakuntzarako IVAP organismo autonomoaren aurrekontuetan agertzen diren kredituak organismo horrek kudeatuko ditu, kasuan kasuko deialdien bidez.

      HAMARGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko administrazio-berrantolaketak.

    1. Edozein plan, programa, jarduketa garrantzitsuk edo lege mailako xedapenek eragindako administrazio-berrantolaketak direnean, Jaurlaritzak erregulatu eta xedatu ahal izango du, aplikatzekoa den lan-arloko legeriaren edo funtzio publikoko legeriari jarraituz, subrogazioei buruz behar den guztia, kontratu-erlazioei dagokienez eta sektore publikoko edozein entitateren sorrera, azkentze edo eraldatzetik ondorioztatzen diren eskubide eta betebeharrei dagokienez, bereziki, bertako langileak sektore publikoko beste entitate bati adskribatzeari dagokionez.

    2. Horretarako, aurrekontuetako eta funtzio publikoko eskumena duten sailek proposatuta, Gobernu Kontseiluak aurrekontu-plantillak aldatzea baimendu ahal izango du, eta langile-zuzkidura berriak sortzea Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateetan, baldin eta behar beste zuzkidura amortizatzen badira sektore publikoko beste entitate batzuetan urteko kostu gordina handiagoa izan ez dadin.

      HAMAIKAGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Ikerketa eta irakaskuntzaren laguntzarako zerbitzuen lanpostuak betetzeko ohiz kanpoko deialdia.

      2022ko ekitaldian, Hezkuntza Sailak lekualdatze-lehiaketaren ohiz kanpoko deialdi baten bidez bete ahal izango ditu ikerketa eta irakaskuntzaren laguntzarako zerbitzuen lanpostuak. Deialdi hori ebatzi ondoren hautatuko diren funtzionarioek xede diren lanpostuen titulartasuna eta behin betiko destinoa eskuratuko dute, eta ezin izango zaie aplikatu, ondore horietarako, Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen 33. artikuluko 3 eta 4. paragrafoetan xedatutakoa. Ondorioz, jatorrizko lanpostua eta behin betiko destinoa gordetzeko aukera galduko dute. Nolanahi ere, irakaskuntza-lanpostuetara itzuli ahal izango dira, euren borondatez, lanpostuak betetzeko ohiko lehiaketen bitartez.

      HAMABIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Bizigune programako etxebizitza lagatzearen kontraprestazioaren gehieneko zenbatekoa.

    1. 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, eragin-data horrekin, abenduaren 23ko 466/2013 Dekretuak, Bizigune, etxebizitza hutsen programa, arautzen duenak, 8.2 artikuluan xedatutako etxebizitza-lagapenaren kontraprestazioaren gehieneko zenbatekoa hilean 650 eurokoa izango da.

    2. Gehieneko zenbateko hori etxebizitza-gaietan eskumena duen saileko titularraren agindu bidez aldatu ahal izango da.

      HAMAHIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Giza baliabideak arrazionalizatzeko neurriak, NextGenerationEU ekimenetik eratorritako funtsak kudeatu eta gauzatzeko.

    1. Efikazia- eta efizientzia-arrazoiak direla eta, behin-behineko unitateak eratu ahal izango dira NextGenerationEU ekimenetik eratorritako funtsen kargura finantza daitezkeen jarduketak nahiz proiektuak kudeatu eta gauzatzeko, horretarako behar den langile kopurua eta denbora kontuan izanda. Behin-behineko unitate horiek eratuko dira baldin eta ezinezkoa bada langile-premia berriei aurre egitea lanpostuak berradskribatuta, langileak berresleituta edo giza baliabideak arrazionalizatzeko eta antolatzeko bestelako neurriak erabilita. Funtzio Publikoko Zuzendaritzak ezarritako prozedurari jarraituko zaio horretarako.

    2. Halaber, NextGenerationEU ekimenetik eratorritako funtsen kargura finantza daitezkeen jarduketak eta proiektuak kudeatzea eta gauzatzea dagokien Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateek beren plantillak indartu ahal izango dituzte, programako bitarteko funtzionarioak edo iraupen mugatuko kontratuak dituzten langile lan-kontratudunak izendatuta, bat etorriz enplegu publikoaren eta lan-zuzenbidearen arloko araudian ezarritakoarekin. Izendapen eta kontratu horiek NextGenerationEU ekimenetik eratorritako funtsen kargura finantza daitezkeen jarduketak eta proiektuak gauzatzeko beharrezkoa den denborarako izango dira, gehienez ere. Zerbitzu-eginkizunak ere baimendu ahal izango dira, jarduketa eta proiektu horiek behar bezala gauzatzeko behar-beharrezkoak diren karrerako funtzionarioen zereginak behin-behinean betetzeko.

    3. Orobat, plantilla indartzeko baimena eman ahal izango zaie gainerako unitateei, baldin eta haien langile kopurua murriztu egin bada NextGenerationEU ekimenetik eratorritako funtsen kargura finantza daitezkeen jarduketak eta proiektuak kudeatu eta gauzatzera bideratu dituztelako.

    4. Neurri horiek guztiek finantzaketa egokia eta nahikoa izan beharko dute, bai eta Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren eta Aurrekontu Zuzendaritzaren nahitaezko txosten loteslea ere.

    5. NextGenerationEU ekimenetik eratorritako funtsen kargura finantza daitezkeen jarduketak eta proiektuak amaituta, automatikoki lehengoratuko dira, inolako izapiderik egin beharrik gabe, lanpostu-zerrendetan aldi baterako egindako aldaketak; beraz, sortutako lanpostuak amortizatu egingo dira automatikoki. Bertan behera geratuko dira, orobat, funtzioen aldi baterako esleipenak, aldi baterako lanpostuetarako zerbitzu-eginkizunak, eta aipatutako jarduketak eta proiektuak kudeatu eta gauzatzeko egin diren bitarteko funtzionarioen izendapenak nahiz aldi baterako kontratuak.

    6. Beharrezko neurriak hartu ahal izango dira, dagokion aurrekontu-finantzaketa jaso ostean, prestakuntza emateko enplegatu publikoei NextGenerationEU ekimenetik eratorritako funtsen kargura finantza daitezkeen jarduketak eta proiektuak kudeatzeko eta gauzatzeko garrantzi berezia duten arloetan: plangintza estrategikoa, lizitazio publikoa, laguntzak eta dirulaguntzak, finantza- eta aurrekontu-kudeaketa, hitzarmenak, elkarlan publiko-pribatua, edo Administrazio publikoaren eraldaketa digitalarekin lotutako gaiak, besteak beste. Helburuak betetzera eta arazoak konpontzera bideratuko da prestakuntza hori.

    7. Funtzio Publikoko Zuzendaritzak behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak izango ditu bere eginkizunak betetzeko honako esparru hauetan: behin-behineko unitateak sortzea, unitate horietako lanpostuak hornitzea, langile berriak kontratatzea eta izendatzea, eta NextGenerationEU ekimenetik eratorritako funtsen kargura finantza daitezkeen jarduketak eta proiektuak kudeatu eta gauzatzearekin lotutako prestakuntza espezifikoa.

      HAMALAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Bitarteko propioaren eta zerbitzu teknikoaren izaera aitortzea Aukerak-i, Gizarteratzearen Euskal Agentziari.

      Sektore publikoko kontratuei buruzko legerian xedatutako ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitarteko propio eta zerbitzu teknikoko izaera aitortzen zaio Aukerak-i, Gizarteratzearen Euskal Agentziari irailaren 30eko 3/2021 Legearen bidez sortu zen. Horrez gain, euskal administrazio publikoen eta haien mendeko edo haiei lotutako sektore publikoaren bitarteko propiotzat hartu ahal izango da, agentziaren estatutuetan eta sektore publikoko kontratuen legerian adierazten den moduan.

Lege hau indarrean sartu eta bi hilabeteko epean, Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrari bidaliko dio Euskal Autonomia Erkidegoko 2005-2019 ekitaldietako aurrekontu orokorren likidazioari buruzko dokumentazioa, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak likidazio horiei buruz egindako txostenak ere, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari buruzko otsailaren 5eko 1/1988 Legearen 9.4 artikuluaren azken paragrafoan lege honen azken xedapenetako bosgarrenean emandako idazkeran ezarritako prozeduraren arabera izapidetzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategina, irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua, aldatzea.

  1. Aldatzen da testu bategin horren 95 decies artikulua, laneko esperientziaren bidez edo prestakuntza-bide ez-formalen bitartez lortutako lanbide-gaitasunak egiaztatzeko ordaindu beharreko tasaren zergapeko egitateari dagokiona, eta honela idatzita geldituko da:

    Tasaren zergapeko egitatea da aholkularitzako eta gaitasunak ebaluatzeko zerbitzu teknikoak eskaintzea lan-esperientziaren bidez edo prestakuntza-bide ez-formalen bitartez lortutako gaitasun profesionalak egiaztatzeko probetarako, baldin eta zerbitzu horiek ez badituzte osorik finantzatzen edo diruz laguntzen Europar Batasunaren edo Estatuko Administrazioaren funts espezifikoek.

  2. Aldatzen da testu bategin horren 111 septies artikulua, Ertzaintzak emandako zerbitzu bereziengatik ordaindu beharreko tasaren zergapeko egitateari dagokiona, eta honela idatzita geldituko da:

    Ertzaintzak zerbitzuak emateak sorrarazten du tasa honen zergapeko egitatea, zerbitzu horiek bereziki onuragarriak badira pertsona edo erakunde jakinentzat edo, onuragarriak izan gabe ere, zuzenean eragiten badiete pertsona edo erakundeei, eta, betiere, azkeneko kasu horretan, Ertzaintzaren lana pertsona edo erakunde horiek eragindakoa bada, zuzenean edo zeharka. Hona hemen kasuak:

    1. Ikuskizun baten unean pertsona eta ondasunentzako benetako arriskua egoteagatik, zaintza eta babes bereziko aparteko zerbitzuak ematea, irabazteko asmoarekin antolatutako jendaurreko ikuskizun jendetsu bat kiroletakoa edo bestelakoa behar bezala gauzatzea bermatzeko, bai ekitaldian bertan eta bai ekitaldiaren aurretik eta ondoren, beharrezko denboraz, ekitaldiaren esparruan edo lekuan bertan nahiz inguruetan. Halaber, kirolzaleei eta kirol-klubei eskolta- eta laguntza-zerbitzuak ematea.

    2. Herriz kanpoko bideei eragiten dieten kirol-probetan edo hirigunean eragin handiagoa daukaten kirol-probetan eskolta-, zaintza- eta babes-lanak egitea, udalaren eskumenei kalterik egin gabe.

  3. Aldatzen da testu bategin horren 111 decies artikulua, Ertzaintzak emandako zerbitzu bereziengatik ordaindu beharreko tasaren kuotari dagokiona, eta honela idatzita geldituko da:

    1. Erabiltzaileen sarrera-kontrola duten instalazioetan egiten diren kirol-lehiaketa profesional edo profesionalizatuei dagokienez, kuota zehazteko honako hauek hartuko dira kontuan: instalazio horien edukiera eta lehiaketaren kirol-maila. Horrez gain, aintzat hartuko da kirol-ekitaldia arrisku handikotzat jotzen den ala ez.

      Tasaren zenbatekoa zehazteko, 0,1 koefizientea aplikatuko zaio instalazio horietan une bakoitzean baimendutako gehieneko edukierari, eta horren emaitzari honako faktore hauek aplikatuko zaizkio:

      1. Lehiaketa ofiziala bada eta nazioarte- edo Europa-mailakoa, edo mailarik gorenekoa bada estatuan antolatutako lehiaketen artean (besteak beste, ohorezko ligak, lehen maila, kopak edo superkopak): 1,00.

      2. Lehiaketa ofiziala bada baina ez nazioarte- edo Europa-mailakoa, edo bigarren mailakoa bada estatuan antolatutako lehiaketen artean: 0,60.

      3. Lehiaketa ofiziala bada baina ez nazioarte- edo Europa-mailakoa, edo hirugarren mailakoa bada (edo maila baxuagokoa) estatuan antolatutako lehiaketen artean: 0,30.

      4. Kirol-ekitaldia lagunartekoa bada edo erakustaldia bada: 0,30.

        Eragiketa horien ondoriozko tasaren zenbatekoa bikoiztu egingo da kirol-ekitaldia arrisku handikotzat jotzen bada.

        Halaber, tasaren zenbatekoa ezingo da izan 500,00 eurotik beherakoa, oro har, ez eta 1.000,00 eurotik beherakoa ere arrisku handikotzat jotako kirol-ekitaldien kasuan.

        Futbola ez den kirol-ekitaldietan, tasaren zenbatekoa ezingo da izan 1.500,00 eurotik gorakoa, ez eta 3.000,00 eurotik gorakoa ere ekitaldia arrisku handikotzat jotzen bada.

    2. Gainerako ekitaldietan, kuota zehazteko bi gauza hartuko dira kontuan: batetik, zenbat funtzionariok ematen duten zerbitzua, eta, bestetik, zenbat denbora erabiltzen duen funtzionario bakoitzak zerbitzu hori emateko.

      Tasa hau eskatuko da: 33,07 euro funtzionario eta orduko.

      Ordu-zatikien kasuan, tarifako zenbatekoak proportzionalki aplikatuko dira. Honako hau izango da ekitaldi-egun bakoitzean likidatu beharreko gehieneko denbora: ekitaldiak irauten duen denbora osoa eta, hala balegokio, ekitaldia hasi aurreko eta bukatu ondorengo ordua. Ez da muga hori aplikatuko zaletu eta kirol-klubei emandako eskolta- eta laguntza-zerbitzuen likidazioa egiteko.

      Honako datu hauek zehaztu beharko dira tasa honen likidazioan, 19. artikuluak ezartzen duenaz gain: parte hartu duten funtzionarioen kopurua, erabilitako denbora eta indarrean dagoen tarifaren zenbatekoa.

  4. Aldatzen da testu bategin horren 111 undecies artikulua, Ertzaintzak emandako zerbitzu bereziengatik ordaindu beharreko tasaren salbuespenei dagokiena, eta honela idatzita geldituko da:

    Antolatzaileak administrazio publikoak edo irabazi-asmorik gabeko entitateak badira, tasa ordaintzetik salbuetsita egongo dira. Salbuetsita geratuko dira, halaber, emakumeen kirol-ekitaldiak.

    Ondorio horietarako, irabazi-asmorik gabeko entitatetzat joko dira fundazioak, onura publikoaren deklarazioa daukaten elkarteak eta behar bezala osatu eta erregistratu diren boluntarioen antolakundeak, baldin eta interes orokorreko helburuak badituzte eta baldin eta ekitaldia antolatuz lortzen dituzten diru-sarrerak estatutuko xede edo entitatearen helbururako erabiltzen baditu.

    Kirol-federazioak, kirol-elkarteak eta kirol-klubak salbuetsita egongo dira tasa ordaintzetik, baldin eta, haien arauen arabera, irabazi-asmorik ez badute, antolatzen den ekitaldia doakoa bada joaten den jendearentzat eta babesleengandik edo beste kontzeptu batzuetatik ekitaldia antolatzeko gastuak baino diru-sarrera handiagorik lortzen ez badute. Aldez aurretik, ekitaldia antolatzeko egindako gastuen egokitasuna egiaztatuko da.

  5. Kentzen da nekazaritza-, basogintza- eta abere-industriak antolatu eta defendatzeagatik ordaindu beharreko tasa, zeina testu bategin horren VI. tituluko IV. kapituluan jasota baitago, eta edukirik gabe geratzen dira 126., 127., 128. eta 129. artikuluak.

  6. Aldatzen da testu bategin horren 196. artikuluko 6.1.1 paragrafoko e) apartatua, portu-tasen T-5 tasari (Seigarren eta zazpigarren zerrendetako ontziak) dagokiona, eta honela idatzita geldituko da:

    1. Iragaitzazko itsasontzietarako atrakalekuak:

      (Ikus .PDF)

      (Ikus .PDF)

      1. Aldatzen da testu bategin horren 197 bis artikuluko 5.1.3 paragrafoa, portu-tasen T-7 tasari (Aparkatzea) dagokiona, eta honela idatzita geldituko da:

        3. Portuko amarratzaileek lehentasunez erabiltzeko aparkalekuak dituzten kirol-portuetan, honako diru kopuru hauek kobratuko dira aparkatzeko zerbitzua erabiltzeko baimenagatik.

        Getaria, Bermeo eta Mutrikuko portuetan: 67,26 euro urteko.

        Donostiako, Hondarribiko eta Orioko portuetan: 94,41 euro urteko.

        Iragaitzaz edo bidez dabiltzan amarratzaileen ibilgailuetarako: 5,29 euro/eguna.

  1. Aldatzen dira testu bategin horren 197 ter artikuluko 5.1 eta 5.2 paragrafoak, portu-tasen T-8 tasari (Ura eta argindarra kontsumitzea) dagozkionak, eta honela idatzita geldituko dira:

    1. Ura: 1,83 euro metro kubiko bakoitza.

      Energia elektrikoa: 0,40 euro kilowatt orduko.

    2. Kontagailurik ez badago, ura eta energia elektrikoa kontsumitzeagatik ordaindu behar den kuota 0,017 euro/m2/eguneko da.

      Kontsumoa karenatze-eremuan egiten bada, 11,67 euro/eguneko izango da kuota.

  2. Aldatzen da testu bategin horren bigarren xedapen gehigarrian (Euskadiko Kirol Portuak zuzenbide pribatuko ente publikoaren izaera publiko ez-tributarioko ondare-prestazioak tarifak) A) letraren 6.1.1 paragrafoko e) apartatua, eta honela idatzita geldituko da:

    1. Iragaitzazko itsasontzietarako atrakalekuak:

      (Ikus .PDF)

      (Ikus .PDF)

      1. Aldatzen da testu bategin horren bigarren xedapen gehigarrian (Euskadiko Kirol Portuak zuzenbide pribatuko ente publikoaren izaera publiko ez-tributarioko ondare-prestazioak tarifak) B) letraren 2. paragrafoa, eta honela idatzita geldituko da:

      1. Hauek izango dira tarifa modu solidarioan ordaindu beharko dutenak: aparkaleku-zerbitzuaren onuraduna edo baimenaren titularra eta ibilgailuaren jabea.

  1. Aldatzen da testu bategin horren bigarren xedapen gehigarrian (Euskadiko Kirol Portuak zuzenbide pribatuko ente publikoaren izaera publiko ez-tributarioko ondare-prestazioak tarifak) B) letraren 5.1.3 paragrafoa, eta honela idatzita geldituko da:

    1.3. Portuko amarratzaileek lehentasunez erabiltzeko aparkalekuak dituzten kirol-portuetan, honako diru kopuru hauek kobratuko dira aparkatzeko zerbitzua erabiltzeko baimenagatik.

    Getaria, Bermeo eta Mutrikuko portuetan: 67,26 euro urteko.

    Donostiako, Hondarribiko eta Orioko portuetan: 94,41 euro urteko.

    Iragaitzaz edo bidez dabiltzan amarratzaileen ibilgailuetarako: 5,29 euro/eguna.

  2. Aldatzen dira testu bategin horren bigarren xedapen gehigarrian (Euskadiko Kirol Portuak zuzenbide pribatuko ente publikoaren izaera publiko ez-tributarioko ondare-prestazioak tarifak) C) letraren 5.1 eta 5.2 paragrafoak, eta honela idatzita geldituko dira:

    1. Ura: 1,83 euro metro kubiko bakoitza.

      Energia elektrikoa: 0,40 euro kilowatt orduko.

    2. Kontagailurik ez badago, ura eta energia elektrikoa kontsumitzeagatik ordaindu behar den kuota 0,017 euro/m2/eguneko da.

      Kontsumoa karenatze-eremuan egiten bada, 11,67 euro/eguneko izango da kuota.

  3. Aldatzen da testu bategin horren 197 quinquies artikuluaren 3. paragrafoaren azken lerrokada, okupazio pribatiboaren eta jabari publikoa erabiltzearen tasari buruzkoa, eta honela idatzita geldituko da:

    Likidazioa sortzapenaren unean egingo da. Emakidak eta baimenak ostalaritza-jardueretarako (urtebete baino epe laburragorako) edo kirol-probak egiteko ematen direnean, tasaren likidazioa jabari publikoa okupatzeko edo erabiltzeko aldia amaitu eta hurrengo hilabetean egingo da. Emakidak eta baimenak urtebeterako edo gehiagorako ematen direnean, uztailean eta urtarrilean likidatuko da tasa, aurreko sei hilabeteei dagokiena.

  4. Aldatu egiten da testu bategin horren 197 quinquies artikuluaren 5.1.2 paragrafoa, okupazio pribatiboaren eta jabari publikoa erabiltzearen tasari buruzkoa, eta honela idatzita geldituko da:

    1.2. Emakidaren xede diren instalazioak lurpean daudenean eta lurrazalean askatasunez ibiltzea eragozten ez dutenean, eraiki gabeko azaleraren okupazioari dagozkion kuotak % 50eko murrizketarekin aplikatuko dira. Lurpeko kanalizazioetan metro lineal bakoitzeko, gutxienez, m2 bat zenbatuko da. Entitate publikoek ura hornitzeko eta saneatzeko lurperatutako kanalizazioetan, gutxienez, 0,20 m2 kuantifikatuko dira kanalizazioko metro lineal bakoitzeko.

  5. Aldatzen da testu bategin horren 197 quinquies artikuluaren 5.2.3 apartatua, okupazio pribatiboaren eta jabari publikoa erabiltzearen tasari buruzkoa, eta honela idatzita geldituko da:

    2.3. Zehazten diren biltegiratze-eremuetan espazioak okupatzeko edo erabiltzeko baimena denean, tasaren zenbatekoak % 50eko murrizketa izango du kuota orokorrean. Biltegiratze-eremuetan espazioak arrain-ontziak edo arrantza-tresnak uzteko okupatzen edo erabiltzen direnean, murrizketa % 80koa izango da.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Uraren kanonaren karga-tasa pixkanaka aplikatzea.

    Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 50.1 artikuluan ezarritako karga-tasa pixkanaka aplikatuko da hurrengo ekitaldietan, honako zenbateko hauen arabera:

    0,020 euro ur metro kubikoko, 2022ko ekitaldian.

    0,025 euro ur metro kubikoko, 2023ko ekitaldian.

    0,030 euro ur metro kubikoko, 2024ko ekitaldian.

    AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina aldatzea.

    Aldatzen da testu bategin horren 48. artikuluko 5. paragrafoa, eta honela idatzita geldituko da:

    1. Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bitartez finantzatutako entitateek, haien izaera edo forma juridikoa edozein dela ere, titulu honetan jasotako publikotasun-, konkurrentzia- eta objektibotasun-printzipioetara egokituko dute beren dirulaguntzen jarduera, betiere haiek sortzeko legeak edo estatutu-arauek sustapenerako administrazio-ahala esleitzen badiete.

      Zehazki, lege honen 7.4 artikuluaren b) eta c) letretan adierazitako zuzenbide pribatuko ente publikoek eta entitateek, haien izaera juridikoarekin bateragarriak diren heinean, artikulu hauetan xedatutakoa aplikatu beharko dute: 49. artikuluaren 3., 10., 11. eta 12. paragrafoak; 50. artikuluaren 1., 2. eta 3. paragrafoak; 51. artikuluaren 1. paragrafoa, eta 53. artikuluaren 1., 2. eta 3. paragrafoak. Laguntzak arautzen dituzten oinarriak onartzeko eta laguntza horiek emateko organo eskuduna izango da entitatearen estatutu sozialen arabera edo hura sortzeko arauaren arabera eskumena duena, eta oinarri horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez zabalduko direla bermatuko da.

    AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA. Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina, maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua, aldatzea.

  1. Aldatzen da testu bategin horren 39 artikulua, eta honela idatzita geldituko da:

    1. Atal honetan aipatutako entitateen aurrekontu-egitura aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak zehaztuko du.

    2. Hala ere, Autonomia Erkidegoko zuzenbide pribatuko ente publikoek, sozietate publikoek eta sektore publikoko fundazioek beren kontabilitatea Kontabilitate Plan Orokorrera egokituko dute, beharrezkoa bada aldaketak eginda.

  2. Aldatzen da testu bategin horren 51.1 artikulua, eta honela idatzita geldituko da:

    1. Autonomia Erkidegoko merkataritza-organismo autonomoek, zuzenbide pribatuko ente publikoek, sozietate publikoek eta sektore publikoko fundazioek burututako edozein jarduera jasota geratuko da entitate horien aurrekontuetan. Horrekin batera, gerorako konpromisoen egoera-orria ere jasoko da, lege honetako 8. artikuluan ezarritakoaren arabera.

  3. Aldatzen dira testu bategin horren III. tituluko V. kapituluaren 1. eta 2. atalak, eta honela idatzita geldituko dira:

    AURREKONTUA

    Aurrekontuan, kontzeptuka zehaztuta, aurrekontuaren ekitaldian zehar entitate bakoitzaren jarduerari dagozkion gastu eta sarrera guztiak jasoko dira. Autonomia Erkidegoko Administrazio publikotik jasotako sarrerak xehatuta adieraziko dira.

    Aurrekontuan, kontzeptuka zehaztuta, aurrekontuaren ekitaldian egingo diren inbertsioak eta horien finantzazioa jasoko dira. Inbertsioetan, gutxienez, inbertsio errealak eta finantza-inbertsioak xehatuko dira. Finantzabideak adierazterakoan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren ekarpenak nahiz kapitalean edo gizarte-funtsean parte hartzen duen beste edozein entitateren ekarpenak eta zorpetzea bereiziko dira.

    1. Aurrekontuetako zuzkidurak eta baliabideak, hurrengo paragrafoan ezarritako salbuespenekin, gutxi gorabeherakoak izango dira, eta kasuan kasuko entitateak aurrekontuaren ekitaldian bere jarduerari buruz egindako aurreikuspenak jasoko ditu.

    2. Jarraian aipatzen diren kontzeptuak mugadunak izango dira beti: finantza-inbertsioak, langile-gastuak, besteren baliabideak, transferentzien eta eman beharreko dirulaguntza arrunten eta kapitaleko dirulaguntzen batura eta ibilgetu material eta ukiezinean egindako inbertsioen batura.

    3. Aldaketak lege honetako V. tituluko zortzigarren kapituluan ezarritakoaren arabera egin beharko dira. Ondorio horietarako, lehen aipatutako kontzeptu bakoitzerako entitate bakoitzean aurrekontuan jarritako guztizko zenbatekoa joko da mugaduntzat.

    Gerorako konpromisoen egoera-orrian, unean uneko ekitaldian hasten diren eta ekitaldi batean baino gehiagotan sortzea aurreikusi diren aldizkakoak ez diren inbertsioak, dirulaguntzak eta gastuak jasoko dira. Inbertsio, dirulaguntza eta gastu horiei dagozkien zuzkidurak lege honetako V. tituluaren zortzigarren kapituluan ezarritakoaren arabera aldatuko dira.

    2. ATALA

    AURREIKUSITAKO URTEKO KONTUAK

    Aurreikusitako urteko kontuetan, ekitaldiari begira urteko kontuak osatzen dituzten finantza-egoeretan egindako aurreikuspenak jasotzen dira, bat etorriz Kontabilitate Plan Orokorrean ezarritakoarekin.

  4. Aldatzen da testu bategin horren 59.1 artikuluko b) apartatua, eta honela idatzita geldituko da:

    1. Bere mende dauden Autonomia Erkidegoko merkataritza-organismo autonomo, zuzenbide pribatuko ente publiko, sozietate publiko eta sektore publikoko fundazio bakoitzari dagozkion aurrekontuen aurreproiektuak.

  5. Aldatzen da testu bategin horren 59.3 artikulua, eta honela idatzita geldituko da:

    1. Autonomia Erkidegoko merkataritza-organismo autonomoen, zuzenbide pribatuko ente publikoen, sozietate publikoen eta sektore publikoko fundazioen kasuan, aurrekontuaren aurreproiektuak Autonomia Erkidegoko Administraziotik eta sektore publikoko beste entitate batzuetatik hartu beharreko transferentzia arrunten zenbatekoa adieraziko du. Transferentzia arrunt horiek, hala badagokio, beharrezkoak dira aurrekontuen aurreproiektua finantza-alderditik orekatzeko. Aurrekontuen arabera inori transferitu beharreko eta hartu beharreko zenbatekoek berdinak izan beharko dute, eta ekitaldiko finantza-beharrei egokituak. Berdinak izango dira, halaber, dagozkien aurrekontuetako kapital-transferentzietarako zenbatekoak.

  6. Aldatzen da testu bategin horren 97.1 artikulua, eta honela idatzita geldituko da:

    1. Kapitulu honen eraginpeko entitateen aurrekontuetako aurrekontu-aldaketatzat joko dira lege honetako 54. artikuluaren arabera mugadun diren kontzeptuen zenbatekoetan egindako aldaketa guztiak.

  7. Aldatzen da testu bategin horren 97.4 artikulua, eta honela idatzita geldituko da:

    1. Aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak, aurrekontuen jarraipena eta kudeaketa egiteko beharrezko denean, egokitzapen teknikoak egin ahal izango ditu aldaketak aurrekontuetan sartzeko baldin eta, 1. paragrafoaren arabera, aldaketa horiek aurrekontuak aldatzea ez badakarte.

  8. Aldatzen da testu bategin horren 98 artikulua, eta honela idatzita geldituko da:

    1. Kapitulu honetan aipatzen diren entitateek izandako diru-sarrerak eta finantzaketa, beren jardueren ondorioz lortu ez badira eta aurrekontuetako aurreikuspenetakoak baino handiagoak badira, edozein eragiketa egiteko erabili ahal izango dira, entitatearen urteko helburuen barruan ageri ez arren, aurrekontu-gaietan eskumena duen sailaren baimenaz, diru-sarrera horiek hasieran aurreikusitakoekin alderatuta gehienez ere % 10ekoak badira. Diru-sarrerak hasieran aurreikusitakoak baino % 30 gehiago izatera iritsi ez badira, Jaurlaritzaren ardura izango da baimena ematea. Bestelakoetan, Legebiltzarrak eman beharko du baimena, Jaurlaritzak, aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak proposatuta, horretarako aurkeztutako lege-proiektua onartuz.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren aurrekontu orokorretan zuzkidurarik ez duen gastu edo inbertsioren bat egin behar izanez gero kapitulu honek aipatzen dituen entitateen urteroko helburuetan aipatzen ez diren jardueretan, aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak erabaki dezake entitate horien aurrekontuak gehitzea, betiere gehikuntzak dagokion entearen aurrekontuaren % 10 gainditzen ez badu, sail horrek aipatutakoaren arabera kuantifikaturik eta sailak berak ezarritako prozedura betez. Aurrekontua lehen aipatutako ehuneko horretatik gora gehitzeko baimena Jaurlaritzari dagokio, baldin eta ez badu hasierako aurrekontuaren % 30 gainditzen, edo Legebiltzarrari, ehuneko hori gainditzen badu. Sail horrek proposatuta Jaurlaritzak aurkeztuko duen lege-proiektuari buruzko iritzia eman beharko du organo horrek.

  9. Aldatzen da testu bategin horren 124. artikuluko 1. paragrafoaren E) apartatuko a) letra, eta honela idatzita geldituko da:

    1. Aurrekontuaren likidazioa, gerorako konpromisoen eta horien gauzatze-mailaren egoera adierazi.

  10. Aldatzen da testu bategin horren 125.1 artikulua, eta honela idatzita geldituko da:

    1. Aurrekontu orokorren likidazioari dagozkion agiriak barneko kontrol ekonomikoaren eta kontabilitatearen arloan aginpidea duen saileko zerbitzuek, dagokienek, egingo dituzte, hurrengo ekitaldiko ekainaren 30a baino lehen.

  11. Aldatzen da testu bategin horren 126 artikulua, eta honela idatzita geldituko da:

    126. artikulua. Fiskalizatzea.

    1. Jaurlaritzak Herri Kontuen Euskal Epaitegiari bidaliko dio aurrekontu orokorren likidazioari buruzko dokumentazioa, kasuan kasu eskatuko den Autonomia Erkidegoko finantzazko eta ondarezko egoeraren gaineko alderdiei buruzko informazioarekin batera, likidazioa egin eta hilabeteko epean.

    2. Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, Legebiltzarrak eskuordetuta, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren likidazioko dokumentazioa aztertu eta egiaztatuko du, eta Legebiltzarrari helaraziko dio, likidazioari buruzko txostenarekin batera, aintzat har dezan Herri Kontuen Euskal Epaitegiari buruzko otsailaren 5eko 1/1988 Legean ezarritako moduan.

    AZKEN XEDAPENETAKO BOSGARRENA. Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren otsailaren 5eko 1/1988 Legea aldatzea.

    Aldatzen da Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren otsailaren 5eko 1/1988 Legearen 9.4 artikulua, eta honela idatzita geldituko da:

    1. Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, bere fiskalizazio-eginkizunean, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren likidazioko dokumentazioa aztertu eta egiaztatu behar du; barneko kontrol ekonomikoaren eta kontabilitatearen arloan eskumena duen sailak helaraziko dio dokumentazio hori, likidazioa egin eta hilabeteko epean.

      Herri Kontuen Euskal Epaitegiak txostena egingo du dokumentazioa jaso eta lau hilabeteko epean, eta nahitaez eman beharko du bere iritzia honako alderdi hauei buruz:

      1. Funts publikoen kudeaketari dagokionez indarrean dagoen legeria betetzen ote den.

      2. Gastu publikoak arrazionaltasunez exekutatu ote diren, hau da, irizpide modura ekonomia eta eraginkortasuna hartuta.

      3. Finantzei buruz aurkeztu diren agiriek aplikatu beharreko kontabilitate-printzipioak betetzen ote dituzten.

        Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egindako txostena Jaurlaritzari helaraziko zaio, dagozkion ondorioak izan ditzan. Halaber, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira txostenaren ondorioak.

        Txostena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren likidazioari buruzko dokumentazioarekin batera, Eusko Legebiltzarrari bidaliko zaio aintzat hartu eta izapidetu dezan.

    AZKEN XEDAPENETAKO SEIGARRENA. Garapena eta aplikatzea.

  1. Baimena ematen zaio Jaurlaritzari lege hau garatzeko eta exekutatzeko behar diren xedapenak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak proposatuta, emateko.

  2. Baimena ematen zaio Gobernu Kontseiluari Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko langileen ordainsari-araubidea eta -baldintzak egokitzeko, Ekonomia eta Ogasun Sailak eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak proposatuta, 2022ko ekitaldian sektore publikoko langileen gastuei dagokienez eman daitezkeen oinarrizko xedapenen arabera.

  3. Organismo autonomoen, zuzenbide pribatuko ente publikoen eta sozietate publikoen eremuan, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoen eremuan ere, bakoitzaren gobernu-organoaren eginkizuna izango da lege honen 19. artikuluan eta hurrengoetan eta lege hau garatzeko egiten den araudian jasotzen diren neurriak aplikatzea.

    AZKEN XEDAPENETAKO ZAZPIGARRENA. Indarrean jartzea.

    Lege hau 2022ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean. Nolanahi ere, azken xedapenetako lehenengoaren 1. paragrafoan aurreikusitako aldaketak 2021eko urriaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren organismo autonomoen aurrekontuko gastuen egoera-orriaren konpromiso-kredituak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbide pribatuko ente publikoen, sozietate publikoen eta sektore publikoko fundazioen gerorako konpromisoak, 2022. urteari dagozkionak.

(Ikus .PDF)

  1. I. kapituluko kredituetatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan, bere organismo autonomo administratiboetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoetan diharduten langileei ordaintzeko direnak, horrela bete egingo baitira Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean ezarritako lansarien arauak.

  2. Benetan egindako zerbitzalditik eta Herri Administrazioan egindako zerbitzuak aitortzeari buruzko abenduaren 26ko 70/1978 Legean xedatutakotik eratorritako hirurtekoak ordaintzeko kredituak.

  3. Dauden lanpostu hutsak direla-eta urritu diren langile-zuzkiduren kredituak, baldin eta aplikatu behar den legediaren arabera betetzen badira lanpostu huts horiek.

  4. Klase pasiboetako kredituak, betiere kredituok sortu ziren urtean zeuden betebehar espezifikoen aitortze-mailaren arabera eta indarrean dagoen araubideak ezarritakoari jarraiki.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak jaulkitako mota guztietako zor publikoaren obligazioak betetzeko kredituak. Hona hemen obligazioen jatorria: batetik, kapitalaren korrituak eta amortizazioa, eta, bestetik, zor publikoa jaulki, bihurtu, trukatu edo amortizatzeko eragiketek dakartzaten gastuak, langileria-gastuak izan ezik.

  6. Hezkuntza-arloan itundutako konpromisoak bermatzeko kredituak, bai eta konpromisoak finantzatzeko kredituak ere.

  7. Lanbide Heziketako Euskal Plana garatzeko kredituak.

  8. Indarrean dagoen legediaren arabera, beste toki batean bizitzeagatik langileak sortzen duen kalte-ordaina ordaintzeko kredituak, baldin eta kalte-ordain horiek jasotzeko eskubidea aitortu bada lanpostu horretarako.

  9. Osasun Saileko aurrekontuan ospitalez kanpoko farmazia-laguntza, protesiak eta elbarrientzako ibilgailuak ordaintzeko izendatuta dauden kredituak.

  10. Indarrean dagoen legediaren arabera terrorismoaren biktimei dirulaguntzak eta laguntzak ordaintzeko kredituak.

  11. Mehatxatutako pertsonak eta ondasunak zaintzeko eta horien segurtasuna bermatzeko zerbitzu osagarriak garatzeko kredituak.

  12. Indarrean dagoen legediaren arabera genero- indarkeriaren biktimentzako dirulaguntzak eta laguntzak ordaintzeko kredituak.

  13. Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legeak ezarritako diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria ordaintzeko kredituak.

  14. Ardurapean seme-alabak dituzten familiei laguntzeko dirulaguntzak eta familia eta lana bateratzen laguntzeko dirulaguntzak, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legeak ezartzen dituenak, ordaintzeko bideratzen diren kredituak.

  15. Enpresek enplegua sustatzeko eta sortzeko neurriengatik eta langileen prestakuntzagatik Gizarte Segurantzaren kuotetan aplikatzen dituzten hobarietarako kredituak, bai eta Lehen Aukera programa finantzatzera bideratutakoak ere.

  16. Haur Hezkuntzako lehenengo zikloa ezartzeko kredituak.

  17. Abokatu eta prokuradoreek atxilotuari legelari-laguntza emateko ofiziozko txandari dagozkion kredituak, eta etxeko indarkeriako txandari dagozkionak.

  18. Zenbait biztanle-talde agindutako mediku- tratamenduetara atxikitzeko bideratutako laguntzak ordaintzeko kredituak.

  19. Etxebizitza izateko eskubide subjektiboa betetzeko prestazio ekonomikoak, zeinak Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legeak ezarrita dauden, ordaintzeko kredituak.

  20. Gastuen egoera-orriaren azalpen xehekatuan zabalgarri-izaerarekin zehazten diren kredituak eta jarraian zehazten direnak.

    (Ikus .PDF)

  1. Lege honen 25. artikuluak xedatzen duenaren arabera, itunpeko ikastetxeen ikasgela bakoitzeko ekonomia- moduluen osagaien urteko zenbatekoak eranskin honetan ezarritakoaren arabera geratuko dira hezkuntza-maila guztietarako, modulu betea daukaten gela itunduei dagokienez.

  2. Modulu partzialak honako irizpide honen arabera eguneratuko dira: erreferentziako modulu betearen gainean ikasgela bakoitzarengatik, eta moduluari jarraiki, aplikatu beharreko finantzaketa-ehunekoari eutsi egingo zaio lege honen bidez onartzen diren modulu beteak ezarri ondoren.

  3. HLO heziketa-zikloren bat ezartzen baldin bada eta ziklo horren modulua lege honetan onartuta ez balego, Hezkuntza Administrazioak lege honen IV. eranskinean agertzen den pareko ziklo baten modulua aplikatuko dio, betiere honekin lotuta eta Administrazioaren ustez bidezkoa dena.

    (Ikus .PDF)

    Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

    Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 23a.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

    EAEKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN, ERAKUNDE AUTONOMOEN ETA PARTZUERGO PUBLIKOEN LABURPENAK

    (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (7)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.