Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

7/2021 LEGEA, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoei eta eskalei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 232
  • Hurrenkera-zk.: 5909
  • Xedapen-zk.: 7
  • Xedapen-data: 2021/11/11
  • Argitaratze-data: 2021/11/22

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Sailak; Funtzio publikoa

Testu legala

Eusko Legebiltzarrak 7/2021 Legea, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoei eta eskalei buruzkoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei

Administrazio publikoetako langileak dira administrazio horien funtzionamendu egokiaren oinarri eta zerbitzu publikoen kalitatearen bermatzaile. Horregatik, garrantzitsua da enplegatu publikoak antolatzea eta egituratzea, herritarren beharrei erantzungo dien administrazio arrazionala eta eraginkorra lortzeko.

Hasieran, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeak kidegoetan bildu zituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionarioak, enplegu publikorako sarbidea antolatu eta funtzionarioen barne-sustapena ahalbidetze aldera. Halaber, lege horretan zehaztu zen zer funtzio zegokion kidego bakoitzari administrazio-zeregin orokorrak izan edo lanbide jakin baten edo prestakuntza akademiko jakin baten zeregin espezifikoak izan, eta erabaki zen funtzioak lanpostu-zerrendetan zehaztuko zirela; ondorioz, funtzio publikorako funtsezko osagai bihurtu ziren lanpostu-zerrendak.

Beranduago, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta honen Erakunde Autonomiadunetako Kidegoak eta Eskalak Antolatzeko otsailaren 25eko 1/2004 Legeak «aukera» terminoa ezarri zuen, kidego berezietan sartzeko eskatzen den titulazioa izendatzeko. Kidego berezien funtzioak hauek dira: kasuan kasuko lanpostu-zerrendetan zehazten diren aukerek edo titulazioek zer lanbidetan aritzeko gaikuntza ematen duten, lanbide horri berezkoak zaizkionak.

Otsailaren 25eko 1/2004 Legean, orobat, «eskala» kontzeptua garatu zen kidego berezietarako. Titulazio zehatz eta jakin bat eskatzeko beharrik ez dagoen eremu profesionalei aplikatzen zaie kontzeptu hori; hau da, zenbait arlotako profesionalen talde batek betetzeko moduko edukiak dituzten eremu profesionalei.

Azkenik, aipatutako legeak «espezialitate» kontzeptua ezarri zuen lanpostu batzuetarako; hain zuzen ere, eduki teknikoa eta berezia izateagatik, dagokien kidego, aukera edo eskalen funtzioak betetzeko beharrezkoa denaz gain espezializazio gehigarria eskatzen duten lanpostuetarako.

Kontuan hartuta harrezkero denbora luzea igaro dela, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan ezarritako talde eta azpitaldeetara egokitzeko beharra dagoela, titulazio berriak sortu direla, eta lanpostu jakin batzuen profil profesionala eguneratu egin dela, beharrezkoa da Administrazioko kidegoen eta eskalen arauketa berri bati ekitea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoak sailkatzeko, bertan sartzeko exijitzen den titulazio-mailari begiratuko zaio, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 76. artikuluak agintzen duenari jarraituz.

Kidego orokorrak eta kidego bereziak egongo dira, orain arte bezala. Kidegoen barruan, eskalak sortzen dira, eta bi modutara erabiltzen: batetik, zenbait ikasketa-eremutako titulazioak dituzten profesionalek bete ditzaketen funtzioak biltzeko, eta, bestetik, titulazio ofizial jakin baten berezko funtzioak biltzeko. Ikasketa-eremu esaten zaio ezagutzak partekatzen dituzten unibertsitate-titulazio ofizialen multzoari.

Azkenik, lege honetan jasotzen den «espezialitate» kontzeptua Kidegoak eta Eskalak Antolatzeko Legean erabili zen modu berean erabiltzen da, eta, orain ere, Gobernu Kontseiluak du ahalmena espezialitateak sortzeko eta espezialitateak lortu edo galtzeko baldintzak ezartzeko.

Bestetik, lehenengo eta bigarren xedapen gehigarriek euskal administrazio publikoetan aldi baterako enplegua finkatzeko prozesua arautzen dute, aplikazio-eremua Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearenera zabalduz. Bitarteko funtzionarioen tasa handia eta bitarteko langile horiek duten esperientzia kontuan hartuta, ondorioztatu da urteetan administrazio publikoetan lanean ibili ondoren langile horiek dituzten gaitasun, ezagutza eta esperientzia baloratu behar direla. Hirugarren xedapen gehigarriak agindu bat dakar, lanpostu-zerrendak lege honek xedatutakoari egokitu daitezen. Bestalde, laugarren xedapen gehigarriak indarrean dauden aldi baterako lan-poltsen integrazioa agintzen du.

Xedapen iragankor bakarrak, berriz, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen lehenengo xedapen gehigarrian adierazitako unibertsitate-tituluen indarra mantentzen du.

Xedapen indargabetzaile bakarraren bidez, bertan behera uzten da kidegoak eta eskalak antolatzeko orain arte indarrean egon den legea.

Azken xedapenetako lehenengoak baimena ematen du lege honen erregelamendu bidezko garapena egiteko, eta bigarrenak, berriz, xedatzen du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dela indarrean. Horrez gain, azken xedapenetako hirugarrenak Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 38. artikuluaren lehenengo paragrafoa aldatzen du, euskal administrazio publikoetako funtzionarioen erretiroari buruzkoa.

Azkenik, eranskinean jasotzen da orain arte indarrean egon diren kidego, aukera eta eskalei zer kidego eta eskala berri dagokien.

Lege honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionarioen kidegoak eta eskalak arautzea.

  1. Lege hau Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionarioei aplikatuko zaie.

  2. Lehenengo eta bigarren xedapen gehigarriak Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen aplikazio-eremuan azaltzen diren administrazio publikoei aplikatuko zaizkie.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoak sailkatzeko, bertan sartzeko exijitzen den titulazio-mailari begiratuko zaio, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 76. artikuluak agintzen duenari jarraituz.

  2. Kidegoen barruan, kidego orokorrak eta bereziak sailkatzen dira, bete beharreko funtzioen izaera homogeneoaren arabera eta funtzionario izateko hautaketa-prozeduretan egiaztatu beharreko konpetentzia, gaitasun eta ezagutza komunen arabera.

  3. Horrez gainera, kidegoen barruan eskalak egon daitezke, baldin eta bete beharreko funtzioen arabera nahitaezkoa bada titulazio ofizial jakin bat izatea edo zenbait ikasketa-eremuren bidez jakintzagai bat ezagutzea.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionario izateak berekin dakar dagokion hautaketa-prozeduraren deialdian zehaztutako kidegoan eta eskalan sartzea.

Espezialitateak sortu ahal izango dira, baldin lanpostu jakin batzuen eduki teknikoa eta berezia dela-eta haietan jarduteko baldintza gisa kidegoetako eta eskaletako funtzioen indibidualizazio-maila handiagoa beharrezkoa bada.

Gobernu Kontseiluaren dekretu bidez sortu, aldatu, elkartu edo ezabatuko dira espezialitateak, eta dekretu horretan ezarriko dira espezialitatearen izena, funtzioak eta hura egiaztatzeko edo galtzeko prozedurak.

Laguntzako langileen talde profesionala sortzen da, zeinean sartzeko ez baita eskatzen hezkuntza-sisteman jasota dauden titulazioetarik bat ere.

  1. Lege honetan arautzen diren kidegoetako, eskaletako eta laguntzako langileen talde profesionaleko berezko funtzioek ez dute ezein kasutan lanpostu jakin batzuk erreserbatzea ekarriko.

  2. Lanpostuak, haien ezaugarrien arabera, kidego eta eskala batera edo gehiagora edo laguntzako langileen talde profesionalera adskribatuta egon daitezke. Adskripzioa lanpostu-zerrenden bidez erabakiko da beti.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoak honela sailkatzen dira:

  1. Kidego orokorrak; administrazio-jarduerari lotutako funtzioak betetzen dituzte, hala nola tramitatu, kudeatu, betearazi, aholkatu eta ikuskatu.

  2. Kidego bereziak; lanbide edo lanpostu jakin batzuei dagozkien ezagutza espezifikoak behar dituzten funtzioak betetzen dituzte.

Honako hauek dira kidego orokorrak, eta honela sailkatzen dira talde eta azpitaldeetan, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 76. artikuluaren arabera:

  1. Administrazioko Goi Mailako Kidegoa: A taldea, A1 azpitaldea.

  2. Administrazio Kudeaketako Kidegoa: A taldea, A2 azpitaldea.

  3. Administrarien Kidegoa: C taldea, C1 azpitaldea.

  4. Administrari Laguntzaileen Kidegoa: C taldea, C2 azpitaldea.

  5. Laguntzako langileen talde profesionala.

Honako hauek dira kidego bereziak, eta honela sailkatzen dira talde eta azpitaldeetan, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 76. artikuluaren arabera:

  1. Fakultatiboen Goi Mailako Kidegoa: A taldea, A1 azpitaldea.

  2. Kidego Teknikoa: A taldea, A2 azpitaldea.

  3. Laguntzaile Teknikoen Kidegoa: B taldea.

Hauek dira kidego orokorrei dagozkien oinarrizko funtzioak:

  1. Administrazioko Goi Mailako Kidegoari, programazio-, kudeaketa-, betearazpen-, ikuskapen- edo kontrol-arloetan administrazio-jardueran komunak diren goi-mailako azterketa, ordezkaritza, administrazioa, aholkularitza, koordinazioa eta proposamen eta txostenak egitea.

  2. Kudeaketako Kidegoari, goi-mailako funtzioekiko lankidetza teknikoa izatea; araudia aplikatzea; espediente normalizatuak ebazteko proposamenak egitea, eta goi-mailako zereginei ez dagozkien azterketa eta txostenak egitea.

  3. Administrarien Kidegoari, goi-mailako funtzioekiko lankidetza, prestakuntza edo haien ondoriozko funtzioak betetzea; dokumentazioa egiaztatu, kudeatu, eguneratu eta bideratzea eta bere konplexutasunagatik goi-mailako kidegoei ez dagokien dokumentazioa prestatzea; datuak landu eta administratzea; ondasunen eta materialen inbentarioa egitea; jarduerak ikuskatzea; zeregin ofimatikoak, eskuzkoak zein zenbakizko kalkulukoak, eta jendearentzako informazioa eta arreta ematea.

  4. Administrari Laguntzaileen Kidegoari, administrazio-jardueraren arloetan laguntzea; ofimatika eta korrespondentzia; kalkulu sinpleak; dokumentuen transkripzioa eta izapideak; artxibatzea, sailkapena eta erregistroa; jendearentzako arreta eta antzekoak.

  5. Laguntzako langileen talde profesionalari, ondasun publikoak zaindu eta gordetzea; bulego edo zentro publikoetan sartzen diren pertsonen kontrola; lokalen kokapenari buruzko informazioa; materiala, altzariak eta instalazioak zaindu, kontrolatu, mantendu eta ikuskatzea; korrespondentzia sailkatu eta banatzea; makina erreproduzitzaileak erabiltzea; dokumentuak, altzariak, materiala eta pertsonak lekualdatzea; jakinarazpenak ematea, eta, oro har, zaintzaile edo atezainen berezko funtzioak.

Hauek dira kidego bereziei dagozkien oinarrizko funtzioak:

  1. Fakultatiboen Goi Mailako Kidegoari, berezko ezagutza espezifikoak eskatzen dituzten lanbideei edo lanpostuei dagozkien azterketa, ordezkaritza, administrazioa, aholkularitza eta koordinazioa, eta proposamenak eta txostenak egitea.

  2. Kidego Teknikoari, goi-mailako funtzioekiko lankidetza teknikoa izatea, eta araudia aplikatzea, espediente normalizatuak ebazteko proposamenak egitea, eta azterketak eta txostenak egitea, berezko ezagutza espezifikoak eskatzen dituzten lanbide edo lanpostuei dagokienez.

  3. Laguntzaile Teknikoen Kidegoari, goi-mailako funtzioekiko lankidetza, prestakuntza edo haien ondoriozko funtzioak, eta informazioa kudeatzea, proiektuak lantzea, jarduerak ikuskatzea, dokumentazioa eguneratu eta bideratzea, datuak landu eta administratzea, eta ekipoen eta aplikazioen inbentarioa egin eta mantentzea, berezko ezagutza espezifikoak eskatzen dituzten lanbide edo lanpostuei dagokienez.

  1. Kidego orokorren barruan, eskala hauek sortzen dira:

  1. Administrazioko Goi Mailako Kidegoan, Administrazioko Eskala.

  2. Administrazio Kudeaketako Kidegoan, Administrazio Kudeaketako Eskala.

  3. Administrarien Kidegoan, Administrarien Eskala.

  4. Administrari Laguntzaileen Kidegoan, Administrari Laguntzaileen Eskala.

  1. Kidego orokorretako eskalen oinarrizko funtzioak bat datoz kasuan kasuko kidegoaren oinarrizko funtzioekin.

  1. Kidego berezien barruan, eskala hauek sortzen dira:

    1. Fakultatiboen Goi Mailako Kidegoa:

      1. Telekomunikazioetako Eskala.

      2. Meatzeetako Eskala.

      3. Itsasontzietako Eskala.

      4. Kartografiako Eskala.

      5. Eraikingintza, Hirigintza eta Lurralde Antolamenduko Eskala.

      6. Industriako Eskala.

      7. Azpiegituretako Eskala.

      8. Medikuntzako Eskala.

      9. Farmaziako Eskala.

      10. Albaitaritzako Eskala.

      11. Eskala Juridikoa.

      12. Ekonomia eta Enpresako Eskala.

      13. Informazio Sistemetako Eskala.

      14. Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazioko Eskala.

      15. Ingurumeneko Eskala.

      16. Kultura Administrazioko Eskala.

      17. Kiroletako Eskala.

      18. Nekazaritza eta Abeltzaintza Sektoreko Eskala.

      19. Arreta Soziolaboraleko Eskala.

      20. Estatistikako eta Datu Analisietako Eskala.

      21. Larrialdietako eta Meteorologiako Eskala.

      22. Hizkuntza Normalizazioko Eskala.

      23. Prentsa eta Argitalpenetako Eskala.

      24. Lan Arriskuen Prebentzioko Eskala.

      25. Giza Baliabideetako eta Prestakuntzako Eskala.

      26. Osasun Publikoko eta Epidemiologiako Eskala.

      27. Laborategiko Eskala.

      28. Itzulpengintzako Eskala.

    2. Kidego Teknikoa:

      1. Eraikingintza, Hirigintza eta Lurralde Antolamenduko Eskala.

      2. Industriako Eskala.

      3. Azpiegituretako Eskala.

      4. Telekomunikazioetako Eskala.

      5. Meatzeetako Eskala.

      6. Erizaintzako Eskala.

      7. Ekonomia eta Enpresako Eskala.

      8. Estatistikako Eskala.

      9. Ingurumeneko Eskala.

      10. Hizkuntza Normalizazioko Eskala.

      11. Lan Arriskuen Prebentzioko Eskala.

      12. Informazio Sistemetako Eskala.

      13. Laborategiko Eskala.

      14. Itzulpengintzako Eskala.

      15. Nekazaritza eta Abeltzaintza Sektoreko Eskala.

      16. Arreta Soziolaboraleko Eskala.

      17. Larrialdietako eta Meteorologiako Eskala.

    3. Laguntzaile Teknikoen Kidegoa:

      1. Obren eta Instalazioen Delineazioko Eskala.

      2. Kudeaketa Informatikako Eskala.

      3. Laborategiko eta Osasun eta Ingurumen Ikuskaritzako Eskala.

      4. Hazien Eskala.

      5. Arrantzako Eskala.

  2. Kidego berezietako eskalen funtzioak Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez garatuko dira.

  1. Kidego orokorretako eskaletan sartzeko, ezinbestekoa izango da titulu hauetako bat edukitzea:

    1. Administrazioko Goi Mailako Kidegoko Administrazioko Eskalan sartzeko: graduko unibertsitate-titulua.

    2. Administrazio Kudeaketako Kidegoko Administrazio Kudeaketako Eskalan sartzeko: graduko unibertsitate-titulua.

    3. Administrarien Kidegoko Administrarien Eskalan sartzeko: Batxilergoko titulua edo teknikari-titulua.

    4. Administrari Laguntzaileen Kidegoko Administrari Laguntzaileen Eskalan sartzeko: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatuaren titulua.

    5. Laguntzako langileen talde profesionalean sartzeko: eskola-ziurtagiria edo erregelamendu bidez erabakitzen den gaitasun profesionaleko ziurtagiria.

  2. Kidego berezietako eskaletan sartzeko, ezinbestekoa izango da titulazio hauetako bat edukitzea:

    1. Fakultatiboen Goi Mailako Kidegoan sartzeko: lanbidearen edo eskalako lanpostuen berezko zereginetan aritzeko gaikuntza ematen duen graduko unibertsitate-titulua.

    2. Kidego Teknikoan sartzeko: lanbidearen edo eskalako lanpostuen berezko zereginetan aritzeko gaikuntza ematen duen graduko unibertsitate-titulua.

    3. Laguntzaile Teknikoen Kidegoan sartzeko: lanbidearen edo eskalako lanpostuen berezko zereginetan aritzeko gaikuntza ematen duen goi-mailako teknikariaren titulu bat.

  3. Lanpostu-zerrendetan zehaztuko dira kidego berezietako eskaletan sartzeko tituluak biltzen dituzten ikasketa-eremuak.

  1. Lanpostu-zerrenden bidez zehaztuko da funtzionarioei gordetako lanpostuak zer kidegok eta eskalak bete ditzaketen, aldez aurretik ordezkaritza sindikalarekin negoziaturik.

  2. Lanpostu bat zenbait kidego eta eskalatako funtzionarioek bete badezakete, lanpostu-zerrendetan zehaztuko da zer eskalak izango duen lehentasuna lanpostu horretara iristeko hautaproben deialdian.

  1. Lehentasunezko eskalatzat hartuko dira behin betiko lanpostuak betetzeko enplegu publikoan sartzeko probak deitzeko baliatzen diren eskalak. Lanpostua eskala bakar batera adskribatuta badago, eskala hori hartuko da lehentasunezkotzat.

  2. Bigarren mailako eskalatzat hartuko dira lehentasunezko eskalez gain lanpostuak betetzeko prozesuak antolatzeko baliatzen diren beste guztiak.

  3. Lanpostu-zerrenden bidez zehaztuko dira lehentasunezko eskala eta bigarren mailako eskalak.

  1. Dagokion eskalan sartzeko eskatutako titulazioa eduki behar du funtzionarioak, eta eskala horrek nahitaez izan beharko du jatorriko kidegoaren azpitalde eta jatorriko aukera edo eskala berekoa.

  2. Kidego eta eskala berrietan integratzeak eten egingo du jatorriko kidego, eskala eta aukerarekiko lotura.

  3. Integratzeak ez du inolako ondorio ekonomikorik ekarriko. Funtzionarioak jarraituko du bere lanpostuari esleitu zaizkion ordainsariak jasotzen.

  4. Funtzionarioak ez baditu betetzen lege honetan sortzen diren ezein kidego eta eskalatan sartzeko eskakizunak, jatorriko kidego, aukera edo eskalan geldituko da, «desagertzeko» kalifikazioarekin.

  1. Lege hau argitaratu eta gehienez ere sei hilabetera, prozedura-deialdi bat egingo da, funtzionarioak lege honetan sortzen diren kidegoetan eta eskaletan integra daitezen.

  2. Administrazioak proposatuko du funtzionarioek zer kidego eta eskala berritan integratu behar duten, bat etorriz haien jatorriko kidego, aukera eta eskalekin eta, betiere, lege honen eranskinean ezarritako zerrendaren arabera. Bat-etortzerik ez badago, funtzionarioak zer kidego eta eskalatan duen esperientzia handiena, han integra dadin proposatuko da. Bi eskalatan esperientzia bera badu, betetzen ari den lanpostuaren edo azkenekoz bete duen lanpostuaren lehentasunezko eskalan edo bigarren mailako eskalan integratuko da.

  3. Nolanahi ere, funtzionarioak Administrazioaren proposamena alda dezake, eta, bere borondatez, hauetako batean integratu:

    1. Titular den lanpostua adskribatuta dagoen kidegoetako edo eskaletako batean.

    2. Betetzen ari den lanpostua adskribatuta dagoen kidegoetako edo eskaletako batean.

    3. Azken hamar urteetan gutxienez bost urteko esperientzia izan duela egiaztatzen duen kidegoetako edo eskaletako batean.

  4. Prozedura honetan parte hartzen ez duten langileak Administrazioak proposatutako kidegoan eta eskalan integratuko dira.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Euskal administrazio publikoetan enplegua finkatzeko prozesu berezia.

  1. Lege honek indarra hartzen duenetik aurrera, euskal administrazio publikoek, behin bakarrik eta salbuespenez, dagozkien enplegu publikoaren eskaintzak onartu ondoren, deialdia egin dezakete enplegu publikora iristeko hautaketa-prozesuetarako, aurrekontu-zuzkidura duten plazak hornitze aldera kidego, eskala, espezialitate edo kategoria guztietan, nahitaez hartu beharreko neurria baita hori behin-behineko enplegua egiturazko plaza bihurtzeko.

  2. Hautaketa-prozesu horiek bata bestearen ondorengo enplegu publikoaren eskaintzen esparruan garatu beharko dira, eta ezaugarri hauek izango dituzte:

    1. Hautaketa-prozesuak oposizio-lehiaketa moduan gauzatuko dira.

    2. Hautaketa-prozesuek izaera irekia izango dute, eta hau guztia bermatu behar dute: lehia askea, hargatik eragotzi gabe barne-sustapenerako ezarritakoa; ekintza positiboko neurriak, eta lege honen bigarren xedapen gehigarrian jasotako aurreikuspena.

    3. Sarbidea izateko deialdietan, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publikotasunaren printzipioei jarraituko zaie.

    4. Gaitasun-proben edukiak lotura izango du deialdi bakoitzean iragartzen diren lanpostuen ohiko prozedura, ataza eta funtzioekin. Beharrezkoa da oposizio-faseko kasuan kasuko hautaketa-probetako bakoitzean jarritako gutxieneko puntuazioa gainditzea.

    5. Lehiaketa-fasearen balorazioa ez da handiagoa izango hautaketa-prozesuan gehienez atera daitekeen puntuazioaren ehuneko berrogei baino; betiere, kanpoan utzita merezimendu gisa euskarari ematen zaion balorazioa.

      Beraz, lehiaketa-fasean esperientzia baloratze aldera, zerbitzu hauek hartuko dira kontuan: edozein administrazio publikotan eman direnak deialdia egin duen administraziokoak barne dagokion hautaketa-prozesuaren xedeko kidego, eskala, azpieskala, aukera, espezialitate edo aurrekoen pareko kategoriei adskribatutako lanpostuetan, zeinahi delarik ere zerbitzaldiaren jatorrian dagoen harremana (funtzionario-harremana edo lan-harremana). Enplegua finkatzeko prozesu bereziaren ondorioetarako, egiaztatutako esperientziaren modalitate hori esperientzia orokortzat joko da.

      Halaber, dagokion merezimendu-baremoan, esperientzia orokorraren baloraziotik bereiz baloratuko dira, modu espezifiko eta osagarrian, deialdia egin duen administrazioan emandako zerbitzuak, dagokion hautaketa-prozesuan deitutako postuetan jardun izanaren ondoriozkoak.

      Balorazio espezifiko horren ondoriozko puntuazioa, esperientzia orokorrarekiko bereizia eta osagarria, sekula ez da handiagoa izango hautaketa-prozesu osoan lor daitekeen guztizko puntuazioaren ehuneko hogei baino; betiere, kanpoan utzita merezimendu gisa euskararen ezagutzari ematen zaion balorazioa.

      Nolanahi ere, esperientziagatik guztira lortuko den puntuazioa honako hauen batura izango da: esperientzia orokorraren ataletan lortutako puntuazioak eta, hala badagokio, deialdia egiten duen administrazioan emandako zerbitzuengatiko berariazko esperientziaren puntuazioa.

      BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Enplegua egonkortzeko salbuespenezko prozesuak.

      Aurreko xedapen gehigarrian xedaturikoa hala izanik ere, administrazio publikoek egin ahal izango dituzte, salbuespenez, enplegua egonkortzeko prozesu bereziak euskal funtzio publikoan sartzeko, lehiaketa-sistemaren bidez, Estatuko oinarrizko legediak enplegu publikoari buruz xedatzen duenaren esparruan.

      HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Lanpostu-zerrendak egokitzea.

      Lege hau indarrean jarri eta sei hileko epean, Eusko Jaurlaritzak dekretu bat emango du, lanpostu-zerrendetako edukia egokitzeko legean sortzen diren kidego eta eskaletara, eta bertan sortutako kidegoetara sartzeko aurreikusitako tituluak zehazteko.

      LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Aldi baterako lan-poltsen integrazioa.

      Enplegu publikoaren alorreko eskumena duen sailburuordetzaren ebazpen baten bidez, lege hau indarrean jartzen denean dauden aldi baterako lan-poltsak egokitu egingo dira sortzen diren kidego eta eskala berrietara.

Oro har, lege honen 15. artikuluan zehaztutako tituluak ezarri bitartean, lege hau indarrean jarri arte indarrean diren unibertsitate-titulu ofizialek baliodunak izaten jarraituko dute bertan sortzen diren kidego eta eskaletan sartzeko.

Indargabetuta geratzen da otsailaren 25eko 1/2004 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta honen Erakunde Autonomiadunetako Kidegoak eta Eskalak Antolatzekoa, eta lege honen aurka doan beste edozein xedapen.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Araugintza-garapena.

Eusko Jaurlaritzak baimena du lege hau garatu eta ezartzeko behar diren xedapen guztiak emateko.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Euskal administrazio publikoetako funtzionarioen erretiroa.

Aldatu egiten da Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 38. artikuluaren 1. paragrafoa, eta honela geratzen da idatzita:

  1. Erretiro arrunta ofizioz deklaratuko da funtzionarioak legez zehaztutako adina betetzean.

    Hala ere, funtzionarioek, erregelamenduz ezartzen den epean, zerbitzu aktiboan jarraitzeko epea luzatzeko eskatu ahal izango dute, gehienez ere hirurogeita hamar urte bete arte eta, betiere, zerbitzurako egokitzat jotzen badira, enplegu publikoa antolatzeko plan batean edo aurrekontu-arauetan jasotzen diren kasuetan.

    Erretiro-arau espezifikoak dituzten funtzionarioei ez zaie aplikatuko paragrafo honetan xedatutakoa.

  2. Aldaketa honek aldatutako legearen aplikazio-eremua izango du, eta, era berean, indarrean jartzen den unera arte luzatutako langileei ere aplikatuko zaie.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 12a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (13)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.