Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Arautegia

Inprimatu

3/2021 LEGEA, irailaren 30ekoa, Aukerak, Gizarteratzearen Euskal Agentzia, sortzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 200
  • Hurrenkera-zk.: 5096
  • Xedapen-zk.: 3
  • Xedapen-data: 2021/09/30
  • Argitaratze-data: 2021/10/06

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Segurtasuna eta justizia; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Lana eta enplegua; Justizia

Testu legala

Eusko Legebiltzarrak 3/2021 Legea, irailaren 30ekoa, Aukerak, Gizarteratzearen Euskal Agentzia, sortzekoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Espainiako Konstituzioaren 25.2 artikuluak pertsonak berrestera eta gizarteratzera bideratzen ditu zigorrak, eta, aldi berean, askatasunaz gabetzeko zigorretara kondenatutakoei aitortzen die lan ordaindua izateko eskubidea, Gizarte Segurantzan dagozkion onurak izatekoa, bai eta kultura eskuratzekoa eta beren nortasuna osorik garatzekoa ere.

Gizarteratzeko tratamenduaren funtsezko elementua da hori, aukera ematen baitu lan-merkatuan bilatzen diren lanbide-trebetasunak, lan-esperientzia eta autoestimua garatzeko, beharrezkoak baitira ordaindutako enplegu bat aurkitzeko aukerak areagotzeko, behin aske utzi ondoren.

Hala arautzen dute bai Espetxeei buruzko irailaren 26ko 1/1979 Lege Organikoak eta hura garatzeko erregelamenduak, bai eta nazioarteko arauek ere, hala nola giltzaperatu edo barneratuen tratamendurako Nazio Batuen gutxieneko arauek (Nelson Mandela arauak) edo Europako Kontseiluko Ministroen Komitearen Rec (2006)2-rev gomendioak, Europako Espetxe Arauei buruzkoak, 2006ko urtarrilaren 11n onartu, eta 2020ko uztailaren 1ean berrikusi eta aldatu baitzuten.

Aipatutako arauen arabera, Administrazioak eman behar du lana, eta ez da Administrazioak interes ekonomikoak lortzearen mende jarri behar.

Barneratuen lan-eskubideak eta -betebeharrak uztailaren 6ko 782/2001 Errege Dekretuan arautzen dira, hau da, espetxeetako lantegietan lan-jarduerak egiten dituzten presoen lan-harreman berezia eta gizartearen mesederako lan-zigorrak egin behar dituztenen Gizarte Segurantzaren babesa arautzen dituena. Dekretu horrek, lan-harreman berezia onartzeko, eskatzen du espetxetik juridikoki bereizitako enplegatzaile publiko bat egotea. Ez dago lan-harremanik barneratuen jarduera osagarriak badira, espetxeak berak antolatuak. Horregatik, Estatuan espetxe-eskumenak dituzten administrazioek erakunde publiko bereiziak sortu dituzte, barneratuen enplegatzaile gisa jarduteko eta merkatuan aritzeko, barneratuek garatzen dituzten produkzio-jarduerei dagokienez.

Autonomia-estatutuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio espetxeetako erakunde eta establezimenduen antolaketa, araubidea eta funtzionamendua, espetxe-arloko legeria orokorraren arabera, bai eta legeria hori betearaztea ere.

Autonomia Erkidegoak 2021eko urriaren 1ean bereganatuko du benetan eskumen hori, bat etorriz arau hauetan ezarritakoarekin: ekainaren 29ko 474/2021 Errege Dekretua, espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko egitekoak eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatzekoa, eta uztailaren 6ko 169/2021 Dekretua, zeinaren bidez onartzen baita Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren erabakia, espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko egitekoak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzekoa.

Erabaki horren arabera, Trabajo Penitenciario y Formación para el Empleo Estatuko entitateak kudeaketari eutsiko dio 2021eko abenduaren 31ra arte, hark kudeatutako tailerrei jarraipena eman ahal izateko, haren baliokide autonomikoa sortu bitartean.

Beharrezkoa da, beraz, Gizarteratzearen Euskal Agentzia sortzea Aukerak izena izango baitu zuzenbide publikoko ente bereizi gisa, enplegatzaile gisa ekin diezaion askatasunaz gabetzeko zigorretara kondenatutako pertsonen lanarekin, lanerako prestakuntzarekin edo gizarteratzearekin zerikusia duen guztiari.

Aukerak-ek garatu beharreko jarduerek barne hartzen dute lantegi produktiboak sortzea eta kudeatzea, barneratuei enplegua ematen dietenak, eta horren barruan sartzen dira ekoizpen- eta industria-jarduerak, merkataritzakoak eta egindako produktu edo zerbitzuak merkaturatzekoak. Jarduera horiek, nahitaez, zuzenbide pribatuaren arabera garatuko dira, hargatik eragotzi gabe zuzenbide publikoaren arabera jardutea ahal publikoak egikaritzean. Hori dela eta, bere izaera hobeto egokitzen zaio zuzenbide pribatuko ente publikoen figurari, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 15. artikuluan eta hurrengoetan arautzen baita.

Aukerak behar bezalako aurrerapenarekin sortu eta abiarazi behar da, Autonomia Erkidegoak benetan bereganatu orduko Trabajo Penitenciario y Formación para el Empleo Estatuko entitatea garatzen ari den funtzioen kudeaketa; izan ere, langile barneratuen lan-harremanen jarraitutasuna bermatu behar da, haien lan-eskubideak eta Gizarte Segurantzako kotizazioak murriztu gabe.

Aukerak bitarteko instrumental malgu eta moldakor gisa eratzen da, eta, esku hartzeko eredu integral baten bidez, askatasunaz gabetuta dauden pertsonei bigarren aukerak erraztera bideratuta dago, prestakuntzaren eta laneratzearen bidez.

Eredu horren oinarria ez da zigorra bete bitarteko okupazio hutsa, baizik eta gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideak definitzea, kontuan hartuta pertsona bakoitzaren trebetasunak eta bokazioa, bai eta genero-ikuspegia, politika publikoen integrazioa eta komunitate-eremuko gizarteratzea ere. Azken dimentsio horrek barne hartzen du orientazio eta lagun egite soziolaborala ematea kondenaren azken fasean edo erdi askatasuneko erregimenean, bai eta beste zerbitzu publiko batzuekin eta barneratu ohientzat hirugarren sektorean dagoen sarearekin lotzea ere.

  1. Lege honen xedea da Aukerak, Gizarteratzearen Euskal Agentzia, sortzea, zuzenbide pribatuko ente publiko gisa, espetxe-legeria betearazteko eskumena duen sailari atxikita. Gasteizen izango du egoitza agentzia horrek.

  2. Aukerak zuzenbide pribatuko ente publikoei aplikatu beharreko lege-xedapenek eta haren estatutuek arautuko dute. Estatutuok Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez onartuko dira, Eusko Jaurlaritzan espetxe-legeria betearazteko eskumena duen sailak proposatuta.

  3. Aukerak-en helburua izango da Euskadiko espetxeetan barneratuta dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea erraztea. Bere helburuak lortzeko, honako eginkizun hauek dagozkio Aukerak-i:

    1. Espetxeetako produkzio-lana eta horren ordainsaria antolatzea, produkzio-tailerrak, nekazaritza-ustiategiak eta agintzen zaizkien espetxeetako edo gizarteratze-zentroetako zerbitzu osagarriak kudeatuz.

    2. Industria, merkataritza edo antzeko jarduerak egitea, eta, oro har, espetxe-lanarekin zerikusia duten edo administrazio publikoek agintzen dizkioten eragiketa guztiak egitea, dagozkion helburuak betetzeko.

    3. Askatasunaz gabetutako pertsonen lanbide-heziketa sustatzea.

    4. Kondenaren azken fasean edo erdi askatasuneko erregimenean enplegurako orientazioa sustatzea, eta beste erakunde edo entitate batzuekin lankidetzan aritzea pertsona horien gizarteratze- eta laneratze-ibilbideari jarraipena emateko.

    5. Bere xedea kontuan hartuta, ordenamendu juridikoak esleitzen dizkien beste batzuk.

  4. Aukerak-en gobernu-organoak dira Lehendakaritza, Administrazio Kontseilua eta Zuzendaritza.

    Lehendakaritza Eusko Jaurlaritzan espetxe-legeria betetzeko eskumena duen saileko sailburuari dagokio, eta erakundearen ordezkaritza gorena du.

    Administrazio Kontseilua entearen zuzendaritza- eta kontrol-organo gorena da. Lehendakariaz eta zuzendariaz gain, lau kide izango ditu gutxienez, eta zortzi gehienez, Gobernu Kontseiluak izendatuta.

    Zuzendaritzak entearen ohiko zuzendaritza hartzen du bere gain, eta Eusko Jaurlaritzak izendatuko du, Administrazio Kontseiluak proposatuta. Zuzendaria goi-karguduna izango da, eta zuzendari-maila izango du.

    Entearen estatutuetan garatuko dira aipatutako gobernu-organoen eginkizunak, osaera eta izendapena, bai eta haien funtzionamendu araubidea ere.

  5. Aukerak-eko lanpostuak hauek beteko dituzte: horretarako kontratatutako langileek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko edo haren mendeko erakundeetako langileek, lanpostu bakoitzari esleitutako eginkizunen izaeraren arabera.

    Ahal publikoak baliatzea edo interes orokorrak babestea dakarten lanpostuak funtzionarioek bete beharko dituzte, eta langile horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko funtzio publikoa arautzen duten arauak bete beharko dituzte.

    Agentziaren zerbitzurako kontratatutako langileek Lan Zuzenbidea izango dute arau. Agentziak ezarri eta deitutako hautaketa-proben bidez kontratatuko dira langileak, publikotasun-, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioen arabera.

  6. Aukerak-ek baliabide ekonomiko hauek ditu bere helburuak betetzeko:

    1. Entearen hasierako zuzkidura, eta entearen gizarte-funtseko gehikuntzak, halakorik bada.

    2. Urtero Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ezartzen diren diru-izendapenak.

    3. Dirulaguntzak, beste administrazio publiko batzuen ekarpenak, dohaintzak, jaraunspenak eta legatuak, bere alde halakorik ematen bada.

    4. Bere ondarearen barruko ondasun eta eskubideetatik eratorritako diru-sarrerak, eta bere jarduerak gauzatzetik eratorritako ohiko eta ezohiko diru-sarrerak.

    5. Esleitu ahal zaion beste edozein baliabide.

  7. Bere eginkizunak betetzeko, Aukerak-ek beharrezkoak diren administrazio- eta xedapen-egintzak egin ahal izango ditu, bai eta ekonomia- eta finantza-eragiketak ere; gainera, hitzarmenak eta kontratuak egin ahal izango ditu, eta bere eskumeneko gaiekin zerikusia duten dirulaguntzak eman eta haien oinarri arautzaileak onartu ahal izango ditu.

  8. Agentziaren ekonomia-, ondare-, kontratazio-, aurrekontu- eta finantza-araubidea, bai eta kontrol ekonomikoaren eta kontabilitate-kontrolaren araubidea ere, zuzenbide pribatuko ente publikoei aplikatu beharreko lege-xedapenetan aurreikusitakoak izango dira. Agentziaren kontrol ekonomikoa kontrol ekonomiko-finantzarioaren eta kudeaketakoaren modalitate iraunkorrean gauzatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 19ko 2/2017 Legegintzako Dekretuan eta hura garatzeko araudian ezarritakoaren arabera.

  9. Aukerak EAEko administrazio publikoen eta haien mendeko edo haiei lotutako sektore publikoaren berezko bitartekotzat hartu ahal izango da, agentziaren estatutuetan eta sektore publikoko kontratuen legerian adierazitako moduan.

Zuzenbide publikoko Trabajo Penitenciario y Formación para el Empleo Estatuko entitatean lanean ziharduten funtzionario transferituak Aukerak-en hasiko dira zerbitzuak ematen.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Jardueren hasiera.

  1. Aukerak-en jardueren hasiera Eusko Jaurlaritzan espetxe-legeria betearazteko eskumena duen saileko titularraren agindu bidez zehaztuko da, lege hau indarrean sartu eta gehienez ere bi hilabeteko epean, eta, nolanahi ere, 2022ko urtarrilaren 1ean.

  2. Agentziaren jarduerak hasi aurretik, haren estatutuak onartu beharko dira, gobernu-organoak eratu, eginkizunak betetzeko behar dituen giza baliabideak eta ondasun eta baliabide materialak atxiki, bai eta Administrazio orokorreko sailen egitura organikoak egokitu ere, hala komeni bada.

  3. Hala ere, agentziaren jarduerak hasi orduko, haren estatutuak onartu ez badira eta haren gobernu-organoak eratu ez badira, Eusko Jaurlaritzan espetxe-legeria betearazteko eskumena duen saileko titularrari egokituko zaizkio agentziaren erabateko funtzionamendurako beharrezkoak diren jarduketa guztiak.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.

    Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

    Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

    Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 1a.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.