Arautegia
Inprimatu11/2019 LEGEA, abenduaren 20koa, Euskadiko Kooperatibena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Legea
- Organo arau-emailea: Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 247
- Hurrenkera-zk.: 5891
- Xedapen-zk.: 11
- Xedapen-data: 2019/12/20
- Argitaratze-data: 2019/12/30
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia
Testu legala
-
- I. TITULUA SOZIETATE KOOPERATIBOA
- I. KAPITULUA XEDAPEN OROKORRAK
- II. KAPITULUA KOOPERATIBA SORTZEA
- 7. artikulua Batzar sortzailea.
- 8. artikulua Sortzealdian den kooperatiba.
- 9. artikulua Estatutu-proiektuaren aldez aurretiko kalifikazioa.
- 10. artikulua Kooperatiba irregularra.
- 11. artikulua Sortzea.
- 12. artikulua Sortze-eskritura.
- 13. artikulua Estatutuen gutxieneko edukia.
- 14. artikulua Kooperatiba deuseztatzea.
- III. KAPITULUA EUSKADIKO KOOPERATIBEN ERREGISTROA
- IV. KAPITULUA BAZKIDEAK
- 19. artikulua Nor izan daitekeen bazkide.
- 20. artikulua Onarpena.
- 21. artikulua Lan-bazkideak.
- 22. artikulua Bazkideen betebeharrak.
- 23. artikulua Bazkideen eskubideak.
- 24. artikulua Informazio-eskubidea.
- 25. artikulua Informazio-eskubidearen muga eta bermeak.
- 26. artikulua Borondatezko baja.
- 27. artikulua Nahitaezko baja.
- 28. artikulua Kanporatzea.
- 29. artikulua Sozietatearen diziplina-arauak.
- 30. artikulua Bazkide langilearen edo lan-bazkidearen etetea edo nahitaezko baja, arrazoi ekonomiko edo teknikoak, edo antolakuntzako, ekoizpeneko edo ezinbesteko arrazoiak direla-eta.
- 31. artikulua Bazkide ez-aktiboak edo bazkide ez-erabiltzaileak eta bazkide eszedentziadunak.
- V. KAPITULUA KOOPERATIBAREN ORGANOAK
- 32. artikulua Organo motak.
- 33. artikulua Batzar orokorra. Kontzeptua eta eskumenak.
- 34. artikulua Batzar orokor motak.
- 35. artikulua Deialdia.
- 36. artikulua Funtzionamendua.
- 37. artikulua Boto-eskubidea.
- 38. artikulua Gehiengo-araubidea.
- 39. artikulua Batzar orokorraren akta.
- 40. artikulua Delegatuen batzarra.
- 41. artikulua Batzar orokorrak hartutako erabakiak aurkaratzea.
- 42. artikulua Administratzaileak. Izaera eta eskumenak.
- 43. artikulua Administratzaileak hautatzea.
- 44. artikulua Ezgaitasunak eta debekuak.
- 45. artikulua Ordainsariak.
- 46. artikulua Iraupena eta kargutik kentzea.
- 47. artikulua Artezkaritza-kontseilua osatzea eta berritzea.
- 48. artikulua Artezkaritza-kontseiluaren funtzionamendua.
- 49. artikulua Administratzaileen betebeharrak.
- 50. artikulua Administratzaileen erantzukizuna.
- 51. artikulua Administratzaileen kontrako erantzukizun-akzioak.
- 52. artikulua Administratzaileek erabakiak aurkaratzea.
- 53. artikulua Osaera, agintaldia eta izendapena.
- 54. artikulua Informazio-ahalmenak.
- 55. artikulua Jarduketa-eremua.
- 56. artikulua Eskumenak eta funtzionamendua.
- 57. artikulua Sozietate-kontseilua. Izaera eta funtzioak.
- 58. artikulua Errekurtso-batzordea. Osaera eta funtzioak.
- VI. KAPITULUA ARAUBIDE EKONOMIKOA
- 59. artikulua Erantzukizuna.
- 60. artikulua Kapital soziala.
- 61. artikulua Kapital sozialari nahitaez egin beharreko ekarpenak.
- 62. artikulua Sozietatearen kapitalari egindako borondatezko ekarpenak.
- 63. artikulua Ekarpenen interesa.
- 64. artikulua Ekarpenak eguneratzea.
- 65. artikulua Ekarpenak eskualdatzea.
- 66. artikulua Ekarpenak itzultzea.
- 67. artikulua Partaidetza bereziak.
- 68. artikulua Beste finantzaketa batzuk.
- 69. artikulua Soberakin garbiak zehaztea.
- 70. artikulua Soberakinak banatzea.
- 71. artikulua Nahitaezko Erreserba Funtsa.
- 72. artikulua Kooperatiba-heziketa eta sustapenerako eta interes publikoko beste helburu batzuetarako ekarpena.
- 73. artikulua Galerak egoztea.
- VII. KAPITULUA DOKUMENTAZIO ETA KONTABILITATE SOZIALA
- VIII. KAPITULUA SOZIETATEAREN ESTATUTUAK ALDATZEA
- IX. KAPITULUA KOOPERATIBAREN BAT-EGITEA ETA ZATITZEA
- 80. artikulua Bat-egitearen modalitateak eta ondorioak.
- 81. artikulua Bat-egiteari buruzko proiektua.
- 82. artikulua Bat-egiteari buruzko informazioa.
- 83. artikulua Bat-egiteari buruzko erabakia.
- 84. artikulua Bazkidearen eskubidea kooperatiba uzteko.
- 85. artikulua Hartzekodunek aurka egiteko eskubidea.
- 86. artikulua Bat-egitearen eskritura eta inskripzioa.
- 87. artikulua Bat-egite bereziak.
- 88. artikulua Kooperatiba zatitzea.
- X. KAPITULUA TRANSFORMAZIOA
- XI. KAPITULUA KOOPERATIBAK DESEGITEA ETA LIKIDATZEA
- 91. artikulua Desegiteko arrazoiak.
- 92. artikulua Desegiteko arrazoien eraginkortasuna.
- 93. artikulua Likidatzeko prozesua.
- 94. artikulua Likidatzaileen izendapena.
- 95. artikulua Funtzioak eskualdatzea.
- 96. artikulua Likidatzaileen funtzioak.
- 97. artikulua Likidazioan kontu-hartzea.
- 98. artikulua Sozietatearen ondasunak adjudikatzea.
- 99. artikulua Azken balantzea.
- I. TITULUA SOZIETATE KOOPERATIBOA
Eusko Legebiltzarrak 11/2019 Legea, abenduaren 20koa, Euskadiko Kooperatibena, onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.
Euskal Autonomia Erkidegoko kooperatibei buruzko legeria aldatzea eta bateratzea: aurrekariak eta justifikazio orokorra.
Lan elkartuko kooperatiben eskutik euskal kooperatibagintza lortzen ari zen garapenak, konplexutasunak eta, batez ere, potentzialtasunak eraginda, euskal botere legegileak goiz ekin zion euskal kooperatibagintza babestu eta sustatzeko tresna juridiko propio eta egoki bat garatzeari, hau da, legeria egoki bat garatzeari, hartara bultzatzen baititu botere publikoak Konstituzioaren 129.2 artikuluak. Horretarako, Autonomia Estatutuak 10.23 artikuluan esklusiboki aitortua duen eskumena garatu zuten Autonomia Estatutua, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartu zen.
Komeni da aintzat izatea Nazioarteko Kooperatiba Aliantzaren balioak eta printzipioak ere, antolakunde horrek mundu osoko antolakunde kooperatiboak bildu, ordezkatu eta zerbitzatzen baititu eta balio eta printzipio kooperatiboen zaindaria baita.
Kooperatibek beren balioak praktikara ekartzeko erabiltzen dituzten jarraibideak dira printzipio kooperatibo horiek, eta hauek dira: atxikimendu boluntario eta irekia; bazkideen kontrol demokratikoa; bazkideen parte-hartze ekonomikoa; autonomia eta independentzia; hezkuntza, prestakuntza eta informazioa; kooperatiben arteko lankidetza, eta erkidegoarekiko interesa.
Beste alde batetik, gizarte-ekonomiaren kontzeptu zabalagoaren barruan azpimarratu behar dira kooperatibismoaren printzipio eta balioak, gizarte-ekonomia ez baita kontzeptu teoriko huts bat, baizik eta erabateko errealitate bat, haren kuantifikazioan, enpresa-bikaintasunean eta ezin eztabaidatuzko erabilgarritasun sozial itxaropentsuan frogatu dena.
Gizarte-ekonomiak biltzen dituen entitateen printzipio batzuen jatorriak, Gizarte Ekonomiari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legearen xedapenetan agertzen den bezala ulertuta, kooperatibismoaren printzipio historikoetan du abiapuntua. Hari buruz, gainera, ugari dira Europar Batasuneko zenbait erakundek Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, Batzordeak eta Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak egindako adierazpenak.
Kooperatibei buruzko otsailaren 11ko 1/1982 Legeak helburu hori bete zuen; izan ere, lege horrek eskaintzen zuen konfigurazio juridiko kooperatiboaren babesean enpresa-proiektu garrantzitsuak garatu ziren, eta, horrekin batera, lanpostu asko finkatu eta sortu; aldi berean, segurtasun juridikoa eman zitzaion sistema osoari.
Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legea (hemendik aurrera 4/1993 Legea) indarrean egon den hogeita sei urteotan erabakigarria izan da eredu juridiko kooperatiboa finkatzeko; eredu horri esker, Euskadiko kooperatibek egun dituzten premiei erantzun ahal izan zaie, eta, aldi berean, arau berriak garatu ahal izan dira, beharrezkoak baitira kooperatibak lehiatu behar diren merkatu gero eta globalizatuagoetan finkatzeko.
Legeria egoki bat eduki beharrak berekin dakar legeria etengabe egokitu beharra. Horregatik, hainbatetan aldatu behar izan da 4/1993 Legea, alderdi espezifiko batzuk egokitzeko presak eraginda: 1/2000 Legea, ekainaren 29koa, Euskadiko Kooperatiben Legea aldatzen duena; 8/2006 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskadiko Kooperatiben Legea bigarren aldaketarena, eta Euskadiko Kooperatiba Sozietate Txikien ekainaren 25eko 6/2008 Legearen laugarren xedapen gehigarria, zeinaz aldatzen baitira 4/1993 Legeren 67 eta 68. artikuluak.
Gainera, legearen garapen orokorrerako erregelamendu bat argitaratu da, martxoaren 29ko 58/2005 Dekretuaren bidez onartua, zeinaren edukiak merezi baitu, zenbait alderditan, lege-mailara igotzea. Horretaz gain, beste batzuk ere onartu dira: Euskadiko Kooperatiben Erregistroaren antolaketa eta funtzionamenduaren Erregelamendua onartzen duena, martxoaren 29ko 59/2005 Dekretuz onartua; otsailaren 2ko 64/1999 Dekretua, onura publikoko sozietate kooperatiboei dagozkien prozeduren eta betekizunen araudia onartzen duena; eta apirilaren 4ko 61/2000 Dekretua, Gizarte Ekimeneko Kooperatibak arautzen dituena.
Lege berri honen helburua da 4/1993 Legea denboran zehar aldatu duten arau horiek testu bakar batean bateratzea eta sistematizatzea da, bai eta 6/2008 Legea, ekainaren 25ekoa, Euskadiko Kooperatiba Sozietate Txikiei buruzkoa, kontuan hartzea ere, indarreko araua erraz identifikatu eta aplikatu ahal izateko, hau da, kooperatibei buruzko araua interpretatzeko eta aplikatzeko behar besteko segurtasun juridikoa bermatuko duen testu juridiko bat izateko.
Testu bakar honek baditu, Euskal Autonomia Erkidegoaren legeriaren mende dauden kooperatibei ezar dakizkiekeen xedapen guztiak jasotzeaz gainera, beste helburu batzuk ere: batetik, harmonizazio-helburua du, batez ere terminologiari eta oinarri berbera izateari eta konponbide juridikoari dagokienez; bestetik, zehaztasun-falta duten edo aplikatzeko orduan zalantzak sor litzaketen arau-elementu batzuk argitu nahi ditu. Horrek araua gehiago garatu beharra ekarri du batzuetan, zuzen interpretatzen laguntzeko, betiere aldatu gabe jatorrizko zentzua eta helburua.
Testu bakar batek eskaintzen duen sistematizazioa dela eta, esan behar da hori oso garrantzitsua dela euskal kooperatiba-legeriak egun duen bilakaeraren barruan, une honetan beharrezkoa delako sozietate kooperatiboen garapena, batez ere kooperatiba mota batzuena, bideratuko duen araudi bat garatzea, betiere aldatu gabe jatorrizko legeriaren gutxieneko oinarriak.
Aldaketen barruan, berriz, azpimarratzekoak dira Administrazioaren esku-hartzearen arloan egindakoak, argitu egin baita nola eta zenbateraino sustatu behar dituen kooperatibak eta zer neurri ezarri behar dituen kooperatibek legea betetzen ote duten kontrolatzeko.
Hala, honako hauek lortu nahi dira testu honetan emandako arauen bidez: zaharkituta geratutako hainbat alderdi gainditzea, kontuan harturik horien kostua eta aplikatzeko erakusten duten zailtasuna; kooperatiben autonomia indartzea, proiektu kooperatibo bakoitza ondoen dagokion moduan erregulatzeko, betiere errespetatuz sozietate bati kooperatiba-izaera ematen dioten identifikazio-lerroak; kooperatiben funtzionamendu demokratikoa eta parte hartzeari bide ematen dion funtzionamendua bermatzea, eta, aldi berean, kudeaketa eta kontrolen eraginkortasuna bermatzea eta publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza indartzea. Funtsean, segurtasun juridikoa eranstea lortu nahi da, barne nahiz hirugarren ez-bazkideekiko harremanetan, hau da, kooperatibei buruz Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen legeria tresna egokia izatea kooperatiben barne-harremanak eta kanpoko trafiko juridikoa finkatzeko.
Hori guztia indarreko araudiaren egituran txertatu da; arau gehienek bere horretan diraute, eta bat egiten dute araudi-diseinuen lerro nagusiekin: kudeaketa-organoa profesionalizatzea, erabakiak azkar hartzea, eta finantza-baliabideak eta barne-lankidetza indartzea. Horrela, enpresek baldintza berberekin lehiatzea lortu nahi da, baina alde batera utzi gabe sozietatearen identitate kooperatiboa, baita haren funtzionamendu demokratikoa bermatzea eta erantzukizun soziala sustatzea ere.
Helburu hori lortzeko, kontuan hartu da batetik, zer egoera eta bilakaera duen, egun, merkataritzako araudi orokorrak, eta, horrekin batera, zer araudi eta irtenbide eman zaizkien kooperatibei zuzenbide konparatuan; eta, bestetik, zer neurri eta tresna ezarri diren oraintsu ekintzaileentzat. Hori guztia kooperatibek autoantolakuntzarako duten autonomiarekiko orekari eutsiz egin nahi izan da, bat etorriz haien tradizioarekin eta orokorrean onartuta dauden printzipio eta parametroekin.
Esandako guztia kontuan, eta helburu horiek betetzeko beste tresna hobeagorik ezean, esan daiteke erregulazio hau ezinbesteko minimoa dela adierazitako helburuak betetzeko; izan ere, saihesten dira beharrezkoak ez diren administrazio-kargak, babestu beharreko interesak bermatzen ez dituztenak, eta eusten zaie Euskal Autonomia Erkidegoan kooperatibei aplikagarri zaien araudi-esparruaren oinarrizko alderdiei, eta segurtasun juridiko handiagoa ematen zaio araudi-esparruari. Esandako guztiagatik, arau honek betetzen ditu erregulazio onaren printzipioak, Administrazio-prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan ezarritakoak.
Lege honek 165 artikulu, 9 xedapen gehigarri, 2 xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta 5 azken xedapen ditu, 4 titulu eta 16 kapitulu.
Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.23 artikuluaren babesean ematen da, zeinean Euskal Autonomia Erkidegoari eskumen esklusiboa ematen baitzaio kooperatibei eta Gizarte Segurantzan sartu gabeko mutualitateei eta positoei buruz, bat etorriz merkataritza-gaietan indarrean dagoen legeria orokorrarekin. Bestalde, Estatutuaren 10.5 artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari eskumen esklusiboa ematen dio Euskal Herria osatzen duten lurralde historikoen foru-zuzenbide zibil eta berezia, dela idatzia ala ohiturazkoa, gorde, aldatu nahiz garatzeko, eta indarra zein lurraldetan izango duen finkatzeko.
Xedapen orokorrak.
Kontuan hartuta egungo egoera, komenigarri ikusi da espresuki aipatzea Nazioarteko Kooperatiba Aliantzan jasotako printzipioak, lagungarri gerta daitezkeelako bai sozietate kooperatiboaren kontzeptua hobeto zehazteko eta ulertzeko bai hari buruzko araudia hobeto interpretatzeko eta aplikatzeko, betiere eutsiz 1993. urtean sozietate kooperatiboaren kontzeptuari buruz egiten den formulazioari eta horrek eskaintzen duen legezko bermeari.
Sekzioei dagokienez, esan behar da arlo horrek aurretik ere egokitzapen asko izan dituela, beti azpimarratuz kooperatiben erantzukizunak batasun-izaera duela eta haien organoak sekzioetakoen gainetik daudela. Lege honetan, malgutu da sekzioen barne-funtzionamendua, aipaturiko izaera horri eutsiz, batez ere hirugarren ez-bazkideekiko harremanetarako.
Eutsi egin zaio, oro har, hirugarren ez-bazkideekiko eragiketen erregulazioari, bazkideekiko eragiketek lehentasuna izaten jarraitzen baitute; alderdi hori, alabaina, malgutu da nekazaritzako eta elikagaien kooperatiben kasuan, eta espezifikoki erregulatu da zein diren malgutzeko arrazoiak eta gorde beharreko kautela. Lehen bezala erregulatu da, halaber, gutxieneko sozietate-kapitala: enpresa-izaera duten kooperatibei erantzuteko adinakoa izan behar du, eta ekintzailetza mota guztien eskura egoteko modukoa ere bai.
Kooperatibak sortzea.
Kooperatibak sortzeko arauak estatutuetan jaso behar diren minimo batzuei buruzkoak bakarrik aldatu dira, sartu baitira bazkideen informazio-eskubideari buruzkoak, sozietate kooperatiboaren delituei aurre egiteko ereduari buruzkoak eta sozietate kooperatiboetan indarkeriari sexistarik gabeko esparru bat bermatzeari buruzkoak. Aldi berean, harmonizaziorako doikuntza tekniko batzuk ere egin dira: zehaztu da diru-itzulketa ez dela beti eskubide bat izango; organo batzuk ez dira legez nahitaezkoak; Sozietate Anonimoen Legera igorri ordez, indarrean dagoen kapital-sozietateen legera bidaltzen du (Kapital Sozietateen Legearen testu bategina, uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua), edo Eusko Jaurlaritzan lan-arloko eskumena daukan sailera, eta ez legegintzaldi bakoitzean aldatu ohi den izen zehatzera.
Euskadiko Kooperatiben Erregistroa.
Aldatu gabe geratzen dira Euskadiko Kooperatiben Erregistroaren oinarrizko printzipioak: publizitate formala eta materiala, legalitatea, legitimitatea, lehentasuna eta segidako traktua. Ordea, argitu da zein kasutan aurkaratu daitekeen merkataritzako bide judizialean, eta zein kasutan administrazioarekiko auzibidean; eta eransten da, praktikotasunagatik, inskribatzeko titulua aurkezten den eguna hartuko dela kooperatiben sortze-datatzat.
Era berean, espresuki aipatzen da bide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera bultzatuko dela inskripzio-prozesuak errazte aldera.
Bazkideak.
Indarrean dauden baldintza beretan erregulatu da bazkideen egoera juridikoa, bereziki estatutuetan finkatu beharra, nahitaez, zein diren lan-bazkideen parte-hartzeari buruzko irizpideak. Argitzen da bazkideek aukera dutela kooperatibak lagundu edo elkarlanean jarduten den, modu minoritarioan, beste entitate batzuetan ere parte hartzeko. Parte-hartze hori, dagoeneko aurreikusita eta garatuta zegoena erregelamendu bidez, egiturazkoa edo koiunturala izan daiteke, eta mugatua izango da kopuruari dagokionez, salbu eta enpresa-premiaren kasuan.
Ez dira batere aldatzen bazkideen informazio-eskubidea, bazkideek sozietatearen dokumentazio garrantzitsuena eskuratzeko eskubidea, eskubidearen mugak kooperatibaren interesetarako kaltegarria denean edo bazkideen eskaera nabarmen abusuzkoa denean, eskaera eta ezeztapena motibatu beharra, eta azken erabakia beti batzar orokorrarena izatea. Era berean, bazkide guztiek gorde beharko dute isilpekoa, sozietatearen interesei kalterik ez egiteko, eta proposamenak egiteko eskubidea izaten jarraituko dute.
Nolanahi ere, bazkideen informazio-eskubide hori zabaldu egin da zaintza-batzordeak kontu auditatuei buruzko txostena ematen duen kasuan, hura aztertzeko eskubidea izango baitute.
Bere horretan utzi dira honako alderdi hauek ere: zenbat bazkide behar diren gutxienez kooperatiba bat sortzeko (hiru); zer prozesu bete bazkideak onartzeko; nola aurkaratu ez onartzeko erabakia, eta zer ondorio dituen aurkaratzeak; zenbat dirauen probaldiak; zer eratako bajak dauden eta zer epe dauden pertsona juridikoei aurreabisua emateko; zenbat denboran izan behar den gutxienez bazkide; zer eskubide duen kooperatibak kooperatiba uzten duen bazkideari exijitzeko ezen bete ditzala lehendik finkatuta dauden betebehar batzuk; nola bereizten diren, legez, bidezko bajak eta bidezkoak ez diren bajak, eta zer kasutan bilakatzen den baja bat nahitaezko baja.
Bajei dagokienez, baja formalizatzeko hiru hilabeteko gehieneko epea eta isiltasunaren ondorioak ezartzen dira.
Sozietatearen diziplinaren gaineko araubidean zehaztasun hauek egin dira: lehendabizi, zehapenen tipifikazioa estatutuetan bakarrik sartzea; bigarrenik, arau-hausteen iraungitzeari begira noiz hasiko den zenbatzen.
Ez dira aldatzen zehapen motak; noiz preskribatzen duten faltek eta zein diren prozedura-arauak; noiz eteten diren bazkideen eskubideak; zer epe dauden ebazteko, eta zein une zehatzetan landuko den gaia batzar orokorrean.
Sistematizazioaren mesedetan, bazkideei buruzko kapituluaren lehen artikuluan azaltzen da sozietate-modalitate ezberdinak aurreko legean sakabanatua agertzen ziren, eta definitu egiten dira, erregelamenduz egin zen moduan. Ildo horretan, aipatzekoa da lehengo baldintza beretan erregulatu direla iraupen jakineko bazkideek sozietatearekin dituzten harremanak, praktikan ikusi delako beharrezkoak direla eta bat datozela sozietate kooperatiboaren kooperatiba-izaerarekin, unean uneko premia ekonomikoak bete ahal izateko; berdin erregulatu dira, halaber, iraupen mugagabeko bazkide izateko iraupenari eta prozedurari dagozkien alderdiak.
Lehen bezala erregulatu dira bazkide ez aktiboei edo bazkide ez-erabiltzaileei buruzko alderdiak ere, haien botoa bazkideen boto guztien bostena izatera mugatuta; berrikuntza bezala, bazkide-egoera berri bat aurreikusi da: eszedentziadunena. Bazkide horien eskubide eta betebeharrak estatutuetan erregulatuko dira.
Azkenik, espresuki erregulatu da lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileen etetearen eta nahitaezko bajaren kasuak berdin aplikatuko zaizkiela beste mota batzuetako kooperatibetako lan-bazkideei ere. Horretarako, terminologia egokitu da, eta jatorrizko erregulazioa kapitulu honetan jaso da sistematikoki, honako doikuntza tekniko hauek eginda: batetik, dagokion erabakia zein organok hartu behar duen malgutu egin da, eta aurrerantzean artezkaritza-kontseiluaren eskumena ere izango da, betiere hala badago aurreikusita estatutu sozialetan; bestetik, zehaztu egin da zer epe ezarri behar den bazkideari itzultzeko sozietatearen kapitalari egindako ekarpenak baldin eta nahitaezko baja ematen bazaio arrazoi ekonomiko edo teknikoak, edo antolakuntzako eta ekoizpeneko arrazoiak direla-eta, edo ezinbestezko arrazoiengatik; hala, nahitaezko ekarpenak 2 urteko gehienezko epean itzuli beharko dira (periodifikatuta), eta borondatezkoak, berehala.
Sozietatearen organoak.
Sozietatearen organoen araubidean, aldaketa orokor batzuk egin dira, alderdi espezifiko batzuk garatzeko; azpimarragarrienak, administrazio- eta kudeaketa-organoan egin direnak, gehiago arautu baita arlo hori.
Ildo horretan, eta kontuan harturik sistematizazioak duen garrantzia, lehendabizi kooperatiba-organoak identifikatu dira, haiek banan-banan erregulatzeari ekin baino lehen; antolaketaren erregulazioa, berriz, kooperatiba bakoitzaren esku utzi da, sozietatearen funtzionamendu egokiagoa bermatzeko.
Batzar orokorrari dagokionez, lehen bezala utzi dira konfigurazioa eta funtzioak, ondo bereizita gainerako organoen funtzioetatik, enpresa modu eraginkor eta efizientean kudeatzeko eta segurtasun juridikoa eskaintzeko; araubide juridikoa (1993an berritua, bazkide askoko kooperatiben deialdietarako publizitate indartuari dagokionez); bi herenez osaturiko gehiengo indartuak, hainbat erabaki hartzeko behar direnak (gutxiago dira kasu horiek); boto plurala emateko aukera, pertsona juridiko jakin batzuek dutena; bazkideen boto-eskubide mugatua, partziala denean beren jarduera kooperatibizatua; interes-gatazkak eta haien ondorioen erregulazioa, baita akta idazteari eta onartzeari dagozkion alderdi formalak ere.
Berrikuntza bat sartu da batzar orokorra egiteko epeari buruz: batzar orokorra, ekitaldi soziala itxi ondorengo lehen sei hilabeteetan egin behar da (lehen, batzarraren deialdia egin behar zen epe horretan). Horrela egin da merkataritza-legeak ezartzen duenarekin bat etortzeko eta batzar orokorraren bilera denboran gehiago zehazteko.
Irakaskuntza-kooperatiben batzar orokorra hirugarren deialdian baliozkotasunez egitea ere sartu da, zeina onartua baitzegoen kontsumo-kooperatibentzat eta nekazaritzako eta elikagaien kooperatibentzat; horretarako, aldatu da hasierako erregulazioa, bigarren deialdirako bertaratuen quorum jakin bat eskatzen zuena; betiere, baldintza berberetan: batzarra bigarren deialdian egiten saiatu, eta lortzen ez bada. Aldaketa hori egiteko erabilitako arrazoiak, lehenengo aldaketa egiteko erabilitako berberak dira: batetik, parte-hartzea, eta, bestetik, errealitate soziologikoa, behar bezala kontrastatua.
Era berean, batzar orokorraren deialdiak egiteko informazioko eta komunikazioko teknologia berriak erabili ahal izateko aukera sartu da; izan ere, aurreikusten da bazkideek errazago parte hartu ahal izango dutela sozietateak hartu beharreko erabakietan, gutxieneko informazioa bermatuz.
Bada, azkenik, azpimarratu beharreko beste berrikuntza bat: erabakiak aurkaratzeko, kapital-sozietateei buruz oraintsu erregulatutako legean ezarritako irizpideak ezarriko dira: kasuak, legitimazioa, epeak eta iraungipena. Hala egin da kooperatiba-enpresen jardunerako segurtasun juridikoa bermatzeko, eta ulertzen delako ez diela eragingo kooperatiben ezaugarri espezifikoei.
Kooperatibak administratzeari eta ordezkatzeari dagokionez, mantentzen dira administratzaile eta ordezkarien funtzioen araubidea eta haien jardunak hirugarren ez-bazkide onustedunengan dituen ondorioak, helburu sozialari dagokionez; haien izaera, kideanitza edo kidebakarra, eta ez-bazkideek beren profesionalizazioa errazteko parte-hartze mugatua izateko aukerak; gehiengo indartuak, garrantzi handiko erabakiak hartzeko, eta batzorde betearazleak eta kontseilari delegatuak izendatzeko aukera. Sakondu egin da ezgaitasunen eta debekuen araubidean.
Kooperatiba bakoitzak bere errealitatearen eta beharren arabera hartutako erabakien arabera, arauak gradualki aldatu dira, edo malgutu; hala, kide anitzeko organoetan zenbat kide egon behar duten gehienez eta zenbat gutxienez, hori estatutuetan erregulatu ahal izango da, eta batzar orokorraren esku utziko da zenbat kide egongo diren kasu bakoitzean; profesionalizazioa bultzatzeko, igo da organo horretan bazkide ez direnek parte hartzeko muga (heren bat, gehienez ere); idazkari-kargua betetzeko, profesional bat jarri ahal izango da kontseilari baten ordez; kargugabetutako kontseilariaren ordezkorik ez badago, kontseilu-errektoreak berak hautatu ahal izango du ordezkaria, aldi baterako, hau da, batzar orokorrak beste bat izendatu bitartean; kontseilariek arrazoitu egin beharko dute zergatik egin duten uko, eta administrazio-organoak uko-egiteari buruzko kalifikazioa eman beharko du; zehaztu da zer prozedura jarraitu behar duten kontseilariek uko egiteko, eta zein diren uko egitearen ondorioak; parte-hartzea bermatzeko, funtzionamenduan informazio- eta komunikazio-teknologia berriak sartzea aurreikusi da, eta, bukatzeko, argitu da zer araubide aplikatuko den botoak zenbatzeko, batzar orokorraren irizpide bera ezarrita.
Baina, aldaketa handienak administratzaileen gaia arautzean egin dira: administratzaileen diligentzia- eta leialtasun-betebeharra eta erantzukizun korrelatiboa, eta erantzukizun hori exijitzeko bazkideek gauzatutako erantzukizun-ekintza, bat etorriz sozietate-araubidean gai horri buruz ezartzen ari diren joera berriekin. Goian esandakoarekiko koherentziaz, administratzailearen ordainsaria ere arautu da, betiere kooperatibak berak erabakitzen duenean haren lana ordaintzea; ordainsaria zenbatekoa izango den, hori batzar orokorrak erabakiko du, baina beti egongo da kooperatibaren egoerari eta egindako lanari lotuta, eta gardentasunez jokatu beharko da alderdi horri dagokionez.
Zaintza-batzordearen erregulazioan ez da aldaketarik egin, izaera demokratikoa duelako eta administrazio-organoa eta batzar orokorra lotzen dituelako, eta ez duelako eragozten administrazio-organoaren kudeaketa efizientea. Bai egin dira, ordea, doikuntza batzuk: batzordea nola osatuko den lan-izaeraren arabera osatu ordez sozietate-izaeraren arabera osatuko da, zer funtzio izango dituen eta zer ondorio izango dituen kooperatiben kontuei buruz batzordeak egiten duen txostenak kanpoko auditoretza batek ere parte hartzen duenean.
Sozietate-kontseiluari dagokionez, ikusi da baliagarria dela euskal kooperatibismoaren barruan; beraz, kooperatiba mota guztietan horrelako organo bat sortzeko aukera aurreikusi da lege honetan, alde batera utzita zenbat bazkide dituen kooperatibak.
Errekurtso-batzordeari dagokionez hautazkoa dena, lehengoan utzi dira, eraginkortasunagatik, haren antolakuntza demokratikoa, kooperatibaren autokontrolerako izaera eta haren existentziaren justifikazioa, eta ez dira aldatu haren erregulazioaren terminoak.
Araubide ekonomikoa.
Lege honetan, argiago eta zedarrituago azaltzen da zer erantzukizun duten sozietateak eta bazkideek hirugarren ez-bazkideekiko, eta nori egotzi behar zaizkion kooperatiban sortutako galerak; kasu horretan, malgutu da Nahitaezko Erreserba Funtsari egotz dakiokeen gehieneko kopurua. Funts horri, gehienez, soberakin positiboak izandako azkenengo bost urteetan nahitaez legezko funtsetara bideratu diren diru kopuruen batezbestekoa egotziko zaio, edo, kooperatiba bost urte horiek baino berriagoa bada, sortze-unetik beretik bideratutakoen batezbestekoa. Nolanahi ere, Nahitaezko Erreserba Funtsak kooperatibaren sozietate-kapitalaren ehuneko berrogeita hamarra gainditzen badu, galerak konpentsatzeko erabili ahal izango da portzentaje horretatik gorako zenbatekoa.
Edozein kasutan, konkurtso-legeriara joko da enpresen kaudimenik eza gertatzen den kasuetan eta horren ondorioetarako.
Gainera, bi doikuntza tekniko sartu dira: batetik, urtebetera zabaldu da bazkideak bere galerei aurre egiteko aldia, errazago bete ahal izateko kooperatibarekiko duen betebeharra; bestetik, espresuki jaso da ezen, batzar orokorrak adostutako ekarpen berriez gain, dagoeneko ezarrita dauden ekarpenak ere egin daitezkeela, kooperatibak finkatuta baitauka zein den kapitalari egin beharreko gutxieneko ekarpena bazkide izaten jarraitzeko.
Erantzukizuna mugatua izango da, halaxe izan da-eta 1993az geroztik.
Gainerakoan, ez da aldaketarik egin kooperatiben araubide ekonomikoan: finantzatzeko hainbat aukera daude, 1993ko legean kooperatibetako enpresa-proiektuak garatu ahal izateko aurreikusitako sozietate-kapitalaz bestelakoak, kapital-sozietateek darabiltzaten tresna finantzarioekiko korrelazioan; nolanahi ere, erabaki da finantzaketa modu horiek kooperatiban orokorrean aurreikustea, eta erregelamenduz egitea garapen espezifikoa.
Produktu finantzarioetan inbertitzen duten inbertitzaile eta kontsumitzaileak babesteko ordenamendu juridikoan hainbat arauren bidez garatutako espirituari jarraikiz, batez ere, finantza-sektoreko arauei, lege honetan gogora ekartzen da nahitaezkoa dela inbertitzaile eta kontsumitzaile horiei informazio egokia, argia eta ulergarria ematea. Era berean, gogorarazten da indarrean dauden betekizunak bete beharko direla lege honetan erregulatutako mendeko ekarpen finantzarioak harpidetzeko, eta emandako informazioa nahikoa, argia eta ulergarria izan dadin bermatu behar dela. Inbertsio-zerbitzuak ematen dituzten entitateek nahitaez bete beharko dute informazio-betebehar hori, aipaturiko tresna finantzarioak eskuratu nahi dituzten kontsumitzaileei informazio gardena eta zuzena emateko errekerimenduak betez.
Kapital sozialari dagokionez, lehengo erregulazioari eutsi zaio, baina hiru aldaketa sartuta. Batetik, likidaziorik egiten ez den kasuan diruaren interes legala baino ordainketa handiagoa egiteko aukera jaso da; bestetik, zehaztu da ekarpena itzuli daitekeela sozietatearen kapitala edo bazkidearen jarduera kooperatibizatua murrizten den kasu espezifikoetan; eta, azkenik, bi doikuntza tekniko sartu dira, segurtasun juridiko handiagoaren ondorioetarako: batetik, exijitzen da estatutuak aldatzea baldin eta itzultzeko eskubidea duten ekarpenak nahitaez bihurtu nahi badira kooperatibak baldintza gabe ukatuz gero itzultzeko eskubiderik ez duten ekarpen; bestetik, ekarpenak itzultzea ukatzea enpresa-jardueraren bilakaerarekin zerikusia duen irizpide ekonomiko objektibo batekin lotu da, sozietatearen estatutuetan oinarrituz betiere.
Nahitaezko Erreserba Funtsera eta kooperatiba-heziketa eta -sustapenera eta interes publikoko beste helburu batzuetara soberakinetatik egin beharreko ekarpenak 2008an sarturiko erregulazioan ekarpen horiei dagokienez sartutako erregulazioaren arabera erregulatu dira. Aldaketa bat sartu da: bazkideak eta langileak prestatu eta formatzeko ere aplikatuko dira gizon eta emakumeen berdintasunean aurrera egite aldera.
Sozietatearen dokumentazioa eta kontabilitatea.
Kooperatibaren kontabilitatearen erregulazioan, erreferentzia bat erantsi da ondare garbiaren aldaketen eta, hala badagokio, efektibo-fluxuen egoerari buruz, kontu-araudira egokitzeko; baina indarreko erregulazioari eutsi zaio sozietatearen dokumentazioari eta kontu-auditoretzari eta kontabilitateari dagokienez, arau hauetara egokitu beharko baitira: Kontabilitate Plan Orokorra, sozietate-kooperatiben kontabilitate-arau espezifikoak, Kontabilitate Plan Orokorra garatzeko Kontabilitatearen eta Kontu Auditoretzaren Institutuak onartutako arauak, nahitaez bete beharrekoak, eta kontabilitateari buruz aplikagarri zaien gainerako araudia.
Era berean, izaera teknikoko hainbat alderdi zehaztu dira, merkataritza-legeria orokorraren ildoari jarraikiz. Hala, informazio finantzariorako araudi-esparrua definitu da, kooperatibek aplikatu behar dutena urteko kontuak formulatzeko orduan, eta epe bat zehaztu da ekitaldia ixten denetik aurrera kooperatibaren gobernu-organoak urteko kontuak formulatzeko.
Ez da beharrezkotzat jo kudeaketa-txostenaren edukia definitzea uztailaren 2ko 1/2010 Legeginko Errege Dekretuz onartutako Kapital Sozietateen Legearen testu bateginaren 262. artikuluaren arabera, ulertzen delako merkataritza-legeriara igorriz haren baitan subsumituta geratzen dela, nahiz eta aintzat hartu behar den, hala dagokionean, informazio ez finantzarioaren egoera sartzea Merkataritza Kodea aldatzeko abenduaren 28ko 11/2018 Legearen testuan, uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kapital Sozietateei buruzko Legearen testu bateginean eta Kontu Auditoritzaren uztailaren 20ko 22/2015 Legean zehaztutako edukiaren arabera. Antzeko zerbait gertatzen da batzar orokorrak urteko kontuak onartzeko epea zehazteari dagokionez, legearen 34. artikulua 35.1 artikuluari lotuta aplikatzen baita.
Aitzitik, komenigarritzat jo da argitzea noiz egin behar den kontu-ikuskapena tamaina dela-eta.
Hori horrela, moldatu egin dira arlo honetan izan diren azken aldaketak eta kudeaketa-txostena noiz formulatu behar den ere egokitu da.
Estatutuen aldaketa eta kooperatiben bat-egitea eta zatitzea.
Estatutuen aldaketaren eta kooperatiben bat-egitearen eta zatitzearen arloan, izaera operatiboko beste alderdi tekniko batzuez gain, lehen ere irizpide bezala finkatuta zegoen alderdi bat xedatu da espresuki bat-egite berezien kasuetarako: sozietate kooperatiboek bat egin ahal izatea beste sozietate mota batzuekin, zibilekin edo merkataritzakoekin, baldin eta ez badago hori espresuki eragoz lezakeen bestelako legezko agindurik. Kooperatiba transformatzen den kasurako proposatutako aldaketen ildoari jarraikiz, tratamendu bera aurreikusten da 89.4 artikuluan finkatutako funtsetarako, bat-egite prozesu batean sozietate ez-kooperatibo batek sozietate kooperatibo bat bereganatzen duenean.
Ildo berean, espresuki erregulatzen dira, aipaturiko bat-egite bereziak ez ezik, sozietate kooperatiboak entitate ez-kooperatibo baten alde zatitzea edo bereiztea ere; praktika kooperatiboan beharrezkoa ikusi da aukera hori, eta, beraz, sozietate-arauak aukera hori ahalbidetu behar du, kooperatiba-legeria autonomikoan eta merkataritza-legerian gertatzen den bezala.
Bere horretan utzi dira estatutuak aldatzeko 1993an ezarritako berrikuntzak: estatutuen publizitatea, bazkideen eskubidea dokumentazioa eta publizitate berezia izateko eta aztertzeko, edo bidezko baja emateko; bat-egitea (bat-egitearen aurretiko erabakia eta bat egiteko dauden epeak eta gorde beharreko kautelak; publizitate indartua; bazkideen eta hartzekodunen informazio-eskubidea edo inplikaturiko kooperatibak inskribatzeko mekanismoak zein inskripzioaren ondorioak), eta zatitzeari buruzkoak (zein kasutan zatitu daitezkeen kooperatibak eta zer proiektu aurkeztu behar duten, izenpetuta, kooperatibako administratzaileek, edo zer erantzukizun duten solidarioa eta mugatua banandu diren kooperatibek).
Kooperatibak transformatzea.
Sozietate motak birmoldaketa-bideen bitartez berregituratzeko prozesuak, esku hartzen duten kooperatiben izaera kooperatibista kontrolatzen dutenak eta sozietateen zuzenbidearen araugintza-teknikak aprobetxatzen dituztenak, indarreko terminoetan formulatu dira, salbu eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak transformazio-prozesuan izan beharreko esku-hartzeari dagokionez eta, hala badagokio, zaintza-batzordeak prozesuan izan beharreko esku-hartzeari dagokionez.
Ildo horretan, eta kooperatibei buruzko lege autonomiko ezberdinen erregulazioarekin bat, aztertu da zergatik eta zertarako esleitu zaion Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari homologazio-funtzioa, eta nolakoa eta zenbatekoa den aipatutako organo horren esku partaidetza-kontu gisa jarri beharreko ondarea.
Azterketa horren ondorioz, erregulazioa aldatu da, transformatzeko betekizun gisa aipaturiko homologazioa behar izatea bertan behera utziz, ulertzen delako ezen, nahiz eta Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legea aitzindari izan zen kooperatiben transformazio erregulatzen, hartan ezarritako betekizun batzuk gehiegizko bihurtu direla, denboraren joanean, kautelazko neurri gisa. Hala, homologazioaren ordez aipaturiko organoari informazioa eman beharra ezarri da, eta, gainera, malgutu da funts banaezinak organo horretara transferitzeko modu operatiboa; argitzen da ezen aplikazio zehatzen mende dauden helburu-izaerako erreserbak ez direla sartzen mugimendu kooperatiboa sustatzeko atxiki beharreko ondarearen barruan; bestalde, doitzen da funtsa horien benetako balioa, kontuan hartuz balantzean agertu diren eta konpentsatu gabe dauden galerak, edo aditu independente baten txostenaren ondorioz aktiboaren elementuen gainean ager litezkeen minusbalioak.
Modu berean, zaintza-batzordeari buruz aurreikusitako esku-hartzea ez da, erregulatu zenetik, gertatu; beraz, ez da egoki jotzen lege berri honetan sartzea, araugintza-teknika egoki baten mesedetan.
Kooperatibak desegitea eta likidatzea.
Funtsean, ez da aldatu kooperatibak desegiteko arrazoiei buruzko erregulazioa; bakarrik, berrikuntza bat sartu da: egungo konkurtso-araudira egokitu da, zeinetik eratortzen baita kaudimengabaziaren supostua. Orobat geratu da aldatu gabe kooperatiba berrindartzeko aukera.
Aldiz, asko aldatu da likidatzaileen lege-araubidea. Aurreko legean, bazkide izan behar zen likidatzaile izateko, baina, lege honen arabera, orain ez da betekizun hori bete beharko: bazkide ez den pertsona bat ere izendatu ahal izango da likidatzaile, baldin eta kooperatibak erabat desegituratuta badaude, bazkiderik ez badago, bazkideak ezgaitzat hartzen badira edo bazkideek likidatzaile izateari uko egiten badiote. Aldaketa honen bidez, sozietatearen likidatzea eta azkentzea modu ordenatuan egitea bermatu nahi da. Ildo horretan, batzar orokorrari ematen zaio ahalmena likidatzaileen funtzionamendu-araubidea ezartzeko.
Bestalde, lehen bezala erregulatu dira sozietatearen ondasunaren adjudikazioari eta onartutako azken balantzearen eta banatze-proiektuaren publizitateari buruzko alderdiak, baina aldaketa bat eginez: aurkaratzeko epe espezifiko bat erantsi da, segurtasun juridikoa bermatzeko, zuzenbide kooperatibo konparatuan ezarritakoaren antzekoa eta ondorio berberekin.
Azkenik, formazko aldaketa bat egin da erregistroa ezerezteko araubidean: likidatzaileek sei urtez kontserbatu ahal izango dituzte liburuak eta gainerako dokumentazioa.
Kooperatiba motak.
Oro har, modu irekian sailkatu dira kooperatibak, orain arte bezala; horretarako, kontuan hartu da zer helburu duten kooperatibek eta zer egoera juridiko duten bazkideek; espezifikoki erregulatu gabeko alderdietarako, kooperatiba mota bakoitzari dagozkion berariazko alderdiak lehenetsi dira arau orokorren gainetik.
Lan elkartuko kooperatibetan, beraiek ezarri ahal izango dute, orain arte bezala, hala lan-araubidea barne-araubideko erregelamendu baten bidez arautu ahal izango da nola diziplina-araubidea. Horrela, azpimarratzen da kooperatibon sozietate-izaera eta ez-laborala, nahiz eta gutxieneko lansari-aurrerakin bat aurreikusten jarraitzen den.
Besteren konturako langileen kasuan, berariaz azpimarratzen da kooperatiben helburua dela lana bazkide langileei ematea, hori baita lan elkartuko kooperatiben sortzetiko helburua, baina, kooperatiba-enpresaren zirkunstantziek hala eskatzen dutenean, ez da baztertzen besteren konturako langileei ere ematea, eta mota horretako langileak kontratatzeko muga bazkide langileen ehuneko hogeita hamarrera igo da. Kopuru hori urteko orduen arabera kalkulatuko da, arrazoi operatiboak direla eta.
Kopuru hori zenbatzeko, ez dira aintzat hartuko areagotuz joan diren kasu espezifikoak, pilaturiko esperientziak erakutsi baitu gehitu egin behar direla halako kontratuak: ezgaitasunak dituzten pertsonei egindakoak; praktika- eta prestakuntzakoak; hezkuntza-kooperatibek egindakoak, helburutzat integrazioa edo kontziliazio familiarra dutenak, edo kooperatibak aldi baterako laneko enpresa gisa jarduten duenean beste enpresa batzuentzako egindako langile-kontratuak.
Bazkide izateko prozeduran, segurtasun juridikoa bermatzeko, doitu da soldatapeko langile bezala eduki beharreko antzinatasuna eta saihestu da bazkidetza zuzenean lortzea: bazkide izateko eskaria hamabi hilabeteko epearen barruan egin beharko da espresuki.
Era berean, langile autonomoen araubide bereziaren arabera diharduten langileak dituzten kooperatibek beren estatutuetan espresuki jaso dezakete eurek ordainduko dizkiotela Gizarte Segurantzari bazkide langilearen kuotak, sozietate-betebeharrak betetze aldera, hargatik eragotzi gabe dagokion sektore-araudiarekiko mendekotasuna. Hala eginez gero, lege-maila izango du hori aurreikusi zuen erregelamendu-erregulazioak. Kasu horretan, adierazten da ordainketa horiek ez liratekeela izango lansari-aurrerakinaren zati, eta soberakin garbia zehazteko partida kengarritzat hartuko liratekeela.
Espresuki eta soil-soilik araua argitzeko asmotan egin dira honako ñabardura hauek: batetik, lana kooperatiban egiten duten bazkideen lanaldi partzialaren edo osoaren araubidea, eta, bestetik, lan-arriskuen prebentziorako arau orokorren aplikazioa. Eta aurreko laneko segurtasun- eta higiene-nomenklatura egokitu dira.
Nekazaritzako eta elikagaien kooperatibetan ere egokitzapen batzuk egin dira, izenaz gainera: egokitu da bazkideentzako nekazaritza-lanak, aldi baterako, kooperatibaren bitartekoekin egiteari buruzkoa, eta argitu da titulartasun partekatuko entitate diren bazkideen edo nortasun juridikorik gabeko edozein entitateren egoera juridikoa egoera hori oso ohikoa baita sektore honetan, baita, segurtasun juridikoa dela eta, haiek kooperatibarekin duten harremana ere. Horrekin, lehendik ere aurreikusita dagoen ikuspegi komunitario batekin lotuago legokeen erantzun bat eman nahi zaio, kooperatiba mota hauek nekazaritza-inguruaren zerbitzurako dauden entitateak diren heinean, komunitatearekin duten erantzukizun soziala azpimarratuz. Ildo berean, egokitu nahi da hirugarren ez-bazkideekiko eragiketei buruzko erregulazioa: gaur egun, bazkideek dute lehentasuna, eta ekitaldi ekonomiko bakoitzean ehuneko berrogeita bederatziko muga ezartzen da hala jasota badago estatutuetan. Beraz, egungo arauketa bateratu nahi da sektoreari lotutako Batasunaren xedapen espezifikoekin, zeinen helburua baita hirugarren ez-bazkideen ekoizpenak nekazaritzako ustiategietan integratzea, modu horretan nekazaritzako eta elikagaien kooperatibak xedapen horietara atxikitzeko aukera izan dezaten, gehieneko portzentaje hori gaindituz.
Gainerako kooperatiba motak sailkatzeko orduan, etxebizitzen, garraioen eta junior kooperatibetan egin dira aldaketa gehienak.
Ildo horretan, etxebizitzen kooperatibei buruz egindako aldaketen helburua da kooperatibistek eurek hartzea eraikitzeko eta kudeatzeko oinarrizko erabakiak, demokratikoki, kooperatiba sortzen den une beretik, betiere eutsiz kooperatiba mota hauei dagokien eta oraintsu erregulatu den legegintza-diseinuaren oinarrizko egiturari, bat etorriz kooperatiba mota hauetarako gainerako autonomietan eta estatuan ezartzen den legeriarekin. Nolanahi ere, kontuan harturik nolako profesionaltasuna eskatzen duen higiezinen sustapenak, nola elkartzen diren kooperatiba mota hauetako bazkideak normalean ez dute elkar ezagutzen eta zenbat diren, gerta liteke entitate kudeatzaile bat kontratatu behar izatea, aholkularitza eskainiko duena eraikuntzari eta kooperatibaren finantzaketari buruz.
Horretaz gain, beti kontrolatu beharko da kudeaketa-eragiketa guztiei buruzko informazioa eta gardentasuna, delegatuak izan edo ez izan.
Halaber, baimentzen da eragiketak egitea hirugarren ez-bazkideekin. Eragiketa horien balioa, gehienez, etxebizitzen ehuneko hogeita hamarrekoa izango da, 4/1993 Legean araututako gainerako kooperatiba motetarako ezarritako araudiarekin bat. Ordezko etxebizitza emateko jarduketak gertatuta ere, muga hori ez da aldatuko.
Kontu-auditoretzak nahitaezko izaten jarraitzen du, eta, benetako parte-hartzea eta kudeaketa demokratikoa ziurtatzeko, legelari aholkulariaren figura ezarri da, eta haren irizpena beharko da funtsezko eragiketa juridiko-ekonomikoak gauzatzeko.
Bestalde, kontuan hartuta zer lotura duen gai honek eraikuntzari eta babes publikoko etxebizitzen sustapenari buruzko araudiarekin, legea erregelamenduz garatu beharko da.
Edonola ere, babes publikoko etxebizitzak erregulatzen dituen araudia lehentasunez aplikatuko da kooperatibei buruzko araudiaren aldean. Kooperatibei buruzko araudiak, hain zuzen, etxebizitzen sustapen pribatuari buruzko hainbat zehaztapen jasotzen ditu, etxebizitzon izaerari eta prozedurazko alderdiei erreparatuta.
Azpimarratu behar da, halaber, zehaztasun handiz erregulatu direla erabilera lagatzeko etxebizitza-kooperatibak, alternatiba bat emanez jabetzazko adjudikazioari. Izan ere, indargabetutako legeak aukeratzat baino ez zuen jasotzen etxeak adjudikatzeko modu hori.
Azkenik, bazkideen erantzukizuna dela-eta adierazi behar da izaera mankomunatua duela, ez bakarrik kapitalari egiten dioten ekarpenari dagokionez, baizik eta baita eraikuntzarako eta etxebizitzaren edo lokalaren adjudikazio-salneurria estaltzeko egindako entregei dagokienez ere.
Garraio-kooperatiben kasuan, espresuki aurreikusi da nola sortu daitezkeen: zerbitzu-kooperatiba gisa enpresen zerbitzu-kooperatibak erregulatu zirenean bezala edo lan elkartuko kooperatiba gisa. Edozein kasutan, egitura eta araubide juridiko ezberdinen arabera erregulatu dira bi eraketa mota horiek, ez daitezen biak nahastu; izan ere, nahasketa horrek arazoak eta gatazkak sortzen zituen araudia aplikatzerakoan. Beraz, kooperatibok garraio integratuko kooperatiben identitatea bermatuko duten estatutu zehatz batzuen arabera erregulatuko dira, kontuan hartuta betiere kooperatibei oro har aitortzen zaien izaera integrala.
Junior kooperatibak kooperatiba mota berri bat dira, espezifikoki identifikatu eta erregulatu behar dena, kontuan hartuta hezkuntzari lotua dagoela sozietate-kontratu horren helburua: kooperatiba bat sortuz eta abian jarriz, titulazio akademiko batek exijitutako ezagutzak lortzea. Horrek esan nahi du sozietate horiek epe jakin baterako sortzen direla eta, kasu batzuetan, kooperatiba arrunt bihurtu daitezkeela.
Azkenik, irakaskuntzako kooperatibek lehengo konfigurazio juridikoa izaten jarraituko dute. Hiru modalitatekoak izango dira, eta erregulazio malgua izango dute, beraiek ezarritako arauekin; izaera edo onura publikoko bazkideak izan ahalko dituzte, baina aldaketa batekin: irakasleak eta irakasleak ez diren langileak bazkidetzen dituztenean, lan elkartuko kooperatiben arau erregulatzaileak aplikatuko zaizkie, salbu eta 30. artikuluan erregulatutakoa. Salbuespen horren arrazoia da kooperatiba horiek ezaugarri bereziak dituztela: hezkuntza-proiektuak garatzen dituzte, alderdi soziala nabarmenduz ia gehienak irabazi-asmorik gabeko onura publikoko entitatetzat jotzen dira, eta, ondorioz, kooperatiba horietan garatzen diren lanek ere ezaugarri bereziak dituzte, gainerako kooperatiba motetako lan-bazkideek edo langile bazkideek egiten duten lanarekin guztiz parekatu ezin direnak, ez behintzat kooperatiba mota horien gaur egungo enpresa-bilakaeraren barruan.
Gizarteratze-kooperatibei dagokienez, gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsonak sartu dira desgaitasunen bat dutenekin batera.
Azkenik, enpresak sustatzeko beste kooperatiba mota bat sartu da, kooperatibismoak ekintzaile berriek garatutako jarduera ekonomiko eta sozialen sorrerari eta hazkundeari emandako erantzun gisa.
Gainerako kooperatiba moten erregulazioa ez da aldatu edo osatu, eta ez zaie ezer erantsi. Hona kooperatiba horiek: zerbitzu-kooperatibak (lehen bezala jarrai dezakete eragiketak egiten bazkide ez direnekin); profesional- eta enpresa-kooperatibak (koordinazio-entitate edo sozietate-zentro erkide bezala jardun dezakete); finantza-kooperatibak (Estatuari dagokio horien oinarrizko erregulazioa); osasun-kooperatibak, oraindik ere ia praktikan jarri gabeak (etorkizuneko kooperatiba-aukera gisa); kooperatiba komunitarioak, eta gizarteratze-kooperatibak.
Kooperatiba integratzea eta taldekatzea.
Kooperatiba-taldeek dituzten premiei erantzuteko moduan konfiguratu dira bigarren mailako edo maila handiagoko kooperatibak, lankidetzan jarduteko arau-esparru egoki bat behar dutelako, aukera emango diena benetako kooperatiba-egitura izateko eta beren burua integratzeko modua erregulatzeko (parte-hartzaileek kooperatibak izan behar dute gehienak, baina ez denak).
Modu berean, ahalik eta modurik irekienean erregulatu dira lankidetza ekonomikorako beste modalitate batzuk, izaera instrumentalagoa dutenak, lankidetzan diharduten kooperatiben benetako premiei eta unean unekoei erantzun ahal izateko. Kooperatiba horiek, bestalde, aukera dute kontratuzko tresna eta loturetan nahiz tresna eta lotura pertsonifikatuetan parte hartzeko, edo dagoeneko sortuta dauden taldeetan integratzeko. Aukera hori onartuta dago juridikoki, eta erabiltzen da.
Horregatik, eta kontuan hartuta nola garatzen ari den kooperatibismoa une honetan, kendu egin dira kooperatiba-korporazioak erregulatzen zituzten arauak, bitariko administrazioa ezartzen zutenak. Izan ere, erregulazio hori orain arte baliagarria izan bada ere, une honetan ez da egokitzat jotzen, mugatzailea izan daitekeelako.
Aldiz, eta segurtasun juridiko handiagoa emateko, lege-mailara ekarri da kooperatiba-taldeen erregulazioaren garapena, tresna bereziki egokia delako kooperatibek elkarrekin lankidetzan jarduteko eta merkatuetan eraginkortasunez esku hartzeko.
Azkenik, kooperatiba mistoei dagokienez (berez, legeak arautzen dituen kooperatiba guztiak izan daitezke mistoak), berrikuntza garrantzitsua izan haiek arautzea, 1993an egina, eta gerora ere garatu egin zen erregelamendu bidez, enpresa-proiektu kooperatiboak finantzatzen laguntzeko.
Kooperatibak eta Administrazio publikoa.
Kooperatiben gaian, bi alderdik justifikatzen dute Administrazioaren esku-hartzea: sustapen-jarduera eta kooperatiben legalitatea betetzen dela bermatzea.
Lehenengo eremuari dagokionez, osatu egin da publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza sektoriala. Lehengo legean, lan elkartuko, kontsumoko, nekazaritzako eta elikagaien kooperatiben edo etxebizitza-kooperatiben kasuan aurreikusten zen lankidetza hori, baina, lege honetan, beste arlo batzuetara zabaldu da, hain zuzen ere hezkuntzaren, landa-garapenaren, dependentziaren eta integrazio sozialaren arloetara. Horretaz gain, kooperatiben mugimenduaren ordezkaritza instituzionala azpimarratu nahi izan da, kontsulta eta erabaki-esparruetan eta dagokien erakunde-ordezkaritzako organismoetan parte har dezaten eta solaskide izan daitezen bultzatuz, bat etorriz Gizarte Ekonomiari buruzko 5/2011 Legearen ildoekin.
Bigarren eremuari dagokionez, beharrezkotzat jotzen da nahiko zaharkituta geratu diren hainbat alderdi berritzea, hala eskatzen baitu euskal kooperatibek gaur egun daukaten garapenak. Alderdi garrantzitsuetako bat, Administrazioak duen «polizia» zereginagatik, arau-hausteak (dagokion ikuskaritza-funtzioarekin) eta zehapenak dira, Euskadiko kooperatiben legeria substantiboa ez betetzeagatik.
Helburu hori dela eta, 1993an beharrezkotzat jo zen zehapen-prozedura espezifiko bat arautzea, nahiz eta halakorik ez den garatu gaur arte.
Esandakoa gauzatzeko beharrezkoa da 4/1993 Legearen 139. eta 140. artikuluetan xedatuta dauden arau-hausteen eta zehapenen araubideari heltzea, eta ez bakarrik haiek garatzeko, baizik eta alor horretako politika legegilea berrikusteko, 4/1993 Legea aspalditik baitago indarrean. Gainera, kontuan hartu behar dugu, alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko kooperatibek enpresa- eta sozietate-garapen handia izan dutela denbora horretan, eta, bestetik, arau-hausteen eta haiei dagokien zehapenen egungo tipifikazioa Administrazioaren babesarekin eta ikuskapenarekin lotutako ikuspegi batean oinarritutako erregulaziotik datorrela, eta beharrezkoa dela hori berrikustea.
Izan ere, ulertzen da kooperatiben funtsezko alorretara mugatu behar dela Administrazioaren zeregina: bazkideek parte hartzea edo akordioak hartzea demokrazia kooperatiboaren egikaritze efektiboa eta elkartasuna funts banaezinak edo aplikazioak, eta Administrazioak alde batera utzi behar dituela beste alderdi formal edo operatibo batzuk, merkatuan diharduten gainerako sozietateen antzekoak direnak eta zuzeneko loturarik ez dutenak kooperatiben berezko eta kooperatibak bereizten dituzten gaiekin. Hau da, enpresa mota hori «gizarte-intereseko» bihurtzen duten alderdiak landu behar dira, horrek legitimatzen baitu esku-hartze publikoa.
Kooperatiben asoziazionismoa.
Gutxieneko erregulazioa utzi da, elkartzeko askatasunaren faboretan, kooperatiben elkarteei dagokienez, eta Euskal Autonomia Erkidegoko botereei egiten zaien eskaerari dagokionez, botereok sustatu ditzaten hala kooperatiben arteko harremanak nola ordezkaritza aitortzeko eta hori kooperatiba-elkartearen izenean aplikatzeko irizpideak.
Bakarrik aldatu da, euskal kooperatibismoaren asoziazionismoaren garapena aintzat hartuta, zein den gutxieneko kooperatiba kopurua kooperatiben federazio batek bere izen sozialean «Euskadiko» hitza erabiltzea izan dezan. Era berean, kontabilitate- eta auditoretza-arloko betebeharrak zehazten dira, eta, bestalde, osatzen da zuzenbideko iturrien araubidea, bat-egite, federazio, eta kooperatiben konfederazioei aplikatzekoa dena segurtasun juridikoaren ondorioetarako.
Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari dagokionez, lege honetan argitzen da bere urteko kontuak informazio finantzarioari aplikagarri zaion araudi-esparruaren arabera formulatu behar dituela.
Alderdi organikoei dagokienez, foru-aldundien parte-hartzea gehitu zaio Eusko Jaurlaritzaren, kooperatiba-elkarteen integrazio-entitateen eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateen presentziari.
Kontseiluaren funtzioei dagokionez, arbitraje-funtzioa dela-eta, gehitu da ezen estatutuetan erregulatutako kooperatiba-barneko bidea agortu behar dela kooperatibaren eta bazkideen artean sortutako gatazkak konpontzeko, interesen autokonpontzearen adierazgarri, hargatik eragotzi gabe arbitraje-bidea.
Xedapen gehigarriak, iragankorrak, indargabetzailea eta azkenak.
Araua ixten duten xedapenen artean, hauek azpimarratu behar dira:
Zazpigarren xedapen gehigarria, gizarte-aurreikuspenari buruzko erabakiak hartzeari buruzkoa.
Bederatzigarren xedapen gehigarria, mugimendu kooperatiboaren artikulazioari buruzkoa.
Bigarren xedapen iragankorra, estatutuak egokitzeko prozesuari buruzkoa, non xedatzen diren estatutuak egokitzeko epea eta estatutuak ez egokitzearen ondorio juridikoak.
Azken xedapenetako hirugarrena, onura publikoko deklarazioa lortzen duten fundazio eta elkarteak eta deklarazio hori bera lortua duten kooperatibak parekatu nahi dituena, ondasunen eta eskubideen gainean doan xedatzeko egintzei dagokienez, zeinak Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginak erregulatzen baititu. Era berean eta helburu berberekin, «onura publikoko» deklaratutako etxebizitza-kooperatiben aldekoa denean, bazkideentzako etxebizitzak eraikitzera bideratutako lursailen kasuan.
Kooperatiba da enpresa bat garatzen duen sozietatea, zeinaren lehentasuneko helburua baita bere kideen jarduera ekonomiko eta sozialak sustatzea eta haien beharrak beren parte-hartze aktiboaren bitartez asetzea, kooperatibismoaren printzipioak betez eta inguruko komunitateari erantzunez.
Kooperatibak Nazioarteko Kooperatiba Aliantzaren kooperatiba-printzipioetara, zeinak lege honen esparruan aplikatuko baitira, egokitu beharko ditu bere egitura eta funtzionamendua.
Lege honen barruan, bestelako edozein antolakunde eta entitate publiko edo pribaturekiko autonomia eta independentzia osoz jardungo du.
Kooperatibek edozein jarduera ekonomiko edo sozial gauzatu ahal izango dute, salbu eta kooperatibismoaren oinarrizko eskakizun eta printzipioekin bat ez etortzeagatik legean espresuki debekatzen bada.
Kooperatibek beren izenean nahitaez sartu beharko dituzte «kooperatiba-sozietatea» hitzak edo «Koop. S.» laburdura.
Ezin izango da lehendik dagoen sozietate baten izen bera jarri. Sozietatearen izena baliozkoa izateko, beste baldintza osagarri batzuk ezarri ahal izango dira erregelamenduz.
Beste inolako entitatek ezin izango du erabili «kooperatiba» hitza edo «koop.» laburdura, edozein dela ere entitatearen mota edo izaera, publikoa edo pribatua, salbu eta xedapenen batek espresuki hartara behartu edo hartarako baimena ematen dion kasuan.
Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldearen barruan egongo da kooperatibaren egoitza soziala, bere bazkideekiko jarduera gehienak egiten dituen lekuan edo administrazio-kudeaketa eta enpresa-zuzendaritza zentralizatzen dituen lekuan.
Gutxieneko kapital soziala ezin izango da hiru mila (3.000) euro baino gutxiagokoa izan, eta eurotan adieraziko da. Kooperatiba sortzen den une beretik ordainduta egon beharko da gutxieneko legezko kapital horri dagokion kopuru osoa.
Kooperatibek bazkide ez diren pertsonekin egin ahal izango dute beren kooperatiba-jarduera, betiere lege honetan eta kooperatibaren estatutuetan ezarritakoaren mugetan.
Baldin eta kooperatibak bere bazkideekin eta bazkide ez diren pertsonekin dituen eragiketek, legearen baldintza eta mugen barruan, enpresaren jarduera gutxitzea edo kaltetzea eragiten badute, kooperatibari ezin egotzi dakizkion arrazoiengatik, eta gutxitze edo kaltetze horrek kooperatibaren bideragarritasun ekonomikoa arriskuan jartzen badu, baimena eman ahal izango zaio kooperatibari bazkide ez diren hirugarrenekiko jarduerak edo zerbitzuak hasteko edo lehendik dituenak handitzeko, betiere baimenak, unean uneko zirkunstantzien arabera, ezartzen duen epean eta zenbatekoan. Aipatutako baimena eman dela ulertuko da kooperatibak baimena eskatu eta hilabetera Eusko Jaurlaritzan lan-arloko eskumena duen sailak espresuki ebazpena eman ez badu.
Nolanahi ere, kreditu- eta aseguru-kooperatibek aplikagarri zaien finantza- eta aseguratze-jardueraren arloko araudian ezarritako betekizun eta mugak bete beharko dituzte bazkide ez diren pertsonekiko eragiketetan.
Estatutuetan, jarduera ekonomiko eta sozial espezifikoak helburu sozialaren barrukoak egiten dituzten sekzioen existentzia eta funtzionamendua erregulatu ahal izango dira; sekzio horiek kudeaketarako autonomia izango dute, hargatik eragotzi gabe kooperatibaren erantzukizunaren izaera orokorra eta bateratua. Kontabilitate independentea eramango dute beti, nahiz eta kontabilitate orokorra kooperatibari dagokion.
Estatutuetan, honako hauek definituko dira:
Zer arlo edo jarduera sartu diren sekzioaren barruan.
Zenbat denbora jardungo duen sekzioak modu berezituan, baldin eta denbora hori mugatua bada.
Zer irizpide ezarri diren sekzio bakoitzari dagokion ondarea zehazteko.
Hala badagokio, zer irizpide erabili diren kontabilitate bereizia ezartzeko.
Zer irizpide erabiliko diren jarduera kooperatibizatua neurtzeko, sekzio horretako soberakin positibo eta negatiboen banaketa bereizia egin behar denean.
Zein den araubide organikoa eta zer harreman duen sekzioak kooperatibaren administratzaileekin.
Hala badagokio, estatutuetan ehunekotan mugatu ahal izango da zer soberakin bereizi eta banatu behar diren sekzioen arabera.
Sekzioak erregulatzerakoan, politika bereizi bat ezarri ahal izango da kapital-interesei, lan-aurrerakinei edo bazkideekin egindako eragiketen prezioei dagokienez.
Batzar orokorrak erabaki ahal izango du berehala etetea sekzio bateko bazkide-biltzarrak hartutako erabakiak, baina zehaztu beharko du zergatik jotzen dituen lege edo estatutuen aurkakotzat edo kooperatibaren interes orokorren aurkakotzat, hargatik eragotzi gabe batzar orokorraren erabakiak ere lege honen 41. artikuluan aurreikusitakoaren arabera aurkaratzea.
Sekzio bat edo batzuk egoteak ez dakar administratzaileek dituzten ahalmenen araubidea aldatzea, baina sekzioaren barruan zuzendariak edo ahaldunak izendatu ahal izango dira sekzio horren jardunaz eta eragiketaz ardura daitezen. Kooperatibaren administratzaileek sekzioan hartu diren erabakiak berehala etetea erabaki dezakete, bazkide-biltzarrean hartzen diren erabakietarako ezarritako baldintza beretan.
Estatutuetan edo barne-araubideko erregelamenduan erregulatuko da sekzio bateko bazkide-biltzarraren eta kooperatibako administratzaileen arteko harremana.
Kreditu-sekzioa edo bestelako sekzioak dituzten kooperatibei kontu-auditoretza izan dezatela eskatuko zaie, haiekin kontratuak egiten dituztenak babesteko.
Sustatzaileek osatuko dute batzar sortzailea; batzar horrek kooperatibaren estatutuak onartuko ditu eta kooperatiba sortzeko beharrezko diren gainerako erabakiak hartuko.
Sustatzaileek kasuan kasuko kooperatiba motako bazkide izateko behar diren betekizunak bete beharko dituzte.
Batzarrera joandako sustatzaileen artetik aukeratuko dituzte batzar sortzaileko lehendakaria eta idazkaria.
Batzar sortzailearen aktan, gutxienez jaso beharko dira bilera-tokia eta -data, partaide-zerrenda, eztabaiden laburpena, bozketen emaitzak eta hartutako erabakien testua.
Batzar sortzailean idazkari-lanetan ari den sustatzaileak egiaztatuko du akta, zeinak lehendakariaren oniritzia izan beharko baitu.
Sortzen ari den kooperatibaren sustatzaileek edo haien artetik batzar sortzailean izendatutako kudeatzaileek egingo dituzte, sozietatearen izenean, hala kooperatiba sortzeko ezinbestekoak diren egintza eta hitzarmenak nola batzar sortzaileak espresuki eskatutakoak. Sortzealdian, sozietatearen izenean jarduteko gaikuntza izango dute horretarako agindu espezifikoa emanez izendatutako pertsonek ere.
Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatu aurretik sozietatearen izenean egintzak eta kontratuak egin dituztenek izango dute horien erantzukizun solidarioa, salbu eta egintza edo kontratu horien efikazia dagoenean inskripzioaren eta, hala badagokio, kooperatibak egintzok geroago bere gain hartzearen baldintzapean.
Sortzealdian den sozietatea izango da artikulu honen 1. atalean aipatutako egintza eta kontratuen erantzule, bazkideen ekarpenek osatzen duten ondarearen bidez. Bazkideek beren erabakiz ordaindu behar izan duten ekarpen osoaren mugaraino erantzungo dute, pertsonalki.
Kooperatiba inskribatuta, berak egin beharko die aurre aurreko apartatuan aipatzen diren egintza eta kontratuei. Orobat egin beharko die aurre inskribatu eta hurrengo hiru hilabeteetan onartzen dituen egintza eta kontratuei. Bi kasu horietan, bertan behera geratuko da sustatzaile, kudeatzaile edo agintarien erantzukizun solidarioa.
Sozietatearen ondarearen balioa gehi sozietatea inskribatzeko beharrezkoak diren egintzena sozietatearen kapitalaren balioa baino txikiagoa bada, bazkideek estali beharko dute zenbateko bi horien arteko diferentzia.
Sozietateak, Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatu artean, «sortzealdian» hitza gehitu beharko dio bere izenari.
Sortze-eskritura eman baino lehen, eta batzar sortzaileak aurkako erabakirik hartu ezean, kudeatzaileek estatutu-proiektuaren aurretiko kalifikazioa egin dezala eskatu ahal izango diote Euskadiko Kooperatiben Erregistroari, zeinak hogeita hamar eguneko epean ebatzi beharko baitu eskaria egiten denetik.
Euskadiko Kooperatiben Erregistroak zuzen daitekeen akatsik aurkituko balu, kudeatzaileei emango die haren berri; kudeatzaileek, salbu eta batzar sortzaileak kontrakoa erabakitzen duenean, baimena izango dute akatsak hilabeteko epean zuzentzeko.
Sozietatea Euskadiko Kooperatiben Erregistroan ez inskribatzeko borondatea egiaztatzen denean eta, betiere, eskritura egiletsi denetik urtebete igaro denean inskripzioa eskatu gabe, edozein bazkidek eska dezake sortzealdian den sozietatea desegin dadila, eta exiji dezake, haren ondare soziala likidatu eta gero, bere ekarpenak itzul dakizkiola.
Egoera horretan, kooperatibak bere eragiketekin hasi edo aurrera jarraitzen badu, sozietate kolektiboei buruzko arauak ezarriko dira, edo, hala badagokio, sozietate zibilei buruzkoak. Kooperatiba geroago inskribatzen bada, ez da aplikatuko 8.4 artikuluan ezarritakoa.
Eskritura publiko bidez sortuko da kooperatiba. Agiri hori emateko, bi hilabeteko epea izango da, batzar sortzailea sortu denetik aurrera kontaturik, edo, hala badagokio, sozietatearen estatutu-proiektua kalifikatzen denetik aurrera kontaturik. Ondoren, Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatuko da, eta une horretatik aurrera nortasun juridikoa izango du.
Sortze-eskritura nahiz kooperatibari lotutako beste edozein egintza inskribatzeko, aldez aurretik ziurtatu beharko da likidatu direla inskribatu beharreko egintzaren gaineko zergak edo eskatu dela haien likidazioa.
Sortze-eskritura publikoa sustatzaile guztien izenean egiten ez bada, batzar sortzailean izendatutakoen izenean egin beharko da, batzar horretan hartutako erabakien arabera.
Sortze-eskritura publikoak, zeinak, hala badagokio, batzar sortzailearen akta jasoko duen, honako hauek jaso beharko ditu:
Eskritura egiletsi dutenak eta sustatzaileak pertsona fisikoak izanez gero, haien izen-abizenak, adina, lanbidea eta egoera zibila; pertsona juridikoak izanez gero, berriz, sozietatearen izena. Kasu batean zein bestean, nazionalitatea, egoitza eta bazkide mota ere adierazi beharko dira.
Dena delako kooperatiba sortzeko borondatea.
Egilesleen adierazpena, adierazten duena sustatzaile guztiek ordaindu dutela estatutuetan bazkide izateko finkatutako nahitaezko gutxieneko ekarpenaren ehuneko hogeita bost gutxienez, edo, hala badagokio, 4. artikuluan finkaturiko gutxieneko kapitala estaltzeko beharrezko den goragoko frakzioa. Bestalde, ekarpenaren zati bat ordaintzea atzeratu bada, zati hori nola eta noizko ordainduko den ere zehaztu beharko da.
Estatutu sozialak.
Sozietatean beharrezko diren organoetako karguak betetzeko izendatu dituzten pertsona fisikoen izen-abizenak, lanbidea eta adina, edo, pertsona juridikoen kasuan, izen soziala. Kasu batean zein bestean, nazionalitatea eta egoitza ere adierazi beharko dira, baita, hala badagokio, kontu-auditoreei buruzko datuak ere.
Adierazpen-agiri bat, aitortzen duena ez dagoela izen bereko beste kooperatibarik. Sortzen ari den kooperatiba agerkari publikoan jasotzeko, Lan arloan eskumena duen ministerioko kooperatiben erregistroak eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroak emandako jatorrizko agiriak beharko dira, izen bereko beste kooperatibarik ez dela ziurtatzen dutenak.
Zer balio eman zaien diruzkoak ez diren ekarpenei halakorik balego, haien ezaugarriei buruzko deskribapen argia eginez eta ondo zehaztuz zer ekarpen egin dituen sustatzaileetako bakoitzak edo zer ekarpen-betebehar ezarri dizkion bere buruari.
Zenbatekoak izango diren, gutxi gorabehera, kooperatiba sortzeko gastuak, barne direla dagoeneko eginda daudenak eta inskribatu artean egin asmo direnak.
Horretaz gain, sortze-eskritura publikoan jaso ahal izango dira sustatzaileek batzar sortzailean egindako itun eta baldintza guztiak, haiek ez badira legearen edo sozietate kooperatiboak arautzen dituzten printzipioen aurkakoak.
Kooperatibaren funtzionamendua erregulatuko duten estatutuetan honako hauek agertuko dira gutxienez:
Kooperatibaren izena.
Egoitza soziala.
Zein den jardueraren helburu soziala.
Zenbat iraungo duen.
Zein lurralde-eremutan gauzatzen den kooperatibaren jarduera nagusia.
Zein diren bazkideei onarpena eta baja emateko betekizunak.
Zer eskubide eta betebehar dituzten bazkideek, zehaztuz zer konpromiso izango duten kooperatibako jardueretan edo zein izango den haien gutxieneko parte-hartzea.
Zein diren sozietatearen diziplina-arauak, falta motak eta zehapen motak, zehapen-prozedura eta errekurtsoak.
Zein den kooperatibaren gutxieneko kapital soziala, eta zein den sozietateko bazkideen hasierako nahitaezko ekarpena.
Nola itzuliko diren ekarpenak eta zein den ekarpen horiek eskualdatzeko araubidea.
Zein diren soberakinak banatzeko irizpideak, zehaztuz zer portzentaje bideratu behar diren Nahitaezko Erreserba Funtsera eta kooperatiba-heziketa eta -sustapenerako eta interes publikoko beste helburu batzuetarako ekarpenetara.
Nola deituko den batzar orokorra, ohikoa zein berezia: publizitatea eta epea; lehenengo edo bigarren deialdian, edo hirugarrenean kontsumo-, irakaskuntza- eta nekazaritza- eta elikagai-kooperatibetan; erabakiak hartzeko araubidea, eta dena lege honen 36. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan xedatu bezala.
Zer egitura izango duen kooperatibaren administrazioaz arduratuko den organoak eta zein izango den organo horren jarduketa-araubidea.
Nola osatzen diren, nahitaezkoak badira edo estatutuetan aurreikusten badira, zaintza-batzordea eta, hala badagokio, errekurtso-batzordea eta kontseilu soziala, eta zein funtzio duten.
Bazkideen informaziorako eskubidea errespetatzeko ezarritako bermeak eta organoak, lege honetako 24 eta 25. artikuluetan ezarritako terminoetan.
Zein diren kooperatiba desegiteko arrazoiak.
50 bazkide baino gehiago duten sozietate kooperatiboek kooperatibaren delituei aurrea hartzeko eredu bat egingo dute, eta eredu horren jarraipena egiteko mekanismoak ezarriko dituzte. Halaber, berariazko baliabideak jarri beharko dituzte kooperatibak bortizkeria matxistarik gabeko eremuak izan daitezen.
Eta lege hau aplikatzeko nahitaezkoak diren gainerako alderdiak.
Barne-erregelamenduak egin ahalko dira kooperatibaren funtzionamenduaren hainbat alderdi garatzeko; barne-erregelamenduak inoiz ez dira izango estatutuen aurkakoak eta inoiz ez dute urratuko estatutuetan xedatutakoa.
Behin sozietatea inskribatu eta gero, deuseztasun-akzioa Kapital Sozietateei buruzko Legean ezarritako arrazoiengatik eta ondorioekin bakarrik egikaritu ahal izango da, eta salbuespen batekin: sortze-egintzan bi bazkide sortzaileren benetako borondatearen ordez, lege honetan ezarritako gutxieneko bazkide kopurua beharko da.
Euskadiko Kooperatiben Erregistroa erregistro publikoa da, Eusko Jaurlaritzan lan-arloko eskumena duen sailari atxikia, eta organo-egitura bateratua du.
Erregistroaren eraginkortasunaren printzipioak dira: publizitate material eta formala, legezkotasuna, legitimazioa, lehentasuna eta segidako traktua.
Inskripzioak sortze-izaera izango du hala kooperatibaren sortzearen, bat-egitearen, zatitzearen, desegitearen eta berrindartzearen kasuan nola izaera horretako sozietate bihurtzen den kasuan, eta dokumentazioa aurkezten den eguna hartuko da inskripzio-datatzat. Gainerako kasuetan deklarazio-balioa izango du.
Euskadiko Kooperatiben Erregistroak bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzea bultzatuko du, erregistroa erabili nahi duten herritarrekin eta entitateekin dituen harremanak erraztu ahal izateko, batez ere egintzak erregistroan inskribatu eta gordailutzeko, baita kontsultak ebazteko eta ziurtagiriak emateko ere.
Euskadiko Kooperatiben Erregistroak funtzio hauek izango ditu:
Indarrean dagoen legeriaren arabera erregistroan jaso beharreko egintzak kalifikatu, inskribatu eta ziurtatzea, hain zuzen ere honako hauenak: lehen eta bigarren mailako edo maila handiagoko kooperatibenak, kooperatiben batasun eta federazioenak, federazio-elkarteenak edo batik bat lege honetan erregulatutako kooperatiba motez osaturiko beste entitate juridiko batzuenak.
Nahitaezko diren liburuak gaitu eta legeztatzea.
Artikulu honetako a) apartatuan aipatzen diren kooperatiben urteko kontuen eta erabakien egiaztapenen gordailua izatea. Bere ardura bakarra izango da aztertzea ea aurkezturiko dokumentuak legez eskatzen direnak diren, batzar orokorrak behar bezala onartu dituen, eta izenpetu behar duten guztiek izenpetu dituzten.
Kooperatiba-entitateen izenari buruzko ziurtagiriak ematea.
Egiten zaizkien galderak ebaztea, beren eskumenekoak badira.
Lege honen edo berau garatuko duten arauen bidez emandako beste edozein.
Epeei, espedientean pertsonatzeari, ordezkaritzari eta lege honetan edo berau garatzen duten arauetan espresuki garatzen ez diren Euskadiko Kooperatiben Erregistroaren gaineko alderdi formalei dagokienez, administrazio-prozedurako arauak ezarriko dira.
Demanda judiziala jarri nahi izanez gero zuzenbide substantibo kooperatiboa aplikatuz emandako egintzen aurka, merkataritza-arloko epaitegi eta auzitegietara jo beharko da, bat etorriz Botere Judizialaren Lege Organikoarekin eta ezar daitekeen prozedura-araudiarekin.
Lehen mailako kooperatibetako bazkide izan daitezke pertsona fisiko zein juridikoak, publiko nahiz pribatuak, betiere kontuan izanda lege honetako II. tituluan ezarritako salbuespenak.
Bigarren mailako edo maila handiagoko kooperatibei dagokienez 147. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.
Kooperatiba sortzen den unean, sortzen den kooperatiba motako hiru bazkidek, gutxienez, osatu beharko dituzte lehen mailako kooperatibak. Bigarren mailako edo maila handiago kooperatibetan, bi sozietate kooperatibo, gutxienez, izan beharko dituzte beren bazkide sortzaileen artean.
Kooperatibetako bazkideak honako modalitate hauetakoren batean sartuko dira:
Bazkide kooperatzaileak.
Bazkide ez-aktibo edo bazkide ez-erabiltzaileak eta bazkide eszedentziadunak.
Bazkide laguntzaileak.
Kooperatiba mistoetan, sozietate-zatien titular izanik boto-eskubidea duten bazkideak.
Bazkide kooperatzaileak dira pertsona fisiko edo juridikoak, kooperatibaren jardueran langile edo erabiltzaile gisa benetan parte hartzen dutenak.
Bazkide ez-aktiboak edo bazkide ez-erabiltzaileak eta bazkide eszedentziadunak dira legearen 31. artikuluan halakotzat jotzen direnak.
Bazkide laguntzaileak izan daitezke pertsona fisiko edo juridikoak, publiko zein pribatuak, kooperatibaren helburu soziala bete-betean aurrera eramaterik ez badute ere helburua lortzen lagun dezaketenak. Kooperatibaren estatutuetan erabakitakoaren arabera arautuko dira haien eskubide eta betebeharrak; estatutuetan aurreikusi gabeko guztirako, berriz, aldeen artean hitzartutakoa beteko da. Bazkide horien multzoak ezin izango du, ez batzar orokorrean, ez artezkaritza-kontseiluan, botoen herena baino gehiago izan, salbu eta sozietate kooperatiboak direnean.
Bazkide laguntzaileek eskubidea izango dute partaidetza izateko kooperatibaren emaitzetan, jarduera kooperatibizatuan duten partaidetzaren arabera, betiere estatutuetan espresuki horrela jasotzen bada edo batzar orokorrak hala erabaki, eta artezkaritza-kontseiluak espresuki formalizatzen badu.
Bazkide laguntzaileak kooperatiba mistoekiko bakarrik hartuko dira bazkide kooperatzailetzat.
Kooperatiba mistoetako gutxiengoko bazkideak dira sozietate-zatien titular izanik boto-eskubidea duten bazkideak.
Administrazio publikoek eta haien mendeko ente instrumentalek ere bazkide izateko aukera izango dute, kooperatibaren helburua bada entitate horien zerbitzuei lotutako zerbitzuak ematea edo jarduerak egitea, betiere prestazio horiek ez badute ekartzen edo eskatzen agintaritza publikoaren egikaritza.
Estatutuetan finkatuko da zer betekizun bete behar diren bazkide izateko, bat etorriz lege honetan ezarritakoarekin.
Bazkide gisa onartzeko edo ez onartzeko arrazoia ezin izango da oinarritu helburu sozialarekiko edozein diskriminazio dakarren arrazoiren batean.
Onartzeko eskaria idatziz egin beharko zaie administratzaileei, eta haiek hirurogei eguneko epea izango dute gehienez ere erantzuna emateko, eskaria jasotzen dutenetik aurrera kontaturik. Ez onartzeko erabakiak arrazoitua izan behar du. Epe hori igaro eta ebazpen espresik ematen ez bada, onartu dela ulertuko da.
Onartzeko eskariari ezetza ematen bazaio, eskatzaileak errekurtsoa jarri ahal izango dio errekurtso-batzordeari edo, halakorik ez badago, batzar orokorrari, hogei eguneko epean ezezko ebazpena jakinarazten zaionetik aurrera kontaturik.
Errekurtso-batzordeak ebatziko du errekurtso hori, hogeita hamar eguneko epean, edo, hala badagokio, lehenengo batzar orokorrean erabakiko da, isilpeko bozketa bidez. Bi kasu horietan nahitaezkoa izango da interesdunari aldez aurretik entzutea.
Onartzeko eskariaren onarpena errekurritu ahal izango da errekurtso-batzordean edo, halakorik ez badago, egiten den lehenengo batzar orokorrean, baldin eta estatutuek finkatutako bazkide kopuruak errekurritzea eskatzen badu. Estatutuetan zehaztu beharko da zer epe dagoen errekurtsoa jartzeko, baina ezin izango da hogei egun baino gehiago luzatu, erabakia jakitera ematen denetik aurrera kontaturik.
Bazkide izatea etenda geratuko da onarpenaren aurkako errekurtsoak jartzeko epea igaro arte edo, errekurtsoa jarrita badago, errekurtso-batzordeak edo, hala badagokio, batzar orokorrak ebatzi arte. Errekurtso-batzordeak hogeita hamar eguneko epea izango du ebazpena emateko; batzar orokorrak, berriz, egiten duen lehenengo bileran ebatzi beharko du, isilpeko bozketa bidez. Bi kasu horietan nahitaezkoa izango da interesdunari aldez aurretik entzutea.
Lan elkartuko kooperatibak ez diren lehen mailako kooperatiben nahiz bigarren edo maila handiagokoen estatutuetan, aurreikusi ahal izango da zer baldintza bete behar dituzten langileek lan-bazkide izateko. Kooperatiban lan pertsonala egitea izango da lan-bazkide horien kooperatiba-jarduera.
Lan-bazkideek lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileentzat legean ezarritako arauak bete beharko dituzte, artikulu honetan finkatutako salbuespenekin.
Estatutuetan finkatu beharko dira lan-bazkideek kooperatiban ekitatez eta neurriz parte hartu ahal izateko irizpideak.
Estatutuetan probaldiren bat ezartzen bada lan-bazkideentzat, hori ez da aplikatuko baldin eta bazkide berria lehendik ere kooperatiban lanean aritu izan bada besteren konturako langile modura eta probaldiak dirauen beste denbora eman badu lanean. Bazkide bati probaldi hori ezartzea badagokio eta bi aldeetako edozeinek bere kabuz azkentzen badu lan-harreman juridikoa, ulertu beharko da ezen probaldiaren aurretiko lan-harreman juridikoa, epeagatik iraungi gabea, probaldia ezarri baino lehenago zituen baldintza beretan berrituko dela.
Bazkideek honako betebehar hauek dituzte:
Batzar orokorraren eta deitzen dieten gainerako organoen bileretara joatea.
Karguren baterako izendatu badituzte, onartzea, salbu eta ez onartzeko bidezko arrazoia dagoen kasuetan.
Kooperatibaren helburu diren jardueretan parte hartzea. Ondorio horietarako, estatutuetan ezarriko dira parte hartzeko eredu edo gutxieneko arauak. Arrazoi justifikaturik egonez gero, administratzaileek ahalbidea izango dute bazkideren bat betebehar hori betetzetik libre uzteko dagokion neurrian.
Honela gauzatu ahal izango da bazkideek kooperatibaren jardueretan izango duten konpromisoa edo gutxieneko partaidetza: kooperatibaren jardueretan zuzenean parte hartuz edo, estatutuetan jasota badator, beste entitate batzuetan parte hartuz, betiere kooperatibak entitate horiekiko lankidetzan jarduten badu edo haietan parte hartzen badu edo helburu sozialari lotutako interes berezia badu. Jatorrizko kooperatibako gutxiengo batek izango du partaidetza aipaturiko beste entitate horietan, salbu eta arrazoi ekonomiko, tekniko, antolakuntzako eta ekoizpenekoen edo ezinbesteko arrazoien ondoriozko enpresa-premiaren kasuan.
Ez egitea kooperatibaren helburu sozialarekin lehian dagoen jarduerarik, eta ez aritzea lankidetzan horrelako jarduerak egiten dituztenekin; salbu eta administratzaileek espresuki horretarako baimena ematen duten kasuetan.
Isilpean gordetzea kooperatibaren jarduerak eta datuak, baldin eta zabalduz gero haren interes sozialak kaltetzen badira.
Aurreikusitako baldintzetan egitea kapital sozialari egin behar dizkion ekarpenak.
Galerak beren gain hartzea, batzar orokorrak erabakitako kopuruan.
Legeen eta estatutuen ondorioz sortzen diren gainerako betebeharrak betetzea, eta kooperatibako organoek balio osoz hartutako erabakien ondorioz sortzen direnak betetzea.
Bazkideek eskubide hauek izango dituzte:
Kooperatibako organoetako karguetarako kideak hautatzea, eta kargu horietarako hautatuak izatea.
Batzar orokorrean edo batzarkide diren gainerako organoetan proposamenak egitea eta hartzen diren erabaki guztietan parte hartzea hitzez eta botoa emanez.
Kooperatibaren jarduera guztietan parte hartzea, diskriminaziorik gabe.
Eskubideak baliatzeko eta betebeharrak betetzeko beharrezkoa den informazio guztia jasotzea.
Bidezkoa bada, sozietatearen kapitalera egindako ekarpenak eguneratzea eta itzultzea, baita, hala badagokio, sortutako interesak jasotzea ere.
Kooperatiba-itzulkina jasotzea, hala badagokio.
Lege eta estatutuen ondoriozko gainerakoak.
Beren eskubideez baliatzean, bazkideek kontuan izan behar dute zer dioten legeek eta estatutuek nahiz kooperatibako organoek balio osoz hartutako erabakiek.
Bazkideek informazioa jasotzeko eskubidea baliatu ahal izango dute lege honetan, estatutuetan edo batzar orokorraren erabakietan aurreikusitako moduan, zeinetan egoki iritzitako bideak jarri ahal izango baitira bazkideen eskubide hori erraztu eta gauzatzeko.
Bazkideak eskubide hauek izango ditu:
Kooperatibaren estatutuen kopia bat eskatu ahal izango du, baita, hala badagokio, barne-araubidearen erregelamenduarena ere.
Kooperatibako bazkideen erregistro-liburua eta batzar orokorraren akta-liburua aztertzeko eskubidea izango du. Bazkideak hala eskatzen badu, administratzaileek batzar orokorraren aktaren eta han hartutako erabakien kopia ziurtatuak eman beharko dizkiote, baita bazkide-erregistroko liburuan egindako inskripzioen ziurtagiria ere, betiere aurretik eskaera arrazoitua egiten badu.
Administratzaileek hartutako erabakien kopia ziurtatua eskatu ahal izango du, erabaki horiek bazkideari eragiten badiote.
Kooperatibarekiko duen ekonomia-egoeraren berri jaso ahal izango du. Informazio hori administratzaileek eman beharko diote, hilabeteko epean gehienez ere, eskatzen denetik aurrera kontaturik.
Edozein bazkidek argibide edo txostenak eskatu ahal izango dizkie administratzaileei, idatziz, kooperatibaren funtzionamenduaren edo emaitzen berri izateko. Informazio hori idatzizko eskaria aurkeztu eta hamabost egun igaro ondorengo batzar orokorraren lehenengo bileran eman beharko zaio interesdunari.
Batzar orokorraren gai-zerrendaren arabera ekitaldiko kontuez edo proposamen ekonomiko bati buruz eztabaidatu behar bada, kooperatibaren egoitzan bazkideen eskura jarriko dira urteko kontuen berri ematen duten agiriak, emaitzak ezartzeko proposamenak eta, hala badagokio, artezkaritza-kontseiluak egindako kudeaketa-txostena eta kontuen kanpoko kontu-ikuskatzailearen txostena, zeinak deialdiak dirauen bitartean egongo baitira bazkideen esku, aztertu ahal izan ditzaten. Hala badagokio, zaintza-batzordearen txostena ere, 56. artikuluan aipatzen dena, jarriko da bazkideen esku.
Epe horretan zehar, bazkideek agiri ekonomiko horiei buruzko azalpenak eta argibideak eskatu ahal izango dituzte, idatziz eta batzar orokorra izan baino bost egun lehenago gutxienez, eta batzarrean emango zaie erantzuna.
Aurreko apartatuan ezarritako eskubidea eragotzi gabe, sozietateko boto guztien ehuneko hamar gutxienez ordezkatzen duten bazkideek edozein unetan eskatu ahal izango dute, idatziz, beharrezko iruditzen zaien informazio guztia. Administratzaileek idatziz eman beharko dute eskatu zaien informazioa, hogeita hamar eguneko gehieneko epean.
Edozein kasutan, administratzaileek kooperatibaren gorabehera sozioekonomiko nagusien berri eman beharko diete bazkideei edo haien ordezkariei, hiru hilean behin gutxienez, horretarako egokien iruditzen zaien bidea erabiliz.
Administratzaileek uko egin diezaiokete informazioa emateari, arrazoituta, baldin eta eskaera ausartegia edo oztopagarria bada, edo informazio hori emateak arrisku larrian jar baditzake kooperatibaren interes legitimoak. Ez da halako salbuespenik izango baldin eta ukatzen den informazioa batzar orokorrean eman beharrekoa bada eta bertaratutako eta ordezkatutako boto guztien erdia baino gehiago azaltzen bada eskatutako informazio hori ematearen alde. Beste kasu guztietan ere ez da halako salbuespenik izango hala erabakitzen badu errekurtso-batzordeak edo, halakorik ez badago, batzarrak, eskaria egiten duten bazkideek errekurtsoa jarri ondoren.
Dena den, eskatzaileek aurkaratu ahal izango dute administratzaileen ezetza, lege honen 51. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera. Eskatzaileek, gainera, Prozedura Zibilaren Legearen 256. artikuluan aurreikusitako prozedurara jo ahal izango dute artikulu honen 2. atalean ezarritako kasuetan.
Informazio-eskarian eta hari baiezkoa nahiz ezezkoa ematerakoan bidegabekeriarik izan ez dadin eta inor kaltetua gerta ez dadin, berme-sistema bat eratu ahal izango da estatutuetan, kontuan izango dituena zer berezitasun dituen kooperatibak eta zein den bazkidearen benetako egoera, hala kooperatiba-jarduerari dagokionez nola harekiko eskubide eta betebeharrei dagokienez.
Bazkideak nahi duenean utzi ahal izango du kooperatiba bere borondatez; horretarako, aurretik abisatu beharko ditu administratzaileak, idatziz eta estatutuetan zehaztutako gehienezko epearen barruan, zeina ez den izango hiru hilabete baino luzeagoa pertsona fisikoentzat eta urtebete baino luzeagoa pertsona juridikoentzat.
Bazkidea epe-mugarik gabe egon ahal izango da kooperatiban.
Halere, enpresarekiko harremana iraupen jakin batekoa izan daiteke, baldin eta estatutuetan horretarako aukera ematen bada eta bazkidea onartzean hala zehazten bada. Horrelakoetan, gainerako bazkideen eskubide eta betebeharrak izango dituzte eta estatutuetan erregulatuko dira. Mota horretako bazkideak ez dira inola ere izango epe-mugarik gabeko bazkideen bostena baino gehiago, zein-nahi den ere epe-mugarik gabeko bazkideon mota, ezta azken hauen botoak baino gehiago. Baina ehuneko hori gainditu ahal izango da lan elkartuko kooperatibetan edo lan-bazkideak dituzten bestelako kooperatibetan, baldin eta iraupen jakineko bazkideek eta besteren konturako langileek urtean egindako lanorduen multzoa ez bada heltzen mugarik gabeko bazkide langileek edo lan-bazkideek urtean egindako lanordu guztien ehuneko berrogeita hamarrera.
Iraupen jakineko kontratuak dituzten bazkide langileek edo lan-bazkideek iraupen mugagabeko bazkide izateko aukera izango dute baldin eta hiru urtez jardun badira egoera horretan; bost urtez aritu badira, berriz, berez bihurtuko dira iraupen mugagabeko bazkide, baina, horretarako, estatutuetan halako bazkideentzat ezarri diren baldintza guztiak bete beharko dituzte.
Artikulu honen 1. atalean erabakitakoa eragotzi gabe, estatutuetan ezarri ahal izango da bazkideak ekonomia-urtealdia bukatu arte geratu behar duela kooperatiban, edo, bestela, gutxieneko egonaldi bat egin behar duela, bost urtekoa, gehienez.
Bidezkoak ez diren bajatzat hartuko dira aurretik abisatzeko epea ez betetzea eta gutxieneko egonaldian gertatutako bajak, salbu eta kooperatibaren administratzaileek bestelakorik erabakitzen ez badute kasuaren inguruabarrak aztertu ostean, hargatik eragotzi gabe bazkideari eskatu ahal izatea kooperatiban nahitaez egin beharreko lan eta zerbitzu guztiak betearaztea eta, hala badagokio, dagozkion kalte-galeren ordainak.
Aurreko apartatuan erabakitakoaz gain, borondatezko bajak bidezkoak ez diren bajatzat joko dira kasu hauetan:
Bazkideak kooperatibarenarekin lehian diren jardueretan aritu nahi badu.
Estatutuetan jasotako beste kasu guztietan.
Administratzaileen eskumena izango da baja bidezkotzat edo ez-bidezkotzat kalifikatzea, zeina hiru hilabeteko epearen barruan, gehienez eta artikulu honetako 1. atalean aipatzen den aurreabisua jakinarazten denetik kontatzen hasita, formalizatu beharko duten. Kalifikazioa, bazkide interesdunari jakinaraziko zaio idatziz. Epe hori administratzaileek jakinerazpenik egin gabe igarota, bidezkotzat joko da bazkidearen baja.
Kooperatibak bere jarduera luzatzen duenean, bat egiten duenean edo zatitzen denean, kooperatiba mota aldatzen denean edo haren helburu soziala esanguratsuki aldatzen denean, edo kapitalari nahitaezko ekarpen berriak egitea exijitzen denean, bidezko bajatzat joko da baldin eta bazkideak dena delako erabakiaren kontra bozkatu badu, edo, erabaki hori hartu zuen batzar orokorrera joan ez arren, erabaki horrekiko desadostasuna adierazten badu. Transformazio-kasuetan, 89. artikuluan jasotakoa bete beharko da.
Nahitaez baja hartu beharko dute lege honen edo kooperatibako estatutuen arabera bazkide izateko bete behar diren betekizunak galtzen dituzten bazkideek.
Nahitaezko baja, interesdunari entzun ondoren, administratzaileek erabakiko dute, ofizioz, beste bazkideren batek edo ukitutako pertsonak berak hura eskatuz gero, lege honetako 26.6 artikuluan xedatutako epearen barruan eta ondorioekin.
Administratzaileen erabakia beteko da behin errekurtso-batzordearen edo, halakorik ezean, batzar orokorraren berrespena jakinarazi ondoren, edo horiei errekurtsoa aurkezteko estatutuetan aurreikusitako epea bukatu ondoren. Nolanahi ere, bazkideari berehala eten ahal izango zaizkio, kautelaz, eskubide eta betebeharrak, harik eta erabakia nahitaez bete beharrekoa izan arte, baldin eta horretarako aukera ematen bada estatutuetan, zeinetan zehaztuko baita etenduraren helmena. Erabakia betearazlea ez den bitartean, bazkideak batzar orokorrean botoa emateko eskubidea gordeko du.
Bazkide izateko betekizunak galtzen direnean, nahitaezko baja bidezkotzat joko da, salbu eta galdu badira kooperatibarekiko betebeharrak bete nahi ez izateagatik edo nahitaezko bajaz behar ez bezala baliatu nahi izateagatik.
Bidezkoak ez diren nahitaezko bajen kasuetan, aurreko artikuluaren 3. eta 4. ataletan ezarritakoa aplikatuko da.
Bazkideren bat ez badago ados bere borondatezko bajaren nahiz nahitaezko bajaren kalifikazio edo ondorioei buruz administratzaileek erabakitakoarekin, errekurtsoa jartzeko aukera izango du. Halako kasuetan, hurrengo artikuluaren 2. eta 4. ataletan ezarritakoa aplikatuko da.
Administratzaileek bazkide bat kanporatzea erabaki dezakete soilik estatutuetan jasotako falta oso astunagatik, horretarako hasitako espedientearen bidez eta interesdunari aurretik entzun ondoren.
Bazkideak kanporatze-erabakiaren aurkako errekurtsoa jarri ahal izango dio errekurtso-batzordeari edo, halakorik ez badago, batzar orokorrari, hogeita hamar eguneko epean, jakinarazpena jasotzen denetik aurrera kontaturik.
Errekurtso-batzordeari aurkeztutako errekurtsoa hiru hilabeteko epean ebatzi beharko da, gehienez, aurkezten denetik aurrera kontaturik, interesdunari aurretik entzun ondoren. Epe hori igaro eta ezer erabaki edo jakinarazten ez bada, errekurtsoa onartu dela ulertuko da.
Batzar orokorrari jarritako errekurtsoa lehenengo bilerako gai-zerrendan jaso beharko da, eta isilpeko bozketa bidez ebatziko da, interesdunari aurretik entzun ondoren.
Errekurtso-batzordearen edo, halakorik ez badago, batzar orokorraren berrespenaren jakinarazpena jasotzen denetik edo haiei errekurtsoa jartzeko epea amaitzen denetik aurrera izango da betearazlea kanporatze-erabakia.
Errekurtso-batzordeak edo batzar orokorrak kanporatze-erabakia berretsi ondoren, erabakiaren aurka jo daiteke, 41. artikuluan aipatzen den auzibidetik, bi hilabeteko epean, jakinarazpena jasotzen denetik aurrera kontaturik.
Kooperatiba bakoitzaren estatutuetan finkatuko dira bazkideen diziplina-arauak. Bazkideak zehatzekotan, aldez aurretik estatutuetan jasotako arau-hausteengatik izan beharko du. Bazkideek dena delako faltak direla-eta jaso ditzaketen zehapenak ere estatutuetan finkatuko dira, eta mota hauetakoak izan daitezke: kargu-hartzea, ekonomikoak, sozietate-eskubideak etetea edo kanporatzea.
Falta arinak hilabeteko epean preskribatzen dira; astunak, bi hilabeteko epean, eta oso astunak, hiru hilabeteko epean.
Arau-hausteen preskripzio-epea arau-haustea egin den egunetik hasiko da kontatzen. Arau-hauste jarraituak edo iraunkorrak badira, jokabide arau-hauslea amaitzen den unetik hasiko da epea kontatzean.
Zehapen-izaerako prozedura bat hasteak, interesduna haren jakitun dela, etengo du preskripzioa, eta berriz ekingo litzaioke preskripzio-epeari zehapen-espedientea geldituta balego, ustezko erantzuleari ezin egotzi dakizkiokeen arrazoiengatik, ebazpenik eman edo jakinarazi gabe, lau hilabetetan baino gehiagotan.
Zehapen-prozedurak eta errekurtsoak estatutuetan finkatuko dira, baina betiere jarraian datozen arauok errespetatu beharko dira:
Administratzaileek dute zehapen-eskumena eta ezin izango dute delegatu.
Nahitaezkoa izango da aldez aurretik interesdunari entzutea.
Falta astunak eta oso astunak direla-eta jasotako zehapenen aurkako errekurtsoak errekurtso-batzordeari edo, halakorik ez badago, batzar orokorrari jarri ahal izango zaizkio, hogeita hamar eguneko epean, zehapenaren jakinarazpena egiten denetik aurrera kontaturik.
Zehapen-erabakia 52. artikuluan ezarritako izapidearen arabera aurkaratu ahal izango da. Hala badagokio, errekurtso-batzordearen edo batzar orokorraren berrespena aurkaratu ahal izango da, 41. artikuluan ezarritako izapidearen arabera, hilabeteko epean, jakinarazpena egiten denetik aurrera kontaturik.
Estatutuetan, nahitaez zehaztu beharko da zein neurritaraino eteten diren bazkidearen eskubideak.
Arrazoi ekonomiko edo teknikoak, edo antolakuntzako, ekoizpeneko edo ezinbesteko arrazoiak gertatzen badira, lan elkartuko kooperatibek lan egiteko betebeharra eta eskubidea aldi baterako eten ahal izango diote bazkide langileari edo lan-bazkideari; aldi horretan, bazkide horiek lanarekin batera doazen diru-eskubide zein betebeharrak galduko dituzte, eta bazkide izateagatik dagozkien gainerako eskubideak eta betebeharrak gordeko.
Horretarako, batzar orokorrak edo, hala badagokio, estatutuek hori ezartzen dutelako, artezkaritza-kontseiluak deklaratu beharko du adierazitako arrazoi horietakoren bat dela-eta etenaldi-egoeran geratuko direla kooperatibako bazkide langile edo lan-bazkide guztiak edo haietako batzuk, ondo zehaztuz zenbat denboran geratuko diren lanik gabe; orobat adierazi beharko du, zehatz-mehatz eta behar bezala justifikatuta, zein diren egoera horretan geratzen diren bazkide langileak edo lan-bazkideak.
Etenaldi-egoeran egoteko arrazoiak desagertzen direnean, bazkide langileak edo lan-bazkideak bere eskubide eta betebehar guztiak berreskuratuko ditu.
Kooperatibaren bideragarritasun ekonomikoa arriskuan jar dezaketen arrazoi larriak direla eta ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak, ekoizpenekoak edo ezinbestekoak behin betiko murriztu behar bada lanpostu kopuru orokorra edo lanbide-kolektibo edo -talde jakin batzuen lanpostu kopuru orokorra, batzar orokorrak edo, hala badagokio, artezkaritza-kontseiluak hala ezartzen bada estatutuetan, erabaki beharko du zenbat bazkideri langileri edo lan-bazkideri eman behar zaion baja kooperatiban, eta nor diren bazkide horiek. Kasu horietan, baja nahitaezkotzat eta bidezkotzat joko da, eta baja hartu behar izan duten bazkideek eskubidea izango dute berehala itzul diezazkieten kapital sozialari egin dizkioten borondatezko ekarpenak eta, gehienez, bi urteko epean itzul diezazkieten hilero egin dituzten nahitaezko ekarpenak. Gainera, baja hartu eta hurrengo bi urteetan, kooperatibara itzultzeko lehentasunezko eskubidea izango dute baldin eta betetzen zuten lanpostuaren antzeko beste lanposturik sortzen bada. Nolanahi ere, kooperatibak objektibatu daitezkeen baliabide ekonomikoak dituenean, nahitaezko ekarpenak aribideko ekitaldi ekonomikoan itzuli beharko ditu.
Kooperatiba uzten duten bazkideak 60.1.b artikuluan xedatutako ekarpenen titularrak badira eta kooperatibak ez badu erabakitzen ekarpen horiek berehala itzultzea, kooperatiban segitzen duten bazkide guztiek berehala eskuratu beharko dituzte ekarpen horiek, batzar orokorrak erabakitzen duen baldintzetan.
Kooperatibaren estatutuetan, honako hau aurreikusi ahal izango da: justifikatutako arrazoi batengatik, eta behar besteko antzinatasuna izanik estatutuetan ezarritako gutxienekoa kooperatibak ematen dituen zerbitzuak erabiltzeari edo kooperatiba-jarduera egiteari uzten dioten bazkideek bazkide izaten jarraitzea bazkide ez-aktibo edo bazkide ez-erabiltzaile bihurtuta.
Bazkide horiek estatutuetan ezarritakoaren ondoriozko eskubide eta betebeharrak izango dituzte, baina haien botoak ezin izango dira sozietateko boto guztien bostena baino gehiago izan.
Jarduerarik ez egitea bazkidea erretiratuta egotearen ondorioa bada, lanean diharduten bazkideei dagokiena baino handiagoa izan ahalko da hark sozietatearen kapitalari egindako ekarpenari dagokion interesa, baina 63. artikuluan ezarritako muga errespetatu beharko da.
Sozietatearen estatutuetan, jarduera aldi baterako utzi duen bazkidearen figura erregulatu ahal izango da, hau da, eszedentziadunarena. Bazkide horri dagozkion eskubideak eta betebeharrak estatutuetan ezarriko dira.
Kooperatibetan beharrezkoak diren organoak:
Batzar orokorra.
Administrazio-organoa.
Sozietatearen estatutuetan, erregulatu ahal izango dira zaintza-batzordearen, sozietate-kontseiluaren eta errekurtso-batzordearen sorrera eta funtzionamendua, lege honetan aurreikusitakoaren arabera. Beste batzuk ere sortu ahal izango dira, baina halakoek ez dituzte inolaz ere izango aipaturiko organoen funtzio eta eskumen berak.
Kooperatibako organoek lege honetan ezarritakoaren arabera jardungo dute; legearen osagarri izango dira sozietatearen estatutuak, barne-erregelamendua edo kooperatibaren funtzionamendua behar bezala antolatzeko hartzen den edozein erabaki baliodun.
Sozietate kooperatiboek eta beren elkarte egiturek ahaleginak egingo dituzte emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izan dadin beren organo guztietan. Halaber, genero-berdintasuneko neurriak ezarriko dituzte, eta, bereziki, bizitza pertsonala, familia eta lana bateratzeari begirakoak.
1. ATALA
BATZAR OROKORRA
Kooperatibako batzar orokorra bazkideen bilkura da, bere eskumeneko arloez eztabaidatu eta erabakiak hartzeko sortua.
Bazkide guztiek bete behar dituzte batzar orokorraren erabakiak.
Batzar orokorrak baino ez du izango honako erabaki hauek hartzeko eskumena:
Isilpeko boto bidez honako hauek izendatzea eta ezeztatzea: administratzaileak, zaintza-batzordeko kideak, kitatzaileak eta, hala badagokio, errekurtso-batzordeko eta sozietate-kontseiluko kideak. Era berean, erantzukizun-akzioa egikaritu ahal izango du horien guztien aurka.
Kontu-auditoreak izendatzea eta ezeztatzea, bakarrik hartarako arrazoi zuzen bat dagoenean.
Sozietatearen kudeaketa aztertzea, eta urteko kontuak eta soberakinen banaketa edo galera-egozpena onartzea.
Nahitaezko beste ekarpen batzuk ezartzea, eta zehaztea zer interes sortuko dituzten kapitalari egindako ekarpenek, eta zein diren bazkide bihurtzeko edo aldian-aldian egin beharreko ekarpenak.
Obligazioak, partaidetza-tituluak eta partaidetza bereziak, edo 68. artikuluan aurreikusitako beste finantzaketa mota batzuk jaulkitzea, hargatik eragotzi gabe 62.2 artikuluan ezarritakoa.
Sozietatearen estatutuak aldatzea.
Bigarren edo maila handiagoko kooperatibak, kooperatiba-taldeak eta antzeko beste entitate batzuk sortzea, bai eta horietara atxikitzea edo horietatik bereiztea ere.
Sozietatearen bat-egitea, zatitzea, transformatzea eta desegitea.
Estatutuen arabera kooperatibaren ekonomiaren, antolaketaren eta funtzioen egituretan oinarrizko aldaketak eragin ditzaketen beste erabaki guztiak hartzea.
Kooperatibaren barne-erregelamendua onartu edo aldatzea.
Legeak ezartzen dituen gainerako erabakiak hartzea.
Era berean, batzar orokorrak kooperatibarentzat interesgarriak diren gai guztiez eztabaidatu ahal izango du, baina behartze-indarreko erabakiak hartu, lege honen arabera sozietateko beste organo baten eskumen esklusiboa ez diren arloetan bakarrik hartuko ditu.
Ezin izango dira delegatu legearen arabera batzar orokorraren erabakia eskatzen duten egintzei buruzko eskumenak, salbu eta artikulu honen 3.g atalean adierazten den kooperatiba-integrazioko prozesuetarako aurreikusitakoak.
Batzar orokorrak ohikoak edo bereziak izango dira. Ohiko batzar orokorraren helburu nagusia da sozietatearen kudeaketa aztertzea, urteroko kontuak onartzea, beharrezkoa bada, eta, hala badagokio, soberakinak banatzeari edo galerak egozteari buruz ebaztea. Bestalde, gai-zerrendan batzarraren eskumenekoa den beste edozein gai gehitu ahal izango du. Gainerako batzar orokor guztiak bereziak izango dira.
Batzar orokorrerako deia administratzaileek egingo dute.
Ohiko batzar orokorrerako deia sozietatearen ekitaldia amaitu eta hurrengo sei hilabeteak igaro baino lehen egin beharko da, nahitaez. Epe hori igaro, eta ez bada ez batzarrik ez deialdirik egiten, edozein bazkidek, notario bidez edo bestelako edozein bide sinesgarri erabiliz, administratzaileei errekeritu ahal izango die batzarrerako deia egin dezatela. Errekerimendua egin, eta hortik aurrerako hamabost eguneko epean administratzaileek deirik egiten ez badute, bazkideak batzarrerako deia egin dezala eskatu ahal izango dio sozietatearen egoitza dagoen lekuko merkataritzako epaitegiari, zeinak, deia egin, eta erabakiko baitu nor izango den batzarreko burua. Batzar orokor hori, epez kanpo deitutakoa izanda ere, ohikoa izango da.
Batzar orokor berezia edozein unetan bilduko da, administratzaileek beren aldetik eskatuta, zaintza-batzordeak eskatuta edo boto guztien ehuneko hogei gutxienez ordezkatzen duten bazkideek eskatuta. Horretarako, administratzaileei agiri sinesgarri baten bidez egin beharko zaie eskaria, eztabaidarako gaien eta proposamen gai-zerrenda jasotzen duena. Eskaria jaso eta hortik aurrerako hogeita hamar eguneko epean ez bada egiten batzar orokorra biltzeko deirik, epailearen bidezko deia eskatu ahal izango da, aurreko zenbakian erabakitako moduan.
Deialdia egin eta hurrengo bost egunak igaro baino lehen, boto guztien ehuneko hamar baino gehiago ordezkatzen duten bazkideek gai-zerrendan gai bat edo gehiago sartzeko eskatu ahal izango diete administratzaileei, idatziz. Administratzaileek gai horiek kontuan hartu eta gai-zerrenda berria legeak eskatzen duen bezala argitaratu beharko dute, batzar orokorra izan baino lau egun lehenago gutxienez. Batzarraren bilera-eguna ezin izango da inola ere atzeratu.
Batzar orokorra biltzeko deialdia sozietatearen egoitzan eta kooperatibak bere jarduera garatzen duen leku guztietan jarriko da jendaurrean modu nabarmenean; era berean, estatutuetan hala jasotzen bada, banakako eta idatzizko beste edozein komunikazio-prozeduraren bidez ere zabalduko da.
Kooperatibak bostehun bazkide baino gehiago baldin baditu edo estatutuek hala eskatzen badute, sozietatearen egoitzaren lurralde historikoan hedapen handia duen egunkari batean idatzizkoa edo digitala ere iragarriko da deialdia.
Kooperatibak web-orri korporatibo bat duenean, sozietatearen web-orrian iragarriko da batzar orokorraren deialdia, betiere batzar orokorrak hartu badu web-orria sortzeko erabakia eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroan kooperatibarentzat irekitako orrian jasota badago erabaki hori. Horrela bada, ez da aplikatu beharko aurreko paragrafoan ezarritako betebeharra.
Deialdia bazkide guztiengana helduko dela bermatzeko, legean xedatutakoez bestelako mekanismo batzuk ezarri ahal izango dira sozietatearen estatutuetan, eta sozietateari exijitu ahal izango zaio alerta-sistema telematiko bat ezar dezala bazkideentzat batzarrerako deialdia sozietatearen web-orrian egiten duenean.
Hau izango da deialdia jendaurrean jartzeko epea: bilera egin baino hamar egun lehenago gutxienez eta hirurogei egun lehenago gehienez.
Deialdian zehaztu beharko da, gutxienez, zein egunetan, zein ordutan eta non izango den bilera, bai lehenengo eta baita bigarren deialdian ere, eta bion artean ordu erdiko tartea utzi beharko da gutxienez. Horretaz gain, garbi eta zehaztasunez eta behar bezala sailkatuta jaso beharko dira gai-zerrenda osatzen duten gaiak.
Datu horiez gainera, orobat adieraziko da bazkideek eskubidea dutela gai-zerrendari buruzko dokumentu guztiak sozietatearen egoitzan aztertzeko, baita, izatekotan, sozietatearen intranetean ere.
Artikulu honetako aurreko ataletan ezarritakoa eragotzi gabe, deialdi gabeko batzarra osatu ahal izango da baldin eta bazkide guztiak bilduta edo ordezkatuta egonik aho batez erabakitzen badute batzar unibertsala sortzea. Horretarako, denek onartu eta izenpetu behar dute gai-zerrenda eta bertaratutakoena, nahiz eta gero ez duten denek batzarrean geratu beharrik izango.
Batzar orokorra, unibertsala ez bada behintzat, sozietatearen egoitza dagoen herrian egin beharko da. Bestela egitea justifikatzen duen arrazoiren bat dagoenean, estatutuetan finkatu ahal izango dira, oro har, bilera egiteko beste leku batzuk, edo administratzaileek erabili beharreko irizpideak bilera zein lekutan egingo den erabakitzeko.
Estatutuetan, aukera eman ahal izango da geografikoki urruti dauden bazkideek parte har dezaten erabakiak baliozkotasunez hartzen eta beren nahiak adierazten bideokonferentziaren bidez edo irudiaren eta soinuaren bi noranzko eta aldibereko komunikazioa, eta ikusizko, entzumenezko eta ahozko elkarrekintza ahalbidetuko duen antzeko sistema baten bidez.
Bazkideren batek aurreko paragrafoan adierazitako moduan parte hartzen badu batzar orokorrean, batzarraren idazkariak, hartutako erabakiak baliozkoak izateko exijituriko baldintza guztiekin batera, espresuki jasoko du borondate hori aktan, baita bazkide horren izen-abizenak eta parte hartzeko erabili den bidea ere.
Batzar orokorra baliozkoa izango da, lehen deialdian, baldin eta bildutako edo ordezkatutako bazkideek botoen gehiengoa badute; eta bigarren deialdian, baldin eta bildutakoak edo ordezkatutakoak botoen ehuneko hamarrera iristen badira edo ehun botora iristen badira. Estatutuetan bestelakorik esaten ez bada, nahikoa izango da quorum hori bileraren hasieran lortzea. Ordea, kontsumo, irakaskuntza eta nekazaritzako eta elikagaien kooperatibek, esklusiboki, hirugarren deialdi bat aurreikusi ahal izango dute; kasu horretan, berdin dio zenbat boto dauden bilduta edo ordezkatuta, baina estatutu sozialetan ezarritako tartea errespetatuko da, gutxienez, bigarren eta hirugarren deialdien artean.
Batzar orokorrerako deialdia egin zen datarako, gutxienez, bazkide zirenek izango dute batzarrera joateko eskubidea.
Estatutuetan ez bada zehazten batzarretara pertsonalki joan beharra, bazkide batzuek beste batzuk ordezkatu ahal izango dituzte; horretarako, ordezkari gisa parte hartzen duten bazkideek idatzizko baimen bat izan beharko dute batzar bakoitzeko. Batzar unibertsalaren kasuan, aurreikusitako gai-zerrenda ere jaso beharko da ordezkari gisa parte hartzen dela egiaztatzen den idatzian.
Bazkideek ezin izango dute, bakoitzak bereaz gainera, bi baino gehiago ordezkatu. Ordezkaritza ezeztatu ahal izango da. Ordezkaritza beste norbaiti eman dion pertsona batzar orokorrera joateak ordezkaritza ezeztatzeko indarra izango du.
Estatutuetan hala jasotzen bada, kontsumoko, etxebizitzako, irakaskuntzako, nekazaritzako eta elikagaien kooperatibetan edo familiako beharrizanei aurre egitera zuzendutako kooperatibetan, ezkontideak edo familiako besteren batek estatutuetan onartzen den ahaidetasun-mailaraino, edo legezko tutoreak ordezkatu ahal izango du bazkidea batzar orokorrean, baldin eta jarduteko gaitasun osoa baldin badu. Orobat zehaztu beharko da estatutuetan ea ahalorde berezi bat behar den batzar bakoitzerako, edo ordezkaritza-idatziak haietan zehaztutako eperako balio izango duen.
Estatutuetan izendaturiko pertsona izango da batzar orokorreko mahaiburu; hori ezin bada izan, administrazio-organoko lehendakaria izango da, eta azken hau ere ezin bada izan, batzarrak hautatutako bazkidea izango da. Batzarreko lehendakariaren egitekoak izango dira eztabaidak bideratu, batzarra behar bezala burutu dadin zaindu eta legezko izapideak betearaztea.
Lehendakariak idazkari baten laguntza izango du, eta hura ere estatutuek edo batzarrera bildu diren bazkideek izendatuko dute.
Bozketa isilpekoa izango da lege honetan edo estatutuetan aurreikusitako kasuetan eta bertaratu diren eta ordezkatuak izan diren bazkideen ehuneko hamarrek hala izan dadila eskatzen duten kasu guztietan.
Gai-zerrendan jaso gabeko gaiei buruzko erabakiek ez dute baliorik izango, lege honetan dena delako erabakia hartzea espresuki baimentzen den kasuan izan ezik.
Administratzaileek batzar orokorretara joan beharra izango dute. Estatutuek batzarrera joateko baimena edo agindua eman diezaiekete zuzendari, kudeatzaile eta teknikariei, bai eta sozietate-gaien martxa onaren gaineko interesa dutenei ere. Batzar orokorrak beste edozeini ere eman ahal izango dio batzarrean egoteko baimena.
Kooperatibetan, bazkideek boto bana izango dute.
Dena den, estatutuetan honako hau aurreikusi ahal izango da lehen mailako kooperatibei dagokienez: pertsona juridikoak diren bazkideen boto-eskubidea kooperatiben, kooperatiba horiek kontrolatutako sozietateen eta entitate publikoen bazkideena kooperatibarekin duten jarduera-mailaren edo kooperatiba horien arteko harremanetan osagarriak diren prestazioen neurriaren araberakoa izatea.
Kasu horretan, estatutuetan argi zehaztu beharko da zein diren boto-eskubidearen proportzionaltasun-irizpideak.
Sozietate kooperatiboa ez den bazkide batek izan dezakeen boto kopurua ezin izango da kooperatibako boto guztien herena baino handiagoa izan.
Bigarren edo maila handiagoko kooperatibetan 149. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.
Kreditu-kooperatibetan, entitate horiei dagokien araubide berezian ezarritakoa bete beharko da.
Bazkide laguntzaileen, bazkide ez-aktiboen edo bazkide ez-erabiltzaileen, bazkide eszedentziadunen eta iraupen jakineko bazkideen boto kopurua ezin izango da inoiz ere kooperatibako boto guztien erdia izatera iritsi.
Estatutuetan adierazi beharko da zein kasutan abstenitu beharko den bazkidea interes-gatazkak sortzen direnean.
Estatutuetan ezarri ahal izango dira bozketak telematikoki egiteko prozedura, baldintzak eta betekizunak, kontuan hartuta botoaren konfidentzialtasuna bermatuko behar dela nahitaez.
Batzar orokorrean erabakiak hartzeko, baliozkotasunez emandako botoen erdia baino gehiago beharko da. Ondorio horietarako, ez dira zenbatuko ez boto zuriak ez abstentzioak. Dena den, salbuespen izango dira lege honetan edo estatutuetan gehiengo indartuak eskatzen diren kasuak.
Kooperatibaren transformazioa, bat-egitea, zatitzea edo desegitea erabakitzeko, batzarrean daudenen edo ordezkatutakoen baliozko botoen bi hereneko gehiengoa beharko da, betiere kooperatibako boto guztien ehuneko hirurogeita hamabost baino txikiagoa baldin bada bertaratu eta ordezkatutakoen boto kopurua.
Batzar orokorrean hartutako erabakiak aktan jasoko dira. Akta idazkariak idatziko du eta, ondoren, akta-liburuan jasoko, datu hauek adierazita:
Bileraren eguna eta lekua.
Deialdia noiz eta zein modutan egin den, batzar orokor unibertsalak direnetan izan ezik.
Deialdiaren testu osoa.
Zenbat bazkide bildu diren, zehaztuta zenbat etorri diren pertsonalki eta zenbat diren ordezkatuak, baita batzarra lehenengo deialdian, bigarrenean edo hirugarrenean egiten den ere.
Eztabaidatutako gaien eta aktan jaso daitezela eskatutako iritzien laburpena.
Hartutako erabakien edukia.
Bozketen emaitzak, erabaki bakoitza zenbateko gehiengoarekin hartu den zehaztuta. Aurkako botoa eman duenak hala eskatzen badu, aurkakotza hori ere jasoko da.
Aktaren onespena, bilera bukatu ondoren hala gertatzen bada.
Bertaratutakoen zerrenda aktaren hasieran edo beronekin batera jasoko da lehendakariak oniritzia eman eta idazkariak izenpetutako eranskin batean. Bertaratutakoen zerrenda fitxategi bidez osatu edo euskarri informatikoan jaso ahal izango da, betiere ezaugarri horietako sozietateentzat merkataritza-erregistroko erregelamenduan finkatutako baldintzak betez.
Akta batzarrak berak onartu ahal izango du, batzarra egin ondoren, edo, bestela, lehendakariak eta batzarrak berak izendatutako bi kidek onartuko dute, idazkariarekin batera sinatuta, hamabost eguneko epean.
Batzar orokorrera joandako edozeinek eskubidea izango du aktaren edo hartutako erabakien testu osoaren ziurtapenak eskatzeko. Ziurtagiria egiten den egunean idazkari denak emango ditu ziurtapenok, lehendakariaren edo, hala badagokio, administratzaile bakarraren oniritziarekin.
Erabakietan esaten direnek onartzen diren unetik aurrera izango dituzte ondorioak.
Erregistroan inskribatu daitezkeen erabakiak Euskadiko Kooperatiben Erregistroan aurkeztu beharko dira, hogeita hamar eguneko epean, akta onartu eta hurrengo egunetik aurrera kontaturik.
Batzar orokorra prestatze-biltzarretan aukeratutako bazkide-delegatuen batzar gisa sortzeko aukera jaso ahal izango da estatutuetan, baldin eta kooperatibak bostehun bazkide baino gehiago baldin baditu edo batzar orokorrean bazkide guztiak egotea modu larrian eta etengabe oztopatzen duten gorabeherak gertatzen badira.
Estatutuetan berariaz erregulatuta egon beharko dira ondorengo alderdi hauek: bazkideak prestatze-biltzar batera edo bestera joateko irizpideak, deialdien eta osaeraren araubidea, delegatuak aukeratzeko arauak (beti bazkideak izan beharko dute), batzar nagusian bakoitzak izango duen boto kopurua eta emango zaien agintearen izaera eta iraupena.
Prestatze-biltzar bakoitzean zenbat delegatu hautatuko den eta horiek batzar orokorrean zenbat boto izango duten erregulatzeko, estatutuetan proportzionaltasun-irizpidek hartu beharko dira kontuan nahitaez.
Artikulu honetan eta estatutuetan prestatze-biltzarrei buruz aurreikusi gabeko alderdiei dagokienez, batzar nagusirako esaten dena bete beharko da, aplikatzekoa den neurrian.
Batzar orokorraren erabakiak aurkaratu ahal izango dira baldin eta legearen nahiz estatutuen aurkakoak badira edo kooperatibaren kaltetan hartu badira bazkide baten edo gehiagoren zein hirugarren ez-bazkideen mesedetan.
Erabakia ezin izango da aurkaratu baldin eta, Kapital Sozietateei buruzko Legean ezarritako baldintzei jarraikiz, hura ondoriorik gabe utzi bada edo beste erabaki batek baliozkotasunez ordeztu badu, ezta aipatu lege horretan xedatutako beste kasuetan ere. Aurkaratzeko arrazoia ezaba daitekeenean, merkataritza-arloko epaitegiak zentzuzko epe bat emango du hori konpontzeko.
Aurkaratze-akzioa honako hauek egikaritu ahal izango dute: bazkideek, administratzaileek, zaintza-batzordeko kideek edo interes legitimoa duen bazkide ez den edozein hirugarrenek; aurkaratze-akzioa egikaritzeko aukera urtebetean iraungiko da, salbu eta erabaki horien karia edo edukia ordena publikoaren aurkakoak direnean.
Artikulu honen aurreko apartatuan aurreikusitako aurkaratze-akzioa egikaritzeko iraungipen-epea erabakia hartu zenetik aurrera hasiko da kontatzen; erabaki hori Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatu behar bada, berriz, inskribatzen den unetik aurrera.
Oro har, Sozietate Kapitalaren Legearen arabera ezarriko da aurkaratze-prozedura. Salbuespenez, baina, demanda-idatzian aurkaratutako erabakia eten dadila eskatzeko, exijituko da zaintza-batzordeak berak edo ondoren azaltzen den ordezkaritza duten pertsonek eskatzea: bazkideen ehuneko hamar ordezkatzen duten pertsonek, kooperatibak 50 bazkide baino gehiago badu; bazkideen ehuneko hamabost ordezkatzen dutenek, kooperatibak 10 eta 50 arteko bazkide baditu, eta bazkideen ehuneko hogei ordezkatzen dutenek, kooperatibak 10 bazkide baino gutxiago badu.
Aurkaratze-akzioaren baiespen-epaiak bazkide guztiengan izango du eragina, baina ez die eragingo aurkaratutako erabakiaren ondorioz hirugarren ez-bazkide onustedunek lortutako eskubideei. Aurkaratutako erabakia Euskadiko Kooperatiben Erregistroan jasota badago, epaiak inskripzio horren ezereztea aginduko du.
2. ATALA
KOOPERATIBA ADMINISTRATZEA ETA ORDEZKATZEA
Administratzaileei bakarrik dagokie kooperatiba kudeatzea eta ordezkatzea; gainera, legeek edo estatutuek sozietateko beste organo baten esku espresuki uzten ez dituzten beste eskumen guztiak ere haienak izango dira.
Estatutuetan zehaztu beharko da zein modutan egikarituko den administratzaileei esleitutako ordezkaritza. Ordezkapen hori helburu sozialaren barruan dauden egintza guztietarako izango da, bai epaiketetan eta baita epaiketaz kanpokoetarako ere. Administratzaileen ordezkaritza-ahalmenei estatutuetan jarritako edozein mugak ez die hirugarren ez-bazkideei eragingo. Sozietatea betebeharpean jarriko da onustez eta erru larririk gabe jardun duten hirugarren ez-bazkideei begira, nahiz eta estatutuen arabera egintza ez egon helburu sozialaren barruan.
Administratzaileek kide anitzeko organoa osatuko dute, eta organo horri artezkaritza-kontseilua deituko zaio. Dena den, kooperatiban hamar bazkide baino gehiago ez baldin badira, administratzaile bakarra izatea aurreikusi ahal izango da estatutuetan.
Sozietatearen estatutuetan zehaztuko da zenbat izango diren administratzaileak, edo zenbat izango diren gehienez, eta zenbat gutxienez. Azken kasu horretan, batzar orokorrak erabakiko du administratzaile kopuru zehatza.
Administratzaile bakarrak bazkide kooperatzailea izan beharko du. Artezkaritza-kontseiluan, berriz, kideen herena ez-bazkideen artean hautatu ahal izango da, salbu eta estatutuetan espresuki galarazten bada.
Administratzaileak batzar orokorrean hautatuko dira, isilpeko bozketan emandako baliozko botoen kopururik handiena lortuta.
Baldin eta 47.6 artikuluari jarraikiz artezkaritza-kontseiluan postuak erreserbatzen badira, salbu eta estatutuetan ez bada bestelakorik xedatzen, ukitutako bazkide-talde bakoitzak eskubidea izango du berari dagokion kontseilari kopurua aukeratzeko batzarrean zuzenean, baina ez du esku hartuko kontseiluko gainerako kideen hautaketan.
Pertsona juridiko bat izendatuz gero administratzaile-kargu horren funtzioak egikaritzeko lanak egiteko, hark pertsona fisiko bat izendatu beharko du.
Onartzen den une beretik izango ditu ondorioak administratzaile-izendapenak, eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatu beharko da, 30 eguneko epean, kargua onartzen denetik aurrera kontaturik.
Administrazio-organoak ahalorde orokorrak eman ahal izango dizkie zuzendari-gerente bati edo batzuei, eta errebokatu ere bai; haien ahalmenak ahalorde-eskrituran ageri direnak izango dira, kooperatibaren ohiko trafikora mugatuak. Euskadiko Kooperatiben Erregistroan jaso beharko dira bai izendapena, bai ahalmenak ematea eta errebokatzea. Horretaz gain, administrazio-organoak ahalorde bereziak eman ahal izango dizkio edozeini.
Kontseilari diharduten epearen barruan postu gutxi batzuk hutsik geratzen badira eta ordezkorik ez badago, artezkaritza-kontseiluak bazkide bat izendatu ahal izango du lehenengo batzar orokorra biltzen den arte.
Honako hauek ezin izango dira izan administratzaile:
Emantzipatu gabeko adingabeak; epaiketa bidez ezgaituak; Konkurtso Legearen arabera desgaituak, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaikuntzaldia amaitu arte; askatasunaren, ondarearen edo ordena sozioekonomikoaren kontrako delituengatik kondenatuak, segurtasun kolektiboaren kontrako delituengatik kondenatuak, Justizia Administrazioaren kontrako delituengatik kondenatuak edo edozein faltsukeriagatik kondenatuak, bai eta haien kargua dela-eta merkataritzan ezin jardun dezaketenak ere.
Funtzionarioak eta Administrazio publikoaren zerbitzuko langileak, dena delako kooperatibaren berezko jarduerekin zerikusia duten funtzioak baldin badituzte, epaile eta magistratuak, eta legezko bateraezintasun batek ukitutako gainerako pertsonak.
Beren edo besteren kontura arituz kooperatibarekin lehian dauden jarduerak egiten dituztenak, edo modu batera edo bestera kooperatibaren interesen aurkako interesak dituztenak, hargatik eragotzi gabe lege honen 49.4 artikuluan xedaturikoa.
Zaintza-batzordeko eta errekurtso-batzordeko kideak eta zuzendari gerenteak.
Estatutuetan aurreikusitako kasuetako batean sartuta daudenak.
Administratzaileren bati eragiten badio artikulu honetan aipatzen den ezgaitasun edo debekuren batek, berehala utzi beharko du bere kargua. Dena den, bere karguan jarduteari aldi baterako uztera behartu ahal izango du zaintza-batzordeak edo, halakorik ez balego, artezkaritza-kontseiluak, hurrengo batzar orokorra egin arte. Batzar orokorrak administratzailea kargutik kenduko du, baldin eta kargua kautelaz eten bazaio edo bazkide batek eteteko eskatu badu; salbu eta c) apartatuan aurreikusitako kasuan, zeinean batzar orokorrak libreki erabakiko baitu kargutik kendu ala ez.
Administratzailearen kargua doakoa izango, baina ordaindu egingo zaio hala jasotzen bada espresuki estatutuetan, zeinetan ordainsariak finkatzeko irizpideak ere ezarriko baitira. Batzar orokorrak finkatuko du zenbat ordaindu behar zaion urtean.
Nolanahi ere, ordainsariak proportzioa gorde beharko du kooperatibak duen garrantziarekin, haren unean uneko egoera ekonomikoarekin eta, batez ere, administratzaileek beren karguan dihardutenean emandako benetako prestazioekin.
Hori guztia urteko memorian jasoko da.
Edozein kasutan, karguaren ondoriozko gastuak ordaindu beharko zaizkie.
Estatutuetan finkatuko den eperako hautatuko dira administratzaileak, bi eta bost urte arteko eperako betiere. Berriz ere hautatu ahal izango dira, denbora tarte bererako, salbu eta estatutuetan kontrakoa ezartzen denean. Izendapenari zegokion epea igaro ondoren ere, karguan jarraituko dute administratzaileek, behin-behingoz, hurrengo batzar orokorra izan arte.
Batzar orokorrean, administratzaileak kargutik kentzea erabaki ahal izango da, gai-zerrendan halakorik agertzen ez bada ere. Gai hori gai-zerrendan ageri ez denean, kargutik kentzearen alde batzarrean dauden botoen eta ordezkatutakoen bi herenek bozkatu beharko dute.
Administratzaileren bat kargutik kentzen baldin bada, administratzaile berriak hautatu beharko dira batzar orokorraren saio berean, gai-zerrendan halakorik agertzen ez bada ere.
Administratzaile bat kargutik kentzeko arrazoia edozein dela ere, hirugarren ez-bazkideen aurrean Euskadiko Kooperatiben Erregistroan izena ematen denetik aurrera izango ditu ondorioak.
Estatutuetan finkatuko da nola osatu behar den artezkaritza-kontseilua, baina ezin izango dira hiru kide baino gutxiago izan. Behin betiko hutsuneak direla-eta titularren ordezkoak jartzea ezartzen bada, erabaki beharko da zenbat izango diren ordezko horiek eta zein izango den hautaketa- eta ordezpen-sistema.
Artezkaritza-kontseiluak bere kideen artean aukeratuko ditu lehendakari- eta idazkari-karguak, salbu eta estatutuetan aurreikusten denean hori batzar orokorrari dagokiola. Estatutuetan xedatu ahal izango da, halaber, idazkariak ez duela izan behar ez kooperatibako bazkide ez kontseilari.
Kontseilari batek bere karguari uko eginez gero, arrazoitu egin beharko du bere erabakia, idatziz, eta artezkaritza-kontseiluari jakinarazi; kontseiluak erabakiko du ea justifikatuta dagoen uko egiteko adierazitako arrazoia, eta idatziz jakinaraziko dio interesdunari.
Uko egitearen kalifikazioa batzar orokorrean edo errekurtso-batzordean errekurritu ahal izango da, nahitaezko bajarentzat ezarritako baldintza eta epe beretan.
Kontseilari uko-egileak bere jakinarazpenean finkaturiko datan izango ditu ondorioak uko-egiteak; data hori ezin izango da izan jakinarazpena baino lehenagokoa.
Kooperatibaren ustetan uko-egitea ez badago arrazoituta, kalte-galerak ordaintzea eskatu ahal izango zaio, hala badagokio, dena delako administratzaileari.
Artezkaritza-kontseilua partzialki berriztatuko da, salbu eta estatutuetan ezartzen denean kide guztiak berritu behar direla.
Kontseilariak behin eta berriz hautatu ahal izango dira, salbu eta estatutuetan kontrakorik ezartzen bada.
Estatutuetan, artezkaritza-kontseilua osatzean honako hauek kontuan hartzea xedatu daiteke besteak beste: zer ezarpen geografiko duen kooperatibak, zer jarduera garatzen dituen, zer bazkide mota dituen eta zein diren mota bakoitzaren portzentajeak, baita alderdi horien arabera ezarri beharreko kontseilari-postuen erreserba eta emakume eta gizonen arteko ordezkaritza orekatua ere.
Estatutuetan erregulatuko da artezkaritza-kontseiluaren barne-funtzionamendua. Estatutuetan arautu gabeko gaietan, artezkaritza-kontseiluak berak erregulatu ahal izango du bere funtzionamendua.
Artezkaritza-kontseilua biltzeko deia lehendakariak egingo du, eta, bilera baliozkoa izateko, kideetako erdiak baino gehiagok egon beharko du bertan. Kontseilariek pertsonalki parte hartuko dute kontseiluaren bileretan, eta betebehar hori ezin izango da delegatu.
Estatutuetan, aukera eman ahal izango da geografikoki urruti dauden artezkaritza-kontseiluko kideek parte har dezaten erabakiak baliozkotasunez hartzen eta beren nahiak adierazten bideokonferentziaren bidez edo irudiaren eta soinuaren bi noranzko eta aldibereko komunikazioa, eta ikusizko, entzumenezko eta ahozko elkarrekintza ahalbidetuko duen antzeko sistema baten bidez.
Artezkaritza-kontseiluko kideren batek goian adierazitako moduan parte hartzen badu organo horren bileretan, artezkaritza-kontseiluaren idazkariak espresuki jasoko du aktan, hartutako erabakiak baliozkoak izateko exijituriko baldintza guztiekin batera, zein diren bazkide horren izen-abizenak eta zer bide erabili duen bileran parte hartzeko.
Erabakiak hartzeko, bertaratutakoen erdiak baino gehiagoren botoak beharko dira, salbu eta besterik xedatzen bada legean edo estatutuetan. Kontseilariek boto bana izango dute. Ondorio horietarako, ez dira zenbatuko ez boto zuriak, ez abstentzioak.
Artezkaritza-kontseiluak aurreko paragrafoaren arabera emandako bi herenen aldeko botoa beharko du, gutxienez, honako erabaki hauek hartzeko:
Jarduera-zentro nagusi bat edo haren zati garrantzitsu bat itxi edo lekuz aldatzea.
Kooperatibaren jarduera murriztu, zabaldu edo nabarmen aldatzea.
Kooperatibaren antolamenduan aldaketa garrantzitsuak egitea.
Kooperatiba diren edo ez diren beste entitate batzuekin lankidetza-harremanak egin edo azkentzea, betiere lankidetza-harreman horiek iraunkorrak eta baliagarriak gertatzen badira kooperatibarentzat.
Legeak hala ezartzen duenean.
Berdinketen kasuan, lehendakariaren botoak erabakiko du.
Kontseiluaren erabakiak akta-liburu batean jasoko dira. Bileraren aktan, izandako eztabaiden laburpena eta erabakien testua jasoko dira, bozketen emaitzekin batera, eta lehendakariak eta idazkariak izenpetuko dute.
Sozietate kooperatiboaren estatutuetan besterik ezartzen ez bada, artezkaritza-kontseiluak batzorde betearazle bat edo kontseilari delegatu bat edo gehiago izendatu ahal izango ditu bere kideen artetik.
Ezin izango da inola ere delegatu batzar orokorrari kontuak emateko eta urteko kontuak aurkezteko lana; era berean, ezin izango dira delegatu batzar orokorrak artezkaritza-kontseiluari laga dizkion ahalmenak, salbu batzar orokorrak espresuki ematen duenean hori egiteko baimena.
Batzorde betearazleari edo kontseilari delegatuari artezkaritza-kontseiluaren ahalmenak modu iraunkorrean delegatzeko, eta kargu horiek bete behar dituzten kontseilariak izendatzeko, kontseiluko kideen bi herenek horren aldeko botoa eman behar dute, bat etorriz 3. zenbakian xedatutakoarekin; delegatutako ahalmen eta izendapen horiek ez dute ondoriorik izango Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatu arte.
Administratzaileek beren karguari dagozkion funtzioak eta legeetan eta estatutuetan ezarritako betebeharrak enpresaburu onaren arretaz bete beharko dituzte, kontuan harturik zer izaera duen haien karguak eta zer funtzio esleitu zaizkien, eta behar besteko neurri hartu beharko dituzte kooperatiba behar bezala kudeatzeko eta ordezkatzeko.
Era berean, ordezkari leial bati dagokion fideltasunez jardungo dute beren karguan, onustez eta kooperatibaren onurarako, eta esleitu zaizkien ahalmenak ezarritako helburuetarako baliatuko dituzte, eta ez beste ezertarako.
Administratzaileek, beren funtzioak amaitu eta gero ere, sekretupean gorde behar dituzte isilpeko datuak, legeak bestelakoa ahalbidetzen edo agintzen duenean salbu.
Administratzaileek ez dute inongo jarduerarik garatuko, ez bere kabuz ez besteren konturako, baldin eta horrek lehia egiten badio kooperatibari, edo, nola edo hala, gatazka sortzen badu haren interesekiko.
Nolanahi ere, kooperatibak debeku horietatik salbuetsi ahal izango du administratzailea, betiere kasu berezietan eta batzar orokorrak horretarako baimena ematen badu espresuki.
Administratzaileak, horrelako gatazka-egoera batean inplikatuta badago, zeinaren berri eman beharko baitio artezkaritza-kontseiluari edo batzar orokorrari administratzaile bakarra bada, ezin izango du parte hartu bozketan.
Aipaturiko baimenik gabe gauzaturiko egintzak, kontratuak eta eragiketak deuseztatu ahal izango dira, salbu eta hirugarren ez-bazkide onustedunek eskuraturiko eskubideen kasuan.
Enpresa-diskrezionalitateari atxikitako erabaki estrategikoen eta negozio-erabakien arloan, ulertuko da enpresaburu onaren arretaren estandarra betetzen dela administratzailea onustez jardun denean, erabakiaren xede den gaian interes pertsonalik izan gabe, behar adina informaziorekin eta erabakitzeko prozedura egokiaren arabera jardunez.
Ez dira enpresa-diskrezionalitatearen barruan jasoko kooperatibaren interesekiko gatazka eragiten duten edo eragin dezaketen erabakiak.
Administratzaileena izango da legearen edo estatutuen kontrako egintzen ondorioz sorturiko kalteen erantzukizuna, baita karguari dagozkion funtzioak ez betetzean eragindakoena ere, betiere dolo edo erruz jardun badute.
Erantzukizun solidarioa dute egintza kaltegarria gauzatu edo erabaki kaltegarria hartu duen organoaren kide guztiek, salbu eta honako hau frogatzen dutenek: erabakia hartu edo betearaztean esku ez hartzeaz gain, ez zekitela erabaki hori hartu zenik, edo, jakin arren, kalteak saihesteko beharrezkoa zen guztia egin zutela, edo, gutxienez, espresuki jo zutela erabakiaren aurka.
Erantzukizuna berbera izango da egintza edo erabaki kaltegarria batzar orokorrak hartu, baimendu edo berretsi bazuen ere.
Administratzaileen erantzukizuna egitezko administratzaileengana ere zabaltzen da. Xede horretarako, egitezko administratzailetzat joko da hala administratzaile izendatu gabe haren funtzioak betetzen dituena nola sozietateko administratzaileek beren jardunerako jarraitzen dituzten jarraibideak ematen dituena.
Ez da egitezko administratzailetzat joko kooperatibari laguntza finantzarioa baldintza eta errekerimendu batzuk ezarrita eskaintzen dion hartzekoduna, salbu eta kontrakoa frogatzen den kasuan.
Administratzaileen aurkako erantzukizun-akzio soziala kooperatibak egikaritu ahal izango du; aurrez, batzar orokorrak gehiengo soilez erabaki beharko du, nahiz eta eguneko gai zerrendan halakorik agertu ez. Batzar orokorrak edonoiz emango dio baiezkoa nahiz ezezkoa akzioa egikaritzeari.
Gai-zerrendan agertzen ez bada, aldeko botoa eman beharko dute batzarrean daudenen eta ordezkatutakoen botoen bi herenek. Ez dira kontatuko ez boto zuriak ez baliogabeak.
Batzar orokorrak erantzukizun-akzioa bultzatzea edo egikaritzeari baiezkoa ematea erabakiz gero, ukitutako administratzaileak kargutik kanpo geratuko dira berez eta besterik gabe.
Erabakia hartu ondoko hiru hilabeteetan kooperatibak berak erantzukizun-akziorik hasten ez badu, edozein bazkidek hasi ahal izango du. Sozietatearen interesaren alde, botoen ehuneko hogei ordezkatzen duten bazkideek ere hasi ahal izango dute erantzukizun-akzioa, baldin eta administratzaileek ez badute deitzen horretarako eskaturiko batzar orokorra.
Kaltea egin eta sei hilabetera batzarrak edo bazkideek ez badute akzioa gauzatzen, sozietateko edozein hartzekodunek hasi ahal izango du erantzukizun-akzioa, kooperatibaren ondarea berriro osatzeko helburuarekin bakar-bakarrik.
Dena den, akzioa iraungita geratuko da baldin eta bi urte igaro badira erantzukizun-akzioa eragin zuten egintzak gertatu edo ezagutu zirenetik.
Aurreko zenbakietan erabakitakoa gorabehera, guzti horretatik kanpo geratzen dira bazkide edo hirugarren ez-bazkideei dagozkien norbanako akzioak, hain zuzen ere administratzaileek haien kaltetan egindako egintzen aurkakoak.
Leialtasun-betebeharra urratzeak bidegabeki lortutako aberastasuna sozietateari itzultzeko betebeharra ere ekarriko dio administratzaileari, sozietatearen ondareari eragindako kaltea ordaintzeko betebeharraz gain.
Artezkaritza-kontseiluaren erabakiak edo, hala badagokio, batzorde betearazlearenak aurkaratu ahal izango dira, baldin eta legearen edo estatutuen aurkakoak badira edo kooperatibaren kaltetan hartu badira bazkide baten edo gehiagoren zein bazkide ez direnen mesedetan.
Administratzaileek eta zaintza-batzordeak erabaki horiek aurkaratu ahal izango dituzte hirurogei eguneko epean, erabakia hartzen denetik aurrera kontaturik.
Era berean, edozein bazkidek aurkaratu ahal izango ditu erabakiak, hirurogei eguneko epean, haien berri izan zuenetik aurrera kontaturik, betiere ez bada urtebete igaro erabakia hartu zenetik.
Aurkaratzeak zehaztuta dauden ondorioak izango ditu eta batzar orokorraren erabakiak aurkaratzeko ezarritakoaren arabera izapidetuko da.
3. ATALA
ZAINTZA-BATZORDEA
Estatutuetan zehaztuko da zenbat kide titular izan behar dituen zaintza-batzordeak (gutxienez hiru), baita, hala badagokio, zenbat ordezko kide izan behar dituen eta zenbat iraungo duen haien agintaldiak, zeina ez baita izango administratzaileen agintaldiaren berbera.
Batzorde hori ez da nahitaezkoa izango baldin kooperatibak ehun bazkide baino gutxiago baditu.
Bazkide izan beharko da zaintza-batzordeko kide izateko, salbu eta estatutuetan ez-bazkideak onartzeko aukera aurreikusi bada. Bestelakorik onartzekotan, zuzentasuna, lan-prestakuntza eta esperientzia teknikoa edo enpresariala eskatuko zaizkio, zaintza-batzordearen betebeharren arabera. Bazkide ez diren kide horiek ez dira batzordeko kide guztien erdia baino gehiago izango, erditik azpirantz jota neurtuta.
Kooperatiban berrogeita hamar langile baino gehiago badaude lan-kontratuarekin, horien artetik aukeratutako ordezkari bat zaintza-batzordeko kide izango da hala aurreikusten bada estatutuetan.
Batzordeko kideak aukeratu edo kanporatzeko, batzar orokorrean emandako baliozko boto guztien zatirik handiena beharko da, eta isilpeko bozketa egin beharko da betiere; estatutuetan oztoporik ezartzen ez bada, berriz ere aukeratu ahal izango dira, eta administratzaileentzat lege honek ezarri dituen arauak bete beharko dituzte erantzukizun, lansari, ezintasun, debeku eta erregistroan inskribatzeari dagokienez.
Administratzaileek zaintza-batzordeari kooperatibaren jardueren eta ustez izango duen bilakaeraren berri eman beharko diote, hiru hilabetean behin gutxienez.
Batzordeak bere lana egiteko behar beste egiaztapen egiteko eskubidea du, eta hori egiteko agindua bere kideetako bati edo batzuei eman ahal izango die edo, bestela, adituen laguntza eskatu ahal izango du, kideen artean halakorik ez badago.
Batzordeko kide guztiek izango dute emandako edo jasotako informazio guztia ezagutzeko aukera, baina ez dute ikerketa-lanen edo jasotako informazioaren emaitzen berri ematerik izango estatutuetan zehaztutako eremuetatik kanpo, ez eta kooperatibako kideen aurrean ere.
Zaintza-batzordeak lege honetan zehaztutako funtzioak egikarituko ditu, baina ezin izango du kooperatibaren kudeaketan zuzenean parte hartu, eta ezingo da kooperatibaren ordezkari izan hirugarren ez-bazkideen aurrean; baina, kooperatibaren ordezkari izango da kooperatiba beraren administrazio-organoaren edo bere kideetako edozeinen aurrean, baldin eta organo hori auzitara eraman behar bada edo organo horren kideekiko hitzarmenak bukatu egin badira.
Zaintza-batzordeak honako funtzio hauek betetzeko ahalmena du:
Urteko kontuak aztertzea eta kontu horiei eta soberakinak banatzeko edo galerak egozteko proposamenari buruz nahitaezko txostena egitea, batzar orokorrean azaldu aurretik, salbu eta kooperatibak bere finantza-egoera auditoretzaren baten aurrean aurkeztu behar duenean.
Kooperatibaren liburuak aztertzea.
Kooperatibaren onerako beharrezkotzat jotzen duenean, batzar orokorra biltzeko deia egitea, baldin eta administratzaileek ez badiote, epe barruan, kasurik egin bazkideek 35. artikuluaren 2. eta 3. ataletan ezarritakoaren arabera egindako eskariari.
Ordezkaritza-idazkiak egokiak diren gainbegiratu eta kalifikatzea, eta, orokorrean, batzarretara sartzeko eskubideari buruzko zalantza eta gorabeherak ebaztea.
Lege honetan zehaztutako kasuetan, sozietatearen erabakiak aurkaratzea.
Batzar orokorrari ebazpena emateko aurkeztu dizkion egoera edo arazo zehatzei buruzko informazioa ematea.
Batzar orokorrak gainerako organoetako kideak aukeratzen dituenean erabilitako hautaketa- eta izendapen-prozesua zaintzea.
Administratzaileen funtzioak etetea, baldin eta 44. artikuluko ezintasun- edo debeku-egoeraren batean badaude, eta, hala gertatuz gero, beharrezko neurriak hartzea batzar orokorra bildu arte.
Lege honek espresuki agindutako gainerako eginkizun guztiak.
Kooperatibak bere finantza-egoerak auditatu behar dituenean, zaintza-batzordeak kontabilitate-euskarriak aztertu ahal izango ditu kideek komeni dela uste badute, eta, beharrezkoa bada, horiei buruzko txostena egin ahal izango du. Dena dela, txosten hori ez da nahitaezkoa izango kooperatibaren urteko kontu auditatuak onartzeko.
Era berean, eta urteko kontuak auditatzen badira ere, zaintza-batzordeak txosten bat egin ahal izango du soberakinak banatzeko edo galerak egozteko proposamenari buruz.
Deskribaturiko bi kasu horietan, zaintza-batzordeak administratzaileei jakinarazi beharko die asmoa duela aurkezteko kooperatibaren urteko kontuei buruzko eta soberakinak banatzeko edo galerak egozteko proposamenari buruzko ez-nahitaezko txosten bat, bazkideek txosten hori aztertzeko aukera izan dezaten ohiko batzar orokorraren deialdia argitaratzen den unean berean.
Zaintza-batzordearen funtzionamendu-araubidea estatutuetan, edo, hala badagokio, barne-erregelamenduan erabakitakoaren araberakoa izango da. Halere, edozein administratzailek edo batzordeko edozein kidek eska diezaioke idatziz bertako lehendakariari organo hori biltzeko deia egin dezala, eskaera egiteko dituen arrazoiak azalduz. Eskaera hori gutxienez artezkaritza-kontseiluaren edo zaintza-batzordearen beraren herenak egiten baldin badu, eta hilabeteko epean biltzeko deirik egiten ez bada, eskatu duten taldeetako edozeinek egin ahal izango du deia.
Likidazioaldian, artikulu honetan zehaztu zaizkion funtzioen artetik aldi horretan bidezkoak direnak bakarrik egikarituko ditu zaintza-batzordeak.
4. ATALA
BESTE ORGANO BATZUK
Estatutuetan, sozietate-kontseilu bat egotea aurreikusi ahal izango da, kooperatibako bazkideen ordezkotza duen organo bezala oinarrizko funtzio hauek izango dituena: administratzaileei informazioa, aholkuak eta iritziak ematea lan-harremanari dagozkion alderdi guztiei buruz, zeinei buruz nahitaezko txostena egin behar baita, eta, bereziki, 30. eta 105.2 artikuluetan adierazitakoei buruzkoak.
Halaber, beren estatutuetan hori jasotzen duten kooperatibetan, nahitaezkoa izango da sozietate-kontseiluari iritzia eskatzea bazkide ez diren soldatapekoekiko lan-harremanari dagozkion alderdi guztiei buruz.
Sozietate-kontseilua bazkide langileek edo lan-bazkideek osatuko dute. Estatutuetan zehaztuko da sozietate-kontseiluaren osaera, iraupena, desegitea eta funtzionamendua, eta administratzaileek haren bileretan parte hartzeko aukerarik baduten ala ez.
Kooperatibako estatutuetan, errekurtso-batzorde bat arautu ahal izango da bazkideen arau-hauste astun edo oso astunengatik entitatean lehen auzialdian hartutako erabaki zehatzaileak berriro aztertzeko, baina bakarrik ukitutakoak berrazterketa eskatzen badu. Zehatzaileak ez diren erabakiengatik ere errekurtsoa jarri ahal izango zaio batzorde honi, aukera hori ezarri bada lege honetan edo estatutuetan.
Organo horretako kide izateko, bazkideek estatutuetan eskatzen diren baldintza hauek bete beharko dituzte: antzinatasuna, kooperatiben arloko esperientzia eta egokitasuna. Kide titularrak eta, hala badagokio, ordezko kideak batzar orokorrak aukeratuko ditu, estatutuetan agindutako kopuruan, isilpeko bozketan eta sozietatean ardurazko kargurik ez duten eta kooperatibako soldatapeko ere ez diren bazkideen artetik. Haien agintaldia ez da hiru urtetik beherakoa izango eta berriztatu ahal izango da.
Errekurtso-batzordearen eztabaidak baliozkoak izateko bileran kideen erdiek baino gehiagok egon beharko dute, eta ezin izango da botoa delegatu; erabakiak hartzeko, estatutuetan zehaztuko den gehiengoa beharko da. Diziplinarekin zerikusia duten erabakiak hartzeko bozketa isilpekoa izango da beti, eta ez da egongo kalitatezko botorik.
Errekurtsoei buruzko izapideak egin edo erabakitzerakoan, batzordeko kideek ezin izango dute parte hartu baldin eta ukitutako bazkidearekiko bigarren gradura arteko odol-ahaidetasuna edo ezkontza-ahaidetasuna badute edo pertsona horrekiko mendekotasuna, adiskidetasun estua edo ageriko etsaitasuna badute.
Errekurtso-batzordearen erabakiak, sozietatearen nahiaren adierazpen direnez gero, berehalakoan bete beharko dira eta behin betikoak izango dira. Aurkaratu egin daitezke, batzar orokorrak hartu izan balitu bezala, 41. artikuluak ezarritakoaren arabera.
Artikulu honetako aurreko zenbakietan aurreikusi gabeko kasuetan, kooperatibaren estatutuek agintzen dutena bete beharko da.
Kooperatibak erantzungo du sozietatearen zorrez uneko eta geroko ondare guztiarekin, salbu eta kooperatiba-heziketa eta sustapenerako eta interes publikoko beste helburu batzuetarako ekarpenari dagokiona, zeinaren bidez helburu horiek betetzean sorturiko zorrez bakarrik erantzungo baita.
Bazkideek ez dute sozietatearen zorren erantzukizun pertsonalik izango. Haien erantzukizuna sozietate-kapitalari egindako ekarpenek mugatuko dute.
Itzuli beharreko ekarpenen zenbatekoa zehaztu ondoren, baja ematen duten langileek ez dute inolako erantzukizunik izango baja eman aurretik kooperatibak egin zituen zorrengatik.
Baina, bazkideek, baja eman eta gero ere, erantzukizuna izango dute baldin eta kontratuak izenpetu edo betebeharrak hartu badituzte, berariaz eta espresuki, sozietate kooperatiboarekin, eta betebehar horiek ez badira azkentzen, beren izaera dela-eta, bazkide izateari utzi eta gero.
Bazkideek kapital sozialari egiten dizkioten ondare-ekarpenek, nahitaezkoek edo borondatezkoek, osatuko dute kooperatibaren kapitala. Ekarpen horiek honelakoak izan daitezke:
Baja-kasuan itzultzeko eskubidea duten ekarpenak.
Batzar orokorrak edo artezkaritza-kontseiluak, estatutuetan xedatutakoaren arabera, baldintza gabe ukatuz gero itzultzeko eskubiderik ez duten ekarpenak.
Baja-kasuan itzultzeko eskubidea duten ekarpenak nahitaez bihurtu ahal izateko kooperatibak baldintza gabe ukatuz gero itzultzeko eskubiderik ez duten ekarpen, edo alderantzizko bihurketa egiteko, estatutuak aldatzeko erabakia beharko da. Bazkideren bat ez badago ados horrekin, baja eman ahal izango du; baja hori bidezkotzat joko da.
Estatutuetan aurreikusi ahal izango da ezen, ekitaldi ekonomiko batean itzuli beharreko ekarpenen kopurua estatutu horietan ezarritako sozietate-kapitalari dagokion kopurua baino handiagoa bada, artezkaritza-kontseiluaren aldeko iritzia beharko dela ekarpen berriak itzultzeko.
Bazkideren bat ez badago ados portzentaje hori ezartzearekin edo gutxitzearekin, baja eskatu ahal izango du; baja hori bidezkotzat joko da.
Kasu horretan, honako hauek ere aplikatuko dira: 63.4 artikulua, 65.1 artikulua eta 98.3 artikulua.
Era berean, estatutuetan espezifikoki aurreikusi ahal izango da aurreko 1.b apartatuko ekarpenen itzulketa ezesteko betebeharra, baldin eta itzulketaren ondorioz kooperatibak ezin badu estali estatutuetan ezarritako ratioa edo erreferentzia.
Sozietate-kapitalari egindako ekarpenak ziurtatzeko, izendun tituluak erabiliko dira, baina ez dira diru-baliozko titulutzat hartuko; edo, bestela, izendun partaidetza-libretak erabiliko dira, non egindako ekarpen eta eguneratze guztiak eta bazkideari egotzitako galerengatik egindako kenketak azalduko baitira, hala badagokio.
Ekarpenak egiteko, legezko dirua erabili beharko da. Sozietatearen estatutuetan baimena ematen bada edo batzar orokorrak hala erabakitzen badu, ondasunak edo eskubideak ere erabili ahal izango dira ekarpenetarako. Halako kasuetan, administratzaileek zehaztuko dute balioa, baina, horretarako, beraiek izendatutako aditu independente batek edo batzuek egindako txosten bat aurkeztu beharko dute, aditu horien erantzukizunez egina, ekarpenaren ezaugarriei eta balioari eta hura kalkulatzeko erabili dituzten irizpideei buruzkoa. Halere, estatutuetan hala jasotzen bada, administratzaileek egindako balioespena batzar orokorrak onartu beharko du.
Lehen mailako kooperatibetan, bazkide bakoitzak egindako guztizko ekarpenek ezin izango dute gainditu sozietateren kapitalaren herena, salbu eta sozietate kooperatiboen edo bazkide laguntzaileen kasuan. Muga hori ez zaie ezarriko hamar bazkidetik beheragoko kooperatibei.
Mendeko finantzaketatzat hartzen dira kooperatibek jaso eta, kredituen lehentasunen hurrenkeran, hartzekodun komun guztien ondoren datozen finantzaketak.
Edozein dela ere sozietatearen kapitalaren izena eta formalizazio juridikoa, sozietatearen kapitaltzat hartuko dira kooperatibak bazkideekin edo hirugarren ez-bazkideekin kontrataturiko mendeko finantza-ekarpen guztiak, likidazioa onartu ondoren baino itzul ezin daitezkeenak. Kontrakorik hitzartu ezean, ekarpen horiei ez zaie aplikatuko lege honen 62. artikulutik 66. artikuluetara bitarte ezarritakoa. Ekarpen edo partaidetza horiek itzuli edo karteran lortu ahal izango dira hala bermea duten mekanismo finantzarioen bidez, kapital-sozietateetan partaidetzetarako edo akzioetarako ezarritakoaren parekoak direnak barne direla Merkataritza Sozietateen Egiturazko Aldaketei buruzko apirilaren 3ko 3/2009 Legean aurreikusitako aukerak, nola erregelamenduz ezartzen diren baldintzen arabera.
Ekarpen horien ordainsaria finkoa, aldagarria edo partaidetza bidezkoa izan daiteke, eta tituluen edo kontuko idatzoharren bidez adieraziko dira, eta balore higigarritzat hartu ahal izango dira hala aurreikusten denean jaulkipen-erabakian; kasu horretan, horrelako finantza-aktiboei dagokien araudira egokituko da ekarpenon araubide juridikoa.
Ekarpen horiek ez dute inola ere emango batzar orokorrean botoa emateko eskubiderik, ezta administrazio-organoan parte hartzekorik ere.
Ekarpen horien jaulkipenen edo kontratazioaren ehuneko berrogeita hamarra gutxienez kooperatibako bazkideei eta soldatapeko langileei eskaini beharko zaie hirugarren ez-bazkideei eskaini baino lehen. Eskaintza horri publizitatea emango zaio, batzar orokorrak deitzeko ezarritako baldintza beretan.
Eskaintza-jaulkipena baimentzeko eskumena duten agintaritza ekonomikoek informazioa gainbegiratu eta onartu ondoren, organo gainbegiratzaile eskudunak ezarritako entitate arduradunak arduratuko dira informazio hori hirugarren ez-bazkideek jaso dutela bermatzeaz.
Artikulu honen 1. ataletik 5.era bitarte ezarritakoa kreditu-kooperatibei eta aseguru-kooperatibei ere ezarriko zaie baldin eta kooperatiba horien sektoreko araudietan ez bada horretarako eragozpenik jartzen.
Estatutuetan zehaztuko da zein den bazkide izateko hasierako nahitaezko ekarpena, zeina desberdina izan daitekeen lege honetan ageri den bazkide mota bakoitzarentzat, edo kontuan hartuta zer izaera duen, fisikoa ala juridikoa. Ezberdina izan daiteke, halaber, bazkide bakoitzarentzat ere, kooperatibaren jarduerarekiko bakoitzak duen konpromisoaren edo erabileraren arabera.
Bazkide izateko hasierako nahitaezko ekarpenaren ehuneko hogeita bost gutxienez izenpetzearekin batera ordaindu beharko da, eta gainerako guztia sozietatearen estatutuetan edo batzar orokorrak erabakitako epean. Epe hori lau urtekoa izango da, gehienez ere.
Bazkideei kooperatibaren galerak egozten zaizkielako edo estatutuetan jasotako diru-zehapena ordaindu behar dutelako, bazkideren batek edo batzuek sozietate-kapitalari egin beharreko ekarpena ez bada heltzen estatutuek edo, halakorik ez badago, batzar orokorrak halakoetarako erabakitako gutxieneko zenbatekora, ukitutako bazkideei berehala errekerituko zaie beste ekarpen osagarri bat egin dezatela bazkide izaten jarraitzeko. Estatutuek edo, halakorik ez badago, batzar orokorrak finkatuko dute zein den ekarpen hori egiteko epea, baina epe hori ezin izango da inoiz urtebetetik gorakoa izan, errekerimendua egin denetik aurrera kontaturik.
Batzar orokorrak urtero erabakiko du bazkide berrien hasierako nahitaezko ekarpena, eta nahitaezko ekarpen berriak ere erabaki ahal izango ditu, eta zenbatekoa eta ordaintzeko epeak eta baldintzak zehaztu. Zenbateko hori desberdina izan liteke bazkide batentzat edo beste batentzat, 1. zenbakian ezarritako irizpideen arabera. Kapitala nahitaez zabaltzearekin konforme ez dagoen bazkideak baja eman ahal izango du. Baja hori bidezkotzat joko da.
Aurrez egindako borondatezko ekarpenak erabili ahal izango dira nahitaezko ekarpen berriak ordaintzeko.
Aurreko apartatuetan ezarritakoaren arabera, eskatutako ekarpenak ordaintzeko berandutzarik badago bazkideren baten aldetik, kooperatibari legezko interesa ordaindu eta berandutzaren ondorioz egindako kalteen eta galeren ordaina eman beharko dio. Bazkideak bere egoera zuzentzeko agindua jaso eta hurrengo hirurogei egunetan ez badu zuzendu:
Nahitaezko baja eman ahal izango diote bazkide izateko hasierako nahitaezko ekarpenaren edo 3. apartatuan ezarritako gutxieneko kopuruaren kasuan.
Gainerako kasuetan, kooperatibatik kanporatu ahal izango dute.
Batzar orokorrak erabaki ahal izango du bazkideek sozietatearen kapitalari borondatez egindako ekarpenak onartu ala ez, ekarpen horien baldintzak zehaztuta.
Administratzaileek edozein unetan onartu ahal izango dituzte bazkideek sozietatearen kapitalari borondatez egindako ekarpenak, baina haien ordainsaria ez da izango batzar orokorrak kapitalarentzat erabakitako borondatezko azken ekarpenena baino handiagoa, edo, horrelako ekarpenik ez badago, ez da izango nahitaezko ekarpenena baino handiagoa.
Kapitalari egindako ekarpenek interesa eman dezakete, aurrez batzar orokorrak erabakitako beste, hargatik eragotzi gabe aurreko artikuluaren 2. atalean erabakitakoa.
Interes hori ez da diruaren legezko interesa baino sei puntu gehiagokoa izango.
Kapitalari egindako ekarpenen ordainsariak emango dira baldin eta horretarako beharrezkoa den soberakin garbirik edo erabilera askeko erreserbarik badago.
Batzar orokorrak erabakitzen badu ekarpenei interesen bat sorraraztea edo erabilgarri dituen soberakinak itzulkinetara edo erreserba banagarrietara bideratzea, ordainsari bat jasotzeko lehentasuna izango dute 60.1.b artikuluan aurreikusitako ekarpen hauek: titularrek baja eman eta kooperatibak itzultzea ezetsi dituen ekarpenak. Lehentasunezko ordainsari hori estatutu sozialetan ezarriko da.
Kooperatibaren balantzea zuzenbide erkideko sozietateentzat xedatutako baldintza eta onura berekin erregularizatu ahal izango da, hargatik eragotzi gabe erregularizazioaren ondoriozko gainbalioarentzat lege honetan ezarritako xedea.
Aipaturiko gainbalioa, kooperatibak berak egoki iritzitako proportzioan, kapitala eguneratzeko edo erreserbak, nahitaezkoak zein borondatezkoak, handitzeko erabiliko du kooperatibak ekitaldi bakarrean edo gehiagotan. Nolanahi ere, kooperatibak konpentsatu gabeko galerak baldin baditu, erregularizazioaren ondoriozko gainbalioa haiek konpentsatzeko erabiliko da, eta gainerakoa arestian aipaturiko helburuetarako.
Ekarpenak honela eskualdatu daitezke:
Bazkideen eta hurrengo hiru hilabeteetan bazkide izatera engaiatzen diren pertsonen arteko inter vivos egintzen bidez, estatutuetan ezarritako baldintzetan.
Estatutuetan aurreikusi ahal izango da bazkide berrien hasierako nahitaezko ekarpenak 60.1.b artikuluan aurreikusitako ekarpenak eskuratuz egin behar direla, hau da, kooperatibak itzultzea ukatu dituen ekarpenen bidez, betiere haien titularrek baja egin ondoren. Eskualdaketa ekarpen mota horien itzulketa-eskarien antzinatasunaren arabera egingo da; eskariak data berean egiten diren kasuan, berriz, ekarpenen zenbatekoaren arabera egingo da.
Mortis causa oinordetzaren bidez, kausadunei, bazkideak badira eta eskatzen badute, edo, bazkide ez badira, 20. artikuluan xedatutakoaren arabera bazkidetzat onartu ondoren; bazkide izateko eskaera heriotza gertatu eta hurrengo hiru hilabeteko epean egin beharko da. Bestela, sozietate-ekarpenari dagokion kredituaren likidazioa jasotzeko eskubidea izango dute, hurrengo artikuluan aurreikusitako moduan.
Bazkideen hartzekodun pertsonalek ez dute inongo eskubiderik izango kooperatiben ondasunen gainean eta bazkideek sozietatearen kapitalari egindako ekarpenen gainean, biak ala biak ezin enbargatuzkoak baitira. Horrek ez ditu eragotziko hartzekodunek balia ditzaketen eskubideak, hau da, bazkidearenak diren itzulketen, interesen eta itzulkinen gainean dituen eskubideak.
Estatutuetan erregulatuko da sozietatearen kapitalari egindako ekarpenen itzulketa, eta ezarri ahal izango da kenkariak soilik nahitaezko ekarpenen gainean aplikatuko direla, gehienezko portzentaje hauek aplikatuz: ehuneko hogeita hamarreraino baten bat kanporatzen denean, eta ehuneko hogeiraino bidezkoa ez den baja bat gertatzen denean.
Estatutuetan aurreikusi ahal izango da ezen, itundutako gutxieneko iraupenaldia bete ezean, ehuneko hamar puntu gehitu ahal izango zaizkiola, gehienez ere, bidezkoa ez den bajaren kasuan aplikatu beharreko kenkari-portzentajeari.
Kasu bakoitzean aplikatu beharreko kenkari-portzentajearen gaineko erabakia administratzaileen eskumenekoa izango da, zeinek estatutuetan jasotako mugak errespetatu beharko dituzten.
Arestian aipatutako kenkarien aurka joan gabe, baja ematen duen bazkideari itzuli beharreko ekarpenaren deskontu-ondorioetarako, baja gertatzen den ekitaldiko itxiera-balantzean jasotako galerak zenbatuko dira, direla ekitaldi horri dagozkionak, direla aurreko beste ekitaldi batzuetatik datozenak edo sozietatearen kapitalari egindako ekarpen osoaren arabera konpentsatu gabe daudenak.
Itzulketa-epea bost urtekoa izango da gehienez ere, baja-datatik aurrera kontaturik. Bazkidearen heriotza gertatuz gero, kausadunei egin beharreko itzulketa egitate eragilea izan denetik urtebetetik beherako epean egin beharko zaio.
b artikuluan aurreikusitako ekarpenetarako, kooperatibak itzulketa erabakitzen duen datatik aurrera zenbatuko dira aurreko zenbakian aipatutako epeak.
Kooperatibak itzultzea erabaki duen ekarpenetan, itzultzeke dauden kopuruak ezin izango dira eguneratu, baina eskubidea emango dute gutxienez diruaren legezko interesa jasotzeko.
Aurreko apartatuetan ezarritakoa eragotzi gabe, ekarpenak itzuli beharko dira batzar orokorrak sozietatearen kapitala murriztea erabaki duelako edo bazkidearen jarduera kooperatibizatua murriztu delako, betiere estatutuetan ezarritako baldintzei jarraituta.
Partaidetza berezitzat hartuko dira artikulu honetako arauketaren araberako mendeko finantzaketak, zeinetan harpidedunak ez diren inolaz ere kooperatibak izango, salbu eta artikulu honen 4. atalean aurreikusitako bazkideen kasuan, itzulketa ez den gauzatuko partaidetza jaulki eta gutxienez bost urte igaro arte, eta ordainsaria kooperatibaren emaitzen araberakoa izango den.
Partaidetza hauen gainerako ezaugarriak jaulkitzen direnean ezarriko dira, libreki, baina ezin izango zaie aitortu, inolaz ere, batzar orokorrean botoa emateko eskubidea, ezta administrazio-organoan parte hartzekorik ere.
Artikulu honetan ezarritakoa soil-soilik aplikatu ahal izango zaie kreditu-kooperatibei eta aseguru-kooperatibei, baldin eta sektore horretako araudietan ez bada horretarako eragozpenik jartzen.
Partaidetza berezi horien jaulkipenen edo kontratazioaren ehuneko berrogeita hamarra gutxienez kooperatibako bazkideei eta soldatapeko langileei eskaini beharko zaie hirugarren ez-bazkideei eskaini baino lehen. Eskaintza horri publizitatea emango zaio, batzar orokorrak deitzeko ezarritako baldintza beretan.
Artikulu honetan ezarritakoaren arabera erregulatzen ez diren partaidetzetarako edozein dela ere horien izena, itun askearen sistema ezarriko da, baita 60. artikuluan sozietate-kapitalarentzat ezarritakoa edo 68.ean bestelako finantzaketei buruz ezarritakoa ere.
Estatutuek edo, hala badagokio, batzar orokorrak ezarri ahal izango dituzte sozietatearen kapitalean sartuko ez diren eta itzulgarriak izango ez diren sarrera-kuotak eta aldikakoak. Kuota horiek ezberdinak izan daitezke, honako alderdi hauen arabera: zein bazkide mota aurreikusten diren lege honetan, zein den haien izaera fisikoa ala juridikoa, edo zer konpromiso duen kooperatibarekin edo zer proportziotan jardun dezakeen kooperatiba-jardueran.
Sarrera-kuotek ezingo dute gainditu unean-unean bazkide izateko sozietatearen kapitalari egin behar zaion indarreko nahitaezko ekarpenaren ehuneko hogeita bost.
Ez dira sozietatearen kapitalean sartzen bazkideek kooperatibaren kudeaketarako entregatutako ondasunak eta emandako zerbitzuak eta, orokorrean, kooperatiba-zerbitzuak lortzeko egindako ordainketak. Eragiketa horiek kooperatibarekin finkaturiko eta kontrataturiko baldintzen mende egongo dira. Haiek guztiak ez dira sartzen kooperatibaren ondarean, eta sozietatearen hartzekodunek ezin izango dituzte enbargatu.
Kooperatibak honelako jaulkipenak erabaki ahal izango ditu: bazkideen edo boto-eskubiderik ez duten hirugarren ez-bazkideen obligazioak, partaidetza-tituluak, partaidetza-kontuak eta borondatezko finantzaketak, edozein dela ere haien modalitate juridikoa. Kontuan harturik zein diren kooperatibaren emaitzak, eragiketa horien ordainsaria osoa edo partziala izan daiteke, zeina ezartzen diren epe eta baldintzak betez ordaindu beharko baita.
Soberakin garbiak zehazteko, merkataritza-sozietateentzat ezarritako kontabilitate-arau eta -irizpideak ezarriko dira, salbu eta espezifikoki erregulatzen badira sozietate kooperatiboentzat.
Dena dela, soberakin garbiak zehazterakoan honako hauek partida kengarritzat hartuko dira:
Kooperatibaren kudeaketarako entregatutako ondasunen zenbatekoa, zeina ez baita balioetsiko merkatu-preziotik gora, eta bazkide langileen eta lan-bazkideen lan-aurrerakinen zenbatekoa, zeina, oro har, ez baita izango eskualdean bazkide horien jarduera-sektore berean ordaindu ohi dena baino handiagoa.
Kapital sozialari egindako ekarpenen ondoriozko interesak, lege honen 60. artikuluan arautuak, eta kapital sozialean sartzen ez diren prestazio eta finantzaketen ondoriozkoak.
Aurreko ekitaldietako galerak konpentsatzeko zenbatekoak eta eskatu daitezkeen zergak kendu ostean, soberakin baliagarri bilakatuko dira soberakin garbiak.
Urtero, honela bideratuko dira soberakinak:
Ehuneko hogeita hamar, gutxienez, Nahitaezko Erreserba Funtserako eta kooperatiba-heziketa eta -sustapenerako eta interes publikoko beste helburu batzuetarako ekarpenerako. Portzentaje horretatik, gutxienez ehuneko hamar kooperatiba-heziketa eta -sustapenerako eta interes publikoko beste helburu batzuetarako ekarpenerako bideratuko da, eta ehuneko hogei, berriz, Nahitaezko Erreserba Funtserako.
Gainerakoa, batzar orokorraren esku egongo da, zeinak honela banatu ahal izango duen: bazkideei itzuli, edo borondatezko erreserba-funtsetarako eman funts banagarri edo banaezin bezala, estatutuek ezartzen dutenaren arabera edo, halakorik ez badago, batzar orokorrak erabakitzen duenaren arabera, edo, hala badagokio, soldatapeko langileek parte hartzea kooperatibaren irabazietan, hargatik eragotzi gabe kontabilitate-gastutzat jotzea.
Nahitaezko Erreserba Funtsa sozietate-kapitalaren ehuneko berrogeita hamarrera heltzen ez den bitartean, erdiraino murriztu ahal izango da kooperatiba-heziketa eta-sustapenerako eta interes publikoko beste helburu batzuetarako ekarpenerako ezartzen den gutxieneko ekarpena.
Bazkideei itzulkinak adjudikatzeko orduan, kontuan izango da zer eragiketa, zerbitzu edo jarduera egin duen bazkide bakoitzak kooperatibarekin, eta proportzio berean esleituko zaizkie.
Kooperatibaren estatutuetan, edo batzar orokorraren erabakiz, onartu eta zehaztu ahal izango da soldatapeko langileek eskubidea dutela soberakin erabilgarrietan parte hartzeko. Partaidetza horrek soldata-izaera izango du. Lan-arloan aplikatu behar den araudian halako osagarririk ezarrita badago, hura ordezkatuko du, osagarri hori baino handiagoa bada. Txikiagoa izanez gero, araudiak ezarritako osagarria aplikatuko da.
Kooperatiba finkatu, garatu eta bermatzeko da Nahitaezko Erreserba Funtsa, eta ezin da bazkideen artean banatu, lege honek espresuki aurreikusitako egoeretan izan ezik.
Honako diru kopuru hauek zuzendu beharko dira Nahitaezko Erreserba Funtsera:
Soberakin baliagarrien portzentaje bat. Batzar orokorrak ezarriko du portzentaje hori, aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera.
Bazkideen bajaren kasuan, sozietatearen kapitalari nahitaez egin beharreko ekarpenen kenkariak.
Sarrera-kuotak.
Estatutuek edo batzar orokorrak finkatutako oinarrizko ildoak aplikatuz, interes publikoko helburu hauetakoren bat izango du soberakinei 70.2.a) artikuluan ezartzen zaien nahitaezko ekarpenak:
Bazkideak eta langileak prestatzea eta heztea kooperatibismoaren eta kooperatiba-jardueren arloan eta lanpostuarekin lotuta ez dauden beste arlo batzuetan.
Kooperatiben arteko harremanak sustatzea. Eremu horretan, gastu hauek ere estaliko dira: kooperatiba guztiak sustatu, lagundu eta zuzentzeko sortutako entitateetan parte hartzearren sortzen diren gastuak edo kooperatibek elkarri laguntzeko jarduerek sortzen dituztenak.
Hezkuntza, kultura, lanbidea eta laguntza sustatzea eta kooperatibismoaren ezaugarriak zabaltzea kooperatibak lan egiten duen gizarte-inguruan eta gizartean oro har.
Euskararen erabilera sustatzea.
Kooperatiba-enpresa berriak sustatzea. Horretarako, diru-ekarpenak egingo zaizkie kooperatiben euskal mugimenduak sustatzen dituzten irabazteko asmorik gabeko entitateei.
Bazkideei eta langileei formakuntza eta heziketa ematea, kooperatibeetan emakumeen eta gizonen berdintasuneranzko urratsak egiteko politika eraginkor bat sustatze aldera.
Aurreko apartatuan adierazten diren helburuetara bideratu ahal izango da nahitaezko ekarpen hori, diru-ekarpenak eginez irabazteko asmorik gabeko entitateei edo aurreko 1.b artikuluan adierazten diren lankidetza-entitateei.
Bitartekaritza-entitate horiei diru-ekarpenak egiteko, beharrezkoa izango da adierazitako interes publiko horiek dituzten helburuetara zuzentzea ekarpenok; horretarako, bitartekaritza-entitateak berak egingo ditu jarduerak; bestela, beste pertsona fisiko edo juridiko batzuei zuzenduko dizkie jasotzen dituen baliabideak.
Kooperatibak ezin du erabili ekarpen hori, salbu eta arestian aipatu diren interes publikoko helburuetara zuzentzeko; ekarpen hori, horrenbestez, enbargaezina da eta balantzearen pasiboan azaldu behar da.
Ekarpen horretarako aurreikusitako helburuetarako erabiliko dira kooperatibak bazkideei ezartzen dizkien zehapen ekonomikoak.
Kooperatibak berak adierazitako interes publikoko helburuetara zuzendu ez den ekarpen horren zenbatekoa irabazi-asmorik gabeko entitateei emango zaie, soberakinaren banaketa onetsi den ekitaldi ekonomikoaren hurrengo ekitaldian, entitate horiek erabil dezaten ekarpen horretarako erabaki diren interes publikoko helburuetan.
Estatutuek finkatu beharko dute zein diren galerak konpentsatzeko irizpideak. Irizpide horiek erregela hauek bete beharko dituzte beti:
Borondatezko erreserba-funtsik badago, galera guztiak egotzi ahal izango zaizkie funts horiei.
Nahitaezko Erreserba Funtsari egotziko zaio, gehienez ere, soberakin positiboak izandako azkenengo bost urteetan legez nahitaezko diren funtsetara bideratu diren diru kopuruen batezbestekoa, edo, kooperatiba bost urte horiek baino berriagoa bada, sortze-unetik beretik bideratutakoen batezbestekoa. Nolanahi ere, Nahitaezko Erreserba Funtsak kooperatibaren sozietate-kapitalaren ehuneko berrogeita hamarra gainditzen badu, galerak konpentsatzeko erabili ahal izango da portzentaje horretatik gorako zenbatekoa.
Nahitaezko eta borondatezko funtsekin konpentsatzen ez den zenbatekoa bazkideei egotziko zaie. Zer eragiketa, zerbitzu edo jarduera egin duen bazkide bakoitzak kooperatibarekin, proportzio berean egotziko zaio zenbatekoa. Egindako zerbitzu edo eragiketa horiek bazkide bakoitzak gutxienez egin behar dituenak baino gutxiago badira, aipatutako galera horiek ere proportzionalki egotziko dira nahitaez egin beharreko gutxieneko jarduera kooperatibizatuaren arabera.
Bazkide bakoitzari egotzi beharreko galera horiek batzar orokorrak erabakitzen duenaren arabera kitatuko dira, era hauetakoren batean:
Zuzenean edo bazkideak sozietate-kapitalari egiten dizkion ekarpenetatik kenduta, edo, hala badagokio, bazkideak kooperatiban egiten duen edozein finantza-inbertsiotatik kenduta, baldin eta inbertsio horrek egozpen hori onartzen badu; betiere, galera sortu eta hurrengo ekitaldiaren barruan.
Bazkideak hurrengo bost urteetan izan ahal dituen itzulkinen kontura. Konpentsatu gabeko galerarik geratzen bada, urtebeteko epean, gutxienez ere, kitatu beharko ditu bazkideak.
Galerak kontu berezi bati egotzi ahal izango zaizkio, etorkizuneko irabazien kontura amortizatzeko. Bost urtekoa izango da, gehienez ere, galerak horrela amortizatzeko epea. Epe hori igaro eta galerarik geratzen bada konpentsatu barik, artikulu honetako 1. ataleko a), b) eta c) letretan ezarritakoaren arabera konpentsatuko dira; azken kasuan, urtebeteko epean, gehienez jota.
Aurreko zenbakietan adierazitako epe horiek guztiak igaro eta galerarik geratzen bada konpentsatu gabe, batzar orokorrak erabakitako ekarpen berriekin kitatu beharko dira, edo kooperatibako bazkide izaten jarraitzeko egin beharreko ekarpen berriekin, eta bazkideari baja emango zaio, baldin eta haren ekarpenak estatutuetan ezarritako gutxiengora heltzen ez badira eta ekarpen berririk egiten ez badu. Hori guztia gorabehera, kooperatibak konkurtsoa bultzatu beharko du, konkurtso-legearen arabera.
Kooperatibek antolatuta eta eguneratuta izan beharko dituzte liburu hauek:
Bazkideen erregistroa.
Sozietate-kapitalari egiten zaizkion ekarpenen erregistroa.
Akta-liburua: batzar orokorrarena, artezkaritza-kontseiluarena eta, hala badagokio, zaintza-batzordearena, errekurtso-batzordearena eta prestatze-biltzarrena.
Inbentario- eta balantze-liburua eta eguneko liburua.
Lege-xedapenek eskatzen dituzten beste guztiak.
Liburuek eta kontu-erregistroek koadernatuta eta orrialdekatuta egon beharko dute.
Baliozkoak dira, halaber, nahitaezko liburuak egiteko prozedura informatiko edo elektronikoen bidez egiten diren idazpenak eta idatzoharrak.
Liburu horiek, euskarri elektronikoan edo paperean eginak, Euskadiko Kooperatiben Erregistroak legeztatuko ditu, sei hilabeteko epean, ekitaldia ixten denetik aurrera kontaturik.
c apartatuan adierazten diren liburuak legeztatzen ez diren bitartean, akten kopia erkatua bidali beharko zaio Euskadiko Kooperatiben Erregistroari, hilabeteko epean, akta horiek onartu zirenetik aurrera kontaturik.
Kooperatibek kontabilitate ordenatua eraman behar dute, nork bere jarduerari egokitua merkataritza-legeriaren arabera, salbu eta espezifikoki erregulatzen bada haientzat; kontabilitate horrek, bestalde, errespetatu behar ditu kooperatibaren araubide ekonomikoaren berezitasunak.
Ekitaldia ixtean, administratzaileek kooperatibaren urteko kontuak formulatu beharko dituzte, hiru hilabeteko epean, gehienez ere, sozietatearen ekitaldia ixten denetik aurrera kontaturik eta bat etorrita aplikagarri zaion informazio finantzarioari buruzko araudi-esparruarekin. Kontuetan, jaso beharko dituzte balantzea, irabazi-galeren kontua, memoria eta, hala badagokio, ondare garbian izandako aldaketen egoera eta efektibo-fluxuen egoera.
Administratzaileek kudeaketa-txostena ere aurkeztuko dute ekitaldiko kontuekin batera, merkataritza-legeriari jarraituz, eta, hala dagokionean, informazio ez-finantzarioaren egoera kudeaketa-txostenaren barruan edo beste txosten batean jasota.
Administratzaileek urteko kontuak aurkeztu beharko dituzte Euskadiko Kooperatiben Erregistroan gordailutzeko, hilabeteko epean, kontuak onartzen direnetik aurrera kontaturik. Behar izanez gero, kudeaketa-txostena eta kontu-auditoreena ere aurkeztu beharko dituzte. Administratzaile guztiek sinatu beharko dituzte urteko kontu horiek eta kudeaketa-txostena; baten baten sinadura falta bada, espresuki adieraziko da zergatik.
Kooperatibek kanpo-auditoretza baten mende jarriko dituzte, Kontu Auditoretzari buruzko Legean eta lege hori garatzen duten arauetan ezarritako baldintzetan, kooperatiben urteko kontuak eta ekitaldiko kudeaketa-txostena honako egoeraren bat gertatzen denean:
Gainditzen direnean erregelamenduz finkatutako mugak, honako hauei dagozkienak gutxienez: negozio kopurua, balantzearen araberako aktiboaren zenbateko osoa eta enpleguen batez besteko kopurua, aipaturiko legearen edo hura garatzeko arauen aplikazioaren ondoriozkoak.
Hala eskatzen duenean batzar orokorraren deialdia egiteko eskatzen den gutxieneko bazkide kopuru berak, betiere hori eskatzen dutenek aurre egiten badiete auditoretzak dakartzan gastuei, hargatik eragotzi gabe gastuon zenbatekoak itzultzea funtseko akatsik edo irregulartasunik antzematen bada kontabilitatean.
Estatutuek xedatzen dutenean, edo hala erabakitzen duenean batzar orokorrak edo artezkaritza-kontseiluak edo zaintza-batzordeak.
Batzar orokorrak izendatuko ditu kontu-auditoreak. Nolanahi ere, batzar orokorrak egokiro izendatzen ez baditu edo izendatutako pertsonek ezin badituzte beren funtzioak bete, administratzaileek izendatu ahalko dituzte auditoreak, eta horren berri emango diote batzar orokorrari hark egiten duen lehenengo bilkuran.
Baldin eta, Kontu Auditoretzari buruzko Legeak xedatutakoa edo haren garapen-arauak betetzeko, kooperatibek beren urteko kontuen kanpoko auditoretza egin behar badute, kooperatibek, administratzaileek erabakita, legelari aholkulari bat izendatu beharko dute.
Legelari aholkulariak irizpen bat eman eta sinatuko du, non adieraziko baitu ea zuzenbidearen araberakoak diren ala ez batzar orokorrak edo artekaritza-kontseiluak hartutako erabakiak, Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatzekoak direnak.
Erabaki horien ziurtagirietan, jasota geratuko da akta-liburuan azaltzen direla legelari aholkulariaren irizpenaz emandako erabaki horiek.
Zabarkeria profesionalik izanez gero, legelari aholkulariak arlo zibiletik erantzun beharko du kooperatibaren aurrean, haren bazkideen aurrean eta hirugarren ez-bazkideen aurrean.
Legelari aholkularia ezin daiteke izan, bateraezinak baitira haien funtzioak, ez zuzendari kudeatzaile, ez administratzaile, ez errekurtso-batzordeko kide, ezta zaintza-batzordeko kide ere.
Kooperatibaren eta legelari aholkulariaren arteko harremana izan daiteke zerbitzu-errentamendukoa (langile profesional gisa, lan-kontratupekoa) edo sozietate-harremana (kooperatibako bazkide langile gisa edo lan-bazkide gisa).
Abokaturik izanez gero, zerbitzu hori kooperatiben batasunek edo federazioek eta beste kooperatiba batzuek eman ahal izango dute, eta abokatuek izango dute irizpena exekutatzeko erantzukizun profesionala. Abokatu horien eta aipaturiko entitateen arteko harremanak ez badira profesional liberal gisa emandako zerbitzu-errentamendukoak, entitate horiek arlo zibiletik erantzungo dute, abokatuarekin batera, legelari aholkulari kargua egikaritzean kooperatibari sortutako kalteengatik.
Batzar orokorrak erabakiko ditu sozietatearen estatutuetan egiten diren aldaketa guztiak; horretarako, baina, honako baldintza hauek bete beharko dira:
Proposamenaren egileek txosten idatzi bat aurkeztea, adieraziko duena zergatik egin behar diren aldaketak.
Deialdian argi eta garbi adieraztea zer puntu aldatu behar diren.
Deialdian espresuki azaltzea bazkide guztiek eskubidea dutela sozietatearen egoitzan aztertzeko proposaturiko aldaketaren testu osoa eta hura justifikatzen duen azalpen-txostena, eta dokumentu horiek eskatzeko edo etxean dohainik jasotzeko.
Eskritura publikoan idatziko da aipaturiko erabaki hori, eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatuko.
Horrez gain, sozietatearen izena, egoitza edo helburua aldatzea erabakitzen bada, sozietatearen egoitza dagoen lurralde historikoan zabalkunde handia duen egunkari batean iragarriko da erabakia inskribatu baino lehen.
Kooperatiba mota edo kooperatibaren helburu soziala nabarmenki aldatzea erabakitzen bada, bazkideek kooperatibatik alde egiteko eskubidea izango dute baldin eta proposamenaren kontrako botoa eman badute edo, batzarrera joan ez arren, administratzaileei idazki bidez zuzentzen badiete beren desadostasuna, berrogei eguneko epean, erabakia Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatzen denetik aurrera kontaturik. Horrelakoetan, bidezkotzat joko da baja.
Estatutuek besterik xedatu ezean, ez da batzar orokorraren erabakirik beharko udalerri berean egoitza sozialaz aldatzeko. Administratzaileek berek erabaki dezakete hori; eskritura publikoan jaso beharko dute, eta, gero, eskritura publiko hori Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatu.
Kooperatibek bat egin ahal izango dute, dela kooperatiba batzuk batu eta beste berri bat sortuta, dela sorturik dagoen kooperatiba batek beste bat edo batzuk bereganatuta.
Kooperatiba berri batean bat egiten duten kooperatibak edo beste kooperatiba batek bereganatzen dituen kooperatibak desegingo dira, baina ez dira likidatuko. Haien sozietate-ondareak, denak batera, eskualdatuko zaizkio kooperatiba berriari edo kooperatiba bereganatzaileari, zeinek bereganatuko baitituzte azkentzen diren kooperatiben eskubideak eta betebeharrak. Era berean, kooperatiba berrian edo bereganatzailean sartuko dira bat-egitearen ondorioz azkendutako kooperatibetako bazkideak.
Kooperatiba berria edo kooperatiba bereganatzailea jabetuko da bat-egitearen ondorioz azkentzen diren kooperatiben nahitaezko funts guztiez.
Bat-egitean parte hartzen duten kooperatiben administratzaileek bat-egiteari buruzko proiektu bat idatzi beharko dute, eta aurretiazko hitzarmen gisa sinatu.
Bat-egiteari buruzko proiektuak honako aipamen hauek jasoko ditu gutxienez:
Zein den bat-egitearen proiektuan parte hartzen duten kooperatiben izena, mota eta egoitza, eta, halakorik erabakita badago, kooperatiba sortu berriaren izena, mota eta egoitza; Euskadiko Kooperatiben Erregistroko inskripzioa identifikatzen duten datuak ere jaso beharko dira.
Zer sistema erabiliko den zehazteko ea zer partaidetza-zati dagokion azkentzen diren kooperatibetako bazkide bakoitzari, kooperatiba-kapitalari egindako ekarpen modura, kooperatiba berrian edo bereganatzailean; horretarako, kontuan hartuko dira borondatezko erreserba banagarriak, halakorik badago.
Zer eskubide eta betebehar onartzen zaizkien azkendutako kooperatibako bazkideei kooperatiba berrian edo kooperatiba bereganatzailean.
Zer egunetatik aurrera ulertuko da kooperatiba berriak edo kooperatiba bereganatzaileak eginak direla, kontabilitate-ondorioetarako, azkendutako kooperatiben eragiketak.
Zer eskubide izango dituzten azkendutako kooperatiben partaidetza berezien titularrek edo partaidetza-tituluen eta antzeko beste titulu batzuen jabeek kooperatiba berrian edo kooperatiba bereganatzailean.
Bat egiteko proiektua onartuta, bat egiten duten kooperatiben administratzaileek ez dute egingo proiektua onartzea oztopa dezakeen ezein egintzarik edo kontraturik, ezta azkendutako kooperatiben bazkideek kooperatiba berrian edo kooperatiba bereganatzailean duten partaidetzaren proportzioa nabarmen alda dezakeen egintzarik edo kontraturik ere.
Proiektua bertan behera geratuko da baldin eta hura onartu eta sei hilabetera onartzen ez badute prozesuan parte hartzen duten kooperatiba guztiek.
Bat-egitea onartu behar duen batzar orokorreko deialdia egitean, honako dokumentu hauek jarri beharko dira bazkideen eskura sozietatearen egoitzan:
Bat-egitearen proiektua.
Bat-egitearen onurak eta ondorioak azaltzen dituzten txostenak, kooperatiba bakoitzaren administratzaileek idatziak.
Bat-egitean parte hartzen duten kooperatiben urteko kontuak, azken hiru ekitaldietakoak, eta, hala badagokio, kudeaketa-txostenak eta kontu-auditoreenak.
Kooperatiba bakoitzaren bat-egitearen balantzea, onartu den azken urteko balantzeaz bestelakoa baldin bada balantze hori. Azken urtean onartutako balantzea jo ahal izango da bat-egitearen balantzetzat, baldin eta bat-egitearen onarpenaren aurreko sei hilabeteren barruan itxi bada.
Kooperatiba berriaren estatutu-proiektua edo kooperatiba bereganatzailearen estatutuetan sartu beharreko aldaketak jasotzen dituen testu osoa.
Bat-egitean parte hartzen duten kooperatiba guztietan indarrean dauden estatutuak.
Bat-egitean parte hartzen duten sozietateetako administratzaileen izen-abizenak eta adina, pertsona fisikoak badira, edo izena edo izen soziala, pertsona juridikoak badira, eta, batean zein bestean, nazionalitatea eta helbidea, eta noiztik dauden kargu horietan, eta, hala badagokio, bat-egitearen ondorioz administratzaile proposatuko diren pertsonen datu berberak.
Bat-egitean parte hartzen duten kooperatiba guztietako batzar orokorrek hartu beharko dute bat-egiteari buruzko erabakia, bat-egiteari buruzko proiektuarekin bat etorriz.
Estatutuak aldatzeko legeetan eta estatutuetan bertan ezarrita dauden arauak aintzat harturik, batzar orokorra egiteko deialdian azaldu beharko da bat-egitearen proiektua gordailutu dela Euskadiko Kooperatiben Erregistroan, eta bazkide guztiek eskubidea dutela sozietatearen egoitzan aztertzeko aurreko artikuluan adierazitako dokumentu guztiak, baita dokumentu horien testu osoa eman edo doan helaraz diezaieten ere.
Bat-egitearen erabakia 38.2 artikuluan xedatutako gehiengoak onartu beharko du, eta erabaki horrek ezin izango du aldatu lehendik hitzartuta dagoen bat-egitearen proiektua.
Bat-egitearen erabakiak kooperatiba berri bat sortzeko legez exijitzen diren aipamenak bildu beharko ditu; kooperatiba bereganatzailearen kasuan, berriz, estatutuetan egin behar diren aldaketak bildu beharko ditu erabakiak.
Prozesu horretan parte hartzen duten kooperatibetako batzar orokorrek proiektua onartuz gero, kooperatiba horiek behartuta egongo dira bat-egitearen prozedurarekin jarraitzeko.
Bat-egitea erabaki ondoren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da erabakia, baita bat-egitean parte hartu duen kooperatibetako bakoitzak helbide soziala duen lurralde historikoan zabalkunde handia duten bi egunkaritan ere.
Bat-egitean parte hartzen duten kooperatibetako bazkide guztiek eskubidea izango dute kooperatiba uzteko baldin eta bat-egitearen kontrako botoa eman badute edo, batzarrera joan ez arren, bat-egitearen kontra azaltzen badira eta desadostasun horren berri ematen badiete administratzaileei, idazki bidez, berrogei eguneko epean, bat-egiteari buruzko azken iragarkia argitaratzen denetik aurrera kontaturik.
Eskubide hori baliatuz gero, bidezkotzat joko da bazkidearen baja. Kooperatiba berriaren edo bereganatzailearen betebeharra izango da bat-egitearen ondorioz azkentzen diren kooperatibetako bazkideei ekarpenak itzultzea.
Kooperatibek bat egiteko, hilabete igaro beharko da 83.6 artikuluan xedatutako azken iragarkia jartzen denetik aurrera kontaturik. Epealdi horretan, bat-egitean parte hartzen duten kooperatibetakoren baten hartzekodunak idatziz azaltzen badira bat-egitearen kontra, kooperatibak ezin izango dira batu harik eta erabat kitatu arte hartzekodun horiekin dituzten kredituak, edo zorrak dituen sozietateak edo bat-egitearen ondorioz sortzen den kooperatibak nahikoa berme eskaini arte.
Hartzekodunek ezingo diote aurka egin ordainketari, nahiz eta epeak amaitu gabe egon.
Bat-egiteari buruzko erabakiaren iragarkian, espresuki aipatu beharko da hartzekodunek aurka egiteko eskubidea dutela.
Eskritura publiko bakar batean formalizatuko dira bat-egiteari buruzko erabakiak, eta eskritura horretan azalduko dira: batetik, bat-egitearen erabakia, batzen diren kooperatiben batzar orokorrek hartzen dutena, eta, bestetik, azkentzen diren kooperatiben bat-egitearen balantzeak.
Kooperatibek bat egitearen ondorioz kooperatiba berri bat sortuz gero, legez sortzeko aurreikusten diren aipamenak ere jaso beharko dira eskrituran. Kooperatiba batek beste bat bereganatuz gero, kooperatiba bereganatzaileak zer aldatzen duen estatutuetan, aldaketa horiek jaso beharko dituzte eskriturek.
Bat-egitea eraginkorra izan dadin, ezinbestekoa izango da kooperatiba berria inskribatzea, edo, bereganatze-prozesu bat izan bada, kooperatiba bereganatu dela inskribatzea. Bat-egitearen ondoriozko sortze berriaren edo bereganatzearen gaineko eskritura Euskadiko Kooperatiben Erregistroan behin inskribatuta, deuseztatuko dira azkentzen diren kooperatiben erregistro-idazpenak.
Lege-aginduren batek espresuki debekatu ezean, kooperatibek bat egin ahal izango dute sozietate zibilekin, merkataritza-sozietateekin edo bestelako entitateekin, kooperatibak entitate edo sozietate horiek bereganatuz edo sozietate berri bat sortuz. Bestelako entitate batek kooperatiba bat bereganatuta bat egiten duen kasuan, lege honen 89.4 artikuluan transformazioari buruz erregulatutakoa aplikatuko da, artikulu horretan aipatzen diren funtsei dagokienez.
Horrelako bat-egiteetan, bat egiten duten sozietateen arauak aplikatu beharko dira.
Aurreko zenbakian ezarritakoa beteko da nekazaritzako eta elikagaien kooperatibek eta eraldaketako nekazaritza-sozietateek bat egiteko.
Honela zatitu daitezke kooperatibak:
Azkenduta, aurretiko likidaziorik gabe, kooperatibaren bazkideak banatuz eta ondarea bitan edo zati gehiagotan zatituz; ondare-zatiak denak batera eskualdatzen dira beste kooperatiba edo entitate ez-kooperatibo sortu berri batera edo batzuetara, edo denak batera bereganatzen dituzte dagoeneko existitzen den beste kooperatiba edo entitate ez-kooperatibo batek edo batzuek; bazkideak kooperatiba edo entitate ez-kooperatibo hauei atxikitzen zaizkie.
Kooperatibaren ondarearen zati bat edo batzuk eta bazkideak bereizita, kooperatiba azkendu gabe, bereizitakoa dena batera eskualdatuz eta bazkideak atxikiz kooperatiba edo entitate berri bati edo batzuei edo jada existitzen den bati edo batzuei.
Kooperatibaren ondarearen zati bat edo batzuk bereizita, kooperatiba azkendu gabe, bereizitakoa dena batera eskualdatuz kooperatiba edo entitate ez-kooperatibo berri bati edo batzuei edo jada existitzen den bati edo batzuei.
Parte hartzen duten entitateen administratzaileek hitzartutako zatitze-proiektuak proposamen bat jaso beharko du, zehazten duena zein ondare-zati eta, hala badagokio, zenbat bazkide eskualdatuko diren entitate bereganatzaileetara edo prozesu horren ondorioz sortzen diren entitateetara.
Entitate onuradun batek ez badu betetzen zatiketaren ondorioz hartu duen betebeharren bat, gainerako entitate onuradunek izango dute horren gaineko erantzukizun solidarioa, horietatik bakoitzari zatiketan egotzi zaion aktibo garbiaren zenbatekoraino. Zatitutako sozietatea zatitzearen ondorioz desagertzen ez bada, zatitutako sozietateak berak izango du betebehar guztiaren erantzukizuna.
Kooperatibek bat egiteko aplikatzen diren arau berak aplikatuko dira haiek zatitzeko, aurreko zenbakietan azaltzen diren salbuespenekin; kooperatibak zatitzeko prozeduran parte hartzen duten kooperatibetako bazkide eta hartzekodunek kooperatibek bat egitean izaten dituzten eskubide berak baliatu ahal izango dituzte.
Kooperatibaren ondarea edo bazkideak bereizten direnean kooperatiba ez den entitate baten alde, eta, gainera, zatitzearen ondorioz erabat edo partzialki eskualdatzen badira lege honen 89.4 artikuluan transformaziorako aipatzen diren funtsak, kooperatibaren balantzearen pasiboan erregistratuak izan direnak, artikulu horretan xedatutako erregelak aplikatuko dira.
Kooperatibak transformatu, eta sozietate zibil edo merkataritza-sozietate bihur daitezke, betiere betekizun hauek betetzen badira:
Kooperatiben sistema juridikoan, administratzaileen ustez, ezin gauzatuzkoak diren sozietate-konponbideak exijitzen dituzten enpresa-beharrengatik bakarrik egin ahal izango da transformazioa. Hartara, administratzaileek horri buruzko txosten bat egin beharko dute, transformazioaren eskritura publikoari erantsiko zaiona eta zeinaren berri emango zaion, ondorengo b) letran aipatzen den erabakia hartu baino lehenago, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari.
Batzar orokorraren erabakia beharko da, berariazkoa eta aldekoa. Hori erabakitzeko, estatutuak aldatzeko dauden betekizun berak bete beharko dira.
Batzarraren erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baita kooperatibak egoitza duen lurralde historikoko hedapen handiko bi egunkaritan ere.
Transformazioaren eskritura publikoak hautatzen den sozietate mota sortzeko legez eta arauz aurreikusten diren aipamen guztiak bilduko ditu, eta lege honetan ezarritako guztia errespetatu beharko du. Eskritura horri, behar izanez gero, aditu independenteek sozietate-ondare ez-diruzkoari buruz egiten duten txostena erantsiko zaio, merkataritza-legeriak aurreikusten duena.
Eskritura publiko hori, lehenengo Euskadiko Kooperatiben Erregistroan aurkeztu beharko da, dagokion baja inskribatzeko; gero, hala badagokio, merkataritza-erregistroan edo erregistro eskudunean ere aurkeztu beharko da, entitateak hartzen duen forma hartzen duela, haren lehenengo inskripzioa egiteko. Eskriturarekin batera, balantzea aurkeztu beharko da, transformazio-erabakia hartu zen egunaren bezperan itxia; bestela, azken ekitaldia amaitzerakoan itxitako balantzea, baldin eta sei hilabete baino gehiago igaro ez badira azken ekitaldia itxi zenetik eta hura sozietatearen egoitzan aurkeztu bazen eta bazkideek aztertzeko moduan jarri bazen batzar orokorreko deialdia egin zen egun beretik aurrera.
Kooperatibaren transformazioa ezin izango da inskribatu harik eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroan egiaztatzen den arte ezen bete dela hurrengo 4. paragrafoan erregulatutakoa lege honen 98.2.d) artikuluan xedatutakoari dagokionez.
Halaber, zerrenda batean jasoko da zein bazkidek egikaritu duen kooperatiba uzteko eskubidea, zer kapital ordezkatzen duten bazkide horiek, eta zein den azken balantzea, administratzaileek egina eta eskritura egilesten den egunaren bezperan itxia.
Kooperatiba transformatu arren, ez da aldatuko haren nortasun juridikoa, sozietate berriak nortasun juridiko berari eutsiko baitio.
Bazkideek kooperatiba uzteko eskubidea izango dute, baldin eta batzarrean ezezko botoa eman badute edo, batzarrean azaldu ez arren, bat ez badatoz eta hori adierazten badiete administratzaileei, idazki bidez, berrogei eguneko epean, erabakiaren azken iragarkia argitaratzen denetik aurrera kontaturik. Bazkide horiek eskubidea izango dute kapitalari egindako ekarpenak itzul dakizkien, transformatze-erabakiaren egunetik estatutuek zehazten duten egunera bitartean edo batzarrak erabakitzen duen epean, baina 66. artikuluan aurreikusitako epea luzatu gabe. Atzeratutako diru kopuruengatik dagozkien legezko interesak ere jasoko dituzte.
Nahitaezko Erreserba Funtsaren dotazioen balioa eta, hala badagokio, borondatezko erreserba-funtsak, estatutuetan izaera banaezina dutenak eta batzar orokorrak izaera horrekin erabaki dituenak, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren esku jarriko dira. Nolanahi ere, ez dira Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren esku jarriko aplikazio eta helmuga zehatz bat ezarri zaizkien borondatezko erreserba-funtsak.
Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren esku jarri beharreko funtsen balioa kalkulatzeko, haien balio nominaletik kendu beharko dira batzar orokorrak onartutako transformazio-balantzearen arabera konpentsatzeko dauden galerak.
Nolanahi ere, aplikatu beharreko legeriaren arabera aditu independente baten txostena aurkeztu behar bada eta sozietate berriaren balantzean aktiboek izandako minusbalioa erregistratu behar bada, minusbalio hori Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren esku jarritako funtsen balioari aplikatuko zaio, funts horiek ondare garbi osoaren gainean duten proportzioaren arabera.
Estatutuetan aurreikusitako xedeetarako erabiliko da kooperatiba-heziketa eta -sustapenerako eta interes publikoko beste helburu batzuetarako ekarpena, eta, halakorik ezean, lege honen 98.2.a) artikuluan kooperatibaren likidazio-kasurako ezartzen den xederako.
Kooperatiba transformatzea onartzerakoan, batzar orokorrak aukera izango du entitate berri horren partaidetza ekonomiko bihurtzeko kapital sozialari egindako ekarpenak, bazkide bakoitzak kooperatiban jarri zuen kapitalaren araberako proportzio zuzenean, kooperatiban zuen boto-eskubidearen araberako proportzioan, edo bi irizpide horiek konbinaturik.
Lege-aginduren batek espresuki debekatu ezean, sozietate zibilak, merkataritza-sozietateak, elkarteak, taldeak edo kooperatiba ez diren bestelako entitate motak lege honetan erregulatzen diren kooperatiba motetako batean transformatu ahal izango dira.
Batzar orokorrak erabakiko du kooperatibatan transformatu daitekeen ala ez; bestela, sozietatearen borondatea adierazten duen sistema baliokide baten bidez erabakiko da, aplikatu beharreko legeriak ezarritako gehiengoarekin. Kooperatiba bihurtutakoaren nortasun juridikoak bere hartan jarraituko du, eta hala adieraziko da eskritura publikoan, non ezinbestez jasoko baitira kooperatiba bat sortzeko lege honetan aurreikusten diren aipamen guztiak.
Transformazioaren eskritura publikoa inskribatzeko, merkataritza-erregistroan aurkeztuko da, eta, hala badagokio, sozietate-ondare ez-diruzkoari buruz aditu independenteek egindako txostena erantsiko zaio. Eskritura hori, hala badagokio, bidezko diren beste erregistro guztietan ere aurkeztuko da; nolanahi ere, beti aurkeztu beharko da Euskadiko Kooperatiben Erregistroan, transformazio-erabakiaren egunaren bezperan itxitako balantzearekin batera.
Kooperatiba bihurtzeak ez du aldatzen transformatutako entitateko bazkideek lehendik zuten erantzukizun-araubidea, kooperatiba bihurtu aurretik sozietateak zituen zorren ondorioa dena, salbu eta hartzekodunek espresuki onartzen dutenean transformazio hori.
Honako hauek dira kooperatibak desegiteko arrazoiak:
Estatutuetan finkatutako epemuga betetzea.
Sozietatearen helburua betetzea, edo argi eta garbi ikustea ezin dela hura bete.
Bi urtetan jarraian, sozietatearen organoak geldirik edo jarduerarik gabe geratzea, edo, arrazoirik gabe, kooperatiba-jarduera etetea.
Kooperatiba sortzeko legez eskatzen den gutxienekotik behera murriztea bazkide kopurua, baldin eta murrizketa horrek hamabi hilabete baino gehiago irauten badu.
Estatutuetan ezartzen den gutxienekotik behera murriztea sozietatearen kapitala, baldin eta hamabi hilabete edo gehiago irauten badu murrizketa horrek.
Kooperatiben bat-egitea edo erabateko zatiketa.
Kooperatibaren likidazio-fasea irekitzea konkurtso-prozeduran.
Batzar orokorrak desegiteko erabakia hartzea, 38.2 artikuluan ezarritako gehiengoaren erabakiz.
Legeetan edo sozietatearen estatutuetan ezarritako beste edozein arrazoi.
Finkaturiko aldia amaitzeak erabateko ondorioak izango ditu, salbu eta batzar orokorrak espresuki luzatzen badu epe hori 38.2 artikuluko gehiengoaren bidez, eta luzapen hori Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatzen bada. Epealdia luzatzea erabakitzen bada, horrek bide emango du bazkidearen baja bidezkotzat jotzeko, baldin eta hark kooperatiba uztea erabakitzen badu, eskubide hori onartuko baitzaio bazkideari 78.4 artikuluan xedatutako moduan.
Kooperatibak bestelako arrazoi batengatik desegiteko, ezinbestekoa izango da batzar orokorraren erabakia, ohiko gehiengoaren bidez hartua, salbu eta aurreko artikuluko 6. eta 8. ataletan aurreikusitako kasuetan. Halakoetan, administratzaileek batzar orokorreko deialdia egin beharko dute bi hilabeteren epean. Zaintza-batzordeak edo edozein bazkidek eskatu ahal izango die administratzaileei deialdia egin dezatela.
Administratzaileek eskatu beharko dute kooperatiba judizialki desegiteko, baldin eta batzar-deirik egiten ez bada, batzarrik egiten ez bada estatutuetan ezarritako epean edo, batzarra egin arren, ezin bada desegiteko erabaki, edo kooperatiba ez desegitea erabakitzen bada. Halakoetan, edozein interesdunek ere eskatu ahal izango du kooperatiba judizialki desegiteko. Nolanahi ere, interesdunak izango dira: Eusko Jaurlaritzan lan-eskumena duen saila, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua, kooperatiben ordezkaritzarik handiena duten federazioak eta, hala badagokio, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa.
Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatu beharko da desegiteko erabakia edo desegitea deklaratzen duen ebazpen judiziala, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da, baita sozietatearen egoitza dagoen lurralde historikoko zabalkunde handiko egunkari batean ere.
Desegindako kooperatiba berriro jarri ahal izango da jardunean, desegiteko arrazoia desagertzen baldin bada eta bazkideen ekarpenak itzultzen hasi ez bada.
Horretarako, beharrezkoa izango da batzar orokorraren erabakia, 38.2 artikuluan aurreikusitako gehiengoaren bitartez hartua. Erabaki horrek ez du ondorerik sortuko harik eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatu arte.
Konkurtso-prozeduren kasuan, eta likidazio-fasea hasi bada, hitzarmen bat sinatu behar da hartzekodunekin kooperatiba berriro jartzeko jardunean.
Behin kooperatiba desegin ondoren, likidazioaldia irekiko da, bat-egiteetan edo erabateko zatitzeetan izan ezik. Kooperatibak bere nortasun juridikoari eutsiko dio, baina «likidazioaldian» hitza gehituko dio bere izenari aldi horretan.
Likidazioaldian, batzar orokorren araubidearen gaineko lege- eta estatutu-arauak beteko dira. Administratzaileek egingo dituzte batzar orokorren deialdiak, eta batzarburu jardungo dute batzarretan; batzar horietan, likidazioaren berri eman beharko dute, interes erkideari komeni zaiona erabakitzeko.
Batzar orokorrak likidatzaile bat edo gehiago hautatuko ditu, ahal bada kooperatibako bazkideen artetik, beti kopuru bakoitietan. Bidezko arrazoia adieraziz bazkideetako inork ez badu nahi likidatzaile izan, kooperatibako bazkide ez diren pertsona fisiko edo juridikoen artean izendatu beharko da. Likidatzaileei ordaindu ahal izango zaie.
Izendapenak ez du ondorerik sortuko hirugarren ez-bazkideen aurrean Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatu arte.
Kooperatiba desegin eta bi hilabeteren buruan inor ez bada likidatzaile izendatzen eta inork ez badu izendapen hori onartzen, administratzaileek sozietatearen egoitzako merkataritza-arloko epaitegiari eskatu beharko diote likidatzaileak izendatzeko, zeinak kooperatibako bazkide ez diren pertsonak izan ahalko baitira.
Era berean, edozein interesdunek ere egin ahal izango du eskaera hori, kontuan hartuta zer zehazten den 92.3 artikuluan.
Behin kooperatiba desegin eta gero, administratzaileek ordezkatze- eta kudeatze-lanetan jarraituko dute, baina kalteak saihesteko baino ez, eta likidatzaileak izendatu bezain pronto utziko dute kargua; bestalde, kooperatibaren inbentarioa eta balantzea sinatu beharko dute likidatzaileekin batera, likidazioa hasten den egunari egokitua eta likidatzaileak beren funtzioak betetzen hasi baino lehen.
Horrez gain, eta likidatzaileek argibiderik eskatzen badiete, administratzaileek informazio eta aurrekari guztien berri eman beharko diete likidazio-eragiketak egin ditzaten.
Likidatzaileak hainbat direnean, batzar orokorrak erabakiko zu zer araubide aplikatuko den.
Likidatzaileek ahalmena izango dute likidazio-eragiketa guztiak egiteko. Esleitzen zaizkien funtzioak betetzeko, kooperatiba ordezkatuko dute epaiketan eta epaiketatik kanpo, eta sozietatea obligatuko dute hirugarren ez-bazkideen aurrean, kooperatibaren administrazio-organoa obligatzen den modu berean.
Bereziki, eginkizun hauek izango dituzte:
Aurreko artikuluan aipatzen diren inbentarioa eta hasierako balantzea sinatzea.
Kooperatibaren liburu eta gutunak betetzea eta jagotea, eta ondareak osorik jarrai dezan zaintzea.
Gauzatzeke dauden eragiketak bukatzea, eta kooperatiba likidatzeko egin beharreko zeregin guztiak egitea.
Sozietatearen ondasunak besterentzea.
Gauzatzeke dauden kredituak erreklamatzea hirugarren ez-bazkideei edo bazkideei, eta kredituok jasotzea.
Sozietatearen interesek hala eskatzen dutenean, transakzioak eta arbitrajeak hitzartzea.
Hartzekodunei eta bazkideei ordaintzea eta kooperatibaren gerakinak transferitzea, 98. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Likidatzaileen funtzioak amaituko dira likidazioa erabat burutzen denean, batzar orokorrak izendapena errebokatzen duenean edo, botoen ehuneko hogei ordezkatzen duen bazkide-talde batek bidezko arrazoiengatik eskatuta, ebazpen judiziala ematen denean. Likidatzaileen erantzukizuna administratzaileena adinakoa izango da.
Likidazio-eragiketak fiskalizatzeko, bazkideen ehuneko hogeik sozietate-egoitzako merkataritza-arloko epaitegiari eskatu ahal izango dio kontu-hartzaile bat edo gehiago izendatzeko.
Likidatzen den ondarea handia denean, bazkide asko dagoenean edo likidazioa garrantzitsua denean beste edozein arrazoirengatik, Eusko Jaurlaritzan lan-arloko eskumena duen sailburuak pertsona bat edo gehiago izendatu ahal izango ditu, ofizioz edo interesdunen eskariz, likidazioan esku hartzeko eta legeak nahiz sozietatearen estatutuak betearazteko.
Likidatzaileen egintzek ez dute baliorik izango, baldin eta kontu-hartzaileek parte hartzen ez badute.
Sozietatearen ondasunak ezin izango dira ez adjudikatu ez banatu sozietatearen zorrak erabat kitatu arte, zorrok kontsignatu arte edo muga-egunera iritsi ez diren kredituak ordainduko direla ziurtatu arte.
Zor horiek kitatu ondoren, hurrenkera honetan adjudikatuko dira sozietatearen gainerako ondasunak:
Kooperatiba-heziketa eta -sustapenerako eta interes publikoko beste helburu batzuetarako ekarpena Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren esku jarriko da.
Bazkideek sozietatearen kapitalari egindako ekarpenak (hala badagokio, eguneratuak) bazkideei itzuliko zaizkie; lehenengo eta behin, borondatezkoak, eta gero, nahitaezkoak.
Bazkideek borondatezko erreserba-funtsetan duten partaidetza bazkideen artean banatuko da, hori egitea zilegi bada estatutuen arabera edo batzar orokorrak erabakitakoaren arabera, eta estatutuetan edo erabaki horretan ezarritako arauak beteta. Halako araurik ez badago, bazkide bakoitzak azken bost urteetan kooperatibarekin egin dituen eragiketa, zerbitzu edo jardueren proportzio berean banatuko da, edo, bost urtetik beherako kooperatiben kasuan, haiek sortu zirenetik hasita.
Nahitaezko Erreserba Funtsetik edo kooperatibaren ondasun likidotik geratzen dena: halakorik geratzen bada, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren esku jarriko da, salbu bigarren mailako edo maila handiagoko kooperatibetarako 150. artikuluan xedatzen dena.
Harik eta 60.1.b artikuluan aurreikusitako ekarpenak itzuli arte, bajan dauden titularrek eta kooperatibak itzulketa ukatu dien bazkideek sozietatearen ondasunen adjudikazioan parte hartuko dute, kooperatiba-heziketa eta sustapenerako eta interes publikoko beste helburu batzuetarako ekarpenaren ostean, eta, sozietate-estatutuek kontrakorik aurreikusi ezean, gainerako ekarpenak itzuli baino lehenago.
Sozietatearen zor guztiak kitatu ondoren, likidatzaileek kooperatibaren ondare-egoerari buruzko azken balantzea egingo dute, eta sozietatearen ondasunak banatzeko proiektua idatziko, aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera.
Azken balantzea eta sozietatearen ondasunak banatzeko proiektua batzar orokorrean aurkeztuko da, onartzeko, zaintza-batzordeak txostena egin eta gero, edo, hala badagokio, kontu-auditoreek eta -hartzaileek irizpena eman eta gero. Onarpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta sozietatearen egoitzako lurralde historikoan hedapen handia duen egunkari batean argitaratuko da, eta iragarkian jaso beharko da ezen erabaki horiei buruzko dokumentazioa sozietatearen egoitzan dagoela interesdunek eskura dezaten.
Iragarki hori argitaratuta, berrogei eguneko epea egongo da kaltetuta sentitzen diren bazkideek eta kredituak kitatuta edo bermatuta ikusi ez dituzten hartzekodunek erabakia aurkara dezaten, batzar orokorrak horretarako ezarritako prozeduraren arabera.
Ondoriozko aktiboa ezin izango da banatu aurkaratzeko epea igaro arte edo erreklamazioak epai irmoz ebatzi arte. Nolanahi ere, likidatzaileek ordainketak egin ahal izango dituzte sozietatearen ondasunen kontura, baldin eta, zenbatekoak direla-eta, erreklamazioen emaitzen pentzutan ez badaude.
100. artikulua. Erregistroa ezereztea.
Likidazioa amaitu eta sozietatearen ondasunak aurreko artikuluetan ezarritakoaren arabera banatu ostean, likidatzaileek Euskadiko Kooperatiben Erregistroari eskatuko diote kooperatibaren idazpenak ezerezteko, eta sozietatearen trafikoari lotutako merkataritza-liburuak, korrespondentzia, dokumentazioa eta ziurtagiriak gordailutuko dituzte, eskritura bidez, zeinari azken balantzea eta likidazio-eragiketak erantsiko baitzaizkio, salbu eta eskritura horretan likidatzaileek eginbeharra hartu dutenean liburu nahiz agiriak gordetzeko sei urteko epean, sozietatearen ezerezte-idazpenetik aurrera kontaturik, edo adierazi dutenean sozietateak ez duela halakorik.
Dokumentuak gordailutzekotan, euskarri elektronikoan edo baliabide elektronikoen bidez gordailutu ahal izango dira.
101. artikulua. Kooperatibaren konkurtsoa.
Kooperatibei konkurtso-legeria aplikatuko zaie, eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatu beharko dira erregistro-publizitateari buruz ematen diren ebazpen judizial guztiak.
1. ATALA
ARAU ERKIDEAK
102. artikulua. Sailkapena eta aplikatu beharreko araudia.
Kooperatibak sortzeko, oinarritzat hartu beharko dira kapitulu honetan arautzen diren kooperatiba motak. Nolanahi ere, bestelako kooperatibak ere eratu ahal izango dira, estatutu-bidez, baldin eta argi eta garbi zehazten bada zein den kooperatiba-jarduera eta kooperatiban parte hartu behar duten bazkideen posizio juridikoa. Kasu horretan, erregistroak eta interesdunek aplikatuko dituzte kooperatiba horiekiko analogia handiena duten entitateentzat legez xedatu diren arauak.
Hona zein den kooperatiba mota edo tipo bakoitzari legez ezartzen zaion muga bakarra: ezin izango da dagokion motako bigarren mailako entitaterik sortu, baldin eta bazkide kooperatzaile gehienak pertsona fisikoak izan behar badira nahitaez.
Kooperatiba bakoitzak, bestalde, bete beharko ditu, bai lege honetan bere burua sortzeko ezartzen diren printzipioak, bai dagokion motari aplikatu beharreko xedapen bereziak; dagokion atalean aurreikusten ez den guztirako, berriz, arau orokorrak bete beharko ditu.
2. ATALA
LAN ELKARTUKO KOOPERATIBAK
103. artikulua. Helburua eta arau orokorrak.
Lan elkartuko kooperatibak dira batez ere pertsona fisikoak elkartzen dituztenak lanaldi osoan edo partzialean edozein jarduera ekonomiko edo profesional egiteko, eta elkarrekin hirugarren ez-bazkideentzako ondasunak edo zerbitzuak ekoizteko.
Bazkide langileek sozietate-harremana izango dute kooperatibarekin.
Bazkide langile izateko, gai izan behar da nork bere lana legez kontratatzeko. Atzerritarrak ere bazkide langile izan daitezke, betiere Espainiako estatuan lan egiteko legeria espezifikoan xedatutakoaren arabera.
Bazkide langile izateari uzteak ekarriko du behin betiko uztea kooperatiban lan egiteari.
Lan elkartuko kooperatiben helburua da bazkideei enplegu bat ematea eta haiek lan egitea. Hala eta guztiz ere, kooperatibek besteren konturako kontratuak ere egin ahal izango dituzte, baina kontratu horiek inoiz ezin izango dute gainditu bazkide langileek urtean egiten dituzten orduen ehuneko hogeita hamarra. Enpresaren premia objektiboak direla-eta, portzentaje hori gainditu ahal izango da, baina hiru hilabetean baino ez. Epe hori luzatzeko, baimen arrazoitua eskatu beharko zaio Eusko Jaurlaritzan lan-arloko eskumena duen sailari. Sail horrek hamabost eguneko epean ebatzi beharko du, eta, isiltasuna gertatzen bada, baimena onartutzat joko da.
Portzentaje horretan ez dira zenbatuko:
Mendeko lan-zentroetan edo ataletan urtean egindako orduak, edo zentro edo atal osagarrietan eginak.
Nolanahi ere, mendeko lan-zentroan edo lan-zentro osagarrian egindako lantzat joko da kooperatibek kontratatutako besteren konturako langileek egiten dutena, epe mugatu bateko zerbitzuak emateko bezeroen edo onuradunen lokaletan eta Administrazio publikoarentzat. Halaber, era horretako lantzat joko dira kooperatibak obretan, muntaketa-lanetan edo jarduera laguntzaileetan egin behar dituen jarduerak, betiere jarduera horiek ez badira kooperatibaren helburu sozial nagusia, eta, jarduerak berak hala eskatuta, kooperatibako lokaletatik kanpo egin behar badira, eta, horrez gain, kooperatibarekin duten harremana ez bada, argi eta garbi, egonkorra eta iraupen mugagabekoa.
Legezko subrogazioaren ondorioz, kooperatibetan integratuta dauden besteren konturako langileek egiten duten lana, eta subrogazio horien mende dauden jardueretan hasten diren langileek egiten dutena.
Eszedentzian edo aldi baterako ezintasun-egoeretan edo amatasun-, adopzio- edo harrera-egoeretan dauden edo familia eta lana uztartu nahi duten bazkide langileen edo soldatapeko langileen ordezkapenak egiten dituzten langileek egiten duten lana.
Bazkide langile izateari esplizituki uko egiten dioten langileek egiten duten lana.
Kooperatibak aldi baterako laneko enpresa gisa jarduten duenean, enpresa erabiltzaileen esanetara jartzeko kontratatzen diren langileek egiten duten lana.
Enplegu eta prestakuntza-programetan prestakuntza, orientazio eta lan-bitartekaritzako kooperatibetako ikasleek egiten duten lana.
Praktika- eta prestakuntza-kontratuak dituzten langileek egiten duten lana.
Gutxienez ehuneko hogeita hamahiruko desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsoriala onartuta duten pertsonek egiten duten lana, salbu enplegu-zentro berezi modura kalifikatu eta onartu diren lan elkartuko kooperatibetan.
Kooperatibak Administrazioarekin edo nagusiki administrazio publikoen partaidetza duten enpresekin, partzuergoekin, fundazioekin eta gainerako entitateekin duen kontratuaren ondorioz lanean hasten diren langileek egiten duten lana.
Zenbaki honetan xedatutakoa gorabehera, zortzi bazkide langile baino gutxiago dituzten kooperatibek aukera izango dute gehienez ere bi langile enplegatzeko besteren konturako lan-kontratuaren bidez.
Estatutuetan finkatu ahal izango da zer prozedura bete behar den soldatapeko langileak bazkide izatera iristeko. Baldin eta artikulu honetan erregulatzen diren kooperatibek soldatapeko lanetarako ezarritako muga gainditzen badute, bazkide langile modura onartu beharko da epemugarik gabeko kontratua izan eta kooperatiban urtebete baino gehiagoko antzinatasuna duen langilea, probaldirik gabe, gainerako baldintza guztiak betetzen baditu eta hala eskatzen badu eskubide hori baliatzeko aukera duenetik eta hurrengo hamabi hilabeteetan.
Bazkide izateko aukera ezin baliatu dezaketen soldatapeko langileek, edo aukera hori baliatzea izan arte, kooperatibaren emaitzen partaidetza izango dute, emaitzak positiboak direnean, estatutuek definitu behar duten proportzioan, zeina inoiz ez den izango lanbide-maila bereko edo antzeko bazkideei onartutako kooperatiba-itzulkinaren ehuneko hogeita bost baino txikiagoa. Soldatapeko langilearen baja gertatzen denean, batzar orokorrak onartutako azken kontuak hartu ahal izango dira oinarritzat partaidetza hori kalkulatzeko. Irabazietako partaidetza horrek lege honetako 70.5 artikuluan adierazten den izaera izango du.
Lan egiteagatik, bazkide langileek eskubidea dute aldian-aldian hilabeteko epean, gehienez ere lan-aurrerakinak jasotzeko, zeinak ez baitira lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoak izango, urteko zenbatekotan.
Kooperatiba mota hauen lan-zentroek eta haien bazkideek lan-arriskuen prebentzioari buruzko arau orokorrak bete beharko dituzte.
Halaber, 18 urte beteta ez dituzten bazkide langileek lan-arloko legeriak 18 urtez azpiko langileentzat ezarritako mugak izango dituzte gaueko lanak egiteko edo lan osasungaitz, nekagarri, kaltegarri edo arriskutsuak egiteko.
Gizarte Segurantzaren ondorioetarako, besteren konturako langileekin edo langile autonomoekin parekatuko dira bazkide langileak. Estatutuek aukeratuko dute zein araubide aplikatuko den, bata ala bestea.
Lan elkartuko kooperatibek estatutuetan erabakitzen badute beren bazkide langileak kasuan kasuko araubide bereziko langile autonomoekin parekatzea, bat etorriz Gizarte Segurantzaren Lege orokorraren testu bateginaren 14. artikuluarekin urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartua, beren gain hartuko dute bazkideen kuotak eta obligazioak ordaintzeko betebeharra, haiek kooperatibetan eta zerbitzaldian dauden bitartean, betiere horrela jasota badaukate estatutuetan, hargatik eragotzi gabe Gizarte Segurantzari dagokion araubide nagusia bete beharra. Ordaindutako zenbatekoak ez dira aurrerakinaren parte izango, eta partida kengarritzat joko dira legearen 69. artikuluan definitutako soberakin garbia zehazteko orduan.
Kooperatiben uztailaren 16ko 27/1999 Legearen 86.2 artikuluaren arabera, lan elkartuko kooperatiba batek bertan behera uzten badu zerbitzu-kontrata edo administrazio-emakida bat berari egoztekoak ez diren arrazoiengatik eta beste enpresaburu bat egiten bada haren kargu, kontrata edo emakida horretan lanean jarduten diren bazkide langileen eskubideak eta betebeharrak izango dira kooperatiban besteren konturako langile gisa lan egin balute, indarrean den araudiaren arabera, izango zituzketen eskubide eta betebehar berberak.
Aurreko paragrafoan azaltzen den egoeran dauden langileek lehentasun-eskubidea izango dute, bost urtean, jatorrizko kooperatibara itzultzeko, baldin eta lanpostu berririk sortzen bada eta lanpostu berriak haien lanpostuak zuen eduki bera edo antzekoa badu.
104. artikulua. Probaldia.
Estatutuek probaldia ezar dezakete langile bat bazkide gisa hartzeko baldintzatzat.
Probaldia ez da sei hilabete baino gehiago luzatuko. Nolanahi ere, probaldia hamazortzi hilabetera arte luza daiteke administratzaileek edo batzar orokorrak, hala ezartzen bada espresuki estatutuetan finkatutako lanpostuak, lanbide-eskakizun bereziak dituztenak, betetzeko. Lanpostu horiek ezin izango dira izan kooperatibako lanpostu guztien ehuneko hogei baino gehiago.
Probaldian, bazkide langilegaiek bazkideek dituzten eskubide eta betebehar berak izango dituzte, berezitasun hauekin:
Nork bere kabuz ebatzi ahal izango du lan-harremana eten ala ez. Kooperatibako administratzaileek ere ahalmen bera izango dute.
Ezin izango dira hautagai izan sozietatearen organoetako karguak betetzeko.
Ez dute ez betebeharrik ez ahalmenik izango sozietatearen kapitalari ekarpenik egiteko, ezta sarrera-kuota ordaintzeko ere.
Ez diete eragingo probaldian zehar kooperatibak izan ditzakeen galerek, eta ez dute eskubiderik izango kooperatiba-itzulkinak jasotzeko, nahiz eta eskubidea duten irabazien portzentaje bat kobratzeko, soldatapekoei onartzen zaienaren adinakoa izango dena.
Ez da probaldirik ezarriko baldin eta langileak probaldia egin eta gainditua badu baina ez bada bazkide bezala sartu harremana ebatzi zenetik.
105. artikulua. Lan-araubidea.
Estatutuek edo barne-araubideko erregelamenduak ezarriko dute zein den bazkide langileen lan-araubideko oinarrizko esparrua; estatuturik edo erregelamendurik ez badago, batzar orokorrak ezarriko du oinarrizko esparru hori.
Araubide horretan erregulatu daitezke lanaren antolaketa, lanaldiak, asteko atsedenaldia, jaiegunak, oporrak, baimenak, lanpostuen sailkapena, mugigarritasun funtzionala eta geografikoa, eszedentziak, lan-harreman kooperatiboa eten edo azkentzeko arrazoiak eta, oro har, bazkide langileak egiten duen lanarekin zerikusia duten eskubide nahiz betebeharrei buruzko gaiak.
Edonola ere, kooperatibak berak zehaztutako lan-erregimenak, lan-baldintza duinak eta Lanaren Nazioarteko Erakundeak zehaztutako gutxieneko lan-estandarrak errespetatuko ditu.
106. artikulua. Diziplina-araubidea.
Estatutuek, barne-araubideko erregelamenduak edo, halakorik ezean, batzar orokorrak finkatuko dute zein den bazkide langileen diziplina-araubidearen oinarrizko esparrua.
Diziplina-araubidean erregulatuko dira lana egitean gerta daitezkeen faltak, zehapenak, zehapen-ahalmenak delegatuta dituzten organoak eta pertsonak, eta zehapen-prozedurak, izapideak, errekurtsoak eta epeak adierazita. Edonola ere, beti errespetatuko dira bazkide espedientatuen defentsa-bermeak, hau da, deskargu-orriak eta aurretiazko nahitaezko entzunaldiak baliatzeko aukerak eta, halaber, falta astunen eta oso astunen kasuan, errekurtsorik jarri bada, errekurtso-batzordeak edo, halakorik ez badago, batzar orokorrak, espedienteak berraztertzeko aukerak.
Administratzaileek baino ezin izango dute erabaki bazkide langileak kanporatzea; erabaki horren kontra, berriz, langileek errekurtsoa jarri ahal izango diote errekurtso-batzorderi edo, halakorik ez badago, batzar orokorrari, hamabost eguneko epean, erabakiaren jakinarazpena jasotzen duten egunetik aurrera kontaturik. Nahiz eta kanporatzeko erabaki horrek ez duen indarrik izango dagokion organoak berretsi arte edo errekurtsoa aurkezteko epea amaitu arte, kooperatibak enplegurik gabe utzi ahal izango du bazkide langilea, zeinak bere eskubidea gordeko baitu, behin-behinean, dagozkion lan-aurrerakinak lanean jarraituko balu bezala jasotzeko.
107. artikulua. Auziak.
Lan-arloko organo judizialek ebatziko dituzte lan elkartuko kooperatiben eta haien bazkide langileen artean sustatzen diren auziak, kooperatibako bazkide izatearren sortzen direnak. Ondorioz, merkataritza-arloko epaitegi eta auzitegien jurisdikzioaren mende geratuko dira auziak, baldin eta zerikusirik ez badute lotura soziolaboral berezi horrekin eta beste edozein kooperatibaren eta bazkideen arteko auzien antzekoak badira.
Ondorio horietarako, honako gai hauek baino ez dute zerikusia lankide-kooperatibaren eta haren bazkide langileen arteko ohiko harremanarekin:
Lan-aurrerakinak edo haien prestazio osagarriak edo ordezkoak jasotzea, halakorik eska daitekeen neurrian.
Diziplina soziolaboraleko arauak hausteagatik ezarritako zehapenen aurkako errekurtsoak, arrazoi berberagatik jarritako kanporatze-zehapenaren aurkako errekurtsoa barne.
Lan-eteteak eta eszedentziak.
Gizarte Segurantzari buruzko gaiak.
Soldatapeko langile izatetik bazkide langile izatera pasatzea.
Oro har, kooperatibako lanaren araubidearen barne-arauetan jatorria duten eskubide eta betebeharrak.
Edozein kasutan, halako auzigaiak ebazterakoan aplikatuko dira lege hau, sozietatearen estatutuak eta kooperatibaren gainerako barne-erabakiak eta, oro har, kooperatibismoaren printzipioak. Soilik halakorik ez badago, lan-legeriaren xedapenak aplikatuko dira, analogiaz.
3. ATALA
KONTSUMO-KOOPERATIBAK
108. artikulua. Helburua eta funtzio soziala.
Kontsumo-kooperatiben helburua da ondasun nahiz zerbitzuak eskaintzea bazkideei eta haiekin bizi direnei, eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen bidezko eskubide eta interesak defendatzea eta sustatzea. Era honetako kooperatiben bazkide izan daitezke pertsona fisikoak eta azkenengo hartzaileak diren entitateak edo antolakundeak.
Estatutuek onartzen badute, kontsumo-kooperatibek bazkide ez diren pertsona edo entitateei ere eskaini ahal izango dizkiete ondasun edo zerbitzuak, beren lurralde-eremuan.
4. ATALA
IRAKASKUNTZA-KOOPERATIBAK
109. artikulua. Helburua eta modalitateak.
Irakaskuntza-kooperatibak dira irakaslanak egiten dituztenak jakintza edo prestakuntzako edozein maila, etapa, ziklo, gradu eta modalitatetan. Eskolaz kanpoko ekintzak eta haiekin zerikusia dutenak ere egin ditzakete; era berean, eskola-zerbitzu osagarriak eman ditzakete, eta irakaslanak errazten dituzten zerbitzu guztiak.
Ikasleak, haien gurasoak edo haien legezko ordezkariak elkartzen dituztenean, lege honetan kontsumo-kooperatibetarako ezarritako arauak aplikatuko zaizkie, bai eta 36.2 artikuluan xedatutakoa ere. Irakasleak eta ikastetxeko gainerako langileak ere sartu ahal izango dira kooperatiban, edo lan-bazkide modura, edo bazkide laguntzaile modura. Beste interesdun batzuen artean, ikasle ohiek ere izan dezakete azken posizio hori.
Irakaskuntza-kooperatibek irakasleak, irakasle ez diren langileak eta zerbitzu-langileak elkartzen dituztenean, 36.2 artikuluan adierazitakoa ez ezik, lege honetan lan elkartuko kooperatibentzat ezarritako arauak ere aplikatuko zaizkie, salbu eta 30. artikuluan erregulatutakoa, eta bazkide laguntzaileen posizioa izan ahalko dute ikasleek, haien gurasoek edo legezko ordezkariek eta ikasle ohiek, besteak beste.
Estatutuetan aurreikusiz gero, integrala edo sektoreartekoa izan daiteke irakaskuntza-kooperatiba; horretarako, batetik, gutxienez irakasle eta irakasle ez diren langile gehienak bildu behar dira, eta, bestetik, ikasle gehienak edo haien ordezkari gehienak; edo, bestela, halako gehiengoetara iritsi gabe, mota horretako kooperatiba bat sortzeko estatutuetan eskatzen den bazkide kopurura heldu beharko da talde bi horietako kideekin.
110. artikulua. Irakaskuntza-kooperatiba integralen berezitasunak.
Aurreko artikuluko 4. atalean aipatzen diren kooperatibei dagokienez, 36.2 artikuluan jasotakoa ez ezik, honako hau ezar daiteke estatutuetan:
Probaldiak jartzea kooperatiba osatzen duten bi taldeetako bazkideei; gehienez ere, ikasturte batekoak izango dira probaldiok.
Aurreikustea kooperatibako organo sozial guztiek gehiengo indartuz funtzionatuko dutela, organo bakoitza sortzeko behar den quorumaren hiru laurdenak gainditu gabe.
Oro har finkatzea, erabakiak hartzeko aurreikusten den gehiengo indartua lortzen ez den kasuetarako, edo horrek ardura ez duen kasuetarako, zenbat izango diren gehienez ere kontseilariak eta zenbat boto esleitu ahal izango zaizkion batzar orokorrean bazkide erabiltzaileen taldeari lan-bazkideekin gorde beharreko oreka gal ez dadin.
Arautzea batzarretara joateko eta haietan hitz egiteko eskubideen egikaritzea, oreka zaintzeko neurriak jarrita edo jarri gabe, are bazkide erabiltzaileek aurretik biltzar berezi bat edo batzuk egin ahal izatea ere, hurrengo batzar orokorrean eta, hala badagokio, estatutuek zehazten duten epearen barruan egiten diren hurrengo batzarretan izango dituzten ordezkariak hautatzeko.
Kide anitzeko organoetako lehendakariak txandakatzeko sistema bat aurreikustea; hala, kooperatiba osatzen duten bi taldeetako bazkideek aukera izango dute iraupen berbereko aldietan txandakatzeko kide anitzeko organo guztietako lehendakaritzetan.
Batzorde erabakitzaile bat arautzea, osaera parekidea izango duena eta adituek parte hartzea onartuko duena, organoetan batzuetan gertatzen diren berdinketak ebazteko; horretarako, batzorde horri delegatu ahal izango zaio dagokion organoak adostu ezin dituen gaiak erabakitzeko ahalmena, zeinahi ere den gaiaren edukia.
Aurreko zenbakian azaldutako neurriak aldizka edo metatuta ezarri ahal izango dira, baldin eta estatutuek hartarako bidea ematen badute. Era berean, estatutuek arau berezi batzuk ezarri ahal izango dituzte bazkide laguntzaileek behar bezala parte har dezaten.
Bazkide-kolektibo bat besteari sistematikoki nagusitzen zaiolako, sozietatearen organoak nabarmen eta maiz geldiarazi edo oztopatzen direlako edo behar bezala oinarritutako arrazoiak daudelako, estatutuek zehaztu ahal izango dute zein jarraibide edo irizpide erabili beharko diren erabakitzeko egoki den kooperatiba eramatea aurreko artikuluko 2. eta 3. zenbakietan arauturiko modalitateetako batera, sozietatea zatituz edo zatitu gabe.
111. artikulua. Izaera edo onura publikoko bazkideak.
Entitate eta erakunde publikoak eta onura publikoko pribatuak bazkide erabiltzaile izan ahal izango dira ikasle adingabeen edo ezgaien legezko zaintza eta babesa egikaritzen ari direnean edo beren mendeko etxe, egoitza edo establezimenduetan hartu dituzten ikasle adinez nagusiek beren ordezkari izateko ahalmena espresuki eman dietenean, hargatik kaltetu gabe bazkide laguntzaile gisa, are aldi berean ere, onartuak izateko aukera.
Estatutuetan espresuki erregulatuko da, lege honen esparruan eta hezkuntza-arloan indarrean dauden xedapenen esparruan, zer ondorio duen aldi berean bazkide laguntzaile eta bazkide erabiltzaile izateak.
Halako entitate eta erakundeek, zuzenbidezko edozein tituluren bitartez, era guztietako ondare-ekarpenak egin ditzakete kooperatiba sortzeko edo egoki garatzeko; besteak beste, lursail, etxe eta bestelako ondasun higiezinak laga ahal izango dituzte, tresneriaz hornituak edo hornitu gabeak.
Estatutuek aurreikusiz gero, bazkide instituzional horiei lekua gordeko zaie artezkaritza-kontseiluan, eta, bazkide erabiltzaile diren aldetik, ordezkatzen dituzten ikasleen araberako boto kopurua izango dute batzar orokorretan, 37.2 artikuluko mugarik gabe.
5. ATALA
NEKAZARITZAKO ETA ELIKAGAIEN KOOPERATIBAK
112. artikulua. Helburua eta jarduerak.
Nekazaritzako eta elikagaien kooperatibak dira nekazaritza, basogintza eta abelazkuntzako ustiategien edo ustiategi mistoen titularrak elkartzen dituztenak hornidurak, ekipoak eta zerbitzuak merkaturatzeko edo eskaintzeko edo honako hauek hobetzeko ekonomiaren eta gizartearen edozein arlotan: bazkideen ustiategiak, haien elementu eta osagaiak barne; kooperatiba bera edo landa-inguruneko bizimodua, besteak beste, kooperatibak bere langileekin eskaintzen dituen zerbitzuak, dela nekazaritza-lanak egiteko, dela aipatutako ustiategietan edo bazkideentzat eskaintzen dituen antzeko beste lan batzuk egiteko.
Instituzio hori arautzen duen legerian ezarritako baldintzak betetzen dituen titulartasun partekatuaren kasuan, titulartasun partekatuko entitatea bera izango da bazkidea, berariazko erregistroan inskribatuta. Dena den, hura osatzen duten lagunetatik edozeinek ordezkatu ahal izango du, erregistro horretako ziurtagiria aurkeztuta.
Era berean, titulartasun partekatua duen entitateren bat izendatzen bada administrazio-organoko karguren bat betetzeko, entitate horrek ziurtagiri bidez jakinarazi beharko du kideetako zeinek beteko dituen administrazio-organoaren berezko funtzioak. Betekizun hori bera bete beharko da, halaber, sozietate zibilen eta ondasun-erkidegoen kasuan eta nortasun juridikorik gabeko entitateen kasuan.
Bazkide izatera iritsi eta hala jarraitu ahal izateko, kooperatibako estatutuen bidez konpromiso bat eskatu ahal izango da sozietatearen helburu den jardueran aritzeko, eta ez beste ezertan.
Helburu soziala betetzeko, nekazaritzako eta elikagaien kooperatibek, estatutuen arabera dagozkien jarduerak ez ezik, bestelako jarduerak ere egin ahal izango dituzte, baldin eta jarduerok aurrebaldintza, ondorio, osagarri edo baliabide badira kooperatibaren, bazkideen ustiategien, hauen elementuen eta landa-inguruaren hobekuntza ekonomiko, tekniko, laboral, ekologiko eta soziala lortzeko.
113. artikulua. Hirugarren ez-bazkideekiko eragiketak.
Merkataritzan jarduten diren nekazaritzako eta elikagaien kooperatibek, balioaniztunek zein espezializatuek, kooperatibaren edo bere bazkideen ustiategietatik ez datozen nekazaritza-produktuak merkaturatu ahal izango dituzte, edo merkaturatzearekin lotutako jarduerak egin ahal izango dituzte, are kontsumitzailearenganaino modu zuzenean heldu ere, honako kasu hauetan:
Ekitaldi ekonomiko bakoitzean, ehuneko bosteraino; portzentaje hori banan-banan aplikatuko zaio hirugarren ez-bazkideen nekazaritza-produktuak erabiltzen dituen jarduera bakoitzari.
Estatutuek aurreikusiz gero, ehuneko berrogeita bederatziraino heldu ahal izango da gehieneko portzentajea ekitaldi ekonomiko bakoitzean.
Kooperatibak, berari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, aurreko mugak gainditzea duenean, lege honetako 5. artikuluan xedaturiko baimena eman zaiolako.
Kooperatibak honako kasu hauetan azaldu ahal izango ditu estatutuetan muga horiek, aurreko apartatuan aurreikusitako baimena eskatu beharrik gabe: sektore-araudi espezifikoak daudenean edo haiek aplikatzeko beste batzuk eman direnean, kooperatibari aplikatu behar zaizkionak nekazaritza-elikagaiei loturiko jarduerengatik, eta arestian adierazitako mugak baino handiagoak ezartzen direnean hirugarren ez-bazkideekiko produktuetarako edo muga horiek handitzeko baimena ematen denean. Halakoetan, estatutuetan espresuki adierazi beharko da zer xedapenek ematen duen bide portzentaje hori aplikatzeko.
Beren ustiategiak edo kideenak hornitzeko lanetan ari diren nekazaritzako eta elikagaien kooperatibek berdin izanik jarduera hori bakartzat edo bereizitzat duten hirugarren ez-bazkideei eskaini ahal izango dizkiete produktuak edo zerbitzuak, aurreko zenbakiko a) eta b) letretan ezarritako mugen barruan eta antzeko kasuetan, hargatik eragotzi gabe kooperatiba-jardueraren ohiko geldikinak izanez gero kooperatibaz kanpoko edonori eskaintzea inolako mugarik gabe.
6. ATALA
ERKIDEGOAN USTIATZEKO KOOPERATIBAK
114. artikulua. Helburua eta eremua.
Kooperatiba mota hauek honako hauek elkartzen dituzte: batetik, nekazaritzan ustiatzeko izan daitezkeen ondasunak erabili eta aprobetxatzeko eskubideen titularrak, eskubide horiek kooperatibari lagatzen dizkiotenak han lanik egin gabe edo lan eginez, eta, bestetik, entitatean lan egiten dutenak, erabiltze-eskubiderik laga ez arren. Haien helburua da lursailak eta bestelako ekoizpen-baliabideak denon eskura jartzea nekazaritzako enpresa edo ustiategi bakar bat sortu edo kudeatzeko eta enpresa edo ustiategi horretan batzeko kooperatibak dituen ondasunak, edozein tituluren ondorioz dituenak.
Helburu soziala lortzera zuzendutako edozein jarduera garatu ahal izango dute, hala nekazaritzako produktuak zuzen lortzeko jarduerak nola ustiategiaren atal, funtzio eta prozesu guztiak sortu eta hobetzeko prestakuntza-lanak egiteko jarduerak; era berean, bilketa- eta banaketa-lanak eta lan horiekin zerikusia dutenak eta osagarri direnak gauzatzeko jarduerak egin ahal izango dituzte, eta, oro har, berez nekazaritzakoak direnak edo jarduera horien aurreko edo osteko lanak eta lan osagarriak egiteko direnak ere bai.
Lege honek nekazaritzako eta elikagaien kooperatibetarako aurreikusten duena bete beharko da hirugarren ez-bazkideen produktuak merkaturatzera bideratutako kooperatiba-jarduerak gauzatzeko. Lan-kontratua duten langileak ezingo dira izan kooperatibako lan-bazkide guztien ehuneko hogeita hamar baino gehiago.
Kooperatiba hauetan, estatutuek mugatuko dute zein den kooperatibaren lurralde-eremua, hau da, non garatu behar duten lan-bazkideek kooperatiba-jarduera eta non kokatu behar diren ustiapena osatzen duten ondasun higiezin gehienak.
115. artikulua. Bazkideen araubidea.
Inoiz, bazkide bera, lan-bazkide ez ezik, ondasunak erabili eta aprobetxatzeko eskubideen bazkide lagatzaile ere bada aldi berean, bazkideak boto bakarra baino ez du izango.
Lege honek lan elkartuko bazkide langileentzat ezartzen dituen arau berak aplikatuko zaizkie lan-bazkideei, atal honetako salbuespenak salbuespen.
Estatutuetan ezarriko da zenbat denbora eman behar duten bazkideek gutxienez, ondasunak erabili eta aprobetxatzeko eskubideen lagatzaile diren aldetik, kooperatiban (hamabost urte gehienez ere), eta zeintzuk diren titularren eskubideak kooperatibari eskualdatzeko arauak.
Errentariek eta gozamen-eskubideren baten gainerako titularrek laga ahal izango dute ondasunak erabili eta aprobetxatzeko eskubidea kontratuak edo lege-tituluak dirauen artean, gehienez ere, baina hori ez da arrazoitzat hartuko maizterra botatzeko edo kontratua desegiteko.
Horrelakoetan, kooperatibak titularra salbuetsi ahal izango du estatutuetan ezarritako gutxieneko epe hori betetzetik, baldin eta erabiltze- eta aprobetxatze-eskubideen titularrak konpromisoa hartzen badu dagokion lotura juridikoaren indarraldia amaitu arte lagako dituela eskubide horiek.
116. artikulua. Egitura ekonomikoa.
Ekarpen mota bi bereizi behar dira: benetako ondare-ekarpenak (diruzkoak izan ala ez), sozietatearen kapitala osatzen dutenak, eta bestelako ekarpenak, lana, zerbitzuak edo laguntza teknikoa emateko betebeharrean oinarritzen direnak, kapital sozialaren parte ezin daitezkeenak izan.
Tokian tokiko errenta- eta lansari-mailaren parekoak izango dira soldata-ordainsarien eta ondasunen erabilera lagatzeagatik sortzen diren errentak.
Bazkideek zer jarduera bete kooperatiban, halako itzulkinak egiaztatuko zaizkie, hain zuzen ere ondasunak erabiltzen uzteagatik kooperatibak ordaindu behar dituen errenten eta lan-aurrerakinen proportzio berekoak.
Itzulkinak aitortzeko erabiltzen diren irizpide berak erabiliko dira galerak egozteko ere, baina estatutuek edo batzar orokorrak zehaztuko dute zer egin behar den lan-bazkideei gutxieneko konpentsazio bat bermatzeko, zeina eskualde berean pareko lanaren trukean ordaintzen denaren ehuneko hirurogeita hamarrekoa izango den, gutxienez, eta inoiz ere ez lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoa.
Estatutuetan erregulatuko da zer prozedura erabili denen artean ustia daitezkeen ondasunak balioesteko, baita gozamenerako utzi diren eta sozietatean erkidegoan ustiatzeko planaren ondorio diren ondasunei eragin diezaieketen obren, hobekuntzen eta zortasunen araubidea ere. Era berean, arau batzuk ezarri ahal izango dira ondasunak erabiltzeko eta aprobetxatzeko eskubidea kooperatibari uzten dioten bazkideek galarazita izan dezaten ondasun horiek hirugarren ez-bazkideei eskualdatzea, bazkideek kooperatiban nahitaez egon behar duten denbora guztian, baldin eta, horren ondorioz, kooperatibak ezin baditu erabili eta aprobetxatu ondasun horiek.
7. ATALA
ETXEBIZITZA-KOOPERATIBAK
117. artikulua. Helburua, eragiketak eta eremua.
Etxebizitza-kooperatiben helburua da bazkideei etxebizitzak, lokalak, eraikinak eta eraikin osagarriak eta instalazioak eskaintzea; higiezin horiek eta denek erabiltzen dituzten elementu, zati edo eraikinak hobetzea, zaintzea eta kudeatzea; behar diren zerbitzuak antolatu eta ematea, eta etxebizitzak, lokalak eta eraikinak bazkideei zuzendutako instalazioak birgaitzea.
Nolanahi ere, kooperatibak berak garatu beharko du, zuzenean, helburu soziala, gutxienez oinarrizko alderdietan. Hala eta guztiz ere, kooperatibak hirugarren ez-bazkideak kontratatu ahal izango ditu helburua lortzeko edo osatzeko. Kontratu horiek kooperatibaren legelari aholkulariaren aldeko irizpena jaso beharko dute.
Etxebizitza-kooperatibek lursailak erosi, zatikatu eta urbanizatu ahal izango dituzte, eta, oro har, behar bezainbat jarduera eta lan egin ahal izango dituzte beren helburu soziala lortzeko.
Era berean, kooperatibaren premiak bete eta gero, merkataritza-lokalak, lursailak, instalazioak eta eraikin osagarriak besterendu ahal izango dituzte, edo hirugarren ez-bazkideei errentan eman ahal izango dizkiete, betiere hala erabakitzen badu batzar orokorrak.
Horretaz gain, kooperatibak bazkide ez diren hirugarrenei ere besterendu ahal izango dizkie sustatzen dituen etxebizitzak, baldin eta hori egin behar badu kooperatiba-sustapena finantzatzeko, eta, betiere, behin bermatu ondoren bazkide guztiek dutela etxebizitzarako irispidea. Kasu horretan, sustatutako etxebizitzen ehuneko hirurogeita hamar, gutxienez, adjudikatuko zaie bazkideei. Gainerako etxebizitzak hirugarren ez-bazkideei besterendu ahal izateko, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren homologazioa beharko da, premia hori dagoela egiaztatzen duena.
Etxebizitza-kooperatibek etxebizitza eta lokalak sustatu ahal izango dituzte sustapen bakarra kooperatiba bakoitzeko soilik beren jardute-eremuan, zeina estatutu bidez ezarriko baita. Bazkide gehienek eremu horretan bizi beharko dute, salbu eta kooperatiba gehienbat edo soil-soilik hirugarren adineko bazkideei zerbitzua emateko bada edo bigarren bizilekuak sustatzeko bada. Horrelako kasuetan, posta ziurtatu hartu-agiridunarekin egingo dira batzar orokorreko deialdiak, eta bazkideek horretarako adierazitako helbidera bidaliko dira gutunak.
118. artikulua. Adjudikatzeko edo lagatzeko araubidea.
Zuzenbidez onarturiko edozein tituluren bidez adjudikatu edo laga ahal izango zaizkie bazkideei etxebizitza eta lokalen jabetza edo erabilera eta luperketa, normalean erabiltzeko izan edo denboraldi baterako izan.
Kooperatiba desegin beharko da sustatzen dituen etxebizitza eta lokalen jabetza adjudikatu eta gero, baina, betiere, berme-epea eta ezkutuko akatsak direla-eta entitate sustatzaile modura erantzuteko aurreikusitako legezko epea igaro eta gero, zeina adjudikazioa egiten den egunetik kontatzen den, salbu eta estatutuek edo entitate publikoekin sinatutako hitzarmenek epe luzeagoa ezartzen dutenean.
Kooperatibak higiezin bakar modura etxebizitza eta lokal multzo bat sustatzen edo erosten duenean bazkideei lagatzeko, kooperatibaren jabetzakoa izango da higiezin-multzoa, jabari oso edo beste eskubide baten modura, epe mugagabe batean edo, estatutuetan hala erabakiz gero, epe mugatu batean.
Halakoetan, bazkide kooperatzaileek eskubidea izango dute kooperatibak adjudikatzen dizkien etxebizitzak eta lokalak erabiltzeko kooperatibaren estatutu eta barne-antolamenduko arauen arabera, zeinen bidez bazkideen eskubide eta betebeharrak arautuko baitira.
Erabilera lagatzeko kooperatiba mota hauetan, kapital-ekarpen bat izendatu beharko da bazkide izateko, eta higiezina sustatzeko edo erosteko kostuen araberakoa izango da ekarpen horren gehienezko zenbatekoa. Bazkideek, gainera, aldian aldiko kuota batzuk ordaindu beharko dituzte, kooperatibako organoek finkatuak, etxebizitzarako higiezinaren mantentze- eta hobetze-lanetarako eta pareko kontzeptuetarako.
Bazkideren baten baja gertatzen bada, artezkaritza-kontseiluaren esku geratuko da haren erabiltze-eskubidea, eta kontseilu horrek bazkide berri bati adjudikatuko dio. Erabiltze-eskubide hori mortis causa eskualdatu ahal zaie hildako bazkidearen kausadunei, bazkidetzat onartu eta gero, betekizun orokorrekin bat etorriz; horretarako, baina, haiek eskatu beharko dute hori egiteko, hiru hilabeteko epean. Bestela, eskubidea izango dute dagokien kreditua likidatzeko.
Itzultzen den zenbatekoari lege honen 119.6 artikulukoan xedatutakoa aplikatu beharko zaio.
119. artikulua. Bazkideen araubidea.
Etxebizitza-kooperatibak sortzeko, aurreko 117.1 artikuluak aipatzen dituen bazkide guztien ehuneko berrogeita hamar beharko da gutxienez, sustatutako proiektuaren arabera; proiektu horrek sortze-eskritura izan beharko du.
Ehuneko hori ez dute bete beharko honako helburu hauetakoren bat duten etxebizitza-kooperatibek:
Euskal Autonomia Erkidegoak bultzatutako itunpeko sustapen bat egitea.
Administrazio edo parte-hartze publikoa duen entitate batekin edo batzuekin hitzartutako sustapen bat egitea.
Administrazio edo partaidetza publikoko entitate horien lursailak eskuratzea, besterentze zuzenaren zein lehiaketaren bidez.
Sortzen den unean, eta lege honetako 19.1 artikuluko hirugarren paragrafoan ezarritakoaren ondorioetarako, bazkide laguntzaileak kontatu ahal izango dira. Dena den, etxebizitzen adjudikaziodun edo lagapen-hartzaile diren bazkideak gerora gehitu ahal izango dira, babes publikoko etxebizitzen sustapenaren arloan indarrean dauden arauekin bat.
Babes publikoko etxebizitzen kooperatiba bat sustatzen duten bazkideek sustapena behin-behinekoz kalifikatu aurretik benetan ezinbestekoak diren erabakiak hartu ahal izango dituzte soil-soilik. Edonola ere, lege honetako 121.2 artikuluan adierazitako erabakiak une honetan hartuko dira: kooperatiba sustatutako proiektuaren adjudikaziodun edo lagapen-hartzaile diren bazkideek eratuta dagoenean.
Pertsona fisikoak eta kooperatibak elkartuko dira, gehienbat, etxebizitza-kooperatibetan. Legelari aholkulariak aldeko irizpena eman eta adierazi beharko du bazkide izateko baldintzak betetzen direla, salbu eta babes publikoko etxebizitzen sustapenetan.
Kooperatibak adjudikaziodunei eskatzen badie dirua aurreratzeko eraikuntzaren kontura, diru hori bermatuta egon beharko da, eta, horretarako, abal-kontratua edo asegurua sinatu beharko da kalte-ordainak ziurtatzeko kontratua betetzen ez den kasuetan, Eraikingintza arautzeko azaroaren 5eko 38/1999 Legean ezarritakoari jarraikiz.
Jabetza adjudikatzen den kooperatibetan, pertsona fisikoek ezin izango dute eskuratu bi etxebizitza baino gehiago kooperatiba-araubidean, salbu eta familia ugariei aitorturiko eskubideak dituztenean.
Bazkideren baten baja gertatzen bada, eta estatutuek hala onartzen badute, 66.1 artikuluan finkaturiko kenkariak aplikatu ahal izango zaizkie bazkideak etxebizitzak eta lokalak finantzatzeko jarritako diru kopuruei; gehienez ere, zenbaki horretan ezarritako portzentajeen ehuneko berrogeita hamarreko kenkariak aplikatu ahal izango zaizkie.
Aurreko paragrafoan aipatzen diren diru kopuruak, eta bazkideak sozietate-kapitalari egin dizkion ekarpenak, bazkideari itzuliko zaizkio beste bazkide edo bazkide ez den hirugarren batek bereganatzean haren eskubide eta betebeharrak.
Etxebizitzaren edo lokalaren adjudikazioa formalizatu aurretik bazkideak kooperatiba uzten badu, bazkideak jarraitu beharko du hura eraikitzeko hartutako konpromisoei aurre egiten, gehienez ere hura adjudikatzeko azken preziora iritsi arte. Hori egin beharko du beste bazkide batek edo hirugarren ez-bazkide batek bereganatu arte hark adjudikatuta zituen etxebizitza eta lokalaren gaineko eskubideak eta betebeharrak. Dena den, kooperatiba uzten duen bazkideak bere betebeharrak bete beharko ditu bazkide berria edo hirugarren ez-bazkidea kooperatiban sartu baina harena ez den beste etxebizitza edo lokal bat esleitzen bazaio.
Etxebizitza-kooperatibetako bazkideen erantzukizuna mankomunatu sinplea da, eta haren gehieneko muga da sozietatearen kapitalari egin behar dizkion ekarpenak, nahitaezkoak eta borondatezkoak, gehi eraikitzeko kontuan sartutako diru kopuruak eta etxebizitza edo lokala adjudikatzeko prezioa osatzeko egin behar dituen guztiak, salbu eta Administrazioak ezarritako gehienezko prezio bat duenean; izan ere, kasu horretan, prezio hori izango da erantzukizun-muga ondorio guztietarako, bai kooperatibaren aurrean, bai bazkide eta hirugarren ez-bazkideen aurrean.
120. artikulua. Artezkaritza-kontseilua.
Estatutuek espresuki besterik onartu ezean, administratzaile-kargua etxebizitza-kooperatiba bakarrean bete ahal izango da.
Kargu horien titularrek ezin izango dute jaso inongo ordainsaririk beren funtzioa betetzeagatik, hargatik eragotzi gabe lan horretan izandako gastuen kalte-ordaina jasotzeko eskubidea.
Artezkaritza-kontseiluak behar beste ahalorde delegatu edo egiletsi ahal izango du helburu soziala betetzen laguntzeko. Ahalorde horiek inoiz ere ez dira luzatuko helburu sozialerako gauzatzen diren egintza edo kontratuak baino gehiago, ezta eraikitzeko eta finantzatzeko oinarrizko erabakiak eta hirugarren ez-bazkideekiko kontratuak baino gehiago ere. Ahalorde horiek Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatu beharko dira, legelari aholkulariak aldeko irizpena eman eta gero.
121. artikulua. Kontuak auditatzeko eta legelari aholkularia izateko betebeharra.
Etxebizitza-kooperatibek kontu-auditoretza baten esku jarri beharko dituzte urteko kontuak, aztertu eta onartzeko ohiko batzar orokorrari aurkeztu baino lehenago. Lege-betebehar horrek indarra izango du bazkideei etxebizitzak edo lokalak adjudikatu edo laga arte.
Etxebizitza-kooperatibek legelari aholkulari bat izan beharko dute, zeinak, gutxienez, 117, 118 eta 119. artikuluek aipatzen dituzten erabakiei buruzko irizpenak emango dituen, baita honako erabaki hauei buruzkoak ere:
Bazkideak onartzeari edo atxikitzeari buruz.
Bazkide ohiak ordeztea bazkide berriekin edo bazkide ez direnekin.
Kudeatzaileekiko kontratuak.
Eraikitze-kontratuak.
Etxebizitza-kooperatibaren estatutuetan finkatzen direnak.
122. artikulua. Babes publikoko etxebizitzak sustatzea eta eskubideak eskualdatzea.
Etxebizitza-kooperatibak babes publikoko etxebizitzak sustatzen dituenean mota horretako etxebizitzak erregulatzen dituen araudia bete beharko du beti.
Bazkideek etxebizitza edo lokalak inter vivos eskualdatzeko, errespetatu beharko dira Administrazioko araubidean aurreikusten diren mugak eta lehentasunezko eskuratze-eskubideak; halakorik ez badago, mota horretako kooperatibei buruzko ordezko araudi orokorra ezarriko da.
Aurreko paragrafoan sartzen ez diren etxebizitza-kooperatibei dagokienez, estatutuetan edo barne-erregelamenduan zehaztuko da zer baldintza edo muga dauden bazkide baten etxebizitza eta lokalak besterenganatzeko edo errentan emateko, eta zer eskubide duten zain dauden bazkideek.
8. ATALA
FINANTZA-KOOPERATIBAK
123. artikulua. Kreditu-kooperatibak.
Kreditu-kooperatibak dira helburu soziala dutenak beren bazkideen finantza-premia aktiboei eta pasiboei erantzutea, eta hirugarren ez-bazkideekin ere jardun daitezkeenak, eragiketa-eremu orokorrean jarduten den beste edozein kreditu-etxeren jarduerak eta zerbitzuak eginez.
Kreditu-kooperatibek «baserritarren kutxa» izena erabili ahal izango dute, baldin eta, beren estatutuen eta antolamenduaren ondorioz, batez ere landa-ingurunean eta ingurune horretako bizilagunei zerbitzua emateko sortzen badira.
Artikulu honetan erregulatzen diren entitateek kreditu-kooperatibei buruzko araudia eta kreditu-entitateei buruzko gainerako legeria sektoriala bete beharko dute beren eraketa, egitura, funtzionamendua eta jarduera gauzatzeko.
Eusko Jaurlaritzan ogasun- eta finantza-eskumenak dituen sailak kreditu-kooperatiben gainean dituen funtzioak egikarituko ditu, indarrean dauden legeekin bat etorriz: proposatze-, arautze-, informatze- eta ikuskatze-funtzioak eta estatistika- eta diziplina-funtzioak.
124. artikulua. Aseguru-kooperatibak.
Aseguru-kooperatibak dira helburu dutenak aseguru-arlo guztietako aseguru-jarduerak egitea; prima finkoko aseguruen entitate, prima aldakorreko entitate edo lan elkartuko entitate gisa antolatu daitezke lan egiteko.
Era honetako kooperatibek, aseguru-entitate diren aldetik, aseguru pribatuari buruzko oinarrizko araudia eta Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen den araudia bete beharko dute, eta lege hau ere bai, adierazitako araudi bi horien osagarri gisa.
Aseguru-kooperatibei dagokienez, Eusko Jaurlaritzan ogasun- eta finantza-arloko eskumena daukan sailari dagokio 123.4 artikuluan xedaturiko funtzioak egikaritzea.
9. ATALA
OSASUN-KOOPERATIBAK
125. artikulua. Osasun-laguntzako kooperatibak.
Aseguru-kooperatibak dira, eta bazkideen, asegurudunen edo haien onuradunen osasun-arloko arriskuak babestea da haien enpresa-jarduera.
Kooperatiba horien helburua bada bazkideen eta haien onuradunen osasun-arloko arriskuak babestea, prima finkoko aseguru-kooperatibetarako ezarritako arauak aplikatuko zaizkie.
Kooperatiban osasun-arloko profesionalak eta arlo horretakoak ez diren langileak biltzen badira hirugarren ez-bazkide aseguratu batzuk artatzeko, lan elkartuko aseguru-kooperatibetako araudia aplikatuko zaie.
126. artikulua. Osasun-instalazioetarako kooperatibak.
Halaber, osasun-kooperatibak dira, lege honen ondorioetarako, ospitaleak, klinikak eta antzeko establezimenduak sustatu, hornitu, administratu, mantendu eta kudeatzeko asmoz pertsona fisikoek eta juridikoek osatzen dituztenak, zeinen helburua baita osasun-asistentzia ematea beren bazkide onuradunei eta haien senideei, baita, hala badagokio, beren langileei ere.
Era honetako kooperatibei, ospitaleetako legeria ez ezik, kontsumo-kooperatiben araudia aplikatu behar zaie; araudi horri, hala badagokio, erregelamenduz finkatzen diren egokitzapenak egingo zaizkio, zerbitzuaren berezitasunak ikusita eta kooperatiben jardute-sektorea kontuan harturik.
10. ATALA
ZERBITZU-KOOPERATIBAK
127. artikulua. Profesionalen zerbitzu-kooperatibak.
Profesionalen zerbitzu-kooperatibak dira beren kontura lan egiten duten artisau, profesional edo artistek sortzen dituztenak hornidurak, zerbitzuak eta prestazioak eskaintzeko, edo beste zenbait jarduera egiten dituztenak bazkideen jarduerak egiten laguntzeko edo jarduera horien eta jarduera horien emaitzen alderdi ekonomiko, tekniko, ekologiko eta funtzionalak, eta lan- edo antolamendu-alderdiak erraztu, bermatu edo osatzeko.
Bazkideak profesional liberalak edo artistak badira, artikulu honetan arautzen den kooperatiba mota bat sortzeak ez du inolako eraginik izango dagokien proiektu eta lanei aplikatzen zaien betearazpen- eta erantzukizun-araubidean; izan ere, proiektu eta lanok zein lanbidetakoak diren, lanbide horretako arauak aplikatu beharko dira.
128. artikulua. Enpresen zerbitzu-kooperatibak.
Enpresen zerbitzu-kooperatibak dira, 127.1 artikuluan erregulatutako helburu soziala izanik, arrantza-, industria-, merkataritza- edo zerbitzu-sektoreetako enpresaburu indibidualak edo enpresaburu-sozietateak elkartzen dituztenak, berdin delarik zein den haien forma juridikoa, enpresa-funtzioak eta bazkideen ustiapenen jarduerak edo emaitzak errazteko, bermatzeko edo osatzeko.
Aurreko zenbakian xedatutakora bil daitezke ondasun- edo eskubide-erkidegoak, eta nortasun juridikorik gabeko bestelako antolakundeak, baldin eta eskubideak eta betebeharrak bereganatzeko gaitasuna badute eta nork bere kideetatik ordezkari bat izendatzen badute kooperatiban jardun dezan.
129. artikulua. Garraio-kooperatibak.
Garraio-kooperatibak dira helburu dutenak garraio-zerbitzuak antolatzea edo eskaintzea edo helburu hori betetzen laguntzen duten jarduerak egitea.
Forma hauetakoren bat hartu ahal izango dute:
Lan elkartuko garraio-kooperatiba edo, besterik gabe, garraio-kooperatiba: garraiolari, gidari edo bestelako langileak elkartzen dituzte, elkarrekin lan egin eta garraio-zerbitzuak emateko.
Lan elkartuko kooperatiben erregulazioa aplikatuko zaie garraio-kooperatibei; kooperatiba mota horietan, bazkide langileak ez dira garraio-enpresen titular izango, eta ezin izango dute fakturatu lan-prestazioagatik. Bazkide horien baja gertatuz gero, dirutan itzuliko zaizkie egindako ekarpenak.
Garraio-jarduerak gara ditzaketen garraio-enpresen titularrak elkartzen dituen garraio-kooperatiba, helburu hau duena: bazkideen enpresa-jarduera erraztea, bazkideen ustiapenen hobekuntza ekonomikoa eta teknikoa lortzera bideratutako zerbitzuak eta hornidurak eskainiz edo bestelako eragiketak eginez.
130. artikulua. Erakundeen zerbitzu-kooperatibak.
Korporazio eta organismo publikoek, fundazioek, sindikatuek eta era guztietako elkarteek era ditzakete erakundeen zerbitzu-kooperatibak, berdintasunez jokatuta, antolamendu- edo funtzio-arazo edo -premia guztiak ebazteko, ezertan eragin gabe entitate bazkide bakoitzaren autonomian edo berezitasunetan.
131. artikulua. Arau osagarriak.
Ezin izango da zerbitzu-kooperatibarik sortu lege honen arabera beste kooperatiba batzuenak diren sektoreetan jarduteko edo beste kooperatiba mota batzuen helburu ekonomikoak lortzeko.
Estatutuetan zehaztuko da zein mailatako lankidetza eskatu ahal zaien bazkideei, noraino heltzen diren kooperatibari aitortzen zaizkion koordinazio-ahalmenak eta zer indar duten; halaber, estatutuetan ezarriko da ea kooperatibak parte hartu ahal duen ala ez bazkideen jarduera, enpresa edo ustiapenak finantzatzen.
Atal honetan arautzen diren kooperatiba mota hauetan guztietan, zein sektoretan, jarduera profesionaletan edo adarretan lan egiten duten bazkideek edo zer izaera duten bazkideek, alor horretako terminoak sartu ahal izango dituzte kooperatibaren izenean.
11. ATALA
JUNIOR KOOPERATIBAK
132. artikulua. Junior kooperatibak.
Ikasleek sustatzen dituzte junior kooperatibak, helburu honekin: ikasleek praktikan jartzea matrikulatuta dauden ikastetxeetan bereganatzen dituzten trebetasunak edo jakintzak, jarduera ekonomikoak garatuz ondasunak ekoizteko edo zerbitzuak emateko.
Mugagabea izango da kooperatibaren iraupena. Nolanahi ere, bazkide guztietatik bik baino ez dutenean betetzen ikasle izateko betekizuna, junior sozietate kooperatibo izateari utziko dio kooperatibak. Hori gertatzen denean, eta gehienez ere gertatu eta 30 eguneko epean, horren berri eman beharko zaio Euskadiko Kooperatiben Erregistroari, sailkapenaren ondorioetarako.
12. ATALA
GIZARTERATZE-KOOPERATIBAK
133. artikulua. Gizarteratze-kooperatibak.
Batez ere, desgaitasun funtzional fisikoa, psikikoa edo sentsoriala duten pertsonek eta gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonek sortuko dituzte gizarteratze-kooperatibak, eta lan elkartuan oinarritu ahal izango dira bazkideek egindako produktu eta zerbitzuak antolatu, bideratu eta merkaturatzeko edo orokorrean edo espezifikoki kontsumitzen diren ondasun eta zerbitzuak eskaintzeko.
134. artikulua. Bazkideen araubidea.
Edozein gizarte-zerbitzu ematen duten entitate publikoek parte hartu ahal izango dute, bazkide gisa, gizarteratze-kooperatibetan, dagokien ekarpena eginez eta entitate publikoen ordezkari bat izendatuz. Ordezkari horrek, kooperatibako gainerako bazkideekin batera, lan egingo du laguntza teknikoa, profesionala eta soziala emateko; sozietatearen organo guztietako bileretara joango da, eta ahotsa izango du haietan.
Gizarteratze-kooperatibek besteren konturako kontratuak egin ahal izango dituzte izaera bereko taldeekin, beste enpresa batzuek egiten dituzten baldintza beretan; dena den, kooperatiba hauei ez zaizkie aplikatuko lege honen 103.4 artikuluko lehenengo paragrafoak langile horiei ezartzen dizkien mugak.
13. ATALA
ENPRESAK SUSTATZEKO KOOPERATIBAK
135. artikulua. Enpresak sustatzeko kooperatibak.
Enpresak sustatzeko kooperatibak dira helburu soziala dutenak ekintzaile berriek garaturiko jarduera ekonomiko eta sozialak sortzen eta handitzen laguntzea.
Enpresak sustatzeko kooperatibek lehentasuna eman behar diote, jarduera kooperatibizatuaren barruan, bazkideen ekimen ekintzaileari, eta bultzatu behar dute, lanbide-orientazioa bezalako jardueren bidez, jarduera bakoitza garatzeko behar diren enpresa-trebetasunak ematea eta jarduera horien tutorizatzea lehenengo urteetan.
136. artikulua. Kontzeptua.
Sozietate kooperatibo txikia lehen graduko sozietate kooperatiboa da, lan elkartukoa edo erkidegoan ustiatzekoa, zeinaren araubide juridikoa kapitulu honen bidez arautzen baita, sozietate kooperatiboen barruko espezialitate gisa.
Sozietate kooperatibo txikia sortzeko, lege honen arabera sortutako sozietate kooperatibo baten estatutu sozialak egokitzeko, edo kooperatiba ez den sozietate bat sozietate kooperatibo txiki batean transformatzeko, horiek guztiak egin ahal izateko, sustatzaileek edota dagokion kooperatiba-organoak espresuki adierazi beharko dute sozietate kooperatibo txikiaren izaera egotzi diotela beren sozietateari.
Sozietate kooperatibo txikia iraupen mugagabeko bazkide langileek edo lan-bazkideek osatuko dute, gutxienez bik eta gehienez hamarrek.
Sozietate kooperatibo txikiak kapitulu honetan xedatutakoaren bidez arautuko dira eta, osagarririk behar izanez gero, lege honen eta bere garapen-arauen bidez.
137. artikulua. Sortzea.
Sozietate kooperatibo txikia sortzeko, beharrezkoa izango da eskritura publikoa egitea eta sozietatea Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatzea. Inskripzio horren ondoren eskuratuko du izaera juridikoa sozietate kooperatibo txikiak.
Euskadiko Kooperatiben Erregistroan sozietate kooperatibo txikiak inskribatzeko liburua edukiko dute, eta hor inskribatuko dira sozietate kooperatibo txikiaren izaera hartu duten sozietateak, haien jatorrizko forma juridikoa edozein izanda ere.
Sozietate kooperatibo txikien sortze-eskriturak lege honen 13.1 artikuluko baldintza guztiak beteko ditu.
Sortze-eskrituraren eta estatutu sozialen kalifikazioa eta inskripzioa egiteko epea hamar egunekoa izango da gehienez ere, eskabidea aurkezten denetik kontatzen hasita. Epe hori bost egunera murriztuko da baldin eta estatutuak lege honetako zortzigarren xedapen gehigarriko 3. apartatuan aurreikusitako ereduaren araberakoak badira.
Entitate hauen izenean ezinbestean agertuko da «kooperatiba sozietate txikia» adierazpena edo «koop. elk. txikia» laburdura.
2. ATALA
BESTEREN KONTURAKO LANGILEAK ETA BAZKIDE LANGILEAK EDO IRAUPEN JAKINEKO LAN-BAZKIDEAK KONTRATATZEAZ ETA HASIERAKO NAHITAEZKO EKARPENAK MUGATZEAZ
138. artikulua. Besteren konturako langileak edota iraupen jakineko bazkide langileak edo lan-bazkideak kontratatzeko mugak.
Sozietate kooperatibo txikiek, sortzen direnetik kontatzen hasita bost urteko epean, gehienez ere, aukera izango dute besteren konturako langileak, edozein modalitatetan, eta iraupen jakineko bazkide langileak edo lan-bazkideak kontratatzeko, lanaldi osoan edo lanaldi partzialean. Edonola ere, kontratatutako langile horiek ez dira izango iraupen mugagabeko bazkide langileak baino gehiago.
Nolanahi ere, sozietate kooperatibo txikiak ezingo ditu besteren konturako bost langile baino gehiago kontratatu.
Sortu eta hurrengo bost urteen barruan, gehienez ere, iraupen mugagabeko bost bazkide langile edo lan-bazkide, edo gutxiago, dauzkaten sozietate kooperatibo txikiek, lanaldi osoan edo lanaldi partzialean, aukera izango dute besteren konturako bost langile, gehienez, edo iraupen jakineko bost bazkide langile edo lan-bazkide, gehienez, kontratatzeko, lanaldi osorako edo lanaldi partzialerako.
Aurreko apartatuetan aipatzen den bost urteko epe hori amaitzean, sozietate kooperatibo txikiek besteren konturako langileak eta iraupen jakineko bazkide langileak edo lan-bazkideak kontratatzeko dauzkaten mugak lege honetan ezarrita daudenak izango dira.
139. artikulua. Hasierako nahitaezko ekarpenak mugatzea.
Sozietate kooperatibo txikiek besteren konturako langileei, sozietatean sartu ahal izateko iraupen mugagabeko bazkide langile edo lan-bazkide bezala edo iraupen jakineko bazkide bezala, exiji diezazkieketen hasierako nahitaezko ekarpenak ezingo dira, bazkide mota horietako bakoitzarentzat, handiagoak izan baliokideak gehienez ere sozietatera azkena sartutako bazkideak, kasu bakoitzean dagokion motakoak, guztira eginiko nahitaezko ekarpenak baino, ekarpen horiei dagozkien eguneratzeak eginda. Nolanahi ere, eguneratze horiek ezingo dira handiagoak izan ekarpenak egin zirenez gero Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratutako kontsumo-prezioen indizea aplikatuta ateratzen dena baino.
3. ATALA
ORGANO SOZIALAK
140. artikulua. Organo sozialak.
Sozietate kooperatibo txikiko organoak batzar orokorra eta administrazio- eta ordezkaritza-organoa dira. Batzar orokorra izango da organo garrantzitsuena, eta administrazio- eta ordezkaritza-organoa honelakoa izan daiteke: pertsona bakarrekoa administratzaile bakarra, pluripertsonala administratzaile solidarioak edo mankomunatuak, edo kolegiatua artezkaritza-kontseilua.
Batzar orokorra, kapitulu honetan jaso gabeko gaiei dagokienez, lege honetan xedatutakoaren arabera arautzen da.
Administrazio- eta ordezkaritza-organoa sozietate kooperatibo txikiko bazkide langileek edo lan-bazkideek osatuko dute beti, eta lege honen xedapenak izango ditu arau, kapitulu honetan jasotako berezitasunak kontuan hartuta.
Administrazio- eta ordezkaritza-organoa pertsona bakarrekoa bada administratzaile bakarrak osatua edo pluripertsonala bada administratzaile solidarioek edo mankomunatuek osatua, eta artikulu honen hurrengo apartatuan jasotako kasua gertatzen bada, karguaren iraupena bost urtekoa izango da. Epe hori betetzean, berriro pertsona berak hautatuko dira edo izendapen berria egin beharko da.
Sozietate kooperatibo txikien administrazio- eta ordezkaritza-organoa artezkaritza-kontseilua bada, bi pertsonak osatuko dute gutxienez kontseilua. Haietako bat lehendakari izango da, eta bestea, idazkari.
Sozietate kooperatibo txikien artezkaritza-kontseiluak estatutu sozialetan zehaztutako maiztasunez bildu beharko du. Hala eta guztiz ere, organo horrek hiru hilean behin bildu beharko du, gutxienez.
Artezkaritza-kontseiluaren erabakiak legeak edo estatutuek hala agintzen dutelako gehiengo kualifikatuz hartu beharrekoak ez badira behar bezala emandako botoen gehiengoz onartuko dira. Ez dira behar bezala emandako bototzat hartuko bilkuran dauden kontseilarien abstentzioak.
Lehendakariaren botoak ahalmena izango du berdinketak erabakitzeko, baina ez artezkaritza-kontseiluko kideak bi direnean, salbu sozietate kooperatibo txikiaren estatutuetan kontrakoa ezartzen bada.
Artikulu honetako 5. apartatuan agertutako kasua gertatuz gero, sozietate kooperatibo txikiko artezkaritza-kontseiluko idazkariak egin dezake batzar orokorra biltzeko deia, baldin eta lehendakariak ez badu hartarako deirik egin bazkide batzuek aurkeztutako deialdi-eskaera jaso eta hurrengo 20 egunetan bazkide horiek gutxienez boto guztien ehuneko hogeiaren ordezkaritza izanda. Halakoetan, bestalde, aukera izango da lehendakariaren kontra erantzukizun-egintza aurkezteko.
4. ATALA
ARAUBIDE EKONOMIKOA
141. artikulua. Kapitalari egindako ekarpenen kenkariak.
Zilegi da estatutu sozialetan nahitaezko ekarpenen gaineko kenkariak ezartzea, lege honen 27 eta 28. artikuluetan arauturiko nahitaezko bajan eta kanporatzean. Itzulkinen kapitalizazioak kenkarietatik kanpo geratuko dira.
5. ATALA
EGOKITZEARI ETA DESEGITEARI BURUZKO XEDAPENAK
142. artikulua. Estatutu sozialak egokitzea.
Baldin eta sozietate kooperatibo txikiak gainditu egiten badu iraupen mugagabeko bazkide langileentzat edo lan-bazkideentzat ezarritako kopurua, estatutu sozialak egokitu beharko ditu.
Halaber, baldin eta lehenago sorturiko sozietate kooperatiboren batek sozietate kooperatibo txikiaren forma hartu nahi badu, eta arau honetan finkatu diren betekizunak betetzen baditu, estatutu sozialak egokitu beharko ditu lege honen aginduetara.
143. artikulua. Sozietatea desegiteko arrazoiak.
Sozietate kooperatibo txikia desegiteko kausa izango da, lege honen 91. artikuluan zehaztutakoez gain, sozietate kooperatibo txikia sortzeko legeak exijitzen duen gutxieneko bazkide kopurua baino bazkide gutxiago edukitzea urtebetez, etenik gabe.
Horrez gain, sozietate kooperatibo txikia desegiteko kausa izango dira kooperatibako organoak geldirik edo jardun gabe egotea edo justifikaziorik gabe kooperatiba-jarduna etetea, bi kasuetan ere egoera urtebetez luzatzen bada, etenik gabe.
6. ATALA
URTEKO KONTU-GORDAILUEI ETA KONTU-AUDITORETZARI BURUZKO XEDAPENAK
144. artikulua. Urteko kontuekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Euskadiko Kooperatiben Erregistroan gordeta geratzeko sozietate kooperatibo txikiek urtero kontuekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak aurkeztea errazagoa izan dadin, eredu jakin batzuk erabiliko dira: Eusko Jaurlaritzan lan-arloko eskumenak dituen saileko buruaren Agindu baten bidez onartutako eskabide-ereduak eta administrazio- eta ordezkaritza-organoaren ziurtagiri-ereduak.
145. artikulua. Kontu-auditoretza.
Sozietate kooperatibo txikiek kanpoko auditoretzara aurkeztu beharko dituzte urteko kontuak eta kudeaketa-txostena, Kontu Ikuskatzeari buruzko Legeak eta bere garapen-arauek xedatutako moduan.
Gainerako kasuetan, sozietate kooperatibo txikiak batzar orokorrak erabakitzen duenean auditatu beharko ditu kontuak, batzarrean diren eta ordezkatutako bazkideen gehiengoak hala erabakitzen duenean, edo bazkideren batek eskatzen duen bakoitzean. Azken kasu horretan, kontu-auditoretzak eragiten dituen gastuak estatutuetan araututako moduan ordainduko dira.
1. ATALA
BIGARREN MAILAKO EDO MAILA HANDIAGOKO KOOPERATIBAK
146. artikulua. Helburua eta ezaugarriak.
Bigarren mailako edo maila handiagoko kooperatiben helburua da kooperatibak kide modura dituen entitateen eta kidetasun horren ondorioz sortzen den taldearen jarduera ekonomikoa osatzea, sustatzea, koordinatzea, indartzea edo integratzea, elkarteen estatutuetan ezartzen diren nondik norako berekin edo neurri berean.
Estatutuetan jaso beharko da zein diren kooperatiba horren organoari transferituko zaizkion funtsezko ahalmenak, beharrezkoak direnak aipaturiko helburu hori betetzeko. Ahalmen horiek helburu sozialak dirauen artean jarraituko dute indarrean, eta bat egiten duten sozietateetako organoek ezin izango dute aztertu nola egikaritzen diren ahalmen horiek, hargatik eragotzi gabe bidezko gerta daitekeen babes judiziala.
Kooperatiba enpresak integratzeko sortzen bada, haren estatutuetan zehaztuko da zein diren enpresa-jarduera integratuan sartzen diren arloak, zein diren taldeko zuzendaritza bateratua egiteko oinarriak eta zein diren taldearen ezaugarriak.
Estatutuetan arautuko da, gainera, elkartzen diren entitateek egiten dituzten proposamenetatik zein gai edo arlotakoak izango diren aholku soilak ez-lotesleak bigarren mailako edo mailako handiagoko kooperatibentzat. Horri buruzko zalantzarik izanez gero, ulertuko da bigarren mailako edo maila handiagoko kooperatiba horri transferitu zaizkiola helburu sozialarekin zuzenean lotutako ahalmen guztiak, eta haren erabaki eta jarraibideek lehentasuna dutela taldeko entitate bakoitzaren erabakien gainetik.
147. artikulua. Bazkideen ahalmenak, bazkide bilakatzea eta bazkideen bajak.
Sozietate hauetako eskubide osoko kide izan daitezke maila beheragoko kooperatibak eta lan-bazkideak eta izaera publiko edo pribatuko entitate eta pertsona juridikoak, betiere interes edo premia berak badituzte eta estatutuak hori galarazten ez badu. Entitate horiek, guztira, ezin daitezke izan bigarren edo mailako handiagoko kooperatibaren boto guztien erdia baino gehiago. Estatutuetan, muga baxuago bat ezarri ahal izango da.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa eragotzi gabe, halako kooperatibek bazkide laguntzaileak onartu ahal izango dituzte lege honen 19.5 artikuluaren arabera.
Edozein pertsona juridiko bazkide gisa onartzeko, artezkaritza-kontseiluaren gehiengoa beharko da, kontseiluan diren eta ordezkatuta dauden botoen bi herenena, gutxienez, salbu eta estatutuetan beste gehiengo bat xedatu denean. Estatutuek, baina, batzar orokorraren esku utzi ahal izango dute bazkidea onartzeari buruzko erabakia. Azkenik, estatutuek behin-behineko lotura-aldiak edo probaldiak arautu ahal izango dituzte, bi urtera artekoak gehienez.
Pertsona juridikoren batek bazkide izateari utzi nahi badio, eta artezkaritza-kontseiluak salbuespenik onartzen ez badio, aurreabisua aurkeztu beharko du urtebete lehenago gutxienez. Kooperatibatik bereizi baino lehen, bigarren mailako edo maila handiagoko kooperatibarekin hitzartutako betebeharrak bete beharko ditu, edo, artezkaritza-kontseiluak hala erabakiz gero, kalte-ordaina eman beharko dio kooperatibari dirutan. Gainera, eta estatutuetan kontrakorik aurreikusi ezean, bereizitako entitateak jarraitu beharko du, bi urtez gutxienez, baja hartu aurretik hartutako konpromisoak.
148. artikulua. Araubide ekonomikoa.
Bigarren mailako edo maila handiagoko kooperatiba baten sozietate-kapitalari egin beharreko nahitaezko ekarpenak zehazteko, kontuan izango da zer kooperatiba-jarduera duen hitzartuta bazkide bakoitzak kooperatibarekin, estatutuek ezarri bezala, edo bazkide kopuruaren arabera, edo lege honen 61.1 artikuluan lehen mailako kooperatibetarako ezarritako irizpideen arabera.
Erreserba-funtsei eta, hala badagokio, kooperatiba-heziketa eta -sustapenerako eta interes publikoko beste helburu batzuetarako ekarpenari egotzi beharrekoak egotzi eta gero, estatutu bidez hitzartutako kooperatiba-jardueraren arabera banatuko dira emaitzak, irabazienak zein galerenak.
Estatutuek finkatuko dute zer irizpide edo moduluk definitzen duten kooperatiba-jarduera.
149. artikulua. Egitura organikoa eta boto-eskubidea.
Hauek osatuko dute batzar orokorra: bazkide juridikoen ordezkari kopuru batek, entitate bazkide bakoitzak duen boto-eskubidearekiko proportzionala (gehieneko eta gutxieneko mugak ezarri ahal izango dira sozietatearen estatutuetan), eta, hala badagokio, lan-bazkideen ordezkariek. Aldi berean, entitateen boto-eskubidea kooperatiba-jardueran duten partaidetzaren proportzio berekoa izango da, edo bazkide kopuruaren proportzio berekoa. Sozietate kooperatiboa ez den entitate baten botoak, berriz, ezin izango dira, inoiz, bazkideen botoen herena baino gehiago izan, lau bazkide baino gutxiago daudenean izan ezik.
Artezkaritza-kontseilu batek administratuko ditu bigarren mailako edo maila handiagoko kooperatibak, zeinek, estatutuek kontrakorik aurreikusi ezean, hamabost kide izango baititu gehienez ere; kontseilu horretan, entitate sozial guztiek izango dute ordezkariren bat, zuzenean edo zeharka. Bazkide diren entitate horiek legez edo estatutuz ezartzen dena baino gehiago badira, boto gutxien dutenak beren artean elkartu ahal izango dira ordezkariak izendatzeko, baina zaindu beharko dute horren inguruan estatutuek edo barne-erregelamenduek xedatzen dutena.
Kontseiluan izango den boto-eskubidea, berriz, kooperatiba-jardueraren proportzio berekoa edo kontseilariek ordezkatzen dituzten entitateetako bazkideen proportzio berekoa izan daiteke, batzar orokorrak ezarritako mugarekin.
Estatutuetan aurreikusi ahal izango da artezkari hautatuek adituak izendatu ahal izango dituztela harik eta artezkaritza-kontseiluko kideen hereneraino iritsi arte; adituok kooperatibaren bateko kide izan daitezke, edo ez.
150. artikulua. Likidazioa.
Bigarren mailako edo maila handiagoko kooperatiba bat desegiten eta likidatzen bada, bazkideen artean banatuko da soberako aktiboa, azken bost urteetan jasotako itzulkinen proportzio berean, edo, bizitza laburragoa izan duten kooperatibetan, sortze-unetik hasita jasoriko itzulkinen proportzio berean. Horrelakorik ez badago banatuko da bazkide bakoitzak kooperatibaren jardueran duen parte-hartzearekiko proportzioan, edo, bestela, entitate bakoitzak kooperatiba hartan duen kideekiko proportzioan.
151. artikulua. Araudi osagarria.
Atal honetako aurreko artikuluetan aurreikusten ez den kasuetan, estatutuetan eta barne-araubideko erregelamenduan ezarritakoa bete beharko da; halakorik ez badago, berriz, lege honetan lehenengo mailako kooperatibetarako ezarritakoa bete beharko da, bigarren mailako edo maila handiagoko kooperatiben izaerak eta funtzio espezifikoek uzten duten neurrian.
2. ATALA
LANKIDETZA EKONOMIKORAKO BESTE MODALITATE BATZUK
152. artikulua. Enpresa-taldeak.
Aurreko atalean kooperatibak integratzeko araututako moduak gorabehera, edozein mota eta mailatako kooperatibek edozein motatako sozietate, elkarte, talde, kontsortzio eta enpresa-talde sortu ahal izango dute beren artean edo beste pertsona fisiko edo juridiko pribatu edo publiko batzuekin.
Era berean, helburu soziala hobeto bete, garatu edo bermatzeko, aurreko zenbakian adierazitako edozein entitatetan eduki ahal izango dute partaidetza kooperatibek.
Artikulu honetan aurreikusitako eragiketak egiteko, kreditu- edo aseguru-kooperatibek aplikatu behar zaien araudia errespetatu beharko dute beste ezer baino lehen.
153. artikulua. Kooperatiben arteko lankidetza-akordioak.
Kooperatibek lankidetza-akordioak sinatu ahal izango dituzte beste kooperatiba batzuekin, beren helburu sozialak betetzeko. Akordio horien ondorioz, kooperatibek eta beren bazkideek hornidura-eragiketak eta produktu- zein zerbitzu-entregak egin ahal izango dituzte beraiekin akordioa sinatzen duten kooperatibetan. Eragiketa horiek kooperatiba-jardueratzat joko dira, kooperatibek beren bazkideekin egiten dituzten jarduerak bezala.
154. artikulua. Kooperatiba-taldeak.
Lege honen ondorioetarako, kooperatiba-taldea da edozein motatako sozietate kooperatibo batzuek eta taldearen buru den entitateak osatutako multzoa, non buru den entitateak ahalmenak egikaritu edo taldekatu diren kooperatibek nahitaez bete behar dituzten jarraibideak ematen dituen; ondorioz, aipatutako ahalmenen esparruan batasuna agertzen du erabakiak hartzeko orduan. Taldeak kooperatiba-printzipioen arabera jardun beharko du, lege honen 1.2 artikuluan xedatzen denarekin bat.
Integrazio ekonomikoaren mailaren arabera, integrazio bidezko kooperatiba-taldeak edo lankidetza bidezko kooperatiba-taldeak izango dira kooperatiba-taldeak.
Integrazio bidezko kooperatiba-taldetzat joko dira bi betekizun hauek betetzen diren kooperatiba-taldeak:
Kooperatiba-taldeak zuzendaritza nagusi bat izatea taldeko kooperatiba guztientzat.
Ekonomia kudeatzeko ahalmenen zentralizazio-mailari esker, kooperatibek benetako batasun ekonomiko bat lortzea, nork bere nortasun juridikoa izan arren.
Horrela ez bada, kooperatiba-taldeak lankidetza bidezko talde bat osatuko du.
Batasun ekonomikoa dagoela ulertzeko, ez da nahikoa izango zuzendaritza nagusi bat komunean izatea; honako egoera hauetakoren bat ere gertatu beharko da:
Egitatezko merkataritza-, finantza- edo ondare-harremanak egotea, zeinak benetan taldeko entitateren baten mende egotea eragingo duen.
Taldeko kooperatibek hirugarren ez-bazkideekin zuzenean egiten dituzten eragiketak direla-eta, erantzukizun solidarioko akordio bat izatea kanpoarekiko; betiere, eragiketa horiek iraunkorrak eta beharrezkoak ez osagarriak badira enpresa-jarduerarako.
Konpromisoa izatea aldian-aldian baliabide-ekarpena egiteko nork bere kooperatibaren emaitza-kontuen arabera, betiere egin beharreko ekarpenak kooperatiba bakoitzaren aurreko soberakin garbien ehuneko berrogeita hamar baino gehiago badira.
Kooperatiba-taldeko bi sozietatek edo gehiagok harremanak izatea beren artean, eta, harreman horien bidez, kontuak finkatzeko betebeharra sortzea, Merkataritza Kodearen 42.1 eta 43. artikuluetan arautzen den bezala.
Kasu hauetakoren bat bakarrik gertatzen bazaie taldeko kooperatiba batzuei, sozietate kooperatibo horiek bakarrik joko dira integrazio bidezko kooperatiba-talde bateko kidetzat.
Artikulu honetan kooperatiba-taldeentzat xedatzen den araubidea eraginkorra izan dadin, araubide horretan xedatutako betekizunak bete behar dira.
Euskadiko Kooperatiben Erregistroan sozietate kooperatibo bakoitzari dagokion orrian egingo da idatzoharra, kooperatiba talde batekoa dela edo taldetik bereizten dela adierazten duena.
Interesa duen kooperatibak eskatu beharko du idatzoharra egiteko, kooperatiba-talde batekoa dela edo taldetik bereizten dela adierazten duena. Inskripzio hori egin ez arren, agindu honek erabateko indarra eta eraginkortasuna izango du.
Jarraibideak emateak kudeaketaren, administrazioaren eta gobernuaren hainbat eremuri eragin ahal izango dio, zeinen artean egon daitezkeen:
Oinarri diren kooperatibetan estatutu- eta erregelamendu-arau erkideak ezartzea.
Oinarri diren entitateen artean, sozietate-harremanak ezartzea.
Aldian-aldian ekarpenak egiteko konpromisoak; ekarpen horiek kalkulatzeko, kontuan izango da norbere enpresaren bilakaera edo emaitza-kontua.
Nolanahi ere, taldearekin hartutako konpromiso orokorretan oinarritu beharko dira emandako jarraibideak edo bete beharreko ahalmenak; dena den, ezin izango dira inoiz exijitu baldin eta kooperatiba bat edo gehiago espresuki salbuetsi badira zenbait arau edo konpromiso betetzeko betebeharretik.
Kooperatiba-taldean sartzeko, oinarri diren entitateetako bakoitzaren hasierako erabakia beharko da, entitate bakoitzaren eskumen eta funtzionamenduaren gaineko arauei jarraituta.
Taldearen aurrean norberaganatutako konpromiso orokorrak idatziz gauzatu behar dira taldeburu den entitatearen estatutuetan, sozietate kooperatiboa bada, edo beste kontratu-agiriren batean, halakoa ez bada, eskritura publikoaren bidez gauzatuta, eta idazki horietan nahitaez jaso behar dira honako hauek: kontratuaren iraupena, mugatua bada; kontratua aldatzeko prozedura; sozietate kooperatiboren bat banatzeko prozedura, eta taldeburu den entitateari hark egikaritzeko eman zaizkion ahalmenak. Taldeburu den entitatearen organo gorenaren erabakia beharko da, hala ezarri bada, konpromiso horiek aldatu, handitu edo amaitzeko.
Talde bateko sozietate kooperatiboek hirugarren ez-bazkideekin zuzenean egiten dituzten eragiketen erantzukizuna eurena izango da, eta ez taldearena edo taldea osatzen duten beste sozietate kooperatiboena.
155. artikulua. Kooperatiba mistoak.
Kooperatiba mistoak dira bazkide minoritarioak dituztenak, zeinen batzar orokorreko boto-eskubidea ekarri den kapitalaren arabera modu esklusiboan edo lehentasunezkoan zehaztu ahal izango den; kapital hori kontuko idazpen edo tituluen bidez azalduko da eta balio-merkatua arautzen duen legeriaren mende egongo da.
Legez ezarritako kooperatiba motaren baten barruan sartu behar dira kooperatiba mistoak eta, bazkide kooperatzaileen, ez-aktiboen edo ez-erabiltzaileen, edo laguntzaileen eskubide eta betebeharren ondorioetarako, zein kooperatiba motatakoak izan, kooperatiba mota horretako arauak bete beharko dituzte.
Kooperatiba horietan, honela banatuko da batzar orokorrean botoa emateko eskubidea:
Boto guztien ehuneko berrogeita hamaika, gutxienez, bazkide kooperatzaileei emango zaie, estatutuek zehazten duten proportzioan.
Boto guztien ehuneko berrogeita bederatziko kuota, gehienez ere, boto-eskubidea duten sozietate-zatien artean banatuko da, eta estatutuetan zehaztuko; estatutuek hala onartzen badute, aukera egongo da boto horiek merkatuan libreki negoziatzeko.
Boto-eskubidea duten sozietate-zatien kasuan, estatutuek eta, osagarri modura, kapital-sozietateei buruzko legeriak akzioen gainean xedatzen duenak ezarriko dute zein diren haien titularren eskubide eta betebeharrak eta zein den ekarpenak egiteko araubidea.
Bazkide-talde bakoitzak urteko soberakinetan duen partaidetza zehazteko (berdin delarik soberakinak positiboak edo negatiboak diren), kontuan izango da zer boto-portzentaje duen talde bakoitzak artikulu honetako 3. atalean aurreikusitakoaren arabera.
Boto-eskubidea duten sozietate-zatien jabeei egotzi beharreko soberakinak, berriz, haietako bakoitzak jarritako kapitalaren arabera banatuko dira euren artean. Gainerako bazkideei egotzi beharreko soberakinak, berriz, bazkide horien artean banatuko dira, lege honek araubide arrunteko kooperatibentzat definitzen dituen irizpide orokorren arabera.
Talde bi horietakoren baten eskubideak eta betebeharrak beste era batera arautzeko, dagokion taldearen gehiengoaren adostasuna eskatuko da; adostasun hori lortzeko, taldeok nork bere botazioa egin ahal izango dute batzar orokorrean edo biltzar berezian eta partzialean.
Era honetako kooperatibak eratzen direnean, sortu edo aldatzen direlako, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak baimendu ahal izango du likidazio kasuetarako estatutuek Nahitaezko Erreserba Funtsa banatzeko xedatzen dutena, aurreko 4. zenbakian azaltzen diren irizpideen arabera eta sozietatearen ondasunak banatzeko 98. artikuluan ezarritako gainerako adjudikazio-arauak beteta.
156. artikulua. Interes soziala, onura publikoa eta ekimen soziala.
Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoek beren gain hartzen dute, interes sozialeko funtzio modura, kooperatibak eurak eta kooperatibek enpresa integratu eta ordezkatzeko dituzten egiturak sustatu, bizkortu eta garatzeko lana.
Era berean, eta betiere enpresen ordezkagarritasunari buruz indarren dauden erregelak eragotzi gabe, Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatuta dauden eta jarduera egiaztatuta duten kooperatiben ehuneko hirurogei baino gehiago elkartzen duen entitatea jotzen du berariazko agente sozialtzat, euskal kooperatibismo osoaren bitartekari eta ordezkaritzat, edo, kooperatiba horietako bazkide kopurua Erregistro horretan inskribatuta dauden eta jardunean ari diren kooperatibetako bazkide guztiekiko ehuneko bera baino handiagoa denean.
Eusko Jaurlaritzak kooperatiba-sistema aplikatzeko aukerei buruzko informazioa sustatuko du, batez ere enplegu berriak sortzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa txiki eta ertainen arazoei aurre egiteko, eta zabalkunde-, prestakuntza- eta orientazio-programak egitea bultzatuko du, informazio hori guztia gizarte-solaskide guztiei zabaltze aldera. Eginkizun honetarako, bestalde, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren laguntza eskatuko du.
Eusko Jaurlaritzak onura publikoko kooperatibatzat joko ditu beren funtzioak garatu eta Euskal Autonomia Erkidegoko interes orokorra sustatzen laguntzen duten kooperatibak, betiere erregelamenduz ezartzen diren prozedura, araubide eta betekizunen arabera.
Eskubide hauek izango dituzte onura publikoko deklarazioa lortzen duten kooperatibek:
Dokumentu guztietan, «onura publikokoa» aipamena erabiltzea entitatearen izenaren ondoan.
Beren iritzia entzunda izatea, dagokien federazio edo konfederazioen bidez, beren jarduerari zuzenean lotutako xedapen orokorrak edo beraientzako programa garrantzitsuak prestatzen direnean.
Kasu bakoitzean onartzen diren salbuespenak, hobariak, dirulaguntzak eta gainerako onura ekonomiko, fiskal eta administratiboak izatea.
Alde batera utzita zer motatakoak diren, irabazi-asmorik gabeko kooperatiba-entitateak gizarte-ekimeneko kooperatibatzat joko dira, baldin eta helburu sozialtzat badute asistentzia-zerbitzuak ematea osasun- hezkuntza- eta kultura-jardueren edo gizarte-izaerako bestelako jarduera batzuen bidez, edo helburutzat badute gizarte-bazterketa jasaten duten pertsonen laneratzea eta, oro har, merkatuak erantzuten ez dituen gizarte-premiak asetzea; betiere erregelamenduz ezarritako prozedura, araubidea eta betekizunen arabera.
Lan-arloko eskumena duen sailaren bidez jardungo du Eusko Jaurlaritzak kooperatibismoko arloan, eta sail horri behar dituen baliabide pertsonal eta materialak jarriko dizkio dituen sustapen-, zabalkunde-, prestakuntza-, ikuskaritza- eta erregistro-funtzioak bete ditzan, hargatik eragotzi gabe beste sail batzuek ere betetzea beren eskumenak, aplikatu beharreko legeri espezifikoak onartzen dizkienak.
157. artikulua. Kooperatibismoa sustatu eta zabaltzeko neurriak.
Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoek, nork bere eskumen-eremuan, kooperatibismoaren printzipio eta balioak aztertzea eta zabaltzea bultzatuko dute eta kooperatiben jarduera ekonomikoak sustatuko dituzten ingurune sozial eta ekonomikoak ahalbidetuko dituzte; horretarako, teknologia- eta antolamendu-berrikuntzetarako irispidea erraztuko diete eta sozietate kooperatiboek dituzten ekimenak bultzatuko dituzte.
Bereziki, sustapen-neurri hauek hartuko dituzte:
Ziurtatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko kooperatiba-mugimenduak erakunde-ordezkaritza izatea lege honen 156.1 eta 163.2 artikuluetan aipatutako terminoetan, eta bultzatuko da kooperatibismoak ordezkariak eta solaskideak izatea kontsulta- eta erabakitze-eremuetan eta erakunde-ordezkaritzako organismoetan, baita hori pixkanaka araudian kontsolidatzea ere.
Zerga-kalifikazioa gorabehera, kooperatibak handizkariak izango dira; beraz, haiei dagozkien prezioak eta tarifak aplikatuko zaizkie, eta txikizkari gisa zehaztu ahal izango dituzte banaketak edo salmentak.
Ez dira salmentatzat joko kooperatibek bazkideei entregatzen dizkieten ondasunak eta zerbitzuak, kooperatibek berek sortzen dituztenak edo beren helburuak betetzeko hirugarren ez-bazkideei erosten dizkietenak.
Legez onartutako edozein figura juridikoren bitartez beren enpresak kontzentratzen dituzten kooperatibek enpresa-taldekatzeari eta enpresa-kontzentrazioari buruzko legeriak eskaintzen dituen onurak izango dituzte.
Euskal administrazio publikoek eta beren mendeko enteek bultzatuko dute sozietate kooperatiboen lehenespen-eskubidea jaso dadila, administrazio-baldintzen orrian berdinketa hausteko jasotzen diren irizpideen artean, beraiek deitutako obra-, zerbitzu- eta hornidura-kontratuetako adjudikazioetan, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean ezarritakoari jarraituz.
Artikulu honetako 2. atalean zehaztutako handizkari-izaera eragotzi gabe, kontsumo-kooperatibak kontsumitzaile zuzentzat joko dira ondorio guztietarako, betiere hirugarren ez-bazkide batzuek zuzkitu edo hornitzen badizkiete beren eginkizunak garatzeko behar dituzten produktu edo zerbitzuak.
Ondorio guztietarako, lehen mailako transformazio-izaera duten kooperatiba barneko jardueratzat joko dira nekazaritzako eta elikagaien kooperatibek eta haiek taldean biltzen dituzten bigarren mailako edo maila handiagoko kooperatibek produktu edo gaien bitartez, are hirugarren ez-bazkideek hornituak ere, gauzatzen dituzten eragiketak, baldin eta produktu edo gai horiek bazkideen ustiategietarako baino ez badira bideratzen.
Beren helburu soziala betetzeko, onura publikokoak deklaratutako etxebizitza-kooperatibek kudeaketa publikoko lursailak erosi ahal izango dituzte zuzeneko adjudikazio-sistemaren bidez.
Hezkuntza-arloan, Eusko Jaurlaritzak deialdi espezifikoak bultzatuko ditu, bere eskumenen eremuan, ikaskuntza-kooperatibetan egindako inbertsioak finantzatzen laguntzeko, eta, hezkuntza-programak sustatuz, kooperatibismoaren balioak eta printzipioak sartzeko hezkuntza-sistemako maila guztietako hezkuntza-curriculumetan, haur-hezkuntzatik hasi eta unibertsitate-prestakuntzara iritsi arte.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoak neurriak hartuko ditu kooperatiben presentzia kuantitatiboa eta kualitatiboa sustatzeko hainbat sektoretan; esate baterako, landa-garapenean, mendekotasunean, gizarteratzeko sektorean eta laguntza-jardueretan. Horretarako, bere eskumenak egikaritu, eta kooperatibek kontratazio publikoko prozeduretan parte hartzea sustatuko du.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoak aholkularitza-, laguntza- eta babes-neurriak ezarriko ditu, gizarte-ekonomia sustatzeko programen esparruan, krisi enpresarialeko prozesuetatik sor daitezkeen proiektu kooperatiboen bideragarritasunerako.
Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoek kooperatibak sortzea eta haiek zerbitzu publikoen kudeaketan parte hartzea bultzatuko dute, zerbitzu publikoak garatzeko eta hobetzeko.
Ildo horretan, botere publikoek aurreikusi ahal izango dute zerbitzu publikoko sozietate kooperatiboak sortzea zerbitzu publiko horiek emateko, kontratazio publikoko araubidea erregulatzen duten legezko eta erregelamenduzko xedapenen arabera; zerbitzu horietatik kanpo utziko dira agintaritza publikoa erabiltzea eskatzen duten zerbitzu publikoak. Sozietate kooperatibo horietan, bazkide sustatzaile modura parte hartuko dute eskumena duten entitate publikoek eta, hala badagokio, eta kontratazio publikoko printzipioei jarraituz, sektorean esperientzia dutela erakusten duten entitate pribatuek; era berean, kooperatibaren helburu sozialaren parte diren zerbitzuen erabiltzaileek eta sozietatean lan egiten duten bazkide langileek ere parte hartu ahal izango dute. Nolanahi ere, entitate publiko sustatzaileek kontrolatuko dituzte zerbitzu publikoak emateko baldintzak.
158. artikulua. Kooperatiba-ikuskaritza.
Eusko Jaurlaritzan lan-eskumena duen sailari dagokio ikuskaritza-funtzioak egikaritzea lege hau betetzen dela ikuskatzeko, hargatik eragotzi gabe Eusko Jaurlaritzako sailek edo beste administrazio publiko batzuek ere funtzio horiek bete ahal izatea nork bere eskumenen arabera.
Batez ere, prebentziorako eta lege hau hobeto betetzen laguntzeko egikarituko da ikuskaritza-funtzioa. Ikuskaritzak, bestelako jarduketak egin baino lehenago, eskatu ahal izango du, betiere kasu bakoitzeko egoerek aholkatzen dutenean eta eskubide legitimoen titularrei kalterik eta galerarik eragin gabe.
Ikuskaritzaren xede den jokaera zuzendu eta konpontzeak errugabetzea eta ikuskaritza-espedientea amaitzea eragingo du.
159. artikulua. Kooperatiben arau-hausteak.
Lege honetan arau-hauste gisa tipifikatutako ekintzen eta ez-betetzeen erantzule dira sozietate kooperatiboak, administratzaileak, zuzendari eta kudeatzaileak, ahaldunak eta zaintza-batzordeko kideak eta likidatzaileak, betiere dena delako arau-hauste edo ez-betetzea pertsonalki egotzi ahal zaien neurrian.
Arau-hauste oso astunak dira:
Soberakin baliagarrien inguruan lege honek aipatzen dituen gutxieneko portzentajeak ez zuzentzea Nahitaezko Erreserba Funtsera eta kooperatiba-heziketa eta -sustapenerako eta interes publikoko beste helburu batzuetarako ekarpenera.
Kooperatiba-heziketa eta -sustapenerako eta interes publikoko beste helburu batzuetarako ekarpena ez aplikatzea lege honek zehazten duen moduan.
Bazkideen artean banatzea nahitaezko gizarte-funtsak, erreserba-funts banaezinak edo likidazioaren ondorioz geratzen den ondasun garbia, eta, horrela, lege honek aurreikusitakoa haustea.
Lege honetan aitortutako kooperatiba-printzipioak nabarmenki haustea, edo kooperatibaren figura tresna modura edo faltsuki erabiltzea kooperatibarekin zerikusirik ez duten helburuak ezkutatzeko.
Arau-hauste astunak dira:
Orokorrean edo behin eta berriro urratzea bazkideen eskubideak, proposamenak egiteari, informazioa jasotzeari eta parte hartzeari buruzkoak.
Galerak egozteari buruzko lege-xedapenak urratzea.
Kooperatibak konpentsatu gabeko galerak dituenean, ez betetzea kooperatibako balantzearen erregularizazioaren emaitzaren helmugari buruzko arauak.
Lege-xedapenak urratuta sozietatearen kapitalari egin beharreko ekarpenen interesak sortzea.
Legeak hirugarren ez-bazkideekin espresuki debekatzen dituen eragiketak egitea.
Objekzioak jartzea eragozpenak jartzearren Administrazioak jarritako salaketa-idazkiaren bidez egiaztatutako ikuskatze-lana egin ez dadin, edo ez onartzea halako lanik egitea.
Besteren konturako langileak kontratatzean, legeak araututako mugak gainditzea.
Arau-hauste arinak dira lege honetan ezarritako debekuak urratzea, betiere gatazkarik sortzen ez badute alderdien artean eta ezin badira jo astuntzat edo oso astuntzat.
160. artikulua. Kooperatiben zehapenak.
Isun hauekin zehatuko dira arau-hausteak: arinak, 300 eurotik 1.000 eurora arte; astunak, 1.001 eurotik 3.000 eurora arte; eta oso astunak 3.001 eurotik 30.000 eurora arte, eta bide emango dute kooperatiba deskalifikatzeko, bat etorriz hurrengo artikuluan erregulatzen denarekin.
Arau-hauste arinak, astunak eta oso astunak mailakatu egingo dira gutxieneko zehapena aplikatzeko, erdikoa aplikatzeko edo zehapenik handiena aplikatzeko; horretarako, kontuan izango da zer garrantzi duten, zer ondorio duten ekonomian eta gizartean, eta nola jokatzen duten arau-hausleek (asmo txarrez, faltsukeriaz, engainatzeko asmoz edo arau-haustean berreroriz), eta zein den zehatutako kooperatibaren ahalmen ekonomikoa edo eragiketa-bolumena, eta zenbatekoa den ukitutako pertsonen kopurua, berdin izanik pertsona horiek bazkideak diren ala ez. Zehapenak mailakatzeko, bestalde, kontuan hartuko da ea aurretik ikuskatzealdian egindako ohartarazpenak eta errekerimenduak bete diren ala ez, edo kooperatibak bete dituen ala ez hartutako konpromisoak.
Arau-haustean berreroriz gero, goragoko mailan kalifikatu ahal izango da arau-haustea. Berrerortzetzat joko da lehendik zehapen-prozedura operatibo batean zehatu den, eta irmo bilakatu den, arau-hauste baten maila bereko edo maila handiagoko besta arau-hauste bat egitea.
Aurreko zehazpena irmo bilakatu eta bi urte igaro ostean, ez da berrerortzetzat joko beste arau-hauste bat egitea. Nolanahi ere, arau-haustea behin eta berriro eginez gero, zehapen gehigarri bat ere ezarri ahal izango da, isun nagusi modura ezarri denaren ehuneko hogeira artekoa izan daitekeena.
Epe hauetan preskribatuko dira lege honetan ezarritako arau-hausteak: arau-hauste arinak, sei hilabetera; astunak, urtebetera, eta oso astunak, azkenik, bi urtera. Arau-hausteen preskripzio-epea arau-haustea egin zen egunetik aurrera hasiko da kontatzen.
Epe hauetan preskribatuko dira ezarritako zehapenak: oso astunengatik ezarritakoak, bi urtera; astunengatik ezarritakoak, urtebetera, eta arinengatik ezarritakoak, sei hilabetera. Zehapenen preskripzio-epea hasiko da kontatzen zehapena ezartzen duen ebazpena gauzatu daitekeen egunetik aurrera edo hura errekurritzeko epea igarotzen denetik aurrera.
Eusko Jaurlaritzan lan-arloko eskumenak dituen sailari dagokio zehatzeko ahala egikaritzea, honako eskuduntza hauei jarraikiz:
Ekonomia sozialaren arloko zuzendaritza eskudunaren titularrari dagokio arau-hauste arin eta astunengatiko zehapenak ezartzea.
Ekonomia sozialaren arloko zuzendaritza eskuduna bere mende duen sailburuordetzaren titularrari dagokio arau-hauste oso astunengatiko zehapenak ezartzea.
Eusko Jaurlaritzan lan-arloko eskumena duen sailari dagokio proposatzea onar dadin kooperatiba zehatzeko prozedura arautzen duen erregelamendua, zeina egingo baita Administrazioaren zehapen-araubidea eta haren printzipio eta bermeak aplikatzeko legeriaren arabera. Ezin izango da, inoiz, zehapenik ezarri baldin eta aurretik ez bada egin dagokion espedientea arestian adierazitako printzipio eta bermeen arabera.
Ustezko arau-hauste oso astunengatik egindako zehapen-espedienteak ebazteko, aurretiko txostena eman beharko du Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak, eskaera egin ondorengo hirurogei egunetan; epe horretan eman ezean, egintzat joko da izapidea.
161. artikulua. Kooperatiba deskalifikatzea.
Honako hauek izan daitezke kooperatibak deskalifikatzeko arrazoiak:
Lege honen 159.2 artikuluan oso astuntzat jotzen diren arau-hausteak egitea, baldin eta ekonomian edo gizartean kalteak eragiten badituzte edo eragin ahal badituzte, edo kooperatiba-printzipioak behin eta berriro eta nabarmenki urratzen badituzte.
Kooperatiben organo sozialek jarduerarik ez izatea edo haien helburu soziala ez betetzea hiru urtean eta gehiago jarraian.
Oro har, sozietatea kooperatiba moduan kalifikatu ahal izateko beharrezkoak diren baldintzak galtzea edo haiek ez betetzea, salbu eta kooperatiba deuseztatzeko arrazoiak daudenean.
Zehapen-espediente baten ondorioz emandako ebazpen irmoa, aurreko artikuluan adierazten denaren ondorioz emana.
Eusko Jaurlaritzan lan-arloko eskumena duen sailak jakiten duenean kooperatiba bat deskalifikatzeko arrazoia dagoela, errekerimendua egingo dio kooperatiba horri, zuzendu beharrekoa zuzen dezan, gehienez ere sei hilabeteko epean, jakinarazpena jasotzen duenetik edo errekerimendu hori argitaratzen den unetik aurrera kontaturik. Errekeritutakoa ez betetzeak deskalifikazio-espedientea hastea ekarriko du.
Kooperatiba deskalifikatzeko prozedura horrek honako berezitasun hauek izango ditu administrazio-prozedura erkidea zuzentzen duten arau orokorren aldean:
Eusko Jaurlaritzan lan-arloaren eskumena esleituta duen sailburuak izango du deskalifikatzeko erabakia hartzeko eskumena, dagokion kontraesan-prozedura bete eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak aldez aurreko txostena eman eta gero, zeina hirurogei eguneko epean, txostena formalki eskatzen denetik, eman beharko baitu; epearen barruan egiten ez du, egintzat joko da izapidea. Deskalifikatzeko prozeduraren ondorioetarako, ez dira lotesleak izango Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren txostenak.
Entzunaldiaren nahitaezko izapidea betetzean, administratzaileen bidez pertsonatuko da kooperatiba, edo, halakorik ez badago, gutxienez hiru bazkide pertsonatuko dira. Kooperatiba pertsonatzen ez bada, betetzat joko da izapidea, eta ohar bat argitaratuko da, gutxienez bitan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta beste horrenbeste aldiz egunkari batean: zein udalerritan dagoen kooperatibaren sozietate-egoitza, udalerri horretan zabalkunde handia duen egunkari batean.
Bide judizialetik berrikusi ahal izango da deskalifikatzeko administrazio-ebazpena, administrazio-bidea amaitzen duena, eta ezin izango da inola ere betearazi harik eta epai hori berresten duen epai irmoa eman arte.
Behin deskalifikatzeko ebazpena irmoa denean, ofizioz izango ditu erregistro-ondorioak, eta horrek ekarriko du kooperatiba desegitea edo transformatzea, sei hilabeteko epean, administrazio-ebazpena betearazlea denetik aurrera kontaturik. Epe hori amaitu eta gero, deskalifikazioak kooperatiba desegitea ekarriko du nahitaez. Une horretatik aurrera, administratzaileek, zuzendari kudeatzaileek eta, hala badagokio, likidatzaileek, pertsonalki eta solidarioki erantzungo dute sozietatearen zorrengatik, beren artean eta kooperatibarekin, hargatik eragotzi gabe lege honek tipifikatzen dituen beste arau-hauste batzuk.
162. artikulua. Kooperatibetan aldi batean esku hartzea.
Kooperatiba baten funtzionamenduan diren irregulartasunen ondorioz premiazko neurririk hartu behar bada bazkideen edo hirugarren ez-bazkide batzuen interesak larriki ez lesionatzeko, Eusko Jaurlaritzan lan-arloko eskumena esleituta duen sailak honako neurri hauek hartu ahal izango ditu ofizioz edo edozein interesdunek arrazoiak eman eta eskatuta kooperatiban esku hartzeko aldi batean:
Kontu-hartzaile bat edo gehiago izendatzea; kontu-hartzaile horrek ahalmena izango du batzar orokorreko deia egiteko eta haren eguneko gai-zerrenda ezartzeko eta batzarburu jarduteko.
Kontu-hartzaile bat edo gehiago izendatzea kooperatibako organoak gainbegiratu eta kontrolatzeko; kontu-hartzaile horiek onartu ezean, kooperatibaren erabakiek ez dute baliorik izango, eta erabat deusezak izango dira.
Aldi baterako etetea kooperatibako administratzaileen jardute-ahalmena, eta behin-behineko administratzaile bat edo gehiago izendatzea haien funtzioak beregana ditzaten.
Neurri horiek hartu aurretik, txostena eman beharko du Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak, luzatu ezineko hamabost eguneko epean; epe hori igaro eta gero, izapide hori egintzat joko da.
Eusko Jaurlaritzan lan-arloko eskumena duen sailburuak erabaki du aldi batean esku hartu behar den eta, horretarako arrazoiak desagertuta, neurri hori bertan behera utzi behar den. Erabaki horiek indarra izango dute Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren egunetik aurrera.
163. artikulua. Printzipio orokorrak.
Sozietate kooperatiboak diren aldetik, kooperatibek askatasunez eta beren borondatez elkartu ahal izango dira kooperatiba-batasun, -federazio eta -konfederazioetan beren interesak defendatzeko eta sustatzeko, hargatik eragotzi gabe beste moduren batean ere elkartu ahal izatea, elkartze-eskubidea arautzen duen legeria orokorraren arabera.
Euskal Autonomia Erkidegoko kooperatiba-mugimendua osatzen dute hala kooperatibek nola kooperatiba-batasunek, -federazioek eta -konfederazioek eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak.
Euskal Autonomia Erkidegoko aginte publikoek hartu beharreko neurri guztiak hartuko dituzte kooperatiba-entitateen arteko asoziazionismoa eta haien arteko lankidetza-harremanak sustatzeko, eta programak sustatuko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko kooperatiba-erroldak berrikusi, eguneratu eta teknikoki arazteko.
164. artikulua. Kooperatiba-batasunak, -federazioak eta -konfederazioak.
Jarduera ekonomikoko sektore bereko kooperatiba bik edo gehiagok kooperatiba-batasun bat sortu ahal izango dute.
Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dauden eta egoitza duten mota bereko sozietate kooperatiboek federazioak sortu ahal izango dituzte beren artean edo kooperatiba-batasunekin.
Kooperatiba-batasunek «Euskadiko» hitza gehitu beharko diote sozietatearen izenari baldin eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatuta dauden eta jarduera egiaztatuta duten kooperatibetatik gutxienez ehuneko berrogeita hamar elkartzen badira edo federatutako entitateetako bazkide kopurua handiagoa bada erregistro horretan izena emanda duten eta jardunean ari diren kooperatibetako bazkide guztien portzentaje berari dagokion bazkide kopurua baino.
Euskal Autonomia Erkidegoan, mota desberdinetako kooperatiba-federazioek bat egin ahal izango dute kooperatiba mota desberdinak ordezkatzen dituzten federazioak sortzeko.
Kooperatiba-federazioek konfederazioak sortu ahal izango dituzte.
Konfederazio batek Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dauden kooperatiba-federazioen ehuneko hirurogei elkartzen badu gutxienez, «Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa» izango da haren izena.
Hona zein diren kooperatiba-batasun, -federazio eta -konfederazioen eginkizunak:
Elkartzen dituzten kideak ordezkatzea, estatutuetan ezarritakoaren arabera.
Adiskidetze-funtzioak egikaritzea, elkartzen dituzten entitateen artean sortzen diren gatazketan edo entitate eta bazkideen artean sortzen direnetan.
Bazkideentzako zerbitzuak antolatzea: aholkularitza, laguntza juridiko eta teknikoa, kontabilitate-laguntza, eta haien intereserako komenigarriak izan daitezkeen guztiak.
Kooperatiba-sustapena eta prestakuntza bultzatzea.
Euskadiko Kooperatiben Erregistroarekin lankidetzan jardutea erregistro horretan inskribatuta dauden sozietateen zentsua eguneratzeko eta arazteko lanak egiteko.
Antzeko beste edozein jarduera egitea.
Lege honen babesean eratutako kooperatiba-batasunek, -federazioek eta -konfederazioek sortze-akta aurkeztu beharko dute Euskadiko Kooperatiben Erregistroan, beren sustatzaileen bidez, nortasun juridikoa eta jarduteko ahalmen osoa izateko. Sortze-aktak, bestalde, honako hauek jaso beharko ditu:
Entitate sustatzaileen zerrenda.
Elkartzeko erabakiaren egiaztagiria.
Entitatearen ordezkaritza- eta gobernu-organoen osaera.
Lan-arloko eskumena duen ministerioko kooperatiben erregistroaren eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroaren egiaztagiriak, izen bereko beste entitaterik ez dagoela ziurtatzen dutenak.
Sozietatearen estatutuak, honako hauek jasoko dituztenak:
Entitatearen izena.
Entitatearen helbidea eta lurralde- eta jardute-eremua.
Ordezkaritza- eta administrazio-organoak, nola jarduten duten organo horiek, eta zein den kargudunak hautatzeko araubidea.
Zer betekizun eta prozedura bete behar diren elkartutako entitate izateko eta izaera hori galtzeko, eta zein den estatutuak aldatzeko eta entitateak batzeko eta desegiteko araubidea.
Zein den entitatearen araubide ekonomikoa, adierazita zein den baliabideen izaera, jatorria eta helburua eta zer baliabide dituzten entitate elkartuek egoera ekonomikoa ezagutzeko.
Artikulu honetan erregulatzen diren entitateekin Euskadiko Kooperatiben Erregistroak egin behar dituen jarduerak ez dute sortze-izaerarik izango, eta elkarteen gaineko erregistro-araubidea bete beharko dute.
Kooperatiba-batasun, -federazio eta -konfederazioei lege honetan kontabilitateari eta kontu-auditoretzari buruz erregulatutakoa aplikatuko zaie. Gainera, sozietatearen estatutuetan espresuki erregulatu ez den kasuetan, lege honetan izaera orokorrarekin ezarritakoa bete beharko da.
165. artikulua. Izaera, osaera eta funtzioak.
Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua, kooperatibismoa sustatzeko eta haren berri zabaltzeko organo goren gisa sortua, euskal administrazio publiko guztientzako kontsulta- eta aholku-entitate publiko gisa eratzen da kooperatibismoaren inguruko gai guztietan.
Nortasun juridiko propioa izango du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarenaz bestelakoa; era berean, ahalmen osoa izango du bere funtzioak betetzeko.
Hona zein diren Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren funtzioak:
Kooperatiba-mugimenduaren printzipioak zabaltzea; erraztasunak ematea eta lankidetza eskaintzea kooperatibak garatu eta sustatzeko programak ikertu, planifikatu eta betetzeko, eta kooperatibei buruzko heziketa eta prestakuntza bultzatzea.
Kooperatibei edo haien elkarteei zuzenean eragiten dieten lege- edo erregelamendu-xedapenetako proiektuei buruz nahitaez txostenak egitea, eta azterlanak eta proposamenak egitea eta irizpenak ematea bere eskumeneko gaiei buruz. Era berean, kooperatibei edo haien erakundeei zuzenean eragiten dieten dirulaguntzen oinarri erregulatzaileei buruzko txostenak egitea.
Administrazioarekin lankidetzan jardutea lege honetan xedatutakoa zabaldu eta betetzeko; bereziki, kooperatiba-printzipioak. Hain zuzen ere, kooperatiba-printzipioak betetzen direla zainduko du (bereziki kontrol demokratikoa eta bazkideen partaidetza ekonomikoa), hargatik eragotzi gabe Eusko Jaurlaritzaren edo beste administrazio publiko batzuen ikuskaritza-funtzioak, bat etorriz 147.1 artikuluan xedatutakoarekin.
Interes erkideko zerbitzuak antolatzea kooperatiba-federazioentzat, eta, hala badagokio, kooperatibentzat.
Euskal Autonomia Erkidegoko antolamendu sozioekonomikoari buruzko lege- eta erakunde- araubidea hobetzen laguntzea, eta hori lortzeko existitzen diren erakunde eta organismoetan parte hartzea.
Arbitraje-bidez esku hartzea kooperatiben artean, kooperatiben eta haien bazkideen artean edo kooperatiben barruan bazkideen artean sor daitezkeen auziak ebazteko, baldin eta alderdi biek eskatzen badute edo alderdiok hori egitera behartuta badaude beren estatutuen, barne-erregelamenduaren edo konpromiso-klausula baten arabera. Auzigaiok, nolanahi ere, alderdiek askatasun osoz eta zuzenbidearen arabera erabakitako gaiei buruzkoak izan beharko dute; batez ere, kooperatiben printzipio, arau, ohitura eta jokabideak interpretatu eta aplikatzeari buruzkoak.
Edozein delarik ere kooperatiba mota, kooperatibetako bazkideen eta kooperatiben artean sortzen diren auziak ebazteko, kooperatibako barne-bidealege honetan eta berau garatzeko arauetan, sozietate-estatutuetan edo kooperatibaren barne-arauetan ezartzen dena agortu beharko da gatazkak ebazteko bidetik jo baino lehen; hau da, barne-bidea agortu beharko dute jurisdikzio eskudunera edo epaiketaz kanpoko bidera jo baino lehen.
Lege honek gomendatzen dizkion gainerako guztiak.
Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua osatuko dute kooperatiben ordezkariek, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariek, hiru lurralde historikoetako foru-aldundien ordezkariek eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateen ordezkariek.
Kooperatiben ordezkaritza, kontseiluan gehiengoa izango duena, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren bidez gauzatuko da.
Erregelamenduz zehaztuko da zein diren kontseiluko organoen egitura, osaera eta funtzioak, zein den lehendakaria eta idazkari nagusi teknikoa hautatzeko sistema eta zein diren haien eskumenak eta langileen lan-araubidea.
Ekonomia- eta finantza-autonomiako printzipioan oinarrituta, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak bere aurrekontua onartu eta egikarituko du; aurrekontu hori finantzatzeko, honako diru-iturri hauek erabiliko ditu:
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan izendatzen zaizkion diru kopuruak.
Lege honetako 98.2 artikuluko a) eta d) letretan definitutako diru kopuruak.
Kooperatiba-mugimenduaren ekarpenak.
Bere jarduera eta ondasunen produktuak.
Beste diru-sarrera publiko edo pribatu batzuk, arau bidez onartuta dituenak edo kostu-bidez edo irabazte-xedez jasotzen dituenak.
Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak kanpoko auditoretza baten mende jarriko ditu onartzen dituen urteko kontuak, aplikagarri zaion informazio finantzarioari buruzko araudi-esparruaren arabera formulatuko direnak.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Epeak zenbatzea.
Lege honetan zehaztutako epeetan, egun baliodunak joko dira eguntzat, eta kanpoan utziko dira jaiegunak; hilabeteka edo urteka finkatutako epeak, berriz, data-egunetik data-egunera neurtuko dira. Muga-eguneko hilean hasierako egunaren baliokiderik ez bada, hilaren azken egunean bukatuko da epea.
Epearen azken eguna egun baliogabea bada, hurrengo egun balioduna arte luzatuko da epea.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Lan elkartuko garraio-kooperatibak.
Lan elkartuko garraio-kooperatibetan itzuli beharreko ekarpenei dagokienez, 129.2.a artikulua ez zaie lan elkartuko garraio-kooperatibei aplikatuko, baldin eta lege hau indarrean sartzean eratuta badaude.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Sozietate kooperatibo txiki bat deskalifikatzen den kasuan aplikatu beharreko berezitasuna.
Sozietate kooperatibo txiki bat deskalifikatzen den kasuan, osagarri gisa lege honen 150. artikulua aplikatuko da, espezialitate honekin: artikulu horrek 3.b zenbakian erregulatzen duen entzunaldi-izapidean administratzailerik ez badago, nahikoa izango da bazkide bat pertsonatzea.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Urteko programak, kooperatibismoa indartu, bultzatu eta sustatzekoak.
Kooperatibismoa indartu, bultzatu eta sustatzeko, Eusko Jaurlaritzak urteko programak prestatu eta gauzatuko ditu, batez ere kooperatibetako enplegua sortzeko, betiere Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak aurretiko txostena eman ondoren.
BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Tratu-berdintasuna enpleguaren sustatze- eta finkatze-arloan.
Enplegua sortzeko edo finkatzeko pizgarriei buruzko arauak ezartzean eta egikaritzean, debekatuta dago lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileak eta beste edozein kooperatiba motatako lan-bazkideak diskriminatzea. Hori horrela, Euskal Autonomia Erkidegoak, enpleguak sortzeko eta finkatzeko dituen eskumenetan oinarrituta, besteren konturako langileentzat ezartzen dituen arau eta pizgarri guztiak aplikatuko zaizkie.
SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Hizkuntza ofizialen erabilera.
Bermatuko da Eusko Jaurlaritzarekin eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin arau honen esparruan harremanetan jartzen direnek aukeratzen duten hizkuntza ofiziala erabiltzeko duten eskubidea benetan egikaritu ahal izatea. Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren betebeharra da haiekin harremanetan jartzen direnek aukeratutako hizkuntzan ematea arreta, eta, horretarako, hartu beharreko neurriak hartuko dituzte.
Era berean, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak bi hizkuntzak erabiliko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio publikoekiko harremanetan.
ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Borondatezko gizarte-aurreikuspena.
Sozietate kooperatiboek beren bazkideentzako borondatezko gizarte-aurreikuspenari buruzko erabakiak hartzea bultza dezakete. Horretarako, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legean xedatutakoari jarraituko diote.
ZORTZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Sozietate kooperatibo txikiak.
Lan-arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak kooperatiba mota hauek sortzea eta abiatzea sinplifikatuko du baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bidez. Hitzarmenak egingo dira sozietate kooperatibo txikien funtzionamendua hobetzen lagundu dezaketen erakunde, administrazio eta sozietateekin.
Lan-arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak Euskadiko sozietate kooperatibo txikien aholkularitzarako eta hasierako izapideetarako guneen izaera esleitu ahal izango die jardun-eremutzat Euskal Autonomia Erkidegoa duten irabazi-asmorik gabeko entitateei, eta gune horietako bakoitzaren arretaz arduratuko diren pertsonen bereizgarri teknikoak eta profil profesionalak finkatuko ditu. Euskadiko sozietate kooperatibo txikien aholkularitzarako eta hasierako izapideetarako guneak eskainiko dituen zerbitzuak doakoak izango dira.
Lan-arloko eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako sailak estatutu sozialen eredu bat izango du, sozietate kooperatibo txikiak sortzeko interesa dutenen eskura jarriko duena. Eredu horrek zenbait aldaera izango ditu, betiere lege honetan ezartzen denaren barruan administrazio- eta ordezkaritza-organoa era batera edo bestera taxutu ahal izateko.
BEDERATZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Lege honen 153.3 artikuluan aurreikusitakoa gorabehera, kooperatiba-federazioek bat egiten badute federazio-entitate berri bat sortuz, entitate hori Euskadiko kooperatiben federazioa izango da baldin eta:
Elkartzen baditu Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatuta dauden eta jarduera egiaztatuta duten kooperatiben ehuneko hirurogei baino gehiago, edo kooperatiba horietako bazkide kopurua handiagoa edo berdina bada erregistro horretan inskribatuta dauden eta jardunean ari diren kooperatibetako bazkide guztiekiko.
Ez badago beste entitate konfederalik aipatu artikuluaren arabera sortuta.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA. Izapidetzen ari diren espedienteak.
Orain arte indarrean izan diren xedapenak aplikatuko dira lege hau indarrean sartu aurretik hasita zeuden kooperatibei buruzko espedienteak izapidetzeko eta ebazteko.
Zehapen-izaera duten espedienteen kasuan, araurik mesedegarrienaren printzipioa aplikatuko zaie zehazteke dauden jarrerei eta zehapenei.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Egungo estatutuak aplikatzea.
Orain indargabetzen diren arauen babesean kalifikatu eta inskribaturiko sozietate kooperatiboen estatutuen edukia ezin izango da aplikatu lege honetan xedatutakoaren kontra.
Legea indarrean sartzen den hurrengo egunetik kontatzen hasi eta bi urteko epean, sozietate kooperatiboek beren estatutuak berrikusi eta egokitu beharko dituzte lege honetan jasotako agindu-izaera duten arauetara.
Epe hori igarota, Euskadiko Kooperatiben Erregistroan ez da sozietate kooperatiboen inolako agiririk inskribatuko, harik eta estatutu sozialen egokitzapena inskribatu arte. Honako hauek, baina, inskribatzeko debeku honetatik kanpo gelditzen dira: lege honetara egokitzeko erabakia; administratzaile, kudeatzaile, zuzendari nagusi edo likidatzaile diren pertsonen kargu-uzteen edo dimisioen gaineko tituluak; botereen errebokatzea edo uko-egitea; sozietatearen transformatzea edo desegitea; likidatzaileen izendapena; sozietatearen likidatzea edo azkentzea, eta aginte judizial edo administratiboak agindutako idazpenak.
Indargabetuta geratzen dira 4/1993 Legea, ekainaren 24koa, Euskadiko Kooperatibena; 6/2008 Legea, ekainaren 25ekoa Euskadiko Kooperatiba Sozietate Txikiei buruzkoa, eta hemengo lege honetan ezarritakoaren kontra dauden maila bereko edo apalagoko gainerako arauak.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Aplikazio-eremua.
Sozietate kooperatibo guztiei aplikatuko zaie lege hau, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan badute sozietatearen egoitza eta batez ere lurralde horretan betetzen badute beren kooperatiba-jarduera Kooperatiben uztailaren 16ko 27/1999 Legearen 2.A) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Beste kooperatiba mota batzuk.
Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak nahitaezko txostena eman eta gero, Eusko Jaurlaritzak, lan-arloaren eskumena duen sailburuak proposatuta, kooperatiba mota berriak erregulatu ahal izango ditu, eta, haien berezitasun sozioekonomikoetan oinarrituta, arau bereziak ezarri ahal izango ditu, lege honetan ezarritako printzipioak eta ezaugarriak errespetatuz.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Aldatzea azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ondare-Legearen Testu Bategina onartzen duena.
Aldatzen da Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren 102. artikuluaren a) letra, eta honela geratzen da:
Helburua onura publikokoa edo interes publikokoa edo gizarte-interesekoa izanik, eta administrazio publikoen, izate juridiko-publikoko beste entitate batzuen, sektore publikoa osatzen duten beste entitate batzuen eta onura publikoaren deklarazioa duten fundazioen, elkarteen edo kooperatiben aldekoa denean. Era berean, eta helburu berberekin, onura publikoaren deklarazioa duten etxebizitza-kooperatiben aldekoa denean, bazkideentzako etxebizitzak eraikitzera bideratutako lursailen kasuan.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA. Legea aplikatzea eta garatzea.
Eusko Jaurlaritzan lan-arloaren eskumena duen sailburuak proposatuta, Eusko Jaurlaritzak arauak eman ahal izango ditu lege hau aplikatzeko eta garatzeko.
Lege hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epean, Eusko Jaurlaritzak sozietate kooperatiboen erregistroari buruzko erregelamendu berri bat onartuko du. Erregelamendu horrek espresuki aurreikusi eta erregulatuko du nola izapidetu elektronikoki erregistro-espedienteak, eta erregistro-eragiketak sinplifikatuko ditu, betiere zaindu beharreko segurtasun juridikoa zainduz, interesdunekiko harremanak errazteko; batez ere, inskripzioak eta inskripzioekin lotutako egintzen gordailua, kontsultei erantzuteko modua eta publizitate formala errazteko.
Lege hau indarrean jarri eta urtebeteko epean, Eusko Jaurlaritzak kooperatibak zehatzeko prozedura onartuko du, zeina lege honen 149. artikuluan aurreikusten den, Administrazioaren zehapen-araubidea aplikatzeko legeriaren eta haren printzipio eta bermeen arabera.
Euskadiko Kooperatiben Erregistroarekin eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin koordinatu eta gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organo eskudunek arauak eman ahal izango dituzte kooperatibei datuak eskatzeko estatistika-ondorioetarako, betiere estatistika-arloko legerian ezarritakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO BOSGARRENA. Indarrean jartzea.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogeita hamar egunera jarriko da indarrean lege hau.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 20a.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (6)
- Aldatutakoa: 15/2023 LEGEA, abenduaren 21ekoa, Enpleguarena.
- Aldatutakoa: 5/2021 LEGEA, urriaren 7koa, Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legea aldatzekoa.
- Ikus: EBAZPENA, 2021eko otsailaren 26koa, Araubide Juridikoaren sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Aldebiko Lankidetza Batzordearen akordio bat. Akordio hori lege honen arlokoa da: 11/2019 Legea, abenduaren 20koa, Euskadiko Kooperatibena.
- Ikus: EBAZPENA, 2020ko maiatzaren 15ekoa, Araubide Juridikoaren sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Aldebiko Lankidetza Batzordearen akordio bat. Akordio hori honako lege honen arlokoa da: 11/2019 Legea, abenduaren 20koa, Euskadiko Kooperatibena.
- Indargabetzen du: 6/2008 LEGEA, ekainaren 25ekoa, Euskadiko Kooperatiba Sozietate Txikiei buruzkoa.
- Aldatzen du: 2/2007 LEGEGINTZAKO DEKRETUA, azaroaren 6koa, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko dena.