Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

Arautegia

Inprimatu

1/2019 LEGEA, otsailaren 14koa, diru-sarrerak bermatzeko errentaren arloan 2019ko ekitaldirako presako aurrekontu-neurriei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 35
  • Hurrenkera-zk.: 867
  • Xedapen-zk.: 1
  • Xedapen-data: 2019/02/14
  • Argitaratze-data: 2019/02/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Gizarte gaiak eta emplegua; Ogasun eta Ekonomía; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Sailak; Gizarte Gaiak; Ogasun; Herrizaingoa

Testu legala

Eusko Legebiltzarrak 1/2019 Legea, otsailaren 14koa, diru-sarrerak bermatzeko errentaren arloan 2019ko ekitaldirako presako aurrekontu-neurriei buruzkoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Hasia da 2019. urtea, baina oraindik ez da onartu Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren lege-proiektua, ekitaldi honi dagokiona. Horren ondorioz, automatikoki indarrean sartu da Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginaren IX. tituluan jasotzen den luzapen-araubidea (maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onartzen du testu bategin hori). Titulu horren arabera, izan ere, gerta liteke ekitaldi baten hasieran ekitaldi horretarako aurrekontuak onartu gabe egotea eta aurreko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren Legearen indarraldia ekitaldi horretara luzatzea. Indarraldia, nolanahi ere, luzapen-araubidea oro har erregulatzen duen araudiari jarraituz luzatuko da beti.

Hain zuzen, maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren IX. tituluaren helburua da aurrekontu orokorren luzapena oro har arautzea, eta aurreko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren Legearen indarraldiaren luzapena osatzea; horretarako, oinarrizko arau eta adostasun-arau jakin batzuk ezartzen ditu, luzapen-aldian aplikatzeko. Arau horiek modua ematen dute aurrekontua gauzatzeko; horrela, aurreko ekitaldietatik edota luzatutako ekitaldian amaitu ez ziren programa edo jarduketetatik eratorritako egitura-gastuak eta aurrekontu-konpromisoak estal daitezke. Arauok, hori bai, behin-behinekoak izango dira.

Hori dela eta, uste da komenigarria eta egokia dela luzapenak eragindako zenbait arazo konpontzeko neurri batzuk ezartzea, arazo horiei premiazko eta berehalako konponbidea emate aldera, baina lege-mailako arau bat behar da neurri horiek aplikatu ahal izateko. Kasurako, honako hau izan daiteke neurri horietako bat: diru-sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoa areagotzea.

Horri begira, beraz, arau honen bidez xedapen bat onartzen da, aurrekontu-luzapenaren araubidearen osagarri, aurrekontu luzatuan gaikuntzarik ez duten gastu jakin batzuk baimentzeko helburuz; izan ere, Euskadiko aurrekontu-araubidearen alorrean indarrean diren xedapenen arabera, gastu horiek gauzatzeko, kreditu gehigarriak eman behar dira, eta, beraz, lege-mailako arau bat behar da.

Aurreikusitako neurri horiek finantzatzeko beharrezko diren kredituak 2019ko ekitaldira luzatutako gastuen egoera-orrian esleitutakoarekin baino zenbateko handiagoarekin finantzatu behar dira. Horretarako, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak 2019ko ekitaldirako aurreikusitako ekarpenekin lortutako diru-sarrerak erabiliko dira, zeinak handiagoak baitira Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2018ko Aurrekontuaren sarreren egoera-orrian esleitutako zenbatekoak baino; halaber, diruzaintzako geldikinak erabiliko dira kredituak finantzatzeko. Ekitaldi honetan diru-sarrera handiagoak daudenez, beraz, arau honetan jasotako neurriak finantzatu ahal izango dira; horrez gain, dena dela, bete egin beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoak aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-jasankortasunari dagokionez ezarri dituen helburu eta konpromisoak.

  1. 2019ko ekitaldian, diru-sarrerak bermatzeko errentaren onartutako gehienezko diru-sarreren eta prestazio ekonomikoen zenbatekoa, edozein modalitatetan, eta orobat guraso bakarreko bizikidetza-unitateentzako hileko subsidio osagarriarena, 2018ko ekitaldian aplikatutakoa izango da, baina % 3,5eko pontzentajean gehituta.

  2. Bestalde, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen 9.2.a) artikuluan zehaztutako bizikidetza-unitateen kasuan, diru-sarrerak bermatzeko errentaren onartutako gehienezko diru-sarreren eta prestazio ekonomikoen 2019ko zenbatekoa 2018ko ekitaldian aplikatutakoa izango da, baina % 4,5eko pontzentajean gehituta.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA. Finantzaketa.

Lege honetako neurriak Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginaren 133. artikuluari jarraituz finantzatuko dira (maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onartzen du testu bategin hori), eta, hala badagokio, diruzaintzako geldikinen kargura.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Baimenak.

  1. Jaurlaritzari baimena ematen zaio sarreren eta gastuen egoera-orriak lege honetako xedapenetara egokitzeko beharrezkoak diren aurrekontu-aldaketak egiteko 2019ko ekitaldian, aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenei jarraikiz.

  2. Eusko Legebiltzarrari xedapen honen babesean egindako eragiketen berri emango zaio.

Bertan behera uzten da Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legearen xedapen gehigarrietako seigarrena.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Garapena eta betearazpena.

Eusko Jaurlaritzari baimena ematen zaio lege hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 15a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.