Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

13/2016 LEGEA, uztailaren 28koa, Turismoarena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 152
  • Hurrenkera-zk.: 3545
  • Xedapen-zk.: 13
  • Xedapen-data: 2016/07/28
  • Argitaratze-data: 2016/08/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ekonomi jarduerak
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Merkataritza eta turismoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak 13/2016 Legea, uztailaren 28koa, Turismoarena onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei

1994an, turismo-lege bat onartu zen, berritzailea sasoi hartarako: martxoaren 16ko 6/1994 Legea, Turismoa Antolatzen duena. Lege horren bidez, turismo-sektorean diharduten enpresen jarduera, erabiltzaileen bermeak eta administrazio publikoen egitekoa arautu ziren. 2008an, lege horren aldaketa etorri zen, eta ostatu-figurak eguneratu ziren: haietako batzuk sartu egin ziren (landetxeak, esaterako), eta beste batzuk, berriz, ezabatu (adibidez, turismo-etxebizitzak eta etxebizitza partikularretako ostatuak). Horrez gain, beste aldaketa batzuk egin ziren legearen testua hobetzeko.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak barne-merkatuko zerbitzuei buruzko abenduaren 12ko 2006/123/EE Zuzentaraua onartu zutenean, legea aldatu behar izan zen; aldaketa garrantzitsu hori, hain zuzen ere, zenbait lege aipaturiko zuzentaraura egokitzeko aldatzen zituen apirilaren 23ko 7/2012 Legearen VI. kapituluaren bidez egin zen: jarduerak gauzatzeko Administrazioak eman beharreko aurretiazko baimena kendu, eta horren ordez erantzukizunpeko adierazpena ezarri zen, zeinean adierazten den betetzen direla jarduera gauzatzeko beharrezko diren betekizun legal eta erregelamenduzkoak, hori egiaztatzen duen dokumentazioa badagoela eta betekizun horiek betetzen jarraitzeko konpromisoa dagoela jarduerak dirauen bitartean. Behin erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuta, hura aurkezten den egunetik bertatik has daiteke jarduera, hargatik eragotzi gabe Turismo Administrazioari edo beste organismo eskudun batzuei dagozkien ahalmenak gauzatzea jarduera egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko. Lege horretan, gainera, turismo-enpresen establezimenduak libreki kokatzeko printzipioa ezarri zen, baina, betiere, enpresa horiek jarduera hasi aurretik erantzukizunpeko adierazpen bat Administrazioari aurkezteko betebeharrarekin.

Lege honek eutsi egiten dio erantzukizunpeko adierazpena aurkezteko betebeharrari, jarduera hasteko eta funtsezko aldaketak egiteko, bai eta jarduera amaitzeko ere. Orobat eusten die Europar Batasunean mugarik gabeko barne-eremu bat sortzeari buruz goian aipaturiko zuzentarauak ezarritako gainerako manuei, eremu horretan zerbitzuak libreki zirkulatu eta kokatu ahal izatea ahalbidetzen dutenak. Bestalde, enpresen lehiakortasuna sustatzen du, berdintasun-baldintzak bermatuz lehia gero eta globalizatuago batean, zeren kontuan hartu behar baita lehiakortasunaren helburu hori kontraesanean sar daitekeela trafiko turistikoa turismo-arauditik kanpo eginez gero, beste enpresa batzuk behartuta baitaude beren eskaintza araudi horretara egokitzera; gainera, zerbitzu turistikoak ez arautzeak ustekabeko ondorioak ekar ditzake sektorean, ausazkoak eta baztergarriak, beraz, eta, finean, Euskadiren irudiari kalte egin diezaioke. Legeak, azkenik, babesa ematen die jarduera eta zerbitzu turistikoen erabiltzaileei, eta kalitatezko zerbitzuak eskaintzen dizkie. Kalitateari dagokionez, gogorarazi behar da zer-nolako garrantzia izan duen horrek Administrazio honek hainbat legegintzalditan garatutako lehiakortasun-planetan eta Euskadiko turismo-ikuspegiaren definizioan.

Lege hau Autonomia Estatutuko 10.36 artikuluan oinarritzen da, eta artikulu horrek Euskadiri ematen dio turismo-arloko eskumen esklusiboa.

Era berean, lege honek aintzat hartzen du Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezarritakoa.

Turismoa lehen mailako jarduera ekonomikoa da, eta eraginkorki lagundu behar du desberdintasuna gutxitzen eta gizarte baketsu eta inklusiboak sustatzen, hala jasota baitago +20 Turismo Jasangarriaren Munduko Gutuna agirian, zeina Euskadiko Turismo Jasangarriaren Munduko Gailurrean sinatu baitzen, 2015ean. Era berean, turismo jasangarriko politikak garatzean, nabarmendu eta errespetatu egin behar da tokiko komunitateen parte-hartze erabatekoa eta orekatua sustatzearen garrantzia.

Turismoak zaindu egingo ditu egungo baliabideak etorkizuneko belaunaldiei begira, gure ondare komun material eta immaterialaren babesa eta osotasuna ziurtatuz.

Euskadiko turismoa ezin da bereizi euskal gizartea, bere osotasunean, den horretatik. Bestalde, turismoa, haren eboluzioa eta tratamendua ez dira banandu behar Euskadiko adostasun handien parte izan den gizarte-kohesio eredutik. Halaber, autonomia-erkidego kohesionatu bat lortzeak eta ekonomikoki eta sozialki kohesionatutako eta ongizate-maila altuagoko lurralde batzuk lortzeak lege honen xede izan behar dute, eta turismoak horretan lagundu behar du.

Turismoa mehatxuak eta erronkak dituen sektore ekonomiko bat da eta horiek ere kontuan ditu lege honek. Izan ere, jende askori enplegua ematen dion heinean, neurria eta garrantzia irabazten du, baina zaindu beharra dago sustatzen duen enplegu-mota eta haren kalitatea, eta erantzun beharra ere bai hain garrantzitsua den eta horrenbeste hazkunde-aukera duen sektore batek prestakuntzan planteatzen dituen erronkei.

Turismoa, kultura aldetik berezko balioak izateaz gainera, zerbitzuen sektoreko jarduera bat da, onura ekonomiko handiak sortzen dituen lehen mailako baliabidea. Era berean, oso dinamikoa eta aldakorra da, ostatu-figura berriak eta zerbitzuak emateko modu berriak bereganatuz doana. Gaur egun, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriek, eta bereziki sareak, produktu turistikoak modu globalizatuan merkaturatzen dituzte. Horrek lehiaren globalizazioa ekarri du, batetik, eta, bestetik, jarduera eta zerbitzu turistikoen erabiltzaile-mota berri bat, askoz ere zorrotzagoa eta autonomoagoa, bidaiak diseinatzeko orduan. Aldaketa horiei estaldura juridikoa emateko, araudi-aldaketak egin behar izan dira. Hona hemen azpimarragarrienak:

Ustiapen-unitatearen printzipioa sartu da; hala, ostatu-zerbitzua pertsona batek baino gehiagok merkaturatzen duten kasuetan, arinago zehaztu daiteke nork duen erantzukizuna.

Ingurumen-araudiari dagokionez, legean espresuki adierazi da araudi hori betetzeko betebeharra. Era berean, modu transbertsalean gehitu da turismoaren sektorean lan egiten duten pertsonen eskubideen babesa bilatzea, baita euskararen erabilera bultzatzea ere zerbitzu turistikoen erabiltzaileei ematen zaien arretan.

Horrez gain, gure araudian sartu behar izan dira erabilera turistikoko etxebizitzak ere, Hiri Errentamenduen Legearen aldaketak bere aplikazio-eremutik kanpo utzi baititu etxebizitza horiek. Modu horretan, jarduera eta zerbitzu turistikoen erabiltzaileen eskubideak behar bezala babestea lortu nahi da: batetik, segurtasun publikoa bermatuko duten kalitatezko zerbitzuak eskaintzen zaizkie, establezimendu horietan ostatatzen diren bidaiarien sarrera-parteak bete beharko baitira; bestetik, jarduera eta zerbitzu turistikoen erabiltzaileen segurtasun finantzarioa bermatzen da, zerbitzuen publizitatea egitean zerbitzu-emaileak bere identifikazio-datu zehatzak eman beharko baititu.

Etxe partikularretako logelen erabilera turistikoa ere arautzen da lege honetan; izan ere, kontuan hartu behar da bitartekaritza-modu berriek, batez ere internet bidezkoek, turismo-mota hori bilatzen dutenei begirako jarduera bideratzen dutela. Arauketa hori, beraz, nahitaezkoa da, baldin eta turismo-erabiltzailearen eskubideak defendatu nahi badira eta Euskadi bisitatzen duten turistek hautematen duten kalitateari eutsi nahi bazaio.

Behin hogei urtetik gora igaro eta gero 6/1994 Legea onartu zenetik, arau honen xedea da: azaltzea eta eguneratzea errealitate turistikoaren alderdi batzuk, araudi espezifiko bat zehaztu beharra dakartenak, hortik garapeneko araugintza oso bat sor dadin zuzenbide-esparru orokor eta homogeneo bat eratuko duena.

Legeak zabal sistematizatu eta zehazten du turismo-arloan esku hartzen duten subjektu eta agenteen jarduera, azken berritasunak sartuz, bai ostatu- eta bitartekaritza-figurenak, bai haien espezialitateenak. Izan ere, beharrezkoa da turismo-mota berriak, dagoneko merkatuan daudenak, lege honetan sartzea.

Orobat sartu dira lege honetan natura- eta ingurumen-baliabideak bermatzeko manuak, kontuan hartuta gero eta estuagoak direla turismoaren eta ingurumen-eskakizunen arteko harremanak.

Halaber, legeak ez ditu ahazten beste enpresa edo entitate batzuk, turismo-jardueraren zerbitzu erantsiak edo osagarriak eskaintzen dituztenak beren jardueraren barruan; esaterako, sukaldaritzako enpresak eta turismo aktiboa.

Bestalde, lege honetan zehar etengabe aipatzen den beste helburu bat da turismo-erabiltzailea edo ematen den zerbitzuaren kalitatea babesteko premia.

Legearen edukiak zazpi titulutan antolatu dira.

  1. tituluak xedapen orokorrak jasotzen ditu. Titulu horrek azaltzen du zeintzuk diren legearen xedea, aplikazio-eremua eta helburuak.

  2. tituluak arautzen du zein den Turismo Administrazioaren egitekoa. Turismo-politika definitzen du: eskaintza dibertsifikatua, berezitua, kalitatezkoa, lehiakorra, jasangarria eta turismo-eskariarentzat erakargarria lortzera bideratuko da; turismo-politikaren oinarri diren helburu horiek lortzeko beharrezko den administrazioen arteko koordinazioa aurreikusten du; administrazioen eskumenak ere arautzen ditu, eta deskribatzen du zeintzuk diren turismo-arloko organo aholku-emaileak.

  3. tituluak baliabide turistikoak arautzen ditu, turismo-eskaintzaren funtsezko elementuak diren aldetik, eta ingurumena zaindu eta errespetatzeko eginbeharra jasotzen du.

  4. tituluak turismo-eskarian jartzen du arreta; hots, turismoan dabilen pertsonarengan, bidaian dabilen pertsonarengan. Azken finean, baliabide eta zerbitzu turistikoen erabiltzaileengan jartzen du arreta, eta argi eta garbi ezartzen du zeintzuk diren haien eskubide eta betebeharrak.

  5. tituluak sei kapitulu ditu. Sei kapitulu horietan, turismo-eskaintzaren elementu garrantzitsu bat jorratzen du: turismo-jarduera. Horretarako, enpresa- eta establezimendu-mota guztiak eta turismo-arloko profesionalak arautzen ditu, baita kanpaldi librea eta autokarabanen harrera-eremu bereziak ere.

    Legeak arreta handiz zehazten eta ezartzen du zeintzuk diren ostatu-enpresa turistikoak ostatu-figura berriak barne eta zer jarraibide orokor bete behar dituzten; establezimendu-mota bat baino gehiago batera izateko aukera jasotzen du, eta bitartekaritza-figura berriak azaltzen.

    Ostatu-figurak mailatan edo kategoriatan sailkatuko dira, aintzat hartuta enpresa edo establezimendu bakoitzaren ezaugarri espezifikoak, instalazioak, gelak, ekipamendua, altzariak eta ematen duen zerbitzuaren kalitatea.

    Kasuan kasuko kategoria ez ezik, espezialitatea ere arautzen da, identifikatu ahal izateko ea zer ezaugarri espezifiko dituzten ostatu-enpresaren zerbitzuek, erabiltzaile-segmentu edo -talde jakin, zehatz eta homogeneo bati begira eskainitakoek.

    Erabilera turistikoko etxebizitzak eta logelak eta ostatu-mota berriak ere arautzen dira, zeren ostatu turistikoak baitira ezbairik gabe, eta komeni da titulu horretan sartzea.

    Erregelamendu espezifiko bidez zehaztu beharko da zer ostatu-figura egongo diren, zein izango den horien araubide juridikoa, zer betekizun eta baldintza bete beharko dituzten eta nola esku hartu behar duen Administrazioak figura horietariko bakoitzean. Edozein kasutan, jarduera ekonomiko bat egin ahal izateko, ostatu tradizionalak bete behar dituen arau guztiak betetzea exijituko da, argi eta garbi; besteak beste, segurtasunari, polizia-kontrolari eta erabiltzailearen babesari buruzkoak.

    Era berean, «oporretako» eta «turistiko» edo antzeko izendapenak erreserbatuta geratzen dira lege honetan publiko orokorrarentzat araututako ostatu-jardueretarako. Horren helburua da ostatu-establezimendu batzuek izendapen horiek ez erabiltzea hala ez dagokienean, indar eginez turismo-erabiltzaileek hautematen duten kalitatean.

    Titulua bukatzeko, turismo-gidariaren jardueran aritzeko bidea arautzen da, horretarako beharko den gaikuntza exijituz. Gaikuntza hori justifikatzen duten arrazoiak dira interes orokorra, kontsumitzaileen eskubideak babestea eta kultura-ondarea kontserbatzea.

  6. tituluan, hainbat enpresa jasotzen dira, berez turistikoak ez izan arren, turismo-arloan nolabait eragiten dutenak eta interesa dutenak.

  7. tituluan, turismo-diziplina lantzen da, haren kontrola eta diziplina-araubidea barne.

    Legearen amaieran, xedapen gehigarriak, iragankorrak eta azken xedapenak azaltzen dira, eta Eusko Jaurlaritzari ahalmenak ematen zaizkio behar den araugintzari ekin diezaion.

Lege honen xedea da: Euskadiko turismo-jarduera arautzea, turismo-sektorea antolatzea eta haren diziplina finkatzea, eta ezartzea zer printzipio eta irizpideren arabera jardun behar duten turismo-administrazioek.

  1. Lege honen xedapenak honako hauei aplikatuko zaizkie:

    1. Administrazio publikoak, organismo publikoak eta Euskadiko turismo-arloan diharduten sektore publikoko beste entitate batzuk.

    2. Jarduera eta zerbitzu turistikoen erabiltzaileak.

    3. Turismo-enpresak.

    4. Turismo-lanbideak.

  2. Definizioak:

    Lege honetan, honako definizio hauek hartuko dira kontuan:

    1. Turismoa: Denboraldi jakin batean, pertsonek beren ohiko ingurunetik kanpo egiten dituzten bidaia eta egonaldietan gauzatzen dituzten jarduerak, aisia, oporrak, kultura edo beste motibo batzuk direlarik helburu.

    2. Turismo-jarduera: Helburutzat duena hainbat zerbitzu ematea jarduera eta zerbitzu turistikoen erabiltzaileei; esaterako, ostatu- eta sukaldaritza-zerbitzuak, bitartekaritza, informazioa, laguntza eta turismoari loturiko beste edozein zerbitzu. Turismo-jarduerak eratzen du turismo-industria deiturikoa.

    3. Turismo-sektorea: Turismo-moduren bat garatzen duten pertsona fisiko edo juridikoen taldea.

    4. Turismo-administrazioak: Ente eta organo publikoak, turismo-arloan eskumen espezifikoak dituztenak, eta sorreraren, adskripzioaren edo partaidetzaren ondorioz haiei lotzen zaizkien organismoak, duten izaera juridikoa dutela.

    5. Zerbitzu turistikoak: Turismo-erabiltzaileen eskariari erantzuteko egiten diren jarduerak, zerbitzu hori emateko erabiltzen diren instalazioak eta ondasun higiezinak barne.

      Ondorio horietarako, zerbitzu turistikoak dira:

      1. Ostatu-zerbitzua: Zerbitzu turistikoen erabiltzaileei ostatua edo egonaldia eskaintzea, mantenu-zerbitzuarekin edo gabe.

      2. Bitartekaritza: Bidaia konbinatuak eta beste turismo-jarduera batzuk antolatzea edo merkaturatzea.

      3. Informazio turistikoa eta informazio-zerbitzuak: Turismoko lanbide batean aritzean ematen direnak.

    6. Produktu turistikoa: Turismoa erabiltzeko eta lupertzeko egituratutako baliabide edo zerbitzu nagusi edo osagarri oro, erabiltzaile batek balia dezakeena jarduera bat edo gehiago egiteko.

    7. Turismo-enpresa baten titularra: Turismo-enpresa baten titularrak pertsona fisiko edo juridikoak dira, turismo-jardueraren erantzukizuna dutenak. Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldetik kanpo bizi daitezke.

    8. Turismo-enpresak: Pertsona fisiko edo juridikoak dira, nork bere izenean profesionalki, ohikotasunez eta irabazteko asmoz jarduten dutenak ostatu-zerbitzua edo bitartekaritza-zerbitzua emateko.

    9. Establezimenduak: Kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudiaren arabera publiko orokorrari irekitako lokalak, instalazioak eta ondasun higigarriak, zerbitzu turistikoak emateko erabiltzen direnak.

    10. Ostatu-establezimendu turistikoa: Kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudiaren arabera publiko orokorrari irekitako lokalak, instalazioak eta ondasun higigarriak, ostatu-zerbitzu turistikoak emateko erabiltzen direnak. Ez dira definizio horretan sartzen erabilera turistikoko etxebizitzak, ezta erabilera turistikoko etxebizitza partikularretako logeletan ostatu-zerbitzua ematen den lekuak ere, lege honen 53. eta 54. artikuluetan araututa daudenak.

    11. Turismo-erabiltzaileak: Ohiko ingurunetik kanpo mugituta edo mugitu gabe, azken hartzaile modura zerbitzu turistikoak kontratatu edo jasotzen dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak dira turismo-erabiltzaileak eta turismo-eskaria osatzen dute, beraz, baita establezimenduak, instalazioak eta baliabide turistikoak erabiltzen dituztenak ere. Kontzeptu honetan, bisitariak ere sartzen dira.

    12. Turismo-lanbideak: Ordainduta eta ohikotasunez, pertsona fisiko edo juridikoek eta erregelamenduz zehazten direnek bete ohi dituzten lanbideak dira, turismo-arloko orientazio-, zabalkunde-, informazio- eta laguntza-zerbitzuak eman ohi dituztenak.

    1. Turismo-eskaintza: Turismo-eskariari erantzuteko, turismo-erakunde eta -enpresek erabiltzen duten ondasun, produktu eta zerbitzu turistikoen multzoa.

    2. Turismo-eskaintzen kanalak: Pertsona fisiko edo juridikoak, erabilera turistikoko ostatu-erreserbak egiteko edo zerbitzuak emateko kontratuak modu esklusibo edo ez-esklusiboan merkaturatzen edo sustatzen dituztenak, edo era horretako kontratuak burutzea errazten dutenak, edukiak estekatuz edo ostatatuz. Besteak beste: bidaia-agentziak, erreserba-zentroak, zerbitzu turistikoak antolatzen dituzten eta zerbitzu horien bitartekariena egiten duten bestelako enpresak interneten edo informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien bidezko bitartekaritza-kanalak barne, baita komunikabideetako publizitatea ere, edozein delarik haren tipologia edo euskarria.

Legearen helburua da:

  1. Ezartzea zeintzuk diren turismo-politikaren jarduketa-printzipioak.

  2. Koordinatzea administrazioek turismo-arloan egiten dituzten jarduketak.

  3. Baliabide turistikoak sailkatzea eta zedarritzea.

  4. Bultzatzea baliabide eta zerbitzu turistikoetarako irispide unibertsala, indarrean dagoen legeriaren arabera ulertua, bai eta informazioa baldintza berdinetan izateko eskubidea ere.

  5. Arautzea zeintzuk diren turismo-erabiltzaileen eskubide eta eginbeharrak, eta haiek babestea.

  6. Antolatzea, orokorrean, turismo-arloko enpresa eta profesionalek egiten dituzten turismo-jarduerak.

  7. Definitzea zer diren ostatu-enpresa turistikoak, bitartekaritzako turismo-enpresak, turismo-lanbideak, informazio-enpresak eta turismo-intereseko jarduerak egiten dituztenak, eta haiek sailkatzea.

  8. Lehia desleiala desagerraraztea, baita eskaintza ilegal edo klandestinoa ere.

  9. Baliabide turistikoak zaintzea, eragotziz baliabide horiek hondatzea edo suntsitzea, eta ahaleginak egitea zuzen eta neurriz aprobetxa daitezen, haien iraupena eta kontserbazioa bermatzeko.

  1. Turismo-politika bideratuko da turismo-eskariarentzat eskaintza dibertsifikatua, berritzailea, unibertsalki irisgarria, berezitua, kalitatezkoa, lehiakorra, alderdi soziokultural, ekonomiko eta ingurumenekotik jasangarria eta erakargarria lortzera. Printzipio gidari hauek izango ditu:

    1. Baliabide turistikoak bultzatzea eta sustatzea.

    2. Turismoa bultzatzea sektore estrategiko modura.

    3. Turismo-eskaintza egungo eskarira eta eskari potentzialera egokitzea eta erabiltzaileen igurikimenak asetzen dituen turismo-eskaintza bat lortzea, eskaintzaren dibertsifikazioa sustatuz eta urtarokotasuna gaindituz.

      Turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzea, errentagarritasunari eta fakturazioari dagokienez, eta enplegua finkatu, egonkortu eta sortzea, haiek beren jarduera gauzatu eta zerbitzu turistikoak ematerakoan kalitate-irizpideak ezarriz.

    4. Areagotzea turismoak Euskadin aberastasuna sortzeko egiten duen ekarpena.

    5. Euskadi helmuga paregabe eta berezitutzat jo dadin lortzea.

    6. Turismoak gizartearen eta lurraldearen kohesioa handitzen lagun dezan sustatzea.

    7. Euskadi marka turistiko modura sustatzea, bai eta une bakoitzean garrantzitsutzat jotzen diren helmugetako azpimarkak ere, kontuan hartuz bai haren errealitate kulturala, ekonomikoa eta soziala, bai haren ingurumena.

    8. Marka hori nabarmentzea lehentasunezko merkatuetan.

    9. Turismo-politiken koordinazioa bilatzea (eredu-definizioa, sustapena, kudeaketa...) alderdi historikoak, geografikoak, sozialak, linguistikoak, kulturalak edo bestelakoak partekatzen dituzten lurralde mugakideekin, turismo-eskaintza partekatu bat elaboratu ahal izan dadin.

    10. Turismo-kudeaketa jasangarriko eredu bat lortzea Euskadirako; horretarako, batik bat zaintzea eta kontserbatzea baliabide turistikoak, baita zaintzea ere ingurumena eta paisaia, gure kultura eta euskara.

    11. Sustatzea herritarrek kalitatezko turismo-eskaintza baterako irispidea izatea, edozein dela ere herritarren egoera soziala, ekonomikoa edo geografikoa.

    12. Euskadin bidaiari gehiago izateko, turismo-korronte edo -fluxuak indartzea, barnekoak zein kanpokoak; horretarako, gero eta biztanle gehiago eta biztanleria-sektore zehatz gehiago sartzea fenomeno turistikoan.

    1. Establezimenduetarako irisgarritasuna hobetzea eta sustatzea mugikortasun urria edo bestelako desgaitasunen bat duten erabiltzaileentzat.

    2. Babestea bai turismo-erabiltzaileen eskubideak eta bidezko interesak, desgaitasunen bat duten pertsonenak barne, eta bai turismo-arloko enpresa eta profesionalenak.

    3. Sektoreko enplegatuen lan-baldintzak defendatzea, baita haien prestakuntza bultzatzea ere profesionalizazio handiagoa lortzeko eta trebakuntza areagotzeko.

    4. Berrikuntzaren eta kalitatearen alde lan eginez, arau-esparru bat eratzea sektorearen modernizazioa sustatzeko.

    5. Behatzea ea turismo-sektoreko araudiaren kontrako jarduerarik egiten den, eta halako jarduerak pertsegitzea.

    6. Behar diren neurriak hartzea turismo-sektorean lan egiten duten pertsonak egokiro profesionalizatzea errazteko.

    7. Sektorean, enpresa-elkartegintza bultzatzea eta laguntzea.

    8. Arloko eskumenak dituzten beste turismo-administrazio batzuekin batera, Euskadi osoan turismo-seinale homogeneoak jartzea, errazago aditzera ematen dutenak zer baliabide turistiko eta helmuga turistiko dauden.

    9. Erabiltzaileak informatzea, orientatzea eta laguntzea turismo-arloan.

    10. Izan beharreko informazio guztia izatea Euskadiko helmuga eta eskaintza turistikoa monitorizatu eta kudeatzeko eta jarraipena egiteko.

  2. Euskadiko Turismo Administrazioak turismo-kalitatea eta turismo-sektorean ematen diren zerbitzuen kalitatea areagotzea bultzatuko du; horretarako, erabiltzaileek baliatzen dituzten produktuak eta zerbitzuak hobetu, eta ahaleginak egingo ditu erabiltzaileei ematen zaien arreta ahalik eta onena eta homogeneoena izan dadin, erabiltzaileen igurikimenak bete daitezen eta haiek erabiltzaile fidel bihur daitezen.

    Bultzada hori gauzatzeko, besteak beste, honako hau egingo du:

    1. Azpiegitura, instalazio eta ekipamendu turistikoen gabeziak zuzendu.

    2. Erabiltzaileari ematen zaion tratuaren kalitatea areagotu.

    3. Kalitate-ziurtapenerako sistemak babestu.

    4. Baliabide turistiko naturalak modu orekatu eta jasangarrian erabiltzea sustatu.

    5. Zerbitzu turistikoak emateko orduan bikaintasuna lortzera bideratutako ekintza publiko edo ekimen pribatu guztiak babestu.

    6. Sektoreko enpleguaren kalitatea eta langileen trebakuntza bultzatu.

    7. Eusko Jaurlaritzan turismo-arloko eskumena duen sailak sariak sortu eta eman ditzake turismoaren aldeko jarduketa berritzaileak edo kalitatezkoak aitortzeko eta sustatzeko.

  3. Euskadiko Turismo Administrazioak Euskadiko turismo-eskaintza espezializatzea bultzatuko du, turismo-mota hauek lehenetsiz besteak beste: landa-turismoa, turismo kulturala eta historiko-artistikoa, naturakoa, gastronomikoa, enologikoa, linguistikoa, inklusiboa, hirikoa, espirituala eta erlijiosoa, industriala, aktiboa, osasun-arlokoa, termetakoa, kirolekoa, negozioetakoa, kongresuetakoa eta sustagarriei buruzkoa.

    Era berean, garatzen ari den edozein segmentu sustatuko du, baldin eta Euskadiko turismo-sektorean autonomia eta nortasuna lortzen baditu.

  4. Baliabide turistikoak sustatzeko orduan, Euskadiren barne- eta kanpo-proiekzioa bultzatuko da turismo-eskaintza edo -marka global modura, aldi berean bertoko beste marka guztiak integratuz eta errespetatuz.

    Euskadiko Turismo Administrazioak Euskadiren irudia sustatuko du, turismo-eskaintza edo -marka modura, egokitzat jotzen dituen merkatuetan.

    Sustapen-jarduera horretan, lankidetzan jardun ahal izango dute beste administrazio publiko batzuek eta interesa duten pertsona fisiko edo juridikoek, Euskadiko turismo-eskaintzaren aniztasuna erakutsiz; era berean, ahalegina egingo da eskaintza dibertsifikatzen bai gaiaren eta bai geografiaren ikuspuntutik, lurraldeen eta eskualdeen arteko oreka bilatuz.

    Turismoaren arloan helburu erkideak lortzeko, Euskadiko Turismo Administrazioak lankidetza-hitzarmenak sinatu ahal izango ditu administrazio publikoekin, ente publikoekin, mankomunitateekin, partzuergoekin eta turismo-agentziekin, lehentasuna emanez lurralde mugakideetako erakundeei, kidetasun kultural zein geografikoa eta turismo-eskaintza parekagarria dutenetakoei.

    Euskadiren kanpoko proiekzioa osatzeko, Euskadiko Turismo Administrazioak akordioak sinatu ahal izango ditu kanpoko euskal komunitateen ordezkaritza duten entitateekin, turismo-sustapenerako lehentasunezko bitarteko gisa.

    Turismo-arloko eskumenak dituen sailaren bitartez, Euskadik honako eremu hauetan jardun ahal izango du, besteak beste:

    1. Euskadiko turismoa sustatzeko era guztietako kanpainen diseinu- eta gauzatze-lanak.

    2. Erakunde-izaerako informazio turistikoa.

    3. Sektorearekin zerikusia duten Estatuko eta nazioarteko azoka eta lehiaketetako parte-hartzea.

    4. Euskadiko turismoa sustatzeko beste edozein jarduera, beharrezkotzat jotzen bada lege honen bidez lortu nahi diren helburuak lortzeko.

      Dagozkion koordinazio-funtzioak betez, Euskadiko Turismo Administrazioak deklaratu ahal izango du Euskadi eta/edo Basque Country izenak eta harentzat erabakitzen diren logotipo eta esloganak nahitaez sartu behar direla Euskadiko gainerako turismo-administrazioek bultzatzen dituzten eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren funts publikoak erabiliz aurrera eramaten diren sustapen-kanpainetan, betiere toki-araubideko legerian ezarritako moduan.

      Era berean, Euskadiko Turismo Administrazioak deklaratu ahal izango du Euskadi eta/edo Basque Country izenak eta erabakitzen diren logotipo eta esloganak nahitaez sartu behar direla turismo-enpresa eta -elkarteek bultzatzen dituzten eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren funts publikoak erabiliz aurrera eramaten diren sustapen-kanpainetan.

  5. Turismo-administrazioek baliabide turistikoak sortu, kontserbatu eta hobetzea bultzatuko dute, horretara bideratzen diren ekimen publiko eta pribatuak babestuz.

    Turismo-arloko eskumenak dituzten administrazioek planifikatu ahal izango dute nola sustatu eta babestu baliabide turistikoak, lege honetan ezartzen denaren arabera.

    Turismo-plan propioak sustatzen dituzten administrazioek eta pertsonek beharrezko iritzitako informazioa eta laguntza teknikoa, baita ekonomikoa ere, eskatu ahal izango diote Eusko Jaurlaritzari.

  6. Laguntzak eta diru-laguntzak emateko, publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak bete beharko dira, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko azaroaren 11ko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuan edo hura ordezten duen araudian ezarritako prozedura eta irizpideen arabera.

  7. Turismo-administrazio guztiek erabili beharreko informazio-bide eta -sistema guztiak erabiliko dituzte turismo-eskaintza eta -eskaria ezagutzera emateko eta optimizatzeko, baita kanpotik egiten diren informazio-eskariei erantzuten zaiela bermatzeko ere.

    Turismo-administrazio eskudunak informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera sustatuko du, bai Euskadiko baliabide turistikoak zabaltzeko, bai Administrazioak, turismo-enpresek eta turismo-zerbitzuen erabiltzaileek beren artean harremanak izateko.

    Turismoko informazio, orientazio eta laguntza hori emateko, bide hauek erabil daitezke: Euskadiko Administrazioaren mendeko enteak, edo turismo-bulegoak eta partzuergoak, besteak beste.

    Era berean, eremu turistikoan hizkuntza sexistarik erabil ez dadin sustatuko du Administrazioak.

  8. Administrazio guztiek jarduera, plan eta ekimenak bultzatuko dituzte turismo-sektorearen behe-denboraldiak dinamizatzeko eta goi-denboraldiak luzatzeko.

  9. Euskadiko Turismo Administrazioak behar beste neurri hartuko ditu turismo-lanbideetako prestakuntza, jarduna eta hobekuntza garatu eta hobetzeko, turismo-sektorearen onerako izan daitezkeen arlo guztietan ikerketa, garapena eta berrikuntza bultzatzea sustatuz.

  10. Aurreko zenbakietan zehaztutako turismo-politikaren helburuak benetan lortzeko, Euskadiko Turismo Administrazioak koordinatuko ditu turismoarekin lotura zuzena duten jarduerak egiten dituzten Euskadiko administrazio publikoak, indarreko legerian aurreikusitako edozein formula erabiliz.

  1. Euskadiko Turismo Administrazioaren eskumena izango da:

    1. Exekutatzea 4.1 artikuluan zehazten diren printzipio gidariak, beste turismo-administrazio batzuei esleitu ezin zaizkienak.

    2. Antolatzea turismo-enpresen jarduera, eta, hala badagokio, finkatzea enpresa horiei dagokien mota, taldea, klasea, modalitatea eta kategoriak finkatzea.

    3. Ikuskatzea establezimenduak eta haiek ematen dituzten zerbitzuetako baldintzak.

    4. Behatzea ea betetzen diren ala ez zerbitzu turistikoen eta prezioen publikotasunerako ezarritako neurriak.

    5. Neurri egokiak hartzea turismo-eskaintza sustatu eta bultzatzeko, beste administrazio eta organismo batzuek beren eskumen-eremuan hartutako neurriekin koordinatuz eta administrazio eta organismo horiekin lankidetzan arituz.

    6. Izapidetzea lege honek aipatzen dituen gaien inguruan jar daitezkeen erreklamazio, kexa eta salaketak.

    7. Proposatzea, koordinatzea eta harmonizatzea eta, hartarako eskumena duen kasuetan, onartzea baliabide turistikoak antolatzeko planak: lurralde-plan sektorialak eta helmuga turistikoen plan zuzentzaileak. Era berean, itunak sinatu ahal izango ditu administrazio publikoekin, lurralde-plan sektoriala edo helmuga turistikoen plan zuzentzaileak elkarrekin egiteko.

    8. Zehapenak jartzea, lege honetan ezarritakoaren aurka egiten diren arau-hausteei dagozkienak.

    9. Behar beste neurri hartzea Euskadiko turismo-sektorea antolatzeko eta lege honen xede eta helburuak bermatzeko, lankidetzan arituz sektoreko agenteekin eta beste administrazio publikoekin.

    10. Turismoari loturiko beste eskumen batzuk, lege honetan edo aplikatu beharreko beste araudi batzuetan emandakoak.

  2. Eusko Jaurlaritzan turismo-arloko eskumena duen organoak exekutatuko ditu aurreko zenbakian zehazten diren eskumenak, hargatik eragotzi gabe beste organo batzuek beren eskumen-eremuan izan ditzaketenak.

  3. Udalei dagokie tokiko turismoa kudeatzea eta sustatzea.

  1. Euskadiko Turismo Mahaia eta erregelamenduz zehazten diren organoak izango dira organo aholku-emaileak.

  2. Euskadiko Turismo Mahaia Eusko Jaurlaritzan turismo-arloko eskumenak dituen saileko organo aholku-emaile bat da.

  3. Erregelamenduz zehaztuko da zeintzuk diren Euskadiko Turismo Mahaiaren antolamendua, funtzioak, osaera eta funtzionamendua. Mahaiko kideen artean ezinbestean egongo dira gizarte-eragileen eta sektore ekonomiko enpresarial turistikoaren ordezkariak.

  4. Euskadiko Turismo Mahaia osatzerakoan, ahaleginak egingo dira trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izateko.

Baliabide turistikoak dira ondasun edo gauza material edo immaterialak, elementu fisikoak, naturari loturikoak, sozialak eta kulturalak, turismoa erakarri eta haren kontsumoa bultza lezaketenak, baita establezimenduen azpiegiturak eta turismora bideraturiko zerbitzuak ere.

Baliabide turistikoak berariazko lurralde-plan sektorial batean sailkatuko dira, haien garrantziaren arabera, eta oinarrizkotzat jotakoak inbentarioan jaso eta, aldi berean, baliabide turistikotzat deklaratuko dira, lege honetan xedatutakoaren eta erregelamenduz garatzen diren arauen arabera.

  1. Garapen jasangarri baten markoan, ingurumenari eta natura kontserbatzeari buruzko araudia eta ingurumen-ebaluazioari buruzko araudia bete beharko dira turismo-jarduerak diseinatu, gauzatu eta sustatzeko.

  2. Turismo-jarduera horiek, bestalde, Euskadiko ondare kulturala, etnografikoa, historikoa, artistikoa, industriala eta naturala errespetatuz, zainduz eta kontserbatuz egin beharko dira, beste produkzio-sektore batzuekiko harmonian, eta Euskadiko ohiturak, tradizioak eta aberastasun kulturala zabaldu beharko dituzte.

  3. Pertsona guztien eginbeharra da baliabide turistikoei kalterik ez egitea eta galerarik ez eragitea.

  4. Baliabide turistikoak kudeatzeaz edo babesteaz arduratzen diren administrazio-organoek sustatu behar dute baliabideok errespetuz erabiltzea. Bestalde, ikuskatze- eta zehatze-funtzioak betetzeko betebeharra dute eginbehar hori betetzen dela bermatzeko.

  5. Baliabide turistikoak kudeatzeaz edo babesteaz arduratzen diren administrazio-organoek turismoaren garapen jasangarria sustatuko dute, garapen hori lurralde-, gizarte- eta ekonomia-orekan oinarrituz eta, hala dagokionean, babestutako leku edo eremuak bisitatzeko zehaztutako karga-ahalmenera mugatuz.

  6. Turismo-arloko jarduketa publikoek ingurumena errespetatzen duen turismo bat sustatu eta bermatu behar dute, batez ere ingurumen-araudiak babesten dituen inguruneei dagokienez edo gehiegizko ustiaketa jasateko edo oreka hausteko arriskuan dauden baliabide turistikoetan.

  1. Lurralde-plan sektorial baten bidez antolatuko dira Euskadiko baliabide turistikoak, eta bertan jasoko dira, gutxienez, diagnostiko bat, lehentasun batzuk, aurrera eraman beharreko ekintzen xehetasunak eta ebaluazio bat.

    Lurralde-plan sektorial horretan definituko da Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-garapen turistikoaren eredua, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legeak lurraldea antolatzeko ezarritako tresnek definitutako ereduari edo lege hori ordezten duen araudiari jarraikiz. Era berean, baliabide turistikoak babestu beharra ezarri eta ingurumen-inpaktua ebaluatzeko irizpideak jasoko dira aurretik baliabide turistikoen inbentarioa eginda, eta turismo-jardueraren jasangarritasun-ratioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-jarduera hobetzeko neurriak ezarriko dira, hala lurraldeari buruzkoak nola gizarte, ekonomia eta kulturari buruzkoak.

    Lurralde-plan sektoriala tresna bat izango da, lurraldeko baliabideak inbentariatu eta antolatzeko eta haien erabilera eta garapen turistikoa arautzeko ez ezik, artikulatzeko ere balioko duena: batetik, baliabideen eta lurraldearen arteko artikulazioa ahalbidetuko du, haien kontsumoa errazteko produktu turistiko ezberdinak eskainiz, eta, bestetik, lurraldea bera artikulatuko du, kontsumo eta jarduera turistikoen gertaleku gisa.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoa izango da lurralde-plan sektorialaren lurralde-eremua.

  1. Euskadiko Turismo Administrazioak Euskadiko mapa turistiko bat egingo du, helmuga turistiko ezberdinak jasoko dituena.

  2. Helmuga turistikoa honako irizpide hauen arabera ezarriko da:

    1. Lurralde-osagarria, lurralde-plan sektorialean ezarritakoa; plan horretan jasotzen da nola erabili behar diren, ikuspuntu geografikotik, baliabide turistikoak eta lurraldearen baliabideak turismo-jardueren euskarri gisa, aintzat hartuta jasangarritasunaren eta lurralde-ekitatearen irizpideak, eta alde batera utzita ezarrita dauden mugapen administratiboak.

    2. Agente turistiko publikoen eta pribatuen arteko kudeaketa- eta hitzarmen-eredu baliagarriak. Agente horiek, aldi berean, administrazio publikoek bultzaturiko politika publikoak artikula eta ezar ditzakete, eta sektore pribatuko inbertsioak koordinatu.

    3. Eskari turistikoa, marketin-plan baten bidez ikertu eta balioetsia. Plan horretan izaera orokorra izango du, eta eguneratu egingo da, honako hauek definituko dira: ondasun eta zerbitzu turistikoak, arrazoiak, mugikortasun turistikoa, irisgarritasuna eta eskariari loturiko elementu guztiak, turistarentzat eremu bat turistikotzat jotzeko erabiltzen direnak.

Helmuga turistikoaren deklarazioa Euskadiko Turismo Administrazioari dagokio.

  1. Definituriko helmuga turistiko bakoitzarentzat plan zuzentzaile bat egingo da, gidalerroak, gomendioak eta lan-ildoak ezarriko dituena, agente turistikoek, ezarritako kudeaketa-eredua erabiliz, modua izan dezaten helmugaren lehiakortasuna hobetu eta dinamizatzeko eta sustapen- eta merkaturatze-ekintzak ezarri eta koordinatzeko.

  2. Turismo-plangintzan koherentzia eta logika berari eusteko, helmugen plan zuzentzaileak Euskadiko Turismo Administrazioak bultzatuko ditu, bere ekimenez edo Turismo Mahaiaren edo eragindako administrazioen eskariz, eta helmugan diharduten agente publiko zein pribatuek parte hartuko dute haien elaborazioan.

  3. Helmuga turistikoen plan zuzentzaileei ingurumen-ebaluazio estrategikoa eta irisgarritasun-baldintzetara egokitzen diren ikusteko ebaluazioa aplikatuko zaizkie, baldin eta hala ezartzen badu gai horri buruzko indarreko araudiak; horretaz gain, memoria ekonomiko bat izan beharko dute, planean jasotako ekintzetarako jasangarritasun ekonomikoa bermatuko duten aurrekontuak adierazita, eta indarreko araudi aplikagarri guztira egokitu beharko dira.

Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legean edo hura ordezten duen araudian ezarritakoa eragotzi gabe, turismo-erabiltzaileek, turismo-jarduerak eskaintzen dituzten pertsonekiko harremanean, eskubidea dute:

  1. Ezer kontratatu aurretik, eskaintzen zaizkien produktu eta zerbitzu turistikoei eta horien irisgarritasun-baldintzei buruzko informazio egiazkoa, eraginkorra, ulergarria eta zehatza jasotzeko. Informazio hori informazio-idatzi batean emango da, honako hauek adieraziz: zein diren ondasuna edo zerbitzua ematen duen pertsonaren identifikazio-datuak, zein den azken prezio osoa zergak eta tasak barne eta zein diren eskaintzen den produktu edo zerbitzu turistikoaren ezaugarri eta baldintza guztiak.

  2. Kontratua formalizatzean, zerbitzu turistikoak zer baldintzatan kontratatu diren egiaztatzen duten agiriak jasotzeko. Agiri horietan, honako informazio hau emango da: zerbitzu-emailearen identifikazioa, ondasunaren edo zerbitzuaren ezaugarri eta baldintza guztiak, azken prezio osoa zergak eta tasak barne eta, hala dagokionean, atzera egiteko baldintzak eta horren ondorioak. Eskubidea izango dute, halaber, ordaindutakoaren ziurtagiriak jasotzeko.

  3. Kalitatezko zerbitzu turistikoak jasotzeko; betiere, kontratatutako enpresa, zerbitzu edo establezimenduaren kategoriaren arabera.

  4. Publikoari irekitako establezimenduetara doan sartu eta haietan egoteko eta establezimendu horiek eskaintzen dituzten zerbitzuak edo zerbitzu horiei buruzko informazioa jasotzeko, horretarako muga bakarrak jarduera bakoitzaren berariazko erregelamenduan eta establezimenduaren barne-araudian jasotakoak izango direlarik. Era berean, erabiltzaileek eskubidea izango dute tratu zuzena eman, eta pertsona modura duten duintasuna errespeta dakien, bereizkeriarik egin gabe haien jaiotza, arraza, sexu, desgaitasun, erlijio edo iritziagatik edota beste egoera pertsonal edo sozialengatik.

  5. Erabiltzen dituzten zerbitzu turistikoak segurtasun-baldintza egokietan egon daitezen. Hala, erabiltzaileek normaltasunez erabiltzen dituzten instalazio, baliabide edo zerbitzuek segurtasun-neurri egokiak izango dituzte, jardueraren izaeraren eta ezaugarrien arabera dagozkienak, eta informazioa jasoko dute egon litezkeen arriskuei buruz eta arriskuoi aurre egiteko hartutako segurtasun-neurriei buruz.

  6. Lasaitasunaz eta intimitateaz gozatzeko, indarrean dagoen legerian ezarritako moduan, eta kontratatutako zerbitzua egokiro ematea eragotz dezakeen edozeri buruzko informazioa jasotzeko.

  7. Dagokion araudian ezarritakoaren arabera, modu erraz batean identifikatzeko hala establezimenduaren sailkapenaren, kategoriaren eta espezializazioaren bereizgarriak nola kalitateari, irisgarritasunari eta edukierari buruzko bereizgarriak, baita jarduerari buruzko beste edozein informazio ere.

  8. Kexak, salaketak eta erreklamazioak jartzeko, dagokion araudian ezarritako ereduari jarraiki.

  9. Turismo Administraziotik Euskadiko turismo-eskaintzaren eta baliabide turistikoen alderdi guztiei buruzko informazio eguneratua eta zehatza jasotzeko.

  10. Datu pertsonalak babestuta izateko, ordenamendu juridikoak ezarritako moduan.

  1. Establezimenduak lokal publikoak dira, eta inori ere ezin zaio haietan sartzea galarazi arraza, sexu, erlijio, iritzi edo desgaitasunagatik edota diskriminazioa eragin lezakeen beste edozein egoera pertsonal edo sozialengatik. Establezimendu-mota bakoitzari aplikatu beharreko araudian zehaztuta daudenak izango dira irisgarritasun-baldintzak.

    Erabilera-erregelamendua edo barne-erregelamendua bete beharra ezarri ahal izango da establezimenduetara sartzeko edo haietan egoteko. Erregelamendu horiek ezingo dira izan lege honek ezarritakoaren kontrakoak, eta ondo ikusteko moduan iragarri beharko dira establezimenduaren sarrera guztietan.

  2. Turismo-enpresen edo establezimenduen titularrek aukera izango dute pertsonei ez uzteko instalazioetan geratzen, baldin eta pertsona horiek ez badute betetzen hurrengo artikuluan ezartzen diren eginbeharretakoren bat.

  3. Turismo-enpresen eta establezimenduen titularrek agintaritza-agenteei eskatu ahal izango diete laguntzeko pertsonak establezimendutik kaleratzen, dela ordena publikoa nahasten dutelako, dela portaera bortitz edo erasokorrak dituztelako.

  4. Establezimenduko toki ikusgarrietan eta sustapen-informazioan jaso beharko da zein den ostatu-establezimendu turistiko batean etxeko animaliak onartzeko araubidea. Edozein kasutan, ikusteko desgaitasuna erabatekoa edo partziala duten pertsonek aukera izan behar dute establezimenduotan txakur itsu-gidariekin edo laguntza-txakurrekin sartzeko, sektoreko araudian ezarritakoaren arabera.

Lege honen ondorioetarako, eta beste legeria aplikagarriren batean ezarritakoa eragotzi gabe, zerbitzu turistikoen erabiltzaileen betebeharra da:

  1. Establezimenduetako erabilera-arauak edo barne-araubidea errespetatzea, baita bisitatzen dituzten tokietako arau bereziak eta egiten dituzten turismo-jarduerenak ere.

  2. Zerbitzu turistikoak egoki erabiltzeko, higiene, hezkuntza, gizabide eta janzkerako arauak betetzea, eta pertsona, erakunde eta ohiturak errespetatzea.

  3. Kontratatutako zerbitzuaren prezioa ordaintzea, faktura aurkezten zaienean, edo, bestela, hitzartutako tokian, denboran eta moduan. Kexak eta erreklamazioak jartzeak inoiz ez du kenduko ordaintzeko betebeharra, salbu eta aurretik hala hitzartzen den kasuetan.

  4. Errespetatzea Euskadiko ingurumena, kultura- eta historia-ondarea eta baliabide turistikoak.

  5. Errespetatzea turismo-enpresetako eta establezimenduetako instalazio eta ekipamenduak.

  6. Erreserba-araubidea betetzea aplikatu beharreko araudiaren arabera; ostatu-zerbitzuak jasotzen dituztenean, irteteko itundutako data errespetatzea, eta libre uztea okupatutako unitatea.

  7. Errespetuz eta duintasunez tratatzea turismo-jardueretan lan egiten duten pertsonak.

  8. Hirugarrenei ez lagatzea kontratatutako zerbitzuak erabiltzeko eskubidea, salbu ordenamendu juridikoan onartuta dagoenean edo kontratuan aurreikusita dagoenean.

Zerbitzu turistikoen erabiltzaileek arbitrajea eskatu ahal izango dute kexak edo erreklamazioak ebazteko, kontsumoko egungo arbitraje-sistemaren arabera. Dena den, zerbitzu eta enpresa turistikoen erabiltzaileek eskubidea dute nahi duten bide legala hautatzeko haien artean sortzen diren desadostasun eta gatazken ebazpenerako.

  1. Librea da turismo-jardueran aritzea, baina aplikatzekoa den indarreko legeria bete behar da; beraz, zerbitzu turistikoren bat emateko interesa duen edozein pertsona kokatu ahal izango da Euskadin, baldin eta komunikazioa edo erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu, eta, hala badagokio, dagokion gaikuntza lortzen badu.

  2. Euskadiko Turismo Administrazioak turismo-jarduera eta zerbitzu turistikoak antolatu eta kontrolatuko ditu, lege honetan eta berau garatzen duen araudian ezarritako moduan.

  1. Ezer egiten edo ezein administrazio-izapidetan hasi baino lehen, erabilera turistikorako enpresa edo establezimendu bat ireki, eraiki edo aldatu nahi duen pertsona fisiko edo juridikoak txosten bat eskatu ahal izango dio Euskadiko Turismo Administrazioari honako hauei buruz: zer betekizun bete behar diren, Euskadiko legerian aurreikusitakoaren arabera, azpiegitura eta zerbitzuei edo irisgarritasunari eta barrerak kentzeari dagokienez, edo, hala balitz, establezimenduari legokiokeen sailkapenari dagokionez. Txosten hori emateko epea bi hilekoa izango da gehienez ere.

  2. Era berean, udalek ere txosten hori eskatu ahal izango diote Euskadiko Turismo Administrazioari, nahitaezko udal-lizentziak izapidetzen diren unean.

  3. Txostena urtebetez izango da baliozkoa, ematen denetik aurrera, betiere turismo-araudia indarrean dagoenean sinatzen bada.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan turismo-jarduera batean lanean hasi baino lehenago, turismo-enpresa baten titular izanik jarduera horretan hasi eta horretan jardun nahi duen pertsona fisiko edo juridikoak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio Euskadiko Turismo Administrazioari, garatu nahi duen jarduera horretan aritzeko bete behar diren betekizunak betetzen dituela adierazten duena.

  2. Lege honen ondorioetarako, turismo-jarduera hasteko erantzukizunpeko adierazpena dokumentu bat da, interesdunak sinatzen duena bere erantzukizunpean adierazteko: batetik, ezagutzen eta betetzen dituela eskubide edo ahalmen baten aitorpena lortzeko edo horiek gauzatzeko indarreko araudiak ezartzen dituen betekizunak; bestetik, baduela adierazitakoa egiaztatzen duen dokumentazioa eta Administrazioaren esku utziko duela hala errekeritzen dionean, eta, azkenik, betekizun horiek guztiak betetzeko konpromisoa hartzen duela aitorpen edo gauzatze horri dagokion epealdi osoan.

    Aurreko paragrafoan adierazitako betekizun guztiak espresuki eta modu argi eta zehatzean jaso beharko dira dagokion erantzukizunpeko adierazpenean, azpimarratuz bereziki, halakorik badago, zerga- eta hirigintza-arloko betebeharrak ezagutzea eta betetzea, gai horien konplexutasun eta garrantzi berezia direla medio. Euskadiko administrazio turistikoek edozein unetan errekeritu ahal izango dute aurkez dakiela aipaturiko betekizunak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa, eta aurkeztu egin beharko du interesdunak.

    Adierazpen hori jardueraren titularrak edo turismo-enpresaren legezko ordezkariak edo establezimenduaren jabeak sinatu beharko du, eta, behar izanez gero, baita jabeak bere establezimendua kudeatzeko ardura aurretik emana dion pertsona juridiko kudeatzaileak ere.

  3. Jarduera hasteko erantzukizunpeko adierazpena aurreko zenbakian ezarritako moduan izenpetuta aurkeztearekin batera, dena delako jarduera garatzeko gaikuntza lortzen da, adierazpena aurkezten denetik bertatik eta iraupen mugagabe baterako, salbu araudiak Administrazioaren aldez aurreko baimen espezifikoren bat eskatzen duenean, hargatik eragotzi gabe aplikatu beharreko beste arau batzuek ezartzen dituzten betebeharrak eta administrazio eskudunek esleituta dituzten egiaztapen-ahalmenak. Erantzukizunpeko adierazpena aurkezteak gaitu egiten du turismo-jardueran aritzeko lege honetan ezarritako baldintzetan, baina hori ezin izango da inoiz ere salbuesgarri gisa alegatu beste arlo bateko araudia ez betetzearen aurrean.

  4. Jarduera hasteko erantzukizunpeko adierazpena osorik aurkezteak berehalako ondorio zuzena izango du: inskribatuta geratuko da lege honen 24. artikuluan arautzen den erregistroan.

  5. Beste autonomia-erkidego batzuetan legez ezarrita dauden turismo-enpresek Euskadin gauzatu ahal izango dute, legalki, beren turismo-jarduera, aldi batean edo noizbehinka. Nolanahi ere, Euskadiko Turismo Administrazioari komunikatu beharko diote, erregistroan inskribatzeko, ez beste ezertarako; horrek, dena den, ez du eragozten erakundeen arteko lankidetza. Edozein kasutan, ostatu turistikoa eskaintzen duten enpresa edo establezimenduek eta etxebizitzak eta etxebizitza partikularretako logelak erabilera turistikorako eskaintzen dituztenek artikulu honetan ezarritako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, non adieraziko den establezimendu fisikoak betetzen dituela jarduera egiteko bete beharreko betekizun guztiak.

  6. Baldin eta turismo-enpresek Europar Batasuneko estatu kideetan edo Europako Esparru Ekonomikoaren gaineko Akordioari elkartutako estatuetan badute beren egoitza, eta beren jarduera ere estatu horietan egiten badute legez, Euskal Autonomia Erkidegoan ere has dezakete turismo-jarduera, betiere ez badute horrelako jarduerarik egiten Estatuko beste tokiren batean. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute aurretik, zeinean adieraziko baitute legez ezarrita daudela beren jatorrizko herrialdean, badutela hori egiaztatzen duen dokumentazioa eta betetzen dituztela Euskal Autonomia Erkidegoan exijituriko betekizunen baliokideak. Edozein kasutan, ostatu turistikoa eskaintzen duten enpresa eta establezimenduek artikulu honetan ezarritako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, non adieraziko den establezimendu fisikoak betetzen dituela jarduera egiteko bete beharreko betekizun guztiak.

  7. Zerbitzu-emaileek erantzukizun zibileko poliza bat edo beste berme batzuk kontratatu beharko dituzte nahitaez, erregelamenduz ezartzen den moduan eta zenbatekoarekin, baldin eta arrisku zuzena eta zehatza badago hartzailearen edo hirugarren baten osasunerako edo segurtasun fisikorako edo hartzailearen segurtasun finantzariorako. Eskatzen den berme horrek proportzionala izan beharko du estalitako arriskuaren izaera eta norainokoarekiko, eta beti egon beharko du indarrean jarduera garatzen den bitartean edo horretan aritzen den bitartean.

  8. Turismo-arloko lanbideren batean diharduten pertsona fisiko edo juridikoak legez kokatuta badaude beste autonomia-erkidego batzuetan, Europar Batasuneko estatu kideetan edo Europako Esparru Ekonomikoaren gaineko Akordioari elkartutako estatuetan, Euskadin libreki egin ahal izango dute jarduera hori. Nolanahi ere, Euskadiko Turismo Administrazioari komunikatu beharra ezar daiteke, erregelamenduz, erregistroan inskribatzeko, eta ez beste ezertarako.

    Edozein kasutan, Euskadiko kultura-ondarearen barruan integraturiko baliabideetan jardun nahi duten gidari turistikoek, nahiz eta aldi baterako edo noizbehinka izan, dagokion gaikuntza eduki beharko dute, Euskadiko Turismo Administrazioak emana, lege honen 64. artikuluan adierazitako moduan.

  9. Euskadiko Turismo Administrazioak zehaztuko du zein den jarduera hasteko erantzukizunpeko adierazpenaren eredu ofiziala eta zer dokumentazio erantsi behar zaion; era berean, zehaztuko du zer dokumentazio izan behar duen pertsona fisiko edo juridikoak, eta prozedurako zer baldintza bete behar diren kapitulu honetan aipatzen diren izapideak egiteko. Horrez gain, argitaratuta eta eguneratuta edukiko ditu idatzi-ereduak, jarduera hasteko erantzukizunpeko adierazpenarenak eta beste batzuk. Edozein kasutan, Euskadiko Turismo Administrazioak ahalbidetuko du adierazpen hori modu telematikoan aurkeztea, baita gainerako administrazioekiko koordinazioa ere.

  1. Aurreko artikuluan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpen hori behar bezala formalizatu eta aurkeztu ostean, Euskadiko Turismo Administrazioak egiaztatuko du ea betetzen diren ala ez lege honetan eta berau aplikatzeko erregelamenduetako arauetan ezarritako betekizunak. Gero, interesdunari jakinaraziko dio deklaratutakoa legearen araberakoa den ala ez.

    Akatsik edo desadostasunik ezean, interesdunari jakinarazi beharko zaio zer datu jaso diren Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan; besteak beste, erregistro-zenbakia, kategoria eta, baldin badu, espezialitatea.

  2. Euskadiko Turismo Administrazioak inskripzioa ezeztatuko du baldin eta funtsezko zehaztugabetasunik, faltsutasunik edo omisiorik atzematen badu jarduera hasteko erantzukizunpeko adierazpenean edo hari erantsi edo gehitutako dokumentuetan jasotzen diren datuetan, edo atzematen badu nahitaezko dokumentazioa falta dela edo ez direla betetzen aplikatu beharreko betekizunak. Ondorioz, egitate horien berri jasotzen den unetik bertatik ezin izango da turismo-jarduera hori egiten jarraitu; hori gorabehera, legezko erantzukizuna eskatu ahal izango da, dagokion prozedura instruituta, zeinean entzunaldia emango baitzaio interesdunari.

    Prozedura horren ondorioz, arrazoietan oinarritutako ebazpena emango da erregistroko inskripzioari baja emateko edo hura ezeztatzeko, baita establezimendua ixteko edo jarduera horretan aritzea debekatzeko ere. Era berean, inguruabar horien berri ematen duen ebazpenak erabaki ahal izango du arduradunak jarduera hasi aurreko egoera berera itzuli behar duela egoera juridikoa, nahitaez.

  3. Euskadiko Turismo Administrazioak, prozedura horretaz aparte, dagokion zehapen-prozeduraren instrukzioa hasiko du baldin eta aurreko zenbakian aipatzen den zehaztugabetasunik, faltsutasunik edo omisiorik atzematen badu.

  4. Lege honen ondorioetarako, jarduera hasteko erantzukizunpeko adierazpeneko edo hari erantsi edo gehitutako dokumentuetan jasotzen den edozein datutan funtsezko zehaztugabetasuna, faltsutasuna edo omisioa dagoela joko da baldin eta horiek:

    1. Interesdunaren nortasun fisiko edo juridikoaren egiaztapenari eragiten badiote.

    2. Pertsonen segurtasunari arriskua ekar badiezaiokete, eta bereziki:

      1. Suteen aurkako prebentzio- eta babes-arloan nahitaezkoa den dokumentazioa falta bada edo gabeziak badaude arlo horretan.

      2. Autobabeseko eskulibururik ez badago, edo exiji daitekeen kasuetan ezartzen ez bada.

    3. Honako hauei eragiten badiete: establezimenduaren sailkapenari (taldea, kategoria, betekizunak) eta, hala badagokio, erregelamenduetako arauen arabera eska daitezkeen bermeei, aseguruei eta dokumentazio osagarriari.

    4. Eskainitako zerbitzu eta produktu turistikoen irisgarritasun-baldintzei eragiten badiete.

  5. Aldiz, jarduera hasteko erantzukizunpeko adierazpenean edo hari erantsi edo gehitutako dokumentuetan jasotzen den edozein datutan funtsezkoa ez den zehaztugabetasunik, faltsutasunik edo omisiorik atzemanez gero, edo 2. zenbakian agertzen ez diren bestelako legezko betebeharrak ez direla betetzen ikusiz gero, errekerimendua egingo da zuzendu beharrekoak zuzentzeko edo betebeharrak betetzeko 15 eguneko epean.

    Atzemandako akatsak zuzenduta, interesdunari jakinarazi beharko zaio zer datu jaso diren Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan; besteak beste, erregistro-zenbakia, kategoria eta, baldin badu, espezialitatea.

  6. Aipatutako epea igaro, eta errekerimenduari kasurik egin ez bazaio, dagokion administrazio-prozedura izapidetuko da eta turismo-jarduera aldatzeko edo, hala badagokio, uzteko aginduko da.

    Halakoetan, lege honetan aurreikusitako zehapen-araubidea aplikatuko da.

  1. Turismo-enpresa baten titularrek edo turismo-jarduera batean ari direnek Euskadiko Turismo Administrazioa jakinaren gainean jarri beharko dute daturik aldatuz gero jarduera hasteko egindako adierazpenean, aurkeztutako dokumentazioan edo datuak aldatzeko gerora egindako adierazpenen batean, edo jarduerari eragiten dioten funtsezko aldaketak daudenean edo jarduera uzten dutenean. Horren berri emateko, beste erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute aurretiaz.

  2. Honako hauek jotzen dira funtsezko aldaketatzat: mota-aldaketak; talde- eta modalitate-aldaketak, hala dagokionean; kategoria- eta espezialitate- edo ahalmen-aldaketak eta sailkapen turistikoari eragiten dion beste edozein aldaketa, baita jarduera uztea ere.

  1. Turismo-enpresa baten titularrak edo turismo-jarduera batean ari denak, erregelamenduz ezarritakoaren arabera, funtsezkoak ez diren aldaketak egin nahi badituzte, Euskadiko Turismo Administrazioari komunikatu beharko diote aurretik.

  2. Aldez aurreko komunikazioa dokumentu bat da, zeinaren bidez interesdunak Euskadiko Turismo Administrazioari turismo-jarduera bati buruzko egitate edo elementuen berri ematen baitio, jarduera hori zerk baldintzatu ahal duen adieraziz eta, hala badagokio, hori guztia egokiro betetzeko behar diren dokumentu guztiak erantsiz.

    Honako hauek ez dira funtsezko aldaketatzat jotzen: titulartasunaren, izenaren edo sozietate-eskrituraren aldaketak, edo bestelako aldaketak baldin eta ez badiete eragiten jarduera hasteko erantzukizunpeko adierazpenean dauden funtsezko baldintzei edo aurkeztutako dokumentazioan edo hasierako adierazpena aldatzeko beste edozein adierazpen edo komunikaziotan jasotakoei.

  3. Aldez aurreko komunikazioa behar bezala bete eta aurkezteak berehalako ondorio zuzena izango du: inskribatuta geratuko da Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan.

  4. Aldez aurreko komunikazioari erantsi edo gehitzen zaion edozein datutako zehaztugabetasunak, faltsutasunak edo omisioak lege honen 21. artikuluan aurreikusitako ondorio berak izango ditu.

  1. Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroa izaera administratiboko erregistro publiko bat da, Eusko Jaurlaritzan turismo-arloko eskumena duen sailari atxikia, eta haren helburua da inskribatzea Euskadiko turismo-enpresak eta haien establezimenduak edo turismo-enpresa baten titular diren edo turismo-jarduera batean aritzen diren pertsona fisiko eta juridikoak. Inskripzioak ez du izaera eratzailea izango.

  2. Lege honen VI. tituluan erregulatzen diren enpresa eta establezimenduek erregistroan inskribatzea eskatu ahal izango dute, erregelamenduz ezarritako moduan.

  3. Lege honen 64. artikuluan aipatzen diren zerbitzu turistikoak ematen dituztenek, aldiz, ez dute zertan erregistro horretan inskribatuta egon, baldin eta beste autonomia-erkidego batzuetan inskribatuta badaude, edo Europar Batasuneko beste estatu batzuetan inskribatuta badaude eta zerbitzuak aske emateko araubidepean badihardute han.

  4. Beste autonomia-erkidego batzuetan, Europar Batasuneko estatu kideetan eta Europako Esparru Ekonomikoaren gaineko Akordioari elkartutako estatuetan legez ezarritako enpresen kasuan, aipaturiko erregistroko inskripzioa ofizioz egingo da, turismo-enpresek erantzukizunpeko adierazpena edo dagokion komunikazioa aurkeztu eta gero, eta, hala badagokio, turismo-gidariaren gaikuntza lortu eta gero.

  5. Euskadiko Turismo Administrazioak ofizioz egingo du Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroko inskripzioa, erantzukizunpeko adierazpenaren eta, hala badagokio, dokumentazio osagarriaren arabera, eta, aurreikusita badago, jarduera sailkatuko du, hargatik eragotzi gabe Administrazioaren kontrol-ahalak erabiltzea eta, hala badagokio, hartzekoak liratekeen kautela- edo zehapen-neurriak hartzea.

  6. Erregistro horretan inskribatu eta sailkatzeko kontuan izandako baldintzetan eta betekizunetan funtsezko aldaketak edo funtsezkoak ez direnak eginez gero, horren oharra idatzi beharko da, ofizioz, erregistroan.

  7. Eskaintzen dituzten zerbitzuen publizitatearekin dituzten beste betebeharren osagarri gisa, enpresa eta establezimenduek Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroko identifikazio-zenbakia sartu beharko dute beren burua iragartzeko erabiltzen dituzten publizitate-mota guztietan, sortzen dituzten dokumentu edo faktura guztietan, turismoa eskaintzeko erabiltzen duten edozein bitarteko, euskarri, sistema edo kanaletan edo zerbitzu turistikoak kontratatzeko ezarrita duten edo ezar lezaketen edozein formulatan.

  8. Turismo-enpresen titularrek eta turismoko profesionalek turismo-jarduerari uzten badiote, behin betiko baja komunikatu beharko diote, aldez aurretik, Turismo Administrazioari, eta hark, ondoren, erregistroko inskripzioa ezeztatuko du.

    Turismo Administrazioak ofizioz ezeztatuko ditu enpresek eta profesionalek erregistro horretan dituzten inskripzioak, baldin eta aurreko paragrafoan ezarritako betebeharra betetzen ez badute eta jarduera utzi dutela atzematen bada. Horretarako, dena den, espedientearen instrukzioa egin beharko du, eta ebazpena jakinarazi beharko dio dagokion turismo-enpresaren titularrari edo dena delako profesionalari.

  9. Behin betiko baja emateak erregistroko inskripzioa ezeztatzea ekarriko du, baita erantzukizunpeko adierazpena edo aldez aurreko komunikazioa aurkezteak dakartzan eskubide guztiak galtzea ere.

    Establezimendu batean eraberritze-lanak egiten direnean, behin betiko baja eman ahal izango zaio hango turismo-plazen kopuru jakin bati.

  10. Erregelamenduz zehaztuko da zer antolamendu eta funtzionamendu izango duen Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroak.

Turismo-enpresek ondo irakurtzeko eta ulertzeko moduan erakutsi beharko dituzte haien sailkapen administratiboaren berezko elementuak eta hura egiaztatzen duten ikurrak, hala publizitatean, iragarkietan, dokumentuetan eta korrespondentzian nola prezio-tarifetan eta zerbitzu turistikoen fakturetan.

  1. Zerbitzu turistikoen prezioak libreak dira.

  2. Prezio-tarifak erabiltzaileen eskura egongo dira beti, eta haiek ondo ikusteko moduan azalduko dira establezimenduetako toki ikusgarri batean.

  3. Kontzeptuen arabera banakatu beharko dira prezio-tarifak eta benetan emandako edo kontratatutako zerbitzu turistikoen fakturak, eta gutxienez gaztelaniaz eta euskaraz idatzita egon beharko dute; horrez gain, zerga-araudian ezarritako fakturazio-betekizunak bete beharko dira, bereziki fakturak ematen dituen enpresa edo pertsona identifikatzen duten datuei buruzkoak.

  4. Eskaintzen diren zerbitzuen prezio guztiek azken prezio osoak izan behar dute, zerga guztiak barne dituztela, eta banakatuta azalduko dituzte hala badagokie erabiltzaileari egiten zaion eskaintzari aplikatzen zaizkion gehikuntza edo beherapen guztiak eta gastu gehigarriak. Nahasbide oro saihesteko, tarifa-tauletan eta fakturetan bai kokagunez eta bai tamainaz azken prezioa nabarmenduko da, zergak barne direla.

  1. Jarduera hasteko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ezean, legez kanpoko eskaintzatzat edo jarduera klandestinotzat joko dira edozein bitartekoren bidez turismo-jarduerari buruz zabaltzen den publizitatea edo merkaturatzen diren eskaintza guztiak edo jarduera egitea bera. Horrek zehapen-espedientea hastea ekarriko du, lege honetan xedatutakoaren arabera.

  2. Legez kanpoko eskaintzatzat edo jardueratzat jotzen da lege honetan aurreikusitako ostatu-figuretako egonaldi turistikoak iragartzea edo merkaturatzea, baldin eta ostatu-figura horiek ez badaude erregistroan inskribatuta.

  3. Kontrolatu egingo dira jarduera klandestinoak, legez kanpoko eskaintzak, intrusismoa eta lehia desleiala.

  4. Intrusismo profesionaltzat joko da turismo-enpresen zerbitzuak ematea edo haiek edozein bidetatik iragartzea, baldin eta ez badira betetzen zerbitzu horiek ematen hasteko eskatzen diren betekizunak. Intrusismo profesionala administratiboki zehatuko da, lege honetan aurreikusitakoaren arabera. Batez ere, teknologia berriak erabiliz sortzen den intrusismoa behatuko du Euskadiko Turismo Administrazioak.

  5. Debekatuta geratzen dira edozein jardueraren sailkapenari, kategoriei edo ezaugarriei buruzko erroreak eragin ditzaketen izendapen guztiak.

    Turismo-jarduerak egiten dituzten pertsonek ez badute aurkezten jarduera hasteko nahitaezkoa den erantzukizunpeko adierazpena edo komunikazioa, debekatuta dute «oporretako», «turistiko» edo antzeko izendapenak erabiltzea.

Establezimenduetan noizbehinkako salmentak egin ahal izango dira, aurretik Eusko Jaurlaritzan merkataritza-arloko eskumena duen sailari komunikatuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza Legean jasotako alderdiak azalduz eta betez.

Turismo-enpresak izan daitezke:

  1. Ostatu-emaileak.

  2. Bitartekaritzakoak.

Lege honen ondorioetarako, turismo-enpresek eskubidea dute:

  1. Jarduerak libre egiteko, ordenamendu juridikoan aurreikusitako mugez besterik gabe.

  2. Turismo-arloko organo eskudunetatik beharrezko informazioa jasotzeko, jarduera hasi aurretik eta hartan jardun bitartean, turismo-araudiak eskatzen dituen betekizunak betetzeari buruz. Eskubide horrek irispide telematikoa jasotzen du; horrek esan nahi du aukera izan behar dela bai jarduera hasteko eta egiteko beharrezkoak diren prozedurei buruzko informaziora modu telematikoan iristeko eta bai nahitaezko izapideak modu horretan egiteko, legez ezarritako moduan.

  3. Informazioa jasotzeko Turismo Administrazioak turismo-arloan aurrera eramaten dituen neurri eta jarduketa garrantzitsuei buruz.

  4. Parte hartzeko, ordezkaritza handieneko beren antolakundeen bidez eta antolakunde sektorialen bidez, turismoarekin zerikusia duten eta antolakunde horiei eragin diezaieketen erabaki publikorik garrantzitsuenak hartzeko prozeduretan.

  5. Instalazioei, ezaugarriei eta eskaintza zehatzari buruzko informazioa sartuta edukitzeko Turismo Administrazioaren katalogoetan, gidetan, direktorioetan eta sistema informatikoetan; betiere, baliabide edo produktuaren arabera edo sustapen-tresna horien hedadura-eremuaren arabera.

  6. Euskadiko Turismo Administrazioak aitor diezaien haien titulartasunekoak diren establezimenduei dagokien sailkapen administratiboa.

  7. Irispidea izateko Turismo Administrazioak turismoa sustatzeko egiten dituen jardueretara, hark finkatzen dituen baldintzetan.

  8. Bultzatzeko, beren antolakunde edo elkarte sektorialen bidez eta sektore artekoen bidez, hala azterlan eta ikerketak egitea nola turismo-sektorearentzat interes orokorrekoak diren ekimen publiko eta pribatuko programak garatzea eta gauzatzea, baita bestelako jarduketak garatzea eta gauzatzea ere baldin eta Euskadiko turismoari laguntzen badiote aurrera egiten eta lehiakor eta dinamiko bilakatzen.

  1. Zerbitzu turistikoak emateko, lege honek eta lege hau garatzen duen araudiak finkatzen dituen baldintzak bete beharko dituzte turismo-enpresek.

  2. Aplikagarri zaien araudia gorabehera, hona turismo-enpresen eginbehar orokorrak:

    1. Euskadiko Turismo Administrazioari adierazpenak eta, hala badagokio, komunikazioak aurkeztu beharko dizkiote, eta beren jarduera garatzeko eska dakiekeen informazioa eta dokumentazioa eman, lege honetan edo bestelako arauetan xedatutakoaren arabera.

    2. Indarrean eta eguneratuta izan beharko dituzte erantzukizun zibileko aseguruak eta beste berme batzuk, aplikagarri zaien araudiaren arabera izan beharrekoak.

    3. Dagokion araudian ezarritakoaren arabera, ondo ikusteko moduan izan beharko dituzte establezimenduaren sailkapena, kategoria eta espezializazioa egiaztatzen duten bereizgarriak, eta orobat zigilu bereizgarriak edo bikaintasun-markak kalitateari, irisgarritasunari eta jasangarritasunari dagozkienak eta jarduerari buruzko bestelako informazio guztia.

    4. Legearen xede eta helburuekin bat datorren produktua eskaini beharko dute.

    5. Argitara eman beharko dute zeintzuk diren eskaintzen dituzten zerbitzu guztien azken prezio osoak zerga guztiak barne, eta banakatuta azaldu beharko dute, hala badagokio, zer gehikuntza edo beherapen aplikatzen zaizkion eskaintzari eta zer gastu gehigarri izango duen jarduera eta zerbitzu turistikoen erabiltzaileak.

    6. Emandako zerbitzuen faktura banakatuak eman beharko dituzte, bat etorriz itundu edo hitzartutako prezioekin.

    7. Beren enplegatuen lan-eskubideak errespetatu beharko dituzte, lan-ingurune egoki bat eskaini beharko diete haiei eta beren zereginak segurtasunez eta efizientziaz betetzeko behar duten prestakuntza bermatu.

    8. Zerbitzuek ondo funtzionatzen dutela zaindu beharko dute; aldian-aldian jarraipen teknikoa eginez, egoera onean mantenduko dituzte establezimenduetako instalazio eta ekipamenduak, eta zerbitzu turistikoen erabiltzaileei jakitera emango diete zer arrisku izan ditzaketen ematen zaizkien zerbitzuek edo erabiltzen dituzten instalazioek, eta zer segurtasun-neurri hartu diren.

    9. Zerbitzu turistikoen erabiltzaileen segurtasuna, lasaitasuna, erosotasuna eta intimitatea zaindu beharko dituzte, bermatuz enpresako langileen tratua atsegina, adeitsua eta errespetuzkoa izango dela.

    10. Zerbitzu turistikoen erabiltzaileei zerbitzuetara irispide librea izaten eta haiek ematen diren lekuetan egoten utzi beharko diete, muga bakartzat jarrita legetik, jarduera arautzen duten agindu espezifikoetatik eta, hala badagokio, enpresek berek ezartzen duten barne-arauditik datozenak. Araudi horrek ezin izango du jaso inolako manu diskriminatzailerik arraza, sexu, erlijio edo iritziagatik.

    11. Kexa- eta erreklamazio-orri ofizialak izan beharko dituzte zerbitzu turistikoen erabiltzaileentzat, eta orriok eman egin beharko dizkiete haiei.

    12. Establezimenduaren kategoriaren araberako eta erregelamenduz xedatutakoaren araberako zerbitzuak eman beharko dituzte, zerbitzuaren eta establezimenduaren kalitateari eutsiz.

    1. Enpresa-erantzukizunaren arloko beren politiken markoan, lankidetzan jardun beharko dute ingurumena zaintzeko.

    2. Ondare historiko eta kulturala errespetatu beharko dute.

  1. Turismo-enpresek honako informazio hau jarriko dute erabiltzaileen eskura, hargatik eragotzi gabe kontsumitzaile eta erabiltzaileak defendatu eta babesteko legerian edo aplikatu beharreko beste batean ezarritako informazio-betebeharrak:

    1. Zeintzuk diren identifikazio-datuak, identifikazio fiskaleko zenbakia, establezimenduaren helbidea eta enpresarekin azkar eta zuzenean komunikatzea ahalbidetzen duten datuak.

    2. Zer inskripzio-zenbaki duten Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan.

    3. Zer baldintza eta klausula orokor erabiltzen den, erabiltzen bada, eta ea haietan badagoen ala ez legeriari edo jurisdikzioari buruzko klausularik, kontratuari aplika dakiokeenik.

    4. Zein den zerbitzuaren prezioa, enpresak aurretik finkatuta daukanean, edo, bestela, erabiltzaileak eskatzen duenean; edo zein den aurrekontua, behar beste zehaztuta.

    5. Zeintzuk diren objektibotasunez benetan eskaintzen den zerbitzuaren ezaugarri eta baldintza nagusiak.

    6. Zer aseguru edo, hala badagokio, berme eskatzen diren, eta bereziki zeintzuk diren erakunde aseguratzailearen eta aseguruaren estaldura geografikoaren datuak.

    7. Zeintzuk diren baliabide, zerbitzu eta azpiegitura turistikoetara iristeko baldintzak.

  2. Kontratua egin baino lehenago, turismo-enpresek argi eta garbi adierazi beharko diete erabiltzaileei aurreko zenbakian aipatzen den informazio hori guztia. Bestela, kontratu idatzirik ez badago, zerbitzua eman aurretik adierazi beharko diete, modu hauetakoren batean:

    1. Kontratua egiten edo zerbitzua ematen den tokian.

    2. Bide elektronikoz, enpresak emandako helbide baten bidez.

    3. Informazio hori sartuz enpresak jarduera eta zerbitzu turistikoen erabiltzaileei ematen dien informazio-dokumentazio guztian, non zerbitzu guztiak zehaztu beharko baitira.

  1. Turismo-enpresen titularrek kontratatu ahal izango dituzte itundutako baldintzei erantzuten dieten plazak, ez besterik. Bestela, erantzukizuna izango dute Administrazioaren eta erabiltzaileen aurrean: erantzun beharko dute zergatik erreserbatu diren erabili ezin diren plaza horiek. Horretarako, zehapen-prozedura bideratuko da.

  2. Gainerreserba egiten duten turismo-enpresen titularrek inguruko kategoria bereko edo handiagoko beste establezimenduren batean eman beharko diete eskainitako zerbitzua eragindako pertsonei, eta itundutakoen antzeko baldintzetan.

    Gainerreserba egin duten enpresen kontura ordainduko dira behin betiko ostatu-establezimenduraino egin beharreko joan-etorrien gastuak, prezio berriarekiko aldea, halakorik badago, eta bestelako gastuak, ostatu hartzen den arte sortzen direnak. Dena den, establezimendu horrek gainerreserba eragin duen pertsonari jasanarazi ahal izango dizkio gastu horiek. Ostatu berriaren prezioa merkeagoa bada, gainerreserba egin duen enpresaren titularrak aldea itzuli beharko dio erabiltzaileari.

  3. Ostatua ezin bada eman aurreko zenbakian ezarritako moduan, enpresak beste ostatu bat eman beharko dio erabiltzaileari, eta sortzen diren kalte guztien ordaina emango dio, oporrak galtzeak dakarren kaltearena barne, kasua hori bada.

  4. Instruitzen den zehapen-espedientean argituko da zer erantzukizun izan dezaketen turismo-operadoreek arlo horretan.

  5. Artikulu honetako 1. zenbakian adierazitako egoera gertatzen denean, gainerreserba egin duen enpresaren erantzukizuna izango da eragindako pertsonei jakitera ematea, idatziz, zer eskubide dituzten eta zer erantzukizun eragiten dituen egoera horrek lege honen arabera. Gainerreserba nozitu duten bezeroei emandako informazioa titularrak gorde beharko du, Euskadiko Turismo Administrazioaren esku jarri ahal izateko; informazio horretan, argi adierazi beharko da turismo-erabiltzaileak ulertu duela zer eskubide eta erantzukizun eragiten dituen egintza horrek.

  1. Ustiapen-unitatearen printzipioaren arabera jardungo dute ostatu-enpresa turistikoek.

    Ustiapen-unitatea da ostatu-jarduera turistikoa titular bakar baten mende egotea eta hark izatea jarduera horren funtzionamenduaren erantzukizuna Administrazioaren aurrean.

  2. Ustiapen-unitateak esan nahi du ostatu-zerbitzu turistikoak ematen direla establezimendu bateko ostatu-unitate guztietan, baita haren zati independente eta homogeneo guztietan ere.

  3. Debekatuta dago ostatu-unitate turistikoak edukitzea baldin eta haiek, ostatu-establezimendu turistiko baten parte izanik, beren ustiapena atxikita ez badaukate establezimendu horren titularrari.

  4. Enpresa ustiatzaileak fede emanez egiaztatu ahal izan beharko dio Turismo Administrazioari, erregelamenduz ezarritako moduan, jabetzaren titulartasuna edo beste titulu juridiko batzuk dituela, establezimendua osatzen duten ostatu-unitate guztiak ustiatzeko gaitzen dutenak.

  5. Jarduera bakartzat joko da ostatu-establezimendu turistiko bat ustiatzea. Jarduera horretan aritzean, zerbitzu osagarriak eskaini ahal izango zaizkie zerbitzu turistikoen erabiltzaileei; edozein kasutan, ez da nahitaezkoa izango beste jarduera-lizentzia bat lortzea ematen den zerbitzu osagarri bakoitzerako.

    Era berean, beste zerbitzu osagarri batzuk ere eskaini ahal izango dira ostatu-establezimendu turistikoak ustiatzeko jarduera garatzen denean, bitartekaritza-enpresek esku hartzea beharrezkoa izan gabe, salbu eta espresuki araututa dagoen kasuetan.

  6. Artikulu honetan xedatutakoa gorabehera, jarduera nagusiarekin bateragarri diren bigarren mailako erabilerei dagozkien jarduerak gara daitezkeenean, ostatu-ustiapen turistikoaren titular ez diren beste pertsona edo entitate batzuek garatu ahal izango dituzte jarduera horiek.

  7. Besteak beste, artikulu honetan aipatzen diren zerbitzuak erregelamenduz zehaztuko dira.

  1. Euskadiko turismo-eskaintzatik kanpo geratuko dira ustiapen-unitatearen printzipioa betetzen ez duten ostatuak, eta ondorioz:

    1. Ezin izango dute beren ostatu-jarduera turistikoa egin, eta eraginkortasuna galduko du erantzukizunpeko adierazpenak.

    2. Ezin izango dira katalogoetan sartu, eta bidaia-agentziek edo turismo-eskaintzen bestelako kanalek ezin izango dituzte merkaturatu.

  2. Arau-haustetzat joko da ez betetzea ustiapen-unitatearen printzipioa eta haren betekizun eta baldintzak; arau-hauste hori lege honetan ezarritako moduan zehatuko da.

  1. Kontuan hartuta zer ustiatzen duten, honela sailkatzen dira ostatu-enpresa turistikoak:

    1. Ostatu-establezimenduak.

    2. Erabilera turistikoko etxebizitzak.

    3. Erabilera turistikoko etxebizitza partikularretako logelak.

  2. Ostatu-establezimenduak honela antolatuko dira: motaren, taldearen eta, hala badagokio, modalitatearen arabera, eta kategoriaren eta, hala badagokio, espezialitatearen arabera. Taldea da: ostatu-enpresa turistikoen mota desberdinek barnean hartzen dituzten adarretako bakoitza. Talde bakoitzak hainbat modalitate izan ahal ditu.

  3. Erregelamenduz, ostatu-enpresa turistikoak kategoriatan edo mailatan sailkatuko dira. Sailkapen horretan, zerbitzu eta instalazioen kalitatea balioetsiko da, eta sailkapen-sistema kualitatibo bat hartu ahal izango da oinarritzat. Exijituriko betekizunak betetzen diren heinean eutsiko zaio kategoriari. Nolanahi ere, kontuan hartuko da:

    1. Zein diren eraikinaren edo establezimendua dagoen gunearen kokalekua eta gainerako inguruabarrak.

    2. Zer baldintza eta ekipamendu dituzten jarduera eta zerbitzu turistikoen erabiltzaileentzat prestaturiko erabilera erkideko logela, bainugela eta instalazioek.

    3. Zer prestazio dauden desgaitasunen bat duten pertsonentzat.

    4. Zer zerbitzu osagarri dauden.

    5. Zein den, oro har, eskaintzaren kalitatea instalazioetan eta zerbitzuetan, eta bereziki helmugen identitate-ezaugarriak eta autentikotasuna indartzen dituztenetan.

    6. Zer esfortzu egin den establezimendua kontserbatzen, mantentzen eta hobetzen, eta zelan laguntzen duen horrek ingurumena kontserbatzen, energia aurrezten eta energia berriztagarriak erabiltzen eta tokiko produktuak eta/edo ekologikoak erabiltzen eta bultzatzen.

    7. Euskadiko hizkuntza ofizialak jakitea eta erabiltzea, baita atzerriko zenbait hizkuntza ere.

    8. Sortutako enpleguaren kalitatea, lan-agintaritzak ezarritako zehapenik ez edukitzean islatzen dena.

      Sailkapen hori independentea izango da: ez da beste organismo edo administrazio batzuek eman beharrekoa beren eskumenetan oinarrituta.

  4. Ofizioz edo interesdunaren eskariz, edozein unetan berrikusi edo errebokatu ahal izango da ostatu-enpresa turistiko baten kategoria, dagokion espedientearen bidez.

  5. Ostatu-enpresa turistikoek egokitzeko epe bat izango dute, baldin eta, arau-aldaketen ondorioz, enpresei beren aitorpenerako eskatzen zaizkien betekizunak aldatzen badira.

  6. Establezimenduetan, kanpotik ikusteko moduko toki batean jarri beharko dira sailkapena adierazten duten ikurrak, erregelamenduz zehazten den moduan.

  7. Dagokien mota, taldea, kategoria eta espezialitatea gorabehera, Administrazioak zigilu bereizgarri bat edo bikaintasun-marka jakin bat eman ahal izango die ostatu-enpresa turistikoei, kalitatean, irisgarritasunean edo jasangarritasunean oinarritua, besteak beste, eta, halakoetan, enpresek ikur hori ere erakutsi beharko dute. Eusko Jaurlaritzan turismo-arloko eskumenak dituen sailak arautu beharko ditu, erregelamendu bidezko garapenaren bitartez, Euskadiko zigilu bereizgarri edo bikaintasun-marka turistiko horiek lortzeko betekizunak eta prozedurak.

    1. ATALA

    OSTATU-ESTABLEZIMENDUAK: GUZTIENTZAKO XEDAPEN OROKORRAK

  1. Ostatu-establezimendutzat jotzen dira prezio bidez aldi baterako ostatu-zerbitzua ohikotasunez eta profesionalki eskaintzen dutenak, erregelamenduz ezarritako baldintza eta ezaugarrien arabera. Establezimendu hauetan ostatatzeak ez dakar egoitza-aldaketarik erabiltzailearentzat.

    Ez dira ostatu-establezimendutzat jotzen, eta ez dira lege honen aplikazio-eremuan sartzen, esklusiboki erakunde-, gizarte-, osasun-, laguntza-, lan-, irakaskuntza- edo kirol-xedeak dituzten ostatu-jarduerak, ezta haur, gazte eta babes berezia behar duten beste talde batzuentzat Administrazioaren programen markoan garatzen direnak ere.

  2. Aldi baterako ostatutzat hartzen da urtebetetik beherako iraupenez modu jarraituan eskaintzen den ostatua.

  1. Mota hauetakoak dira ostatu-establezimenduak:

    1. Hotel-establezimenduak.

    2. Apartamentu turistikoak.

    3. Kanpinak.

    4. Nekazaritza-turismoko establezimenduak eta landetxeak.

    5. Aterpetxeak.

    6. Erregelamendu bidez zehaztutako beste establezimendu-mota batzuk.

  2. Dagokien kategoriaz aparte, ostatu-establezimenduek espezialitate bat izango dute, edo izan ahalko dute, kontuan hartuz zer arkitektura-ezaugarri duten, zer-nolako zerbitzuak ematen dituzten, non dauden kokatuta helmuga turistiko orokorretakoren baten arabera (hirian, hondartzan, landan, besteak beste), zer eskari-mota zehatzetara zuzentzen diren (kultura, hizkuntza, kirola, ongizatea eta osasuna, besteak beste), edo zer kontzeptuk espezializatzen eta bereizten dituen besteetatik; betiere, lege honetan eta berau garatzeko araudian ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen badituzte.

    Lege honetan edo berau garatzen duten erregelamendu-xedapenetan ezartzen diren sailkapenak eta kategoriak erabili beharko dituzte ostatu-establezimenduek, ez besterik. Espezializazio horrek ez die eragingo arraza-, sexu-, erlijio- edo iritzi-arrazoiei.

  3. Turismo-araudia etorkizunean sor litezkeen establezimendu-mota berrietara egokitzeko, Euskadiko Turismo Administrazioak erregelamenduz ezarri ahal izango du zein diren establezimendu berri horiei ostatu-zerbitzu turistikoak eman ahal izateko eska dakizkiekeen betekizunak, artikulu honetako 1. zenbakian aipatutakoez bestelakoak.

Erregelamenduz garatuko da zer eduki, betekizun eta baldintza bete behar diren mota desberdinetako ostatu-establezimendu turistikoak batera ustiatzeko.

  1. Ostatu-establezimenduek honako arlo hauetako betekizunak bete beharko dituzte: azpiegiturak; hirigintza; eraikuntza eta etxegintza; segurtasuna; ingurumena; osasuna eta kontsumoa eta, laneko arriskuen prebentziorako araudia betez, higienea eta laneko osasuna. Horietaz gain, baita aplikagarri den beste araudi batek eskatzen dituen betekizun guztiak ere, hala baldin bada.

  2. Edozein kasutan, beti bete beharko dituzte establezimenduetarako irispideari buruzko indarreko arauak.

  3. Ostatu-establezimenduetako instalazio eta lokalak oso kontserbazio-egoera onean eduki beharko dira, eta sailkatzeko eta erregistroan jasotzeko eskatutako betekizunei eutsi beharko diete.

    Euskadiko Turismo Administrazioak establezimendu horien titularrei eskatu ahal izango die egin beharreko obra guztiak egin ditzatela, hala dagokionean, instalazioak, eskainitako zerbitzuak eta ekipamendua kontserbatu eta hobetzeko, establezimenduek eutsi ahal izan diezaioten hasieran eman zitzaien kategoriarako exijituriko kalitate-maila berari.

  1. Salbuespen modura, Euskadiko Turismo Administrazioak ostatu-establezimendu jakin bat dispentsatu ahal izango du lege hau garatzeko xedapenetan ezartzen diren gutxieneko betekizun eta baldintzetako bat edo batzuk betetzetik, ingurumen-izaerakoak izan ezik, inguruabarrak beren osotasunean haztatuta eta aurretik txosten tekniko arrazoitu bat eginda.

  2. Ildo horretan, kontuan izango dira, besteak beste, arkitektura-balio berezia egiaztatua duten eraikinetako ostatu-establezimenduak, edo alde zaharretan kokatutako eraikin zaharberrituetan daudenak edo eskualdeko edo inguruko arkitektura tradizional tipikoaren moldekoak direnak, batez ere nahitaezko neurriei dagokienez.

  3. Dispentsa horiek orekatu egin beharko dira, faktore osagarriak, erregelamenduz erregulatuak, ezarriz; adibidez, taldearen eta kategoriaren arabera legozkiekeen zerbitzuez gain, zerbitzu osagarriak edo baldintza gehigarriak eskaintzea.

  4. Edonola ere, kasuan kasuko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu baino lehenago lortu beharko dira dispentsa horiek.

    2. ATALA

    HOTEL-ESTABLEZIMENDUAK

  1. Hotel-establezimenduak: Publiko orokorrari ostatu-zerbitzua ematen dioten instalazioak dira. Zerbitzu osagarriak izan ditzakete edo ez, eta lege honetan eta erregelamenduz ezartzen diren betekizunak bete beharko dituzte.

  2. Erregelamenduz ezarriko da zer baldintza bete behar dituzten aurreko zenbakian aipaturiko establezimenduek ostatu-zerbitzua emateko; baldintza horietan, nahitaez jaso beharko da ostatu-unitate guztiak egunero garbitzeko betebeharra.

  1. Talde hauetan sailkatzen dira hotel-establezimenduak:

    1. Hotel-taldea.

    2. Pentsio-taldea.

  2. Hotel-taldeko establezimenduak, bestalde, honako modalitate hauetan sailkatzen dira:

    1. Hotelak.

    2. Hotel-apartamentuak.

      Hotelak: Erregelamenduz ezartzen diren betekizunak betez ostatua eskaintzen duten establezimenduak dira; beste zerbitzu osagarri batzuk ere eskaintzen dituzte, eta jangela izan dezakete edo ez. Eraikin oso bat edo haren zati independente bat okupatzen dute, barne guztiek osotasun homogeneo bat eratuz; horrez gain, igogailu eta eskailerak dituzte, bakarrik jarduera eta zerbitzu turistikoen erabiltzaileek erabiltzen dituztenak.

      Hotel-apartamentuak: Hotel-establezimenduak dira, eta, beren egiturarengatik edo ematen dituzten zerbitzuengatik, instalazio egokiak eduki behar dituzte ostatu-unitate bakoitzean elikagaiak kontserbatu, elaboratu eta kontsumitzeko.

  3. Hotel-establezimenduak nahitaez sartu beharko dira dagokien taldean eta modalitatean.

  4. Hotelak eta hotel-apartamentuak hotel-establezimenduak dira, ostatu-zerbitzua ostatu-unitateetan ematen dutenak, eta, zerbitzu osagarriak izan edo ez, irekita egoten dira egunaren 24 orduetan.

  5. Pentsioak: Zerbitzuak geletan ematen dituzten hotel-establezimenduak dira; beren tamainarengatik, ezaugarriengatik edo ematen dituzten zerbitzu-motengatik ez dauzkate hotelei eta hotel-apartamentuei eskatzen zaizkien zerbitzuak edo ez dituzte betetzen haiei eskatzen zaizkien betekizunak. Talde honetan sartzen dira hostal, «house», hospedaje eta ostatu deiturikoak.

  6. Taldea eta modalitatea gorabehera, hotel-establezimenduek kategoria eta espezialitate bat izango dute beti, kontuan hartuta zer ezaugarri dituzten, zer zerbitzu eskaintzen dituzten eta zer eskari-tipologiari dauden zuzenduta.

  7. Erregelamenduz ezarriko da zeintzuk diren hotel-establezimenduen kategoriak eta modalitateak, baita zer betekizun eta baldintza bete behar dituzten ere.

  8. Erregelamenduz ezarriko da zer espezialitate egongo diren (gaian eta orientazioan oinarrituta: turismoa, kultura, kirola, gastronomia, osasuna edo establezimendua espezializatzen duen edo besteetatik bereizten duen edozein elementu), zer espezialitate-mota egongo diren, zein izango diren azpiegitura- eta zerbitzu-betekizunak eta zer baldintza erabiliko diren irizpide gisa.

    3. ATALA

    APARTAMENTU TURISTIKOAK

  1. Apartamentu turistikoak: Ostatu-unitatez osatutako establezimenduak dira, ustiapen-unitate enpresarialaren printzipioaren pean kudeatutako multzo independente gisa eskaintzen direnak; aldi baterako ostatua ematen dute, profesionaltasunez eta ohikotasunez. Establezimendu hauetan ostatatzeak ez dakar egoitza-aldaketarik erabiltzailearentzat.

    Apartamentu turistikoak bloke edo multzo modalitateetan ustia daitezke.

    Blokea: Eraikin edo konplexu turistikoa, pisu, apartamentu, villa, txalet edo antzekoez osatua; erabilera erkideko instalazio edo zerbitzuak ditu, eta ustiapen-unitate enpresarial bakar batek erabiltzen du turismo-trafikorako.

    Multzoa: Bi ostatu-unitate turistikoz edo gehiagoz osaturiko agregatu bat da, bloke bat eratzen ez duena; multzoa osatzen duten unitate horiek eraikin berean egon daitezke, edo elkarren ondoko eraikinetan, eta ustiapen-unitate enpresarial bakar batek erabiltzen du turismo-trafikorako.

    Ostatu-unitatea: Apartamentu turistikoen establezimendu bateko pieza independente bat da, erabiltzaileak beretzat bakarrik erabiltzen duena.

  2. Aurreko zenbakian adierazitako jarduera egiten dela ulertuko da aipaturiko eraikinak lagatzen direnean erabiltzeko eta lupertzeko. Erabilera eta luperketa horien artean sartuko dira, hala dagokionean, erabilera erkideko zerbitzu eta instalazioak, establezimendua dagoen blokean edo multzoan daudenak.

  3. Ohikotasuna dagoela ulertuko da baldin eta establezimenduaren publizitate- edo merkaturatze-ekintzak egiten badira, turismo-eskaintzarako edozein bitarteko, euskarri edo kanal erabiliz, edo ostatu ematen bada urtean bitan edo gehiagotan, guztira hilabetetik gorako iraupenez.

  4. Apartamentu turistikoen establezimendu bakoitza ustiapen-unitatearen printzipioari atxikiko zaio beti, eta haren administrazioaren titularra pertsona bakarra izango da.

  5. Blokea osatzen duten apartamentu turistikoen establezimendu bat jabetza horizontalaren araubidearen edo antzeko figuren arabera eratuta dagoenean, entitate kudeatzaile edo ustiatzaileak Jabetza Erregistroaren ziurtagiriz egiaztatu beharko du establezimendu osoak eta haren ostatu-unitate bakoitzak edozein dela ere jabea erabilera turistikoa izango dutela apartamentu turistiko bezala, eta orobat enpresa ustiatzaileari laga zaiola erabilera.

    Jabe bakoitzak konpromisoa hartuko du enpresa ustiatzaile bakar batek kudea dezan eraikin osoa, barne direla erabilera erkideko guneak eta ostatu-unitate guztiak. Horretarako, dagokion kontratua izenpetuko dute.

  6. Enpresa ustiatzaileak bere gain hartuko du dena delako establezimenduaren ostatu-unitate guztiak modu jarraituan kudeatzea.

  7. Erregelamenduz ezarriko dira ostatu-unitateen alderdi hauek: nola osatuko diren, zer instalazio eta zerbitzuz hornituko diren, zer betekizun eta baldintza bete behar dituzten eta nola funtzionatu behar duten.

  8. Landa-eremuan kokatutako apartamentu turistikoek kasu bakoitzean aplikatzekoak diren ingurumen-legeriaren baldintzak bete beharko dituzte.

Erregelamenduz ezarritako kategoriatan sailkatuko dira apartamentu turistikoak. Era berean, espezialitate bat eduki ahal izango dute, kontuan hartuta zein den haien gaia edo zein produktu turistikotara zuzenduta dauden kultura, kirola, gastronomia, osasuna edo apartamentu turistikoa espezializatzen duen edo besteetatik bereizten duen edozein elementu eta lege honetan ezarritako betekizun eta baldintzak betetzen badituzte.

4. ATALA

KANPINAK

  1. Kanpinak: Aldi baterako ostatu-zerbitzua ematen duten establezimenduak dira, behar bezala zedarrituta, hornituta eta atonduta dauden erabilera publiko edo pribatuko lur-eremuetan daudenak. Establezimendu horiek prestatuta daude oporrak edo turismoa helburu dituztelarik aire librean bizi nahi duten pertsona-taldeak ostatatzeko, dela ostatu mugikorretan kanpin-denda, karabana, autokarabana, denda-orga, etxe mugikorrak edo erraz mugi daitezkeen antzeko elementuak, dela jardueraren titularrak pertsonak ostatatzeko eskaintzen dituen instalazioetan bungalowak, apartamentuak eta antzeko eraikinak.

  2. Lege honen eremutik kanpo eta aurretiko beren xedapenen mende geratzen dira: kanpinak pribatuak zein irabazi-asmorik gabe ostatua eskaintzen dutenak edo kontingente partikularrak, hala nola gazte-kanpamentuak eta eskola-umeentzako udaleku edo antzekoak.

    Beren zerbitzu turistikoak publiko orokorrari eskaintzen badizkiote, lege honetan eta berau garatzen duen araudian ezarritakoa aplikatuko zaie.

Kanpinek erregelamenduz ezarritako instalazio eta zerbitzuak eduki beharko dituzte.

  1. Erregelamenduz ezarriko dira kanpinen kategoriak eta dagozkien bereizgarriak, kontuan hartuta instalazioen ezaugarriak eta ahalmena eta haietan ematen diren zerbitzuen kalitatea.

  2. Lege honen 10. artikuluan aipatzen den lurralde-plan sektorialean zehaztuko da zenbateko azalera erabili ahalko den kanpinerako, zenbat plaza instalatu ahal izango diren kategoria bakoitzean, zer irizpide ezarriko diren kanpin bakoitzaren erabilerarako eta zer neurri hartu beharko diren baliabide turistikoak zaintzeko.

  3. Edozein kasutan, kanpinen instalazioan beti zainduko dira dena delako lurraldearen balioak, hala natura eta hiriari loturikoak nola arte, paisaia, nekazaritza eta basoari loturikoak.

  4. Kanpin bat instalatzeko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin beharko da aurretik, indarreko araudian aurreikusitako kasuetan.

  5. Kontuan hartuta kanpinen izaera, debekatuta dago haiek kokatuta dauden lursailak saltzea, edota errentan ematea hamaika hilabetetik gorako iraupenez; baina lursail jakin batzuen kasuan, hau da, ezaugarri jakin batzuk dituzten lursailen kasuan, epe luzeago bat ezarri ahal izango da, erregelamenduz, errentan eman ahal izateko.

    5. ATALA

    NEKAZARITZA-TURISMOKO ESTABLEZIMENDUAK ETA LANDETXEAK

  1. Nekazaritza-turismoa: Ostatu-zerbitzu turistikoak prezio bidez eskaintzean datzan turismo-jarduera, sukaldaritza-zerbitzuekin edo gabe. Zerbitzu horiek nekazari eta abeltzainek eskaintzen dituzte, nekazaritzako ustiategietan integraturiko baserrietan.

    Indarreko legeriak ezartzen duenaren arabera ulertuko da zer diren nekazaritzako ustiategiak.

  2. Landetxeak: Landa-inguruneko establezimenduak dira, ingurune horretako arkitektura bereizgarria duten eraikinetan prezio bidezko ostatu-zerbitzuak ematen dituztenak, sukaldaritza-zerbitzuekin edo gabe.

    Establezimenduak berehala erabiltzeko moduan egon behar du, horretarako beharrezko diren ekipo, instalazio eta zerbitzu guztiekin.

    Landa-ingurunetzat hartzen da nagusiki honako jarduera hauek egiten diren ingurunea: nekazaritza, basogintza, ibai-arrantza eta abeltzaintza.

    Bordak ere establezimendu-mota hauen barruan sartzen dira, eta haien betekizun berberak bete beharko dituzte.

  1. Erregelamenduz garatuko dira establezimendu horien funtzionamendu-araubidea eta bete behar dituzten betekizun eta baldintzak, beren ezaugarrien, instalazioen eta zerbitzuen arabera.

    Horretaz aparte, espezialitate bat ere eduki ahal izango dute, kontuan hartuta zein turismo-eskaritara dauden zuzenduta kirola, gastronomia eta abar edo zerk espezializatzen eta bereizten dituzten besteetatik.

  2. Ezin izango dira inolaz ere jo landetxetzat ostatu-zerbitzua ematen duten eta etxebizitza independentetzat hartzen diren pisuak, erregimen horizontaleko hainbat solairuko eraikinetan daudenak.

    6. ATALA

    ATERPETXEAK

  1. Honako establezimendu hauek hartzen dira aterpetxetzat: Publiko orokorrari logeletako ostatu-zerbitzuak prezio bidez eta ohikotasunez eta profesionaltasunez eskaintzen edo ematen dizkiotenak. Plazak eskaintzen dituzte, batez ere logela kolektibo edo ohe askoko logeletan, eta beste sukaldaritza-zerbitzu osagarri batzuk ere eskain ditzakete, baita aisiari, heziketari, naturari edo kirolari loturiko jarduerak egiteko aukera ere.

    Ohikotasuna dagoela ulertuko da baldin eta, turismo-eskaintzarako edozein bitarteko, euskarri edo kanal erabiliz, establezimenduari buruzko publizitate- edo merkaturatze-ekintzak egiten badira publiko orokorrarentzat.

    Logela kolektibo edo ohe askokoak direla ulertuko da lau plaza edo gehiago badauzkate.

    Donejakue Bideko aterpetxeak, publiko orokorrarentzako ostatu-zerbitzuak prezio bidez eskaintzen dituzten heinean, aterpetxetzat joko dira ondorio guztietarako, eta, beraz, lege honetan xedatutakoaren mende egongo dira.

  2. Ostatu turistiko mota honen barruan sartzen dira publiko orokorrari irekita dauden eta turismo-aterpetxe edo «hostel» bezala merkaturatzen diren establezimenduak, edo beren instalazioetan aterpekide-txartelik ez daukaten pertsonak ostatatzen dituztenak edo publiko orokorrari irekita daudenak, edozein dela ere haien izena.

    Soilik lege honetan ezarritako izenak erabili ahal izango dira.

  3. Lege honen eremutik kanpo geratzen dira:

    1. Haur eta gazte taldeen lojamendu eta egonaldietarako aterpetxe eta instalakuntza antolaketari buruzko urriaren 18ko 406/1994 Dekretuaren arabera edo hura ordezten duen legeriaren eta garatzen duen araudiaren arabera ofizialki aitortutako establezimenduak, horiek araudi espezifiko horren mende egongo baitira.

    2. Administrazio publikoen edo pertsona edo ente pribatuen titulartasuneko establezimenduak, hain zuzen ere aterpekide-txartela daukaten pertsonek edo eskola-ume taldeek edo irakasleek erabiltzeko erreserbatuta daudenak, eta, beraz, publiko orokorrak erabili ezin dituenak.

    3. Ostatua kontraprestazio ekonomikorik gabe ematen duten establezimenduak, edo dohaintza edo hobari izaerako zenbatekoak ordaintzen zaizkienak.

  4. Nolanahi ere, 3. zenbakiko establezimenduei lege hau eta berau garatzen duen araudia aplikatuko zaie baldin eta 1. zenbakian aurreikusitako betekizunak bete, eta publiko orokorrari eskainitako turismo-jardueratzat jotzen diren zerbitzuak ematen badituzte, nahiz eta eskaintza hori partziala izan ahalmenari edo urteko denboraldiari dagokionez.

  5. Erregelamenduz garatuko dira aterpetxeen funtzionamendu-araubidea, kategoriak, bete beharreko betekizun eta baldintzak eta bereizgarriak. Aterpetxeek, kontuan hartuta zer zerbitzu eskaintzen edo ematen dituzten edo haien kokapena zein den, espezialitatea eduki ahal izango dute, erregelamenduz ezartzen diren baldintzen arabera.

    Era berean, erregelamenduz ezarriko da establezimenduak gehienez ere zenbat plaza eskainiko dituen ohe askokoak ez diren logeletan edo logela partikularretan. Ezarritako kopurua gaindituz gero, logela partikularren multzoa bestelako establezimendu-motatzat hartuko da.

    7. ATALA

    BESTE ESTABLEZIMENDU-MOTA BATZUK

  1. Ikasle-egoitzek eta ikasle-egoitza nagusiek beren araudi espezifikoa izango dute. Baina turismo-jardueraren bat eskaintzen badiote publiko orokorrari, lege hau eta berau garatzen duen araudia aplikatuko zaie, nahiz eta eskaintza hori partziala izan egoitza horien eskaintza-ahalmenari edo urteko denboraldiari dagokionez.

    Era berean, jarduera bat egiteko aukera baldintzatzen duten betekizunak ezartzea justifikatuta dagoenean interes orokorreko arrazoi nabarmenengatik, lege honetan xedaturikoa aplikatuko da ostatu ematen bada ibilgetutako gurdi, etxe gurpildun eta antzekoetan edo zuhaitzetako etxoletan eta beste edozein tokitan (interes orokorreko arrazoi horiek aurreikusita daude Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren barne-merkatuko zerbitzuei buruzko 2006ko abenduaren 12ko 2006/123/EE Zuzentarauan, eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentziaren bidez garatu dira).

    Lege hau aplikatuko zaie, halaber, hospederiei, baldin eta ostatu-zerbitzuak kontraprestazio bidez eskaintzen badizkiote publiko orokorrari. Hospederiatzat hartuko dira santutegi, komentu edo monasterioen parte diren eta beren barne batzuk publiko orokorrari ostatu-zerbitzua emateko erabiltzen dituzten establezimenduak.

  2. Erregelamenduz garatuko dira establezimendu horien funtzionamendu-araubidea, bete behar dituzten betekizun eta baldintzak eta bereizgarriak.

    8. ATALA

    ERABILERA TURISTIKOKO ETXEBIZITZAK ETA ERABILERA TURISTIKOKO ETXEBIZITZA PARTIKULARRETAKO LOGELETAKO OSTATUA

  1. Erabilera turistikoko etxebizitzak: Turismo- edo opor-arrazoiengatik ostatu bezala eskaintzen edo merkaturatzen diren edozein motatako etxebizitzak dira, jabeak, ustiatzaileak edo kudeatzaileak hirugarren batzuei lagatzen dizkietenak, aldi baterako eta berehala erabiltzeko moduan. Behin eta berriz edo ohikotasunez eta kontraprestazio ekonomiko baten truke merkaturatzen dira, zuzenean edo zeharka.

    Errentapeko etxebizitza bat erabilera turistikorako lagaz gero, errentariak aurkeztu beharko du erantzukizunpeko adierazpena, eta inskribatuta egon beharko du Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan. Era berean, egin nahi duen jardueraren berri eman beharko dio, nahitaez, errentatzaileari.

    Honako eraikin hauek sartzen dira sailkapen honen barruan, zerrenda ez delarik ez osoa, ez mugatzailea:

    Jabetza horizontalaren araubideko etxebizitza independenteak, familia anitzeko eraikinetan edo atxikietan daudenak.

    Familia bakarreko etxe banakakoak edo binakakoak.

    Eraikuntza aurrefabrikatu finkoak edo antzekoak.

    Etxebizitza horien barruan sartzen dira apartamentu partikularrak, estudio deritzenak, pisuak, villa deiturikoak zein txaletak.

  2. Erabilera turistikoko etxebizitzek honako arlo hauei buruzko araudietako betekizunak bete beharko dituzte: azpiegiturak; hirigintza; eraikuntza eta etxegintza; segurtasuna; ingurumena; osasuna eta kontsumoa eta, laneko arriskuen prebentziorako araudia betez, higienea eta laneko osasuna. Horietaz gain, baita aplikagarri den beste araudi batek eskatzen dituen betekizun guztiak ere, hala baldin bada.

  3. Kasu honetan, honako hauek sartzen dira lege honen 2.n) artikuluan definitutako turismo-eskaintzen kanalen barruan: etxebizitzetako egonaldi turistikoak epe motzerako merkaturatzen dituzten enpresak, eta opor-erabilerarako etxebizitzak eskaintzen dituzten higiezinen merkatuko agente edo bitartekaritza-enpresak.

  4. Lege honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 29ko 29/1994 Legearen edo hura ordezten duen araudiaren arabera errentatzen diren etxebizitzak.

  5. Etxebizitza bat erabilera turistikorako errentatzen dela ulertuko da baldin eta, aplikatu beharreko araudiaren arabera, ezin bada egiaztatu ezen egindako kontratua hiri-errentamenduen legeriaren araberakoa dela.

  6. Ezin izango da etxebizitzarik errentatu jarduera turistikoa hasteko beharrezkoa den aldez aurreko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu gabe Euskadiko Turismo Administrazioan. Lege honen ondorioetarako, klandestinotzat joko da adierazpen hori egin gabe etxebizitzak kontratatzea edo ustiatzea.

  7. Ohikotasuna dagoela ulertuko da baldin eta etxebizitzen publizitate- edo merkaturatze-ekintzak egiten badira turismo-eskaintzarako edozein bitarteko, euskarri edo kanal erabiliz, edo ostatu ematen bada urtean bitan edo gehiagotan, jarraikako 31 egunez edo gutxiagoz.

  8. Erregelamenduz zehaztuko da zein den erabilera turistikoko etxebizitzen gehienezko ahalmena, baina ezingo da inola ere gainditu Etxebizitzari buruzko Euskadiko 3/2015 Legearen 62.2 artikuluan edo hura ordezten duen araudian definitzen diren ratioen arabera zehaztutako ostatatu-kopurua, ratio horren barnean sartuta bai egoiliarrak eta bai turismo-erabiltzaileak.

    Era berean, Erregelamenduz garatuko dira establezimendu horien funtzionamendu-araubidea, erabilera turistikoko etxebizitzek bete behar dituzten betekizun eta baldintzak eta bereizgarriak.

  9. Eusko Jaurlaritzan turismo-arloko eskumena duen organoak betekizun batetik edo batzuetatik dispentsatu ahal izango ditu erabilera turistikoko etxebizitzak, baldin eta ezin badira turismo-jarduerarako egokitu etxebizitzaren edo etxebizitza kokatuta dagoen eraikinaren egiturak berak ezartzen dituen zailtasunak direla eta. Dispentsa horretarako, aldez aurreko txosten tekniko bat beharko da.

  10. Erabilera turistikoko etxebizitzek lehen okupazioko lizentzia edo bizigarritasun-zedula eduki beharko dute.

  11. Erabilera turistikoko etxebizitzak oso kontserbazio-egoera onean eduki beharko dira, eta kategoria ezartzeko eta erregistroan jasotzeko eskatutako betekizunei eutsi beharko diete.

  1. Ostatu-zerbitzuen sustapena, eskaintzaren koordinazioa eta erabiltzaileen eskubideak bermatzeko, etxebizitza partikularretako logeletan oporretarako edo turismorako ostatu-zerbitzuak prezio bidez eskaintzen dituztenek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko diote Euskadiko Turismo Administrazioari, adieraziz trafiko turistikoko jarduerak egiten dituztela. Hori egin ezean, 53.6 artikuluan adierazitako ondorioak izango dituzte.

    Etxebizitza partikulartzat hartuko da titularraren benetako egoitza.

    Ostatu-mota honen barruan sartzen dira, besteak beste, «bed and breakfast» eta «bed and brekky» deiturikoak.

  2. Erabilera turistikoko logelak merkaturatzen dituzten etxebizitza partikularrek honako arlo hauetako betekizunak bete beharko dituzte: azpiegiturak; hirigintza; eraikuntza eta etxegintza; segurtasuna; ingurumena; osasuna eta kontsumoa, eta, laneko arriskuen prebentziorako araudia betez, higienea eta laneko osasuna. Horietaz gain, baita aplikagarri den beste araudi batek eskatzen dituen betekizun guztiak ere, hala baldin bada.

  3. Titular berak ezin izango du, inolaz ere, logelarik eskaini edo merkaturatu etxebizitza batean baino gehiagotan; hala eginez gero, azken ostatu horiek beste establezimendu-mota bat direla ulertuko da.

    Erregelamenduz ezarriko da zenbat plaza eskaini ahal izango diren gehienez ere etxebizitza berean. Gainditzen bada baimendutako turismo-plazen kopurua, ostatua hotel-establezimendutzat joko da, eta, beraz, horrelako establezimenduei ezartzen zaizkien betekizun eta baldintza berak bete beharko dira.

  4. Lege honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 29ko 29/1994 Legearen edo hura ordezten duen araudiaren arabera errentatzen diren logelak.

  5. Errentapeko etxebizitza bateko logelak turismo-erabilerarako lagaz gero, errentariak aurkeztu beharko du erantzukizunpeko adierazpena. Era berean, egin nahi duen jardueraren berri eman beharko dio, nahitaez, errentatzaileari.

  6. Etxebizitza partikularretako logelak merkaturatzen direla ulertuko da baldin eta aplikatu beharreko araudiaren arabera ezin bada egiaztatu hiri-errentamenduei buruzko legeriaren araberako kontratua egin dela.

  7. Ohikotasuna dagoela ulertuko da baldin eta logelen publizitate- edo merkaturatze-ekintzak egiten badira turismo-eskaintzarako edozein bitarteko, euskarri edo kanal erabiliz, edo ostatu ematen bada urtean bitan edo gehiagotan, jarraikako 31 egunez edo gutxiagoz.

  8. Erregelamenduz garatuko dira erabilera turistikoko etxebizitza partikularretako logelen funtzionamendu-araubidea, bete behar dituzten betekizun eta baldintzak eta bereizgarriak.

  9. Erabilera turistikoko etxebizitza partikularretako logelak oso kontserbazio-egoera onean eduki beharko dira, eta erregistroan jasotzeko eskatutako betekizunei eutsi beharko diete.

  10. Eusko Jaurlaritzan turismo-arloko eskumena duen organoak betekizun batetik edo batzuetatik dispentsatu ahal izango ditu etxebizitza partikularretan turismorako erabiltzen diren logelak, baldin eta ezin badira turismo-jarduerarako egokitu establezimenduaren edo eraikinaren egiturak berak ezartzen dituen zailtasunak direla eta. Dispentsa horretarako, aldez aurreko txosten tekniko bat beharko da.

  1. Bitartekaritzako turismo-enpresak dira turismo-arloko aholkularitza-, bitartekaritza- eta antolaketa-zerbitzuak profesionaltasunez eta ohikotasunez ematen dituztenak, betiere erregelamenduz ezarritako betekizunak betez. Beren baliabide propioak erabil ditzakete jarduera horiek egiteko.

  2. Hauek hartzen dira bitartekaritzako turismo-enpresatzat:

    1. Bidaia-agentziak.

    2. Turismo-enpresen taldeak, taldeko enpresen turismo-eskaintzak batera merkaturatzeko helburua dutenak.

    3. Erreserba-zentroak eta bitartekari turistikoak eta turismo-operadoreak.

  3. Aurreko zenbakiko b) eta c) letretan adierazitako bitartekaritza-enpresen helburua izango da, izaera esklusiborik gabe, batera merkaturatzea turismo-enpresen eskaintzak. Euskadin egingo dute beren jarduera, turismo-erabiltzaileak hartuz eta zerbitzu turistikoak emanez Autonomia Erkidego horretan. Ematen dituzten zerbitzuek ez dute bidaia konbinatuen izaera izango.

  1. Bidaia-agentziatzat hartzen da edozein enpresa-formarekin bidaia konbinatuak merkaturatu eta antolatu ditzakeen pertsona fisiko edo juridikoa, jarduera horiek modu esklusiboan erreserbatuta dituelarik Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bategina onesten duen azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera edo hura ordezten duen araudian ezarritako moduan.

  2. Aurreko zenbakian adierazitakoaz gain, bidaia-agentziek beste zerbitzu batzuk ere eskain ditzakete Europako araudiaren barruan.

  3. Jardueren errotulazioan, bidaia-agentziek bakarrik erabili ahal izango dituzte bidaia, bidaia konbinatua eta pakete turistikoa terminoak edo hitz horiei dagozkien beste hizkuntzetako ordainak.

    Lege honen ondorioetarako, bidaia konbinatu edo forfaita dela ulertuko da 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuaren 151.1 artikuluan ezarritakoa edo Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015eko azaroaren 25eko 2015/2302 Zuzentaraua, bidaia konbinatuei eta lotetsitako bidaia-zerbitzuei buruzkoa, transposizioz jasotzen duen araudian ezarritakoa.

  1. Eragotzi gabe lege honen 20. artikuluan Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo diharduten bidaia-agentziei buruz ezarritakoa, Euskadin kokatu nahi duten bidaia-agentziek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, zeinean adieraziko baitute betetzen dituztela hurrengo zenbakian aipatzen diren betekizunak.

  2. Erantzukizunpeko adierazpen horretan, honako hauek jaso beharko dira gutxienez:

    1. Toki identifikagarri bat dutela jendeari arreta emateko modu presentzialean nahiz birtualean.

    2. Badituztela kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudian eska daitezkeen bermeak.

    3. Bidaia-agentziak betetzen dituela haren jarduera erregulatzeko araudian ezarritako baldintzak.

    4. Badaukatela erantzukizun zibileko asegurua egina dutela egiaztatzen duen dokumentazioa.

    5. Badituztela administrazio eta organismo publikoek eska ditzaketen aginduzko baimen eta lizentziak, baita hori egiaztatzen duen dokumentazioa ere.

    6. Jarduerak dirauen bitartean konpromisoa hartzen dutela hartarako ezarritako betekizunak betetzeko.

      Erregelamenduz ezarriko dira bidaia-agentziek bete beharreko betekizun eta baldintzak, baita haien funtzionamendua ere, eta arreta berezia jarriko da beren zerbitzuak informazio-gizarteko bitarteko elektronikoen bidez ematen dituztenetan.

Erregelamenduz ezarriko da zer sailkapen dagokien bidaia-agentziei, eta, hala badagokio, zer muga dituzten haien jarduerek.

  1. Erreserba-zentroak pertsona fisiko edo juridikoak dira eta banakako erabiltzaileei zerbitzu turistikoak erreserbatzen jarduten dute nagusiki, eta ezin dute ez bidaia konbinaturik antolatu, ez bitartekaritza-lanak egiteagatiko kontraprestazio ekonomikorik jaso turismo-erabiltzaileen partetik.

  2. Turismo-bitartekaria pertsona fisiko edo juridiko bat da, lege honetan turismo-enpresatzat jotako enpresek eskain ditzaketen zerbitzu turistikoak ematen dituena, hala nola txangoak, bisitaldi gidatuak eta antzeko beste zerbitzu batzuk antolatzea, bidaia konbinatuen izaera ez dutenak.

  3. Erregelamenduz ezarriko da horien funtzionamendu- eta erantzukizun-araubidea.

Turismo-operadoreak zerbitzu turistikoak eskaintzen ditu, gehienak berak kontrataturikoak eta honako elementu hauetako bat baino gehiagoz osatuak: garraioa, ostatu-zerbitzua, joan-etorriak eta txangoak.

Handizkako operadoreak bidaia-agentziekin bakarrik egiten du lan.

Handizkako-txikizkako operadoreak publiko orokorrari ere eskaintzen dizkio bere zerbitzuak.

  1. Bitartekaritzako turismo-enpresek berme bat eratu eta etengabe indarrean eduki beharko dute zerbitzu-emateak dakartzan betebeharrei behar bezala erantzuteko kontratugileen aurrean, eta, bereziki, emandako dirua itzultzeko eta, kaudimengabezia-kasuan, herriratzeaz arduratzeko; betiere, bat etorriz erregelamenduz ezartzen diren baldintzekin.

  2. Beste autonomia-erkidegoetan legez ezarritako bitartekaritza-enpresek ez dute betebehar hori bete beharko Euskal Autonomia Erkidegoan sukurtsalak irekitzen dituztenean.

  3. Europar Batasuneko estatu kideetan edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioari elkartutako estatuetan legez diharduten bidaia-agentziak, egoitza ere estatu horietan dutenak, behartuta daude berme osagarri bat eratzera, Euskal Autonomia Erkidegoan eskatzen denaren baliokidea, baldin eta beraiek dauzkaten zenbait berme ez badira nahikoa.

  4. Euskadiko Turismo Administrazioak egiaztatu ahal izango du, administrazioen arteko lankidetza-mekanismoak erabiliz, ea beste autonomia-erkidegoetan edo Europar Batasuneko estatu kideetan kokaturiko bidaia-agentziek baduten kasuan kasuko jatorrizko estatuak edo autonomia-erkidegoak eskaturiko berme-estaldura.

Honako hauek adierazi beharko dira bidaia-agentziek egindako publizitate idatzian, dokumentazioan eta publizitatean, edozein dela ere horretarako erabilitako bitartekoa: bidaia-agentzia identifikatzeko kodea Euskadiko turismo-administrazio eskudunak emana, haren izena eta, hala badagokio, erregistraturiko merkataritza-markarena, bai eta helbidea ere.

Kapitulu honetan aurreikusitako bitartekaritzako turismo-enpresez gain, erregelamenduz beste batzuk ere erregulatu ahal izango dira, eta beste turismo-enpresa batzuei bitartekaritza-jarduera osagarriak esleitu ahal izango zaizkie.

  1. Turismo-gidariak: Jarduera eta zerbitzu turistikoen erabiltzaileentzat informazio- eta interpretazio-lana egiten dute Euskadiko interes kulturaleko ondasun eta gainerako baliabide turistikoen ondare historiko, natural eta gastronomikoari buruz. Zerbitzu horiek ohikotasunez, profesionaltasunez eta prezio bidez ematen dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan eta atzerriko beste edozein hizkuntzatan.

  2. Turismo-gidarien jarduera aske emateko zerbitzua da, salbu eta euskal kultura-ondarea osatzen duten kategorietako baten barruko ondasuntzat katalogaturiko elementuen barruan egiten bada, bat etorriz Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak edo lege horren ordezko araudiak ezarritakoarekin.

    Turismo-gidarientzat, zirkulazio askeko bide edo esparru publikoak beti dira beren zerbitzuak aske emateko esparruak.

    Erregelamenduz zehaztuko da artikulu honetan aipatzen den turismo-gidarien zerbitzu-emateko jarduera.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoan turismo-gidari jartzeko, eta zerbitzuak aske emateko tokietatik kanpo turismo-gidari jardun ahal izateko, dagokion gaikuntza eduki beharko da, erregelamenduz ezarritako moduan. Gaikuntza hori Euskadiko Turismo Administrazioak emango du, aintzat hartuta, besteak beste, titulazioa eta esperientzia.

    Espainiako Estatuko autonomia-erkidegoetan edo Europar Batasuneko estatu kideetan aitortutako edo gaitutako turismo-gidariek Euskadin aldi batean jardun ahal izango dute turismo-gidari, zerbitzua aske emateko tokietatik kanpo; horretarako, aurretiko adierazpen bat izenpetu beharko dute, araudiak ezartzen duen moduan.

  4. Euskadin lan egiten duten turismo-gidariek Euskadiko bi hizkuntza ofizialak jakiteko betebeharra dute.

Euskadiko Turismo Administrazioak behar beste neurri ezarriko ditu turismo-lanbideetako jardueretarako lanbide-heziketa arautua hobetzeko eta garatzeko.

Kanpaldi libreari eta autokarabanen harrera-eremu bereziei lege honetan xedatutakoa aplikatuko zaie, eta, zehazki, turismo-diziplinari buruz xedatutakoa, erregelamenduz ezartzen diren baldintzen arabera.

Foru-aldundi eskudunaren ingurumen-organoak irizten badio modu nabarmenean eragin dakiekeela Natura 2000 sareko tokiei, kasu horretan kanpaldi-eremuaren edo autokarabanen harrera-eremu bereziaren proiektuari ebaluazio egokia egingo zaio habitat naturalen eta basoko fauna eta floraren kontserbazioari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauaren 6. artikuluan aurreikusita dagoena, hargatik eragotzi gabe ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari dagokionez kasu bakoitzean aplikatzekoa den legerian ezarritakoa.

  1. Kanpaldi librea da ingurune natural batean, aire librean, helburu turistikoarekin eta gaua pasatzeko asmoarekin egiten den egonaldi-jarduera, kanpin-dendak, karabanak, autokarabanak eta aterpetzeko beste bitarteko batzuk erabiliz. Ez dira izendapen horren barruan sartzen kanpinetan, kanpaldiko eremu naturaletan, titulartasun publikoko kanpaldi-guneetan eta ekitaldietako behin-behineko kanpaldietan egiten diren egonaldiak.

  2. Kanpaldi librea debekatuta dago, oro har; hala ere, erregelamenduz zehaztuko da zein diren kanpaldi librea salbuespenez baimentzeko baldintzak.

    Ez da kanpaldi libretzat joko autokarabana baten barruan gaua igarotzea, hiri-eremuan, baldin eta ibilgailu hori zuzen aparkatuta badago, aparkalekuaren mugak gainditu gabe eta kanpoko inolako dispositiborik zabaldu gabe, eta leku eta ondasun publikoak era desegokian erabiltzen ez baditu.

    Kanpaldia hiritik kanpoko ingurune natural batean egin nahi denean, udalek izango dute hura baimentzeko eskumena, baldin eta erregelamenduz zehaztutako baldintzak betetzen badira.

  3. Legez babestutako naturaguneetako lurren kasuan, aplikatu beharreko ingurumen-legerian eskatzen diren baimenak edo txostenak eduki beharko dira.

Kanpaldi-eremu naturalak: Oporrak edo aisialdia aldi batean eta prezio bidez igarotzeko lur-eremuak dira, kokapen edo topografia berezia, baso-aberastasuna edo behar bezala egiaztaturiko bestelako inguruabar bereziren bat dutenak eta, kanpinekin alderatuta, naturarekiko hurbiltasun handiagoa eta ustiapen-maila arinagoa dutenak, erregelamenduz ezartzen diren baldintzak betez betiere.

Kanpaldi-eremu naturalak naturagune babestuetan edo Natura 2000 sareko tokietan ezarri ahal izateko, horien antolamendu- eta kudeaketa-planetan jasotako baldintzak bete beharko dira. Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak irizten baldin badio modu nabarmenean eragin dakiekeela Natura 2000 sareko tokiei, kasu horretan kanpaldi-eremuaren proiektuari ebaluazio egokia egingo zaio habitat naturalen eta basoko fauna eta floraren kontserbazioari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauaren 6. artikuluan aurreikusita dagoena, hargatik eragotzi gabe ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari dagokionez kasu bakoitzean aplikatzekoa den legerian ezarritakoa.

  1. Titulartasun publikoko kanpaldi-guneak udalaren titulartasuneko lur-eremuak dira, zedarrituak, oinarrizko zerbitzuez hornituak eta kanpin-dendetan edo bestelako instalazio mugikorretan noizbehinka egonaldiak egiteko prestatuak, pasaeran dauden pertsona edo taldeentzat edo egonaldi labur bat egiteko asmoa dutenentzat, erabiltzaileek eskaintzen diren zerbitzuen araberako kontraprestazio ekonomiko bat ordaintzen dutela.

  2. Udalek ezin izango dituzte sustatu eremu horiek, ezta izaera iraunkorrik eman ere beroriei. Jarduera hori egiteko, udal-kanpin bat sortu beharko dute, lege honen V. tituluko III. kapituluko 4. atalean zehaztutakoari jarraituz.

  3. Kanpaldi-gunea instalatzen den udalerriko udalari dagokio zerbitzua emateko beharrezkoa den erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea Euskadiko Turismo Administrazioan.

  4. Edozein kasutan, lurzoruaren jabetza- eta erabilera-eskubidea errespetatzen direla egiaztatuko du udalak, eta beharrezkoak diren baldintzak bermatuko ditu, hala segurtasunari eta osasunari buruzkoak nola kasuan kasuko lurraldeko natura, historia, kultura, hiri, arte, paisaia, nekazaritza, basogintza eta faunaren balio eta baliabideak errespetatzeari buruzkoak.

Jende asko aurreikusten den ekitaldietarako behin-behineko kanpaldiak baimendu ahal izango ditu udalak bere udalerriaren mugen barruan, bat etorriz, hala badagokio, ikuskizun publikoen araudiak ezarritakoarekin; halakoetan, jendearen etorriaren berri emango dio Euskadiko Turismo Administrazioari, eta kanpaldiaren eremua eta datak zehaztuko; horretaz gain, dena delako jarduera behar bezala garatzeko beharrezko diren zerbitzuak jarriko ditu ekitaldiaren gunean.

  1. Autokarabanen harrera-eremu bereziak behar bezala zedarritu, hornitu eta egokitutako lur-eremuak dira, publikoari irekita daudenak eta prezio bidez aldi batean erabil daitezkeenak.

  2. Autokarabanen harrera-eremu bereziak erreserbatuta daude autokarabanentzat eta antzeko ibilgailuentzat; leku horietan, beraz, ezin izango da instalatu kanpin-dendarik, karabanarik edo aterpetxe mugikorrik, ezta aterpetxe finkorik edo antzekorik ere erabiltzaileek ostatu hartzeko erabil dezaketenik.

  3. Debekatuak daude establezimendu horietako lursailak saltzea eta berralokatzea.

  4. Eremu horien araubide juridikoa garatzen duen erregelamendua bat etorriko da kasu bakoitzean aplikatu beharreko ingurumen-legerian ezarritakoarekin.

Turismo-intereseko jardueratzat hartzen dira Euskadiko turismoa dinamizatzen laguntzen duten eta turisten mugimendua eta egonaldiak laguntzen dituztenak.

Honako hauek sartzen dira turismo-intereseko jardueren barruan:

  1. Sukaldaritzako establezimenduak.

  2. Kultura-zerbitzuak adibidez, hizkuntza-turismoa ematen dituzten enpresak eta naturako kirol-jarduerak hala nola turismo aktiboa eta abentura-turismoa eskaintzen dituztenak.

  3. Kongresuei, konbentzioei eta sustagarriei lotutako zerbitzuak ematen dituzten enpresak eta horretarako instalazioak, hala nola erakustazokak.

  4. Ibilbide turistikoak egiten dituzten garraio-enpresak.

  5. Kultura-ondarea zabaltzen duten enpresak.

  6. Jolas-zentroak.

  7. Erregelamenduz zehaztutakoak.

Aurreko artikuluan aipaturiko establezimenduek eta jarduerek eta lege honen arabera ezar daitezkeenek parte har dezakete beren zerbitzu turistikoei kategoriak eta bereizgarriak esleitzeko prozesuetan, erregelamenduz ezartzen den eraz eta irismenez.

Turismo-agintaritzaren zeregina izango da bultzatzea, sustatzea eta erraztea, hala badagokio, Jaurlaritzako beste sail batzuekin batera, egin eta martxan jar dadin araudi espezifiko bat titulu honetan jasotako establezimendu edo sektoreentzat, hala nola turismo aktiboarentzat, edo beste batzuentzat, baldin eta erregulazio hori eskatzen badute eta arau-estaldurarik ez badaukate Administrazioko beste arlo batzuen aldetik.

Turismo-diziplinaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, turismoari dagokionez, ikuskapen-jarduketa erregulatzea, turismo-jarduerak egiaztatzea, arau-hausteak tipifikatzea eta administrazio-zehapenak eta zehapen-prozedura zehaztea.

Lege honetan erregulaturiko turismo-diziplinaren mende daude turismo-enpresen titularrak diren pertsona fisiko edo juridikoak eta turismo-lanbide batean ari direnak.

Titulu honetako xedapenek ez dute eragozten kasuan kasuko zehapenak ezartzea eta agintaritza eskudunek dagozkien ahalmenak baliatzea, bat etorriz fiskalitateari, kontsumoari, suteen prebentzioari, osasunari eta lanari eta laneko arriskuen prebentzioari buruzko berariazko araubidearekin edo turismo-jarduerak erregulatzen dituen beste edozein araubiderekin.

Lege honetan eta berau garatzen duen araudian ezarritakoa betetzen dela ziurtatzeko, Euskadiko Turismo Administrazioak ahalmena izango du edozein egitate, egintza edo negozio juridiko zein horiei lotutako bestelako inguruabar, datu edo dokumentu oro egiaztatzeko, baieztatzeko, konprobatzeko eta ikuskatzeko.

Euskadiko Turismo Administrazioari dagokio lege hau eta berau osatzen edo garatzen duten xedapenak betetzen direla ikuskatzea, kontrolatzea eta egiaztatzea.

Honako funtzio hauek dagozkio Turismo Ikuskaritzari:

  1. Turismo-enpresen titularrek eta turismo-lanbide batean ari direnek turismo-araudia betetzen duten behatzea eta egiaztatzea, eta turismo-sektorean gerta daitezkeen enpresa- eta lanbide-intrusismoak eta legez kanpoko eskaintzak pertsegitzea.

  2. Erabiltzaileen eskubideak errespetatzen direla zaintzea, eta haien kexa, erreklamazio eta salaketak eragiten dituzten egitateak egiaztatzea.

  3. Legez oinarrizko baliabide turistikotzat jotako ondasunak erabiltzen edo bisitatzen direnean, ondasunok zaintzeko emandako arauak errespetatzen direla egiaztatzea.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura diru-laguntza edo finantzaketa publikoa jasota egindako turismo-jardueretako inbertsioen kontrola eta jarraipena egitea, hargatik eragotzi gabe Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari inbertsio horien gaineko kontrolaren esparruan dagozkien jarduketak, bakoitzari bere araudi espezifikoaren arabera dagozkionak.

  5. Turismo Administrazioak bere eskumeneko gaiei buruz eskatzen dizkion txosten teknikoak egitea.

  6. Parte hartzea 104. artikuluan aipatzen diren kautelazko neurrien ezarpenean.

  7. Interesdunei jakitera ematea zer eskubide eta eginbehar dituzten eta nola aplikatuko den indarreko turismo-araudia.

  8. Legez edo erregelamenduz esleitzen zaizkion gainerako ikuskapen-funtzioak betetzea.

  1. Ikuskatzaileek honako ahalmen hauek dituzte esleituta:

    1. Turismo-jarduerak egiten diren eraikin, lokal, establezimendu, instalazio, eranskin eta esparruetara sartu ahal izango dira, eta beren funtzioak betetzeko beharrezkotzat jotzen duten informazioa eskatu ahal izango dute, dagoen euskarrian dagoela, edozein unetan eta aurretiko abisurik gabe.

    2. Baldin eta eraikina pertsona fisiko edo juridiko baten egoitza ere bada, eta pertsona horrek ez badu baimenik ematen egoitzan sartzeko, aurretiko baimen judiziala eskatu beharko da.

      Egiaztapen materialak egin ahal izango dituzte, neurketak, argazkiak, bideoak, krokisak edo planoak eginez, laginak hartuz eta ekipamenduaren edo instalazioen edozein elementu ikuskatuz.

    3. Dokumentazioa, kontabilitatea eta erregistroa egiaztatu ahal izango dituzte, direla paperezko euskarrietan daudenak, direla euskarri informatikoan daudenak. Ahalmen horren barruan sartzen da kopiak lortzea euskarri eta formatu ezberdinetan, edo dokumentuak edo horietako batzuk inprimatzea.

    4. Ematen den zerbitzua eta horren funtzionamendua egiaztatu ahal izango dituzte, barne hartuta langileekiko eta kalitate-programekiko betekizun guztiak eta, oro har, araudian eskaturiko betekizun guztiak.

    5. Turismo-erabiltzaileekin edo horien legezko ordezkariekin elkarrizketatu ahal izango dira, baita ikuskatutako entitate, establezimendu eta zerbitzuetako langileekin ere.

    6. Txostenak, datuak, azterketak eta estatistikak eskatu ahal izango dituzte, baita ikuskapen-lanak eraginkortasunez egiteko garrantzitsu izan litekeen edozein informazio-mota ere.

    7. Ikuskaritzakoak ez diren pertsonen aholkuak edo balioespena eskatu ahal izango dituzte, baldin eta gaiaren espezifikotasuna dela-eta ikuskaritzarako normalean eskatzen diren ezagutzak baino gehiago behar badira.

    8. Organo eskudunari proposatu ahal izango diote har ditzala 104. artikuluan adierazitako kautelazko neurriak.

    9. Jarduketak dokumentatu ahal izango dituzte ikuskaritza-akten, txostenen, eginbideen eta dagozkien komunikazioen bidez.

    10. Ertzaintzaren edo udaltzaingoen lankidetza eskatu ahal izango dute, baita beste administrazio publikoetako funtzionario eta agintariena ere.

    11. Ikuskaritzapean dauden jarduketak ikusi eta egiaztatzeko beharrezko diren ekintzak, arauz baimenduak, egin ahal izango dituzte.

  2. Ikuskatzaileek erabateko independentzia dute beren funtzioak betetzen ari direnean, hargatik eragotzi gabe administrazio-agintariekiko duten mendetasun organiko eta funtzionala.

  1. Ikuskatzaileek titulu bat izango dute beren izaera egiaztatzeko, eta erakutsi egin beharko dute beren funtzioak betetzen dihardutenean.

  2. Eusko Jaurlaritzan turismo-arloko eskumena duen sailak bere funtzionarioak gaitu ahal izango ditu, eta beste administrazio publikoetako funtzionarioen laguntza eduki; denek eduki beharko dute 1. zenbakian adierazitako titulua, eta erakutsi egingo dute beren funtzioak betetzen dihardutenean.

  1. Beren funtzioetan dihardutenean, ikuskatzaileek agintaritza-agenteen izaera izango dute; beraz, agintaritza-agenteei indarreko araudiak ematen dizkien babes eta ahalmen berak izango dituzte.

  2. Ikuskatzaileak, bere funtzioak ahalik eta ondoen betetzeko beharrezkotzat jotzen duenean, beste administrazio eta organismo publiko batzuen lankidetza eta zerbitzuak lortu ahal izango ditu.

Ikuskapen-funtzioaren berezko jarduketak garatzean, berariazko eginbehar hauek izango dituzte ikuskatzaileek:

  1. Ikuskatzaile jarduten duten guztietan, dagokien egiaztagiriarekin identifikatuko dira.

  2. Ikuskapen-jarduketari ekin baino lehen, ikuskatutako pertsonari adieraziko diote zein den ikuskapenaren xedea eta zer eskubide eta eginbehar dagozkion jarduketa garatzerakoan.

  3. Erabateko errespetuz eta begirunez jardungo dute beti, bereziki babestuz ikuskapenean inplikaturiko pertsonen intimitatea eta ohorea.

  4. Lanbide-sekretua eta -isiltasuna gordeko dituzte dagozkien kargua, funtzioak eta jarduketak direla-eta ezagutzen dituzten gaiei buruz.

  5. Konfidentzialtasuna gordeko dute pertsonen intimitateari eragiten dioten edo eragin diezaioketen datu pertsonalei buruz.

  6. Jarduketak objektibotasunez, gardentasunez eta inpartzialtasunez egingo dituzte.

  7. Ikuskapen-jarduketak gauzatzean, ahalik eta traba gutxien sortuko dituzte pertsona fisiko edo juridikoen jarduera normalean.

  8. Legearen edo beste arau batzuen ondoriozko beste edozein betebehar beteko dute; esate baterako, agintaritza judizialari, Fiskaltzari edo administrazio-organo eskudunari komunikatzea beren funtzioak betetzean ezagutzen dituzten egitateak, baldin eta egitate horiek arau-hauste penaltzat edo beste eskumen-arlo bateko arau-hauste administratibotzat jo badaitezke.

  1. Ikuskapen-jarduketak konfidentzialtasun-izaera izango du beti.

  2. Ikuskatzaileak ez du esku hartuko ikuskapen-jarduketa batean, eta hala adieraziko die goragokoei, baldin eta jarduketa horretan agertzen bada indarreko araudian aurreikusitako abstentzio-kasuetako bat zeinaren ondorioz administrazio publikoetako langileek ezin izango duten esku hartu.

  3. Ikuskaritzak erabakiko du zein tokitan egingo den ikuskapen-jarduketa:

    1. Turismo-jarduerak, guztiz edo partzialki, egiten diren tokian.

    2. Turismo-jarduera bat, gutxienez partzialki, egin delako froga dagoen tokian, edo egin delako ustea dagoenean.

    3. Administrazioaren bulegoetan, jarduketaren xede diren elementuak haietan azter daitezkeenean.

  4. Komunikazio, eginbide, txosten eta akten bidez dokumentatuko dira Turismo Ikuskaritzaren jarduketak.

  1. Komunikazioak: Agiri horien bidez ikuskapen-jarduketa bat hasiko duela jakinarazten dio Administrazioak turismo-enpresari; edo ikuskapenari loturiko beste egitate edo inguruabarrak jakinarazten dizkio, edo behar diren errekerimenduak egiten dizkio inplikaturiko pertsona edo entitateari.

    Komunikazioak eginbideei erantsi ahal izango zaizkie.

  2. Eginbideak: Turismo Ikuskaritzak egiten dituen agiri publikoak dira, zeinetan jasotzen diren ikuskapenaren xede diren egitate eta inguruabarrak eta, hala badagokio, turismo-enpresaren titularraren edo jarduketaren xede diren pertsonen adierazpenak.

    Ikuskapen-jarduketetan egiten diren eginbideak agiri publikoak dira; agiri horietan adierazten diren egitateen frogatzat hartzen dira, non eta ez den kontrakorik egiaztatzen.

    Eginbideetako egitateak, jarduketen xede den pertsonak onartuak, egiazkotzat joko dira, baita haren adierazpenak ere, eta pertsona horrek bakarrik zuzendu ahal izango ditu, egitezko okerra dagoela frogatuz.

    Beren eskubidea baliatu nahi dutenek frogatu beharko dute zein egitatetan oinarritzen den eskubide hori.

  3. Ofizioz edo hirugarren batzuek hala eskatuta, Turismo Ikuskaritzak txosten hauek eman beharko ditu: ordenamendu juridikoaren arabera nahitaezko diren txostenak, administrazio publikoetako beste organo edo zerbitzu batzuek edo botere legegileak edo judizialak indarreko legerian aurreikusitako moduan eskatutakoak, eta, azkenik, lege honetan eta berau garatzeko araudian xedatutakoa aplikatzeko beharrezko diren guztiak.

  1. Turismo Ikuskaritzak egiten duen ikuskapen bakoitzeko, akta bat jasoko da, ikuskapenaren emaitzarekin; akta erregelamenduz ezartzen den eredu ofizialean egingo da. Ikuskapen-aktak betetzeko erabili beharko diren inprimaki eta eredu ofizialek bi hizkuntzatan idatzita egon beharko dute, eta, salbu interesdun pribatuek espresuki aukeratzen badute Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako bat erabiltzea, Euskadiko bi hizkuntza ofizialetan beteko dira.

  2. Aktan, honako hauek jasoko dira: ikuskapenaren xede diren enpresa, establezimendua eta jarduera edo zerbitzua identifikatzeko datuak; ikuskapenaren data eta ordua; nork egin duen ikuskapena; atzemandako egitateak, egintzak eta negozioak eta horietaz ikuskaritzak egiten duen kalifikazioa, eta, hala badagokio, arau-haustetzat jo daitezkeen egitateak, behin interesdunek aurkeztu ondoren beren eskubide eta interesak defendatzeko beharrezkotzat jotako frogak.

  3. Ikuskapen-aktak honako hauek izenpetu beharko dituzte: ikuskatzaileak eta ikuskapenaren xede izan den enpresa, establezimendu, jarduera edo zerbitzu turistikoaren arduradunak. Titularrik egon ezean, hura ordezkatzen duen pertsonak izenpetu beharko du akta, edo ikuskapenaren unean enpresa, establezimendu edo jardueraren buru denak.

  4. Ikuskapen-akta izenpetzeak adierazten du han jasotakoak ezagutzen direla, baina ez du inolaz ere adierazten edukia onartzen dela. Akta izenpetu nahi ez bada, dagokion eginbidearen bidez jasoko da aktan hori, baita ez izenpetzeko emandako arrazoiak ere.

  5. Izenpetzen dituzten ikuskapen-aktetan, komenigarri iritzitako argibideak jaso ahal izango dituzte ikuskapenaren xede den enpresa, establezimendu eta jarduera edo zerbitzuaren ordezkariek.

  6. Ikuskapen-akta eginda, ikuskaritzak haren kopia bat entregatuko die agertutakoei.

  7. Ikuskapen-akta batean arau-hauste administratiboa izan daitekeen egitateren bat agertuz gero eta arau-hauste hori ez badago erregulatuta titulu honen III. kapituluan, organo eskudunak horren berri emango die organo edo administrazio eskudunei.

  8. Ikuskaritzak artikulu honetan ezarritako betekizunen arabera egindako eta izenpeturiko aktek dokumentu publikoen izaera dute, aktan jasotzen diren egitateen froga dira, ziurtasun-presuntzioa dute eta bakarrik zuzendu ahal izango dira egitezko okerra egin delako frogaren bidez, hargatik eragotzi gabe interesdunek beren eskubide eta interesen defentsarako egoki iritzitako frogak aurkeztea edo seinalatzea.

  1. Ikuskapenaren xede diren enpresa, establezimendu eta jarduera edo zerbitzuen titularrak, horien legezko ordezkariak eta enpresa, establezimendu eta jarduera edo zerbitzuen arduradun eta langileak lankidetzan jardungo dira ikuskatzailearekin: bidea emango diote eskatzen duen informazioa eskuratzeko eta aztertzeko, dagoen establezimendu edo tokiko gune, barne edo instalazioetara iristeko eta horiek aztertzeko, eta orobat toki horietan ematen diren zerbitzuak kontrolatzeko.

    Pertsona fisiko edo juridiko horiek behartuta daude Turismo Ikuskaritzako langileei behar duten informazio guztia ematera: garrantzi turistikoa daukan edozein datu, informazio, aurrekari eta ziurtagiri, haien betebehar turistikoarekin lotura dutenak, edo betebehar horretara behartuta dauden beste pertsona batzuekin dituzten harreman ekonomiko eta profesionaletatik ondorioztatzen direnak.

  2. Orobat daude behartuta Turismo Ikuskaritzako langileei garrantzi turistikoa daukan edozein datu, informazio, aurrekari edo ziurtagiri ematera:

    1. Bitartekariak eta beste edozein, parte hartzen dutenak turismo-zerbitzu edo -jarduera baten publizitatean, eskaintzan edo bitartekaritzan.

    2. Banku- edo finantza-erakundeak, prezioa edo komisioak kudeatzen edo kobratzen dituztenak.

    3. Agintariak edozein dela ere haien izaera, Estatuko organoak, autonomia-erkidegoak, toki-erakundeak, organismo publikoak, Administrazio korporatiboko entitateak, elkarte profesionalak eta helburu publikoak dituzten gainerako entitateak. Horiek guztiek Turismo Administrazioaren esku jarri beharko dute, nahitaez, garrantzi turistikoa duen datu, txosten eta aurrekari oro, eta bere funtzioak betetzeko behar duen laguntza, parte-hartzea, sorospena eta babesa eskainiko diote erakunde horri.

    4. Erregelamenduz zehazten diren gainerako pertsona fisiko eta juridikoak.

      Zenbaki honetan aipatzen diren betebeharrek izaera orokorra dute, eta erregelamenduz ezartzen diren forma eta epeetan bete behar dira, edo Turismo Administrazioaren banakako errekerimenduz, zeina edozein unetan egin ahal izango baita errekeritutako aurrekari edo datuei lotutako jarduera edo egitateak gertatzen diren unetik aurrera.

  1. Salaketaren bidez informazioa eman ahal zaio Turismo Administrazioari ezagutzen ez dituen eta arau-hauste izan litezkeen edo lege honetan eta berau garatzeko araudian ezarritakoa aplikatzeko garrantzitsuak izan litezkeen egitate eta egoerei buruz.

    Eskumena duen organoaren esku uzten da jasotako salaketa, dagozkion ikuskapen-jarduketak egin ditzan. Organo horrek salaketa artxibatzea erabaki dezake, baldin eta irizten badio oinarririk gabea dela edo ez bada zehazten zer egitate edo pertsona salatzen diren.

  2. Salaketarekin parekatuko dira turismo-erabiltzaileen kexak eta indarreko araudi espezifikoan ezarritakoaren arabera egiten diren erreklamazioak.

  1. Turismo-arloko arau-hauste administratiboak dira lege honetan tipifikatuta eta zehatuta dauden dolozko edo erruzko egiteak edo ez-egiteak, edozein dela ere horien zabarkeria-gradua.

  2. Era berean, erregelamenduz zehaztu eta graduatu ahal izango dira lege honetan ezarritako arau-hauste eta zehapenak, horien mugak edo izaera aldatu gabe edo arau-hauste eta zehapen berriak ezarri gabe.

  1. Administrazioaren iritziz arau-hauste bat arau-hauste penala izan badaiteke, administrazio-organoak Fiskaltzari emango dio jakitera, eta ez du zehapen-prozedurarekin jarraituko harik eta agintaritza judizialak epaia ematen duen arte. Zehapen penala ezarriz gero, ez da administrazio-zehapenik ezarriko. Arau-hauste penala egon denik ondorioztatzen ez bada, Administrazioak zehapen-espedientearekin jarraitu ahal izango du, jurisdikzio eskudunak frogatutzat jo dituen egitateetan oinarrituta, hala dagokionean.

  2. Era berean, justizia-auzitegietan prozesu penala instruitzeak geldieran utziko du egitate berengatik hasitako zehapen-espediente administratiboaren izapidetzea eta, hala badagokio, zehapena ezartzeko administrazio-egintzen exekuzioa.

Turismo-arloko arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

Arau-hauste arintzat hartuko dira honako hauek:

  1. Zerbitzu turistiko bat ematea edo haren publizitatea egitea, baldin eta, 20. artikuluan aurreikusitako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu arren, epe barruan ez bada aurkeztu jarduera hori egiteko beharrezko den dokumentazioa, lege hau garatzen duen araudian eskaturikoa.

  2. Kontrataturiko zerbitzuak ematean, gabeziak badaude iragarritako edo adostutako baldintzekin alderatuz gero.

  3. Gabeziak badaude establezimenduaren kategoriaren araberako garbiketari, instalazioen funtzionamenduari edo ekipamenduen mantentzeari dagokienez.

  4. Erabiltzaileari tratu adeigabea edo desegokia ematea.

  5. Ez edukitzea nahitaez erakutsi beharreko bereizgarririk eta sailkapen administratiboa egiaztatzen duen ikurrik, ezta iragarki, seinale edo informaziorik ere, edo, nahiz eta eduki, eskatzen den eran ez erakustea.

  6. Ez betetzea bidaia konbinatuei buruzko legeetan informazioari buruz ezarritako betebeharrak, edo informazio hori osorik ez ematea.

  7. Ez betetzea zerbitzuen prezioen publikotasunari buruz xedatutakoa.

  8. Erreserba gehiegi onartu eta gainerreserba eragitea, baldin eta enpresa arau-hausleak interesdunari lege honen 33.2 artikuluaren lehen paragrafoaren araberako ostatua eskaintzen badio.

  9. Datuak zehaztugabeak izatea, lege honen 20. artikuluan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpenean emandakoak edo 64.3 artikuluan aurreikusitako adierazpenean emandakoak.

  10. Ez betetzea turismo-legerian agertzen diren betebehar formalak dokumentazioari eta liburu edo erregistroei dagokienez, eta nahitaezko dokumentazioa ez kontserbatzea erregelamenduz ezarritako denboran.

  11. Ez betetzea turismo-araudian ezarritako beste betekizun, debeku eta betebeharrak, baldin eta lege honetan arau-hauste astun edo oso astuntzat tipifikatuta ez badago ez-betetze hori.

Honako hauek hartzen dira arau-hauste astuntzat:

  1. Lege honen 27. artikuluaren arabera klandestinotzat jotako zerbitzu turistiko bat egin edo ematea.

  2. Bitartekaritza-lanak egitea lege honen arabera klandestinotzat jotako zerbitzuak kontratatzen direnean.

  3. Erabiltzailearekiko begirune-falta larria izatea.

  4. Datuak faltsuak izatea, bai lege honen 20. artikuluan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpenean emandakoak, bai 64.3 artikuluan aurreikusitako adierazpenean emandakoak. Orobat joko da arau-hauste astuntzat datuok aldatzea, ez bada eskatu horien aldaketa legez edo erregelamenduz ezarritako baldintzen arabera.

  5. Aldatzea edo ez mantentzea sailkapen administratiborako eta Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroko inskripziorako kontuan izandako aurrekontu, betekizun eta inguruabarrak, betiere ez bada aurretik aurkeztu erantzukizunpeko adierazpena legez edo erregelamenduz ezarritako baldintzen arabera.

  6. Ez betetzea mota, talde, kategoria, modalitate edo espezialitatearen arabera ezarritako betekizunak, honako hauei dagozkienak: kokapena, azpiegitura eta eraikuntza; instalazioak, ekipamendua, altzariak, zerbitzuak, lursail-azalera eta establezimenduen kalitatea.

  7. Erabiltzaileak kontrataturiko zerbitzu bat ez ematea edo zerbitzu horren kalitate-baldintzak nabarmenki okerragoak izatea itundutakoak baino. Ez da arau-haustetzat joko zerbitzu bat ematen jarraitzeari uko egitea baldin eta turismo-erabiltzaileak edo zerbitzuak ordaintzeko konpromisoa hartu duenak uko egiten badio jasotako zerbitzuak ordaintzeari, edo ostatatuak nabarmenki urratzen baditu bizikidetza-arauak edo aplikagarri den beste edozein araudi.

  8. Establezimenduari, jarduerari edo zerbitzuari aitortutako sailkapenaren arabera dagozkion izendapen, errotulu, ikur edo bereizgarriez bestelakoak erabiltzea.

  9. Zerbitzu turistikoen eskaintzan, egiazkoa ez den edo nahasgarria edo engainagarria den informazioa erabiltzea edo horrelako publizitatea egitea.

  10. Ez ematea kontratazio-baldintzak egiaztatzen dituen dokumentazioa, erabiltzaileak hala eskatzen duenean.

  11. Bidaia-agentziek ez betetzea bidaia konbinatuen gaineko legerian kontratuei buruz ezarritako betebeharrak, formari, edukiari, aldaketari edo suntsiarazteari dagozkienak, gainerreserbari buruzkoa barne.

  12. Murrizketak ezartzea establezimenduetara sartzeko edo haietan egoteko, salbu eta justifikatutako kasuetan.

  13. Kontrataturiko prezioak baino handiagoak kobratzea.

  14. Faktura edo tiketik ez ematea, edo, tiket mekanikoa eman ondoren, kontzeptu ezberdinak bereizten dituen faktura banakatua ez ematea zerbitzu turistikoen erabiltzaileak hala eskatzen duenean.

  15. Erreserba gehiegi onartu delako gainerreserba eragitea, baldin eta enpresa arau-hausleak interesdunari ez badio eskaintzen 33.2 artikuluaren lehen paragrafoan ezarritakoaren araberako ostaturik.

  16. Aplikagarri den turismo-araudian eskaturiko berme eta aseguruak ez formalizatzea, edo horiek indarrean ez egotea edo kopuruak aldatzea.

  17. Behar diren baimenak ez dituzten establezimendu, enpresa eta pertsonak kontratatzea eta funtzioak betetzeko langile kualifikaturik edo ekipamendu eta material homologaturik ez edukitzea, baldin eta turismo-araudiaren arabera horiek beharrezkoak badira zerbitzu turistikoen erabiltzailearekin adostutako zerbitzuak emateko.

  18. Establezimendu turistikoen ostatu-ahalmena aldatzea oheak jarriz, edo erabiltzaileak hartzea ostatu-unitateetan edo kanpaldi-guneetan, baldin eta hori egitea ez badator bat erantzukizunpeko adierazpenean edo aldez aurreko komunikazioan zehaztutakoarekin eta gainditzen badira erregelamenduz ezarritako mugak.

  19. Zerbitzu turistikoen kontratazio-denbora luzatu, eta erregelamenduz ezarritakoa gainditzea.

  20. Baliabide turistikoaren jabearen, kudeatzailearen edo titularraren jarrera desegokia izatea, eta, ondorioz, ikuskaritza-funtzioak zailtzea edo atzeratzea, dela oztopoak eta aitzakiak jartzen dituelako edo ikuskapenari uko egiten diolako, dela Turismo Administrazioarekiko lankidetzari uko egiten diolako.

  21. Erreklamazio-orririk ez edukitzea edo erreklamazio-orria ez ematea kontsumitzaileei eta erabiltzaileei eskatzen duten unean.

  22. Lege honen 9.2 artikulua ez betetzea ondarea errespetatzeari, zaintzeari edo kontserbatzeari dagokionez, kalte larriak eraginez.

  23. Sailkapen administratiboa egiaztatzen duten ikurrak ez erabiltzea publizitatean, iragarkietan, dokumentazioan, korrespondentzian eta prezio-tarifetan, ez eta fakturetan, lege honen 25. artikuluan jasota dagoen bezala.

  24. Epe barruan ez erantzutea behar bezala jakinarazi diren informazio-errekerimenduei, eta uko egitea edo oztopoak jartzea datuak edo errekeritutako informazioa emateari.

  25. Enpresa edo establezimendu turistikoen publizitatea egitea Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroko inskripzio-zenbakirik edo, bidaia-agentzien kasuan, identifikazio-koderik jarri gabe, nahiz eta Euskadiko Turismo Administrazioak hori jakinarazi.

  26. Jarduera edo zerbitzu turistikoak merkaturatzea, nahiz eta horien titularrak ez eduki dagokion gaikuntzarik.

  27. Oso astuntzat jotako edozein arau-hauste, kalifikazio hori desegokia denean arau-haustearen izaeragatik edo inguruabarrengatik.

Arau-hauste oso astuntzat joko dira:

  1. Murrizketak ezartzea establezimendu turistikoan sartzeko eta zerbitzuak emateko orduan, edo establezimendutik botatzea inongo justifikaziorik gabe, turismo-erabiltzailea diskriminatuz arraza, sexua, desgaitasun fisiko edo psikikoa edo mugikortasun urria dela-eta edo erlijioa, iritzia edo beste edozein egoera pertsonal edo sozial direla-eta.

  2. Turismo Ikuskaritzari ez uztea jarduketarik egiten, oztopoak eta eragozpenak jarriz edo ikuskapenari uko eginez, eta hari emandako dokumentuak zehaztugabeak edo faltsuak izatea.

  3. Turismo-kanpamentuetako lursailak saltzea, edo hotel-establezimenduetako ostatu-unitateak edo funtsezko zatiak saltzea, salbu eta indarreko legerian onartutako kasuetan.

  4. Ez betetzea 34. artikuluan definituriko ustiapen-unitatearen printzipioa.

  5. Arau-hauste astunetan berrerortzea, 99. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

  6. Arau-hausteak egitea turismo-araudiaren arloan, kalte larria dakartenak Euskadiko interes turistikoentzat haren irudia zein haren helmuga turistikoena hondatuz edo kalteak sortzen dituztenak natura-baliabideetan eta ingurumenean.

  7. Zerbitzu turistikoak eskaintzean edo ematean erabilitako elementu erakargarriek oinarrizko eskubideak edo askatasun publikoak urratzea.

  1. Pertsona fisiko eta juridikoak dira turismo-arloko arau-hausteen erantzuleak, baldin eta lege honetan arau-hauste bezala tipifikatutako egiteak edo ez-egiteak burutzen badituzte, honako berezitasun hauekin:

    1. Zerbitzuak ematean egindako arau-hausteetan, legez edo kontratuz zerbitzu horiek ematera behartuta dagoen enpresa edo sozietate-izena izango da erantzule, hargatik eragotzi gabe azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuaren 162. artikuluan edo hura ordezten duen araudian bidaia-agentzien erantzukizun solidarioaz ezarritakoa.

    2. Beren zerbitzuak enpresetan edo establezimenduetan ematen dituzten pertsonek egindako arau-hausteen kasuan, establezimenduon pertsona fisiko edo juridiko titularrak jotzen dira erantzuletzat.

    3. Arau-hauste bat pertsona juridiko bati egozten bazaio, haren gidaritza- edo zuzendaritza-organismoak osatzen dituzten pertsonak ere jo daitezke erantzuletzat.

    4. Bi pertsona edo gehiago badira arau-haustearen erantzule eta haien partaidetza-gradua ezin bada zehaztu, pertsona horiek erantzukizun solidarioa izango dute zehapenen ondorioetarako.

  2. Enpresa eta gainerako jarduera turistikoen titularrak erantzule solidarioak dira haien zerbitzura dauden pertsonek egiten dituzten arau-hausteei dagokienez, baldin eta ez badute betetzen arau-haustea prebenitzeko eginbeharra, hargatik eragotzi gabe kasuan kasuko medeapen-akzioak.

Turismo-arloko zehapen-ahala erabiltzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legea edo hura ordezten duen araudia aplikatuko da, lege honetan sartutako espezifikotasunekin.

Ohartarazpen- eta isun-zehapenak ezarriko dira lege honetan ezarritakoaren eta turismo-arloko gainerako xedapenen aurkako arau-hausterik eginez gero.

Zehapen astun eta oso astunekin batera, 101. artikuluko zehapenak ezarri ahal izango dira.

  1. Zehapenak ezartzeko, kontuan hartuko dira arau-hauste administratiboa gertatu zeneko inguruabarrak; honako irizpide hauen arabera graduatuko dira, bereziki:

    1. Zer kalte eragin zaizkien turistei, zenbat kaltetu diren eta zer arrisku sortu den osasunarentzat edo segurtasunarentzat.

    2. Zenbatekoak diren lortutako etekin ez-zilegiak.

    3. Enpresa, establezimendu edo jardueraren bolumen ekonomikoa eta egoera finantzarioa.

    4. Zer kategoria duen establezimenduak eta zein diren zerbitzuaren edo jardueraren ezaugarriak.

    5. Berrerortzerik edo errepikatzerik gertatu den jokabide arau-hauslean.

    6. Intentzionalitaterik egon den, eta, egotera, zein gradutakoa izan den.

    7. Arau-haustearen garrantzi soziala.

    8. Ostatu turistikoen plaza-kopurua.

  2. Berrerortzetzat hartuko da arau-haustearen erantzuleak izaera bereko beste bat egiten duenean urtebeteko epean, hala deklaratu bada administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez.

    Errepikatzetzat hartuko da edozein izaeratako arau-hauste bi edo gehiago egitea bi urteko epearen barruan, betiere hala deklaratu badira administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez.

  3. Zehapenak aplikatzerakoan, betiere ziurtatu behar da ezarritako zehapena ez dakiola arau-hausleari onuragarriagoa gerta bete gabeko arauak betetzea baino.

  4. Berrerortze- eta errepikatze-ondorioetarako, arau-haustea egin den egunetik hasiko da epea neurtzen.

    100. artikulua. Zehapenen kuantifikazioa.

  1. Lege honek aipatzen dituen arau-hausteei honako zehapen hauek ezarriko zaizkie:

    1. Arau-hauste arinak: ohartarazpena edo 10.000 eurora arteko isuna.

      Ohartarazpen-zehapena jarriko da arintzat hartutako arau-hausteen kasuan baldin eta erregelamenduz ezartzen bada arau-haustearen izaerari isunik ez dagokiola, eta betiere arau-hauste hori egitean berrerortzerik egon ez denean.

    2. Arau-hauste astunak: 10.001 eurotik 100.000 eurora arteko isunez zehatuko dira.

    3. Arau-hauste oso astunak: 100.001 eurotik 600.000 eurora arteko isunez zehatuko dira.

  2. Berrerortzerik gertatuz gero, ezarri beharreko zehapenari ehuneko ehun gehituko zaio. Errepikatzerik gertatuz gero, aurreko zenbakiko c) letran adierazitako zehapena ezarriko da, ehuneko ehun gehituta.

    101. artikulua. Zehapen osagarriak.

  1. Arau-hauste astun eta oso astunen kasuetan, honako zehapen osagarri hauek ezartzea ere erabaki ahal izango da:

    1. Kategoria berrikustea.

    2. Dena delako titulua, baimena edo gaikuntza errebokatzea, edo turismo-jardueraren hasierarako beharrezkoa den erantzukizunpeko adierazpenaren eraginak galtzea.

    3. Jarduera urtebetez etetea: falta astunak egitean errepikatzerik gertatzen bada aplikatuko da.

    4. Jarduera bi urtez etetea: falta oso astunak egitean errepikatzerik gertatzen bada aplikatuko da.

    5. Nolanahi ere, akatsak dauden kasuetan behar beste luzatuko da etete-zehapen osagarria, akatsak konpontzen diren arte, hain zuzen ere.

  2. Berrerortzerik gertatzen bada falta oso astunak egitean eta, ondorioz, kalte larria egiten bazaie Euskadiren interes turistikoei, establezimendua itxi egingo da, eta ezin izango da jarduera egiten jarraitu bi urtetik bostera bitarteko epean. Neurri horiek betiko ere ezar daitezke.

  3. Arau-hauste astun eta oso astunetan, zehapen osagarri hau ezarri ahal izango da: eten edo erretiratu egin ahal izango da zehapenaren xede den jarduera egiteko arau-hausleak eskatu eta Euskal Autonomia Erkidegoak emandako edozein diru-laguntza edo izaera finantzarioko edozein laguntza.

    102. artikulua. Zehapenen erregistroa eta publikotasuna.

  1. Euskadiko Turismo Administrazioan, zehapenen erregistro bat egongo da, eta hor jasoko dira lege honen kontrako arau-hausteengatik ezarritako zehapen irmo guztiak.

  2. Arau-hauste astun edo oso astunen ondoriozko zehapenak eta zehapen osagarriak ezartzen direnean, organo zehatzaileak Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistrora bidaliko du dagokion ebazpen irmoa, han inskribatzeko. Horretarako epea hamar egunekoa izango da, jakinarazpenaren egunetik aurrera kontaturik.

    Ezarritako zehapena idatzoharrean jaso eta bi urtera, inskripzio hori ezeztatzeko eska dezakete interesdunek, hargatik eragotzi gabe erregistroak berak ofizioz ezeztatzea.

  3. Lege honen kontrako arau-hauste oso astunen kasuan, espedientea ebatzi duen agintaritzak zehapena argitaratzea erabaki dezake, arau-hauste gehiago gertatzea eragozteko; betiere, ebazpena irmoa denean administrazio-bidean, eta argitaratze hori datuak babesteko araudian ezarritakoarekin bat etorriz. Erregelamenduz ezarriko da nola argitaratuko den zehapena, eta zer datu emango diren argitara.

    103. artikulua. Oker jasotako kopuruak itzultzea.

    Ezar daitezkeen zehapenak gorabehera, organo eskudunak erabakiko du oker jasotakoa itzul dadila eta eragindako galerak ordain daitezela, baldin eta jasotako kopuruak Turismo Administrazioari deklaratutakoak baino handiagoak badira, edo benetan emandako zerbitzuengatik jaso daitezkeenak baino handiagoak badira, eta arau-hausleari komunikatuko dio hori, eskaturikoa bete dezan; arau-hausleak ez badu hala egiten, dagokion administrazio-bidea irekiko da.

    104. artikulua. Kautelazko neurriak.

    Kautelazko neurri gisa, eta zehapen-izaerarik ez duelarik, organo eskudunak erabaki dezake erabilera turistikoko etxebizitzak, establezimenduak eta enpresak ixtea, baldin eta ez badituzte betetzen jarduera egiteko legez ezarritako betekizunak. Orobat agindu dezake horien funtzionamendua eteteko harik eta atzemandako akatsak konpontzen diren arte edo legez ezarritako betekizunak betetzen diren arte.

    105. artikulua. Hertsatzeko isunak.

  1. Aurreko artikuluetan aurreikusitako zehapenak gorabehera, organo eskudunek hertsatzeko isunak ezarri ahal izango dituzte, indarreko legerian ezarritakoaren arabera, baldin eta igarota badaude arau-haustea eragin zuen ekintza eteteko edo uzteko eta, hala dagokionean, ez-egitea konpontzeko ezarritako epeak, jarduera edo establezimendua turismo-araudira egokitzeko errekerimenduan ezarritakoak.

    Hertsatzeko isun horietako bakoitzaren zenbatekoak ezin izango du gainditu egindako arau-hausterako ezarri den zehapenaren ehuneko hogei.

    Hertsatzeko isun horiek independenteak dira; eta bateragarriak, ezar daitezkeen beste zehapen batzuekin.

  2. Aurreko 1. zenbakian aipaturiko errekerimendua ez betetzeak Administrazioak hala egiaztatu ondoren isunen errepikatzea ekar dezake. Isunok betetzeko, beharrezko diren denbora-tarteak utziko dira, baina inoiz ere ez lehen errekerimenduan ezarritakoa baino txikiagoak.

    106. artikulua. Organo eskudunak.

    Eusko Jaurlaritzaren organoen eskumena da lege honetan erregulaturiko arau-hausteengatik hasten diren espedienteak instruitzea eta ebaztea. Organo horiek erregelamenduz zehaztuko dira.

    Organo ezberdinei esleituko zaizkie instrukzio-fasea eta zehapen-fasea, zehapen-ahalmena erregulatzen duten erregelamendu-mailako xedapenen bidez.

107. artikulua. Preskribatzea.

  1. Lege honetan aurreikusitako arau-hauste eta zehapenek honako epe hauetan preskribatuko dute:

    1. Arau-hauste arinak: urtebete.

    2. Arau-hauste astunak: bi urte.

    3. Arau-hauste oso astunak: hiru urte.

  2. Arau-hausteen preskripzio-epea arau-haustea egin zen egunetik hasiko da neurtzen; zehapenena, berriz, zehapena ezartzea agintzen duen ebazpena irmo bihurtzen den egunaren biharamunetik.

  3. Behin zehapen-espedientea hasita, eten egingo da lege honetan aurreikusitako arau-hausteen preskripzio-epea.

  4. Arau-hausteek ez dute preskribatuko baldin eta, tipifikatutako jokabidea dela eta, izaera iraunkorreko betebeharra ezartzen bazaio titularrari.

    108. artikulua. Iraungitzea.

  1. Behin zehapen-prozedura hasi, eta interesdunari prozedura horretako izapide bakoitzaren jakinarazpena egiten zaionetik sei hilabete igarota ez bada hurrengo izapidea bultzatzen Administrazioari egotz dakizkiokeen kausengatik, prozedura iraungi, eta jarduketak artxibatuko dira. Prozedura iraungitzat joko da, interesdunak eskatu duelako edo ebazpena emateko eskumena duen organoak ofizioz iraungiarazi duelako. Zehapen-prozedura iraungitzeko epea hogeita hamar egunekoa izango da, ebazpena eman behar zen epemugatik kontaturik.

  2. Aurreko zenbakian ezarritako epeak zabaldu nahi badira Administrazioari ezin egotz dakizkiokeen kausengatik, espedientea hasi zuen organoaren baimena beharko da; inguruabar hori espedientean jaso, eta interesdunari jakinaraziko zaio.

109. artikulua. Zehapen-prozedura.

  1. Zehatzeko prozedura Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezarritakoa izango da, edo hura ordezten duen arauan jasotakoa, jarraian aipatzen diren espezifikotasunekin.

  2. Turismo-arloko zehapen-prozedura ofizioz edo interesdunak eskatuta hasiko da.

  3. Turismo-arloko zehapen-prozedura ofizioz hasiko da organo eskudunak hala erabakitzen duenean honako jarduketa hauetako edozeinen ondorioz:

    1. Turismo Ikuskaritzak egindako akten ondorioz.

    2. Turismo-arloko organo eskudunaren ekimenez, baldin eta ustezko arau-hauste baten berri badu, edozein dela ere informazio horren iturria.

    3. Beste organo batzuek behar bezala arrazoituta eskatu ondoren.

    4. Turismo-erabiltzaileren batek aurkeztutako salaketa, kexa edo erreklamazioaren bidez.

      Aurreko b) eta c) letretan adierazitako kasuetan, eta espedientea hasi baino lehen, informazio- eta egiaztapen-jarduketak agindu ahal izango dira, baldin egitateak argitu, eta ahalik eta ziurtasun handienez zehaztu nahi bada zein diren espedientea hasteko arrazoi izan daitezkeen egitateak eta horien erantzulea edo erantzuleak. Behin jarduketa horiek bukatuta eta egitateak aztertuta, erabakiko da arau-hausterik badagoen ala ez dagoen; baietz erabakiz gero, hasi beharreko zehapen-prozedura hasiko da dagokionean.

      Aurreko d) letran adierazitako kasuan, lege honen 89. artikuluan ezarritakoaren arabera gauzatuko da prozedura.

  4. Espedientea interesdunaren ekimenez ere hasi ahal izango da; horretarako, eskaera arrazoitu bat aurkeztu beharko da, honako hauek adieraziz: zeintzuk diren arau-haustea eragin duten egitateak, noiz gertatu ziren, zein manutan dagoen tipifikatuta arau-haustea, zein diren ustezko erantzuleak eta zer zehapen dagokion. Eskaerarekin batera, interesdunak bere izaera eta eskaria oinarritzeko dituen agiri eta froga guztiak aurkeztuko dira. Organo eskudunak ebatziko du espedientea hasteko eskaera onartu ala ez; aurretik ustezko erantzulea jakinaren gainean jarri beharko da, hark eskubidez dagozkiokeen alegazioak aurkez ditzan. Ez da onartuko espedientea hastea baldin eta adierazitako alderdiak ez badaude behar beste zehaztuta, oinarri-falta nabarmena atzematen bada edo salatzailea ez bada interesduna.

    110. artikulua. Zehapenak exekutatzea.

    Lege honen babesean ezarritako zehapenak berehala exekutatu beharko dira, baldin eta, indarreko legerian xedatutakoaren arabera, amaiera ematen badiote administrazio-bideari.

    Zehapen-prozeduran emandako ebazpenen aurkako errekurtsoak jarri ahal izango dira, administrazio-prozedurari buruzko indarreko araudian xedatutakoaren arabera dagozkionak.

Aldian-aldian, Gobernu Kontseiluak isunak eguneratu ahal izango ditu, baina eguneratze horretan finkatzen den igoera-portzentajeak ezingo ditu inolaz ere gainditu lege hau indarrean sartu zenetik edo zenbatekoak azken aldiz berrikusi zirenetik Euskadin kontsumoko prezioen indize orokorrak izandako igoera.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Egungo talde, mota, modalitate, kategoria eta espezialitateei eutsiko diete ostatu-establezimendu guztiek, salbu eta besterik xedatzen bada lege hau garatzean.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Turismoa Antolatzen duen martxoaren 16ko 6/1994 Legeari turismo-araudian egiten zaizkion aipamenak lege honi egiten zaizkiola ulertuko da.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Baliabide turistikoen barruan sailkatutako bideak hautatzeko, egokitzeko, babesteko eta seinaleztatzeko egin beharreko erregulazioan elkarrekin jardungo dute turismo, ingurumen, kultura, lurralde-antolamendu, kirol eta nekazaritza arloetan eskumena duten Eusko Jaurlaritzako sailek, eta beste administrazio batzuei ere parte hartzeko aukera emango diete gai horietan guztietan. Sail horien eskumenak eragotzi gabe, Mendien eta Gune eta Espezie Babestuen Administrazioak ezarritako baldintza espezifikoetara egokitu beharko da bide turistikoak zehazteko eta markatzeko.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Erregelamenduz ezarriko da zer seinaleztapen turistiko erabili beharko dituzten Euskadin administrazio publikoek eta enpresari turistikoek baliabideak eta establezimenduak identifikatzeko eta haiei buruzko informazioa emateko.

SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Erregelamenduz ezarri ahal izango da ostatu-establezimenduen ustiapenerako araubide juridikoa, kudeaketa-modalitate ezberdinen arabera (txandakako aprobetxamendua eta partaidetzazkoa edo partekatua, besteak beste).

Araubide juridiko hori lege honetan eta berau garatzeko araudian ezarritakoari jarraikiz zehaztuko da, establezimenduaren mota eta sailkapenaren arabera.

ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskadiko Turismo Administrazioak akordioak eta protokoloak egin ahal izango ditu beste administrazio publiko batzuekin edo turismo-enpresa eta -lanbideen ordezkaritza duten erakunde, elkarte edo antolakundeekin, bai eta enpresekin berekin ere, sustatzeko lege hau eta beronen garapeneko arauak betetzea eta bermatzeko Euskadin turismo-zerbitzuen kontsumitzaileak egokiro babestuak izatea, aldi berean jarduera klandestinoa eta legez kanpoko eskaintza desagerraraziz.

Lege honetan ezarritakoa erregelamenduz garatzen ez den bitartean, indarrean dagoen erregelamenduzko araudia aplikatuko zaie turismo-enpresa eta -jarduerei, betiere lege honetan ezarritakoaren aurkakoa ez bada.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Lege hau ez da aplikatuko zehapen-prozeduretan, baldin eta berau indarrean sartu aurretik hasiak badira prozedurok; izan ere, hasi zirenean indarrean zeuden xedapenen arabera izapidetu eta ebatziko dira, salbu eta lege hau hobeagoa denean ustezko arau-hauslearentzat.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Gerora erregelamenduz gara daitekeena eragotzi gabe, lege hau indarrean sartu, eta erabilera turistikoko etxebizitzek eta erabilera turistikoko logela partikularretako ostatuak trafiko turistikoan jardun nahi badute, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, lege honen 20. artikuluan zehaztutakoaren arabera.

LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Gerora erregelamenduz gara daitekeena eragotzi gabe, lege hau indarrean sartu baino lehenagotik diharduten turismo-enpresen taldeak helburutzat taldeko enpresen turismo-eskaintzak batera merkaturatzea dutenak, erreserba-zentroak eta turismo-bitartekariak, eta lege honen V. tituluko IV. kapituluan erregulaturiko turismo-operadoreak, beren jardueran aritu ahal izango dira lege honetan bitartekaritzako turismo-enpresentzat ezarritakoaren arabera, eta ez dute erantzukizunpeko adierazpenik aurkeztu beharko. Nolanahi ere, horiek guztiek beren jardueraren berri emango diote Euskadiko Turismo Administrazioari, gehienez ere hilabeteko epean, eta egiaztatu beharko dute lege hau indarrean sartutako unetik betetzen dutela bai bidaia-agentziei buruzko maiatzaren 22ko 81/2012 Dekretuak txikizkako bidaia-agentzientzat fidantzen gainean ezartzen duena, baita erantzukizun zibileko aseguruaren gainean ezarritakoa ere dekretu horretan adierazitako kopuruan eta blokeetan. Betebehar hauek bete egin beharko dituzte dagokion erantzukizunpeko adierazpena lege hau indarrean sartu ondoren aurkezten duten entitateek.

  1. Indargabetuta geratzen da Turismoa Antolatzen duen martxoaren 16ko 6/1994 Legea.

  2. Era berean, indargabetuta geratzen dira lege honetan xedatutakoaren aurkako xedapen guztiak.

    AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

    Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategina, irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua.

    Honako k) letra berri hau gehitzen da testu bategin horren 44. artikuluan, administrazio-zerbitzuengatik ordaindu beharreko tasaren salbuespenei buruzkoan:

    1. Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroko inskripzioek.

    AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

    Eusko Jaurlaritzari baimena ematen zaio lege hau garatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.

    AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA

    Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratu eta hogei egunera sartuko da indarrean.

    Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

    Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 29a.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.