Arautegia
Inprimatu1/2016 LEGEA, apirilaren 7koa, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Legea
- Organo arau-emailea: Osasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 69
- Hurrenkera-zk.: 1527
- Xedapen-zk.: 1
- Xedapen-data: 2016/04/07
- Argitaratze-data: 2016/04/13
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak; Osasun eta kontsumoa
- Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak; Sailak
Testu legala
Eusko Legebiltzarrak 1/2016 Legea, apirilaren 7koa, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko arreta Integralari buruzkoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei
Adikzioak, bai drogak eta adikzioa eragin dezaketen bestelako substantziak kontsumitzeak eragindakoak bai jokabideari eragiten diotenak, izaera aski zabaleko eta konplexutasun handiko gizarte fenomenoa dira, horiek sortzeko arrazoietan eta horien garapen prozesuan elkar eragiten duten elementuen kopuruagatik eta adikzioek eragina duten eremu eta esparru ugariengatik. Adikzioak, denboran zehar, aldakorrak dira eta ikuspegi ezberdinak izaten dituzte: garaian garaiko gizarte-sentsibilitatea dago, substantzia eta portaera berriak sortzen dira; kontsumo-eredu berriak eta kontsumitzeko testuinguruak aldatzen dira; eta kaltetutako gizartea eta horren gizarte-ondorioak ezberdinak dira.
Adikzioak sortzeko faktoreak konplexuak eta askotarikoak dira; ahultasun-faktore pertsonalez gain gizarte-faktoreek ere eragiten dute. Izan ere, pertsonaren lan-eremua, alderdi biologiko, psikologiko, familiarteko, sozial eta ekonomikoa guztiz eraginda daude arrisku-faktoreei lotutako bizi-prozesuetan. Arrisku-faktoreak pertsonaren barneko zein kanpoko zirkunstantziak eta ezaugarriak dira, zeinek elkarri eragiten dioten eta horietako bakoitzaren ahalmena handitzen duten sinergiak sortzen dituzten; gainera, ahultasuna areagotzen dute eta kontsumo eta portaera arduragabeak modu okerrean garatu eta adikzioa sortzeko aukerak handiagotzen dituzte. Arrisku-faktore horietako asko egoera ekonomiko eta sozial kaltegarriekin erlazionatuta daude, baina egoera hori onuragarria den inguruetan ere sortzen dira. Horietaz gain, azpimarratzekoa da babes-faktoreen garrantzia, horiek jokabide arriskutsuak sortzeko probabilitatea murrizten baitute.
Droga-kontsumitzeak edo portaera zehatz bat izateak ez du zertan problematikoa edo osasunarentzat kaltegarria izan; pertsonaren askatasuna aintzat hartuta horiek aukeratzeko eta horiekin batera arduraz bizitzeko eskubidea aitortu behar da. Hori horrela, portaera batzuen ondorioak negatiboak, kaltegarriak eta suntsitzaileak gerta daitezke: adikzioa sor dezakete eta kalte handia ekarri kontsumitzen duen edo portaera hori duen pertsonaren osasunarentzat hilkortasunari, morbilitateari eta desgaitasunari dagokienez eta haren familiarentzat eta gizartearentzat. Egoera horiek larriagoak suertatzen dira eta gizarte-ardura handiagoa eragiten dute kaltetutako pertsonak adingabeak edo gizarte-talde kalteberak direnean.
Azaroaren 11ko 15/1998 Legeak ezarri zituen droga-mendekotasunen arloan prebentzio-, laguntza- eta gizarteratze-politikak gauzatzeko oinarriak. Lege hori Autonomia Estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoari esleitutako eskumenen esparruan onartu zen. Lege hori positiboki balioetsia izan da bere indarraldian; izan ere, prebentzio-, asistentzia- eta gizarteratze-politikak aurrera eramateko oinarriak jarri zituen Euskal Autonomia Erkidegoan.
Geroago, Droga Mendekotasunen arloko Aurrezaintza, Laguntza eta Gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko 18/1998 Legeak jaso zituen Eusko Legebiltzarreko Droga Mendekotasunen Batzordearen 1994ko ekainaren 30eko erabakian adostutako gidalerroak. Testu horrek, eduki eta egitura berriak izan arren, Euskal Autonomia Erkidegoko droga-mendekotasunen arloko legeriak beti izan zuen izaera pedagogikoa mantendu zuen, eta Erkidegoaren estrategia indartu zen. Estrategia horren ezaugarri ziren globalizazioa, normalizazioa, plangintza eta parte-hartzea.
Berriki, 2011n, Droga Mendekotasunen arloko Aurrezaintza, Laguntza eta Gizarteratzeari buruzko otsailaren 3ko 1/2011 Legea onartu zen, Eusko Legebiltzarraren 18/1998 Legea aldatzeko xedez tabakoarekin zerikusia duten gaiei dagokienez, gai horiek Osasunaren Mundu Erakundeak, Europar Batasunak eta Estatuko oinarrizko legeriak osasun publikoaren babesaren arloan planteatutako eskakizunetara egokitzeko. Erreforma horrek, arau orokor gisa, erretzea debekatu zuen erabilera publikoko gune itxi guztietan, eta erreforma horren helburua zen, hain zuzen ere, osasun publikoko ikuspuntu batetik, herritarren osasuna babesteko neurrietan aurrera egitea, tabakismoa prebenitzeari eta kontrolatzeari dagokionez, pertsonak giroko ketik babestuz, batez ere lantokietan eta adingabekoak dauden lekuetan.
Lege-testu honek terminologia eguneratuagoa egungo ikerketek proposatzen dutena eta egitura sistematikoagoa badu ere, lege berria egiteko arrazoi nagusia funtsaren eta edukiaren ingurukoa da. Horixe da, hain zuzen ere, lege hau egiteko arrazoi nagusia.
Horren haritik, lege honek adikzioak diziplina anitzeko eta erabateko ikuspuntu batetik lantzea proposatzen du, osasunerako hezkuntza oinarri gisa hartuta, adikzioen arloan eragina duten esparru orotan. Orain arte drogen arloa hainbat esparrutan kokatu da, baina egun ez da ordena publikoko arazo bakarrik, eta ez dira osasunaren arlotik edo gizarte-zerbitzuen arlotik bakarrik aztertu behar; egun, adikzioak osasun publikoko arazo direla onartzen da eta gizartearen konpromisoa eta ardura behar dira horiei aurre egiteko.
Arau berriak, dagokion lege-mailarekin, juridikoki erantzun behar die botere publikoek fenomeno honen aurrean une eta egoera bakoitzean adostu behar dituzten neurriei, batez ere adingabeak eta talde kalteberak babesteko, arreta berezi jarriz genero-ikuspuntuan.
Diziplina anitzeko lege hau Euskal Autonomia Erkidegoak dituen eskumenen esparruan kokatzen da. Oinarrizko eskumena osasunarena da, baina aipatzekoak dira beste eskumen hauek ere: hezkuntza, kultura, gazteria eta kirola, gizarteratzea, politika komunitarioa, segurtasuna, higienea eta laneko osasuna, ingurumena, toki-araubidea, barne-merkataritza, Justizia-Administrazioa eta espetxeak, publizitatea eta hedabideak, hirigintza, jokoa, estatistika eta ikerketa.
Bere aldetik, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, 2. artikuluan, osasunaren instituzio-eremua arautzen du. Horri jarraiki, euskal aginte publiko guztien lehentasuneko zeregina da osasuna sustatu eta indartzea. Halaber, 13. artikuluan xedatzen duenez, Euskadiko Osasun Plana sistema planifikatzeko eta programatzeko lanabes nagusia da.
Idazteko prozesuan aintzat hartu dira nazioarte-mailako erreferentziak ere, bereziki Osasunaren Mundu Erakundearenak eta Europar Batasunarenak. Aipatzekoak dira: Drogaren aurkako Europar Batasunaren Estrategia 2013-2020 eta Europar Eskualdeko Osasunaren Mundu Erakundearen Alkoholaren Erabilera Kaltegarria Murrizteko 2012-2020 aldirako Europar Ekintza Plana eta berriki onartu den 2014/40/EB Direktiba, tabako-produktuak eta horiekin erlazionatutako beste produktuak egiteko, aurkezteko eta saltzeko estatu kideek bete beharreko legezko xedapenak jasotzen dituena. Direktiba horrek 2001/37/EE direktiba indargabetzen du.
Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko Legeak egitura sistematikoa du eta gai bakoitza dagokion esparruan kokatzen du. 97 artikulu ditu, zazpi titulutan banatuta, bi xedapen gehigarri, xedapen iragankor bakarra, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azkeneko xedapen.
Atariko tituluak legearen printzipio gidariak eta helburu orokorrak jasotzen ditu, eta bertan testuaren arima eta berritasun nagusiak ageri dira. Legearen xedeak adierazten du erregulazioak izango duen ikuspegi integral eta globala, hau da, esku hartuko den esparru nagusiak zehazten ditu: osasunaren sustapena, adikzioen prebentzioa, eskaintzaren murrizketa, laguntza eta gizarteratzea, ezagutzaren garapena eta kudeaketa eta esparru horietan jasotako neurriak gauzatzeko egitura instituzionala.
Legearen esparru materialak adikzioak eragin ditzaketen substantziak jasotzen ditu; alde batetik, gizartean oso errotuta daudenak, hau da, tabakoa eta alkohola; eta beste alde batetik, kalamuaren eratorriak, beste opiazeo batzuk, psikoestimulanteak, haluzinogenoak, sendagai psikotropikoak, anfetaminen eratorriak eta beste substantzia sintetiko edo fabrikazio kimikoko batzuk.
Tabakoa oraindik osasun publikoko arazo nagusienetakoa da, heriotza eragin dezakeen eta prebenitu litekeen kausa nagusia; gainera, bizi-kalitatea galtzea eragiten du eta bizi-itxaropena murrizten du. Osasunaren Mundu Erakundeak alkohola pertsonaren osasun fisiko, psikiko eta sozialerako drogarik kaltegarrienetakoa dela aitortzen du, bereziki adingabeentzat eta gazteentzat, adin horretan sortzen ari baitira osasun-ohiturak; egoera benetan larria da gizarte-tolerantzia handia denean, gure inguruan gertatzen den bezala. Euskadin kalamu-kontsumoa Europako handienetarikoa da, eta gizartean gero eta zabalduago dago kalterik ez duela sortzen. Psikofarmakoen automedikazioa gero eta handiagoa da gure inguruan, batez ere emakumeen artean. Aipatu behar da, gainera, droga sintetikoak etengabe berritzen direla festa-eremuetan, eta zenbait konposaturen legezko erabilera aldatu ere egiten da kontsumo-droga bihurtzeko, eta horrek ondorio latzak izaten ditu.
Legeak, lehen aldiz, nikotina aska dezaketen gailuak arautzen ditu. Nikotina aska dezakeen gailua da nikotina duen lurruna kontsumitzeko erabili daitekeen edozein produktu, haren osagaiak eta hura birkargatzeko ontziak. Produktu horien erabilera eta salmenta asko ugaritu da azken boladan. Nikotinarik izan ez arren, egun ezin da esan kalterik ez duela sortzen, ez dago produktu horrek erabiltzaileen eta ingurukoen osasunean sor ditzakeen eraginaren inguruko ebidentzia zientifikorik, eta ezin da esan tabakoaren ordezkoa denik edo erretzeari uzten laguntzen dionik.
Komunitate mediko-zientifikoaren gehiengoak ikusi du produktu horien erabiltzaileak bitariko erretzaile bihurtzen ari direla. Horretaz gain, ez da ahaztu behar produktu hori leku publikoetan batere bereizketarik gabe erabiltzeak tabakoaren araudiak eragin duen normalizazio-prozesua kaltetu dezakeela. Osasunaren Mundu Erakundeak 2013ko uztailean produktu horiek ez erabiltzea gomendatu zuen, seguruak, eraginkorrak eta kalitatezkoak zirela ziurtatzen duten datuak izan arte eta estatu-mailako erakunde arautzaile batek horrela aitortu arte; gainera, 2014ko abuztuan argitaratutako txosten batean jasotzen du nahikoa ebidentzia badagoela horien inguruan ohartarazteko, eta produktu horien erabilera publikoa debekatzea gomendatzen du gune itxietan, adingabeei saltzea eta erretzeari uzteko produktu bezala agertzea. Horri dagokionez, Estatuan, martxoaren 27ko 3/2014 Legeak aurreko abenduaren 26ko 28/2005 Legea aldatu du Tabakismoaren aurkako Osasun Neurriak eta Tabako Produktuen Salmenta, Hornitzea, Kontsumoa eta Publizitatea arautzen dituen 28/2005 Legea eta gailu horien salmenta, kontsumo eta publizitatea arautu ditu.
Europar Batasunean onartu berri den 2014/40/EB Direktibak tabako-produktuak eta horiekin erlazionatutako beste produktuak egiteko, aurkezteko eta saltzeko estatu kideek bete beharreko legezko xedapenak jasotzen dituena gailu horien salmenta arautu du, eta estatu kide bakoitzak bere araudia egiteko aintzat hartu beharko duen legeria orokorra eta estandarra da. Direktiba horrek 2001/37/EE Direktiba indargabetu du.
Azken urteetan ikusi da ezen, adikzioak eragiten dituzten ohiko substantziez gain, badirela, gero eta sarriago, zenbait jokabide, behin eta berriz, modu jarraian eta desegokian errepikatuz gero, substantziekiko adikzioek sortzen dituzten bezainbesteko arazoak edo adikzio-ereduak sor ditzaketenak.
Horregatik, lege berriak bere esparru materiala zehaztean adikzioei eta droga-mendekotasunei egiten die erreferentzia, eta, zentzu zabalean, substantziekiko adikzioak eta jokabide-adikzioak edo substantziarik gabeko adikzioak barne hartzen ditu. Gainera, mendekotasun-egoerari aurre egiteko xedez, aipamena egiten die adikzio aurreko arrisku-faktoreei, kontsumo problematikoei eta jokabide-adikzioak eragin ditzaketen portaera neurrigabeei.
Portaera horietaz gain, kontuan hartu behar dira beste portaera batzuk, hasieran arruntak izanagatik ere problematiko bihurtu eta adikzioen aurrekari izan daitezkeenak esaterako, modu konpultsiboan jatea edo erostea, gehiegi lan egitea edo jarduera fisikoa neurririk gabe egitea, eta kontuan hartu behar dira errealitate berriak, hala nola gizarte-sareak, teknologia digitalak eta haietarako diseinatzen diren aplikazio berriak, eskuko telefonoak, bideo-jokoak eta beste batzuk, gaizki, gehiegi edo neurriz kanpo erabiltzeagatik kezka eta zenbait arazo sortu baititzakete, etorkizuneko adikzio baten hasiera izan daitezkeenak; hori dela eta, kautela printzipioa aintzat hartuta, legeak ezartzen du osasunaren sustapenerako eta adikzioen prebentziorako proposatutako neurriak baliagarri direla jokabide-adikzio gisa oraindik sailkatu gabeko portaera horiek ekiditeko.
Adikzioen prebentzio eta arretaren ereduaren oinarrien artean, azpimarratzekoak dira osasun publikoaren ikuspuntua eta osasunaren paradigma politika guztietan; horiekin instituzio arteko konpromisoa lortu nahi da sektorearteko eta zeharkako estrategia bat sustatzeko. Estrategia horren helburua izango da osasuna eta osasun-arloko ekitatea politika publiko eta gobernu ororen xede izatea. Ikuspuntu horiek osasun publikoaren arloan normaltasunez erabiltzen dira, eta beharrezkoa da adikzioen arloan ere aintzat hartzea. Legearen beste oinarri garrantzitsu bat, adikzioetan eta droga-mendekotasunetan era integralean aritzeaz gainera, arriskuak eta kalteak gutxitzeko estrategia da, zeinak azken urteetan indar handia izan baitu eta egokia izan baita prebentzioak eraginik izan ez duen pertsonentzat edo osasun- edo gizarte-baldintzak bereziak dituzten pertsonentzat.
Legean, lehen aldiz aitortzen dira droga-kontsumitzaileen edo jokabide-adikzioak sortzeko arriskua duten portaera neurrigabeak dituzten pertsonen eskubideak, eta betebeharrak ere ezartzen zaizkie: ez bakarrik gizarte- edo osasun-zerbitzuen erabiltzaile gisa, baita norberaren askatasuna onartzearen aldetik ere. Hala, inor ez da baztertuko adikzio-egoeragatik eta bereziki aintzat hartuko da kalamu-kontsumitzaileen elkarteetako kide diren adin nagusikoen egoera. Elkarte hauek gizarte-ekimenari buruzko apartatuan arautuko dira.
Legearen lehenengo tituluan osasunaren sustapena eta adikzioen eta droga-mendekotasunen prebentzioa arautzen dira, eta adikzioen esparruan lehentasuna duten jarduera-eremu direla xedatzen da. Lehen aldiz, osasunaren sustapena arautzen da adikzioen araudi batean. Dena den, askatasun pertsonala errespetatuz, prebentzio-ereduaren helburua izan behar da herritarrek kontsumoaren kulturaren aurrean jarrera aldatzea eta bizimodu osasungarriak sustatzea, pertsona arduratsuak izan daitezen neurrigabeko erabilera eta portaeren aurrean. Hain zuzen ere, titulu honen pisu espezifikoa aintzat harturik, osasunaren sustapen eta adikzioen eta droga-mendekotasunen prebentzioen inguruko neurriak hedatuko zaizkie ez bakarrik adikzioei, portaera neurrigabeei ere bai; zientziaren arabera, egun, oraindik jokabide-adikziotzat hartzen ez badira ere.
Osasuna sustatzeko eta adikzioei eta droga-mendekotasunei aurrea hartzeko oinarrizko estrategia osasunerako hezkuntza da. Osasun publikoaren ikuspuntutik, ohitura osasungarriak eta osasunaren kultura lortzeko helburua dauka, horrela bizimodu autonomo, elkartasunezko eta askea izan ahal izateko. Hau da, norberaren ekintzek ekar ditzaketen ondorioak guztiz ezagutu ondoren, pertsonen aukeratzeko askatasuna zuzen erabiltzeko modu bakarra dago: behar bezalako orientazioa ematea osasunerako hezkuntzaren bidez, batez ere pertsonen garapenaren etapa goiztiarrenetan, orduantxe finkatzen baitira ohitura osasungarriak sostengatzen dituzten balioak. Eta osasunerako hezkuntza behar bezala bideratzean arrakasta izateko, eskola-sistema, komunikabideak informatu eta iritzia emateko elementuak diren aldetik eta komunitate osoa konprometitu behar dira.
Prebentzioaren arloan jasotzen dira substantzien eskaria edo portaera arriskugarri edo neurrigabeak gutxitzeko neurriak, eta erabat bereizten dira eskaintza kontrolatu edo murrizteko neurrietatik, azken horiek bigarren tituluan sartzen baitira. Orain arte indarrean egon den testuan, ordea, nahastuta agertzen ziren. Eskaria murriztea eta eskaintzaren kontrola modu bereizian banatuta jaso dira Europar Batasunak drogaren aurka egiteko 2013-2020 Estrategian, bi jardun-eremu handi horien arteko izaera desberdinarengatik; hau da, eskaria murrizteko neurriek pertsonak edo taldeak dituzte helburu, eta eskaintza kontrolatzekoek, berriz, substantziak edo jokabideak.
Prebentzioari buruzko kapituluak, ahalik eta eremu gehien aintzat hartuta, biztanle guztiei zuzendutako neurriak biltzen ditu, alde batetik; beste neurri batzuk arriskuan edo ahultasun egoeran dauden pertsonei edo taldeei zuzenduta, eta, gainera jokabidezkoak ez diren adikzioetarako neurri espezifikoak ere bai. Babes-neurriak sendotu eta arrisku-faktoreak murriztu nahi dira, pertsona kaltetuak bere ingurune komunitarioan normaltasunez murgilduta egon daitezen. Prebentziozko ekintzen artean lehentasunezkoak dira familia-eremua, komunitarioa eta hezkuntzarena; hiru horiek koordinatuta egon beharko dute, esku hartzen duten gizarte-eragile guzti-guztiak inplikatzeko eskola, familia, enpresak, elkarteak eta beste batzuk.
Familia-eremuko prebentzioari dagokionez, nabaria da gurasotasun positiboaren printzipioa; familiekiko esku-hartzearen paradigma berria da eta gurasotasunean modu positiboan aritzeko laguntza-politikari buruz Europako Kontseiluak emandako Gomendioan jasota dago. Printzipio horren arabera, gurasoen edo tutoreen aldetik guraso-gaitasun positiboak garatu behar dira seme-alabekiko; halaber, azken horien jokabiderako mugak ezartzen dituzten balioetan oinarritutako hezkuntza garatu behar da. Afektibitate-uztarduraren balioak sendotu, ingurune egituratuak indartu, eskolako ikasketa bultzatu eta estimulatu eta seme-alaben balioa aintzatetsi behar dira, norberak eragile aktibo, ahaldun eta trebatu gisa daukan hautematea indartuz.
Eremu komunitarioan, nabaria da pertsonarengandik gertuen dauden inguruneen balio sustatzailea, eta proposatzen diren esku-hartzeetan ingurune horien guztien inplikazioa eta parte hartzea bilatzen da. Puntu honetan, garrantzizkoa da udalen zeregina, pertsonengandik eta beraiek osatzen dituzten komunitateetatik oso gertu daudelako. Hezkuntza-eremuari dagokionez, ematen zaion lehentasuna hezkuntza-sistemaren eginbehar nagusitik datorkio; hain zuzen ere, eginbehar hori ezinbestekoa da pertsonen gaitasunak eraikitzeko, batez ere garapenaren etaparik goiztiarrenetan, beharrezkotzat jotzen baita arrisku-egoeran dauden adingabeei zuzendutako neurriak hartzea, ikasleak substantzia batekiko adikzio bat edo jokabide-adikzio bat izateko zer arrisku dagoen kontzientzia izan dezan eta adikzio horiei aurre egiteko ahalmenak indartu ditzan. Horretarako, haien esku jarriko dira autokontrol edo autoebaluaziorako tresnak, uste baita ezagutza hutsarekin aldatu daitekeela borondatea. Beraz, ezagutza beharrezkoa denez gero, urrunago joan behar da, batez ere arrisku-egoeran dauden adingabeak hizpide direnean.
Azkenik, arrisku handian dauden adingabe eta gazteei zuzendutako prebentzioari dagokionez, aipatu beharrekoak dira euren egoerara egokitutako esku-hartze eta gizarte eta hezkuntzako programak eta aholku- eta laguntza-neurriak.
Bigarren tituluak eskaintzaren murriztea arautzen du; substantziaren arabera sailkatutako egitura aurkeztu eta, substantzia bakoitzaren barruan, horren inguruan sortutako jarduera arautzen du; hau da, publizitatea, salmenta, ematea eta kontsumoa. Ondoren, jokabide-adikzioen inguruan eskaintza kontrolatzeko arauak ezartzen dira. Kontrol-neurriak legezko drogetarako ezartzen dira, legez kanpokoak, gure Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremutik kanpo dagoen zigor- edo administrazio-araudiaren helburu baitira. Titulu honetan kontuan hartu behar da batzuetan neurri murriztaileak arautzen direla gure Autonomia Erkidegoaren ekonomian sektore estrategikoa osatzen duten jardueretan; oreka-puntua aurkitu behar da, beraz, enpresa-askatasunari jarritako mugen eta babestu nahi diren interesen artean, bereziki adingabeei eragiten dietenean.
Lehenik eta behin, edari alkoholdunei ezarritako mugak arautzen dira. Legeak zientzia-komunitatearen gomendioak bereganatzen ditu; hain zuzen ere, alkoholaren kontsumoa murriztu behar dela adingabe eta gazteen artean. Eta egun indarrean dagoena baino araubide murriztaileagoa eratzen du.
Tabakoari dagokionez, datu zientifiko ugarik esaten digute tabako-keak kutsatutako ingurunea arriskugarria dela baita erretzen ez duten pertsonentzat ere. Hori dela eta, Tabakismoaren aurkako Osasun Neurriak Ezarri eta Tabako Produktuen Salmenta, Hornitze, Kontsumo eta Publizitatea arautzen dituen 28/2005 Legea oinarritzat harturik, egun indarrean daudenak baino neurri murriztaileagoak ezartzen dira, erretzen ez duten pertsonen osasuna babesteko eskubidearen alde.
Nikotina aska dezaketen gailuak ere arautzen dira. Osasunaren Mundu Erakundearen eta osasun-profesionalen gomendioei jarraiki, arrazoizko dirudi kontuan hartzeak gailu horien ondorioak tabakoarenak bezalakoak direla bai erabiltzailearentzat bai beste pertsona batzuentzat; hori dela eta, lege honek parean jarri du horrelako gailuak kontrolatzeko erregimena eta tabakoarena, ondorio guztietarako, gure inguruko herrialde batzuetan egin den moduan haietan gailu hauei buruzko araudia tabakoarena bezain zorrotza da.
Jokabide-adikzioei dagokienez, ez da zigor-neurririk ezarri, eskaintza gutxitzeko ekintzak baizik. Horien bidez, ausazko jokoak eta teknologia berriak arduraz erabiltzea sustatu nahi da. Ludopatien kasuan, sektore-araudira igortzen da, eta jokoan aurrez aurrekoan zein on linekoan erantzukizunez aritzeko kontrol-neurriak ezartzea proposatzen da. Eta teknologia digitalei dagokienez, eskaintzan neurritasunez jokatzearen balioak sustatu nahi dira. Izan ere, kriminalizatu baino gehiago, kontzientziatu, mentalizatu egin nahi da, jarrerak aldatzen laguntzeko.
Hirugarren tituluan Asistentzia sanitario eta soziosanitarioa adikzioak eta droga-mendekotasunak dituzten pertsonei edo jasateko arriskuan daudenei eman beharreko arreta arautzen da. Pertsonen beharrizanetan, normalizazioan eta gizarteratze eraginkorrean zentratutako arreta integrala emango zaie erabiltzaileei. Asistentziarako irizpide moduan, osasun-sarean eta sare soziosanitario publikoan sartzen dira adikzioak dituzten edo pairatzeko arriskuan dauden pertsonen arretari zuzendutako zerbitzu eta ekipamenduak.
Laugarren titulua Gizarteratzea bereizita dago arreta sanitario eta soziosanitariotik zeren, kasu honetan, jarduera-printzipio propioak dituen beste sistema publiko bat baita gidari. Gizarteratzeak, testuinguru komunitarioaren esparruan, honako bi oinarri hauek ditu: batetik, gizarte-zerbitzuen euskal sistema, lehen mailako arretan edo bigarren mailakoan diharduten gizarte-zerbitzuen bitartez, eta, bestetik, diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko euskal sistema, oinarrizko premia ekonomikoei eta gizarteratze- eta laneratze-beharrei erantzuteko.
Bosgarren tituluak Ezagutzaren garapen eta kudeaketa izaera bereizia dauka testu berri honetan eta, orain arte indarrean egondakoan ez bezala, prebentziotik banantzen da. Ikerketa, informazioa eta ebaluaketa zeharkako jardueratzat hartzen dira, Drogaren aurkako Europar Batasunaren 2013-2020 Estrategiari jarraiki. Osasun-, gizarte-, hezkuntza- eta lan-arloetako administrazioek informazio-lanak egingo dituzte adikzioen arloan. Oinarrizko eta espezializatutako trebakuntza-jarduerak eratzen dira, adikzioekin zerikusia duten profesionalei zuzentzen zaizkienak. Ikerketa ezinbesteko tresnatzat hartuko da adikzioen fenomeno konplexuei eraginkortasunez aurre egiteko horretarako, ikerketa sustatzen duten neurriak ezarriko dira profesionalek arlo honetan azterlanak egiteko eta Adikzioen Behatokia arautzeko informazio-zerbitzu zentralizatua izan dadin. Halaber, adikzioen arloko programa publikoen ebaluaketak jasotzen ditu legeak. Azkenik, sariak edo bestelako merezimenduak sor daitezke, arlo honetan egindako lanarengatik erakunde eta pertsonei esker ona adierazteko.
Seigarren tituluak erakunde-antolamendua, koordinazioa, plangintza eta gizarte-ekimena arautzen ditu eta euskal administrazio publiko bakoitzari dagozkion eskumenak banatzen ditu, kasu bakoitzean ezarri beharreko sektore-araudiari jarraiki, administrazio bakoitzak egun arte garatu dituen terminoetan eta legeak arautzen dituen sektore eta arlo estrategiko guztietan (hau da, osasunaren sustapen, prebentzio, asistentzia eta gizarteratze, adikzioen arloko prestakuntza eta ikerketan). Horrez gain, administrazio batzuen aldetik bikoiztasunak eta gainezarpenak saihestu nahi dira. Eskumen bera batera erabiltzen den kasuetan aurre hartzeko oinarrizko tresna administrazioen arteko lankidetzarako hitzarmenak izango dira.
Eskumena duten herri-administrazioen plangintzarako tresnak, izaera estrategikoa dutenez, ezinbestekoak dira lege honek markaturiko helburuak lortzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko Adikzioen Plana agiri zuzentzailea da, eta modu koordinatu eta globalean ezarriko ditu administrazio publikoek eta erakunde pribatuek garatu beharreko programak eta ekintzak, betiere Osasun Planari lotuta.
Erakunde-dispositiboei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean hiru organo arautzen dira: Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordea, Eusko Jaurlaritzari laguntzeko organoa, eta Adikzioen Euskal Batzordea, kontsulta eta aholkua emateko organo gisa. Orain arte jardun duen Adikzioen Euskal Batzordearen osaera handitu egin da, eta ordezkari berriak gehitu dira: droga-kontsumitzaileen elkarteen ordezkaritza, substantziarik gabeko adikzioen elkarteena, laneko segurtasun-, higiene-, ingurumen- eta osasun-politiken ardura duen Eusko Jaurlaritzaren organoena, Euskal Osasun Zerbitzuarena, Euskadiko gizarte-ekonomiako enpresena eta Euskadin editatzen diren gizarte-hedabideen ordezkaritza; era berean, enpresa-erakundeen ordezkaritza ere handitu egin da, sindikatu-erakunde edo -konfederazioen ordezkaritzaren parekoa izan dadin. Sailarteko Batzordea desagertu egiten da, eta Erakundearteko Koordinazio Batzordeak ordezkatzen du. Batzorde berriak euskal administrazio publiko guztiak biltzen ditu eta horien guztien koordinazio-, lankidetza- eta partaidetza-organo gorena izango da, arlo honetan. Foru- eta toki-administrazioek, beren aldetik, koordinazio, aholkularitza eta gizarte-partaidetzarako organoak eratu ditzakete.
Azkenik, gizarte-ekimenaren atalean esker ona azaltzen zaie pertsona eta erakunde pribatuei, arlo honetan egiten duten garrantzizko lanarengatik, eta haiekin lankidetzan aritzeko baldintzak arautzen dira. Atal honetan, azpimarragarria da kalamua kontsumitzen duten adin nagusikoek osatutako irabazi-asmorik gabeko eta legez erregistratutako elkarteei egiten zaien aipamena. Horiek, gure eskumen-markoaren barruan eta indarrean dagoen legeriaren arabera, erregelamendu bidez garatuko dira.
Zazpigarren tituluan, zehapen-prozedura administratiboaren oinarrian dauden printzipio klasikoak aintzat hartuta, zehapen-araubidearen diseinu berria ezartzen da, legearen aginduak eraginkortasunez bete daitezen. Lehenik eta behin, pertsonak kontzientziatu eta mentalizatu nahi dira, baina, halaber, zehapen-araubidea beharrezkoa da araudia betearazteko, aldi berean ezarritako neurri-multzoa horretarako berme eraginkorrena delakoan.
Zigor-neurriak substantzien gaineko jardueren arabera ezartzen dira. Gogoratu behar da bigarren tituluan, jokabide-adikzioei dagokienez, eskaintza murrizteko neurriak ematen direla, ausazko jokoak eta teknologia berriak arduraz erabiltzea sustatzeko.
Garrantzizko nobedade moduan, arau-hausteen sailkapena egin da, eta osasunerako arrisku edo kalte larriaren kontzeptu juridikoa, zehaztugabea baita, ezabatu egin da; orain arte indarrean egon den araubidean arau-hausteen sailkapena arin, larri edo oso larritan modulatzen zen, eta zailago bihurtzen zuen araudia aplikatzea eta zehapen-araubidearen eraginkortasuna, halako eran non orain bakarrik kontuan hartuko den edari alkoholdunen publizitatearen eta sustapenaren arloan egiten diren arau-hauste oso larrien kasuan. Beste alde batetik, tabakoaren arloko zehapen-araubidean zegoen ezberdintasuna desagertu egin da; hain zuzen ere, Tabakismoaren aurkako Osasun Neurriak eta Tabako Produktuen Salmenta, Hornitze, Kontsumo eta Publizitatea arautzen dituen abenduaren 26ko 28/2005 Legearen eraginez egindako erreforman ezarri zen desberdintasun hori. Lege honetan, arau-hausteak parekatu egiten dira substantzia guztietan, eta larritasunaren arabera sailkatzen dira.
Zehapen-eskumenak dituzten organoak, oro har, hauek dira: Gobernu Kontseilua, adikzioen arloan eskumena duen sailaren organo eskuduna eta alkateak; lurralde ordezkarien zehatzeko eskumena desagertu egin da. Alkateek bereganatzen zituzten zehapen-eskumenen barruan, tabako eta nikotina aska dezaketen gailuen arloko arau-hauste arinengatik ezarritako zehapenak daude, alkoholaren arloan dauden arau-hauste arinekiko korrespondentzian. Gainera, toki-eremua gertuago dago honelako arau-hausteak behar bezala zuzentzeko.
Zehapenei dagokienez, isunak diru kopuru errealagoekin bat datoz, eta murriztu egin dira, arau-haustearen benetako larritasunari egokituz. Horrela, gehienez 600 euroko isunak jar daitezke arau-hauste arinengatik; gehienez 10.000 euro arau-hauste larrien kasuan, eta gehienez 600.000 euro arau-hauste oso larriak izanez gero.
Lege honen bidez arautu nahi dira adikzioen gaian, hala droga-mendekotasunetan nola jokabide-adikzioetan, hartu beharreko arreta integraleko neurri eta ekintzak honako arlo hauetan: osasunaren sustapena, prebentzioa, eskaintzaren murrizketa, asistentzia, gizarteratzea, prestakuntza eta ikerketa eta erakunde-antolakuntza.
Halaber, ekintza batzuk arautzen dira, hirugarren pertsonak babesteko bai drogak eta adikzioa eragin dezaketen beste substantzien kontsumoak bai jokabide-adikzioek sorraraz ditzaketen kalteetatik. Bereziki aintzat hartuko dira adingabeak eta gazteak, baita kalteberatasun bereziko egoeran dauden pertsonak ere.
Lege honetan ezarritakoa Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan adikzioen arloan era indibidualean zein kolektiboan titulartasun publiko zein pribatupean garatzen diren ekintzei aplikatuko zaie.
1. 1. artikuluari jarraikiz, arau honek hartzen dituen adikzioen esparruan, honako hauek sartzen dira:
Substantziekiko adikzioak.
Substantziarik gabeko adikzioak edo jokabide-adikzioak.
Aurrekoen aurrekari diren arrisku-faktoreak, kontsumoetan nola jokabideetan.
Lege honen ondorioetarako, adikzioa eragin dezaketen substantziak dira:
Tabakoa.
Edari alkoholdunak.
Nazioarteko hitzarmenetan jasotako substantzia estupefaziente eta psikotropikoak, baldin eta Osasunaren Mundu Erakundeak drogatzat jotzeko ezarritako betekizunak betetzen badituzte.
Mendekotasuna sortzeko ahalmena duten sendagaiak.
Nikotina eta 2014/0/EB Direktibak araututako zigarretan elektronikoen bidez askatutako edo kontsumitutako beste substantziak, baldin eta adikzioa eragin badezakete.
Etxean edo industrian erabiltzeko zenbait produktu eta lurruntzen diren gaiak, erregelamendu bidez drogatzat jotzen badira.
Aurreko ataletan aurreikusten ez den edozein elementu edo konposatu, baldin eta 7.p artikuluan xedatutako adikzio-ahalmena duten substantzien definizio orokorrarekin bat baldin badator.
Lege honen esparruan, prebentzio, asistentzia, gizarteratze eta eskaintza murrizteko ondoriotarako, hauek izango dira substantziarik gabeko adikzioak edo jokabide-adikzioak:
Joko patologikoa edo ludopatia.
Teknologia digitalen eta horien aplikazio berrienen erabilerari lotutako portaera neurrigabeak eta, bereziki, gizarte-sareekin eta bideo-jokoekin erlazionaturikoak.
Zuhurtasun printzipioan oinarriturik, osasuna sustatzeko neurriak eta prebentzioaren arlokoak gaur egun jokabide-adikziotzat jotzen ez diren neurrigabeko beste portaera batzuetara hedatuko dira. Aipaturiko printzipioa ezarriz, osasun-zerbitzuen ustetan portaera neurrigabe batek adikzio-ereduak sor ditzaketen ezaugarriak baldin baditu, eta pertsonak terapia-programa baten onurak bereganatu baldin baditzake, lege honetan aurreikusitako asistentzia-neurriak ezarri ahal izango dira.
Adikzioen arloan substantziekiko adikzioak zein jokabide-adikzioak Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren ekintzetan, honako hauek izango dira printzipio gidariak:
Erantzukizun publiko, erakundeen arteko koordinazio eta erantzukizun sozial partekatuaren printzipioak eragina izan behar du arlo honetan prebentzio, asistentzia eta gizarteratzean lan egiteko behar diren sektoreko esku-hartzeetan.
Adikzioen arretan diharduten agente guztien sektoreartekotasuna, lankidetza eta koordinazioa.
Esku-hartzeen diziplinen artekotasuna, ematen den arreta osoa izango dela bermatzeko.
Osasun-kulturaren sustapen aktiboa egitea, bizimodu osasungarria izateko ohitura sustatzeko eta gizarteak adikzioekiko dituen jarrerak eta jokabideak aldatzeko.
Osasun-arloko ekitatea; hau da, osasun-maila garatu eta mantentzeko, pertsona guztiek aukera-berdintasuna izateko duten eskubidea sustatzea, zerbitzuez berdintasunean baliatu daitezen, inolako bereizkeriarik gabe.
Genero-ikuspuntua, ekitatearen ikuspegi bereizia den aldetik gizon eta emakumeen artean dauden desabantailak edo desberdintasunak desagerrarazteko.
Haur eta gazteak bereziki aintzat hartzea, esku-hartze zehatzekin batez ere hezkuntza- eta familia-esparruan.
Prebentzioaren ikuspegia prestazio, zerbitzu, programa eta jarduera guztietan sartzea, ahal den neurrian adikzioen arriskuak azaleratu edo larriagotu aurretik jarduteko.
Herritarren parte-hartzea, lankidetza eta erantzukizun partekatua, adikzioen arloan garatzen diren programa eta ekintzen plangintza, formulazio, garapen eta jarraipenean.
Adikzioen eta droga-mendekotasunen arloko irabazi-asmorik gabeko autolaguntzarako elkarte, fundazio eta beste edozein entitaterekiko sustapena, parte-hartzea, lankidetza eta babesa.
Arlo honetan garatzen diren ekintza eta programen eraginkortasun, efizientzia eta ebaluazioa jarraitua.
Zerbitzu eta prestazioen kalitatea.
Euskal Autonomia Erkidegoan, adikzioen eta droga-mendekotasunen prebentzio eta arreta integralaren ereduak honako hauek ditu oinarri:
Osasun publikoaren ikuspuntua. Esparru horretan, ezinbestekoa da adikzioen prebentzio eta arretarako politika diseinatzea, osasunaren determinatzaileak aintzat hartuz eta bizi-estiloan eragiteko xedez; eta ez bakarrik pertsonari zuzendutako neurriekin, ingurunea moldatzeko ekintzak ere izan behar ditu oinarri, bizimodu osasungarria izateko lagungarri izan dadin.
Osasuna, politika guztietan paradigma. Horren arabera, sinergiak bilatzen dira sektore, administrazio-maila eta gizarte-eragileen artean, osasun-sektoreak bakarka lor ditzakeen osasun-emaitzak baino eraginkorragoak, ekitatiboagoak eta jasangarriagoak izan daitezen.
Adikzioetan era integralean aritzea. Esparru horretan, aintzat hartzen dira substantziekiko adikzioak legezkoak zein legez kanpokoak, eta substantziarik gabeko adikzioak edo jokabide-adikzioak.
Planifikatzen diren esku-hartze guztiak erabil daitekeen ebidentzia zientifikoan oinarritu beharko dira.
Arriskuak eta kalteak gutxitzeko estrategia. Horrek prebentzio, asistentzia eta gizarteratzearen arloetako esku-hartze guztietan du eragina, eta helburu hauek ditu:
1. Adikzioa eragin dezaketen substantziekin edo jokabide-adikzioekin erlazionatutako portaerak, osasunerako ondorio bereziki kaltegarriak areagotu ditzaketenak, aldatzea.
2. Adikzioa eragin dezaketen substantzien kontsumo forma batzuek edo jokabide-adikzioak sortzeko arriskua duten portaera neurrigabe batzuek zenbait eremu pertsonaletan edo sozialetan eragin ditzaketen ondorio bereziki negatiboak gutxitzea.
Osasunerako hezkuntza, bizimodu osasungarriak prebenitzeko eta sustatzeko, bereziki adingabeen eta gazteen artean.
Hauek dira lege honen helburu nagusiak:
Drogak edo adikzioa eragin dezaketen bestelako substantziak kontsumitzeagatik nola jokabide-adikzioak izateagatik arazoak dituzten pertsonen osasuna eta bizi-kalitatea hobetzea, bereziki ahultasun- edo bazterketa-egoeran daudenena.
Komunitate-, hezkuntza-, familia- eta lan-eremuetan prebentziozko programa eraginkorrak ezarri eta gara daitezen bultzatzea.
Familiei, irakaskuntzako profesionalen ingurune gertukoena direnez, gaitasuna eman eta haiek ahalduntzea, hezkuntza-inguruan bizimodu osasungarriak susta ditzaten, eta antolakuntza komunitarioa eta elkarte-mugimendua sendotzea.
Adikzioak drogekikoak edo adikzioa eragin dezaketen bestelako substantziekikoak zein jokabide-adikzioak dituzten pertsonak integratzeko eta gizarteratzeko erraztasunak ematea.
Drogen eta adikzioa eragin dezaketen bestelako substantzien kontsumoan hasteko adina atzeratzea, adingabeen kontsumoa saihestuz, eta hauen artean jokabide-adikzioak sortzeko arriskua duten portaera neurrigabeen agerpenari aurrea hartzea.
Heltzea drogen eta adikzioa eragin dezaketen bestelako substantzien kontsumo desegokiari edo gehiegizkoari, bai eta jokabide-adikzioak sortzeko arriskua dakarten portaera neurrigabeei ere, eta kontsumo-mailak gutxitzea eskaintza eta eskaria murriztuz.
Drogen eta adikzioa eragin dezaketen bestelako substantzien kontsumoarekin lotutako kalteak eta kontsumo arriskugarriak ekiditea, bereziki adingabe eta gazteengan, eta jokabide-adikzioak sortzeko arriskua dakarten portaera neurrigabeei lotutako arriskuak ekiditea.
Aldatzea pertsonek eta erakundeek drogen eta adikzioa eragin dezaketen bestelako substantzien kontsumo problematiko edo gehiegizkoaren inguruan dituzten usteak, jarrerak eta jokabideak, baita jokabide-adikzioak sortzeko arriskua dakarten portaera neurrigabeak hartzearen ingurukoak ere, gizarte-kontzientzia esku-hartzaile eta solidarioa oinarri izanik.
Gizarte-errealitate berriei eta kontsumo-eredu berriei erantzutea.
Artikulu honetan zehaztutako helburuak lortzeko, arreta berezia jarriko da, ahulagoak baitira, genero-ikuspuntuan eta adingabe eta gazteengan.
Adikzioa eragin dezaketen substantzien kontsumitzaileak, edota jokabide-adikzioak izateko arriskua duten portaera neurrigabeak dituztenak, ez dira baztertuak izango beren egoeragatik, eta gainerako herritarrek dituzten eskubide berberak izango dituzte.
Gizarte-zerbitzuak, osasun-zerbitzuak edo soziosanitarioak erabiltzen dituztenean, adikzioa eragin dezaketen substantziak kontsumitzen dituzten pertsonek edota jokabide-adikzioak sortzeko arriskua duten portaera neurrigabeak dituztenek erabili ahal izango dituzte gizarte-zerbitzuei edo osasunari buruz indarrean dauden lege sektorialetan, eta lege horiek garatzen dituzten xedapenetan, zerbitzu horien erabiltzaileei aitortzen zaizkien eskubideak, bereziki atentzio sanitarioaren arloan pertsonek dituzten eskubide eta betebeharrei erreferentzia egiten dietenak, zerbitzuaren izaera soziala, sanitarioa edo mistoa den. Halaber, araudi horietan erabiltzaileek dituzten betebeharrak ere izango dituzte.
Era berean, legez erregistratutako eta irabazi-asmorik gabeko erakundeetan parte hartzen duten kalamu-kontsumitzaile adinez nagusiak ez dira diskriminatuak izango kontsumo horiengatik, betiere kontsumoa modu arduratsuan eta indarrean dagoen legedia betez egiten bada.
artikuluan emandako definizioez gain, lege honen ondorioetarako, hauek azaltzen dira:
Substantziekiko adikzioa: substantzia bat etengabe edo aldizka xurgatzearen ondorioz sortzen den egoera psikorganikoa, non ezaugarri nagusia substantzia horren kontsumo konpultsibo eta jarraiturako joera baita.
Substantziarik gabeko adikzioak edo jokabide-adikzioak: substantzia psikoaktiboen kontsumorik gabeko portaera neurrigabeak dira; ezaugarri hauek dituzte: pertsonarentzat edo haren familia edo gizarte-inguru zuzenarentzat kaltegarri den portaera bat etengabe errepikatzeko joera eutsiezina edukitzea, saiatu arren kontrolatu ezin duelako, eta zer ondorio kaltegarri dituen jakinda ere portaera horri eutsi egiten diolako.
Arreta integrala: izaera biopsikosozialeko jarduketen multzo, zeinak pazienteei, familiei eta komunitateari eskaintzen zaizkien, direla sustapen edo prebentziokoak direla asistentzia edo gizarteratzekoak.
Osasun-arreta: terapia- edo diagnostiko-prozesua, substantziaren erabileraren edo jokabide neurrigabearen kronikotasunetik sortutako mendekotasun fisiko, psikologiko eta soziala gainditzeko.
Arreta soziosanitario: osasun-arazo larriengatik, muga funtzionalak izateagatik edo gizarte-bazterketa izateko arriskuagatik, aldi berean modu koordinatuan eta egonkortasunez, osasun- eta gizarte-arreta behar duten pertsonei zuzendutako zaintza-multzoa, betiere arretaren jarraitutasunaren printzipioan oinarriturik.
Adikzioa gainditzea: mendekotasun bat uzteko edo gutxitzeko eta pertsonaren gorputz- eta buru-osasuna berreskuratzeko terapia-prozesua, adikzioaren izaera kontuan izan gabe, non osasun- eta gizarte-asistentzia, zerbitzu soziosanitarioak eta errehabilitazioa sartzen baitira.
Desintoxikazioa: substantzia psikoaktibo exogeno batek gorputzean sortutako mendekotasun fisikoa eteteko eta etete horrek eragiten dituen abstinentzia-sintomak prebenitu eta gutxitzeko terapia-prozesua.
Arriskuak gutxitzea: hala droga-mendekotasunetan nola jokabide-adikzioetan aritzearen ondorio kaltegarriei lotutako portaerak aldatzera bideratutako esku-hartzeak.
Nikotina aska dezaketen gailuak: ahoko batetik nikotina duen lurruna kontsumitzeko erabil daitekeen produktu bat, edo haren edozein osagai, kartutxoa eta kartutxorik gabeko gailua barne. Izan daitezke: behin bakarrik erabiltzekoak, kargatze-ontzi baten bidez kargatzekoak edo erabilera bakarreko kartutxoz kargatzekoak.
Droga-mendekotasuna: substantzia psikoaktibo bat edo batzuekiko adikzioa, edo portaeraren adikzioa, droga bat edo batzuk lortu eta kontsumitzeko desira indartsu, batzuetan gaindiezina, ezaugarri duena; desira horrek lehentasunik handiena hartzen du eta desirarekin batera adierazpen fisiologiko, jokabidezko eta ezaguerazko batzuk agertu daitezke.
Gizarteratzea: pertsona bat bere ohiko ingurunean herritar arduratsu eta autonomo gisa egokitzeko prozesua, zeinean norbanakoak gizarteratzeko gaitasunak berreskuratzen baititu eta adikzioak dituzten pertsonak onartuak izateko beharrezkoak diren gizarte-aldaketak sartzen baitira.
Babes-faktorea: substantzien kontsumo problematikoa edo gehiegizkoa edota jokabide-adikzioak sortzeko arriskua duten portaera neurrigabeak egoteko aukerak gutxitzen dituzten ezaugarri, zirkunstantzia, baldintza, egoera, portaera edo elementuak.
Arrisku-faktorea: substantzien kontsumo problematikoa edo gehiegizkoa edota jokabide-adikzioak sortzeko portaera neurrigabeak egoteko aukerak handitzen dituzten ezaugarri, zirkunstantzia, baldintza, egoera, portaera edo elementuak.
Tarteko helburuak: adikzioa gainditzeko prozesuen barruko asistentzia-jarduerak, kronikotasun handiko drogazaleen eta jokabide-adikzioren bat dutenen osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko.
Prebentzioa: babes-faktoreak sustatzeko eta adikzioen aurrekari diren faktoreen eta arrisku-jokabideen intzidentzia eta prebalentzia gutxitzeko jarduera, prestazio eta zerbitzu multzoa.
Osasunaren sustapena: pertsonek beren osasunaren gainean duten kontrola areagotzeko prozesua, osasuna hobetzeko. Horretan, zuzenean norberaren ahalmen eta gaitasunak sendotzeko ekintzak daude; baita gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-baldintzak aldatzeko helburua dutenak, osasun publiko eta indibidualean duten eragin lagungarria sustatzeko, edota eragin negatiboa arintzeko.
Adikzio-ahalmena duten substantziak: organismoari eman ondoren jokabidea aldatu, osasun edo ongizaterako efektu kaltegarriak ekarri edo mendekotasuna sor dezaketen substantziak.
Kalteak gutxitzea: substantzien kontsumoak, jokabide-adikzioek edo kontsumo horiekin lotutako patologiek dituzten ondore bereziki negatiboak gutxitzera zuzendutako esku-hartzeak.
LEHENENGO TITULUA
OSASUNAREN SUSTAPENA ETA ADIKZIOEN PREBENTZIOA
Osasun publikoaren ikuspuntutik, osasuna sustatzeko eta adikzioei aurrea hartzeko jarduerak lehenetsiko dira, eta, arlo honetan, lehentasunezko ekintza-eremutzat hartuko dira.
Lege honen 2.1.c artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta espresuki beste ezer adierazten ez bada, ulertuko da adikzioen barruan daudela adikzioen aurrekari diren portaera arriskutsuak, substantzien kontsumo problematikoak, eta jokabide-adikzioak sor ditzaketen portaera neurrigabeak.
Lege honen 2.4 artikuluan azaldutakoarekin bat, titulu honetan sartzen diren osasunaren sustapenaren eta adikzioen prebentzioaren inguruko neurriak gaur egun jokabide-adikziotzat hartzen ez diren neurrigabeko beste portaera batzuetara hedatuko dira.
Adikzioen eta droga-mendekotasunen arreta integralari zuzendutako jarduera eta neurrietan, osasun publikoaren ikuspuntutik, osasunerako hezkuntza oinarrizko estrategia da, bai osasunaren sustapenean, bai adikzioen eta droga-mendekotasunen prebentzioan.
Osasunerako hezkuntzak erantzukizun pertsonala eta soziala sustatuko ditu, horretarako ezaguera, jarrera eta ohitura osasuntsuak jasoz; gainera, lagunduko du garatzen osasun indibiduala eta kolektiboa hobetzera eramango duten balio, jarrera eta trebetasun pertsonalak, gaitasuna emanez norberaren eta besteen osasuna zaintzeko egokienak diren erabakiak hartzeko.
Aldi berean, osasunerako hezkuntzaren helburua izango da saihestea hala adikzioak, bai drogekikoak eta adikzioa eragin dezaketen bestelako substantziekikoak bai jokabide-adikzioak, kontsumoan zein portaeretan, nola aurrekoen aitzindari diren arrisku-faktoreak.
Osasunerako hezkuntzan sartuko dira beren jarduera-eremuarengatik estrategia hau zabaltzen lagundu dezaketen pertsona eta talde guztiak; bereziki, ahultasun egoera berezian dauden pertsona eta kolektiboetara zabaltzen lagundu dezaketenak.
Osasunerako hezkuntza, estrategia den aldetik, erabilgarri dituen metodologia guztiez baliatuko da, batez ere: osasun-alorreko profesionalek duten ezagutzaren kudeaketaz; hezkuntza indibidualizatu eta kolektiboaz; komunikabide masiboez eta teknologia digitalez eta haien aplikazio berriez, horrek gizartearen sektore zabaletara hurbiltzeko aukera ematen baitu.
Hezkuntza- eta osasun-alorreko eskumenak dituzten administrazio publikoek osasunerako hezkuntza-planak eta -politikak garatuko dituzte dagozkien esparruetan, eta arreta berezia jarriko diete hezkuntza-ahalmen handia dutenei, lehentasuna emanez adingabe eta gazteei zuzenduta daudenei.
LEHENENGO KAPITULUA
OSASUNAREN SUSTAPENA
Adikzioei dagokienez drogekikoak eta adikzioa eragin dezaketen bestelako substantziekikoak eta jokabide-adikzioak, bai eta arrisku-faktoreei eta aurrekari diren portaerei dagokienez, osasun indibidual eta kolektiboa sustatzeak bere barnean hartuko ditu, batetik, pertsonek beren osasuna eta bizi-kalitatea mantentzeko eta hobetzeko trebetasunak eta gaitasunak sendotzera zuzenean bideratutako ekintza guztiak ere, eta bestetik, baldintza sozioekonomikoak eta ingurumenekoak aldatzera zuzenduta daudenak, pertsonen osasunean duten eragin lagungarria sendotze aldera edo duten eragin negatiboa arintze aldera.
Lege honen esparruan, helburu hauek lortzera bideratuko da osasunaren sustapena:
Ikuspuntu indibidualetik zein komunitariotik, erabilera eta jokabide arduratsuak eta osasunaren kultura sustatzea; hor sartu behar da drogek eta adikzioa eragin dezaketen bestelako substantzien kontsumo problematikoari eta jokabide-adikzioak sortzeko arriskua duten portaera neurrigabeei uko egitea.
Adikzioek, bai droga-mendekotasunek bai jokabide-adikzioek, bai eta bi horien aurrekari diren arrisku-portaerek ere, pertsonen osasunean duten eraginaren inguruko gizarte-sentsibilitatea eta ezagutza areagotzea.
Pertsonei, ezagutza, trebetasunak, gaitasunak, baliabideak eta tresnak ematea, horien bidez haien osasun-egoera eta emozio-oreka mantendu eta hobetzeko jokabideak izan ditzaten.
Osasunaren sustapena politika, programa eta jarduera hauen bidez egingo da adikzioen arloan, bai drogena eta adikzioa eragin dezaketen bestelako substantziena bai jokabide-adikzioena, eta bien aitzindari diren arrisku-portaeren arloan:
Herritar guztiei informazio egokia eta egiazkoa ematea osasunaren hobekuntzaz eta bizimodu osasungarriaren kalitateaz, batez ere komunikabideen bidez.
Pertsonen garapen ordenatua sustatzea eremu fisiko, mental eta sozialean.
Ohitura osasungarriak bultzatzea elikaduran, aisian eta ariketa fisikoan, eta emozioen orekan.
Baldintzak sortzea, pertsonek eta gizarteak aukerarik osasungarrienak hartzeko aukera izan dezaten.
Esku hartzea babes- edo arrisku-faktoreetan eta horien gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-determinatzaileetan.
Ohitura eta bizi-estilo osasungarrien sustapena txertatzea lehen mailako arretaren praktika klinikoan, bereziki alkohol eta tabakoari dagokienez.
Osasun mentala sendotu eta babesten duten esku-hartzeak bideratzea, ikuspuntu positibo batetik.
Osasunaren sustapenean esku hartzeko programak eta jarduerak eraginkorrak diren ebaluatzea.
Adikzioen esparruan, bai drogena eta adikzioa eragin dezaketen bestelako substantziena bai jokabide-adikzioena, eta bien aurrekari diren arrisku-portaeren esparruan osasuna sustatzeko garatzen diren jarduerak herritar guztiei zuzenduko zaizkie, eta arreta berezia jarriko da adin txikikoengan eta gazteengan eta pertsona eta kolektiborik ahulenetan.
BIGARREN KAPITULUA
ADIKZIOEN PREBENTZIOA
Lege honen esparruan, prebentzio-neurriak aplikatuko zaizkie adikzioei, horien aurrekari diren arrisku-faktoreei, kontsumo problematikoei eta jokabide-adikzioak sortzeko arriskua duten portaera neurrigabeei.
Administrazio publikoek prebentziozko neurriak ezarriko dituzte, dagozkien eskumenen esparruan eta, oso bereziki, osasunaren, gizarte-zerbitzuen eta hezkuntzaren sistemetan, herritarrak sentsibilizatu eta informatzeko:
Adikzioen gizarte-fenomenoari buruz.
Zenbait portaeraren ahalmen adiktiboari buruz eta, era berezian, ausazko jokoetan eta teknologia digitaletan eta haien aplikazio berrietan gehiegi aritzeak dutenari buruz.
Horiek guztiek dituzten ezaugarri eta ondorio kaltegarriei buruz.
Botere publikoek, haiei dagokien jarduera-eremuen barruan, prebentziozko jarduerak bultzatuko dituzte bizi-baldintzak hobetzeko, adikzioetan eragiten duten bazterkeria-faktore pertsonal, familiar edo sozialak gainditzeko eta egoera horrek eragiten dien pertsonak era normalizatuan gizarteratu daitezen errazteko.
Abenduaren 5eko 12/2008 Legean xedatutakoaren arabera Gizarte Zerbitzuei buruzko Legea lehentasunezko jarduera-eremutzat joko dira bazterketa sortzen duten egiturazko kausak aztertu eta prebenitzera, herritarrak haien ingurune pertsonal, familiar eta sozialean integratzera eta gizarte-normalizazioa sustatzera zuzentzen diren gizarte-zerbitzuen jarduerak, eta bultzatu egingo dira gizarte-zerbitzuen programen barruan.
Lege honen 9. artikuluan osasunerako hezkuntzaren arloan ezarritako helburu orokorrak osatzeko, osasun publikoko zerbitzuek eta lehen mailako arretakoek prebentzioz jardungo dute, eremu komunitarioko eragileekin batera, bizi-ohitura osasungarriak bultzatzeko estrategiak eta programak eginez, informazioa emateko ekintzak burutuz eta ohitura desegokiak eta neurrigabekoak garaiz antzemateko eta aldatzeko kanpainak eginez.
Prebentziozko jarduerak herritar guztiei zuzenduko zaizkie, bizitzako etapa guztietan; bereziki, arreta berezia jarriko zaie arrisku-faktoreak izan ditzaketen pertsonei eta taldeei, adin txikikoei eta gazteei, eta egoera ahulenetan bizi diren pertsona eta taldeei.
Prebentziozko jardueretan, lehentasuna izango dute familia-, komunitate-, hezkuntza- eta lan-eremuek. Elkarrekin aritu beharko dute lanean, bai eta gizarte-eragileekin ere, aplikatu beharreko neurriak benetan eraginkorrak izan daitezen.
Lege honen eremuan egingo den prebentziozko jarduna helburu hauek lortzera bideratuko da:
Babes-faktoreak hedatzea eta indartzea, drogen eta adikzioa sor dezaketen bestelako substantzien kontsumo problematikoak eta jokabide-adikzioak sortzeko arriskua duten portaera neurrigabeak agertzea eragozten baitute.
Norbanakoarengan, familian, lan-eremuan eta inguruan kalteak eragin ditzaketen arrisku-faktoreak ezabatzea edo gutxitzea.
Drogak eta adikzioa eragin dezaketen bestelako substantziak kontsumitzen hasten den adina ahalik eta gehien atzeratzea, bai eta jokabide-adikzioak garatzeko arriskua duten portaera neurrigabeetan hasten den adina ere.
Desagerraraztea edo mugatzea arriskuen eta abusuen kontsumo problematikoak, bai eta jokabide-adikzioak sortzeko arriskua duten neurrigabeko beste portaera batzuk ere.
Kontsumo eta jokabideak neurrira ekartzeko eta erantzukizunez jokatzeko jarraibideak sustatzea, horiek, neurrigabekoak direnean, adikzioak sortzeko arriskua baitakarte.
Familia funtsezko elementu bat baita seme-alaben heziketan eta prestakuntzan eta adikzioak ekiditeko estrategien, balioen, trebetasunen eta gaitasunen transmisioan, interbentzio eta programa batzuk erabiliko dira gurasoak edo tutoreak sentsibilizatze aldera, ohar daitezen zer-nolako garrantzia duen beren rolak haurtzaroaren eta nerabezaroaren garaian babes-faktoreak sustatzeko orduan.
Prebentziozko interbentzioen esparruan, familia bereziki babestuko da, honetarako:
Familiaren heziketa- eta kudeaketa-gaitasunak hobetzeko.
Familia-guneak adikzioen eraginari eta kontsumoari aurre egiteko duen erresistentzia indartzeko.
Arrisku-faktoreak gutxitzeko eta seme-alabengan drogen kontsumoari aurre egiteko babes-faktoreak ugaritzeko. Horrela, familiak prebentzio-eragile gisa duen zeregina sendotu nahi da, bereziki adingabeak eta gazteak dituzten familiena.
Administrazio publikoek lankidetza eta koordinaziorako bide efektibo eta efizienteak ezarriko dituzte, eskumenak dituzten erakunde publiko guztiak, gurasoen elkarteak eta jarduera-eremu honetan lan egiten duten entitate pribatuak eta irabazi-asmorik gabeko entitatea guztiak aintzat hartuta.
Prebentzio-neurri hauek ezarriko dira:
Mantentzea familiei zuzendutako adikzioen arloko sentsibilizazio-, informazio-, trebakuntza-, orientazio-, aholkularitza- eta esku-hartze psikohezkuntzako edo psikosozialeko jarduerak. Jarduera horiei esku-hartze komunitarioaren bidez eutsiko zaie.
Jokabide adikzio-eragileei eta jokabide-adikzioak sortzeko arriskua dakarten jokabide neurrigabeei dagokienez, helburu hauek ezarriko dira:
1. Jokabide-adikzioei buruzko ezagutza hobetzea, jokabide-adikzioak sor ditzaketen zenbait jokabideren bilakaera-patroia ezagutzeko eta jokabide horiek bai jasaten dituen pertsonarentzat bai haren familiarentzat zer ondorio kaltegarri dituen ikusteko.
2. Gurasoak edo tutoreak edo erreferentziazko beste heldu batzuk teknologien arloan gaitzeko edo alfabetatzeko ekimenak bultzatzea, teknologia digitalen eta horien aplikazio berrienen erabilera arduratsua, orekatua eta segurua sustatu dezaten.
Gurasoak edo tutoreak haien seme-alaben heziketan inplikatzeko baldintzak hobetzeko jarduerak egitea eta familiako bizitza eta lanbidea bateratzen laguntzea.
Gurasoei edo tutoreei zuzendutako prebentziozko esku-hartzeak hobetzeko jarduerak, prestakuntza-eredu berriak garatuta.
Arrisku-egoeran dauden edo ahulagoak diren familiei zuzendutako neurriak garatzea. Hain zuzen ere:
1. Informazioa, aholkularitza, orientazioa eta interbentzioa sozioedukatibo eta psikosoziala.
2. Osasun mentaleko zerbitzuen interbentzioa, gaitz kroniko edo behin-behinekoak dituztelako ahultasun-egoeran dauden pertsonen gurasoen gaitasunak indartzeko.
3. Gizarte-zerbitzuen interbentzioa familietan, gizarte-arriskua badago.
4. Hezkuntza-jarduerak, gurasoei edo tutoreei edo erreferentziako beste heldu batzuei gaitasun eta trebetasun espezifikoak emate aldera indartu ditzaten kontsumo eta arrisku-jokabideen aurreko babes-faktoreak, eta sustatu ditzaten jarrera eta ekintza osasungarriak, familia-ingurunean gauzatzen den hezkuntza-prozesuaren bidez.
Familia-esparruan ezarritako prebentziozko jarduera guztiak gurasotasun positiboaren printzipioan oinarrituko dira, seme-alaben interes gorena aintzat hartuta; hau da, oinarriak izango dira ahalmenen indartze aktiboa, ingurune egituratua, seme-alabak aintzat hartzea, indarkeriarik eza eta jokabidearen orientazioa, semearen edo alabaren garapen osoa ziurtatzeko.
Esparru komunitarioko prebentzioak, lehentasunezkoa izango denak, biltzen ditu populazioan edo interes handiko taldeetan eragin handiena duten baliabideak eta pertsonak, hala nola ikastetxeak, gizarte- eta kultura-zerbitzuak, gazte-, kultura-, kirol- eta boluntariotza-elkarteak, profesionalen kolektiboak eta lantokiak.
Komunitatearen esparruko prebentzioa batez ere udalek eta mankomunitateek, haien eskumenen arabera, egingo dute, pertsona eta komunitateari eskaintzen dizkieten zerbitzuen hurbiltasuna dela eta.
Prebentzio komunitarioaren arloko jarduerek:
Komunitateko administrazio publikoen, elkarteen eta gizarte-erakundeen benetako inplikazioa eta parte-hartze koordinatu eta gainjartzerik gabea sustatuko dute.
Erraztasunak emango dituzte zerbitzu publikoek, gurasoen elkarteek eta beste gizarte-entitate batzuek era koordinatuan jardun dezaten, hezkuntza-trebetasunak sustatzeko, gurasoen edo tutoreen gaitasunak areagotzeko eta familiek eskola eta komunitateko jardueretan parte hartzeko.
Sustatuko dute prebentziozko ekintzak bultzatzea eta trebetasun pertsonalak eta bizikidetzakoak hobetzea, komunitate naturalean dauden erakunde eta entitate sozial, kulturak, hezkuntzazko eta sanitarioen koordinazioa eta sinergiak erraztuko dituen politika orokor baten barruan.
Zainduko dute ekipamendu eta zerbitzu soziokulturalen plangintzan oreka eta aukera-berdintasuna era egokian jasotzen dela komunitate osoan.
Aurreko apartatuan ezarritakoaren ondorioetarako, eremu komunitarioan prebentzio-neurri hauek hartuko dira, besteak beste:
Herritar guztiei zuzendutako esku-hartzeak eta, bereziki, adingabe eta gazteei zuzendutakoak, adikzioen inguruan sentsibilizatu eta informatzeko. Eremu sozioedukatiboaren bitartez bideratuko dira espazio komunitarioetan, hedabideetan eta teknologia digitaletan eta haien aplikazio berrietan.
Informazio- eta sentsibilizazio-ekintzak egingo dira, honako helburu hauekin:
1. Jokabide-adikzioen izaerari buruzko ezagutza hobetzeko, batez ere fenomenoak toki-mailan duen garrantziari dagokionez.
2. Adikzioa eragiten duten portaeren edo adikzioa sor dezaketen neurri gabeko portaeren eboluzioa hobeto ezagutzeko.
3. Eta portaera horiek dituen pertsonarentzat eta haren familiarentzat izan ditzakeen ondorio kaltegarriak hobeto ezagutzeko.
Joko arduratsurako neurri eta programak indartzea, joko- eta ostalaritza-establezimenduekin lankidetzan.
Eskola-eremua funtsezkoa da pertsonak, haurtzarotik eta gaztarotik, bere osasun eta ongizateari lotutako gaitasun egokiak garatu ditzan, era eraikitzailean eta norberarekin eta besteekiko modu begirunetsuan. Hori dela eta, hezkuntza-esparrua funtsezko zutabea da prebentziozko jardueretan.
Horregatik, honako prebentzio-neurri hauek hartuko dira, ez une zehatz batean egitekoak bakarrik, baizik eta ikasturte osoan zehar batez ere:
Hezkuntza-komunitateko sektoreei zuzendutako neurriak:
1. Adin guztietako ikasleak informatu eta sentsibilizatzea substantzien kontsumoari eta neurrigabeko portaerei lotutako arriskuei buruz, arlo hauetan: ausazko jokoak, telebistaren eta teknologia digitalen erabilera (Internet, gizarte-sareak, bideojokoak, telefonia mugikorra) eta horien aplikazio berriak. Baita adikzio-jokabideak eragin ditzaketen portaera neurrigabeei loturiko arriskuei buruz ere.
2. Curriculumean adikzioei buruzko gaiak sartzea, jokabide-adikzio bihur daitezkeen portaera neurrigabeak saihesteko. Bereziki sustatuko da komunikazio-teknologia berrien erabilera egokia eta arrazoizkoa.
Oro har, lehentasuna emango zaie ikasleengan honako arlo hauek sustatzen dituzten baliabideei: autoezagutza, autoestimua, emozioen erabilera eta oldarkortasunaren kontrola, norberaren autonomia eta erabakiak hartzeko gaitasuna, eta nork bere burua onartzea.
3. Gurasoei edo tutoreei eta irakasleei eta irakasle ez diren langileei zuzendutako prestakuntza-programak garatzea. Horien helburua izango da ikasleen artean aurreko paragrafoan jasotako alderdiak sustatzea.
Irakasleen trebakuntza digitala helburu duten prestakuntza-programetan prebentzioa eta komunikazio-teknologia berrien erabilera egokia sustatuko da, eta ikasleek horien arrazoizko erabilera egitea indartuko da.
4. Ikastetxeetako hezkuntza-proiektuetan, antolakuntza eta funtzionamendu eta barne-araubideko erregelamenduetan, eta elkarbizitzako proiektuetan, neurriak garatzea ikasleen integrazioa ikastetxean sustatzeko eta osasunerako lagungarria izango den ingurune fisiko eta erlazionala indartzeko. Horretarako, eskola-, kultura- eta aisia-jardueren artean oreka-irizpideak eta neurrizko irizpideak finkatuko dira. Era berean, tutoretza eta orientabide plangintzetan alderdi hauei arreta berezia eskainiko zaie.
Arrisku egoeran dauden adingabeei zuzendutako neurriak, ikasleak substantzia batekiko adikzioa edo jokabide-adikzio bat izateko zer arrisku dagoen kontzientzia izan dezan eta horiei aurre egiteko ahalmenak indartu ditzan. Horretarako, haien esku jarriko dira autokontrol edo autoebaluaketarako tresnak.
Goian aipaturiko neurriak ezartzeko, hezkuntza-komunitateko kideen, osasun-arloko langileen, arlo honetan lan egiten duten gizarte-erakundeen eta guraso-elkarteen partaidetza sustatzeaz gain, tokian tokiko adikzioen planetan aurreikusitako jarduerak koordinatuko dira, ikastetxea dagoen komunitateko ezaugarri bereziak kontuan hartuta.
Kontsumo problematikoak eta adikzioak eragin ditzaketen arrisku handiko portaera neurrigabeak dituzten adingabeei eta gazteei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak haien egoerara egokiturako prebentzio- eta interbentzio-programak garatuko ditu, non parte hartu ahal izango duten prebentzioan espezializatutako entitateek edo bitartekoek eta bitarteko sanitario eta sozialek, bai eta adingabearen familiak ere.
Ahal dela, esku-hartzeak adingabearen familiarekin egingo dira, eta gizarte- eta osasun-zerbitzuekin koordinatuko dira, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 27. artikuluarekin bat.
Eusko Jaurlaritzan lan-arloko eskumena duen sailak, laneko segurtasun-, higiene-, ingurumen- eta osasun-politiken ardura duen Eusko Jaurlaritzaren organoaren bitartez, lagunduko du, negoziazio kolektiboaren bidez eta enpresa-erakundeen eta sindikatu erakundeen arteko akordioen bidez, enpresan prebentzio-neurriak har daitezen eta enpresaburua horretan inplika dadin eta adikzio-arazoak dituzten langileak tratamendu-prozesuan daudenean zehatzeko ahalak modula daitezen, haien enplegua manten dadin eta lanpostuak gorde daitezen.
Lan-esparruan enpresa-erakundeek eta sindikatuek adikzioei aurre hartzeko adostutako ekintzek, lan-arriskuei aurrea hartzeko araudian ezarritako prebentziozko ekintza espezifiko eta nahitaezkoak baztertu gabe, xede hauek izango dituzte:
Lan-ingurune osasungarriak, substantziarik edo adikzioak sor ditzaketen inguruabarrik gabekoak, bultzatzea.
Lan-esparruan droga-kontsumoak, portaera arriskugarriak edo neurrigabeak garaiz antzematea eta horietan esku hartzea.
Lan-ingurunea erabiltzea substantzia-kontsumoen eta jokabide-adikzioak sor ditzaketen portaeren mendekotasunak gainditzeko mekanismo gisa, erraztasunak emanez erasandako pertsonek tratamendu-saioetan parte hartzea izan dezaten, haien pribatutasuna gordeta
Adikzioak, haien aurrekari diren arrisku-faktoreak, substantzien kontsumo problematikoak eta jokabide-adikzioak sor ditzaketen portaera neurrigabeak lan-eremuan diskriminazio-tresna bihur ez daitezen eta behar besteko konfidentzialtasunez trata daitezen zaintzea eta horretan ahalegintzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak honako prebentziozko neurri hauek sustatuko ditu, laneko segurtasun-, higiene-, ingurumen- eta osasun-politikak kudeatzen dituen Eusko Jaurlaritzako organoaren bitartez eta administrazio publikoen kudeatzaile, enpresaburu, enpresa-erakunde, sindikatu eta arlo honetan zerikusirik duten beste eragile batzuekin lankidetzan, laneko arriskuen prebentzioaren arloan indarrean dagoen sektore-legedian aurreikusita dauden zerbitzu, jarduera eta parte-hartzeen esparruan:
Neurri orokorrak:
1. Enpresei eta langileei adikzioen gaineko informazioa ematea eta gai horretan sentsibilizatzea.
Jokabide adikzio-eragileen kasuan edo jokabide-adikzioak sor ditzaketen neurrigabeko portaeren kasuan, haiek eta haien ondorio kaltegarriak hobeto ezagutzera zuzenduko dira neurriak, eta garrantzi berezia emango zaie lanerako adikzioa sor dezaketen eta lan-jarduerarekin lotuta dauden neurrigabeko portaerei.
2. Osasun-protokoloak eta -gidak egitea; adikzioak behatzeko, garaiz antzemateko eta prebenitzeko programak abian jartzea, eta inguruabar horrek eragiten dien langileei laguntzea. Laguntza hori enpresaburuak emango dio langileari, negoziazio kolektiboan eta enpresa-erakundeen eta sindikatuen arteko akordioetan jasotzen denaren arabera.
3. Lan-eremuan adikzioa sor dezaketen substantziak eskuratzeko mugak jartzea, substantzien eskaria gutxitzeko neurriak hartzea eta jokabide-adikzioak sortzeko arriskua duten portaerak mugatzea.
4. Arrisku psikosozialen ebaluaketaren barruan sartzea zer lan-faktorek eta lan-baldintzak errazten duten adikzioak agertzea.
5. Enpresaburuak, langileen ordezkariak eta langileak prestatzea.
Arrisku egoeran dauden pertsonei edo taldeei zuzendutako neurriak:
1. Edari alkoholdunen eta tabakoaren kontsumoa prebenitzeko ekintzak; arreta berezia jarriko da substantzien kontsumoak langilearentzat edo beste pertsona batzuentzat arrisku handiagoa dakarten lan-sektore, -jarduera edo -egoeretan, lehentasunezkoak izango baitira.
2. Jarduera-protokolo bat garatzea, langilearentzat edo beste pertsona batzuentzat arrisku larria edo berehalakoa badago.
3. Jokabide-adikzioak sortzeko arriskua duten portaera neurrigabeak agertzen baldin badira bereziki, joko problematiko edo patologikoa, edo teknologia digitalen eta horien aplikazio berrien neurrigabeko erabilera eraginpeko pertsonari zer laguntza- eta egitura-programa dauden jakiteko informazioa emango zaio.
4. Enpresaren prebentzio-zerbitzuetako osasun-langileek eta osasun-sistemakoek elkarrekin jarduerak eta ekintzak egitea, arrisku egoerak detektatzeko.
5. Giroan dagoen tabako-kea arrisku-faktore gisa sartzea tabako-kea arnasten den tokietako lanpostuen arrisku-ebaluaketan.
Eskumena duten euskal administrazio publikoek komunikabide eta hedabideekiko lankidetzan, bereziki titulartasun publikoa dutenekin batera, esparru honetan adikzioei aurrea hartzeko neurriak hartuko dituzte, helburu hauekin:
Adikzioei, adikzioek herritarrengan duten prebalentziari eta ondorioei buruzko informazio egokia ematea, arrazoirik gabeko alarmak piztu ez daitezen, zenbait kontsumo edo portaera banalizatu ez daitezen eta herritarrek iritzi eta jarrera kritikoak izan ditzaten.
Prebentziozko kanpainak eta mezuak zabaltzea.
Komunikabide eta hedabideetan gai hau nola tratatu adostea.
Adikzio-eredu bihur daitezkeen kontsumo edo portaera neurrigabeen gaineko irudi positibo edo erakargarriak eratu ez daitezen ahalegintzea, bereziki ausazko jokoen eta teknologia digitalen eta haien aplikazio berrien kasuan.
Titulartasun publikoko komunikabideek prebentziozko mezuak hedatzeko edukiak sartuko dituzte ohiko programazioan.
Substantziekiko adikzioen eta jokabide-adikzioen prebentzioari begira erakundeek bultzatutako kanpainak hedatzeko, lege honetan arautzen den laguntza eta asistentziarako organoak doako tarteak izango ditu publizitatea egiteko Autonomia Erkidegoan titulartasun publikokoak diren hedabideetan. Publizitaterako denbora, gutxienez ere, organoak aukeratutako ordu-tarte bakoitzean publizitaterako izaten den denboraren % 5 izango da, eta kanpainak irauten duen bitartean egingo da.
Euskal administrazio publikoek, horien mende dauden erakunde autonomiadunek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek zein enpresa publikoek, dagozkien eskumenen barruan, erakundeek bultzaturiko kanpaina horiek zabaltzen lagunduko dute, haien titulartasunekoak diren publizitaterako barneko zein kanpoko lekuak utziz.
Gizarte-sareak garrantzizkoak direnez pertsonen arteko harremanetarako, eta elkarri eragiteko eta komunikaziorako gizarte-egiturak diren aldetik, eta, bestalde, informazioa eta ezagutza antolatu, sortu, aldatu, hedatu eta partekatzeko tresnak direnez, euskal administrazio publikoek gizarte-sareen erabilera arduratsua sustatuko dute, sentsibilizazio eta prebentziozko kanpainak egingo dituzte eta, bereziki, ingurune horretara zuzendutako adikzioak prebenitzeko ekintzak garatuko dituzte, komunikazio-sare publikoak hornitzen dituzten enpresekin, komunikazio-zerbitzuak ematen dituztenekin, eta erabiltzaileen elkarteekin batera.
Osasun, gazteria, kirol, kultura eta hezkuntza arloetako eskumenak dituzten euskal administrazio publikoek denbora librea erabiltzeko ereduen inguruko politika integrala sustatuko dute, substantzien kontsumoaren, jokabide adikzio-eragileen eta jokabide-adikzioak sor ditzaketen beste arrisku edo portaera neurrigabeen ordezko aukerak eskaintzeko, bereziki gazte eta nerabeen artean.
Horretarako, ekintza hauek garatuko dituzte, sektore horretako enpresa-erakundeekin batera:
Dibertsioa, aisia eta denbora librea erabiltzeko modu osasungarri eta askotarikoak aukeratzeko neurriak.
Teknologia digitalen eta horien aplikazio berrien erabilera arduratsua sustatzea, dibertsio, aisia eta denbora librerako erabiltzen direla kontuan hartuz.
Edariak saltzen dituzten lokaletan, edari alkoholgabeak sustatzeko jarduerak egitea, eta, oro har, alkoholari loturik ez dauden dibertsio-moduak sustatzea; prebentziozko neurri hau bereziki gazteei zuzenduko zaie.
Gazteen asoziazionismoa sustatzea eta elkarteek okupazio-, aisia-, kirol- edo kultura-programetan parte har dezaten bultzatzea, bereziki arriskua duten gizarte-kolektiboen kasuan.
Prebentziozko ekintzak, kirol-errendimendua hobetzeko substantzien erabileran.
Euskal administrazio publikoak arduratuko dira ingurumen osasungarria, hiri-garapen orekatua eta lurraldearen plangintza elkartasun-, berdintasun- eta arrazionaltasun-irizpideetan oinarritu daitezen, horiexek lagungarri baitira adikzioak agertzeko faktoreak gainditzeko substantziekiko adikzioak, jokabide-adikzioak zein horien aurrekari diren portaera arriskutsuak. Horrez gain, marjinalitate-fokoak desagerrarazten eta hiri- eta gizarte-ehuna leheneratzen laguntzen dute. Euskal administrazio publikoek neurri hauek lurralde-antolamenduaren gidalerroetan sartzea sustatuko dute.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aholkularitza, laguntza eta lankidetzarako programak garatuko ditu, adikzioen arloan, epaitegi eta auzitegiekin, Ministerio Fiskalarekin, Polizia judizialarekin eta izaera sozialeko elkarteekin batera.
Halaber, osasunerako hezkuntza-programak bultzatuko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetan preso izanda edo zigor-neurri alternatiboak betetzen egonda adikzioak edo haiek izateko arriskua dituzten pertsonentzat.
Eusko Jaurlaritzan segurtasun-arloan eskumena duen sailak adikzioen prebentzioaren arloan ekintzak garatuko ditu Eusko Jaurlaritzako beste sailekin edo Euskadiko beste administrazio publikoekin lankidetzan.
BIGARREN TITULUA
ESKAINTZAREN MURRIZKETA
Euskadiko Poliziaren kidegoek, ordenamendu juridikoak esleitzen dizkien eginkizunak betetzean, droga, estupefaziente eta psikotropikoen legez kanpoko trafikoaren inguruko ikerketak egingo dituzte eta beste erakundeekin elkarlanean jardungo dute droga-eskariaren eta -kontsumoaren aurrezaintzaren arloan.
Droga, estupefaziente eta psikotropikoen legez kanpoko trafikoaren inguruko ikerketak egitean, Euskadiko poliziak, ondorengo irizpideak izango ditu kontuan:
Elkarte kriminalen aurka eta drogak eta adikzioa eragin dezaketen bestelako substantziak legez kanpo banatzen dituzten delitu-erakundeen eta sareen aurka jardungo du.
Legez kanpoko droga-trafikoarekin loturaren bat duten jarduerak ikertuko ditu, gertakari horiekin zerikusia duten jarduera ekonomikoak aintzat hartuta.
Substantzia bakoitzaren legez kanpoko trafikoaren kontra egitea bultzatuko du. Horretarako, Eusko Jaurlaritzan osasunaren arloko eskumena duen sailak substantzia bakoitzaren inguruan egiten duen alerta goiztiarreko txosten egiaztatuak hartuko dira aintzat.
Ertzaintzak zaintza- eta ikuskaritza-jarduerak egingo ditu, adingabeek legez debekatuta dituzten jokoetan parte hartu ez dezaten.
Era berean, Ertzaintzak zaintza- eta ikuskaritza-jarduerak egingo ditu legen honetan xedatutako substantzien eskaintza murrizteko, batez ere, adingabeak babesteko.
LEHENENGO KAPITULUA
EDARI ALKOHOLDUNEN PUBLIZITATEA, SUSTAPENA, BANATZEA, SALMENTA ETA KONTSUMOA MUGATZEKO NEURRIAK
1. ATALA
EDARI ALKOHOLDUNEN PUBLIZITATEA ETA SUSTAPENA MUGATZEKO NEURRIAK
Edari alkoholdunen publizitateak muga hauek bete beharko ditu:
Publizitate hori ezingo da berariaz adingabeei eta haurdunei zuzenduta egon, eta bertan ezin izango dira adingabeak edo haurdunak edari alkoholdunak kontsumitzen agertu.
Debekatuta egongo da edari alkoholdunen publizitatean adingabeen irudia eta ahotsa erabiltzea; gainera, adingabeak ezingo dira horrelako publizitatean protagonista izan, ezta agertu ere.
Ezingo dira elkarrekin erlazionatu edari alkoholdunak kontsumitzea eta errendimendu fisikoa hobetzea, ibilgailuak gidatzea edo armak erabiltzea. Era berean, kontsumo horrek gizartean edo sexuaren arloan arrakasta dakarren itxurarik ere ezingo da eman, edo sendatzeko, bizkortzeko edo lasaitzeko gaitasuna duela adierazi; arazoak konpontzeko bide bat denik ere ezingo da adierazi. Kontsumo hori ezingo da lotu hezkuntzako, osasunaren arloko edo kiroleko jarduerekin.
Ezingo da edari alkoholdunak neurririk gabe kontsumitzea bultzatu, ezta ere ez edatea edo edanda ez egotea gauza txarra balitz bezala agertu. Bestalde, edari batzuek duten alkohol-kantitate handia ezin izango da nabarmendu ezaugarri positiboa bailitzan.
Marka edo merkataritzako izenen erreprodukzio grafikoak egin ahal izateko, behar bezala erregistratuta egon beharko dute marka eta izen horiek, eta kasu guztietan garbi asko erakutsi beharko da zenbat alkohol duen kasuan kasuko edariak.
Azoketan, erakusketetan edo antzeko jardueretan 20 gradu baino gehiagoko edari alkoholdunak sustatzen badira, gainerako guneetatik bereizitako tokietan egin beharko da eta debekatuko da helduekin ez doazen adingabeak sartzea. Sarreran, debeku hori jasotzen duen kartela jarriko da.
Edari alkoholdunen gehiegizko kontsumoa eragin dezaketen sustapenak debekatuta egongo dira; batez ere, edari alkoholdunak bertan kontsumitzeko saltzen diren establezimenduen barruan egindako eskaintzak, sariak, zozketak, konkurtsoak edo prezio-murrizketak.
Adingabeen arteko edari alkoholdunen sustapena debekatuta egongo da, edozein bitarteko erabilita: kartelak, prospektuak, gonbidapenak banatuta, edota edari alkoholdunak, horien markak, enpresa banatzaileak edo horiek kontsumitzen diren establezimenduak aipatzen dituzten objektuak banatuta.
Debekatuta egongo da 20 gradu baino gehiagoko edari alkoholdunen kanpoko publizitatea egitea. Kanpoko publizitatetzat hartuko da erabilera orokorrekoak diren guneetatik nahiz leku irekietatik pasatzen diren edo gune horietan dauden pertsonen arreta erakartzeko gai den publizitatea, irudiaren, soinuaren edo beste edozein bitarteko bidez.
Gainera, debekatuta egongo da edari alkoholdunen kanpoko publizitatea Haur Hezkuntzako eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen sarrerako atetik 100 metro linealetik behera dagoen distantzia batera kokatutako euskarrietan.
Ez dituzte debeku horiek izango legez baimendutako produkzio- edo salmenta-guneetako seinale edo adierazleek; dena den, horiek ere 26. artikuluan aipatzen diren mugak izango dituzte.
Debekatuta egongo da edari alkoholdunen publizitatea jartzea leku publiko hauetan:
Batez ere 18 urtez beherako pertsonentzat diren lokaletan.
Osasun-zentroetan, zentro sozialetan, zentro soziosanitarioetan, ikastetxeetan eta horietarako sarbideetan.
Zinema-aretoetan eta ikuskizunak ospatzen diren aretoetan.
Garraio publikoen barruko aldean, geltokietan eta portu zein aireportuetan jendea egoteko egokitutako lekuetan.
Administrazio publikoetako bulegoetan.
Debekatuta egongo da 20 gradu baino gehiagoko edari alkoholdunen publizitatea jartzea kirol-zentro eta -instalazioetan.
Debekatuta egongo da edari alkoholdunen publizitatea egitea postontzietan orriak sartuta, posta bidez bidalita, telefonoz deituta, modu telematikoan igorrita eta, oro har, bizilekura bidalitako mezuen bidez, salbu eta 18 urte baino gehiagoko pertsonen izenean bidaltzen badira, edo publizitate-euskarrian doan edukiaren % 30 baino gutxiago badira.
Euskal Autonomia Erkidegoan paperean, modu elektronikoan edo digitalean editatzen diren egunkari, aldizkari eta gainerako argitalpenek zein era guztietako komunikabideek entzutekoak, ikustekoak edo ikus-entzunezkoak muga hauek izango dituzte:
Debekatuta egongo da horietan edari alkoholdunen publizitatea egitea, 18 urtez beherakoei zuzendutakoak baldin badira.
Gainerako kasuetan, debekatuta egongo da edari alkoholdunen publizitatea jartzea lehenengo orrialdean, kirolei buruzko orrialdeetan, 18 urtez beherakoei zuzendutako tarteetan eta denbora pasatzekoak dituzten tarteetan.
Euskadin kokatutako eta bertan egindako telebista-programetan, aurkezleak edo elkarrizketatuak ezingo dira alboan edari alkoholdunak dituztela agertu, ez eta produktu horien markak, izen komertzialak, logotipoak zein produktu horiek identifikatzeko edo gogora ekartzeko balio duten bestelako zeinuak, bistan direla ere.
Debekatuta egongo da Euskadin kokatutako irratiek edari alkoholdunen publizitatea egitea 08:00etatik 22:00ak bitartean.
Debekatuta egongo da Euskadin kokatutako telebistek edari alkoholdunen publizitatea egitea 08:00etatik 22:00ak bitartean, baita produktuaren kokapenaren bidez eginiko publizitatea ere.
Produktuaren kokapenaren bidezko publizitatea da ikus-entzunezko hedabideetan batez ere erabiltzen den teknika bat, produktu, marka edo mezua programa baten barruan txertatzean datzana.
Debekatuta egongo da dena delako markak, gauzakiak edo produktuak, duen izenagatik, erabilitako hitzengatik, grafismoagatik, aurkezteko moduagatik edo beste arrazoiren batengatik, zeharka edo erdi ezkutuan edari alkoholdunen publizitatea egitea.
Debekatuta egongo da edari alkoholdunen publizitatea egitea hezkuntzako edo gizarteko ekitaldietan edo haiek babestekoetan; debeku bera egongo da lehiaketen, zozketen eta kontsumoa eragiteko antzeko beste jardueren bidez egindako sustapenetan ere.
Debekatuta egongo da kirol- edo kultura-ekitaldietan eta haiek babestekoetan 20 gradu baino gehiagoko edari alkoholdunen publizitatea egitea.
Nolanahi ere, debekatuta egongo da nagusiki adingabeei zuzendutako kirol- eta kultura-ekitaldietan eta haiek babestekoetan edari alkoholdunen publizitatea egitea.
2. ATALA
EDARI ALKOHOLDUNAK BANATU ETA SALTZEKO MUGAK
Debekatuta egongo da honako pertsona hauek edari alkoholdunak saltzea edo banatzea:
Adingabeei.
Lege honen 33.2 artikuluan aipatzen diren profesionalei.
Makina automatikoen bidez ezin izango da edari alkoholdunik saldu edo banatu.
Debekatuta egongo da edari alkoholdunak saltzea eta banatzea toki hauetan:
Egiten dituzten jarduerengatik eta eskaintzen dituzten zerbitzuengatik batez ere 18 urtez beherakoentzat diren lokal eta zentroetan.
18 urtera arteko ikasleentzako ikastetxeetan.
Kirol-lehiaketak egiten diren instalazioetan eta zentro sanitario, soziosanitario eta zerbitzu sozialetakoetan.
Kalean, salbu eta udalek baimendutako terrazetan, mahai hankabakarretan edota ekintza eta jardueretan.
Ondorengo lekuetan ezin izango da 20 gradu baino gehiagoko edari alkoholdunik saldu, ez eta banatu ere, hartarako baimen zehatza duten lekuetan izan ezik, toki hauetan:
18 urte baino gehiagoko ikasleentzako irakaskuntza-zentroetan.
Administrazio publikoen egoitzetan.
Autobide eta autopistetako zerbitzuguneetan.
Jolasguneetan (parke tematikoetan, esaterako) edota aisialdirako edo dibulgaziorako guneetan.
Edari alkoholdunak bertan kontsumitzera zuzenduta ez dauden establezimendu komertzialetan ezingo da edari alkoholdunik saldu edo banatu 22:00etatik 07:00ak bitartean, haien ordutegia edozein izanda ere.
Establezimendu horiek neurri bereziak hartu beharko dituzte adingabeei (18 urtetik beherakoei) alkohola ez saltzeko. Autozerbitzu-establezimenduetan edari alkoholdunak toki jakin batean jarriko dira eta toki jakin batean jarriko dira, eta gutxienez 1,50 metroko altueratik gora egongo dira kokatuta, erakusleihoaren azaleraren murrizketa batekin, % 20tik gorakoa izango ez dena. Autozerbitzuak barra baten atzean eduki ditzake edariak, salmenta pertsona batek kontrolatzen badu, edo beira-arasa giltzadun batean.
Aurreko apartatuetan aipatu diren leku guztietan, kartel baten bidez aditzera emango da debekuaren berri. Ondo ikusteko moduan jarriko da kartel hori.
Era berean, edari alkoholdunak saltzea baimenduta dagoen establezimendu edo jarduera orotan, kartelak jarri beharko dira toki agerian, adingabeei alkohola saltzea debekatuta dagoela adierazteko.
Erregelamendu bidez zehaztuko dira aurreko bi paragrafoetan aipatutako seinaleen ezaugarriak.
Debekatuta egongo da adingabeei edari alkoholdunen ontzien antzeko produktuak saltzea edo banatzea.
Debekatuta egongo da 16 urte baino gutxiagokoak edari alkoholdunak zerbitzatzen dituzten establezimendu publiko itxietan sartzea eta egotea, hala nola tabernetan, dantzalekuetan, diskoteketan, ikuskizunetan, jolas-areto publikoetan eta, oro har, edari alkoholdunak saldu edo kontsumitzen diren leku edo establezimendu guztietan, baldin eta guraso, tutore edo arduradunekin ez badaude.
Aurreko paragrafoan aipatutako lekuetan, toki agerian, seinalea jarri beharko da debeku horren berri emateko.
3. ATALA
EDARI ALKOHOLDUNAK KONTSUMITZEKO MUGAK
Debekatuta egongo da 18 urtez azpiko pertsonek edari alkoholdunak kontsumitzea.
Pertsona hauek ezingo dute edari alkoholdunik kontsumitu, zerbitzua eskaintzen ari direla edo zerbitzua eskaintzeko prest badaude:
Zerbitzu publikoko ibilgailuak gidatzen dituzten pertsonek.
Zentro sanitario, zentro sozial edo hezkuntza-zentro publiko edo pribatuetako langileek.
Kidego armatuetako kideek eta beren eginkizunetan armak eraman behar dituzten profesionalek.
Adingabeekin lan egiten duten pertsonek.
Beren jarduera edari alkoholdunen eraginpean aurrera eramanez gero, norberaren edo beste pertsona batzuen bizitza nahiz osotasun fisikoa arriskuan jar lezaketen guztiek, orokorrean.
Kontuan hartuko da gizonen eta emakumeen edari alkoholdunen kontsumoan eragile ezberdinak egoten direla, eta horren ondorioak ere aztertuko dira.
BIGARREN KAPITULUA
TABAKOAREN KONTSUMOAREN SUSTAPENA, PUBLIZITATEA, BANAKETA, SALMENTA ETA KONTSUMOA MUGATZEKO NEURRIAK
1. ATALA
TABAKOAREN KONTSUMOAREN PUBLIZITATEA EGITEKO ETA SUSTATZEKO MUGAK
Debekatuta dago tabako-produktuen publizitate guztia, kasu hauetan izan ezik:
Tabako-merkataritzan parte hartzen duten profesionalentzat bakarrik diren argitalpenetan.
Europar Batasuna osatzen duten herrialdeetatik kanpo argitaratu edo inprimatu diren eta tabako-produktuen publizitatea daukaten argitalpenetan, baldin eta argitalpen horiek ez badira nagusiki Europar Batasuneko merkaturako eginak. Edonola ere, halako publizitatea debekatuta egongo da argitalpenak batez ere adingabeentzat baldin badira.
Debekatuta egongo da tabako-produktuak babestea eta haien beste edozein motatako sustapena egitea bitarteko eta euskarri guztietan, baita tabako-makinetan eta informazioaren gizartearen zerbitzuetan ere. Hori horrela, ondoko hauek salbuespentzat joko dira: tabako-produktuak sektoreko profesionalei aurkeztea, Tabako Merkatuaren Antolamenduari eta Zerga Arauei buruzko maiatzaren 4ko 13/1998 Legearen esparruan, eta produktu horiek Estatuko tabako- eta tinbre-saltokien sarean sustatzea; nolanahi ere, debekatuta egongo da, sustapen horren hartzaileak adingabeak direnean, tabakoa edo tabako-produktuei edo erretzeko ohiturari soilik loturiko ondasun edo zerbitzuak doan banatzen direnean edo doan banaturikoek tabako-produktuetarako erabiltzen diren izenak, markak, ikurrak edo bestelako bereizgarriak inprimatuta dauzkatenean. Dena den, aipaturiko ondasun edo zerbitzuen balioa edo salneurria ezin daiteke izan sustatu nahi diren tabako-produktuen salneurriaren ehuneko bost baino handiagoa.
Jarduera horiek ez dira inoiz erakusleihoetan egingo, ez establezimendu horietatik kanpo hedatuko, ez kanpora zuzenduko.
Debekatuta egongo dira zuzenean edo zeharka tabakoa sustatu nahi duten jarduerak eta tabako-produktuen, -ondasunen edo -zerbitzuen doako edo sustapenezko banaketa, tabako- eta tinbre-saltokien sarean izan ezik.
Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako eta bertan egindako telebista-programetan, aurkezleak, elkarrizketatuak, kolaboratzaileak eta gonbidatuak ezingo dira tabakoa erretzen agertu, ez eta tabako-produktuen markak, izen komertzialak, logotipoak zein produktu horiek identifikatzeko edo gogora ekartzeko balio duten bestelako zeinuak bistan direla ere.
Debekatuta egongo da dena delako markak, gauzakiak edo produktuak, duen izenagatik, erabilitako hitzengatik, grafismoagatik, aurkezteko moduagatik edo beste arrazoiren batengatik, zeharka edo erdi ezkutuan tabakoaren publizitatea egitea. Salbuespena izango dira tabako-dendak eta tabakoaren sektoreko jarduera profesionalarekin zuzenean loturiko espazioak.
2. ATALA
TABAKOA BANATU ETA SALTZEKO MUGAK
Tabako-produktuen txikizkako salmenta eta banaketa tabako- eta tinbre-saltokien sarean edo tabako-makinen bitartez baino ezin izango dira egin. Tabako-produktuak makinen bidez saldu edo banatzeko, dagozkien administrazio-baimenak dituzten establezimenduetan kokatu beharko dira tabako-makinak.
Guztiarekin ere, geruza naturala duten zigarroak eta zigarro txikiak eskuz saldu ahal izango dira tabernetan, jatetxeetan eta sukaldaritzako gainerako establezimendu itxietan, Tabako Merkaturako Ordezkaritzak emandako administrazio-baimena baldin badute.
Debekatuta egongo da tabakoa eta tabako-produktu eta -gaiak 18 urtetik beherako pertsonei saltzea edo banatzea. Era berean, debekatuta egongo da 18 urtetik beherakoei tabako-imitazioak saltzea edo banatzea, horrek tabakoa edo tabako-produktu eta -gaiak erabiltzera bultza baditzake.
Tabako-produktuen salmenta eta banaketa baimenduta dituzten establezimenduetan, baimen hori adierazten duten kartelak jarriko dira, ikusteko eta irakurtzeko moduan. Kartel horiek, gainera, informatu beharko dute debekatuta dagoela 18 urtetik beherakoei tabakoa saltzea, eta tabakoaren erabilerak osasunari eragiten dizkion kalteez ohartarazi beharko dute. Establezimendu horietan erosle guztiei eskatuko zaie adindun direla egiazta dezatela balio ofizialeko agiri baten bidez, halakoak direla begi-bistakoa denean izan ezik.
Debekatuta egongo da geruza naturalik ez duten zigarretak eta zigarro txikiak merkaturatzea, saltzea eta banatzea banaka edo 20 ale baino gutxiagoko paketeetan.
Debekatuta egongo da, merkataritza edo enpresa-jarduera bat gauzatzean, edozein tabako-produkturen laginak ematea edo banatzea, doakoak izan ala ez, eta tabako-gaiak deskontuarekin saltzea.
Merkataritza- edo enpresa-jarduera batean laginak ematea edo banatzea gertatzen dela esango dugu baldin eta fabrikatzaileak, ekoizleak, banatzaileak, inportatzaileak edo saltzaileak zuzenean eman edo banatzen badu.
Berariaz debekatuta geratzen da tabako-produktuen txikizkako salmenta edo banaketa zeharka edo modu ez-pertsonalean egitea, urrutiko salmentaren edo antzeko sistemen bidez.
Tabako-produktuak tabako-makinen bidez saltzeko edo banatzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
Erabilera: debekatuta egongo da 18 urtetik beherakoek tabako-makinak erabiltzea.
Kokapena: tabakoa saltzeko makinak soilik jarri ahal izango dira kalean dauden prentsa-kioskoen barruan, kalera irispide zuzena duten prentsa-salmentarako lokal espezifikoetan eta Merkataritza Ordutegiei buruzko abenduaren 21eko 1/2004 Legearen 5.4 artikuluan aurreikusitako komenentziazko dendetan, baldin eta zerbitzuguneetan badaude edo baldintza hori betetzen dutela egiaztatzen duen agiria aurkezten badute merkataritzaren alorrean eskumena duen agintaritzak emandako egiaztagiria behar du izan, edo honako beste leku hauetan:
Hoteletan eta antzeko establezimenduetan.
Tabernetan, jatetxeetan eta sukaldaritzako gainerako establezimendu itxietan.
Dantzalekuetan eta joko-establezimenduetan.
Tabako-makinen salmentarekin batera, Tabako Merkaturako Ordezkaritzaren administrazio-baimena duten lokaletan zilegi izango da geruza naturala duten zigarroak eta zigarro txikiak eskuz saltzea.
Ezin izango dira kokatu lokalei erantsitako guneetan edo lokalen aurrean dauden sarbideetan, hala nola haize-babeslekuetan, ataripeetan, portikoetan, merkataritza-guneetako korridoreetan, atarteetan, gelarteetan, eskaileretan, karrerapeetan edo antzeko lekuetan, baldin, eraikinaren zati izanik ere, berez ez badira eraikinaren barrualdea.
Ezaugarriak: makina horiek behar bezala erabiliko direla bermatzeko, mekanismo tekniko egokiak izan beharko dituzte, adingabeek makinak erabiltzea eragozteko.
Bateraezintasunak: makina horien bidez ezin izango da banatu tabakoa ez den ezer.
Erregistroa: Tabako Merkaturako Ordezkaritzak kudeatutako erregistro berezian inskribatuko dira tabako-makinak.
Osasun-ohartarazpena: makinen aurrealdean, argi eta ikusteko moduan, ohar bat agertuko da, euskaraz eta gaztelaniaz, tabakoaren erabilerak osasunean eragiten dituen kalteez ohartarazteko, adingabeei dagokienez bereziki.
3. ATALA
TABAKO-KONTSUMOA MUGATZEA, HIRUGARRENEI ERAGITEN DIEN NEURRIAN
Debekatuta egongo da erretzea erabilera publikoko gune itxi eta erdi-itxi guztietan eta herritarrentzat zabalik dauden edo erabilera kolektibokoak diren lekuetan, titulartasuna publikoa zein pribatua izan. Nolanahi ere, titulartasun pribatua duten erabilera publikoko gune itxi eta erdi-itxietan espresuki baimendu ahal izango da erretzea, bazkide gehienen erabakiaren bidez, entitate titularraren jarduera arautzen duten estatutu-arauetan jasota. Entitate horrek irabazi-asmorik gabekoa izan beharko du, eta berorren helburu sozial edo jardueraren barruan ez da egongo edozein ondasun edo produktu kontsumigarri merkaturatzea edo salerostea.
Lege honen ondorioetarako, gune erdi-itxitzat jotzen dira lokal itxi baten kanpoaldean kokatutako eremu guztiak, baldin eta haien teilatuek edo hormek azaleraren % 50 baino gehiago estaltzen badute eta eremuak etengabe aireztatuak ez badaude, kea era naturalean ezabatzen dela bermatzen duen kanpoko airearen bidez.
Honen ondoren aipatzen diren lekuetan, debekatuta egongo da erretzea:
Lantoki publikoetan eta pribatuetan, aire zabaleko guneetan izan ezik.
Administrazio publikoen eta zuzenbide publikoko erakundeen zentroetan eta bulegoetan, aire zabaleko guneetan izan ezik.
Osasun-etxe, -zerbitzu eta -establezimenduetan, baita erantsitako eremu itxi, erdi-itxi eta aire zabalekoetan ere.
Ikastetxeetan eta prestakuntza-etxeetan, baita erantsitako eremu itxi, erdi-itxi eta aire zabalekoetan ere. Unibertsitate-zentroetan eta bereziki helduen prestakuntzara bideratutakoetan, zentroaren zuzendaritzari baimena ematen zaio erretzeko eremuak jartzeko, gune itxi eta erdi-itxietatik kanpo.
Kirol-instalazioetan, baita erantsitako eremu itxi, erdi-itxi eta aire zabalekoetan ere. Aire zabaleko gune horietan ostalaritzako espazioen ondoko gelak jarri ahal izango dira, behar bezala mugatu eta seinalatuko direnak.
Ikuskizun publikoak egiteko erabiltzen diren lekuetan, baita aire zabalean daudenean ere, baldin eta adingabeentzako jarduerak badira.
Haur-parkeetan eta haurrentzako jolas-toki edo -eremuetan, berariaz adingabeen jolaserako eta olgetarako ekipamendua edo egokitzapenak dituztenean eta behar bezala mugarrituta daudenean; baita aire zabalean ere.
Jendea zuzenean artatzeko eremuetan.
Merkataritza-guneetan, azalera handiak eta galeriak barne, aire zabaleko guneetan izan ezik.
Hoteletan eta antzeko establezimenduetan, aire zabaleko guneetan izan ezik. Hala ere, gelen % 30eraino gorde ahal izango da erretzaileentzat. Erretzaileentzako gelek finkoak izan beharko dute eta ondorengo eskakizunak bete beharko dituzte:
1. Gainerako geletatik bereizita dauden tokietan egotea, eta aireztapena independentea edo kea ezabatzeko bestelako gailurik izatea.
2. Kartel iraunkorren bidez adierazita egotea sarrerako atearen kanpoaldean eta gelaren barruan.
3. Bezeroa aurretiaz jakinaren gainean egotea emango zaion gela motaren inguruan.
4. Langileek gela barrura sartzerik ez izatea bezeroren bat han dagoen bitartean, larrialdi-kasuetan izan ezik.
Tabernetan, jatetxeetan eta sukaldaritzako gainerako establezimendu itxi edo erdi-itxietan.
Aisia- edo olgeta-etxeetan, aire zabaleko guneetan izan ezik.
Gizarte-laguntzako zentro, ostatu eta bestelako establezimenduetan, aire zabaleko guneetan izan ezik.
Kultura-etxeetan, irakurgeletan, erakusketa-aretoetan, hitzaldi-aretoetan, liburutegietan eta museoetan.
Antzokietan, zinema-aretoetan eta gune itxi edo erdi-itxietan egiten diren beste ikuskizun publikoetan.
Dantzalekuetan eta jokorako edo, oro har, erabilera publikoko establezimenduetan, aire zabaleko guneetan izan ezik.
Jakiak edo edariak egiteko, eraldatzeko, prestatzeko, dastatzeko edo saltzeko tokietan edo establezimenduetan.
Igogailuetan eta jasogailuetan.
Telefono-kabinetan, leku itxietako kutxazain automatikoetan eta erabilera publikoko beste leku txiki itxietan. Erabilera publikoko leku txiki itxitzat jotzen da bost metro karratutik gorako hedadurarik ez duena.
Autobus-geltokietan, erabat aire zabalean dauden guneetan izan ezik, hiri-barruko eta hirien arteko garraio kolektiborako ibilgailuetan edo garraiobideetan, enpresako garraio-ibilgailuetan, taxietan, anbulantzietan, funikularretan eta teleferikoetan.
Hiri azpiko garraioko gune guztietan (bagoi, nasa, korridore, eskailera, geltoki eta abar), erabat aire zabalean daudenetan izan ezik.
Geltokietan, portuetan eta trenbide- zein itsas garraiobideetan, aire zabaleko guneetan izan ezik.
Aireportuetan, aire zabaleko guneetan izan ezik.
Zerbitzuguneetan eta antzekoetan.
Beste edozein lekutan, baldin eta erretzea debekatzen bada lege honek edo beste edozein arauk aginduta edo titularraren erabakiz.
Erretzea legez debekatuta dagoen zentro edo guneen sarreretan kartelak jarri beharko dira tabakoa kontsumitzea debekatuta dagoela adierazteko, argi ikusteko eta irakurtzeko moduan.
Oro har, debekatuta egongo da establezimendu itxietan erretzea. Salbuespen gisa, erretzeko eremuak egokitu ahalko dira askatasuna kenduta dauden pertsonentzat, adinekoentzat, desgaitasunen bat duten pertsonentzat, gaixotasun mentala dutenentzat, toxikomanoentzat edo bestelako osasun-kontuengatik toki itxietan dauden pertsonentzat, betiere honako baldintza hauek betetzen badira:
Erretzeko guneek zentroko beste guneetatik fisikoki bereizita egon beharko dute. Orobat, konpartimentu gisa eratuta egongo dira, eta ez dira erretzaile ez direnentzat ezinbesteko igarobide izango.
Aireztatzeko sistema egokia izango dute, tabakoaren kea ezabatzea bermatuko duena.
Erretzeko egokitutako eremua ez da inola ere establezimenduaren azaleraren % 10 baino handiagoa izango.
Erretzeko egokitutako tokietan, gaixoek, egoiliarrek edo askatasuna kenduta dauden pertsonek bakarrik erre ahal izango dute, eta ezin izango dira adingabeak egon.
Ikusteko moduan seinaleztatuta egon beharko dute gune horiek.
Zentroetako titularrek konpromisoa hartuko dute tabakoaren mendekotasuna gainditzeko programak antolatzeko, aurreko paragrafoan aipatutako pertsonentzat, tabakoaren kontsumoa uztea edo gutxitzea lortzen saiatzeko.
HIRUGARREN KAPITULUA
NIKOTINA ASKA DEZAKETEN GAILUEN PUBLIZITATEA, SUSTAPENA, BANAKETA, SALMENTA ETA KONTSUMOA MUGATZEKO NEURRIAK
Debekatuta dago nikotina aska dezaketen gailuen publizitate guztia, kasu hauetan izan ezik:
Produktu hauen merkataritzan parte hartzen duten profesionalentzat bakarrik diren argitalpenetan.
Europar Batasuna osatzen duten herrialdeetatik kanpo argitaratu edo inprimatu diren eta produktu horien publizitatea daukaten argitalpenetan, baldin eta argitalpen horiek ez badira nagusiki Europar Batasuneko merkaturako eginak. Edonola ere, halako publizitatea debekatuta egongo da argitalpenak batez ere adingabeentzat baldin badira.
Debekatuta egongo da nikotina aska dezaketen gailuak babestea eta haien beste edozein motatako sustapena egitea bitarteko eta euskarri guztietan, baita makina automatikoetan eta informazioaren gizartearen zerbitzuetan ere. Debeku honetatik salbuesten dira nikotina aska dezaketen gailuak merkaturatzen diren establezimenduetan egindakoak, betiere adingabeei zuzentzen ez badira eta ez bada produktuaren doako banaketarik egiten.
Debekatuta egongo da zuzenean edo zeharka produktu horiek sustatu nahi dituzten jarduerak edo produktuen, ondasunen edo zerbitzuen doako edo sustapenezko banaketa, produktu horiek saltzen diren saltokien sarean izan ezik.
Euskadin kokatutako eta bertan egindako telebista-programetan, aurkezleak, elkarrizketatuak, kolaboratzaileak edo gonbidatuak ezingo dira nikotina aska dezaketen gailuak erabiltzen agertu, ez eta salgai horien markak, izen komertzialak, logotipoak zein produktu horiek identifikatzeko edo gogora ekartzeko balio duten bestelako zeinuak bistan direla ere.
Debekatuta egongo da dena delako markak, gauzakiak edo produktuak, duen izenagatik, erabilitako hitzengatik, grafismoagatik, aurkezteko moduagatik edo beste arrazoiren batengatik, zeharka edo erdi ezkutuan nikotina aska dezaketen gailuen publizitatea egitea, produktu horiek saltzen diren establezimenduetan izan ezik.
Ezin izango da zabaldu gailu horiek tabakoren kontsumoa ordezteko metodoa direnik, ezta kalterik sortzen ez dutenik eta osasunarentzat arriskurik ez dutenik ere.
Debekatuta egongo da nikotina aska dezaketen gailuen publizitatea egitea hezkuntzako edo gizarteko ekitaldietan edo haiek babestekoetan; debeku bera egongo da lehiaketen, zozketen eta kontsumoa eragiteko antzeko beste jardueren bidez egindako sustapenetan ere.
Nikotina aska dezaketen gailuen salmenta eta banaketa behar bezalako segurtasun- eta etiketatze-neurriekin egingo da, eta honako muga hauek errespetatu beharko dira:
Debekatuta egongo da nikotina aska dezaketen gailuak 18 urtetik beherakoei saltzea edo banatzea.
Produktu horiek merkaturatzen diren tokietan, horri buruzko kartelak jarriko dira, ikusteko moduan. Kartel horiek, gainera, informatu beharko dute debekatuta dagoela 18 urtetik beherakoei saltzea, nikotina dutela eta kaltegarriak izan daitezkeela osasunerako.
Establezimendu horietan erosle guztiei eskatuko zaie adindun direla egiazta dezatela balio ofizialeko agiri baten bidez, halakoak direla begi-bistakoa denean izan ezik.
Debekatuta egongo da, merkataritza- edo enpresa-jarduera bat gauzatzean, produktu horien edozein lagin ematea edo banatzea, doakoak izan ala ez. Produktu horiek deskontua aplikatuta saltzea ere debekatuta egongo da.
Merkataritza- edo enpresa-jarduera batean nikotina aska dezaketen gailuen laginak ematea edo banatzea gertatzen dela esango dugu baldin eta fabrikatzaileak, ekoizleak, banatzaileak, inportatzaileak edo saltzaileak zuzenean eman edo banatzen badu.
Nikotina aska dezaketen gailuen makina bidezko salmenta eta banaketari tabako produktuentzat 39. artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko zaio. Makinen aurrealdean, argi eta ikusteko moduan, ohar bat jarri beharko da, produktu horien erabilerak osasunean eragiten dituen kalteez ohartarazteko, adingabeei dagokienez bereziki.
Nikotina aska dezaketen gailuen kontsumoari tabako kontsumoarentzat 40. artikuluan aurreikusitako xedapenak aplikatuko zaizkio, eta produktu horiek erabiltzea debekatuta dagoen zentro edo guneen sarreran, eta ikusteko eta irakurtzeko moduan, kartelak jarri beharko dira horiek kontsumitzea debekatuta dagoela adierazteko eta, halakorik badago, kontsumitzea baimenduta duten tokiak zein diren adierazteko.
LAUGARREN KAPITULUA
BESTELAKO SUBSTANTZIEN MUGAK
Osasun Administrazioak, indarrean dagoen legeriak dioenaren barruan, arreta berezia jarriko du sendagaiak baita estupefazienteak eta psikotropoak ere kontrolatzeko eta ikuskatzeko, hain zuzen ere ekoitzi, banatu eta denda edo botiketan saltzeko orduan. Halaber, gai horiek ekoizten, lantzen eta inportatzen dituzten laborategi, zentro edo establezimenduak, handizkako biltegiak eta farmazia-bulegoak ere kontrolatu eta ikuskatuko ditu.
Prebentzioari eta sendagaiak egokiro erabiltzeari dagokionez, Osasun Administrazioak ondorengoak egingo ditu:
Herritarrek era horretako sendagaiak nola erabiltzen dituzten aztertu eta horren jarraipena egingo du, zer gai eta zenbat hartzen diren jakiteko eta osasun publikoarekin zerikusia duten beste arlo batzuen berri izateko ere, arreta ipiniz, bereziki, genero-ikuspuntuan.
Arreta berezia jarriko du gizartearen hezkuntzan, sendagai horiek ez daitezen erabili helburu terapeutikoetatik kanpora, erabiltzaile izan daitezkeenei eta erabiltzaile direnei zuzendutako kanpainen bidez. Kanpainetan produktu horiei buruzko informazio orokorra eta zehatza emango da. Era berean, arreta berezia jarriko du gai horiek legez kontrako trafikora ez iristeko.
Sendagileen eta botikarien ordezkariekin harremanetan jarriko da, sendagai horiek neurriz erabiltzeko helburua duten planak gauzatzeko eta gehiegi kontsumitzen diren jakiteko, horri irtenbidea aurkitzeko asmoz.
Etxean edo industrian erabiltzen diren zenbait produktu eta gai lurrunkor, erregelamendu bidez zehaztuko direnak, behar ez bezala erabiltzeko aukerari aurre hartzeko, Eusko Jaurlaritzak jarduera hauek egingo ditu:
Produktu horien toxikotasunaren edo arriskuaren berri emateko etiketak erabiltzea bultzatuko du.
Produktu horiek egiterakoan, beste gai gehigarri batzuk erabiltzea bultzatuko du; gai horiek produktua era arriskutsuan erabiltzeari trabak jartzeko modukoak izan beharko dute eta ez dute erabiltzaileentzat ondorio kaltegarririk izan beharko.
Adingabeei ezingo zaizkie produktu horiek inola ere saldu edo banatu.
Substantzia horiek dituzten produktuak ezin izango dira adingabeen arreta bereziki beregana dezaketen kolore, itxura eta grafismoarekin edo bestelako ezaugarriekin eskaini.
BOSGARREN KAPITULUA
JOKABIDE-ADIKZIOAK ERAGIN DITZAKETEN PORTAEREKIN ERLAZIONATUTAKO ZERBITZUEN ETA ESTABLEZIMENDUEN INGURUKO MUGAK
Ausazko jokoen eskaintza Euskal Autonomia Erkidegoan jokoa arautzen duen azaroaren 8ko 4/1991 Legearen eta legea garatzen duen araudiaren mende geratuko da, bai eta aplikagarria den nazioarteko, Estatuko edo Erkidegoko beste edozein xedapenen mende ere.
Modu espezifikoan eta arazoak sor ditzaketen jokoak edo joko patologikoak prebenitzeko, Eusko Jaurlaritzak neurri hauek bultzatuko ditu:
Joko arduratsuaren printzipioak aplikatzen direla ziurtatzeko neurriak:
1. Nahitaezkoa izango da joko-establezimenduetan eta joko-makinak dituzten ostalaritzako establezimenduetan informazio argia eta zehatza ematea erabiltzaileek jakin dezaten jokoa ez dela diru-iturri edo ogibide bat; hau da, aisialdirako aukera bat baino ez dela, eta, hargatik, era arduratsuan, kontrolatuan eta neurritsuan jokatu behar dela. Horretarako, informazio-materiala jarriko da jokalarien eskura, eta kartelak eta oharrak ere bai, ondo ikusteko lekuetan.
2. Joko arduratsuari buruzko prestakuntza ikastaroak antolatzeko eta langileei eskaintzeko betebeharra ezartzea joko-enpresetako titularrentzat. Joko-enpresetako titularrek eta langileek parte hartu beharko dute ikastaro horietan.
Jokoaren testuingurua aldatzeko neurriak:
1. Jokoaren sektorearen erantzukizun sozial korporatiboa sustatzea, enpresa-jarduerak irekiak eta gardenak izan daitezen, balio etikoetan eta elkarrenganako errespetuan oinarrituak (langileak, jokalariak, gizartea oro har eta ingurumena).
2. Jokoaren adikzioan gehien eragin dezaketen ezaugarriak apaltzeko mekanismo edo gailuak bultzatzen dituen joko-eskaintza bilatzea.
3. Baimendutako joko-enpresek eta beren langileek jokalariei maileguak ez ematea bultzatzea, ezta ordainketa atzeratua onartzea ere.
4. Hozteko eta baretzeko prozedura fisikoen bidez aurre egitea joko-jarduerak egiten diren tokietan dirua eskudirutan lortzeko beharrizan itsuari.
5. Protokolo espezifikoak ezartzea, informazio-teknologietan eta monitorizazio-sistemetan oinarrituriko jokoa kontrolatzeko eta ikuskatzeko.
6. Ingurumen eta zarataren aldetik errespetuzkoak diren parametroak erabiltzea joko-ingurunetan.
Ausazko jokoen eskuragarritasuna mugatzeko neurriak:
1. Establezimenduak, makina kopurua eta lokalen eraketa kontuan hartuko dituen joko-eskaintza orekatua eta koherentea planifikatzea, arreta jarrita bereziki adingabeak sarri ibiltzen diren tokietan.
Ausazko jokoen publizitatea mugatzeko neurriak:
1. Ausazko jokoen informazio-sustapena egokitzea jokoaren arloan Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen araudira.
2. Ausazko jokoen publizitateari buruzko arauek xedatutako mugak betetzeko kontrol-neurri eraginkorrak hartzea.
3. Lotzea joko-jardueren publizitaterako eta sustapenerako ekintzen baimena joko arduratsuari buruzko mezu informatiboekin.
Kolektibo kalteberak babesteko neurriak:
1. Jokoa debekatzea adingabeei, legez ezgaitu direnei, jokoa debekatuta dutenen zerrendan agertzen direnei debekatuta duten jokorako eta ordena, lasaitasuna eta jokoan aritzea eragozten dutenei.
2. Joko-establezimenduetan (kasino, bingo, joko-areto, apustu-lokal eta loteria-administrazioetan) sarrera debekatzea adingabeei, legez ezgaitu eta jokoa debekatua dutenen zerrendan ageri direnei debekatua duten lokal motarako, bai eta ordena, lasaitasuna eta jokoen garapena eragozten dutenei ere.
3. Sartzeko debekuak behar bezala betetzeko neurriak hartzea.
4. Joko arduratsuari eta joko-debekuei buruzko sentsibilizazio- eta informazio-kanpainak egitea hedabideetan, kolektibo kalteberak babesteari begira, bereziki azpimarratuz ardurarik gabeko jokoaren ondorioak.
Artikulu honetako neurri guztiak aplikagarriak dira bai joko presentzialaren eskaintzari bai on line jokoaren eskaintzari.
Teknologia digitalen eta aplikazio berrien gehiegizko erabilerak eragin ditzakeen arriskuak prebenitzeko, administrazio publikoek neurri hauek hartuko dituzte:
Bereziki Hezkuntza Administrazioak, eragile pribatuekin koordinatuta, haur eta gazteak babesteko jarduera eta programak gauzatuko ditu. Horien helburua izango da adingabeak eskuratzea Internet, teknologia digitalak, bideo-jokoak eta gizarte-sareak modu egokian eta seguruan erabiltzeko trebetasunak eta gaitasunak.
Teknologia digitalen eta aplikazio berrien gehiegizko erabilerak sor ditzakeen arriskuen inguruko informazioa hobetzera zuzendutako neurriak. Horretarako, Euskadin egiten diren bideo-jokoetan eta modari, aisialdiari eta jolas-jarduerei buruzko web-orrietan eta horien gizarte-sareetan prebentzio-mezuak agertzea sustatuko da, batez ere haur, nerabe eta gazteei zuzenduak badaude.
Kolektibo kalteberak babesteko neurriak:
Bideo-jokoetara, Internetera eta gizarte-sareetara konektatuta egoteko denbora kontrolatzeko programen diseinua bultzatu, eskatzen duen edozein pertsonaren eskura jartzeko doan, bereziki adingabeen gurasoen eskura.
Lineako bideo-jokoetan norbera baztertzeko sistema baten diseinua bultzatzea, ausazko jokoetarako aurreikusitakoaren parekoa.
HIRUGARREN TITULUA
ASISTENTZIA SANITARIO ETA SOZIOSANITARIOA
Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Administrazioari dagokio osasun-arreta ematea adikzioak dituzten pertsonei edo sufritzeko arriskua daukatenei, eta kolektibo horri zuzendutako arreta soziosanitarioa gizarte-zerbitzuen sarearekin koordinatzea ere badagokio.
Euskal osasun-sistemaren zerbitzu-eskaintzaren osasun-prestazioak eta Euskadiko Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Legean aurreikusitako zerbitzuak aintzat hartuta, arreta osoa emango zaie adikzioren bat (substantziarekiko adikzioak zein jokabide-adikzioak) dutenek izan ditzaketen behar indibidualei. Arreta hori modu ekitatiboan emango da lurralde osoan, komunitatearen parte-hartze aktiboarekin eta, betiere, eremu eta zerbitzuen arteko lankidetza eraginkorra bermatuz.
Adikzioen arloko osasun-jardueretan, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-zerbitzuak honako irizpide hauei jarraituz arituko dira:
Adikzioak dituzten pertsonei edo izateko arriskuan daudenei asistentzia modu global eta integralean emango zaie, paziente bakoitzaren berezitasunak errespetatuz, dituen behar zehatz eta indibidualak kontuan hartuta; pertsona guztien eskubideak babestuko dira, eta dauden prestazio publikoak ekitatez eta berdintasunez lortuko direla ziurtatuko, betiere osasun-sistema nazionalaren osasun-prestazioen araubideari buruz Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dauden arauetan jasotako baldintzetan.
Edonola ere, artatzen diren pertsonen balioak eta kontzientzia-askatasuna errespetatuko dira, kontuan izanda, modu autonomoan eta erantzukizunez, esku-hartze, prozedura edo prestazio zehatz batzuk onartu edo errefusatu ditzaketela.
Normalizazioaren alde egingo da. Horrek esan nahi du osasun-sistema osoaren barruan dauden ohiko egitura eta baliabide arruntak erabiliko direla asistentziarako, eta saihestuko dela salbuespenik egitea eta inor estigmatizatzea, era honetako asistentziak dituen ezaugarriek eskatzen dituzten salbuespenak salbuespen: esaterako, desintoxikazio edo adikzioa gainditzeko prozesuan dauden pazienteak, patologia duala dutenak, edo erabaki daitekeen beste ezer.
Osasun-arretaren helburu nagusiak dira: desintoxikazioa eta adikzioa gainditzea, arriskuak eta kalteak gutxitzea eta, oro har, adikzioa duten pertsonen osasun-egoera eta bizi-kalitatea hobetzea.
Adikzioren bat duten pertsonei zuzendutako osasun-programen artean, zientzia-ebidentziak bermatutako tratamenduak egongo dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Administrazioak, zerbitzu-eskaintzaren barruan, asistentziaren eraginkortasuna hobetu dezaketen teknika eta programa terapeutiko berrien ezarpena bultzatuko du, zientzia-ezagutza eguneratu eta independenteari jarraiki.
Adikzioren bat duten pertsonen osasun-arazoei emandako arreta, batez ere, komunitate-eremuan emango da, eta lehentasunez erabiliko dira ospitalez kanpoko asistentzia-baliabideak, ospitaleratze partzialeko sistemak eta etxez etxeko arreta, ospitaleratzearen beharra ahalik eta gehien murrizteko. Posible den guztietan, ohiko ingurunean edukitzen ahaleginduko dira pertsona horiek eta komunitatearen parte-hartze aktiboa bilatuko da asistentziaren aldi ezberdinetan.
Dena delako prozesuarengatik pazientea ospitalizatu behar bada, dagokien ospitale-unitateetan ospitalizatuko dira.
Terapia-eskaintza integrala izango da, eta arreta zatitu edo ezberdina saihestuko da. Zainketak etengabeak izan daitezen, dauden baliabide guztiak koordinatuko dira osasun-arlokoak, komunitarioak eta gizarte-alorrekoak. Horretarako, lurralde historiko bakoitzean, urtero, osasun-zerbitzuen eta gizarte-zerbitzuen arteko plangintza bateratu operatiboa egingo da, beti ere, lurralde batzorde operatibo bakoitzaren plan operatibo soziosanitarioaren testuinguruan.
Osasun mentaleko eta lehen arretako zerbitzuak modu eraginkorrean koordinatuko dira, adikzioak antzemateko, orientazioa emateko eta tratamenduak egiteko.
Zerbitzuak ekitatez banatuko dira lurralde osoan, eta baliabideak zentzuz aprobetxatzen ahaleginduko da.
Opiazeoekiko mendekotasuna duten pertsonei substantzia horien bidezko tratamenduak emateko, horien arautegi espezifikoan ezarritakoa beteko da.
Adikzioak dituzten pertsonei zuzendutako zerbitzu eta ekipamenduak osasun-sareko baliabide hauetan daude sarturik: lehen mailako arreta, osasun mentala, ospitale-arreta, larrialdietako asistentzia, arreta soziosanitarioa, eta lehen eta bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuen sarea.
Hain zuzen ere, arlo soziosanitarioko ardura duten administrazioek, indarrean dagoen araudiari jarraituz, zerbitzu hauek izango dituztela bermatuko diete adikzioak dituzten pertsonei eta haien familiei:
Baliabide sanitario eta soziosanitarioak erabili ahal izatea.
Informazioa, orientazioa, aholkularitza, balorazio bereizia eta norberaren eta familiaren egoerari buruzko ebaluazioa.
Adikzioak dituzten pertsonak edo jasateko arriskuan daudenak gizarteratzeko esku-hartzeak egin eta zaintzak ematea bai eremu pertsonal, psikosozial eta teknikoan nola gizarte-hezkuntzakoan eta etxekoan.
Desintoxikatzeko, adikzioa gainditzeko eta kalteak gutxitzeko zerbitzuak, ordezko tratamenduak, eta drogen kontsumoak eta jokabide-adikzioek eragindako konplikazio organiko eta psikikoei eta larrialdiei erantzutea.
Kronikotasun eta osasun-arrisku handia izan eta mendekotasuna duten pertsonentzako berariazko programak, komorbilitatearekin zerikusia dutenak barne (hau da, pertsona batek substantzia psikoaktibo batek eragindako nahasmendu bat eta nahasmendu psikiatriko bat batera izatea).
Adikzioak izanda, gizarte-bazterketa larrian dauden pertsonei zuzendutako berariazko ekintza, programak eta zerbitzuak: harrera, osasunerako hezkuntza, bizi-ohitura osasungarrien sustapena, prebentzioa edo errehabilitazioa, integrazioa eta norberaren ahalmenak hobetzea, arriskuak gutxitzea eta kalteak gutxitzea.
Adikzioak dituzten edo izateko arriskuan daudenen familiei zuzendutako orientazio- eta aholkularitza-jarduerak eta laguntza psiko-hezkuntzakoa ematea eta, hala badagokie, terapeutikoa, eta bestelako laguntza-neurri batzuk ere bai.
Adikzioak dituzten edo sufritzeko arriskuan dauden pertsonei eta haien senide edo legezko erantzuleei zuzendutako informazio-sistemak garatzea, eskubide eta betebeharren, baliabide eta zerbitzuen, eta iradokizunak eta erreklamazioak egiteko prozeduren berri emateko.
Alor soziosanitarioan ardurak dituzten administrazioek aintzat hartu beharko dute genero- ikuspuntua, beren programa, zerbitzu eta ekintza guzti-guztietan, eta esku-hartze zehatzak aurreikusiko dituzte adikizioaz gain beste gizarte-egoera berezi batzuk ere bizi dituztenentzat, hala nola indarkeria matxista, batera gertatzeak pertsona osatzea oztopatzen baitute.
Lehen mailako arreta, osasun mental, ospitale-arreta, larrialdietako asistentzia eta arreta soziosanitarioan diharduten zentro eta zerbitzuek, lehen eta bigarren mailako gizarte-zerbitzuen sarearekin koordinatuta, protokoloak, arauak eta baliabideak izango dituzte, adikzioak dituzten edo izateko arriskuan dauden adingabeak antzemateko, diagnostikatzeko, balioesteko eta tratamendua emateko, bai eta jarrera osasungarriak indartzeko ere; horrenbestez, behar izanez gero, tratamendu-plan indibidualizatuak egingo dira, arretan jarraitzen dutela ziurtatuko da eta erraztasunak emango dira senideak eta legezko erantzuleak inplikatu daitezen.
Alor soziosanitarioan eskumenak dituzten administrazioek arreta berezia emango diete kronikotasun eta osasun-arrisku handian, babes-faltan eta gizarte-bazterketa larrian dauden pertsonei.
Programa zehatzak egingo dira adikzioak substantziekiko adikzioak zein jokabide-adikzioak dituzten edo izateko arriskuan dauden presoentzat. Halaber, izaera bereko programak eratuko dira, adingabeen zaintza edo erreformarako zentroetan dauden eta adikzioak dituzten edo pairatzeko arriskuan dauden adingabeentzat.
Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Administrazioak beste administrazio publiko batzuek edo hirugarren sektoreko entitate pribatuek garatzen dituzten programa hauek lagundu ditzake antolamendu juridikoan aurreikusitako lankidetza- eta kolaborazio-formulen bitartez: desintoxikazioa, adikzioa gainditzea, arriskuak txikiagotzea, kalteak gutxitzea, jarrera osasungarriak indartzea eta tarteko helburuak bilatzea.
LAUGARREN TITULUA
GIZARTERATZEA
Gizarte-zerbitzuen euskal sistemak erantzuna emango die adikzioak dituzten edo izateko arriskuan dauden pertsonen beharrei substantziekiko adikzioak zein jokabide-adikzioak, gizarte-arretaren arloan. Horretarako, beharrezko diren lehen edo bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuak eratuko dira, eta, zehazki, pertsonen, familien eta taldeen bazterketa-egoerak prebenitzeko eta artatzeko eta egoera horietan daudenen gizarteratzea bultzatzeko zerbitzuak, Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.
Zerbitzu horiek ematean, aipaturiko legean ezarritako printzipio, eskubide eta betebeharrak errespetatuko dira, osorik, lege horretan araututako arreta pertsonalizatu eta esku-hartze ereduaren esparruari jarraituz, eta arau horrek esku hartzeko aurreikusten duen oinarrizko prozedura aplikatuz.
Gizarteratzeko eta diru-sarrerak bermatzeko euskal sistemak erantzuna emango dio adikzioak dituzten edo sufritzeko arriskuan dauden pertsonen zenbait beharri; hain zuzen ere, oinarrizko premia ekonomikoei eta gizarteratzeko eta laneratzeko beharrei. Horretarako, diru-prestazioak edo gizarteratzeko edo laneratzeko aktibazio-tresnak eratuko dira, gizarteratzeari eta diru-sarrerak bermatzeari buruz Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen esparru juridikoan ezarritako eran. Diru-prestazio eta gizarteratze aktiborako tresna horiek aurreikusterakoan, aipaturiko legerian ezarritako printzipio, eskubide eta betebeharrak errespetatuko dira, guztiz.
Beharrezko eta komenigarri den kasuetan, aipatutako esparru juridikoan ezarritakoari jarraituz, baliabide horiek gizarteratze aktiborako hitzarmen baten eremuan eratuko dira.
Gizarte-zerbitzuen euskal sistemak, adikzioa duten edo izateko arriskuan dauden pertsonei zuzendutako arreta ematerakoan, honako lehentasun hauek izango ditu:
Adikzioa duten edo izateko arriskuan dauden pertsonen gizarte-bazterketa eragiten duten kausak prebenitzea, eta pertsona horien autonomia mugatzen duten kausei aurrea hartzea, arreta berezia jarrita zenbait faktoreri, hala nola adinari eta generoari.
Adikzioa duten edo izateko arriskuan dauden pertsonen autonomia eta gizarteratzea sustatzea, baldin eta gizarte-bazterketako egoeran edo egoteko arriskuan daudela ikusi bada.
Adikzioa duten edo izateko arriskuan dauden pertsonak artatzea, gizarte-prestazioen eta zerbitzuen katalogoko zerbitzuen bidez, baldin eta ezinbestekoa bada, pertsona babesik gabe, mendekotasun-egoeran edo gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dagoelako; horrelakoetan, arreta pertsonalizaturako plan baten esparruan, zerbitzu edo prestazio ekonomikorik egokienak eratuko dira.
Halaber, gizarte-zerbitzuen euskal sistemak ekimenak sustatuko ditu bereziki, gizarte-prestazio eta zerbitzuen katalogoari jarraituz, gizarte-zerbitzuen esparruko partaidetza eta gizarteratzea sustatzeko zerbitzutik adikzioen fenomenoaz gizartean dagoen ikuspegia pixkanaka aldatzeko, eta horrelako egoerak soilik norberaren erantzukizunaren mende uzten duten estereotipoak desagerrarazteko.
Gizarteratzeko eta diru-sarrerak bermatzeko euskal sistemak, adikzioren bat edo izateko arriskua duten pertsonei ematen dien arretan, zeregin hauek izango ditu:
Oinarrizko behar ekonomikoak betetzen direla bermatzea, diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria tramitatuz, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legean azaroaren 24ko 4/2011 Legeak aldatua ezarritakoari jarraikiz.
Pertsona horien gizarteratzea sustatzea, aktibazio neurrien bidez, egoki dela jotzen den kasuetan, araudi horrek aurreikusitako gizarteratze aktiborako tresnen esparruan.
Halaber, gizarteratzeko eta diru-sarrerak bermatzeko euskal sistemak segurtasun, higiene, ingurumen eta laneko osasunaren arloko politikak kudeatzeko ardura duen Eusko Jaurlaritzaren organoaren bidez ekimenak sustatuko ditu, lan-eremuan adikzioen inguruan dagoen pertzepzioa pixkanaka aldatzeko, eta horrelako egoerak soilik norberaren erantzukizunaren mende uzten duten estereotipoak desagerrarazteko.
Gizarteratze arloan, euskal administrazio publikoek neurriak hartuko dituzte arretaren kalitatea, profesionalen prestakuntza eta ikerketa bermatzeko, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legean jasotakoari jarraiki.
BOSGARREN TITULUA
EZAGUTZAREN GARAPENA ETA KUDEAKETA
Osasun Administrazioak, informazio eta zaintza epidemiologikoko sistemen bidez, herritarren artean adikzioek substantziekiko adikzioak eta jokabide-adikzioak duten magnitudearen eta hainbat maiztasunetan dauden desberdintasun sozialen berri emango du: biztanle-maiztasunean, asistentzia-maiztasunean, morbilitatean eta hilkortasunean. Horretarako, besteak beste, tratamenduaren, heriotza-tasaren eta artatutako larrialdien inguruko adierazleak ezarriko dira.
Asistentzia-sareen barruan informazio-zerbitzuak sortu eta jartzea bultzatuko dute osasun- eta gizarte-arloan eskumena duten administrazioek. Informazio-zerbitzu horiek informazioa, aholkularitza eta orientazioa eskainiko diete osasun-zerbitzuen, gizarte-zerbitzuen eta zerbitzu soziosanitarioen erabiltzaileei eta zerbitzu horietan lan egiten duten profesionalei, adikzioei nola aurrea hartu eta nola tratatu jakiteko. Beti, erabilitako datuen konfidentzialtasuna bermatuko da.
Lan-administrazioak lan-, segurtasun-, higiene-, ingurumen- eta osasun-politiken ardura duen Eusko Jaurlaritzako organoaren bidez lan-munduan adikzio-ahalmena duten substantziak kontsumitzeak eta jokabide-adikzioak sortzeko arriskua duten portaera neurrigabeak izateak dituzten ondorioei buruzko informazioa eman, zabaldu eta alor horretako prestakuntza-jarduerak burutuko ditu. Horretarako, azterlanak eta txostenak egingo ditu, laneko segurtasunean eta osasunean adikzio-ahalmena duten substantziak kontsumitzeak eta jokabide-adikzioak sortzeko arriskua duten portaera neurrigabeak izateak zer ondorio dituzten jakiteko. Era berean, enpresek informazioa emateko beren kabuz egiten dituzten jarduerak babestuko ditu.
Lege honen 9. eta 17. artikuluetan osasunerako hezkuntza eta hezkuntzaren alorreko prebentzioari buruz xedatutakoa eragotzi gabe, eta hura osatzeko, Hezkuntza Administrazioak irakasleei eta ikasleen gurasoei edo tutoreei zuzendutako informazio-, zabalkunde- eta prestakuntza-ekimenak sustatuko ditu adikzio-ahalmena duten substantziak kontsumitzeak eta jokabide-adikzioak sortzeko arriskua duten portaera neurrigabeak izateak dituzten ondorioei buruz.
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek erabakiko dute zer programa garatu behar diren osasun-arloko langileak, gizarte-zerbitzuetakoak, hezitzaileak, Ertzaintzak, gizarteko beste bitartekari batzuk nahiz adikzioekin erlazionatutako zereginetan aritzen diren langileak prestatzeko. Horretarako, Administrazioak berak dituen baliabideez gainera, prestakuntzako proiektuak burutzen dituzten gizarte-ekimeneko elkarteen edo bestelakoen laguntza izango du.
Eusko Jaurlaritzak, adikzioen arloan eskumena duen organoaren bidez, adikzioen arloko substantziekiko adikzioak edo jokabide-adikzioak prestakuntza-edukiak garatzea sustatuko du.
Helburua izango da: lehen mailako arretako osasun-zerbitzuetako eta oinarrizko gizarte-zerbitzuetako profesionalei zuzendutako oinarrizko prestakuntza diseinatzea, substantzien kontsumo problematikoak eta jokabide-adikzioak sortzeko arriskua duten portaera neurrigabeak garaiz antzematen laguntzeko.
Osasun-arloko, gizarte- eta gizarteratze-zerbitzuetako prebentzio-, asistentzia- eta gizarteratze-programa espezializatuetan parte hartzen duten profesionalentzako prestakuntza espezializatua diseinatzea.
Eusko Jaurlaritzak, adikzioen behatoki bat izango du laguntza- eta asistentzia-organoren barrukoa informazioa zentralizatzeko, eta Osasunaren Euskal Behatokiaren parte izango da. Gizarteari adikzioei buruzko ikuspegi orokorra ematea izango du helburu. Horretarako, behatokiak informazioa bilduko du adikzioen arloko eragile guztietatik, baina informazio hori konfidentziala dela bermatuko du.
Eusko Jaurlaritzak Adikzioen Behatokiaren bidez:
Aldian aldiko inkestak eta azterketa epidemiologikoak, ekonomikoak eta sozialak egingo ditu, adikzioen eragina, prebalentzia eta zer arazo sortzen dituzten ezagutzeko.
Ikerketa-, prestakuntza- eta azterketa-ildoak sustatuko ditu, adikzioak osasunaren gizarte-determinatzaileen eta osasun arloko desberdintasunen esparruan aztertzeko.
Adikzioek emakumeengan eragiten dituzten arazoak eta horien prebalentzia eta intzidentzia ezagutzeko ikerketa-ildoak sustatuko ditu.
Komorbilitatearen fenomenoarekin eta ebidentzia zientifikoan oinarritutako estupefaziente gisa sailkatutako farmako berrien erabilerarekin erlazionatutako ikerketa klinikoko ildoak sustatuko ditu. Horrez gain, substantzia psikoaktibo berrien fenomenoa ere aztertuko du.
Substantziarik gabeko adikzioen edo jokabide-adikzioen inguruan, nazioarte-mailan egiten ari diren ikerketetan parte hartuko du gai hauetan:
1. Adikzio gisa sailkatzeko ebidentzia zientifiko nahikorik ez izan arren, adikzio-eredu bat ekar dezaketen portaera neurrigabeen kontzeptualizazioa.
2. Diagnostikoak egiteko tresnak baliozkotzea.
Aldizka, adikzioen esparruan dagoen dokumentazioa eguneratuko du uneko ebidentzia zientifikoak aintzat hartuta. Edozein erakunde publiko zein pribatuk, profesionalek eta interesa duten guztiek dokumentu horiek aztertzeko aukera izango dutela bermatuko du.
Jarritako helburu horiek lortzen laguntzeko Eusko Jaurlaritzak izenpetuko dituen lankidetza-hitzarmenetan lehentasuna izango dute Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako unibertsitateek.
Eskumena duten administrazioek, genero-ikuspuntua kontuan hartuta, urtero ebaluatuko dituzte adikzioen arloko prebentzio-, asistentzia-, gizarteratze-, prestakuntza- eta ikerketa-arloetan dagokion adikzio-planaren esparruan garatutako programa publikoak.
Ebaluazioan sartuko dira egituraren analisia, prozesua eta jardueraren emaitzak, betiere, dauden baliabideen eta ezagutzaren arabera. Gainera, jarduera hobetzeko gomendioak ere jasoko dira.
Euskadiko administrazio publikoek sariak eta ohorezko aipamenak sortu ditzakete, adikzioen esparruan prebentzio-, asistentzia-, gizarteratze-, prestakuntza- edo ikerketa-arloetan nabarmendu diren pertsona fisiko zein juridikoen, publiko zein pribatuen lana publikoki aintzatesteko.
Sari horien edukia eta ezaugarriak, hala badagokio, erregelamendu bidez zehaztuko dira.
SEIGARREN TITULUA
ERAKUNDE ANTOLAMENDUA, KOORDINAZIOA, PLANGINTZA ETA GIZARTE EKIMENA
LEHENENGO KAPITULUA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOEN ARTEKO ANTOLAMENDUA ETA KOORDINAZIOA
1. ATALA
EUSKADIKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ARTEKO ESKUMEN-BANAKETA
Eusko Jaurlaritzaren, foru-aldundien eta udalen ardura da lege hau garatzeko eta aplikatzeko jarduera publikoak egitea eta hartu beharreko neurriak hartzea, sektore-legediak erakunde bakoitzari, adikzioen arloan, ematen dizkion eskumenen arabera; arlo hauetan:osasun publikoa, hezkuntza, kultura, gazteria eta kirola, gizarteratzea, Europako Erkidegoaren politika, segurtasuna, laneko segurtasun-, higiene- eta osasun-arloko politiken kudeaketa, toki-araubidea, barne-merkataritza, Justizia-Administrazioa eta espetxeak, publizitatea eta komunikabideak, ingurumena eta hirigintza, jokoa, estatistika eta ikerketa eta adikzioekin zerikusirik duen edozein.
Euskadiko administrazio publikoek, beren eskumenak gauzatzerakoan, eragina izan dezakete adikzioen arloko sektore edo arlo estrategikoetan, hala nola osasun-sustapenean, prebentzioan, asistentzian, gizarteratzean eta prestakuntza eta ikerketan, baita administrazio batek baino gehiagok esku hartzen badu ere, baldin eta bikoiztasunik ez badago.
Euskadiko administrazio publikoen artean eskumenak ez gainjartzeko, administrazioen arteko lankidetza-tresnak eta ordenamendu juridikoan aurreikusitako eskumenak erabiltzeko formulak eratu ahal izango dira, betiere herritarren beharrak betetzen direla bermatzeko egokiak badira, bereziki lege honen 72. artikuluan araututako Adikzioen Erakundearteko Batzordean proposatutako irizpideetan oinarriturik. Horrelakoetan, tresna eta formula horiekin batera, finantzaketa-sistemak ere zehaztu behar dira.
Administrazio publikoek modu koordinatuan jardungo dute sistemaren kohesioa eta baliabideen erabilera efizientea ziurtatzeko.
Eusko Jaurlaritzari dagokio:
Lege honetatik eratorritako adikzioen arloko araudia eta erregelamenduzko xedapenak onestea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Adikzioen Plana, urteroko betetze-memoria eta azken ebaluaketa-memoria onartu eta garatzea.
Lege honen helburu diren arloekin zerikusia duten behar, eskari eta baliabideak balioestea.
Adikzioei buruzko informazio-sistema zentralizatua sortzea, kontsumoaren eta horri lotutako arazoen etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egiteko.
Adikzioen arloko ikerketa, informazio eta dokumentazio eginkizunak betetzea, Adikzioen Behatokiaren bitartez.
Adikzioen Erakundearteko Batzordearen egitura eta funtzionamendua eta Adikzioen Euskal Batzordea onestea.
Adikzioen arloko sari eta aintzatespenak kudeatzea.
Aholkularitza ematea foru- eta toki-erakundeei, adikzioekin zerikusia duten plan eta programak egiteko.
Ikuskatzeko eta zehatzeko ahala erabiltzea, lege honetan aurreikusitakoari jarraikiz.
Lege hau behar bezala garatzeko behar diren neurri guztiak hartzea, gainerako administrazio publikoekin lankidetzan.
Foru-aldundiei dagokie, beren lurralde historikoetan:
Adikzioen foru-plana eta, oro har, adikzioen inguruko programak eta jarduerak egin, garatu eta exekutatzea, lege honetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Adikzioen Planean xedatutakoari jarraikiz.
Lurralde historiko bakoitzari dagokion eremuan, adikzioen arloko aholkularitza- eta koordinazio-organoak sortzea eta dagokien funtzionamendu-araubidea egitea.
Dagokien lurralde-eremuan, adikzioen arloko sariak eta aintzatespenak kudeatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza- eta kolaborazio-harremanak ezarriko ditu lurralde historikoetako administrazioekin zerbitzu soziosanitarioen eremuan garatzen diren neurriak abiarazi eta ezartzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko udalei dagokie, beren lurralde eremuan:
Adikzioen udal-plana eta, oro har, adikzioen inguruko programak eta jarduerak egin, garatu eta exekutatzea, lege honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Adikzioen Planean eta, hala badagokio, foru-planean xedatutakoari jarraikiz.
Lurralde-eremu bakoitzean, adikzioen arloko aholkularitza- eta koordinazio-organoak sortzea eta horien funtzionamendu-araubidea egitea.
Dagokien lurralde-eremuan, adikzioen arloko sariak eta aintzatespenak kudeatzea.
Lege honetan aurreikusitako kontrol-neurriak betetzen diren ikuskatzea eta behatzea.
Ikuskatu eta zehatzeko ahala erabiltzea, lege honetan ezarritakoari jarraikiz.
Emandako zeregin hauek burutzeko, udalek beren kabuz edo mankomunitateetan elkartuta jardun dezakete.
Euskal Autonomia Erkidegoaren, foru aldundien eta udalen aurrekontu orokorrek lege honetan ezarritako jarduerak gauzatzeko beharrezko kredituak aurreikusi beharko dituzte, bakoitzak bere eskumenen barruan, aurrekontu-erabilgarritasunen, onartutako programen eta xede horrekin izenpetutako hitzarmenen arabera.
2. ATALA
PLANGINTZA
Eusko Jaurlaritzak, adikzioen arloko eskumena duen sailaren proposamenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Adikzioen Plana egin eta Eusko Legebiltzarrari bidaliko dio bost urtean behin, osoko bilkuran edo batzordean, komunikazio gisa, eztabaidatzeko eta, hala badagokio, onartzeko. Lege honen helburuak eta legea sortzeko erabili diren irizpideei jarraituz, plana tresna estrategikoa izango da Euskadiko administrazio publiko guztien estrategiak eta jarduerak planifikatu, antolatu eta koordinatzeko, indarrean dagoen aldian, eta Osasun Planarekin koherentea izango da.
Adikzioen Planak modu koordinatu eta orokorrean jasoko ditu plangintzaldiari dagozkion programak, plangintzaldian beharko diren baliabide ekonomikoen aurreikuspena eta planak eragiten dien Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu-programa nagusiak.
Plana egiterakoan aintzat hartuko dira lege honek aurreikusten dituen partaidetza- eta koordinazio-organoek egindako proposamenak, beste aholkularitza-organo batzuen ekarpenak haiek sortzen dituzten legeek horretarako eskumena ematen badiete eta adikzioen arloan diharduten entitateen ekarpenak.
Plan hau eta Euskadiko gainerako administrazio publikoen alor honetako plan eta estrategiak elkarrekin koordinatuko dira.
Eusko Jaurlaritzak urtero bidaliko dio Legebiltzarrari plana zenbateraino bete den jakiteko memoria bat, eta azken ebaluaketaren memoria, planaren indarraldia bukatu ondoren.
Lege honen helburuei eta legea egiteko erabilitako irizpideei jarraituz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Adikzioen Planaren edukiarekiko koherentzia gordez, foru- eta toki-planak plangintza-, antolamendu- eta koordinazio-tresnak izango dira, eta foru, udal eta udalaz gaineko eremuetan bakoitzari dagokion mailan adikzioen arloan garatzen diren programa eta ekintzen multzo ordenatua jasoko dute.
BIGARREN KAPITULUA
KOORDINAZIO, ZUZENDARITZA, KONTSULTA, AHOLKULARITZA ETA GIZARTE PARTAIDETZARAKO ORGANOAK ADIKZIOEN ARLOAN
Adikzioen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita, Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordea organo gorena izango da, lege hau ezartzetik sortutako jardueretan euskal administrazio publikoen koordinazio, lankidetza eta partaidetza bideratzeko.
Adikzioen arloko eskumena duen saileko sailburua izango da Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordeko lehendakaria. Kideei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailetako ordezkariak goi-kargudunak izango dira eta foru-aldundietako eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko udaletako ordezkariak goi-kargudunak edo hautetsiak izango dira, betiere osasun, gizarte-politika, hezkuntza, kultura, gazteria, kirol, segurtasun, justizia, enplegu, kontsumo, berdintasun, lan eta merkataritza, joko eta adikzioekin zerikusia duten arloetakoak.
Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordeak horrela adostuz gero, bileretan aztertzen diren gaien izaera aintzat harturik, beste hauek ere parte hartu ahal izango dute: batzordea osatzen duten Eusko Jaurlaritzaren sailetako teknikariek, administrazio publikoetako beste sail batzuetako ordezkariek eta, administrazio horietako parte izan gabe, ezagutza, esperientzia eta ospearengatik adikzioen arloko adituak diren beste pertsona batzuek. Horrelakoetan, pertsona horiek hitza izango dute, baina botorik ez.
Hona hemen Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordearen zereginak:
Adikzioen arloan lege honetatik garatutako araudi eta erregelamenduzko xedapenen inguruan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Adikzioen Planari buruz aldez aurretik txostena ematea.
Euskal administrazio publikoek adikzioen arloan ezartzen dituzten estrategia nagusiak, tresna komunak eta proposamenak eztabaidatzea eta proposatzea.
Erakundearteko lankidetzarako eta ordenamendu juridikoan aurreikusitako eskumenak erabiltzeko lankidetza-tresnak izenpetzean aintzat hartu beharreko irizpideak eta horretarako aurrekontu eta kredituak proposatzea.
Ordenamendu juridikoan zehazten den beste edozein.
Antolakuntza, funtzionamendu eta atribuzioak erregelamendu bidez zehaztuko dira. Laguntza- eta asistentzia-organoak prestatuko ditu teknikoki erakundearteko batzordearen zereginak.
Adikzioen arloan eskumena duen organoa izango da Eusko Jaurlaritzari adikzioen arloan dagozkion eginkizunak gauzatzen laguntzeko eta asistitzeko organoa. Laguntza- eta asistentzia-organo horren egitura erregelamendu bidez zehaztuko da.
Organoak eginkizun hauek izango ditu:
Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordeari laguntza teknikoa ematea eta hartutako erabakiak abian jartzea.
Adikzioek sortutako arazoen eraginez dauden beharrak balioestea.
Adikzioen Behatokia zuzentzea.
Adikzioen Euskal Batzordea laguntzea eta sustatzea.
Jarduera-ekimenak proposatzea, bereziki Eusko Jaurlaritzari, Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordeari eta Adikzioen Euskal Batzordeari.
Euskal Autonomia Erkidegoko Adikzioen Planari buruzko proposamena egitea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Adikzioen Planari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako sailen jardunbidea zuzendu, bultzatu eta koordinatzea.
Alerta goiztiarraren euskal sistema bultzatu eta koordinatzea.
Plana bete den jakiteko urteroko memoria egitea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Adikzioen Planaren indarraldia bukatu ondoren, ebaluazioren azken txostena egitea.
Behar diren aurrekontu eta kredituen inguruko proposamena egitea, Eusko Jaurlaritzako sailek, erakunde autonomiadunek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta haien mende dauden enpresa publikoek lege honetan ezartzen diren konpromisoei aurre egin diezaieten.
Adikzioen arloko legez kontrako publizitate ekiditeko jarduerak egitea, gatazkak auzibidera jo aurretik konpondu daitezen ahalegintzeko.
Ordenamendu juridikoan zehazten den beste edozein.
Adikzioen arloko eskumena duen sailari atxikita, eta laguntza- eta asistentzia-organoaren laguntzarekin, Adikzioen Euskal Batzordea adikzioen aurka diharduten gizarte sektoreen partaidetzarako organo gorena da, eta adikzioen arloko aholkua emango du lege-egitasmo, erregelamendu eta planak egiten direnean.
Adikzioen Euskal Batzordea honela osatuko da:
Lehendakaria: adikzioen arloko eskumena duen saileko sailburua.
Idazkaria: laguntza- eta asistentzia-organoko teknikari bat, batzordeburuak izendatua.
Lehendakariordea: laguntza- eta asistentzia-organoko titularra.
Kideak:
Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordean ordezkatuta dauden Eusko Jaurlaritzako sailetako kide bana.
Hiru foru-aldundietatik kide bana, eta Euskal Udalen Elkartetik (Eudel) sei kide.
Lau ordezkari, laguntza- eta asistentzia-organoak izendatuak, adikzioen arloko pertsona ospetsu eta adituen artetik.
Eusko Legebiltzarrak izendaturiko bost ordezkari.
Lau ordezkari, Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkaritza handiena duten enpresaburu-erakunde sektoreartekoek izendatuak.
Kide bat, txandaka, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia sozialeko enpresen elkarteek izendatua.
Kide bat, ordezkaritzarik handiena duten sindikatuek eta sindikatu-konfederazio bakoitzak izendatua.
Eusko Jaurlaritzan, laneko segurtasun-, higiene-, ingurumen- eta osasun-politiken ardura duen organoko ordezkari bat.
Euskadiko Gizarte Zerbitzuen Kontseiluak izendaturiko kide bat.
Euskadiko Gazteria Kontseiluak izendaturiko kide bat.
Euskadiko Eskola Kontseiluak izendaturiko kide bat.
Euskal Autonomia Erkidegoko Drogaren aurkako fiskal berezia.
Kide bana, mediku, botikari, psikologo, abokatu, gizarte-langile, gizarte-hezitzaile, erizaintzan diplomadun, Filosofia eta Letretako doktore eta lizentziadun eta kazetarien elkargoetatik. Gizatalde horiek elkargo gisa eraturik ez daudenean, kidea hautatzea kasuan kasuko arloan hedadura gehien duen lanbide-elkartearen esku egongo da.
Sei kide, adikzioen arloan eta jokabide-adikzioak sor ditzaketen portaeren arloan diharduten elkarte, irabazi-asmorik gabeko erakunde eta gobernuz kanpoko erakundeen artetik, entitate horien proposamenez batzordeburuak izendatuak.
Gizon eta emakumeen benetako berdintasuna sustatzeko politikak gauzatzen dituen Eusko Jaurlaritzaren organoak izendatutako kide bat.
Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateetako ordezkari bat, txandaka izendatua.
Euskal Autonomia Erkidego osoan diharduten kontsumitzaileen elkarte edo federazioek izendaturiko kide bat.
Droga-kontsumitzaileen elkarteetatik kide bat, eta substantziarik gabeko adikzioak dituzten pertsonen elkarteetatik beste bat.
Euskal Osasun Zerbitzuko kide bat.
Euskadin editatutako gizarte-komunikabideetatik kide bat.
Kide horietako bakoitzak ordezkoa ere izango du izendaturik.
Egitura, antolamendua eta eginkizuna erregelamendu bidez arautuko dira.
Adikzioen Euskal Batzordeak honako eginkizun hauek izango ditu:
Egokitzat jotzen dituen txostenak, iradokizunak, azterlanak eta proposamenak prestatzea; horretarako, behar duen informazioa eskuratuko du.
Euskal administrazio publikoek adikzioen arloan eskatutako gaiei buruzko aholkularitza ematea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Adikzioen Planaren aurretik derrigorrez eman behar den txostena idaztea.
Euskal administrazio publikoek adikzioen arloan prestatzen dituzten planak eta arau orokorren gaineko proiektuak aztertu eta, hala badagokio, iritzia ematea.
Antolamendu eta funtzionamendu erregelamendua prestatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Adikzioen Planaren jarraipen eta betetze-mailari buruzko argibideak jasotzea.
Erregelamendu bidez zehazten den beste edozein eginkizun.
Foru- eta toki-administrazioek, zeinek bere eskumenaren barruan, adikzioen arloko koordinazio, kontsulta, aholkularitza eta gizarte-partaidetzarako organoak eratu ahal izango dituzte.
Eusko Jaurlaritzak eta foru- eta toki-administrazioek organo edo batzorde espezializatuak eratu ahal izango dituzte gai bereziak aztertzeko, modu iraunkorrean edo aldi baterako, sailartekoak edo erakundeartekoak eta, nahi izanez gero, entitate pribatuekin, adikzioen arloko gai edo arlo espezifikoetarako beharrezkoak baldin badira.
Aholku- eta partaidetza-organo guztietan, gizon eta emakumeen arteko ordezkarien arteko orekari eutsi behar zaio, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, jasotako irizpideak bete daitezen.
HIRUGARREN KAPITULUA
GIZARTE EKIMENA
Pertsona profesionalek eta erakunde pribatuek laguntza eskaini dezakete adikzioen arloko osasuna, prebentzioa, asistentzia, gizarteratzea, informazioa, prestakuntza eta ikerketa sustatzeko jardueretan.
Euskadiko administrazio publikoek, bakoitzaren aurrekontuaren arabera, laguntza emango diete lege honen aplikazio-eremuaren barruko jarduerak eta programak garatzen dituzten gizarte-ekimenei, baldin eta lan egiten badute Adikzioen Planean eta beste plangintza-tresnetan lurralde bakoitzaren jarduketa-eremuaren barruan jasotako helburuei eta ekintza- eta kalitate-irizpideei jarraituz.
Adikzioen arloan administrazio publikoekin batera elkarlanean aritzen diren irabazi-asmorik gabeko erakundeak kontsideratuak eta aitortuak izango dira, eta herri-onurakotzat hartu daitezke, indarrean dagoen legedian ezarritakoari jarraikiz. Halaber, lehentasuna izango dute esandako helburuak betetzeko diru-laguntzak eta laguntzak banatzen direnean.
Lankidetza-harremanak izateko, hitzarmenak sinatzeko eta diru-laguntzak emateko, lehentasuna izango dute gizarte-ekimeneko arlo hauetan diharduten pertsonek eta entitate pribatuek:
Prebentzioa, familia-, komunitate-, lan- eta hezkuntza-eremuetan.
Substantziekiko adikzioa edo portaera adikzio-eragileak dituzten pertsonen tratamendua eta asistentzia.
Adikzioek, portaera adikzio-eragileek edo jokabide-adikzioak sor ditzaketen portaera neurrigabeek ekarritako ahultasun bereziko egoerak.
Substantzien zenbait erabilerarekin, portaera adikzio-eragile batzuekin edo jokabide-adikzioak sor ditzaketen zenbait jokabiderekin erlazionatutako arriskuak hautemateko gizarte-eremuak.
Adikzio-ahalmena duten substantzien kontsumitzaileen eskubide eta betebeharrak, edota jokabide-adikzioak sor ditzaketen neurri gabeko portaerak dituzten pertsonenak.
Ebidentzia zientifikoan oinarritutako horrelako substantzien erabilera terapeutikoak.
Adikzio-ahalmena duten substantziekin, portaera adikzio-eragileekin edo jokabide-adikzioak sor ditzaketen neurri gabeko portaerekin erlazionatutako genero-ikuspuntua.
Ikerketak egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko Adikzioen Planaren printzipio eta lehentasunetan oinarriturik eta, hala balegokie, ezar daitezkeen foru- edo toki-planetan oinarriturik, beste autonomia-erkidegoetako edo Europar Batasuneko pertsona eta erakundeekiko lankidetzan.
Osasun-zerbitzu egokiak eskaintzen direla eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden baliabide guztiek koordinatuta dihardutela bermatzeko, Osasun Administrazioak, dagoenaren osagarri gisa eta baliabide publikoak ahalik eta ondoen erabili ondoren, hitzarmenak izenpetu ahal izango ditu, desintoxikatzeko, adikzioa gainditzeko, arriskuak eta kalteak gutxitzeko eta tarteko helburuak aurrera eramateko lanean diharduten zentro pribatuekin, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legean xedatutakoaren arabera. Hitzarmen horiek izenpetzeko, baldin eta baldintza berak eskaintzen badituzte, lehentasuna izango dute irabazi-asmorik ez duten zentroek.
Administrazioak, interes publikoak hala egitea egokia dela erakusten badu, diru-laguntzak eman diezazkieke aurreko paragrafoan aipatzen diren zentro pribatuei, indarrean dagoen legeriak dioena betez.
Erakundeak zerbitzu soziosanitarioak eskaintzen baditu eta osasun- eta gizarte-sistemekin hitzartua badago, sistema horiek koordinatu egin beharko dira baliabideen plangintza bateratua eta ibilbide soziosanitario definitua izateko. Horretarako, lankidetzan jardungo dute banakako arreta-plangintza egin eta garatzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean, asistentzia sanitario, sozial eta soziosanitarioa eskaintzen dituzten zentro, zerbitzu eta establezimenduek aldez aurretik baimena eskuratu eta dagokien lekuan izena emanda egon beharko dute, gai horren inguruan indarrean dagoen araudiak dioena beteta.
Zentro, zerbitzu eta establezimendu horiek indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintza guztiak bete beharko dituzte beti, ikuskatzeari, ebaluazioari, kontrolari eta estatistika-gaiei nahiz gainerako kontuei dagokienez.
Drogen kontsumoengatik edo portaera adikzio-eragileengatik arazoak dituzten pertsonei zuzendutako osasun-sustapen, prebentzio, asistentzia edo gizarteratzeko zerbitzuak emateko boluntariotza sustatuko dute administrazio publikoek.
Kalteak gutxitzeko eta osasuna babesteko, erregelamendu bidez arautuko dira kalamua kontsumitzen duten adin nagusikoek osatutako elkarteak baldin eta legez erregistratuta badaude eta irabazi-asmorik gabekoak badira. Elkarte horiek Administrazioarekin lankidetzan aritu beharko dute, indarrean dagoen araudia betetzeko, kalamuaren eta beste substantzien kontsumoa prebenitzeko eta kalamua eta beste substantzia batzuen kontsumo arduratsua sustatzeko.
Elkarte horien aretoetara adin nagusikoak bakarrik sartu ahal izango dira. Erregelamendu bidez zehaztuko dira bazkideak onartzeko baldintzak, bai eta bazkideek kalamuaren erabilera arduratsua egiteko nahikoa informazio dutela ziurtatzeko bermeak ere, eta Osasun Administrazioak kalamua kontsumitzen dutenen elkarteen aretoak eta jarduerak ikuskatzeko eta kontrolatzeko eskumenak.
Erretzaileen klub pribatuei, legez hala eratuta badaude, ez zaie ezarriko lege honetan xedatutakoa, erretzeko debekuari eta tabako-produktuen publizitateari, sustapenari eta babesari dagokionez, betiere beren egoitzen barruan egiten bada eta horietan bazkideak bakarrik baldin badaude.
Xedapen honen ondoriotarako, erretzaileen klub pribatu izaera izateko, ezaugarri hauek izan behar dira: nortasun juridikoa izan behar du, ez du irabazi-asmorik izan behar, eta ez ditu kontsumitu litezkeen ondasun edo produktuak merkaturatu, saldu edo erosi behar.
Erretzaileen klub pribatuetan ezingo da adingaberik sartu.
ZAZPIGARREN TITULUA
ARAU HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
Lege honetan arauturiko gaien barruan honako hauek izango dira arau-hauste administratiboak: lege honetan tipifikaturiko egite eta ez-egiteak, benetan burutu badira; hala ere, horrek ez ditu eragotziko egite eta ez-egite horien ondorioz sor daitezkeen erantzukizun zibil, penal edo bestelakoak.
Titulu honetan araututako zehapen-araubideak ez du eragotziko Estatuko legeriak honako arlo hauetan aurreikusitako araubide juridiko espezifikoak betetzea: herritarren segurtasuna, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsa, publizitatea, osasuna eta sendagaiak eta gizarte-zerbitzuak.
Arau-haustea Administrazioaren iritziz delitu edo falta izan badaiteke, administrazio-organoak Fiskaltzari jakinaraziko dio, haren esku uzteko, eta ez du zehapen-prozedurarekin jarraituko harik eta agintaritza judizialak epaia eman arte.
Ez da egintza eta babestutako interes publiko beragatik zehapen bikoitzik jarriko; dena den, batera gertatzen diren beste egintza edo arau-hauste batzuetatik eratorritako erantzukizunak exijitu beharko dira.
Lege honetan araututako arau-hauste administratiboak honela sailkatzen dira: arinak, larriak eta oso larriak.
Arau-hauste arinak izango dira:
Edari alkoholdunei dagokienez:
1. Adingabeek edari alkoholdunak kontsumitzea.
2. Debekatuta dagoen lekuetan edari alkoholdunak kontsumitzea.
3. Debekua adierazten duten kartelak ez jartzea edari alkoholdunak saltzea eta banatzea debekatuta dagoen establezimenduetan, ondo ikusteko moduan jarri behar baita kartel hori.
4. Adingabeei edari alkoholdunak saltzea debekatuta dagoela dioten kartelak ez jartzea, edari alkoholdunak saltzen diren establezimendu edo jardueretan.
5. 16 urte baino gutxiagokoei, adin nagusikorik gabe badoaz, edari alkoholdunak zerbitzatzen dituzten establezimendu publiko itxietan sartzen eta egoten uztea, eta debeku horren berri ematen duen kartelik ez edukitzea.
Tabakoari dagokionez:
1. Debekatuta dagoen lekuetan edo erretzeko egokitutako guneetatik kanpo erretzea.
2. Tabako-produktuak saltzen diren establezimenduetan adingabeei tabakoa saltzea debekatuta dagoela eta tabakoa osasunerako kaltegarria dela dioen kartelik ez jartzea ondo ikusteko leku batean.
3. Tabako-makinak aginduzko osasun-ohartarazpenik ez izatea.
4. Establezimenduen sarreran erretzea debekatuta dagoela ez adieraztea.
Nikotina aska dezaketen gailuei dagokienez:
1. Nikotina aska dezaketen gailuak saltzen diren establezimenduetan adingabeei gailu horiek saltzea debekatuta dagoela eta osasunerako kaltegarriak direla dioen kartelik ez jartzea ondo ikusteko leku batean.
2. Nikotina aska dezaketen gailuak saltzen dituzten makinak aginduzko osasun-ohartarazpenik ez izatea.
3. Establezimenduen sarreran nikotina aska dezaketen gailuak erabiltzea debekatuta dagoela ez adieraztea.
4. Nikotina aska dezaketen gailuak erabiltzea debekatuta dagoen lekuetan edo egokitutako guneetatik kanpo.
Lege honetan arau-hauste larritzat edo oso larritzat jotzen ez den beste edozein ez-betetze.
Arau-hauste larriak izango dira:
Edari alkoholdunei dagokienez:
1. Adingabeei edari alkoholdunak saltzea edo banatzea eta kontsumoa debekatuta duten profesionalei edari alkoholdunak saltzea edo banatzea.
2. Edari alkoholdunak saltzea edo banatzea makina automatikoen bidez.
3. Debekatuta dagoen lekuetan edari alkoholdunak saltzea edo banatzea.
4. Debekatuta dagoen lekuetan 20 gradu baino gehiagoko edari alkoholdunak saltzea edo banatzea.
5. Edari alkoholdunak bertan kontsumitzera zuzenduta ez dauden establezimendu komertzialetan edari alkoholdunak saltzea edo banatzea 22:00etatik 07:00ak arte.
6. Establezimendu komertzialek neurri berezirik ez hartzea adingabeei alkohola ez saltzeko.
7. Adingabeei edari alkoholdunen ontzien antzeko produktuak saltzea edo banatzea.
8. Zerbitzuak eskaintzen ari diren edo zerbitzua eskaintzeko prest dauden profesionalek edari alkoholdunak kontsumitzea 33.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
9. Debekatuta dagoen lekuetan edari alkoholdunak kontsumitzeagatik hiru arau-hauste arin egitea urtebeteko epean.
10. Betiere horrelako portaerek arrisku edo kalte oso larririk ez badakarkiote osasunari, lege honetan edari alkoholdunen publizitateari eta sustapenari buruz ezarritako betebehar eta debekuak ez betetzea.
Tabakoari dagokionez:
1. Debekatuta dagoen lekuetan erretzen uztea.
2. Debekatuta dagoen lekuetan erretzeko guneak egokitzea.
3. Adingabeei tabakoa edo tabako-produktuak eta -gaiak saltzea edo banatzea, eta horien imitazioak saltzea edo banatzea, tabakoa edo tabako-produktu eta -gaiak erabiltzera bultzatu baditzakete.
4. Geruza naturalik ez duten zigarretak eta zigarro txikiak merkaturatzea, saltzea edo banatzea banaka edo 20 ale baino gutxiagoko paketeetan.
5. Merkataritza- edo enpresa-jarduera bat gauzatzean, edozein tabako-produkturen laginak ematea, hornitzea edo banatzea.
6. Tabako-produktuak deskontua aplikatuta saltzea.
7. Tabako-produktuen txikizkako salmenta edo banaketa zeharka edo modu ez pertsonalean egitea.
8. Adingabeei tabako-makinak erabiltzen uztea.
9. Debekatuta dagoen lekuetan tabako-makinak jartzea.
10. Makinek ez izatea mekanismo tekniko egokirik adingabeek gailu horiek erosteko aukerarik ez dutela izango ziurtatzeko.
11. Tabakoa ez den produktuak saltzea tabako-makinen bidez.
12. Debekatuta dagoen lekuetan edo egokitutako guneetatik kanpo erretzeagatik hiru arau-hauste arin egitea urtebeteko epean.
13. Debekatuta dagoen lekuetan geruza naturala duten zigarroak eta zigarro txikiak unitateka saltzea eta banatzea.
Nikotina aska dezaketen gailuei dagokienez:
1. Debekatuta dagoen lekuetan gailu horiek erabiltzen uztea.
2. Adingabeei gailu horiek saltzea edo banatzea.
3. Merkataritza- edo enpresa-jarduera bat gauzatzean, gailu horien laginak ematea, hornitzea edo banatzea.
4. Adingabeei gailu horiek banatzeko makinak erabiltzen uztea.
5. Debekatuta dagoen lekuetan gailuak banatzeko makinak jartzea.
6. Makinek ez izatea mekanismo tekniko egokirik adingabeek gailu horiek erosteko aukerarik ez dutela izango ziurtatzeko.
7. Makina horietan nikotina aska dezaketen gailuak ez diren produktuak saltzea.
8. Hiru arau-hauste arin egitea, urtebeteko epean, nikotina aska dezaketen gailuak kontsumitzeagatik edo erabiltzeagatik debekatuta dagoen lekuetan edo erretzeko egokitutako guneetatik kanpo.
Euskal Autonomia Erkidegoko jabetza publikoko komunikabideetan publizitaterako doako tarteei buruz 21.3 artikuluaren lehen lerrokadan ezartzen duena ez betetzea.
49.2 eta 3 artikuluan ezarritakoa ez betetzea etxean edo industrian erabiltzen diren zenbait produktu eta gai lurrunkor.
Arau-hauste oso larriak izango dira:
Edari alkoholdunei dagokienez, lege honetan horien publizitate eta sustapenari buruz ezarritako betebeharrak edo debekuak ez betetzea, baldin eta arrisku edo kalte oso larria badakarkiote osasunari, eta betiere portaera horiek adingabeei eragiten badiete.
Tabakoaren publizitateari eta sustapenari buruz lege honetan ezarritako betebehar eta debekuak ez betetzea.
Nikotina aska dezaketen gailuen publizitateari eta sustapenari buruz lege honetan ezarritako betebehar eta debekuak ez betetzea.
81.1 artikuluan ezarritakoa, baimentzeari eta izena emateari dagokienez, urratzea.
Lege honen ondorioetarako, berrerortzea izango da arau-hauste bat egin duenak izaera bereko beste arau-hauste bat egitea urtebeteko epean, erabaki irmoz hala aldarrikatu bada.
Izaera bereko arau-haustetzat hartuko da lege honen zehapen-araubidean mota berekotzat jotzen dena, 86. artikuluko sailkapenaren arabera.
Lege honen ondorioetarako, errepikatzea izango da arau-hauste bat egin duenak izaera desberdineko beste arau-hauste bat egitea urtebeteko epean, erabaki irmoz hala aldarrikatu bada.
Lege honetan jasota dauden arau-hausteen administrazio-erantzukizuna arau-haustea egin duen pertsona fisiko nahiz juridikoari egotziko zaio. Ondorio horietarako, egiletzat hartuko da:
Legean jasota dagoen portaera gauzatzen duen pertsona fisiko nahiz juridikoa, bai zuzenean bai beste pertsona bat erabilita. Azken hori ere hartuko da egiletzat, bere borondatez jokatzen badu.
Legean jasota dagoen portaera gauzatu ahal izateko ezinbestez burutu behar den egintza gauzatzen lagundu duten pertsona fisiko nahiz juridikoak.
Arau-hausterik gerta ez dadin bermatzeko legeak jarritako betebeharra betetzen ez duena erantzule solidarioa izango da egilearekin batera; era berean, erantzule solidario izango dira arau-haustea egiten den establezimendu, zentro, lokal edo enpresaren titularrak.
86.2.b.3 eta 86.2.b.10 artikuluetan tipifikatutako arau-hausteak egonez gero, makinaren fabrikatzailea, inportatzailea, hala badagokio, banatzailea eta makinaren ustiatzailea izango dira erantzule solidarioa.
86.3.b.9 eta 86.3.b.15 artikuluetan tipifikatutako arau-hausteak egonez gero, makina-ustiatzailea izango da erantzule.
Publizitate-arloko arau-hausterik egonez gero, solidarioki, publizitatea egiten duen enpresa ez ezik, publizitatearen onuraduna, hots, iragartzen ari den markaren edo produktuaren titularra ere izango da erantzule, eta baita iragarkia ematen den establezimenduaren edo espazioaren titularra ere.
Erantzulea pertsona juridikoa denean, zigortu nahi den egite edo ez-egite zehatzean pertsona juridiko horren borondatea eratu duten pertsona fisikoei egotziko zaie erantzukizuna.
Adingabeen egintzen erantzukizuna deklaratzen denean, haiekin batera erantzukizun solidarioa izango dute guraso edo tutore, hartzaile eta legezko edo egitatezko zaintzaileek, hurrenkera horretan, horiek guztiak adingabeei leporatzen zaien arau-hauste administratiboa prebenitzera behartzen dituen obligazioa ez betetzeagatik. Erantzukizun solidario hori dela-eta, ezarritako isuna ordaindu beharko dute.
Aipatutako pertsonen baimena izanik eta adingabeari entzun ondoren, lege honetan zehaztutako berrezte-neurriak hartu ahal izango dira, isunaren zehapen ekonomikoaren ordez.
Arau-hauste larri edo oso larriengatiko zehapen-prozeduretan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen eta hura garatzeko arauen arabera, haietan aurreikusitako behin-behineko neurriak hartu ahal izango dira, baldin eta beharrezkotzat jotzen badira behin betiko ebazpena eraginkorra izango dela bermatzeko, prozedura ondo burutuko dela ziurtatzeko eta arau-haustearen ondorioek ez dutela bere horretan iraungo eta interes orokorraren alde jokatuko dela bermatzeko. Zehazki, ondorengo hauek erabaki daitezke:
Arau-hauste oso larrien kasuan, arau-hauslearen jarduera aldi baterako etetea eta, hala badagokio, bere establezimenduak behin-behinean ixtea.
Lege honetan jasotako arau-hausteekin zuzeneko zerikusia duten gauzaki eta salgaiak zigilatzea, gordailatzea edo konfiskatzea.
Erregistro, euskarri eta fitxategi informatikoak eta dokumentuak, oro har, eta mota guztietako tresna eta ekipo informatikoak zigilatzea, gordailatzea edo konfiskatzea, baldin eta lege honetan jasotako arau-hausteekin lotura zuzena badute.
Jendea ohartaraztea egon litezkeen jokaera arau-hausleez eta kasuan kasuko zehapen-espedientearen irekieraz, bai eta jokaera horiek etenarazteko hartutako neurriez ere.
Neurri horiek hartzerakoan eta betetzerakoan ordenamendu juridikoan aurreikusitako berme, arau eta prozedurak errespetatuko dira beti, norberaren eta familiaren intimitaterako eskubidea, datu pertsonalen babeserako eskubidea eta adierazpen-askatasunerako edo informazio-askatasunerako eskubidea babesteko, baldin eta eskubide horiek kaltetuko direla ikusten bada.
Urgentziazko kasuak badira eta tartean diren interesak berehala babestu behar badira, artikulu honetan aurreikusitako behin-behineko neurriak zehapen-espedientea ireki baino lehen hartu daitezke, horretarako arrazoiak azalduta. Neurri horiek prozedura hasteko erabakian berretsi, aldatu edo bertan behera utzi beharko dira; erabaki hori hartzeko 15 eguneko epea dago, neurriak hartu direnetik hasita, eta horren aurka dagokion errekurtsoa aurkeztu ahal izango da. Nolanahi ere, neurri horiek indarra galduko dute, baldin eta zehapen-prozedura epe horretan hasten ez bada edo prozedura hasteko erabakiak neurri horiei buruz ez badu berariaz ezer adierazten. Zehapen-prozedura ebazteko eskumena duen administrazio-organoak hertsatzeko isunak jarri ditzake: 6.000 euro gehienez ere, erabaki diren behin-behineko neurriak bete gabe igarotzen den egun bakoitzeko.
Lege honetan jasota dauden arau-hausteek honako zehapen hauek ekarriko dituzte:
Ohartarazpena.
Isuna.
Jarduera aldi baterako etetea edo, hala badagokio, establezimendu, zentro, zerbitzu, lokal edo enpresa aldi baterako ixtea, erabat edo zati batean; gehienez ere, bost urterako.
Bat eta bost urte bitartean Euskal Autonomia Erkidegoaren diru-laguntza publikoak eskuratzeko debekua.
Aurreko zehapenetariko bat ezartzeak arau-haustearekin zuzeneko zerikusia duten salgaien edo gauzakien dekomisoa eta horien suntsiketa ekarri ahalko du ondorio osagarri gisa, egoerak horrela eskatzen badu.
Zehapen-jardunbidetik eratorritako administrazio-erantzukizunez gain, arau-haustearen ondorioz aldaturiko egoera jatorriko egoerara leheneratzeko eska dakieke erantzuleei, eta arau-haustearen ondorio diren kalte eta galerengatiko ordainak emateko ere bai, arau-hausteak eragindako kalteak edo galerak ordaintzeko.
Isunen zenbatekoa eta gainerako zehapenen maila zehazteko, eskumena duen organoak irizpide hauek hartuko ditu aintzat:
Osasunari eragindako arrisku edo kaltearen larritasuna.
Erruduntasun- edo intentzionalitate maila.
Adingabea izatea arau-hausteak kaltetu duena.
Arau-haustearen ondorio soziala.
Lorturiko etekinaren zenbatekoa.
Arau-hauslearen gaitasun ekonomikoa.
Arau-hausleak merkatuan duen posizioa.
Berrerortzea eta errepikatzea.
Zehapena neurtu eta mailakatzeko, kontuan hartuko dira eta aringarri oso kualifikatuak izango dira:
Ustezko arau-hausleak, galarazitako jarduerak eteteko eskatzen zaionean, eskaera horri jaramon egitea.
Arau-hausleak frogatzea, zehapen-espedienteari buruzko erabakia hartu baino lehen eta zuzenbidez baliozko diren bideak erabiliz, jardunbideari ekitea ekarri zuen portaeraren ondorioak leundu edo erabat zuzendu dituela.
Hiru mailatako zehapenak egongo dira kategoria bakoitzaren barruan: txikia, tartekoa eta handia. Maila handiko zehapena ezarriko da subjektu pasiboa adingabea baldin bada, eta jokaera arau-hauslea maiz edo etengabe egiten bada, salbu eta maiz edo etengabe egite hori arau-hauste motaren zati bada. Maila txikiko zehapena ezarriko da arau-haustea adingabe batek egiten badu, 88.7 artikuluan ezarritakoa eragotzi gabe.
Edonola ere, isuna arau-haustearen ondorioz lortutako onura baino txikiagoa bada, arau-hausleak lortutako irabazia halako bi izango da zehapena.
Egintza edo ez-egite batek lege honetan edo beste edozeinetan tipifikatutako bi arau-hauste edo gehiago sortzen baditu, bakarrik zehapen handiena eragiten duena hartuko da kontuan.
Arau-hauste arinengatik, ohartarazpena edo 30 eta 600 eurorainoko isuna ezarriko da.
b.1 artikuluan jasotzen denaren arabera debekatuta dagoen leku batean erretzeagatik ohartarazpena edo 30 euro arteko isuna ezarriko da, arau-haustea inoiz edo behin egiten bada.
Arau-hauste larriengatik, 601 euro eta 10.000 euro bitarteko isuna ezarriko da, eta/edo jarduera aldi baterako etenaraziko da eta/edo establezimendua, zentroa, lokala edo enpresa aldi baterako erabat edo zati batean itxiaraziko da, gehienez ere bi urterako.
Eskumena duten agintariek zehapen osagarri bat jartzea erabaki dezakete, hots, Autonomia Erkidegoko diru-laguntzak eskuratzeko debekua jartzea, bi urtera bitartean.
Arau-hauste oso larriengatik, 10.001 euro eta 600.000 euro bitarteko isuna ezarriko da, eta/edo establezimendua, zentroa, lokala edo enpresa erabat edo zati batean itxiaraziko da, bi urtetik eta bost urtera bitarte.
Eskumena duten agintariek zehapen osagarri bat jartzea erabaki dezakete, hots, Autonomia Erkidegoko diru-laguntzak eskuratzeko debekua jartzea, bi urtetik bost urtera bitartean.
26, 27, 28, 29, 30, 34, 35, 36, 37, 42, 43, 44 eta 45. artikuluak ez betetzeagatik egindako arau-hausteen kasuan, eskumena duten agintariek isunaren zenbatekoa igo dezakete legez kanpoko publizitatea ekoitzi eta zabaltzeko izan den kostuaren % 10eraino. Hortik bildutako dirua tabakoaren mendekotasuna gainditzeko eta alkoholaren desintoxikazio eta mendekotasuna gainditzeko tratamenduetarako edo adikzioei buruzko ikerketa-, hezkuntza- eta kontrol-tratamenduetarako erabili ahalko da, baita adikzioei aurrea hartzeko estrategiak egiteko Autonomia Erkidegoko hedabideetan ere, betiere euskal administrazio publikoetan indarrean dauden prozedurak aintzat hartuta.
Edozein arau-hauste egiterakoan, ondorio osagarri gisa eta, gainera, behin-behinekoz, espedientea erabakitzeko eskumena duen organoak erabaki ahal izango du arau-haustearekin zuzeneko zerikusia duten salgaiak eta gauzakiak dekomisatzea eta, egoerak hala eskatzen badu, suntsitzea.
Behar den baimena ez duten establezimenduak itxi edo haien jarduera edo funtzionamendua bertan behera uztea, aurkitutako akatsak zuzendu arte edo jarduteko eskatzen diren baldintzak bete arte, ebazteak ez du zehapenik ekarriko, baina ixteko edo eteteko erabakiarekin batera zehapen-espedientea irekitzeko aukera egongo da.
Zehapenak ezartzeko eskumena duen agintariak erabaki ahal izango du, zehapenaren arabera eta bere antolakuntza-ahalmenaren arabera, eta arau-hausleak edo haren ordezkari legalak hala eskatuta, isuna ordeztea eta trukean komunitatearen aldeko lanak edo jarduerak ezartzea. Ordezte hau ezingo da egin arau-hauste oso larrietan.
Arau-hauslea adingabea bada, beharrezkoa izango da bai adingabearen aldez aurreko eskaera bai haren gurasoak edo tutoreak jakinaren gainean egotea eta eskaera onartzea.
Gainera, zehapenak ordeztu ahal izango dira, modu gehigarrian eta lehentasunekoan, arau-hauslea prestakuntza- edo informazio-programetan edo tratamendukoetan sartuz. Programa horiek garatzeko saio kopurua lege hau garatzeko arauetan ezarriko da.
Nolanahi ere, adingabeek alkohola kontsumitzeagatiko zehapenetan, lehentasuna izango dute artikulu honetako 1. eta 2. paragrafoetan jasotako neurriek.
Arau-hausleak neurri horri uko egiten badio, lege honek arau-hauste horietarako jasotzen duen isuna ezarriko zaio.
Lege honetan jasotako arau-hauste oso larriek bost urtera, larriek bi urtera eta arinak sei hilabetera preskribatuko dute.
Arau-hauste oso larriak egiteagatik ezarritako zehapenek bost urtera preskribatuko dute; arau-hauste larriak egiteagatik ezarritakoek, bi urtera, eta arau-hauste arinak egiteagatik ezarritakoek, urtebetera.
Osalan sortzen duen abenduaren 21eko 7/1993 Legean ezarritakoa eragotzi gabe, adikzioen arloan eskumena duen sailaren mendeko ikuskapen-unitateek eta, hala dagokionean, toki-erakundeek egingo dituzte lege hau betearazteko ikuskapenak.
Lege honen ondorioetarako, ikuskapen-funtzioa betetzen duten langileak agintaritzaren agente izango dira.
Zentro, bulego edo establezimenduetako arduradunek eta haien ordezkari eta enplegatuek ikuskatze-lana errazteko betebeharra dute, bulego eta instalazioetara sartzen utziz, eta, oro har, gertakarien ezagutza hobea eta ikuskapenaren helburua lortzera eraman dezakeen guztia eskura jarriz.
Zehatzeko ahalmena honako organo hauek izango dute:
Alkateek:
1. Edari alkoholdunei dagokienez, arau-hauste arinak eta larriak, publizitateari eta sustapenari dagozkien arau-hausteak izan ezik.
2. Tabakoari eta nikotina aska dezaketen gailuei dagokienez, arau-hauste arinak.
Adikzioen arloan eskumena duen saileko organoak:
1. Larri gisa tipifikatutako edari alkoholdunen publizitateari eta sustapenari buruzko arau-hausteak.
2. Tabakoari eta nikotina aska dezaketen gailuei dagokienez, arau-hauste larriak.
3. 49.2 eta 3 artikuluan ezarritako ez-betetzea.
4. 21.3 artikuluko lehen lerrokadan ezarritako ez-betetzea.
Gobernu Kontseiluak, arau-hauste oso larriak.
Osasun- eta gizarte-gaietan eskumena duten sailetan dagokion organoak, 81.1 artikuluan ezarritako ez-betetzea.
Espedientea izapidetzeko arduraduna edozein unetan ohartzen bada zehatzeko ahalmena ez dagokiola bere administrazioari, ahalmen hori daukanari igorriko dio espedientea, eta hark prozedura eten zen puntutik jarraituko ditu izapideak.
Aurreko paragrafoetan ezarritakoari ezer kendu gabe, udal batek arau-hauste bat zehatzeko ahalmena erabiltzen ez badu, Eusko Jaurlaritzak errekerimendua bidaliko dio, eta bi hilabete igaro ondoren, kasuan kasuko gaiaren arabera eskumena duten Eusko Jaurlaritzako organoek zehapen-espedientea hasi, izapidetu eta ebatziko dute.
Eskumena duten Eusko Jaurlaritzako organoek eta toki-administraziokoek elkarri emango diote izapideturiko espedienteen berri, espedienteari hasiera ematea erabaki eta hurrengo hamar eguneko epean.
Zehatzeko ahala erabiltzeko, Estatuko oinarrizko legerian eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen zehatzeko ahala arautzen duen legerian agindutakoari jarraituko zaio.
Administrazio publikoetan lan egiten dutenei eta kontratu bidez administrazio horiekin loturik daudenei ez zaie esandako zehatzeko araubidea aplikatuko, baizik eta kidego horietarako berariaz daukatena.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Hizkuntza ofizialak erabiltzea.
Lege honek xedatutakoa betetzean, euskal administrazio publikoek euskara eta gaztelania erabiliko dituzte, herritarrek administrazioarekin harremanetan jartzerakoan haiek nahi duten hizkuntza erabili ahal izateko, bai idatziz bai ahoz, horrela bermatuko baita arreta hizkuntza horretan jasotzea.
Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordearen eta Adikzioen Euskal Batzordeko kideek euskara eta gaztelania erabili ahalko dituzte beren eginkizunak betetzean. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da bilera deietan, gai zerrendetan eta oro har pertsona horien artean banatzen diren dokumentu guztietan.
Lege honek xedatutakoa betetzeko erabiltzen diren kartel, dokumentu eta errotulazio guztiak euskaraz eta gaztelaniaz idatziko dira.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Datu pertsonalen tratamendua.
Lege honen aplikazioak eragin ditzaken datu pertsonalen tratamendua Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Legeak ezarritakoaren arabera egingo da.
Osasun Sailak egun duen egitura mantentzen den bitartean lege honen 73.2 artikuluan laguntza- eta asistentzia-organoari esleitutako eginkizunak Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak gauzatuko ditu.
Indargabetu egiten dira lege honetan ezarritakoaren aurkako maila bereko edo apalagoko arau guztiak.
Honako xedapen hauek berariaz indargabetzen dira:
18/1998 Legea, ekainaren 25ekoa, Drogamendekotasunen arloko Aurrezaintza, Laguntza eta Gizarteratzeari buruzkoa.
1/1999 Legea, maiatzaren 18koa, 18/1998 Legea, Drogamendekotasunen arloko Aurrezaintza, Laguntza eta Gizarteratzeari buruzkoa aldatzen duena.
7/2004 Legea, irailaren 30ekoa, Drogamendekotasunen arloko Aurrezaintza, Laguntza eta Gizarteratzeari buruzko legea bigarren aldiz aldatzen duena.
1/2011 Legea, otsailaren 3koa, Drogamendekotasunen arloko Aurrezaintza, Laguntza eta Gizarteratzeari buruzko Legea hirugarren aldiz aldatzen duena.
302/1999 Dekretua, uztailaren 27koa, Drogamenpekotasunaren arloko Aurrezaintza, Laguntza eta Gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko 18/1998 Legean jasotzen den egitura instituzionala garatzen duena.
Agindua, 2001eko otsailaren 13koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena Drogamenpekotasunen Aholku Kontseiluaren funtzionamendu eta antolamenduko arautegia onesten duena.
Agindua, 2003ko maiatzaren 12koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, Droga mendetasunen Aholku Kontseiluaren antolamendu eta funtzionamenduko arautegia aldatzen duena.
Agindua, 1997ko otsailaren 4koa, Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, ikerketaren, dokumentazioaren eta informazioaren alorretan Droga Gaietako Idazkaritzari esleitutako funtzioak zehaztu eta Droga-menpekotasunen Euskal Behatokia sortzeko dena.
Merkataritza Jardueraren maiatzaren 27ko 7/1994 Legearen bigarren aldaketa arautzen duen ekainaren 25eko 7/2008 Legearen bigarren azken xedapena aldatzen da; honela idatzita geratzen da:
Udalek, modu banakatuan, edari alkoholdunak saltzen dituzten establezimenduak gauez ixteko erabakia hartu ahal izango dute, ordena publikoa zaintze aldera.
Edari alkoholdunak bertan kontsumitzera zuzenduta ez dauden establezimendu komertzialetan ezingo da edari alkoholdunik saldu edo banatu 22:00etatik 07:00ak bitartean, haien ordutegia edozein izanda ere.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari lege hau erregelamendu bidez garatzeko.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 7a.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (13)
- Ikus: 80/2017 DEKRETUA, apirilaren 11koa, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
- Indargabetzen du: 1/2011 LEGEA, otsailaren 3koa, Drogamenpekotasunen arloko Aurrezaintza, Laguntza eta Gizarteratzeari buruzko Legearen hirugarren aldaketarena.
- Ikus: EBAZPENA, 2016ko uztailaren 5ekoa, Araubide Juridikoaren sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako bitariko lankidetza-batzordearen akordio bat. Akordio hori
- Garatutakoa: 25/2018 DEKRETUA, otsailaren 20koa, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko Legean bildutako erakunde-egitura garatzen duena.
- Ikus: EBAZPENA, 2021eko abuztuaren 16koa, Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita adikzioen eta droga mendekotasunen gaineko arreta integralari buruzko 1/2016 Legea ez betetzeagatik jartzen diren zehapenak ordezteko sistema arautuko duen dekretu-proiektua.
- Aldatzen du: 7/2008 Legea, ekainaren 25ekoa, Merkataritza Jardueraren Legearen bigarren aldaketarena.
- Indargabetzen du: 7/2004 LEGEA, irailaren 30ekoa, Drogamenpekotasunen arloko Aurrezaintza, Laguntza eta Gizarteratzeari buruzko Legearen bigarren aldaketarena.
- Indargabetzen du: AGINDUA, 2003ko maiatzaren 12koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, Droga mendetasunen Aholku Kontseiluaren antolamendu eta funtzionamenduko arautegia aldatzen duena.
- Indargabetzen du: AGINDUA, 2001eko otsailaren 13koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena. Agindu honen bidez, Drogamenpekotasunen Aholku Kontseiluaren funtzionamendu eta antolamenduko arautegia onetsi da.
- Indargabetzen du: 302/1999 DEKRETUA, uztailaren 27koa, drogamenpekotasunaren arloko aurrezaintza, laguntza eta gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko 18/1998 Legean jasotzen den egitura instituzionala garatzen duena.
- Indargabetzen du: 1/1999 LEGEA, maiatzaren 18koa, Drogamenpekotasunen arloko Aurrezaintza, Laguntza eta Gizarteratzeari buruzko 18/1998 Legea Aldatzekoa.
- Indargabetzen du: 18/1998 LEGEA, ekainaren 25ekoa, drogamenpekotasunen arloko aurrezaintza, laguntza eta gizarteratzeari buruzkoa.
- Indargabetzen du: AGINDUA, 1997ko otsailaren 4koa, Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, ikerketaren, dokumentazioaren eta informazioaren alorretan Droga Gaietarako Idazkaritzari esleitutako funtzioak zehaztu eta Droga-menpekotasunen Euskal Behatokia