Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Arautegia

Inprimatu

12/2012 Legea, ekainaren 21ekoa, Kiroleko Dopinaren aurkakoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 126
  • Hurrenkera-zk.: 2954
  • Xedapen-zk.: 12
  • Xedapen-data: 2012/06/21
  • Argitaratze-data: 2012/06/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Kultura eta Kirola; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak 12/2012 Legea, ekainaren 21ekoa, Kiroleko Dopinaren aurkakoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Autonomia Estatutuko 10.36 artikuluaren arabera, eskumen esklusiboa du kirolaren arloan. Eskumen horren babesean, Soin Kulturaren eta Kirolaren otsailaren 19ko 5/1988 Legea onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, baina ez zuen dopinaren alorra arautu. Kirolaren maila guztietan aldaketa-prozesu handia gertatzen ari zenez, lege hori indarrean dagoen Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legeak ordezkatu zuen, eta horretan bai, dopinaren alorra arautu zen.

14/1998 Legean VII. tituluko V. kapitulu osoa dopinaren gaiari buruzkoa da. Baina kapitulu horretan arautzen denaz gain, gainontzeko artikuluetan ere arazo horri buruzko zenbait xedapen biltzen dira. Dena den, nahiz eta lege hori lehen urrats garrantzitsua izan Euskadin dopinaren gaitzari aurre egiteko araudi propioa izateko, onartu zenetik igaro den denborak agerian utzi du arazo berriak sortu direla eta aldaketa handiak izan direla antolaketa-moduetan eta erakundeetan, bai estatuan nahiz nazioartean.

Batetik, kirol-ekitaldiak tradizionalki kirol-federazioek antolatzen zituzten arren, gaur egun merkatuaren joeren menpe jarri dira nabarmen ekitaldiok, eta federazioak ez diren beste erakunde batzuek antolatzen dituzte; bada, dopinaren aurkako borroka arautzen zuen araudia ez zegoen erakunde horiei begira zehazturik.

Bestetik, nahiz eta era batera zein bestera dopatzea beti izan den kiroleko etikaren oinarrizko printzipioak urratzeko modua, gaur egun dopina ez da, besterik gabe, kirolaren arloko engainu larria, baizik eta praktika arriskutsu antolatuen multzoa, oso arriskutsuak izan daitezkeenak osasun publikoarentzat, bereziki kirolarien bizitzarentzat. Dopina kirolaren arloko etikaren eta kirolari jakin baten osasunaren esparrua gainditu eta osasun publikoko benetako arazo bihurtu da. Dopina ez da kirolari jakin batzuen noizean behingo egintzen erakusgarri; horren atzean, interes ekonomiko handiak dituzten talde antolatuak daude.

Gainera, dopinaren aurkako esparru juridikoak ere aldaketa sakonak bizi izan ditu. 14/1998 Legea onartu eta urtebetera, Lausanan (Suitzan) Kiroleko Dopinari buruzko Munduko Konferentzia izan zen, eta bertan garbi utzi zuten aginte publikoen eta kirol-erakundeen arteko elkarlanean sakondu beharra zegoela. Konferentzia horrek norabide-aldaketa ekarri zuen kiroleko dopinaren arazoari heltzeko moduan, eta azpimarragarriena nazioarteko erakunde independente bat sortu beharra erakustea izan zen, dopinari aurre egiteko arau komunak jarri eta kirol-erakundeen nahiz aginte publikoen ahaleginak koordina zitzan. Urte horretan bertan, Dopinaren aurkako Mundu Agentzia eratzea erabaki zen. Haren egituran eta finantziazioan modu orekatuan parte hartzen dute Nazioarteko Batzorde Olinpiarrak eta herrialde askotako gobernuek, gero eta kezkatuago baitaude dopinak izan duen gorakadaz eta dopina goi-mailako kirol-lehiaketen eremuaz haratago azkar zabaldu izanaz.

2003. urtean, Dopinaren aurkako Mundu Agentziak (Suitzako zuzenbidearen mendeko fundazio pribatua da) Dopinaren aurkako Mundu Kodea idatzi zuen, eta kode horren osagarri diren nazioarteko estandarrak ere zehaztu zituen. Testu horiek nazioarteko kirol-mugimenduak derrigor bete beharreko arau eta jarraibideen multzoa dira, eta horrekin batera, baita beharrezko erreferentzia ere dopinaren aurkako borrokan esku hartzen ari diren erakunde publikoentzat ere. Dopinaren aurkako Mundu Agentziaren ekimen horien ondorioz, Unescok, 2005eko urriaren 19an izandako bileran, Kiroleko Dopinaren Aurkako Nazioarteko Konbentzioa onartu zuen. Espainiak ere berretsi duen konbentzio hori (2007ko otsailaren 16ko Estatuaren Buletin Ofiziala) gure ordenamendu juridikoaren zati bat da, Konstituzioaren 96. artikuluan xedatutakoaren arabera. Testu horiek guztiek gobernuei dopinari aurre egiteko gakoa diren gaien inguruan harmonizazioa ekarriko duten arauak idazteko eskatzen diete. Esandakoa dela eta, eskuartean dugun lege honen bidez, dopinaren aurkako euskal araudia mundu mailako kodeak dituen printzipioekin harmonizatu nahi da, kiroleko dopinaren aurkako borrokan eraginkortasun handiagoa lortzeaz gainera. Izan diren aldaketa sakon horien beste erakusgarri bat Espainiako Legebiltzarrak Osasuna Babesteko eta Kiroleko Dopinaren Aurkako azaroaren 21eko 7/2006 Lege Organikoa onartu izana da. Jasotzen dituen aginduetako batzuk organikoak dira, eta beste batzuk onartzeko arrazoia Estatuak kiroleko dopinarekin zerikusia duten gaietan dituen eskumenak izan dira.

Esandako guztiagatik, lege honetan jasotako araudiak oinarri izan dituen printzipioak hain zuzen ere kiroleko dopinaren aurkako borrokan estatuan eta nazioartean aurreratuen dauden erakundeek onartutakoak dira. Lehiaketa-kirolaren egitura piramidala denez, eta kirol-lehiaketek elkarren artean lotura dutenez lurralde-eremuetan eta -mailetan, esparru juridiko komuna behar da kiroleko dopinaren aurkako borrokan aritzeko. Euskadin izaten diren nazioarteko zein estatuko kirol-lehiaketa batzuetan leku askotatik etorritako kirolari, talde eta federazioek hartzen dute parte, eta horrek gutxieneko kontu batzuetan behintzat harmonizatua izango den araua edukitzea eskatzen du.

Horren ondorioz, nahiz eta 14/1998 Legeak erregimen berritzailea ekarri garai hartan, gaur egun berrikuntza eta eguneratzeak behar ditu dopinari aurre egin ahal izateko; izan ere, kirolaren eta kirolari buruz zabaldu diren baloreen eta oinarrien antinomiaren sinbolo dugu dopina, bereziki Euskadiko Kirolari buruzko 14/1998 Legearen 2.1 artikuluan esaten denaren antinomia, hauxe baitio artikulu horrek: «interes publikoa duen gizarte-jarduera da kirola, pertsonen heziketan eta garapen integralean laguntzen duena; halaber, bizi-kalitatea eta norberaren nahiz gizartearen ongizatea hobetzen laguntzen du».

Eskumenei dagokienez, komeni da gogora ekartzea gorago aipaturiko 14/1998 Legearen 4. artikuluan xedaturik geratu zela Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunen eskumena izango zela ondorengo eskumena gauzatzea: «dopinari aurrea hartzea, kontrolatzea eta zigortzea».

Legeak nabarmen gogortu du dopinaren aurka borrokan egiteko lege-esparrua, baina gogortze hori kirolarien eta prozesuan esku hartzen duten gainerako pertsonen oinarrizko eskubide eta askatasunak errespetatu beharraz bateratzen saiatu da. Testuak oinarrizko ideia bat du abiaburu: dopinaren aurkako borroka ezin da edozein modutan eraman aurrera, eta kontu handiz zaindu behar dira dopinaren aurkako kontroletan parte hartzen duten kirolarien eskubideak, baina kontrolon eraginkortasuna inondik ere gutxitu gabe. Eraginkortasun hori lortzeko, kirolariek dituzten eskubide batzuk orekatu egin beharko dira, dopinaren aurkako borrokan lortu nahi diren bidezko helburuekin proportzionalki jardun ahal izateko (Europako Erkidegoetako Justizia Auzitegiaren 2006ko uztailaren 18ko epaia, David Mecaren eta beste batzuen kasua Europako Erkidegoen Batzordearen aurka).

Lege berri honekin, bestalde, federazioenak ez diren kirol-jardueretako dopina kontrolatu eta zigortzeko erregimena ezartzen da. Gaur egungo legerian federatutako kirolari buruz egiten diren aurreikuspenak beste kirol-jarduera batzuetara ere hedatu dira, horiek ere babestu beharra dagoela ikusten baita, hain zorrotza ez den araubide batez baldin bada ere. Gai horretan, legeak 14/1998 Legearekin hasitako bideari jarraitzen dio, orduan ere aurreikusi baitzen zehapen-erregimena federazioen esparrutik kanporako ere, eta 7/2006 Lege Organikoak zabaldutako ildoan ere badoa, lehiaketetakoa ez den kirol-jardueretan ere zehapenak jarri ahal izatea aurreikusten baitu. Horren inguruan, legeak berariaz aipatzen ditu zenbait debeku, kirolean galarazita dauden substantzia eta metodoak banatzen edo merkaturatzen dituzten kirol-zentroei begira.

Dopina kontrolatzearen arloan, kontrolak egiteko beste modu batzuk berariaz jasotzen ahalegindu da legea. Dopinarekin inolako tolerantziarik izan nahi ez badugu, ez da nahikoa, besterik gabe, laginak hartu eta analisiak egitea. Beharrezkoa da iruzur egiteko beste bide batzuk ere kontrolatzea, hala nola erabilera terapeutikoko baimenak. Hori dela eta, legeak ez du mugatzen dopinaren aurkako kontrola laginak hartzera, eta gainera, hartuko diren laginak ez dira kirolarien gernuarenak bakarrik izango; legeak beste lagin mota batzuk hartzeko atea zabalik uzten du, eta ez du inolako biderik inposatzen. Zientziaren eta teknologiaren arloko ikerketa eta aurrerapenen emaitzak izango dira unean-unean kontrol modurik egokiena zein den zehaztuko dutenak. Legeak aurrerapen horiek mugatu ordez, ikuspegi irekia du, eta aurrerapen horiei euskarri juridikoa eskaini nahi die.

Bereziki aipatzekoa da testu berriak osasun-kontrolak deitutakoei emandako garrantzia. Legean, kontzeptu horrek jarduera-multzo hau hartzen du bere baitan: kirol-jarduerak osasunari eragin diezazkiokeen ondorioak hobetzeko, kontrolatzeko eta prebenitzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak, kirol-federazioek eta gainerako kirol-erakundeek egokitzat hartzen dituzten jarduerak, bai eta dopinaren eta osasunaren alorrean legeak ezarritako betebeharrak kirolariek bete ditzaten kontrolatzeko jarduerak ere.

Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak zehaztuko du, lege hau erregelamendu bidez garatzeko arauek ezarritako moduan, zein kasutan izango den egokia kirolari bati lizentzia kentzea osasuna dela eta. Osasun-kontrol horiek ez dira sartzen lan-harremanen esparruaren barruan. Lege honek kirol-erakunde orori ematen dio eskumena osasun-kontrolak egiteko erakundeko kirolariei, lan-harremana izan edo ez izan. Atzerapauso nabarmena izango litzateke federazioei eta gainontzeko kirol-erakundeei beren kirolariei osasun-kontrolak egiteko aukera ukatzea, lan-harremanik ez egotea arrazoitzat hartuta.

Lege-testuan berariaz aipatzen da zenbait kirol-elkarte, kirolari eta pertsona fisiko eta juridiko batzuek debekaturik izango dutela laguntza publikoak jasotzea dopinarekin zerikusia duten egoera batzuetan. Erretorika hutsa izango litzateke dopinaren aurkako kontrol- eta zigor-erregimena gogortzen saiatzea, eta aldi berean aginte publikoei aukera ematea dopinaren aurkako araudia urratu duten pertsona eta erakundeei ekonomikoki laguntzeko.

14/1998 Legean arau-hausteen eta zehapenen tipifikazioa oso mugatua zen, eta lege berri hau baliatu da sortu diren premia berriei erantzun eta nazioarteko araudiak dioenera egokitzeko. 14/1998 Legean aipatzen ziren zehapenak ez zetozen bat Dopinaren aurkako Mundu Kodean esaten zenarekin, eta hori dela eta, egokitzeko ahalegina egin da orain; dena den, esan beharrekoa da oraingo erregimenak 7/2006 Lege Organikoa hartu duela erreferentziatzat.

Erabilera terapeutikoko baimenen bidez gertatzen ari diren iruzur garrantzitsuei aurre egiten saiatu da legea; izan ere, gero eta garbiago ikusten da dopinari bide emateko aukera bihurtzen ari dela erabilera terapeutikoa. Kirolariek, beste edozein pertsonak bezala, gaixotu eta lesioak izan ditzakete, eta horiek sendatzeko tratamendu medikoa behar izango dute. Hori hala izanik, legeak zenbait kasutan erabilera terapeutikoko baimenak emateko aukera aitortzen du. Baina hori egitearekin batera, kirol-baja izenekoa ere zehazten du, eta egoera horren bidez, kirolariak erabateko askatasuna izango du tratamendu terapeutikoa jasotzeko, beste edozein pertsonak egiten duen gisan, baina tarte horretan ezin izango du lehiatu.

Legeak berariaz jasotzen du dopinaren aurka borroka egiteko oinarrizko beste tresna bat: beste erakunde publiko edo pribatu batzuek jarritako zehapenak aintzat hartzea. Hau da, beste herrialde edo autonomia-erkidego batean edo beste kirol-motaren batean zigorra jaso badu kirolari batek, ezin izango du Euskadin lehian aritu zehapena indarrean den artean, zehapen hori dena delakoa izanik ere.

Lege honetan, dopinaren aurkako borroka modu integralean ulertu da. Dopinaren praktika arautzeaz gainera, bereziki jasotzen ditu legearen artikuluetan kirolarien errendimendua handitzeko erabiltzen diren substantzia eta metodoek osasunean eduki ditzaketen ondorioei buruz entitate profesionalei eta kirolariei eman beharreko ikerketa, sentsibilizazioa, prestakuntza eta informazioa. Hori dela eta, legeak prebentzioaren arloan zenbait neurri hartu beharko direla zehazten du. Neurri horien artean ikerketa-lanak sartzen dira, eta ikerketaren arloko programa horiek aurrera eramateko modua izateko, legean informazioa emateko bide batzuk zehazten dira, hain zuzen ere eragile publiko eta pribatuei ikerketako programak aurrera eramatean erabiltzeko modukoak izan daitezkeen datuak helarazteko. Halaber, legeak berariaz ezarri du formazio eta informazio-programak egitea, batik bat, klub, federazio, ikastetxe, kirolari, teknikari, zuzendari eta gainerako kirol-eragileei zuzenduak; horien helburua dopinak kirolaren arloan tradizionalki landu diren balioak arriskuan ez jartzea da, eta osasunari kalte larriak eragiten dizkioten eta debekatuta dauden substantziez eta metodoez ez baliatzea kirolariak. Merezi du bereziki adieraztea lehiaketa ofizialetakoa ez den errendimenduko kirolaren eremuan dopinaren aurkako borrokan sentsibilizatzeko berariazko programak aurreikusi direla; hauetaz ari gara: atletismoko proba herrikoiak, bizikleta-lasterketak, gimnasioak eta abar.

Atal berezia behar du dopinaren alorreko datu pertsonalen babesarekin zerikusia duen orok. Legeak bere baitan hartu dituen zenbait xedapenek, kirolarien eta beste pertsona batzuen eskubideei dagokienez, badu eraginik datu pertsonalen babesean, nahiz eta ez duten arautzen. Egoera jakin batzuetan, zenbait informazio agintari eskudunei jakinarazteko betebeharrak ezartzen dira; beste egoera batzuetan, berriz, datu horien tratamendua arautzen da, eta abar. Horregatik, lege hau egiterakoan honako hauek hartu dira kontuan: Datu Pertsonalen Babeserako abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa; abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretua, datu pertsonalen babeserako abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa garatzeko Erregelamendua onartzen duena; eta otsailaren 25eko 2/2004 Legea, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa.

Lege honetan, dopin eta osasun-kontrolekin zerikusia duten datuak (analisien emaitzak, azterketa medikoen emaitzak, osasun-kontrolen emaitzak, erabilera terapeutikoko baimenen eskaerak eta baimenak, eta abar) osasunari buruzko datu pertsonaltzat hartzen dira, eta horregatik behar dute babes berezia.

Azkenik, legeak, kontuan izanik kirol-espirituaren aurkako egintzak saihestu nahi dituela eta kirolariaren osasuna babestea duela helburu, edozein dela beraren federazio-mota, araudi berezia ezarri du federatu gabeko kirol lehiaketetan parte hartzen duten kirolarientzat, esaterako, eskola-lizentzia, unibertsitate-lizentzia, edo lizentziaren baliokidea den inskripzioa dutenentzat. Ezinbestekoa da antolatutako kirol-jardueretan parte hartzen duten kirolari guztien osasuna zaintzea, alde batera utzita lizentzia duten edo ez. Legearen asmoa ez da dopin-kontrolak orokorrean aplikatzea kirola egiten duen edonori, eta, horregatik, ahalmena ematen dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari zerrenda bat presta dezan, beren mendeko kirolariei dopin-kontrolak egitea zilegi izango den federatu gabeko kirol lehiaketekin. Horren bitartez kontrol horren proportzionaltasuna zaindu nahi izan da, hau da, beren ezaugarri bereziengatik benetan kontrolatzekoak diren lehiaketetan baino ez egitea dopin-kontrola.

Azken batean, legea idazteko arrazoi nagusia 14/1998 Legean dopinaren arloan jasotzen diren xedapenak gaur egungo egoerara egokitu beharra izan da, nabarmena delako premia hori; eta Euskadik asmo handiko esparru juridikoa izatea ere lortu nahi du, gure kiroletik dopinaren gaitz larria eraginkortasunez erauzten saiatzeko.

  1. Lege honetan arautzen direnetarako, ondorengoa izango da dopatzea: kirolariaren errendimendua artifizialki handitzeko, debekatuta dauden substantziak hartzea edo debekatutako metodoak erabiltzea; hori guztia kirol-arauen aurkakoa izango da.

  2. Animaliek parte hartzen duten kirol-lehiaketei dagokienez, dopatzetzat hartuko da animaliei debekatutako substantziak ematea edo haiekin debekatutako metodoak erabiltzea haien kirol-errendimendua artifizialki handitzeko; hori guztia kirol-arauen aurkakoa izango da.

  3. Zehapenen arloan izango dituen ondorioengatik, dopatzea izango da, era berean, lege honetan eta ezartzekoa den gainontzeko araudian dopinaren aurka zehaztutako araudia ez betetzea edozein pertsona fisiko edo juridikok, araudia bete beharra badu.

  4. Legearen eremu material orokorra Euskal Autonomia Erkidegoan garatutako kirol-jarduerek osatzen dute, federatua izan edo ez izan. Aurrekoa hala izanik ere, ez zaie legeak dioena ezarriko estatuko lehiaketa ofizialei eta nazioarteko kirol-lehiaketei, azken horiek nazioarteko kirol-federazioek edo kasuan kasuko erakunde olinpikoak edo paraolinpikoak antolatzen dituenean.

  5. Legearen aplikazio-eremu subjektibo orokorrak euskal federazio-lizentzia duten kirolari guztiak hartzen ditu bere baitan, unibertsitatekoa zein eskolakoa izan, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoan antolatzen diren kirol-lehiaketa ofizialetan parte hartzeko baimena ematen duen federazio-lizentzia dutenak, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoan lehiatzen diren kirolari guztiak ere. Era berean, kirola Euskadin egiten duten pertsona fisiko eta juridiko guztiei ere ezarriko zaie legea, nahiz eta kirol-jarduera hori aldi batez baino egin ez, eta baita kirol-jardueretan parte hartzen duten animalien jabeei ere. Aplikazio-eremu subjektiboa esandakoa izanik ere, kirolari horiek estatuko edo nazioarteko kirol-jardueretan parte hartzen dutenean edo eremu horretako lizentziak ere izateagatik, estatuko eta nazioarteko xedapenak bete beharko dituzte.

  6. Lege honetan esaten direnetarako, kirolaritzat hartuko da legearen beraren mende dauden kirol-lehiaketetan parte hartzen duen pertsona oro, parte hartze hori federazio-lizentzia bidez egiten bada, unibertsitatekoa zein eskolakoa zein lege honen ondorioetarako kirol-lizentziaren balioa duen inskripzio-titulua izan.

Euskal Autonomia Erkidegoan kirolak ondorengo oinarrizko printzipioak bete beharko ditu, dopinaren aurkako borrokaz ari garela:

  1. Dopina kiroleko etikaren eta olinpismoaren baloreen aurkakoa da.

  2. Dopinak kalte larria eragin diezaieke kirolariei eta kiroletako animaliei.

  3. Dopina modu guztietan da baztertzekoa, eta beraz, debekaturik egongo da eskumena duen organoak onartutako zerrendan galarazitakoak direla esaten den substantziak edo metodoak gomendatzea, proposatzea, baimentzea, uztea, eskura jartzea, saltzea, horiez hornitzea, kontsumitzea edo erabiltzea, betiere hori guztia baimenik ez duten pertsonek egiten badute edo kasuan kasuko araudian jarritako bideak, helburuak nahiz baldintzak bete gabe egiten bada.

  4. Kirolariek, lehiaketetan ari direla nahiz horietatik kanpora, dopinaren aurkako kontrolak egin beharko dituzte hala eskatzen dietenean eskumena duten agintariek, eta beste horrenbeste gertatuko da azterketa, egiaztatze eta ikerketa osagarriekin ere.

  5. Kiroletik dopina erauztea kirol-antolakunde guztien oinarrizko helburuetako bat izango da.

  6. Informazioa, prestakuntza eta ikerketa ezinbesteko lantresnak dira dopina desagerrarazteko.

  7. Kiroleko dopinaren prebentzioak eskolan, unibertsitatean eta kirol federatuan jarduteko tresna izan behar du.

  8. Estatuarekin eta nazioartearekin dopinaren aurka lankidetza eta koordinazio administratibo egokia izatea lagungarri gertatuko da dopinak kirolean dituen ondorioak neutralizatzeko.

Kirolariek ondorengo erantzukizunak hartu beharko dituzte beren gain dopinaren aurkako borrokan:

  1. Dopinaren esparruan ezartzekoak diren baldintza eta akordioen berri izatea, eta horien ondoriozko neurri guztiak betetzea.

  2. Hala eskatzen zaienetan, laginak ematera eta gainontzeko kontroletara joatea eta, era berean, eskatzen zaien informazio guztia ematea.

  3. Irensten duten edo erabiltzen duten guztiaren erantzule izatea.

  4. Medikuntza-alorreko langileei jakinaraztea kirolaria izateagatik ezin duela kirol-alorreko legerian debekatuta dagoen substantziarik hartu edo metodorik erabili, eta ziurtatzea, ahal duen neurrian, agindu dioten tratamendu terapeutikoak ez dituela dopinaren aurkako arauak urratzen.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan eta eskumena duten beste erakundeetan dopinaren inguruko arau-hausteak salatzea, halakoren baten berri izaten badute.

  6. Dopinaren aurkako informazio-, prestakuntza- eta ikerketa-programetan parte hartzea.

  7. Dopina kontrolatzeko onartuko diren dokumentuak izenpetzea, kirol-lehiaketetan parte hartu ahal izateko.

  8. Eskolan, unibertsitatean eta kirol federatuan dopina prebenitzeko programetan lankidetzan aritzea.

  1. Kirolarien laguntzaileen eta kirol-lehiaketetan parte hartzen duten animalien laguntzaileen inguruneko pertsonek ondorengo erantzukizunak hartu beharko dituzte beren gain dopinaren aurkako borrokan:

    1. Dopinaren esparruan ezartzekoak diren baldintza eta akordioen berri izatea, eta horien ondoriozko neurri guztiak betetzea.

    2. Beren kirolariek eta animaliek dopinarekin zerikusirik ote duten jakiteko kontroletan lankidetza eskaintzea, eta eskatzen zaien informazio guztia ematea.

    3. Txiki-txikiekin hasita, eragin positiboa izatea kirolaren inguruko balore eta jarreretan, dopinaren aurrean izan beharreko jarreraz ari garela.

    4. Kirolariei prestakuntza eta aholkuak eskaintzea, dopinaren aurkako neurri eta arauei buruz.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan eta eskumena duten beste erakundeetan dopinaren inguruko arau-hausteak salatzea, halakoren baten berri izaten badute.

    6. Dopinaren aurkako informazio-, prestakuntza- eta ikerketa-programetan parte hartzea.

    7. Dopina kontrolatzeko onartuko diren dokumentuak izenpetzea, kirol-lehiaketetan parte hartu ahal izateko.

    8. Eskolan, unibertsitatean eta kirol federatuan dopina prebenitzeko programetan lankidetzan aritzea.

    9. Animaliek irensten edo erabiltzen duten guztiaren erantzuleak izatea.

  2. Lege honen ondorioetarako, hona zer hartuko den kirolarien laguntzaileen eta kirol-lehiaketetan parte hartzen duten animalien laguntzaileen inguruneko pertsonatzat: kirol-lehiaketetan parte hartzen duten edo horretarako prestatzen ari diren kirolari edo animaliei arreta eman edo laguntzen dieten entrenatzaile, instruktore, zuzendaritza-kide, kirol-zuzendari, agente, taldeko kide, pertsonal mediko, albaitari edo paramediku, animalien jabe edo pertsona oro.

Euskadiko aginte publikoek ondorengo erantzukizunak hartu beharko dituzte beren gain dopinaren aurkako borrokan:

  1. Dopinaren aurka hartuko diren neurri eta arau guztiak indarrean den araudiaren araberakoak direla ziurtatzea.

  2. Kirol-taldeei eskatzea gaiaren inguruan emandako arau eta hartutako erabaki guztiak zorrotz bete ditzatela.

  3. Dituzten aukeren eta eskumenen barruan, dopinaren kontrako programak finantziatzen laguntzea.

  4. Adin txikiko kirolariak babesteko neurriak hartzea, dopinaren arriskua dela eta.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan eta eskumena duten beste erakundeetan dopinaren inguruko arau-hausteak salatzea, halakoren baten berri izaten badute.

  6. Edozein kirol-erakunde edo kirolariri dirulaguntzarik edo bestelako laguntzarik ez ematea, dopinaren aurkako araudia urratzeagatik zigorturik badaude edo kasuan kasuko kontrolak egiteari uko egin baldin badiote.

  7. Eskolan, unibertsitatean eta kirol federatuan dopinaren prebentziorako kanpainak aurrera eramatea.

  1. Euskadiko kirol-erakundeek ondorengo erantzukizunak hartu beharko dituzte beren gain dopinaren aurkako borrokan:

    1. Dopinaren aurka hartuko diren neurri eta arau guztiak indarrean den araudiaren araberakoak direla ziurtatzea.

    2. Dituzten aukeren eta eskumenen barruan, dopinaren kontrako programak finantziatzen laguntzea.

    3. Edozein kirol-elkarte edo kirolariri dirulaguntzarik edo bestelako laguntzarik ez ematea, dopinaren aurkako araudia urratzen badute edo kasuan kasuko kontrolak egiteari uko egin baldin badiote.

    4. Dopinaren arriskua dela eta, adin txikiko kirolariak babesteko neurriak hartzea familiekin eta ikastetxeekin elkarlanean.

    5. Dopinaren aurkako kasuan kasuko erregelamendua onartzea, lege honetan eta legea garatuko duten xedapenetan esaten denarekin bat.

    6. Lehiaketan eta lehiaketatik kanpora kontrol egokiak egitea.

    7. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan eta eskumena duten beste erakundeetan dopinaren inguruko arau-hausteak salatzea, halakoren baten berri izaten badute.

    8. Dopinaren aurkako informazio-, prestakuntza- eta ikerketa-programak garatzea edo horietan lankidetza eskaintzea.

    9. Dopinaren aurkako kontroletan behatzaile independenteek parte hartzea baimentzea.

    10. Baldintza egokiak dituzten guneak prestatzea dopinaren aurkako kontrolak egin ahal izateko, betiere kirolarien eta, hala bada, animalien beharretara egokituak.

    11. Dopina kontrolatzeko prozesuetan egiten diren analisien emaitzen isilpekotasuna gordetzea.

    12. Dopinaren aurka beharrezkoak diren organoak sortzea, lege honetan esaten direnak betetzeko.

    1. Erabilera terapeutikoko baimenak eta horren ondoriozko kirol-bajak nola eman diren eta nola betetzen diren egiaztatzea.

    2. Dopina dela eta zehapenak indarrean dituzten kirolariei kirol-ekitaldietan parte hartzea galaraztea.

    3. Administrazio publikoekin lankidetzan aritzea dopinaren prebentziorako antolatzen diren kanpainak aurrera eramaten.

  2. Euskadiko kirol-federazioek eta lurraldeetakoek, dopinaren arloan dituzten administrazio arloko eginkizun publikoak betetzeko, dopinaren aurkako programa, xedapen eta organoak izan beharko dituzte zehazturik, betiere bakoitzaren ahalbideen arabera. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoari laguntza tekniko eta ekonomikoa eskatzeko aukera izango dute.

    Animalien dopina dela eta, dagozkien kirol-federazioen programak eta xedapenak koordinatu beharko dira animalien ongizatea eta babesa zaindu behar duten agintari eskudunek egiten dituzten kontrolekin. Animalien ongizatea eta babesa zaintzeko izaera ofizialaz egiten diren kontrol horiek baliagarriak izan ahal izango dira kirol arloan ere, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak hala ezartzen badu.

  3. Euskadiko edo lurralde bateko kirol-federazio batek edo beste kirol-erakunde batek ez badu bere gain hartzen dopinaren arloan duen eginkizun publikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak esku hartuko du, lege honen 10. artikuluan esaten den moduan.

Kirol-ekitaldiak antolatzen dituzten pertsona eta erakundeek ondorengo erantzukizunak hartu beharko dituzte beren gain dopinaren aurkako borrokan:

  1. Dopinaren aurka hartuko diren neurri eta arau guztiak indarrean den araudiaren araberakoak direla ziurtatzea.

  2. Kirol-taldeei eskatzea gaiaren inguruan emandako arau eta hartutako erabaki guztiak zorrotz bete ditzatela.

  3. Dituzten aukeren eta eskumenen barruan, dopinaren kontrako programak finantziatzen laguntzea.

  4. Dopinaren arriskua dela eta, adin txikiko kirolariak babesteko neurriak hartzea, dibulgazio-kanpaina puntualak bideratuz lehiaketek irauten duten bitartean.

  5. Dopinaren aurkako kasuan kasuko erregelamendua onartzea, lege honetan eta legea garatuko duten xedapenetan esaten denarekin bat.

  6. Dopinaren aurkako kontrol egokiak egitea.

  7. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan dopinaren inguruko arau-hausteak salatzea, halakoren baten berri izaten badute.

  8. Dopinaren aurkako informazio-, prestakuntza- eta ikerketa-programak garatzea edo horietan lankidetza eskaintzea.

  9. Dopinaren aurkako kontroletan behatzaile independenteek parte hartzea baimentzea, antolatzen dituzten ekitaldietan.

  10. Dopina kontrolatzeko prozesuetan egiten diren analisien emaitzen isilpekotasuna gordetzea.

  11. Dopina dela eta zehapenak indarrean dituzten kirolariei kirol-ekitaldietan parte hartzea galaraztea.

  12. Baldintza egokiak dituzten guneak prestatzea dopinaren aurkako kontrolak egin ahal izateko, betiere kirolarien eta, hala bada, animalien beharretara egokituak.

  1. Dopinaren aurka beharrezkoak diren organo eta erregelamenduak sortzea, lege honetan esaten direnak betetzeko.

  2. Erabilera terapeutikoko baimenak eta horren ondoriozko kirol-bajak nola eman diren eta nola betetzen diren egiaztatzea.

Dopinaren aurkako kontrola egin beharko duten kirolariek ondorengo eskubideak izango dituzte, beste batzuen artean:

  1. Haiei buruzko datu pertsonalak babestuta egoteko eskubidea, indarrean den ordenamendu juridikoaren arabera.

  2. Dopinaren aurkako kontrola egitean, konfiantzazko pertsona batek laguntzeko eskubidea, betiere kontrol-gunean edo inguruan baldin badago, eta gastuak kirolariaren kontura direla.

  3. Legearen 13.6 artikuluaren arabera kirolariek dituzten bermeen eta dopinaren aurkako kontrolen berri jasotzeko eskubidea.

  4. Ustez dopatu izanaren jakinarazpena jasotzen badu, alegazioak aurkeztekoa.

  5. Dopinaren aurkako kontrola kirolariaren erabateko duintasuna eta intimitatea urratu gabe egitekoa.

  6. Dopinaren aurkako kontrola ez grabatzeko edo kontrolaren argazkirik ez ateratzeko eskubidea.

  7. Lehenengo analisi baten emaitza positiboa edo kirolariaren aurkakoa bada, kontraanalisia egin dadila eskatzeko eskubidea.

  8. Dopinaren kontrako prozesua eta lege honek ezarritako preskripzio-epeak amaitu ostean, hartu diren odol, gernu edo bestelako laginak desegin daitezela eskatzeko eskubidea. Lagin horiek ikerketak egiteko erabili behar badira, identitatea gordeko da, hots, laginok ezingo zaizkio inongo kirolariri esleitu eta ikerketa biomedikoaren alorrean indarrean den araudia beteko da.

  9. Kirol-erakundeei emaitzak isilpean gordetzeko eskatzeko eskubidea, lege honek ezarritako eran, eta analisien emaitzen berri jasotzeko lehentasuna izatekoa.

  10. Erabilera terapeutikoko baimenak eskuratzeko eskubidea, kirolean debekatuta dauden substantzia eta metodoen zerrendak jasotzen duen debekaturiko substantzia eta metodo bat erabili ahal izateko, lege hau garatzen duen araudian ezartzen diren baldintzak betez gero.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek eta beren baitako zuzenbide publiko edo pribatuko bestelako erakundeek nahiz administrazioen parte hartzea duten gainerako erakundeek ezin izango diete babesik ez diru-laguntzarik eman kirol-erakundeei, baldin eta kirol-erakunde horiek zehapenen bat jaso badute dopinaren aurkako araudia urratzeagatik, edo dopin-kontrolak egiterakoan lankidetza eskaintzeari uko egin badiote. Debeku horrek bere horretan jarraituko du zehapena indarrean den artean edo lankidetza eskaintzeari uko egiten zaion artean.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek eta beren baitako zuzenbide publiko edo pribatuko bestelako erakundeek nahiz administrazioen parte hartzea duten gainerako erakundeek ezin izango diete babesik ez diru-laguntzarik eman dena delako kirolariei, baldin eta kirolari horiek zehapenen bat jaso badute dopinagatik, edo dopin-kontrolak egiterakoan lankidetza eskaintzeari uko egin badiote. Debeku horrek bere horretan jarraituko du, zehapena indarrean den artean edo lankidetza eskaintzeari uko egiten zaion artean.

  3. Babesa edo diru-laguntzak emateko harremanik indarrean baldin badago, zehapenak ahalmena emango die administrazioei bertan behera uzteko babes edo diru-laguntzok, eta ez dute oraindik ordaintzeke dauden kopuruak ordaindu beharrik izango. Dopinaren berri izan arte emandako kopuruak itzultzeko betebeharrari dagokionez, diru-laguntzak arautzen dituzten arauetan zehaztutako baldintzek eta prozedurek diotena bete beharko da.

  1. Hauek dira dopinaren aurka Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak izango dituen eskumenak:

    1. Dopatzeari buruzko legeria betetzen dela zaintzea.

    2. Dopinaren arloan egindako eskaera, kontsulta, salaketa eta erreklamazioei erantzutea.

    3. Dopinaren arloko eskubide eta betebeharrei dagokienez, pertsonei informazioa ematea.

    4. Eskumena duten organismoei, haien antolaketa, araudia edo jarduera dopinaren arloko legeriara egokitzeko eskatzea, eta, hala badagokio, deuseztapena edo aldaketa agintzea, baldin eta legeria horretara egokitzen ez badira.

    5. Zehatzeko ahala erabiltzea eta, era berean, dagozkion kautela-neurriak hartzea.

    6. Kirola ikuskatzeko funtzioak betetzea, eta eginkizun hori betetzeko behar duen informazio guztia biltzea. Horretarako, edozein argibide eskatu ahalko die kirolariei eta haien inguruneko pertsonei, bai eta agiriak eta datuak erakusteko edo bidaltzeko ere, eta dokumentazio hori gordeta dagoen tokian bertan aztertu ahal izango du, eta, halaber, taldeak eta lokalak ikuskatu ahal izango ditu, betiere indarreko legediak ezarritako eran.

    7. Dopin-kontrolen urteko programa bat egitea eta, hala badagokio, programa hori gauzatzea, finantzatzea eta zaintzea. Programa horren barruan, lehiaketan bertan eta lehiaketatik kanpo Agentziak berak eskatuta egindako kontrolak sartuko dira. Nolanahi ere, horiek gorabehera, Euskal Autonomia Erkidegoko beste erakunde batzuek Euskadin beste kontrol batzuk egin ahal izango dituzte.

    8. Dopinaren aurka modu eraginkorrean borroka egiteko beharrezko duen laguntza eta informazio guztia eskatzea dagokien organoei.

    9. Urtero-urtero txosten bat egitea eta Eusko Legebiltzarrera bidaltzea.

    10. Dopinik gabeko kirolaren aldeko zabalkunde, prestakuntza eta sentsibilizazio jarduerak egitea; debekatuta dauden substantzien eta metodoen erabilerari buruzko informazioa eta horien kontrol-modalitateei buruzkoa jakinaraztea; dopinaren arrazoiei eta ondorioei buruzko txostenak eta azterketak egitea; prebentzio-ekintzak bultzatzea eta sustatzea. Eginkizun horiek betetzean, genero-ikuspegia integratu beharko du, dopinari eta dopinak gizon eta emakume kirolariengan dituen ondorio zehatzei buruzko ikerketa sustatzeko eta horren berri emateko.

    11. Dopin-kontrolak zein lehiaketa eta probatan egin daitezkeen zehaztea.

    12. Kontrola egiten zaien kirolarien errugabetasun-presuntzioa babestea.

    1. Euskadiko kirol-federazioei eta lurraldeetakoei diziplina-espedienteak irekitzeko eskatzea, eta, hala badagokio, dagozkion errekurtsoak jartzea federazio horien diziplina-ebazpenen aurka.

    2. Diziplina-espedienteak izapidetu eta ebaztea, baldin eta kirol-federazioek ez badituzte espediente horiek epearen barruan ebatzi.

    3. Dopin-kontrolak egiteko kirolariak aurkitzeko moduan egoteari dagokionez, behar diren xedapen eta formularioak onartzea.

    4. Eusko Jaurlaritzak izapidetutako arau-egitasmoei dopinaren aurkako borrokari eragiten dietenei buruzko nahitaezko txostena ematea, baita beste erakunde batzuen arau-ekimenei buruzko txostena ematea ere, erakunde horiek eskatzen diotenean.

    5. Parte hartzea dopinaren aurkako borrokarekin zuzenean loturiko bileretan, foroetan eta erakundeetan, estatu barrukoetan zein nazioartekoetan.

    6. Dopinaren aurkako beste administrazio batzuekin eta kirol-erakundeekin lankidetzan aritzea, erabilera terapeutikoko baimenei buruzko informazioari eta dokumentazioari dagokienean, bai eta, orokorrean, beste edozein eremutan ere, kiroleko dopinaren aurka eraginkortasunez borrokatzeko beharrezkoa denean.

    7. Segurtasun indar eta kidegoekin behar diren lankidetza-harremanak izatea, kiroleko dopinaren aurka borrokatzeko.

    8. Dopinaren arloan, ikerketa zientifiko eta teknikoa bultzatzea, baita garapena eta berrikuntza ere, proiektu zehatzak bultzatuz, bai zuzenean edo bai unibertsitateekin lankidetzan, ikerketako erakunde publikoekin lankidetzan eta ikerketa, garapena edo berrikuntza bultzatzen duten beste erakunde batzuekin lankidetzan.

    9. Administrazioak berak antolatutako dopin-kontroletan edo, dagozkion hitzarmenen bidez, beste erakunde batzuek egindakoetan, laginak jaso eta garraiatzea.

    10. Dopin-kontroletan laginak hartzeko langileen prestakuntza bultzatzea, gerora, zeregin horretarako gaitzeko langile horiek. Era berean, aintzat hartuko da genero-ikuspegia, laginak hartzeko taldean kirolariaren sexu bereko pertsona bat izan dadin, legeetan jasotzen denez.

    11. Erabilera terapeutikoko baimenak ematea edo ukatzea, Erabilera Terapeutikoko Baimenen Euskal Batzordearen (COVAUT) bidez.

    12. Aipaturiko administrazioaren eskumenekoak izanik, dopinaren aurkako borrokaren arloetakoak diren gainontzeko eginkizunak, baldin eta berariaz beste organo edo erakunde batzuei esleituta ez badaude, baita beste lege eta araudi batzuen bidez esleitutako eginkizunak ere.

    13. Euskal Autonomia Erkidegoko Mendetasunen Planean sartzea kiroleko dopinaren aurkako borrokari buruzko kapitulu bat.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak beharrezkoak diren administrazio-egiturak sortuko ditu, aurreko idatz-zatian xedatutakoa betetzeko.

    Aurreko paragrafoko f) letrako ikuskaritza burutu behar duten langileak aginte publikotzat joko dira lan horretan ari direla; eta beren zereginak betetzen dihardutenean jakiten dutena isilpean gorde beharko dute derrigor, baita lan hori utzi eta gero ere. Haien aktak egiazkotzat hartuko dira.

  1. Aholku Batzordeak honako kide hauek izango ditu:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren lau ordezkari. Kirol arloan eskumena duen sailburuak izendatuko ditu, eta kirolarekin, osasunarekin, segurtasunarekin eta animalien babesarekin lotutako sailetakoak izango dira.

    2. Lurralde historikoen ordezkari bana; lurralde historikoek proposatuta, kirol arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburuak izendatuko ditu.

    3. Kirol-federazioak ordezkatuko dituen pertsona bat; Euskal Kirol Federazioen Batasunak proposatuta, kirol arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburuak izendatuko du.

    4. Kiroleko medikuntzan aditua den pertsona bat, farmazian aditua den pertsona bat, albaitaritzan aditua den bat, jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietan aditua den bat eta kiroleko zuzenbidean aditua den bat, kirol arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburuak izendaturikoak.

    5. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko pertsona bat, drogen, gai sorgorgarrien eta dopin-produktuen trafikoan aditua.

  2. Erabilera Terapeutikoko Baimenen Euskal Batzordeak (COVAUT) autonomia funtzional osoz beteko ditu bere eskumenak. Batzordeko kideak Eusko Jaurlaritzan kirolaren alorreko eskumena duen zuzendariak izendatuko ditu, 2005eko azaroaren 18ko Kiroleko Dopajearen aurkako Nazioarteko Hitzarmenaren II. eranskinean batzordekideak izendatzeari buruz ezartzen dituen jarraibideen arabera.

  3. Aholku Kontseiluko kideei edo COVAUTeko kideei ez zaie ordainsaririk emango. Dena dela, kideei eta parte hartzaileei gastu eta dietak bai, ordainduko zaizkie, zerbitzua dela-eta sor daitezkeen kalte-ordainak arautzen dituen Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren araudian ezarritakoaren arabera.

  4. Aholku Batzordean eta COVAUT batzordean, ahal dela, emakumeen eta gizonen presentziaren arteko oreka gordeko da.

  1. Lege honen aplikazio-eremu subjektiboan sartutako kirolariek nahitaez egin beharko dituzte, lehiaketan eta lehiaketetatik kanpora, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak eta lege honen bidez gaitutako erakunde publiko eta pribatuek erabakitako kontrolak. Horrez gain, kirolari horiek estatuko eta nazioarteko xedapenetan ezarritako kontrolak egiteko betebeharra izango dute.

  2. Lehiaketatik kanpoko kontrolak ustekabean edo aldez aurretik noiz egingo diren jakinarazita egin daitezke. Lehenengo kasuan, hau da, ustekabean egingo diren kontrolen kasuan, betebeharra kontrolak egiteari dagokio, eta, bigarren kasuan, berriz, betebeharra agertzeari eta kontrolak egiteari dagokie.

  3. Lehiaketan eta lehiaketatik kanpoko kontrolen baldintzak erregelamendu bidez zehaztuko dira, eta ahalegina egingo da behar bezala kontuan hartzeko bai kirolarien eskubideak eta bai kontrolak eraginkortasunez egiteko beharrizanak.

  4. Kontrolak egiteko betebeharra dopinaren alorreko arau-hauste bat egitearren kirol-lizentzia etenda dutenei ere badagokie zehapena betetzen ari diren bitartean, eta, edonola ere, kirol-lizentzia berriro gaitu aurretik kontrola egin beharko dute beti.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak kirolari hauek ere derrigortu ahal izango ditu dopin-kontrolak egitera: lizentzia izan baina ezarritako epean berritu ez dutenak, baldin eta arrazoiz susmatzen bada kirolari horiek ez dutela kirola utzi eta lehiaketatik kanpoko kontrolak saihesteko asmoz ari direla, harik eta lizentzia berritu arte.

  6. Lehen paragrafoan adierazitako kontrolak egin eta ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen, kirolariek, taldeek, entrenatzaileek, zuzendariek eta kirolariak inguruan dituen gainerako pertsonek kirolariak non egon ohi diren jakiteko datuak eman behar dituzte erregelamendu bidez ezarritako eran, dopin-kontrolak egin ahal izateko.

  7. Kirolariek, beren entrenatzaileek, medikuek eta gainerako osasun-langileek, bai eta kirol-klubetako eta kirol-erakundeetako zuzendariek ere, dopin-kontrolak egiterakoan adierazi egin behar dute zer tratamendu terapeutiko egiten ari diren kirolariak, nor diren horien erantzule eta tratamenduak zer hartzen duen bere baitan, baldin eta kirolariek berariaz adierazten ez badute ez dutela baimena ematen horren berri emateko. Era berean, eskatzen zaienean, gaitzak eta gaitzen tratamendua egiaztatzeko ere eman beharko dute informazioa.

  8. Kirolariaren osasun-txartelean kontrola egiteko hitzorduak, egindako kontrolak eta kontrolen emaitzak jasoko dira, txartelaren araudian jasotako eran, lege honen erregelamenduzko garapenean adierazitako moduan.

  9. Kontrola egin ahal izango zaie estatuko edo nazioarteko lizentzia duten kirolariei, Euskal Autonomia Erkidegoan egindako lehiaketa edo kirol-jardueretan parte hartzen badute edo, nahiz eta aldi baterako izan, bertan bizi badira. Kontrol horietatik etor litezkeen zehapen- edo diziplina-espedienteak lege honen arabera eskumena duen erakundeak izapidetuko ditu. Era berean, lehiaketatik kanpora kontrolak egin ahal izango dizkiete Euskal Autonomia Erkidegoan entrenatzen ari direnean, eskumena duen nazioarteko erakundeak edo federazioak eskatuta.

    Dena dela, Euskal Autonomia Erkidegoan egindako dopin-kontroletako analisien emaitzak dagozkion kirol-erakundeetara eskumena izan dezaketenetara bidaliko dira.

  1. Laginak hartzeko mediku batek egingo ditu, osasun-langileek lagunduta, aurreko artikuluan aipatutako kontrolak, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak zeregin horretarako gaitutako langileen ardurapean.

  2. Dopinaren aurkako nazioarteko araudiarekin eta, batez ere, Dopinaren aurkako Mundu Kodearekin eta hori garatzeko arauekin bat etorriz, lehiaketatik kanpoko dopin-kontrolak eta osasun-kontrolak ezin izango dira erregelamendu bidez ezarritako ordutegi-tarte jakin batean egin, eta tarte horretan sartuko dira betiere gaueko atsedenerako erabiltzen ohi diren orduak. Ordu horietan ezin izango da dopin-kontrolik egin Euskal Autonomia Erkidegoan, eta berdin dio kontrol hori agintari administratiboak, kirol-federazioak edo estatuko edo nazioarteko erakundeak agindutakoa izan.

  3. Era berean, kirolari berari ezin izango zaio dopin-kontrol bat baino gehiago eginarazi proba batean. Ez da kontrol beretzat hartuko kirolariei eskatutako lagin-motak desberdinak badira. Erregelamenduz arautuko da eskubide horren norainokoa.

  4. Gaueko atsedenaren barruan sartzen den ordutegi-tartean edo aurreko paragrafoan adierazitakoaren babesean dopin-kontrolak egiteari uko egiteak ez du inolako erantzukizunik eragingo.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoan egindako dopin-kontrolak ordutegi-muga horiek errespetatuz egingo direla zainduko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak, eta berdin dio kontrol horiek nork agintzen dituen.

  6. Kontrola egingo zaiela jakinarazten zaienean esango zaie kirolariei, eta, hala badagokio, lagina hartu baino lehen, kontrol hori dela-eta zein eskubide eta betebehar dituzten, eta prozeduraren funtsezko izapideen eta horien ondorio nagusien berri ere emango zaie, bai eta lege honek datuen tratamenduari eta datuak emateari buruz zer xedatzen duen. Horrez gain, jakinaraziko zaie, datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko edo datuen aurka egiteko eskubideak erabiltzeko aukera dutela. Azken horiek datu pertsonalen babeserako indarrean dagoen legerian ezarrita daude.

  7. Dituzten eskubideen artean kontrola ez egiteko eskubidea dago, artikulu honetan xedatutakoaren eta lege honen 23.1.c) artikuluan ezarritakoaren kalterik gabe.

  8. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak informazio-eredu normalizatu bat ezarriko du euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, kontrolak jakinarazteko, dopin-kontroletan laginak hartzeko eta hartutako laginak dagokion laborategira bidaltzeko.

  9. Dopin arloko diziplina- edo zehapen-prozeduren ondorioetarako, bidezko arrazoirik gabe dopin-kontrolak egiteari uko egitea edo dopinaren aurkako erakundeek egindako informazio-eskaerei ez erantzutea, behar bezala dokumentatu ondoren, behar adinako froga izango da kirolariaren jokabidea zehatzeko. Kontrola ez egiteko bidezko arrazoitzat hartuko da kontrola egitera bertaratu ezin izatea egiaztatutako lesio baten ondorioz edo kontrola egiteak kirolariaren osasuna arriskuan jartzen duela egiaztatzen denean.

    Ezintasun hori zuzenbidearen arabera ezarritako edozein bitartekoren bidez egiaztatu eta ziurtatu beharko du laginak hartzeko taldeko arduradunak.

  10. Aurreko paragrafoan adierazitako ezintasuna egiaztatzeko agiriari Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen arloan indarrean dagoen araudian aurreikusitako egiazkotasun-presuntzioa aitortuko zaio.

  1. Erregelamendu bidez zehaztuko diren klubek eta gainontzeko kirol-erakundeek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak behar bezala erregistratutako liburu bat izan eta bete beharko dute nahitaez. Liburu horren osotasuna bermatuko da, eta bertan kirolariei beren zuzendaritzapean agindu dizkieten tratamendu terapeutikoak jaso beharko dituzte, baldin eta kirolariek inskripzio hori egitea onartzen badute. Liburu hori osasun-agiritzat hartuko da datuen zaintza eta babesaren ondorioetarako.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak osatu edo ordeztu egin ahal izango du erregistro-liburu hori datu-baseen prozedura zentralizatuen bidez, informazioaren teknologia berriak eta identifikazio elektronikoa erabiliz; esate baterako, sinadura elektronikoaren eta historia elektroniko bakar eta zentralizatuko sistemen bidez.

  3. Kirolariek, liburuan inskripzioa egiten den momentuan, idazpenaren kopia bat eman diezaioten eska dezakete. Bertan, behar bezala identifikatuta azaldu beharko da osasun-tratamendua agindu edo egin duen medikua edo osasun arloko profesionala; osasun-arretaren arduradun den profesionalaren sinadura eta, hala badagokio, zigilua jasoko dira.

  4. Liburuan, osasun-jarduera bakoitza kirolariaren sinadurarekin berretsi beharko da, jarduera hori egin dela eta liburuan idazpena egitea baimendu duela berresteko.

  5. Dopatze gisa har daitekeen edozein tratamendu terapeutikotan, nahiz eta tratamenduak behar den baimena izan, erregelamendu bidez arautuko den baimen informatuko prozedura bete beharko da, eta erregistro-liburuan horren kopia bat gordeko da.

  6. Erregistratzeko betebehar horrek Euskadiko kirol-federazioei eta lurraldeetakoei ere eragiten die, kirolariak, kirol-selekzioetan, haien ardurapean daudenean.

  7. Banakako kiroletan, betebehar hori kirolariena edo dagokion federazioarena izango da, aurreko paragrafoan adierazitako moduan.

  8. Beste autonomia-erkidego bateko, estatuko edo nazioarteko erakunde batek Euskal Autonomia Erkidegoan lehiatu nahi den kirolari bati erabilera terapeutikoko baimen bat eman badio, edo glukokortikosteroideak edo parekoak erabiltzen direlako adierazpenik badago, kirolariak, edo horretarako izendatzen denak, horren berri eman beharko du dopin-kontrola eginez gero.

  9. Dopinaren aurkako organoek eta diziplina- edo zehapen-organoek ezingo dituzte erabilera terapeutikoko baimenak edo adierazitako baimenak baliozkotzat hartu, horiek ez badaude behar bezala erregistratuta Erabilera Terapeutikoko Baimenen Euskal Batzordean. Era berean, baimenak edo adierazpenak ez dira baliozkotzat hartuko erregistratuta egon eta iruzur eginez lortu badira, edo dosien baldintzak, emateko moduak edo tratamendu-epea ez badira betetzen.

  10. Kirol-erakundeek, beren araudietan, mugatu egin ahal izango dute, lehiatuko diren taldeetan, erabilera terapeutikoko baimenak edo glukokortikosteroideak edo parekoak erabiltzen dituztelako adierazpenak dauzkaten kirolarien kopurua.

  11. Erabilera Terapeutikoko Baimenen Euskal Batzordeak (COVAUT) berrikusiko du erabilera terapeutikoko baimenak edo adierazpenak behar bezala lortu edo aplikatzen diren.

  12. Aurreko paragrafoetan aipatutako datu pertsonalak tratatzeko eta lagatzeko, oso-osorik bete behar dira datu pertsonalak babestearen alorrean indarrean dagoen legedian ezarrita dauden xedapenak.

  13. Erabilera terapeutikoko baimenak emateko edo ukatzeko erabakiaren aurkako inpugnazioa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzan kirolaren alorreko eskumena duen organoari.

  14. Kirolari bati egindako dopin-kontroleko analisiaren emaitza positiboa bada edo aurkako txostena badu, baina erabilera terapeutikoko baimena badu eta baimena balioduna bada, indarrean badago eta analisien emaitzei dagokienez egokia bada edo kirolariak behar den erabilera-adierazpena badu, dagokion diziplina- edo zehapen-erakundeak, isilpeko eginbidearen bidez, emaitza negatibotzat hartuko du, eta ez da beharrezkoa izango jardunak bidaltzea diziplina- edo zehapen-organoetara.

  15. Erabilera terapeutikoko baimenen eskabideak eta glukokortikosteroideak edo parekoak erabiltzen dituztelako adierazpenak aurkeztu behar dituzten kirolariek eta gainontzeko pertsonek, kirol-ekitaldien aurretik, jakinarazi egin behar dute tratamenduren bat jarraitzen ari direla, nahiz eta eskabideak eta adierazpenak gerora aurkeztu.

  16. Lizentziarik gabe Euskadin bizi, entrenatu edo lehiatzen diren kirolariek ez dituzte bete beharko lizentzia duten kirolarientzat lege honetan ezarritako betebehar dokumentalak.

  1. Euskadiko kirol-federazioek eta lurraldeetakoek, baita lege hau aplikatzekoa zaien gainontzeko kirol-erakundeek ere, beren araudietan kirol-bajaren egoera aurreikusi ahal izango dute. Egoera horretan, kirolariek edozein lesio edo gaixotasun tratatzeko egokitzat jotzen den edozein tratamendu hartu ahal izango dute askatasun osoz, nahiz eta eragotzita izango duten era guztietako kirol-lehiaketetan parte hartzea.

  2. Ustekabean egindako dopin-kontroletako zehapenak saihesteko asmoz, kirol-bajaren egoera dopinaren aurkako dagokion batzordeak eman beharko du eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan jaso beharko da. Kirol-bajan dagoen bitartean, kirolaria ezin izango da lehiatu dagokion kirol-erakundeko dopinaren aurkako batzordeak zehaztutako epean, kirolariak ez dezan, iruzur eginez, kasuan kasuko tratamendua bere errendimendua hobetzeko erabili.

  3. Kirol-erakundeetako dopinaren aurkako batzordeek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak kirol-bajak eta kirol-altak emateko araubidea berrikusi ahal izango dute.

  4. Altak eta bajak kirolariaren osasun-txartelean jasoko dira, halakorik badauka.

  5. Diziplina- eta zehapen-organoek ezingo dituzte kirol-bajak baliozkotzat hartu, baldin eta ez badaude behar bezala erregistratuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan. Era berean, ezingo dituzte baliozkotzat hartu, behar bezala erregistratuta egon arren, iruzur eginez lortu badira.

  6. Aurreko paragrafoetan aipatutako datu pertsonalak tratatzeko eta lagatzeko, oso-osorik bete behar dira datu pertsonalak babestearen alorrean indarrean dagoen legedian ezarritako xedapenak, eta, era berean, kontuan izan behar da dopin- eta osasun-kontroletan, osasun-azterketetan, erabilera terapeutikoko baimenetarako prozeduretan eta kirol-bajen baimenetarako prozeduretan lortutako datuek goi mailako segurtasun neurriak behar dituztela.

  7. Dopinaren aurkako batzordeek kirol-alten eta kirol-bajen arloan hartutako erabakien aurkako inpugnazioa aurkeztu ahal izango zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoari. Ebazpen horiekin amaituko da administrazio-bidea.

  8. Dopin-kontrol baten analisiaren emaitza kirolariaren kontrakoa bada, baina kirolariak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean behar bezala erregistratutako kirol-baja badu, emaitza negatibotzat hartuko du dopinaren aurkako batzordeak eta ez da diziplina- edo zehapen-espedientea irekiko. Ez da espedienterik irekiko, halaber, kirol-baja hori behar bezala erregistratuta egonik, kirolariak ez badu dopin-kontrola egiten.

  1. Lege honen ondorioetarako, dopin-kontroltzat hartuko dira dopina eragiteko moduko debekatutako substantziarik dagoen egiaztatzeko edo arauz kanpoko metodorik erabili den egiaztatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak gaitutako erakunde eta pertsonek egindako jarduerak. Prozedura estandarren bidez hautematen dira halakoak, eta, horretarako, lagin bat ateratzen da. Dopin-kontroltzat hartuko dira, era berean, dopatzearen aurkako araudia bete den egiaztatzeko, eskumena duten dopinaren aurkako organoek egindako jarduera guztiak.

  2. Dena dela, dopin-kontrolen esparruan sartzen dira honako hauek: kontrolak berme guztiekin egiteko behar den plangintza, kontrolak zein kirolariri eta nola egingo zaizkion aukeratzea, laginak hartu eta erabiltzea, baita laborategiko analisiak eta lortutako emaitzak kudeatu eta gordetzea ere.

  3. Aurreko paragrafoan adierazitako laginak aire, gernu, odol edo beste edozein fluidotatik hartutakoak edo lagin txikiak izango dira, erregelamendu bidez zehaztutako moduan. Bertan adieraziko da nola baliozkotzen diren, ondorio hauetarako, analisien prozedurak.

  4. Lege honen ondorioetarako, osasun-kontrol kontzeptuak jarduera-multzo hau hartzen du bere baitan: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak, kirol-federazioek eta gainerako kirol-erakundeek, kirol-jarduerak beren kirolarien osasunari eragin diezazkiokeen kontrako ondorioak hobetzeko, kontrolatzeko eta prebenitzeko, egokitzat hartzen dituzten jarduerak, bai eta dopinaren eta osasunaren alorreko legetik eratorritako betebeharrak kirolariek bete ditzaten kontrolatzeko jarduerak ere. Osasun-kontroletako analisien emaitzek ez dute diziplina- edo administrazio-zehapenik ekarriko. Hala ere, kontrol horien ondorioz, kirol-erakunde horietan ezarritako kirol eta lan arloko neurriak ezarri ahal izango zaizkie kirolariei, eta dopin-kontrolen plangintza egiteko balio ahal izango dute.

  5. Osasun-kontrol horiek ez dute zerikusirik kirolariek beren borondatez egin ditzaketen azterketa medikoekin, osasuna zaintzeko lan-arloko legediaren babesean egindakoekin.

  6. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak zehaztu egingo du, lege honen erregelamenduzko garapenaren arauek ezarritako eran, zein kasutan den egokia kirolari bati lizentzia kentzea osasuna dela eta.

  7. Erregelamenduz zehaztuko dira kirolarien osasuna babesteko jarduerek izan behar dituzten baldintzak eta ezaugarriak.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak, aurreko artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, lege honetan aipatutako erakundeek egin behar dituzten dopin-kontrolak, osasun-kontrolak eta osasunaren babesaren arloan egin beharreko gainontzeko jarduerak zehaztuko ditu.

  2. Aurrekoa gorabehera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak, dagokion kirolaren ezaugarrien arabera eta, ezaugarri horiek aintzat hartuta, ezarritako plangintzaren arabera, lehiaketaren barruan eta lehiaketatik kanpora egin ahal izango dizkie kontrolak kirolariei, batez ere, euskal kirol-selekzioetan parte hartzen dutenean edo parte hartzekotan direnean. Kontrol horiek osagarritzat hartuko dira kirol-federazioek edo beste kirol-erakunde batzuek ezar ditzaketenei dagokienez.

  3. Kontrolak eta ondorengo faseetako datu-kudeaketak pertsonen funtsezko eskubideak, datu pertsonalen babesa eta jarduera horiek egiteko praktikarik onenak erabat errespetatuz egingo dira.

  1. Orokorrean, eta lege honetan adierazitako beste erakunde batzuen eskumenen kalterik gabe, Euskadiko kirol-federazioei eta lurraldeetakoei dagokie behar diren jarduerak egitea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak zehaztutako lehiaketa federatuetako kontrolak egiteko.

  2. Behar besteko baliabiderik ez dagoenean edo federazioaren beraren egiturak hala justifikatzen duenean, eginkizun hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak beteko du.

  3. Kirolariei lege honen aplikazio-eremuan egindako dopin-kontroletan, laginen analisiak Dopinaren aurkako Mundu Agentziaren nazioarteko egiaztapena duten laborategietan egin beharko dira.

  4. Dopinaren aurkako Mundu Kodean ezarritako irizpideekin bat etorriz, kirol-lehiaketa bakoitzean erakunde bakarra arduratuko da dopin-kontrolaz.

  5. Nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko asmoz Euskal Autonomia Erkidegoan dauden kirolariei lehiaketatik kanpoko kontrolak egiteko, lehentasuna izango dute nazioarteko kirol-erakundeek.

  6. Estatu mailako lehiaketa ofizialetan parte hartzeko asmoz Euskal Autonomia Erkidegoan dauden kirolariei lehiaketatik kanpoko kontrolak egiteko, lehentasuna izango dute estatu mailako erakundeek.

  1. Nazioarteko erakundeek onartutako xedapenen esparruan, Eusko Jaurlaritzak kirolean debekatuta dauden substantzien eta metodoen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko eskatuko du. Gainera, zerrendan aldaketak egiten diren guztietan, berriro argitaratuko da zerrenda.

  2. Eusko Jaurlaritzak debekatuta dauden substantzien eta metodoen zerrendari buruz informatzeko eta kontsultak egiteko beste modu batzuk ezarriko ditu. Horretarako, erakundeen eta kirolarekin zerikusia duten organoen orri digitaletan erantsiko du zerrenda, eta, horrezaz gain, zerrendaren berri emateko, hedatzeko eta eskura izateko bestelako moduak eta bitartekoak ere ezarriko ditu.

  1. Lege honetan dopinari buruz jasotzen den arau-hausteen eta zehapenen araubidea aplikatuko zaie Euskal Autonomia Erkidegoko 14/1998 Legearen 46. artikuluan exijitzen diren lizentziak direla-eta lotura berezia duten pertsonei, bai eta, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izanik, lege honen peko kirol-jarduerak gauzatzen dituzten kirol-erakundeekin edo lege honen pean beren borondatez jartzen diren gainerako kirol-erakundeekin lotura bereziko harremanak dituzten pertsonei.

  2. Estatuko kirol-lehiaketa ofizialetan dopina dela-eta egindako arau-hausteak estatuko diziplina-arauen pean egongo dira.

  3. Nazioarteko kirol-lehiaketetan dopina dela-eta egindako arau-hausteak nazioarteko diziplina-arauen pean egongo dira.

  4. Animalien babesaren arloko kontrolei dagokienez, dopina dela-eta egindako arau-hausteak gai horri buruzko arauen pean egongo dira, diziplina-erregimen honetan arautzen diren kirol-arloko ondorioen kalterik gabe.

  1. Lege honetan dopinari buruz jasotzen den arau-hausteen eta zehapenen araubidea aplikatuko zaie, bidezko den heinean, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan gertatzen diren egiteei edo ez-egiteei, edozein kirol-lehiaketatan gertatzen direla ere, dela kirol-lehiaketa autonomia-erkidegoaren eremukoa, dela estatuaren eremukoa edo nazioartekoa, nazioarteko kirol-federazioek edo nazioarteko erakunde olinpikoek edo olinpiada berezietakoek antolatua. Ez da beharko lotura bereziko harremanik egon dadin, eta egiteak edo ez-egiteak lehiaz kanpoko kirol-jardueretan ere gauza daitezke.

  2. Aurreko paragrafoan xedatutakoa lege honen 32. artikuluan xedatutakoaren kalterik gabe ulertzen da.

  1. Kirolariek ardura hartu beharko dute beren gorputz-organismoan gai debekaturik sar ez dadin, eta gorputzean horrelako gairen bat atzematen zaienean, berena izango da erantzukizuna, beti. Erantzukizunaren helmena, kapitulu honetan ezarritako diziplinako eta administrazio-zehapeneko araubidean ezarritakoa izango da.

  2. Kirolariak erantzukizunik duenez erabakitzeko, Dopinaren aurkako Mundu Kodean ezarritako irizpideei jarraituko zaie.

  3. Artikulu honetako lehenbiziko paragrafoan ezarritako betebeharra bete gabe utziz gero, erantzukizuna exijitu ahal izango da, eta administrazio-neurriak ezarriko dira, diziplina- eta zehapen-neurriak, Espainiak berretsitako nazioarteko hitzarmenetan, aplikatzekoa den estatuko legerian eta lege honetako artikuluetan aurreikusitako irismenarekin.

  4. Kirolariek, haien entrenatzaileek, zuzendaritzako langileek, kirolaria atxikita dagoen kirol-erakundeek eta kirolarien inguruko gainerako pertsonek kirolariak ohikotasunez lokalizatzeari buruz ezarritako betebeharrak ez betetzeaz erantzungo dute.

  5. Kirolariek, haien entrenatzaileek, medikuek, osasungintzako langileek edo zuzendaritzako kideek eta kirol-erakundeek eta kirolarien inguruko gainerako pertsonek erantzukizuna izango dute organo eskudunei kirolariaren gaixotasunei buruzko informazioa, tratamendu terapeutikoei buruzkoa eta tratamenduaren helmen eta erantzuleari buruzkoa emateko betebeharra arautzen duten xedapenak ez betetzeagatik, baldin eta kirolariak datu horiek erabiltzeko baimena eman badu.

  6. Era berean, erabilera terapeutikorako baimenak eskuratzeko ezarritako betekizunak ez betetzeagatik edo hausteagatik ere izango dute erantzukizuna, bai eta indarrean dagoen araudian glukokortikosteroideak edo beste gai batzuk erabili izanari buruzko adierazpenak egiteko ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik edo hausteagatik ere.

  1. Lege honen ondorioetarako, oso arau-hauste larritzat joko dira:

    1. Lege honetako 22.1 artikuluak aipatzen dituen betebeharrak ez betetzea, eta, horren ondorioz, debekatutako gai bat hautematea, edo haren metabolitoak edo markatzaileak, kirolari baten gorputz-laginetan.

    2. Kirolean baimentzen ez diren edo debekaturik dauden gaiak eta metodoak erabili edo kontsumitzea.

    3. Organo edo pertsona eskudunek hala eskatzen dutenean, lehiaketa barruan edo kanpoan dopin-kontrolak egiteari uko egitea edo aurka egitea, bidezko arrazoirik gabe. Era berean, organo edo pertsona eskudunek laginak biltzeko egindako eskakizunak, edo dopinaren kontrol- eta zigortze-prozeduretan beste edozein jarduera gauzatzeko egindako eskakizunak eragoztea, eskakizun horiei kasurik ez egitea, edo bidegabeki atzeratzea, edo ezkutaketan aritzea; orobat, eskakizun horiek betetzea galarazteko edo nahastea eragiteko gainerako jokabideak edo eskakizun horiek betetzen uzten ez duten gainerako jokabideak, egitezkoak edo ez-egitezkoak.

    4. Lege honen 22.4 artikuluak aipatzen dituen betebeharrak ez betetzea behin eta berriro, eta kontrolak lehiaketaz kanpo egiteko kirolariak lokalizatzeari eta eskuragarri egoteari buruz ezarritako betekizunak ez betetzea behin eta berriro.

    5. Tratamendu terapeutikoei eta erabilera terapeutikorako baimenei buruzko informazioari dagozkion betebeharrak, lege honetako 22. artikuluko 5 eta 6 paragrafoek aipatzen dituztenak, bai eta 14.1 artikuluak aipatzen tratamendu terapeutikoak inskribatzeko baimena ezeztea ere, ez betetzea, eta lege honetako 48. artikuluan xedatutakoa urratzea.

    6. Dopinaren kontrol- eta zigortze-prozeduretako edozein osagai aldatu, faltsifikatu edo manipulatzea.

    7. Kirolean onartzen ez diren edo debekaturik dauden gaiak edukitzea edo metodoak erabiltzea, horiek emateko edo agintzeko erabilera terapeutikoko baimenik ez dagoenean; orobat gaien, tresnen edo metodoen bolumena edo kantitatea helburu terapeutikoekin emateko edo aplikatzeko gehiegizkoa edo neurririk gabea izatea, arrazoirik gabe.

    8. Kirolean debekaturik dauden edo arauzkoak ez diren gaiak eman, banatu, eskaini edo bideratzea kirolariei, edo horiez hornitzea kirolariak; orobat, kirolean onarturik ez dauden edo debekaturik dauden metodoak erabiltzea.

    9. Gai edo metodo debekatuak edo arauz kanpokoak erabiltzeko baldintzak sustatzea, bultzatzea, laguntzea, akuilatzea edo erraztea; edo kirolariak dopinaren kontrolerako arauek baimentzen ez dituzten produktuak erabiltzera edo jokabideak izatera bultzatzen dituen beste edozein jarduera; edo kirolarien esku kirolean onartzen ez diren edo debekaturik dauden gaiak edo metodoak jartzeko xedea duen beste edozein jarduera.

    10. Arauzkoak ez diren metodoak abian jartzen laguntzea edo parte hartzea, egitez edo ez-egitez, edo dopinaren kontrako araudia urratzen duen beste edozein jokabide, egitezko edo ez-egitezko.

    11. Debekatu egiten da kirolean debekatuta dauden substantzia eta metodoak kirol-zentroetan biltegiratzea, merkaturatzea edo banatzea, edozein dela modua. Halaber, debekatu egiten da aurreko paragrafoan adierazitako produktuak kirol-zentroetan kontsumi daitezen sustatzea.

    12. Kirol-baja iruzur bidez eskuratzea eta erabiltzea, eta baja hori lortzeko, baldintzak ez betetzea edo, hala badagokio, urratzea.

  2. Arau-hauste larriak izango dira:

    1. Legearen 22.4 artikuluak aipatzen dituen betebeharrak ez betetzea, eta lehiaketaz kanpoko kontrolak egiteko kirolariak lokalizatzeari eta eskuragarri egoteari buruzko betekizunak urratzea, non eta ez diren behin eta berriro egiten, zeren eta, kasu horretan, arau-hauste oso larritzat joko baitira.

    2. Aurreko paragrafoko a), b), e) eta g) idatz-zatietan deskribatutako jokabideak, dagokion arau juridikoan larritasun txikikotzat jotako gaiak edo metodoak dituztenean helburutzat, gai edo metodo horiei eragiten dietenean edo horiei buruzkoak direnean, non eta ez diren behin eta berriro gauzatzen, zeren eta, kasu horretan, arau-hauste oso larritzat joko baitira.

    3. Osasun-jardueren gauzatze materiala federazio-lizentzia edo gaikuntza baliokidea etenik duten pertsonei edo erakundeei kontratatzea, esleitzea, izendatzea edo gomendio ematea, jarduera horiek gauzatzeko federazio-lizentzia edo gaikuntza baliokidea izatea exijitu ahal denean; orobat, jarduera horiek dagokion federazio-lizentzia edo gaikuntza baliokidea eduki gabe gauzatzea, edo eskuratutako lizentzia edo gaikuntza hori etenda izanik.

    4. Lege honek aurreikusitako beharrezko liburuak ez kudeatzea.

  3. Aurreko paragrafoetan deskribatzen diren arau-hausteak animaliek kirol-lehiaketetan parte hartzen duten kasuetan ere aplikatuko dira, dagozkion egokitze logikoekin.

1. 23. artikuluaren lehenbiziko paragrafoko a), b), c), d), e), f), g), j) eta l) idatz-zatietan aurreikusitako arau-hauste oso larriak eginez gero, lizentzia bi urtetik lau urte arteko aldi batez eteteko edo kentzeko zehapenak ezarriko dira, eta, hala balegokio, 3.001 eurotik 12.000 euro arteko isuna. Jokabide horiek bigarren aldiz gauzatuz gero, zehapena izango da federazio-lizentzia betirako kentzea, eta, hala balegokio, dagokion diru-zehapena, lege honetako 28. artikuluaren hirugarren paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz.

2. 23. artikuluaren lehenbiziko paragrafoko h) eta i) idatz-zatietan aurreikusitako arau-hauste oso larriak eginez gero, lizentzia lau urtetik sei urtera arteko aldi batez eten edo kentzeko zehapenak ezarriko dira, eta, hala balegokio, 3.001 eurotik 12.000 euro arteko isuna. Bigarren arau-haustea eginez gero, zehapena izango da federazio-lizentzia betirako kentzea, eta, hala balegokio, dagokion diru-zehapena, lege honetako 28. artikuluaren hirugarren paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz.

  1. Lege honetako 23. artikuluaren bigarren paragrafoan aurreikusitako arau-hauste larriak egiteagatik, federazio-lizentzia hiru hilabetetik bi urtera arteko aldi batez kendu edo etengo da, eta, hala balegokio, 1.500 eurotik 3.000 euro arteko isuna ezarriko da. Lehen aipatutako legez kontrako ekintza horiek bigarren aldiz eginez gero, jokabidea arau-hauste oso larritzat joko da eta federazio-lizentzia kendu edo eten egingo da bi urtetik lau urtera arteko epe batez, eta, hala balegokio, 3.001 eurotik 12.000 euro arteko isuna ezarriko da. Hirugarren arau-haustea eginez gero, zehapena izango da federazio-lizentzia betirako kentzea, eta, hala balegokio, dagokion diru-zehapena, lege honetako 28. artikuluaren hirugarren paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz.

  2. Baldin eta kirolariak, erabilera terapeutikoko baimena edukitzeko behar bezalako mediku-justifikazioa izanik, ez badu eskatu, edo aurretik zuen baimenaren indarraldia iraungi egin bada, lehendabiziko aldian ohartarazpena ezarriko zaio, baldin eta kontrolean analisiaren emaitza aurkakoa bada. Kirolari berak bigarren aldiz egiten badu arau-hauste bera, arau-hauste larriari dagokion zehapena ezarriko zaio, guztien artean txikiena. Zehapen horrez gain, klubak ere jaso dezake diru-zehapena, halako ez-egiteetan izandako arduragabekeriagatik.

  3. Aurreko paragrafoetan adierazitako zehapenen ondorioz, ezinezkoa izango da Euskadiko instalazio publikoetako inolako lehiaketatan parte hartzea, lizentziaren etenaldiak, kentzeak edo eskuratzeko ezintasunak irauten duen bitartean.

  1. Lege honetako 23. artikuluaren lehenbiziko paragrafoan aurreikusitako arau-hauste oso larriak egiteagatik isuna ezarriko da, 6.001 eurotik 24.000 euro artekoa, eta, hala balegokio, puntuak edo posizioak galtzea sailkapenean edo mailaz edo kategoriaz jaistea. Jokabide horietan adingabea sartuz gero, edo behin eta berriro eroriz gero, isuna osagarria baino ez da izango, eta 24.001 eurotik 50.000 euro arteko isuna ezarriko da.

  2. Lege honetako 23. artikuluaren bigarren paragrafoan aurreikusitako arau-hauste larriak egiteagatik, 1.500 eurotik 6.000 euro arteko isuna ezarriko da. Legez kontrako jokabide horietan bigarren aldiz eroriz gero, jokabidea arau-hauste oso larritzat joko da, eta 6.001 eurotik 24.000 euro arteko isuna ezarriko da, eta, hala balegokio, puntuak edo posizioak galtzea sailkapenean edo kategoriaz edo mailaz jaistea. Arau-haustea hirugarren aldiz eginez gero, diru-zehapena osagarria baino ez da izango, eta 24.001 eurotik 50.000 euro arteko isuna ezarriko da.

  1. Lege honetako 23. artikuluaren lehenbiziko paragrafoko b), c), d), e), f), g), j) eta l) idatz-zatietan aurreikusitako arau-hauste oso larriak egiteagatik, kirol-karguak betetzeko aldi baterako desgaitzea, kirol-lizentzia edo gaikuntza baliokidea bi urtetik lau urterako aldi batez kentzea edo etetea, eta, hala balegokio, 3.001 eurotik 12.000 euro arteko isuna ezarriko dira. Jokabide horietan adingabea sartuz gero, edo jokabide horiek bigarren aldiz gauzatzen direnean, kirol-karguak betetzeko desgaitzea izango da zehapena, edo kirol-lizentzia edo gaikuntza baliokidea betirako kentzea edo etetea, eta, hala balegokio, diru-zehapena, lege honetako 28. artikuluaren hirugarren paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz.

  2. Lege honetako 23. artikuluaren lehenbiziko paragrafoko h) eta i) idatz-zatietan aurreikusitako arau-hauste oso larriak egiteagatik, kirol-karguak betetzeko aldi baterako desgaitzea, kirol-lizentzia edo gaikuntza baliokidea lau urtetik sei urterako aldi batez kentzea edo etetea, eta, hala balegokio, 3.001 eurotik 12.000 euro arteko isuna ezarriko dira. Jokabide horietan adingabea sartuz gero, edo jokabide horiek bigarren aldiz gauzatzen direnean, kirol-karguak betetzeko desgaitzea izango da zehapena, edo kirol-lizentzia edo gaikuntza baliokidea betirako kentzea edo etetea, eta, hala balegokio, diru-zehapena, lege honetako 28. artikuluaren hirugarren paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz.

  3. Lege honetako 23. artikuluaren bigarren paragrafoan aurreikusitako arau-hauste larriak egiteagatik, federazio-lizentzia hiru hilabetetik bi urtera arteko epe batez kendu edo etengo da, eta, hala balegokio, 1.500 eurotik 3.000 euro arteko isuna ezarriko da. Legez kontrako ekintza horiek bigarren aldiz eginez gero, jokabidea arau-hauste oso larritzat joko da eta kirol-karguak betetzeko desgaitzea ezarriko da zehapena, edo kirol-lizentzia edo gaikuntza baliokidea bi urtetik lau urtera arteko aldi batez kentzea edo etetea, eta, hala balegokio, 3.001 eurotik 12.000 euro arteko isuna. Hirugarren arau-haustea eginez gero, zehapena izango da kirol-karguak betetzeko desgaitzea edo kirol-lizentzia edo gaikuntza baliokidea betirako kentzea edo etetea, eta, hala balegokio, dagokion diru-zehapena, lege honetako 28. artikuluaren hirugarren paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz.

  4. Atal honetan arau-haustetzat tipifikatutako jokabideak baimenik edo gaikuntza baliokiderik gabe gauzatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek, zerbitzuak ematen dituztenean edo kirol-federazioen kontura edo haien eskuordetzez lehiaketa ofizialak antolatzen dituzten erakundeen kontura jarduten dutenean, ofizialak izan zein ez izan, edo erakunde horien barruan integratutako pertsonek edo erakundeek ezingo dute kirol-lizentziarik edo gaikuntza baliokiderik eskuratu, ez kirol-lizentziari dagozkion eskubideak baliatu kirol-karguak betetzeko desgaitze-zigorrek irauten duten bezalako aldi batez, edo kirol-lizentziak edo gaikuntza baliokideak kentzeko edo eteteko zigorrek irauten duten bezalako aldi batez.

    Kirol-federazioek eta kirol-lehiaketak antolatzen dituzten erakundeek, ofizialak izan zein ez izan, egokitu egingo dute beren araudia lege honetako aurreikuspenak sartzeko; aurreikuspen horiek bateragarriak izango dira kasu bakoitzean dagokiokeen erantzukizun zibilarekin eta lege honetan xedatutakoaren ondorioz exijitu ahal diren erantzukizunengatik dagokiokeen kontu ematearekin.

  5. Artikulu honetan aurreikusitako zehapenak kirol-lehiaketetan parte hartzen duten animalien jabe diren pertsonei eta animalia horiek dauzkaten pertsonei ere aplikatu ahal zaizkie, bai eta dagokion arau-haustea egiten parte hartzen duten pertsona guztiei ere.

  1. Talde-medikuei eta kirol-lizentziarekin edo gaikuntza baliokidearekin osasun-eginkizunak betetzen dituzten langileei, lege honetako 23. artikuluko lehenbiziko paragrafoko c), e), f), g), h), i), j), k) eta l) hizkietan aurreikusitako jokabideak gauzatzen badituzte, zehapena ezarriko zaie, lizentzia bi urtetik lau urterako aldi batez kenduz edo etenez eta 6.001 eurotik 24.000 euro arteko diru-isuna ezarriz. Jokabide horietan adingabea sartuz gero, edo jokabide horiek bigarren aldiz gauzatuz gero, zehapena izango da federazio-lizentzia betirako kentzea, eta, hala balegokio, dagokion isuna, lege honetako 28. artikuluko hirugarren paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz.

  2. Talde-medikuei eta kirol-lizentziarekin edo gaikuntza baliokidearekin osasun-eginkizunak betetzen dituzten gainerako langileei, lege honetako 23. artikuluko lehenbiziko paragrafoko h) eta i) idatz-zatietan aurreikusitako jokabideren bat gauzatzen badute, zehapena ezarriko zaie, federazio-lizentzia lau urtetik sei urte arteko aldi batez kenduz edo etenez eta 3.001 eurotik 12.000 euro arteko isuna ezarriz.

    Jokabide horietan adingabea sartuz gero, edo jokabide horiek bigarren aldiz gauzatuz gero, zehapena izango da federazio-lizentzia betirako kentzea, eta, hala balegokio, dagokion isuna, lege honetako 28. artikuluko hirugarren paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz.

  3. Talde-medikuei eta kirol-lizentziarekin edo gaikuntza baliokidearekin osasun-eginkizunak betetzen dituzten gainerako langileei, lege honetako 23. artikuluko bigarren paragrafoan arau-hauste larritzat tipifikatutako jokabideak gauzatzen badituzte, zehapena ezarriko zaie, federazio-lizentzia hiru hilabetetik bi urte arteko aldi batez kenduz edo etenez eta, hala balegokio, 1.500 eurotik 3.000 euro arteko isuna ezarriz. Lehen aipatutako legez kontrako ekintza horiek bigarren aldiz eginez gero, jokabidea arau-hauste oso larritzat joko da eta federazio-lizentzia kendu edo eten egingo da bi urtetik lau urtera arteko aldi batez, eta, hala balegokio, 3.001 eurotik 12.000 euro arteko isuna ezarriko da. Hirugarren arau-haustea eginez gero, zehapena izango da federazio-lizentzia betirako kentzea, eta, hala balegokio, dagokion isuna, lege honetako 28. artikuluaren hirugarren paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz.

  4. Osasun-eginkizunak betetzen dituzten langileek atal honetan arau-haustetzat tipifikatutako jokabideak gauzatzen dituztenean federazio-lizentzia edo gaikuntza baliokiderik gabe, eta kirol-federazioen, liga profesionalen edo kirol-lehiaketa ofizialak antolatzen dituzten erakundeen kontura jarduten direnean edo zerbitzuak ematen dituztenean edo erakunde horietan atxikitako pertsonen edo erakundeen kontura jarduten direnean edo zerbitzuak ematen dituztenean, ezingo dute kirol-lizentziarik edo osasun-eginkizunetarako gaikuntzarik lortu, ez eta kirol-lizentziari dagozkion eskubideak baliatu, kirol-lizentzia edo gaikuntza baliokidea kentzeko edo eteteko zehapenak irauten duen besteko epe batez. Kirol-federazioek eta kirol-lehiaketak antolatzen dituzten erakundeek egokitu egingo dute beren araudia lege honetako aurreikuspenak sartzeko; aurreikuspen horiek bateragarriak izango dira kasu bakoitzean dagokiokeen erantzukizun zibilarekin eta atal honetan xedatutakoaren ondorioz exijitu ahal diren erantzukizunengatik dagokiokeen kontu ematearekin.

  5. Aurreko paragrafoan xedatutakoaren kalterik gabe eta atal honetan tipifikatutako jokabideengatik dagozkiokeen erantzukizunen kalterik gabe, diziplina-organoek dagozkien lanbide-elkargoei jakinaraziko dizkiete osasun-eginkizunak betetzen dituzten langileek gauzatutako egintzak.

  6. Artikulu honetan aurreikusitako zehapenak albaitariei ere aplikatuko zaizkie, animaliek parte hartzen duten kirol-probak direla-eta, baldin eta zehapenok aplikatzekoak badira.

  1. Kirolari batek lehenbiziko aldiz egiten duenean arau honetan aurreikusitako arau-hausteetako bat, dagokion artikuluan ezarritako zehapenak ezarriko zaizkio, proportzionalitate-irizpidearen arabera, baina betiere egoeraren inguruabarrak kontuan hartuz.

    Egoeraren inguruabarrak kontuan hartzeko eta zehapena graduatzeko, Dopinaren kontrako Mundu Kodean ezarritako irizpideak erabiliko dira beti.

  2. Horrez gain, lege honetako 35. artikuluan xedatutakoaren kalterik gabe, zehapenak graduatuko dira proportzionalitate-irizpideari eta kasu bakoitzean ageri diren inguruabarrei jarraituz, batez ere asmorik izan den, jakinaren gainean egin den, eginkizunen erantzukizunaren maila nolakoa den eta zer kalte mota eragin diren begiratuz, bai eta erantzukizuna modulatzeko balio dezaketen gainerakoei begiratuz.

  3. Bigarren arau-hauste oso larria eginez gero, zehapena izango da lizentzia edo gaikuntza baliokidea betirako kentzea, federazioan karguak betetzeko betiko desgaitzea edo lizentzia betirako kentzea, eta, hala balegokio, dagokion isuna ezartzea, gehienezko zenbatekoan.

  1. Pertsonari zehapen gisa ezartzen zaizkion isunak, kirolarien kasuan, diru-sarrerak izaten dituztenean baino ezingo dira ezarri, betiere diru-sarrera horiek kirol-jarduerarekin zerikusia badute.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak ezarritako isunak ordaindu ezean, nahitaez ordainaraziko dira, aplikatzekoa den administrazio-legerian ezarritako moduan.

  3. Aurreko paragrafoan aurreikusitako prozeduraren bidez bildutako isunen emaitza zuzenbide publikoko diru-sarrera izango da, eta 10. artikuluan adierazitako ikerketa-helburuetarako baliatuko da. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak jarduera horretarako behar diren kredituak sortu ahal izango ditu, eta kreditu horiek lege honetan ezarritakoari jarraituz gauzatuko dira.

  1. Banakako kirol-jardueretan, atal honetan aurreikusitako arau-hausteak eginez gero, kirolariari kendu egingo zaizkio dena delako kirol-lehiaketako sariak edo dominak, baliogabetu egingo zaizkio emaitzak eta erabateko deskalifikazioa ezarriko zaio dena delako lehiaketa edo proba horretan, edo dena delako lehiaketa edo proba hori sartuta dagoen txapelketetan.

  2. Diziplina-organoek aurreko edo ondoko egunetan egindako proba, lehiaketa edo txapelketei, handik geroago egindakoei edo kirolariaren laginak hartu diren egunean edo arau-haustea egin den egunean egin direnei ere aplikatu ahal izango dizkiete neurri horiek.

  3. Talde-kiroletan, lege honetako 26. artikuluan xedatutakoaren ondorioz dagozkiokeen zehapenak gorabehera, diziplina-organoek adierazi beharko dute ea beren iritziz egokia ote den partiden, proben, lehiaketen edo txapelketen emaitza aldatzea. Horretarako, egoeraren inguruabarrak haztatuko dituzte, eta orobat, dopina dela-eta atal honetan tipifikatutako arau-hausteak egin dituztenek partidaren, probaren edo lehiaketaren emaitzan izandako parte hartzea erabakiorra izan ote den, eta zer parte hartze izan duten adingabeek jokabide horietan.

  4. Arau-haustearen izaera dela-eta posible denean, ezarritako zehapenekin batera, kirolean dopina eragin duten edo eragin dezaketen gai eta tresna guztiak konfiskatu egingo dira. Zehapena ezartzeko ebazpena dela-eta behin betiko konfiskatu diren gaiak eta tresnak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoari esleituko zaizkio harik eta, erregelamendu bidez, haien behin betiko norakoa ezartzen den arte. Nolanahi ere, hori guztia lege honetako 40. artikuluan kautelazko neurri gisa ezartzekoa den konfiskazioari buruz xedatutakoaren kalterik gabe izango da.

  1. Kiroleko dopina dela-eta zehapenak ezarri izana Euskadin indarrean dagoen kirol-araudiaren babesean emandako kirol-lizentziari dagozkion eskubideak lortzeko edo baliatzeko ezintasun-kasuetako bat izango da, eta, bereziki, kirol-lehiaketetan parte hartzeko ezintasun-kasuetako bat.

  2. Zehapena lege honetan aurreikusitakoez besteko organo batek ezarri duenean, zehapen horren eta lege honen arabera dagokionaren arteko bateraezintasuna adierazteko eskatu ahal izango diote zehatuek Kirol Justiziako Euskal Batzordeari, zehatzeko ahal publikoari dagozkion printzipioei dagokienean. Aurreko hori ulertu behar da kirol arloko beste erakunde eskudun batzuek egin dezaketen bateraezintasun-adierazpenaren kalterik gabe.

  3. Erreklamazio hori egiteko prozedura erregelamendu bidez ezarriko da.

  4. Dopina dela-eta zehapena ezarri zaien kirolariek lizentzia berria eskuratzeko edo kirol-jarduera berriz hasteko aldez aurreko kontrola igaro beharko dute, lege honetako 12.4 artikuluan xedatutakoaren kalterik gabe.

  5. Beste erakunde batzuek dopina dela-eta ezarritako zehapenak elkarri onartzeko printzipio orokorra aplikatuko dute Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan kirol-jarduerak antolatzen dituzten erakundeek. Kirolariren bati dopinagatiko zehapena ezarriz gero eta zehapena indarrean egonez gero, edozein dela zehapen-mota, debekatu egingo zaio Euskal Autonomia Erkidegoan garatuko diren kirol-jardueretan parte hartzea.

  6. Gainera, desgaikuntza ezarriz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-administrazioek ezingo diote goi-mailako kirolariaren edo etorkizun handiko kirolariaren izaera aitortu kirolariari, edo lehendik zeukanari izaera horretan eutsi.

  1. Hortaz, diziplina-organoak, delitu-zantzuak hautematen baditu, eten egingo du prozedura-izapidea. Halakorik gertatuz gero, gertakarien berri emango dio berehala Ministerio Fiskalari.

  2. Diziplina-organoak edo zehapen-organoak, halaber, eten egingo du prozedura-izapidea, baldin eta lehen aipatutako hiru ezaugarriak gertatu eta gertakari horiek bide penaletik zigortzen ari direlako berri badu, eta, hala badagokio, berriro ekingo dio prozedurari gerora.

  3. Instruktoreak jakiten badu gertaera berberen ondorioz beste zehazpen-prozeduraren bat bideratzen ari dela, jakinaren gainean jarriko du berehala organo zehatzailea, eta organo hori, prozedura eten gabe, harremanetan jarriko da erreferentziako prozedura ebazteko eskumena duen organoarekin, koordinatu ahal izateko eta, hartara, behar diren aginduak eman ahal izateko.

    Gertaera beraren gainean administrazio-zehapena jarriko da soilik oinarri juridikoak bat ez datozenean.

Honako hauek dira diziplina-erantzukizuna guztiz edo partez zer dagokion kasu bakoitzean azkentzeko kausak:

  1. Zehapena betetzea. Lege hau garatzeko arauak eta kirol-federazio eta erakundeek eman ahal dituztenek ezingo dute izan inolako ondorio gehigarririk zehapena ezarria eta betea duten kirolarientzat.

  2. Arau-haustea preskribatzea. Arau-haustea preskribatzeko baldintzak hurrengo artikuluan daude ezarrita.

  3. Dopina eragiteagatik kirolean debekaturik dauden gaiak edo metodoak ematen edo hornitzen dituzten pertsonak edo talde antolatuak, edo gai edo metodo horiek baliatzeko modua ematen dutenak atzematen, bilatzen eta organismo eskudunen esku uzten laguntzea. Kasu horretan azkentzea partez gertatuko da.

  4. Erruztatuaren edo zehatuaren heriotza.

  5. Pertsona juridiko erruztatua edo zehatua azkentzea.

  6. Zehapena preskribatzea.

  7. Zehapena barkatzea.

  1. Arau-hauste oso larriak hiru urteren buruan preskribatuko dira, eta larriak bi urteren buruan. Falta oso larriengatik ezarritako zehapenak hiru urteren buruan preskribatuko dira, eta falta larriengatik ezarritakoak bi urteren buruan.

  2. Baldin eta, pertsona edo erakunde interesdunaren jakinaren gainean, diziplina- edo zehapen-prozedurari ekiten bazaio, eten egingo da arau-hausteen preskripzioa; nolanahi ere, zehapen-espedientea, erantzuleari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, hilabete baino luzaroago geldirik egoten bada, preskripzio-epea zenbatzen jarraituko da. Aurreko hori gorabehera, preskripzioaren etendurak bere horretan jarraituko du, lege honen 32. artikuluan aurreikusitako kausaren batengatik eten bada; nolanahi ere, preskripzio-epea zenbatzen jarraituko da, legez prozedurari berrekin ahal zaionetik hilabete igaro denean.

  3. Era berean, lagundu izanagatik zehapenaren azkentzea eragiten duen prozedura hasten bada, zehapenen preskripzio-epea eten egingo da; nolanahi ere, epea zenbatzen jarraituko da prozedura azkentzerik gabe amaitu eta ebatzi denetik hilabete igaro denean.

  1. Baldin eta kirolariak agintari eskudunen aurrean salatzen baditu pertsona eta erakunde egileak eta laguntzaileak, eta administrazio eskudunari laguntzen badio haien kontrako prozeduran edo prozesuan lekukotza emanez edo funtsezko datuak emanez, salbuetsirik geratuko da, partez, administrazio-erantzukizunetik, eta, hala balegokio, ez du diziplina- edo zehapen-prozedurarik igaro beharko. Xedapen hau aplikatzeko, salaketak, eta, hala balegokio, salaketarekin batera aurkezten diren frogek, diziplina- edo zehapen-prozedura hasten uzteko besteko garrantzia izan behar dute, edo, hala balegokio, prozesu judiziala hasten uzteko bestekoa.

  2. Aurreko paragrafoan aurreikusitako salbuespen hori, eta lege honetako 33. artikuluko c) hizkian aipatzen den erantzukizunaren azkentze erabatekoa edo partezkoa, honen arabera izango dira: salaketaren eta emandako laguntzaren zer-nolakoa, eta laguntza horrek dopinaren kontrako borrokan zer-nolako eraginkortasuna eta ahalmen juridikoa duen. Ezarritako zehapenetatik salbuestea ba ote dagokion ebazteko eskumena diziplina- edo zehazpen-organoari dagokio, eta ezarritako zehapenen erabateko edo partezko azkentzerik ba ote dagokion ebaztekoa, hasieran zehapena ezarri zuen organoari. Salaketaren ondoriozko zehapen-prozedura edo, hala balegokio, prozesu judiziala hasi baino lehen, ezingo da salbuespenik edo azkentzerik eman, eta, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren txostena beharko da, non eta ez den agentzia hori bera organo eskuduna.

  3. Kontuan hartuz kasuan ageri diren inguruabarrak, eta, bereziki, kirolariak aurrekaririk izan ezean, diziplina-organoak, salbuespenaren edo partezko azkentzearen kasuan, eten egin dezake zehapenaren betearazpena, betiere dopinaren arloan ezarritako lehenbizikoa baldin bada. Neurri hori onartzerakoan, aurreko paragrafoan aurreikusitako irizpideak aplikatuko dira. Baldin eta kirolariari, aurrerago, dopinaren alorreko beste diziplina-prozedura bat ezartzen bazaio lege hau urratzeagatik, etendura berez ezeztatuko da.

  1. Dopina zigortzearen arloan administrazio-zehapenak ezartzeko ahala erabiltzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoari dagokio.

  2. Aurreko hori gorabehera, beste administrazio-organo batzuek ez dute galduko animaliek parte hartzen duten kirol-lehiaketetan dopinaren kontra jazartzeko dagokien eskumena, ezta beste organo batzuek ere Herritarren Segurtasunaren Babeserako otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoak xedatutakoaren ondorioz dagokiena.

  1. Dopinaren alorreko diziplinazko ahala Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-federazioei dagokie, bai eta, erkidego horretan egiten diren kirol-lehiaketetan izaten den parte-hartzea dela-eta lotura bereziko harremana dagoen gainerako erakundeei ere.

  2. Diziplina-espedienteak izapidetzea eta ebaztea, hasiera batean, arestian aipatutako erakundeetako diziplina-organoei dagokie, haien estatutu eta erregelamenduetan aurreikusitako baldintzetan.

  3. Espedienteak, betiere, bi hileko gehienezko epean ebatzi beharko dituzte kirol-federazioetako diziplina-organoek. Laborategiak diziplina-organoari lortutako azken emaitzari buruz ematen dion jakinarazpen fede-emailetik kontatuko da epe hori.

    Dena dela, epe hori espedientea ebatzi gabe igarotzen bada, espediente hori edozein izapidetan egonda ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak hartuko du bere gain eskumena, eta hark jarraituko ditu aurreikusitako izapideak, espedientea amaitu eta ebatzi arte. Aurrekoa gorabehera eta espediente jakin batean agertzen diren inguruabarrak direla eta, aurreko paragrafoan aipatzen den epea luzatu ahal izango du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak, baldin eta epea iraungi aurretik inork berariaz eskatzen badu.

  4. Lege honetako aginduak ez betetzea dela-eta egin beharreko eta kirol-federazioetako eta antzeko eginkizunak dituzten erakundeetako zuzendari-karguei eragiten dieten diziplina-espedienteak izapidetzea eta ebaztea, berriz, Kirol Justiziako Euskal Batzordeari egokituko zaio administrazio-auzialdi bakarrean. Prozedura hori bideratuko da kirol-arloan Euskadin indarrean dagoen ordenamendu juridikoan ezarritako arauen arabera eta garapeneko araudiaren arabera.

  5. Dopinaren alorreko diziplina-prozedura, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esku-hartze fasea barne dela, gehienez ere sei hileko epean amaitu beharko da, prozedurari hasiera emateko erabakia hartzen denetik kontatzen hasita. Dopinaren alorreko diziplina-prozedura ebazpen bidez edo iraungipenez bukatuko da. Artikulu honen lehenengo paragrafoan ezarritako epemuga igaro eta ebazpen adierazirik jakinarazi ez bada, prozedura iraungita geratuko da.

  1. Kasuan kasuko kirol-erakundeko diziplina-organoak ebazpena eman ondoren jarriko da abian diziplina-prozedura. Horretarako, laborategiak emandako analisien emaitzak jaso behar ditu diziplina-organoak eta kasuan kasuko isilpeko eginbidea amaitu. Eginbide hori aurretiaz egiten da, jakiteko ea espedientea irekitzea justifikatzen duten egoerak badiren eta azken ebazpena eman ahal izateko, eta, hala, diziplina-espedienteari hasiera emateko, edo, hala badagokio, jarduketak artxibatzeko.

  2. Laborategiek beharrezko neurriak hartuko dituzte, jakinarazpen hori kirolariaren anonimotasuna eta identitate-erreserba gordetzea ahalbidetzen duten baldintzetan egin dadin.

  3. Behin lege honetan aurreikusitako preskripzio-epea betetzen denean edo kasuan kasuko zehapen-prozeduran, diziplina-prozeduran edo auzi kriminalean ebazpen irmoa ematen denean, dopatzea kontrolatzeko laborategiek ezingo dute gorde pertsona identifikagarri bati lotutako laginik. Laginak suntsitu egin beharko dira, salbu eta ikerketarako erabili behar badira, orduan disoziatuta gordeko baitira, baina betiere kirolariak espresuki bere oniritzia eman badu.

  4. Diziplina-prozedura ofizioz hasten eta izapidetzen da, izapide guztietan. Aurrekoa gorabehera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren aurrean salatu ahal izango dira ustezko dopin-jokabide edo -jarduerak egin izanari buruzko egiazkotasun-zantzuak ematen dituzten egiteak. Administrazioak salaketa onartuz gero, eragindako kirolariei kontrolak egitea agindu ahal izango du agentzia horrek, kasuan kasuko diziplina-espedientea hasi aurreko neurri moduan.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak prozedura bat ezarriko du salatzailearen identitatea isilpean gordetzeko, diziplina-prozeduretan eta prozedura horien aldez aurreko jarduketetan esku hartzen dutenen aurrean. Kasu bakoitzean bidezko diren aldez aurreko jarduketak amaitzen direnean, espedientea diziplina-organo eskudunari helaraziko zaio, zehapen-prozedurari hasiera eman diezaion.

  6. Dopinaren alorreko prozedurak federazioen barruan bideratuko dira, auzialdi bakarrean, bakoitzaren estatutuetan izendatzen den dopin alorreko diziplina-organo eskudunaren aurrean, eta haien barruan ezingo da inolako errekurtsorik jarri, ez errekurtso arruntik ez berraztertze-errekurtsorik. Prozedura horiek lehentasunezkoak izango dira, lege honetan ezartzen diren epeak betetze aldera.

  7. Diziplina-organo eskudunek ezartzen dituzten zehapenak berehala betearazi beharrekoak dira; salbu eta, organo jurisdikzionalak, balizko ezespen-kasu baterako ebazpenaren eraginkortasuna segurtatzera bideratutako bermeak hartu ondoren, zehapen horiek etetea erabakitzen duen.

  8. Prozedurari hasiera emateko erabakia eta prozedura amaitzeko ebazpena, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoari jakinarazi beharko zaizkio.

  9. Aurreko prozedurazko arau horiek zehazpeneko administrazio-prozedurari ere aplikatuko zaizkio, prozeduraren izatasunarekin eta berezko ezaugarriekin bateraezin ez diren gai guztietan.

  1. Estatuko beste organo administratibo eta judizial batzuen eskumena alde batera utzita, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak ikuskatu ahal izango ditu, betiere pertsonaren oinarrizko eskubideak gordeta, dopin-kontrol batean positibo emateko gai diren produktu eta substantziak gordetzea eta biltzea ahalbidetzen duten botika-ontzi, kirol-poltsa, aldagela-armairu, autobus eta gainerako guneak, bai eta metodo debekatuak aplikatzera bideratzen diren tresnak ere.

  2. Administrazioak zehatzeko ahala erabili ahal izateko, kontuan izango dira substantzia mota, unitate-kopurua eta justifikazio terapeutikoa, bai eta bakoitzaren lanbide-jardunari zuzenean lotutako gainerako gaiak ere.

  3. Erregelamenduz ezarriko da botika-ontzien eduki onargarria, eta, berariaz, edozein larrialdi medikoren ondorio diren gertaerei erantzuteko beharrezko diren sendagai eta osasun-produktuak.

Kirolean dopina eragiteko gai diren substantzia eta produktuak eta xede horretarako erabiltzen diren tresna eta lanabesak konfiskatu ahal izango dituzte kasuan kasuko zehapen-prozedurak hasten dituzten administrazio-agintariek, prozedura horien barruko kautelazko neurri moduan edo zehapen-prozedura horien aurreko neurri moduan. Bigarren kasu horretan, instrukzio-organoak berretsi egin behar du neurri hori, espedientea izapidetzerakoan.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan, dopinaren aurkako borroka eraginkorra bermatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak, gaian inplikazioa duten beste organo batzuen laguntzarekin, prebentzio-neurri batzuk hartuko eta sustatuko ditu, besteak beste:

    1. Informazioko eta prestakuntzako programak kirol federatuaren, eskola-kirolaren eta unibertsitate-kirolaren eta beste kirol-adierazpen ez-iraunkor batzuen esparruan.

    2. Dopin-substantzia eta metodoek giza organismoan dituzten eraginen gaineko ikerketa-programak.

    3. Dopin-substantzia eta metodoak hautemateko sistema eraginkorren gaineko ikerketa-programak.

    4. Dopinaren gaineko ikerketa-programak, hainbat ikuspegitatik: soziologikoak, etikoak, kirolekoak, medikoak, generokoak eta beste zernahi antzeko.

  2. Informazioko eta heziketako programa horiek, batik bat, klub, federazio, kirol-zentro, ikastetxe, kirolari, teknikari, pertsonal mediku, hezitzaile, zuzendari-kargu eta gainerako kirol-eragileei zuzenduta egongo dira. Izan ere, programa horien helburua da dopinak kirolaren balioak hala nola aukeren berdintasuna, begirunea eta elkarlana, kirol-jardunera eramandako etika edo errendimendu osasuntsua dopina dela-eta arriskuan ez jartzea, eta osasunari kalte larriak eragiten dizkioten eta debekatuta dauden substantzia eta metodoez ez baliatzea kirolariak. Programa horiek informazio etengabekoa eta eguneratua bermatu behar dute, gai hauei buruz:

    1. Debekatuta dauden substantzia eta metodoak.

    2. Dopin-kontroleko prozedurak.

    3. Prozeduretan esku hartzen duten kirolarien, kluben eta beste zernahi pertsonaren eskubide eta betebeharrak.

    4. Debekatuta dauden substantzia eta metodoek giza organismoan dituzten eragin kaltegarriak.

  3. Programa horietan arreta berezia eskainiko zaio baldintza fisiko gogorreko kirol-proba herrikoien munduari, bai eta gimnasio eta gainerako kirol-zentroetako erabiltzaileei ere.

  4. Kirol Medikuntzaren Euskal Zentroak lagundu egingo dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoari, laguntza teknikoa eskatzen duten eginkizun guztietan.

  5. Foru-aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoarekin elkarlanean jardungo dute, haien kirol arloko eskumenei lotuta dauden prestakuntzako eta informazioko programetan.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak kirolaren eremuko dopinari buruzko informazio-sistema bat ezarriko du. Sistemak kontuan izango du sexuaren aldagaia kirol-biztanleari buruzko datuak jaso eta ustiatzean, kirolarien igurikimen eta iritzien azterketa berezituak egingo ditu eta genero-adierazleak sartuko ditu.

  2. Informazio-sistemaren helburua honako talde hauen beharrei erantzutea izango da, kasu bakoitzean adierazten den helburuarekin:

    1. Kirol-agintariak. Informazioak ekimenen garapenari eta erabaki-hartzeari lagunduko dio, eta botere publikoak eta kirol-sistemak dopinik gabeko kirolaren alde egiten ari diren ekintza bateratua bizitzen ari den bilakaerari buruzko informazio eguneratua eta alderatua eskaintzea ahalbidetuko du.

    2. Profesionalak. Informazioa haien ezagutza eta gaitasunak hobetzera zuzenduko da. Besteak beste, direktorioak, memoriak, azterlanen emaitzak, sendagai, osasun-produktu eta teknologien ebaluazioak, jardunbide egokien azterketak, gida klinikoak, gomendioak eta iradokizunak biltzea jasoko dira.

    3. Kirolariak, entrenatzaileak, zuzendaritzako kideak eta kirol-klubak. Informazioak haien eskubide eta betebeharrei buruzko argibideak eta dopinak osasunerako dauzkan arrisku larriak jasoko ditu; bizi-estiloei buruzko erabaki-hartzea, jardunbide osasungarriak eta osasun-zerbitzuen erabilera erraztuko ditu, eta, gainera, aipatutako alderdi horien gaineko iradokizunak egiteko aukera eskainiko du.

  3. Informazio-sistemak honako hauek ezagutzeko aukera emango du: dopina eragiteko gai diren substantziak eta kiroleko metodo debekatuak, abian jarritako diziplina- edo zehapen-espedienteetako datuak eta ezarritako zehapenak, hauteman diren substantziak adierazita, eta laborategietan egindako analisiak. Oinarrizko datu moduan, honako hauei buruzkoak txertatuko ditu: kirol-biztanleria, giza baliabideak eta baliabide materialak, egindako jarduerak, farmazia eta osasun-produktuak, finantzaketa eta lortutako emaitzak, bai eta kirolarien igurikimen eta iritziak ere, eta hori guztia kiroleko dopinaren aurkako borrokari buruzko ikuspegi osoko batetik.

  4. Era berean, kirolarien osasuna babesteko egiten diren kontrolak eta gainerako probak ezagutzeko aukera emango du.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak, Datuak Babesteko Euskal Agentziak adierazitakoa entzunda, eginkizun hauek beteko ditu: datuen definizioa eta normalizazioa ezarri, adierazleak hautatu, eta informazioa osatzeko beharrezkoak diren baldintza teknikoak ezarri. Sortutako informazioa ahalik eta fidagarriena izatea da horren guztiaren helburua.

  6. Informazio-sistema bere erabiltzaileen eskueran egongo da, hau da, kirol eta osasun alorreko administrazio publikoak, kiroleko eta osasuneko kudeatzaile eta profesionalak, bai eta herritarrak berak ere, betiere datuen babesaren arloan indarrean dauden xedapenek ahalbidetzen dituzten eskuratze eta zabaltze-baldintzetan.

  7. Abian jarritako diziplina- eta zehapen-espedienteetako datuak laborategietan hautemandako substantziei eta egindako analisiei buruzkoak espediente horiekin zerikusia duten organo eskudunen esku egongo dira, eta soilik haientzat izango dira eskuragarri. Beste antolakunde, pertsona edo erakunde batzuek datu horiek eskuratu nahi izanez gero, espedientean parte hartzen duten guzti-guztien datu pertsonalak disasoziatu behar dira beti aurretik.

  8. Kasuan kasuko erakunde publikoek eta pribatuek behar adina datu emango dituzte informazio-sistema horretarako, sistema mantendu eta garatu ahal izateko. Aldi berean, administrazio publikoek eskubidea izango dute informazio-sistema osatzen duten datuak eskuratzeko eta edukitzeko; baina, betiere, beren eskumenekoak diren eginkizunetarako behar duten neurrian bakar-bakarrik.

  9. Datuen tratamendua eta datuak uztea, informazio-sistemarako beharrezko datu pertsonalak barne direla, datu pertsonalak babesteko alorrean aplikagarri den legediari atxikita egongo dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak sendagaien, osasun-produktuen eta elikagai-segurtasunaren alorreko erakunde eskudunei eskatu ahal izango die kirolaren eremuan dopina eragiteko gai diren produktuen ekoizpen-zikloa eta banatze- eta merkaturatze-zikloak ezagutzeko beharrezko neurriak har ditzaten, kontuan hartuz, batik bat, beren berezko inguruabarrengatik eta osasun publikoan izan dezaketen eraginagatik, jarraipen eta kontrol berezia izan behar dutenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak sendagaiak izan gabe dopinaren eremuan emaitza positiboa edo aurkakoa eragin dezaketen nutrizio-produktuei buruzko informazioko eta publizitateko mekanismo berariazkoak ezarraraziko ditu.

  1. Kirolariaren osasun-txartela dokumentu publiko bat da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak federazio- eta unibertsitate-lizentzia duten kirolariei eta erregelamenduz zehaztuko diren beste kirolari-kolektibo batzuei ere emango diena.

  2. Osasun-txartel horren helburu nagusia da kirolariak eta hura artatzeaz arduratzen den osasun arloko langileak ahalik eta informazio kliniko onena izatea, gaitz edo gaixotasunen bat izanez gero, zer tratamendu den egokiena erabakitzeko.

  3. Osasun-txartelak honako hauei guztiei buruzko informazioa jasoko du: azterketa medikoak, osasun eta dopin-kontrolak kasuan kasuko lizentzia eskuratzen duen unetik kirolariari egiten zaizkionak, haien emaitzak eta medikuak hartzen dituen erabakiak, hain zuzen ere, kirolariaren osasun-laguntza egokia izan dadin kontuan hartu beharrekoak. Eta baita, horrez gain, kirolariak eskuratutako erabilera terapeutikoko baimenei buruzko datuak, eta kirolariaren lan-bajei eta/edo kirol-bajei buruzkoak. Erregelamenduz zehaztuko da informazio horren norainokoa eta dagokion dokumentazioa igortzeko modua.

  4. Osasun-txartelak bere baitan dituen datuak, hasiera batean, txartelaren titular den kirolariak soilik erabil ditzake, eta, haren baimena edukiz gero, artatu duten osasun arloko langileek.

  5. Dopin-kontrolaren alorrean, ez da zilegi kirolariaren osasun-txarteleko datuak eskuratzea, haren baimenik gabe.

  6. Osasun-txartelak bere baitan dituen datuak honako hauek emandakoak izango dira: kirolariak berak, artatu duten osasun-alorreko langileek, diziplina-organo eskudunek eta kasuan kasuko lizentzia eman dioten taldeek.

  7. Kirolariaren osasun-txartela euskarri fisiko bakar batean egon daiteke, beste txartel edo zerbitzu batzuk eskuratzeko aukera emango duena, baldin eta segurtasun-neurriek kirolariaren osasun-txartelean dauden datuak hirugarren batzuek ikustea eragozten badute. Euskarri fisiko horrek kirolariaren osasun-txartelari dagokion datu-basera sartzeko giltza moduan funtzionatuko du, baina ez ditu bilduko kirolariaren osasunari buruzko datuak.

  8. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak ezarriko du datuak biltzeko eta trukatzeko euskarri digitala, eta haren mantentze-lanez ere arduratuko da, segurtasun-bermeak ziurtatuta izango dituela. Horrez gain, euskarri digitala lege honetako xedapenetan ezarritakoa beteta erabiltzen dela ere ziurtatuko du.

  9. Datu pertsonalen babeserako oinarrizko eskubidea arautzen duen araudiak zehazten dituen kasuetan eta baldintzetan soilik utzi ahal izango dira kirolariaren osasun-txartelari dagokion datu-basea osatzen duten datuak.

  10. Osasun-txartela egiteko eta erabili ahal izateko sistemari goi-mailako segurtasun-neurriak ezarriko zaizkio, datu pertsonalak babesteko indarrean dagoen araudian xedatutakoak, hain zuzen ere.

  1. Dopin-kontrolak egingo dituzten langileek, bai eta kirol-erakundeetako organoetako kideek eta langileek ere, beren lanagatik jakiten dituzten gaien inguruko konfidentzialtasuna errespetatu behar dute, eta gai horiek isilean gorde.

  2. Beren zereginetan lortutako datuak, txostenak edo aurrekariak bakar-bakarrik dopin-kontrolak egiteko erabili ahal izango dira, eta, beharrezko izanez gero, bai eta diziplinazko, administrazioko edo delituzko arau-hausteak izan daitezkeen egintzak salatzeko ere. Langile horiei, salaketarik izanez gero, datu, txosten edo aurrekari horiek uzteko baimena ematen zaie, datu pertsonalak babestearen alorrean indarrean dagoen arautegiarekin bat.

  3. Erregelamendu bidez arautuko da kirolariak bere lizentzia eskuratzeko unean datuak uztea aurretiaz baimentzeko sistema.

    47 artikulua. Datuak uzteko baimena ematea.

    Dopin-kontroletako datuak eta fitxategiak utzi ahal izango zaizkie, datuen babeserako indarrean dagoen legedian xedatzen den moduan, kirolaren alorrean dopinaren aurkako borrokan parte hartzen duten erakunde publiko eta pribatuei, legez lotesleak diren nazioarteko konpromisoek xedatzen dutenaren esparruan.

    48 artikulua. Kirolean dopina eragiteko gai diren produktu eta metodoei buruzko datuak aitortzeko betebeharra.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren lehiaketetan parte hartzen duten taldeak behartuta daude erregistro-liburu bat eramatera, erregelamenduz zehaztuko diren baldintzetan. Liburu horretan modu frogagarrian jaso behar da zer produktu hartzeko eman edo agindu zaien kirolariei, zer metodo debekatu erabili den, zer medikuk agindu edo baimendu duen hori, eta noiz eta nola egin den agindu hori.

  2. Atzerriko kirolari, talde, kirol-talde eta haien ordezkari diren zuzendari-karguak ere behartuta daude, Euskal Autonomia Erkidegoan kirol-jarduera batean parte hartzera sartzen direnean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak ezartzen dituen inprimakiak, behar den bezala beteta, agentzia horretara bidaltzera. Inprimaki horietan identifikatuko dira erabiltzeko garraiatzen dituzten produktuak, debekatutako metodoak aplikatzea ahalbidetzen duten tresnak, produktu horien unitateak eta emateaz arduratzen den medikua. Eginbehar hori, era berean, betetzat joko da, baldin eta egiaztatzen bada inprimakiak bidali beharra Dopinaren Aurkako Estatuko Agentziara bidalita bete zela.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren nazioarteko lehiaketetan, dopin-kontrolak antolatzeko eta egiteko ardura Nazioarteko Batzorde Olinpiarrari dagokio, bai eta, hurrenez hurren, lehiaketa horiek antolatzen dituzten kirol-federazio eta nazioarteko erakundeei ere, edo, antolaketa hori beste federazio edo erakunde batzuen eskuetan uzten denean, federazio edo erakunde haiei.

  2. Era berean, diziplinazko ahala erabiltzea dagokie, lege honen 31.2 artikuluan aurreikusitakoa alde batera utzita, nazioarteko erakunde horiek ezar ditzaketen zehapenen eraginkortasunaren inguruan.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren nazioarteko lehiaketetan egiaz dopin-kontrolak egin aurretik, dena dela, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoari jakinarazi beharko zaio.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak, dopinaren aurkako beste antolakunde batzuek izan ditzaketen eskumenei kalterik egin gabe, Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzen, entrenatzen edo lehiatzen ari diren espainiar edo atzerritar kirolariei lehiaketaz kanpoko kontrolak egitea agindu dezake.

  2. Emaitza analitikoak, bidezko ondorioetarako, kasuan kasuko nazioarteko kirol-federazioari, Dopinaren aurkako Mundu Agentziari eta eskudunak diren dopinaren aurkako antolakundeei jakinaraziko zaizkie.

  1. Kontrol horiek egin aurretik, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoari eta Dopinaren Aurkako Estatuko Agentziari jakinarazi beharko zaizkie horrelako kontrolak egiteko proposamena eta kontrolak egiteko baldintza materialak. Dena dela, lege honetan ezarritako baldintzak betetzen badira baino ezingo dira egin kontrol horiek.

  2. Nazioarteko kirol-erakundeek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak akordioak eta lankidetza-hitzarmenak izenpetu ahal izango dituzte, azken horrek egin ditzan benetan erakunde horiek Euskal Autonomia Erkidegoan egin behar dituzten dopin-kontrolak.

Nazioarteko erakundeek kirolariei eta gainerako lizentziadunei ezartzen dizkieten zehapenak Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatuko dira, eta erkidego horretan egiten diren lehiaketetan parte hartzeko gaikuntza kentzea ekarriko dute, salbu eta Kirol Justiziako Euskal Batzordeak, pertsona zehatuak eskatuta, zehapena ordenamendu juridikoaren aurkakoa dela aitortzen duen. Aurreko hori beste erakunde eskudun batzuek zehapenak berrikusteko izan ditzaketen eskumenei kalterik egin gabe ulertu behar da.

Lehenengoa. 1. Gobernuari ahalmena ematen zaio behar adina xedapen emateko, eta, haien bidez, lege honetan jasotako xedapenak egokitzeko edo aplikatzeko, hain zuzen ere, kirol-lehiaketetan parte hartzen duten animalietan dopina prebenitzeko, kontrolatzeko eta zigortzeko eremu espezifikoan. Xedapen horiek, gutxienez, honako berezitasun hauek jaso beharko dituzte:

  1. Animalientzat debekatuta dauden substantzia eta metodoen zerrenda espezifikoa onartzeko irizpideak. Kirol-agintariek egindako zerrendak eta animalien osasunaren alorrean eskumena duten agintariek onartutako zerrendak ez dute zertan, halabeharrez, bat etorri.

  2. Laginen analisia egin behar duten laborategiei buruzko baldintza orokorrak.

  3. Dopin eta osasun-kontrol motak eta haiek egiteko prozedura.

  4. Erabilera terapeutikoko baimenen araubidea, eta, behar izanez gero, erabilera-adierazpenak.

  5. Kontroletan esku hartu behar duten albaitariak eta gainerako langileak gaitzeko araubidea.

    1. Animalien dopin eta osasun-kontroleko prozesuetan egiten diren analisien emaitzak, hau da, kirol-araudiaren eta animaliak babesteko araudiaren babesean egiten direnak, bi arloetako organo eskudunen artean komunikatu beharko dira, erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan.

    2. Kirolen eta animalia-osasunaren alorreko Eusko Jaurlaritzako sail eskudunek, bai eta animalien babesaren alorrean eskudun diren lurralde historikoetako foru-organoek ere, aurreko paragrafoetan aurreikusitako erregelamenduzko arauen arabera, bidezko koordinazioko eta lankidetzako mekanismoak ezarriko dituzte, kirol-lehiaketetan parte hartzen duten animalien dopin eta osasun-kontroletan beharrezko eraginkortasuna lortzeko.

      Bigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoak, Estatuarekin batera, formula batzuk ezarri ahal izango ditu lankidetzarako kasuan kasuko bitartekoen bidez, elkarren artean informazioa trukatuko duen sistema bat ezartzeko, kirolariaren osasun txartela emateko, onartzeko edo egiteko, eta kontroletan parte hartuko duten albaitariak eta gainerako langileak gaitzeko.

      Hirugarrena. 1. Kirol-jardueraren eremuan dopina eragiteko gai diren substantzia eta produktuak eskaintzen, laguntzen, hartzeko agintzen edo ematen duten osasun-profesionalak eta beste zernahi profesional, bai eta metodo arauz kanpokoak edo debekatuak erabiltzea errazten dutenak ere, kasuan kasuko jarduera-arauetan eta lege honetan aurreikusitako arauetan zehazten diren formalitateak bete gabe, diziplinazko erantzukizunean eroriko dira. Arestian azaldu diren jokabideak arau-hauste oso larritzat joko dira, eta beren elkargo profesionalen kasuan kasuko arauen arabera zehatuko dira.

    1. Aurreko paragrafoan xedatutakoa betetze aldera, lege honek eragiten dien Euskal Autonomia Erkidegoko elkargo profesionalek beren estatutuak eta erregelamenduak aldatu beharko dituzte, xedapen honetan ezarritako erantzukizunak berariaz tipifikatzeko. Moldaketa hori, gehienez ere, urtebeteko epean egin beharko da, lege hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

      Laugarrena. Lege hau indarrean sartzen denetik aurrera, kirolariaren osasun-kartilari egiten zaizkion aipamen guztiak kirolariaren osasun-txartelari egindakotzat ulertuko dira.

      Bosgarrena. 1. Federazio eta unibertsitate-lizentziak euskarri elektronikoetan txertatu ahal izango dira, kirolariaren osasun-txartela edukitzeko ere aukera ematen dutenetan. Hala ere, norberaren banakotasunari eutsiko dio txartelak eta behar beste segurtasun-neurri izango ditu, kirolariaren osasun-txartel horri dagozkion datuak nolanahi eskura ez daitezen.

    1. Aipatutako txartel elektroniko horietan erantsitako federazio-lizentziak salbuetsita daude zenbait datu ematetik kanpoko formatu fisikoan, hain zuzen ere, kirol-federazioei buruzko urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuan eskatzen diren datuak ematetik. Hori hala izanik ere, federatuta dauden kirolariak informatu egin behar dira, beste bide batzuetatik, besteak beste, lizentziei gehitutako aseguruei buruz, ordaindutako kuotaren xehetasunez, eta aplikagarri diren erregelamendu-xedapenetan ezarritako gainerako apartekoez.

      Seigarrena. Baldintza fisiko gogorreko kirol-probak Eusko Jaurlaritzan kirolaren alorreko eskumena duen sailaren agindu bidez erabakiko dira zein diren halakoak antolatzen dituztenek parte hartzeko gaitasun fisikoa egiaztatzea eskatu beharko diete parte-hartzaileei. Kasuan kasuko azterketa medikoaren ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da gaitasuna, eta erregelamenduz zehaztuko dira baldintzak.

      Zazpigarrena. 1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak aginduko du kirolariei dopin-kontrolak egitekoak diren federatu gabeko kirol-lehiaketen zerrenda bat argitaratzeko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

    1. Kirol-proba horietan parte hartu eta lizentziarik ez dutenek ere dopin-kontrolak egin beharko dituzte; nahiz eta haiek ez dituzten bete beharko lege honetan kirolari lizentziadunentzat ezarritako betebeharrak, dokumentu eta informazio-betebeharrak, hain zuzen ere. Lege hau erregelamendu bidez garatzean ezarriko da lizentziarik gabeko parte-hartzaile horientzako kontroleko araubide berezia. Horretarako, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

      1. Parte-hartzaileek ez dute izango erabilera terapeutikoko baimenik eskatzeko betebeharrik, ez eta glukokortikosteroide-erabilerako eta adierazpen horri lotutako gainerako substantzien adierazpenik aurkeztu beharrik ere.

      2. Parte-hartzaileek medikuntza alorreko langileei jakinaraziko diete kirolariak direla eta ezin dutela kirol alorreko legedian debekatuta dagoen substantziarik hartu edo metodorik erabili, eta ziurtatu egin beharko dute, ahal duten neurrian, agindu dieten tratamendu terapeutikoak ez dituela dopinaren aurkako arauak urratzen.

      3. Parte-hartzaileek, dopin-kontrola egitean, adierazi egin behar dute zer tratamendu mediko duten, zein diren tratamendu horien arduradurak, bai eta haien eragina zein den ere.

      4. Parte-hartzaileei, beren osasuna babeste aldera, kirol-proba horietan parte hartzea eragotzi dakieke, lege hau erregelamendu bidez garatzean ezarriko diren baldintzetan. Era berean, parte hartu duten probetatik deskalifikatu ahal izango dira eta proba horietan eskuratutako kirol-eskubideak eta eskubide ekonomikoak gal ditzakete.

      5. Kirolari horiei ez zaie aplikatuko lege honetan ezarritako arau-hauste eta zehapen araubidea.

    2. Aipaturiko lehiaketa horien erregelamenduetan espresuki adieraziko da kiroleko dopina arau-hauste larria edo oso larria dela.

    3. Araudi berezia modu subsidiarioan aplikatuko da, soil-soilik antolatzaileek beren borondatez eta beren erregelamenduen bidez uko egin badiote lege honetan kirol federatuarentzat aurreikusitako araubide orokorrari.

      Zortzigarrena. Sei hilabeteko epea ezartzen da, lege hau argitaratzen denetik kontatzen hasita, legean barna aipatzen diren erregelamenduzko xedapenak onesteko.

Lehenengoa. Lege hau indarrean sartu aurretik hasitako zehazpen-prozedurak, diziplina bidekoak zein administrazio bidekoak, izapideak hasi zirenean aplikagarri zen arauei jarraituz izapidetzen jarraituko dira, salbu eta interesdunentzat aldeko izan litezkeen ondorioei dagokienez.

Bigarrena. Harik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak lege honetan ezarritako gaikuntzak ematen dituen arte, dopin-kontroletarako laginen bilketa-taldeetan gaitutako pertsona moduan jardun ahal izango dute apirilaren 17ko 641/2009 Errege Dekretuan, edo hura aldatzeko edo ordezteko legean, aurreikusitako gaikuntza dutela egiaztatzen duten guztiek. Errege Dekretu horrek dopatzea kontrolatzeko prozesuak eta baimendutako analisi-laborategiak arautzen ditu, bai eta eta kirolean dopatzea prebenitzeko eta osasuna babesteko neurri osagarriak ere.

  1. Indargabetuta geratzen dira Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legearen honako agindu hauek:

  1. artikuluko e) letra.

    1. tituluko V. kapitulua.

      109. artikuluko ñ) letra

      127. artikuluko h) letra

      1. Indargabetu egiten dira, halaber, lege honetan ezarritakoekin bat ez datozen maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Lehenengoa. Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legearen 4.2.v) artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geratuko da:

Kirolariaren osasun-txartela arautzea.

Bigarrena. Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legearen 83. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geratuko da:

  1. Kirolaren alorrean Eusko Jaurlaritzan eskumena duen sailak arautuko du kirolariek, haien gaitasun fisikoa kontrolatze aldera, nahitaez egin beharreko azterketa medikoaren jardunaren baldintzak eta betebeharra. Horrelako azterketa medikoak ezinbestekoak dira, federazio-, eskola- eta unibertsitate-lizentziak emateko, eta Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak baldintza fisiko gogorreko jardueratzat hartzen dituen probetan parte hartzeko.

  2. Azterketa medikoetako datuak eta kirolarien osasunarekin zerikusia duten beste informazio batzuk kirolariaren osasun txartelean erantsiko dira, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan.

Hirugarrena. Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio lege honetan zehapenen kopuruari eta zehapen horiek aplikatzeko arauei buruz ezarritako zehapen- eta diziplina-araubidea nazioarteko erakundeek ezarritako arauetara eta, behar izanez gero, aplikagarri gertatzen den estatuko legedira egokitzeko.

Laugarrena. Kirol-federazioek eta lege hau aplikatzekoa zaion kirol-antolakunde orok beren estatutu eta erregelamenduak egokituko dituzte urtebeteko epean, legea argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Bosgarrena. Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera jarriko da indarrean lege hau.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko ekainaren 25a.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.