Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

8/2012 LEGEA, maiatzaren 17koa, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 101
  • Hurrenkera-zk.: 2297
  • Xedapen-zk.: 8
  • Xedapen-data: 2012/05/17
  • Argitaratze-data: 2012/05/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Eusko Legebiltzarrak 8/2012 Legea, maiatzaren 17koa, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearena onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak erakutsia du zer garrantzi duen era bateko eta besteko interes ekonomiko eta sozialak dituztenek elkar topatzeko foro gisa eta Euskal Autonomia Erkidegoko politika sozio-ekonomikoan parte hartzeko bide gisa.

Hori dela eta, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea finkatze aldera, komeni da haren operatibitatea hobetzea, eta, hartara, haren eginkizunak, osaera eta funtzionamendua arautu dituen orain arteko araudian zenbait aldaketa egitea.

Aldaketa horietako batzuk labur-labur aipatze aldera, funtzioei dagokienez esan behar da nahitaezkotzat jo dela Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen eskumenak zedarritzea eta Lan Harremanen Kontseiluarenetatik bereiztea, azken horrenak espezifikoagoak baitira eta estukiago baitagozkio lan-harremanen arloari.

Osaerari dagokionez, zehaztasun handiagoz zedarritu da nortzuek osatuko duten hirugarren taldea, eta gizarte-ekintzaren hirugarren sektore delakoak ordezkaritza izango du aurrerantzean. Bestalde, laugarren taldeak, adituenak, bere horretan jarraituko du, baina unibertsitatetik datozen pertsonak lehenetsi dira bereziki talde horretarako, nahiz eta, lehengo araudian bezala, hitz egiteko eskubidea izango duten, baina botoa emateko eskubiderik ez.

Batzordea eratzeari dagokionez, zenbait neurri ezartzen dira parte-hartze instituzionalerako hain garrantzitsua den organo honen funtzionamendua bermatze aldera; neurri horien xedea da partaide izateko eskubidea duten erakundeek, eskubide hori baliatu ezean, gainerako partaideei kalterik ez egitea, bidezko eskubidea baitute organo horrek funtziona dezan.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko burua hautatzeaz den bezainbatean, Batzordean botoa emateko eskubidea duten kideen esku uzten da hura hautatzea, hasiera batean; adostasunik ezean, ordea, lehendakariak hautatuko duela ezartzen da.

Hala ere, batzordeak, aurrerantzean, idazkaria beharko du ezinbestean; ez da aukerakoa izango idazkaria edukitzea edo ez. Zein eginkizun izango dituen ere xedatzen du lege berri honek.

Bestalde, sinplifikatu egin da Batzordearen Osoko Bilkurak erabakiak hartzeko araubidea. Gainera, argitu egin da komisioen araubidea, eta, berrikuntza gisa, beren lanean lagundu ahal dieten kanpoko adituak hautatzeko aukera eman zaie.

Azken batean, aldaketa hauen asmoa da erakunde garrantzitsu honen antolaera juridikoaren zenbait alderdi hobetzea, eta, hala, Euskal Autonomia Erkidegoari egin dizkion ekarpen positiboek jarraipena izan dezatela bermatzea.

  1. Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak (aurrerantzean Batzordea) lege honetan ezarritako izaera, eginkizunak, osaera eta egitura izango ditu.

  2. Batzordeak Bilbon izango du egoitza. Haren organoek Bilbon egingo dituzte bilkurak, non eta Osoko Bilkurak ez duen erabakitzen beste nonbait egin daitezela, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean.

  1. Batzordea Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren kontsulta-erakundea da, eta xedetzat du era bateko eta besteko interes ekonomiko eta sozialek Euskal Autonomia Erkidegoko politika ekonomikoan eta sozialean parte har dezaten.

  2. Batzordeak berezko nortasun juridikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarenaz bestekoa, bai eta gaitasun osoa ere bere eginkizunak betetzeko, lege honetan ezarritakoaren arabera.

  3. Batzordeak autonomia eta independentzia osoa du bere eginkizunetan Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari dagokienez.

  1. Bere izaerarekin bat, honako eginkizun hauek dagozkio Batzordeari:

    1. Aginduzko txostenak egin behar ditu politika ekonomikoarekin eta sozialarekin zerikusia duten lege-proiektuen gainean, salbu eta lege-proiektuak Lan Harremanen Kontseilua arautzen duen legeak erakunde horren gain uzten dituen gaiei buruzkoak direnean. Ez da aginduzko txostenik egin behar, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren lege-proiektuen gainean, ez eta lege-proiektu horiek aldatzeko edo osatzeko lege-arauen gainean. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak horien edukiaren berri eman beharko dio batzordeari.

    2. Aginduzko txostenak egin behar ditu politika ekonomikoarekin eta sozialarekin zerikusia duten dekretu-proiektuen gainean, Eusko Jaurlaritzaren iritziz garrantzi berezia badute, salbu eta dekretu-proiektu horiek Lan Harremanen Kontseilua arautzen duen legeak erakunde horren gain uzten dituen gaiei buruzkoak direnean. Ez da aginduzko txostenik egin behar, halaber, aurreko agintaldietan onartutako dekretu-proiektuen jarraipen diren dekretu-proiektuen gainean, edo funtsezko aldaketarik edo berrikuntzarik ez dakartenen gainean. Hala ere, Jaurlaritzak aukeran du horiei buruz ere txostena eskatzea.

    3. Aginduzko txostenak egin behar ditu politika ekonomikoaz eta sozialaz Eusko Jaurlaritzak hartutako edozein erabaki administratiboren gainean, Eusko Jaurlaritzaren iritziz garrantzi berezia badute, salbu eta erabaki administratibo horiek Lan Harremanen Kontseilua arautzen duen legearen arabera erakunde horri dagozkion gaiei buruzkoak direnean.

    4. Aginduzko txostenak egin behar ditu politika ekonomikoaz eta sozialaz Eusko Jaurlaritzak egiten dituen plan orokorren gainean.

    5. Eusko Jaurlaritzari proposamenak egitea aurreko idatz-zatietan aipatzen diren gaiei buruz.

    6. Irizpenak, ebazpenak edo txostenak egitea a) eta b) idatz-zatietan aipatutako gaiei buruz, bere ekimenez edo Eusko Jaurlaritzak edo Eusko Legebiltzarrak eskatuta.

    7. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko jarduera ekonomikoen plangintzan Eusko Jaurlaritzak egiten du parte hartzea.

    8. Urtero-urtero memoria bat egitea Euskal Autonomia Erkidegoko egoera ekonomiko eta sozialaren gaineko gogoetak jasotzeko, eta Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari aurkeztea.

    9. Bere eginkizunak egiteko behar beste informazio eskatzea eta jasotzea Administrazio orokorreko organo eskudunetatik, eta Euskal Autonomia Erkidegoko edozein erakundetatik.

  2. Aurreko a) eta b) idatz-zatietan aurreikusitako aginduzko txostenaren eskaera dagokion lege edo dekretu-proiektua onartu aurre-aurretik egin behar da, betiere Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpenari buruz eta arauen kontrol ekonomikoko txostenari buruz berariazko araudietan ezarritakoa errespetatuz.

    Eusko Jaurlaritzak aurreko a) eta b) idatz-zatietan aipatzen den aginduzko txostena eskatu eta kasu batean hogeita hamar egun eta bestean hamabost egun igarotakoan ez bada artean txosten hori eman, aukeran izango da eginbideekin aurrera jarraitzea, hargatik eragotzi gabe Batzordeak, aurrerago, txostena Eusko Jaurlaritzari igortzea, egoki baderitzo.

  3. Eusko Jaurlaritzak, sei hilero, txostena igorriko dio Batzordeari Euskal Autonomia Erkidegoko egoera ekonomikoari buruz eta Eusko Jaurlaritzaren politika ekonomikoari buruz.

  4. Eusko Jaurlaritzak, aurreko 1. paragrafoko a) idatz-zatian aipatzen diren lege-proiektuak Eusko Legebiltzarrari igortzean, Batzordeak egindako txostena ere igorriko dio, baldin eta egin badu.

  1. Batzordeak hogeita hamabi kide izango ditu, artikulu honetako 2. paragrafoan adierazitako kasuan salbu. Hona hemen nortzuk:

    1. Zortzi pertsona ordezkaritzarik handiena duten sindikatu-erakunde eta -konfederazioetako ordezkari gisa eta ordezkaritza duten sindikatuetako ordezkari gisa.

    2. Zortzi pertsona enpresa-konfederazioetako ordezkari gisa.

    3. Pertsona bana Euskal Autonomia Erkidegoko sektore, erakunde, entitate edo elkarte hauetako bakoitzeko ordezkari gisa:

      1. Merkataritza, industria eta nabigazioko ganberak.

      2. Aurrezki kutxak eta finantza-erakundeak.

      3. Kooperatibak.

      4. Lan-sozietate anonimoak.

      5. Arrantzako erakundeak.

      6. Nekazaritzako erakundeak.

      7. Kontsumitzaileen erakundeak.

      8. Gizarte-ekintzaren hirugarren sektoreko erakundeak.

    4. Zortzi aditu lege honetako 3.1 artikuluan aipatzen diren eginkizunekin zerikusia duten gaietakoak. Aditu horiek hitz egiteko eskubidea izango dute, baina botoa emateko ez, eta ez dira aintzat hartuko lege honetako 10.1 artikuluan xedatutakoetarako.

  2. Batzordeak batzordeburu bat izango du. Batzordeburua ez bada aurreko paragrafoan aipatzen diren pertsonen artekoa, Batzordeak hogeita hamahiru kide izango ditu.

  1. Honela hautatuko dira batzordekideak:

    1. Batzordea osatzeko eta berritzeko unean Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza handiena duten sindikatu-erakunde eta konfederazioek izendatuko dituzte 4.1 artikuluaren a) idatz-zatian aipatzen diren kideak, bai eta enpresa-batzordeetan eta herri-administrazioetako kideko organoetan langileen ordezkarien % 10 edo gehiago lortu dutenek ere; betiere, Eusko Jaurlaritzak egindako zenbaketa eta homologazioaren arabera eta bakoitzaren ordezkaritzaren proportzioaren arabera. Nolanahi ere, sindikatu-erakunde eta konfederazio horiek ordezkariak izango dituzte Batzordean.

      Batzordean ordezkariak izateko eskubidea duten sindikatu-erakunde eta konfederazioetakoren batek ez badu eskubide hori baliatzen ezarritako epearen barruan, Batzordean ordezkaritza duten gainerako sindikatu-erakundeek eskubidea izango dute hutsik geratutako leku horiek betetzeko, harik eta Batzordea berritu arte, betiere bakoitzaren ordezkaritzaren proportzioan, eta halaxe osatuko da lege honek ezarritako kideen guztizko kopurua.

      Halaber, sindikatu-erakunde eta konfederazioetakoren batek edo batzuek, agintaldian zehar, erabakitzen badute ordezkaritzari uko egitea, edo Batzordearen bilerak behin eta berriz huts egiten badituzte haren ohiko funtzionamenduari kalte eraginez, batzordeburuak kalte eragiten ari direla ohartaraziko die sindikatu-erakunde edo konfederazio horiei. Ordezkaritzari uko egiten edo Batzordearen bilerak huts egiten jarraituz gero, batzordeburuak, dagokion sindikatu-erakunde edo konfederazioaren iritzia entzun eta gero, eta batzordekideei kontsulta egin ondoren, batzordekideak berritzeko prozedura bati ekingo dio. Prozedura horren bitartez, gainerako sindikatu-erakunde eta konfederazioetako kideek beteko dituzte hutsik geratutako lekuak, bakoitzaren ordezkaritzaren arabera, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraituz.

    2. Lege honetako 4.1 b) artikuluan aipatzen diren kideak enpresari-konfederazioek hautatuko dituzte, aplikatzekoa den araudi orokorraren arabera Euskal Autonomia Erkidegoan enpresarien ordezkaritza instituzionala duten enpresari-konfederazioek, alegia. Talde horri, hala badagokio, 5.1 a) artikuluko bigarren lerrokadan leku hutsak betetzearen gainean ezarritakoa aplikatuko zaio, eta, hala, leku huts horiek enpresari-konfederazio horietako kideek beteko dituzte.

    3. Lege honetako 4.1 c) artikuluan aipatzen diren kideak haiei dagozkien erakunde, antolakunde, entitate edo elkarteek hautatuko dituzte. Talde horri, hala badagokio, 5.1 a) artikuluko bigarren lerrokadan leku hutsak betetzearen gainean ezarritakoa aplikatuko zaio, eta, hala, leku huts horiek erakunde, antolakunde, entitate edo elkarte horietako kideek beteko dituzte.

    4. Lege honetako 4.1 d) artikuluan aipatzen diren adituak lehendakariak izendatuko ditu lege honetako 3.1 artikuluan aipatzen diren gaietan kualifikazio eta esperientzia aitortua duten pertsonen artean, eta, ahal dela, unibertsitatearen eremukoak izan behar dute. Nolanahi ere, aditu horietako hiru Euskal Herriko Unibertsitatekoak izan beharko dira, eta erakunde horri kontsulta egin ondoren izendatu beharko dira; gainerako bostak Batzordean ordezkaritza duten erakundeei kontsulta egin ondoren izendatuko dira.

    5. Batzordea osatzen duten pertsonen izendapenak, gehienez ere, berritzea eragin duen zergatia gertatu eta bi hileko epean egingo dira.

  2. Lege honetako 4.1 artikuluko a), b) eta c) idatz-zatietan aipatzen diren kasuetan, kide titular adina ordezko izendatuko dira. Aukeran izango da Batzordearen bilkuretara ordezkoak kide titularren ordez joatea.

  3. Lehendakariak izendatuko ditu orain arte azaldutako eran hautatutako batzordekideak. Dagozkien eginkizunak betetzeko orduan, autonomia eta beregaintasun osoz arituko dira.

  1. Batzordeburua, lege honetako 4.1 artikuluko a), b) eta c) idatz-zatietan aipatutako hiru taldeek botoa emateko eskubidea dute hautatuko dute. Batzordeburua hautatzeko, kideen gutxienez bi herenak eman beharko du hautagaiaren aldeko botoa, eta talde horietako bakoitzaren gutxienez boto bat ere beharko da. Lehen bozketa horretan gehiengorik lortu ezean, lehendakariak hautatu eta izendatuko du batzordeburua, batzordekideei entzun ondoren. Bi kasu horietan, aukeran da hautaketa lege honetako 4.1 artikuluan aipatzen diren taldeetako pertsonen artean edo talde horietatik ez datozen pertsonen artean egitea. Batera zein bestera, lehendakariak egingo du izendapena.

  2. Lehendakariari dagokio batzordeburua kargutik kentzeko ahala, aurreko paragrafoan hautaketa egiteko ezarritako prozedura berari jarraituz.

  1. Batzordekideak lau urteko aldietarako hautatuko dira, eta ez da eragozpenik izango behin eta berriro hautatzeko.

  2. Aurreko hori gorabehera, Batzordean ordezkaritza duten erakundeek, antolakundeek, entitateek eta elkarteek ordezkatu egin ditzakete kide titular edo ordezko gisa hautatutako pertsonak. Kideren bat ordezkatzen duenak ordezkatzen duen horri geratzen zaion denbora egingo du karguan, harik eta aurreko paragrafoan aipatutako lau urteko epea bete arte. Berdin gertatuko da leku hutsak lege honetako 5.1 artikuluan aurreikusitako prozeduraren bitartez betetzen direnean ere.

  3. Batzordeburuak gehienez ere bi agintaldi egingo ditu karguan; hori ez da eragozpen izango karguan jarrai dezan harik eta, artikulu honetako 1. paragrafoan aipatzen den epea bete izanagatik, Batzordeko gainerako kideak berritzen diren arte.

  4. Hona hemen batzordekideak kargutik kentzeko zergatikoak:

    1. Agintaldia amaitu izana; betiere, lege honek ezarritakoaren aurka joan gabe.

    2. Hautatu zuten antolakundeek kargutik kentzeko proposatu izana.

    3. Karguari uko egin izana; idatziz egin behar zaio uko, eta batzordeburuak onartu egin behar du. Uko egiten dion pertsona batzordeburua bera denean, Eusko Jaurlaritzak onartu behar du.

    4. Bere eginkizuna dela eta isilpean gorde beharrekoak ez gordetzea, eta Batzordearen Osoko Bilkurak hala egin duela iriztea.

    5. Dolozko delituagatik epai irmo bidez ezarritako kondena.

    6. Heriotza, ezgaitasuna edo kargu publikoa betetzeko desgaikuntza, epaileek epai irmo bidez adierazia.

  1. Bateraezinak dira batzordekide, batzordeburu edo idazkari orokorra izatea eta, aldi berean, kargu horiei dagozkien eginkizunak betetzea eragozten edo kaltetzen duen edozein kargu edo jardunetan aritzea.

  2. Bereziki, honako kargu edo jardun hauek izango dira bateraezinak batzordekide, batzordeburu edo idazkari orokor izatearekin:

    1. Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, lehendakariordea, sailburua eta goi-karguak.

    2. Gorte Nagusietako, Eusko Legebiltzarreko edo Europako Parlamentuko parlamentari edo legebiltzarkideak.

    3. Diputatu nagusiak, foru-diputatuak eta foru-aldundietako goi-karguak.

    4. Lurralde historikoetako batzar nagusietako kideak.

    5. Herri Dirubideen Euskal Kontseiluko kidea.

  3. Batzordearen Osoko Bilkurak aztertuko du ea bateraezintasunik baden edo ez.

  4. Batzordekideek isilean gorde beharko dituzte Batzordearen jardunei buruzkoak, baldin eta Batzordearen organoek isilpean gordetzekoak direla erabaki badute.

  1. Kide anitzeko organoak: Osoko Bilkura eta komisioak.

  2. Kide bakarreko organoak: batzordeburua eta idazkari nagusia.

  1. Osoko Bilkura balio osoz eratzeko, beharrezkoa izango da, batzordeburuaz edo haren legezko ordezkoaz gain, boto-eskubidea duten taldeetako kideetako hamabi, behintzat, bertan izatea. Bigarren deialdian, nahikoa izango da bertan izatea talde horietako zortzi kide gehi batzordeburua edo haren legezko ordezkoa.

  2. Osoko Bilkuraren erabakiak boto-eskubidea duten bertaratutakoen gehiengoz hartuko dira.

    Irizpena onetsiko ez balitz, txosten bat bidali beharko litzateke Eusko Legebiltzarrera; txostenean, ez onestea eragin duten desadostasunak eta kide bakoitzak Osoko Bilkuran izan dituen jarrerak eta eman dituen arrazoiak azalduko dira.

  3. Batzordeak Osoko Bilkuran hartutako erabakiekin bat ez datozen bertaratuek boto partikular arrazoitua emateko eskubidea izango dute, eta dagokion ebazpenari erantsi beharko zaio.

  4. Osoko Bilkuran eta komisioetan, boto-eskubidedun batzordekide bakoitzak boto bakarra izango du.

  5. Organo horietan, idazkari nagusiak eta 4.1.d) artikuluan adierazitako taldeko kideek hitz egiteko eskubidea izango dute, baina botoa emateko ez. Batzordeburuak botoa emateko eskubidea izango du, baldin eta 4.1 artikuluko a), b) eta c) idatz-zatietan adierazitako taldeetako batetik badator; kasu horretan besterik ez.

Batzordearen Osoko Bilkura batzordeburuak eta lege honetako 4.1 artikuluan adierazitako gainontzeko kideek osatuko dute. Horiei idazkari nagusia batuko zaie.

  1. Osoko Bilkura, batzordeburuaren zuzendaritzapean, Batzordearen borondatea eratzeko eta erabakitzeko organo gorena da, eta honako eskumen hauek izango ditu:

    1. Lehendakariari proposatzea batzordeburuaren kargua nork bete behar duen; osoko bilkuran adostasunik izan ezean, lehendakariak kontsulta egingo dio Osoko Bilkurari batzordeburuaren kargua nork bete behar duen galdetuz.

    2. Batzordeari 3. artikuluan esleitutako eginkizunak betetzearen inguruan, dagozkion erabakiak onartzea.

    3. Barruko funtzionamendu-araudia prestatu eta onartzea, 16. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta, eta Batzordearen funtzionamendurako beharrezkoak diren jarraibideak, araudia garatuz dagozkionak, onartzea.

    4. Lan-komisioak sortu eta kentzea, eta haien eskumenak eta funtzionamendu-araubidea zehaztea.

    5. Batzordearen aurrekontua onartzea.

    6. Batzordearen plantilla onartzea, aurrekontuan sar dadin.

    7. Izan daitezkeen bateraezintasunak aztertzea, eta batzordekideetako edozeinek betebeharrak noiz ez dituen bete adieraztea.

  2. Osoko Bilkurak, batzordeburuaren bidez, informazio osagarria eskatu ahal izango dio Eusko Jaurlaritzari edo Eusko Legebiltzarrari, Osoko Bilkurari aukeran edo nahitaez kontsultatu dizkioten gaiei buruz, baldin eta informazio hori beharrezkoa bada txostena emateko.

  1. Osoko bilkuren deia, gutxienez, bost egun balioduneko aurrerapenaz jakinaraziko zaie batzordekideei ohiko bilkurak direnean, eta berrogeita zortzi orduko aurrerapenaz bilkura bereziak direnean. Deialdiak gai-zerrenda eramango du.

  2. Gai-zerrenda osatzen duten gaiei buruzko informazioa, bestalde, epe berean izango da batzordekideen eskura.

  1. Osoko Bilkurak hiru hilabeterik behin, gutxienez, egingo du ohiko bilkura.

  2. Osoko Bilkurak Lehendakaritzaren ekimenez edo boto-eskubidea duten kideen herenak, gutxienez, eskatzen duenean bilkura bereziak egingo ditu.

  1. Batzordearen Osoko Bilkurak aukeran du komisioak eratzea, iraunkorrak edo gai zehatzei buruzkoak; eta zenbat izango diren, nola osatuko diren eta nola jardungo diren ere erabakiko du.

  2. Batzordeetan aztertzen diren gaien emaitza Osoko Bilkurara eramango da eztabaidatzeko eta haren gaineko erabakia hartzeko.

  3. Lege honen 4.1. artikuluan aipatutako lau taldeen ordezkaritza izango dute komisio guztiek. Dena dela, a) taldearen ordezkaritzan, sindikatu-erakunde eta konfederazio guztiek hautatutako pertsonak izango dira, eta haien botoa lege honen 10.4 artikuluan ezarritakora egokituko da.

  4. Batzordearen Osoko Bilkurak, edo komisioek (Osoko Bilkuraren onespena badute), kanpoko adituak izendatu ahal izango dituzte, ahal dela batzorde horietan eztabaidatuko diren gaien inguruko talde, erakunde edo elkarteen ordezkari gisa, hobeto bete ahal izateko, orokorrean, lege honen 3. artikuluan aipatutako eginkizunak eta, bereziki, artikulu honen 1. paragrafoan adierazitakoak. Aditu horiek ez dira inolaz ere batzordekidetzat hartuko.

Batzordeburuaren eginkizunak honako hauek dira:

  1. Batzordearen ordezkari izatea.

  2. Bileretarako deialdiak egitea, bilera horietan buru izatea eta eztabaidak zuzentzea.

  3. Bileren eguneko aztergaiak idaztea, araudian ezartzen den eran.

  4. Dagokionean, Batzordearen erabakiak argitaratzera bidaltzea, erabakiok bete beharra xedatzea eta aktei oniritzia ematea.

  1. Batzordeak idazkaritza nagusia izango du. Idazkaritza nagusi horren titularra lehendakariak izendatu eta, hala badagokio, kenduko du, batzordeburuak proposatuta eta batzordekideei entzun ondoren. Karguaren iraupena lau urtekoa izango da.

  2. Idazkaritza Nagusiko titularra ez da batzordekidetzat hartuko; Batzordearen laguntza tekniko eta administratiborako organoa da, eta Batzordean hartutako erabakien fede publikoa emango du. Honako hauek dira izango dituen eginkizunak:

    1. Batzordearen zerbitzu administratiboak eta teknikoak zuzendu eta koordinatzea, zerbitzu horiek ekonomia-, azkartasun- eta eraginkortasun-printzipioekin bat etorriz jardun dezaten zainduz.

    2. Batzordearen Osoko Bilkuraren eta komisioen bileretan egotea, hitz egiteko eskubidearekin baina botoa emateko eskubiderik gabe.

    3. Batzordearen Osoko Bilkuraren eta komisioen bileren aktak egitea; aktak sinatuz eta batzordeburuaren oniritzia jasoz, akta horien fede ematea; eta bilkuretan hartutako erabakiak bideratzea.

    4. Batzordearen agiriak artxibatu eta zaintzea, eta, eskatzen dutenean, Batzordeko organoen eta batzordekideen esku jartzea.

    5. Akten, erabakien, irizpenen, boto partikularren eta haren zaintzapean utzitako beste agiri batzuen ziurtagiriak ematea, batzordeburuaren oniritziarekin.

    6. Batzordearen urteroko aurrekontuaren hasierako aurreproiektuaren proposamena egitea eta batzordeburuari aurkeztea; halaber, aurrekontua nola gauzatzen den jasotzen duten aldizkako informazioak prestatzea.

    7. Batzordearen funtsak gordetzea, gastuetarako proposamenak egitea eta baimendutako ordainketak agintzea.

    8. Batzordearen zerbitzuko langileen buru izatea.

  3. Batzordeko idazkari nagusiaren kargua arduraldi esklusibokoa izango da, eta bateraezintasunen arloko xedapen orokor, lege eta erregelamenduen pean egongo da, eta, hala, ezingo da bete, Batzordeko idazkari nagusiaren karguarekin batera, kargu horri berez dagozkion eginkizunak eragozten edo kaltetzen dituen beste kargu edo jarduerarik.

  1. Batzordeak bere funtzionamendu-araudia egin eta onartuko du, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

  2. Araudi hori lege honetako 10. artikuluan aurreikusitako erabaki-araubideari jarraituz onartuko da.

  3. Araudiak debekatu egingo du batzordekideen artean botoa eskuordetzea. Bestalde, erabakiak hartzeko eta ebazpenak eta irizpenak emateko prozedura ezarriko du; halaber, urgentziazko prozedura bat ere ezarriko du, gehienez ere hamabost egun iraungo duena, Eusko Jaurlaritzak aplikatzea eskatzen duenerako.

  4. Araudiak ohiko bilkuren gutxieneko kopurua ere ezarriko du: sei izango dira urtero.

  1. Batzordearen bilkurak ez dira izango jendaurrekoak. Nolanahi ere, araudiak salbuespenezko kasuak ezarri ahal izango ditu, kide guztiek aho batez erabakita.

  2. Batzordeak berak erabakiko du ebazpenei, txostenei eta irizpenei nolako publizitatea emango zaien.

  1. Batzordeak, ekonomia eta finantza-autonomiaren printzipioaren pean, bere aurrekontua onartu eta betearaziko du; Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan esleitzen zaizkion diru-kopuruekin finantzatuko da Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea.

  2. Batzordeak, urteko lehen seihilekoaren barruan, aurreko ekitaldiaren amaieran izandako aurrekontu eta finantza-egoerari buruzko informazio auditatua igorriko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuen jarraipena eta kontrola egiteko eskumena duen sailari; hala, sail horrek aukera izango du ekonomia-eta finantza-egiaztapenak egin daitezela agintzeko.

  3. Batzordea kontabilitate publikoaren araubidearen pean egongo da, Euskal Autonomi Elkarteko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legearen 6.2 artikuluan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari eta haren organismo autonomoei buruz ezarritako moduan.

  1. Batzordearen Osoko Bilkurak ezarritako ordainsariak jasoko ditu batzordeburuak; nolanahi ere, ordainsari horiek, kontzeptu guztiak batuta, ezingo dira izan Eusko Jaurlaritzako sailburuordearen kargurako ezarritakoak baino handiagoak.

  2. Batzordearen Osoko Bilkurak ezarritako ordainsariak jasoko ditu idazkari nagusiak; nolanahi ere, ordainsari horiek, kontzeptu guztiak batuta, ezingo dira izan Eusko Jaurlaritzako zuzendariaren kargurako ezarritakoak baino handiagoak.

  3. Batzordeburuak eta idazkari nagusiak eskubidea izango dute beren jarduera dela-eta egiten dituzten gastuen ordaina jasotzeko, Batzordearen funtzionamendu-araudiak ezarritako baldintzen arabera.

  4. Batzordearen Osoko Bilkurak onartuko ditu lege honetako 4.1 artikuluak aipatzen dituen taldeetako pertsonek jasoko dituzten diru-sariak.

Batzordearen zerbitzuko langileek lan-zuzenbidearen peko harremana izango dute Batzordearekin. Langileak deialdi publikoaren bidez hautatuko dira, merezimendu eta gaitasun-printzipioetan oinarritutako sistemen arabera.

  1. Batzordeak eskuratzen dituen ondasunak eta eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoko ondarean sartuko dira.

  2. Batzordeak zuzen-zuzenean eskatuko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean ondarearen gainean eskumena duen sailari bere helburuak betetzeko behar dituen ondasunak eta eskubideak atxiki ditzala Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren ondarekoak dira; hala, ondare eta eskubide horien gainean izango dituen ahalmenak eta betebeharrak Euskadiren Ondarearen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuan zuzenbide pribatuko erakunde publikoentzat aurreikusitakoak izango dira.

  3. Sektore publikoko kontratuen arloan herri-administraziotzat jotzen diren entitateentzat indarrean den araudiaren pean egongo da Batzordearen kontratazioa.

Baldin eta, Batzordea berritu behar eta behin eta berriz gertatzen bada bat ez etortzea 4.1.c) artikuluak aipatzen dituen kideak hautatzeko orduan, lehendakariak egingo du hautaketa; berritzea gertatu behar zuenetik hogeita hamar egunera egingo du, eraginpeko erakundeei entzun ondoren eta ebazpen arrazoitua medio.

Legeak berak xedatutakoa gorabehera, lege hau indarrean sartzeko orduan batzordeburu eta idazkari direnek, bai eta legearen arabera Batzordean ordezkaritza izan behar duten sektoreak edo erakundeak ordezkatzen dituzten kideek ere, kide izaten jarraituko dute, harik eta beren karguari dagokion epea amaitzen den arte.

INDARGABETZEKO XEDAPENA

Indarrik gabe geratzen dira lege honetan ezarritakoaren kontra doazen maila bereko edo txikiagoko arau guztiak, kontra doazen heinean, bai eta, beren-beregi, ekainaren 27ko 9/1997 Legea, Ekonomia eta Gizarte Arazoetako Batzordeari buruzkoa.

Lehenengoa. Erregelamendu bidezko garapena.

Arau hau indarrean sartu eta sei hilabetera, aldatu egingo da Batzordearen egungo Funtzionamendu Araudia, xedapenak lege honi egokitzearren.

Bigarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko maiatzaren 21a.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.