Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

1/2011 LEGEA, otsailaren 3koa, Drogamenpekotasunen arloko Aurrezaintza, Laguntza eta Gizarteratzeari buruzko Legearen hirugarren aldaketarena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 29
  • Hurrenkera-zk.: 725
  • Xedapen-zk.: 1
  • Xedapen-data: 2011/02/03
  • Argitaratze-data: 2011/02/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak otsailaren 3ko 1/2101 Legea, Drogamenpekotasunen arloko Aurrezaintza, Laguntza eta Gizarteratzeari buruzko Legearen hirugarren aldaketaren.

Eusko Legebiltzarrak, bere eskumenen esparruan, Drogamenpekoen alorreko Aurre-hartze, Laguntza eta Gizarteratzeari buruzko azaroaren 11ko 15/1988 Legea onartu zuen, eta euskal gizarteak positibotzat jo zuen lege hura. Hamar urte geroago, Drogamenpekotasunen arloko Aurrezaintza, Laguntza eta Gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko 18/1998 Legearen bidez 15/1988 Legea aldatu zen, Eusko Legebiltzarreko Drogamenpekotasunei buruzko Batzordearen 1994ko ekainaren 30eko erabakian jasotako ildoetara egokitzeko; erabaki horren helburuetariko bat, hain zuzen, erretzen ez dutenen eskubideak babestu beharrari buruzkoa zen, eskubide horiek beste balizko eskubide batzuekin talka egiten duten egoeretan.

Tabakoaren kontsumoa, Euskal Autonomia Erkidegoan, Drogamenpekotasunen arloko Aurrezaintza, Laguntza eta Gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko Autonomia Erkidegoko 18/1998 Legeak arautzen du, eta, 2006ko urtarrilaz geroztik, abenduaren 26ko Estatuko 28/2005 Legeak ere bai, azken horrek tabakismoaren aurkako osasun-neurriak eta tabako-produktuen salmenta, horniketa, kontsumoa eta publizitatea arautzen baititu. Estatuko legeak egiten dituen aurreikuspen asko zeuden lehendik jasota Drogamenpekotasunen arloko Aurrezaintza, Laguntza eta Gizarteratzeari buruzko Euskal Autonomia Erkidegoko Legean. Dena dela, 28/2005 Legeak tabakoa besterik ez du arautzen; Euskal Autonomia Erkidegoko droga-mendekotasunen legeak, berriz, esparru material zabalagoa dauka, zeren tabakoaz gain beste substantzia batzuk ere legalak zein ilegalak arautzen baititu. Tabakismoaren aurkako osasun-neurriak eta tabako-produktuen salmenta, horniketa, kontsumoa eta publizitatea arautzen dituen 28/2005 Legea indarrean sartzeak lantokietan (baita garraiobideetan ere) eta kultura- eta kirol-etxeetan erretzeko debekua ekarri zuen; orobat, tabakismoa prebenitzeko oso garrantzitsuak diren beste kontu batzuk ere arautu zituen, hala nola salmentaren mugak zein publizitatearen, sustapenaren eta babesaren erregulazioa.

Aipatu 28/2005 Legea indarrean sartu zenetik gaur egun arte, eta Tabakismoa Kontrolatzeko Europako Estrategia eta Osasunaren Mundu Erakundearen Tabakoa Kontrolatzeko Esparru Hitzarmena (TKEH 2003) direla-eta, zenbait europar direktiba onartu dira tabakoarekin lotura dutenak. Halaber, Europako Parlamentuak (Europako Parlamentuaren 2009ko azaroaren 26ko Ebazpena, kerik gabeko guneei buruzkoa) estatu kideei eskatu die, besteak beste, lantoki itxi guztietan erretzea erabat debekatzeko, bai eta Europar Batasuneko eraikin eta garraiobide publiko itxi guztietan eta haur-parke publikoetan ere. Bestalde, Europako Parlamentuaren Osoko Bilkurak, indarrean dauden arauak berrikusteko exijitzeaz gainera, Batzordeari eskatu zion azter zezala legegintzan beste hainbat proposamen sartzeko aukera, hala nola aurrean adingaberik bada tabakoaren erabilera garraio pribatuan ere debekatzea, 18 urtetik beherakoei tabako-produktuak saltzea debekatzea, eta tabako-produktuak autozerbitzu-dendetako apaletatik kentzea.

Aldaketa honen helburua da Eusko Legebiltzarraren 18/1998 Legea erreformatzea tabakoarekin zerikusia duten gaiei dagokienez, Osasunaren Mundu Erakundeak, Europar Batasunak eta Estatuko oinarrizko legeek osasun publikoaren babesaren arloan planteatutako eskakizunetara egokitzeko. Honako hauek arautzen dira: a) tabako-kontsumoaren publizitatearen eta sustapenaren mugak, b) tabakoaren horniketaren eta salmentaren mugak, c) tabako-kontsumoen mugak, kontsumo horiek beste pertsona batzuei eragiten dietenean jendearentzako leku itxietan edo adingabeak dauden lekuetan, d) arau-hausteen eta zehapenen araubidea, eta e) tabakoaren mendekotasuna gainditzea errazteko neurriak.

Arau orokor gisa, erabilera publikoko gune itxi guztietan erretzea debekatzen da.

Lege-aldaketa honen helburua da, hain zuzen, osasun publikoko ikuspuntu batetik, herritarren osasuna babesteko neurrietan aurrera egitea, tabakismoa prebenitzeari eta kontrolatzeari dagokionez, pertsonak giroko ketik babestuz, batez ere lantokietan eta adingabeak dauden lekuetan.

Lege honen bidez, II. kapituluan eta V. kapituluan egiten dira aldaketak. Batetik, II. kapituluan («Drogamenpekotasunak aurrezaintzea») tabako-produktuen sustapena, publizitatea, salmenta eta kontsumoa kontrolatzeko neurriei buruzko arauak aldatzen dira. Bestetik, V. kapituluak («Arau-hausteak eta zigorrak») zehatzeko araubide berria hartzen du, legean jasotako aginduak benetan bete daitezen; betiere, indarrean dagoen legeak gaia behar bezala artikulatzeko planteatzen dituen zailtasunak konpondu nahian, batez ere tabakoarekin zerikusia duten kontuei dagokienez. Halaber, xedapen gehigarri batzuk gehitzen dira geruza naturala duten zigarro eta zigarro txikien esku-salmentaz, zenbait pertsona osasun-arrazoiengatik edo zehapenak bete behar izateagatik dauden zentro itxientzako araubide bereziaz, tabakoaren mendekotasuna gainditzeko tratamenduez, tabakoaren kearen eraginpean egoteaz eta hizkuntza ofizialen erabileraz.

Alkoholdun edarien iragarkiek, beti, ondorengo mugak bete beharko dituzte:

  1. Iragarki horiek ezingo dira bereziki adingabeei zuzenduta egon, eta ezin izango dira adingabeak alkoholdun edariak kontsumitzen agertu.

  2. Debekatuta egongo da alkoholdun edarien iragarkietan adingabeen irudia eta ahotsa erabiltzea; gainera, adingabeak ezingo dira horrelako iragarkietan protagonista izan, ezta agertu ere.

  3. Ez dira elkarri lotuta agertu beharko alkoholdun edariak kontsumitzea eta etekin fisikoa hobetzea, ibilgailuak gidatzea edo armak erabiltzea. Era berean, iragarkiek ez dute kontsumo horrek gizartean edo sexuaren arloan arrakasta dakarren itxura eman beharko, edo sendatzeko, bizkortzeko edo lasaitzeko gaitasuna duela adierazi beharko; arazoak konpontzeko bide bat denik ere ezin izango dute adierazi. Kontsumo hori ezin izango da lotu hezkuntzako, osasunaren arloko edo kiroleko jarduerekin.

  4. Ezin izango dute alkoholdun edariak neurririk gabe kontsumitzea bultzatu, ezta ere ez edatea edo edan gabe egotea gauza txarra balitz bezala agertu. Bestalde, edari batzuek duten alkohol-kopuru handia ezin izango da nabarmendu ezaugarri positiboa bailitzan.

  5. Marka edo merkataritzako izenen erreprodukzio grafikoak egin ahal izateko, behar bezala erregistratuta egon beharko dute marka eta izen horiek, eta kasu guztietan garbi asko erakutsi beharko da zenbat alkohol duen kasuan kasuko edariak.

13 bis artikulua. Tabakoaren iragarkiek bete beharreko baldintzak.

Debekatuta daude tabako-produktuen iragarki guztiak, salbuespen hauetan izan ezik:

  1. Tabako-merkataritzan parte hartzen duten profesionalentzat bakarrik diren argitalpenetan.

  2. Europar Batasuna osatzen duten herrialdeetatik kanpo argitaratu edo inprimatu diren eta tabako-produktuen iragarkiak dauzkaten argitalpenetan, baldin eta argitalpen horiek ez badira nagusiki Europar Batasuneko merkaturako eginak. Edonola ere, halako iragarkiak debekatuta egongo dira argitalpenak batez ere adingabeentzat direnean.

Azoketan, erakusketetan edo antzeko jardueretan 20 gradu ehundar baino gehiagoko alkoholdun edariak sustatu nahi direnean, sustatze hori gainerako guneetatik bereizitako tokietan egingo da.

14 bis artikulua. Tabakoaren sustapena.

  1. Debekatuta egongo da tabako-produktuak babestea eta haien beste edozein motatako sustapena egitea bitarteko eta euskarri guztietan, baita tabako-makinetan eta informazioaren gizartearen zerbitzuetan ere. Hori horrela, ondoko hauek salbuespentzat joko dira: tabako-produktuak sektoreko profesionalei aurkeztea, Tabako Merkatuaren Antolamenduari eta Zerga Arauei buruzko maiatzaren 4ko 13/1998 Legearen esparruan, eta produktu horiek Estatuko tabako- eta tinbre-saltokien sarean sustatzea; nolanahi ere, debekatuta egongo da, sustapen horren hartzaileak adingabeak direnean, tabakoa edo tabako-produktuei edo erretzeko ohiturari soilik loturiko ondasun edo zerbitzuak dohainik banatzen direnean edo doan banaturikoek tabako-produktuetarako erabiltzen diren izenak, markak, ikurrak edo bestelako bereizgarriak inprimatuta dauzkatenean. Dena den, aipaturiko ondasun edo zerbitzuen balioa edo salneurria ezin daiteke izan sustatu nahi diren tabako-produktuen salneurriaren ehuneko bost baino handiagoa.

    Jarduera horiek ez dira inoiz erakusleihoetan egingo, ez establezimendu horietatik kanpo hedatuko, ez kanpora zuzenduko.

  2. Debekatuta egongo dira, tabako- eta tinbre-saltokien sarean izan ezik, zuzenean edo zeharka tabakoa sustatu nahi duten jarduerak edo produktuen, ondasunen edo zerbitzuen doako edo sustapenezko banaketa.

  1. Debekatuta egongo da alkoholdun edarien kanpoko iragarkiak egitea. Kanpoko iragarkitzat hartuko dira erabilera orokorrekoak diren guneetatik doazen edo gune horietan dauden nahiz leku irekietan dauden pertsonen arreta irudiaren edo soinuaren bidez erakartzeko gai diren iragarkiak.

  2. Ez dute debeku hori izango legez baimendutako produkzio- edo salmenta-guneetako ikur edo adierazleek; dena den, horiek ere 13. artikuluan aipatzen diren mugak izango dituzte.

  1. Debekatuta egongo da alkoholdun edarien iragarkiak jartzea ondorengo leku publikoetan:

    1. Batez ere 18 urtez beherako pertsonentzat diren lokaletan.

    2. Kirol-zentroetan, osasun-zentroetan, ikastetxeetan eta horietako sarbideetan.

    3. Zinema eta ikuskizun-aretoetan, gaueko azken saioan izan ezik.

    4. Garraio publikoen barruko aldean, geltokietan eta portu zein aireportuetan jendea egoteko egokitutako lekuetan.

  2. Debekatuta egongo da alkoholdun edarien iragarkiak egitea postontzietan orriak sartuta, posta bidez bidalita, telefonoz deituta eta, oro har, dena delako bizilekura bidalitako mezuen bidez, salbu eta 18 urte baino gehiagoko pertsonen izenean bidaltzen badira, edo mezu horiek denak, kalitateari eta kantitateari dagokienez, guztira bidaltzen den publizitatearen barruan ardura gutxikoak badira.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan argitaratzen diren egunkari, aldizkari eta gainerako argitalpenak nahiz grafikoki erregistratu eta erreproduzitzeko beste edozein bitarteko, baita soinu bidezkoak ere, ondorengo mugen pean egongo dira:

    1. Debekatuta egongo da horietan alkoholdun edarien iragarkirik sartzea, 18 urtez beherakoei zuzendutakoak baldin badira.

    2. Gainerako kasuetan, debekatuta egongo da alkoholdun edarien iragarkiak jartzea lehenengo orrialdean, kirolei buruzko orrialdeetan, 18 urtez beherakoei zuzendutako tarteetan eta denbora pasatzekoak dituzten tarteetan.

  2. Debekatuta egongo da Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako irratiek alkoholdun edarien iragarkiak ematea 08:00etatik 22:00ak bitartean.

  3. Debekatuta egongo da Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako telebistek alkoholdun edarien iragarkiak ematea 08:00etatik 22:00ak bitartean.

  1. Dena delako markak, gauzakiak edo produktuak, duen izenagatik, erabilitako hitzengatik, grafismoagatik, aurkezteko moduagatik edo beste arrazoiren batengatik, zeharka edo erdi ezkutuan alkoholdun edarien iragarkiaren eginkizuna hartzeko aukera baldin badago, horien iragarkiak egitea ere debekatuta egongo da.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako telebistetan, bertan egindako programetan aurkezleak edo elkarrizketatuak ezin izango dira agertu alboan alkoholdun edariak dituztela, ez eta produktu horien markak, izen komertzialak, logotipoak zein bestelako zeinuak, produktu horiek identifikatzeko edo gogora ekartzeko balio dutenak, bistan direla.

  3. Kiroleko, hezkuntzako, kulturako edo gizarteko ekitaldiak daudela baliatuz edo horiek babestuz, ezin izango da alkoholdun edarien iragarkirik egin; debeku bera egongo da lehiaketen, zozketen eta kontsumoa eragiteko antzeko beste jardueren bidez egindako sustapenentzat ere.

18 bis artikulua. Tabakoaren beste iragarki-mota batzuk.

  1. Dena delako markak, gauzakiak edo produktuak, duen izenagatik, erabilitako hitzengatik, grafismoagatik, aurkezteko moduagatik edo beste arrazoiren batengatik, zeharka edo erdi ezkutuan tabakoaren iragarkiaren eginkizuna hartzeko aukera baldin badago, horien iragarkiak egitea ere debekatuta egongo da, tabako-dendetan edo tabakoaren sektoreko profesionalen jarduerak aurrera eramatearekin zuzenean lotutako guneetan izan ezik.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako telebistetan, bertan egindako programetan aurkezleak, elkarrizketatuak, kolaboratzaileak edo gonbidatuak ezin izango dira agertu erretzen, ez eta, zuzenean edo zeharka, tabako-produktuen markak, izen komertzialak, logotipoak zein bestelako zeinuak aipatuz edo erakutsiz, produktu horiek identifikatzeko edo gogora ekartzeko balio dutenak, bistan direla.

  3. Kiroleko, hezkuntzako, kulturako edo gizarteko ekitaldiak daudela baliatuz edo horiek babestuz, ezin izango da tabako-produktuen iragarkirik egin; debeku bera egongo da lehiaketen, zozketen eta kontsumoa eragiteko antzeko beste jardueren bidez egindako sustapenentzat ere.

  1. Tabako-produktuen txikizkako salmenta eta horniketa tabako- eta tinbre-saltokien sarean edo tabako-makinen bitartez baino ezin izango dira egin. Tabako-produktuak makinen bidez saldu edo hornitzeko, dagozkien administrazio-baimenak dituzten establezimenduetan kokatu beharko dira tabako-makinak.

  2. Tabako-produktuen salmenta eta horniketa baimenduta dituzten establezimendu guztietan, horixe adierazten duten kartelak jarriko dira, ikusteko moduan. Kartel horiek, gainera, euskaraz eta gaztelaniaz informatu beharko dute debekatuta dagoela 18 urtetik beherakoei tabakoa saltzea, eta tabakoaren erabilerak osasunari eragiten dizkion kalteez ohartarazi beharko dute. Establezimendu horietan erosle guztiei eskatuko zaie adindun direla egiazta dezatela balio ofizialeko agiri baten bidez, halakoak direla begi-bistakoa denean izan ezik.

  3. Debekatuta egongo da geruza naturalik ez duten zigarretak eta zigarro txikiak merkaturatzea, saltzea eta hornitzea banaka edo 20 ale baino gutxiagoko paketeetan.

  4. Debekatuta egongo da, merkataritza- edo enpresa-jarduera bat gauzatzean, edozein tabako-produkturen laginak ematea, hornitzea edo banatzea, doakoak izan ala ez. Tabako-produktuak deskontua aplikatuta saltzea ere debekatuta egongo da.

    Ulertzen da tabako-laginak ematea, hornitzea edo banatzea merkataritza- edo enpresa-jarduera bat gauzatzean gertatzen dela, baldin eta fabrikatzaileak, ekoizleak, banatzaileak, inportatzaileak edo saltzaileak zuzenean egiten badu.

21 bis artikulua. Tabako-produktuen salmenta eta horniketa, tabako-makinen bidez.

Tabako-produktuak tabako-makinen bidez saltzeko edo hornitzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

  1. Erabilera: debekatuta egongo da 18 urtetik beherakoek tabako-makinak erabiltzea.

  2. Kokapena: tabako-makinak, soilik, kalean dauden prentsa-kioskoen barruan kokatu ahal izango dira, edo kalera irispidea duten prentsa-salmentarako lokal espezifikoetan eta, zerbitzuguneetan badaude, Merkataritza Ordutegiei buruzko abenduaren 21eko 1/2004 Legearen 5.4 artikuluan aurreikusitako komenentziako dendetan, edo honako beste leku hauetan:

    1. Hoteletan eta antzeko establezimenduetan.

    2. Tabernetan, jatetxeetan eta sukaldaritzako gainerako establezimendu itxietan.

    3. Dantzalekuetan eta joko-establezimenduetan.

      Ezin izango dira kokatu lokalei erantsitako guneetan edo lokalen aurrean dauden sarbideetan, hala nola haize-babeslekuetan, portxeetan, atarietan, merkataritza-guneetako korridoreetan, atondoetan, gelarteetan, eskaileretan, karrerapeetan edo antzeko lekuetan, baldin, eraikinaren zati izanik ere, berez ez badira eraikinaren barrualdea.

  3. Ezaugarriak: makina horiek behar bezala erabiliko direla bermatzeko, mekanismo tekniko egokiak izan beharko dituzte, adingabeek makinak erabiltzea eragozteko.

  4. Bateraezintasunak: makina horien bidez ezin izango da banatu tabakoa ez den ezer.

  5. Erregistroa: Tabako Merkaturako Ordezkaritzak kudeatutako erregistro berezian inskribatuko dira tabako-makinak.

  6. Osasun-ohartarazpena: makinen aurrealdean, argi eta ikusteko moduan, eta euskaraz zein gaztelaniaz, ohar bat agertuko da, tabakoaren erabilerak osasunean eragiten dituen kalteez ohartarazteko, adingabeei dagokienez bereziki.

  7. Saltzeko makinen bitartez saltzeaz gain, eskuz ere saldu ahal izango dira geruza naturala duten zigarroak eta zigarro txikiak artikulu honetako 2. paragrafoan aipatzen diren lokaletan, baldin eta Tabako Merkaturako Ordezkaritzak emandako administrazio-baimena badute lokal horiek.

21 ter artikulua.Tabakoaren salmenta eta horniketa debekatzea.

  1. Debekatuta egongo da tabakoa eta tabako-produktu eta -gaiak 18 urtetik beherako pertsonei saltzea edo horien horniketa egitea. Era berean, debekatuta egongo da 18 urtetik beherako pertsonei tabako-imitazioak saltzea edo horien horniketa egitea, tabakoa edo tabako-produktu eta -gaiak erabiltzera bultza baditzake horrek.

  2. 18 urtetik beherakoek ezin izango dituzte tabako-produktuak saldu.

  3. Berariaz debekatuta geratzen da tabako-produktuen txikizkako salmenta edo horniketa zeharka edo modu ez pertsonalean egitea, urrutiko salmentaren edo antzeko sistemen bidez.

  1. Debekatuta egongo da erretzea erabilera publikoko gune itxi eta erdi itxi guztietan. Gune erdi itxitzat jotzen dira lokal itxi baten kanpoaldean kokatutako eremu guztiak, baldin eta haien teilatuek edo hormek azaleraren % 50 baino gehiago estaltzen badute eta eremuak etengabe aireztatuak ez badaude kea era naturalean ezabatzen dela bermatzen duen kanpoko airearen bidez.

  2. Ondoren aipatzen diren lekuetan bereziki, baina ez horietan soilik, debekatuta egongo da erretzea:

    1. Lantoki publikoetan eta pribatuetan, aire zabaleko guneetan izan ezik.

    2. Herri-administrazioen eta zuzenbide publikoko erakundeen zentroetan eta bulegoetan, aire zabaleko guneetan izan ezik.

    3. Osasun-etxe, -zerbitzu eta -establezimenduetan, baita erantsitako eremu itxi, erdi itxi eta aire zabalekoetan ere.

    4. Ikastetxeetan eta prestakuntza-etxeetan, baita erantsitako eremu itxi, erdi itxi eta aire zabalekoetan ere. Unibertsitate-zentroetan eta bereziki helduen prestakuntzara bideratutakoetan, zentroaren zuzendaritzari baimena ematen zaio erretzeko eremuak jartzeko, gune itxi eta erdi itxietatik kanpo.

    5. Kirol-instalazioetan edo ikuskizun publikoak egiteko erabiltzen diren lekuetan, baita aire zabalean daudenean ere baldin eta adingabeentzako jarduerek lehentasuna badute bertan.

      Aire zabalean daudenean eta adingabeentzako jarduerek lehentasunik ez badute bertan, berariaz hartarako prestatutako gunean edo jarlekuetan bakarrik erre ahal izango da.

    6. Haur-parkeetan eta haurrentzako jolas-toki edo -eremuetan, berariaz adingabeen jolaserako eta olgetarako ekipamendua edo egokitzapenak dituztenean eta behar bezala mugarrituta daudenean, baita aire zabalean ere.

    7. Jendea zuzenean artatzeko eremuetan.

    8. Merkataritza-guneetan, azalera handiak eta galeriak barne.

    9. Hoteletan eta antzeko establezimenduetan, aire zabaleko guneetan izan ezik. Hala ere, % 30eraino gorde ahal izango da erretzaileentzat. Erretzaileentzako gelek ondorengo eskakizunak bete beharko dituzte:

      1. Gainerako geletatik bereizita dauden tokietan egotea.

      2. Kartel iraunkorren bidez adierazita egotea sarrerako atearen kanpoaldean eta gelaren barruan.

      3. Bezeroa aurretiaz jakinaren gainean egotea emango zaion gela-motaren inguruan.

      4. Langileek gela barrura sartzerik ez izatea bezeroren bat han dagoen bitartean, larrialdi-kasuetan izan ezik.

    10. Tabernetan, jatetxeetan eta sukaldaritzako gainerako establezimendu itxi edo erdi itxietan.

    11. Aisia- edo olgeta-etxeetan, aire zabaleko guneetan izan ezik.

    12. Gizarte-laguntzako zentro, ostatu eta bestelako establezimenduetan, aire zabaleko guneetan izan ezik.

    1. Kultura-etxeetan, irakurgeletan, erakusketa-aretoetan, liburutegietan, hitzaldi-aretoetan eta museoetan.

    2. Antzokietan, zinema-aretoetan eta gune itxi edo erdi itxietan egiten diren beste ikuskizun publikokoetan.

    1. Dantzalekuetan eta jokorako edo, oro har, erabilera publikoko establezimenduetan, aire zabaleko guneetan izan ezik.

    2. Jakiak egiteko, eraldatzeko, prestatzeko, dastatzeko edo saltzeko tokietan edo establezimenduetan.

    3. Igogailuetan eta jasogailuetan.

    4. Telefono-kabinetan eta kutxazain automatikoentzako leku itxietan.

    5. Autobus-geltokietan, erabat aire zabalean dauden guneetan izan ezik, hiri-barruko eta hirien arteko garraio kolektiborako ibilgailuetan edo garraiobideetan, enpresako garraio-ibilgailuetan, taxietan, anbulantzietan, funikularretan, teleferikoetan eta antzekoetan.

    6. Hiri azpiko garraioko gune guztietan (bagoi, nasa, korridore, eskailera, geltoki eta abar), erabat aire zabalean daudenetan izan ezik.

    7. Geltokietan, portuetan eta trenbide- zein itsas garraiobideetan, aire zabaleko guneetan izan ezik.

    8. Aireportuetan, aire zabaleko guneetan izan ezik.

    9. Zerbitzuguneetan eta antzekoetan.

    10. Beste edozein lekutan, baldin eta erretzea debekatzen bada lege honek edo beste edozein arauk aginduta edo titularraren erabakiz.

  3. Erretzea legez debekatuta dagoen zentro edo dependentzien sarreran, eta ikusteko moduan, kartelak jarri beharko dira euskaraz eta gaztelaniaz, tabakoa kontsumitzea debekatuta dagoela adierazteko.

  1. Alkoholdun edarien eta tabakoaren iragarkiei eta kontsumoaren sustapenari ezarritako mugak, 13, 13 bis, 14, 14 bis, 15, 16, 17, 18.1, 2 eta 3 eta 18 bis 1, 2 eta 3 artikuluetan ezarritakoak, ez betetzea.

  2. Alkoholdun edariak, tabakoa eta beste substantzia batzuk hornitzeari eta saltzeari ezarritako mugak, 20, 21, 21 bis, 21 ter eta 25. artikuluetan ezarritakoak, ez betetzea.

  1. 13, 15, 16.1, 17, 18.1, 2 eta 3, 20 eta 22. artikuluetan ezarritakoa ez betetzea, ez-betetze horrek osasunari arrisku edo kalte larria eragiten dionean.

    21.3 eta 4, 21 bis 1, 2, 3, 4 eta 5 eta 21 ter 1 eta 3 artikuluetan ezarritakoa ez betetzea.

  1. 13, 15, 16.1, 17, 18.1, 2 eta 3, 20 eta 22. artikuluetan ezarritakoa ez betetzea, ez-betetze horrek osasunari arrisku edo kalte oso larria eragiten dionean.

  1. 13 bis, 14 bis eta 18 bis artikuluetan ezarritakoa ez betetzea.

Hemezortzigarren artikulua. Drogamenpekotasunen arloko Aurrezaintza, Laguntza eta Gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko 18/1998 Legearen 49. artikuluari 4. paragrafoa gehitzen zaio. Hona testua:

  1. Berezitasunak tabakoari dagokionez.

    21.2, 21 ter 2 eta 23.3 artikuluetan tipifikatutako arau-hausteak gertatuz gero, araua hausten den establezimenduetako titularrak izango dira erantzule.

    1. 21 bis 3 eta 21 bis 6 artikuluetan tipifikatutako arau-hausteak gertatuz gero, makinaren fabrikatzailea, inportatzailea, hala balegokio, banatzailea eta ustiatzailea izango dira erantzule solidarioki.

    2. 21 bis 2 eta 21 bis 4 artikuluetan tipifikatutako arau-hausteak gertatuz gero, makinaren ustiatzailea izango da erantzule.

    3. 21 bis 1 eta 21 ter 1 artikuluen kasuan, 18 urtetik beherakoei tabako-produktuak salduz gero, eta 23.1 eta 2 artikuluan jasotako zentro edo dependentzietan erretzen utziz gero, araua hausten den lokal, zentro edo establezimenduaren titularra izango da erantzule, edo, titularra berton egon ezean, araua hausten den momentuan establezimendu edo zentroaren ardura duenaren enplegatua. Lokal, zentro edo establezimenduaren titularra herri-administrazio bat baldin bada, administrazio hori izango da erantzule; nolanahi ere, bereganatu duten erantzukizuna eskatu ahal izango die administrazioak bere agintari eta gainerako langileei.

    4. 21 ter 1 artikuluan tipifikatutako arau-haustearen kasuan, alegia, 18 urtetik beherakoak tabako-produktuz hornituz gero, adingabeari produktuok eman dizkiona izango da erantzule.

    5. Publizitate arloko arau-hausteen kasuan, publizitate-enpresaz gain, erantzule solidariotzat hartuko da publizitatearen onuraduna ere, hau da, iragarritako markaren edo produktuaren titularra, bai eta iragarki hori erakusten den establezimendu edo gunearen titularra ere.

    6. Adingabeen egintzen erantzukizuna deklaratzen denean, haiekin batera erantzukizun solidarioa izango dute guraso, tutore, hartzaile eta legezko edo egitatezko zaintzaileek, hurrenkera horretan, horiek guztiak adingabeei leporatzen zaien arau-hauste administratiboa prebenitzera behartzen dituen obligazioa ez betetzeagatik. Erantzukizun solidario hori dela-eta, ezarritako isuna ordaindu beharko dute. Aipatutako pertsonen baimena izanik eta adingabeari entzun ondoren, Autonomia Erkidegoko araudiak zehaztutako berrezte-neurriak hartu ahal izango dira isunaren zehapen ekonomikoaren ordez.

49 bis artikulua. Kautelazko neurriak.

Arau-hauste larri edo oso larriengatiko zehapen-prozeduretan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen eta hura garatzeko arauen arabera, arau horietan aurreikusitako behin-behineko neurriak hartu ahal izango dira, baldin eta beharrezkotzat jotzen badira bermatzeko behin betiko ebazpena eraginkorra izango dela, prozedura ondo burutuko dela, arau-haustearen ondorioek ez dutela bere horretan iraungo eta interes orokorraren alde jokatuko dela. Zehazki, ondorengo hauek erabaki daitezke:

  1. Arau-hauste oso larrien kasuan, arau-hauslearen jarduera aldi baterako etetea, eta, hala badagokio, bere establezimenduak behin-behinean ixtea.

  2. Tabako-produktuak zigilatzea, gordailutzea edo konfiskatzea.

  3. Erregistro, euskarri eta fitxategi informatikoak eta dokumentuak oro har, bai eta mota guztietako aparatu eta ekipo informatikoak ere, zigilatzea, gordailutzea edo konfiskatzea, baldin eta lege honetan jasotako arau-hausteekin lotura zuzena badute.

  4. Jendea ohartaraztea egon litezkeen jokaera arau-hausleez eta kasuan kasuko zehapen-espedientearen irekieraz, bai eta jokaera horiek etenarazteko hartutako neurriez ere.

    Neurri horiek hartzerakoan eta betetzerakoan, betiere, ordenamendu juridikoan aurreikusitako berme, arau eta prozedurak errespetatuko dira, norberaren eta familiaren intimitaterako eskubidea, datu pertsonalen babeserako eskubidea eta adierazpen-askatasunerako edo informazio-askatasunerako eskubidea babesteko, baldin eta eskubide horiek kaltetuak izan badaitezke.

    Urgentziazko kasuak badira eta tartean diren interesak berehala babestu behar badira, artikulu honetan aurreikusitako behin-behineko neurriak zehapen-espedientea ireki baino lehen hartu ahal izango dira, horretarako arrazoiak azalduta. Neurri horiek berretsi, aldatu edo bertan behera utzi beharko dira prozedura hasteko erabakian; erabaki hori hartzeko 15 eguneko epea dago, neurriak hartu direnetik hasita, eta horren aurka dagokion errekurtsoa aurkeztu ahal izango da. Nolanahi ere, neurri horiek indarra galduko dute, baldin eta zehapen-prozedura epe horretan hasten ez bada edo prozedura hasteko erabakiak neurrioi buruz ez badu berariaz ezer adierazten. Zehapen-prozedura ebazteko eskumena duen administrazio-organoak hertsatzeko isunak jarri ahal izango ditu: 6.000 euro gehienez ere, erabaki diren behin-behineko neurriak bete gabe igarotzen den egun bakoitzeko.

  1. Arau-hauste arin gisa zehatuko dira tarteko mailan edo maila handienean 47.2 artikuluan jasotako kasuak, tabakoarekin zerikusia dutenean.

  2. Berezitasunak tabakoari dagokionez.

    1. Hiru mailatako zehapenak egongo dira kategoria bakoitzaren barruan: txikiena, tartekoa eta handiena. Maila handieneko zehapena ezarriko da egitateen kalteduna edo subjektu pasiboa adingabea baldin bada, bai eta jokaera arau-hauslea maiz edo etengabe egiten bada ere, maiz edo etengabe egite hori arau-hauste motaren zati denetan salbu. Maila txikieneko zehapena ezarriko da, aldiz, arau-haustea adingabe batek egiten badu, baina 49.4.g) artikuluan ezarritakoak bere hartan dirauela.

    2. Nolanahi ere, tabakoa dela-eta ezarritako isunaren zenbatekoa txikiagoa bada arau-hausleak lortu duen irabazia baino, isunaren zenbatekoa igo egingo da, arau-hauslearen irabazia halako biraino gehienez.

    3. Tabakoa dela-eta izandako egintza edo ez-egite berberak lege honetan edo beste batzuetan tipifikatutako bi arau-hauste baino gehiago eragiten baditu, zehapen handiena dakarrena bakarrik hartuko da kontuan.

    4. Tabakoarekin lotutako arau-haustea Administrazioaren iritziz delitu edo falta izan badaiteke, administrazio-organoak Fiskaltzari jakinaraziko dio, haren esku uzteko, eta ez du zehapen-prozedurarekin jarraituko harik eta agintaritza judizialak epaia eman arte. Zehapen penalak baztertu egingo du administrazio-zehapena ezartzea.

Hogeita batgarren artikulua. Drogamenpekotasunen arloko Aurrezaintza, Laguntza eta Gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko 18/1998 Legearen 52. artikuluaren izenburua eta 1. eta 2. paragrafoak aldatzen dira. Hona testu berriak:

  1. Zehapenak honela aplikatuko dira:

    1. Arau-hauste arinengatik, ohartarazpena eta/edo 3.000 eurorainoko isuna ezarriko da.

    2. Arau-hauste larriengatik, 3.001 euro eta 15.000 euro bitarteko isuna ezarriko da, eta/edo jarduera aldi baterako etenaraziko da eta/edo establezimendua, zentroa, lokala edo enpresa, erabat edo zati batean, itxiaraziko da bi urterako gehienez.

      Agintari eskudunek zehapen osagarri bat jartzea erabaki dezakete, hots, Autonomia Erkidegoko diru-laguntzak eskuratzeko debekua jartzea, gehienez ere bi urterako.

    3. Arau-hauste oso larriengatik, 15.001 euro eta 600.000 euro bitarteko isuna ezarriko da, eta/edo establezimendua, zentroa, lokala edo enpresa, erabat edo zati batean, itxiaraziko da bi eta bost urte bitarteko aldirako.

      Agintari eskudunek zehapen osagarri bat jartzea erabaki dezakete, hots, Autonomia Erkidegoko diru-laguntzak eskuratzeko debekua jartzea bi eta bost urte bitarteko aldirako.

  2. 13, 14, 15, 16, 17, 18.1, 2 eta 3 eta 13 bis, 14 bis eta 18 bis 1, 2 eta 3 artikuluak ez betetzeagatik egindako arau-hausteen kasuan, agintari eskudunak isunaren zenbatekoa igo ahal izango du legez kanpoko publizitatea ekoitzi eta zabaltzearen kostuaren % 10eraino. Hortik bildutako dirua tabakoaren mendekotasuna gainditzeko tratamenduetarako erabiliko da lehentasunez, eta orobat droga-mendekotasunei aurrea hartzeko estrategiak egiteko Autonomia Erkidegoko hedabideetan.

Hogeita bigarren artikulua. Drogamenpekotasunen arloko Aurrezaintza, Laguntza eta Gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko 18/1998 Legearen 54. artikuluaren izenburua eta edukia aldatzen dira. Hona testu berriak:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskudunek kontrol- eta ikuskapen-funtzioak beteko dituzte, ofizioz edo alde batek eskatuta, Estatuko oinarrizko legeetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen zehatzeko ahala arautzen dutenetan ezarritakoaren arabera.

    Tabakoari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren menpeko ikuskapen-unitateek izango dute kontrol- eta ikuskapen-funtzioa. Horiek beren ohiko ikuskapen-funtzioen artean sartu beharko dute tabakoaren sustapen, publizitate, salmenta eta kontsumoari buruz lege honetan azaltzen diren aurreikuspenak betetzen ote diren zaintzea.

    Lege honen ondorioetarako, ikuskapen-funtzioa betetzen duten langileak agintaritzaren agente izango dira.

    Zentro, dependentzia edo establezimenduetako arduradunek eta haien ordezkari eta enplegatuek ikuskatze-lana errazteko betebeharra dute, dependentzia eta instalazioetara sarbidea ahalbidetuz eta, oro har, gertakarien ezagutza hobea eta ikuskapenaren helburua lortzera eraman dezakeen guztia eskuratuz.

  2. Zehatzeko ahalmena honako organo hauei ematen zaie:

    1. Alkateei, hurrengo artikuluetan ezarritakoa ez betetzea zehatzeko:

      1. 14, 16.2 eta 25. artikuluak, ez-betetze horiek arau-hauste arin edo larri gisa tipifikatu badira. 16.2 artikuluaren kasuan, arauz kontrako jarduera udalerriz kanpora ateratzen ez denean dagokie zehapen-eskumena.

      2. 15, 16.1 eta 18.3 artikuluak. Azken kasuan, arauz kontrako jarduera udalerriz kanpora ateratzen ez denean dagokie zehapen-eskumena.

      3. 20 eta 22. artikuluak, arau-hauste arin edo larri gisa tipifikatu badira dagozkien artikuluetan.

      4. Legean jasota dagoen eta arau-hauste larri edo oso larri gisa tipifikatuta ez dagoen beste edozein ez-betetze, ahalmena beste organo bati eman ez bazaio.

    2. Droga-mendekotasunen arloan eskumena duen sailaren lurralde-ordezkariei, ondorengo artikuluetan ezarritakoa ez betetzea zehatzeko:

      21.2, 21 bis 6, 21 ter 2 eta 23.2 eta 3 artikuluak.

      23.1 eta 2 artikulua, bertan zehazturik dauden zentro eta dependentzietan erretzeari edo erretzen uzteari dagokionez.

    3. Droga-mendekotasunen arloan eskumena duen saileko dagokion organoari, hurrengo artikuluetan ezarritakoa ez betetzea zehatzeko:

      5.2 artikulua, lehenengo tartekia.

      1. 14, 16.2 eta 25. artikuluak, arau-hauste oso larri gisa tipifikatu direnean. 16.2 artikuluaren kasuan, arin edo larri gisa tipifikatzen bada ere, arauz kontrako jarduera udalerriz kanpora ateratzen denean dagokio zehapen-eskumena.

      2. 13, 17 eta 18.1, 2 eta 3 artikuluak, arau-hauste larri edo oso larri gisa tipifikatu direnean; eta 15, 16.1, 20 eta 22. artikuluak, ez-betetzeak arau-hauste oso larri gisa tipifikatu direnean. 18. artikuluaren 3. paragrafoari dagokionez, arauz kontrako jarduera udalerriz kanpora ateratzen denean dagokio zehapen-eskumena.

        21.3 eta 4, 21 bis 1, 2, 3, 4 eta 5 eta 21 ter 1 eta 3 artikuluak.

    4. Gobernu Kontseiluari, 13 bis, 14 bis eta 18 bis artikuluetako arau-hausteak zehatzeko.

    5. Osasun eta Kontsumo Saileko dagokion organoari, 31.1 artikuluan ezarritakoa ez betetzea zehatzeko.

  3. Espedientea izapidetzeko arduraduna edozein unetan ohartzen bada zehatzeko ahalmena ez dagokiola bere administrazioari, ahalmen hori daukanari igorriko dio espedientea, eta hark prozedura eten zen puntutik jarraituko ditu izapideak.

  4. Aurreko paragrafoetan ezarritakoari ezer kendu gabe, udal batek arau-hauste bat zehatzeko ahalmena erabiltzen ez badu, Eusko Jaurlaritzak errekerimendua bidaliko dio, eta bi hilabete igaro ondoren, kasuan kasuko gaiaren arabera eskumena duten Eusko Jaurlaritzako organoek zehapen-espedientea hasi, izapidetu eta erabaki egingo dute.

  5. Eusko Jaurlaritzako organo eskudunek eta Toki Administraziokoek elkarri emango diote izapideturiko espedienteen berri, espedienteari hasiera ematea erabaki eta hurrengo 10 eguneko epean.

Hogeita hirugarren artikulua. Drogamenpekotasunen arloko Aurrezaintza, Laguntza eta Gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko 18/1998 Legeari hirugarren xedapen gehigarria gehitzen zaio. Hona testua:

Hirugarren xedapen gehigarria. Geruza naturala duten zigarroak eta zigarro txikiak eskuz saltzea.

1 artikuluan tabako- eta tinbre-saltokien sarean edo tabako-makinen bidez tabakoa saltzeari dagokionez xedatutakoa gorabehera, geruza naturala duten zigarroak eta zigarro txikiak eskuz saldu ahal izango dira tabernetan, jatetxeetan eta sukaldaritzako gainerako establezimendu itxietan, Tabako Merkaturako Ordezkaritzak emandako administrazio-baimena baldin badute.

Hogeita laugarren artikulua. Drogamenpekotasunen arloko Aurrezaintza, Laguntza eta Gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko 18/1998 Legeari laugarren xedapen gehigarria gehitzen zaio. Hona testua:

Laugarren xedapen gehigarria. Araubide berezia.

Oro har, debekatuta egongo da establezimendu itxietan erretzea. Salbuespen gisa, erretzea egongo den eremuak egokitu ahalko dira askatasuna kenduta dauden pertsonentzat, adinekoentzat, ahalmen-urrituentzat, buru-gaixoentzat, toxikomanoentzat edo bestelako osasun-kontuengatik toki itxietan dauden pertsonentzat, betiere honako baldintza hauek betetzen badira:

  1. Eusko Jaurlaritzan droga-mendekotasunen arloan eskumena duen saileko dagokion organoari eskabidea egin beharko dio zentroko zuzendaritzak.

  2. Droga-mendekotasunen arloan eskumena duen saileko dagokion organoak, kasu bakoitza aztertu ondoren, baimena eman ahalko du, betiere betebehar hauek betetzen badira:

    1. Erre daitekeen guneek zentroko beste dependentzietatik fisikoki bereizita egon beharko dute. Orobat, konpartimentu gisa eratuta egongo dira, eta ez dira erretzaile ez direnentzat ezinbesteko igarobide izango.

    2. Aireztatzeko sistema egokia izango dute, tabakoaren kea kentzea bermatuko duena.

    3. Erretzeko egokitutako eremua ez da inola ere establezimenduaren azaleraren % 10 baino handiagoa izango.

    4. Erretzeko egokitutako tokietan, gaixoek, egoiliarrek edo askatasuna kenduta dauden pertsonek bakarrik erre ahal izango dute eta ezin izango dira adingabeak egon.

    5. Ikusteko moduan adierazita egon beharko dute gune horiek, Autonomia Erkidegoan indarrean dauden arauen arabera.

    6. Eskabidea egiten duenak konpromisoa hartu beharko du tabakoaren mendekotasuna gainditzeko programak antolatzeko, tabakoaren kontsumoa uztea edo gutxitzea lortzen saiatzeko xedearekin.

Hogeita bosgarren artikulua. Drogamenpekotasunen arloko Aurrezaintza, Laguntza eta Gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko 18/1998 Legeari bosgarren xedapen gehigarria gehitzen zaio. Hona testua:

Bosgarren xedapen gehigarria. Giroko tabako-kearen eraginpean egotea.

Tabakoaren kea arnasten den lekuetako lanpostuen arriskuak ebaluatzean, giroko tabako-kearen eraginpean egotea arrisku-faktore gisa sar dadin sustatuko da.

Hogeita seigarren artikulua. Drogamenpekotasunen arloko Aurrezaintza, Laguntza eta Gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko 18/1998 Legeari seigarren xedapen gehigarria gehitzen zaio. Hona testua:

Seigarren xedapen gehigarria. Hizkuntza ofizialen erabilera.

Lege honetan jasotakoa betetzean, lurralde-administrazioek euskara eta gaztelania erabiliko dituzte, herritarrek haiekin izango dituzten harremanak herritarrek nahi duten hizkuntza ofizialean izan daitezen, ahoz nahiz idatziz, horrela arreta hizkuntza berean jasotzeko duten eskubidea bermatzeko.

Hogeita zazpigarren artikulua. Drogamenpekotasunen arloko Aurrezaintza, Laguntza eta Gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko 18/1998 Legeari zazpigarren xedapen gehigarria gehitzen zaio. Hona testua:

Zazpigarren xedapen gehigarria. Tabakoaren mendekotasuna gainditzeko programak sustatzea.

Osasun arloan eskumena duen sailak sustatze-lana egingo du tabakoaren mendekotasuna gainditzeko osasun-programak aurrera eraman daitezen osasun-sarean, eta bereziki lehen mailako arretan.

Era berean, tabakoa kontsumitzeari uztea sustatzeko programak bultzatuko dira hezkuntza-erakundeetan, osasun-etxeetan, lantokietan eta kiroleko aisia-guneetan.

Administrazioak tabakoaren mendekotasuna gainditzeko tratamenduetarako aukera egon dadin bultzatu eta sustatuko du. Beren eraginkortasuna zientifikoki ziurtatua izan beharko dute tratamendu horiek, eta arrisku-taldeei zuzenduko zaizkie lehentasunez.

Hogeita zortzigarren artikulua. Drogamenpekotasunen arloko Aurrezaintza, Laguntza eta Gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko 18/1998 Legeari lehenengo xedapen iragankorra gehitzen zaio. Hona testua:

Lehenengo xedapen iragankorra. Erreformaren eraginari buruzko ebaluazioa.

Eusko Jaurlaritzak, urtero, legea indarrean sartu eta hurrengo bost urteetan, erreforma honen eraginari buruzko ebaluazio-txostena eta eragin ekonomikoari buruzko memoria aurkeztu beharko ditu.

Hogeita bederatzigarren artikulua. Drogamenpekotasunen arloko Aurrezaintza, Laguntza eta Gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko 18/1998 Legeari bigarren xedapen iragankorra gehitzen zaio. Hona testua:

Bigarren xedapen iragankorra. Ostalaritza-sektoreko eraginari buruzko ebaluazioa.

Lege hau indarrean sartu eta bi urtera, legeak ostalaritza-sektorean izan duen eragin ekonomikoa ebaluatuko du Eusko Jaurlaritzak.

Hogeita hamargarren artikulua. Drogamenpekotasunen arloko Aurrezaintza, Laguntza eta Gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko 18/1998 Legeari hirugarren xedapen iragankorra gehitzen zaio. Hona testua:

Hirugarren xedapen iragankorra. Ebaluazioa, ostalaritza-sektoreko balizko eragin kaltegarriak murrizteari begira.

Lege hau indarrean sartzen denetik urtebete igarotakoan, beronek ostalaritza-sektorean izan duen eragin ekonomikoa ebaluatuko du Eusko Jaurlaritzak, hartara herri-administrazioek modua izan dezaten, hala badagokio, atzemandako balizko eragin kaltegarriak murrizten lagunduko duten neurriak taxutzeko.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean Lege hau.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko otsailaren 7a.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.