Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

Arautegia

Inprimatu

18/2008 LEGEA, abenduaren 23koa, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 250
  • Hurrenkera-zk.: 7235
  • Xedapen-zk.: 18
  • Xedapen-data: 2008/12/23
  • Argitaratze-data: 2008/12/31

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak abenduaren 23ko 18/2008 Legea, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzekoa, onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

18/2008 Legea, abenduaren 23koa, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzekoa

Euskal Autonomia Erkidegoan gizarteratzearen eta diru-sarrerak bermatzearen arloan indarrean den esparru juridikoa, lehenik, Gizarte Eskubideen Agiriaren abenduaren 27ko 10/2000 Legeak osatzen du ekainaren 22ko 4/2007 Legeak aldatu zuen. Bestetik, hasierako lege hori garatu ez denez, oraindik ere neurri handi batean Gizarte Bazterkeriaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legeak osatzen du azaroaren 10eko 8/2000 eta 9/2000 legeek aldatu zuten lege hori, baita ekainaren 25eko 4/2003 Legeak eta lehen aipatutako ekainaren 22ko 4/2007 Legeak ere. Azkenik, 12/1998 Legea garatzeko arau hauek sartzen dira esparru horretan: apirilaren 20ko 198/1999 Dekretua, gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera arautzen duena; apirilaren 20ko 199/1999 Dekretua, gizarte-larrialdietarako laguntzak arautzen dituena; urtarrilaren 11ko 1/2000 Dekretua, gizarteratzeko hitzarmenak arautzen dituena, eta 2001eko otsailaren 14ko Agindua, oinarrizko errentaren titularrentzat eta gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradunentzat lanean hasteko pizgarriak ezartzen dituena.

Araudi zabal hori 1998. urtetik aurrera hasi zen garatzen, batez ere 1989. urtean onartutako Pobreziaren aurkako Plan Integralari esker Euskal Autonomia Erkidegoan izandako aurrerapenengatik; eta izan duen helburu nagusia gizarte-bazterkeriari aurrea hartzea izan da. Kontuan izan behar da 90eko hamarkadaren amaieran gizarte-bazterkeria Mendebaldeko gizarteek aurrez aurre izan zuten erronka handienetako bat izan zela, dimentsio askoko arazo bihurtuta baitzegoen; gizartea bitan banatzeko arriskua ere ikusten zen, gero eta gehiago hedatzen ari zelako. Euskal administrazio publikoak arazoaren larriaz ohartu ziren, kontua ez baitzen txirotasunari eta prekarietateari ordura arteko formulazio klasikoaren arabera aurre egitea bakarrik nahiz eta horiek izan arazo agerikoenak; errealitatea konplexuagoa zen, 1998ko Legearen zioen azalpenean honela definitzen baitzen: « gizarte-eskubideak gauzatzeko ezintasuna edo gaitasunik eza da, batez ere lan egiteko eskubideaz baliatzeko ezintasuna, baina baita ere hezkuntza eta prestakuntza jasotzeko eskubidea, kultura, osasuna, etxebizitza duina izateko eskubidea edo gizarte-babesa jasotzeko eskubidea». Orduko testu hartan, Europako proposamenetan esaten zenarekin bat etorriz, azpimarratzen zen lanak garrantzi handia zuela gizarteratzeko orduan; izan ere, adierazten zen norbanakoaren eta gizartearen artean etena sortzen zenetan, hori batez ere norbanakoak produkzio-prozesuan ez parte hartzeagatik gertatzen zela, eta honela esaten zen: «Gure gizarte modernoan lana da gizartean eskubide eta betebeharrak eskura­tzeko biderik hedatuena eta baita gizarteak pertsonarekiko gauza bera egiteko modua ere. Hori horrela izanik, lan egiteko eskubidea ezinbesteko eskubidea da oso-osoko herritar bihurtzeko, eta erabateko esanahia eskuratzen du, gainera, eskubide politikoen artean. Lan-merkatuan parte hartzen ez bada, edo oso neurri txikian hartzen bada parte, ia nahitaez bazterkeria nagusitzen hasiko da, eta horrek bete-beteko eragina izango du beste gizarte-eskubide batzuetan».

Ikuspegi hori izanda, gizarte-bazterkeriari aurre egiteko oinarrizko tresnetako batzuk sendotu egin ziren, eta tresna horiek izango zuten esparrua ere zehaztu egin zen, gutxika-gutxika babes-maila areagotzeko. Ahaleginak bi jarduera-ildo osagarritara bideratu ziren. Batetik, bazterkeria desagerrarazteko prozesu luzean ezinbestekoak ziren egiturazko aldaketak egiteari ekin zitzaion; eta horren barruan, enpleguaren arloko politikak garatzen hasi ziren, eta, zehazki esanda, langabeziari aurre egiteko ekimenak, lanbide-heziketa sustatzeko politikak ikasleen prestakuntza-maila eta -mota lan-merkatuan zeuden premien araberakoa izateko, etxebizitza sozial gehiago izateko politikak, eskolan integratzeko ekintzak, eta babes sozialeko prestazioak sendotzea. Bestetik, bazterkeria-prozesu eta -egoeren ondorio sozial larriei epe laburrean konponbidea eman nahi zitzaien, eta, horretarako, kaltetuenak ziren gizataldeei oinarrizko premia materialak behintzat asetzeko moduko bizitza-maila bermatu.

Lan egiteko modu horrek gaurkotasuna izan arren, hori aplikatzeko testuingurua nabarmen aldatu da, neurri handi batean lehenago aipatu ditugun ekintza-ildoei esker; hori hala izanik, gizarte-arloko premietan bilakaera argia izan dela ikusten da, eta beste gertakari batzuk ere agertu dira:

Bilakaera horren oinarrizko osagaietako bat Euskal Autonomia Erkidegoko testuinguru sozioekonomikoan izandako aldaketa nabarmenak izan dira. Batetik, langabezia-tasek behera egin dute eta, era berean, okupazio-tasak igoera ikusgarria izan du; horrek ia enplegu beteko egoera lortzea ahalbidetu digu, munduko ekonomia oparoaldian zegoela. Bestetik, etxebizi­tzen prezioak oso igoera handia izan du, bai jabetzakoenak bai alokairukoenak, eta, horren ondorioz, etxebizitza bihurtu da euskal familien arazo nagusietako bat. Esandakoaz gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatu diren etorkinen kopuruak ere nabarmen egin du gora, eta horiek osatzen dute, guraso bakarreko familien atzetik, txirotasun-arriskuan daudenen bigarren talde handiena.

Garrantzitsua den beste osagai bat prekarietatearekin eta txirotasunarekin zuzeneko zerikusia duten datuetan ikusten den bilakaera da. Datuek erakusten dutenez, luzera begira txirotasun-tasek bilakaera ona izango dute, baina, aldi berean, egonkortzera ere joko dute. Arazo handiena mantentze-txirotasunaren arriskuan daudenek dute, egoera hori konpontzeko errentak hobetu beharra baitaukate, eta, horretarako, normalizatutako lanpostu bat eskuratu beharko lukete edo gizarte-prestazioak emateko politika behar beste egokitu beharko litzateke. Era berean, oso txirotasun larriaren tasek behera egin dute, baina, horrekin batera, egoera txarrenetan bizi diren herritarren bizi-baldintzek ere okerrera egin dute.

Ageri diren arazootako asko azken urteetan txirotasuna jasaten dutenek izandako aldaketarekin daude lotuta, eta aldaketa hori batez ere hiru arrazoirengatik gertatu da: guraso bakarreko familiek gero eta arazo ekonomiko handiagoak izateagatik, immigrazioagatik, eta lanpostu iraunkorrik ez duten gazteek bizitza independentea lortzeko arazoengatik.

Gizarteratzeko prozesuei dagokienez ere, datuek erakusten dute bilakaera positiboa izan dela. Gizarte-bazterkeria jasateko arriskua duten edo baztertuta dauden pertsonekin egindako segimendu-lanek erakusten dutenez, gutxika-gutxika bada ere, pertsona horiek gizarteratzen ari dira etengabe.

Beraz, eta orokorrean hitz eginda, emaitza positiboa da, eta zalantzarik gabe badago esatea txirotasun-tasak ez igotzea eta txirotasun-modu larrienak murriztu izana politika publiko egokien ondorio direla, azken urteotan beste bultzada bat hartu dutelako politikok, eta muturreko txirotasun-egoerei eraginkortasunez aurrea hartzea ahalbidetu dutelako; baina, hala ere, bermatu beharra dago sistemaren sendotasuna krisi-egoeretan, horiek baitira herritarren ongizateari gehien eragiten diotenak. Dena den, eta politika publikoen bidez egiten ari diren ahaleginak berrorientatzeko, beharrezkoa da zenbait joera gogoan izatea, bilakaeraren ezaugarri kualitatiboak zein diren ikusteko aukera ematen baitu horrek:

Txirotasuna emakumeek jasatea nagusiki, eta guraso bakarreko familiek. Txirotasun-moduetakoren bat bost aldiz gehiagotan ager­tzen da emakume baten ardurapean dauden familietan, eta, gainera, joera horrek azken urteetan zertxobait gora egin duela ikusten da. Era berean, txirotasun-modu bat edo beste sarriago ageri da guraso bakarreko familietan; izan ere, familia-mota horiek dira, batez ere emakume baten ardurapean daudenean, ondorengo ezaugarriak dituztenak gainontzeko ereduekin alderatuta: langabezia-tasa bereziki handiak, lan-prekarietatea, erreferentziako per­tsonek diru-sarrerarik ez izatea, etxebizitza lor­tzeko arazo larriak, eta diru-sarrera gutxi izateak sortutako arazo larriak.

Txirotasuna lurralde edo eremu jakin batzuetan agertzea. 2000. urtetik hona, txirotasuna hirietan pilatzeko joera nabari da, eta arriskua dakarten egoerak nagusiki Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuak dauden eskualdeetan ageri direla ikusten da.

Ezkutuko txirotasuna eta emantzipatzeko arazoak. Gazteek emantzipatzeko zailtasun handiak dituzte, arazo ekonomikoen ondorioz, eta etxebizitza lortu ezina da bizileku independentea abiarazteko oztopo nagusia.

Soldata apalekin zerikusia duen txirotasuna. Nahiz eta Euskal Autonomia Erkidegoa batez besteko soldata handienak dituen autonomia-erkidegoetako bat izan, eta soldaten artean alde txikiena duenetako bat, datuek erakusten dute lana izan baina soldata apalak dituzten pertsonek osatzen dutela Euskal Autonomia Erkidegoan uste izatekoa den gutxieneko ongizate-mailara iristeko arazo handienak dituztenen arteko talde handiena. Hori hala izanik, txirotasunarekin eta ongizaterik ezarekin zerikusia duten arazo handienen jatorria lan-arloko behin-behinekotasunari loturik dago, eta hori ez da ikusten enpleguaren ezegonkortasun-tasa handietan bakarrik; horrekin batera, soldata apaleko langile-kopuru handian ere ageri da.

Errealitatean bilakaera hori gertatzen ari denez, eredua birformulatu beharra dagoela ikusten da, bi helburu orokor dituela: batetik, bitartekorik egokienak jarri behar dira, sortu diren premia berriei erantzun egokiagoa emateko modua izateko; bestetik, dagoeneko badiren tresnetako batzuk ezartzean hautemandako okerrak konpondu beharko dira. Ikuspegi bikoitz hori izanda, legegileak ondorengo helburu zehatzak lortu nahi ditu:

Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema indarrean jartzea, sistema autonomo gisa, osotasun koherente eta integratu bat duela. Hainbat kudeaketa-formula egon daitezke; gaur egun gizarte-zerbitzuen eta enplegu-zerbitzuen barruan daude, baina aurrerantzean, egoki iritziz gero, beste jarduera-eremu batzuetan sar litezke, osorik edo zati batean.

Ereduaren oinarriak jartzea, kontzeptuen, egituraren eta antolaketaren ikuspegitik eredurik onena aukeratzeko eta, horrela, eskubideak baliatuko direla bermatzeko. Oinarri horiek, beren diseinu eta malgutasunari esker, aukera eman behar dute, dauden baliabideen mugak kontuan izanda betiere, eskaintzen den babesa gero eta handiagoa izateko; horretara iristeko, sistemak eskaintzen dituen tresnak bata besteari lotuz aplikatu beharko dira, eskubideak gero eta unibertsalagoak izateko bidean pixkanaka aurrera eginez.

Irtenbide zehatzekin erantzutea gero eta sarriago ikusten den egoerari, hau da, ematen den prestazioa gutxien irabazten dutenei diru-sarrerak osatzen laguntzeko izatea gero eta gehiago, eta hartzaileak arazo soilik ekonomikoak dituztenak izatea, gizarteratzeko laguntza espezializaturik behar ez dutenak, beraz. Har­tzaile izan daitezkeenetan ikusten den bilakaera hori hiru eragileren ondorioa da: batetik, lan-merkatuaren prekarizazioa eta soldata apaleko lanpostuen kopuru gero eta handiagoa; bestetik, prestazioa eskuratu ahal izateko muga ekonomikoa gorago jarri da, eta, hori dela-eta, familia-unitate batzuek hura eskuratzeko aukera eduki dute diru-sarrera batzuk izan arren; azkenik, prestazioa eskuratzeko gehienezko adina ezabatu egin da, eta, horri esker, pentsiodun izan arren bizimodu duina izateko behar den diru-sarrera eta baldintzarik ez duten pertsonak ere balia daitezke prestazioaz. Aldaketa horiek hor daudela gogoan izanda, badirudi prestazio-modu bat baino gehiago diseina eta antola daitezkeela eta komenigarriak direla, eta, zehazki esanda, norberaren diru-sarrerak osatzeko prestazio-moduak aurreikus daitezkeela eta komenigarriak direla, betiere zer-nolako diru-sarrerak diren kontuan izanda lan-errentak edo pentsioak; prestazio horiek kudeaketa azkarragoa izan beharko lukete, eta, hala, neurri batean oinarrizko gizarte-zerbitzuetako profesionalen lana arintzeko balioko lukete, eta gizartera­tzen lagunduak izateko behar handiena dutenengana zuzendu ahalko lituzkete beren ahaleginak profesional horiek.

Beharrezko baliabideak jartzea herritar guztiek tratu bera jasotzen dutela bermatzeko; horretarako, gizarteratzeko eta diru-sarrerak bermatzeko dauden tresnak Autonomia Erkidego guztian berdin garatuko direla ziurtatu beharko da, eta gaur egun horien hedaduran ikusten diren ezberdintasunetako batzuk ezabatu egin beharko dira, alde horiek neurri batean baino ezin baitira zuritu, txirotasunak edo langabeziak lurralde historiko batean edo bestean eragin handiagoa duela oinarri hartuta.

Prestazio ekonomiko osagarrien sistema egonkor bat antolatzea, hain zuzen ere diru-sarrerak bermatzeko errenten onuradunek etxebizitzaren egiturazko gastuekin zerikusia duten gastuei aurre egiteko modua izan dezaten. Hori hala eginda, gizarte-larrialdietarako laguntzak ohiz kanpoko gastuak ordaintzeko erabiltzeko modua egongo litzateke, eta egiturazkoa den arazo bati, aldi batean behintzat, erantzun egonkorra emango litzaioke, gaiari modu integralagoan heltzen zaion artean; modu integralagoan, etxebizitzaren arloko politika publiko baten bidez helduko litzaioke, lotura zuzena baitu halako politikak babes sozialaren helburuekin.

Gizarteratzeko modurik onena enplegua dela iritzita, lan-merkatuan sartzea erakargarri bihurtuko duen eredu bat ezartzea, nahiz eta soldata apaleko lanpostu baten bidez sartu merkatu horretan. Horrela, bestalde, Europako Enplegu Estrategian gizartearen kohesioa eta laneratzea lortzeko dauden jarraibideak beteko lirateke.

Gizarteratzea helburu duten zerbitzu espezializatuen garapena sustatzea, eta arlo horretan diharduten eragile guztien lana koordinatzea ere bai, kontuan izan behar baita gizarte-ongizateko beste esparru batzuetan baino are dispertsio eta aniztasun handiagoa dagoela hor.

Euskal Herrirako Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 9. artikuluan orokorrean ezarritakoaren arabera, euskal aginte publikoek, beren eskumenen eremuan, hartu beharreko neurriak hartuko dituzte herritarren eta herritarrok osa­tzen dituzten taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak izan daitezen, horretarako baldintzak sustatuta eta kendu beharreko oztopoak kenduta; horrekin batera, eta 10. artikuluan esaten denez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa izango du gizarte-laguntzaren arloan, Konstituzioaren 148.1.20 artikuluan esaten dena oinarri hartuta.

Eskumen horietaz baliatuta, Eusko Legebiltzarrak Gizarte Bazterkeriaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legea onartu zuen, zegokion lurralde-eremuan pertsonaren bazterkeriari nahiz gizarte- edo lan-arloko bazterkeriari aurre egiteko beharrezkoak ziren jarduerak bultzatu eta prestazio ekonomikoak eta gizarte-arloko tresnak arautzeko, eta bizimodu independentea izateko behar beste baliabide pertsonal, sozial edo ekonomiko ez zutenei gizarteratzen lagun­tzeko. Horren ostean, eta berrikiago, legebiltzar berak, sistema progresiboki denengana iristea lortzeko eta gizarte-arloko premiek izandako bilakaerari politika publikoen bidez hobeto erantzungo zitzaiela bermatzeko, abenduaren 27ko 10/2000 Legea onartu zuen, Gizarte Eskubideen Agiriarena, eta, horri esker, oinarrizko errenta deiturikoa euskal babes-sisteman txertatu zen.

Esparru juridiko hori egituratzea eta sendotzea ahalbidetu duten eskubide berak baliatuz, oraingo lege honen bidez legegileak indarrean diren tresnak berrantolatu nahi ditu, eta horiek guztiak elkarri lotzeko modua hobetu ere bai, osatzeaz gainera, hain zuzen ere beharrizanetan izan diren aldaketetara eta gizarteak izandako bilakaerara egokitzeko.

Hori eginda, Eusko Legebiltzarrak 2006ko otsailaren 23ko bileran agindu zuena bete baino ez da egin; izan ere, orduan onartu zuen ebazpenean, Eusko Jaurlaritzari eskatu zion berrikus zezala Gizarte Bazterkeriaren aurkako Legeak eta Gizarte Eskubideen Agiriak osatzen zuten lege-esparrua, bi arau horien xedearen eta edukiaren egokitzapen normatiboa eginez. Legegileen agindu hori berriro berretsi zen Lan eta Gizarte Gaietarako Batzordean, 2007ko azaroaren 26an izandako bileran, hain zuzen ere Gizarteratzeko Erakunde arteko II. Plana (2007-2009) eztabaidatu ostean.

Lege honetan jaso den testu berriarekin, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema abiarazteaz gainera, funtsezko bi berrikuntza ere sartu dira egituran:

Lehen berrikuntzarekin, diru-sarrerak bermatzeko errentaren bidez, ezberdinak diren bi modalitate sartu dira, oinarrizko bi irizpideren arabera: batetik, bizikidetza-unitateak lanetik datorren diru-sarrerarik duen edo ez ikusi behar da, eta, bestetik, modalitate horietako bakoitza gizarteratzeko hitzarmenen bati loturik dagoen ikusi behar da. Hala, hauek dira modalitateak:

Alde batetik, gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errenta. Lan-errentetatik datorren baliabide ekonomiko propiorik ez duten pertsona eta bizikidetza-unitateentzat izango da nagusiki, baldin eta hilero dituzten diru-sarrerak gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errentara iristen ez badira. Prestazio horrekin batera, laguntza espezifiko batzuk ere emango dira, gizartera­tzen eta/edo laneratzen laguntzeko, gizarteratzeko hitzarmen baten barruan, salbu eta dagokion gizarte-zerbitzuak, beharrizanen diagnostikoa egin ondoren, besterik irizten badio. Gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errenta lanbide arteko gutxieneko soldataren mailara iritsiko da bizikidetza-unitatea pentsiodunek osatua badago eta, maila hartara ez iristeagatik, beren diru-sarrerek eta egoerak bizimodu duina izateko biderik ematen ez badiete, eta, gainera, une horretan lan-merkatuan sartzeko moduan ez badaude.

Eta, beste aldetik, laneko diru-sarrerak osatzeko errenta. Laneko errentarik izan arren, hileroko irabaziak gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errentaren azpitik geratzen zaizkien pertsonentzat izango da. Prestazio horrekin batera, enplegu-zerbitzuen bidez, lagun­tza espezifiko batzuk aplikatuko dira per­tsona horien lan-egoera hobetzen laguntzeko, eta, gizarte-zerbitzuak egoki edo beharrezko irizten dionean, gizarteratzen laguntzeko bestelako laguntza batzuk ere bai.

Diru-sarrerak bermatzeko errenta bi modalitatetan banatzearen helburu nagusia sistema kudeatzerakoan azkartasun handiagoarekin ari­tzea da. Kontuan izan behar da ez direla bestelako prestazio batzuk sortu; orain arte zeuden hainbat egoera, oso desberdinak, antolatu eta argitu egin dira, lehen ez baitzen haien artean bereizkuntzarik egiten oinarrizko errentaren kontzeptuaren barruan.

Bigarren osagai berritzaileetako bat etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria da. Duen helburua da premiarik handiena dutenei, hau da, diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenei, etxebizitza eskuratzen laguntzea. Beraz, orain artean gizarte-larrialdietarako laguntzen bidez aurre egindako hainbat beharrizani aurrerantzean prestazio honekin egingo zaie aurre, baina alde nabarmen bat egongo da, hemendik aurrera eskubidea izango baita hori jasotzea. Prestazio hau sartuta, gainera, beren ezohiko izaera itzuliko zaie gizarte-larrialdietarako laguntzei.

Diru-sarrerak bermatzeko errenta premia dutenei babesa eta laguntza eskaintzeko da, eta errenta-mota hori ezartzeko eta garatzeko oinarria Euskal Autonomia Erkidegoak gizarte-laguntza emateko duen eskumenean dago; izan ere, errenta horren bidez aurre egiten zaien egoera guztien ezaugarria da bizikide­tza-unitateak ez duela behar beste diru-sarrera, alde batera utzita nolabaiteko diru-sarrerarik duen ala ez, eta, izanez gero, nondik datozen sarrera horiek. Gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errentaren helburua, pentsioen titularrek eta haien ardurapean dauden beste pertsona batzuek osatutako bizikidetza-unitateei dagokienez, ez da pentsioak osatzea, baizik eta laguntza espezifiko bat ematea haien diru-sarreren urritasuna arintzeko. Era berean, laneko diru-sarrerak osatzeko errentaren kasuan, azken helburua ez da hark soldata-plus baten edo langabeziako sorospenaren egitekoa betetzea, baizik eta laguntza espezifiko bat ematea, kasu honetan soldata apalak eragindako diru-sarreren urritasuna arintzeko.

Etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriari dagokionez, horrek gizarte-arloko eskumenetan du oinarria gaur egun, eta epe jakin batean baino ez du jarraituko Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren barruan: harik eta etxebizitzaren arloko politika publikoetan antzeko neurriak edo bestelako batzuk zehazten diren arte, kaltetuenak eta ahulenak diren gizataldeek etxebizitza eskuratzeko modua izan dezaten.

Eskumenen esparruari dagokionez azken kontu nabarmengarri bat da bai diru-sarrerak bermatzeko errenta eta bai etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria laguntza subsidiarioak eta, hala badagokio, osagarriak izango direla indarreko legerian aurreikusten diren era guztietako baliabide eta prestazio ekonomikoei dagokienez, horiek titularrari edo haren bizikidetza-unitateko edozein kideri legozkiokeenean. Beste modu batean esanda, prestazio horiek azkeneko babes-maila izango dira, eta, ondorioz, ezin izango dira beste prestazio edo laguntza batzuen bidez osatu. Agindu hori eman zuen Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurak, 2005eko azaroaren 23ko bileran, honako hau adierazi zuenean: « oinarrizko errenta Eusko Jaurlaritzaren eskumena da. Horren finantzamendua, beraz, beti berari behar zaio izendatu, eta saihestu egin behar da beste erakunde batzuek esleipen osagarriak egitea, esleipen horiek ez baitakarte Euskal Autonomia Erkidegoan prestazio horretarako eskubidea duten herritarrak desberdin tratatuak izatea besterik». Lege honen bidez itun sozial bat lortu nahi da, errenten birbanaketa berma dadin, prestazio batzuk eta besteak koherenteak izan daitezen eta herrian herriko edo lurraldeetako egoera jakinen arabera ezberdintasuna sortuko duen urratsik egin ez dadin.

Legearen egiturari eta edukiei dagokienez, zazpi tituluetako lehenengoa xedapen orokorrei buruzkoa da, eta sistemaren oinarrizko osagaiak definitzen ditu:

Hasteko, legearen xedea definitzen du. Xedea Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema arautzea da, eta, horren barruan, beharrezko prestazio ekonomikoak eta tresnak izateko eskubidea arautzea, herritar izateak dakartzan eskubide sozialak benetan baliatzeko orduan behar beste baliabide pertsonal, sozial edo ekonomiko ez dutenei laguntzeko, bai bazterkeria-arriskuari aurre egiten, bai bazterkeria pertsonala, soziala eta laborala arintzen, bai gizarteratzea errazten.

Horren ostean, oinarrizko helburuak aipatzen dira. Batetik, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema sistema autonomo gisa eratu nahi da, eta, hori kudeatzeko, gizarte-zerbitzuek eta bereziki enplegu-zerbitzuek elkarlanean jardungo dute, beste jarduera-eremu publiko batzuetako zerbitzuekin batera. Bestetik, sistema horren funtzionamendurako printzipioak eta egituraren oinarriak jarri nahi dira, eskaintzen duen babesa gero eta zabalagoa izan dadin. Azkenik, sistemaren barruan diren prestazio ekonomikoei eta gizarteratzeko tresnei dagokienez, herritarrek horiek berdintasun- eta ekitate-irizpideen arabera eskuratzeko modua bermatu nahi da, gaur egun lurralde batetik bestera ikusten diren aldeak zuzentzeko bitartekoak jarriz.

Legearen 3. artikulua sistemaren oinarri eta gidari diren printzipioei buruzkoa da. Giltzarria da sistemaren egituran, haren oinarri filosofiko eta kontzeptuala eta funtsezko jarraibideak zehazten baititu. Gure inguruan dagoeneko finkatuta dauden printzipioetako batzuk kontuan hartzeaz gainera hala nola, erantzukizun publikoa, unibertsaltasuna, gizarteratzeko politiken zeharkakotasuna, elkartasuna, zerbitzu eta prestazioak eskuratzerakoan edo horiek aplikatzerakoan berdintasunez eta ekitatez aritzea, arreta pertsonalizatu eta integrala eskaintzea, arretaren jarraitutasuna, baliabideen kalitatea eta optimizazioa, euskal administrazio publiko guztien koordinazioa eta inplikazioa, parte hartzea eta genero-ikuspegia integratzea, eta emakumeak laneratzeari lehentasuna ematea, testuak printzipio berriak jasotzen ditu, ereduak izango dituen ezaugarrientzat oso erabakigarriak:

Eskubide bikoitzaren printzipioa finkatzea. Eskubide bikoitzaren printzipioa dela-eta, bi eskubide aitortzen dira: bizi­tzako oinarrizko premiei aurre egiteko baliabide ekonomikoak izateko eskubidea, lanaren bidez edo babes edo laguntza sozialerako dauden bitartekoen bidez baliabide horiek lortzerik ez dagoenean, eta, horrekin batera, laneratzeko eta gizarteratzeko laguntza pertsonalizatua jasotzeko eskubidea, gizarteratzeko hitzarmen batean derrigorrez parte hartuz. Hala jardunda, Administrazioaren eta bazterkeria jasaten duen herritarraren arteko elkarrekikotasunaren printzipioa gauzatuko da, hain zuzen ere Lisboan, Nizan eta Aalborg-en Europako erakundeek egindako gomendioen ildotik; horien arabera, oso lotuak daude oinarrizko errentarako prestazio ekonomikoak eta lan egiteko eskubidea.

Horrela, eskubide bikoitzaren ereduak lotura-mota berria ezartzen du prestazio ekonomikoaren eta gizarteratzeko jardueren artean, eta bi logika ezberdin daudela aitortzen da. Bi eskubide horiek bereizteak dakarrena da prestazio ekonomikoa jasotzeko eskubidea aitortuko zaiela behar beste baliabide ekonomiko ez dutenei, nahiz eta arazo bakarra hori izan, hau da, beren borondatearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik gutxieneko diru-sarrerak izatera ez iristea; gerta liteke pertsona horiek gizarte-bazterkeria­rik ez jasatea eta, horren ondorioz, gizarteratzeko bestelako laguntzen premiarik ez izatea.

Enpleguaren nagusitasuna gizartera­tzeko tresna gisa. Gizarteratzeko oinarrizko eginkizuna aitortzen dio ereduak enpleguari gurea bezalako gizarte batean, eta, hori hala izanik, kaltetuenak diren giza taldeetan langabezia-tasak eta beste talde batzuetan jarduerarik ezaren tasa handiak gutxitu beharra azpimarra­tzen da. Hori dela-eta, eta zenbait per­tsonarentzat laneratzeko helburua oso urruti gelditzen dela aitorturik ere eta beharrezko zerbitzu eta prestazioak eskuratu beharko dituztela pertsona horiek, araudi honen atzean, azken batean, ahalik eta pertsona gehienei laneratzen laguntzeko helburu orokorra dago, eta, helburu horrekin bat etorrita, lan-merkatuari gizarteratzen laguntzeko duen gaitasuna aitortu nahi zaio berriz ere.

Gizarte-arloko politikak aktibatzea eta enplegua errentagarri egitea. Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatu izan diren gizarte-arloko politikek bere­ziki gizarte-bazterkeriaren aurkakoek hasiera-hasieratik bere gain hartu duten erronketako bat, hain zuzen, aktibatzea bera izan da, eta hori erakusten du gizarteratzeko eta laneratzeko beharrezko laguntzak Administraziotik jasotzeko eskubidea aitortzeak.

Azken urteotan gure inguruan aktibatzea bul­tzatzeko hartutako ohiko neurriekin batera prestakuntza, orientazioa eta bitartekaritza, enplegu sozial babestua, edo kontratazioa bul­tzatzeko laguntza, aipagarrienen berri ematearren eta laguntza-politikak aktibatzeko helburuaren barruan, arreta handia jarri da lanera­tzea aukera erakargarria edo errentagarria izan dadin, bai gutxieneko errentak jasotzen dituztenentzat bai lanik gabe dauden pertsonentzat. Areago, esan daiteke ere politika horien garapena dela azken urteetan Mendebaldeko herrialdeetan gizarte-arloko politiketan izandako berrikuntza nagusia eta hori berresten du, hain zuzen ere, Europako enplegu-politiken barruan, 2003az geroztik Europar Batasuneko Kontseiluak enplegua erakargarriagoa izan dadin zerga- eta finantza-pizgarriak sustatu izanak, eta horrek paradigma aldatzea ekarri du, «welfare to work»-etik «welfare in work»-era pasatu baita, lan-merkatuan parte hartzeari loturik dauden prestazio ekonomikoak garatzearen bidez «in work benefits».

Era horretako politikak garatzen badira, eragina positiboa izan daiteke laneratzea bultzatzeko, eta, batez ere, errenta birbanatzearen ikuspegitik edo soldata apalak dituzten langileak babestearen ikuspegitik; horrela, enpleguak txirotasunari aurre egiteko tresna gisa duen gaitasuna berreskuratuko luke eta gizarteratzeko lanabes pribilegiatua izango litzateke.

Neurri horiek garatzea badirudi bereziki egokia dela Euskal Autonomia Erkidegoa bezalako testuinguru batean, gero eta tarte txikiagoa baitago oinarrizko errentaren eta lanbide arteko gutxieneko soldataren artean, eta horrek nahasketak eragin litzake prestazio horiek eskatzeko orduan eta lan-merkatuak funtzionatzeko eran. Gainera, lanpostuak ekonomia formalean izatea eskatuko balitz era horretako laguntzak eskuratzeko, agerikoa ez den enpleguaren zati bat azaleratzen ere lagun lezake horrek.

Printzipio gidariak zehazturik, legeak Gizartera­tzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema arreta pertsonalizatuko eta gertutasunezko ereduaren barruan txertatzen du, arretari buruzko ikuspegi komunitarioari dagokion bezala, eta sistemaren osagai nagusiak definitzen ditu: prestazio ekonomikoak, horien barruan eskubidezko prestazio ekonomikoak eta diru-laguntzak direla, eta gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko diren tresnak. Azken horien barruan, batetik, gizarteratzeko hitzarmena sartzen da, era bateko eta besteko ekintzak antolatzeko oinarrizko tresna gisa, eta, bestetik, esku hartzeko neurri espezifikoak ere badira, hala nola programa, zerbitzu edo zentroak, babes sozialeko arlo batzuek eta besteek antolatuak, bereziki gizarte-zerbitzuek, enplegu-zerbitzuek, osasun-zerbi­tzuek eta etxebizitzaren arloko zerbitzuek; neurri horiek guztiak modu konbinatuan aplikatzeko modua egongo da, gizarteratzeko hitzarmen baten barruan.

Xedapen orokorretan, bukaeran, eskubidea baliatzeko gakoa diren bi osagai arautzen dira; batetik, lege honi dagokionez, etxebizitzatzat zer hartuko den zehazten da, eta, bestetik, bizikide­tza-unitatetzat zer joko den.

Logikoa denez, bizikidetza-unitatea ereduaren oinarrizko osagaietako bat da, horren definizioa erabakigarria baita prestazio bakoitzak eskainiko duen babes-mailarekin. Emandako definizio berriarekin, orain arte indarrean egon den araudia ezartzerakoan sortutako zailtasun handi batzuk konpondu nahi dira, eta berrikuntza bi alderdi osagarriri esker lortu da:

Batetik, aldaketa bat egitea proposatzen da, eredua unibertsala izateko bidean aurrera egitea dakarrena, eta, aldaketa horren arabera, ordaindutakoaren araberakoak diren edo horren araberakoak ez diren pentsioen titular guztiak, ekonomikoki beren mende dauden guztiekin batera, bizikidetza-unitatetzat hartuko dira.

Bestetik, kontrol-neurriak jartzen dira, bizikidetza-unitatea osatzeko baldintzak itxuraz formalki bete arren benetan bete­tzen ez dituztenek prestazioa eskuratu ez dezaten.

  1. titulua prestazio ekonomikoak arautzeari buruzkoa da, eta honako bost kapitulu hauetan banaturik dago, hurrenez hurren: prestazio ekonomiko bakoitzak dituen ezaugarriak; baliabide-maila zehaztea; prestazioen araubide ekonomikoa; bateragarritasunak eta bateraezintasunak; eta, azkenik, prozedurari buruzko arau komunak.

    Zer-nolako prestazio ekonomikoak egongo diren eta horien ezaugarriei dagokienez:

    Diru-sarrerak bermatzeko errenta eskubide subjektiboa izango da, eta «aterki» gisako prestazioa; bere barruan, lehenago ere esan denez, bi modalitate egongo dira, era askotako kolektiboei zuzendurikoak eta gizarteratzeko hitzarmenarekiko lotura ezberdina izango dutenak.

    Prestazioaren zenbatekoari dagokionez, prestazioaren gehienezko zenbatekoa, gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errentaren eta laneko diru-sarrerak osatzeko errentaren modalitateetan, lanbide arteko gutxieneko soldataren % 88 izango da, kide bakarrekoak diren bizikidetza-unitateen kasuan, eta lanbide arteko gutxieneko soldataren % 125, hiru kidek edo gehiagok osatzen dutenean bizikidetza-unitatea. Gehienezko kopuru horiek berdinak badira ere bi modalitateetarako, laneko diru-sarrerak osatzeko errentaren kasuan, lanerako bultzagarria sendotze aldera, norberaren edo besteren kontura lan egiteagatik izandako diru-sarreren ehuneko jakin batzuk ez dira zenbatuko aldi batean. Premia-egoeran dauden pentsiodunek osatutako bizikidetza-unitateei dagokienez, gizarteratzeko eta gizarte-babesera­ko oinarrizko errenta ordainduko zaie baldin eta hilero jasotzen dutena lanbide arteko gutxieneko soldata baino gutxiago bada; errenta horren zenbatekoa, gehienez ere, lanbide arteko gutxieneko soldataren % 100 izango da, kide bakarreko bizikidetza-unitateen kasuan, eta % 135, bizikidetza-unitatea hiru kidek edo gehiagok osatzen badute.

    Gainera, eta legean aurreikusten denez, zehaztu diren gehienezko kopuru horiek beste subsidio ekonomiko batekin osatzeko aukera egongo da, guraso bakarreko bizikidetza-unitateak diren kasuetan; erregelamendu bidez zehaztuko da zenbatekoa izango den kopuru hori.

    Diru-sarrerak bermatzeko errentaren hartzaileen egoera era askotakoa izan daitekeenez, eta askotarikotasun hori egoteak modalitate batetik bestera sarritan aldatzea dakarrenez, legeak bide jakin bat zehazten du aukera batetik bestera modu automatikoan aldatzeko, egoeran edo baldintzetan izandako aldaketen arabera; eta hori egiteko ez da beharrezkoa izango modalitate bat azkentzea eta beste batean sartzeko eska­tzea, aldaketa nabarmen eta erabakigarri bat gertatzen den bakoitzean.

    Bestalde, eta izapideak arinagotzen laguntzeko ere, prestazioaren kopurua zehazteko orduan oinarritzat hartutako egoera ekonomikoan izandako aldaketen ondoriozko egokitzapenak jasotzeko, malgutasunez jokatuko da laneko diru-sarrerak osatzeko errentaren kasuan, eta, hala, aipatutako aldaketak erregelamenduz zehazten den tartetik behera daudenean, ez dira aldaketatzat joko. Era berean, aldaketak izaten diren kasuetan, aldaketa eragin duen gertakaria izan eta hurrengo hilaren 1etik aurrera sartuko dira indarrean aldaketa horren ondorioak.

    Halaber, prestazioa benetan hartzaileak jasoko duela bermatzeko eta, ahal den neurrian, gehiegikeriei edo justifikatu gabeko kroniko bihurtzeei aurre egiteko modua izateko, kontrol-neurri zehatz batzuk ezartzen dira:

    Testuan esaten denez, diru-sarrerak bermatzeko errenta gehienez bi urtez jaso ahal izango da, modalitatea edozein delarik ere, baina beste bi urterako berrituko da, prestazioa ematea eragin zuten arrazoiek bere horretan badiraute, eta hura jaso ahal izateko baldintza ekonomikoak eta bestelakoak ere betetzen badira.

    Bestalde, erregelamendu bidez garatzeko utzita, arautzen da diru-sarrerak bermatzeko zenbat errenta jaso ahal izango diren etxebizi­tza edo bizitoki bakar batean, bi bizikidetza-unitate edo gehiago elkarrekin bizi direnean.

    Testuan, gainera, prestazioa jaso­tzeko eskubidea zergatik azkenduko den ere arautzen da, eta, aurreikusten denez, eskubidea azkentzeko arrazoia betebeharrak ez betetzea edo arau-hausteak egitea izan bada, titularrak ezin izango du berriz ere diru-sarrerak berma­tzeko errenta eskatu, edozein izanik ere modalitatea, eskubidea azkendu den unetik urtebete igaro arte. Ondorio bera izango luke ondoz ondoko 18 hilabete baino luzeagoko etenaldi batek eragindako eskubide-azkentzeak, edo prestazioak dirauen bi urteko epeetako edozeinetan ez-betetzea­gatik hiru etenaldi izateak eragindako azkentzeak.

    Bestalde, etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria aldizkako prestazio gisa arautzen da, diru-sarrerak bermatzeko errentaren edozein modalitateren osagarri moduan, eta prestazio horien titularren ohiko etxebizitzak edo bizitokiak eragindako beharrizanei aurre egiteko izango da, hau da, alokairu-gastuei aurre egiteko, betiere beharrizanak frogatu eta egiaztatu badira. Diru-sarrerak bermatzeko errentarekin gertatzen den moduan, haren osagarri den prestazio hau eskubide subjektiboa izango da, helburu jakin baterako, eta zertarako eman den, horretarako baino ezin izango da erabili. Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza-politiketa­ko plangintza estrategikoan kontuan hartuko da etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriaren jasotzaileen lehentasuna.

    Prestazio honi dagokionez, arauak hainbat muga ezartzen ditu:

    Esate baterako, ezin izango dira eskubidearen titular izan jabetzan edo alokairuan babes publikoko etxebizitza-motaren bat dutenak, eskabidea egitean indarrean dagoen legerian aurreikusitakoaren arabera; eta, era berean, alokairu-gastuei aurre egiteko etxebizi­tzako gastuetarako prestazio osagarria ere ezin izango dute jaso etxea jabetzan dutenek.

    Bestalde, titular bat baino gehiago batera gertatzen direnekoa arau­tzeko orduan, legeak aurreikusten du erregelamendu bidez gehienezko muga bat ezarriko dela etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria etxebizitza edo bizitoki bereko zenbat bizikidetza-unitatek eskura dezaketen zehazteko.

    Gizarte-larrialdietarako laguntzen bidez osatzen da prestazio ekonomikoen tresna. Prestazio horiek ez dira aldizkakoak, diru-laguntza gisa ematen dira, eta gizarte-bazterkeria prebenitu, saihestu edo arintzeko behar diren gastu espezifikoei, ohikoei nahiz ezohikoei, aurre egiteko aski baliabide ez dutenei zuzendurik daude.

    Kasu honetan ere legeak zenbait muga jartzen ditu, laguntzak eskatu eta jasotzeko modua izateko. Batetik, legean esaten da erregelamendu bidez arautuko dela ohiko etxebizitza edo bizitoki berean gehienez ere zenbat laguntza jaso daitezkeen. Bestetik, ondoz ondoko titulartasun-aldietan laguntzak zenbat denboran jaso ahalko diren zehazten da; denbora hori desberdina izango da aurre egin behar zaion gastuaren arabera.

    Baliabide-maila zehaztea arautzean, bi ezaugarri dira nabarmentzekoak: errendimenduak zein diren zehaztean, eta diru-sarrerak bermatzeko errentari dagokionez, diru-sarrera batzuk eta helburu jakin baterako diren zenbait prestazio sozial ez zenbatzeko aukera egongo da, eta, laneko diru-sarrerak osatzeko errentaren kasuan, baita laneko errendimenduaren ehuneko jakin batzuk ez zenbatzeko aukera ere. Bestalde, norbaiten ondarea zein den zehazterakoan, ez da ondaretzat hartuko haren ohiko bizileku den etxebizitza edo dena delako bizitokia, non eta ez den aparteko balioa duen etxebizitza bat hark jabetzan duena.

    Jaso behar ez zirela jasotako prestazioek zer-nolako tratamendua izango duten arautzeaz gainera, preskripzio- eta iraungitze-epeei buruzko xedapenak ere jasotzen ditu prestazioen araubide ekonomikoak. Horrekin batera, eskura diren diru-sarreren baturak eta jasoko diren laguntza ekonomikoek urteko gehienezko muga batzuk izango dituzte zehaztuta, eta, hala, urte berean diru-sarrerak bermatzeko errenta, etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria eta gizarte-larrialdietarako laguntza jasotzea egoki­tzen bazaio titular bati, konbinatuta eta/edo bata bestearen atzetik, horien gehienezko zenbatekoa titular horrena bezalako bizikidetza-unitate bati urtean zegokiokeen gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errentaren % 200 izango da, eta orobat % 200 gizarte-larrialdietarako laguntzak baino jasotzen ez diren kasuetan.

    Laugarren kapituluan bateragarritasun eta bateraezintasunei buruzko araubidea ezartzen da, eta II. titulua prozedurari buruzko arau orokorrekin amaitzen da. Esparru horretan, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren barruan diren prestazioak kasu guztietan udaletako gizarte-zerbitzuetan eskatu beharko direla aurreikusten da, eta gizarte-zerbitzu horien eginkizuna izango da, era berean, eskaerok izapidetzea ere. Dena den, eta posible den kasu guztietan, etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria eta horrek osatzen duen diru-sarrerak bermatzeko errenta aldi berean izapidetzeko ahalegina egin beharko da. Prestazioa eman edo ukatzeari buruz ebaztea foru-aldundien eskumena izango da, eskatu dena diru-sarrerak bermatzeko errenta bada errenta horren bi modalitateetan edo etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria bada; gizarte-larrialdietarako laguntzen kasuan, eskabidea aurkeztu den udalerriko udalarena izango da ebazteko eskumena.

    Aurreikusi den prozeduraren arabera, espedienteak izapidetzerakoan lortutako datuak isilpean gorde beharko dituzte euskal administrazio publikoek, eta, horretarako, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan esaten dena bete beharko da. Ondorioa da administrazio publikoek elkarlanean aritzeko betebehar orokorra daukatela, eta, hori hala izanik, beharrezkoa dela komunikazioa bideratzeko modua izatea, etengabe eguneratutako informazioa azkar igortzeko eta euskal administrazio publikoen artean zenbait informazio-mota elkarbanatzeko modua eduki­tzeko, baldin eta arreta eskaintzen zaion pertsona ados badago eta egoki iritzitako segurtasun-neurri guztiak zehazten badira.

  2. tituluan gizarteratzeko tresnak arautzen dira, eta horietan ondorengo bereizkuntza egiten da: batetik, gizarteratzeko hitzarmenak daude; bestetik, gizarteratzeko eta laneratzeko programak eta zerbitzuak, eta, horietan, gizarte-babeseko arlo guztietan esku hartzeko dauden neurri espezifikoak biltzen dira, bereziki enplegu-zerbitzu, gizarte-zerbitzu, osasun-zerbitzu eta etxebizitza-zerbitzuetakoak, lehen bietakoak batez ere.

    Eredua beste modu batean formulatze honetan, ezinbestekotzat jo da gizarteratzearekin zuzenean loturik dauden tresna batzuei protagonismo handiagoa eskaintzea, nahiz eta ez izan tresna ekonomikoak, eta horrek, nahitaez, euskal administrazio publikoen konpromiso sendoa eskatzen du, esku hartzeko eremu hori garatu eta berritzeko. Hauek lirateke gai honetan laguntzeko oinarrizko osagaiak: gizarteratzeko hitzarmenak edukiz bete behar dira, eta laneratzen laguntzera bideratuta egon beharko dute, hala egitea egokia den guztietan; prestakuntza-programak, okupazionalak, lana bilatzekoak eta laneratzen laguntzeko direnak sendotzea eta askotarikoak izatea bermatu behar da, eta horietan guztietan berrikuntza sustatu eta erabiltzaileen parte-hartze aktiboa bermatuko duten formulak bilatzen saiatu beharko da; era berean, gizarte-zerbitzuek eta enplegu-zerbitzuek lankidetzan eta koordinatuta aritzeko bideak formalizatu beharko dira, bai eta jardun-protokoloak ere. Gizarteratzeko hitzarmenen kudeaketari dagokionez, nahiz eta udalen eginkizuna izan horiek negoziatu eta izenpetzea, beren gizarte- edo enplegu-zerbitzuen bidez, ikusten bada hitzarmenaren edukiak batez ere lan-merkatuan sartzera edo lan-egoera hobetzera zuzenduta daudela, hitzarmen horren aplikazioa eta segimendua enplegu-zerbitzuen esku utziko da.

  3. tituluan Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren plangintza eta garapena arautzen da, eta Autonomia Erkidegoaren esparrurako plangintza-tresna nagusia Gizarteratzeko Euskal Plana dela zehazten da. Euskal administrazio publiko guztiek eta arlo horretan diharduten beste erakunde publiko eta pribatu batzuek hartuko dute parte plana egiten, Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordearen bidez. Plana orokorra izango da, eta, beste batzuen artean, printzipio hauek bete beharko ditu: lurraldeen arteko oreka eta homogeneotasunaren printzipioa, eta eskura dauden baliabideak, formalak eta informalak, publikoak eta pribatuak, modu integral, malgu, arrazional eta eraginkorrean erabiltzea eskatzen duen printzipioa. Plan orokor hori foru-aldundiek eta udalek nahiz udalen elkarteek osatu egingo dute, eta, plana gauzatzeko, beren programak garatu beharko dituzte beren lurraldeetako jarduera-eremuetan. Osagarri modura, plan bereziak prestatu ahalko dira auzo-, udalerri-, eskualde- edo bestelako geografia-eremue­tarako, baldin eta, bereziki degradatuta daudelako eta pobrezia- eta bazterkeria-tasa handiak dituztelako, epe laburrean edo ertainean ekintza integrala behar badute; plan horiek Gizarteratzeko Euskal Planak ezarritako ildoei jarraiki egingo dira.

    Esku hartzeko irizpideak Autonomia Erkidego osoan homogeneoak izango direla bermatzeko, balorazioak, diagnostikoak eta banan-banako plangintza egiteko tresna komun batzuk ere aurreikusten dira testuan. Horretarako erreferentzia gisa, «Diagnostikoa eta Esku-hartze Soziala» izeneko baliabide informatikoa jarri da, beharrizanei buruzko informazioa jasotzeko, diagnostiko sozialak egiteko eta banakako diagnostikoak eta gizarteratzeko ibilbide pertsonalizatuak egiteko; dena den, beste tresna tekniko baliozkotu batzuk erabil daitezke, aipatutako tresnarekin bateragarriak baldin badira eta informazioa elkarri helarazteko eta datuak konparatzeko aukera ematen badute.

    Azkenik, kalitatearen kanpoko ebaluaziorako eta hobekuntza etengaberako metodo frogatuen aplikazioa arautzen da, beharrizanei erantzutean eta sistema kudeatzeko egituren funtzionamenduan zer disfun­tzio edo gabezia dauden zehazteko horien bidez.

  4. tituluan eskumenen araubidea zehazten da, eta, horren arabera, Eusko Jaurlaritzak eskumen hauek ditu: arau­ak egitea; sistema planifikatzea; orokorrean, Gizarteratzeko Euskal Plana gauzatzeko behar beste baliabide eta bitarteko bideratu eta finantzatzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren Legean sartuko diren sailen programen bidez; diagnostikoa egiteko nahiz banan-banako plangintzarako tresna tekniko komunak diseinatu eta ezartzea, gainerako euskal administrazio publikoekin koordinaturik eta lankidetzan. Horiekin batera, zuzeneko ekintza jasotzen da; orobat, gizarteratzeko hitzarmenek jendeari laneratzen laguntzeko izan ditzaketen edukiak, enplegu-zerbitzuen bidez, aplikatzeko eginkizuna. Eusko Jaurlaritzari esleitzen zaio, gainera, egoki irizten dien kasuetarako, gizarteratzen eta laneratzen lagun­tzeko prozesuen ezarpena ebaluatzeko eskumena; ebaluazio horren barruan, banakoen kasuak berrikusi ahalko ditu, egokitzat jotzen duenean, eta, horrela, bere eskumen-mailan, lege honetan aurreikusitako prestazio ekonomikoen titularrak eta hartzaileak kontrolatzeko eginkizuna bete ahalko du.

    Bestalde, foru-aldundiek eta udalek betearazteko eginkizuna izango dute nagusiki, bai Gizarteratzeko Euskal Plana aplikatzeko programak bakoitzak bere lurralde-eremuan egin eta garatuz, bai prestazio ekonomikoak kudeatuz, gorago zehaztutako moduan; udalen eginkizuna, berriz, gizarteratzeko hitzarmenak negoziatu eta egitea izango da, baina horien edukiak batez ere lan-merkatuan sartzera edo enplegua hobe­tzera zuzenduta badaude, edukiak zehazteko eta segimendua egiteko ardura enplegu-zerbitzuen esku utziko da. Era berean, administrazio publiko eskudunei dagokie prestazio ekonomikoen titularren eta onuradunen gaineko kontrol-eginkizuna, bakoitzak bere eskumen-mailan diharduela.

    Finantziazioari dagokionez, euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere aurrekontuetan, beren eskumenak aurrera eramateko beharrezkoak dituzten kopuruak esleituta eduki beharko dituztela ezartzen da. Eusko Jaurlaritzaz denaz bezainbatean, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan beharrezko baliabide ekonomikoak esleituta utzi beharko ditu urtero, hain zuzen ere lege honen bidez araututako prestazio ekonomikoak finantzatzeko.

  5. tituluan sailen arteko nahiz administrazioen arteko koordinazioa eta lankidetza arautzen dira, baita parte hartzeko formulak eta bideak ere. Lehenengoari dagokionez, Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordea eratzen da, euskal administrazio publikoen lankidetzarako organo goren gisa, erakundeen arteko koordinazioa bermatzeko. Eginkizunen artean, berriz, hauek izango ditu: legea garatzeko irizpideak proposatzea; Gizarteratzeko Euskal Planaren proposamena presta­tzea; diagnostikoak eta banakako planifikazioak egiteko euskal administrazio publikoek aplikatu beharreko tresna komunak adostea; kudeaketaren kalitatea kontrolatzeko txosten bat egitea, bost urtean behin, lege honetan xedatutakoa aplikatzeko eta gauzatzeko hiru instituzio-mailak esku hartzeak sor ditzakeen disfun­tzioak zein diren antzemateko. Gizarteratzearen arloan Eusko Jaurlaritzaren barruan egingo diren jarduerak barnetik koordinatzeko, Gizarteratzeko Sail arteko Batzordea eratzen da, koordinazio-organo gisa.

    Aholku-ematea eta parte-hartzea bideratzeko, Gizarteratzeko Euskal Kontseilua eratzen da, eta gizarteratzeko eta diru-sarrerak bermatzeko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita egongo da. Bertan ordezkatuta egongo dira Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udalak; orobat sindikatuak, enpresaburuen elkarteak eta erabiltzaileenak, gizarte-ekintzako hirugarren sektorekoak, baldin eta gizarteratze-gaietan esku hartzen badute, eta gizarteratze-arloan lan egiten duten profesionalenak. Beraren eginkizun nagusien artean hauek daude: nahitaezko eta aldez aurretiko txostena egitea gizarteratzeari eta diru-sarrerak bermatzeari buruzko lege-aurreproiektuez, gizarteratzeari eta diru-sarrerak bermatzeari buruzko dekretuez eta gizarteratzeari eta diru-sarrerak bermatzeari buruzko plan orokor edo sektorialez Euskal Autonomia Erkidegoa bada horien jarduera-eremua, eta bereziki Gizarteratzeko Euskal Planaz.

    Legearen azken tituluan arau-hauste eta zehapenei buruzko araubidea zehazten da. Horren bidez, bazterkeriaren aurka egiteko neurriak ezartzerakoan justizia soziala eta baliabide publikoak erantzukizunez erabiltzea eskatzen duten printzipioak betetzen direla bermatu behar da, eta, hori dela-eta, zehapenak zehaztu dira iruzurrak gertatzen direnetarako.

    Bukaeran, aldi batean indarreko araudia aplikatuko dela zehazteaz gainera, lege hau erregelamendu bidez garatzen ez den artean hala gertatuko baita, xedapen osagarri batzuk aurreikusi dira, zenbait kontu zehatz arautzeko, hala nola zehapenen zenbatekoak eguneratzea, edo legea ezarriko dela ziurtatzeko nahiz legearen erregelamenduzko garapena osatzeko agindu batzuk.

Lege honen xedea da Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema arautzea, eta, horren barruan, beharrezko prestazio ekonomikoak eta tresnak izateko eskubidea arautzea, herritar izateak dakartzan eskubide sozialak benetan baliatzeko orduan behar beste baliabide pertsonal, sozial edo ekonomiko ez dutenei laguntzeko, bai bazterkeria-arriskuari aurre egiten, bai bazterkeria pertsonala, soziala eta laborala arintzen, bai gizarteratzea errazten.

Hauek dira lege honen bidez lortu nahi diren helburu nagusiak:

  1. Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema sistema autonomo gisa eratzea. Sistema horren kudeaketan gizarte-zerbitzuek eta enplegu-zerbitzuek hartuko dute parte, eta administrazio publikoetako beste atal batzuek elkarlanean jardungo dute.

  2. Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren funtzionamendurako printzipioak eta egituraren oinarriak jartzea; oinarri horien dinamismo eta malgutasunari esker, eskainitako babesak gero eta zabalagoa izan behar du, ekonomia-, gizarte- eta lan-arloko hainbat tresna elkarri lotuta aplikatzearen ondorioz, guztiek ere gizarteratzea helburu dutela.

  3. Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren barruan diren prestazio ekonomikoak eta gizarteratzeko eta laneratzeko tresnak eskuratzeko aukera izango dutela bermatzea herritarrei, betiere berdintasun- eta ekitate-irizpideak betez, eta Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremu osoan era homogeneoan beteko dela ziurtatzeko beharrezko neurriak hartuta.

Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak printzipio hauek beteko ditu:

  1. Eskubide bikoitza. Printzipio hori dela-eta, bi eskubide aitortzen zaizkie pertsonei: bizitzako oinarrizko premiei aurre egiteko behar beste baliabide ekonomiko eskuratzeko eskubidea, baita gizarteratzeko eta laneratzeko laguntza pertsonalizatuak izateko eskubidea ere.

  2. Erantzukizun publikoa. Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren barruan dauden prestazio ekonomikoak diruz hornitzea eta gizarteratzeko nahiz laneratzeko tresnak jartzea administrazio publikoen erantzukizuna izango da, bakoitzak bere eskumenen barruan diharduela.

  3. Unibertsaltasuna. Gizarteratzeko eta Diru-sarre­rak Bermatzeko Euskal Sistemak unibertsala izan nahi du, eta, sistema horren barruan, euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan diharduela, baldintzak betetzen dituzten guztiek lege honetako prestazio ekonomikoak jasotzeko edo gizarteratzeko gainerako neurriez baliatzeko aukera dutela bermatu beharko dute.

  4. Berdintasuna eta ekitatea zerbitzu eta prestazioak eskuratu eta aplikatzeko. Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren barruan, prestazio ekonomikoak eta gizartera­tze- nahiz laneratze-tresnak eskuratzeko aukera bermatu behar dute euskal administrazio publikoek. Lan horretan, ekitatez jokatuko dute, baldintza pertsonalak edo sozialak direla-eta inongo bazterkeriarik egin gabe; eta aukera hori Erkidegoko lurralde osoan homogeneoa izango dela ziurtatuko dute, hau da, laguntza jasoko duena bizi den udalerria edo lurralde historikoa ezin izango da baldintzagarria izan zerbitzuak edo prestazioak emateko edo aplikatzeko, eta ez udalek ez lurralde historikoek ez dute ahalmenik izango lege honetan xedatzen diren prestazioen gehigarri ekonomikoak arautu eta aplikatzeko; nolanahi ere, ahulenei laguntzeko ekintza positiboko neurriak aplikatzeko aukera izango dute.

  5. Elkartasuna. Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak herritar guztien lankidetza sustatuko du ongizate orokorra bermatzeko behar diren baliabideak sor daitezen, eta errenten birbanaketa hobetzeko neurriak ezarriko ditu gizarte-kohesioa sustatzeko.

  6. Gizarteratze-politikaren zeharkakotasuna. Diru-sarrerak eta enplegua bermatzeko neurriak gizarteratzeko tresnatzat jo eta neurrion nagusitasunaren alde egitea ez da oztopo izango, inondik ere, helburu hori bera daukaten bestelako politika edo sistema sektorialek ere berealdiko ekarpena egiten dutela onartzeko, hala nola gizarte-zerbitzuek, osasungintzak, hezkun­tzak eta etxebizitzak.

  7. Gizarte-arloko politikak aktibatzea eta enplegua errentagarri egitea. Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak, prestakuntza-, orientazio- eta laneko bitartekaritza-neurriak, babestutako gizarte-enplegua edo kontratuak egiteko laguntzak ez ezik, formula jakin batzuk ere ezarriko ditu, lan-merkatuan sartzea aukera erakargarriagoa eta errentagarriagoa izan dadin diru-sarrerak bermatzeko prestazio ekonomikoak jasotze hutsa baino.

  8. Baliabideen kalitatea eta optimizazioa. Antolatuko diren neurriak aplikatzerakoan, hiru irizpide bete beharko dira ezinbestean: baliabideek kalitatekoak izan behar dute, ahal den probetxu handiena atera behar zaie eta prozedurak etengabe hobetu behar dira. Horretarako, balorazio-tresna komunak ezarriko dira, eta tresna horiek aukera eman beharko dute informazioa elkarri pasatzeko eta datuak konparatzeko; orobat, emaitzen segimendua, ebaluazioa eta fiskalizazioa egiteko aukera eman beharko dute, gizarte-bazterkeriaren kontrako politikaren aplikazioa justua eta arduratsua izateko bidea sendotu baitaiteke ekintza horien bidez.

  9. Euskal administrazio guztien koordinazioa eta inplikazioa. Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren barruan, euskal administrazio publikoek koordinatuta eta elkarlanean jardungo dute, erakundeen arteko adostasuna lortu behar baita, herritarrek beren eskubideak baliatzea bermatzeko neurri egokienak errazago har daitezen.

  10. Arreta pertsonalizatu eta integrala eta arretaren jarraitutasuna. Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak arreta pertsonalizatua eman behar du, pertsona eta/edo bizikide­tza-unitate bakoitzaren premia berezietara egokitua eta haien egoeraren diagnosi integralean oinarritua. Halaber, arreta jarraitua izango dela bermatu beharko du.

  11. Parte-hartzea. Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren barruan, euskal administrazio publikoek parte-hartzea sustatu eta bultzatuko dute gizarteratzeko eta/edo laneratzeko prozesuetan; bai erabiltzaileen beren parte-hartzea, baita, orokorrean, gizarte-era­kundeena eta herritar guztiena ere. Horretarako, gizarteratze- nahiz laneratze-prozesuetan lan egiten duten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeak ere gizarteratze-kolaboratzailetzat hartuko dira, hala nahi izanez gero; erregelamendu bidez ezarriko diren baldintzetan, betiere.

  12. Genero-ikuspegia sartzea. Gainerako euskal politika publikoekiko koherentziaz, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak orokorrean ezberdintasunak desagerrarazten eta emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzen lagunduko du, eta, bereziki, pobreziak emakumeengan gizonengan baino eragin handiagoa izan ez dezan prebentzioa egiten eta eragin handiago hori arintzen.

Ekintza-tresnak diseinatu eta planifikatzerakoan eta esku-hartzeak egitean, oro har, arreta pertsonalizatu eta hurbilaren eredua erabiliko du Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak, arretaren ikuspuntu komunitarioa landuz uneoro. Ildo horretan, lehentasuna emango die prebentzio-ekintzei; egoki eta posible den guztietan, arreta pertsona bakoitzari bere ohiko lekuetan eman dakien saiatuko da; esku-hartzeak beti pertsonaren edo bizikidetza-unitatearen premien araberakoak izango direla bermatuko du, eta, halaber, esku-hartze horiek integralak izango direla eta arreta-ibilbideei jarraipena emango zaiela ziurtatuko du.

Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak bi osagai funtsezko izango ditu:

  1. Prestazio ekonomikoak.

  2. Gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko tresnak.

  1. Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren barruan jasotako prestazio ekonomikoen sailkapena hau da:

  1. Eskubidezko prestazio ekonomikoak.

  2. Diru-laguntzak.

  1. Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren barruan jasotako eskubidezko prestazio ekonomikoak hauek dira:

  1. Diru-sarrerak bermatzeko errenta. Bi modalitate ditu, bizikidetza-unitatean diru-sarrerarik baden ala ez den kontuan hartuta, eta, sarrerarik baden kasuetan, nondik jasotzen diren kontuan hartuta:

    1. Gizarteratzeko eta gizarte-babese­rako oinarrizko errenta.

    2. Laneko diru-sarrerak osatzeko errenta.

  2. Etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularren etxebizitzarekin zerikusia duten premiei aurre egiteko emango da, 2.1 paragrafoan aurreikusitako bi modalitateetako edozein jasotzen dutela ere.

  1. Diru-laguntzen barruan gizarte-larrialdietarako laguntzak ere sartzen dira, hau da, gizarte-bazterkeria prebenitzeko, saihesteko edo arin­tzeko behar diren gastu espezifikoei, ohikoei nahiz ezohikoei, aurre egiteko nahiko baliabiderik ez duten pertsonentzako laguntzak.

    Gizarte-larrialdietarako laguntzak eman ahal izateko, gizarte-zerbitzuek benetako eta urgen­tziazko premia-egoera dagoela egiaztatu beharko dute beti; gainera, diru-laguntzak direnez, egiaztatu beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan badagoela kreditu jakin bat horretarako esleituta. Hala ere, prestazio horren eskariari erantzuteko behar besteko zenbatekoak esleituko dira urtero Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.

  2. Artikulu honetan jasotako laguntza ekonomikoak eskuratu ahal izateko baldintzak eta prestazio batzuen eta besteen arteko bateragarritasunen eta bateraezintasunen araubidea lege honetako II. tituluan aurreikusitakoaren arabera arautuko dira.

Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren barruan, hauexek izango dira gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko tresnak:

  1. Gizarteratzeko hitzarmena. Gizarteratzeko nahiz laneratzeko behar diren era bateko eta besteko ekintzen multzoa antolatzeko oinarrizko tresna izango da, laneratzeko formazioari eta prestaerari garrantzi berezia emanda ekintza horietan.

  2. Esku hartzeko neurri espezifikoak. Gizarte-babeseko hainbat alorretako programa, zerbitzu edo zentroak izan daitezke, bereziki gizarte-zerbitzuek, enplegu-zerbitzuek, osasun-zerbi­tzuek eta etxebizitza-zerbitzuek antolatutakoak, eta, konbinatuta, gizarteratzeko hitzarmenean aplika daitezkeenak.

  1. Lege honetan araututako eskubidezko prestazio ekonomikoen edota, hala badagokio, gizarteratzeko tresnen titularrak hauek izango dira: prestazioa noren izenean izapidetu eta onartu den, horiexek, prestaziorako edo gizarteratzeko hitzarmenerako izango duten beroriek.

  2. Eskubidezko prestazio ekonomikoen eta gizarteratzeko hitzarmenen hartzaileak hauek izango dira: titularraren bizikidetza-unitateko kideak.

    Diru-laguntzen kasuan, laguntza noren izenean izapidetu eta nori onartu zaion, horixe izango da onuraduna.

  3. Orokorrean, lege honetan araututako eskubidezko prestazio ekonomikoen jasotzaileak, hain justu ere, prestazioen titularrak berak izango dira. Diru-laguntzen kasuan, jasotzaileak, orokorrean, laguntza horien onuradunak berak izango dira.

    Aurrekoa gorabehera, eta erregelamendu bidez zehaztuko diren kasuetan eta moduan, eskumena duen organoak aukera izango du prestazioa bizikidetza-unitateko beste bati ordain dakiola agintzeko. Nolanahi ere, aurrekoa bi kasu hauetan aplikatuko da: batetik, titularra edo onuraduna, diru-laguntzak badira legez ezgai dela ezartzen bada, eta, bestetik, titularrak edo onuradunak, diru-laguntzak badira ez badu prestazioa erabili oinarrizko premiak asetzeko, bere obligazioa hori izanik ere.

    Aurreko lerrokadan aurreikusitako bi kasuetan, bizikidetza-unitatean jarduteko gaitasuna duten pertsonen artean egokientzat jotzen denari emango zaio prestazioa; hortaz, ez da derrigorra izango prestazioa pertsonarik zaharrenari ematea. Adingabeen kasuan edo legezko ezgaituen kasuan, pertsona horien tutoretza edo ordezkaritza legala daukanari emango zaio prestazioa.

    Salbuespen gisa, espedientean objektiboki justifikatutako arrazoiengatik eta erregelamendu bidez ezarriko diren baldintzen barruan, titularra ez den eta haren bizikidetza-unitatekoa ez den beste norbaiti eman ahalko zaio prestazioa, jasotzailetzat joaz; halakoetan, irabazi-asmorik ez duten gizarte-zerbitzuetako erakundeetako pertsonek izango dute lehentasuna, eta prestazioen titularren edo onuradunen eskubide eta obligazio berberak izango dituzte.

    Edonola ere, prestazioa titularra edo onuraduna ez den bati ordaintzeak ez du esan nahi, inondik ere, kasuan kasuko prestazioaren titulartasuna aldatzen denik.

  1. Lege honen ondorioetarako, honako pertsona edo talde hauek izango dira bizikidetza-unitateak:

    1. Etxebizitza edo bizitoki batean bakarrik bizi direnak; sailkapen horretatik kanpo geratuko dira, bakarrik bizi arren, ezkon­tzaren edo antzeko harreman iraunkor baten bidez beste bati lotuta daudenak, non eta ez dabiltzan banantzeko edo dibortziatzeko izapideak egiten edo non eta ez den erregelamendu bidez zehaztuko den bestelako salbuespenezko egoerarik gertatzen.

    2. Etxebizitza edo bizitoki berean elkarrekin bizi diren bi pertsona edo gehiago, elkarren artean batuta daudenean ezkontzaren edo antzeko harreman iraunkor baten bidez, adopzioaren bidez, laugarren mailarainoko odol-ahaidetasunaren edo bigarren mailarainoko ezkontza-ahaide­tasunaren bidez, edo familia-harrerako harreman iraunkor baten edo adopzio aurreko edo tutoretzapeko harreman baten bidez.

    3. Egiaztatzeko moduko premia larriko egoeretan, b) idatz-zatian aurreikusitako lotura horietako edozeinen bidez lotuta ez dauden beste batzuekin etxebizitza edo bizitoki berean bizi diren pertsonetako bakoitza. Erregelamendu bidez zehaztuko dira halako egoerak.

  2. Salbuespen gisa, are artikulu honetako 1.b paragrafoan aurreikusitako loturetakoren bat daukaten pertsonen helbidean integratzen direnean ere, bizikidetza-unitatetzat hartuko dira honako hauek:

    1. Zahartzaro, baliaezintasun edo alarguntasuneko ordaindutakoaren araberakoak diren edo horren araberakoak ez diren pentsioen onuradunak, baita haien ezkontidea edo haiekin ezkontzaren antzeko harreman iraunkor baten bidez batutako pertsona eta ekonomikoki haien mende dauden pertsonak ere.

    2. Etxeko tratu txarren biktima izanda, beren ohiko helbidea utzi duten pertsonak, baita haien seme-alabak ere, horrelakorik izanez gero.

    3. Beren kontura adingabeak dituzten per­tsonak.

    4. Beren ohiko etxebizitza utzi behar izan duten pertsona bakarrak, dela banantze edo dibortzio baten ondorioz edo nahiko baliabide ekonomikorik ez izateagatik, dela gizarte-zerbitzuek muturrekotzat jotako egoeraren batengatik.

      Eusko Jaurlaritzak, gizartearen bilakaerari eta, bereziki, familia-egiturako ereduen bilakaerari erantzunez, beste salbuespen batzuk ere zehaztu ahalko ditu, aldi baterako harrerako formulak barne direla.

      2. paragrafoan aurreikusitako kasuetan, etxebizitzan edo bizitokian bizi diren gainerako per­tsonak, are 1.b paragrafoan aurreikusitako loturetako baten bidez aipatutako pertsonekin harremana dutenak, beste bizikidetza-unitate bateko kidetzat joko dira.

      1. Lege honen ondorioetarako, artikulu honetan aipatzen diren bizikidetza egiazkoa edo bizikidetza-eza aztergai izan beharko ditu administrazio eskudunak, kasuaren arabera beharrezkoa denean.

  1. Lege honen ondorioetarako, etxebizitza edo bizitokitzat joko da beregainki eta agintaritza edo araubide komun baten pean egon gabe bizi nahi duen pertsona batek ohiko bizilekutzat erabiltzen duen esparru fisikoa, edo modu horretan bertan elkarrekin bizi nahi duten per­tsona batzuek ohiko bizilekutzat darabilten esparru fisikoa.

  2. Era berean, etxebizitza edo bizitoki beregaintzat jo ahal izango dira beste zati batzuk, erregelamendu bidez zehaztuko diren bizileku kolektiboko esparru fisikoetatik aurreko artikuluan aipatutako bizikidetza-unitateek beregainki erabil­tzen dituzten zatiak, hain zuzen ere.

1. ATALA

DIRU SARRERAK BERMATZEKO ERRENTA

Diru-sarrerak bermatzeko errenta prestazio ekonomikoa da, aldizkakoa, nahiko diru-sarrerarik ez daukan bizikidetza-unitate bateko pertsonei zuzendua, bizikidetza-unitateak nahiko diru-sarrerarik ez daukanean ez oinarrizko premietako gastuei aurre egiteko eta ez gizarteratzeko prozesu baten ondorio diren gastuei aurre egiteko.

Diru-sarrerak bermatzeko errenta eskubide subjektibo gisa eratzen da, aplikatzekoa den modalitatean prestazioa eskuratzeko berariaz araututako baldintzak betetzen dituzten pertsona guztientzako eskubide subjektibo gisa.

  1. Diru-sarrerak bermatzeko errenta subsidiarioa eta, hala badagokio, osagarria izango da indarreko legerian aurreikusten diren era guztietako baliabide eta prestazio ekonomikoei dagokienez, horiek titularrari edo haren bizikidetza-unitateko edozein kideri legozkiokeenean. Aurrekoarekin bat etorriz, diru-sarrerak bermatzeko errenta ezin izango da osatu, haren ezein modalitatetan, izaera bereko beste prestazio edo laguntza batzuen bidez.

  2. Transferiezina izango da, eta, horrenbestez:

    1. Ez da obligazio-berme gisa eskaintzerik egongo.

    2. Ez da lagatzerik egongo, ez osorik, ezta partzialki ere.

    3. Ez da konpentsatzerik edo deskontatzerik egongo, jaso behar ez ziren prestazioak itzultzeko izan ezik.

    4. Ez da atxikitzerik edo bahitzerik egongo, aplikatzekoak diren Estatuko lege orokorretan aurreikusitako kasuetan eta mugekin izan ezik.

Diru-sarrerak bermatzeko errentak 6. artikuluko 2.1 paragrafoan aurreikusitako bi modalitateak izango ditu:

  1. Gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errenta prestazio ekonomikoa da, aldizkakoa, laneko errentetatik datorren diru-sarre­rarik ez daukaten pertsonei zuzendua, baldin eta hilero jasotzen dutena ez bada iristen gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errentaren zenbatekora, eta, beraz, ez bada nahikoa beren gastuei aurre egiteko, ez oinarrizko premietako gastuei ez gizarteratzeko eta/edo laneratzeko prozesu baten ondorio diren gastuei.

  2. Laneko diru-sarrerak osatzeko errenta prestazio ekonomikoa da, aldizkakoa, zenbait bizikidetza-unitateren diru-sarreren maila osatzera zuzendua. Bizikidetza-unitate horietan, lanetik datozen diru-sarrerak eduki arren, hilero jasotzen dutena ez da iristen gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errentaren zenbatekora, eta, beraz, ez da nahikoa beren gastuei aurre egiteko, ez bizirik irauteko oinarrizko premietako gastuei eta ez gizarteratzeko eta/edo lan-egoera hobetzeko prozesu baten ondorio diren gastuei. Errentaren zenbatekoa zehazterakoan, prestazio hori, aldi batean, lanerako bultzagarriaren bidez osatuko da, 20.3.b artikuluan aurreikusitako moduan.

  1. Gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errenta ematea errentaren titularrarekin gizarteratzeko hitzarmen bat ezartzeari lotuta egongo da, III. tituluko I. kapituluan aurreikusitako moduan, haren gizarteratzea eta lanera­tzea errazteko asmoz. Hala ere, pentsiodunek osatutako bizikidetza-unitateak ez dira nahitaez behartuta egongo gizarteratzeko hitzarmen bat egitera, baina titularrak eta haren bizikidetza-unitateko gainerako kideek gizarteratzeko eta, hala badagokio, laneratzeko laguntza espezifikoak izango dituzte, baldin eta dagokion gizarte-zerbitzuak egindako beharrizanen diagnostikoan hala zehazten bada.

  2. Laneko diru-sarrerak osatzeko errenta gizarteratzeko hitzarmen bat ezartzeari lotuta geratuko da. Hitzarmen hori errentaren titularraren lan-egoera hobetzera bideratuko da berariaz, eta, beharrezkotzat jotzen bada, titularra gizartera­tzera eta haren bizikidetza-unitateko beste kide batzuk gizarteratzera eta/edo laneratzera.

Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko eskubidearen titular izan ahalko dira, lege honetan errentaren modalitateetako bakoitzerako aurreikusten diren baldintzetan, honako baldintza hauek biltzen dituztenak:

  1. Bizikidetza-unitate bat osatzea. Erregelamendu bidez zehaztuko da unitateak zenbat denbora lehenagotik eratua behar duen eta zer salbuespen egon daitezkeen.

  2. Prestazioa eskatu den udalerrian erroldatuta egotea eta bertan benetan bizitzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan benetan bizitzea eskabidea aurkeztu baino urtebete lehenagotik gutxienez.

    Gutxieneko epe hori bete ezean, eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan erroldatuta egona eta bertan benetan bizia izan beharko du bost urtez, etenik gabe, aurreko hamar urteen barruan.

  3. Nahiko baliabiderik ez edukitzea. Horrelako baliabiderik ez daukatela joko da honako baldintza hauek guztiak betetzen direnean:

    Bizikidetza-unitateko kide-kopuruaren arabera legokiokeen gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errentaren hileko zenbatekoaren azpitik dauden diru-sarrerak edukitzea hilean.

    Ondasun higiezinik ez edukitzea, ohiko etxebizitza izan ezik, betiere etxebizitza horrek aparteko baliorik ez badu, erregelamendu bidez zehaztuko den moduan.

    Dauzkaten dirua eta baloreak gehienez ere honenbestekoak izatea: batere baliabiderik ez luketen kasuan bizikidetza-unitateko kideen kopuru osoaren arabera legokiekeen diru-sarrerak bermatzeko errentaren urteko zenbatekoa halako lau.

  4. 23 urtetik gorakoa izatea.

    Baldintza hori betetzetik salbuetsita egongo dira 18 urtetik gorakoak, gainerako baldintza guztiak betetzen badituzte eta premia bereziko egoeran badaude, Eusko Jaurlaritzak erregelamendu bidez zehazten duenaren arabera. Halaber, honako hauek salbuetsi egingo dira beti:

    Baliaezintasuneko pentsioa jasotzen dutenak.

    Aitarik eta amarik gabeko umezurtzak.

    Adingabeak zein ahalmen-urritasunen bat duten adindunak edo mendekotasuna onartuta duten adindunak ekonomikoki beren ardurapean dituztenak.

    Etxeko tratu txarren biktima izan direnak.

    Ezkonduta edo ezkontzaren antzeko harreman iraunkor baten bidez beste pertsona batekin loturik daudenak gutxienez sei hilabete lehenagotik.

  5. Etengabe ez jasotzea funts publikoekin finantzatutako egoitza-zerbitzu, gizarte-zerbitzu, osasun-zerbitzu edo zerbitzu soziosanitarioko prestaziorik.

  6. Laneko diru-sarrerak izanez gero, ez egotea lanaldi laburtuan edo antzeko beste egoera batean, erregelamendu bidez ezarriko diren salbuespenetan izan ezik.

  1. Bizikidetza-unitate berean titular izan daitezkeen kide bat baino gehiago baldin badaude, bati bakarrik eman ahal izango zaio diru-sarrerak bermatzeko errenta, edozein modalitatetan, betiere prestazioaren modalitatearen arabera aurreikusitako zenbateko-mugen barruan. Kasu horretan, dagokion diagnostikoaren arabera gizarte-zerbitzuek proposatutako kideari emango zaio prestazioa.

  2. Etxebizitza edo bizitoki berean hainbat bizikide­tza-unitate badira eta beren artean ez badute 9.1.b artikuluan aurreikusitako loturarik, bizikidetza-unitate guztiek eskuratu ahalko dute titulartasuna, baldin eta ezarritako baldintzak bete­tzen badituzte, eta, betiere, etxebizitza edo bizitoki berean gehienez jaso daitezkeen laguntzen kopuruari dagokionez erregelamendu bidez ezarriko diren mugen barruan.

Titularraren egoerako aldaketa batengatik diru-sarrerak bermatzeko errentaren modalitate batetik bestera pasatu behar bada, automatikoki egingo da aldaketa, lehenengo modalitatea bertan behera utzi eta bigarrenera sartzeko berariazko izapiderik egin beharrik gabe.

  1. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrek prestazio ekonomiko hori jasotzeko eskubidea baliatzen dutenean, modalitatea edozein dela ere, honako betebehar hauek izango dituzte:

    1. Prestazio ekonomikoa bizikidetza-unitate­ko kide guztien oinarrizko premiei aurre egitera bideratzea, eta, hala badagokio, haien gizarteratze- eta/edo laneratze-prozesuak eragindako gastuak ordain­tzea.

    2. Titularrari edo bizikidetza-unitateko edozein kideri legokiokeen eskubide edo prestazio ekonomiko oro baliatzea, prestazioak irauten duen aldi osoan.

    3. Eskura dituzten baliabideak erantzukizunez kudeatzea, egoera ekonomikoa edo bazterkeria-egoera larriagoa bihur ez dadin.

    4. Haien ardurapean dauden adingabeak eskolatzea eta eskolara benetan joango direla bermatzea.

    5. Eskean ez ibiltzea, bizikidetza-unitateko gainerako kideei ez uztea eskean ibiltzen eta ez behartzea horretara.

    6. Lege honetan ezarritakoaren arabera prestazioa jasotzeko eskubidea aldatzea, etetea edo azkentzea ekar dezaketen gertaerak jakinaraztea, erregelamendu bidez ezarriko den epean.

    7. Titularraren ohiko bizilekuaren helbideari dagokionez edozein aldaketa egonez gero, horren berri ematea, erregelamendu bidez ezarriko den epean.

    8. Ez zegozkien prestazioen zenbatekorik edo behar baino zenbateko handiagorik jasoz gero, zenbateko hori itzultzea.

    9. Administrazioaren aurrean agertzea eta harekin lankidetzan aritzea, hori eskatzen bazaie; nolanahi ere, kontuan izango dira gizarteratzeko hitzarmenean aurreikusitako kasu bereziak.

    10. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren xedetik eta helburutik sortzen diren betebehar guztiak eta erregelamendu bidez ezarriko direnak.

  2. Gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errentaren titularrek, 1. paragrafoan jasotakoez gain, beste betebehar hauek ere izango dituzte:

    1. Administrazioarekin gizarteratzeko hitzarmena negoziatu eta sinatzea eta hitzarmen hori betetzea, lege honen III. tituluko I. kapituluan ezarritako moduan. Betebehar horretatik salbuetsita egongo dira lan-merkatuan sartu ezin diren pertsonek bakarrik osatutako bizikidetza-unitateak, baina gizarteratzeko laguntza espezifikoak izan ahalko dituzte, baldin eta dagokion gizarte-zerbitzuak egindako beharrizanen diagnostikoan hala zehazten bada.

    2. Titularra eta lan egiteko adina duten haren bizikidetza-unitateko kideak lanerako prest egotea. Salbuespen izango dira honako kasu hauek:

      Erabateko baliaezintasuneko pen­tsioen titularrak.

      23 urtetik beherakoak, ikasketa akademiko arautuak egiten ari badira.

      Bazterkeria-egoera larrian egonik, oinarrizko gizarte-zerbitzuen eta/edo enplegu-zerbitzuen iritziz lan-merkatuan sartzeko moduan ez daudenak.

      Lanerako prest egote horretan konpromiso hauek ere sartzen dira: etengabe izena emanda egotea enplegu-eskatzaile gisa; ez uko egitea enplegu egoki bati; borondatezko bajarik ez hartzea enpleguan, ez behin betikorik ez aldi baterakorik, eta ez baliatzea lan-eszedentziaz, justifikatutako arrazoi larririk ez badago.

  3. Laneko diru-sarrerak osatzeko errentaren titularrek, 1. paragrafoan aurreikusitakoez gain, beste betebehar bat ere izango dute: enplegua hobetzeko gizarteratze-hitzarmena negoziatzea, sinatzea eta betetzea, lege honen III. tituluko I. kapituluan aurreikusitako moduan. Ondorioz, ezin izango dute borondatezko bajarik hartu enpleguan, ez behin betikorik ez aldi baterakorik, ez eta lan-eszedentziaz baliatu ere, justifikatutako arrazoi larririk ez badago.

  1. Gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errentaren kasuan:

    1. Bizikidetza-unitate bakoitzari aplika dakiokeen zenbatekoa finkatzeko, titularraz gain, unitatea osatzen duten kide guztiak hartuko dira kontuan.

    2. Bizikidetza-unitate bakoitzari aplika dakiokeen prestazioaren hileko zenbatekoa honela kalkulatuko da: eskatzailearena bezalako bizikidetza-unitateentzako prestazioaren bidez bermatutako gutxieneko diru-sarreren eta eskatzailearen bizikide­tza-unitateak eskura dituen diru-sarreren arteko diferentziaren arabera.

      Ondorio horietarako, bermatutako gutxieneko diru-sarrerak portzentaje gisa definituko dira, eskabidea egin zen unean indarrean zegoen lanbide arteko gutxieneko soldata oinarri hartuta. Hauek dira portzentajeak:

      Pertsona bakarreko bizikidetza-unitateentzat, lanbide arteko gutxieneko soldataren % 88.

      Bi pertsonako bizikidetza-unita­teentzat, lanbide arteko gutxieneko soldataren % 113.

      Hiru edo pertsona gehiagoko bizikidetza-unitateentzat, lanbide arteko gutxieneko soldataren % 125.

      Bermatutako gutxieneko diru-sarreren zenbatekoa ezin izango da izan, inola ere, lanbide arteko gutxieneko soldataren % 125 baino handiagoa.

      Bizikidetza-unitateak eskura dituen diru-sarrerak zein diren zehazteko, kide guztien errendimenduak hartuko dira kontuan, kapitulu honen 2. atalean aurreikusitako moduan.

      9.2.a artikuluan definitzen den motako bizikidetza-unitateentzat, bermatutako gutxieneko diru-sarreren zenbatekoak kalkulatzeko portzentajeak hauek dira:

      Pertsona bakarreko bizikidetza-unitateentzat, lanbide arteko gutxieneko soldataren % 100.

      Bi pertsonako bizikidetza-unitateentzat, lanbide arteko gutxieneko soldataren % 125.

      Hiru edo pertsona gehiagoko bizikidetza-unitateentzat, lanbide arteko gutxieneko soldataren % 135.

      Bermatutako gutxieneko diru-sarreren zenbatekoa ezin izango da izan, inola ere, lanbide arteko gutxieneko soldataren % 135 baino handiagoa.

      Bizikidetza-unitateak eskura dituen diru-sarrerak zein diren zehazteko, kide guztien errendimenduak hartuko dira kontuan, kapitulu honen 2. atalean aurreikusitako moduan.

    1. Guraso bakarreko bizikidetza-unitateek gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errenta osa dezaten, subsidio ekonomiko osagarri bat ezartzen da, eta horren zenbatekoa erregelamendu bidez finkatuko da. Ondorio horietarako, guraso bakarreko bizikidetza-unitatea hau da: ama edo aita bat, ezkongabea edo ezkontzaren antzeko harremanik ez duena eta bere ardurapean seme edo alaba bat, edo gehiago, duena.

  2. Laneko diru-sarrerak osatzeko errentaren kasuan:

    1. Laneko diru-sarrerak osatzeko errentari dagokionez, bizikidetza-unitate bakoitzari aplika dakiokeen zenbatekoa finkatzeko, titularraz gain, bizikidetza-unitatea osa­tzen duten kide guztiak hartuko dira kontuan.

    2. Bizikidetza-unitate bakoitzari aplika dakiokeen laneko diru-sarrerak osatzeko errentaren hileko zenbatekoa honela kalkulatuko da: eskatzailearena bezalako bizikidetza-unitateentzako prestazioaren bidez bermatutako gutxieneko diru-sarreren eta eskatzailearen bizikidetza-unitateak eskura dituen diru-sarreren arteko diferentziaren arabera.

      Ondorio horietarako, bermatutako gutxieneko diru-sarrerak portzentaje gisa definituko dira, eskabidea egin zen unean indarrean zegoen lanbide arteko gutxieneko soldata oinarri hartuta. Hauek dira portzentajeak:

      Pertsona bakarreko bizikidetza-unitateentzat, lanbide arteko gutxieneko soldataren % 88.

      Bi pertsonako bizikidetza-unita­teentzat, lanbide arteko gutxieneko soldataren % 113.

      Hiru edo pertsona gehiagoko bizikidetza-unitateentzat, lanbide arteko gutxieneko soldataren % 125.

      Bermatutako gutxieneko diru-sarreren zenbatekoa ezin izango da izan, inola ere, lanbide arteko gutxieneko soldataren % 125 baino handiagoa.

      Bizikidetza-unitateak eskura dituen diru-sarrerak zein diren zehazteko, kide guztien errendimenduak hartuko dira kontuan, kapitulu honen 2. atalean aurreikusitako moduan.

      Lanerako bultzagarria sendoagoa izan dadin, eskatzailearen edo haren bizikidetza-unitateko beste kide batzuen norberaren konturako edo besteren konturako diru-sarreren portzentaje jakin batzuk ez dira zenbatuko. Lanerako bultzagarri hori aldi baterakoa izango da, erregelamendu bidez zehaztuko den moduan, salbu enplegu-zerbitzuek luzatzea gomendatzen badute berariazko irizpen baten bidez.

    3. Guraso bakarreko bizikidetza-unitateek laneko diru-sarrerak osatzeko errenta osa dezaten, subsidio ekonomiko osagarri bat ezartzen da, eta horren zenbatekoa erregelamendu bidez finkatuko da. Ondorio horietarako, guraso bakarreko bizikidetza-unitatea hau da: ama edo aita bat, ezkongabea edo ezkontzaren antzeko harremanik ez duena, eta bere ardurapean seme edo alaba bat, edo gehiago, duena.

  1. Aurreko artikuluan azaldutako diru-mugak gehienezkotzat joko dira beti, eta Eusko Legebil­tzarrak baino ezin izango ditu aldatu.

  2. Kontuan hartuta prestazioa subsidiarioa eta osagarria dela, zenbateko horiek ezin izango dira osatu izaera bereko beste laguntza edo prestazio batzuen bidez; halakorik egonez gero, diru-sarreratzat hartuko dira prestazioaren zenbatekoaren kalkulurako. Aurrekoa bosgarren xedapen iragankorrean jasotakoaren kalterik gabe ulertu beharko da.

Diru-sarrerak bermatzeko errenta, edozein izanik ere modalitatea, eskabidea aurkezten den egunaren biharamunetik aurrera sorraraziko da.

  1. Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko eskubidea, errentaren modalitatea edozein izanik ere, aitortuta gelditzen da errenta hori ematea eragin zuten arrazoiek bere horretan dirauten bitartean eta lege honetan jasotzen diren betebeharrak betetzen diren bitartean. Bi urterako emango da, eta bi urterik behin berritu ahalko da, baldin eta arrazoi horiek bere horretan badiraute eta prestazioa eskuratzeko baldintzak ekonomikoak edo beste izaera batekoak betetzen jarraitzen bada.

  2. Prestazioa ez eteteko, baldin eta prestazioa ematea eragin zuten arrazoiek bere horretan badiraute, berritzeko eskabidea prestazioa azkendu baino hiru hilabete lehenago egiten hasi beharko da. Aurrekoaren ondorioetarako, foru-aldundiek jakinaraziko diete titularrei, kasu bakoitzean dagokion egunean, eskabidea berritu nahi badute, hura izapidetzen hasi behar dutela.

  3. Hori horrela izanik ere, lege honen erregelamendu bidezko garapenean zehaztuko da zein kolektibori berrituko zaien automatikoki prestazioa, eskabidea berriro egin beharrik gabe, eta, edonola ere, arautze horretan gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errentaren titularren kasuak sartu beharko dira, baldin eta pen­tsiodunek bakarrik eta/edo bazterkeria-egoera larrian dauden pertsonek osatutako bizikidetza-unitateak badira eta, oinarrizko gizarte-zerbitzuen eta/edo enplegu-zerbitzuen iritziz, ez badaude lan-merkatuan sartzeko moduan.

  1. Administrazio publikoek urtean behin berrikusiko dute, ofizioz, prestazioa eskuratzeko baldin­tzak betetzen diren; nolanahi ere, egokitzat jo­tzen diren behar beste berrikuspen egin ahalko dituzte, prestazioa ematea eragin zuten arrazoiek bere horretan dirauten egiaztatzeko.

  2. Udalek etengabeko segimendua egiteko eginkizuna dute. Hori dela-eta, urtean behin berrikusiko dute, ofizioz, prestazioa jasotzeko baldintzak betetzen diren, gizarteratzeko hitzarmenetan diseinatutako esku-hartze programaren barruan; nolanahi ere, egokitzat jotzen duten behar beste berrikuspen egin ahalko dituzte prestazioa ematea eragin zuten arrazoiek bere horretan dirauten egiaztatzeko.

  3. Eusko Jaurlaritzak, gizarteratze-gaietan eskuduna den sailaren bitartez, berrikusi beharrekoak iruditzen zaizkion banakako espedienteak berrikusi egingo ditu, egokitzat jotzen duenean.

  1. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoa aldatzeko arrazoi izango da, errenta horren modalitatea edozein izanik ere, bizikidetza-unitateko kideen kopurua aldatu izana edo prestazioa kalkulatzeko oinarritzat hartutako baliabideak aldatu izana.

    Aurrekoa gorabehera, laneko diru-sarrerak osatzeko errentaren kasuan, prestazioaren zenbatekoa kalkulatzeko oinarritzat hartutako baliabideetan izandako aldaketak ez dira kontuan hartuko, baldin eta hasieran ezarritako kopuruaren portzentaje jakin baten barruan sartzen badira. Portzentaje hori erregelamendu bidez ezarriko da.

  2. Zenbatekoa aldatzeko prozedura erregelamendu bidez zehaztuko da, eta prozedura horretan jaso beharko da, hain zuzen ere, aldaketa eragin duen gertaera izan eta hurrengo hilaren 1etik aurrera aplikatuko direla aldaketaren ondorioak.

  1. Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko eskubidea eten egingo da, edozein izanik ere errenta horren modalitatea, arrazoi hauengatik:

    1. Eskubidea aitortzeko eskatzen diren baldintzetakoren bat aldi batean galtzea.

    2. Titularrak edo haren bizikidetza-unitateko kideren batek prestazioa eskuratzean bere gain hartutako betebeharren bat aldi batean ez betetzea. Bereziki,

      Dagokion gizarte-zerbitzuak gizarteratzeko hitzarmena egin behar dela iritzi arren, hitzarmen bat negoziatzeari edo sinatzeari uko egitea.

      Indarrean dagoen gizarteratzeko hitzarmen baten barruan hartutako konpromisoak ez betetzea.

      Aplikatzekoa denean, laneratzeko prest ez egotea, enplegu-eskatzai­le gisa izena emanda ez egotea edo enplegu bat errefusatzea.

      Aplikatzekoa denean, diru-sarre­ren maila hobetzea ekarriko luketen enplegu-baldintzen aldaketak errefusatzea.

    3. Arau-hauste bat baino gehiago batera gertatzea, lege honen 104. artikuluan aurreikusten den moduan.

  2. Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko eskubidea etetearekin batera, prestazioa ordaintzeari utzi egingo zaio etetea gertatu eta hurrengo hilaren lehen egunetik aurrera, eta horrelaxe jarraituko da etetea eragin duen egoerak bere horretan dirauen bitartean. Etenaldia ez da inoiz ondoz ondoko 18 hilabete baino luzeagoa izango; behin epe hori igaroz gero, prestazioa jasotzeko eskubidea azkendu egingo da.

  3. Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko eskubidea etetea eragin zuten arrazoiak desagertzen direnean, prestazioa sorrarazteko baldintzak une horretan badauden ala ez egiaztatuko da, ofizioz edo interesdunak eskatuta, eta, baldin badaude, prestazioaren zenbatekoa ezarriko da. Prestazioa hura eteteko arrazoiak desagertzen diren egunaren biharamunetik aurrera sorraraziko da.

Organo eskudunak prestazioaren ordainketa kautelaz etetea erabaki ahalko du, baldin eta bizikide­tza-unitatean zantzuren batzuk detektatzen badira prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzeko edo mantentzeko eskatutako baldintzetakoren bat galdu dela adierazten dutenak; eta gehienez ere hiru hilabeteko epean, prestazioa kautelaz eten denetik kontatzen hasita, ebatziko du prestazioa jasotzeko eskubidea mantentzea, etetea edo azkentzea. Baldin eta prestazioa mantentzea ebazten bada, prestazioa etenda egon den bitartean jaso ez dituen zenbatekoak jasotzeko eskubidea aitortuko zaio prestazioaren titularrari.

  1. Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko eskubidea azkendu egingo da, edozein izanik ere errenta horren modalitatea, arrazoi hauengatik:

    1. Titularra hiltzea, pertsona bakarreko bizikidetza-unitateen kasuan.

    2. Prestazioaren bi urteko indarraldia amai­tzea, prestazioa berritzeko eskatu ez bada, Administrazioak hartarako errekerimendua egin arren.

    3. Eskubidea aitortzeko eskatzen diren baldintzetakoren bat betiko galtzea.

    4. Etenaldiak ondoz ondoko 18 hilabete baino gehiago irautea.

    5. Prestazioaren bi urteko indarraldian hiru etenaldi izatea ez-betetzeagatik.

    6. Titularrak prestazioari uko egitea.

    7. Zehapen-prozeduraren batek horixe ebaztea.

    8. Lege honen 19.1.b artikuluan aurreikusitako betebeharra ez betetzea.

    9. Aplikatzekoa denean, hiru aldiz errefusa­tzea, arrazoi justifikaturik gabe, diru-sarrerak handitzea ekar lezakeen enplegu bat edo lan-baldintzen hobekuntza bat.

  2. Baldin eta prestazioaren titularra hiltzen bada, bizikidetza-unitateak pertsona bakarrekoak ez diren kasuetan, prestazioa jasotzeko eskubidea ez da azkenduko, baizik eta zendutakoaren ezkontidea edo harekin ezkontzaren antzeko harreman iraunkor baten bidez batuta zegoen pertsona subrogatuko da prestazio ekonomikoaren titulartasunean, eta ez da beharrezkoa izango beste espediente bati hasiera ematea. Horrelako pertsonarik egon ezean, gizarte-zerbitzuek aukeratuko dute zein den bizikidetza-unitateko kiderik egokiena subrogaziorako.

  3. Prestazioa azkentzeko arrazoia betebeharrak ez betetzea edo arau-hausteak egitea izan bada, titularrak ezin izango du berriz ere diru-sarrerak bermatzeko errenta eskatu, edozein izanik ere modalitatea, eskubidea azkendu den unetik urtebete igaro arte. Ondorio bera ekarriko du artikulu honen 1.d eta 1.e paragrafoetan azaldutako arrazoiengatik azkentzen bada eskubidea.

  4. Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko eskubidea azkendu edo mantenduz gero, horrek kalte nabarmenak ekartzen badizkie ordura arte eskubidearen titularra izan denaren bizikidetza-unitateko gainerako kideei, urgentziaz eta lehentasunez egingo dira prestazioa eskuratzeko izapideak.

    2. ATALA

    ETXEBIZITZAKO GASTUETARAKO PRESTAZIO

    OSAGARRIA

  1. Etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria prestazio ekonomikoa da, aldizkakoa, eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren osagarri gisa eratzen da, edozein izanik ere errenta horren modalitatea, prestazio horien titularren ohiko etxebizitza edo bizitokiarekin zerikusia duten premiei aurre egiteko helburuaz.

  2. Ondorio horietarako, etxebizitzarekin zerikusia duten premiatzat joko dira ohiko etxebizitza edo bizitokiaren alokairu-gastuak.

Etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria eskubide subjektiboa da, eta prestazio hori lortzeko berariaz araututako baldintzak betetzen dituzten guztientzat da.

  1. Etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria ezin izango da erabili ematean jarritako helbururako baino.

  2. Subsidiarioa eta, hala badagokio, osagarria izango da ohiko etxebizitza edo bizitokia eduki eta mantentzearekin zerikusia duten eta indarreko legerian aurreikusten diren era guztietako baliabide eta prestazio ekonomikoei dagokienez, horiek titularrari edo haren bizikidetza-unitateko edozein kideri legozkiokeenean.

  3. Transferiezina izango da, eta, horrenbestez:

    1. Ez da obligazio-berme gisa eskaintzerik egongo.

    2. Ez da lagatzerik egongo, ez osorik, ezta partzialki ere.

    3. Ez da konpentsatzerik edo deskontatzerik egongo, jaso behar ez ziren prestazioak itzultzeko izan ezik.

    4. Ez da atxikitzerik edo bahitzerik egongo, aplikatzekoak diren Estatuko lege orokorretan aurreikusitako kasuetan eta mugekin izan ezik.

  1. Etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriaren titularra izateko, baldintza hauek bete behar dira:

    1. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularra izatea, bi modalitateetako edozeinetan.

    2. Titularrak lege honen 29. artikuluan jasotzen diren ohiko etxebizitza edo bizitokiko aldizkako gastuei aurre egiteko premia izatea.

    3. Etxebizitza Sailaren Etxebide zerbitzuan alokairuko etxebizitza baten eskatzaile gisa izena emanda edo izena emateko eskaera eginda egotea. Eusko Jaurlari­tzaren etxebizitza-politiketako plangintza estrategikoan kontuan hartuko da etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriaren jasotzaileen lehentasuna.

  2. Ezin izango dira etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriaren titularrak izan, alokairu-gastuei aurre egiteko, etxebizitza bat alokairuan edo jabetzan dutenak, baldin eta etxebizitza hori babes publikokoa bada eskabidea egitean indarrean dagoen legerian aurreikusitakoaren arabera.

  3. Ezin izango dira etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriaren titularrak izan, alokairu-gastuetarako, dagoeneko etxebizitza bat jabe­tzan dutenak, salbu banantzeagatik edo dibor­tzioagatik beren ohiko etxebizitza edo bizitokia utzi behar izan duten pertsonak, edo erregelamendu bidez zehaztuko diren beste arrazoiren batzuengatik, hala nola kaleratuak izateagatik, utzi behar izan dutenak.

  1. Baldin eta etxebizitza edo bizitoki berean bi bizikidetza-unitate edo gehiago bizi badira, beren artean ahaidetasun-loturak dituztela 9.2 a) eta b) artikuluan ezarritakoaren arabera, unitate bati bakarrik eman ahalko zaio etxebizi­tzako gastuetarako prestazio osagarria. Horrela gertatuz gero, prestazioa aurrena eskatu duenari emango zaio.

  2. Baldin eta etxebizitza edo bizitoki berean bi bizikidetza-unitate edo gehiago bizi badira, beren artean inolako ahaidetasun-loturarik izan gabe 9.1.c artikuluan aurreikusitakoaren arabera, unitate horiek guztiek, ezarritako baldintzak betez gero, etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria lortu ahalko dute; mugak erregelamendu bidez ezarriko dira, bai etxebizitza edo bizitoki bakoitzeko jaso daitekeen gehienezko laguntza-kopuruari dagokionez, baita kasu horietan prestazio bakoitzeko eman daitezkeen gehienezko zenbatekoei dagokienez ere.

Etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriaren titularrak obligazio hauek izango ditu:

  1. Prestazioa zein helburutarako eman den, horrexetarako baino ez erabiltzea.

  2. Eskabidea egin aurretik, baita prestazioa jaso bitartean ere, legokiokeen eskubide edo prestazio ekonomiko oro baliatzea.

  3. Prestazioa eskuratzeko baldintzak betetzeari dagokionez, gerora izandako gertaerak jakinaraztea, erregelamendu bidez ezarriko den epean.

  4. Titularraren ohiko bizilekuaren helbideari dagokionez edozein aldaketa egonez gero, horren berri ematea, erregelamendu bidez ezarriko den epean.

  5. Ez zegozkien prestazioen zenbatekorik edo behar baino zenbateko handiagorik jasoz gero, zenbateko hori itzultzea.

  6. Administrazioaren aurrean agertzea eta harekin lankidetzan aritzea, hori eskatzen bazaie.

  7. Dagokion modalitatean, diru-sarrerak berma­tzeko errentaren titular gisa dituen betebeharrak betetzea.

  8. Etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriaren xedetik eta helburutik sortzen diren betebehar guztiak eta erregelamendu bidez ezarriko direnak.

  1. Oro har, lege honen 29.2 artikuluan aurreikusitako gastu-kontzeptu bakoitzari dagokion gehienezko zenbatekoa erregelamendu bidez ezarriko da.

  2. Aurreikusitako gastu-kontzeptu bakoitzeko eskatzaile bakoitzari aplika dakiokeen gehienezko zenbatekoa laguntzaren helburu ziren kon­tzeptuetan eginiko gastuek mugatuko dute. Gastuok behar bezala egiaztatu beharko dira.

Etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria eman aurretik, udaletako gizarte-zerbitzuek beti egiaztatu beharko dute benetako premia-egoera dagoela 29.2 artikuluan aurreikusitako etxebizitza-gastuei dagokienez.

  1. Etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriari dagokionez, haren titularra izateko eskabidea aurkezten den egunaren biharamunetik aurrera sorraraziko da prestazioa. Egun horretatik aurrera titular hori ezin izango da gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradun izan, 58.3 artikuluan aurreikusitakoa gertatu ezean.

  2. Etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria hilabetea amaitu eta gero ordainduko da, prestazio horrek osatzen duen diru-sarrerak berma­tzeko errentarekin batera, azken horren modalitatea edozein izanda ere.

Etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria jasotzeko eskubidearen aitorpena mantendu egingo da prestazio hori emateko arrazoiek bere horretan dirauten bitartean, eta, horrez gain, titularrek bete beharreko baldintzak betetzen badituzte eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrak izaten jarraitzen badute, edozein izanik ere errenta horren modalitatea.

Organo eskudunak ofizioz egingo ditu aldizkako berrikuspenak, prestazioa ematea eragin zuten arrazoiek bere horretan dirauten egiaztatzeko, eta, ondorio horietarako, eskubidearen titularrei, modalitatea edozein izanik ere, Administrazioaren aurrean ager daitezela eta harekin lankidetzan jardun dezatela eskatu ahalko die.

  1. Etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriaren zenbatekoa aldatzeko arrazoi izango da prestazioarekin aurre egin nahi zaien gastuen zenbatekoak aldatu izana edo ezartzen diren mugak aldatu izana.

    Aurrekoa gorabehera, prestazioaren zenbatekoa kalkulatzeko oinarritzat hartutako baliabideetan izandako aldaketak ez dira kontuan hartuko, baldin eta hasieran ezarritako zenbatekoaren portzentaje baten barruan badaude. Portzentaje hori erregelamendu bidez ezarriko da.

  2. Zenbatekoa aldatzeko prozedura erregelamendu bidez ezarriko da, eta prozedura horretan jaso beharko da, hain zuzen ere, aldaketa eragin duen gertaera izan eta hurrengo hilaren 1etik aurrera aplikatuko direla aldaketaren ondorioak.

  1. Etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria jasotzeko eskubidea eten egingo da prestazio horrek osatzen duen diru-sarrerak bermatzeko errenta eteten den unean, errentaren modalitatea edozein izanda ere.

  2. Horrez gain, nahiz eta osatzen duen prestazioa eten ez, ondorengo kasuetan ere eten egingo da:

    1. Ohiko etxebizitza edo bizitokiaren alokairu-gastuak behar bezala egiaztatu ezean.

    2. Arau-hauste bat baino gehiago batera gertatzea, lege honen 104. artikuluan aurreikusten den moduan.

    3. Titularrak 34. artikuluan jasotako baldintza edo betebeharren bat bete ezean.

  3. Eusko Jaurlaritzak erregelamendu bidez zehaztuko ditu 2. paragrafoan jasotako xedapenen inguruan aplika daitezkeen salbuespenak.

  4. Etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria jasotzeko eskubidea etetearekin batera, utzi egingo zaio prestazioa ordaintzeari, eta horrelaxe jarraituko da ordainketa etetea ekarri duen egoerak bere horretan dirauen bitartean. Etenaldia ez da inoiz ondoz ondoko 18 hilabete baino luzeagoa izango; behin epe hori igaroz gero, prestazioa jasotzeko eskubidea azkendu egingo da.

  5. Artikulu honetan aurreikusitako etete-kasuetan, ez da egongo gizarte-larrialdietako laguntzetarako inolako espedienterik izapidetzerik, ez etendako etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriaren titularrak eskatuta, ezta haren bizikidetza-unitateko beste edozein kidek eskatuta ere, etxebizitzarekin zerikusia duten eta legen honen 44.2.a artikuluan jasota dauden gastuetako ezeini dagokionez.

  6. Etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria jasotzeko eskubidea etetea eragin zuten arrazoiak desagertzen direnean, prestazioa sorrarazteko baldintzak une horretan badauden ala ez egiaztatuko da, eta, baldin badaude, prestazioaren zenbatekoa ezarriko da. Prestazioa hura eteteko arrazoiak desagertu eta hurrengo hilaren lehen egunetik aurrera sorraraziko da.

Organo eskudunak prestazioaren ordainketa kautelaz etetea erabaki ahalko du, baldin eta zantzuren batzuk detektatzen badira prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzeko edo mantentzeko eskatutako baldintzetakoren bat galdu dela adierazten dutenak, eta hiru hilabeteko epean ebatziko du prestazioa jaso­tzeko eskubidea mantentzea, etetea edo azkentzea. Nolanahi ere, diru-sarrerak bermatzeko errenta kautelaz eteteak berekin ekarriko du etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria etetea. Baldin eta prestazioa mantentzea ebazten bada, prestazioa etenda egon den bitartean jaso ez dituen zenbatekoak jasotzeko eskubidea aitortuko zaio prestazioaren titularrari.

  1. Etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria jasotzeko eskubidea azkendu egingo da arrazoi hauengatik:

    1. Etxebizitza bat alokairu sozialean erabil­tzeko bermea ematea sektore publikoak.

    2. Prestazio honek osatzen duen diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko eskubidea azkentzea, edozein izanik ere errenta horren modalitatea.

    3. Titularra hiltzea, pertsona bakarreko bizikidetza-unitateen kasuan.

    4. Eskubidea aitortzeko eskatzen diren baldintzetakoren bat betiko galtzea.

    5. Ohiko etxebizitza edo bizitokia alokatzeko gastuei edo ohiko etxebizitza edo bizitokia erosteko hartutako kredituen interesek eta amortizazioak eragindako gastuei aurre egiteko premia desager­tzea.

    6. Etenaldiak ondoz ondoko 18 hilabete baino gehiago irautea.

    7. Prestazioaren bi urteko indarraldian hiru etenaldi izatea.

    8. Zehapen-prozeduraren batek horixe ebaztea.

    9. Ohiko etxebizitza edukitzearekin eta mantentzearekin zerikusia duten eta prestazioaren titularrari edo haren bizikide­tza-unitateko edozein kideri zor zaizkion eskubide eta gizarte-prestazio ekonomikoak baliatzeko betebeharra ez betetzea.

    10. Titularrak prestazioari uko egitea.

  2. Baldin eta prestazioaren titularra hiltzen bada, bizikidetza-unitateak pertsona bakarrekoak ez diren kasuetan, prestazioa jasotzeko eskubidea ez da azkenduko, baizik eta zendutakoaren ezkontidea edo harekin ezkontzaren antzeko harreman iraunkor baten bidez batuta zegoen pertsona subrogatuko da prestazio ekonomikoaren titulartasunean, eta ez da beharrezkoa izango beste espediente bati hasiera ematea. Horrelako pertsonarik egon ezean, gizarte-zerbitzuek aukeratuko dute zein den bizikidetza-unitateko kiderik egokiena subrogaziorako.

  3. Etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria jasotzeko eskubidea azkendu edo mantenduz gero, horrek kalte nabarmenak ekartzen badizkie ordura arte eskubidearen titularra izan denaren bizikidetza-unitateko gainerako kideei, urgentziaz eta lehentasunez egingo dira prestazioa eskuratzeko izapideak.

    3. ATALA

    GIZARTE LARRIALDIETARAKO LAGUNTZAK

  1. Gizarte-larrialdietarako laguntzak diru-lagun­tzak dira, aldian-aldian emango ez direnak, eta haien hartzaileak hauek izango dira: gizarte-bazterkeria prebenitzeko, saihesteko edo arin­tzeko beharrezko diren gastu espezifikoei, ohikoei nahiz ezohikoei, aurre egiteko behar beste baliabide ez duten pertsonak.

  2. Aipatutako baliabidetzat joko dira, nolanahi ere, ondorengo gastuok:

    1. Ohiko etxebizitza edo bizitokia eduki eta mantendu ahal izateko beharrezko diren gastuak, ondorengo guztiak barne:

      Alokairu-gastuak.

      Gizarte-larrialdian egon aurretik etxebizitza edo bizitokia erostearen ondorioz hartutako kredituen interesek eta amortizazioak eragindako gastuak.

      Energia-, ur-, estolderia- eta zabor-gastuak, baita ondasun higiezinen gaineko zergari dagozkionak ere, ondasunak landa- zein hiri-eremukoak izan.

      Ohiko etxebizitzan edo bizitokian bizi ahal izateko eta bertan oinarrizko osagaiak edukitzeko beharrezko gastuak.

    2. Bizikidetza-unitateko kide baten edo gehiagoren oinarrizko beharrei dagozkien gastuak, hala nola janztekoari, hezkuntza eta prestakuntzari eta osasun-arretari dagozkienak, sistema publikoek gastu horiei aurre egiten ez dietenean.

    3. Aurretiko zorpetzearen gastuak, a) eta b) idatz-zatietan aipatutako gastu-kontzep­turen batek edo bizitzako oinarrizko premiei aurre egiteko gastuek sortuak.

  1. Gizarte-larrialdietarako laguntzak helburu jakin baterako dira; beraz, helburu horretarako baino ezin dira erabili.

  2. Subsidiarioak eta, hala badagokio, osagarriak izango dira indarreko legerian aurreikusten diren ekonomia-edukiko era guztietako gizarte-baliabide eta -prestazioei dagokienez, horiek onuradunari edo haren bizikidetza-unitateko edozein kideri legozkiokeenean, bai eta ohiko etxebizitza edo bizitoki berean bizi diren beste pertsona batzuei legozkiekeenean ere.

  3. Transferiezinak izango dira, eta, horrenbestez:

    1. Ez da obligazio-berme gisa eskaintzerik egongo.

    2. Ez da lagatzerik egongo, ez osorik, ezta partzialki ere.

    3. Ez da konpentsatzerik edo deskontatzerik egongo, jaso behar ez ziren prestazioak itzultzeko izan ezik.

    4. Ez da atxikitzerik edo bahitzerik egongo, aplikatzekoak diren Estatuko lege orokorretan aurreikusitako kasuetan eta mugekin izan ezik.

  4. Gizarte-larrialdietarako laguntzak diru-laguntza­tzat joko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako kreditua esleituta egotearen baitan egongo da horiek ematea ala ez. Hala ere, laguntza horiei aurre egiteko behar besteko zenbatekoak esleituko dituzte urtero euskal administrazio publikoek.

Ondoko baldintzak betetzen dituztenak izan daitezke, lege honetan aurreikusitako moduan, gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradunak:

  1. Laguntza zein udalerritan eskatu den, bertan erroldatuta egotea eta benetan bizitzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan benetan bizitzea gutxienez eskabidea aurkeztu baino sei hilabete lehenagotik, bigarren xedapen gehigarrian aurreikusitako moduan.

    Gutxieneko epe hori bete ezean, eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan erroldatuta egona eta bertan benetan bizia izan beharko du bost urtez, etenik gabe, aurreko hamar urteen barruan.

  2. Bizikidetza-unitate bat osatzea. Erregelamendu bidez zehaztuko da unitateak zenbat denbora lehenagotik eratua behar duen.

  3. Ez izatea etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriaren hartzaileak, lege honen 58.3 artikuluan adierazitako kasuetan salbu.

  4. 18 urte izatea. Gutxieneko adin-muga horretatik salbu daude gazteago izanik ondorengo egoeraren batean daudenak, baldin eta gainerako baldintzak betetzen badituzte:

    Beste adingabe batzuk zein ahalmen-urritasunen bat duten adindunak edo mendekotasuna onartuta duten adindunak ekonomikoki beren ardurapean izatea.

    Aitarik eta amarik gabeko umezurtzak.

    Ezkonduta edo ezkontzaren antzeko harreman iraunkor baten bidez beste pertsona batekin loturik egotea gutxienez sei hilabete lehenagotik.

    Etxeko tratu txarraren biktimak izatea.

  5. Lege honen 44.2 artikuluan jasotako berariazko gastuei aurre egiteko behar beste baliabide ez izatea, baldin eta horiek haien bizikidetza-unitateko kideei eragiten badiete; hala, ez dagoela behar beste baliabide ulertuko da ondoren azaltzen diren baldintzak betetzen direnean:

    Azken urtean edo prestazioen bidez aurre egin nahi zaien gastuek hartzen duten edo hartuko duten denboraldian, errendimenduak, kapitulu honen 2. atalean ezarritakoaren arabera zehaztuak, ez izatea etxebizitza-unitateko kideen kopuruaren arabera legokiokeen gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errentaren gehienezko zenbatekoaren % 150 baino handiagoak. Hori horrela izanik ere, eta erregelamendu bidez zehaztuko diren kasuetan, beste pertsona batzuen errendimenduak ere aintzat hartu ahalko dira, hain zuzen ere eskatzailearekin etxebizitza edo bizitoki berean bizi eta prestazioen onuradun izan litezkeen gainerako pertsonen errendimenduak.

    Lege honen 9.2 artikuluan eta garapen-erregelamenduetan aurreikusitakoaren arabera bizikidetza-unitatetzat jo daitezkeen pertsonen kasuan, eta horiek etxebizitza edo bizitoki berean beste pertsona batzuekin bizi direnean eta horiekin 9.1.b artikuluan aurreikusitako loturaren bat dutenean, pertsona horiek guztiek dagokion denboraldirako batera dituzten errendimendu propioak txikiagoak izatea gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errentaren gehienezko zenbatekoa halako hiru baino, kontuan izanda ezen oinarrizko errenta hori, batere baliabiderik ez luketen kasuan, beren artean artikulu horretan aipatzen diren loturak dituzten pertsonen kopuru osoaren arabera legokiekeena dela.

  6. Ondarea ez izatea gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errentaren urteko zenbatekoa halako lau baino balio handiagokoa, kontuan izanda ezen oinarrizko errenta hori, batere baliabiderik ez luketen kasuan, beren artean aipatu diren loturak dituzten pertsonen kopuru osoaren arabera legokiekeena dela. Ondarearen balioa kapitulu honen 2. atalean araututakoaren arabera zehaztuko da.

  7. Gizarte-larrialdietarako laguntzak alokairu-gastuei aurre egiteko erabiltzen direnean, Etxebizitza Sailaren Etxebide zerbitzuan etxebizitza-eskatzaile gisa izena emanda egotea.

Baldin eta etxebizitza edo bizitoki berean bizikidetza-unitate bat baino gehiago badaude, haien artean 9.1.b artikuluan aurreikusitako loturarik egon gabe, unitate horiek guztiek izango dute, ezarritako baldintzak betez gero, gizarte-larrialdietarako lagun­tzak lortzea; mugak erregelamendu bidez ezarriko dira, bai etxebizitza edo bizitoki bakoitzeko jaso daitekeen gehienezko laguntza-kopuruari dagokionez, baita kasu horietan laguntza bakoitzeko eman daitezkeen gehienezko zenbatekoei dagokienez ere.

Gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

  1. Prestazioak zein helburutarako eman diren, horrexetarako baino ez erabiltzea.

  2. Eskabidea egin aurretik, baita laguntzak jaso­tzen dituzten bitartean ere, legokiekeen eskubide edo prestazio ekonomiko oro baliatzea.

  3. Prestazioa eskuratzeko baldintzak betetzeari dagokionez, gerora izandako aldaketak jakinaraztea, erregelamendu bidez ezarriko den epean.

  4. Onuradunaren ohiko bizilekuari dagokionez edozein aldaketa egonez gero, horren berri ematea, erregelamendu bidez ezarriko den epean.

  5. Ez zegozkien prestazioen zenbatekorik edo behar baino zenbateko handiagorik jasoz gero, zenbateko hori itzultzea.

  6. Administrazioaren aurrean agertzea eta harekin lankidetzan aritzea, hori eskatzen bazaie.

  7. Gizarte-larrialdietarako laguntzen xedetik eta helburutik sortzen diren betebehar guztiak eta erregelamendu bidez ezarriko direnak.

  1. Oro har, erregelamendu bidez ezarriko dira lege honen 44.2 artikuluan aurreikusitako berariazko gastu bakoitzerako gehienezko zenbatekoak, gizarte-larrialdietarako laguntza gisa, eta ez da egongo, inola ere, horiek gainditzerik.

  2. Lege honen 44.2 artikuluan aurreikusitako berariazko gastu bakoitzeko eskatzaile bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa finkatzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

    1. Eskatzaile bakoitzari aplikatu beharreko gehienezko zenbatekoa, aurreikusitako berariazko gastu bakoitzeko, honako hauek kontuan hartuta kalkulatuko da:

      Eskatzailearen eta haren bizikide­tza-unitateko gainerako kideen baliabide-maila, baita, hala badagokio, laguntzen onuradun izan litezkeen gainerako pertsonena ere.

      Egindako edo egitekoak diren berariazko gastuen zenbatekoa.

      Artikulu honen 1. paragrafoan aipatzen diren gehienezko zenbatekoak.

    2. Aplikatzekoa den gehienezko zenbatekoa honako hauen arabera finkatuko da:

      Aurrekontuko baliabideak.

      Gizarte-zerbitzuek ondorengoak egiaztatzeko egiten duten balorazioa: gastua benetan beharrezkoa den eta laguntza-premia duten per­tsonak gizarteratzen laguntzeko garrantzitsua den edo lehentasunezkoa den.

  3. Bizikidetza-unitate bakoitzak gizarte-larrialdieta­rako laguntza gisa ondoz ondoko aldietan jaso ahalko duen gehienezko zenbatekoa erregelamendu bidez ezarriko da.

    Laguntzak ohiko etxebizitza edo bizitokia erosteko hartutako kredituen interesek eta amortizazioak eragindako gastuetarako erabiltzen direnean, ezingo dira zenbatekoan, ezta urte-kopuruan ere, erregelamendu bidez ezarriko dena baino handiagoak izan.

    Muga horiek ez zaizkie aplikatuko zahartzaroko pentsioen titularrei.

  1. Gizarte-larrialdietarako laguntzak eman aurretik, gizarte-zerbitzuek beti egiaztatu beharko dute benetako premia-egoera dagoela; era berean, egiaztatu beharko da badagoela helburu horretarako esleitutako kreditua.

  2. Gizarte-larrialdietarako laguntzak haiek onar­tzen dituen ebazpenean aurreikusitako moduan ordainduko dira, eta ebazpena eman duen organoak egingo du ordainketa.

  3. Gizarte-zerbitzuek ezarritakoaren arabera, prestazioak zatika edo denak batera ordaindu ahalko dira. Prestazioak emateko ebazpenean, organo eskudunak zehaztuko du nola egingo den zehazki ordainketa, eta epe bat ezarriko du egindako gastuen fakturak edo dagozkien frogagiriak aurkezteko. Fakturak edo frogagiriak aipatutako epean aurkezten ez badira, lagun­tzak itzultzeko prozedurari ekingo zaio, hala badagokio.

Organo eskudunak egokitzat jotzen duen behar beste berrikuste egin ahalko du, aldian-aldian, prestazioa ematea eragin zuten arrazoiek bere horretan dirauten egiaztatzeko. Ondorio horretarako, laguntzen onuradunei Administrazioaren aurrean ager daitezela eta lagun diezaiotela eskatu ahalko zaie. Erregelamendu bidez ezarriko da gutxieneko maiztasuna berrikuspen horiek egiteko.

Lege honetan jasotako prestazioen ondorioetarako, eskatzailearen eta haren bizikidetza-unitateko gainerako kideen baliabideak zehazteko, baita, horrela dagokionean, 9.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera prestazioen onura har dezaketen gainerako pertsonenak zehazteko ere, pertsona horien denen baliabide guztiak hartuko dira kontuan.

  1. Errendimenduak zenbatzerakoan, norberaren konturako edo besteren konturako lanetik, ondaretik, pentsioetatik edo beste edozein titulutatik datozenak hartuko dira kontuan.

  2. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren edozein modalitatetan, errendimenduak zenbatzerakoan ez dira sartuko eskatzaileari, haren bizikidetza-unitateko gainerako kideei edo, hala badagokio, 9.2 artikuluan aurreikusitako gainerako pertsonei dagozkien diru-sarrera eta gizarte-prestazio jakin batzuk, helburu jakin baterako emandakoak, erregelamendu bidez zehaztuko den moduan.

    Gainera, errentaren modalitatea laneko diru-sarrerak osatzeko errenta denean, eta lanerako bultzagarria sendoagoa izan dadin, zenbaketa horretatik kanpo utziko dira eskatzailearen eta haren bizikidetza-unitateko beste kide batzuen lanetik datozen diru-sarreren portzentaje jakin batzuk, lana norberaren konturakoa zein besteren konturakoa izan. Lanerako bultzagarri hori aldi baterakoa izango da, erregelamendu bidez zehaztuko den moduan, salbu enplegu-zerbi­tzuek luzatzea gomendatzen badute berariazko irizpen baten bidez.

  3. Errendimenduak hilean zenbatzen direnean, zenbaketa eskaera egin den hilean egingo da. Zenbaketa hilabete bat baino gehiago igaro ostean egiten denean, igarotako aldiko hilabete guztiak hartuko dira kontuan.

  1. Bizikidetza-unitateak zer ondare duen zehazteko, ondasun higigarri eta ondasun higiezin guztiak hartuko dira kontuan, betiere haien gaineko jabetza-, edukitza- edo gozamen-titulu juridikoa badu.

  2. Bizikidetza-unitateak duen ondarearen balioa zehazterakoan, ez da kontuan hartuko haren ohiko bizileku den etxebizitza edo bizitokia, salbu jabetzako etxebizitzak aparteko balioa daukanean, erregelamendu bidez ezarriko den moduan; nolanahi ere, horrelakoetan, ondasun horrek aparteko balioa duen zehazteko, etxebizitza erabiliaren batez besteko prezioa hartu beharko da kontuan, adierazle ofizialak baliatuta eta erregelamendu bidez ezarriko den moduan.

  3. Orobat, familiako hornidura ere ez da kontuan hartuko ondarearen balioa zehazterakoan, salbu eta, erregelamendu bidez ezarriko den moduan, aparteko balioa duten ondasunak badaude hornidura horretan.

  1. Lege honetan aurreikusitako edozein prestazio eman duten administrazioek kobratu egin beharko dituzte jaso behar ez zirela jasotako prestazioak.

  2. Jaso behar ez zirela jasotako prestazioak itzul­tzean, aurreko paragrafoan aurreikusitako moduan, itzulitako zenbatekoak hasieran aplikatu ziren helburu bererako erabili beharko dira, ezarriko den prozeduraren arabera.

  1. Jaso behar ez zirela jasotako zenbatekoak itzul­tzeko betebeharrari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren eskubideei eta obligazioei aplikatu beharreko araudiaren araberakoa izango da betebehar horren preskripzioa.

  2. Prestazioak oroharreko prezioan eta denak batera jasotzeko eskubidea urtebetera iraungiko da, interesdunari prestazioa onartu zaiola behar bezala jakinarazi zaion egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

  3. Aldizkako prestazioak direnean, hilabete-sari bakoitza jasotzeko eskubidea prestazioaren muga-egunetik urtebetera iraungiko da.

  1. Gehienezko muga bat ezartzen da bizikidetza-unitatearen diru-sarrera konputagarrien eta diru-sarrerak bermatzeko errenta gisa edozein izanik ere modalitatea, etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarri gisa eta gizarte-larrialdietarako laguntza gisa bizikidetza-unitate berari eman ahal zaizkion prestazio eta laguntza ekonomikoen baturaren urteko guztizko zenbatekoarentzat. Muga hori titularrarena bezalako bizikidetza-unitate bati urtean zegokiokeen diru-sarrerak bermatzeko errentaren modalitatearen gehienezko zenbatekoaren % 200 izango da.

  2. Gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradunen kasuan, baldin eta betetzen ari den urtean ez badira diru-sarrerak bermatzeko errentaren ezein modalitateren titularrak izan, etxebizitza-unitate horren diru-sarrera konputagarrien guztizkoaren eta urte horretan gizarte-larrialdietara­ko laguntza gisa onartu zaion guztizkoaren baturak ezin izango du, inola ere, kopuru hau gainditu: titularrarena bezalako bizikidetza-unitate bati urtean zegokiokeen gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errentaren gehienezko zenbatekoaren % 200.

  3. Ohiko etxebizitza edo bizitokia erosteko hartutako kredituen interesek eta amortizazioak eragindako gastuei aurre egiteko bizikidetza-unitate batek jaso ahalko duen gehienezko zenbatekoak ezin izango du erregelamendu bidez ezarritakoa gainditu.

  1. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren bi modalitateak bateraezinak dira elkarren artean.

  2. Diru-sarrerak bermatzeko errenta, edozein izanik ere modalitatea, bateragarria izango da etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriarekin, baina ez, ordea, alokairu-gastuei aurre egiteko aurreikusten diren gizarte-larrialdietara­ko laguntzekin.

  3. Etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria bateraezina izango da lege honen 44. artikuluko 2.a idatz-zatian aipatutako etxebizitza-gastuekin zerikusia duten gainerako gizarte-larrialdietarako laguntzekin. Bateragarria izango da, ordea, gizarte-larrialdietarako laguntzen beste kontzeptuekin, erregelamendu bidez zehaztuko den moduan.

  1. Lege honetan aurreikusitako prestazio ekonomikoak eta, hala badagokio, gizarteratzeko eta laneratzeko tresnak lortu nahi izanez gero, interesdunak erroldatuta dagoen eta benetan bizi den udalerriko udalari eskaera egin beharko dio aurretik, eta dagokion gizarte-zerbitzuaren aurrean aurkeztu; gizarte-zerbitzu horrek eskaera izapidetzeko beharrezkoa den informazio eta orientazio guztia emango die eskatzaileei.

  2. Eskaerarekin edo eskaerekin batera, lege honetan eta lege hau garatzen duten arauetan kasu bakoitzean ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzeko behar diren agiriak aurkeztu beharko dira.

  3. Gizarte-zerbitzuek enplegu-zerbitzuetara bideratuko dituzte, kasuan kasuko protokolo estandarizatuen bidez, enplegu berri edo hobea lor dezaketen eta gizarteratzeko eta gizarte-babe­serako oinarrizko errentaren edo laneko diru-sarrerak osatzeko errentaren jasotzaile diren guztiak.

  1. Eskatzailea erroldatuta dagoen eta benetan bizi den udalerriko udalak izapidetuko du espedientea.

  2. Udalak aurkeztu diren eskabideen edukia egiaztatuko du, eta, ondorio horietarako, behar beste datu eta txosten eskatu ahalko die beste instituzio edo erakunde publiko zein pribatuei, edo eskatzaileari berari; nolanahi ere, horren ondoren beste euskal administrazio publiko batzuek ere kontrolatzeko eta ikuskatzeko jarduerak egin ahalko dituzte.

    Aurreko lerrokadan aipatutako datuak eta txostenak hauek baino ez dira izango: eskatzaileak lege honetan ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko ezinbestekoak direnak.

  3. Posible den guztietan, ahalegina egingo da aldi berean izapidetzen etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria eta prestazio horrek osatzen duen diru-sarrerak bermatzeko errenta.

    Prestazio eta errenta horiek aldi berean izapidetzerik ez badago, izapidetzeko eskuduna den udalak, administrazio-ekonomiaren printzipioa aplikatuz, diru-sarrerak bermatzeko errenta izapidetzerakoan aurkeztutako agirietara eta egindako egiaztatzeetara joko du, dagokionaren arabera, titulartasun hori lortzeko eskatutako baldintzei dagokienez, eta etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria emateari buruzko dokumentazio espezifikoa baino ez du eskatuko.

  4. Etxebizitza-osagarriaren arloan eskuduna den Eusko Jaurlaritzako sailak, aldian-aldian, osagarri horren jasotzaileei buruzko informazioa bidaliko dio etxebizitza-arloan eskuduna den Eusko Jaurlaritzako sailari beste sail bat baldin bada, etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriaren jasotzaileen lehentasuna kontuan har dadin Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza-politiketako plangintza estrategikoan.

  1. Udalak egiaztatuko du eskatzaileak edo haren bizikidetza-unitateko kideek jasotzeko eskubidea duten ekonomia-edukiko gizarte-baliabide eta -prestazioak bere osoan baliatu direla.

  2. Baldin eta eskatzaileak edo haren bizikidetza-unitateko kideak baliatu ez dituzten eskubide ekonomikoen hartzekodun badira, udalak eskatuko dio eskatzaileari espedientearen izapide­tzea amaitu aurretik bere eskubideak balia di­tzala, indarrean dauden legeetan ezarritakoaren arabera. Ezkontzako bizikidetza eten egin dela egiaztatzen den kasuetan, mantenu-eskubidea ere sartuko da aipatu eskubide ekonomiko horien artean.

    Diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrek betebehar berbera izango dute, baldin eta eskubide horiek prestazioa eman eta gero sortuak badira.

  3. Baldin eta eskatzaileak ez badu betetzen aurreko paragrafoan aipatutako betebeharra, udalak espedientea artxibatu egingo du izapide gehiagorik gabe.

  4. Ohiz kanpoko egoeretan, eskatzailea 2. paragrafoan aurreikusitako betebeharra betetzetik salbuetsi ahalko da, eta salbuespen hori erregelamendu bidez arautuko da.

  1. Diru-sarrerak bermatzeko errenta, edozein izanik ere modalitatea, eta etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria emateko edo ukatzeko ebazpena foru-aldundiak emango du, alegia eskatzailea erroldatuta dagoen eta benetan bizi den udalerriari dagokion lurralde historikoko foru-aldundiak, eta gizarte-larrialdietarako laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena, berriz, laguntzon eskabidea jaso duen udalerriko udalak.

  2. Prestazio ekonomikoen kasuan, ebazpena emateko eskuduna den organoak prestazioa emateko edo ukatzeko ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean emango du, dagokion eskabidea aurkeztu denetik kontatzen hasita. Epea berariazko ebazpena eman gabe amaitzen bada, eta eskatutakoa diru-sarrerak bermatzeko errenta, edozein izanik ere modalitatea, eta etxebizi­tzako gastuetarako prestazio osagarria badira, eman egin direla ulertuko da, eta, gizarte-larrialdietarako laguntzak eskatu badira, berriz, ukatu egin direla.

  3. Aipatu berri diren epeak eten egingo dira baldin eta prozedura eskatzaileari egotz legokiokeen arrazoi batengatik eteten bada.

Euskal administrazio publikoek bermatuko dute organismo eskudunek espedienteak izapidetzerakoan lortutako datuak isilpean gordeko dituztela, Datu Per­tsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan aurreikusitako moduan.

Aurrekoa horrela izanik ere, ulertu beharko da administrazio publikoek, herritarrak hobeto artatuko badituzte, beren artean lankidetzan aritu beharra dutela, eta, ildo horretatik, komeni dela komunikazio-bideak ezartzea, horiei esker informazioa emateko sistema arina eta etengabe eguneratua egon dadin eta euskal administrazio publikoek informazio-mota jakin batzuk parteka ditzaten, betiere pertsona artatuaren oniritzia jaso ondoren eta beharrezkotzat jotzen diren segurtasuneko dispositibo guztiak aplikatuz.

  1. Prestazioa ukatzen duten ebazpenek idatziak eta ondo motibatuak izan beharko dute beti, eta dagozkien administrazio- eta jurisdikzio-errekur­tsoak aurkeztu ahalko dira haien kontra.

  2. Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa horrela izanik ere, interesdunek kexa arrazoitua aurkeztu ahalko diote gizarteratzeari eta diru-sarrerak bermatzeari buruzko gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari.

  1. Lege honen ondorioetarako, gizarteratzeko hitzarmenak honela definituko dira: programa-dokumentuak dira, eta, horietan, parte hartzen duten aldeek gizarte- eta/edo lan-arloko ekintza espezifiko batzuk ezartzen dituzte, hain zuzen ere titularra eta bizikidetza-unitateko gainerako kideak baztertuta geratzeko arriskua edo baztertuta egotea prebenitzeko eta haien gizarteratzea eta laneratzea errazteko.

  2. Aurreko paragrafoan aipatzen diren gizartera­tzeko hitzarmenetan honako ekintza hauek jaso ahalko dira:

    1. Hezkuntzako eta prestakuntzako ezagupen berriak hartzeko beharrezkoak diren jarrerak eta ohiturak garatzea ahalbide­tzen duten ekintzak.

    2. Prestakuntza arautuko edo arautu gabeko ekintza espezifikoak, abiapuntuko prestakuntza-maila edo hartutako lanbide-gaitasunak ekoizpen-sistemaren beharretara egokitzea ahalbidetzen dutenak.

    3. Norberaren edo besteren konturako lanean lanpostu bat lortzea ahalbidetzen duten ekintzak, autoenpleguaren barruan jarduera profesional batera iristeko dauden bideak erabilita.

    4. Behar diren abilezia eta gaitasunak garatzeko ekintzak, bai egonkortasun per­tsonala eta bizikidetza orekatua lortzeko eta bai gizarteratzea eta gizartean, bereziki ohiko bizikidetza-giroan, parte har­tzea lortzeko.

    5. Osasun-sistemara iristen laguntzeko ekintzak, batez ere tratamendu mediko espezializatua edo desintoxikatzeko eta desohitzeko esku-hartze espezifikoak behar direnean.

    6. Zerbitzu soziosanitarioen sarera iristen laguntzeko ekintzak.

    7. Bestelako ekintzak, baldin eta gizartera­tzea bermatzeko beharrezkotzat jotzen badira.

  1. Hauek izango dira gizarteratzeko hitzarmenetan parte hartuko duten aldeak: alde batetik, udalak, beren gizarte-zerbitzuen bitartez, eta, bestetik, hitzarmenen hartzaileak izan daitezkeen pertsonak, alegia baztertuta geratzeko arriskuan edo baztertuta daudenak.

  2. Gizarteratzeko hitzarmenak ondorengo errenten titularrekin sinatuko dira:

    1. Gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errenta. Hitzarmena gizartera­tzera eta laneratzera bideratuko da, salbu dagokion gizarte-zerbitzuak eta enplegu-zerbitzuek uste badute lan-merkatuan sartzeko prozesu bati ekiterik ez dagoela une horretan.

    2. Laneko diru-sarrerak osatzeko errenta. Hitzarmena lan-egoera hobetzera zuzenduko da batez ere.

  3. Gizarteratzeko hitzarmen baten barruan, sinatu duen udalak bizikidetza-unitateko beste kide batzuk gizarteratzeko hitzarmenaren hartzaile moduan sartu ahalko ditu, baldin eta, dagokion gizarte-zerbitzuaren ustez, pertsona horiek baztertuta geratzeko arriskuan badaude.

  4. Orobat, udalak gizarteratzeko hitzarmen bat sinatu ahalko du hori eskatzen duen edozein pertsonarekin, baldin eta, dagokion gizarte-zerbitzuaren ustez, pertsona hori epe ertainean edo epe luzean gizarteratzeko eta laneratzeko esku-hartze edo jarduera espezifiko baten beharrean badago.

  1. Gizarteratzeko hitzarmen bat egiteko eta sina­tzeko prozesua ofizioz hasiko da 66.2 artikuluan jasotako kasu guztietan.

  2. Pertsona baten egoera 66.2 artikuluan jasota ez dagoenean eta pertsona horrek gizarteratzeko eta laneratzeko laguntza espezifikoak behar baditu, gizarteratzeko hitzarmen bat egiteko eskatu ahalko du, eta, horretarako, eskabidea aurkeztu beharko dio erroldatuta dagoen eta benetan bizi den udalerriko udaleko gizarte-zerbitzuari. Eskabidearekin batera, behar diren agiriak aurkeztu beharko ditu lege honetan eta lege hau garatzen duten arauetan kasu bakoi­tzean ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko.

  1. Udalek, gizarte-zerbitzuen eta enplegu-zerbi­tzuen bidez, gizarteratzeko hitzarmenen hartzaileak diren pertsonek gizarteratzeko eta lanera­tzeko dituzten beharrizan pertsonal eta/edo familiarrei buruzko diagnostikoa egingo dute, eta, hala badagokio, haren bizikidetza-unitateko kideen beharrizanei buruzkoa ere bai. Autonomia Erkidegoko lurralde osoan esku hartzeko aplikatzen diren irizpideak homogeneoak izango direla bermatzeko, euskal administrazio publikoek balorazioa egiteko tresna komunak aplikatuko dituzte, 83. artikuluan araututako moduan.

  2. Aurreko paragrafoan aipatutako diagnostikoan oinarrituta, oinarrizko gizarte-zerbitzuek dagokion gizarteratzeko hitzarmenaren proposamen pertsonalizatua diseinatuko dute, eta bertan zehaztuko dira gizarteratzeko parte hartzen duten aldeek hartutako konpromiso guztiak.

  3. Oinarrizko gizarte-zerbitzuetan gizarteratze-prozesuetan aditua den pertsonari egokituko zaio gizarteratzeko hitzarmenaren proposamena egitea, hitzarmena sinatu aurretik haren edukia negoziatzea, bertan jasotako jarduerak koordinatzea eta haren aplikazioaren segimendua egitea, enplegu-zerbitzuekin elkarlanean arituz.

  4. Kasua koordinatzeko eta haren segimendua egiteko eginkizunak betetzeko, gizarte-zerbitzu­ko erreferentziako profesionalak beste jarduera-eremu batzuetako profesionalen laguntza eskatu ahalko du, bai diagnostikoari eta orientazioari dagokienez, baita esku-hartzeari dagokionez ere, eta bereziki gizarte-zerbitzu, enplegu-, hezkuntza-, osasun- eta etxebizitza-arloetako profesionaletara jo dezake. Orobat, gizarte-ekimene­ko erakundeek lagundu ahalko diote, gizarte-zerbitzuentzako arauetan aurreikusitako moduan.

  5. Baldin eta aurretiko esku-hartzeren bat egon bada, erreferentziako profesionalak lankidetzan jardun beharko du esku-hartze hori egindako profesionalarekin.

  6. Gizarteratze-hitzarmen bat egiterakoan, udaletako gizarte-zerbitzuek haren esparruan antola daitezkeen jarduera guztiak hartuko dituzte kontuan, alde batera utzita jarduerok zein izaeratakoak diren eta haien titularrak gainerako erakunde publiko edo pribatu eskudunak diren. Ondorio horietarako, gainerako euskal administrazio publikoek koordinazioaren, lankidetzaren eta herritarrak zerbitzatzearen printzipioak betez jardun beharko dute, eta berdin erakunde laguntzaileen erregistroetan izena emanda dauden eta gizarteratze-, gizarte-zerbitzu, enplegu-, osasun- eta etxebizitza-arloetan diharduten erakunde pribatuek ere.

  7. Lanera orientaturiko gizarteratze-hitzarmenak sinatu dituzten pertsonak enplegu-zerbitzuetara bideratu beharko dituzte gizarte-zerbitzuek. Ezarritako protokoloak abian jarri, eta kasuan kasuko laneratzeko ibilbideak garatuko dituzte enplegu-zerbitzuek, eta gizarte-zerbitzu bidera­tzaileari informazioa helaraziko diote aldian-aldian.

    Diru-sarrerak bermatzeko errenten titularren kasuan, eta, dagokien gizarte-zerbitzuaren ustez, laneratzeko laguntzak soilik behar badituzte, enplegu-zerbitzuetara bideratuko dira. Enplegu-zerbitzuek bere gain hartuko dute kasua, eta handik aurrera erreferentzia-zerbitzu bilakatuko dira titularrarentzat.

    Diru-sarrerak bermatzeko errenten titularren kasuan, zahartzaroko edo erabateko baliaezintasuneko pentsioen onuradunak badira eta, dagokien gizarte-zerbitzuaren ustez, ez badute inolako gizarteratzeko neurririk behar, espedientea dagokion foru-aldundira bideratuko da, eta, une horretatik aurrera, foru-aldundi horrek hartuko du bere gain prestazioaren titularrarekiko zuzeneko harremana.

  1. Gizarteratzeko hitzarmenetan parte hartzen duten aldeek betebehar hauek izango dituzte:

    1. Hitzemandako jarduerei dagokienez izandako aldaketen berri ematea, jarduerak aurrera eramateko aukeran eragin badezakete aldaketa horiek.

    2. Sinatutako gizarteratzeko hitzarmenaren xedetik eta helburutik sortzen diren jarduera guztiak egitea.

  2. Nolanahi ere, eta gizarteratzeko hitzarmena sinatzean hartutako konpromisoak gorabehera, konpromiso horiek garatzeak ezin izango du inoiz oztopatu ez hitzarmenaren hartzaileek enplegu bat lortzea, ezta hitzarmenean aurreikusi gabeko prestakuntza-prozesuren batean sartzea ere, nahiz eta balitekeen horrelakorik gertatuz gero hitzarmena berrikusi behar izatea.

  3. Aurreko artikuluko 6. paragrafoan aurreikusitako printzipioen arabera, udalek edo kasuan kasuko jarduera-arloan eskudunak diren administrazio publikoek eta erakunde pribatuek eta publikoek gauzatuko dituzte gizarteratzeko hi­tzarmenetan sartutako jarduerak edo esku-hartzeak, beren programak gauzatze aldera eta programa horietan ezarritako eran.

  1. Eskatzailea erroldatuta dagoen eta benetan bizi den udalerriko udalak emango du hitzarmena sinatzea edo ez sinatzea ezartzen duen ebazpena.

  2. Ebazpena emateko eskuduna den organoak hitzarmena ukatzeko ebazpena emango du edo gizarteratzeko hitzarmena sinatuko du, bi hilabeteko epean, prozedura hasi denetik kontatzen hasita. Baldin eta epe hori igarotzen bada hi­tzarmena sinatu gabe, hasitako prozeduran atzera egin dela ulertuko da.

  3. Aurreko paragrafoan aipatutako epea eten egingo da prozedura eskatzaileari egotz dakiokeen arrazoi batengatik eteten denean.

  1. Gizarteratzeko hitzarmenean zehaztuko da zer maiztasunekin egingo den hitzarmenaren aplikazioaren ebaluazioa. Ebaluazio horren arabera edo parte hartzen duten aldeek hala adosten dutelako, alde horietariko batek aurrez eskatuta, edo ezinbesteagatik, hitzarmenaren edukia berrikusi eta aldatu egin ahalko da edo haren aplikazioa eten.

  2. Egoera bereziki larrien kasuan, titularrak hitzarmenetik sortzen diren konpromisoak betetzerik ez badu, aldi baterako eten egin ahalko zaio konpromiso horiek bete beharra, harik eta horretarako bidea eman duen egoera desagertu edo aldatu arte.

Honako hauek izango dira gizarteratzeko hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak:

  1. Hitzarmenean aurreikusitako gizarteratzeko helburuak lortzea.

  2. Onuradunak, berari egotz dakizkiokeen arrazoiak direla medio, hitzemandako jarduerak ez egitea.

  3. Parte hartzen duten aldeek hitzarmena suntsiarazteko akordioa lortzea.

  4. Hitzarmenarentzat jarritako epea betetzea, salbu eta luzatzea adostu bada.

  5. Ordenamendu juridikoan aurreikusitako gainerako arrazoiak.

Euskal administrazio publikoek bermatuko dute organismo eskudunek espedienteak izapidetzerakoan lortutako datuak isilean gordeko dituztela, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan aurreikusitako moduan.

Aurrekoa horrela izanik ere, ulertu beharko da administrazio publikoek, herritarrak hobeto artatuko badituzte, beren artean lankidetzan aritu beharra dutela, eta, ildo horretatik, komeni dela komunikazio-bideak ezartzea, horiei esker informazioa emateko sistema arina eta etengabe eguneratua egon dadin eta euskal administrazio publikoek informazio-mota jakin batzuk parteka ditzaten, betiere pertsona artatuaren oniritzia jaso ondoren eta beharrezkotzat jotzen diren segurtasuneko dispositibo guztiak aplikatuz.

  1. Ebazpenek prestazioa ukatzen badute, dagozkion administrazio- eta jurisdikzio-errekurtsoak aurkeztu ahalko dira ebazpenen kontra.

  2. Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa horrela izanik ere, interesdunek kexa arrazoitua aurkeztu ahalko diote gizarteratzeari eta diru-sarrerak bermatzeari buruzko gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari.

Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren barruan, eta baztertuta geratzeko arriskuan edo baztertuta daudenak gizarteratzeko eta laneratzeko helburua lor dadin, gizarte-babeseko arlo guztietan esku hartzeko neurri espezifikoak antolatu beharko dira, bereziki gizarte-zerbitzuetan, enplegu-zerbitzuetan, osasun-zerbitzuetan eta etxebizitza-zerbitzuetan.

Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak koordinatu egin beharko dituzte planifikatzeko dituzten lanabesak eta horien barruko jarduerak. Era berean, erregelamendu bidez zehaztuko dira sistema batzuek eta besteek batera jarduteko protokolo guztiak, aipatutako bi sistemek osasun-, hezkuntza- eta etxebizitza-arloekin batera jardutekoa bereziki.

  1. Euskal administrazio publikoek, prestakuntza- eta enplegu-gaietan dituzten eskumenen eremuan, lan-merkatuan sartzen laguntzeko neurriak jarri beharko dituzte pertsona edo talde jakin batzuentzat, hain zuzen ere beren ezaugarriengatik lan-merkatuan baldintza berberetan sartzerik ez dutenentzat edo hala sartzeko zailtasunak dituztenentzat. Neurri horien artean hauek egon daitezke:

    1. Lanerako prestakuntza.

    2. Laneko bitartekotza.

    3. Lan-merkatuan sartzeko laguntza eta babesa.

    4. Enplegu lagundua.

    5. Laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntza.

    6. Baztertuta geratzeko arriskuan edo baztertuta daudenentzako enplegu-zentro bereziak irekitzeko laguntza.

    7. Lan-merkatu arruntean baztertuta dauden pertsonen kontratazioa bultzatzea.

    8. Kontratu publikoetan klausula sozial batzuk sartzea, baztertuta edo lan-merka­tuan sartzeko bidean daudenak kontratatzen dituzten erakundeei lehentasuna ematen dietenak.

    9. Familia eta lana uztartzeko politiken esparruko laguntza-neurriak.

    10. Lan-merkatuan sartzen laguntzeko finan­tziazio-tresnak sustatzea.

  2. Aurreko paragrafoan aurreikusitako neurriak arautzean eta ezartzean, prestakuntza- eta enplegu-arloetan eskudunak diren euskal administrazio publikoek beren aurreikuspen eta jarduerak koordinatu egin beharko dituzte Gizartera­tzeko Euskal Planean dauden Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren aurreikuspen eta jarduerekin. Koordinazio ho­rren helburua da bermatzea jarduera guztiak eraginkorrak izango direla, baliabideak arrazionaltasunez erabiliko direla eta baztertuta daudenei laguntzen jarraituko dela, gizarteratzeko hitzarmenetan diseinatutako ibilbide pertsonalizatuen barruan.

Gizarteratzea gizarte-babeseko sistemek eta politika publikoek partekatzen duten helburua izanik, helburu hori lortzera zuzendutako neurriak jarri beharko dira, haien oinarrizko jarduera-eremu guztietan, batez ere hezkuntza-, gizarte- eta osasun-zerbitzuetan eta etxebizitza-politika publikoko zerbitzuetan.

  1. Euskal administrazio publikoek era antolatuan eta koordinaturik planifikatu beharko dituzte helburuak eta horiek lortzeko beharrezkoak diren tresnak, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren barruan, Autonomia Erkidegoko lurralde osoan lehentasunezko jarduera-ardatz komunak ezartzeko eta babes-maila homogeneoak sustatzeko.

  2. Aurreko paragrafoan aipatutako planifikazioa Gizarteratzeko Euskal Planaren bitartez gauzatuko da Autonomia Erkidegoaren eremuan, eta planifikazioa egitean euskal administrazio publiko guztiek, baita sektorean esku hartzen duten erakunde publikoek eta pribatuek ere, zuzenean parte hartuko dutela bermatu beharko da.

    Gizarteratzeko Euskal Plana gauzatzerakoan, foru-aldundiek eta udalek edo udalen elkarteek beren programak garatuko dituzte beren lurraldeetako jarduera-eremuetan.

  3. Plan bereziak prestatu ahalko dira auzo-, udalerri-, eskualde- edo bestelako geografia-eremue­tarako, baldin eta, bereziki degradatuta daudelako eta pobrezia- eta bazterkeria-tasa handiak dituztelako, epe laburrean edo ertainean ekintza integrala behar badute. Plan horiek Gizartera­tzeko Euskal Planak ezarritako ildoei jarraiki egingo dira.

Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema egituratzerakoan, haren diseinua eta funtzionamendua planifikazio-printzipio hauek kontuan hartuta egokituko dira:

  1. Gizarteratzeko eta laneratzeko tresnak denborari eta geografia-eremuari dagokienez planifika­tzea, hurbiltasuneko irizpidea bereziki kontuan hartuta, eta gizarte-babeseko beste arlo batzuetan dauden jarduera-plan autonomikoetan jasotako aurreikuspenekin koordinaturik, batez ere gizarte-zerbitzuetan, enpleguan, hezkuntzan, etxebizitzan eta osasunean daudenekin.

  2. Lurraldeen arteko oreka eta homogeneotasuna. Horretarako, zerbitzuak geografikoki nola banatu erabakitzean Euskal Autonomia Erkidegoko biztanle guztiek zerbitzuak baliatzeko aukera berberak izango dituztela bermatuko da.

  3. Eskura dauden baliabide guztiak, formalak eta informalak, publikoak eta pribatuak, modu integral, malgu, arrazional eta eraginkorrean erabiltzea, esku-hartzeak koordinatzeko eta sarean lan egiteko formula eragintsuetan oinarrituta.

  4. Aurrekontu orokorretan, nahikoa izango den urte anitzeko aurrekontu-zuzkidura jartzea.

  1. Gizarteratzeko Euskal Planak era koordinatu eta globalean jasoko ditu administrazio eskudunen jarduera orientatu behar duten esku hartzeko eta jarduteko ildo eta jarraibideak, baztertuta daudenak gizarteratzea lor dadin. Plana bost urtekoa izango da.

  2. Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordeak prestatuko du planaren proposamena eta Eusko Jaurlaritzari dagokio onartzea, Gizarteratzeko Euskal Kontseiluak nahitaezko txostena egin ondoren. Plana onartu eta gero, Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrari bidali beharko dio, komunikazio gisa, eztabaida dezan.

  3. Gizarteratzeko Euskal Planak honako ezaugarri hauek izango ditu:

    1. Gizarteratzeko eta laneratzeko beharrizanen diagnostikoan eta haien eboluzioaren pronostikoan oinarrituko da.

    2. Helburuak, ardatz estrategikoak eta horietako bakoitzeko ekintzak definituko ditu, garatzeko eta lortzeko epeak ezarriko ditu eta horretarako erakunde edo organo eskudunak zein diren zehaztuko.

    3. Plana bera modu sistematiko eta jarraituan ebaluatzeko mekanismoak ezarriko ditu.

      Planarekin batera, dagokion memoria ekonomikoa egingo da, eta han zehaztuko da zein aurreikuspen ekonomiko aldatu beharko diren urtero, helburuen ebaluazio sistematikoaren eta planaren aplikazioaren segimenduaren arabera.

  4. Euskal administrazio publikoek Gizarteratzeko Euskal Planaren eta erakunde eta sail arteko beste plan batzuen arteko koherentzia eta sinergiak bultzatuko dituzte, batez ere plan horren eta gizarte-zerbitzuetako eta enplegu, hezkun­tza, etxebizitza, osasun eta arreta soziosanitarioko planen artekoak.

Gizarteratzeko Euskal Plana euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, egiten eta garatzen dituzten programen bitartez gauzatuko da.

  1. Gizarteratze-arloan esku hartzeko irizpideak homogeneoak izango direla bermatzearren, euskal administrazio publikoek tresna komunak erabiliko dituzte balorazioak eta diagnostikoak egiteko, baita esku-hartze pertsonalizatuetarako ere.

  2. Horretarako, euskal administrazio publikoek «Diagnostikoa eta Esku-hartze Soziala» izeneko baliabide informatikoa erabiliko dute beharrizanei buruzko informazioa jasotzeko, beren lurralde-eremuan diagnostiko sozialak egiteko eta banakako diagnostikoak eta gizarteratzeko ibilbide pertsonalizatuak egiteko. Horren ordez beste tresna tekniko baliozkotu batzuk erabil ditzakete, horrela informazioa elkarri helaraztea eta datuak konparatzea errazteko.

  3. Aurreko paragrafoan aurreikusitako jarduerak gauzatzerakoan, informazioa ustiatzeari dagokionez, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak lankidetzan eta koordinaturik jardungo du babes sozialeko beste sistema eta politika publiko batzuekin, estatistika bidezko informazioa eraginkortasun handiagoz ezagutzeko, ustiatzeko eta zabaltzeko, arreta-sarreren magnitude nagusien ezagupen osoa lortze aldera.

  1. Kalitateko arreta eta arretarako estandarren hobekuntza bermatzeko, gizarteratze-gaietan eskudunak diren euskal administrazio publikoek kalitatearen kanpoko ebaluaziorako eta hobekuntza etengaberako metodo frogatuak aplika daitezen sustatuko dute, beharrizanei erantzutean eta Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema kudeatzeko egituren funtzionamenduan zer disfuntzio edo gabezia dauden zehazteko.

  2. Euskal administrazio publikoek beren artean koordinatuko dira Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sisteman parte har­tzen duten eragile eta profesional guztien prestakuntza sustatzeko eta planifikatzeko, bereziki gizarteratze eta laneratzean, esku-hartze sozialean eta familia-heziketan eta kulturen arteko bitartekotzan espezializatutako figura profesionalena.

  3. Euskal administrazio publikoek, beren eskumenen eremuan, gizarteratze-arloko ikerketa sustatuko dute eta ikertzeko eta ebaluatzeko lehentasunezko ardatzak zehaztuko dituzte, babes sozialeko eta esku-hartze politika publikoen eraginkortasuna erraztu eta berrikuntzari etekin gehiago ateratzearren.

  4. Euskal administrazio publikoek beharrezko diren bitartekoak antolatuko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan, beste autonomia-erkidego batzuetan eta Europako beste herrialde batzuetan garatutako jardunbide egokiak zein diren zehazteko eta horien segimendua egiteko.

  1. Eusko Legebiltzarrari dagokio legegintzako eginkizuna betetzea gizarteratze eta diru-sarre­rak bermatzearen arloan.

  2. Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak dira gizarteratzeari eta diru-sarrerak bermatzeari dagokienez erregelamendu bidezko garapena eta zuzeneko ekintza, lege honetan eta lege hau gara­tzen duten arauetan ezarritako eran.

    Lege honen ondorioetarako, zuzeneko ekintza­tzat hau jotzen da: lege honetan Eusko Jaurlari­tzari esleitzen zaizkion betearazpen-ahalez gain, beren interes orokorra dela-eta, beren izaera eta ezaugarriak direla-eta, edo izan dezaketen erabiltzaile-kopurua dela-eta, edo autonomia-erkidego mailan ematen direlako lor daitezkeen eskala-ekonomiak direla-eta, Euskal Autonomia Erkidego osoan modu bateratuan eman behar diren programak, prestazioak eta zerbitzuak gauzatzeko eskumena.

    Baldintza horiek betetzen direla arrazoitu egin beharko da eta hala adierazi Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez, Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordearen nahitaezko eta aldeko txostena jaso ondoren.

  3. Lurralde historikoetako foru-aldundiei eta udalei dagokie gizarteratzeko eta diru-sarrerak berma­tzeko arauak betearaztea, lege honetan eta lege hau garatzen duten arauetan ezarritakoaren arabera.

  1. Eusko Jaurlaritzari dagokio, gizarteratze-gaietan eskuduna den sailaren bitartez, honako eginkizun hauek betetzea:

    1. Lege hau garatzen duten arauak egitea eta onartzea.

    2. Gizarteratzeko Euskal Plana gauzatzeko behar beste baliabide eta bitarteko jar­tzea oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren lege-aurre­proiektuan urtero sartuko diren sailen programen bidez.

    3. Diagnostikoa egiteko eta esku-hartze planifikatu pertsonalizatua egiteko tresna tekniko komunak diseinatzea eta ezar­tzea, gainerako euskal administrazioekin koordinaturik eta lankidetzan.

    4. Lege honetan gizarteratzera zuzendutako prestazio ekonomikoei eta gainerako tresnei buruzko estatistikak planifikatzea eta diseinatzea, baita estatistika horiek egitea eta mantentzea ere, estatistika-arauen arabera eta gainerako euskal administrazioekin koordinaturik eta lankidetzan.

    5. Lege honetan eta lege hau garatzen duten arauetan ezarritakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren zuzeneko ekintzakoak diren programak, prestazioak eta zerbitzuak gauzatzea.

    6. Gizarteratzeko eta laneratzeko prozesuen ezarpena ebaluatzea; ebaluazio horren barruan, Eusko Jaurlaritzak banakoen kasuak berrikusi ahalko ditu, egokitzat jotzen duenean, eta, horrela, bere eskumen-mailan lege honetan aurreikusitako prestazio ekonomikoen eta programen titularrak eta hartzaileak kontrolatzeko eginkizuna bete ahalko du.

    7. Gizarteratzeko esku-hartze eta jarduera komunitarioak sustatzea, prestatzea eta garatzea.

    8. Gizarteratzeko Sail arteko Batzordea abian jartzea, eta haren lanen garapena bultzatzea.

    9. Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordea eratzea.

    10. Gizarteratzeko Euskal Kontseilua eratzea.

    11. Gizarteratzeko Euskal Plana onartzea eta plan hori Eusko Legebiltzarrari bidaltzea, komunikazio gisa, eztabaida dezan.

    12. Ordenamendu juridikoak agintzen dizkion gainerako eginkizunak.

  2. Eusko Jaurlaritzak, gizarteratze-gaietan eskuduna den sailaren bitartez, Gizarteratzeko Euskal Plana bost urterik behin ebaluatuko du, eta ebaluazio hori Eusko Legebiltzarrari aurkeztuko dio.

Lurralde historiko bakoitzeko foru-aldundiari dagozkio ondorengo eginkizunak, gizarteratze-arloan dituen eskumenen eremuan:

  1. Gizarteratzeko Euskal Plana gauzatzean onar­tzen diren gizarteratzeko foru-programak egitea eta garatzea.

  2. Diru-sarrerak bermatzeko errenta, edozein izanik ere modalitatea, eta etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria onartzea, ukatzea, eta, hala badagokio, berrikustea, aldatzea, etetea eta azkentzea.

  3. Diru-sarrerak bermatzeko errenta, edozein izanik ere modalitatea, eta etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria hilero ordaintzea.

  4. Lege honetan aurreikusitako prestazio ekonomikoen titularrak eta onuradunak kontrolatzeko eginkizuna betetzea, bere eskumen-mailaren barruan.

  5. Bere eskumen-eremuan zehapen-ahala balia­tzea, lege honetan eta lege hau garatzen duten arauetan jasotako eran.

  6. Foru-departamentuak koordinatzea, gizarte-babeseko arloetan dauden gizarteratzeko eta laneratzeko beharrei erantzuna eman diezaieketen zerbitzu eta zentro espezializatuenen sarea diseinatu eta garatzeko.

  7. Ordenamendu juridikoak agintzen dizkion gainerako eginkizunak.

Euskal Autonomia Erkidegoko udalei honako eginkizun hauek betetzea dagokie:

  1. Hala badagokio, Gizarteratzeko Euskal Plana gauzatzean onartzen diren gizarteratzeko udal-programak egitea eta garatzea.

  2. Baztertuta geratzeko arriskuan edo baztertuta dauden pertsonak detektatzea, batez ere gizarte-zerbitzuen bitartez, eta pertsona horien beharrizanen diagnostikoa egitea.

  3. Udal-departamentuak koordinatzea, gizarte-babeseko arloetan dauden gizarteratzeko eta laneratzeko beharrei erantzuna eman diezaieketen zerbitzu eta zentroen sarea diseinatu eta garatzeko.

  4. Gizarteratzeko esku-hartze eta jarduera komunitarioak sustatzea, prestatzea eta garatzea.

  5. Diru-sarrerak bermatzeko errentari buruzko eskabideak jasotzea eta espedienteak izapide­tzea, edozein izanik ere errenta horren modalitatea, eta orobat etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriari buruzkoak ere, ebazpen-proposamena barne.

  6. Gizarteratzeko hitzarmenak negoziatzea eta egitea gizarte-zerbitzuek, gizarte-zerbitzuen bitartez, eta hitzarmen horiek sinatzea diru-sarrerak bermatzeko errentaren hartzaileekin, beharrezkoa edo egokia dela jotzen dutenean, edo beste pertsona batzuekin, baldin eta, prestazio horien titularrak ez badira ere, behar badute eta berariaz eskatzen badute.

  7. Gizarte-larrialdietarako laguntzen eskabideak jasotzea, izapidetzea, onartzea eta ukatzea, eta, hala badagokio, laguntza horiei dagozkien ordainketak egitea.

  8. Beren eskumen-mailaren arabera, lege honetan aurreikusitako prestazio ekonomikoen titularren eta onuradunen segimendu jarraitua eta kontrola egitea, baita dagozkien gizarteratzeko hitzarmenena ere.

  9. Hala badagokio, gizarteratzeko hitzarmenak aldi baterako etetea, berrikustea eta aldatzea.

  10. Bere eskumen-eremuan zehapen-ahala balia­tzea, lege honetan eta lege hau garatzen duten arauetan jasotako eran.

  11. Ordenamendu juridikoak agintzen dizkien gainerako eginkizun guztiak.

Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sisteman erantzukizunak dituzten administrazio publikoek elkarri eskuordetu ahalko dizkiote lege honetan esleitzen zaizkien eginkizunak.

Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren finantza-iturriak hauek izango dira:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak.

  2. Lurralde historikoetako aurrekontu orokorrak.

  3. Udalen aurrekontuak.

  4. Horretara zuzendutako beste edozein ekarpen ekonomiko, betiere ordenamendu juridikoaren babesa badu.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan behar beste baliabide ekonomiko esleituko da, urtero, lege honetan araututako prestazio ekonomikoen zenbatekoak finantzatzeko eta lege honen arabera Eusko Jaurlaritzari dagozkion eskumenak gauzatzeko.

  2. Foru-aldundiek eta udalek, bakoitzak bere aurrekontuetan, behar beste baliabide ekonomiko esleituko dute, urtero, lege honetan aurreikusitako eskumenak gauzatzeko.

  1. Euskal administrazio publikoen arteko lankidetza, baita beste erakunde publikoekin izan beharrekoa ere, lankidetza-hitzarmenen bidez antolatuko da, edo indarrean dauden legeetan araututako beste edozein formularen bidez, ezarritako helburuak betetzera zuzenduko dela bermatzeko eta kasuan-kasuan egokitzat jotzen diren finantza-kontroleko neurriekin lotzeko.

  2. Aurreko artikuluan aurreikusitako aurrekontuko diru-izendapenen kontura eta gainerako finan­tza-iturrien kontura finantzatuko dira lege honetan araututako prestazio ekonomikoak.

  3. Gizarteratzeko hitzarmenen barruan antolatzen diren gizarte-zerbitzuak, enplegukoak, hezkun­tzakoak, osasunekoak edo etxebizitzakoak zerbitzu horiek berariaz arautzen dituzten arauetan aurreikusitakoaren arabera finantzatuko dira.

  1. Euskal administrazio publikoek lankidetzan eta koordinaturik jardun beharko dute, Gizartera­tzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren funtzionamenduan eraginkortasun eta eragimenik handiena bermatzeko.

  2. Lankidetza eta koordinazio horiek bideratze aldera, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak erakunde hauek izango ditu, haien bidez bere funtzionamendua antolatzeko:

    1. Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordea.

    2. Gizarteratzeko Sail arteko Batzordea.

  1. Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordea euskal administrazio publikoen arteko lankidetzarako organo goren gisa eratzen da, lege honetatik sortzen diren jardueretan erakundeen arteko koordinazioa bermatzeko.

  2. Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordea erregelamendu bidez zehaztuko diren kideek osatuko dute.

  3. Batzordeak segimendua egiteko azpibatzordeak eratu ahalko ditu, beharrezkotzat edo komenigarritzat jotzen duenean, eta haien jarduera-eremua unean uneko beharren arabera zehaztu ahalko da, bai geografia-zona jakin baterako, baita prestazio- edo jarduera-mota jakin baterako ere.

Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordeari honako eginkizun hauek betetzea dagokio:

  1. Lege hau garatzeko, aplikatzeko eta, hala badagokio, berrikusteko arauak egiteko irizpideak proposatzea.

  2. Nahitaez txostena egitea lege honen 85. artikuluan aurreikusitako ekintza zuzeneko adierazpenerako baldintzak betetzeari buruz. Hartzen diren erabakietan, Administrazio publikoaren ordezkaritzari dagokionez Erkidegoko, foru-lurraldeetako edo udaletakoarena, eragindako eta/edo betebeharrak jasotako administrazio-mailaren ordezkaritzaren aldeko botoa beharko da.

  3. Baztertuta geratzeko arriskuan edo baztertuta dauden pertsonen oinarrizko premiak detekta­tzea eta aztertzea, horiei aurre egiteko garatu beharreko jarduera-ildoak proposatzeko.

  4. Gizarteratzeko Euskal Planaren proposamena prestatzea.

  5. Lurralde- eta toki-eremuko planen eta programen gainean aholku ematea, baita gizarteratze-gaietan eragina duten foru- eta toki-arauen gainean ere.

  6. Gizarteratze-gaietan erantzukizuna duten euskal administrazio publiko guztiek informatua izatea gai horien inguruan onartzen dituzten plan eta programen segimendu eta ebaluazioari buruz, baita gizarteratze-gaietan eragina duten arauen aplikazioari buruz ere.

  7. Lege honen xedea lortzera zuzendutako estrategia, jarraibide eta jarduera nagusiak adostea.

  8. Diagnostikoak eta banakako planifikazioak egiteko euskal administrazio publikoek aplikatu beharreko tresna tekniko komunak adostea.

  9. Euskal administrazio publikoei lege honetan aurreikusitako gaietan beren jarduerak koordinatzeko beharrezko diren neurriak har ditzaten proposatzea, jarduera horiek garatzeko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak aztertuta bereziki.

  10. Kudeaketaren kalitatea kontrolatzeko txosten bat egitea bost urterik behin, lege honetan xedatutakoa aplikatzeko eta gauzatzeko hiru instituzio-mailek esku hartzeak sor ditzakeen disfuntzioak zein diren antzemateko, eta, hala badagokio, xedatutakoa eraginkortasunez betetzeko eta garatzeko behar diren jarduerak proposatzea.

  11. Eusko Jaurlaritzak udalei gizarte-larrialdietarako laguntzak banatzeko erabili beharreko irizpideak aztertzea, eta, hala badagokio, irizpideok berrikustea proposatzea.

  12. Batzorde honek egiten dituen txosten eta dokumentu guztiak Eusko Legebiltzarrari bidali beharko zaizkio.

  1. Ordenamendu juridikoak agintzen dizkion gainerako eginkizunak.

  1. Gizarteratzeko Sail arteko Batzordea Eusko Jaurlaritzak gizarteratze-gaietan egiten dituen jarduerak koordinatzeko organo gisa eratzen da, eta gizarteratzeko eta diru-sarrerak berma­tzeko eskumena duen sailari atxikita egongo da.

  2. Batzorde hori erregelamendu bidez zehaztuko diren kideek osatuko dute.

  3. Gizarteratzeko Sail arteko Batzordearen eginkizunak hauek dira:

    1. Bazterkeriaren aurka borrokatzeko esku-hartze eta jarduera espezifikoak identifikatzea eta erroldatzea, baita baztertuta daudenak pertsona bezala osatu, gizarteratu eta laneratu daitezen sustatzeko aplika daitezkeen esku-hartze eta jarduera orokorrak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eskumen-eremuan.

    2. Baztertuta dauden pertsonak aipatutako esku-hartze eta jarduerez baliatu ahalko direla bermatzeko printzipio orokorrak proposatzea, eta, hala badagokio, esku-hartze edo jarduera orokor bakoitzean aurreikusten diren laguntza edo jardueretatik baztertuentzat bereizi beharreko gutxieneko proportzioari buruzko proposamenak ezartzea.

    3. Sailen arteko gizarteratze-gaietako esku-hartzeak eta jarduerak koordinatzeko proposamenak ezartzea, eta, hala badagokio, zenbait sailetan batera eragiten duten jarduerei buruzko finantza-kargak sailen artean banatzeko irizpideei dagozkienak ere bai.

    4. Bazterkeriaren kontra borrokatzeko esku-hartzeen edo jardueren aplikazioa azter­tzea, eta, hala badagokio, bazterkeria-egoerek planteatzen dituzten arazoei aurre egiteko proposamen berriak azter­tzea.

    5. Sailek beren gizarteratzeko programen bidez Gizarteratzeko Euskal Plana gauza dezaten oinarrizko ildoak proposatzea.

    6. Bere antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua egitea.

    7. Lege honetan edo lege hau garatzen duten xedapenetan, baita gainerako ordenamendu juridikoan ere, esleitzen zaizkion gainerakoak.

Gizarteratzeko Euskal Kontseilua aholku emateko eta parte hartzeko organo gisa eratzen da, eta gizarteratzeko eta diru-sarrerak bermatzeko gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita egongo da. Bertan ordezkatuta egongo dira Eusko Jaurlari­tza, foru-aldundiak eta udalak; orobat sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, erabiltzaileenak, gizarte-ekintzako hirugarren sektorekoak, baldin eta gizarteratze-gaietan esku hartzen badute, eta gizarteratze-arloan lan egiten duten profesionalenak.

Kontseiluaren osaera, haren kideen izendapena, haren araubidea eta funtzionamendua erregelamendu bidez zehaztuko dira.

Gizarteratzeko Euskal Kontseiluari honako eginkizun hauek betetzea dagokio:

  1. Nahitaezko aurretiko txostena egitea, honako gai hauetaz:

    1. Gizarteratzeari eta diru-sarrerak berma­tzeari buruzko lege-aurreproiektuak.

    2. Gizarteratzeari eta diru-sarrerak berma­tzeari buruzko dekretu-proiektuak.

    3. Gizarteratzeari eta diru-sarrerak berma­tzeari buruzko plan orokorrak edo sektorialak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoa bada horien jarduera-eremua, eta bereziki Gizarteratzeko Euskal Plana.

  2. Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemari buruzko edozein gairen inguruan Jaurlaritzari aholku ematea eta proposamenak eta ekimenak aurkeztea.

  3. Baztertuta geratzeko arriskuan edo baztertuta dauden pertsonen oinarrizko premiak detekta­tzea eta aztertzea, premia horiei aurre egiteko garatu beharreko jarduera-ildoak Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordeari proposatzeko.

  4. Gizarteratze-gaietan esku hartzen duten eragileei iradokizunak, informazioa eta proposamenak helaraztea eta haienak jasotzea.

  5. Gizarteratzeko eta diru-sarrerak bermatzeko gaietan erantzukizuna duten euskal administrazio publiko guztiek informatua izatea plan orokorren eta sektorialen segimendu eta ebaluazioaren gainean.

  6. Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema hobetzeko gomendioak ematea; horretarako, Gizarteratzeko Euskal Planaren gaineko segimendu- eta ebaluazio-txostena egingo du urtero, eta, horrez gain, Eusko Jaurlaritzari nahiz eskudunak diren gainerako organo edo erakunde publikoei eta erakunde pribatuei proposamenak egingo dizkie baztertuta geratzeko arriskuan edo baztertuta dauden per­tsonak gizarteratzeko aurrera eraman behar liratekeen jarduerei buruz.

  7. Bere antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua egitea.

  8. Lege hau garatzen duen erregelamenduan edo indarreko araudian esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

Subjektu erantzuleak dira lege honetan tipifikatutako arau-hausteak egiten dituztenak, egitez edo ez-egitez.

100. artikulua. Arau-hausteak

Arau-hauste dira lege honetan tipifikatu eta zehatzen diren hartzailearen egite edo ez-egiteak.

Ezin izango da arau-hausteengatik zehapenik ezarri, dagokion espedientea izapidetzen ez bada aldez aurretik.

Arau-hausteak, beren izaeraren arabera, arinak, larriak eta oso larriak izango dira.

101. artikulua. Arau-hauste arinak

Hauek dira arau-hauste arinak:

  1. Titularraren edo onuradunaren ohiko bizilekuaren gaineko edozein aldaketa jakinarazteko betebeharra ez betetzea, baldin eta aldaketa horren ondorioz ez badu lege honetan aurreikusitako prestazioren bat, ez bazegokion ere, jaso edo jasotzen jarraitu.

  2. Ustezko arau-hausleak diru-sarrerak bermatzeko errenta edozein izanik ere modalitatea, etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria edo gizarte-larrialdietarako laguntzak lortzeko edo jasotzen jarraitzeko egindako jarduerak, horretarako eskatzen diren baldintzak ez dituela betetzen jakinda egindakoak, baldin jarduera horien ondorioz ez badu lortu prestazioa jaso­tzea edo jasotzen jarraitzea, edo baldin jarduera horien ondorioz prestazioetakoren bat lortu badu, ez bazegokion ere, eta jaso duen prestazioaren zenbatekoa hau bada: berarena bezalako bizikidetza-unitate bati urtean legokiokeen gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errentaren gehienezko zenbatekoaren % 50 edo gutxiago.

  3. Ustezko arau-hausleak diru-sarrerak bermatzeko errenta edozein izanik ere modalitatea, etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria edo gizarte-larrialdietarako laguntzak lortzeko edo jasotzen jarraitzeko egindako jarduerak, horretarako eskatzen diren baldintzak ez dituela betetzen jakinda egindakoak, alde batera utzita helburu hori lortu duen ala ez, eta jarduera horiek egiten dituenean beraren bizikidetza-unitatearen hileko diru-sarrerak honelakoak badira: berarena bezalako bizikidetza-unitate bati hilean legokiokeen gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errentaren gehienezko zenbatekoaren % 150 baino handiagoak eta % 200ekoak edo txikiagoak.

    102. artikulua. Arau-hauste larriak

    Hauek dira arau-hauste larriak:

  1. Ustezko arau-hausleak diru-sarrerak bermatzeko errenta edozein izanik ere modalitatea, etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria edo gizarte-larrialdietarako laguntzak lortzeko edo jasotzen jarraitzeko egindako jarduerak, horretarako eskatzen diren baldintzak ez dituela betetzen jakinda egindakoak, baldin jarduera horien ondorioz prestazioetakoren bat lortu badu, ez bazegokion ere, eta jaso duen prestazioaren zenbatekoa hau bada: berarena bezalako bizikidetza-unitate bati urtean legokiokeen gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errentaren gehienezko zenbatekoaren % 50 baino gehiago eta % 100 edo gutxiago.

  2. Ustezko arau-hausleak diru-sarrerak bermatzeko errenta edozein izanik ere modalitatea, etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria edo gizarte-larrialdietarako laguntzak lortzeko edo jasotzen jarraitzeko egindako jarduerak, horretarako eskatzen diren baldintzak ez dituela betetzen jakinda egindakoak, alde batera utzita helburu hori lortu duen ala ez, baldin eta jarduera horiek egiten dituenean beraren bizikide­tza-unitatearen hileko diru-sarrerak honelakoak badira: berarena bezalako bizikidetza-unitate bati hilean legokiokeen gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errentaren gehienezko zenbatekoaren % 200 baino handiagoak eta % 300ekoak edo txikiagoak.

  3. Bi arau-hauste arin edo gehiago batera gerta­tzea arau-hauste larritzat joko da.

    103. artikulua. Arau-hauste oso larriak

    Hauek dira arau-hauste oso larriak:

  1. Ustezko arau-hausleak diru-sarrerak bermatzeko errenta edozein izanik ere modalitatea, etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria edo gizarte-larrialdietarako laguntzak lortzeko edo jasotzen jarraitzeko egindako jarduerak, horretarako eskatzen diren baldintzak ez dituela betetzen jakinda egindakoak, baldin jarduera horien ondorioz prestazioetakoren bat lortu badu, ez bazegokion ere, eta jaso duen prestazioaren zenbatekoa hau bada: berarena bezalako bizikidetza-unitate bati urtean legokiokeen gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errentaren gehienezko zenbatekoaren % 100 baino gehiago.

  2. Ustezko arau-hausleak diru-sarrerak bermatzeko Errenta edozein izanik ere modalitatea, etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria edo gizarte-larrialdietarako laguntzak lortzeko edo jasotzen jarraitzeko egindako jarduerak, horretarako eskatzen diren baldintzak ez dituela betetzen jakinda egindakoak, alde batera utzita helburu hori lortu duen ala ez, baldin eta jarduera horiek egiten dituenean beraren bizikide­tza-unitatearen hileko diru-sarrerak honelakoak badira: berarena bezalako bizikidetza-unitate bati hilean legokiokeen gizarteratzeko eta gizarte-babeserako oinarrizko errentaren gehienezko zenbatekoaren % 300 baino handiagoak.

    104. artikulua. Arau-hauste bat baino gehiago batera gertatzea

    Lege honen 101.c, 102.b eta 103.b artikuluetan aipatzen diren jardueren ondorioz, gainera, jaso behar ez zatekeen prestazio bat jaso­tzen bada, dela diru-sarrerak bermatzeko errentarena edozein izanik ere modalitatea, dela etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriarena, dela gizarte-larrialdietarako laguntzena, arau-hauste bat baino gehiago batera gertatuko dira, eta, kasu horretan, egindako arau-hausterik larriena soilik zehatuko da.

    105. artikulua. Zehapenak

    1. Arau-hauste arinak arau-hausleari ohartarazpena eginez zehatuko dira.

    2. Arau-hauste larriak isunekin zehatuko dira. Isun txikienak 120 euro eta 180 euro bitartekoak izango dira; ertainak, 181 euro eta 240 euro bitartekoak, eta handienak, 241 euro eta 300 euro bitartekoak.

    3. Arau-hauste oso larriak isunekin zehatuko dira. Isun txikienak 301 euro eta 1.202 euro bitartekoak izango dira; ertainak, 1.203 euro eta 2.103 euro bitartekoak, eta handienak, 2.104 euro eta 3.005 euro bitartekoak, eta, gainera, prestazioak ezin izango dira jaso epe batean gutxienez, hiru hilabetean, eta gehienez, bederatzi hilabetean.

    4. Aurreko artikuluan aurreikusi bezala arau-hauste bat baino gehiago gertatuz gero eta betiere gutxienez horietako bi oso larriak izanez gero, eten egingo da diru-sarrerak bermatzeko errenten guztizko zenbatekoa jasotzeko eskubidea, edo, hala badagokio, gizarte-larrialdieta­rako laguntzen guztizko zenbatekoa jasotzekoa. Gainera, urtebetez prestazio horiek eskuratzea eragotziko duen zehapena ezarriko da. Ildo horretan, prestazioa aurreneko aldiz eteten denean, jaso beharreko zenbatekoa % 20 gutxituko da, eta bigarren aldian, % 50 gehienez. Horrelakorik bi aldiz baino gehiagotan gertatuz gero, prestazioa azkendu egingo da, eta, gainera, arau-hausleak bost urtez ezin izango du horrelako prestaziorik jaso.

    5. Artikulu honetan aipatutako zehapenak gorabehera, jaso behar ez zirela jasotako zenbatekoak itzuli beharrak bere hartan dirau.

      106. artikulua. Zehapenak mailakatzea

      Zehapenak graduatzerakoan honako hauek hartuko dira kontuan.

      1. Arau-hausleak izandako intentzioa.

      2. Arau-hausleak zentzuz jokatzeko benetan daukan gaitasuna.

      3. Jaso behar ez zela jasotako prestazioaren zenbatekoa.

      4. Euskal administrazio publikoek aurretik egindako errekerimenduak ez betetzea.

      5. Arau-hauslearen familia-inguruabarrak, bereziki egoera ekonomikoari dagokionez.

      6. Urtebetean, kalifikatutako arau-haustea egin zenetik kontatzen hasita, izaera bereko edo desberdineko beste arau-hauste bat edo batzuk egitea, administrazio-ebazpenaren bidez irmotzat jo badira.

      7. Damua, eta zehapen-prozedura hastea ekarri zuten kalteak erremediatzea, betiere prozedura hori amaitu aurretik gertatu bada.

        107. artikulua. Preskripzioen araubidea

        1. Lege honetan tipifikatutako arau-hauste oso larrien preskripzioa lau urtera izango da, larriena hiru urtera eta arinena urtebetera, arau-haustea egin den egunetik kontatzen hasita.

        2. Arau-hauste oso larriengatik ezarritako zehapenen preskripzioa lau urtera izango da, larriena hiru urtera eta arinena urtebetera, zehapena ezartzen duen ebazpena irmoa izaten hasten den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

          108. artikulua. Zehapen-prozedura

          Zehapen-prozedura erregelamendu bidez finkatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezarritako printzipioen arabera.

Lehenengoa. Indarrean den araudia aldi batean aplikatzea

Eusko Jaurlaritzak lege hau erregelamendu bidez garatu arte, egun indarrean dauden arauak aplikatuko dira, betiere ez badira lege honetan xedatutakoaren kontrakoak.

Bigarrena. Gizarteratzeko Erakunde arteko Ba­tzordea

Lege hau indarrean sartzean, lege honetan eratzen den Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordeak izen bereko aurreko erakundearen osaera eta funtzionamendua izango ditu, funtzionamenduko araudi espezifikoa onartu arte.

Hirugarrena. Gizarteratzeko Euskal Kontseilua

Lege hau indarrean sartzean, Gizarteratzeko Batzorde Iraunkorra Gizarteratzeko Euskal Kontseilua izatera igaroko da. Kontseiluak batzordearen osaera eta funtzionamendu berak izango ditu, funtzionamenduko araudi espezifikoa onartu arte.

Laugarrena. Finantza-berregokitzea

  1. Lege honetan egindako eskumen-banaketaren ondorioz, erakundeen artean dagokion finan­tza-berregokitzea egingo da.

  2. Eskumenen birbanaketa horrek eta finantza-berregokitze horrek ez dituzte, inola ere, legea indarrean sartzen denean egongo diren prestazioen eta zerbitzuen intentsitate- eta hedadura-mailak gutxituko.

    Bosgarrena. Zenbatekoen araubide iragankorra

    Oinarrizko errentaren araudiaren esparruan emandako zenbatekoak osatzearren foru-aldundiek emandako prestazioen onuradun ziren pertsonek jarraitu ahalko dute prestazio horiek jasotzen, betiere lege hau indarrean sartu aurretiko onuradunak badira eta bete beharreko baldintzak betetzen badituzte, eta jasoko duten zenbatekoa prestazio horien eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren gehienezko zenbatekoaren arteko diferentzia izango da.

    Foru-osagarri horri eutsiko zaio harik eta bizikidetza-unitatearen diru-sarreren eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren batura lege hau indarrean sartzen denean pertsona hori jasotzen ari den guztizkoaren parekoa den arte.

Lehenengoa. Garapen-arauak

Lege honen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusitako prestazio ekonomiko guztiak arautzeko dekretuak Eusko Jaurlaritzak egin eta onartuko ditu urtebeteko epean, lege hau indarrean sartzen denetik kontatzen hasita.

Bigarrena. Euskal gizataldeetako kideak

Lege honetan araututako prestazio ekonomikoentzat aurreikusten diren erroldatzeari eta benetako bizilekuari buruzko baldintzak ez zaizkie exijituko Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko Euskal Gizatalde eta Etxeekiko Harremanei buruzko maiatzaren 27ko 8/1994 Legearen 11.1 artikuluan aipatzen diren euskal gizataldeei, betiere artikulu horretan aurreikusitako gainerako baldintzak betetzen badituzte.

Hirugarrena. Tresna tekniko komunak arautzea

Eusko Jaurlaritzak bi urteko epean ezarriko du, gainerako euskal administrazio publikoekin koordinaturik, beharrizanak baloratzeko eta diagnostikoa egiteko aplikatzekotzat jotzen diren tresna teknikoen zerrenda, eta tresna horiek bermatu beharko dute, batetik, informazioa elkarri arintasunez pasatzen zaiola, eta, bestetik, datuak konparagarriak direla gizarteratze-gaietan eskuduna den Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailaren «Diagnostikoa eta Esku-hartze Soziala» izeneko baliabide informatikoaren bitartez jasotako datuekin.

Laugarrena. Zehapenen zenbatekoa eguneratzea

Eusko Jaurlaritzari baimena ematen zaio lege honetan aurreikusitako zehapenen zenbatekoa eguneratzeko.

Bosgarrena. Osasun Sailaren fitxategiak irispidean izatea

Administrazioak azkarrago jardun dezan, Osasun Sailak hilero jarriko ditu foru-aldundien esku lege honetan araututako prestazio ekonomikoen titularren eta onuradunen datu hauek: identifikazio-datuak, jaiotza-data eta heriotza-data.

  1. Indargabetu egiten dira lege honetan xedatutakoaren aurkakoa dioten edo haren aurka dauden maila bereko nahiz beheragoko mailako arau guztiak.

  2. Berariaz, xedapen hauek indargabetzen dira:

    1. 12/1998 Legea, maiatzaren 22koa, Gizarte Bazterkeriaren aurkakoa. Orobat, azaroaren 10eko 8/2000 Legea, azaroaren 10eko 9/2000 Legea eta ekainaren 25eko 4/2003 Legea, Gizarte Bazterkeriaren aurkako Legea aldatzekoak.

    2. Gizarte Eskubideen Agiriaren abenduaren 27ko 10/2000 Legearen 6, 7 eta 8. artikuluak.

Lehenengoa. Aurrekontuko egokitzapenak

Eusko Jaurlaritzari gaitasuna ematen zaio lege honetan araututako prestazio ekonomikoak finantza­tzeko beharrezko diren egokitzapenak eta/edo moldaketak egiteko, aurrekontu-gaietan eskuduna den sailaren bitartez.

Bigarrena. Arau-garapena

Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio lege hau garatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak eman ditzan.

Hirugarrena. Kudeaketa-eredua egokitzea

Eusko Jaurlaritzak, etorkizuneko jardueren ebaluazioaren esparruan eta jarritako baliabideen kopurua, jardueren konplexutasuna eta erakundeen artean lankidetza eta koordinazio handiagoa lortzea kontuan hartuz, gizarteratzearen eta diru-sarrerak bermatzearen arloan eskuduna den sailak proposatuta eta, lege honen 95. artikuluan ezarritako moduan, Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordearen nahitaezko eta aldeko txostena jaso ondoren, behar diren xedapenak egingo ditu lege honetan aurreikusitako prestazio ekonomikoen eta gizarteratzeko eta laneratzeko tresnen kudeaketa eta koordinazioa egokitzeko, zehaztuko diren programa, prestazio eta zerbitzuen gauzatzea eta kudeaketa integrala bere gain hartzeko aukera duelarik hala dagokionean. Horretarako, Jaurlaritzak zuzeneko ekintzako adierazpen bat egin beharko du 85.2 artikuluan aurreikusitako moduan.

Laugarrena. Ordezko araubidea

Lege honetan aurreikusten ez diren kontuetan honako hauek aplikatuko dira:

  1. Administrazio-prozedurari dagokionez, 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena.

  2. Zehapen-araubideari dagokionez, gaiari buruz indarrean dauden lege orokorretan aurreikusitako arau substantiboak eta prozedura-arauak.

  3. Diru-laguntzen araubideari dagokionez, gizarte-larrialdietarako laguntzei eragiten dieten kontuetan, diru-laguntzei eta laguntzei buruzko arau orokorrak.

    Bosgarrena. Legea indarrean sartzea

    Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

    Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

    Vitoria-Gasteiz, 2008ko abenduaren 26a.

    Lehendakaria,

    JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (15)

Arauaren historia

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.