Arautegia
Inprimatu16/2008 LEGEA, abenduaren 23koa, Turismoa Antolatzeko Legea aldatzekoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Legea
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 250
- Hurrenkera-zk.: 7233
- Xedapen-zk.: 16
- Xedapen-data: 2008/12/23
- Argitaratze-data: 2008/12/31
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Merkataritza eta turismoa
Testu legala
Eusko Legebiltzarrak abenduaren 23ko 16/2008 Legea, Turismoa Antolatzeko Legea aldatzekoa, onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.
16/2008 Legea, abenduaren 23koa, Turismoa Antolatzeko Legea aldatzekoa
Proposaturiko aldaketaren helburua indarrean dagoen arau-esparrua eguneratzea da, Euskadin Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legea eguneratzea, alegia. Azken hamarkadan, euskal turismo-sektorean bilakaera nabarmena gertatu da; proposatutako aldaketak bilakaera horretan oinarritzen dira; bestela esateko, araudia bilakaera positibo horretara egokitzeko premian. Gaur egun, turismo-sektoreak BPGren % 5,2ko ekarpena egiten dio ekonomiari, eta enpleguari eta errentari dagokienez, hazteko ahalmen handia duen sektore ekonomiko eta estrategikoa da, Euskadiren irudia mundu osora zabaltzen eta hobetzen laguntzen duela.
Aldiz, turismo-eskaria ikertzeko azterlanen arabera, eskari hori aldatu egin da eta euskal turismo-eskaintzaren profila aldatu eta egokitzea komeni da, betiere aldaketa horiek legean ere jasota.
Hori horrela izanik, Turismoaren Mundu Erakundeak mundu osoko prospektiba egin du («Tourism 2020 vision») 2020. urtean bidaiatuko duen jendeari buruz, eta azterlan horretan honako aldaketa hauek aipatzen dira: eskaria gehiago dibertsifikatzea, eta, horren ondorioz, turismo-produktuen mikrosegmentazioa eta espezializazioa; kalitatea, balio ordezkaezintzat hartuta; turismo iraunkor eta arduratsua; eta bezeroen interes berria, izan ere, helmuga turistikoaren azpiegituren egoera baino gehiago, turismo-esperientziaren balio subjektiboa bilatuko baitute.
Horren osagarri, datozen urteotan hazkunde-kuota handienak izango dituzten eskari-segmentuak honako hauek izango dira: kultura-turismoa, abentura-turismoa eta ekoturismo edo natura-turismoa; eta hain justu euskal turismo-eskaintzak aukera ezin hobeak ditu segmentu horietan.
Euskadira datorren bisitariaren portaera eta tipologia aztertzen duen Ibiltur inkestak datu adierazgarriak eskaini dizkigu gaur egun EAEra etortzen diren turisten profilean eta bidaiaren motibazioan izan den aldaketa nagusiari buruz; izan ere, aisialdiko bidaiak dira nagusi gaur egun, orain arte lanak eragindako bidaiak nagusi izanik.
Ikuspegi horrekin bat etorriz, egungo Euskal Turismoaren Lehiakortasun Planak honako helburu hauek biltzen ditu: Euskadik hiri- eta kultura-turismoan Estatuko eta nazioarteko merkatuan lortu duen posizioa sendotzea; natura-turismoa bultzatzea produktu turistiko berriak sortuz, hala nola ekoturismoa, Santiago Bidea, mendi-ibiliak, turismo ornitologikoa eta mendiko bizikletak; halaber, sektorea lehiakorragoa izan dadin, turismo-araudia garatu eta hobetzea.
Era berean, ezin ditugu alde batera utzi gure Autonomia Erkidegoaren lehiakide izan daitezkeen helmugetako lege-esparruetan egiten dituzten aurrerapenak, aurrerapen horiek lehen aipatutako joera-aldaketen adierazle baitira.
Horretaz gain, egungo legearen artikuluetarako proposatu diren aldaketen eragile izan dira honako gertakari hauek ere:
Legean ez dira barne hartzen ostatu hartzeko figura jakin batzuk: landetxeak; eta denboraren poderioz, EAEko landa-ostatuak profesionalizatzeko esanguratsu eta ezinbestekoak izan direla ikusi dugu.
Hotelen osagarri diren ostatu hartzeko beste figura batzuk izatea; esaterako, oporretako etxebizitza turistikoak eta etxe partikularretan ostatu hartzea. Figura horiek ez dute betetzen kalitate-estandarrik, ireki eta martxan jartzeko eskakizun-maila oso txikia baita legean, baina Euskadin ez dute ezarpen-maila handirik lortu, EAEko garapen ekonomikoari gainbalio txikia ematen diotela. Gaur egun, EAErako proposatutako garapen turistikoaren eredu berriarekin ez datoz bat, eredu berria kalitatean, iraunkortasunean eta gure kultura eta paisaiaren balioak indartzean oinarritzen baita.
Ohikotasunaren kontzeptu zabala; zenbait ostatu motaren bizitegi-erabilera baldintzatzen du kontzeptu horrek eta ez dator bat, inolaz ere, Turismoaren Munduko Erakundeak emandako gomendioekin turista kontzeptua eta horrek dakarren erabilera turistikoaren behin-behinekotasuna definitzeko garaian. Ohikotasunaren kontzeptu zabal horrek batik bat, apartamentu turistikoei dagokienez turismorako ostatuen bizitegi-erabilera errazten du, turisten trafikoari begirako ostatu-eskaintza desitxuratzen dela.
Kanpinak garatzeko legez ezarritako mugak; kanpinei buruzko legedian ez da ematen behar adina pizgarri sektore horretako enpresa-ekimena bultzatzeko, eta ez da estandarrik bermatzen ere, erabiltzaileei eskaintzen zaizkien zerbitzu osagarrien kopuruari eta kalitateari dagokienez, betiere inguruko lehiakideek eskaintzen dutenarekin alderatuta.
Apartamentu turistikoak zer diren zehazteko garaian, legegileak emandako definizio anbiguo eta zalantzagarria; esate baterako, «eraikuntza aurrefabrikatuak» kontzeptua aipatzen du, eta kontzeptu horren bidez, apartamentu turistikoaren ohiko figurarekin inolako zerikusirik ez duen zerbait uler daiteke.
Legearen zehapen-araubidea eguneratzeko premia; 2003. urtean onartutako Kontsumitzaileen Estatutuari buruzko Lege berriaren ildoari jarraiki, zenbait egokitzapen egitea.
Turismoaren arau-esparrua berraztertu eta eguneratzeko premia, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera; izan ere, lehiakortasuna ezin da aitzakia izan pertsonen oinarrizko eskubideak urratzeko; azterketa eta gaurkotze hori egin ondoren, kasuan kasuko arauzko irizpenak eman dira.
Lehen artikulua. Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 4. artikuluko 3. paragrafoko c) idatz-zatia eta lege bereko 5. paragrafoa berriz idazten dira, eta honela geratzen dira:
Lehiakortasun-diagnostikoei, plan estrategikoei eta helmuga turistikoei buruzko azterketak egiteko laguntza. Azterketa horiek beren datuak sexuaren arabera bereizita aurkeztu beharko dituzte, eta, hala badagokio, azterketaren xede den gaia ikertzerakoan genero-ikuspegia gaineratu beharko dute.
Turismoaren sektorean lanbide-heziketa biziagotzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea, eskakizun sozioekonomiko orokorren arabera eta enplegu-politikan arreta berezia jarrita, eta bertan genero-ikuspegia gaineratzea.
Turismo Administrazioak emandako jarduera-baimena eta sailkapena bere horretan mantenduko dira beraiek emateko orduan kontuan hartu diren baldintzak betetzen diren bitartean. Alabaina, jarduera-baimen eta sailkapen horiek ezeztatu edo aldatu egin ahal izango dira beraiek ematea eragin zuten inguruabarrak betetzen ez direnean edo desagertzen direnean, edo beste inguruabar batzuk gertatzen direnean baimenak ematerakoan egon izan balira haiek ukatzea justifikatuko zuketenak. Baimenen ezeztapena edo aldaketa egin aurretik, ordea, dagokion espedientearen instrukzioa egingo da, eta hartan aukera emango zaio interesdunari bere iritzia adierazteko.
Turismo-ostatuko enpresak dira lanbide gisa eta ohiko jardun gisa, aisialdi-helburuekin edo negozio edo bestelako arrazoiengatik, pertsonei aldi baterako ostatua ematen dietenak. Ostatua prezio baten truke emango da, zerbitzu osagarriekin edo zerbitzu osagarririk gabe, eta ostatu-emateak ezin izango du eragin bizileku-aldaketarik ostatu-hartzailearentzat.
Lege honen ondorioetarako, aldi baterako ostatutzat hartzen da urtebetetik beherako denboran modu jarraituan eskaintzen dena.
Hotelez kanpoko turismo-ostatuak dira kanpinak eta kanpatze-turismoko beste mota batzuk, landetxeak, nekazaritza-turismoak, turismo-apartamentuak eta turismo-aterpetxeak. Bestelako ostatu-mota oro ere turismo-ostatu izango da, baldin eta hura baimendu beharra interes orokorreko arrazoiekin justifikatzen bada eta erregelamendu bidez zehazten bada.
Erregelamendu bidez zehaztuko dira hotelen multzoko kategoriak, baita sailkapenerako irizpidetzat hartuko diren baldintzak ere.
Erregelamendu bidez zehaztuko dira apopilo-etxeen multzoko kategoriak, baita sailkapenerako irizpidetzat hartuko diren baldintzak ere.
«3. atala. Kanpaketa-turismoko beste modalitate batzuk
Kanpaketa-eremu naturalak dira eremu batzuk kokapen, topografia eta baso-aberastasun originala edo bestelako inguruabar berezi behar bezala egiaztatu bat daukatenak eta prezio baten truke, opor- edo aisialdi-helburuekin, aldi baterako okupatzeko baliagarri direnak. Okupazio hori, kanpinekin alderatuta, naturari dagokionez hurbiltasun handiagoz eta ustiatze-moduari dagokionez modu arinagoz egingo da, eta okupazio-baldintzak erregelamendu bidez zehaztuko dira.
Kanpaketa-eremu naturalak natur gune babestuetan edo Natura 2000 sareko tokietan ezarri ahal izateko, kasuan kasuko antolaketa- eta kudeaketa-planetan jasotako baldintzak bete beharko dira. Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak uste baldin modu nabarmenean eragin dakiekeela Natura 2000 sareko tokiei, habitat naturalen eta basa fauna eta floraren kontserbazioari buruzko 92/43/CEE direktibak 6. artikuluan dakarren ebaluazioa egingo zaio kanpaketa-eremuaren proiektuari. Horrez gainera, bete beharrekoa izango da ingurumen-eraginaren ebaluazioari dagokionez kasu bakoitzean aplitzekoa den legerian ezarritakoa ere.
Kulturaren, jolasaren edo kirolaren arloko ekitaldietarako kanpaketa-eremutzat hartzen dira horrelako ekitaldiren bat egiteko baimendutako eremuak, eta ekitaldiak irauten duen aldian soilik funtzionatuko dute.
Udalari dagokio bere barrutian instalatu nahi den kanpaketa-eremua, erregelamendu bidez ezartzen diren txostenak aztertu ondoren, baimentzea. Nolanahi ere, udalak lurraren jabetza- eta erabilera-eskubidea errespetatzen direla egiaztatuko du, eta segurtasunari eta osasunari dagokienez, bai eta lurraldeko natura, historia, kultura, hirigintza, arte, paisaia, nekazaritza, basogintza eta faunaren balioak errespetatzeari dagokienez ere, beharrezkoak diren baldintzak bermatuko ditu.
Kulturaren, jolasaren edo kirolaren arloko ekitaldietarako kanpaketa-eremuak ezingo dira instalatu kanpinak jartzea debekatuta dagoen tokietan.
Iragaitzazko autokarabanen eta karabanen harrera-eremu bereziak dira lursail batzuk erregelamendu bidez zehazten den motako ibilgailuek, bidean doazela atsedena hartze aldera eta ibilgailuetan pilatutako hondakinak uzte aldera, prezio baten truke, aldi baterako okupatzeko direnak. Lursail horiek jendearentzat irekita eta behar bezala mugatuta, hornituta eta egokituta egongo dira eta erregelamenduz zehaztutako ibiligailuek gutxieneko kopuru batean okupatuko dituzte.
Iragaitzazko autokarabanen eta karabanen harrera-eremu bereziak soilik horrelako eta antzeko ibilgailuek erabiltzeko dira. Aurreko atalean sartutzat hartu ez daitezkeen kanpin-dendak edo aterpe mugikorrak ezin izango dira haietan instalatu. Era berean, eremu berezi horietan ezin izango da instalatu aterpetxe finkorik edo antzeko bestelakorik, erabiltzaileek ostatu hartzeko.
Debekatua dago establezimendu berezi horietako lursailak saldu edo azpierrentan ematea.
Eremu hauek erregulatzen dituen erregelamendua bat etorriko da kasu bakoitzean aplikatzekoa den ingurumen-legerian ezarritakoarekin».
«25. artikulua. Kontzeptua.
Nekazaritza-turismoko establezimenduak dira landa-inguruan kokatuta eta nekazaritza edo abeltzaintzako ustiapenetan integratuta daudenak eta dagokion landa-eremuko berezko arkitekturako eraikinetan, prezio baten bitartez, mantenuarekin edo mantenurik gabe, ostatu-zerbitzua ematen dutenak. Nekazaritza edo abeltzaintzako ustiapentzat, berriz, indarreko legerian horri buruz ezartzen dena hartzen da.
Nekazaritza-turismoko establezimenduak, beren instalazioen eta zerbitzuen arabera, erregelamendu bidez zehazten diren kategorietan sailkatu ahal izango dira, hala nahi izanez gero.
Nekazaritza-turismoko establezimenduaren titularra nekazaritzako edo abeltzaintzako ustiapenaren titular edo titularkide izango da eta bere ohiko etxebizitza establezimendu hori edo horren inguruan egongo den etxebizitza bat izango da nahitaez».
atala. Landetxeak.
Landetxeak dira establezimendu batzuk landa-inguruan kokatuta daudenak eta dagokion landa-eremuko berezko arkitekturako eraikinetan, prezio baten bitartez, mantenuarekin edo mantenurik gabe, ostatu-zerbitzua ematen dutenak. Landetxearen titularrak edo, bestela, kudeaketaren arduradunak establezimenduan bertan edo establezimenduaren inguruan eduki beharko du bere ohiko etxebizitza.
Landetxeak, beren instalazioen eta zerbitzuen arabera, erregelamendu bidez zehazten diren kategorietan sailkatu ahal izango dira, hala nahi izanez gero.
atala. Apartamentu turistikoak.
Apartamentu turistikoak dira establezimendu batzuk gutxienez logela, bainugela, egongela, jangela eta sukaldea dituzten ostatu-unitatez osatutakoak. Ostatu-unitate horiek multzo independente gisa eskainiko dira eta enpresa-ustiapeneko unitatearen printzipiopean kudeatuko dira, eta profesionalki eta ohikotasunez aldi baterako ostatua ematera bideratuko dira, betiere ostatu-hartzailearentzat bizileku-aldaketarik eragin gabe.
Lege honen ondorioetarako, ustiapen-unitatetzat hartzen da turismorako apartamentuen ostatu-arloko turismo-ustiapeneko jarduera enpresa-titular bakar menpean egon beharra.
Aurreko paragrafoan adierazitako turismo-ustiapenaren titularrak establezimenduaren turismo-ustiapenerako gaituko dituen pertsona jabeen titulu juridikoa eskuratu behar du jabeengandik, ustiapenetik ondorioztatzen diren erantzukizunak bermatzeko.
Apartamentu turistikoak, beren instalazioen eta zerbitzuen arabera, erregelamendu bidez ezartzen diren kategorietan sailkatuko dira.
Landa-eremuan kokatutako apartamentu turistikoei dagokienez, kasu bakoitzean aplikatzekoa den ingurune-legeriaren baldintzak bete beharko dituzte.
Arauketa honetatik kanpo geratzen dira honako hauek:
Eskola-, hezkuntza- edo gizarte-arrazoiengatik ostatua gela kolektiboetan eskaini ohi duten establezimenduak.
Ohe askoko gelak dituzten ostatuak, gela horiek erabiltzeko talde edo erakunde jakin bateko kide izan beharra dagoenean.
Gazte Aterpetxeen Sarean integratutako gazte-aterpetxeak, beren arauketa espezifikoaren arabera arituko baitira.
Ohe askoko gelak dituzten ostatuak, zerbitzu hori diru-ordainik gabe ematen denean edo emandako diru-kopurua dohaintzan izaten denean.
Erregelamendu bidez zehaztuko dira aterpetxe-taldearen kategoriak eta bete beharreko eskakizunak, bai eta establezimenduen bereizgarriak ere».
Jatetxeak eta kafetegiak, beren instalazioen eta zerbitzuen arabera, erregelamendu bidez ezartzen diren kategorietan sailkatuko dira.
Horretaz gain, jatetxeak eta kafetegiak sailkatzeko sistema kualitatiboa aplikatuta zehaztutako produktuak bultzatuko ditu Administrazioak, eta dagokionean, baita onartu ere, sustapenari begira.
Turismo-enpresa osagarritzat hartzen dira ostatu-hartzeko establezimendu, jatetxe edo bidaia-agentzia ez izanik, euskal turismo-eskaintza hobetzen dutenak eta erregelamendu bidez hartakotzat sailkatzen diren guztiak.
Turismo Administrazioak behar diren neurri guztiak hartuko ditu turismo sektoreko lanbideei dagozkien jarduerak gauzatze aldera eta jarduera horietan prestatze eta hobetze aldera, eta besteak beste genero-ikuspegiaren ezarketan lankidetzan arituko da administrazio eskudunarekin. Era berean, enplegu-baldintza onenak bultzatuko ditu turismo sektoreko langile eta profesionalentzat, turismo-eskaintzaren garapena antolatzeko neurrien barruan.
Lege honetan aipatzen diren gaietan informatu, zaindu, ikertu, ikuskatu, izapidetu eta gauzatzeko funtzioak betetzeari dagokionez, agintaritza eskudunek edo horien agenteek eskatutako informazioa emateari edo datuak emateari uko egitea edo oztopoak jartzea. Halaber, informazio okerra edo gezurrezko dokumentazioa ematea.
Turismo-kanpalekuetan kanpinlari finkoak edo erresidentzialak onartzea, debekatutako kanpaketa-unitateak instalatzea, elementu finkoak ezartzea edo legez edo erregelamenduz baimendutakoa baino aldi luzeagorako edo ehuneko handiagoetan lursailen alokairu-kontratuak sinatzea».
Berrerortzea gertatuko da arau-haustea egin duen pertsonak bi urteko epean gutxienez mota bereko beste arau-hauste bat egiten badu, betiere epai irmoaren bidez arau-haustetzat hartuz gero. Berrerortze-kasuan, arau-hausteari dagokion zehapena gehienezko mailan ezarriko da.
Arau-haustea gertatu den egunean hasiko da epea zenbatzen.
Aurreko artikuluan ezarritako irizpideei jarraiki, gutxienezko mailako, maila ertaineko eta gehienezko mailako zehapenak ezarri ahal izango dira.
Arau-hauste arinak ohartarazpenaren bidez edo 90 eurotik 900 eurora bitarteko isunarekin zehatuko dira. Ohartarazpen-zehapena jarriko da arintzat hartutako arau-hausteen kasuan, baldin eta arau-haustearen nondik norakoak isuna jartzea eskatzen ez badu, eta betiere arau-hauste horretan berrerortzea gertatzen ez bada.
Isun-zehapenaren gutxieneko maila 90 eurotik 225 eurora bitarte izango da; maila ertaina 226 eurotik 450 eurora, eta gehienezko maila 451 eurotik 900 eurora.
Hutsegite larriak isunaren bidez zehatuko dira, gutxieneko mailan 901 eurotik 1.800 eurora bitarte; maila ertainean 1.801 eurotik 4.500 eurora, eta gehienezko mailan 4.501 eurotik 9.000 eurora.
Hutsegite oso larriak isunaren bidez zehatuko dira, gutxieneko mailan 9.001 eurotik 13.600 eurora bitarte; maila ertainean 13.601 eurotik 18.125 eurora, eta gehienezko mailan 18.126 eurotik 45.000 eurora.
Lege honetan aurreikusitako arau-hauste eta zehapenek honako epe hauetan preskribatuko dute:
Arau-hauste arinak: urtebetean.
Arau-hauste larriak: bi urtean.
Arau-hauste oso larriak: hiru urtean.
Seigarrena. Turismo-erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei dagokienez, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legean aurreikusitakoaren arabera bermatuko dira.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko abenduaren 26a.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.