Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

9/2004 LEGEA, azaroaren 24koa, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 238
  • Hurrenkera-zk.: 6397
  • Xedapen-zk.: 9
  • Xedapen-data: 2004/11/24
  • Argitaratze-data: 2004/12/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa
  • 2004/12

    Jaurlaritzaren Lehendakaritza

    9/2004 LEGEA, azaroaren 24koa, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari buruzkoa. Jatorrizko Testua:

  • 2011/04

    Justizia eta Herri Administrazio Saila

    73/2011 DEKRETUA, apirilaren 12koa, zeinen bidez aldatzen baita Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak irizpena eman behar dien ondare-erantzukizuneko gaietako gutxieneko zenbatekoa. Aldatutakoa

+ -

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak honako Lege hau onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei:

Arauak eta egintza administratiboak etenik gabe sortzen ari dira gizarte eta ekonomia bizitzako arlo guztietan, hori baita gaur egungo sistema politikoen ezaugarri nabarmenetariko bat. Horrela, botere publikoek lan ikaragarria egin beharra daukate gizarteak bere ordezkarien bitartez jartzen dituen helburuei aurre egiteko eta herritarren eskaerei erantzuteko.

Egungo sistema demokratikoek, bestalde, exijitu egiten dute jarduera publikoa zehatz-mehatz atxiki dakiela ordenamendu juridikoa osatzen duten printzipio eta arauei. Horren helburua ez da indarrean dauden legeek adierazitako borondate orokorra gauzatzea bakarrik, gehiago da: herritarren eskubide eta interes legitimoak errespetatzea eta botere publikoak albait eraginkorrenak izatea.

Horiek horrela izanik, eta zuzenbide-estatua osatzen duten printzipioei, erakundeak eta arauak ardatz dituzten horiei, erabateko eraginkortasuna emateko, beharrezkoa da Administrazioaren egintzak eta arauak ekoizteko prozedurei organo espezializatuek laguntza eta aholkularitza juridiko etengabekoa eskaintzea, bai egintzok eta arauok gertatu eta idazteko orduan, bai horiek onartzekoan.

Bereziki, indarrean dauden legeetan jasota dagoenez, ordenamenduko araurik nabarmenenetako batzuei buruz eta finkatutako egoera edo harreman juridikoak sakonago alda ditzaketen egintzei buruz amaierako azterketa juridikoa egin beharko litzateke. Ildo horretatik, horiei buruzko irizpena emateko ardura eginkizun horretarako beren beregi eratutako organo aholku-emailearen esku egongo da. Organo hori bereizia izango da, hots, arauak eta egintzak gertatzeko edo ekoizteko prozeduran Administrazio aholku-eskatzaileari laguntza zuzena eskaintzen dioten zerbitzu juridikoetatik bereizia. Organo kolegiatu legetxe jardungo du; bere kideek prestakuntza tekniko egiaztatua izango dute eta aspaldiko eskarmentua ere aztertu beharreko gaietan.

Erakundeek legezkotasun objektiboa lortzeko eta herritarren eskubide legitimoak aintzat hartzeko duten beharrizanari erantzutearren, lege honek Euskal Autonomia Erkidegoko kontsulta-organo kolegiatu gorena arautuko du, zeinaren helburua, bere eskumenen alorrean, kontsulta-eginkizunetan aritzea izango baita. Hasiera batean, apirilaren 13ko 187/1999 Dekretuak –Eusko Jaurlaritzaren Aholku Batzorde Juridikoa sortu eta arautzen duenak– ezarritakoa hartzen du eredu gisara. Batzorde hori, dekretuaren zioen adierazpenean zehazten den moduan, behin-behineko sortu zen, asmoa, izatez, lege-mailako araua ateratzea baitzen. Horretara dator, hain zuzen ere, lege hau: kontsulta-eginkizunaren antolaketa behin betiko ezartzera, batzordearen funtzionamenduak ekarritako eskarmentutik abiatuta.

Eusko Jaurlaritzaren Aholku Batzorde Juridikoaren jarduera –bere sorreratik gaurdaino– garrantzitsua izan da, eta polito bete ditu ordenamenduak kontsulta-organoei izendatzen dizkien eginkizunak. Era berean, organo horiek bildu behar dituzten ezaugarriak erakutsi ditu, hots: objektibotasuna, inpartzialtasuna eta kalitate teknikoa.

Eskarmentuak agerian uzten du, beraz, kontsulta-erakunde honen egokitasuna; izan ere, ondo bateratu dira, batetik, bere kideak –zeinek aldaezintasuna, egonkortasuna eta iraunkortasuna eskaintzen dizkien estatutu pertsonala baitute– Administrazio aholku-eskatzailearen zerbitzu juridikoetanformalki atxikita egotea eta, bestetik, kontsultak egiteko eta irizpenak emateko prozedura zehatz eta formala erabiltzea. Kideon eginkizunaren autonomia bermatuta dago era horretan, izan ere, Aholku Batzorde Juridikoak, duen adskripzio organikoa gorabehera, ez du ezelango atxikipen hierarkikorik, eta bere jarduna ez dago zuzendaritza edo bulego baten menpe.

Eskarmentuak berak erakutsi du, halaber, finkatu egin behar direla zenbait alor garrantzitsu, honako hauei eragiten dietenak: kontsulta-organoaren jarduera-eremuari, eremu horretatik kanpo baitzeuden Tokiko Administrazioko organo eta entitateak; kontsultaren gai diren auziei; bokal izateko baldintzei, bokalen agintaldiaren iraupenari eta haien estatutu pertsonalari, hala kargu-uzteari eta eginkizun-gabetzeari nola eskubide ekonomikoei eta bateraezintasunei. Barne-funtzionamenduko zenbait alderdi ere aldatu behar izan dira, batzordearen jardun-ahalmena areagotzeko eta bere jarduera arintzeko. Kontsultak egiteko prozeduran ere egin dira aldaketak. Horren guztiaren helburu bakarra: batzordeak bere eginkizuna betetzean izan behar duen autonomia, objektibotasuna eta prestakuntza sendotzea.

  1. – Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa bere jarduera-eremuan dauden Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen kontsulta-organo kolegiatu gorena da.

  2. – Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak, bere objektibotasun eta inpartzialtasuna bermatzeko, autonomia hierarkiko eta funtzional osoarekin beteko du kontsulta-eginkizuna.

  3. – Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak emandako irizpenek ez dute beste organo baten txostenik beharko.

  4. – Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridiko nagusiak menpe dituen organoari atxikiko zaio Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa, baina ez da Administrazioaren egitura hierarkikoan sartuko.

  1. – Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak hainbat organo eta erakunderen jardueraren inguruan betetzen du kontsulta-eginkizuna, betiere honako hauei atxikitakoak badira:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari.

    2. Tokiko Administrazioari.

    3. Euskal Herriko Unibertsitateari.

    4. Goian aipatutako erakundeen menpekoak edo horiei atxikitakoak izan eta berezko nortasun juridikoa duten gainerako entitate publikoei.

  2. – Lurralde historikoetako foru-erakundeen jarduna Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren jarduera-eremutik at gelditzen da.

  1. – Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari kontsultatu behar zaizkion gaiak honako hauek dira:

    1. Lege-aurreproiektuak, horien edukia eta helburua direnak direla ere. Badira batzuk, hala ere, ogasuneko eskumena duen saileko titularrak eskatuz gero baino ez dutenak beharko batzordearen txostena; alegia:

      • Baliabideen banaketarako eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuak finantzatzeko foru-aldundien ekarpenak zehazteko metodologia ezartzen dutenak.

      • Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuak onartzeari, kreditu gehigarriak emateari, konpromiso-kredituen baldintzak aldatzeari eta Aurrekontuak likidatzeari buruzkoak.

    2. Legegintzako dekretuei buruzko proiektuak.

    3. Legebiltzarreko legeak garatuz edo betez Eusko Jaurlaritzak ematen dituen xedapenei buruzko proiektuak.

    4. Estatuko legeak garatzeko Autonomia Erkidegoak dituen eskumenak erabiliz Eusko Jaurlaritzak ematen dituen xedapenei buruzko proiektuak.

    5. Europar Batasuneko araudiak edo zuzentarauak garatzeko edo aplikatzekoak diren Eusko Jaurlaritzaren xedapenei buruzko proiektuak.

    6. Tokiko autonomiaren defentsan erakunde interesatuek aurkeztutako gatazkak, Konstituzio Auzitegiari buruzko Lege Organikoan aurreikusitakoaren arabera.

    7. Administrazioaren egintzen eta xedapenen ofiziozko berrikuspena, herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko legeetan ezarritakoarekin bat etorriz.

    8. Berrikusteko errekurtso administratibo bereziak.

    9. Administrazioaren kontratuen deuseztasuna, interpretazioa eta suntsiarazpena, herri-administrazioen kontratuei eta tokiko erregimenari buruzko legeek xedatutakoaren arabera.

    10. Administrazioaren emakiden –horien edukia eta helburua direnak direla ere– deuseztasuna, interpretazioa, aldaketa eta iraungipena, aplikazio-arauek horrela eskatzen dutenean.

    11. Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren jarduera-eremuan dauden administrazioen ondare-erantzukizunari buruzko erreklamazioak, erreklamatutako zenbatekoa 6.000 eurokoa edo hortik gorakoa denean.

    12. Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren osaera, antolaketa, eskumena eta funtzionamenduari buruzko gaiak.

    1. Udal-mugarteak aldatzea, lurralde historiko bati baino gehiagori eragiten dionean.

    2. Lege honen aplikazio-eremuan dauden administrazioen eskumeneko gainerako gaiak, lege maila edo indarra duten arauen arabera Administrazio aholku-emailearen parte-hartzea nahitaezkoa dutenean.

  2. – Batzordeak, kontsulta-eginkizunaz baliatzerakoan antzematen dituen arazoak kontuan hartuz, Administrazio aholku-eskatzaileari igorriko dizkio, on deritzonean, bidezkotzat jotako iradokizunak eta jarduera-proposamenak.

  3. – Batzordeak urtero gertatu eta argitaratuko du memoria bat, non bere jardueren berri eta emandako irizpenetan jasotako doktrinaren berri emango baitu.

Administrazioaren jarduera Legearekin eta Zuzenbidearekin bat datorrela bermatzea da Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren ardura. Eta, ildo horretan, bere irizpenera jarritako arau eta egintza proiektuak ordenamendu juridikoari egokitzen zaizkion ala ez begiratu beharko du.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioetako organoek eta 2.1 artikuluan jasotako erakundeetakoek, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak eskatzen dienean, laguntza eskaini behar diote, kontsulta-eginkizuna albait eraginkorrena izan dadin.

  1. – Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa hamar kidek osatzen dute. Hala ere, unean-unean, antzemandako gaien eta beharrizanen arabera, bokalen kopurua handitu edo murriztu dezake antolaketa eta jarduera araudiak.

  2. – Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridiko nagusietako burua eta zerbitzu horiei esleitutako arau-kontrolerako eskumena duen organoko burua izango dira, hurrenez hurren, batzordeko lehendakari eta lehendakariorde.

  3. – Bokal izateko, Zuzenbidean lizentziatua edo doktorea izateaz gain, beharrezkoa da batzordeak landu behar dituen gaietan gaitasun profesional frogatua izatea; gainera, karrerako funtzionario izan beharko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetako goi-mailako kidegoetan hamar urtez aritu izanak, hain zuzen ere. Euskal Herriko Unibertsitatean zerbitzuak betetzen diharduten unibertsitateko irakasleen kidegoetakoak ere izan daitezke, bertan gutxienez bost urtean jardun badute, betiere.

  4. – Batzordeak idazkaria izango du, zeina lehendakariak izendatuko baitu, izendapen askearen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan diharduten goi-kidegoetako funtzionarioen artetik. Zuzenbidean lizentziatua edo doktorea izan behar du, eta edozein herri-administraziotako kidego horietan gutxienez hamar urtean aritutakoa.

  1. – Bokalak aldaezinak dira.

  2. – Bokalak, Jaurlaritzaren Kontseiluan onartutako dekretuaren bidez, Eusko Jaurlaritzak izendatzen ditu, zerbitzu juridiko nagusiak atxikita dituen sailaren ardura duen kontseilukidearen proposamen arrazoitua entzun eta gero. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da izendapen-dekretua.

  3. – Sei urtekoa izango da bokalen agintaldia, lanpostuaz jabetzen diren egunetik kontatzen hasita. Izendapena argitaratu ondoren jabetuko dira lanpostuaz, batzordeko lehendakariaren eta idazkariaren aurrean. Iraupen bereko beste agintaldi batzuetarako izenda daitezke bokalak.

  4. – Bokalen agintaldia amaitu baino lehen sor daitezen hutsuneak beste pertsona egoki batzuk izendatuz beteko dira. Izendapen horrekin beste agintaldi bat hasiko da, eta artikulu honetan aurreikusitako modu eta ondorioekin formalizatu eta burutuko da.

  5. – Bokal izendatzeak jatorrizko kidegoan zerbitzu berezietako egoera administratiboan deklaratzea dakar.

  6. – Bokalek ordainsari bakarra izango dute eta kontzeptu bategatik bakarrik ordainduko zaie. Ordainsaria gauzatzea eta eguneratzea, baita zerbitzuaren edo egoitza-aldaketaren ondorioz izan ditzaten gastuak ordaintzea ere, Administrazioko goi-kargudunei dagozkien baldintza berberetan egingo dira.

  7. – Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko bokalak abenduaren 20ko 32/1983 Legean –Euskal Autonomia Erkidegoan Herri Jardunean Aritzeagatiko Bateraezintasunei buruzkoan– ezarritako bateraezintasun-erregimenari atxikiko zaizkio.

  1. – Lege honetan ezarritako arrazoiengatik eta finkatutako baldintzetan baino ez dute utziko euren kargua bokalek.

  2. Kargua uzteko arrazoiak:

    1. Heriotza.

    2. Agintaldiaren amaiera.

    3. Idatziz egindako ukoa.

    4. Funtzionario izateari uztea.

    5. Batzordeko osoko bilkuraren erabateko gehiengoak antzemandako bateraezintasuna.

      10. artikuluko a), b), c) eta e) idatz-zatietan ezarritako eginkizunak eta 11. artikuluan adierazitako abstentzio eta isiltasun betebeharren ez-betetze larria. Egoera hori batzordearen osoko bilkuraren erabateko gehiengoak antzeman behar du interesatuari entzun ondoren.

    1. Epai irmo batez deklaratutako gaitasungabetzea.

    2. Epai irmo batez dolozko delituagatik kondenatua izatea.

  3. – Kargu-uztea gertatuko da horretarako arrazoia gauzatzen denean edo eragin duen egintzak ondorioak izaten dituenean, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak emandako dekretuaren bidez formalizatuko da. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, kargua uzteko arrazoiak eta eguna adierazita.

  4. – 2 b) idatz-zatian ezarritakoaren ondorioz euren kargua uzten duten bokalek eginkizunak betetzen jarraituko dute, harik eta bokal berriak euren karguaz jabetu arte.

  5. – Batzordearen osoko bilkuraren erabateko gehiengoak erabaki dezake bokalak eginkizun-gabetzea zuhurtasunez, harik eta kargua uzteko izan den arrazoiaz ebatzi arte. Bai eginkizun-gabetzeko erabakia, bai eginkizun-gabetzea kentzekoa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

    Bokalen eginkizun-gabetzea besterik gabe egingo da, hau da, Osoko Bilkuraren erabakirik gabe, baldin eta askatasunaz gabetzeko ebazpen judizial irmo bat badago. Eginkizun-gabetzea deklaratzea eta kentzea batzordeko lehendakariaren ebazpenez egingo da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Askatasun-gabetzeak dirauen bitartean iraungo du eginkizun-gabetzeak.

  6. – Bokalen baten luzaroko absentzia gertatuz gero, aurreko paragrafoan adierazitako eginkizun-gabetzearen ondorioz edo legez ezarritako arrazoiren baten ondorioz, eginkizun berberak beteko dituen ordezko bat izendatuko da bokalaren absentziak dirauen bitartean aritzeko. Ordezkoaren izendapena eta kargu-uztea 7.2 eta 8.3 artikuluetan aurreikusitakoaren arabera formalizatuko dira. Ordezkotzaren denbora bokal ordezkatuaren agintaldiari egotziko zaio.

  1. – Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko lehendakariari honako ahalmen hauek dagozkio:

    1. Batzordearen ordezkari izatea.

    2. Batzordearen jardueren egitaraua zehaztea, Osoko Bilkura entzun eta gero.

    3. Bilkuretarako deia egitea eta bilkuretan buru izatea, gai-zerrenda jartzea eta, urgentziazko arrazoiek justifikatzen badute, gai-zerrendan sartu gabeko aztergaiak proposatzea.

    4. Gai bakoitzerako txostengileak aukeratzea.

    5. Batzordearen jardun egokirako behar diren azterlan teknikoak eta juridikoak zehaztea, eta horiek burutzeko ardura izango duten batzordekideak aukeratzea.

    6. Lege honetako 5, 23 eta 24. artikuluetan aipatzen diren errekerimenduak eta eskabideak administrazioko organoei igortzea.

    7. Batzordearen irizpenak eta erabakiak sinatzea.

    8. Lege honek edo indarrean dauden arauek esleitutako gainerakoak.

  2. – Lehendakariak, edo horren ordezkoak, honako betebehar hauek izango ditu bilkuretan:

    1. Bilkurei hasiera eta amaiera ematea.

    2. Eztabaidak gidatu eta antolatzea.

    3. Berdinketak bere botoarekin ebaztea.

  3. – 1. paragrafoan jasotako ahalmenak, a) idatz-zatian aurreikusitakoa izan ezik, lehendakariordearen esku utz daitezke.

  4. – Lehendakariordeari honako ahalmen hauek dagozkio:

    1. Antolaketa eta jarduera araudian zehaztutako batzorde-atalen buru izatea.

    2. Lehendakaria ordezkatzea, kargua hutsik uzten duenean, edo absente edo gaixorik dagoenean.

    3. Lehendakariak eskuordetu diezazkion eginkizunak betetzea.

  5. – Lehendakaritzako edo lehendakariordetzako titularren baten abstentzioa gertatuz gero, euren artean egingo dituzte ordezkapenak.

  6. – Gai jakin bat aztertzerakoan biek ala biek abstenitu behar badute, batzordean denborarik gehien daraman bokalak bereganatuko du gaia aztertzen duen osoko bilkurako edo batzorde-ataleko lehendakaritza. Berdinketa gertatuz gero, funtzionario modura urterik gehien daramatzana izango da lehendakari; eta, hala ere, berdinketak irauten badu, zaharrena.

  7. – Lehendakariak eta lehendakariordeak boto partikularrak eman ditzakete, bokalei aitortutako baldintza berberekin.

Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko bokalei honako hauek dagozkie:

  1. Bilkuretara joan eta eztabaidetan parte hartzea.

  2. Gaien edo azterlanen irizpen-proposamenak idatzi eta batzordeari aurkeztea, baldin eta txostengile izateko aukeratu badituzte.

  3. Batzordean aurkeztutako irizpen-proposamenak onartu, aldatu edo ezezteko proposatzea.

  4. Lege honetako 23, 24 eta 28. artikuluetan aurreikusitako ekimenaz baliatzea.

  5. Botoa eman eta zer bozkatu duten adieraztea. Halaber, boto partikularra ematea, gehiengoaren iritziarekin bat etorri edo ez.

  6. Organo kolegiatu bateko kide izateari dagozkion beste eginkizunak.

  1. – Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko kideek objektibotasunez eta inpartzialtasunez betetzen dute kontsulta-eginkizuna. Ez dute izango atxikipen hierarkikorik eta ez dute ezelango instrukziorik hartuko Administrazio aholku-eskatzailetik.

  2. – Administrazio-prozedura erkideari buruzko legeetan ezarritako abstenitzeko eta errefusatzeko arrazoiren baten eragina izan dezaten gaietan inhibitu egin beharko dute. Gairen bat gertatzen edo taiutzen modu zuzenean parte hartu badute, orduan ere abstenitu egin beharko dute gai horiei buruzko kontsultetan.

  3. – Batzordeko edozein kidek aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuren baten berri izanez gero, batzordeari jakinarazi beharko dio, eta batzordeak, kasu bakoitzaren nondik-norakoak aintzat hartuz, ebatzi beharko du eragindako bokalak gaia aztertzeari eta irizpena bozkatzeari ekin behar dion ala ez.

    Auzia aurkezten den bilkuran hartuko du batzordeak dagokion erabakia, aldez aurreko txostenaren beharrik gabe.

    Abstentzio-arrazoi baten eraginpean dauden kideek ezingo dute parterik hartu arrazoi horretaz batzordeak egin dezan azterketan, eztabaidan eta botazioan, nahiz eta batzordeak har ditzan erabakiak lotesleak izan beraientzat.

  4. – Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko kideek eta idazkariak sekretupean izan behar dituzte proposamenak, hartutako erabakiak eta kontsultarako diren gaiak, harik eta eskumena duen organoak gaiok erabaki arte. Beti izango dituzte sekretupean batzordeak irizpenei eta emandako botoei buruz izandako eztabaidak.

  1. – Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko idazkariari honako hauek dagozkio:

    1. Batzordearen batzarretara joatea, hitz egiteko eskubidearekin baina botorik gabe.

    2. Batzordearen bilkuretako gai-zerrenda eta aztertu beharreko gaiei buruzko agiriak gertatu eta igortzea.

    3. Lehendakaritzaren aginduz batzordearen bilkuretarako deia egitea.

    4. Bilkuretarako aktak idatzi eta baimentzea.

    5. Lehendakaritzaren aginduz eta beraren oniritziarekin, akten, irizpenen eta erabakien ziurtagiriak ematea.

    6. Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari zuzendutako kontsulta, espediente eta gainerako agirien sarrera eta irteera erregistroaz arduratzea.

    7. Organo kolegiatu bateko idazkari bati dagozkion eginkizunak eta Osoko Bilkurak eta atalek haren ardurapean utzitakoak.

  2. – Idazkariari, halaber, honako eginkizunak dagozkio:

    1. Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren jardueren eta doktrinaren laburpenen urteko memoria-proiektua gertatzea. Memoria osoko bilkuran onartuko du batzordeak.

    2. Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko kabinete teknikoa zuzendu eta koordinatzea, lehendakaritzaren jarraibideak betez.

  3. – Antolaketa eta jarduera araudian arautuko da idazkariaren ordezkotza, aurreko paragrafoetan adierazitako eginkizunetan jarduteari dagokionez.

  1. – Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak kabinete tekniko bat izango du bere jardunean, zeinak lanpostuen zerrendan zehaztutako pertsonal tekniko eta administratiboa izango baitu.

  2. – Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak bere jardun egokirako behar dituen langileak eta baliabide materialak eskura izatea bermatuko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak.

Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak, bere langileen arloari, kontratazioari, baliabide material eta informatikoen horniketari eta ekonomia eta aurrekontu kudeaketari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailek aldian-aldian bere gain izan ditzaten eskumen berberak izango ditu, eta eskumen horiek bere organoen bidez baliatuko ditu lege honetan eta antolaketa eta jarduera araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

  1. – Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak osoko bilkuren edo atalen bidez gauzatuko du bere jarduna.

  2. – Lehendakariak, lehendakariordeak eta bokalek osatzen dute Osoko Bilkura. Eta 3.1 a), b), c), d), e), f) eta l) idatz-zatietan adierazitako gaiez, xedapenen ofiziozko berrikuspenaz eta lege honek zein bestek beren beregi esleitutakoez arduratuko da.

  3. – Antolaketa eta jarduera araudian zehaztuko dira atalen kopurua, atalen osaera –inoiz ere ez hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea duten hiru kide baino gutxiagokoa izango ez dena–, lehendakaritzaren eginkizuna, bokalak atxikitzeko modua eta atalen eskumeneko gaiak.

  1. – Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa behar adina aldiz bilduko da, egiten zaizkion kontsulten, horien izaeraren eta lehendakaritzak –Osoko Bilkura entzun ondoren– erabakitako egitarauaren arabera.

  2. – Bilkuretarako deia, gai-zerrenda eta aztergaien agiriak batzordeko edo dagokion ataleko kide guztiei bidaliko zaizkie, gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago. Urgentziazko kontsultetarako deia, ordea, albait azkarren egin behar da, irizpena emateko jarritako epea aintzat hartuz.

  1. – Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren Osoko Bilkuraren eta ataletako batzarrak baliotasunez egiteko eta erabakiak hartzeko, beharrezkoa da lehendakaria, bokalen erdiak eta idazkaria bertan izatea.

  2. – Edozer dela-eta bokalek lehendakaria edo idazkaria ordezkatu behar badituzte, bilkurak egiteko eta erabakiak hartzeko quoruma honako hau izango da:

    • Osoko Bilkuran lau kide, hitz egiteko eta botoa emateko eskubidearekin.

    • Ataletan hiru kide, hitz egiteko eta botoa emateko eskubidearekin.

  3. – Atalek, euren kideren bat inhibitu egin delako, ezin badute lortu aurreko paragrafoan eskatutako quoruma gai jakin bat eztabaidatu eta erabakitzeko orduan, Osoko Bilkurak emango du gai horri buruzko irizpena.

  4. – Osoko bilkuraren eta ataletako erabakiak, legez ezarritako kasuetan izan ezik, egon daudenen artean hartuko dira, botoen gehiengoaz. Berdinketarik gertatuz gero, bilkurako buruaren botoaz ebatziko da.

  5. – Kide bakoitzak lehendakaritzari adierazi beharko dio zer bozkatu duen, eta botoa bozketaren gai izan den irizpen edo erabakiaren aldekoa edo aurkakoa baino ezin da izan. Bozketan ezin da abstenitu. Irizpen eta erabakiei ere ezin zaie erreserbarik, baldintzarik edo ñabardurarik jarri, ez bada boto partikularren bidez aurkezten dela.

  1. – Gehiengoak hartutako erabakiari Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko kideren batek boto partikularra ematen badio, beharrezkoa izango da bilkura amaitu baino lehen iragartzea.

  2. – Boto partikularrak irizpenarekin bat etor daitezke edo aurkakoak izan daitezke, eta, irizpena behin betiko ematen denetik kontatzen hasita, gehienez bost eguneko epean bidali beharko dira batzordeko idazkaritzara, idatziz eta irizpenari atxikita bidali ere.

  3. – Boto partikularra iragartzen dutenek beste kideren batek emandakoarekin bat egin dezakete, baina orduan uko egin beharko diote boto propioa emateari.

  1. – Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren Osoko Bilkuraren eta ataletako erabakiak aktan jasoko dira, non laburbilduta jaso beharko baita erabakiok zein organok hartu dituen, bilkuraren eguna, hasierako eta amaierako ordua, parte hartu dutenen eta parte hartu ez dutenen izenak, hartutako erabakiak, iragarritako boto partikularrak eta beste bilera baterako utzitako gaiak.

  2. – Aktak bilkuraren amaieran edo hurrengo bilkuran onartuko dira, eta idazkariak eta lehendakariak izenpetuko dituzte.

  1. – Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari bere jarduera-eremuan dauden administrazioetatik honako hauek egingo dizkiote kontsultak:

    1. Eusko Jaurlaritzako sailburuek.

    2. Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak.

    3. Tokiko korporazioetako lehendakariek.

      2.1 d) artikuluan aipatzen diren entitateen ordezkari den organoko titularrak.

  2. – Kontsultetarako baldintzak:

    1. Aholkua eskatzen duen agintaritzaren erabaki baten bidez egingo dira kontsultak, eta agintaritza-egintzek formaren aldetik izan ohi dituzten baldintzak bete behar ditu erabaki horrek.

    2. Kontsultarako erabili den lege-agindua adierazi behar da erabakian, eta, labur bada ere, hori aplikatzea justifikatzen duten arrazoiak azaldu behar dira.

    3. Administrazio-espedientea osatzen duten agiri guztien kopia konpultsatua eta agirion zerrenda zenbakitua erantsi behar zaizkio kontsultari.

  3. – Araua onartu edo ebazpena edota erabakia hartu baino justu lehenago egingo dira kontsultak. Interbentzio-kontrola, berriz, berorri dagokion arautegi bereziaren arabera burutuko da.

  1. – Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko lehendakaritzak ofizioz itzuliko ditu erretiratutako kontsulten espedienteak, aurreko artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ez dituztenak eta 23.2 artikuluan aurreikusitakoa aplika dakiekeenak. Bide batez, laburki azalduko ditu itzultzearen arrazoiak.

  2. – Itzultzen direnetan, irizpena emateko epea hasi gabekotzat joko da.

  1. – Txostengileak izendatzerakoan, batzordeak ezarritako banaketa-irizpide berak hartuko ditu aintzat batzordeko lehendakariak, lan-karga kideen artean orekaz eslei dadin zainduz.

  2. – Txostengileek lege honetako 23 eta 24. artikuluetan aipatzen den beharrizana –justifikatzekoa edo osatzekoa– antzematen dute, eta lehendakaritzari jakinarazten diote beren proposamena, dagozkion errekerimenduak eta eskabideak egin ditzan.

  1. – Kontsulta jaso ondorengo hamabost egunen barruan, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko lehendakariak, irizpena eman behar duten txostengileek edo Osoko Bilkurako zein ataleko gehiengoak proposamen arrazoitua eginda, aholkua eskatu duen organo edo entitateari errekeritu diezaioke bidalitako espedientean dokumentatu ez diren izapideak burutu egin direla justifika dezala horretarako ezarritako epean.

  2. – Ez frogatzearena izapide horiek ez egitearen ondorioa balitz, eta izapideok nahitaezkoak balira, itzuli egingo litzateke espedientea eta ezingo litzateke kontsulta gehiagorik egin, harik eta zuzendu arte.

  1. – Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko lehendakariak, txostengileek edo irizpena eman behar duen Osoko Bilkurako edo ataleko gehiengoak proposamen arrazoitua egin eta gero, kontsulta-gaiari buruzko hainbat alderdiren berri emateko agerraldi informatiboan azaltzeko eska diezaieke honako hauei: txostenaren aztergai den proiektua, egintza edo xedapena gertatzen parte hartu duen organo edo entitate aholku-eskatzailearen agintari eta funtzionarioei, edo gertatze horretan lankidetzan aritutako beste organo edo entitate batzuetako agintari eta funtzionarioei, edo proiektu, egintza edo xedapen horiek eragindako organo edo entitateetako agintari eta funtzionarioei. Azaldu beharrekoak laburki adierazi behar dira eskabide-idazkian; horiekin batera agerraldiaren tokia eta eguna ere adieraziko dira. Agerraldi-eskeak aldi baterako eteten du irizpena emateko epea, harik eta gauzatu arte.

    Antolaketa eta jarduera araudian zehaztuko da agerraldiak egiteko modua.

  2. – Lehendakariak, txostengileek edo irizpena eman behar duen Osoko Bilkurako edo ataleko gehiengoak proposamen arrazoitua eginda, espedientea –bidezkotzat jotako aurrekari, txosten eta frogak aurkeztuz– osatu dezala eska diezaioke organo edo entitate aholku-eskatzaileari. Osatze-eskabideak etenda uzten du irizpena emateko epea, eskatutako informazioa batzordeko erregistroan sartu arte.

  3. – Dagokion irizpena onartu aurretik edonoiz osatu daiteke bidalitako informazioa, kontsulta-egileak hala eskatuta. Informazio gehiago bidaltzeak aldi baterako eteten du irizpena emateko epea, harik eta lehendakariak, dokumentuen kopurua, konplexutasuna eta eraginkortasuna aintzat hartuz, hilabetetik gorakoa izango ez den epea ezarri arte.

  1. – Irizpenetan adierazten da Osoko Bilkurak edo atal batek emandakoak diren, noizko bilkuran onartu diren eta parte-hartzaileak nortzuk izan diren. Adierazten da, halaber, aho batez, gehiengoz edo lehendakaritzaren boto ebazleaz onartu diren.

  2. – Organo edo entitate aholku-eskatzaileari bidaltzen zaizkio irizpenak, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko lehendakariak eta idazkariak izenpetu eta gero.

  3. – Emandako boto partikularrak erantsiko zaizkio irizpenari, eta boto-emaileen eta horiekin bat egiten dutenen izenak adieraziko dira.

  1. – Batzordearen irizpenak emateko epea horren audientzia aurreikusten duen xedapenean adierazitakoa da, eta, adierazita ez badago, bi hilabetekoa.

  2. – Urgentziazko kontsulta bada, hamabost egunekoa da irizpena emateko gehieneko epea.

  3. – Organo aholku-eskatzaileari dagokio kontsulta bat urgentziazkotzat kalifikatzea, horretarako dituen arrazoiak adieraziz. Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko lehendakaritzak behar diren neurriak hartuko ditu urgentziazko kontsultei adierazitako epearen barruan erantzuteko; hala ere, horretarako funtsik ez dutenak arbuiatu egin ditzake.

  4. – Aurreko paragrafoetan adierazitako epeak espediente osoa Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko erregistroan sartzen den egunaren biharamunetik aurrera kontatuko dira.

  5. – 23 eta 24. artikuluetan aurreikusitako kasuetan aldi baterako eteten da epeak igarotzea. Epe-etetea errekerimendua edo osatze-eskabidea jasotzailearen erregistroan sartzen denetik hasten da kontatzen, eta horiek egoki bete arte edo egoki betetzeko emandako epea igaro arte irauten du.

  6. – 5. artikuluan aipatutako eskabideek ez dute etengo epe horiek igarotzea.

  1. – Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpenak ez daude beste erakunde edo organo batek emandako txosten edo irizpenen menpe. Batzordearen irizpena jasoko duten administrazio-egintzak, hala ere, kontrol ekonomiko-fiskalaren menpe daude, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legean ezarritako moduan, hain zuzen ere.

  2. – Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpenak eta erabakiak ez dira lotesleak, ez bada lege honetan edo besteren batean kontrakoa xedatzen dela.

2 artikuluan jasotako iradokizunak eta proposamenak batzordeko edozein kideren ekimenez hartuko dira kontuan, eta erabaki baten bidez formalizatuko dira. Erabaki hori irizpenak gertatzeko, onartzeko eta bidaltzeko erabiltzen diren arau berberekin gertatu, onartu eta bidaliko zaie jasotzaileei.

Irizpena eman eta gero, irizpenaren aztergaian garrantzizko aldaketak egiten badira eta, ondorioz, batzordeak egindako iradokizun edo proposamenekin bat ez datozen edo horiek gainditzen dituzten eduki berriak jasotzen badira, aldaketa horiei buruzko kontsulta berria egin beharra dago.

  1. – Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak informatutako xedapenek eta egintzek argi erakutsi behar dute euren azalpen-zatian ea irizpenarekin bat etorriz onartu ala erabaki diren, edo irizpenarekin bat ez datozen.

  2. – Batzordearen irizpena duten proiektu edo xedapen edo ebazpenei dagokienez, horietako proiektu bat onartzen denean edo xedapen edo ebazpen bat ematen denean, organo edo entitate aholku-eskatzaileak batzordeko idazkariari jakinaraziko dio horren berri, antolaketa eta jarduera araudian ezarritako epean eta moduan.

  3. – Prozedura baten izapideak egiterakoan beharrezkoa den Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren audientzia egiten ez bada, batzordeko lehendakariak kontsulta egitea dagokion agintariari jakinaraziko dio.

Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak aztertzeko aurkezten diren kontsulten kopurua aintzat hartuz, ahalmena ematen zaio Jaurlaritzari, organo aholku-emaile horrek ondare-erantzukizunari buruzko gaien irizpena emateari begira, auzietako gutxieneko zenbatekoa eguneratzeko.

Jaurlaritzaren Lehendakariordetzako egitura organikoa aldatzen bada eta horrek Araubide Juridikoaren idazkari nagusiari eta Lege Garapen eta Arau Kontrolerako zuzendariari dagozkien organoen izena edo eginkizunak aldatzea badakar, aldaketa hori ezartzen duen dekretuan zehaztu beharko da zeintzuk izango diren oraingo organoen parekoak.

Horiek horrela, eginkizun horietan jarduteko beharrezkoa izango da Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren kontsulta-eginkizunaren gai diren alorretan gaitasun profesional aitortua duen jurista izatea, eta eskarmentu frogatua izatea zeregin publikoetan edo unibertsitateko irakasle edo ikertzaile jardunean.

Lege honek indarra hartzerakoan Araubide Juridikoaren idazkari nagusia eta Lege Garapen eta Arau Kontrolerako zuzendaria izango dira, hurrenez hurren, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko lehendakari eta lehendakariorde.

  1. – Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren erdia eraberrituko da aldi bakoitzean, era honetan:

    1. Lege honek indarra hartzen duenetik kontatzen hasita gehienez ere hiru hilabeteko epean eraberrituko da batzordearen erdia. Orduan lau bokal izendatuko dira, eta 187/1999 Dekretuaren bidez izendatutakoen artean batzordean antzinatasun gutxien duten lau kideak ordezkatuko dituzte.

    2. Batzordearen beste erdia lege honek indarra hartu eta hiru urte igaro ondoren eraberrituko da.

  2. – Aurreko a) idatz-zatian xedatutakoa aplikatuz batzordean jarrai dezaten bokalei lege honetan araututakoa aplikatuko zaie. Bi aukera izango dituzte: jarduneko zerbitzuan jarraitzea edo zerbitzu berezietara pasatzea.

    Hala ere, agintaldia amaitu baino lehen bokalen batek bere kargua utziko balu, beste bokal bat izendatuko litzateke haren ordez, lege honetan ezarritakoa betez, eta aipatu den hiru urteko epea osatzeko falta den denborarako.

  3. – 187/1999 Dekretuarekin bat etorriz izendatutako bokalen kargu-uztea, dekretuan xedatutakoaren arabera deklaratu eta formalizatuko da.

Bokalen ordainsariak 59.500 eurokoa izango da 2004an.

Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko idazkariak, 187/1999 Dekretuaren arabera izendatutakoak, dekretu horrekin bat etorriz jarraituko du betetzen bere eginkizuna, harik eta, lege honetan aurreikusitakoari jarraiki, bere ordezkoa karguaz jabetu arte.

Lege honek indarra hartzerakoan izapideetan egon daitezen kontsultei, kontsultak egin ziren garaian kontsulta-eginkizuna arautzen zuten xedapenetan aurreikusitakoaren arabera emango zaie irizpena.

Ogasun eta Herri Administrazio Sailari baimena ematen zaio, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-erregimena arautzen duen legediarekin bat etorriz, aurrekontuan bidezko habilitazio eta aldaketak egin ditzan Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren jardunerako beharrezkoak diren kredituez hornitzeko, harik eta horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartu arte.

Indargabetuta gelditzen da apirilaren 13ko 187/1999 Dekretua, Eusko Jaurlaritzaren Aholku Batzorde Juridikoa sortu eta arautu zuena, bai eta lege honen aurkakoak izan daitezen gainerako xedapenak.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legearen 23.1 artikuluko bigarren lerroaldeak honelako erredakzioa izango du aurrerantzean:

    "Kontrol ekonomikoa eta fiskala eduki ekonomikoko egintzak, egitateak eta eragiketak gauzatu baino justu lehenago gauzatuko da. Ondorio horretarako, Administrazio Orokorreko organoek edo Administrazioko erakunde autonomoek espediente osoak bidali beharko dituzte Kontrol Ekonomikoko Bulegora, arauz ezarritako moduan".

  2. – Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legearen 27.1 artikuluak honelako erredakzioa izango du aurrerantzean:

    "1.– Nahitaezkoa den kontrol-txostena bidalita burutuko da kontrola –ekonomikoa eta arauena–, eta kontrolaren gai den araua edo xedapena organo eskudunak onartu edo, hala behar denean, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari kontsultatu baino justu lehenago gauzatuko da. Azken kasu honetan, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari jakinarazi beharko zaizkio organo aholku-emaile horren irizpenak jasotako iradokizun eta proposamenen ondorioz lege-aurreproiektuetan eta arau-proiektuetan egin daitezen aldaketak, onartu baino lehen".

Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak, lege honek indarra hartzen duenetik aurrera sei hilabeteko epean, berari dagokion antolaketa eta jarduera araudia gertatuko du eta Jaurlaritzari aurkeztuko dio, onar dezan.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean lege hau.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteizen, 2004ko azaroaren 30ean.

Lehendakaria,

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Arauak eta egintza administratiboak etenik gabe sortzen ari dira gizarte eta ekonomia bizitzako arlo guztietan, hori baita gaur egungo sistema politikoen ezaugarri nabarmenetariko bat. Horrela, botere publikoek lan ikaragarria egin beharra daukate gizarteak bere ordezkarien bitartez jartzen dituen helburuei aurre egiteko eta herritarren eskaerei erantzuteko.

Egungo sistema demokratikoek, bestalde, exijitu egiten dute jarduera publikoa zehatz-mehatz atxiki dakiela ordenamendu juridikoa osatzen duten printzipio eta arauei. Horren helburua ez da indarrean dauden legeek adierazitako borondate orokorra gauzatzea bakarrik, gehiago da: herritarren eskubide eta interes legitimoak errespetatzea eta botere publikoak albait eraginkorrenak izatea.

Horiek horrela izanik, eta zuzenbide-estatua osatzen duten printzipioei, erakundeak eta arauak ardatz dituzten horiei, erabateko eraginkortasuna emateko, beharrezkoa da Administrazioaren egintzak eta arauak ekoizteko prozedurei organo espezializatuek laguntza eta aholkularitza juridiko etengabekoa eskaintzea, bai egintzok eta arauok gertatu eta idazteko orduan, bai horiek onartzekoan.

Bereziki, indarrean dauden legeetan jasota dagoenez, ordenamenduko araurik nabarmenenetako batzuei buruz eta finkatutako egoera edo harreman juridikoak sakonago alda ditzaketen egintzei buruz amaierako azterketa juridikoa egin beharko litzateke. Ildo horretatik, horiei buruzko irizpena emateko ardura eginkizun horretarako beren beregi eratutako organo aholku-emailearen esku egongo da. Organo hori bereizia izango da, hots, arauak eta egintzak gertatzeko edo ekoizteko prozeduran Administrazio aholku-eskatzaileari laguntza zuzena eskaintzen dioten zerbitzu juridikoetatik bereizia. Organo kolegiatu legetxe jardungo du; bere kideek prestakuntza tekniko egiaztatua izango dute eta aspaldiko eskarmentua ere aztertu beharreko gaietan.

Erakundeek legezkotasun objektiboa lortzeko eta herritarren eskubide legitimoak aintzat hartzeko duten beharrizanari erantzutearren, lege honek Euskal Autonomia Erkidegoko kontsulta-organo kolegiatu gorena arautuko du, zeinaren helburua, bere eskumenen alorrean, kontsulta-eginkizunetan aritzea izango baita. Hasiera batean, apirilaren 13ko 187/1999 Dekretuak –Eusko Jaurlaritzaren Aholku Batzorde Juridikoa sortu eta arautzen duenak– ezarritakoa hartzen du eredu gisara. Batzorde hori, dekretuaren zioen adierazpenean zehazten den moduan, behin-behineko sortu zen, asmoa, izatez, lege-mailako araua ateratzea baitzen. Horretara dator, hain zuzen ere, lege hau: kontsulta-eginkizunaren antolaketa behin betiko ezartzera, batzordearen funtzionamenduak ekarritako eskarmentutik abiatuta.

Eusko Jaurlaritzaren Aholku Batzorde Juridikoaren jarduera –bere sorreratik gaurdaino– garrantzitsua izan da, eta polito bete ditu ordenamenduak kontsulta-organoei izendatzen dizkien eginkizunak. Era berean, organo horiek bildu behar dituzten ezaugarriak erakutsi ditu, hots: objektibotasuna, inpartzialtasuna eta kalitate teknikoa.

Eskarmentuak agerian uzten du, beraz, kontsulta-erakunde honen egokitasuna; izan ere, ondo bateratu dira, batetik, bere kideak –zeinek aldaezintasuna, egonkortasuna eta iraunkortasuna eskaintzen dizkien estatutu pertsonala baitute– Administrazio aholku-eskatzailearen zerbitzu juridikoetan formalki atxikita egotea eta, bestetik, kontsultak egiteko eta irizpenak emateko prozedura zehatz eta formala erabiltzea. Kideon eginkizunaren autonomia bermatuta dago era horretan, izan ere, Aholku Batzorde Juridikoak, duen adskripzio organikoa gorabehera, ez du ezelango atxikipen hierarkikorik, eta bere jarduna ez dago zuzendaritza edo bulego baten menpe.

Eskarmentuak berak erakutsi du, halaber, finkatu egin behar direla zenbait alor garrantzitsu, honako hauei eragiten dietenak: kontsulta-organoaren jarduera-eremuari, eremu horretatik kanpo baitzeuden Tokiko Administrazioko organo eta entitateak; kontsultaren gai diren auziei; bokal izateko baldintzei, bokalen agintaldiaren iraupenari eta haien estatutu pertsonalari, hala kargu-uzteari eta eginkizun-gabetzeari nola eskubide ekonomikoei eta bateraezintasunei. Barne-funtzionamenduko zenbait alderdi ere aldatu behar izan dira, batzordearen jardun-ahalmena areagotzeko eta bere jarduera arintzeko. Kontsultak egiteko prozeduran ere egin dira aldaketak. Horren guztiaren helburu bakarra: batzordeak bere eginkizuna betetzean izan behar duen autonomia, objektibotasuna eta prestakuntza sendotzea.

  1. – Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa bere jarduera-eremuan dauden Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen kontsulta-organo kolegiatu gorena da.

  2. – Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak, bere objektibotasun eta inpartzialtasuna bermatzeko, autonomia hierarkiko eta funtzional osoarekin beteko du kontsulta-eginkizuna.

  3. – Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak emandako irizpenek ez dute beste organo baten txostenik beharko.

  4. – Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridiko nagusiak menpe dituen organoari atxikiko zaio Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa, baina ez da Administrazioaren egitura hierarkikoan sartuko.

  1. – Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak hainbat organo eta erakunderen jardueraren inguruan betetzen du kontsulta-eginkizuna, betiere honako hauei atxikitakoak badira:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari.

    2. Tokiko Administrazioari.

    3. Euskal Herriko Unibertsitateari.

    4. Goian aipatutako erakundeen menpekoak edo horiei atxikitakoak izan eta berezko nortasun juridikoa duten gainerako entitate publikoei.

  2. – Lurralde historikoetako foru-erakundeen jarduna Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren jarduera-eremutik at gelditzen da.

  1. – Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari kontsultatu behar zaizkion gaiak honako hauek dira:

    1. Lege-aurreproiektuak, horien edukia eta helburua direnak direla ere. Badira batzuk, hala ere, ogasuneko eskumena duen saileko titularrak eskatuz gero baino ez dutenak beharko batzordearen txostena; alegia:

      • Baliabideen banaketarako eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuak finantzatzeko foru-aldundien ekarpenak zehazteko metodologia ezartzen dutenak.

      • Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuak onartzeari, kreditu gehigarriak emateari, konpromiso-kredituen baldintzak aldatzeari eta Aurrekontuak likidatzeari buruzkoak.

    2. Legegintzako dekretuei buruzko proiektuak.

    3. Legebiltzarreko legeak garatuz edo betez Eusko Jaurlaritzak ematen dituen xedapenei buruzko proiektuak.

    4. Estatuko legeak garatzeko Autonomia Erkidegoak dituen eskumenak erabiliz Eusko Jaurlaritzak ematen dituen xedapenei buruzko proiektuak.

    5. Europar Batasuneko araudiak edo zuzentarauak garatzeko edo aplikatzekoak diren Eusko Jaurlaritzaren xedapenei buruzko proiektuak.

    6. Tokiko autonomiaren defentsan erakunde interesatuek aurkeztutako gatazkak, Konstituzio Auzitegiari buruzko Lege Organikoan aurreikusitakoaren arabera.

    7. Administrazioaren egintzen eta xedapenen ofiziozko berrikuspena, herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko legeetan ezarritakoarekin bat etorriz.

    8. Berrikusteko errekurtso administratibo bereziak.

    9. Administrazioaren kontratuen deuseztasuna, interpretazioa eta suntsiarazpena, herri-administrazioen kontratuei eta tokiko erregimenari buruzko legeek xedatutakoaren arabera.

    10. Administrazioaren emakiden –horien edukia eta helburua direnak direla ere– deuseztasuna, interpretazioa, aldaketa eta iraungipena, aplikazio-arauek horrela eskatzen dutenean.

    11. Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren jarduera-eremuan dauden administrazioen ondare-erantzukizunari buruzko erreklamazioak, erreklamatutako zenbatekoa 18.000 eurokoa edo hortik gorakoa denean.