Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

1/2003 LEGEA, martxoaren 28koa, artekari eta ahalordedunen izendapenari dagokionez Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legea aldatzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 72
  • Hurrenkera-zk.: 2188
  • Xedapen-zk.: 1
  • Xedapen-data: 2003/03/28
  • Argitaratze-data: 2003/04/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Herrizaingoa; Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Eusko Legebiltzarrak martxoaren 28ko 1/2003 Legea, artekari eta ahalordedunen izendapenari dagokionez Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legea aldatzekoa, onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuko 10.3 artikuluaren garapenak Eusko Legebiltzarrak Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legea onartzea ekarri zuen, ekainaren 15eko 5/1990 Legea, hain zuzen ere, bai eta lege horri aldaketak egin zizkion ekainaren 19ko 15/1998 Legea ere. Horien bidez, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartzen duten indar politikoek artekariak eta ahalordedunak izendatzerakoan bete beharreko eskakizunen gaineko guztia arautu zen, besteak beste.

Gure hauteskunde-sisteman, Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako herritarrei zegokien hauteskunde-mahaietako boto-emateen eta boto-zenbaketen kontrola egitea, dela hauteskunde-mahaietako mahaiburu edo mahaikide gisa, dela hauteskunde-prozesuan parte hartzen zuten indar politikoek izendapen aske bidez izendatzen zituzten ordezkarien bitartez, hau da, artekari eta ahalordedunen bitartez.

Filosofia horren ildotik, 1984az geroztik egin diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde guztietan, artekari-eginkizunetan aritzeko edo ahalordedun izendatua izateko eskakizun bat ezarri izan da gure hauteskunde-legedian: erroldan egotea, alegia.

Zehatz esateko, gaur arte, artekariak erroldan egon behar zuen eginkizun hori beteko zuen hauteskunde-barrutian, eta ahalordedunak nahikoa zuen Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan erroldatuta egotea.

Lehendakariak, bortizkeria terroristak mehatxatutako adierazpen-askatasuna eta ekintza politikoa babesteko elkarguneak sustatze aldera, alderdi politikoak bildu zituen 2002ko otsailaren 22an eta maiatzaren 21ean, eta, horren ondoren, alderdi politikoek prozesu bat jarri zuten abian; prozesu horretan, hainbat akordio lortu ziren gai horren inguruan, eta Eusko Legebiltzarrak bere gain hartu zituen 2002ko ekainaren 28an egindako osoko bilkuran.

Alderdi politikoen eta Legebiltzarraren arteko akordio horiek, hauteskunde-gaiei dagokienez, honetan dautza: "Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari eskatzea Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen egungo araudia aldatzeko egitasmo bat aurkez dezala, hartara, hauteskunde horietan ez dadin beharrezkoa izan izendatu beharreko artekari eta ahalordedunak hautesle izatea beren eginkizunak beteko dituzten hauteskunde-barrutietan. Horrela, beren eginkizuna beteko duten hauteskunde-barrutian hautesle ez direnean, ezingo dute botorik eman hauteskunde-barruti horretan".

Azken batean, lege-erreforma honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko indarreko hauteskunde-legean artekarien eta ahalordedunen izendapena arautzen duten artikuluak egungo gizarte- eta politika-beharrizanei egokitzea, hauteskunde-mahaietan ordezkaritza politikoa izateko eskubidea erabili ahal izatea ziurtatzearren, hauteskunde-sistemak behar bezala lan egin dezan eta hauteskunde-mahaietan botoa emateko eta zenbatzeko jarduna behar bezala egin ahal izan dadin.

Honen bidez, aldatu egiten dira Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legearen 92. artikuluko 2, 5, 7, 10 eta 11 paragrafoak (artikulu hori, bestalde, ekainaren 19ko 15/1998 Legeak aldatu zuen), eta honela geldituko dira idatzita:

"2.– Edozein pertsona izan daiteke artekari, adinez nagusi bada eta eskubide zibil eta politikoen jabe bada erabat, nahiz eta lege honetako 2. artikuluaren arabera hautesle ez izan. Hautesle ez bada, ez du boto-eskubiderik izango hauteskunde horretan.

Artekaria hautesle bada bere eginkizuna beteko duen mahaiari dagokion hauteskunde-barrutian, mahai horretan eman ahal izango du botoa.

  1. – Artekari bakoitzari buruzko orri-talonarioak bost orrikoak izango dira: bata, jatorrizkoa, artekariak edo haren ordezkariak gordeko du; bigarrena artekariari emango zaio izendapen-agiri gisa erabiltzeko; hirugarrena Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari igorriko zaio, kasuan kasukoari, artekariak parte hartuko duen Hauteskunde Mahaiari helaraz diezaion; laugarrena ere Hauteskunde Batzorde horri bidaliko zaio, baina artekaria eginkizunak beteko dituen hauteskunde-barrutian hautesle denean bakarrik, handik artekariak botoa emateko eskubidea duen Hauteskunde Mahaira bidaltzeko eta mahai horrek artekaria bere hautesle-zerrendatik ken dezan; eta bosgarrena Eskualdeko Hauteskunde Batzordearen esku geldituko da.

  1. – Artekaria bere eginkizunak beteko dituen hauteskunde-barrutian hautesle dela egiaztatu ahal izateko, Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak dagokion Lurralde Historikoko hautesle-zerrendaren kopia bat edukiko du bere esku, erabiltzeko modukoa.

  1. – Artekaria izendapen-agiriarekin agertzen bada Hauteskunde Mahaira, mahaiburuak mahaiko kide izaten utziko dio, nahiz eta Mahaiak, artean, Hauteskunde Batzordetik taloi-orririk jaso izan ez. Horrelakoetan, eginkizunak beteko dituen hauteskunde-barrutian hautesle izan arren, artekariak ezingo du botorik eman izendapen-agiria aurkeztu duen mahai horretan.

    Artekaria izendapen-agiririk gabe agertzen bada, Mahaiak, ordurako taloi-orria jasota badu, haren nortasuna egiaztatu eta Mahaiko kide izaten utziko dio. Horrelakoetan, artekaria bere eginkizunak beteko dituen hauteskunde-barrutian hautesle bada, izendapen-agiria aurkeztu duen Mahai horretan botoa emateko eskubidea izango du.

  2. – Artekaria zortzi eta erdiak jo eta gero agertzen bada Mahaira, ordurako haren eratze-agiria eginda dagoela, mahaiburuak ez dio Mahaian kide izaten utziko, eta bere eginkizunak beteko dituen hauteskunde-barrutian hautesle izan beharko du Mahai horretan botoa eman ahal izateko".

Honen bidez, aldatu egiten dira Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legearen 94. artikuluko 2 eta 3. paragrafoak (artikulu hori, bestalde, ekainaren 19ko 15/1998 Legeak aldatu zuen), eta honela gelditzen dira idatzita:

"2.– Edozein izan daiteke ahalordedun, adinez nagusi bada eta eskubide zibil eta politikoen jabe bada erabat.

  1. – Ahalordetzea notario-agirian egingo da, edo, bestela, hauetako baten aurrean, ahalordeak bere eginkizunak beteko dituen lekuaren arabera: bere eginkizunak hauteskunde-barruti baten baino gehiagotan bete behar baditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeko idazkariaren aurrean; Eskualdeko Hauteskunde Batzorde bat baino gehiagotako sekzioetan bete behar baditu, Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordeko idazkariaren aurrean, eta Eskualdeko Hauteskunde Batzorde bakar bateko sekzioetan bete behar baditu, Eskualdeko Hauteskunde Batzorde horretako idazkariaren aurrean. Dena delako Hauteskunde Batzordeak izendapen-agiria egingo du ezarritako eredu ofizialaren arabera".

Honen bidez, aldatu egiten dira Eusko Legebiltzarreko Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legearen 105.2 eta 112.3 artikuluak (lege hori, bestalde, ekainaren 19ko 15/1998 Legeak aldatu zuen); honela geldituko dira idatzita:

  1. – Hau da 105.2 artikuluaren edukia:

    "2.– Hautesleek behin bakarrik eman ahal izango dute botoa. Dagokien Sekzioan emango dute botoa, eta dagokien Mahaian. Salbuespen bakarra artekariena izango da, beren eginkizunak beteko dituzten Mahaiaren hauteskunde-barrutian hautesle direnean. Hala badira, behar den moduan izendapen-agiria aurkezturik, Mahai horretan bakarrik eman ahal izango dute botoa".

  2. – Honela geldituko da idatzita 112.3 artikulua:

    "3.– Ondoren, mahaikideek emango dute botoa, bai eta artekariek ere, beren eginkizuna betetzen duten hauteskunde-barrutian hautesle badira; hala direnean, Mahaiko Erroldan ageri ez diren artekarien Hauteskunde Mahaia zein den adierazi beharko da hautesleen errolda zenbakidunean. Mahaiburuak azkenengo emango du botoa. Mahaiburuaren botoa mahaikideetako batek sartuko du hautestontzian".

Indarrik gabe gelditzen dira uztailaren 28ko 330/1994 Dekretuaren "Artekariak eta ahaldunak izendatzea" izeneko 5. eranskinean jasotako eredu ofizialak. Dekretu horretan zehazten dira Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetan erabili beharreko hautestontzi, kabina, boto-orri, kartazal eta gainerako agirien eredu ofizialak eta ezaugarriak; orobat, indarrik gabe gelditzen dira beste hauek ere: material hori eskura jartzeko prozedura, aipatutako 330/1994 Dekretu hori aldatu zuen irailaren 8ko 228/1998 Dekretuaren 2.2 artikulua eta lege honetan ezarritakoaren aurka doan xedapen oro".

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean lege hau.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko apirilaren 3a.

Lehendakaria,