Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

1/2000 Legea, ekainaren 29koa, Euskadiko Kooperatiben Legea aldatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 146
  • Hurrenkera-zk.: 3411
  • Xedapen-zk.: 1
  • Xedapen-data: 2000/06/29
  • Argitaratze-data: 2000/08/01

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Ekonomia
Deskribapenak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak ekainaren 29ko 1/2000 Legea, Euskadiko Kooperatiben Legea aldatzekoa, onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Ekainaren 24ko Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legea, indarrean jarri zenetik orain arteko sei urteetan, nabarmen arau egokia izan da, bai enpresa-arloan eta bai baltzu-arloan, euskal kooperatibagintza berria garatzeko, produkzioko faktore guztien bilakaera indartzeko arauak ezarri dituen heinean eta kooperatibei, etengabe aldatzen ari den egungo merkatuan, lehiatzeko malgutasun gehiago eman dien bezainbatean.

Ekainaren 24ko 4/1993 Legea, bestalde, erreferentzia-puntu argia izan da kooperatibak direla-eta Estatuan gerora egin diren beste legeentzat; izan ere, aparteko ardura izan zuen legeak, testu osoan, Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak aldarrikatutako kooperatibagintzako balioak eta printzipioak betetzeko, baltzu eta enpresa sare osoa arautzerakoan haiek oinarri moduan hartuta. Hala, egungo legedia bete-betean lotzen zaio aipatutako aliantzak kooperatiben gainean emandako definizioari:

Kooperatiba elkarte autonomoa da. Osatzen duten pertsonek bat egitea erabaki dute –nork bere borondatez–, ekonomiaren aldetik, gizartearen aldetik eta kulturaren aldetik dituzten behar eta helburuak asetzeko, enpresa baten bitartez. Enpresa sortu duten pertsona guztiena da jabetza, eta demokratikoki egiten da kudeaketa.

Hau da, legeak, oinarrian behintzat, batzuetan hainzaila den oreka lortu du, kooperatibagintzako berezko printzipio eta arauak betetzean kooperatiben nortasunari eusten diolako, eta, aldi berean, enpresa moduan dauzkaten erronkei lege aldetik aurre egiten dielako; izan ere, halako legerik gabe kokaleku eta garapen arazoak izango zituzten beren jarduerak eraginkortasunez bete ahal izateko.

Urteotan legea aplikatzen jardun ondoren, eta euskal kooperatiba-mugimenduaren eskariei erantzunez, garaia iritsia da aztertzeko ea indarrean dagoen legearen bidez osorik bete ote den, kooperatibagintza sustatzeko asmoz Espainiako Konstituzioaren 129. artikuluko 2. idatz-zatian jasotako agindua betetzeari begira, lege horrekin lortu nahi zena, ala, aitzitik, indarrean dagoen arautegia sustatzaileen premietara eta sortzen ari diren enpresa-proiektuetara egokitu behar ote den, kooperatiba berriak eratzeko erraztasunak emanez eta, aldi berean –zenbait hobekuntza tekniko eta egokitzapen zehatz aplikatuz–, Euskal Herrian egun daudenak sendotuz.

Horixe da, hain zuzen, ekainaren 24ko Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legea zati batean aldatzeko lege honen helburua. Azalpen labur batekin batera, sistematizaturik adierazten dira araututako aldaketak:

  • Lehen mailako kooperatibak eratzeko gutxieneko bazkide kopurua bostetik hirura jaisten da, kooperatiba berriak sortzeko modua errazteko.

  • Ondorioz, gutxieneko baltzu-kapitala ere hiru mila eurotara jaisten da.

  • Kooperatibako Artezkaritza-kontseiluan postuak gordetzen badira, kasuan kasuko bazkide-talde bakoitzak Batzar Orokorrean zuzenean bere aholkulari-kopurua hautatzeko eskubidea izango du, kontseiluko gainerako kideak hautatzen parte hartu gabe.

  • Batzar Orokorra eratzeko modua malgutu egiten da kooperatiba-mota jakin batzuetan, hala nola nekazaritzakoetan eta kontsumokoetan, kooperatibako organo gorena geratuta egon ez dadin. Horrela, bada, hirugarren deialdia egin ahal izango da kooperatiba horietan, bildutako zein ordezkatutako boto-kopurua edozein izanda ere, baina aurreko bi deialdietako quorumak lortu ez direnean baino ez da egingo hirugarrena.

  • Baltzu-kapitalari dagokionez, arautu egiten da menpeko finantza-ekarpenen araubidea, batez ere kanpoko finantzaketa eskuratzeko –barrukoa saihestu gabe–; modu iraunkorrean eskuraturik, kooperatibaren berezko baliabide izango dira ekarpenok –baltzu-kapital moduan hartuko dira–, ezarriko diren baldintzetara lotuta nolanahi ere.

  • Partaidetza bereziei dagokienez, beste araubide juridiko bat ezartzen da, aurreko aldaketarekin lotuta doana.

  • Sustatu egiten da baltzuarekiko lotura. Horretarako, zabaldu egingo dira iraupen jakina duten bazkideen mugak, eta horren parean, murriztu, hala badagokio, inoren konturako kontratazioa. Era berean, gehienezko muga berri bat jarriko zaie bi talde horiek guztira urtean eginiko orduei.

  • Inoren konturako lan-kontratudun langileek ehunekotan gainditu ezin duten mugari dagokionez, aldatu egiten da ehunekoa eta ehuneko hori zehazteko irizpidea eta salbuespen batzuk sartzen dira, malgutasuna, eraginkortasuna –batez ere kooperatiba txikietan– eta segurtasun juridikoa lortzeko, alde batetik, eta iraupen jakineko baltzu-kontratazioa sustatzeko, bestetik.

  • Bazkide izateko aukerarik ez daukaten soldatapeko langileei dagokienez, kooperatibako emaitza positiboetan parte hartzeko printzipioa aplikatzerakoan sortzen diren arazo zehatzei erantzun praktiko eta eraginkorra ematen zaie.

  • Parean jartzen dira bazkide langileen eskubideak eta inoren konturako langileen eskubideak, administrazioko kontratak eta emakidak subrogatzen direnerako, beste enpresaren batek kontratan edo emakidan kooperatiba ordezkatzean ukituak gertatu diren bazkide langileen lanpostuak babestearren eta, aldi berean, eskubide horiek ez onartzeak ekimen pribatuaren sustapenerako ekarriko lukeen oztopoa saihestearren, oztopoa bailekarke halako ekimena zerbitzu publikoak kudeatu eta emateko kooperatiba gisa eratzeari dagokionez.

  • Bazkide langileen kontratuak eten eta amaitzeari buruz, ekainaren 24ko Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legea indarrean jarri ondoren sortutako kontzeptu berriak sartu dira (arrazoi teknikoak, antolamenduko arrazoiak, produkzioko arrazoiak), lan-gaietan indarrean dagoen arauteriarekin bat etorriz.

  • Bigarren mailako edo maila handiagoko kooperatibei dagokienez, eta bertako kideak kooperatiba izateak –eta beste pertsona juridiko batzuk izateak, halakorik badago–, horrek daukan berezitasuna kontuan hartuta; malgutu egiten da bigarren mailako kooperatibetan bazkideak sartzeko eta baja izateko lehengo araubidea; irizpide berriak ezartzen dira kapitalerako nahitaezko ekarpenak egiteko moduari buruz; malgutu egiten da bigarren mailako kooperatiben egitura organikoari buruzko tratamendua, bi ildotan hain zuzen: lehenengo eta behin, estatutuei aukera ematen zaielako bigarren mailako kooperatibetako kideen gutxieneko eta gehieneko ordezkaritza ezartzeko, nahiz eta proportzionaltasunari buruzko oinarrizko irizpidea aplikatu (irizpide hori ez da zalantzan jartzen), eta, bigarren, Artezkaritza-kontseiluko kide-kopurua zabaltzeko aukera uzten delako, bazkide guztiak bertan sar daitezen, edo, gutxienez, bazkideen ordezkaritza bat sar dadin, bazkide-mota guztien ordezkaritza nahikoa lortzeko bermeak ezarriz.

  • Elkar-lankidetzarako bide berriak irekitzen dira, baltzuaren helburua betetzeko balio duten eragiketen kooperatiba-izaera onartuz.

  • Orain arte egon ere egin ez den figura juridiko berri bat sortu da: elkar-lankidetzan oinarritutako kooperatiba-taldeak; arian-arian mundu osora zabaltzen ari diren merkatuetan jarduteko gero eta gogorragoak diren erronkei erantzuteko, kooperatiba-baltzuak enpresa moduan integratzeko beste era batzuk bultzatzearren egin da hori; izan ere, merkatu horiek irtenbide juridiko berriak eskatzen baitituzte, eta egungoak ez dira nahiko.

  • Kooperatibagintza-gaietan eskumenak dauzkan sailari beharrezko giza baliabideak eta baliabide materialak emateko eskatzen zaio Eusko Jaurlaritzari, sustapenean, zabalkundean, prestakuntzan, ikuskaritzan eta erregistroan dauzkan eginkizunak egoki bete ditzan.

  • Bazkide langileei eta inoren konturako gainerako langileei tratu-berdintasuna onartzen zaie, enplegua sustatu eta indartzeko neurri publikoei dagokienean.

  • Arauketa-eremuari dagokionez, uztailaren 16ko 27/1999 Legeko arauketa berrira egokitzen da estu-estu, eta argitu egiten da, bertan araututako irizpidea jasotzen baita; beraz, baltzu-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean daukaten kooperatiba-elkarte guztiei aplikatuko zaie, baldin eta nagusiki lurralde horretan betetzen badute beren jarduera kooperatibizatua.

    Neurri horiek guztiok helburu berbera daukate: Euskal Herrian kooperatibagintza sustatzea, frogatuta baitago kooperatibagintza kalitatezko lanpostuak sortzeko, aberastasuna banatzeko eta langileek ekoizpen-bideen jabetza eskuratzeko bereziki formula egokia dela.

    Azkenik, araugintzako teknikak direla eta, ezinbestekoa da kooperatibei buruz Euskal Autonomia Erkidegoari Euskadiko Autonomia Estatutuko 10.23 artikuluak emandako eskumen esklusiboaren indarra aipatzea, gerora Konstituzio Auzitegiak berak ere horrela onetsi baitu bere 72/83 KASean (F.J.3).

    Eskumen esklusibo horretaz baliatzerakoan, EAEk Euskadiko Autonomia Estatutuko 10.23 artikuluak berak ezarritako mugak errespetatu behar ditu, hau da, merkataritza-legeria orokorra, bai eta kooperatibetatik kanpoko beste eskumen-eremu guztiak ere, araugintza berriaren edukiak eremu horietan eragin nabaririk izaten badu.

    Beraz, zehaztasun batzuk egin behar dira hamalaugarren eta hogeita hirugarren artikuluei dagokienez, zeren eta horietan Estatuko arautegia aipatzen denean, Estatuko eskumenen eremua eta segurtasun juridikoa errespetatu nahi direlako egiten baitira aipamen horiek.

    Hamalaugarren artikuluak Euskal Autonomia Erkidegora aldatzen du uztailaren 16ko Kooperatiben 27/1999 Estatuko Legeko 86.2 artikuluan egindako aurreikuspena; hala, lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileak inoren konturako langileen parean jartzen ditu, administrazioko kontrata zein emakidaren batean ordezkapenen bat gertatzen denean eta ordezkatutako enpresaburuari egotz ezin dakizkiokeen arrazoiak tarteko direnean, enpresaburu berriarekiko harremanei buruz indarrean dagoen araudian inoren konturako langileei onartutako eskubide eta betebeharrak emateko haiei ere. Parekatze hori enpresa-subrogazio bat da, eta, ikuspegi materialetik begiratuta, laneko legediaren eremuan kokatzen da, legedi hori 360/93 KASak zehaztutako moduan aditurik betiere. Eremu material horretan, Espainiako Konstituzioko 149.1.7 artikuluak eta Euskadiko Autonomia Estatutuko 12.2 artikuluak mugatzen dute eskumenen banaketa, eta ez diote EAEri inolako eskumen arautzailerik ematen gai horretan. Hori dela eta, hamalaugarren artikuluan hitzez hitz jasotzen da uztailaren 16ko Kooperatiben 27/1999 Estatuko Legeko 86.2 artikulua.

    Beharrezkoa da, halaber, hogeita hirugarren artikuluak legearen aplikazio-eremuari buruz dakarren definizio berria aipatzea. Uztailaren 16ko Kooperatiben 27/1999 Estatuko Legeak bere aplikazio-eremutik kanpo utzi ditu beren jarduera nagusiki autonomia-erkidegoren batean betetzen duten kooperatibak. Horregatik, bada, 27/1999 Legeko 2 A artikuluan xedatutakoaren arabera, kooperatiben euskal legearekin arautzen dira beren jarduera kooperatibizatua bereziki EAEko lurraldean betetzen duten kooperatibak. Eta lege honetako hogeita hirugarren artikuluan horregatik aipatzen da Estatuko legeko 2 A artikuluan ezarritako aurreikuspena.

    Legearen artikulatua osatzeko, itxierako xedapenak jarri dira. Horien artean azpimarratzekoa, xedapen gehigarri bakarra, erregistro guztien arteko koordinazioa bultzatzea eskatzen baitio Jaurlaritzari, merkatua bat dela kontuan hartuta, eta enpresen taxu juridikoa edozein izanda ere, enpresen artean izen berdinik eza egiaztatzeko sistema sinplifikatzeko asmoz, eta sozietateen izenari dagokionez enpresen segurtasun juridikoa indartzeko. Horrela, bada, adosturiko koordinazio-tresnak gauzatzen direnean, indarra galduko du ekainaren 24ko Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legeko 12.2.f) artikuluaren arabera egiaztagiriak egiteko aurreikusitako sistemak.

«4. artikulua.– Gutxieneko baltzu-kapitala.

Gutxieneko baltzu-kapitala ezin da hiru mila euro (499.158 pta.) baino gutxiagokoa izan, eta eurotan neurtuko da. Gutxieneko baltzu–kapital horri dagokion kopurua kooperatiba eratzen den unean bertan egon beharko da oso-osoan ordainduta».

«l) Ohiko eta ohiz kanpoko Batzar Orokorrerako deia jendaurrean nola jarri eta epeak zehazteko modua, lehenengo edo bigarren deialdian izanik ere, edo hirugarren deialdian kontsumo eta nekazaritzako kooperatiben kasuan. Baita akordioak hartzeko araubidea zein izango den ere, lege honen 34.2 artikuluan jasotakoaren arabera».

«1.– Lehenengo mailako kooperatibetako bazkide, edozein pertsona fisiko zein juridiko, publiko nahiz pribatu, izan daiteke, betiere lege honetako II. tituluan ezarritako salbuespenak kontuan izanda.

Bigarren mailako edo maila handiagoko kooperatibei dagokienez, 128.1 artikuluan erabakitakoa bete behar da.

Sortzen diren unean, lehenengo mailako kooperatibetan gutxienez hiru bazkide izan behar dira, eratutako kooperatiba-motakoak. Bigarren mailako edo maila handiagoko kooperatibek beren bazkide sortzaileen artean gutxienez bi kooperatiba-elkarte izan beharko dituzte».

«2.– Bazkidea epe-mugarik gabe izango da kooperatiban.

Halere, estatutuetan horretarako aukera ageri bada eta langilea onartzean hala zehaztu bazen, enpresarekiko harremana iraupen jakinekoa izan liteke. Halako loturen berezko eskubide eta betebeharrak gainerako bazkideenen baliokide izango dira eta estatutuetan arautuko. Halako bazkideak ez dira izango inola ere kasuko motako behin betiko bazkideen bostena baino gehiago, ez eta mota horretakoek Batzar Orokorrean dituzten botoen bostena baino gehiago ere. Lan elkartuko kooperatiben kasuan, edo halakoak ez izan arren lan-bazkideak dituztenen kasuan, gainditu ahal izango da bostenaren muga, baina iraupen jakineko bazkideek eta inoren konturako langileek batera egindako urteko lan-orduen kopurua ezin izango da inola ere iritsi bazkide langileek edo epe jakinik gabeko lan-bazkideek egindako urteko lan-orduen kopuru osoaren ehuneko 50era.

Iraupen jakineko bazkidetza-kontratuen titularrak diren bazkide langileek edo lan-bazkideek egoera horretan hiru urteko aldi bat biltzen badute, iraupen mugagabeko bazkide-izaera hartzeko aukera edukiko dute, eta aldi hori bost urtekoa bada, edozein kasutan hartuko dute izaera hori. Horretarako, iraupen mugagabeko bazkideentzat estatutuek ezarritako beste betekizunak bete beharko dituzte».

«2.– Batzar Orokorra balioz osatuta egoteko, lehenengo deialdian botoen gehiengoa izan beharko da bertan edo ordezkatuta, eta bigarren deialdian, gutxienez botoen ehuneko hamar osatzen duten bazkideak, bertan izanik edo ordezkatuta, edo bestela, ehun boto. Estatutuetan bestelakorik esaten ez bada, nahikoa izango da bileraren hasieran quorum hori lortzea. Horrez gain, hirugarren deialdia ere aurreikus daiteke kontsumo eta nekazaritzako kooperatiben estatutuetan, bileran bertan edo ordezkatuta dauden botoen kopurua edozein izanda ere Batzar Orokorra egin ahal izateko».

«3.– Administratzaileak Batzar Orokorrean hautatuko dira, isilpeko bozketan emandako baliozko botoen kopururik handienaren arabera.

Legeko 45. artikuluko 4. zenbakian aurreikusitakoaren arabera kooperatibako Artezkaritza-kontseiluan postuak gorde badira, estatutuetan kontrakorik esan ezik, kasuan kasuko bazkide-talde bakoitzak dagokion artezkari-kopurua Batzar Orokorrean zuzenean hautatzeko eskubidea izango du, kontseiluko beste kideak hautatzen parte hartu gabe».

«4.– Bazkide bakoitzaren ekarpenen zenbateko osoa, lehen mailako kooperatibetan, kooperatiba-baltzuak edo bazkide laguntzaileak ez badira behintzat, ez da baltzu-kapitalaren herena baino gehiago izango. Ez dute muga hori izango hamar bazkide baino gehiago ez duten kooperatibek».

«1.– Ekainaren 24ko Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legeko 57. artikuluari 5. zenbaki berria gehitu zaio, eta honela idatzi da:

  1. – Menpeko finantzaketa esaten zaie kooperatibek jaso, eta kredituen lehentasunen hurrenkeran, hartzekodun arrunt guztien ondoren datozen finantzaketei.

    Kooperatibak bazkideekin nahiz beste batzuekin kontratatutako menpeko edozein finantza-ekarpenen epe-muga bere kitapena onartu aurretik gertatzen ez bada, finantza-ekarpen hori baltzu-kapitala izango da, edozein izan arren bere izen edo formalizazio juridikoa, eta ez zaio aplikatuko lege honetako 59. artikulutik 63.era artekoetan xedatutakorik, kontrako itunik egon ezik. Hala ere, ekarpen edo partaidetza horiek itzulgarriak izan daitezke edo karteran eskuratuak, kapital-baltzuetan partaidetzek edo akzioek ezarrita dituztenen pareko finantza-bermabideen bitartez –77/91 bigarren arteztarauan aureikusitako aukerak ere balia daitezke– edo araudian ezartzen den eran.

    Ekarpen horien ordainketa finkoa, berriz, aldakorra zein partaidetzazkoa izan daiteke, eta tituluen bidez zein kontuan ohartarazita ordezkatuko dira ekarpenok; balio higigarritzat har daitezke, jaulkipen-akordioan horrela aurreikusten bada. Kasu horretan, finantza-aktibo horiei aplikatzen zaien araudia izango dute araubide juridikoa.

    Ekarpen horiek inola ere ez dute eskubiderik emango ez Batzar Orokorrean botoa izateko ez administrazio-organoan partaidetza edukitzeko.

    Ekarpen horien jaulkipena edo kontratazioa, ehuneko 50ena gutxienez, kooperatibako bazkideei eta soldatako langileei eskaini beharko zaie beste inori baino lehen. Eskaintza horren publizitatea kooperatiban Batzar Orokorra deitzeko ezarritakoaren parekoa izango da.

  1. – Aurreko gehikuntza hori egin ondoren, ekainaren 24ko Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legeko 57. artikuluko 5. zenbakia artikulu bereko 6. zenbaki bihurtu da, eta honela idatzi da:

  1. – Artikulu honetako 1. puntutik 5.erainokoan erabakitakoa kreditu-kooperatibei eta aseguru-kooperatibei ezarri ahal izango zaie, baina batzuen nola besteen araudiek horretarako eragozpenik jartzen ez dutenean bakarrik».

«64. artikulua.– Partaidetza bereziak.

  1. – Partaidetza bereziak dira artikulu honetan ezarritako arauetara espresuki lotutako menpeko finantzaketak. Horien harpidedunek –artikulu honetako 4. zenbakian aurreikusitakoa izan ezik– kooperatiba ez diren erakundeak izan behar dute nahitaez, jaulkipenetik gutxienez bost urte igaro arte ezin izango da diru-itzulketarik egin eta kooperatibaren emaitzen arabera ezarriko da ordainketa.

  2. – Partaidetza horien gainerako ezaugarriak jaulkitzen direnean erabakiko dira askatasun osoz, baina inola ere ez dute eskubiderik emango ez Batzar Orokorrean botoa izateko ez administrazio-organorako partaidetza edukitzeko.

  3. – Artikulu honetan erabakitakoa kreditu-kooperatibei eta aseguru-kooperatibei bakarrik ezarri ahal izango zaie, batzuen nola besteen araudiek horretarako eragozpenik jartzen ez badute.

  4. – Ekarpen horien jaulkipena edo kontratazioa, ehuneko 50ena gutxienez, kooperatibako bazkideei eta soldatako langileei eskaini beharko zaie beste inori baino lehen. Eskaintza horren publizitatea kooperatiban Batzar Orokorra deitzeko ezarritakoaren parekoa izango da.

  5. – Edozein izan arren bere izena, artikulu honetan araututakoari espresuki lotzen ez diren partaidetzek itun askea edo 57. artikuluan baltzu-kapitalarentzat edo 65.ean beste finantzaketa batzuentzat ezarritakoa izango dute araubide».

«b) Lege honetako 57. artikuluan araututako baltzu-kapitalari egindako ekarpenengatik eta baltzu-kapitalean bildu gabeko laguntza eta finantzaketengatik zordunduriko korrituak».

«4.– Inoren konturako lan-kontratudun langileek urtean egindako lan-orduek ez dute bazkide langileek egindako urteko lan-ordu guztien ehuneko 25 baino gehiago izan behar. Enpresaren beharrizanak direla-eta ehuneko hori gainditu behar izanez gero, handitze hori hiru hilabeterako izango da gehienez ere; epe hori luzatzeko, arrazoiak eman eta baimena eskatu beharko zaio Lan-arloa atxikita duen sailari, eta hamabost eguneko epean erantzuten ez badu, baimena emandakotzat joko da.

Ehuneko horretan ez dira sartuko:

  1. Menpeko edo osagarri diren lantegi zein unitateetan urtean egindako lan-orduak.

    Menpeko lantegietan edo lantegi osagarrietan egindako lana da inoren konturako langileek bezeroaren zein haren onuradunaren lokaletan administrazio publikoarentzat egindakoa, kooperatibek iraupen jakineko zerbitzuak betetzeko kontratatu badituzte. Horrelakoak dira, halaber, obretan, muntajeetan zein jarduera osagarrietan kooperatibek egiten dituztenak, baldin eta jarduera horiek kooperatibaren helburu sozial nagusia ez badira, jarduera ere den modukoa delako kooperatibako lokaletatik kanpo betetzen bada, eta kooperatibarekin daukan lotura nabarmen egonkorra eta iraupen jakinik gabekoa ez bada.

  2. Legezko subrogazioz kooperatibetan bilduta dauden inoren konturako langileek egindako lana, baita subrogazio horien menpeko jardueretan parte har dezatenek egindakoa ere.

  3. Bazkide langileak nahiz soldatakoak aldi baterako lan-utzialdian eta ezintasun-egoeran daudenean, eta amatasunagatik edo semetzakoa edo alabatzakoa hartu nahiz jasotzeagatik ezgai-egoeran daudenean, haien ordezko langileek egindako lana.

  4. Bazkide langile izateari berariaz uko egin dioten langileek egindako lana.

    Zenbaki honetan xedatutakoa hala izan arren, zortzi bazkide langile baino gutxiago dauzkaten kooperatibek gehienez ere inoren konturako lan-kontratudun bi langile enplega ditzakete».

«Bazkide izateko aukerarik ez duten soldatako langileek, edo aukera horretaz baliatu ezin diren bitartean, kooperatibaren emaitza positiboen honenbesteko bat irabazteko eskubidea izango dute, estatutuetan esaten den neurrian, jakina, baina inolaz ere ez lanbide-sailkapen bereko edo antzeko bazkideei emandako kooperatibaren itzulkinaren ehuneko hogeita bostetik behera. Soldatako langilea baja izaten bada, Batzar Orokorrak onartutako azkenengo urteko kontuetan oinarrituta kalkula daiteke emaitzetan parte hartzeko kopurua, eta lege honetako 67.5 artikuluan adierazitako izaera izango du emaitzetan parte hartze horrek».

«9.– Uztailaren 16ko Kooperatibei buruzko 27/1999 Legeko 86.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, lan elkartuko kooperatibaren batek, berari egotzi ezineko arrazoiak direla medio, administrazioko zerbitzu-kontrataren bat zein emakidaren bat lagatzen badu, eta beste enpresabururen batek hartzen badu, kontratu edo emakida horretan lanean diharduten bazkide langileek indarrean dagoen arautegiaren arabera legozkiekeen eskubide eta betebehar berberak izango dituzte, kooperatiban inoren konturako langile izanda lan egin balute.

Aurreko paragrafoko egoeran aurkitzen diren langileek lehentasunezko eskubidea izango dute, bost urteko epean, lehengo beren kooperatiban berriro sartzeko, baldin eta lehenago zituztenen antzeko edukiko lanpostu berriak sortzen badira kooperatiba horretan».

«103. artikulua.– Ekonomian, teknikan, antolaketan zein ekoizpenean oinarritutako arrazoiengatik nahiz ezinbesteko beste arrazoi batzuk direla-eta aldi batez lan gabe gelditzea zein nahitaezko baja izatea.

  1. – Lan elkartuko kooperatibetan, ekonomian, teknikan, antolaketan zein ekoizpenean oinarritutako arrazoiengatik nahiz ezinbesteko beste arrazoi batzuk direla-eta nahitaezkoa bada, lana egiteko betebeharra eta eskubidea aldi baterako ken dakizkioke bazkide langileari, lanarekin batera doazen diru-eskubide zein betebeharrak galduz, baina bazkide moduan dagozkion gainerako eskubideak eta betebeharrak gordez.

    Horretarako, aipatutako arrazoiren bat oinarri hartuta, Batzar Orokorrak adierazi behar du beharrezkoa dela kooperatiba osatzen duten bazkide langile guztiek edo haietako batzuek lana etetea, eta berak zehaztuko du etenaldiaren iraupena, baita egoera horretan egongo diren bazkide langileen izenak eman ere.

    Lana eteteko arrazoiak amaitzen direnean, bazkide langileek bete-betean berreskuratuko dituzte beren eskubideak eta betebeharrak.

  2. – Ekonomian, teknikan, antolaketan zein ekoizpenean oinarritutako arrazoiak nahiz ezinbesteko beste arrazoiak larriak direnean, kooperatibaren bideragarritasun ekonomikoari eutsi ahal izateko, lanpostu-kopuru osoa, zein lanbide-talde edo multzo jakin batzuen kopurua behin betiko murriztu behar bada, Batzar Orokorrak zehaztu beharko ditu kooperatibatik kanpo gelditu behar diren bazkideen izenak eta kopurua. Horrelakoetan, nahitaezko eta bidezkotzat hartuko da baja, eta kanpoan gelditu diren bazkideek baltzu-kapitalari egindako ekarpenak berehala berreskuratzeko eskubidea izango dute, eta berriro sartzeko lehentasun-eskubidea gordeko dute bajaren hurrengo bi urteetan antzeko lanpostuak sortzen badira».

«2.– Pertsona juridikoak bazkide moduan onartu ahal izateko, Artezkaritza-kontseiluan bertara joanda zein ordezkari bidez emandako botoen bi herenen aldeko gehiengoa behar da gutxienez, estatutuetan bestelako gehiengorik aurreikusten ez bada; bi urtera arteko behin-behineko lotura-aldiak edo proba-aldiak agindu daitezke estatutuetan, baita bazkide onartzeko erabakia Batzar Orokorraren esku uztea ere.

  1. – Bazkide izateari utzi nahi dion pertsona juridikoak hala jakinarazi behar du urtebete aurretik gutxienez, artezkaritza–kontseiluak betebehar horretatik salbuesten ez badu, eta, benetan banandu aurretik, bigarren mailako edo maila handiagoko kooperatibarekin egindako hitzarmeneko betebeharrak bete behar ditu nahitaez, edo dagokion kalte–ordaina eman beharko dio dirutan, artezkaritza–kontseiluak hala erabakitzen badu. Gainera, estatutuetan kontrakorik ohartarazten ez bada, bereizitako elkarteak bajaren aurretik bereganatutako ardurak betetzen jarraitu beharko du beste bi urtetan gutxienez».

«1.– Bigarren mailako edo maila handiagoko kooperatibaren baltzu-kapitalari egin beharreko ekarpenak, bazkide bakoitzak berarekin egindako hitzarmeneko kooperatiba-jardueraren arabera egingo dira, estatutuetan ezarritako moduan, dela bazkide-kopuruaren arabera, dela lege honetako 58.1 artikuluan lehenengo mailako kooperatibentzat ezarritako irizpideen arabera».

Hemezortzigarren artikulua.– Idazkera berria eman zaio ekainaren 24ko Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legeko 131. artikuluari, eta honela idatzi da:

«131. artikulua.– Egitura organikoa eta botoa emateko eskubidea.

  1. – Batzar Orokorra honela osatuko da: bazkide diren pertsona juridikoen izenean, elkarturiko erakunde bakoitzak duen boto-eskubidearen araberako ordezkari-kopuruarekin, gehiengo eta gutxieneko mugak baltzu-estatutuetan finkatu daitezkeela kontuan hartuta, eta, egon badaude, lan–bazkideen ordezkariekin ere bai. Era berean, erakunde bakoitzak kooperatiba-jardueran duen parte hartzearen edo bazkide-kopuruaren araberakoa izango da boto–eskubidea. Kooperatiba-elkarte ez diren erakundeen botoak ezin dira baltzuaren boto guztien herena baino gehiago izan, lau bazkide baino gutxiago daudenean izan ezik.

  2. – Artezkaritza-kontseilu batek administratuko ditu bigarren mailako edo maila handiagoko kooperatibak. Gehienez ere, estatutuetan kontrakorik aurreikusten ez bada, hamabost kidez osatuta egongo da, eta bazkide diren erakunde guztiek izango dute ordezkaritza bertan, zuzenekoa edo zeharkakoa. Bazkide diren erakundeen kopuruak legez edo estatutu bidez ezarritako kideen gehiengoa gainditzen badu, elkarrekin batu daitezke boto gutxien daukaten erakundeak beren ordezkariak izendatzeko, bakoitzak barruko bere estatutuetako edo araudietako aurreikuspenak errespetatuz betiere.

    Kontseiluan izango den boto-eskubidea kontseilukideek ordezkaturiko erakundearen edo erakundeen kooperatiba–jardueraren edo bazkide-kopuruaren araberakoa izan daiteke, Batzar Orokorrerako ezarritako mugapenarekin.

    Artezkaritza-kontseiluko kideen herenak, gehienez, artezkari hautatuek izenda ditzaketela aurreikus daiteke estatutuetan; pertsona gaituen artetik egingo da izendapena, taldeko kooperatibaren bateko kide izan beharrik gabe».

«Kooperatibek kooperatiben arteko akordioak izenpetu ditzakete, baltzuaren helburuak bete ahal izateko. Akordio horien indarrez, kooperatibak berak eta bere bazkideek horniketa-eragiketak egin zein produktu eta zerbitzuak eman ditzakete akordioa izenpetu duten beste kooperatibetan; ekintza horiek, horrela, bakoitzaren bazkideekin egindako eragiketa kooperatibizatu bailiran hartuko dira».

«135 bis artikulua.– Kooperatiba-taldeak.

  1. – Lege honen ondorioetarako, kooperatiba-taldea hau da: edozein motatako zenbait kooperatiba-elkartek eta talde-buru den erakundeak osatutako multzoa, bildutako kooperatiben gaineko ahalmenak baliatzen dituena eta kooperatiba horiek nahitaez bete beharreko jarraibideak ematen dituena; ondorioz, aipatutako ahalmenen baitan batasuna agertzen du erabakiak hartzeko orduan. Taldeak kooperatiben printzipioei lotuta jardun beharko du, lege honen 1.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

  2. – Emandako jarraibideak kudeaketa, administrazio edo gobernu arlokoak izan daitezke, eta, besteak beste, honako hauek egin daitezke horietan:

    1. Oinarrizko kooperatibetan guztientzako arauak ezarri estatutu eta araudi bidez.

    2. Oinarrizko erakundeen artean elkarlan-harremanak ezarri.

    3. Enpresa bakoitzaren bilakaeraren zein emaitza-kontuen arabera kalkulatutako baliabideak aldiro ekartzeko konpromisoak ezarri.

      Alabaina, emandako jarraibideen edo baliatutako ahalmenen nahitaezkotasunak taldearen aurrean norbereganatutako konpromiso orokorretan oinarritu beharko du, eta, edozein kasutan, ezin izango dira eskatu taldeko kooperatiba bat edo batzuk espresuki libratu izan badira arau edo konpromiso jakin batzuei lotzetik.

  3. – Kooperatiba-taldean sartzea onartzeko, oinarrizko erakunde bakoitzaren hasierako adostasuna behar da, bakoitzaren eskumenekin eta jarduteko moduarekin bat etorriz.

  4. – Taldearen aurrean norbereganatutako konpromiso orokorrak idatziz gauzatu behar dira talde-buru den erakundeko estatutuetan, kooperatiba-elkartea bada, edo beste kontratu–agiriren batean, halakoa ez bada, eskritura publikoaren bidez gauzatuta, eta idazki horietan nahitaez jaso behar dira honako hauek: kontratuaren iraupena, mugatua bada; kontratua aldatzeko prozedura; kooperatiba–elkarteren bat banatzeko prozedura, eta talde–buru den erakundeari eman zaizkion ahalmenak, bera horietaz baliatzeko. Aipatutako konpromisoak aldatu, gehitu zein eten, talde-buru den erakundeko organo gorenaren akordioz egin daiteke, hala ezarrita badago.

  5. – Talderen batekoa izatea, eta bertatik banantzea ere, Kooperatiben Erregistroan kooperatiba-elkarte bakoitzari dagokion orrian ohartaraziko dira.

  6. – Talderen batean bildutako kooperatiba-elkarteek beste batzuekin zuzenean egindako eragiketatik sortutako erantzukizunak ez du taldean eraginik izango, ez eta taldea osatzen duten gainerako kooperatiba-elkarteetan ere».

    Hogeita batgarren artikulua.– Idazkera berria eman zaio ekainaren 24ko Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legeko 137. artikuluko 3. zenbakiari, eta honela idatzi da:

    «3.– Eusko Jaurlaritzak Lan-arloa atxikita duen sailaren bitartez jardungo du kooperatiba-alorrean, eta beharrezko giza baliabideak eta baliabide materialak emango dizkio sustapenean, zabalkundean, prestakuntzan, ikuskaritzan eta erregistroan dauzkan eginkizunak egoki betetzeko; dena den, beste sail batzuek ere jardun ahalko dute, aplikatu behar duten legedi berezia betetzeko onartuta dauzkaten ahalmenei dagokienez».

    Hogeita bigarren artikulua.– Ekainaren 24ko Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legeari laugarren xedapen gehigarria gehitu zaio, eta honela idatzi da:

    «Laugarren xedapen gehigarria.– Enplegua sustatu eta indartzeko, tratu berdina.

    Debekatuta dago lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileen eta beste kooperatiba-motetako lan-bazkideen inolako bereizketarik egitea enplegua sortu eta indartzeko emandako pizgarriak arautu eta gauzatzerakoan. Euskal Autonomia Erkidegoak bere eskumenak erabiliz enplegua sustatu eta indartzeko inoren konturako langileentzat ezarritako neurri eta pizgarri guztiak aplikatuko zaizkie».

    Hogeita hirugarren artikulua.– Idazkera berria eman zaio ekainaren 24ko Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legeko bigarren azken xedapenari, eta honela idatzi da:

    «Bigarren azken xedapena.– Aplikazio-eremua.

    Baltzu-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten kooperatiba-elkarte guztiei ezarriko zaie lege hau, baldin eta, uztailaren 16ko Kooperatiben 27/1999 Legeko 2 A artikuluan aurreikusitakoaren arabera, lurralde horretan betetzen badute nagusiki beren jarduera kooperatibizatua».

Euskadiko Kooperatiben Erregistroaren arteko eta Estatuko Kooperatiben Erregistroaren eta Merkataritzako Erregistro Nagusiaren arteko koordinazioa sustatuko du Eusko Jaurlaritzak, ekainaren 24ko Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legeko 12.2.f) artikuluan aurreikusitako sistemaren ordez izen berdinik eza egiaztatzeko erregistro bakarra jartzeko.

Oraindik ere epe-muga agortu gabe daukaten partaidetza bereziek jaulkipenean ezarri zen araubideari eutsiko diote.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean lege hau.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2000ko uztailaren 13a.

Lehendakaria,

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.