Ogasun eta Finantza Saila

Arautegia

Inprimatu

20/1998 LEGEA, ekainaren 29koa, Lurzoru Ondare Publikoena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 132
  • Hurrenkera-zk.: 3248
  • Xedapen-zk.: 20
  • Xedapen-data: 1998/06/29
  • Argitaratze-data: 1998/07/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita

Testu legala

Eusko Legebiltzarrak ondoko legea onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei:

Herritarrek etxebizitza duina lortzeko daukaten eskubidea eta lurzoruaren erabilgarritasuna eskatzen duten gizartearen onerako erabilerak bermatu nahi baditugu, beharrezkoa da baliabide bereziak jartzea administrazio publikoek lurzoruaren merkatuan parte hartzeko eta merkatu hori kontrolatzeko. Baliabide horietako bat udalen lurzoru-ondareak dira. Ondare-mota horrek hirigintza-antolamenduan tradizio handia duen arren, lege-hutsuneek, maiz asko, bere eginkizuna betetzea ezinezkotu dute. Horixe da, alegia, lege honen bitartez zuzendu nahi den egoera.

Gainera, Udalen Aurrekontuetan Lurraren Udal Ondarerako diren Zenbatekoen Gordailua Arautzen duen otsailaren 20ko 1/1997 Legearen azken xedapenetako aurrenekoan jasotako agindua betez, Euskal Autonomia Erkidegoko udalez gaindiko administrazioek lurzoru-ondareak eratzea aurreikusi du lege honek.

Legeak partaidetzarako beste bide batzuk ere jaso ditu, udalek, Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta lurralde historikoetako foru-organoek aukera izan dezaten lurzoruak eskuratzeko. Horrela bide ematen da erakunde horiek helburu orokorrak lortzera zuzendutako eginkizun publikoak bete ditzaten.

Ekimen publiko horiek, antzinatik, babes ofizialeko etxebizitzetarako lurzorua lortzearekin lotu ohi dira, eta batez ere udalen lurzoru-ondareen eraketa eta kudeaketan oinarritu dira. Oraingoan, lege honek beste gizarte-erabilera batzuk hartu ditu bere baitan, eta lurraldea antolatzeko tresnetan jasotako asmo eta helburuak betetzearekin lotu ditu neurriak, lortu nahi diren helburuak bermatzen dituzten neurri eraginkor eta prozedurak taxutu nahian.

Legearen I. tituluan, udalen lurzoru-ondareak arautu dira orokorrean, udalen esku utzitako eginkizuna dudarik gabe bermatu nahian. Titulu horretan zehaztutakoaren arabera, horrelako ondareak sortzeko beharra legetik dator zuzenean. Izan ere, legean xehetasunez zehaztu dira ondareak osatzen dituzten ondasunak eta baliabideak. Halaber, bereizitako ondare gisa zuten izaerari eusten zaio, eta babes ofizialeko etxebizitzetarako eta gizartearen onerako beste erabileretarako lurzoruak lortzearekin lotuta jarraitzen dute. Legeak erabilera horiek zehaztu ditu ondare-mota horren zertarako berezituen antolaketak ekartzen zituen arazoak gaindituz.

Beste helburu berezi batzuk zehaztuta eta ondareak osatzen dituzten ondasun eta eskubideen zerrenda zehatza eginda, udalen lurzoru-ondareek eginkizun nabarmena bete beharko dute hirien antolamenduaren zerbitzura.

Legeak dioenez, oraingoan, 7.000 biztanletik gorako udalerriek, derrigorrez, diru-izendapenak egin behar dituzte beren aurrekontuetan udal lurzoru-ondareetarako ezarritako helburuak lortzeari begira, 17/1994 Legean babes ofizialeko etxebizitzetarako lurzoruaren estandarrak ezartzeko irizpide berari jarraiki. Euskadin etxebizitza lortzeko dauden arazo larriak kontuan hartzen baditugu, badirudi arrazoizkoa dela udalerriei horrelako tresna eraginkorra ematea. Horrela, aldi berean, problema hori konpontzen laguntzeko aukera ematen zaie.

Era berean, geroan erabiltzeko erreserba-lurzoruen mugaketa eta horren ondorioak zehazten ditu legeak. Izan ere, gerta daiteke, batetik, udal-ondareak nahikoak ez izatea, eta, bestetik, erreserba-lurzoruen mugaketa lagungarria izatea lurzoruaren prezioa igo ez dadin eta transakzioetan gardentasun-elementuak sar daitezen tanteo-eskubidearen eta berreskuratzeko eskubidearen menpe jartzen diren neurrian.

Legearen II. tituluan, Eusko Jaurlaritzaren eta foru-aldundien ekimenek lurzoruaren merkatuan nolako partaidetza duten jasotzen da.

Lehenik, legean aurreikusten denez, administrazio horiek lurzoru-ondare publikoak eratzeko aukera izango dute, etxebizitza, ekonomi jarduera, azpiegitura, ekipamendu eta abarren arloan dituzten eskumenak betetzeko behar diren lurzoruak lortzeko asmoz.

Lurzorua erreserbatzeko sistema, legean jasotako beste tresnetako bat da. Sistema horren ezaugarriak, mugaketa eta kudeaketari dagokienez, udalerrien kasuan ezarritakoen antzerakoak dira. Horren helburu nagusia lurraldea antolatzeko tresnen helburu eta lehentasunak betetzea besterik ez da; bereziki, honako hauek betetzea: babes ofizialeko etxebizitzetarako lurzoruak eskuratzea eta antolatzea, industriarako lurzoruak antolatzea, azpiegitura eta ekipamenduak kokatzea.

Mugaketen funtsezko ondorioa nahitaezko desjabetza gaitzea da, betiere lurzoru horiek salerosketa edo permuta bidez eskuratzeko ahalmenari kalterik egin gabe.

Lurzoru-ondare publikoen eraketa eta erreserba-sistema ez litzateke osoa izango, baldin eta salbuespenez eta behar bezala justifikaturiko interes publikoko arrazoiengatik honako aukera hau emango ez balitz: udalak bat ez badatoz Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo lurralde historikoetako foru-organoek egindako proposamenekin, lurzoru horiek klasifikatzeko, kalifikatzeko eta burutzeko aukera egon behar du. Horrela lurzoru horien antolamendua eta kudeaketa Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek burutu ditzakete, norbere eskumenen barruan, udal-planeamenduan aurreikusitako tresnak tramitatuz eta behin betiko onartuz.

Lege honen gaia da Euskadiko administrazioetako lurzoru-ondare publikoak eta lurzoru-erreserbak ezartzea eta arautzea, honako helburu hauek lortzeari begira:

  1. Euskadiko hiri eta lurraldeen garapena bultzatzea.

  2. Lurzoruak eskueran izatea, ekimen publikoak burutzeko eta, bereziki, babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko edo gizartearen onerako beste erabilera batzuk gauzatzeko.

  3. Lurzoruaren merkatua arautzea.

Planeamendu orokorra daukaten udalek bakoitzak bere udalaren lurzoru-ondarea eratuko dute.

  1. ¿ Udalaren lurzoru-ondarea udalaren titularitatepeko gainerako ondasunetatik bereizitako ondarea da.

  2. ¿ Udalen lurzoru-ondareak osatzen dituzten ondasunak, bai eta horiek besterentzerik eta, orokorrean, kudeatzetik lortutako eskuarteak ere lotuta daude bakarrean lehenengo artikuluan ezarritako helburuak betetzearekin.

  1. ¿ Udalen lurzoru-ondareak honako ondasun hauek osatuko dituzte:

    1. Planeamendu orokorrak hiri-lurzoru eta lurzoru urbanizagarritzat edo urbanizatzeko modukotzat jotzen dituen udalen ondare-ondasunak, eskuratze-tituluagatik udalaren lurzoru-ondarearen helburuetan jasota ez dagoen helburu berezi bati lotuta daudenak izan ezik.

    2. Hirigintza-planeamendua egiterakoan hirigintza-baliabide eta dotazio eta ekipamenduetarako lortutako eta lagatako lurzoruak.

    3. Udalaren lurzoru-ondarea eratzeko edo handitzeko asmoz eskuratutako lurzoruak, lurzoru horien hirigintza-klasifikazioa zein den alde batera utzirik.

    4. Desjabetza bidez eskuratutako lurzoruak, erabilera edo zerbitzu publikoari eratxikita ez daudenak.

    5. Udalaren lurzoru-ondarearen beste ondasunen truke lortutako lurzoruak.

    6. Tanteo-eskubidea eta berreskuratzeko eskubidea erabiliz lortutako ondasunak.

  2. ¿ Jarraian adierazitako baliabide ekonomikoak udalaren lurzoru-ondareen eraketa, mantenimendu eta handitzearekin lotutako fondoak izango dira:

    1. Norbere ondarea besterentzetik edo kudeatzetik lortutako diru-sarrerak.

    2. Hirigintza-aprobetxamendua lagatzetik etorritako diru-zenbatekoak, horrelakorik egonez gero.

    3. Udalaren lurzoru-ondarearen barruan dauden ondasunak berme hipotekario gisa dauzkaten kredituak.

    4. Udalaren lurzoru-ondarea osatzen duten ondasunen gaineko azalerako eskubideen kostubidezko eraketari dagozkion zenbatekoak.

  3. ¿ Halaber, udalen lurzoru-ondareak honako hauek osatuko dituzte:

    1. Hirigintza-aprobetxamendua, Lurraren Araubide eta Hiri Antolaketaren arloko Presako Neurriak Zehazteari buruzko 5/1998 Legearen lehenengo xedapen gehigarriaren II. epigrafean aipatutakoa, betiere epigrafe horren 2. idatz-zatian adierazitako konpentsazioak egin eta gero.

    2. Egikaritza-unitateetan sartuta ez dauden partzeletan aurreikusitako eta unitate horien titularrei dagokien aprobetxamendutik gorakoa den hirigintza-aprobetxamendua.

  1. ¿ 7.000 biztanletik gorako udalek, lehen artikuluan zehaztutako helburuetarako diru-sarrerei buruzko I. eta II. kapituluan izendatutako guztizkoaren 100eko 10aren zenbateko berdina izendatuko dute beren aurrekontuetan.

  2. ¿ Aurrekontu-ekitaldi baterako gora edo behera egindako aurreikuspenak ondorengo ekitaldietan konpentsa daitezke gora edo beherako aurreikuspenak eginez, betiere lau urteko aldirako adierazitako batez bestekoa betetzea bermatzen bada.

  1. ¿ Udalaren lurzoru-ondarearen kudeaketa Administrazioak edo bere erakunde instrumentalek burutu ahal izango dute, bakoitzean modalitate egokiena erabiliz.

  2. ¿ Udalaren lurzoru-ondarea kudeatzen duten erakunde instrumentalak lege honetan ezarritako helburuak betetzeko beharrezkoak diren desjabetzen hartzekodunak izan daitezke.

Udalaren lurzoru-ondarea babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko izango da batik bat, eta, gainera, gizartearen onerako ondorengo erabileretarako:

  1. Ekonomi jardueretarako lurzoruaren eskuraketa eta sustapen publikoa.

  2. Urbanizazio-obrak eta sistema orokorrak egitea.

  3. Udal-esparruko ekipamendu kolektiboak edo guztion erabilerako beste instalazioen eraikuntza, betiere administrazio publikoek edo beren baltzu instrumentalek sustatu badituzte.

  4. Administrazioen ekimenez etxebizitzak birgaitzeko edo hiria eraberritzeko burututako eragiketa osatuak eta bakanak.

  5. Historia eta kultur arloko ondarea birgaitzea.

  6. Babes bereziaren beharra aitortu zaien guneetan natur ingurunea zaintzea, babestea edo bere onera ekartzea.

  1. ¿ Udalaren lurzoru-ondarea osatzen duten lurzoruak eta ondasun higiezinak besterentzeko modukoak dira aurreko artikuluan zehaztutako helburuak eta zertarakoa betetzeari begira.

  2. ¿ Orokorrean, udalaren lurzoru-ondarearen ondasunen lagapenak kostubidezkoak izango dira eta lehiaketa edo enkante publikoen bidez burutuko dira.

  1. ¿ Udalaren lurzoru-ondarearen ondasunak besterentzeko sistema lehiaketa izango da. Horretarako, toki-jaurbideari buruzko legerian ezarritako baldintzak bete beharko dira, hirigintza-helburuen arabera beharrezkoak diren berezitasunak kontuan izanda.

  2. ¿ Nolanahi ere, lehiaketaren oinarrietan honako hauek zehaztuko dira:

    1. Lizitazioaren gutxienezko prezioa.

    2. Etxebizitzen salmenta edo errentamenduaren gehienezko prezioak.

    3. Eraikuntza-obrak egiteko gehienezko epeak eta, hala badagokio, urbanizatzeko gehienezko epeak, lurzoruak orubetzat jo ez badira.

  1. ¿ Badago ondasunak zuzenean besterentzea, toki-jaurbideari buruzko legeriak eskatzen dituen baldintzak betez, honako kasu hauetan:

    1. Eskatzaileak laguntza edo gizarte arloko irabazte-xederik gabeko erakundeak badira, esaterako fundazioak, mutualitateak, kooperatibak eta babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntza sustatzen duten beste batzuk.

    2. Udal-titularitate zuzeneko etxebizitza-eraikin publikoen kasuan edo erakunde eta menpeko merkataritza-enpresenean, eskatzaileak etxebizitza horien legezko maizterrak badira.

    3. Lehiaketa urtebeteko epean bete gabe geratu bada. Kasu horretan, besterentzea baldintza-orri beraren arabera burutuko da. Esleipen-prezioa ezin izango da inoiz ere lehiaketa bidezko lizitazioetan ezarritakoa baino baxuagoa izan.

  2. ¿ Era berean, badago ondasunak zuzenean besterentzea, toki-jaurbideari buruzko legeriak eskatzen dituen baldintzak betez, honako erabilera hauetarako:

    1. Erakunde publikoek edo beren erakunde instrumentalek sustatutako babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko, baldin eta jarduera hori erakunde horien berariazko helburuen artean badago.

    2. Erakunde ofizialen eraikin publikoak eraikitzeko, eraikin horiek kokaleku jakin bat behar badute.

    3. Zerbitzu publiko edo gizarte-intereseko, jabetza publiko edo irabazte-xederik gabeko erakundeen eraikinak eraikitzeko, esate baterako laguntza-zentroak, kultur etxeak, osasun-zentroak, elizak edo kiroldegiak eraikitzeko, baldin eta eraikin horiek kokaleku jakin bat behar badute.

    4. Sistema orokorrak eta urbanizazio-obrak egitea.

  3. ¿ Zuzeneko besterentzea hitzarmen bidez bideratuko da, erregelamendu bidez zehaztutako gutxienezko baldintza eta eskakizunekin bat etorriz. Zertarakoa babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzea bada, hitzarmenaren edukiak, edonola ere, 9.2 artikuluan ezarritakoaren menpe egongo dira.

Udalaren lurzoru-ondarearen ondasunak honako kasu hauetan bestetan ezin dira doan edo bere hirigintza-balioari dagokion baliotik behera laga:

  1. Lagapena egiten duena administrazio publiko bat edo bere erakunde instrumentaletako bat bada eta zertarakoa 7. artikuluan jasotakoen artean badago.

  2. Eskatzailea interes publikoko irabazte-xederik gabeko baltzu pribatua bada eta lurzoruaren zertarakoa babes ofizialeko etxebizitzak, ekipamendu kolektiboak edo erabilera publiko edo gizarte-intereseko beste instalazio batzuk egitea bada.

Hirigintza-planeamenduan babes ofizialeko etxebizitzetarako edo 7. artikuluan jasotako beste erabileretarako bereziki kalifikatu ez diren udalaren lurzoru-ondarearen ondasunak askatasun osoz besterendu daitezke, betiere lortutako diru-sarrerak edo ondasunak udalaren lurzoru-ondarearen helburuetarako erabiltzen badira.

  1. ¿ Babes bereziaren menpe ez dagoen lurzoru ez-urbanizagarriaren gainean eta, hala badagokio, programatu edo sektorizatu gabeko lurzoruaren gainean udalaren lurzoru-erreserbak ezarri ahal izango dituzte planeamendu orokorraren tresnek, udalaren lurzoru-ondarea eratzeari edo handitzeari begira. Eskuratzeko epea planeamendu-tresnetan zehaztuko da, eta ez da inoiz ere zortzi urtetik gorakoa izango.

  2. ¿ Aurreko idatz-zatian ezarritakoari kalterik egin gabe, udalerriek lurzoru-erreserba berriak ezar ditzakete edo daudenak handiagotu, honako kasu hauetan:

    1. Bi urte igaro badira, gutxienez, dagokion planeamendu-tresna orokorra indarrean sartu zenetik.

    2. Jabetza kentzeko dagokion prozeduran zertarako berarekin aurretik deklaratutako lurzoru-erreserbak okupatu badira.

      Eskuratzeko gehienezko epea akordioan azalduko da, eta ez da inoiz ere zortzi urtetik gorakoa izango.

  1. ¿ Erreserba-lurzoruen mugaketa azalera-plano baten bidez formalizatu beharko da, partzelak zeinkatuz Landa Ondasunen Katastroaren bitartez. Afektatutako jabeen zerrenda eta lurzoruaren zertarakoa edo egungo erabilerak jasoko ditu.

    Mugaketak, besteak beste, arrazoitu eta ebaluatu beharko du zergatik egin duen aukera hori beste kokapen-aukeren aldean.

  2. ¿ 13.2 artikuluan jasotako kasuetan honako prozedura hau erabiliko da:

    1. Mugaketa-erabakia, hasiera batean, alkateak hartuko du, eta hilabetez jendaurrean jarriko, dagokion lurralde historikoko Aldizkari Ofizialean eta lurralde horretan gehien saltzen diren egunkarietako batean, gutxienez, iragarkia argitaratuz. Afektatutako jabeei zuzenean emango zaie horren berri.

    2. Arrazoibideak ikusita, udalbatzarrak behin betiko onartuko du mugaketa, dagozkion aldaketak sartuz.

  1. ¿ Udalaren lurzoru-erreserbaren mugaketak, lurzoruak udalaren lurzoru-ondarearen berezko xedeetarako erabili ahal izateko egindakoak, bere baitan dakar onura publikoko deklarazioa eta okupazio-beharra desjabetza-ondorioetarako.

  2. ¿ Eskuratzeko gehienezko epea amaituta, udalak ez baditu lurzoruak eskuratu, aldi berean desjabetza-espedientea tramitatuz bestela ezingo da lurzoru-erreserba berriz ere egin.

Planeamendu-tresna egokiak erreserba-lurzoruetarako aurreikusitako hirigintza-antolamendua bat ez badator udalaren lurzoru-ondarearen zertarakoarekin, erreserba-indarrik gabe geratuko da udalak horri buruz hartzen duen erabakiaren bidez.

Erreserbarako mugatutako guneetan, lurzoru edo ondasun higiezinen kostubidezko eskualdatzeak tanteo-eskubidearen eta berreskuratzeko eskubidearen menpe gelditzen dira erreserba adierazi duen udalaren alde.

  1. ¿ Erreserba-guneetan dauden lurzoruen eta ondasunen jabeek udalari jakinarazi beharko diote besterentzeko erabakia, asmotan dituzten prezioa eta ordainketa-modua eta eskualdatzearen beste funtsezko baldintzak adieraziz, hartara tanteo-eskubidea erabiltzeko aukera egon dadin jakinarazpena egin den egunaren biharamunetik aurrera kontatuko den bi hilabeteko epearen barruan. Epe hori bukatu eta udalak bere esleipen-erabakiaren berri eman ez badu, besterentzea askatasun osoz egin ahalko da.

  2. ¿ Aurreko idatz-zatian aurreikusitako jakinarazpena egin ez denean, udalak berreskuratzeko eskubidea erabili ahalko du besterentzearen berri izan duenetik aurrera kontatuko den bi hilabeteko epean. Berreskuratzeko eskubidea aldi berean erabili ahalko da, halaber, baldin eta aurreko idatz-zatian aurreikusitako jakinarazpenean adierazi ez bada eskatzen diren betekizunetako edozein, edo eskualdatzearen benetako prezioa txikiagoa bada, edo eskualdatzearen beste baldintzak arinagoak badira.

Jabetza Erregistroan ezingo da inskribatu esandako erreserba-guneetan dauden higiezinen gain egindako eskualdatzerik, aurreko artikuluan adierazitako jakinarazpena egin dela ziurtaturik ez badago.

Lege honen 1. artikuluan zehaztutakoak helburutzat harturik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta lurralde historikoetako foru-organoek euren lurzoru-ondare publikoak eratu ahal izango dituzte, edo udalekin eta lurralde edo jardute-mailako izaera ez duten beste erakunde publiko batzuekin elkarlanean aritu ahalko dira lurzoruak eta beste ondasun higiezinak erosten edo eskuratzen laguntzeko.

Udalez gaindiko lurzoruen ondare publiko hauek lurzoruen udal ondareekin eskumen-alorreko bikoiztasunak edo gainjartzeak ekidingo dituzte udal-erakundeekin koordinatutako jarduera izanez eta foru organoen eta Erkidego osorako erakundeen politiken artean beharrezkoa den koordinazioaren bidez.

  1. ¿ Euskadiko Administrazio Orokorrak edo lurralde historikoetako foru-organoek legean zehazten diren bideen bitartez eskuratu ahal izango dituzte lurzoruak eta bestelako ondasun higiezinak.

  2. ¿ Ondasun horiek udalen lurzoru-ondareetan sartzekoak badira, edo babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko, industri edo ekonomi jardueretarako lurzoruaren sustapen publikoa egiteko edo azpiegiturak eta ekipamenduak egiteko erabiltzekoak badira, Euskadiko Administrazio Orokorrak eta foru-organoek desjabetza bidez jokatu ahalko dute, desjabetzaren onuradun gisa interesa duten udalak edo gainerako erakunde publikoak azaldu daitezkeela, egonez gero.

  1. ¿ Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo lurralde historikoetako foru-organoen lurzoruak garatu ahal izateko, klasifikazio, kalifikazio eta antolamendu egokiak eta urbanizazio eta kudeaketarako tresna egokiak izan beharko dituzte, indarrean dagoen hirigintza-legeriarekin guztiz bat etorriz.

  2. ¿ Euskadiko Administrazio Orokorrari eta lurralde historikoetako foru-organoei dagozkien sailek antolamendu, urbanizazio eta kudeaketarako beharrezkoak diren hirigintza-tresnak formulatu eta tramitatu ahal izango dituzte, betiere afektatutako udalerrietako udalek horrela eskatzen badiete, udal horiek beren eskumenen barruan hartu beharko dituzten erabakien kalterik gabe

  3. ¿ Salbuespenez, eta behar bezala justifikaturiko interes publikoko arrazoiek horrela eskatzen badute, Eusko Jaurlaritzak baimena eman ahal izango die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta lurralde historikoetako foru-organoen sailei ere antolamendu, urbanizazio eta kudeaketarako beharrezkoak diren hirigintza-tresnak formulatu eta tramitatzeko, betiere hirigintza- eta lurralde-antolamendurako legeriak ezarritako prozedurari jarraiki.

    Eusko Jaurlaritzak aurreko paragrafoan aipatutako organoei formulazio eta tramitazioa egiteko baimena eman aurretik, honako tramite hauek bete beharko dira:

    1. Sail sustatzaileek komunikazio formala egin beharko diete afektatutako udalei, eta hauek, hiru hilabeteko epean, gehienez, proposamenarekin bat datozen edo ez agetu beharko dute, betiere euren iritziaren arrazoiak emanez.

    2. Epe horretan desadostasuna agertzen badute edo erantzunik ematen ez badute, bi hilabeteko epea izango da negoziatzeko eta kontsultak egiteko, ea akordio bat lortzen den. Akordiorik lortzen ez bada, Jaurlaritzari eskatuko zaio baimena lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen sailaren bitartez.

      Nolanahi ere, antolamendu, urbanizazio eta kudeaketarako hirigintza-tresnak behin betiko onartzea jarduten duen administrazio eskumendunei dagokie.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta lurralde historikoetako foru-organoek sustatutako jarduketak, aurreko artikuluan zehaztutakoak, garatzeko, jarduten duen Administrazioak proiektuaren berri eman beharko dio dagokion udalari. Honek bat datorren ala ez adierazi ahal izango du, arrazoiak emanez, hiru hilabeteko epean. Epe hori amaituta edo udala bat ez badator, Jaurlaritzak, proiektua hirigintza-planifikazioarekin bat datorrela egiaztatuta eta udalari entzun eta gero, berehala burutzeko baimena eman ahal izango du. Baimen horrek ez du jarduten duen administrazioa dagozkion udal-zergak behar denean ordaindu behar izatetik jare uzten.

  1. ¿ Besterentzea, azalerako eskubideen eraketa, errentamendua edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta lurralde historikoetako foru-organoen lurzoru-ondare publikoen lurzoru eta gainerako ondasun higiezinak lagatzeko beste bide batzuk euren ondare-ondasunak arautzen dituzten arauekin bat etorriz burutuko dira.

  2. ¿ Aipatutako lurzoruak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta foru-organoen lurzoru-ondare publikoen lurzoru eta gainerako ondasun higiezinak besterentzetik, lagatzetik edo kudeatzetik lortutako diru-sarrerak ez dira ezinbestean erabili behar horiek mantentzeko edo handitzeko.

Titulu honetako aurreko artikuluetan zehaztutakoari kalterik egin gabe, Euskadiko Administrazio Orokorrak eta lurralde historikoetako foru-organoek lurzoru-erreserbak egin ahal izango dituzte lurzoru ez-urbanizagarrian eta, hala badagokio, programatu edo sektorizatu gabeko lurzoru urbanizagarrian, euren lurzoru-ondare publikoak eratzeko edo handitzeko.

Euskadiko Administrazio Orokorraren eta lurralde historikoetako foru-organoen erreserbetarako ezarritako baldintzak eta ondorioak I. tituluaren II. kapituluan lurzoruaren udal-erreserbetarako zehaztutako berberak izango dira, honako hauek salbu:

  1. Mugaketa-erabakia, hasiera batean, lurralde-antolamendu edota hirigintza arloan eskumena duen sailburu edo foru-diputatuak hartuko du afektatutako udalari edo udalei hilabeteko epean entzunaldia eman eta gero. Behin betiko onarpena Gobernu-Kontseiluak edo Diputatuen Kontseiluak egingo du, zein administrazio den kontutan hartuta.

  2. Euskadiko Administrazio Orokorraren eta lurralde historikoetako foru-organoen erreserbak ez daude 13. artikuluan zehaztutako baldintzen menpe.

    Alabaina, erreserba bat mugatuta daukan administrazioak ez du beste bat ezartzerik izango xede berarekin eta udalerri berean, baldin eta lehenago, dagokion desjabetzeko prozeduran, aurrez adierazitako erreserba okupatu ez badu. Halaber, eskuratzeko epea ezingo da mugaketa-erabakia hartu zenetik hasi eta zortzi urtetik gorakoa izan.

Lege honen II. tituluan eta, bereziki, 21. eta 22. artikuluetan zehaztutakoak ez dio kalterik egingo lege berezietan edo hirigintza-legerian zehaztutakoa ezartzeko ahalmenari, Administrazioak edo zuzenbide publikoko erakundeek sustatu eta udal-planeamenduarekin bat ez datozen proiektu jakinak berehala burutzeari dagokionez.

INDARGABETZE XEDAPENA

Udal-aurrekontuetan udalaren lurzoru-ondarean erabiltzeko diru-kopuruen izendapena arautzen duen otsailaren 20ko 1/1997 Legea indargabeturik geratzen da.

Lehena.¿ Indarrean sartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Gaitasuna ematen zaio Jaurlaritzari lege hau garatzeko eta betearazteko behar beste arau emateko.

Beraz lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteizen, 1998ko uztailaren 6an.

Lehendakaria,

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.