Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

8/1998 LEGEA, martxoaren 27koa, Euskal Irrati Telebista Herri­Erakundea sortzeko Legea aldatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 71
  • Hurrenkera-zk.: 1604
  • Xedapen-zk.: 8
  • Xedapen-data: 1998/03/27
  • Argitaratze-data: 1998/04/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Sailak

Testu legala

Eusko Legebiltzarrak ondoko legea onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei:

Euskal Irrati Telebista zuzenbide pribatuko herri-erakundearen funtzionamenduaren erregimen organikoaren zenbait puntu aldatzea da lege honen funtsezko helburua. Aldaketa horietarako bide eman duen prozesua urriaren 11ko 4/1996 Legearekin hasi zen, lege horrek Euskal Irrati Telebista erakundearen zuzendari nagusiari buruzko zenbait alderdi aldatzea sustatu baitzuen.

Lege honek kide gehiago aurreikusten du Administrazio–Batzordean, Euskal Autonomia Erkidegoko kultura- eta gizarte-arloko talde eta erakunde garrantzitsuen ordezkariei lekua emanez. Alde horretatik, aipatzekoa da aurreikusitako erregimen organikoan izan den berrikuntza, hau da, herri-erakundeko baltzuen aholku-batzordeak deuseztatzea.

Legea aldatzearekin batera berrikuspenak egin behar izan dira hainbat alderditan, esaterako: Administrazio-Batzordean eta bere funtzionamendu-arauetan, herri-baltzuen zuzendarien karguetan, eta Euskal Irrati Telebista erakundeko langileen hornikuntzan eta erregimenean.

Azkenik, Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 52. atalean zehaztutakoaren arabera, baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari lege hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epean legezko hainbat testu batera ditzan.

Lehenengo atala.–

Euskal Irrati Telebista Herri-Erakundea Sortzeko maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen 5. atala aldatu eta honela geratu da:

«5. atala

‘Euskal Irrati Telebista’ Herri-Erakundearen organoak honako hauek dira:

  1. Administrazio-Batzordea

  2. Zuzendari nagusia»

    Bigarren atala.–

    Euskal Irrati Telebista Herri-Erakundea Sortzeko maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen 6.1 atala aldatu eta honela geratu da:

    «6. atala

    1. – Legebiltzarrak lege honek dioen eran izendatutako hemeretzi kidek osatzen dute Administrazio-Batzordea.

    2. – Batzordekide-kargudunek ezin izango dute izan:

      1. Zuzeneko edo zeharkako inolako lanbide-loturarik baltzu pribatuekin, baldin eta baltzu horiek honako hauek badituzte ekintza nagusi edo osagarritzat: publizitatea ekoiztu edo banatu; zine-filmak ekoiztu eta banatu, laburmetraiak barne; magnetoskopioz filmatutako edo grabatutako programak ekoiztu; disko, magnetofono-zintak edo antzekoak ekoiztu; edo baldin eta baltzu horien jarduera honako hau bada: lege honetan araututako Herri-Erakundearen egitekoen esparru diren enpresa edo baltzuetan erabiltzen diren edo erabil daitezkeen ekipoak, materiala edo edozein eratako osagaiak ekoiztu, zuzkitu edo hornitu.

      2. Jarduneango zerbitzu- edo lan-harremanik Herri–Erakundearekin edo bere baltzuekin».

        Hirugarren atala.–

        Euskal Irrati Telebista Herri-Erakundea Sortzeko maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen 7. atala aldatu eta honela geratu da:

        «7. atala

        1. – Administrazio-Batzordeko hamabost kideren izendapena Legebiltzarreko taldeek Legebiltzarreko Mahaiaren aurrean aurkeztutako proposamenei jarraiki egingo da.

        2. – Administrazio-Batzordeko lau kide segidan aipatutako erakunde eta elkarteek Legebiltzarreko Mahaian aurkeztutako proposamenetan azaldutako pertsonen artetik izendatuko dira:

          1. Euskaltzaindia,

          2. Eusko Ikaskuntza,

          3. Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea,

          4. Euskal Herriko Unibertsitatea,

          5. Proposamena egiterakoan Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkari gehien duten sindikatuak,

          6. Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaile-elkarteen federazioak.

        3. – Administrazio-Batzordeko kideen izendapenerako, emandako botoen bi herenen gehiengoa beharko da».

          Laugarren atala.–

          Euskal Irrati Telebista Herri-Erakundea Sortzeko maiatzaren 20ko 5/1982 Legeari 7 bis atal bat gehitu zaio. Atal berri horren edukia honako hau da:

          «7 bis atala

        1. – Administrazio-Batzordea bertako kideak izendatu eta hilabeteko epean eratuko da, kide guztiak beren tokiaz bilkura berean jabetzen direla.

        2. – Administrazio-batzordekideek dagokien legegintzaldia bukatzeaz bat edo hautatu zituen organoak kargutik kentzen dituenean utziko dituzte beren karguak. Halere, jardunean jarraituko dute, kide berriak beren tokiaz jabetu arte. Kargutik kentzeko, izendapenerako bezalako gehiengoa beharko da.

        3. – Administrazio-Batzordearen manualdian edozein arrazoirengatik gerta litezen balizko hutsuneak, 7. atalaren 3. idazatian ezarritakoaren gehiengoaren arabera, izendapena egiteko aurreikusitako sistemekin bat etorriz beteko dira.

        4. – Administrazio-batzordekideren bat kargutik kentzeari dagokionez, izendatu zuen organoak hori erabakitzeko ahalmena izango du, ondorengo kasuren bat gertatuz gero:

          1. Errenkako sei hilabetetik gora dirauen ezintasun fisiko edo eritasuna edukitzea.

          2. Gaitasun falta nabarmena izatea edo lege honetan jasotako irizpide, printzipio edo helburuen kontra jokatzea.

          3. Engainuzko delituagatik kondenatua izatea.

          4. Izendatu zuen organoarekiko ordezkaritza galtzea.»

            Bosgarren atala.–

            Euskal Irrati Telebista Herri-Erakundea Sortzeko maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen 8. atala aldatu eta honela geratu da:

            «8. atala

            1. – Administrazio-Batzordea balio osoz bildu dadin, gutxienez bere eskubide osoko kideen erdiek eta bat gehiagok egon beharko dute bertan.

              Batzordearen erabakiak, bertaratutako batzordekideen gehiengoz hartuko dira, atal honen 2. idazatiak aipatzen dituenetan salbu.

            2. – Honako gai hauek Administrazio-Batzordeko kideen bi herenen gehiengoa beharko dute:

              1. Zuzendari nagusiaren proposamenez, Herri-Erakundearen ekintza-plana ontzat ematea; plan horretan, gutxienez, emankizun-programaren oinarrizko printzipioak eta irizpideak jasoko dira xehetasunez, eta bai Herri-Erakundeko baltzu berezien ekintza-plana ere. Ekintza-plana lehenengo aldiz eztabaidatzeko bilkura hasi eta hilabeteko epean ez bada lortzen jarritako arauzko gehiengoa, batzordekideen erabateko gehiengoa aski izango da plan hori onartzeko.

              2. Herri-Erakundearen eta bere baltzuen langile-zerrendak eta horien aldaketak behin betiko onartzea. Horretararako, dagokion adierazpen-txostena erantsiko da.

              3. Talde-negoziaziorako irizpide orokorrak ezartzea eta Herri–Erakunde eta bere baltzuen langileen lansari-arauak onartzea.

              4. Herri-Erakundearen eta bere baltzuen aurrekontu-egitasmoa onartzea. Lehenengo bozketan idazati honen lehenengo zatian jarritako arauzko gehiengoa lortuko ez balitz, aurrekontu–egitasmoa Jaurlaritzari bidaliko zaio, legezko epearen barruan, administrazio-batzordekide bakoitzaren botoa zehaztuz.

              5. Autonomia Erkidegoko gizartearen aniztasunarekiko eta elebitasunarekiko begirunez, politika-taldeentzako programazio–zatia sei hilabetez behin zehaztea eta gizarte-taldeentzakoa aztertzea.

              6. Administrazio-Batzordearen funtzionamendu-araudia onartzea eta aldatzea».

                Seigarren atala.–

                Euskal Irrati Telebista Herri-Erakundea Sortzeko maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen 9. atalari idazkera berria eman eta honela geratu da:

                «9. atala

                1. – Bestetik, honako hauek ere Administrazio-Batzordearen eskumen dira:

                  1. Lege honen bigarren atalburuan agindutakoaren arabera programazioa betetzen dela zaintzea.

                  2. Herri-Erakundearen ardurapeko baltzu eta enpresen zuzendarien izendapen-proposamenez jabetu, horiei buruzko irizpenak eman, jakin eta hilabeteko epean, eta zuzendarien toki-uztearen aurretiazko adierazpena jaso.

                  3. Herri-Erakundearen eta bere ardurapeko baltzu eta enpresen ekintzen garapenari buruzko urteko txostena onartzea.

                  4. Eusko Jaurlaritzak publizitatearen arloan eman asmo dituen xedapenenei buruzko irizpenak ematea.

                  5. Herri-Erakundeko baltzuen bidezko publizitate-iragarketa araupetzeko arauak jartzea, kalitatearen kontrola, publizitate-mezuen edukia, bai eta iragarketa-denbora programazioari eta bertan sartutako komunikabideen beharrei egokitzea ere, kontuan izanik.

                  6. Urteoro, adierazpide bakoitzaren emanaldietan sartu beharreko norbere irradagaien ehunekoa zehaztea.

                  7. Herri-Erakundeko zuzendari nagusiak aurrera ekarritako gai guztiez jabetzea, bere ardurapekoak izan ez arren.

                2. – Atal honetako aginpideak gauzatzeko bide diren erabakiak bertaratutakoen arteko gehiengo soilez hartuko dira».

                  Zazpigarren atala.–

                  Euskal Irrati Telebista Herri-Erakundea Sortzeko maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen 10. atala berriz ere idatzi eta honela geratu da:

                  «10. atala

                1. – Administrazio-Batzordeko burutza batzordekideen artean txandakakoa izango da. Hiru hilabete iraungo du eta batzordekide zaharrenak ekingo dio; gero, txandan adinez batzordeburuaren hurrengoa denak jarraituko dio, eta, irizpide berdinari atxikiz, hurrengo txandadunak.

                2. – Legegintzaldiak dirauen bitartean batzordekideren baten ordezkoa jarri beharra gertatuz gero, ordezko horri, txandakako burutzarako, ordeztu duen batzordekidearen txanda egokituko zaio.

                3. – Administrazio-Batzordeko burua, protokolo-egitekoez gain eta kide anitzeko organo baten burua den aldetik dagozkionez gain, ikuslearen babeslea izango da. Horiek horrela, herritarrek, Herri-Erakundearen eta bere baltzuen jarduera–esparruari dagokionez egindako kexak, iradokizunak eta proposamenak jaso, izapidetu eta erantzun beharko ditu, araudi bidez ezarritakoaren arabera».

                  Zortzigarren atala.–

                  Euskal Irrati Telebista Herri-Erakundea Sortzeko maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen 13. atala aldatu eta honela geratu da:

                  «13. atala

                1. – Batzordeburuari dagokio Administrazio-Batzorderako deia idatziz egitea, bertan gai-zerrenda eta bilkurarako toki, egun eta ordua adieraziz.

                2. – Batzordeburuak nahitaez egin beharko du Batzorderako deia, gutxienez bertako zortzi batzordekidek eskatuta. Eskabidean dei bereziaren xede diren puntu zehatzak ezarri beharko dira idatziz.

                3. – Atal honen aurreko idazatietan ohartemandakoa hala dela ere, batzordeburuak bere kabuz luzaezineko eta berebiziko garrantzizkotzat iritzitakoetan, bilkurarako deia telegramaz egin ahal izango du; mezuan, atal honen lehenengo idazatian ohartemandako zehaztasunak eman beharko dira.

                4. – Administrazio-Batzordeak ez du gai-zerrendan jasotako arazoez baino aritzerik izango, bertaratutakoen gehiengo soilez horrela erabakitzen bada. Nolanahi ere, gai horiei buruzko erabakiak onartzeko beharrezkoa izango da bilkuran diren kide guztien adostasuna».

                  Bederatzigarren atala.–

                  Euskal Irrati Telebista Herri-Erakundea Sortzeko maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen 14. atalaren 2. lerroaldea aldatu eta honela geratu da:

                  «14. atala

                1. – Herri-Erakundeko zuzendari nagusia Administrazio–Batzordearen bilkuretara joan ahal izango da, hitz egiteko eta botoa emateko eskubidez, baina berari artez dagozkion gaietan esku hartzerik ez daukala.

                2. – Halaber, Batzordeak aholkua eskatzen dien teknikariak ere joan ahal izango dira, Batzordeak bertaratutako kideen gehiengo soilez erabakitako kasuetan».

                  Hamargarren atala.–

                  Euskal Irrati Telebista Herri-Erakundea Sortzeko maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen 22. atalaren 2. lerroaldea aldatu eta honela geratu da:

                  «22. atala

                1. – Legebiltzar-eztabaidaketen geroagoko zabalkundean, edo horiei buruzko albisteetan eta hauteskundeetako zabalkunde–ekintzetan, legebiltzar-talde bakoitzarentzako irrada-aldia talde horrek Eusko Legebiltzarrean duen ordezkari-kopuruaren heinekoa izango da.

                2. – Hauteskunde-ekintzetan zehar hauteskunde-arauek aurreikusten duten jaurpide berezia ezarriko da. Jaurpide horren ezarketaz eta kontrolaz Hauteskunde-Batzordea arduratuko da, bere eginkizuna Administrazio-Batzordearen eta zuzendari nagusiaren bitartez beteko duelarik. Izan ere, horiek Hauteskunde-Batzordeak ezarritako irizpideak betetzeko beharrezkoak diren erabakiak hartuko dituzte».

                  Hamaikagarren atala.–

                  Euskal Irrati Telebista Herri-Erakundea Sortzeko maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen 40. atala aldatu eta honela geratu da:

                  «40. atala

                1. – Erakundea sortu ondoren, herri-baltzuetako zuzendariak Herri-Erakundeko zuzendari nagusiak izendatuko ditu, lege honen 9.1 b) atalean zehaztutakoa betez.

                2. – Herri-baltzuetako zuzendariak edo, hala badagokio, Herri–Erakundeko zuzendari nagusia izango dituzte beren arduralari bakar, eta akziokako baltzuentzat orotariko legeetan jarritako ahalmenak izango dituzte eta lege horietan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

                3. – Herri-baltzuetako eta horiei jardute-egituraz atxikitako komunikabideen zuzendaria Herri-Erakundearen zuzendari nagusiarentzat aurreikusitako elkartuezin beren menpe egongo da».

                  Hamabigarren atala.–

                  Euskal Irrati Telebista Herri-Erakundea Sortzeko maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen 47. atala aldatu eta honela geratu da:

                  «47. atala

                1. – Herri-Erakundeko eta bere baltzuetako langileek lan-legeek agintzen dutena izango dute jaurpide.

                2. – Herri-Erakunderako eta bere baltzuetarako langileen hautaketa deialdi publikoaren bidez eta merezimendu eta gaitasunaren printzipioetan oinarritutako sistemen arabera egingo da.

                3. – Administrazio-Batzordekide izateak ez du, inoiz ere, Herri-Erakundearekiko eta bere baltzuekiko lan-eskubiderik sortaraziko».

                  ALDIBATERAKO XEDAPENAK

  1. – Lege hau indarrean jartzearekin batera Euskal Irrati Telebista Herri-Erakundea Sortzeko maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen 7.2 atalean aipatutako Administrazio-Batzordeko lau kideen izendapenari ekingo zaio, lege honen hirugarren atalean zehaztutakoarekin bat etorriz.

  2. – Batzordeko kide horiek, gainontzeko kideekin batera, beren karguak utziko dituzte legegintzaldia amaitzen denean, Euskal Irrati Telebista Herri-Erakundea Sortzeko maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen 7 bis atalean zehaztutakoaren arabera, lege honen laugarren atalean zehaztutakoarekin bat etorriz.

Lege hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epean, Administrazio-Batzordeak bere funtzionamendu-araudia onartuko du Euskal Irrati Telebista Herri-Erakundea Sortzeko maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen 8. atalean eskatutako gehiengoz, lege honen bosgarren atalean zehaztutakoarekin bat etorriz.

INDARGABETZE XEDAPENA

Euskal Irrati Telebista Herri-Erakundea Sortzeko maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen 15. atala indargabeturik geratzen da.

  1. – Baimena ematen zaio Jaurlaritzari lege hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epean honako hauek testu bakar batean bateratzeko legegintzako dekretua onar dezan: Euskal Irrati Telebista Herri-Erakundea Sortzeko maiatzaren 20ko 5/1982 Legea, Euskadiren Ondareari buruzko uztailaren 27ko 14/1983 Legearen hirugarren xedapen gehigarria, Euskal Irrati Telebista Herri–Erakundea Sortzeko Legea aldatzeko urriaren 11ko 4/1996 Legea eta oraingo lege hau.

  2. – Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 52.4 atalarekin bat etorriz, lehengo baimenak bere baitan dakar bateratu beharreko legezko testuak arautzea, argitzea eta harmonizatzea. Baimena ematen zaio Jaurlaritzari, bereziki, Euskal Irrati Telebista Herri-Erakundea Sortzeko maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen bosgarren atalburuan jasotako erantzun-eskubidea Zuzenketa-Eskubideari buruzko martxoaren 28ko 2/1984 Lege Organikoan zehaztutakori egokitzeko.

Lege honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango du indarra.

Beraz, legea betetzeko eta betearazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteizen, 1998ko apirilaren 7an.

Lehendakaria,

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.