Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Arautegia

Inprimatu

326/2024 DEKRETUA, azaroaren 5ekoa, Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Justizia eta Giza Eskubideen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 246
  • Hurrenkera-zk.: 5821
  • Xedapen-zk.: 326
  • Xedapen-data: 2024/11/05
  • Argitaratze-data: 2024/12/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Sailak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailen egitura berrantolatzeari eta Administrazioaren sailen artean eskumenak banatzeari ekin zitzaion, hain zuzen ere, Jaurlaritzaren eginkizun politiko-administratiboen etenik gabeko jarraipena bermatzeko, eta aurreko administrazio-antolamendutik dekretu honetan onartzen den antolamendura iragatea antolatzeko, betiere, azken helburua izanik XIII. legegintzaldiko Jaurlaritzaren Programa ahalik eta eraginkortasunik handienarekin garatzea.

Lehendakariaren uztailaren 30eko 36/2024 Dekretuaren bidez, aldatu egin zen ekainaren 23ko 18/2024 Dekretua, ikusi baitzen, alde batetik, jardun-arlo jakin batzuk behar bezala izendatu behar zirela, eta, bestetik, sail batzuen arteko eskumenen banaketa gehiago zehaztea komeni zela. Hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskumen- eta funtzionamendu-esparruetan arrazionaltasun- eta efizientzia-helburuak lortzeko asmoarekin.

Ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 20. artikuluak zehazten ditu Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitekoak eta jardun-arloak, eta dekretu horren hamabigarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, iraungitako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Gaietako Saileko organo eta unitate guztiek osatuko dute sail hori, Gizarte Politiketako Sailburuordetzak izan ezik.

Bat etorriz ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoan ezarritakoarekin, non zehazten baitira erregelamendu organikoak gidatu behar dituzten antolamendu-irizpideak, beharrezkoa da jardun-arloak berrantolatzea.

Azken finean, aipatutako egoera horiek guztiek agerian uzten dute Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organiko eta funtzional berria zehaztu beharra.

Egitura horrek bi sailburuordetza izango ditu: Justizia Sailburuordetza eta Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren Sailburuordetza. Sailburuordetzek, era berean, hainbat zuzendaritza izango dituzte, bakoitzari dagozkion arlo bereziak kontuan hartuta.

Aurrekoaz gain, sailburuarekiko mendekotasun hierarkiko zuzena duten beste organo batzuk ere badaude: Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritza eta Zerbitzu Zuzendaritza.

Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzak zuzeneko laguntza ematen dio sailburuari, duen karguaren ondorioz dagozkion egitekoak burutzeko; eta Zerbitzu Zuzendaritza, berriz, Saileko gainerako organoei laguntzeko organoa da, saileko arlo guztiei dagozkien gaietan.

Justizia Sailburuordetzak sailari dagozkion eskumen hauek baliatuko ditu: Botere Judizialarekiko harremanak; Justizia Administrazioaren jardunerako baliabideak jartzea; Euskadin dauden espetxeak zuzendu, gainbegiratu, antolatu, ekonomia eta administrazio aldetik kudeatu, eta ikuskatzea; adingabe arau-hausleen arloko eskumenak; notariotzetan eta jabetza-erregistroetan izendapenak egitea, eta Justizia Administrazioaren esparruan euskara normalizatzeko oinarrizko arauetan bildutako eskubideak bermatzea.

Justizia Sailburuordetzaren mende egongo dira, Justizia Administrazioko Zuzendaritza, Justizia Digitalaren eta Azpiegituren Zuzendaritza, Justizia Zuzendaritza eta Espetxe Zerbitzuen Zuzendaritza. Azken hori orain sortu da aurreko administrazio-antolamendutik dekretu honetan onartzen den antolamendura iragatea antolatzeko, eta, behin Espetxe Administrazioaren egitekoen eta zerbitzuen transferentzia egindakoan, horiek modu arrazionalagoan eta efizienteagoan lantzea eta euskal espetxe-eredu bat ezartzeko, eta, era berean, giza baliabideen eta baliabide materialen kudeaketan espezializatzeko.

Eta, ildo horretatik, gizarteratzeaz Aukerak Gizarteratzearen Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko ente publikoa arduratuko da, zeina Justizia eta Giza Eskubideen Sailari atxikita baitago, Justizia Sailburuordetzaren bidez, erakunde hori sortzeko irailaren 30eko 3/2021 Legean ezarritakoaren arabera.

Bestetik, Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren Sailburuordetzak bakea eta bizikidetza sustatuko ditu, eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren planak garatu eta bultzatuko ditu. Institutua organismo autonomo administratiboa da eta Justizia eta Giza Eskubideen Sailari atxikita dago, sailburuordetza horren bidez, institutua sortzen duen azaroaren 27ko 4/2014 Legean ezarritakoaren arabera.

Organikoki sailburuordetza honen mende dago Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren Zuzendaritza.

Ondorioz, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren proposamenez, lehendakariak onartuta eta Gobernu Kontseiluak 2024ko azaroaren 5ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitekoak eta jardun-arloak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 20. artikuluan datoz jasota. Gerora, ordea, aldatu egin zen, lehendakariaren uztailaren 30eko 36/2024 Dekretuaren artikulu bakarraren hamargarren apartatuaren bidez.

Aurreko artikuluan aipatu diren eskumenak baliatzeko, honako organo hauek izango ditu Justizia eta Giza Eskubideen Sailak:

  1. Organo zentralak:

    1. Justizia eta Giza Eskubideen sailburua.

    1. Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritza.

    2. Zerbitzu Zuzendaritza.

    1. Justizia Sailburuordetza.

    1. Justizia Administrazioko Zuzendaritza.

    2. Justizia Digitalaren eta Azpiegituren Zuzendaritza.

    3. Justizia Zuzendaritza.

    4. Espetxe Zerbitzuen Zuzendaritza.

    1. Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren Sailburuordetza.

    1. Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren Zuzendaritza.

  2. Organo hauek ere Justizia eta Giza Eskubideen Sailari atxikita edo lotuta daude, haien sortze-arauetan ezarritakoaren arabera:

    Eusko Jaurlaritzaren eta Idazkaritza Judizialaren arteko lankidetza-organoa, zeina sortua baitago Eusko Jaurlaritzaren eta EAErako Idazkaritza Judizialaren arteko elkarlanerako organoa sortzeko maiatzaren 27ko 123/1997 Dekretuaren bidez.

    Doako laguntza juridikoaren batzordeak, Doako Laguntza Juridikoaren urriaren 30eko 153/2018 Dekretuan aurreikusiak.

    Auzitegiko Medikuntzako Euskal Institutua, abenduaren 1eko 328/1998 Dekretuaz sortua, eta azaroaren 21eko 236/2012 Dekretuaren bidez arautua.

    Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseilua, Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteko ekainaren 19ko 4/2008 Legearen bidez sortua eta maiatzaren 17ko 75/2016 Dekretuaren bidez arautua.

    Euskadiko Memoria Historikoko Entitateen Aholku Batzordea, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuari atxikia, Euskadiko Memoria Historikoarena eta Demokratikoaren irailaren 28ko 9/2023 Legearen 41. artikuluan arautua.

  1. Aukerak Gizarteratzearen Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko ente publikoa Justizia eta Giza Eskubideen Sailari atxikita dago, Justizia Sailburuordetzaren bidez, erakunde hori sortzeko irailaren 30eko 3/2021 Legean ezarritakoaren arabera. Agentzia horri dagokio EAEko espetxe-establezimendu eta -zentroetan barneratuta dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea erraztea, espetxe horietan enplegurako eta lan produktiborako lanbide-heziketa sustatuz, antolatuz eta kudeatuz.

  2. Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua organismo autonomo administratiboa Justizia eta Giza Eskubideen Sailari atxikita dago, Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren Sailburuordetzaren bidez, institutua sortzeko azaroaren 27ko 4/2014 Legean ezarritakoaren arabera. Organismo honi dagokio honako hauetan datzan politika publikoa garatzeari buruzko administrazio-jarduna: giza eskubideak bermatu, bultzatu eta garatzea; memoria sustatzea, eta bizikidetza demokratikoa garatzea eta bizikidetza horretan aurrera egitea.

  1. Justizia eta Giza Eskubideen sailburuari dagokio Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan ezarritako eskumenak baliatzea, bai eta indarrean dagoen legeriak esleitzen dizkionak ere, lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera sail honi esleitutako egiteko eta jardun-arloen esparruan (18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena zeina lehendakariaren uztailaren 30eko 36/2024 Dekretuaren bidez aldatu baitzen).

  2. Era berean, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuari dagozkio, besteak beste, honako egiteko hauek:

    1. Bere eskumenen esparruko helburu estrategikoak definitzea, gobernu-programan zehaztutako ildo estrategikoen eta programa-konpromisoen arabera.

    2. Helburu estrategikoak garatzean lortutako eragin soziala aztertzea, eta saileko jarduera-sektoreen helburuetan behar diren aldaketak edo garapenak zehaztea.

    3. Sailaren organo eta jarduera guztiak programatu, bultzatu, gidatu, koordinatu eta kontrolatzea.

    4. Izendapen askeko lanpostuak betetzea aurretik deialdi publikoa eginez, eta behin-behineko langileak izendatzea.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan esleitutako dirulaguntza izendunak ematea, sailaren jardun-arloaren barruan.

    6. Saileko organoen arteko eskuduntza-gatazkak ebaztea, eta beste sailekikoak planteatzea.

    7. Ondare-erreklamazioak ebaztea bere sailaren arloetan.

    8. Saileko 1.000.000 eurotik gorako gastuak baimentzea, hargatik eragotzi gabe Gobernu Kontseiluaren eskumenak.

    9. Sailaren kontratazio-organo gisa jardutea, lizitazioaren oinarrizko aurrekontua sektore publikoko kontratazioa arautzeko araudian ezarritakoaren arabera 1.000.000 eurotik gorakoa duten kontratuetan. Halaber, eta baldintza beretan, organo horri dagokio negozio juridikoak sinatzeko eskumena, baldin eta, negozio juridiko horren ondorioz, sektore publikoko kontratazioaren araudian xedatutakoaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren bitarteko propio pertsonifikatuaren izaera duen entitate bati egiten bazaio prestazio jakin bat egiteko mandatua.

    10. Protokolo orokorrak eta hitzarmenak formalizatzea partikularrekin edo pertsonifikazio pribatuaren bidez eratutako entitateekin.

    11. Ofizioz berrikusteko prozedurak hasi eta ebaztea, non eta egiteko horiek ez dauden, arau bidez, beste organo bati esleituta.

    12. Sailaren jardun-arloetan zehapen-espedienteak hasi eta ebaztea, non eta egiteko horiek ez dauden, arau bidez, beste organo bati esleituta.

    1. Egintza deuseztagarriak kaltegarritzat jotzeko espedienteak hasi eta ebaztea.

    2. Indarrean dagoen araudiak sailari esleitzen dizkion eskumenak baliatzea, honako arlo hauetan: enplegu publikoa, ondarea, ekonomia- eta aurrekontu-kudeaketa, eta, oro har, dekretu honen 1. artikuluan aipatutako egiteko eta jardun-arloekin lotuta daudenak, baldin eta dekretuak sailaren egitura organikoa osatzen duten beste organo batzuei egozten ez badizkie.

    1. Eta, oro har, indarreko ordenamendu juridikoak esleitzen dizkion egiteko oro.

  3. Sailburua buru dela, Zuzendaritza Kontseilua ere badago, sailaren politika orokorra planifikatzen eta koordinatzen laguntzeko. Honako hauek osatuko dute kontseilu hori: Kabinete eta Komunikazioko zuzendariak, Zerbitzuen zuzendariak, sailburuordeek, eta landuko diren gaien arabera sailburuak izendatzen dituen pertsonek.

    BIGARREN ATALA

    SAILBURUORDEAK

Justizia eta Giza Eskubideen Saileko sailburuordeei, zuzenean eta hierarkiaz sailburuaren mende jardunez, honako eskuduntza hauek dagozkie, oro har:

  1. Jaurlaritzaren estrategiaren arabera, sailak sailburuordetzari esleitutako helburu estrategikoak garatzea.

  2. Sailburuordetzaren eta haren mende dauden zuzendaritzen jarduketak programatu, zuzendu, bultzatu, gainbegiratu eta koordinatzea; halaber, mendeko zerbitzuen eta organoen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko jarraibideak eta zerbitzu-aginduak ematea.

  3. Eragin soziala aztertzea, eta sailburuordetzako zuzendaritzen helburuetan behar diren aldaketak edo garapenak zehaztea.

  4. Sailburuordetzarentzako araudia eta jardun-planak proposatzea sailburuari.

  5. Sailburuordetzaren barruan, baliabide materialen eta giza baliabideen beharrizanak definitzea, aurrekontuen-aurreproiektua lantzeko.

  6. Sailburuordetzako zuzendariek emandako ebazpenen aurka jartzen diren errekurtsoak ebaztea.

  7. Bere gain hartzea saileko hizkuntza normalizazioaren ardura, eta zerbitzu- eta lan-hizkuntzan euskararen erabilera sustatzea bere eskumeneko esparruetan, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuan aurreikusitakoarekin bat.

  8. Bere gain hartzea, bere sailean eta bere eskumeneko esparruetan, emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko erantzukizuna, bat etorriz Gobernu Kontseiluak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planean ezarritakoarekin.

  9. Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak agintzen dien beste edozein egiteko, eta, orokorrean, Jaurlaritzako sailburuordeei esleitzen zaizkien egiteko komunak.

    HIRUGARREN ATALA

    ZUZENDARIAK

Saileko zuzendaritza bakoitzaren arduradun zuzendari bat izango da eta, oro har, hauxe dagokio:

  1. Bere jardun-arloan, kudeaketa publikoko politikak garatzea, eta egin beharreko plan eta programei ekitea.

  2. Bere jardun-arloari dagozkion helburuak zabaltzea, horretarako jarduerak eta erantzukizunak esleitzea, eta kudeaketan behar diren zuzenketak egitea.

  3. Zuzendaritzako barne-sistemak eta lan-sistemak antolatzea, hargatik eragotzi gabe Zerbitzu Zuzendaritzari esleitutako eskumen orokorrak.

  4. Zuzendaritzaren jardunak bultzatu, zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea.

  5. Kontratazio-organoak bultzatzea, eta laguntza teknikoa eta materiala ematea.

  6. Nork bere zuzendaritzaren arloarekin zerikusia duten zehapen-espedienteak instruitzea.

  7. Ofizioz berrikusteko eta kaltegarritasun-deklarazioko prozedurak izapidetzea, dagokion arloan.

  8. Dagokion eskumen-arloan, goragoko organoei proposamenak egitea, eta Zerbitzu Zuzendaritzarekin elkarlanean, bere zuzendaritzarekin zerikusia duten estatistika eta azterlan orokorrak diseinatu eta lantzea.

  9. Indarreko Hizkuntza Normalizazioaren Planaren helburuak definitzea dagokion arloan.

  10. Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak ezartzea eta horien jarraipena egitea Zuzendaritzako jardun-esparruetan, besteak beste: itzulpen-irizpideak, langileen etengabeko prestakuntza orokorra, izendapen ofizialak eta sailak antolatutako jendaurreko ekitaldiak. Halaber, dagokion arloan, hizkuntza-irizpideak txertatzea kontratazio publikoan eta dirulaguntzen deialdietan, Gobernu Kontseiluak 2023ko ekainaren 6an onartu zuen Erabakian adierazitakoaren arabera (Erabakia, zeinaren bidez onartzen baitira hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta hari atxikitako sektore publikoa osatzen duten gainerako entitate guztietan aplikatu beharrekoak).

  11. Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planaren helburuak definitzea dagokion arloan.

  12. Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak agintzen dien beste edozein egiteko, eta, orokorrean, Jaurlaritzako zuzendariei esleitzen zaizkien egiteko komunak.

    LAUGARREN ATALA

    SAILEKO ORGANO HORIZONTALAK

Honako egiteko hauek dagozkio Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzari, organikoki sailburuaren mende dela, dekretu honen 6. artikuluak oro har esleitzen dizkionez gain:

  1. Kabineteko egitekoak:

    1. Sailburuari laguntzea dituen egitekoak gauzatzen.

    2. Sailaren jardun-eremuei lotutako gobernu-programaren helburuak, legegintza-egutegia eta plan eta programen egutegia bultzatu, zuzendu eta koordinatzea, bai eta horien betetze-mailaren ebaluazioa koordinatzea ere.

    3. Sailburuaren agendaren eta sailaren lan-programaren plangintza eta jarraipena egitea.

    4. Solaskide izatea sailak Legebiltzarrarekin, Arartekoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Estatuko gainerako organismo eta erakundeekin izaten dituen harremanetan, hargatik eragotzi gabe Eusko Jaurlaritzako beste organo batzuen eskumenak.

    5. Sailaren jardun-arloei buruzko informazio orokorra herritarrei emateko lanak koordinatzea, eta sailaren jardun-arloen inguruko kexak eta iradokizunak jasotzea.

    6. Sailaren kanpo-jardueren eta ekintza publikoen protokoloa eta antolaketa, bai eta sailak sustatutako kongresu, mintegi, jardunaldi eta hitzaldiena ere.

  2. Komunikazioko egitekoak:

    1. Sailak komunikabide sozialekin dituen harremanak zuzentzea, sailari lotutako jarduerak, erabakiak eta politikak hedatzen eta zabaltzen laguntzeko.

    2. Sailaren ekintzen informazio- eta publizitate-estaldura egokia ziurtatzea.

    3. Saileko jardun-arloen eta hari atxikitako sektore publikoko entitateen prentsa-zerbitzuak eta erakunde-izaerako jarduerei eragiten dien zabalkunde- eta informazio-ekintzak koordinatzeko beharrezkotzat jotzen diren irizpideak eta baliabideak ezartzea.

    4. Sailaren publizitate-kanpainak eta gizartea sentsibilizatzeko neurriak koordinatzea.

    5. Jardun-arloko informazio- eta publizitate-irizpideak eta -politikak ezartzea.

    6. Komunikatuak, erreferentziak eta prentsa-oharrak egitea, bai eta webgune eta sare sozial ofizialen bidezko gainerako komunikazio-modu berriak.

    7. «Irekia» herritarren partaidetzarako atariaren bidez jasotako herritarren kontsultei erantzutea, kasuan kasuko sailburuordetzekin eta zuzendaritzekin koordinatuta.

    8. Azterlanak eta txostenak egitea dagokion eskumen-arloari dagokionez EAEko nahiz nazioarteko aktualitateak komunikabideetan duen islaz, eta politikaren, ekonomiaren eta gizartearen egoera aztertzea, ikuspuntu informatibotik.

    9. Sailaren argitalpenak kudeatu eta banatzea, hargatik eragotzi gabe Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzu Nagusiari dagozkion eskuduntzak.

  1. Honako egiteko hauek dagozkio Zerbitzu Zuzendaritzari, organikoki sailburuaren mende dela, dekretu honen 6. artikuluak oro har esleitzen dizkionez gain, salbu dekretu honetan beste organo bati esleitzen bazaizkie:

    1. Batetik, sailaren aurrekontu-aurreproiektua lantzea, eta haren segimendua eta aldaketak egitea, eta, bestetik, sailari atxikitako sektore publikoko entitateen aurrekontu-proiektuak koordinatzea, eta horiek sailaren aurrekontuarekin bateratzea.

    2. Sailaren kudeaketa ekonomikoa egitea eta aurrekontu-betearazpenaren faseak izapidetzea.

      1.000.000 eurotik gorakoak ez diren sailaren gastuak baimentzea.

    1. Sailaren eskumeneko gaiei lotutako aurrekontuetan ondorio ekonomikoak dituzten xedapenen proiektuak izapidetzea, eta Gobernu Kontseiluari aurkeztu behar zaizkion gai ekonomikoak eta aurrekontuarekin zerikusia duten gaiak prestatzea.

    2. Langileak prestatzeko eta haien hobekuntzarako planak lantzea eta sailari atxikitako giza baliabideak planifikatzea eta kudeatzea, Justizia Administrazioko langileak eta espetxeetako langileak izan ezik, eta Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 19. artikuluak eta indarrean dagoen gainerako araudiak sailari esleitzen dizkion eskumenak erabiltzea, hargatik eragotzi gabe Funtzio Publikoko Zuzendaritzari eta Administrazio Publikoaren Euskal Institutuari dagozkien eskumenak.

    3. Sailak langile-beharrizanei buruz egiten dituen aurreikuspenak ebaluatzea, eta proposamenak egitea plantilla eratzeko eta lanpostu-zerrendak egiteko, Justizia Administrazioko langileei eta espetxeetako langileei buruzkoak salbu.

    4. Berdintasun Unitatearen jarduerak zuzentzea, eta gainerako zuzendaritzekin eta sailari atxikitako ente instituzionalekin koordinatzea eta lankidetzan jardutea, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan eta Eusko Jaurlaritzak onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planean aurreikusitako neurriak gauzatzea bultzatzeko.

    5. Sailaren Segurtasun eta Osasun Unitatearen jardunak zuzentzea, hargatik eragotzi gabe Prebentzio Zerbitzuari edo Justizia Administrazioko Zuzendaritzari eta Espetxe Zerbitzuen Zuzendaritza haien esparru propioan dagozkien eskuduntzak.

    6. Sailaren lege-aholkularitza eta araugintza, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen 4. artikuluan eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoari buruzko apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren 42. artikuluan ezarritakoaren arabera.

    7. Gobernu Kontseilura eta gobernu-batzordeetara eraman beharreko sailaren gaiak izapidetzea, bai eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo beste edozein aldizkari ofizialetan argitaratu beharreko xedapenak eta administrazio-egintzak ere.

    8. Sailaren zerbitzu eta lan-moldeen barne-antolaketari, arrazionalizazioari eta informatizazioari buruzko proposamenak egitea, saileko gainerako organoekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren organo eskudunekin koordinaturik. Hori guztia, alde batera utzi gabe Justizia Sailburuordetzako organoek esleitu zaien esparruan dituzten eskuduntza propioak.

    9. Sailaren jarduketak sustatzea eta Eusko Jaurlaritzaren esparru orokorreko proiektuak koordinatzea sailean, gai hauetan: kalitatea eta etengabeko hobekuntza, herritarrentzako arreta, administrazio elektronikoa eta zerbitzu digitalak, datuen eta informazioaren gobernantza, berrikuntza, gardentasuna, herritarren parte-hartzea eta gobernu ona.

    1. Erregistro Orokorra, Artxiboa eta saileko gainerako dokumentazio-zentroak kudeatzea.

    2. Saileko egoitzetako barne-erregimena zaindu eta babestea, eta sailari atxikitako ondarea eta ekipamendua administratu eta kontserbatzea.

    1. Herritarrei informazioa eta laguntza emateko zerbitzuen funtzionamendua kudeatzea (2. eta 3. mailak), eta Zuzenean-Herritarrei Laguntzeko Zerbitzuarekiko harremanak ezartzea.

    2. Herritarrek beren eskubideen eta betebeharren inguruan egiten dituzten iradokizun, kexa eta erreklamazioen kudeaketaren koordinazioa eta jarraipena egitea, sailaren jardun-eremuetan.

    3. Informazioaren argitaratze aktiboa, informazio publikoa irispidean izateko eskubidea baliatuz egindako eskaerei ematen zaizkien erantzunak, sektore publikoko informazioaren berrerabilera, eta sailaren datu publikoak modu irekian eskaintzeko lana koordinatu eta horien guztien jarraipena egitea, betiere gardentasunaren eta sektore publikoko informazioa berrerabiltzearen politikarekiko koherentziaz.

    4. Sailak herritarrekin interakzioan aritzeko jarritako bide elektronikoen erabilera koordinatzea eta bide presentzial edo birtualak sustatzea, herritarrek parte har dezaten arauak planifikatzeko eta prestatzeko prozesuetan eta politikak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeko prozesuetan. Halaber, bide horien guztien jarraipena egitea.

    5. Sailaren Estatistika Plana egitea, eta Euskal Estatistika Erakundearekin batera jardutea Euskal Estatistika Plana eta urteko Estatistika Programak egiten. Halaber, Zerbitzu Zuzendaritzak sailaren berariazko estatistika-organoari esleitutako eskumenak eta ahalmenak baliatuko ditu, eta, saileko estatistikekin lotutako gaietan, laguntza teknikoa emango dio saileko organo orori. Sailaren berariazko estatistika-organoa Zerbitzuen zuzendariaren mende egongo da.

    6. Sailburuari laguntza tekniko-juridikoa eta administratiboa ematea.

    7. Ebazpen-proposamenak egitea, saileko organo interesdunek euren ebazpenen aurkako errekurtsoak direla-eta izapidetzen dituzten espedienteak eta ematen dituzten txostenak ikusi ondoren.

    8. Sailean sortzen diren gaien gaineko azterketak eta txostenak egitea (bereziki, ekonomia- eta gizarte-gaien ingurukoak), eta sailaren jarduera ekonomikorako ildoak planifikatu eta programatzea, beste sail edo administrazio batzuek lantzen dituzten eta ondorio ekonomikoak dituzten planen prestakuntza-prozesuetan, baldin eta euren jardun-arloetan eragiten badute, eta, betiere, beste zuzendaritza batzuei esleitu ez bazaizkie.

    9. Saileko zerbitzu orokorrak antolatu eta administratzea, sailburuordetza eta zuzendaritzen lanerako sistema eta metodoak koordinatzea, eta saileko administrazio-unitateen banaketa espaziala eta ekipamendu materiala antolatzea, hargatik eragotzi gabe Jaurlaritzako beste sail batzuei esleitutako eskumenak.

    10. Sailaren eskumenekoak diren gaiak koordinatzeko neurriak gauzatzea, Eusko Jaurlaritzak Europar Batasuneko araudia eta politikak lantzeko eta aplikatzeko izan beharreko esku-hartzea garatu ahal izateko, indarrean dauden arauak betez. Horren haritik, saileko organoen eta Europar Batasuneko erakundeen arteko gaiak eta harremanak bideratuko ditu, Jaurlaritzako Lehendakaritzaren organo eskudunaren bitartez.

    11. Ondare-erantzukizuneko prozedurak hastea eta instruitzea.

    12. Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren laguntzarekin, gainerako zuzendaritzek hizkuntza-normalizazioan egiten duten lana koordinatu eta dinamizatzea, eta euskara sustatzea politika publikoetan eta sailak kudeatzen duen beste edozein esparrutan.

  2. Zerbitzuen zuzendaria izango da hauetarako eskumena duen organoa:

    1. Kontratazio-espedienteak eta bitarteko propio pertsonifikatuei egin beharreko mandatuak eta zerbitzu teknikoak izapidetzea.

    2. Sailaren kontratazio-organo gisa jardutea, lizitazioaren oinarrizko aurrekontua sektore publikoko kontratazioa arautzeko araudian ezarritakoaren arabera 1.000.000 eurotik gorakoa ez duten kontratuetan.

    3. Halaber, eta baldintza beretan, organo horri dagokio negozio juridikoak sinatzeko eskumena, baldin eta, negozio juridiko horren ondorioz, sektore publikoko kontratazioaren araudian xedatutakoaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren bitarteko propio pertsonifikatuaren izaera duen entitate bati egiten bazaio prestazio jakin bat egiteko mandatua.

  1. Justizia Sailburuordetzak honako eskumen hauek izango ditu, dekretu honen 5. artikuluak oro har esleitzen dizkionez gain:

    1. Botere Judizialean, Justizia Ministerioan eta Justizia Administrazioan diharduten gainerako erakundeekiko eta organoekiko harremanez arduratzea, bai eta notarioen, erregistratzaileen, abokatuen, prokuradoreen, epaileen, fiskalen eta Justizia Administrazioko letraduen korporazio eta ordezkaritza-antolakundeekiko harremanez ere.

    2. Justiziaren eta zigor-betearazpenaren arloan politika publikoak betetzen direla segurtatzeko behar diren zerbitzu publikoak sustatu eta koordinatzea.

    3. Justizia Administrazioaren funtzionamendurako giza baliabideak eta baliabide materialak eskuratzea, oro har, eta haren antolamendua eta jarduerak planifikatzea.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoan zuzenbide-estatua garatzeko eta Justizia sendotzeko neurriak bultzatzea.

    5. Euskararen Erabilera Arautzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak herritarrei ematen dizkien eskubideak Justizia Administrazioaren esparruan erabili ahal direla bermatzea, eta Justizia Administrazioaren euskalduntze-prozesua bultzatzea.

    6. Agintaritza Judizialak xedatzen dituen neurri guztien betearazpena koordinatzea, bereziki adingabeko arau-hausleei dagokienez.

    7. Justiziako plan estrategikoak bultzatu, garatu eta gauzatzea, irisgarritasuna, egoitza judizial jasangarriak, justizia digitala eta gazte-justizia.

    8. Espetxeen eta zigorrak betearazteko gainerako zerbitzuen antolamendua eta kudeaketa, eta sailburuordetzari atxikitako zuzendaritzei esleitutako eskuduntzen goi-zuzendaritza gauzatzea, espetxeetako erregimen- eta tratamendu-kudeaketaren, ingurune irekiaren eta neurri alternatiboen arloan.

    9. Espetxe-administrazioaren zerbitzu, organismo eta zentroak koordinatu eta gainbegiratzea, batez ere langileei, prozedurei, instalazioei eta zuzkidurei dagokienez; espetxe-azpiegituren plana prestatzea, espetxe-administrazioaren helburuak betetzen lagundu dezaketen beste erakunde batzuekin koordinatzea, eta gizarteak administrazio horretan parte har dezala sustatzea.

    10. Espetxeei buruzko legeriak zuzendaritza-zentroari esleitzen dizkion administrazio-ebazpenak hartzea; hain zuzen ere, espetxe-zaintzako epaitegian zuzenean errekurritu daitezkeen askatasunaz gabetzeko zigorrak betearazteari buruzkoak, ezarritako espetxe-zigorra hamar urtetik gorakoa denean, non eta beste organo bati eskuordetu ez zaion.

  2. Justizia Sailburuordetzak, Aukerak Gizarteratzearen Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko ente publikoaren gidalerroak ezarri, eta haren administrazio-kontseiluaren lehendakariordetza izango du, organo horren bidez atxikitzen baitzaio agentzia sailari.

  3. Honako zuzendaritza hauek egongo dira Justizia Sailburuordetzaren mende:

    1. Justizia Administrazioko Zuzendaritza.

    2. Justizia Digitalaren eta Azpiegituren Zuzendaritza.

    3. Justizia Zuzendaritza.

    4. Espetxe Zerbitzuen Zuzendaritza.

  1. Justizia Administrazioko Zuzendaritzak honako egiteko hauek izango ditu, dekretu honen 6. artikuluak oro har esleitzen dizkionez gain:

    1. Organo eskudunari plantilla organikoa, langileen antolamendua eta horiek, lanpostuen zerrenden bidez, egitura-unitateetan nola txertatu proposatzea, eta, ondoren, zerrenda horiek kudeatzea eta hornitzea.

    2. Organo eta bulego judizialak, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua barne, langilez hornitzea, haien egitekoak bete ditzaten errazteko. Horretarako, lan-araubideko kontratuak egingo dira, edo Euskal Autonomia Erkidegoko kidegoetako funtzionarioak atxikiko.

    3. Justizia Administrazioaren esparruetako langileei buruzko politika planifikatu, zuzendu eta bultzatzea; besteak beste: prestakuntza, gizarte-politika, sustapena, arriskuen prebentzioa, diziplina eta ordainsariak, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-esparruaren arabera, betiere.

    4. Justizia Administrazioan hizkuntza-normalizazioa bultzatzea, hizkera juridikoa bateratuz eta euskararen ezarpen dokumentala garatuz; eta, halaber, Justizia Administrazioko langileen euskalduntzea eta alfabetatzea antolatu eta kudeatzea.

    5. Lanbide juridikoetara eta Justizia Administrazioarekin lotutako lanbideetara sartzeko prestakuntzarako laguntza-sistema bat planifikatu eta garatzea.

    6. Bake-epaitegiei laguntzeko programak kudeatzea, eta Bake Justiziaren gaian ekintzak sustatzea.

    7. Justizia Administrazioaren zerbitzura dauden peritu judizialen eta euskara-interprete eta -itzultzaileen sarea antolatu eta zuzentzea.

    8. Destinoa Euskal Autonomia Erkidegoan duten Justizia Administrazioko epaile, magistratu, fiskal eta letraduentzako prestakuntza programatzea erkidego horretan, botere judizialarekin elkarlanean.

    9. Organo eta zerbitzu judizialen eta haien instalazioen segurtasuna zaintzea, eta haietarako larrialdi-planak prestatu eta gainbegiratzea.

    10. Justizia Administrazioaren Prebentzio Zerbitzu propioa kudeatzea.

  2. Eraentzako Antolapide Teknikoak (EAT) izeneko unitateak lurralde historiko bakoitzeko hiriburuetako justizia-jauregietan daude, eta Justizia Sailburuordetzaren lurralde-zerbitzu deszentralizatu gisa eratzen dira. Organikoki Justizia Administrazioko Zuzendaritzaren mende daude, eta funtzionalki, berriz, gaiaren arabera eskumena duen Justizia Sailburuordetzako zuzendaritzaren mende.

    Hauek dira unitate horien egitekoak:

    1. Etengabeko lotura egitea sailburuordetzako zuzendaritza guztien eta organo eta zerbitzu judizialen artean.

    2. Dagokion lurraldeko organo eta zerbitzu judizialen beharrizanak kudeatzea.

    3. Bulego eta zerbitzu erkideen antolaketa-plana ezartzeko laguntza zuzena ematea.

    4. Kontratazio-espedienteen sustapena, laguntza eta jarraipena.

    5. Funts aurreratuen araubidearen barnean beharrezkoak diren funtzionamendu-gastuak onartzea; araubide hori Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren II. kapituluaren bigarren atalean arautzen da.

Justizia Digitalaren eta Azpiegituren Zuzendaritzak honako egiteko hauek izango ditu, dekretu honen 6. artikuluak oro har esleitzen dizkionez gain:

  1. Justizia Administrazioa hobetzeko eta modernizatzeko programak eta planak egitea eta gauzatzea.

  2. Justizia Administrazioari dagokion informatika-plana egitea, eta plan horren ondoriozko informatika-zerbitzuak ematea.

  3. Bulego eta Zerbitzu Judizialak, Fiskaltzak eta Auzitegiko Medikuntzako Euskal Institutua Antolatzeko Plana egin, proposatu eta ezartzea, eta haren jarduerak koordinatzea.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoan organo eta zerbitzu judizial berriak sortzeko beharrizan materialak planifikatzea.

  5. Justizia Administrazioaren funtzionamendurako beharrezkoak diren baliabide material eta ekonomikoak planifikatu, eskuratu eta antolatzea.

Justizia Zuzendaritzak honako egiteko hauek izango ditu, dekretu honen 6. artikuluak oro har esleitzen dizkionez gain:

  1. Justiziarako irispide unibertsala sustatzea, Justizia Administrazioari buruzko informazioa eta ezagutza zabaltzeko eta hura herritarrengana hurbiltzeko planen bidez.

  2. Herritarrei doako laguntza juridikoa emateko zerbitzua antolatu eta kontrolatzea, eta zerbitzu horretarako irispidea kudeatzea, doako laguntza juridikoaren batzordeen bidez. Horretarako, abokatuen eta prokuradoreen elkargo profesionalek ematen dituzten orientazio eta laguntza juridikoko zerbitzuak finantzatzen ditu, eta elkargo horiekin adosten ditu zerbitzu horien prestakuntza- eta espezializazio-baldintza orokorrak.

  3. Gatazkak ebazteko bide egokiak sustatu eta garatzea, bai eta justizia errestauratiboko mekanismoak ere.

  4. Lantalde psikosozial judizialen antolaketari eta funtzionamenduari laguntza ematea, eta lantalde horiek osatzen dituzten langileen prestakuntza zaintzea.

  5. Deribazio judizialaren bidezko familia-elkarguneak sortu eta kudeatzea.

  6. Gazte-justiziaren arloko jarduerak diseinatu, planifikatu, antolatu eta ebaluatzea, Jaurlaritzako sail guztien lana koordinatuz.

  7. Delituen biktimei arreta emateko programak planifikatu, gauzatu eta ebaluatzea, Delituen Biktimen Estatutuaren apirilaren 27ko 4/2015 Legean, hura garatzen duen araudian eta, bereziki, genero-indarkeriaren eta sexu-indarkeriaren biktimei buruzkoan ezarritakoaren arabera.

  8. Espetxeak antolatu, ikuskatu eta gainbegiratzea, barne- eta tratamendu-araubideari dagokionez.

  9. Espetxe-eremuan honako prestazio hauek kudeatzea: hezkuntza, gizarte-ekintza, espetxe-lana, lanerako prestakuntza, gizarteratzea eta laneratzea, kultura- eta kirol-jarduerak sustatzea eta adikzioen prebentzioa eta tratamendua. Horretarako, koordinazioa erraztuko du bai Aukerak Gizarteratzearen Euskal Agentziarekin bai osasunaren, hezkuntzaren enpleguaren eta gizarte-zerbitzuen arloko administrazio eskudunekin, eta, gainera, gobernuz kanpoko erakundeen esku-hartze programak koordinatuko ditu.

  10. Zigorrak, segurtasun-neurriak, erregimen irekia, baldintzapeko askatasuna eta tratamendurako eta esku-hartzerako berariazko programak betearazi, kudeatu eta koordinatzea, bai eta jarraipena egitea ere. Horretarako, behar diren administrazio-ebazpenak ematea, barneratuen behaketarekin, sailkapenarekin, destinoarekin, baimenekin eta tratamenduarekin zerikusia duen guztian, bai eta espetxe-legeriak zuzendaritza-zentroari esleitzen dion beste edozein ere, ez badagokio Justizia Sailburuordetzari. Halaber, espetxe-baimen bereziak ematea, premiazkoa denean eta ohiko lan-ordutegitik kanpo ebatzi behar direnean.

  11. Askatasunik kendu gabe, komunitatean betetzeko moduko zigor-neurriak bultzatu eta ezartzea.

  1. Espetxe Zerbitzuen Zuzendaritzak honako egiteko hauek izango ditu, dekretu honen 6. artikuluak oro har esleitzen dizkionez gain:

    1. Espetxeetako giza baliabideak planifikatu eta kudeatzea; langile horien premiak aztertzea; plantilla eta lanpostu-zerrendak prestatzeko proposamenak egitea; prestakuntza- eta hobekuntza-planak egitea, bai eta gizarte-prebentzioko eta lan-arriskuen prebentzioko planak ere; arrisku horietarako berezko prebentzio-zerbitzua kudeatzea; sindikatuekiko harremanak izatea, indarrean dagoen negoziazio-egiturak adierazten duen eremuan, eta Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 19. artikuluak eta indarrean dauden gainerako araudiek langile horiei buruz sailari esleitzen dizkioten eskumenak baliatzea.

    2. Plan eta programak proposatzea, espetxeetarako azpiegiturak ezarri, eskuratu, mantendu eta eraberritzeko, horien jasangarritasuna eta efizientzia bermatze aldera.

    3. Espetxe-azpiegiturak eta -ekipamenduak administratu eta kudeatzea, barnean hartuta zentro berriak sustatzea eta lehendik daudenak handitu, eraberritu eta birgaitzea.

    4. Espetxeen funtzionamendurako beharrezkoak diren baliabide material eta ekonomikoak planifikatu, hornitu, antolatu eta kudeatzea, hargatik eragotzi gabe beste organo batzuei dagozkienak, betiere bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak kudeatzeko eredua arautzen duen martxoaren 10eko 36/2020 Dekretuan xedatutakoarekin.

  1. Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren Sailburuordetzak honako eskumen hauek izango ditu, dekretu honen 5. artikuluak oro har esleitzen dizkionez gain:

    1. Giza duintasunean eta giza eskubideekiko konpromisoan oinarritutako bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzeko sailarteko estrategia diseinatu eta zuzentzea.

    2. Biktima guztien elkartasun-, aitortza- eta arreta-politiken jarraitutasuna, garapena eta hedapena diseinatu eta sustatzea.

    3. Giza eskubideen eta bizikidetzaren arloan sortzen ari diren erronkei erantzuteko jarduketa-programak diseinatu eta zuzentzea.

    4. Hezkuntza-, sentsibilizazio- edo prestakuntza-politikak diseinatu eta sustatzea aurreko apartatuetan aipatutako esparruetan.

    5. Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren jarduera-planaren diseinua eta garapena sustatzea.

    6. Entitate, elkarte eta erakundeekin lankidetzan jardutea eta elkarri eragitea helburu berak gauzatzeko, batez ere Eusko Legebiltzarrarekin.

  2. Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren Sailburuordetzak Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren Zuzendaritza izango du bere mende.

Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren Zuzendaritzak honako egiteko hauek izango ditu, dekretu honen 6. artikuluak oro har esleitzen dizkionez gain:

  1. Biktimekiko elkartasuna eta horien aitortza publikoa eta soziala sustatzea, bakearen aldeko kultura eta giza eskubideekiko eta askatasunekiko errespetua zabalduz.

  2. Biktimez zuzenean eta banaka arduratzea, kasu bakoitzaren beharrizanak zein diren jakiteko; indarreko legeriaren arabera dagozkien eskubideen eta baliabideen berri emango zaie, eta horiek gauzatzen lagunduko.

  3. Indarreko legerian araututako erreparazio- eta laguntza-prestazioetarako eskabideak izapidetzea, eta, hala badagokio, ebaztea.

  4. Giza eskubideen urraketa ororen biktimen eskubideak gauzatzeko ekimenak eta jarduerak lagundu eta bultzatzea.

  5. Lankidetza- eta informazio-harremanak izatea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko erakundeekin, baita bestelako instituzio, entitate eta administrazio publikoekin ere, bakoitzaren eskumenen esparruan, biktimei laguntza osoa eta egokia emateko.

  6. Biktimei giza laguntza eta laguntza psikosoziala ematea eta haien eskubideen alde egitea oinarrizko xede duten elkarte, fundazio eta gizarte-mugimenduekin lankidetza-harremanak indartzea.

  7. Giza eskubideak eta bizikidetza-kultura sustatzeko politika publikoa bultzatzea.

  8. Jaurlaritzako sailen ekintzak koordinatzea giza eskubideen eta bizikidetzaren arloan.

  9. Giza eskubideen eta bizikidetzaren arloan sortzen ari diren erronkei erantzuteko jarduketa-programak koordinatzea.

  10. Aurreko apartatuetan zerrendatutako gaietan sentsibilizazio- eta prestakuntza-ekintzak sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoan.

  11. Giza eskubideen alde egitea eta horiek sustatzea oinarrizko xede duten elkarte, fundazio eta gizarte-mugimenduekin lankidetza-harremanak indartzea.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA Ordezpenen araubidea.

    Sailburuordetzen edo zuzendaritzen titularrak izendatu ez badira, ez badaude edo gaixorik badaude, arau hauei jarraituko zaie ordezpenak egiteko:

  1. Sailburuordetzei esleitutako eskumen eta egitekoak sailburuordetza horietako zuzendariek beteko dituzte, egiturako hurrenkeraren arabera.

  2. Zuzendaritzei esleitutako eskumen eta egitekoak hierarkian gainetik dagoenak beteko ditu.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA Espetxe Administrazioa.

    1. Zuzendaritza-zentrotzat hartzen dira espetxe-administrazioaren organoak, zuzendaritza-maila edo goragokoa dutenak eta zentro horiei dagozkien eskumenak esleituta dituztenak, dekretu honen banaketaren arabera.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoan dauden espetxeek izen ofizial hauek dituzte:

      1. Arabako Espetxea / Centro Penitenciario Araba.

      2. Bizkaiko Espetxea / Centro Penitenciario Bizkaia.

      3. Gipuzkoako Espetxea / Centro Penitenciario Gipuzkoa.

    3. Justizia Sailburuordetzaren organoek aukera izango dute egitekoak eskuordetzan emateko espetxeetako zuzendaritzaren edo gerentziaren titularrei, kudeaketa hobetzeko.

      LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA. Izapidetzen ari diren espedienteak.

      Dekretu hau indarrean jartzen denean izapidetzen ari diren espedienteak dagokion arloaren arabera eskumena duten organoek izapidetuko eta ebatziko dituzte.

      BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Espetxe Zerbitzuen Zuzendaritzaren egitekoak.

      Dekretu honen 14. artikuluan Espetxe Zerbitzuen Zuzendaritzari buruz araututakoa ez da aplikatuko harik eta «Espetxe-erakundeak» izeneko aurrekontu-programaren aldaketa onartzen den arte programa horrek Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sail zeneko Justizia Sailburuordetzako zuzendaritzen egitekoei soilik eragiten baitiete edo, halakorik ez bada ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen legea onartu arte. Hortaz, ordura arte, zuzendaritza horren egitekoei aurreko araudia aplikatuko zaio; hau da, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 12. artikulutik 14.era bitartekoetan ezarritakoa.

      HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Estatistika-organoa.

      Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren berariazko estatistika-organoa sortzeko dekretua onesten ez den bitartean, indarrean jarraituko du 139/2021 Dekretuak 139/2021 Dekretua, maiatzaren 18koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Berariazko Estatistika Organoa sortzen eta haren antolaketa eta funtzionamendua ezartzen duena; hartara, Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren jardun-arloei dagozkien estatistika-lanak bete ahal izango dira.

Xedapen hauek indarrik gabe geratuko dira:

  1. 12/2021 Dekretua, urtarrilaren 19koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

  2. Dekretu honen azken xedapenetako lehenengoa: 5/2022 Dekretua, urtarrilaren 11koa, zeinaren bidez onartzen baitira Aukerak Gizarteratzearen Euskal Agentziaren estatutuak eta atxikitzen baitira «Trabajo Penitenciario y Formación para el Empleo» zuzenbide publikoko estatu-erakundean zerbitzua ematen zuten langile transferituak.

  3. 40/2022 Dekretua, martxoaren 29koa, zeinaren bidez bigarrenez aldatzen baita Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen Dekretua.

  4. 42/2023 Dekretua, martxoaren 28koa, zeinaren bidez hirugarrenez aldatzen baita Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen Dekretua.

  5. Dekretu honetan ezarritakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Hala ere, Espetxe Zerbitzuen Zuzendaritzaren egitekoei buruzko aurreikuspenek 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera izango dituzte ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko azaroaren 5ean.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.