Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila 

Arautegia

Inprimatu

307/2024 DEKRETUA, urriaren 22koa, Inklusiorako Euskal Kontseiluarena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 215
  • Hurrenkera-zk.: 5028
  • Xedapen-zk.: 307
  • Xedapen-data: 2024/10/22
  • Argitaratze-data: 2024/11/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte gaiak; Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legeak Inklusiorako Euskal Kontseilua sortu zuen, kontsultarako eta parte hartzeko organo gisa.

Legearen 144 eta 145. artikuluek definitzen dute zein diren organo horren funtsezko elementuak; adibidez, haiek identifikatzen dute zer entitate eta antolakundek izango duten ordezkaritza organo horretan, eta zer eginkizun dituen esleituak organoak. Dena den, legeak aurreikusten du erregelamendu bidez erabakiko dela nola osatuko den organoa, nola izendatuko diren kideak eta zer araubide eta funtzionamendu izango dituen organoak.

Kide anitzeko organoaren osaerak erakusten du interakzio publikoa eta pribatua dagoela Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema definitzeko eta garatzeko orduan; era berean azaltzen da, proportzionaltasun-parametro bidez, zein garrantzitsuak diren organo horretan EAEko administrazio publikoak eta hura osatzen duten antolakunde eta entitateak.

Dekretuak, halaber, Inklusiorako Euskal Kontseilua lehendakariarekin eta idazkariarekin batera osatzen duten bokalak izendatzeko arauak definitzen ditu, osoko bilkuran eta Batzorde Iraunkorrean jarduteko oinarrizko funtzionamendu-arauak erregulatzen ditu eta batzorde iraunkor horren osaera zehazten du.

Dekretu honekin, erabat garatzen da aipatutako 14/2022 legearen VIII. titulua: Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemako lankidetza, koordinazioa eta parte-hartzea.

Era berean, amaiera jartzen zaio bitartekotasunaldi luze bati, zeren ez da egon kontsulta- eta partaidetza-organoaren araubide eta funtzionamendu propiorik.

Izan ere, nahiz eta 14/2022 Legearen bosgarren xedapen iragankorrak aurreikusi Inklusiorako Euskal Kontseiluaren osaera- eta funtzionamendu-arauak aplikatuko direla lege haren 144. eta 145. artikuluekin bateraezinak ez diren guztian, egia da Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen bidez sortu zela kontseilu hura, Gizarteratzeko Batzorde Iraunkorraren bilakaera modura, zeinak jatorria izan baitzuen Gizarte Bazterkeriaren Aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legean. Baina lege haiek ez ziren garatu, eta haien babesean ez zitzaien eman ez araubide eta ez funtzionamendu propiorik haien bidez sortutako parte hartzeko organoei.

Horrenbestez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta, eta 2024ko urriaren 22an egindako bilkuran Gobernu Kontseiluak eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

Dekretu honen xedea da Inklusiorako Euskal Kontseiluaren osaera, araubidea eta funtzionamendua eta kontseiluko kideen hautaketa eta izendapena arautzea, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 144. eta 145. artikuluak garatuz.

  1. Inklusiorako Euskal Kontseilua kide anitzeko organo bat da, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 18. artikuluan xedatzen direnetako bat, diru-sarreren bermeen arloan eta inklusioaren arloan aholku-eginkizunak eta parte hartzeko eginkizunak betetzeko.

  2. Kontseilua eraentzen dute: Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 144. eta 145. artikuluek, dekretu honek eta, hala badagokio, organoak onartzen duen barne-funtzionamenduko erregelamenduak. Aipatutako arauek xedatzen ez duten guztian, berriz, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18. artikulura bitarteko artikuluek eraenduko dute.

  1. Diru-sarrerak bermatzearen arloan eta inklusioaren arloan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako sailari adskribatuta geratzen da Inklusiorako Euskal Kontseilua.

    Baldin eta Eusko Jaurlaritzako sail bati baino gehiagori badagozkie diru-sarrerak bermatzearen eta inklusioaren arloko eskumenak, inklusioaren arloan eskumena duen titularrak egingo ditu izendapenak.

  2. Zer saili adskribatzen zaion, sail horren egoitza bera izango du; hargatik eragotzi gabe egoitzatik kanpo ohiko bilkurak edo bilkura bereziak egitea, deialdian hala zehazten bada.

  1. Inklusiorako Euskal Kontseiluak bere egingo ditu Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 145. artikuluan aurreikusitako eginkizunak.

  2. Urtero, Inklusioaren Euskal Planaren jarraipenaren berri eman behar zaio Inklusioaren Euskal Kontseiluari, eta, plana gauzatu eta gero, azken ebaluazioarena.

  3. Enplegu- eta inklusio-politikak ebaluatzeko organoak, era berean, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren ebaluazioaren berri emango dio.

  1. Lehendakariak, idazkariak eta berrogeita bost bokalek osatzen dute Inklusiorako Euskal Kontseilua, honela banatuta:

    1. Lehendakaria, idazkaria eta zortzi bokal Eusko Jaurlaritzakoak izango dira, eta Eusko Jaurlaritzak bermatu beharko du hemen aipatzen diren arloetan eskumena duten sailak ordezkatuta daudela, honela ordezkatuta ere:

      1. Inklusioa: bokal bat.

      2. Gizarte-politikak: bi bokal.

      3. Hezkuntza: bokal bat.

      4. Enplegua: bi bokal.

      5. Osasuna: bokal bat.

      6. Etxebizitza: bi bokal.

        Baldin eta sail batek arlo bat baino gehiagoren gaineko eskumenak esleituak baditu, arlo horietako ordezkaritza handituko du, aurreko paragrafoan aipaturiko mugen barruan.

    2. Sei bokal foru-aldundien izenean. Foru-aldundi bakoitzak bi ordezkari izango ditu: inklusio-arloko eskumenak dituzten departamentuetako titularra eta hark aukeratzen dutena.

    3. Sei bokal udalen izenean.

    4. Zortzi bokal Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza handiena duten sindikatuen eta sektore arteko enpresaburuen elkarteen izenean. Sindikatuek eta enpresaburuen elkarteek launa ordezkari izango dituzte.

    5. Bokal bat Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren izenean.

    6. Hamabi bokal eremu hauetan parte hartzen duen Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren izenean: pobrezia eta gizarte-esklusioaren kontrako borroka; esku-hartze soziala; laneratzeko enpresak eta gizarte-ekimeneko enplegu-zentro bereziak; ekonomia solidarioa; desgaitasun fisikoa, desgaitasun intelektuala, gaixotasun mentala; migratzaileak; pentsiodunak; emakumeak; haurrak, eta gazteak.

    7. Bokal bat kontsumitzaileen izenean.

    8. Hiru bokal Euskal Autonomia Erkidegoko lan sozialeko, hezkuntza sozialeko eta psikologiako elkargo profesionalen izenean; elkargo bakoitzari bokal bat dagokio.

  2. Kontseiluaren osaerak bermatuko du orekatuta egongo dela gizon eta emakumeen presentzia, eta denek dutela gaitasun, eskumen eta prestakuntza egokia.

  1. Eusko Jaurlaritzan inklusio-arloko eskumenak dituen saileko sailburua izango da Inklusiorako Euskal Kontseiluko lehendakaria.

  2. Kargua hutsik badago edo titularra absente edo gaixorik badago, Eusko Jaurlaritzan inklusio-arloko eskumena duen sailburuordeak jardungo du lehendakaritzan.

  3. Jaurlaritzaren Legeari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 24 eta 29. artikuluetan aurreikusitako kasuetan, lehendakaritzako titularrak eta hura ordezkatzen duenak beren eginkizunak utzi beharko dituzte.

  4. Lehendakariak eginkizun hauek izango ditu:

    1. Inklusiorako Euskal Kontseiluaren izenean jardutea.

    2. Ohiko bilkuretarako eta bilkura berezietarako deialdia egitea eta gai-zerrenda finkatzea, salbu lehendakariak hautemandako premiazko kasuetan. Kasu horretan, deialdian bertan jaso beharko da, eta egunean bertan adierazi beharko da zer ordutan izango den lehenengo eta bigarren deialdia eta non egingo den.

    3. Bilkuretako buru izatea, eta eztabaidak moderatzea.

    4. Aktak ikus-onestea, eta aholku-batzordeak hartutako erabakiak egiaztatzea.

    5. Erabakiak hartzerakoan, bere botoaren bidez berdinketak erabakitzea.

    6. Salbuespen gisa, bilkura nola egin erabakitzea, aurrez aurre edo urrutitik. Dagokion deialdian, erabaki horren arrazoiak adierazi beharko dira.

    7. Lehendakaritzaren berezko beste eginkizun batzuk, edo dekretu honetan legez edo erregelamenduz esleitzen zaizkionak.

  1. Eusko Jaurlaritzan inklusio-arloan eskumena duen zuzendaritzako funtzionario bat izango da idazkaria.

  2. Kargua hutsik badago edo titularra absente edo gaixorik badago, Eusko Jaurlaritzan inklusio-arloko eskumenak dituen sailburuak izendatuko ditu hura eta haren ordezkoa, zuzendaritza horretako titularrak proposatuta.

  3. Idazkaritzako titularrak eta haren ordezkoak eginkizunak utzi beharko dituzte, kargua uzten badute, kargutik kentzen badituzte, lanpostuari uko egiten badiote, funtzionario-izaera galtzen badute edo 1. apartatuan aipatzen den zuzendaritzako lanpostua utzi beharra dakarren egoeraren bat gertatzen bada; betiere, bat etorriz Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legeak edo haren ordezko arauak xedatutakoarekin.

  4. Idazkariak eginkizun hauek izango ditu:

    1. Lehendakariak aginduta, organoaren bilkuretarako deialdia egitea, eta organoko kideentzako zitazioak egitea.

    2. Kontseiluak egin dituen bilkuretan parte hartzea, hitzarekin baina botorik gabe.

    3. Gaiak prestatzea bidera daitezen; bilkura-aktak idaztea; bilkura-akten fede ematea, eta bilkuretako akordioak, kontsultak eta txostenak ziurtatzea.

    4. Kideek organoari egindako komunikazioak jasotzea, izan jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak, nahiz bere ardurapean behar dituen bestelako idazkiak.

    5. Kontseiluko jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea.

    6. Sektore publikoaren araubide juridikoaren legediak kide anitzeko organoen idazkaritzari esleitzen dizkion eginkizunak.

  1. Eusko Jaurlaritzan inklusio-arloko eskumena duen saileko titularrak aginduta izendatuko dira bokalak eta haien ordezkoak kargua hutsik dagoenean edo haiek falta direnean edo gaixorik daudenean, bat etorriz haiek izendatzeko hurrengo artikuluan ezarritako arauekin.

  2. Izendapena lau urterako izango da, eta beste lau urteko aldietarako berritu ahal izango da.

    Dena dela, karguagatik izendatzen diren bokalen kasuan, zenbat denbora dirauen kargu-izendapenak, denbora hori iraungo du bokal-izendapenak.

  3. Hauek dira kargua uzteko arrazoiak:

    1. Agintaldia bukatzea.

    2. Ordezkatzen duten erakunde, organoa edo entitateko kargutik kentzea.

    3. Ebazpen judizial edo administratibo irmo bat ematea, desgaikuntza edo eginkizungabetzea dakarrena kargu publikoak betetzeko.

  4. Inklusiorako Euskal Kontseiluko bokalek eginkizun hauek dituzte:

    1. Bilkuretara joatea eta bilkurako eztabaidetan parte hartzea.

    2. Boto-eskubidea erabiltzea eta boto partikularra ematea, bai eta haren esanahia eta arrazoiak azaltzea ere.

    3. Proposamenak, iradokizunak eta galderak egitea.

    4. Informazio eta dokumentazio zehatza eskuratzea, bete behar diren eginkizunak betetzeko.

    5. Kontseilukide den aldetik berez dituen beste eginkizun guztiak.

Arau hauek bete beharko dira bokalak eta haien ordezkoak izendatzeko:

  1. Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak inklusioaren, gizarte-politiken, hezkuntzaren, enpleguaren, osasunaren eta etxebizitzaren arloetan eskumenak dituzten sailetako buruek izendatuko dituzte, goragoko organoetako titularren artean ahal dela, Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 13. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko goi-kargudunen artean.

  2. Udaletako bokalak EAEko udaletan nagusi den elkarteak izendatu beharko ditu, hautetsien artean, eta ahaleginduko da tamaina bateko eta besteko udalak egon daitezen ordezkatuta.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza handiena duten sindikatuetako eta sektore arteko enpresaburu-elkarteetako ordezkariak sindikatuek eta enpresaburuen elkarteek izendatuko dituzte.

  4. Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak bere bokala izendatuko du.

  5. Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko entitate-sareak biltzen dituen elkarteak izendatuko ditu Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko entitateen bokalak. 5.1.f) artikuluan aipatutako eremuetako erreferentzia-sareen artean izendatuko dira, edo, halakorik ez badago, Euskadiko Hirugarren Sektoreko antolakundeen artean.

    Izena emanda eduki beharko dute Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Erroldan, eta autonomia-erkidego osoan jardun beharko dute.

  6. Kontsumitzaileen hiru ordezkariak, berriz, EAEko kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen erregistroan daudenen artean ordezkaritzarik handiena duten kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarte edo federazioek izendatuko dituzte, ados jarrita.

    Bat etorri ezean, Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak adieraziko du zer elkartek edo federaziok izendatuko dituzten, ordezkaritza- eta partaidetza-irizpideen arabera.

  7. Lan sozialeko, hezkuntza sozialeko eta psikologiako elkargo profesionalen ordezkariak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elkargoek izendatuko dituzte, ados jarrita, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko kontseilu profesionalik badago, harexek.

  1. Inklusiorako Euskal Kontseiluak osoko bilkuren bidez eta Batzorde Iraunkorraren bidez jardungo du. Ahal dela, bitarteko elektronikoen bidez lan egingo du.

  2. Bere eginkizunak egokiro betetzeko, Inklusiorako Euskal Kontseiluak behar dituen bitartekoak eta baliabideak izango ditu, eta hura adskribatuta dagoen sailak jarriko ditu bitarteko eta baliabide horiek.

  3. Osoko bilkuretako, Batzorde Iraunkorreko edo lantaldeetako saioetan izatearren, kontseilukideek ez dute eskubiderik izango ordainsaririk, kalte-ordainik edo dietarik jasotzeko.

    Apartatu honetan xedatutakoak ez du eragozten idazkariak eskubidea izatea bere zerbitzuagatik kalte-ordainak jasotzeko, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 124. artikuluan edo lege hura ordezten duen arauan aurreikusitako eran.

  1. Lehendakariak, idazkariak eta bokal guztiek eratzen dute osoko bilkura.

  2. Osoko bilkurari 4. artikuluko eginkizunak dagozkio, eta funtzionamendu-araudia onartzea eta gai jakin batzuei buruzko lantaldeak eratzea, bai eta dekretu honetan esleitzen zaion beste edozein eginkizun ere.

  3. Osoko bilkura, ohiko bilkuran, urtean birritan batuko da gutxienez, eta bilkura berezian, berriz, lehendakariak bere ekimenez edo bokal gehienek proposatuta deialdi berezia egiten duenean.

  4. Lehendakariak, gutxienez ere, zazpi egun lehenago egin beharko ditu osoko bilkurako deialdiak, salbu bilkura bereziko deialdia egiten duenean; kasu horretan, epea bost egunera laburtu ahal izango da.

    Deialdiak gai-zerrenda jasoko du, eta baliabide elektronikoz bidaliko zaie osoko bilkurako kide guztiei. Era berean, aurreko paragrafoetan adierazten diren epe beretan, gai-zerrendako gaiei buruzko informazioa helarazi beharko zaie kideoi.

  1. Batzorde Iraunkorra da Inklusiorako Euskal Kontseiluko organo betearazlea, eta kide hauek ditu:

    1. Lehendakaria, 6. artikuluan xedatutakoaren arabera.

    2. Idazkaria, 7. artikuluan xedatutakoaren arabera.

    3. Hamahiru bokal, osoko bilkurak aukeratuak osoko bilkura bera osatzen dutenen artetik, eta banaketa honekin:

      1. Eusko Jaurlaritzako hiru bokal.

      2. Foru-aldundietako bokal bat.

      3. Udaletako bokal bat.

      4. Sindikatuetako bokal bat eta Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza handiena duten sektore arteko enpresaburu-elkarteetako bokal bat.

      5. Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko bokal bat.

      6. Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko lau bokal.

      7. Ordezkatutako elkargo profesionalen bokal bat.

  2. Osoko bilkurak proposatu, eta Inklusiorako Euskal Kontseiluko lehendakaritzako titularrak izendatuko ditu Batzorde Iraunkorreko bokalak eta haien ordezkoak.

    Horretarako, Inklusiorako Euskal Kontseiluan ordezkaritza duten sindikatuen, sektore arteko enpresaburuen elkarteen, elkargo profesionalen eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko antolakundeen arteko akordioa sustatuko da. Halako akordiorik ezean, antolakunde horien artean boto gehien lortzen duten hautagaiak proposatuko ditu osoko bilkurak.

  3. Ohiko bilkurak eta bilkura bereziak egin aurretik bilduko da Batzorde Iraunkorra, eta, nolanahi ere, lehendakariak bere ekimenez edo sei bokalek proposatuta deialdia egin ostean.

  4. Hauek izango dira Batzorde Iraunkorraren eginkizunak:

    1. Osoko bilkurak prestatzea.

    2. Osoko bilkuraren akordioak betetzen direla bermatzea.

    3. Osoko bilkurak gomendatutako lanak egitea.

    4. Osoko bilkurari jarduketa-ekimenak aurkeztea eta proposatzea.

    5. Lantalderik badago, haiek koordinatzea.

    6. Osoko bilkurak espresuki eskuordetzen dion beste edozein eginkizun.

  5. Batzorde Iraunkorrerako deialdiak egiteko, aurreko artikuluaren 4. apartatua bete beharko da.

  1. Osoko bilkura eta Batzorde Iraunkorra lehenengo deialdian balio duen moduan eratzeko, beharrezkoa izango da bertan izatea lehendakaritzan eta idazkaritzan dihardutenak eta hogeita hiru bokal osoko bilkuraren kasuan, eta lehendakaritzan eta idazkaritzan dihardutenak eta zazpi bokal Batzorde Iraunkorraren kasuan.

    Asistentzia-quorum nahikoa ez badago, bigarren deialdian bilduko dira, ordu erdi geroago, eta, eraketa baliozkoa izateko, nahikoa izango da lehendakaria eta idazkaria edo haien ordezkoak eta hamabi bokal bertan izatea osoko bilkuraren kasuan, eta lehendakaria eta idazkaria edo haien ordezkoak eta bost bokal izatea Batzorde Iraunkorraren kasuan.

  2. Idazkaria eta osoko bilkurako edo Batzorde Iraunkorreko kide guztiak aurrez aurre edo urrutitik bilduta daudenean, balio duen moduan eratu ahal izango dute osoko bilkura edo batzordea bilerak egiteko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko, aldez aurretik deialdia egin beharrik izan gabe, baldin eta kide guztiek hala erabakitzen badute.

  3. Inoiz ezingo da eztabaidatu edo erabakirik hartu gai-zerrendan sartuta ez dauden gaiei buruz, salbu eta osoko bilkurako edo Batzorde Iraunkorreko kide guztiak bertan daudenean eta gaia presakotzat jotzen denean kide gehienek aldeko botoa emanda.

  4. Urrutitik egiten diren bilkuretan, osoko bilkuretako edo batzorde iraunkorretako kideak toki batean baino gehiagotan egon daitezke, baldin eta honako hauek bermatzen badira bitarteko elektronikoz (telefonoak zein ikus-entzunezko bitartekoak barne): nor diren kideak edo haien ordezkoak, zein den haien adierazpenen edukia eta noiz egiten diren adierazpen horiek; era berean, bermatu behar da kideen arteko interaktibitatea eta komunikazioa denbora errealean gertatzen direla eta bilkuretan bitartekoak erabilgarri daudela. Baliabide elektronikoen artean, besteak beste, posta elektronikoa eta bideokonferentziak sartuko dira.

  5. Osoko bilkurako eta Batzorde Iraunkorreko kide guztiek boto bana izango dute, salbu idazkariak. Osoko bilkurako edo Batzorde Iraunkorreko erabakiak hartzeko, emandako botoen gehiengoa beharko da; berdinketarik izanez gero, lehendakariak desegingo du berdinketa, kalitate-botoaren bidez. Desadostasunik egonez gero, boto partikular arrazoitua eman ahal izango da.

    Hala ere, Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 150.1.a) artikuluan aurreikusitako txostenari buruzko erabakiak, gainera, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aldeko botoa beharko du.

  6. Erabakiak Inklusiorako Euskal Kontseilua adskribatuta dagoen saileko egoitzan hartzen direla pentsatuko da.

  7. Osoko bilkurak eta Batzorde Iraunkorrak erabakiak hartu aurretik, aztertutako eremuan adituak diren beste pertsona batzuk ere joan daitezke bilkuretara; hitza izango dute, baina botorik ez.

  1. Idazkariari dagokio bilkura guztietako aktak egitea, lehendakariaren oniritziarekin. Kargu horiek betetzen dituztenek elektronikoki sinatu beharko dituzte aktak.

  2. Akta bitarteko elektronikoen bidez bidaliko zaie osoko bilkurako edo Batzorde Iraunkorreko kide guztiei, eta haiek bide beretik aditzera eman ahal izango dute testuarekin ados dauden edo eragozpenen bat duten testua onartzeko orduan. Ados badaude, bileran bertan joko da onartutzat.

    Bilera guztietako aktak bilera-amaieran onartuko dira, edo hurrengo bilera hasten denean.

  3. Aktan, hauek zehaztuko dira: nor izan diren bilkuran, zein izan den gai-zerrenda, non eta noiz egin den bilkura, zein izan diren eztabaidetako puntu nagusiak eta zein hartutako erabakien edukia.

  4. Izandako bilkurak grabatzea hautatu bada edo euskarri elektronikoko dokumentuak erabiltzea hautatu bada, grabazio eta dokumentu horien fitxategi elektronikoen osotasuna eta egiazkotasuna bermatzeko moduan kontserbatu beharko dira, bai eta osoko bilkurako, Batzorde Iraunkorreko eta eratzen diren lantaldeetako kideek horietarako irispidea izateko moduan ere.

    Aktak eta apartatu honek aipatzen dituen dokumentuak kontserbatzeko, bat etorri beharko da Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalari, Segurtasunaren Eskema Nazionalari eta Eusko Jaurlaritzak dokumentuak kudeatzeko dituen politika eta ereduari jarraituz unean-unean onartutako formatu eta estandarrekin.

Osoko bilkuraren erabakiz, lehendakariak lantaldeak eratu ahal izango ditu gaien arabera. Lantaldeok bilkurako kideek osatuko dituzte, baita kanpoko adituek ere batzuetan. Egokitzat jotzen diren bezainbeste aditu izendatuko dira, azterlan espezifikoak eta proposamenak egiteko.

Adituek bileretan hitza izango dute, baina botorik ez.

  1. Inklusiorako Euskal Kontseiluak bermatuko du euskara erabili ahal izango dela, bat etorriz euskaren erabilera normalizatzeko legediarekin.

  2. Nolanahi ere, deialdiak, aktak eta ziurtagiriak bi hizkuntzetan idatzi beharko dira.

  1. Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 18.5 artikuluaren arabera, urtero, Inklusiorako Euskal Kontseiluaren kudeaketa-memoria bat idatzi behar da, eta osoko bilkurak onartu behar du, eta horren berri emango da jendaurrean, Eusko Jaurlaritzaren Gardena gardentasun-atariaren bidez.

  2. Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 144.2 artikuluaren arabera, aipaturiko gardentasun-atariaren bidez argitara emango da nola osatzen diren Inklusiorako Euskal Kontseilua, osoko bilkura, Batzorde Iraunkorra eta, hala dagokionean, lantaldeak.

    Era berean, argitara emango dira hartzen dituzten erabakiak eta bilera-akta guztiak.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Izendapenak.

  1. Dekretu hau indarrean jartzen denetik bi hilabete igaro baino lehen, Inklusiorako Euskal Kontseiluko kideak izendatu behar dira.

  2. Lehenengo osoko bilkurak dagokion proposamena onartuta, lehendakariak Batzorde Iraunkorreko kideak izendatuko ditu.

    Horretarako, lehengo osoko bilkurako gai-zerrendan jasoko da Batzorde Iraunkorreko izendapenak egiteko proposamena.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Eratzea.

    Inklusiorako Euskal Kontseilua eratuko da, eta aurreko xedapen gehigarriko 1. apartatuak aipatzen duen izendapena egiten denetik hilabete igaro baino lehen egingo du osoko bilkurak lehenengo bilera.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko urriaren 22an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,

MIGUEL TORRES LORENZO.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.